DE LA ANTIGUEDAD, Y UNIVERSALIDAD DEL BASCUENZE EN ESPAÑA: DE SUS PERFECCIONES, Y VENTAJAS SOBRE OTRAS MUCHAS LENGUAS.
Salamancan; Eugenio Garcia de Honoratok argitaratua, 1728an
EL IMPOSIBLE VENCIDO: ARTE DE LA LENGUA BASCONGADA.
Salamancan; Antonio Joseph Villagordo Alcaráz-ek editatua, 1729an
Manuel Larramendi (1690-1766).
Testuingurua
Iparraldean liburugintza loratzen zen bitartean, Hegoaldean Larramendi agertu arte itxaron behar dugu aurrerakada argiak ikusteko. Eta Larramendiren kasuan, liburu bat baino bi aipatuko ditugu, biak oso bitxiak gaiari dagokionez. Larramendi jesuita gipuzkoar bat zen, zentzu askotan tipikoa, alegia, zientzia eta politika, biak batera landu zituen. Benetako intelektuala zen. Epe luze batean batez ere bere Hiztegia-gatik izan da ezaguna, baina gaur egun gero eta gehiago dira bere dimentsio politikoa ere azpimarratzen dutenak.
Mamia
De la antigüedad… euskararen apologia bat da, hots, defentsa bat, gure hizkuntzak jasotzen zituen eraso eta gutxiespenen aurrean. El impossible… berriz, euskararen lehen gramatika da. Kasu bietan euskaldunen duintasuna da jokoan ikusten duena, bere hizkuntza, bere ohiturak, bere legeak (Foruak)… lehenaren intentzio politikoa nabari-nabaria da; bigarrenean, hizkuntza bera lantzea eta duintzea da asmoa.
Larramendiren nahia
“Eztakit zer esain dizutedan. Aspaldi nabil nola Euskal Erriak edertu, ta jasoko ditudan. Bost gau illun, eta bost egun argi iragoak ditut, egiteko onetan; baita gure euskera, izkuntza guztien zarrena aien garai nola ezarriko dedan. Baña ezta sinistekoa zer gertatzen zatan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela. Ezta ezer; oiek jakiñezak dirade, zer darauskioten ere eztakitenak. Besteak obeko nukeala itxegi beargai goragoren ta ederragoren bati. Ezta anik: oiek alperpotzak dira berok, ez gorago ez berago dan lanik ukitu ere nai eztutenak. Elakio hitzonzia, beargai txar diokan horri, ta ara ni itxekiko natxeok prestuagoari.”