ANAITASUNA

VIII URTEA - N.º 90

Depósito Legal SS. 1092-1959

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

BAGILLA (6) 1962


Gaurko gaztediari begira bat. JOC-istak

"Egia, Justizia, sakrifizioa"

JOC-isten Aita

"Ez gara makiñak,

ez animaliak,

ez morroiak,

personak,

Jaungoikoaren Semeak baiño!

 Geure biargi-izakereak errespetu geiago bear dau.

Onetaraxe berba egin eban Cardijn'ek. Ta nor da Cardijn au ba? Ondiño bizi da. Gitxi gora-bera larogei urte eukiko ditu. Beljikarra da. Ondiño gazte-gaztea zala, aita il jakon. Ta il be mixeri gorrienean, billoizik, lurpean, miñatan idi zarren antzera toton egin ondoren, iñoren jagontasun barik. Injustizi arek, bere aitaren gorputz igartu arek emon eutson Cardijn gazteari. Ta asmo eder auxe artu eban: "Ni, biargiñak be Jaungoikoaren Semeak dirala agertuteko, abade egingo naz. Neure bizi guztia biargiñen alde emongo dot". Eta esan eta egin: andik urte batzuetara abade egin zan. Ta Jeunesse Ouvrière Chretienne (Kristiñau Gaztedi Biargiña) sortu eban. Mundu guztian zabalduta dago. Bene-benetan, ba, JOC-isten Aita dogu Cardijn.

JOC-isten bideak

Eta zer egiten dabe, ba, JOC-istak? Ze jente klase da au?

JOC-istak gazte miragarriak ditugu. Ta jakiña, gazteen indarrak eta amesetak ondo zuzenduten ba-dira, auxe bai konsolagarria. JOC-istak biargiña salbatu gura dabe, baiña ez goiko zerua aginduaz bakarrik, ez. Al izan ezkero, gizonaren "zerua" lur onetatik asi bear dau, persona moduan biziaz, nor-beraren eskubideak eskuetan eukiaz. Komunistak lur au jo dabe zerutzat. Emengoa pasatuten danean, kitxo... Au onetara balitz, galduak giñake diru-bakoak, naita edo naiezta mundu onetan atseginik barik bizi gareanok. JOC-istak ez dira komunistak. Ez. Eta au be esan bearrean gagoz... JOC-istak auxe ikusi dabe argi ta garbi: gizona Jaungoikoaren Semea dala, personea dala, eta asto zarrak ez dituan deretxuen jabe dala. Ta biargiñak be "gizonak" dirala, "gizonak".

JOC-istak biarrean

JOC-ista gazte oneek biargiñak dozuz eurak be. Fabriketan eta edozein biar-tokietan eskuak zikinduten dabezenetarikoak. Sakrifizioa biotz osoz artuten dakienak. Egiari bildur gitxi izaten deutsoenak. Bizitzeari arpegia nasai emoten dakienak. Ekipoan egiten dabe biar. Zuzendari edo abade Konsiliario batek zainduten dauz. Sarritan batuten dira abade-konsiliarioagaz batera beren problemak, biargiñen problemak ikusi, epaitu eta askatuteko. Gauza guztieri azkatzea topau, emon... Aurrera gazteak! "Zorionekoak justiziaren gose diranak, beteak izango dira-ta".

Oba geure artean onetariko gazte fin asko ba-geunkoz! Onelako gazteakaz geure ezer-egin eziña beintzat beingoan uxatuko litzake-ta. Gaurko problemari azkatzea emoteko bide bakarra auxe da: "egia eta justizia" danen eskuetan jartea. JOC-istakaz batera, geuk be geure anai-biargiñan eskubideak errespetatuten erakutsi bear dogu.


