ANAITASUNA

VIII URTEA - N.º 96

Depósito Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

ABENDUA (12) 1962


Egin

Egin, jaso. Gauzarik gatxena, neketsuena. Eta egin, ez au edo ori. Mundua da guk egin bear doguna. Eta mundua ez da au edo ori; mundua gauza asko dira; norbera eta besteak; gureak eta besteenak. Baiña mundua zabala da eta "beste" orreek asko dira, eta norbera be ba-da naiko zer-egin. Zer egingo eta nundik asiko?

***

 Mundua ez da berez egingo; guk egin bear dogu. Eta egin be egiten gagoz. Oraintxe, berton, mundua egiten gagoz. Zelakoa da? Ni langoak balitzakez gizon guztiak, zelako mundua izango genduke?

Ez dago emen albokoaren lepotik bizitzerik. Ezta ausokoari errua botaterik be.

Mundu barriaren eske gagoz. Baiña guk egin bear doguna ez da etorriko zerutik. Bakotxak bere txokoan; danok mundu osoan.

***

Mundua ez da berez egingo; guk egin bear dogu. Eta izan be gure pareko izango da mundua: gu garbiak, mundua garbi; gu alai, mundua be alaitsu.

 Zintzoak bagara, era batekoak, munduak entzun egingo deusku.

Gure barruan dagoz mundu barriaren oiñarriak. Eta gure barruan bakarrik. Bakea, zoriona, maitasunak bakar-bakarrik ekarriko deuskuz. Bakea eta mundu barria ez dira odolaren frutuak, alkar-maitasunarenak baiño.

Gure barruan dago argia, gauza guztiak ederrak biurtuten dituan argia.

***

Egin, jaso. Mundu barri bat. Au da gure eginkizunik aurrena eta aundiena. Egin, aspertu barik, gure biotzak emoten deuskun almenarekin.

Egin, jaso. Asi gaitezan!


Izan bear neban... Bañan enaiz izan

Jaungoikoak, bere jakintasun neurribakoan, ipini ebazan gauza guztietarako lege bereziak. Bañan gizonak, emon eutsan azkatasunaren bitartez, jokatu leike bai lege orren araura ta baita kontra be. Ta badira, ta ez gitxi, lege ori ausi ta ezeztuten dabienak be.

Lurbiran jente asko gagozela? Jaungoikoaren legeak gordeko balira, agian bestainbat be izango giñake. Jaungoikoak Paradisoko ortu santuan esan eutsen lenengo gurasoei: «CRESCITE ET MULTIPLICAMINI: AZI TA GEIAGOTU ZAIEZE». Bañan berak ondo ekian umeak izan, umeak azi ta umeak ezitzea etzala gauza aiñ erakarkorra, etzala gauza atratiboa. Egite orrek baebazala beragan naiko neke ta naigabeak, eta gozakirik ezbaeban danak egite ortatik iges egingo ebiela. Ta gozakin apurtxo bategaz gozatu eban.

Bañan zer? Amak semetxoari ogi zati bat ezti apur bat ganean ipinita emoten dautsenean amak gura dau ogi zati ori jan dagiala. Bañan zer egiten dau semetxo mizkiñ arek? Eztia milizkatu ta ogi zatia itxi.

Orixe egiten dabie askok Jaungoikoaren legeagaz be. Legea dala. Ze lege ta ze legekondo!... Pozgarria bada bete, atsegingarria dana egiñ ta nekagarria daben alderdia, astuna dana itxi. Ta kristiñau zintzoak dirala erakutsi gura ta kristiñau zintzoen araura jokatzen dabiela erakusteko milleka igespide edo aitzakiak asmatuko dabiez. Oso gitxi irabasten dabiela, bizitza iñoiz izan dan baño garestiago dagola, aterpe edo etxerik eztaukiela, oingo aloger edo soldatakiñ bat edo bi asi ta ezitzea be naiko dala, beurak bakarrik emoten dabiezan buruausteak be eztirala txikiñak, gura ta be ezin leikezela geiago azi, gizartea geiegi ugarituaz doala, emendik urte batzuetara gosea pranko izango dala, lurraldeak geroago ta elkorragoak biurtuten dirala, eta abar.

