Oinarrizko ikasketak Etxalekun eta Iruñean egin ondoren, Farmazian lizentziatu zen, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean 1979an. Irakaskuntzarako gaitasun agiria Zaragozako Unibertsitatean eskuratu zuen, eta Euskaltzaindiaren D irakasle titulua, aldiz, Donostian 1980an.
Euskara eskolak ematen 1972an hasi zen Iruñean, urte pare batez helduekin Arturo Campion Euskaltegian, eta Iruñeko Apaizgaitegian gaztetxoekin aritu zen. Madrilen jarraitu zuen helduei euskara irakasten 1975-1977 artean.
Euskal Herrira itzuli, eta Arturo Campion-en nahiz Arrotxapeako gau eskolan irakaskuntzan sartu zen buru-belarri. 1978-1979ko ikasturtean Andosillan eta Sartagudan aritu zen, eta 1979-1981 artean Sakanan.
Orduan Arturo Campion Euskaltegian hasi zen berriro eta, 1982tik hasita, Euskaltegiko arduraduna izan da gaur arte.
Ikastaro, mintegi eta jardunaldi ugaritan ibili da irakasle, soziolinguistika, didaktika eta gramatika arloetan. Hainbat erakundek sustatutako egitasmotan parte hartu du: Udako Euskal Unibertsitatea, Euskaltzaindiak Israelera egindako bidaia (1980), Iruñean Sortua taldea (1983), Eibarko Udalaren soziolinguistika jardunaldiak (1984), Adorez eta Atseginez Mintegia, Gizarte Ikasketen Sustapenerako Institutua (IPES), Iruñeko Irakasle Eskola, AEK, IKA eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, besteak beste.
Euskara taldeetan ibilbide luzea egin du. 1978an sortutako Euskal Herrian Euskaraz taldeko militantea lehen urteetan, Zaldiko Maldiko elkartearen sortzaileetarikoa (1981), Karrikiri Elkartean nahiz Euskalerria Irratian aritua, 1986ko euskarari buruzko foru legearen ondorioz sortutako Euskararen Aldeko Batzarreko partaidea, Euskal Kulturaren Batzarreko nahiz Kontseiluko ordezkari IKAren izenean, Egunkaria Sortzen taldekoa (1990), eta abar.
Euskaltzaindian, 2012-2020 bitartean erakundearen diruzain gisa izan dituen ardurez gain, bereziki Sustapen batzordean garatu du bere lana 2007tik. Gaur egun Jagon sailburu da, 2020ko urriaren 23an izendatua, eta Nafarroako ordezkaria 2021etik aurrera.
Politikagintzan ere aritu da. Iruñeko zinegotzia izan zen 1982-1987 artean. Ondoren Nafarroako Parlamentuko kidea izan zen, III. legegintzaldian (1987-1991). Herri Batasuna koalizioaren euskara taldeko arduraduna izan zen Nafarroan. 2001ean Aralar alderdiaren sortzaileetarikoa izan zen. 2001-2005 artean, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordean aritu zen.
Pedro Diez de Ultzurrunek zuzendutako Píncipe de Viana aldizkarian hasi zen euskaraz idazten 1972an, eta geroztik beste agerkari batzuetan ere idatzi du: Jakin, Bat, Argia, Pulunpe, eta abar. Era berean, euskaltegiko Ttanttanka entzungai eta ariketen prestatzean lagundu du eta bi komikiren gidoigilekide izan da: Arturo Campionen Erraondoko azken ttunttuneroa (1993) eta Arturo Campionen Pedro Mari (1995).
Entzunezko kazetaritzari dagokionez, Egin Irratian, Zenbat Gara Elkarteko Bilbo Hiria Irratian, Euskalerria Irratian eta EITBeko Euskadi Irratian saioak egin ditu.
Sariez den bezainbatean, Iruñeko Udalean euskararen alde egindako lanagatik, Zaldiko Maldiko elkarteak Lamien Urrezko Orrazia eman zion 1987an, eta Euskalerria Irratiak, aldiz, Larreko Saria, 1996an, eta Deia egunkariak eta Noticias Taldeak Ortzadar saria, 2016an.
1990 Alfabetatzea Euskal Herrian : (1960-1990) : kronika laburra [elkarlanean] (s.n.)
2017 Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa [Jardunaldiak] (Euskaltzaindia)
2018 Hizkuntza-zuzenbidea : Testu bilduma euskaraz [elkarlanean] (Euskaltzaindia) PDF
2019 Araba, euskaraz bidea egiten [Jardunaldiak] (Euskaltzaindia)
2019 Euskara Batua eta Ipar Euskal Herria : 1964-2018 [Jardunaldiak] (Euskaltzaindia)
2020 Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi [arg.] (Euskaltzaindia)
2021 Arlo sozioekonomikoa euskararen biziberritzean : Euskaltzaindiaren XXIV. Jagon Jardunaldia ; Entitate pribatuak: nola eman zerbitzua euskaraz herritar eleaniztunei? : Euskaltzaindiaren XXV. Jagon Jardunaldia [arg.] (Euskaltzaindia)
2022 Euskara Nafarroako hezkuntzan : egoera eta aukera berriak [arg.] (Euskaltzaindia)
2023 Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean : egoera eta aukera berriak [arg.] (Euskaltzaindia)
Euskera agerkarian
2007 EAEko euskararen legearen garapenaz Nafarroaren ikuspegia : nire sentimendua PDF
2008 Berdetik horira : sarrera-hitzaldia PDF
2008 Euskaraz mintzatzen da PDF
2009 Etorkinak eta euskara [Jardunaldiak] PDF
2010 Gazteak, aisialdia eta euskara [Jardunaldiak] PDF
2011 Arabatik Arabara, euskaraz [Jardunaldiak] PDF
2012 Euskararen geroa Ipar Euskal Herrian [Jardunaldiak] PDF
2013 Euskara Nafarroatik [Jardunaldiak] PDF
2014 Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan [Jardunaldiak] PDF
Erlea aldizkarian
2018 Arturo Campion eta euskararen erabilera urria haren lanetan [elkarlanean] [12. zk.]