Gaurko gaztedia

Norantz doia gure egunetan gaztedia? Ze bideak artu dauz gaztediak? Onetxeik dira bai erriagintariek eta bai gurasuek egiten dabiezan itaunak. Errietako gaizkillee edo kriminalen zenbatz edo estadiztikak garbi erakusten deuskue gazte asko, geroago ta geiago, bide ortara doiazela. Badira, ta ez gutxi gero, gure egunetan gazteen gaizkindutze ari bikoiztu egin dala diñoskuenak. Eta zer ete da ba gaurko gazteei bide orretara bultzarazten deutsen ze ori? Biurritze orrek izango dauz bere eragintza edo influenziak. Ba lenen-lenengo jakin bear doguna da zeintzuek diran eragintza orreik, beuren erroak barren-barrenetik atera ta baztertuteko edo osakiñ edo botika egokien bategaz erretako. Bestela gertatuko jaku bermeo belarraz gertatzen dana. Belarrak atara ta, lurpeko belar orren aleak atara ez doguzalako, andik egunen batzuetara indar aundiagoaz irteten dala. Azkeneko urteetan biyurritze onek abiada aundia artu dabela? Ikusi daiguzan ba zeintzuek diran abiada onen eragilleak. Auzi onetzaz idazten dabiezanak bitarikoak dirala diñoskue: Bakoitzarenak eta leku edo anbienteak eraginda sortuten diranak.

Bakoitzarenak

Izatezko edo gorputzezko itxusitasuna orretariko bat oi da. Askori beuren burua itxusia ikusteak, gizarteak begi okerrez begiratuten deutsela pentsatu ta gizartetik aldentuta, leku ezkutuetan ibilliarazi ta gizartearen aukako asmoak emoten dautse.

Osasunik ezak be batzuei, gizartean kalte besterik ez dabiela egiten pentsatuaz, seta biyurritu ta gizartea ondo ikusi eziña sortuten dautse.

Oyezezko, edo geiagoko edo gutxiagoko, adimenak be asko gaizkille biurtzen dauz. Geiegikeriak arroputzak eta gutxiagokeriak setatiak egiten dauz eta ez deutsie gizarteari ondo begiratzen.

Ta biotz-ikarakor edo biotz-ikaratiakaitik zer esango dogu? Badira umeak, jatorriz aulak, uskeri bategaz geixotuten diranak, beste batzuek, ostera, burdiña bera baño gogorragoak, ezegaitik be geixotuten eztiranak. Ba biotz-ikaratiei be orixe berorixe gertatzen jakie. Batzuek biotz-ikarakorrak dira ta biotz-ikarazko problemakaz izutu, gizarteagandik ayenatu ta ez dabie gizarteagaz zer ikusirik eukitea gura izaten. Beurentzat gizartea ta bere legeak iguingarriak izaten dira.

Inguru edo anbientekoak

Oneeri errieragintza edo kausa anbientalak esaten jake. Nork eztaki gaztediaren biyurrikerirako ze eragintza aundia daukien beuren bizileku-bazterrak edo geografiak, beuren etxeak, eskolak, eskuetan darabildazan idaztiak, ziñeak eta beuren sendi edo familiak, e.a.? Auzi ontan inguruak edo anbienteak ze ikusi edo garrantzi aundia daukan ikasbide batek ulerraraziko deutsue: Gogoratu dezagun erritik asao, mendi baten ganean, basoetxe batean, ondo ezita maitakiro alkartuten dan famili bat. Ango seme-alabak, esate baterako euren guraso ta nebarrebakaz izan ezik, beste iñogaz be ez daukie artuemanik. Uste dezu ango gazten bat irtengo dala aiñ gogor galazota dagozen eta ainbeste diru ematen daben droga orreen salerostzalle? Ez. Zergaitik ez? Ez daukalako bide orretarako zaletasun emongo dutsanik, ez daukalako nork bide orretara bultzarazi. Orregaitik errieragintzak eraginda oingo erri aundietan zeinbat eta aundiagoak diran ainbat eta gaizkillee edo kriminal geiago aurkitzen dirala azken urteetako zenbatzak erakusten deuskue. Erri eragintza edo influentzi sozialak ze ikusi aundia dauko oingo errien zabarkeriagaz.

(jarraituko dau)


Zer diño zortzigarren aginduak?

1. Murmuraziñua pekatua da

Benetako kristiñautasuna biotzean daroarentzako, pekatu guztiak dira gorrotogarriak. Baiña bada Jaungoikoaren Legeko Aginduetan aparteko eskari bat egiten daben agindu bat: Zortzigarren agindua. Ona amen zer dirauskun agindu onek: "Guzurrezko testigutzarik ez deutsazu iñori ezarriko"...