Eta orrelako jardunak entzuten dira, ez siñismenbakoen artean bakarrik, baita sarritan gure Jauna artuten dabienen artean be. Ta beura Jaungoiko-legea beteaz bide zuzenetatik dabiltzala erakutsi-arazi ta besteak engañatzeko ezpada be, esango deutsue beurak beuren aitor-entzuleari aolkua edo konsejua eskatu dautsiela ta aitor-entzulearen oniritziaz orrela jokatzen dabiela. Bai, aitor-entzulea engañatuko dozu, zeure inguruan dabiltzanak engañatuko dozuz. Da, batezbe danak engañatzen dituzulakoan, zeure burua engañatuko dozu. Bañan zeugaz zer ikusirik aundiena dauken daneen artetik bat eztozu engañatuko. Jaungoikoa eztozu engañatuko.

Mateo Ebanjelariak esan euskun: «REGNUM COELORUM VIM PATITUR, ET VIOLENTI RAPIUNT ILLUD: ZERUKO ERREÑUA INDARKA LORTZEN DA TA INDARTSUAK DIRA ARETZAZ JABETZEN DIRANAK». Mat 11,12. Jaungoiko-legearen araura jokatu gura badozu, beaztopoak ugari izango dozuz, bañan indartsu jokatuaz danak oinperatuko dozuz. Zuk nik aiñan ezagutzen duzu urlia, media, bestea ta beste sendi edo pamilia. Erak eztaukie zuk baño soldata obeagorik, areik be luzaroan etxe billa ibilli dira, areik be zu beziñ beartsuak dira, ta ikusi pamiliko zenbat diran ta ze ondo azi ta ezitako seme-alabak daukiezan.

Aldaben guztia egiten dabenak, ezin dabena Jaungoikoari eskatu, ta or ortze edo goian dabiltzan txoritxoei jaten emoten deutsenak, ez deutsube gozez ilten itxiko. Oiñ trabenetarik trabenetara, ziñetatik ziñetara, periplazetatik periplazetetara, ondo lo eginda, ondotxo janda, biar gitxitxo eginda ibilli gura badozu, guzti orretarako ez deutsu emongo. Ori zeruko erreñua indar barik irabastea izango litzake, ta erreñu ori indarka irabazi bear dogu. Au Adan eta Eba'ren seme-alaba guztien legea dogu. Betebear bat beragan artzen dabienak obligaziño ori betebear dau.

Famili bat eratzera doazenak, aurrerik ausnartu bear dabiez artzera doazen betebearrak. Eztago obligaziño orreik oinperatuta lasai bizi ta zeruko erreñua irebazterik. Jaungoikoaren legea gogorra da. Gozartu ta ortik etorri bear daben ondorioa galerazitea, beti pekatu izan da ta aurrerantzean be pekatu aztuna izango da. Orrela jokatzen dabienak, izan-bear ebieneen eta dzan eztiraneen ordez beuren barrunbe edo kontzientziak salatuko dauz. «Nik izateko eskubidea neukan» esango deutsie. «Jaungoikoak ni izatea gura eban. Bañan neronen gurasoak izan bear zenduenok galazo egin eustazuen. Nik Jaungoikoari emon bear neutsan aintza, zeuek Jaungoikoari ostu dautsazube».

Izateko eskubidea ebienen milleka zamaetatik urtendako abots sentikorrak beuren kontzientzia beuren arpegira jaurtiko dautae: «Nik... eta nik... eta nik... izateko eskubidea geunkan. Gu danoen izatea Jaungoikoaren aintzarako izango zan». Izaki guztiak, izateaz bakarrik epada be, Jaungoikoak egiñak diran aldetik, Jaungoikoaren almena abestuten dabie. Jaungoikoari aintza emoten dautsie. «Oiñ auzi onetzaz Epaille suminkor oneri kontu garratza emon-bearko dautsazube». Zer onetzaz kontu aundia artu ba. Besteak engañatzen dozubezelakoan, zeuen buruak ez engañatu. Ogei berrogei urte estutxoago, nekeen artean bizitzea, betiraunean paregabeko neke ta oiñasemiñetan bizitzea baño obeagoa izango da ta.

