Oinarrizko ikasketak Arratzun, Gernikan eta Derion burutu ostean, Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 1983an eta Hegoaldeko 1700-1745 arteko testuen thesaurusa aurkeztu zuen hurrengo urtean tesina gisa. 1994an doktoregoa lortu zuen XVIII. mendeko hiztegigintzaren jatorriez egindako tesiarekin, lehenik Koldo Mitxelenaren eta haren heriotzaz geroz Joakin Gorrotxategiren zuzendaritzapean. Lan horregatik UPV/EHUren doktore sari berezia jaso zuen 1996an.
1987tik irakasle da Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, eta 2005etik aurrera Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoaren katedraduna da. Bertan, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean dihardu.
Fakultatean hainbat kargu bete ditu: idazkari (1993), dekanoorde (1994-2000) eta dekano (2000-2003, 2003-2007). Halaber, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluko eta Ikerketa Batzordeko kide izan da zenbait urtez. Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzaturiko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa proiektuko zuzendaria da 2002tik eta Eusko Jaurlaritzako “Hizkuntzalaritza Historikoa eta Euskararen Historia” Ikerketa talde egonkorreko partaide 2007an sortu zenetik (zuzendari 2007-2010ean).
Bere ikerketa lerro nagusiak hauek dira: euskararen historia eta historiaurrea, eta euskal testu zaharren edizio eta azterketa. Hainbat biltzar eta batzordetan parte hartu du aditu gisa. Euskararen aurrehistoriaren esparruan, erro monosilabikoaren teoriaren sortzailea da, azken bi hamarkadetan lan ugari argitaratu duelarik hura azaldu eta garatzeko.
Filologo gisa, euskara arkaiko eta zaharreko hurrengo testu eta lekukotasunak aztertu ditu: balada zahar eta modernoak, Joan Perez Betolatza, Pedro Ignazio Barrutia, Manuel Larramendi, Joan Beriain, Martin Harriet, Voltoire, Silvain Pouvreau, eta abar, arreta bereziz Refranes y sentencias (1596) bildumaren hizkuntza, jatorri, iturri eta gainerako arazo filologikoez jardunaz.
2004an eman zen ezagutzera Joan Perez Lazarragaren (1547-1605) eskuizkribua, eta idazlan horren lehen azterketa filologikoa eta literarioa egin zuen. Geroztik, zuzentzen duen Monumenta Linguae Vasconum taldea arduratu da eskuizkribuaren edizio eta azterketaz. Erakunde berak beste hainbat testu zahar aztertzen eta argitaratzen dihardu, Erronkari eta Zuberoa arteko gutunak (1616-1617), esaterako.
Euskaltzaindian, 2009tik Euskal Hiztegi Historiko eta Etimologiko (EHHE) egitasmoaren zuzendari eta Euskararen Lekukoak bildumaren arduradun da.
1988-2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak lagundu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen, Patxi Altuna, Ibon Sarasola eta Blanca Urgellekin batera. Halaber, UPV/EHUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean, Koldo Mitxelenaren idazlan guztiak argitaratu zituen 2002-2012 bitartean, Iñigo Ruiz Arzalluzekin batera.
ASJU aldizkariaren argitaratzaile da 1988tik eta, Ibon Sarasolarekin batera, zuzendarikide 2001etik aurrera. Orobat, Fontes Linguae Vasconum batzordeko da 2004tik eta Euskaltzaindiaren Euskerako idazketa kontseilukoa 2009tik. Halaber, zenbait urtez Oihenart, Sancho el Sabio eta Litterae Vasconicae aldizkarietan izan da. Artikuluak argitaratu ditu beste aldizkari hauetan ere: Egan, Enseiukarrean, Journal of Indo-European Studies, Litterae Vasconicae, Palaeohispánica, Uztaro, Veleia; baita hainbat kapitulu Euskal Herrian eta atzerrian argitaratutako liburu eta bildumetan ere.
