Bilbon jaio zen eta Trebiñu Konderrian bizi izan da hiru hamarkadatan, 2016an Gasteizen bizitzen jarri zen arte. Ondorioz, berebiziko lotura estua izan du eta du Trebiñurekin, zeinari eskaini baitio bere bizitzaren eta ikerketen zatirik handiena.
Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasketak 1981ean hasi eta 1985ean amaitu zituen. Artean ikasle zela euskarazko irakasle gisa hasi zen lanean unibertsitatearen beraren Euskal Irakaslego atalean (1984-1988); handik Labayru Ikastegira pasatu zen (1988-1990) eta 1990ean Eusko Jaurlaritzaren Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean (IVAP) plaza bat eskuratu zuen, lehenengo Hizkuntza normalkuntzaren teknikari gisa (1990-2000), ondoren Hezkuntza Saileko EGA programaren arduradun tekniko gisa (2000-2015) eta gero, berriro IVAPen, Ebaluazio arloaren buru gisa (2015-2018). Gaur egun IVAPen segitzen du lanean, Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio zerbitzuburu.
Ikertzaile bezala toponimia historikoa landu du batez ere. Unibertsitatean lizentziatu bezain laster lanean hasi zen Deustuko Unibertsitatearen Deiker institutuan, Alfonso Irigoienen eskutik, eta han kartografiarako toponimia biltzeko eta arautzeko bi proiektutan, Bizkaia (1986-1987) eta Araba (1990). Azken horretan bereziki Trebiñu Konderriaz enplegatu zen, hartara hasiera emanik mota orotako ardura akademikoak eta pertsonalak ekarriko zion lan arlo bati. Ildo bera luzatuz, bere ikerketak Araba osora zabaldu ditu, toponimia historikoan ezezik euskararen historian ere barneratuz.
Trebiñu Konderriari dagokionez, liburu bat idatzi du (Trebiño: claves para un contencioso inacabado, Txalaparta, 1999) eta Trebiñuko hiribildua sortu zeneko 850. urteurreneko Biltzarra antolatzeko 2011 Trebiñu batzordearen buru izan da (2009-2011), biltzarraren txostenak eta komunikazioak hurrengo urtean argitaratu zirelarik, liburu batean bilduak (Viaje a Ibita. Estudios Históricos del Condado de Treviño = Ibitaranzko bidaia : Trebiñuko konderriko ikasketa historikoak, Trebiñu Konderriko udala, 2012). Hortaz gain, Trebiñu Araban integratzearen alde lan egin duen UDA Elkartearen kide izan da. Halaber, artikulu akademikoak eta kazetaritzazkoak idatzi izan ditu gaiari alderdi desberdinetatik helduta.
Arabari dagokionez, hainbat artikulu akademiko idatzi ditu eta, horietaz gain, bereziki aipagarria da Herrian Arabako kontzejuen aldizkarian Pedro Uribarrena artxibozainarekin elkarlanean 2008tik aurrera argitaratutako sail luzea.
Euskaltzaindian batez ere Onomastika batzordean ibili da. Erakundearekiko kolaborazioa lehenagotik badator ere, lehenago Onomastika batzordeko aholkulari izan zen (2005-2006), ondoren kide 2007tik, batzorde ahaldunduko kide 2013tik, buruorde 2017tik eta buru 2018tik. Era berean, akademiaren menpeko bi egitasmotan ere ardurak ditu: Gasteizko Toponimia egitasmoaren aholkulari izan da (2010-2012) eta zuzendaria da 2018tik; orobat, Euskal Corpus Onomastikoa egitasmoaren zuzendaria da 2018tik.
Arabako Foru Aldundiaren Euskara batzordearen kide da 2015etik eta Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku batzordeko Toponimia atal bereziko kide 2017tik.
Gaur egun Euskaltzaindiaren diruzaina da, 2020ko urriaren 23an izendatua, eta Arabako ordezkari 2017tik aurrera.
Artikulu ugari idatzi ditu hainbat aldizkaritan, batez ere onomastikaren eta euskararen historiaren arloan: Administrazioa euskaraz, Fontes Linguae Vasconum, Aunia, Laia, Euskal herria, Oihenart, Hermes, Herrian, eta abar. Halaber, zutabegile izan zen Euskaldunon Egunkarian (2000-2003) eta artikulu egile Berrian (2003-2007).
1999 Trebiño: Claves para un contencioso inacabado (Txalaparta)
2012 Ibitaranzko bidaia: Trebiñuko konderriko ikasketa historikoak [arg. elkarlanean] (Trebiñuko Konderriko udala)
2017 Gure leku-izenen historia : Toloño mendilerroa = Historia de nuestros nombres de lugar : la sierra de Toloño / José Ángel Chasco Oyón [itzul. eta mold.] (Eusko Jaurlaritza)
2017 Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketa-ereduak [elkarlanean] (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea)
2020 Euskal Onomastika Aplikatua XXI. mendean [arg.] (Euskaltzaindia ; Iberoamericana Vervuert)
2022 Henrike Knörr (1947-2008) : Idazlan hautatuak = Textos escogidos [arg.] (Euskaltzaindia)
Euskera agerkarian
1986 “Ezkondu” hitzaren etimologiaz PDF
2007 El entorno de la Puebla de Arganzón: notas históricas y lingüisticas PDF
2010 Acerca del nombre eusquérico de Anuzita: testimonios antiguos PDF
2010 Informe sobre las denominaciones "Sierra de Toloño" y "Sierra de Cantabria" PDF
2013 Estudio lingüístico del nombre Berantevilla PDF
2016 Caicedo Yuso arabar herrian dagoen lakuaren izenaz PDF
2017 Acerca del nombre del río alavés Jugalez y su deformación en Inglares
2019 Trebiñu, euskararen herrian (sarrera-hitzaldia) PDF
2020 Arabako Zalla ibai-izenak nozitu duen itxuragabetze-prozesua PDF
Onomasticon vasconiae bilduman
2008 "Errexal" hitzak arabako toponimian dukeen esanahiaz PDF
2010 Apuntes sobre la lengua vasca y la historia de Ubarrundia PDF
2013 Despoblados medievales de la merindad de Langrares: miscelánea histórico-lingüística PDF
Iker bilduman
2020 Euskal onomastikaren egungo egiteko nagusiak, Onomastika batzordearen ikuspegitik
2021 Euskara batuaren sorrera eta ibilbidea : euskara batua eta toponimia
Besterik
2023 Euskaltzaindiaren onomastika arloko lan ildo nagusiak [Hizkuntzalaritza Funtzionalaren 43. Nazioarteko Jardunaldiko aktak]