Plazaberri

2008 - 11 - 11      68. zenbakia

Azken ordukoak
Gaiak
"TOPONIMIA ADMINISTRAZIOAREN EGUNEROKO JARDUNEAN" IKASTAROA EUSKALTZAINDIA ETA ONOMASTIKA, ANDRES IÑIGO LEGEDIA, ESKUMENAK ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURAK, JOSE LUIS LIZUNDIA TOPONIMIA IKERKETEN OINARRI TEORIKOAK, PATXI GALÉ TOPONIMIA IKERKETAK: PROZEDURA ETA URRATSAK, MIKEL GORROTXATEGI TOPONIMOAK ARAUTZEKO IRIZPIDEAK, IRATXE LASA TOPONIMIA GIZARTERATZEKO BIDEAK. ERABILERA ADMINISTRAZIOETAN, FELIX MUGURUTZA

Berriak

"Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" ikastaroa

Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatua, "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" izeneko ikastaroa egin zen Durangoko Landako Guneko Elkartegian, azaroaren 6an. Ikastaro honen helburua administrazio ezberdinetako euskara eta kultura sailetako langileei eta euskalgintza zein kulturgintzako bestelako entitate edota taldeei toponimiaren gaia nola landu dezaketen azaltzea eta erakustea izan zen. Ikastaroa Akademiaren 90. urteurrenaren ospakizunen barruan sartua zen eta EUDELen laguntzaz antolatua zen.

Ikastaroan Euskal Herri osoko 80 bat pertsonak izena eman eta parte hartu zuten.



Andres Iñigo: Euskaltzaindia eta Onomastika

Andres Iñigok, Euskaltzaindiak toponimiaren arloan egindako lana izan zuen mintzagai, batik bat, duela 25 urte Onomastika batzordea sortu zenez geroztik. Halaber, Akademiak administrazioari luzatu dion laguntza eta aholkularitza-lanaz aritu zen.

Andres Iñigoren txostena







Jose Luis Lizundia: Legedia, eskumenak eta administrazio prozedurak

Jose Luis Lizundiak, legezko araudiak toponimiari eskaini dion tratamenduaren errepasoa egin zuen, 60ko hamarkadatik gaur arteko ibilbidea zertan izan den zehaztuz, eta euskararen zatiketa administratiboa kontuan hartuta. Toponimiaren gaineko eskumenen eta prozeduren azalpenak ere eman zituen, gaur egun arlo honetan indarrean dagoen legeria gainbegiratuz.

Jose Luis Lizundiaren txostena



Patxi Galé: Toponimia ikerketen oinarri teorikoak

Patxi Galé toponimiaren oinarri teorikoaz mintzatu zen, ikuspegi historikotik zein metodologikotik abiatuta. Bere saioan, nagusiki, toponimia-ikerketa bat mamitzeko eman beharreko urratsetaz aritu zen, dokumentaziotik hasi eta arautze eta gizarteratze lanekin amaituz.

Patxi Galéren txostena







Mikel Gorrotxategi: Toponimia ikerketak: prozedura eta urratsak

Mikel Gorrotxategik toponimia ikerketak burutzeko eman beharreko urratsak, bai eta erabiltzen den prozedura ere, hizpide izan zituen. Ikerketetako emaitzak jasotzeko, Akademiak erabiltzen duen programa informatikoaren nondik norakoa ere azaldu zuen Gorrotxategik.

Mikel Gorrotxategiren txostena




Iratxe Lasa: Toponimoak arautzeko irizpideak

Iratxe Lasak toponimia normalizatzeko bidearen beste hanketako bat izan du oinarri, arautze-lana, lekuen izendapen ofizialak markatzeko orduan kontuan hartu beharreko irizpideak zehaztuz. Geroxeago, bigarren hitzaldian, adibide praktikoak azaldu zituen, entzuleek, teoria ez ezik, praktika ere zelan gauzatzen den ikus zezaten.

Iratxe Lasaren txostena



Felix Mugurutza: Toponimia gizarteratzeko bideak. Erabilera administrazioetan

Felix Mugurutzak, Galék landutako prozesu horren azken urratsa izan zuen hizpide, toponimiaren gizarteratzea, hain zuzen ere, eta helburu hori erdiesteko tresnari buruz -mapei buruz- mintzatu zen. Hain zuzen ere, mapetan bilduko da toponimia eta oso modu grafikoan helaraziko zaie herritarrei. Mapak landu eta zabaltzeko hainbat gomendio eskaini zituen.

Felix Mugurutzaren txostena






Ikastaroaren amaiera

Ikastaroari amaiera emateko, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskerrak eman zituen eta hurrengo jardunaldietarako gogoa ere agertu zuen, Euskaltzaindiak eman behar dituen zerbitzuen barruan sartzen baitira, bete-betean, honako ekimenak.

Argazkian, Andres Urrutia, Andres Iñigo Onomastika batzordeko buruarekin.