1982 Gabonetako ikuskizuna / Pedro I. de Barrutia [arg.] (s.n.)
1983 Euskal baladak : antologia eta azterketa [elkarlanean] (Hordago)
1987 Poesia bascongada : dialecto vizcaino / Jose Antonio Uriarte [begirale] (Bizkaiko Foru Aldundia)
1988 Hiztegiak eta testuak / Donostiako Udako V. Ikastaroak [zuz.] (Euskal Herriko Unibertsitatea)
1988 Sobre historia de la lengua vasca / Luis Michelena [arg.] (Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegia)
1988 Euskal idazlan guztiak / Koldo Mitxelena [arg. elkarlanean] (Euskal Editoreen Elkartea)
1990 Manuel Larramendi euskal testuak : (1690-1990 III. mendeurrena) [prest. elkarlanean] (Andoaingo Udala; Euskaltzaindia)
1991 Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia)
1992 Euskalaritzaren historiaz, I, XVI-XIX. mendeak [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia)
1992 Manuel Larramendi hirugarren mendeurrena 1690-1990 [prest.] (Andoaingo Udala; Euskaltzaindia) PDF
1993 XVIII. mendeko hiztegigintzaren etorkiez doktore-tesia [formatu digitalean argitaratua, 2016] PDF
1994 Euskal Dialektologiako Kongresua : (Donostia, 1991ko iraila) [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia)
1995 Harrieten gramatikako hiztegiak (1741) (Gipuzkoako Foru Aldundia)
1995 Towards a history of the Basque language [arg. elkarlanean] (John Benjamins Publishing Company)
1996 Refranes y sentencias (1596) : ikerketak eta edizioa (Euskaltzaindia) PDF
2002 "Erramu boneta" : Festschrift for Rudolf P. G. de Rijk [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia; Euskal Herriko Unibertsitatea)
2007 R. L. Trasken oroitzapenetan ikerketak euskalaritzaz eta hizkuntzalaritza historikoaz [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia; Euskal Herriko Unibertsitatea)
2008 Gramatika jaietan Patxi Goenagaren omenez [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia; Euskal Herriko Unibertsitatea)
2009 Beñat Oihartzabali gorazarre [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia; Euskal Herriko Unibertsitatea)
2011 Pirinioetako hizkuntzak : lehena eta oraina [arg. elkarlanean] (Euskaltzaindia) PDF
2011 Koldo Mitxelena Katedraren II. biltzarra [arg. elkarlanean] (Euskal Herriko Unibertsitatea)
2011 Obras completas / Luis Michelena [arg. elkarlanean] (Gipuzkoako Foru Aldundia; Euskal Herriko Unibertsitatea)
2013 Koldo Mitxelena Katedraren III. biltzarra [arg. elkarlanean] (Euskal Herriko Unibertsitatea)
2018 Euskararen historia [arg. elkarlanean] (Eusko Jaurlaritza)
2018 Historia de la lengua vasca [arg. Elkarlanean] (Eusko Jaurlaritza)
2018 Studia Philologica et Diachronica in honorem Joakin Gorrotxategi : Vasconica et Aquitanica [arg. elkarlanean] (Euskal Herriko Unibertsitatea)
2019 Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) [zuz.] (Euskaltzaindia)
2020 Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa [arg. elkarlanean] (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Euskera agerkarian
2009 Aitzineuskara berreraikiaz : zergatik ezkerra? [sarrera hitzaldia] PDF
2019 Euskal ikerketa diakronikoak eta EHHEranzko bidea PDF
2023 Asuntzioko Sermoi egile-, toki- eta urtegabea: Larramendiren testu berri ezezaguna [Loiola 14.08.1740] PDF
Euskaltzaindiaren buletina
2022 Iñaki Segurolaren hilberri-txostena (1962-2022) PDF
Iker bilduman
2005 Zemai abagadaune PDF
2011 Aitzineuskararen berreraiketaz : egindakoaz eta eginkizunez PDF
2022 Deconstruyendo los Refranes y sentencias de 1596 : critica textual, imprenta, género e historia del libro [elkarlanean]