Plazaberri

2007ko uztaila - 20. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
JOSEBA LAKARRA: "EUSKARA DA EUSKALDUN EGITEN GAITUENA"
Hitzarmenak
ORDIZIAKO UDALA
Literatur Sariak
2007KO LAU LITERATUR SARI NAGUSIAK ABIAN 2006KO LAN SARITUAK KALEAN
Batzordeak lanean
EXONOMASTIKA BATZORDEA
Azken argitalpenak
EUSKERA, 2006, 2 LUZAIDEKO EUSKARAREN HIZTEGIA ERROIBARKO ETA ESTERIBARKO HIZTEGIA
Ikustekoak
ELIZARA ERABILTZEKO LIBURUA
Datozen ekitaldiak
IRAILEKO OSOKO BATZARRA BILBON

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, uztailaren 20an egoitzan egin zuen batzarrean, hauek erabaki zituen.

Onomastika. Nafarroako izendegiaren seigarren zerrendan, Lizarrako merindadeko iparraldeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

  • Abartzuza, abartzuzar; Allin, allindar; Ameskoabarrena (-a), ameskoar, ameskoabarrendar; Aranaratxe, aranaratxear; Arroitz, arroiztar; Barbarin, barbarindar; Deierri, deierriar; Eulate, eulatear; Gesalatz, gesalaztar; Goñerri, Goñibar, goñerritar, goñibartar; Iguzkitza, iguzkitzar; Jaitz, jaiztar; Lana, lanar; Larragoa, larragoar; Lezaun, lezaundar; Lizarra, lizarratar; Lukin, lukindar; Metauten, metautendar; Villamayor de Monjardín, villamayortar.

Domina-hutsarteak. Bestalde, bilkura berean 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak iragarri ziren. Hortaz, hautagaiak aurkezteko bi hilabeteko epea zabalik dago eta azaroan beste bi euskaltzain berri izendatzeko bozketak egingo ditu Akademiak.

Berriak

Joseba Lakarra: "Euskara da euskaldun egiten gaituena"

Ekainaren 1ean Joseba Lakarra euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak, Sagrario Alemanekin batera.

Joseba Lakarra Andrinua Bizkaiko Arratzun jaio zen, 1962an. Euskal Filologian lizentziatua (EHU, 1983), 1994an doktore maila lortu zuen, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako XVIII. Mendeko Hiztegigintzaren Etorkiez izeneko tesiarekin.

Euskararen Historia eta Euskararen Gramatika Historikoan katedraduna da, EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultatean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean dihardu. Bere ikerketa-lerro nagusiak hauek dira: euskararen historia eta historiaurrea eta euskal testu zaharren edizio eta analisia.

Joseba Lakarra: "Euskara da euskaldun egiten gaituena"

Hitzarmenak

Ordiziako Udala

Uztailaren 13an, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Ordiziako Udalak eta Euskaltzaindiak. Udalaren izenean, Jose Miguel Santamaria alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Iñigo Onomastika batzordeburuak sinatu zuten. Hitzarmen horren xedea honako hauxe da: Ordiziako toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzea.

Ordiziako toponimia ikertzeko eta arautzeko, beka-deialdi bat atera zuen Udalak. Ainitze Etxaniz eta Irati Zaldua ikerlariek eskuratu dute beka hori eta Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean ari dira lanean.

Literatur Sariak

2007ko lau literatur sari nagusiak abian

Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak, bi erakundeok aspaldidanik antolatzen dituzten lau literatur sarien aurtengo deialdia kaleratu dute. Jakina denez, sariak lau dira: Txomin Agirre eleberri-saria, Toribio Altzaga antzerki-saria, Felipe Arrese-Beitia olerki-saria eta Mikel Zarate saio-saria.

Lanak aurkezteko epea 2007ko urriaren 16an amaituko da, eta lanak helbide honetara bidaliko: Bilbao Bizkaia Kutxaren Kultur Gela. Elkano, 20. 48008 Bilbo. Epaimahaikoen erabakiak, 2007ko abenduaren 31 baino lehen iragarriko dira.

2006ko lan sarituak kalean

2006. urtean saritutako literatura-lanen argitalpenak kalean dira. Hauek dira 2006ko deialdiko irabazleak:

  • Arkitektoa. Txema Garcia-Viana
    • Liburu honek 2006ko Txomin Agirre saria jaso zuen.

      XIII. mendean gaude. Gaztelako erresumara bildu berri diren Donostiako agintari gaskoiek, mandatu zehatza eman diote Gonzalo de Montilla arkitekto gaztelauari: beren mailari dagokion eliza, hots, inoiz egin den eraikuntza handiosena eraikitzea, hain zuzen ere.

      Hala ere, laster gertatuko da ustekabea: orubeko oinarri zaharrak birrintze lanetan ari direla, neska noble baten gorpua azaltzen da horma artean sartua. Agerpen misteriotsu honek, euskaldunen eta gaskoien artean aspaldidanik lehertzear zegoen gatazka odoltsu baten atarian jarriko du Donostia.



  • Joanes (itxaropenaren semea). Alaitz Olaizola
    • 2006ko Toribio Altzaga saria

      Joanesek, txiki-txikitatik, mundua ikusi, sentitu eta bizitzeko modu desberdina zeukan. Desberdina izateagatik, garesti ordaintzea suertatu zitzaion, bere helburu bakarra, zoriontsu eta itxaropentsu bizitzea baino izan ez bazen ere.