Agindu oneri, geinetan beintzat, bear daben inportantzirik ez jako emoten. Zer dala-ta? Agindu onen kontra pekatu astunik egin daitekenik ez dalako pentsetan. Eta au ezta egia: agindu onen kontra, beste aginduen kontra legez, pekatu astunak egin daitekez, eta zoritxarrez!, pekatu astun asko egiten da, asko! Ez dogu —esate baterako—, ikusten zenbat guzur aundi, zenbat maltzurkeri darabillan politika munduak? Maltzurkeri orrek Jaungoikoaren legearen kontra doaz.

Agindu onen kontra doan pekatuak, beste aginduen kontra doan pekatuak baiño eskabide aundiagoak daukoz. Zortzigarren aginduaren kontra doan pekatua autortzagaz bakarrik ez da parkatuten, autortzaren ostean, kendu dan fama ona edo guzurrezko-ekiña... ordaindu egin bear da. Ta, irakurle, azkenengo biar au ez da aiñ erreza gero!!... Batez be "aize aundia" badabil... Zortzigarren agindua eraspen edo esijentzi aundiko agindua da.

2.—Nundik dator, ba, murmuraziñua?

Sor-leku asko daukoz pekatu onek, baiña sorlekurik ugarienak "arrokeria" ta "begi-luzetasun edo inbidia" dirala esango neuke.

Gizon guztiok daroagu geure burua, geure Personalidadea gora —askotan goregi— altsateko kaidea. Egia esan, kaide au askotan gauz ona da. Askotan burua gora jasoten jakin bear da. Baiña beste askotan —geienetan— burua makurtuten jakin bear da, batez be norberaren arrokeriak edo inbidiak lagun-urkoaren fama ona edo birtuteen bat iruntsi gura dabenean. Egia esan bear bada, askotan, asko kostaten da lagun-urkoaren gauz onak txalotuten; eta txatu bearrean, tristetu egiten dira; eta ez tristetu bakarrik, tristetu ta lagun-urkoaren kontra "murru-murruka" asi. Norberaren antzekoak norbera aurkituten dan tokian baiño gorago ikusteak min emoten dau askotan. Zenbat bidar gertatu oi da norbera ainbeste urteetan gauz bat edo titulu bat, edo nobio bat idoroten ibilli dan bitartean, beste batek, ostera, gauz ori, edo titulu ori, edo ofizio ori, edo emazteagai ori guk baiño ariñago idorotea! Zenbat bidar entzun oi da, esate baterako, eurentzat "apropoz fabrikatutako mutiltxu bat" topaten ibilli dirau emakumeen tartean: — "Gizajoa, ez daki noregaz ezkonduten da!... Amar nobio euki dauz, eta... danak itxi dabe bertan-bera!... Azkenian orregaz... Pena emoten deust mutiltxu orrek!..." Eta au esaten dagoana (bear bada eleizatik urten da arakoan izango zan autu au!...), inbidiaren arrak jota dago! Berak beste lortu ez daualako! Tripak jaten dago! Baiña, zoritxarrez, apur bat nazaituteko "murru-murruka" asi bear dau, bestela... Zoritxarreko murru-murrua; zoritxarreko ekiña!... Ta, zer? Norberaren arrokeri ta inbidia dala ta eztala lagun-urkoaren kontra beti ekiñean dabilzanengandik, zer itxaron lei Eleizak, gizarteak, KRISTO-K?...

3.—Ta, gero, zer? Gero: ekin, ekin... eta ekin!

Ta, gero, zer? Ekin!... Gero, "inbentore" asko gure errietan! Ekiñalan ibiltea gauza motza da, batez be kristiñauen tartean; baiña ez da asko obeagoa lagun-urkoaren kontra ekiñean erabilteko gaia "inbentatea". Ta ez uste izan biar au aiñ gatxa danik!... Norbera konturatu bage eldu daiteke arlo orretara. Begira zelan izaten da lelengo, norberak ikusi dauana esaten jako laguntxu bateri, inori ez ezateko galozoagaz. Onek, beste bateri esaten deutso, iñori ez esateko aginduagaz eta zeozer geituagaz. Onek beste bateri... Ta azkenian, zer? Albiste barria, guzurrezko albistea, iñoiz sortu ez dan albistea! Norbera konturatu bage lagun-urkoaren entzute ona galdu.

Au pekatua da, irakurle, pekatu aundia! Eta ezin daiteke parkatu kendu dan fama ona emon baiño len.

