Plazaberri

2008 - 11 - 26      71. zenbakia

Berriak
XIII. JAGON JARDUNALDIAK: EUSKARA, KONTSUMOA ETA HIZKUNTZA ESKUBIDEAK AURKEZPENA KONTSUMOA GUTXIAGOTUTAKO HIZKUNTZEN INDARBERRITZEAREN IKUSPEGITIK ETA IKUSPEGI SOZIOLINGUISTIKOTIK 123/2008 DEKRETUAREN ZERTARAKOA ETA NONDIK NORAKOA IKUSPEGI JURIDIKOTIK KATALUNIAKO ESPERIENTZIA 123/2008 DEKRETUARI BURUZ ETA EREMU PRIBATUAN EUSKARA INDARBERRITZEARI BURUZKO ZENBAIT IRITZI ONDORIOAK XI. JAGON JARDUNALDIEN EMAITZA ARGITARATUA

Berriak

XIII. Jagon Jardunaldiak: Euskara, Kontsumoa eta Hizkuntza eskubideak

Azaroaren 21ean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XIII. Jagon Jardunaldiak egin zituen Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Euskara, Kontsumoa eta Hizkuntza eskubideak" gaiaren inguruan.

Goizean eta arratsaldean gauzatu ziren jardunaldiak. Goizeko saioa mintegi modura antolatu zen, eta bi xede nagusi izan zituen: batetik, Euskal Herriko kontsumoaren munduan euskarak duen presentzia azaldu zen, eta bestetik, presentzia hori indarberritzeko asmoz onartu berri den Dekretuaren nondik norakoa azaldu zen.

Arratsaldeko saioari dagokionez, honek ere bi zati nagusi izan zituen. Lehenengoan, Kataluniako esperientziaren berri eman zen, eta bigarrenean, aldiz, kontsumoaren zenbait erakunde pribatu mahai-inguru batean bildu ziren beren iritziak azaltzeko.



Andres Iñigo: Jardunaldien aurkezpena

Andres Iñigok azaldu zuenez, Euskaltzaindiari dagokio, besteak beste, hizkuntza lantzea eta arautzea, gizartearen harreman guztietarako egokia izateaz gain, euskararen erabilera indartzen joan dadin. Gaur egungo gizartearen harreman garrantzitsuenetako bat, kontsumoaren ingurukoa dela azpimarratu du, "baina segur aski, arlo sozio-ekonomikoan eta lan-munduan bezalaxe, euskarak orain arte lortu duen presentziarik eskasenetako arloa".

Andres Iñigoren hitzak



Erramun Baxok: Kontsumoa gutxiagotutako hizkuntzen indarberritzearen ikuspegitik. Ikuspegi orokorra

Erramun Baxok-ek azaldu zuenez, hizkuntza gutxiagotuek bizirauteko legearen babesa behar dute; eguneroko tresna bilakatzeko, hori puntu estrategikoa da. Irakaskuntzan eta kulturgintzan aurrerapausoak eman badira ere, egunerokotasunean euskara erabiltzeko, ordea, ezinbestekoa da hizkuntza bizitza sozio-ekonomikoan txertatzea. Kontsumoak baldintzatzen du neurri handi batean hizkuntzaren paisaia.

Hizkuntza arlo horretan txertatzeko, politika progresiboak behar dira, epeak finkatuz urratsak eman, nahiz eta batzuen arabera, legearen gainetik, boluntarismoa oso inportantea izan. Biderik zuzenena, akaso, bien artekoa da eta, azkenik, hizkuntza bat edo bestea erabiltzea, ezagutza ez ezik, hiztun elebidunaren esku dago.

Erramun Baxoken txostena



Kontsumoa soziolinguistikaren ikuspegitik

  • Patxi Juaristi: Zer gertatu da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideekin azken 120 urteotan?