Aramayotarra


Pozu ondoan legez...

Pozu baten ondoan sartuta legez bizi dira gure arteko batzuek.

Pozua ez da aiñ aundia; tentetu ezkero ia ikusi egiten da pozuaren gaiñetik. Alegindu ezkero laster: urtengo leuke baiña bertan gelditzen da, makurtuta.

Ez da bertan aiñ giro be. Basatsu dago lurra eta euria danian... uretan. Soñekoa be zikindu egiten da.

Eta an dago gizona, makurtuta, pozuaren sakonean. Ez da giro an; argi aundirik be ez dago bertan. Kanpoan bai; kanpoan argia eta alaitasuna baiño ez da sentitzen, baiña bera makurtuta.

Pozu-ondoan egoteko ez dago nekatu bearrik. Ez da egoten aiñ ondo, ez da aiñ leku ederra, egia; eta mobitu ezkero barriztau egiten da basia eta soiñea zikindu. Baiña an egoteko ez da ezer egin bearrik eta...

Lantzian bein, pozuaren albotik zear doiazanak pozura begiratzean eta barruan bat ikusi: "Baiña urten eik ortik. Begitu egik danean eguzkia, soloak, lorak eta txoriak, munduaren alaitasun eta poza", esaten deutsee.

Eta pozuko gizona tentetu egiten da. Atera burua, eta begitu egiten dau inguruan...: mundua, argia, mendiak, soloak, gizonak, erriak... bizitza. Eta

"Bai, baiña, oba da bake santua", diño.

Eta makurtu eta pozu ondoan gelditzen da.

Olan gutariko batzuek be.


Apaizik ez daukie erdalerrian dagozan españitarrak

Zeinbat neskak ez dabe, gaurko egunean, urten euren etxe ta errietatik, ta beste naziñoetara jo, an neskame sartu ta bizitza aurrera ataratzeko. Inglaterra, Frantzi, Alemani, eta beste naziño batzuek, españitar neska asko artu dabe. Ta españitar orren artean asko ta asko euskaldunak dira. Au dala edo a dala, euren errietan biarrik ez daukie. Kanpora joan bear. Ta egia, dirua ugari irabazi, emen baño asko be geiago, zelan ez!, eta ez txarto ibilli geinetan. Egia ori; ta egia baita be, negargarria, askotan, geinetan, arimako gauzak alde batera itxi, gurasoen itun edo konseju danak aztu ta arimako bizitza txarto eroaten dabela.

Baña badira euren arimen ardurea artzen dabenak, ori edozelan itxi daiken gauzea ez dalako. Problema ori Erromako Aita Santuek ikusi dabe. Euren bitartez azaldu da bertan Migraziñoien Obispo Komisiñoa. Pio X izan zan bizitzea emon eutsona. Berak ondo ikusi eban problema onen gordintasuna, ta beren ardurea artzeko agindu eban. Orduan agertu zan len esandako Komisiño ori.

Iru urtetik iru urtera Komisiño onek batzar nagusia izaten dau. Ezin da bildu sarriago, osotuten daben obispoak mundu guztian zabalduta dagoz-ta: Amerika, Japon, Union Sudafrikana ta abar. Komite Ejekutibo bat be badauko Komisiño onek. Au iru illabete bakotxean batzen da. Komite au Itali, Frantzi, Beljika, Alemani ta Españik betetzen dabe.

Auxe da batzar onetan beti ikusten deguna: Eleizearen katolikotasuna, erri guztien maitasun eta lagun naiagaz, beste munduko batzarrak elduten ez diran berbeta ta eginkizunetara elduten dala. Badira, bai, munduan beste gizon-alkartasunak albokoari laguntzeko. Baña zer ikusten da geienetan? Berba asko eta egite gitxi.

Ona emen, amaitzeko, numero batzuek, arritzekoak egitan:

Inglaterran, españitar ogei milla neska apaiz barik bizi dira.

