Plazaberri

2008 - 12 - 5      74. zenbakia

2008ko argitalpenak
EUSKARRI ELEKTRONIKOAN EUSKERA AGERKARIA LITERATUR SARIAK MENDAUR BILDUMA HIZTEGIAK BILDUMA EUSKALTZAINAK BILDUMA JAGON BILDUMA JUAN MARI LEKUONA GOGOAN DURANGOKO HITZORDUA

2008ko argitalpenak

Azken uzta

Euskaltzaindiak uztailetik abendura bitartean kaleratu dituen liburuak bildu ditugu hemen. Orotara, 9 liburu dira eta horien artean badago non aukeratu. Besteren artean, Hiztegi Batua kaleratzen du Akademiak. Izan ere, 2000. urtean Akademiak, ordura arte onartutako hitz-zerrenda argitara eman zuen liburu batean. Zortzi urte joan dira eta hitz ugari gehitu direla kontuan hartuz, orain Hiztegi Batua berriro kaleratzen du Euskaltzaindiak, urte hauetako emaitza bertan jaso delarik. Bestetik, Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005) liburua argitaratu du, Oiartzungo Udalarekin batera.

"Euskaltzainak", "Mendaur" eta "Jagon" bildumen azken liburuak ere kalean dira euren emaitzak eman dituzte, eta 2007ko Azkue Sariak jaso zituzten idazle gaztetxoen lanak biltzen dituen liburua ere guztion eskura jarri da. Hauxe da 2008ko azken bost hilabete hauetako Euskaltzaindiaren argitalpen arloaren uzta.

Euskarri elektronikoan ere eskaintzen ditu Euskaltzaindiak bere nobedadeak. Liburuez gain, arauak eta erabaki akademikoak web gunean txertatzen ditu, guztion eskura egon daitezen. Euskal Onomastikaren Datutegia eguneratua, edota azken arauak bertan kontsulta daitezke. Bestalde, Hiztegi Batuari eten gabe txertatzen zaizkio emaitza berriak, eta hortaz liburua baino bertsio osatuagoa eskaintzen da web gunean.

Sakatu hemen, urtarriletik uztailera bitarteko argitalpenak ikusteko

Euskarri elektronikoan

Azken arau eta erabakiak

2007ko azaroan, Euskaltzaindiak arau-erabakiak libre eskuratzeko sistema abian jarri zuen: arau-erabakien banaketa elektronikoa. Orduz geroztik, Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak edota gomendioak edonoren ordenagailura jaisteko aukera izan da. Bestalde, erabiltzaile aurreratuentzat, zerrenden euskarri diren XML fitxategiak ere erabilgarri jarri dira. Harpidetza doakoa da.

  • Hiztegi Batua, EODA, izendegiak

    Hiztegi Batuan, bigarren itzuliko F eta G letrak gehitu dira, bai eta hizkuntza ofizial batzuk eguneratu ere.

    Bestalde, Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eguneratu da, eta 154. eta 155. arau berriak gehitu dira. Ponte eta deitura izendegiak ere kontsulta daitezke.

    Hiztegi Batuaren XML bertsioaren egituratze maila hobetu da. TEI dictionaries jarraibideen arabera etiketatu da.

e-AEB: Arau-erabakiak kontsultatzeko

Euskera agerkaria

Euskera 2007, 3

Euskera da Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala, 1920. urtetik argitaratzen dena. Aurten etapa berri bat hasi du Euskerak, eta hemendik aurrera, Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren hiru zenbaki argitaratuko dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa bilduko dituzte. Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko ditu beren-beregi.

  • Euskera 2007, 3
    • Egilea: askoren artean ISBN: 85479
    • Editorea: Euskaltzaindia, 2008. 23 x 16 cm; 296 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 10 euro

    Euskera 2007, 3 liburuan, besteak beste, ondoko gaiak agertzen dira: Andoni Sagarna euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiari omenaldia, Gratien Adema "Zaldubi"-ren mendeurrenaren ageriko bilkura edota Nafarroa Oinez 2007ko festa dela eta, Euskaltzaindiak Vianan egin zuen ageriko bilkura.

