Jakina denez latina izan da Eliza Katolikoaren liturgiaren hizkuntza nagusia mendez mende. Xehetasun historikotan sartu barik, aipa dezagun Trentoko Kontzilioan, hots, XVI. mendean, finkatu zela ondoko lau mendetan aldaketa oso txikiekin mota guztietako errituetan erabili beharreko testuen multzoa (Missale, Ordo missae, Lectionarium eta abar), baina jakina denez XX. mendean, Vatikano II. Kontzilioan erabateko iraultza gertatu zen, Elizak liturgia herriaren hizkuntzan egitea erabaki baitzuen. Horrek berehala ekarri zuen testu berriak prestatu beharra eta horretarako Elizak berak makina bat batzorde eta talde sortu zituen munduan zehar. Jakina denez ere, oro har prozesua ikaragarri arina izan zen, ia-ia urte batetik bestera latinezko meza oroitzapenen ganbaran gordeta geratu baitzen; adin batetik beherakoentzat, grezierazko edo aramerazko meza bat bezain urrun.
Liturgia euskaratze prozesua
Eta euskarari buruz, zer? Bada, euskal elizbarrutietan apaiz eta erlijioso euskaltzaleek berehala sortu zituzten testuak euskaratzeko taldeak eta lanari ekin zioten gogotsu. Itxura guztien arabera Iparraldean lehenago, ziur aski hango eliz agintarien artean harrera ulerkorragoa aurkitzen zutelako, jakina baita Espainiako hierarkia eklesiastikoak mesfidantza handiz ikusten zuela Vatikano II.a oro har, eta euskararekiko ulerberatasunik ere biziki nekez aurkitzen zelako agintarien artean. Baina, bestalde, zenbait lagunen entusiasmoak eta grinak oztopo guztiak gainditzeko gaitasuna izan zuen. Urte oso gutxiren buruan euskarazko mezak normaltasun osoz ematen ziren herri askotan.
Basilio Sarobe, Sunbillako erretorea, talde euskaltzale horietako kide historiko nabarmena dugu. Zenbat izan ziren bide malkartsu hari ekin ziotenak? Nortzuk? Non biltzen ziren? Nola antolatzen eta koordinatzen ziren? Zer testu itzuli zituzten? Nola? Zer hizkuntza eredu erabili zuten? Zergatik? Nola zabaldu ziren testuak? Nola sustraitu ziren herritarren artean, erabat ezagunak izan arte? Galdera ugari, euskararen eta Euskal Herriaren historiarentzako interes bizia dutenak eta orain arte orain arte oso gutxi ikertu direnak. Hain justu ere, dohaintzan jaso dugun testuak historia hori egiteko balioko dute.
Zeren ez dezagun ahaztu liturgiaren euskaratze prozesu hori euskara batua sortzen eta zabaltzen ari zen urte bertsuetan gertatu zela, alegia, 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Batzuetan ematen du bi prozesu paralelo izan zirela edo, beste modu batean esanda, prozesu orokor baten barruan bi bide desberdin, paraleloak. Euskaldunon artean ezagunak eta aipatuak dira euskara batuaren sorreraren inguruan sortu ziren istiluak eta desadostasunak; hatxe letraren afera izaten da beti oroituena, baina arazo orokor baten erpina baino ez zen, berez. Aipagai ditugun testu erlijiosoak, oro har, hatxerik gabeko testuak dira. Baina, era berean, asko izan ziren oinarrizko bi posizioen artean nolabaiteko erdibide baten bila saiatu zirenak, edo batetik abiatu arren bestea ere onartu zutenak. Ziur gaude prozesu horiek aztertzean, ikertzean, euskara batuaren sorrera eta garapena modu osoago eta aberatsago batean ikusteko moduan izango garela.
Bitartean, horra gure esker ona Basilio Sarobe Sunbillako erretore euskaltzale saiatuari, bere garaian egindako lanagatik eta, horretaz gain, Euskaltzaindiari lan horren testigantza euskal ikertzaileen esku ipintzeko aukera emateagatik. Betoz ikertzaileak gure historiaren atal gutxi ezagun hau ikertzera.