Arjentinan, Buenos Airesen bakarrik, milloi bat dira bardin bizi diranak.

Frantzi, Suiza, Alemani ta beste naziñoak, erderaz dakien apaizen billa dabiltza.

Bai, kapellanak bearrezkoak iakez. Baña zelan joango dira orretara errietara eta zelan bizi an? Apaizak be jan egin bear dabe. Kapellanak bearrezkoak badira, baita be eureri laguntzeko dirua.

Elizeak ipinten dau gatxena: gizona, apaiza, kapellana.

Nok ipiñiko dau beste ori?

ABC


Bartzelonatik

Urriaren iruan urten genduan Bilbaotik Bartzelonara. Biaja guztiz astuna. Abioyez izan ezik, biaja luzeak beti dira astunak Espaiñian. Goizeko zortziretan urten genduan Abandoko estaziñotik, eta gabeko amar t'erdietan eldu giñean Bartzelonara. Amalau ordu t'erdi. Dubliñetik Londresera baiño geyago. Ta gaiñera, Zaragozan Madrilleko rapidua artukeran, trenaren "belozidadeagaitik" beste billeta bat ordaindu bear izan genduan. Ondo dago gero!

Dana dala, osasunagaz eldu giñean Bartzelonara laurok: Don Francisco Otamendi, Aita Andres Uberuaga, Eduardo Cruz Iturzaeta eta neu. Laurok, Bizkaiko Itxas Apostoladukoak. Bartzelonako estaziñoan lagun onak aurkitu genduzan, eta eurokaz batera Tibidaboko etxe polit batera joan giñean lo egitera.

Itxas Apostoladuko Batzarra

Tibidabo, Bartzelonako altura baten dago. Bertatik, ezin obeto ikusten da Bartzelona osoa. Tibidabon, etxe eder bat dauke Aita Eskolapioak. Etxe onetan, Itxas Apostoladuko ogetabost bat Kapellau batu gara, Vigo'ko Obispo Jaunaren zuzendaritzapean.

Iru egun igaro doguz berton, eta ardura aundiagaz estudiatu ditugu Itxas Apostoladuko problemak. Problema aundiak, Apostoladu au Espaiñian gauza asi barria da-ta.

Zeuen kontsolamenturako esango deutsuet, arlo onetan Euskalerrian gagozala obetoen. Baiña oraindiño, asko daukogu egiteko. Bizkai ta Gipuzkoako Kapellauak.

Jaungoikoari eskerrak, polito gabiltza lan egiten; baiña eldu da ordua, itxasgizonak eurak euren artean bear egiten asteko.

Auxe da gure gaurko preokupaziñorik aundiena: formatu itxasgizonen artean kristiñau zintzoak, goitik beerakoak, bildur bakoak, Kristoren dotriña salbagarria barkuetan sartzeko prest dagozanak. Itxas Apostoladuko Kapellauak gitxi egin geinke, itxasgizonak eurak euretara lan egiten ez badabe.

Esate baterako, Sierra Leonako Freetownen, Itxas Apostoladuak etxe polit bat dauko. Antxe bizi dira neugaz arraintzale gaixoak, eta araxe etorten dira zerbezatxu bat-edo edaten bearretik libre dagozanak. Aurten, kapilla txiki bat eukiko dogu bertan; eta, ongilleak lagunduten badeuskue, ziñea emoteko aparatutxu bat.

Arraintzaleen problema batzuk, neuk arregla neikez geldi geldika Itxas Apostoladuko etxe orretan; baiña beste problema asko nok konpondu, arraintzaleak eurak izan ezik?

Kasu baterako, pasa leiteke, barku baten lan larregi egitea, naiko deskantsurik ez eukitea, lo gitxi egitea, gaixoen ardurarik ez eukitea.

Beste barku baten barriz, barruko lagunak bearbada ez dira alkarregaz ondo konpontzen: dana izan leitekean okasiñoa, ikusieziña, juramentua, murmuria, pellikadea, kritikaziñoa.

