Oinarrizko ikasketak Leitzan eta Iruñean egin ondoren, Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Ondoren Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, presokratikoen hizkuntza filosofikoaz egindako lizentzia txostenarekin. Gaur egun Iruñean abokatu bulegoa du.
1968-1969 ikasturtetik hasita, gau eskoletan irakasle jardun zuen zortzi urtez, gero AEK eta IKA izango zirenak. 1968-1973 artean Arturo Campion Euskaltegiaren lehendabiziko zuzendari izan zen. Orobat, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren (1979) sustatze lanetan aritu zen.
Halaber, 1969-1970ean Nafarroako ikastolen antolatze eta legeztatze lanetan aritu zen lanean. Iruñeko andereñoen euskara mintegia koordinatu zuen, Nafarroako irakasleak alfabetatu eta metodologia eguneratzeko. Iruñeko Udal Ikastolako buru ere izan zen. 1988an Euskal Kulturaren Batzarreak abiatutako Bateginik kanpainaren aholkulari aritu zen.
Euskaltzaindian 1989tik arlo juridiko-ekonomikoan eta Jagon sailean aritu da bereziki.
Idazle gisa ibilibide luzea egin badu ere, politikagintzagatik da batez ere ezaguna. 1975ean sortutako Euskal Herriko Alderdi Sozialistan (EHAS) parte hartu zuen, 1977an Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea (HASI) sortu arte. HASIren Nafarroako ordezkari gisa, Herri Batasunaren (1978) sortzaileetarikoa eta koalizioaren zuzendaritzakide izan zen (1978-1982, 1991-1996).
Herri Batasuna nahiz Euskal Herritarrok koalizioen izenean, hainbat kargu bete zituen: Iruñeko Udalaren zinegotzia (1978-1983, 1987-1991, 1999-2001) eta Nafarroako Parlamentuaren kidea IV. eta V. legegintzaldietan (1991-1999). 2001ean Aralarren sortzaileetarikoa izan zen eta urte horretatik 2014ra arte alderdiaren idazkari nagusia izan zen. Aralarren nahiz Nafarroa Bai koalizioaren izenean, VII., VIII. eta IX. legegintzaldietan (2003-2015) Nafarroako Parlamentuko kide izan da.
Literaturaren arloan, Gorka Trintxerpe izengoitiaz Zorion baten zainak (1972) poema bilduma idatzi zuen, diktadura frankistan Nafarroan argitaratutako lehen euskal liburua. Ondoren askotariko generoak landu ditu: narrazioa, eleberria, poesia, antzertia, biografia eta gogoeta filosofikoa. Arrakasta gehien eleberri historikoekin lortu du, hala nola, 1994-1996 arteko trilogia Nafarroako XX. mendeaz, edo Erdi Aroko hainbat pertsonaia hizpide dituztenak.
Pedro Diez de Ultzurrunek zuzendutako Príncipe de Viana aldizkarian hasi zen euskaraz idazten 1967an, baita aldizkarian lan egiten ere zenbait urtez. Eusko Ikaskuntzaren Eleria aldizkariko batzordekidea da 1996tik. Euskal kulturaz eta politikaz, beste hainbat agerkaritan ere idatzi du: Zeruko Argia, Egan, Anaitasuna, Hegats, Jakin, Argia, Egin, Gara, Deia, Euskaldunon Egunkaria, Egunero, Berria, eta abar.
Flandriako Coppieters Fundazioak izen bereko saria eman zion 2019an "azken 40 urtean Euskal Herriko politikan egindako lanagatik" eta bereziki "euskal ezker nazionalean bide demokratiko eta baketsuen aldeko defentsan izandako lidergoagatik".
Narrazioa
1977 Euskomunia ala Zoroastroren artalde! / Gorka Trintxerpe (Francisco J. Zabaleta)
1978 El salto del salmón : (doce horas en la vida de un guerrillero) / Gorka Trintxerpe (Euskal Bidea)
2013 Absurdoko kontuak edo zoroen herriko kronikak (Pamiela)
2017 El salto del salmón [paperean eta formatu digitalean] (Patxi Zabaleta) KINDLE
2017 Cuentos del absurdo o cŕonica de un pueblo de loc@s [soilik formatu digitalean] (Patxi Zabaleta) KINDLE
2021 Bukaerarik gabeko ipuinak: guraso eta zaintzaileentzako kontuak I-IV (Patxi Zabaleta)
Eleberria
1994 Ukoreka (Txalaparta)
1995 Badena dena da (Txalaparta)
1996 Arian ari (Txalaparta)
1998 Errolanen harria (Txalaparta)
2005 Eneko Aritzaren hilobia (Patxi Zabaleta)
2016 Harri Aroko Arima Izutua (Patxi Zabaleta)
2017 Un alma aterrorizada de la Edad de Piedra [soilik formatu digitalean] (Patxi Zabaleta) KINDLE
Poesia
1972 Zorion baten zainak / Gorka Trintxerpe (Mensajero)
1975 Gorriak / Gorka Trintxerpe (Francisco J. Zabaleta)
2009 Bizi! (Pamiela)
Antzertia
1991 Nafarroako gudalostearen azken mariskala (Txalaparta)
Saiakera
2020 Nafarroa Euskal Epikan : Olerkidazketa (Patxi Zabaleta)
Biografia
1983 Julian Gaiarre (Gordailu)
Itzulpenak
1981 Amaya : euskaldunak VIII'gn mendean / F. Navarro Villoslada ; gidoia eta marrazkiak, Rafael Ramos (Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipala)
1987 "Gauerdiko Teila" : araudia (Altaffaylla Kultur Taldea)
Besterik
2008 ¿Se puede ser nacionalista y de izquierda? : conversaciones [elkarlanean] (Los Libros de la Catarata)
2016 Tres tristes Trileros: Arbeloa, Del Burgo y Aizpún ; franquismo, transición y territorialidad [elkarlanean] (Txalaparta)
Euskera agerkarian
1988 Euskaltzaindian sartzea [sarrera hitzaldia] PDF
1990 José Agerreren omenez PDF
1992 Euskara testamendu eta azken-nahietako idatzietan PDF
2001 Euskararen legeztapen demokratikoari dagokionez, Nafarroan galdutako aukera PDF
2004 Lizarran argitaratu zen Eltsoko Santxoren "Dotrina" PDF
2007 Jose Manuel Lasarte (1927-2007) [hilberri txostena] PDF
2010 Jorge Cortés Izal (1930-2010) [hilberri txostena] PDF
2016 Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute (1915-1988) PDF
2017 Hiazinto Fernandorenaren hilberri txostena (1930-2017) PDF
Erlea aldizkarian
2018 Arturo Campion eta euskararen erabilera urria haren lanetan [elkarlanean] [12. zk.]