  • Patxi Juaristiren arabera, azken mende honetan, gune soziolinguistikoak zehaztu du merkataritzan euskararen ahozko erabilera: idatzian, erdara izan da nagusi, nahiz eta azken 20 urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman diren: jatetxe eta tabernen %17ak erabiltzen du euskara idatzizko harremanetan; hiru establezimendutik bitan kanpo errotulazioa (%66), barne errotulazioa (%64), liburuxkak eta katalogoak (%63) eta publizitatea (%62) euskaraz daude. Eta bitik batean web orria (%52) eta kutxako tiketak, fakturak edo eskaera-orriak (%48) ere bai.

    Publizitateak eboluzio gorabeheratsua izan du, betiere testuinguru politikoak baldintzatuta. 90eko hamarkadan etorri zen aurrerapena, gaur egun iragarki gehienak erdaraz diren arren.

    Patxi Juaristiren txostena (I)

    Patxi Juaristiren txostena (II)



  • Sagrario Aleman: Euskaraz mintzatzen da

  • Lan eta kontsumo arloetan, euskararen presentzia bermatzeko Nafarroan egin denaz mintzatu zen Sagrario Aleman eta adibide praktikoak ekarri zituen mahai gainera. Hainbat komunikabidetan 60ko hamarkadaz geroztik agertu diren iragarkiak hartu zituen horretarako, eta bestetik, 2000. urtetik aurrera kontsumo eta zerbitzuetan martxan jarri diren zenbait ekimen ekarri zituen.

    Aipamen gehienak Iruñea eta Iruñerrikoak dira, hots, Euskararen Legearen arabera, eremu mistokoak. Praktikak hauxe erakuste du: "Bere barnean eremu euskalduneko, mistoko eta ez euskalduneko herriak hartzen dituen Iruñerriko Mankomunitateak guztiendako, inolako bereizkuntzarik gabe, bere zerbitzuak, bezeroak eskatutako hizkuntzan ematen saiatzen da. Bai norbanakoari bideratzen dizkion jakinarazpenetan, bai agerikoetan. Bezeroaren laguntzarako bulegoan ahozko arreta ere ematen du euskaraz, eta berak kudeatzen dituen instalazioetako bisitak ere euskaraz egin daitezke. Eta hau guztia Euskararen Legea aintzat hartuta".

    Sagrario Alemanen txostena



  • Jean-Baptiste Coyos: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntzaz Ipar Euskal Herrian: adibide batzuk

  • Jean-Baptiste Coyosek Frantziako oraingo hizkuntza legeriaren testuinguruan kokatu zuen bere diskurtsoa: "Azpimarratu behar da Frantziako hizkuntzek berezko legerik ez dutela, frantsesak ez ezik. Testu garrantzitsuena Toubon legea da, frantsesaren erabilerari buruzkoa (1994). Bere lehen artikuluak adierazten du frantsesa dela hezkuntzaren, garraioaren, trukeen eta zerbitzu publikoen hizkuntza. Beraz, Frantziako hizkuntzak jasanak dira baina beti frantsesaren ondoan".

    Ipar Euskal Herrian, kontsumo alorreko leku gutxitan erabiltzen da euskara, eta euskararen ahozko erabilera ahula da guztiz, 2006ko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Hortaz, azpimarratu zuen Coyosek, "Ipar Euskal Herrian kontsumoaren alorrean euskararen alde gehiago egin daitekeela. Baina nahitaez frantsesa erabiliz ere, frantsesari osoki emana den Frantziako legeriarengatik".

    Jean-Baptiste Coyosen txostena



Erramun Osa: 123/2008 Dekretuaren zertarakoa, aldekoak eta kontrakoak

Euskararen aldeko lanaren kontrako jarrerez, gaztelera eta frantsesaren kontra doala, merkatuan eskusartzerik ez dagoela... Erramun Osak esan zuen horren aurrean, ahulenaren aldeko politikak ezinbestekoak direla, pertsonen hizkuntza-eskubideak errespeta daitezen, aurrerapausoak progresiboki ekarriko dituen legediaren bitartez. 2008an onartu den Dekretuak xede nagusia du, hots, eremu guztietara iristea: "unibertsalak diren zerbitzu guztiak" (garraio zerbitzuak, telefonia, gas/petrolio hornidurak, eta abar) aintzat hartzen ditu.