Orrezaz gaiñera, jazo leiteke, barkuen arteko artu-emonak txarrak izatea. Bearbada, alkarreri ez deutsoe lagunduten, edo radiotik ez dabe egia esaten, edo bata besteari engaiñetan dabiltza.

Olako problemak, gogorrak dira. Itxas Apostoladuko Kapellauak era gitxi daukogu, asuntu orreek konpontzeko. Arraintzaleak eurak lan egin bear dabe orretan, eta emon bear deutsee problema orreeri soluziño egokia. Gauza oneen gaiñean berba egin genduan Bartzelonako Batzarrean.

Pasadizu barragarria

Tibidabon, eleiza eder bat dauke Aita Salesianoak. Templo expiatorio del Sagrado Corazón da bere izena. Bertan esaten neban mezea egunean egunean. Goiz baten, eleiza aurrean nengoala, kotxe bat lotu zan bertan. Kotxetik, abade batek urten eban. Abade sentzillu baten antza eukon. Ikusi ninduanean, niregana etorri zan; eta, egunon erdera ederrean esanda gero, portugesa zala esan eustan, eta Jesusen Biotzaren Santuarioan mezea emon gura ebala. Trankil egoteko esan neutsan nik, gauza guztiak neuk atonduko nituala-ta. Ba-dakit nik zer dan estranjerian bakarrik ibiltea; eta orrexegaitik, egiñala egin neban abade areri lagunduteko. Eroan neban sakristeriara; esan neutsan dokumentaziñorik ez erakusteko, ez eutsola iñok eskatuko-ta; emon neutsozan neure amitua ta purifikadorea, eta neuk eraso neutsan mezea. Oso pozik egoan bera.

Nik ez nekian nor zan. Baiña lenengo momentutik, aparteko zerbait igarri neutsan. Ain fiña zan, ain moduzkoa, ain konfiantzagarria, ain ondo esaten eban meza santua!

Ofertorioan, kollaratxu barik ur tantak kalizera botetako larri samar ikusi nebanean, "Bota, bota ikara barik" esan neutsan. Mezea amaitu orduko, beste altara batera joan bear izan neban, neure mezea esateko. Ez neban ikusi geyago portuges abadea. Gero enteratu nintzan, Lisboako Artzobispo Laguntzaillea zala. Orduan izan zan nire lotsaria, Ofertorioan esan neutsoan errespetu bako berbakaitik.

Kataluñia

Aspalditik euki izan dot Kataluñia ezagututeko guraria. Katalanak, gauza askotan dira Euskaldunen antzekoak. Orrexegaitik konponduten gara eurokaz beste Espaiñolakaz baiño obeto.

Bartzelonak, inpresiño ezin obea egin eustan. Bere kale nagusiak, bere abenidak, bere erranblak, bere plazak guztiz ederrak dira. Gau baten, Montjuitxera joan giñean, eta turdiduta lez egon gintzazan ainbeste denporan ango argizko iturri miragarria ikusten ta ikusten.

Katalanak, asko berba egiten dabe euren izkuntzan. Ayuntamentua ta Diputaziñoa ikusten joan giñeanean, zokondo guztietan entzuten geuntsan jenteari katalan berba egiten. Kaleetan, zetan esan-bere ez. Pentsa eiteken, estranjerian gengozala.

Espaiñol batzuk ernegetan egoten dira, beste Espaiñol batzuk eurak lez berba egiten ez dabenean. Ni barriz, eztitan egoten nintzan, Bartzelonako kaleetan neskatilla ta andra eleganteak katalan berba egiten ikusten nituanean. Baiña era batera, triste samar jarriten nintzan, Euskalerriko neskatilla ta andra eleganteak burura etorten jatazan-da. Ai, noiz konturako gara Euskaldunok; euskera barik gure euskalduntasunak ez deuskuna ezetarako balio!

Eskabide bat

Artikulu au irakurten dozueneko, ni Oestafrikan egongo naiz Euskaldun arraintzaleakaz. Esan deutsuet len, Freetownen Itxas Apostoladuko etxe bat daukoguna. Etxetxu ori, polito polito ipiñi gura geunke arraintzaleentzat. Baiña gauza asko bear doguz orretarako. Zeuon laguntasuna eskatuten detsuet.