Ez daigun pentsatu, ba, zortzigarren agindua edozelako kontseju bat danik, ez! Ez gaitezen begi-luzeak (inbidosuak) izan. Ez gaitezan arroak izan! Ikasi daigun lagun-urkoaren ona begi onez ikusten...

Idoyaga-tar Xabier


Aita Imanol-ek Sierra Leonetik

Agur, Oestafrika

Aprillek amasei. Arratsaldeko seirak Freetown-eko portuan.

Agur, Oestafrika! Agur lasterrarte!

Illabete gitxi barru, bentora etorriko gara euskaldun arraintzaleak ostera-bere. Aurten, arrain asko atrapatu dogu; eta erakutsi galanta emon deutsagu Euskalerri osoari, emen atun asko dabillena eta euskaldun arraintzaleen etorkizuna negu sasoian zati luze baterako aseguratuta dagoala. Aurten ogetabat barku bakarrik etorri gara; datorren urtean, ez zaiteze arritu, berrogeitik gora etorten bagara. Oesfafrika da, oraindik aurrera, gure bigarren bizilekua. Bizileku luze ta zabala, Senegal-etik asita Guinea Espaiñol-erarte.

Agur, Sierra Leona

Agur urrengorarte, Sierra Leonako mendiak!

Afrikako alderdi au, mendiz beterik dago. Lenengo aldiz Portugesak bertora etorri zireanean, Sierra Leona deitu eutsoen. Freetown-eko mendiak legoi eder baten antza daukelako. Portugesak izan zirean Oestafrikako lenengo deskubridoreak. Amabostgarren sekulutik amazazpigarrenerarte, kasik eurak bakarrik ibilten zirean saldu-erosian kostalde guzti onetan. Orrexegaitik Sierra Leonaren antzera, itxasertzeko toki askok daroez oraindiño portuges izenak; eta Freetown-eko baltzak oporto deituten deutsoe euren verbeta gizon zuriari, Europako lenengo zuriak Portugal-eko Oportotik etorten zirealako.

Agur, Freetown

Agur lasterrarte, Freetow-eko erria!

Berton, ia danak dira baltzak. Tribu askotako baltzak. Nire etxeko koziñerua tribu batekoa zan, eta txoferra beste batekoa. Baltz zivilizatuak direan ezkero, eureri ez jake gustetan tribu itza, eta beraren ordez naziño itza usetan dabe. Naziño bakotxak bere verbetea dauko; eta beste naziñokoakaz alkar ulertzeko, ingles mordoilloan verba egiten dabe. Ni ez nintzan eureri entenietako kapaz. Verba geinak inglesak dira, baiña asko aldatuak. Portuges verbak-bere erabilten ditue: "Mi non sabi" (nik ez dakit) esaten dabe, "I do not know" esan bearrean.

Naziño bakotxekoeri igarri egiten jake arpegian. Besteen aldean, batzuk hitxura ederragoa dauke, finagoa, politagoa. Nire txoferra guztiz habilla zan, baltz guztien nazionalidadea arpegiz ezagututeko. Bera, mutil galanta zan; eta bere begitartea baltz baltza izanarren, geurearen antzekoa zan. Gero jakin neban, bere naziñoa antigualako demporetan Nortafrikatik Sahara desertuan zear etorririko zuriakaz odolez batu zala.

Agur, anaiak

Agur geroarte, Freetown-eko kristiñau anaiak!

Freetown-en, kristiñau asko bizi dira. Erriak, larogetamabost milla habitante daukoz. Euretariko erdiak, kristiñauak dira; eta beste guztiak, mahometanoak. Baiña kristiñauen artean, gitxi dira katolikoak. Euneko amabi katoliko bakarrik, eta beste emparaduak protestanteak.

Oraintsurarte, Sierra Leonako ia eskola guztiak kristiñau misioneruen eskuetan egon dira; eta orrexegaitik, bertoko profesionalak eta gobernuko agintaririk geienak kristiñauak dira. Mahometanoak barriz, geien geienak analfabetuak dira.