Halaber, bestelako establezimendu eta enpresei dagokienez (gainazal handiak, supermerkatuak, eta abar), guztizkoaren %5-6 inguru kontuan hartzen ditu, hori bai, establezimendu kopuru urri horrek EAEko salmenta-azaleraren erdia hartzen du eta urteko negozio-bolumenaren erdia baino gehiago. Herritarrei erreparatuz gero, beraz, eragin zabalekoa da. Hortaz, herritarrengan eragin zabala edota baliabide asko dituzten enpresei, establezimenduei eta zerbitzuei eragiten die, nagusiki. Hortik kanpora utzi dira, nahita, txikizkako merkataritza eta abar, herritarrengan eragin mugatuagoa dutelako eta, azterketen arabera, eskakizunera moldatzeko zailtasun handiagoak dituztelako.

Erramun Osaren txostena



Andres Urrutia: 123/2008 Dekretuaren nondik norakoak ikuspegi juridikotik

123/2008 Dekretuaren oinarri juridikoak aipatu ostean, horren aspektu zenbait jorratu zituen Andres Urrutiak: Dekretuak oinarri hartu dituen printzipio nagusiak aipatu zituen, Dekretuari berari begirada orokorra emanez. Horiek guztiak kontuan hartuz, ondorioak atera zituen Urrutiak eta bere ustez alde positibo eta negatiboak direnak zehaztu ere bai.

Alde onen artean, hauek lirateke: araubidearen premia, "premia bazen, aspaldikoa, eta Gobernuak aurre egin dio premiari"; Dekretuaren garapen mailakatua, "ezinbestekoa baita"; euskararen kalitatea eskatzea, "beharrezkoa, eta bereziki Euskaltzaindiarentzat, azpimarratzekoa"; eta jendeari arreta eskaintzea, "gero eta garrantzitsuagoa baita".

Gaitzen artean, aldiz, hauek aipatu zituen, besteak beste: Dekretuaren aplikazio murritza (Dekretuak kontsumo-harreman jakin batzuk soilik hartzen ditu eraginpean, ez den-denak); bete ezean, zehapenak zehaztu beharra (Dekretuan ezarritakoa ez betetzeak zehapena dakar); profesionalak ez aipatzea, "eta hau larriena da. Dekretu honek ahaztu du profesionalen mundua. Hor daude zerbitzu medikuak, juridikoak, aholkularitza zerbitzuak... eta horiek guztiak kontsumo harremanetan garrantzi handia daukate"; exonimoetan, araubiderik eza; edota sustatze-lana moldatu beharra, merkataritzaren hizkuntza-corpusa garatzeko, "eta hemen esan behar dut Euskaltzaindia prest dagoela elkarlana egiteko eta laguntzeko".

Andres Urrutiaren txostena



Jordi Anguera i Camós: Kataluniako esperientzia

Jordi Anguera i Camós Agència Catalana del Consum-eko kideak adierazi zuenez, Kataluniako Hizkuntza Politikarako Legearekin bat, katalanaren erabilera ekonomiara ere zabaltzeko tresnak aurreikusten dira, kontuan hartuta merkatuak berak ez duela bermatzen haren presentzia arlo guztietan. Helburua, progresiboki, gaztelera eta katalanaren arteko oreka lortzea, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak babesteko.

Legeak atal oso bat eskaintzen dio merkataritzan hizkuntzari eman beharreko arretari: errotulazioa, jendaurreko harremanak, dokumentazioa. Katalanaren presentzia ezinbestekoa da kasu guztietan, eta baldintzok Kataluniako Kontsumitzailearen Estatutuak ere jaso ditu. Hori horrela izan dadin, azken neurri bezala, irizpideok betetzen ez dituzten establezimenduetarako jarraipen-neurriak badira eta, zorionez, hutsuneak eta akatsak betetzeko borondatea nagusitzen ari da, nahiz eta joan den urtean 135 isun-agiri ezarri ziren arren.

Jordi Angueraren hitzak



Jose Luis Lizundia: 123/2008 Dekretuari buruz eta eremu pribatuan euskara indarberritzeari buruzko iritzi-sorta

Arratsaldeko saioan, 2008/123 Dekretuari buruz eta eremu pribatuan euskara indarberritzeari buruz mahai inguru bat eratu zuen Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak. Helburua zenbait erakunde eta enpresaren iritzia entzutea eta eztabaidatzea zen.