Arraintzaleak asko poztuko litzakez, etxe orretan gauza atsegingarriak aurkituko balebez. Bialdu eistazuez ba, mesedez, bein irakurrita daukozuezan errebista zarrak, Hila, Caretas, Cinegrama, Marca ta olako klasekoak. Ta al badozue, bialdu baita musika diskuak-bere, milla bidar entzunda daukozuezanak.

Mesede aundi bat egingo deutsazue Itxas Apostoladuari ta arraintzaleeri. Bialdu zuzenbide onetara: Padre Imanol Berriatua, Padres Franciscanos, Bermeo, Vizcaya.

Milla esker emoten deutsuedaz oraindixek, eta otoitz egingo dot Jaungoikoaren aurrean zeuok guztiokaitik.

Aita Imanol Berriatua


Ondo ezkonduteko bear dan kondiziñu bat: libertadea

— "Alabatxo, mutil orregaz ez zaitez ezkondu; orrek ez deutsu egundo zorionik emongo. Ez zaitez orregaz ezkondu...".

— "Semetxo, neskatilla orregaz ezkonduko zara? Bestelako "petrandela" artuko dozu! Zuk irabazten dozuzan diru apurrak, ezpañak eta betulak pintaten eroango deutsuz sistrin orrek. Ez zaitez ezkondu orregaz...".

— "Nik badiñotsut: mutil ori etxura bako mutilla dozu; zeuk gura dozuna egin, baiña ni ez nintzake orregaz ezkonduko. Alabatxo, ez zaitez orregaz ezkondu...".

Ikusten dozuzan legez, irakurle, kontseju oneek "ezezkoak" dira, negatibuak. Baiña, ba-dira baietzkoak edo "afirmatibuak" be. Ikusi dagiguzan batzuk.

2.—Semetxo, alabatxo, ezkondu zaitez...

— "Semetxo, ez zaitez tontua izan: arin ibilli zaitez besteen batek aurrea artu baiño len. Ori aberatsa dozu! Ezkondu zaitez ainbat ariñen...!".

— "Da, zer esan eutsun atzo Juanito-k?

— Ba... ezetz... E! Gañera neuk be eztaukot gogo askorik beragaz ezkonduteko...

— Ai, lelia! Ez dakizu nor dan! Mutil obarik ez daukazu Gernika inguruan. Zoaz datorren aztelenian Gernika-ra...".

— "Laster ezkontza eguna izango da ezta? Denporatxua be bada alkarrekin asi ziñela-ta...

—Eztakit, ama, gero eta urrungo ikusten dot ba ezkontza-eguna; gero eta gogo gitxiago daukot ezkontzeko...

— Zer, ba? Monja sartutea pentsa dozu ala?

— Orrelakoen bat...

— Tira, tira, Miren, ez zaitez zoratu; ezkondu zaitez, asko be zoriontsuagoa izango zara-ta...".

3.—Ezkontzagaz norberaren bizi-modua aukeratuten da, ez gurasoena!

Ezkontza inportantzi aundiko gauzea da. Ezkontzak bere lotsa edo errespetua bear dau. Ez deritxat, ba, txarto ezkondu baiño len seme-alabak gurasoeri kontseju onak eskatzea; baita ondo deritxat gurasoak euren iritxia emotea. Baiña, kontuz! Iritxia emotea ondo dago; iritxia nai ta nai ez sortzea, ez. Norberari ondo jatorkona, askotan besteari ez jatorko ondo. Alkar-errespetua mundu onetan aurkitu geinken gauzarik aundiena da. Zer esanik be ez ezkontzako problematan. Norberak daki norberari zer eta "zein" —au batez be— jatorkon ondo.

Gurasoak, emon kontsejuak ezkontzara doazen seme-alabeeri; baiña, ez sartu nai ta nai ez zeuon iritxia. Alegindu seme-alabak libertade osogaz ezkondu daitezen. Libertadea bear bearrekoa dogu danok, zuek eta nik; libertadea bear bearrekoa dogu bakoitzok Jaungoikoak emondako bokaziñua jarraituteko.

