Ikasketa guztiak euskaraz egin dituen lehen euskaltzain osoa da. Lehen ikasketak jaio zeneko herrian bertan egin zituen, ikastolako lehen promoziokoa izan zen. Eskoriatzako (Gipuzkoa) Almen ikastetxean (orain Arizmendi ikastola) segitu zuen eta 1988an Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean (EUTG) Euskal Filologian lizentziatu zen; han irakasle izan zituen Patxi Altuna eta Miren Azkarate euskaltzainak, besteak beste, morfologiarako eta lexikografiarako zaletasuna sorrarazi ziotenak, eta bere norabide akademikoan pisu handia izango zutenak.
1983an hasi zen UZEIrekin kolaboratzen eta han ezagutu zuen Andoni Sagarna, orduko zuzendari teknikoa, gerora euskaltzain oso izango zena. Sagarnaren eskutik ezagutu zuen gerora IXA taldea izango zen Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika fakultateko ikertzaile taldea, eta hor hasi zen hizkuntzalaritza konputazionala ezagutzen. Horrekin guztiarekin, nolabait, bere ibilbide akademikoa eta profesionala nahikoa ondo marraztuta geratu zen: Hizkuntzalaritzak eta Informatikak bat egiten duteneko baratza lantzea.
1988an teknikari gisa hasi zen lanean UZEIn, Lexikografia sailean, eta 1992an sail horretako zuzendari eta, orobat, Zuzendaritzako kide izendatu zuten. Gaur egun ere postu horietan dihardu.
1997an Euskal Morfologiaren Tratamendu Informatikorantz doktorego tesia irakurri zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko campusean, zuzendari Miren Azkarate zuela. Helburu praktiko batek gidatutakoa izan zen, alegia, euskararen analizatzaile morfologiko automatiko bat definitzea (MORFEUS), ondoren hainbat aplikazio informatiko berri ahalbidetuko zituena: lehenengo eta behin, XUXEN izeneko zuzentzaile automatikoa eta, ondoren, UZEIk Euskaltzaindiaren enkarguz osatutako XX. mendeko corpus estatistikoa automatikoki lematizatzeko oinarria. Kasu bietan, helburu praktikoaz gain, bere ikerketak eta lanak egitasmo kolektiboetan txertatzeko eta eragile bihurtzeko bokazioa azpimarragarria da. Ildo berean garatu ditu beti bere lanak.
Lexikografiaren alorrean egin dituen lan nagusiak ondokoak dira: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, lantaldeko kide (1997tik) eta arduradun (2013-2017) eta Euskaltzaindiaren Hiztegian, egitasmoko arduradun (2014tik), lantaldeko arduradun (2017tik) eta batzorde ahaldunduko idazkari (2017tik). Orobat, bereziki aipagarriak dira UZEIk sortutako Atzekoz aurrera hiztegia (1994, 2005, 2017), Sinonimoen hiztegia (1999, 2002, 2011) edo Maiztasun hiztegia (2004). Lehen biak sarean daude eta erregulartasunez eguneratzen dira.
Hizkuntza-teknologien alorrean, Euskaltzaindiaren IKT batzordeko aholkulari izan da 2017 arte, eta ordutik batzordeko idazkaria da. UZEIn ere hainbat proiektutan parte hartzen du: euLEMA lematizatzaile automatikoa (2007- ), euLEX euskararen datu-base lexikala, edota HOBELEX lexiko-zuzentzailea (2014, 2016).
Eskolak eta ikastaroak eman izan ditu Deustuko Unibertsitatean, Udako Euskal Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Bordele Montaigne Unibertsitateko Baionako campusean.
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide da 2007tik (2007, 2010, 2014 eta 2017 urteetan Eusko Jaurlaritzak izendatua), IKT azpiatal-batzordeko kide (2008-2016) eta Ingurune Digitala azpiatal-batzordeko kide 2017tik.
Gaur egun Euskaltzaindiaren Iker sailburua da, 2020ko urriaren 23an izendatua, eta Gipuzkoako Ordezkari 2017tik aurrera.
Euskaltzaindiaren Euskera (2009) agerkariko aholku batzordeko kide izateaz gain, beste hainbat aldizkari eta egunkaritan idatzi ditu artikuluak: ASJU, Behavior Research Methods, Elhuyar, Elhuyar: Zientzia eta teknika, Literary and Linguistic Computing, META: Journal des Traducteurs, Senez, eta abar.
Sariez den bezainbatean, Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma (2019) jaso du.
1997 Euskal morfologiaren tratamendu informatikorantz doktore-tesia [formatu digitalean argitaratua, 2016] PDF
2002 Morfologia konputazionala. Euskararen morfologiaren deskribapena [elkarlanean] (Udako Euskal Unibertsitatea) PDF
2022 Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara [arg.] (Euskaltzaindia)
Euskera agerkarian
1994 Euskararen normalizazioa eta linguistika konputazionala [elkarlanean] PDF
1994 Hiztegi batuaren datu-base lexikografikoa [elkarlanean] PDF
2019 Hiztegitik kofradiara (sarrera-hitzaldia) PDF
Euskaltzaindiaren buletina
2022 Paskual Rekalde euskaltzainaren sarrera-hitzaldiari erantzuna PDF
Iker bilduman
2008 Euskararen erreferentzia-corpusaren beharraz PDF
2021 Euskararen Herri Hizkeren Atlasa eta Euskaltzaindiaren Hiztegia : elkarren osagarri [elkarlanean]
2021 Euskara batua eta hiztegigintza
Besterik
2023 Euskaltzaindiaren hiztegia : adierak eta adibideak [Hizkuntzalaritza Funtzionalaren 43. Nazioarteko Jardunaldiko aktak]