Jose Luis Lizundiak egin zuen aurkezle eta moderatzaile lana, batzordeak hala izendaturik.

Jose Luis Lizundiaren hitzak



Leire Barañano: Gainazal handiak

Leire Barañano Eroskiko idazkari nagusiak esan zuenez, dekretua ondo hartu dute bere enpresan, "eginbeharrekoak ondo definituta dauzkagulako". Puntu ahulen artean, produktuen informazioa aipatu zuen, sistema informatikoak arazoak sortzen dituelako, batik bat. Langileen hizkuntza perfilak, bestalde, arazoak sortzen ditu, batez ere inmigrazioaren eraginez. Konpontze aldera, gaia aztertzen ari dira.



Mikel Irizar: Finantza Erakundeak

Mikel Irizar Kutxako Kultura, Gizataldeak eta Lankidetzak sailaren arduradunaren esanetan, "Dekretuak, etxeko lanak eginda harrapatu gaitu". Euskara eta kalitatea parekatu zituen Irizarrek: "Gure helburua kalitatezko arreta eskaintzea da, eta kalitatea hainbat arlotan bermatu behar da: informatikan, hizkuntzan... pertsona eta bezeroak dira kalitatea behar dutenak, eta gure zerbitzuak euskaraz eskaintzea, hala nahi badute, kalitatearen sinonimoa da guretzat".

Mikel Irizarren hitzak



Jon Aldaiturriaga: Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea

Jon Aldaiturriaga Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu zuen denda txiki gehienak ez daudela Dekretuare barruan, eta daudenek arazo praktikoak izango dituztela. "Denon artean" benetako plan bat egin beharra aldarrikatu zuen.





Kepa Jugo: Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera

Kepa Jugo Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberako ekonomialariak komertzio txikiek arazoak dituztela esan zuen eta errealitateak arazoak planteatzen dituela. Halere, Dekretua ondo ikusten dutela ere gaineratu zuen.

Kepa Jugoren hitzak



Ainhoa Mendiola: Kontsumitzaileen Euskadiko Federazioa

Ainhoa Mendiola Kontsumitzaileen Euskadiko Federazioko Gabinete Juridikoaren kideak, Dekretuarekin oso kritikoak direla esan zuen. Besteren artean, hau esan zuen: "Jendeari begira kokaturiko establezimenduen muga oso estu ezarri duela legegileak; baina, epe laburrean, hau zuzenduko dela eta kontsumidore eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak defendatzeko esparrua zabalduko dela espero dugu".

Ainhoa Mendiolaren hitzak



Andres Iñigo, Erramun Osa, Andres Urrutia: Ondorioak

Jardunaldiari amaiera emateko, ondorioak irakurri zituen Erramun Osa Sustapen batzordeko idazkariak. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Andres Iñigo Jagon Saileko buruak eskerrak eman zizkieten parte hartu zutenei, bai eta entzule izan zirenei ere.

Jardunaldien ondorioak

XI. Jagon Jardunaldien emaitza argitaratua: "Euskararen Legea, 25 urte Euskal Autonomia Erkidegoan"

Egun berean, azaroaren 21ean, beste ekitaldi bat burutu zen: Akademiaren Euskera agerkari ofizialaren azken zenbakia aurkeztu zen: Euskera, 2007, 3. Bertan, 2007an, Bilboko egoitzan, "Euskararen Legea, 25 urte Euskal Autonomia Erkidegoan" izenburuko XI. Jagon Jardunaldien emaitza jaso da.







Sabino Arana Fundazioarekin batera antolatu zen jardunaldi horretan, eta 10/1982 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legearen 25. urteurrenaren karietara, arlo ezberdinetako hausnarketa bultzatu nahi izan zuen Akademiak: legea onartu zeneko giro historiko, sozial eta politikoa, bai eta ordutik hona euskarak izan duen garapena ere. Azkenik, Euskal Herriko beste lurraldeen ikuspegia ere adierazi zuten Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ordezkariek.