Libertadea dala ta eztala, ezkontza asko baliobakoak izan dira.

Idoyaga-tar Xabier


Buruko-miñak kentzeko

"Ez bata, ez bestea"

Egingo neuskizu, irakurle, eztakizula esakera onen iturburua. Eta ezta ba ixil-mixillean kolko barruan gordetakoa be!

Ara. Bein baten ba ei egoan abade jaun bat oso eper-zalea. Atsegin-atsegin ei iakozan eperrak saltza gozotan prigiduta. Erriko jaiak be ba-etozenda, Aita sermolaria deituta eukan egun orretarako. Sermoi ederra egingo eban fraille arek, bai orixe!, len be ederrik asko eginda egoan-da. Eta mereziduko ez eban ba bazkari on bat? Eper pare bat be ekarriko eban, aor, egun orretarako.

Eldu ziran Santiyagoak. Eleizea iñoizko apañen egoan. Goizeko mezara jendea polito etorri zan. Baña geienak Meza Nagusira joan ziran Don Bixente-ren prefazioa ta Aita fraillearen sermoi ederra entzutearren. Baita abadearen arrabea be Meza Nagusira joan zan, ordurako eperrak saltza gozotan prigiduta be baeukazan-da.

— «Au da nirea! —esan eban orduan amar urteko Joantxo-k, abadearen lobeak—. Gurean eztago iñor, bai?, ta atzo nire osabeak ekarririko eperrak jan egingo dodaz».

***

 Esan bakarrik ez gero! Esan, eta egin. Sartu eskaratzera, kazolak idigi, ta antxe arkitu ebaan eperrak usaiñik gozoena erioela. Joantxo-ri begiak ostu eutsezan, ta atzamarrak sartu eta... jan ez, iruntsi egin ebazan eperrak, ta ondoren atzamarrak miazkatu katuen antzera. Olako agokadarik orraitiño sekula ez eban jan.

***

 Baña gero-izan ziran larriak! Meza Nagusia amaituko zan. Etorriko ziran maira osaba-frailleak, ta eperrik ez agertzean, nor izango zan errudun? Joantxo, jakiña. Eta a zelako astiñaldia emongo eutsan Don Bixente-k!... Zer egin?

Fraillea etorri zan lenengo abade-etxera. Ta Joantxo-k ba-ekian ba, bizkorrak alakoak!, bere osabearen oitura au: maian jezartean kutxilloak alkarren kontra zorroztuteko oiturea. Ta zer egin eban? Aparte deitu frailleari, ta esan eutson:

— Jauna, beorregaz berba egin nai neuke.

— Zer diñozu ba, mutiltxu ba: fraille zatozela edo?

— Ez, jaune. Gauza bat esango deutsat, baña iñori ez esatekotan gero!

— Ia ba, esaidazu ba, ez dau nire agotik urtengo-ta.

— Ara ba, jaune, jakin bei beorrek: nire osabiak aspaldion burutik egiten dau. Badaki zer emoten deutsan buruak? Zerau: konbidauen belarriak ebagitea.

— Ezta izango!

— Bai, jaune. Ta kontuz ibilli bei. Gaur be kutxilloak zorroztuten asten dala ikusten badau, iges egin bei maitik. Osterantzean, belarri barik geratu bearko dau.

***

Eskerrak emon eutsazan frailleak. Errekontxo! Ori be entzun bear! Ta, bildurrez baña, itxaron eban bazkari ordua noiz etorriko. Jezarri ziran alangoren baten abadea, fraillea ta mutikoa. Ta, maia bedeinkatu ondoren, ezer txar barik, jaten asi ziran, sopia-ta, barbantzua-ta... Baña au amaitutakoan, zer zan a? Ezta ba asten abade jauna esku banatan kutxillo bi artu ta eurak zorroztuten? Asi baño ez, eta dana bertanbera itxita, tximista baten ariñean an non doan fraillea eskillarak bera... Abadea, zurtz eginda, fraillea zoratu zalakoan. Ta bat-batean arrabea agertzen da larri ta istu, ta ba-diñotso:

— Bixente! Olakorik! Eperrak falta iakuz! Eperrak ostu deuskuez!