Kristiñauak —katolikoak zein protestanteak— polito pratiketan dabe euren fedea. Domeketan, danak joaten dira eleizara guztiz ondo jantzita. Gu, arrituta geratuten giñean euren sombreruak eta jantzi ederrak ikustean. Ni, neure mezea Arraintzaleen Etxean emonda gero, katedralera joaten nintzan, meza nagusia entzuteko eta ango kantakaz eta ango sermoiagaz neure biotza poztuteko. Fraille habitu barik joaten nintzan, azulez jantzita, egunaroko erropakaz, kurutze gorri bat mariñeran. Alako baten, neska gazte bat jezarri zan neure alboan, sombreru ta guzti, printzesa baten antzera jantzita; nok esango euken: enfermera simple bat zan; sarri askotan ikusten genduan alkar hospitalean; egia diñotsuet: lotsatu egin nintzan apurtxu bat neure jantziagaz, berak ezagutu ninduanean. Urrengo domekatik aurrera, neu-bere jake eder bat eroaten asi nintzan. Alan da emengo bizimodua.

Urten dabe portutik banku guztiak. Pozik gatoz danok geure aberrirantz. Illuntze nabarrean, doi doi ikusten dira Sierra Leonako mendiak.

Agur, Oestafrika! Agur lasterrarte!


1962 poesia sariak bertsolarien klasean ari diranentzat

Gipuzkoako Ahorro Kaxa Probintzialak amar milla pezetako sari bat sortu dau urtero emoteko Euskaltzaindiaren ardurapean. "Lizardi" poesia-saria olerkarien klasean ari diranentzat, eta lau poesia-sari bertsolarien klasekoentzat ornituko ditu.

Bertsolarien klasean ari diranentzat ipintzen diran poesia-sarian oiñarriak dira:

a) Sariak izango dira: 1. Bi milla pezeta; 2. Milla ta bosteun pezeta; 3. Milla pezeta; 4. Bosteun pezeta.

b) Urtearen barruan argitaratutako bertso-paperik onenak sarituko dira. Bertso-paper inprimatuaren amar ale bialdu bear dira Euskaltzaindira. (Ribera, 6 - Bilbao). Bialtzeko epea 1962 azaroaren 29-an bukatzen da.

d) Gaia libre.

e) Bertso-papera argitaratzen danean, eta jakiteko zein dan bertsolari egillearen izena, "Bertso berriyak urliyak jarriyak" edo beste alako zerbait ipiñi bear da aspaldiko oiturari segituaz.

f) Juzgua emango duen juradua Gipuzkoako Ahorro Kaxa Probintzialak izendatuko du Euskaltzaindiaren eskabidez.

g) Sariak Donostian emongo dira bertsolarien jai edo txapelketa batean.


Or, an, emen

Moscu eta Pekin, alkartuta

1.—Moscu eta Pekin alkartuta

Gertakizun aundia komunistarentzat: Moscu-k eta Pekin-ek eskua emon dabe. Alkartasun onen susterra: Txinaren bizi-eziña. URS-tik askatua izan danetik, ikaragarrizko problemakaz arkitu da. Ona emen batzuk:

1.—Nekazaritzaren ondapena. Makiñarik ez, euririk ez ta ogirik ez.

2.—Industriaren ezereza. Ainbeste milla gizon fabriketatik atereak eta baserrietan ipiñiak izan dira. 3.000 tekniku biurtu ziran Rusia-ra Pekin-ek Moscu-gaz apurtu ebanean. Ordurik ona Txina gauza bat izan da: gosea. Bear bearrezkoa iako Txina-ri erbesteko laguntza. Laguntza au, oraindiño ezin leike topau URS-en ezpada. Mao-tse-tung-ek Kremlin-en burua makurtu dau. Ez ori bakarrik: eskean joan da.

Londres-ko Times periodikuak lenengo orrian ekarren: "Pekin-en apalkuntza ta sartaldearen betiko bildurra".

Yankitarren maltzurkeriak frutu ederra ekarri dau, baiña dana aizeak zabaldu. Bildurra iatorko barriro. Kremlin-ek barru-barruan daukon gauza da: batasunaren bitartez komunistaren paradisua etorriko dala.

Ona emen, Kruschev-ek XXII-garren batzar nagusian emon eban elburua: "danok batera".

2.—De Gaull-en "ezetza"

Franzi-ko Gobernua barriztatua izan da. Barriztasun onetan De Gaull-ek partidu guztiak alde batera baztertu dauz. Obea dala, diño, libertadea gizon zentzudunaren eskuetan itxitea, partidu askoren izen aundia gordetzea baiño. Lenengo ministrotzat, oraindiño ez ezaguna dan Georges Pompidou izentatu dau. Gobernu barri onetan bost katoliku aurkituten dira. Gizon oneek gauza bat ostenduten dabe: De Gaull-egaz bat izatea. Orrexek eutsi dautso iru urte luzeetan. Gauza arrigarria benetan Frantzian.

