Donostiako Egia auzoan jaio zen, familia erdaldun batean, eta erdal giroan hazi zen harik eta, gaztaroan, euskararekiko harra piztu eta euskaraz ikasten hasi zen arte. 17-18 urterekin AEK-ko gau-eskolan euskararako lehen urratsak eman ondoren eta giro erabat euskaldunean murgiltzearren, morroi joan zen Orexako Iriarte baserrira —Nikolas Ormaetxea Orixe jaio zen baserrira, hain zuzen— denboralditxo baterako, eta 23 urte zituenerako hasia zen euskara-irakasle AEKn.
Bizitza profesionala euskararen aldeko erakundeetan garatu du beti. Lehenengo AEKn, non, irakasle izan ondoren, kudeaketarekin lotutako ardura berriak bereganatu zituen (1983-1987). Han ziklo bat bete ondoren, Udako Euskal Unibertsitatera aldatu zen, eta UEUko kudeatzailea izan zen hiru urtez (1987-1990). Azkenean, Elhuyarrera iritsi eta bertan jardun du geroztik, hizkuntza-teknikari gisa, hiztegigintzan, terminologian eta itzulpengintzan gehienbat, eta zientziaren dibulgazioan ere jardun du, besteak beste. Kudeaketa-ardurak ere tartekatu ditu; 2002tik, erakunde horretako idazkaria da. Haren bibliografia oparoan azken horien berri zehatza aurki daiteke.
Ikasketei dagokionez, Ingenieritza Tekniko Industriala ikasi zuen EHUn. 1980an, azken kurtsoa gainditurik, ez zion bide horri segidarik eman, eta garapen akademikoa euskararen modernizazioan eta estandarizazioan gauzatzea hautatu zuen, lexikografian, itzulpengintza tekniko‑zientifikoan eta, bereziki, hizkuntzaren erabilera zuzen, zehatz eta jorian.
Lan akademiko nagusiak hiztegigintza edo entziklopediagintzarekin lotutakoak izan dira. Aipatzekoak dira, adibidez, Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa (Elhuyar,1993), zortzi liburukitan argitaratutako Euskal hiztegi entziklopedikoa (Klaudio Harluxet Fundazioa, 1995) edo Ingurugiro hiztegi entziklopedikoa (1998): lehenengoan, erredaktore eta zuzentzailea izan zen, bigarrenean erredakzioburua eta hirugarrenean koordinatzailea. Baina ez dira izan lan solteak, Elhuyar Fundazioak hamarkadaz hamarkada bultzaturiko langintza orokor baten fruitu baizik, eta langintza horretan hiztegiak eta entziklopediak ez ezik, unibertsitate edo lanbide-hezkuntzako eskuliburu eta testu teknikoen itzulpenak, dibulgazio-artikuluak, mintegiak eta irakasleak eta itzultzaileak trebatzeko ikastaroak sartzen dira, bai eta Teknopolis zientzia-dibulgazioko telebista-programa ere, non erredaktore (1999-2002), zuzendari (2000-2002) eta testu-zuzentzaile (1999-2011) izan baita. Guztietan izan du ardurarik eta erantzukizunik, mota askotakoa proiektuen arabera, bai diseinuan, bai gauzatze praktikoan. Ildo horretan azpimarratzekoa da lana beti talde zabalagoetan txertatu izan duela, kasuan-kasuan eginkizun desberdinak bereganaturik. Talde-filosofia hori dela-eta, zenbaitetan, haren izena ez da agertzen liburuaren kredituetan, baina ondo zehaztuta dago Elhuyar Fundazioaren oroitidazkietan.
Euskaltzaindiari dagokionez, 2002an hasi zen Exonomastika batzordearekin erregularki kolaboratzen, eta 2007tik batzordeko idazkaria da; era berean, 2016tik da Onomastika batzordeko kide eta 2017tik batzorde horretako idazkari. Haren ekarpena batez ere alor horretan gauzatu da, bai eta, 2016tik, Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmoan ere.
Eusko Jaurlaritzarekiko kolaborazio etengabea izan du 2005etik, lehenik Hezkuntza Saileko EIMA egitasmoaren barruan, eta, 2008tik, Euskararen Aholku Batzordeko Terminologiako Batzorde-atal Bereziko kide gisa. Orobat, Kultura Sailaren enkarguz, kolaborazio berezia izan zuen euskarazko Wikipedian eduki entziklopedikoak txertatzeko (2011-2012).
2017ko irailetik, Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnun Ingeniari Goi Eskolako irakaslea da Euskara Teknikoa irakasgaian.
Hainbat aldizkaritan argitaratu ditu artikuluak: Administrazioa euskaraz, Elhuyar Zientzia eta Teknologia, Euskera, Jakin, Senez, eta abar. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko kidea da, eta elkartearen sareko baliabideetan aktiboki hartu du parte mende honetan, Itzul posta-zerrendan, 2tzul irizpen-biltegian eta 31 eskutik blogean.
Bestalde, 2014an, Berriak antolatutako Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi zuen Jaione Aldazekin batera idatzitako Indiatik urrun, Indian artikuluagatik.
