KRONIKA
Hogeita bat erakundek osatuko dute Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua
Gaur egin da Ohorezko Patronatua eratzeko ekitaldi nagusia, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan. Guztira, hogeita bat erakundek osatuko dute Mendeurreneko Patronatua; tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde garrantzitsuenak daude.
Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean jarri zen abian, Ramón de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldun abertzaleek proposamena aurkeztu zutenean Aldundiaren Osoko bilkuran. Proposamen hori 1918ko urtarrilaren 25ean eginiko bilkuran onartu zen, eta data esanguratsu horren gomutan egin da gaurko ekitaldia.
Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan”.
Euskaltzaindiak Mendeurrena ospatuko du 2018ko irailetik 2019ko urrira bitartean. Jardun instituzionalen artean, bi ekitaldi nagusi finkatu dira. Batetik, gaurkoa; bestetik, eta Mendeurrenari amaiera emanez, 2019ko urrian egingo dena, Gipuzkoako Foru Aldundian.
Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu da gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian. Besteak beste, bertan bildu dira Patronatua osatuko duten hogeita bat erakundeak, tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak.
Uztaileko Osoko bilkura profitatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu Jauregiko Batzarraldi Aretora. Osoko bilkura amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia, non hitz egin duten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordeak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak historiari heldu zion bere hitzalditxoan, 1918an Aldundi horretan bertan gertatutakoa gogoratzeko: "Ehun urte iragan ostean, berriz gaude Bizkaiko Aldundian. Atzokoan bueltaka nenbilen, Euskaltzaindia zer izan den deskribatuko lukeen berba bilatu nahian. Eta hara nora, maisu edo andereñoaren papera etorri zitzaidan burura. Andereño eta maisuek, ez bakarrik ezaguera, baizik eta portaera, berba egiteko era eta bilakaera ere zaintzen baitituzte. Laburbilduz, bidea atontzen dute". "Baina hau guztia posible izateko -nabarmendu zuen Rementeriak-, beharrezkoak dira gizarte bat eta instituzio sendo batzuk. Euskaldun barik ez dago Euskaltzaindiarik. Eta guztion zeregina da hurrengo 100 urteetan euskal hiztunak hedatu eta zaintzea. Beraz, bidea egiten eta atontzen jarraitu beharra daukagu".