Beste modu batera erantzun dabe oinperatuak izan diranak. Utsune ederra De Gaulle-k egin dabena. Etorkizun garratzak izango lirakez, De Gaulle edozein gertakizun oker bategatik, menperatua izango balitz. Indar guztia komunistaren partiduak eukiko leuke. Partidu oneek indar bat egiten ari dira. Euren asmoak:

1.—De Gaulle eta bere Gobernua menperatu.

2.—O.A.S. garbitu.

3.—Argelia-ren azkatasunetik jaioko diran etorkizunari arpegia emon. Bidault da gauzak naaztu dabezan burua.

3.—Buenos Aires gori-gori

Ezta baketu Argentina-ko naste-borrastea. Ejerzituko batasuna apurtuta dago: Rauch Poggi-ren kontra altsa da. "Peronismuagaz edo geugaz amaitu bear da", esan dau. Frondizi-k, barritz, ejerzituaren eskuetan Peronismua garbituteko eskubidea, ez dagola diño. Guido-k, legepean badabil, ezin dau Peron-en gaiñean erabakirik artu. Dana dala, gauzak geroago ta txarrago dabiltz, ta ez da erreza arerioak dakarren indar guztia ezereztutea. Izan leiteke eurak lekurik ederrenak iruntzitea. 43 diputadu ta 11 gobernadore dira. Ta ez ori bakarrik: martiaren 18-ko elezioak eurak irabazi ebezan. Peron-en poza ezagungarria da. Buenos Aires-en bertan erriak sarritan goratu dau. Berak esan daben legez: "Astoaren adarkasoagatik ez dogu aurten presidente izateko era galduko".

Arana


Izkiri-Miriak

Ikastolak eta euskerea

"Erriko-eskolak" eta euskerea, eztira izan eta gaur be eztira lagun aundiak. Ikaskizunak erderaz emoten diralez eta ikasleak erderaz ezpadakie edo euskaldunak utsak badira...! Orra or naaste galanta!

Ikasleak ezin aitu irakasleak diñoena ta irakaslaria naimen onekoa izanda ta alegin guztiak eginda be, ikaslien artean, aurrerapen aundirik ez dau ikusiko.

Gai onetan, diñotena egiztau eta baieztuteko, uste dot jazoriko batzuk egoki datozela.

Askotxok ezagutuko dabe aurretik idatzita doiana. Baña... danak eztabe jakingo Azkue jaunak (erdi gure erritara bera) lenengoz edestu ebana.

Ara emen zelan jazo zan:

"Maixua, Kristiñau Ikasbide'ko ikasgaia azaltzen asi zan eta mutiko bateri Jaungoikoaren legeko lenengo agindua zein zan itaundu eutsan. Mutillak erantzun eutsan: "Amar a Dios sobre todas las cosas". Orduan maixuak, euskeraz zeozer ba-ekialez eta mutiltxoak ulertu baeban jakin gurarik, esan eutsan euskeraz: "Ondo dago, baña... esaidazu orain euskeraz zer esan gura dauan erderaz emon dozun erantzunak.

Mutillak "trankil" jaurti eban erantzuna: "Jaungoikoari amarrateko soka guztiekaz".

Eta nasai gelditu zan.

Beste bat

Arratsaldeko ordubata zan. Jontxu'n tokoak estu ta larri egozen; jan orduan mutilla oindiño bazkaltzera etorri barik, arazo ori goizetik beteten oituta zegon baña.

Alako baten mutiko ori agertu zan eta amak berealaxe ta asarrez esan eutsan:

— Txotxo! Ez ete dakizu gure etxean bazkaria ze ordutan jaten dogun? Oñarte non egon zara?

Jontxuk apal-apal (bera dalez) erantzun eutsan: —Ikastolan, ama.

— Ikastolan? Amabietan eztozue urteten ba...? edo? Kastigeta egon zara?

— Bai, ama, kastigeta egon naz.

— Kastigeta? Baña zegaitik? Ezbearren bat egingo zenduan edo zer eztozu jakin?

— Berbuak, ama.

— Zorioneko "berbuak". Ze berbo edo ze "traste" izan da ba jakin eztozuna?