      Bizitzak min eman zion Joanesi, arauak eta legeak ez betetzeagatik, ez ezagutzeagatik. Bizitzak ematen zion mina arintze aldera, Joanesek bizitza eta eternitateari buruzko bere teoria propioa eratu zuen: "Oraingoan ez bada, hurrengoan izango da." Gizakiaren izate infinituaren aldeko apustua eginez jaio zen, errepikatuz biziko ginela benetan sinetsiz. Joanesek itxaropena zeukan, itxaropen amaigabea.



  • Zirrikituak. Aintzane Galardi
    • 2006ko Felipe Arrese Beitia saria.

      Badira betikotzen diren zirrikituak, ezin hautsizkoak, ametsezkoak, zirrikitu bidaideak, ilunpetik bestaldera garraiatzen gaituztenak.

      Poemario honetan, lau zirrikitu betikotu dira. Lehenak Olinporantz garamatza, aukeratuen erreinura. Bigarrenak sentikortasunera. Badira zirrikitu hurbilagoak ere, geure baitarikoak, hego odolduei darienak. Azkenak, Ekialde Urrunera garamatza, Shanghaiko bizikleta eta zira koloretsuen zipriztinetara, Lichiang ibaiko arrantzalearengana, hots, Li-Tai-Peren mintzo liluragarrira.





  • Herri maitea, Herri dorpea. Sebastian Gartzia Trujillo
    • 2006ko Mikel Zarate saria.

      Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka (1974) olerki liburua aztertu, sakondu eta azaltzen da. Gandiagaren iritziz, euskal kulturaren gaurko egoera hil ala bizikoa da, nahia eta ezina. Olerkaria, gizarte olerkigintza eta profeta literaturaren errekurtsoez baliaturik, Euskal Herriko egoera latz horretaz ohar gaitezen saiatzen da, baita egoera horretan ibiltzeko bidexkak seinalatzen ere. Gizarte literatura da, beraz, baina sinbolo eta lirikaz betea.

      Saiatze horretan, olerkariak ez ditu herri literaturaren markak bazterrean uzten. Alderantziz. Oso poesia landua idazten du, baina herri janzkeraz. Euskal tradizioa errebindikatzen du, baina ez tradizio hutsean geratzeko asmoz, handik, etendurarik gabe, gaurko modernitatera eta abangoardiara irits gaitezen baizik.

Batzordeak lanean

Exonomastika batzordea

Uztailaren 9an bildu zen Exonomastika batzordea egoitzan. Gai hauek izan zituen esku artean:

  • Urtarriletik ekainera arte egindako lanen txostena
  • Espainiako eta Frantziako eskualdeen izenak
  • Datorren urterako eginkizunak
  • Batzordeko aholkulariei harrera egin zitzaien.

Azken argitalpenak

Euskera, 2006, 2

Kaleratu berri den Euskera, 2006, 2 liburuan, besteak beste, ondoko gaiak agertzen dira: Ana Toledo eta Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzainen sarrera-ekitaldiak; Joan Perez Lazarraga idazlearen IV. mendeurrena; 2006ko Nafarroa Oinez festa zela eta, egin zen ageriko bilkura; R. M. Azkue (gaur egun Lauro) ikastola legeztatu zeneko 40. urteurrena; Federico Barrenengoa, Gaizka Barandiaran eta "Kamiñazpi"-ren hilberri-txostenak.

Euskaltzaindiaren agiriak, arauak eta barne-historiaren kapitulu berri bat ere jasotzen dira zenbaki honetan.

Luzaideko Euskararen Hiztegia

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sorturiko Mendaur bildumaren hirugarren liburukia da eta Peio Kamino Kaminondok eta Patxi Salaberri Zaratiegik prestatu dute.

Luzaideko euskararen hiztegi hau gehienbat Garaziko herri horretako hizkera bizian dago oinarriturik, baina egungo euskaran ez ezik, horko testu ugariak ere, oraingoak eta iragan mendeetakoak, baliatu dituzte egileek.

Bernat Etxepareren olerkiak aintzat hartu dituzte Lauzaideko egungo materialak aztertzean, hitzen bilakaera ikusteko, eta, halaber, XIX. mendeko Nafarroa Behereko gutun-predikuak, 1856ko Salaberri Ibarrolakoaren hiztegia eta Bonaparte printzearen hitz bilduma ttipia, besteak beste.

Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia

Mendaur bildumaren laugarren liburukia da, Orreaga Ibarra Murillok prestatua.

Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia liburuan biltzen da nagusienik Erroibarren eta Esteribarren egun erabiltzen den eta lehen erabili den lexiko esanguratsuena. Xede hori izanik, liburu horretako hitz altxor gehiena elkarrizketen bidez lortu du egileak.

Erroibarko elkarrizketa anitz Mezkiritzen, Zilbetin eta Lintzoainen egin ditu Ibarrak, hauek baitira euskara beranduen gorde duten herriak. Esteribarko Iragi, Eugi eta Usetxi ere hiztegi honen iturri izan dira.

Ikustekoak

Elizara erabiltzeko liburua

Joanes Etxeberri Ziburukoaren liburu hau (1665) ezaguna egin zaigu Claveria apaizak erantsi zion bertso jostariagatik, Garibai eta Etxabe bezalako apologista erdaltzaleei dedikatua. Gaur egun ere gustura irakurtzen da.

Datozen ekitaldiak

Iraileko osoko batzarra Bilbon

Irailaren 28an, hileko osoko batzarra egoitzan egingo du Euskaltzaindiak.