— Katuak izango ete ziran ba?

— Ez, osaba —ganeratu eutsan orduan Joantxo-k, zoli-zoli—. Fraillea izan da. Neuk ikusi dot. Ta an daroaz biak kolkoan sartuta.

Frailleak eperrak ostu, ta biak atan be! Salto baten kalean zan Don Bixente, ta fraillearen atzetik arrapaladan asi zan, eskuan kutxillo bat eroiala, ta deadarka:

— «Bietatik bat beintzat, bietatik bat!»

Eperrakaitik iñotsan. Baña frailleak, bere belarriekaitik iñotsalakoan, ikaraz erantzun eutsan:

— «Ez bata, ez bestea, lagun; ez bata, ez bestea».

Ta ankak bizkorragotu ebazan konbentura osorik eltzeko...

***

«Au olan izan bazan

sartu daitela kalabazan,

eta urten daiala

Morga-ko plazan».

Felix Bilbao


Belen estalpeko argi brintzak

Eskabidea:

"Gau zabala... Gau argia...

Gau zeru-barrez jantzia

Sortu nigan poz-abia,

Zure maite-iturria..."

I

Gau illunak atsegin-ortua edo "paraisua" edarra tapau eta eskutau ebaneko, Adanen semeak Zuri itxaroten egozan, O Jesus; pekatuak lenengo dotoretasuna zapaldu ebaneko, ta gure lenengo "gurasoak" arantza ta sasi artean sartu ziraneko, negar-erri onetako seme guztiok Zu noiz agertuko amesetan gengozan: begi guztiak zeruan josita egozan zure "Izarra" noiz ikusiko. Zeu ziñan Salbatzaillea, Zeu etorri bear eban Libertadorea! Ezbear, neke, eta miñaren zirikadak umanidade onen bizkarrak urrututen eta zaurituten zituenenan, oneen negar-zizpuruak eta negar-zotiñak zeruetaraiño elduten ziran. Eta zizpuru orreek eskari bardiña eroen beti:

— "Boteu zerutar Garoa, boteu zure Donea!...".

II

Eta Zeu etorri ziñan. Gau baltza oiñestu batek legez, argitu zenduan mundua. Dana zan illuntasuna; eta larria, negarra ez besterik ez zan ikusten alde guztietan... Baiña beste izarren artean agertu zan zure "Izar" argia, zure "Izar" barria: eta gau astuna arindu zan! Pastoreak eta erregeak, zure "Izarrak" itaurren eginda, aringa-aringa joan ziran arrizulora eta derrot plantau ziran zure inguruan: ... "eta zure askatxoaren aurrean belaunikoturik, adoratu zinduezan". Antxe zengozan Zeu, pospollin matrailla-gorri, zeru irribarre biguna erdi agirian zeunkazula. Goian, Aingeruak be zoraturik, kantari ziñoen:

— "Aintza Jaungoikoari zeru goienean, eta gogo oneko gizoneri BAKEA lurrean!

III

Azken eguneko Aingeruen tronpetaren ots ikaragarriak sepultura guztietako auts lorrinduak batu eta betiko izango diran gorputz biurtu arte, eta lurrak beren azken ikerak emon arte, Zeu izango zara munduaren zabalean erabilliko dan Izen gaztea... ta zarra! Zeu izango zara denpora guztietan zear deituko dogun Izena. Zeu izango zara istori luze onen mujoia: Zu jaio baño len, Zu jaio ondoren. Zeu izango zara betiko Salbaziñoa, Bizitza, Poza, itxaropena, Indarra, Argia, Bidea... Eta azkenez, zeure aunditasunaren gerizpean gizaldi danetako biotzak apurtu bearrean esango dabe:

— "Kristo atzo ta gaur, eta Ber-bera denpora guztietan!".

Yon Zabalgo