    Horrezaz gain, 2007an, "Euskararen Legea, 25 urte Euskal Autonomia Erkidegoan" izenburuko XI. Jagon Jardunaldien emaitza jaso da. Sabino Arana Fundazioarekin batera antolatu zen jardunaldi horretan, eta 10/1982 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 25. urteurrenaren karietara, arlo ezberdinetako hausnarketa bultzatu nahi izan zuen Akademiak: legea onartu zeneko giro historiko, sozial eta politikoa, bai eta ordutik hona euskarak izan duen garapena ere. Azkenik, Euskal Herriko beste lurraldeen ikuspegia ere adierazi zuten Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ordezkariek

Liburua eskuratzeko

Literatur Sariak

Azkue sariak

2007. urtean saritutako literatura-lanak argitaratu dira 2008an. Hauek dira 2007ko deialdiko irabazleak:

  • Narrazioak eta olerkiak 2007
    • Egilea: Batzuek. ISBN: 978-84-8056-270-6
    • Editorea: BBK-Euskaltzaindia, 2008. 20 x 13 cm; 106 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara, Prezioa: 3 euro

    2007ko Azkue sariak irabazitako narrazioak eta olerkiak batzen dira liburu horretan. Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak urtero deitzen dute lehiaketa hau, eta urtero liburua argitaratzen dute. Euskal eskola-umeak eta gazteak literaturgintzara bultzatzeaz gainera, euren artean irakurketa indartzea dute helburu nagusi sari hauek.

Liburua eskuratzeko

Mendaur bilduma

Nafarroako Gobernuarekin batera

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sortu zuten bilduma hau 2006an, bi erakundeek sinatua duten hitzarmenaren ondorioz.

  • Erronkari eta Ansoko toponimiaz
    • Egilea: Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriarte, ISBN: 978-84-235-3077-9
    • Editorea: Nafarroako Gobernua - Euskaltzaindia, 2008. 24 x 17 cm; 741 orr.; kartone azala

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 20 euro

    Liburuan Erronkari eta Anso ibarretako toponimia aztertzen da, hainbat faktore kontuan hartuz: semantikoa, morfologikoa eta fonetikoa, besteak beste. Ikertutako eskualdeen mapa zehatza ere eskaintzen da lan honetan. Juan Karlos Lopez-Mugartzaren tesi doktorala da eta Henrike Knörren zuzendaritzapean burutu zuen egileak.

Liburua eskuratzeko

Hiztegiak bilduma

Hiztegi Batua

Euskaltzaindiak Hiztegiak sailean era askotariko lanak argitaratu ditu: Orotariko Euskal Hiztegiaren 16 tomoak, R.M. Azkueren hiztegiaren faksimilezko berrargitalpena, hitz elkarketari eskainitako 3 liburuki, hiztegi dialektologikoak eta beste lan interesgarri batzuk (Añibarroren Voces Bascongadas eta Gerardo López de Gereñuren Voces Alavesas kasuko). Hiztegi Batua ere sail honetan sartzen da.

  • Hiztegi Batua
    • Egilea: Euskaltzaindia. ISBN: 978-84-9783-654-8
    • Editorea: Elkar - Euskaltzaindia. 23 x 16,5 cm; 420 orr.; azal biguna

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 24 euro

    Euskaltzaindiak, sortu zenetik orain arte, hiztegi alorrean hartu dituen erabaki eta gomendioak kontuan izanik, Hiztegi Batua izeneko hitz zerrenda onartu du, euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileren zuzentasuna edo egokitasuna erabakiz.