Hiztegi eta entziklopediak
1993 Hiztegi entziklopedikoa [erredaktore eta zuzentzailea] (Elhuyar)
1995 Euskal hiztegi entziklopedikoa, 8 libk. [erredakzio-burua] (Klaudio Harluxet Fundazioa)
1996 Hiztegia: euskara-gaztelania = castellano-vasco [erredaktorea] (Elhuyar)
1997 Ikaslearen hiztegia [erredaktorea] (Elhuyar; Klaudio Harluxet Fundazioa)
1998 Ingurugiro hiztegi entziklopedikoa [erredaktore eta koordinatzailea] (Eusko Jaurlaritza)
1998 Elhuyar hiztegi txikia. Euskara-gaztelania. Castellano-vasco [erredaktorea] (Elhuyar)
2000 Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa [erredaktore laguntzailea] (EVE) 2000
2000 Euskal Hiztegi Modernoa [erredaktorea] (Elhuyar)
2002 Elhuyar oinarrizko hiztegia: euskara-gaztelania, castellano-vasco [zuz. teknikoa eta erredakzioa elkarlanean] (Elhuyar; Elkarlanean)
2004 Ingurumen hiztegi entziklopedikoa 2. argit. [erredaktore eta koordinatzailea] (Eusko Jaurlaritza)
2005 Dictionnaire Elhuyar Hiztegia : euskara-frantsesa, français-basque [laguntzailea] (Elkarlanean)
2009 Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa [erredaktore eta zuzentzailea] (Elhuyar)
Hizkuntzaren eta idazkeraren zuzentasuna
1990 Munduko leku-izenak: euskaraz emateko erizpideak eta izendegia [elkarlanean] (Elhuyar; Elkar)
1992 Munduko pertsona-izenak: euskaraz emateko erizpideak eta izendegia [elkarlanean] (Elhuyar; Elkar)
2005 Onomastika: irizpideak [EIMAren estilo liburua] [elkarlanean] (Eusko Jaurlaritza)
2008 Letra larriak erabiltzeko irizpideak [EIMAren estilo liburua] (Eusko Jaurlaritza)
2019 Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak 2. argit. [testu-prestatzailea] (Euskaltzaindia)
2021 Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE): A-tik Z-ra, zalantzak eta argibideak 4. argit. [lanaren ikuskatzaile nagusia] (Euskaltzaindia)
Itzulpenak
1991 Behe-tentsiorako arautegi elektroteknikoa: M.I. B.T., jarraipide osagarriak, interpretazio- orriak [itzul.] (Elkar)
2006 Telebista-produkzioa / Gerald Millerson [13. argitaldariaren itzulpena] [zuzentzailea] (EHU)
2008 Eraikinetako instalazioen kalkuluak eta oinarrizko arauak. 1. liburukia, Instalazio hidraulikoak, gas erregaizko instalazioak eta aireztapen-instalazioak / Luis Jesús Arizmendi [zuzentzailea] (EHU)
2008 Geologia estrukturalaren oinarriak / R. G. Park [zuzentzailea] (EHU)
2009 Arkitektura-hiztegi irudiduna / Francis D. K. Ching [zuzentzailea] (EHU)
2010 Artearen lexikoa / testuak, Rosina Lajo ; marrazkiak, José Surroca [zuzentzailea] (EHU)
2010 Sendabide ala iruzurbide: medikuntza alternatiboa proban / Simon Singh eta Edzard Ernst [zuzentzailea] (Elhuyar)
2010 Artearen teoria / José Jiménez [zuzentzailea] (EHU)
2010 Simon Bloom: grabitatearen zaindaria / Michael Reisman [zuzentzailea] (Elhuyar)
2010 Izarretako albistaria / Galileo Galilei [zuzentzailea] (MUNCYT)
2012 Makina elektrikoak: oinarrizko kontzeptuak eta aplikazio-ariketak / Javier Mazón ... [et al.] [zuzentzailea] (EHU)
2014 Oroimena / Alan Baddeley... [et al.] [zuzentzailea] (EHU)
2014 Turbomakina termikoak: diseinu termodinamikoaren oinarriak /Manuel Muñoz Torralbo ... [et al.] [itzul.] (EHU)
2015 Itsasontziaren eskuliburua / Iranzu Sotés ... [et al.] [itzul.] (EHU)
2015 Instalazio elektrikoak / Antonio Jesús Conejo ... [et al.] [itzul.] (EHU)
2019 Oinarrizko immunologia: Immunitate-sistemaren funtzioak eta gaitzak: bosgarren edizioa / Abul K. Abbas ... [et al.] [itzul. elkarlanean] (EHU)
2020 Daniels eta Worthingham-en Muskulu-probak: Eskuzko miaketarako eta funtzionamendua balioesteko teknikak / Helen J. Hislop ... [et al.] [zuzentzailea] (EHU)
2021 Erizaintza zainketa aringarrietan eta bizitzaren amaieran / Mª Belén Martínez Cruz ... [et. al.] [itzul.] (EHU)
2024 Geneak editatzen : ebaki, itsatsi eta koloreztatu : CRISPR tresna zoragarriak / Lluís Montoliu [itzul.] (EHU)
Euskera agerkarian
1994 "Neurtu" aditzaren erabilera berriaz Leioa, 1994-10-04 PDF
Euskaltzaindiaren buletina
2022 Eta Euskaltzaindia kanpora begira ere jarri zen [sarrera-hitzaldia] PDF
Iker bilduman
2008 Nolako hiztegi batua behar du XXI. mendeko euskaldunak? [elkarlanean] PDF
2020 Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak: Euskal odonimiako eskuliburua
2021 Euskara batuaren aulkia hirugarren hankatik herren