— Ara, ama, berbo "ir": yo voy, tu vienes, el va, nosotros venimos... ellos van... Batzuk "juan", beste batzuk "etorri", armaten jast naste itzela buruan eta ezin argitu...

Jontxun etxean gertatu zana, euren auzoko Pantxikek entzun ebanean, barreari emon eutsan ederto ta gero gogoratu jakon, irurogetaz urteak lenago berari gertatua ta asi zan edesten, zelan egon zan bera be kastigeta; amak itaundu eutsanean ze "berbo" ez eban jakin, erantzun eutsan: Berbo "amar": yo amo, tu amas...

Amak ez eutsan itxi aldi ori amaituten.

Asi jakon aldarrika: — Ixil, alabatxu, egon zaitez ixilik. Eta egizu mesedez eskolara zoazenean maistrari esatia, orreik zantarkeriak eskoletan ez irakasteko.

Beste bat, baña au ezta ikastoletakoa gure errian jazorikoa baño

"Mercedes" ogei urtedun neskato lirain guztiz azkar eta buru argikoa zan. "Gergori" bere iñude edo aña, berrogetamar inguru urteko andra zur eta bizkorra. Baña akats bat eukan. Etzekian irakurten ez idazten. Egun batean joan zan Gergori bere bularreko alabatxoagana ta esan eutsan:

— Mertxetxu guria, egingostazu mesedetxu bat?

— Bai, andria, —erantzun eutsan neskatoak— al badot bai beintzat.

— Ara; ba-dakizu idazten eztakitela ta gogoratu jatelez, Kose nire gizonari eskutitz (kartatxu) bat bialdutea; zuk idatzi bear deustazu.

— Bai, Gergori; zelan ez! Pozik idatziko deutsat.

Emon eutsan Gergorik neskatilleari ingi, idatzazal, idazkortz eta idazteko bear diran tramankulu guztiak eta bere alboan jezarri zan.

Asi zan gure Merzedes "karta" ori idazten. Zer esanik eztago, erderaz, ta idazten zegoan bitartean abots senduagaz yoyan esaten:

"Mundaca 25 de Febrero de 1955. Querido José..."

Gergorik entzun ebanean "querido", tximista baño ariñago altza zan jezarrita egoan tokitik eta neska gajoari asi jakon aldarrika:

"Zeeer?! queridooo?!! Egixu mesedez ori "queridu" ori kendutia!!

"Kose ezta "querido"! Neure senarra baño!"

Maixu


Zinematografia

Utsune bat

Umeentzako ziñerik ez daukagu. Zer dala-ta? Ez, ba, jakin.

Alde onetatik beiñepein, baztertuta daukaguz gure umeak. Eta umeak ez dira gizadiaren parte bat soillik, jaikitzen-dagoan gizadi barria baiño.

Umeak be, ba-dau bere mundua, bere amets, eta bere izakera apartekoa. Edadekoen jatena ezin daikee ondo iruntsi. Bearrezkoa da eurentzat bakarrik egindako ziñeak umeeri emotea; emotekotan beiñepein. Baiña, oraindiño ez daukagu ezertxo be sail onetan.

Amar urte luzeetan egon da emon bage umeen ziñearen Benezia-ko Sari Nagusia. Azkenik René Cardona-ren "Pulgarzito-k" eroan dau.

Eta utsune au ba-da naiko kaltegarri, eta baita be, ainbat gurasoentzat buruauste iturri. Tristea benetan domeka arratsalde alai bat umeeri aukeratu eziña. Eta gero askotan jazoten dana: ezkutuka ezkutuka edozein ziñera, edadekoen tartean barrura, edo urteak luzatu eta kito. Gazteok eta zarrok, danok dakigu au zelan dan eta onelako aziketak nora daroazan gure semeak.

Euren pentsa moldaz egiñiko ziñeak; eta eurentzako bakarrik emondakoak. Zer ziñe ona izan arren, ikusle naustuen egiketa ta egoera lotsabageak ikusi bear baditue?

Ona emen utsune bat. Aguro bete bear litzakean utsunea. Iñoiz izan badira, gaur dira ziñe-gose gure umeak.

Bitartean, ainbat guraso zintzo semeen egarri ori zelan ase ez dakiela, eta beste ainbat euren semeen txarkerien errudun.

Arriola