    Hiztegi Batua bi alditan egiten ari da Euskaltzaindia. Lehen itzulia 2000. urtean amaitu zen. Bertan, forma erabilienak edota hedatuenak jaso ziren. Orotara, 22.736 hitz onartu ziren eta liburu bakarrean argitaratu. Lehen itzulia amaitu bezain laster, bigarrenari ekin zion Euskaltzaindiak. Bigarren itzuli horretan, erabilera urriagoko hitzak jasotzen ari dira. Euskaltzaindiak hitz edo forma horiek onartu, osatu eta argitaratzean, guztira 40.000 hitzetik gora izango du Hiztegi Batuak.

    Orain, Elkar argitaletxearekin koedizioan argitara ematen den liburu honetan, a eta eroankortasun hitzen artekoak lehen eta bigarren itzulikoak dira; gainerakoa, berriz, lehen itzulikoa bera da.

Liburua eskuratzeko

Euskaltzainak bilduma

Euskaltzainen obrak

Euskaltzaindiak "Euskaltzainak" bilduma sortu zuen 2007an. Bertan euskaltzain izan diren eta direnen obrak eta eurei buruzko azterketak argitaratuko ditu Akademiak. Bestalde, Euskaltzaindiaren historiarako esanguratsu gertatu diren hainbat egileren lanak ere kaleratuko dira bilduma horretan.

  • Artzain beltxaren neurtitzak
    • Egilea: Gratien Adema Zaldubi, paratzailea: Henri Duhau.
      ISBN: 978-84-95438-37-9
    • Editorea: Euskaltzaindia, 2008. 24 x 17,50 cm; 234 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 12 euro

    "Euskaltzainak" bildumaren 4. liburua da. Bildumaren lehen liburukian, Henri Duhauk Zaldubiren prosa aurkeztu zigun eta orain, berriz, bertso eta koplak ematen dizkigu ezagutzera. Eskuizkribu originalek eta musika-partiturek ere osatzen dute liburua.

Liburua eskuratzeko

  • Domingo Agirre. Gutun bilduma
    • Paratzailea: Sebastian Gartzia Trujillo. ISBN: 978-84-95438-41-6

      Editorea: Euskaltzaindia - Labayru Ikastegia, 2008. 24 x 17,50 cm; 190 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 10 euro

    Euskaltzaindiaren eta Labayru Ikastegiaren arteko lankidetzaren emaitza den liburu honetan, euskaltzaina izan zen Txomin Agirreren gutunak eskaintzen dizkigu Gartzia Trujillok. Agirreren 103 gutunek osatzen dute liburua. Paratzailearen hitzetan, "gutun hauek garrantzi handikoak direla uste dut. Gutun hauetan aukera dugu Domingo Agirreren lagunenganako afektibitatea ezagutzeko, haren idazkien argitalpenei buruzko arazoak, politikarekiko hartu-emanak: filiak eta fobiak, haren une euforikoak eta depresiboak, bai eta idazleen arteko txutxu-mutxuak ere".

Liburua eskuratzeko

Jagon bilduma

Euskararen soziologiaren azterketa

"Jagon" bildumak euskararen soziologiaren ikerketa eta saiakera hartzen ditu eta 2007an Euskaltzaindiak eraberritu zuen.

  • Zenbait orientabide erregistroen trataeraz
    • Egileak: Mikel Barrios - Erramun Osa - Inma Muñoa - Itziar Elorza - Kristina Boan, ISBN: 978-84-95438-40-9
    • Editorea: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa - Euskaltzaindia, 2008. 24 x 17,5 cm; 92 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 10 euro

    Euskaltzaindiaren "Jagon" bildumako 6. liburua da. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren eta Akademiaren arteko lankidetzaren emaitza da. Bion arteko harremana aspaldikoa da, eta 2004an sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Euskara zaintzeko eta eredu onak irakasteko orientabide eta proposamenak biltzen dituen liburu hau elkarren arteko lanaren azken emaitza da.

Liburua eskuratzeko

  • Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa
    • Egilea: Euskaltzaindiko Jagon Saileko Corpus batzordea. Pello Esnalek koordinaturiko lana. ISBN: 978-84-95438-43-0
    • Editorea: Euskaltzaindia, 2008. 24 x 17,5 cm; 104 orr.; azal arrunta

      Hizkuntza: Euskara. Prezioa: 10 euro

    "Jagon" bildumaren 7. liburua da eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik. Esnalek berak azpimarratzen duenez, liburu honek euskararen egokitasuna du langai, "galdera bat gidari: nola ekoiztu euskara egokia? Eta erantzuten ere saiatu gara: besteak beste, testu-antolatzaileak era estrategikoan erabiliz".

Liburua eskuratzeko

Juan Mari Lekuona gogoan

Juan Mari Lekuonaren omenez

Euskaltzaindia eta Oiartzungo Udala elkarlanean aritu dira, Juan Mari Lekuona zena omentzeko. Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005) liburua da elkarlan horren emaitza.

Juan Mari Lekuona Oiartzunen jaio zen, 1927an. Teologia ikasi zuen. Urte askotan zehar Literatura batzordeko burua izan zen. Mindura gaur, Muga beroak, Ilargiaren eskolan, Mimodramak eta ikonoak poema-liburuak idatzi zituen, besteak beste.

  • Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005)
    • Egileak: Xabier Lete, Gorka Aulestia, Anjel Lertxundi, Pello Esnal, Jean Haritschelhar, Ana Toledo, Jon Kortazar, Joxe Austin Arrieta, Lourdes Otaegi. ISBN: 978-88917-23-2
    • Editorea: Oiartzungo Udala - Euskaltzaindia, 2008. 20 x 13 cm; 208 orr.; kartone azala

      Hizkuntza: Euskara, Prezioa: 12 euro

    Lourdes Otaegi Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko idazkariak koordinatu duen liburu honetan Juan Mari Lekuona ezagutu eta mirestu duten hainbat idazle, poeta, abeslari eta euskaltzainek hartu dute parte, eta omenaldi gisa, liburu honetako pasarteak idatzi dituzte, Liburuak hiru zati nagusi ditu: Lekuona. Gertuko erretratuak; Lekuonaren bizitza ibilbidea iruditan (1927-2005); eta Lekuona. Literatura ikerle eta poeta.

Liburua eskuratzeko

Durangoko hitzordua

Euskal Liburu eta Disko Azokan

Urtero bezala, aurten ere Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan izango da Euskaltzaindia, urte osoko argitalpenak jendearen aurrean erakusteko prest. Urtean zehar publikatu dituenak ez ezik, azken nobedadeak ere -labetik atera berriak- aurkeztuko ditu Akademiak. Horien guztien berri jasotzen duen argitalpena ere prestatu du eta Azokan aurkeztuko.

  • Plazaberri. Euskaltzaindiaren argitalpen berriak

Durangoko Azokarako Euskaltzaindiak aurkezten duen argitalpen horrek "Plazaberri. Euskaltzaindiaren argitalpen berriak" izena du eta Akademiaren argitalpen arloak, 2008an izan duen uztaren berri zehatza ematen du. Bertan, liburuak banan-banan aurkezteaz gain, prentsan argitaratutako erreseina batzuk ere jaso dira, bai eta euskaltzain batzuek egindako aurkezpen eta komentarioak ere.

Euskaltzainburuaren agurra ere badakar argitalpen honek. Honela dio: "Jada egina dagoena, haatik, erakusteko eta plazaratzeko gogo osoa duela ezin bazterrean utz. Horretara dator esku artean duzuna, albiste bibliografikoen argitalpen hau. Hain zuzen ere, zuri, Euskaltzaindiaren argitalpenen erabiltzaile zaitugun horri nahiz interesa duten beste guztiei, Euskaltzaindiaren bestelako moldea eta eitea erakustera, argitalpen akademiko horiek zuenganatu nahian, modu grafiko eta erakargarrian".

Hitzordua jarrita dago: Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 43. edizioa, abenduaren 5etik 8ra bitartean. Euskaltzaindia bertan izango da.

Ikus hemen argitalpena