ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 86

URTARRILLA (1) 1962

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


1961: R.I.P.

1961 urte zarra il iaku. Gizajoa, ona zan ba!

Asteak, egunak eta orduak apur-apurka beragandik jaten egon dira, bere bizia jaten, eta askenean il egin da; ez, beikorik ez da mundu onetan.

Izan dauz, egia esan, bere gora-bera eta zorakeritxoak be: Cuban, Rusiako bonbakaz eta Congon egin dabena ez da ain txalogarria, baña danok daukaguz gure akatzak.

Orra or erretrato orretan bere irudia. Bere azkeneko orduak: zaartuta, okertuta, zimelduta, bibote zuria eta makillea eskuan, bere elburura bidean. Kantotxu orixe jiretan dabenian geiagorik ez dogu ikusiko. Agur ba urte zaarra eta eskerrik asko. Agur betirako.

Antonio Zubizarreta


1962: Jaio barria

Urte zaarra il eta barria jaio. Orixe pasetan da gizonen artean be.

Urte barria aurrez-aurre.

Somatu al bagendu bere barrua! Zer ete dakar bere barruan gordeta? Bake ederraren kimoa? Edo gerrate bildugarriaren sekretoa?

Dana dala, aor daukagu urte barria, gazte, sendo eta osasuntsu. Gora begira, bere beso zantsua agertu eta zeozer egiteko asmotan.

Jaungoiko Jaunak zuzendu dagizala bere pausoak eta argitu dagiala bere adimena, mundu guztian osasuna ta bakia emon dagion.

Egutegi barri bat lez dogu urte barria. Lodi eta sendo gaur. Baña egunak joan, egunak etorri, zimeltzen joango da. Orri bakotxak gauza barriak erakutsiko deuskuz: onak eta txarrak. Bear bada orri danak ezin kendu al izango doguz.

Jaunaren borondatea izan dedilla gauza guztien ganetik.

Antonio Zubizarreta


Or, an, emen

1. Total... Zabaleko dantza bat

CUBA'n F. Castro'k lege barri bat emon dau. Lege orren bidez, oraindik aurrera, Cuba'ko seme-alabatxo guztiak, iru urtetik gorakoak, Estaduaren eskuetan itxi bear izango dira, euren gurasoen jagotetik kendurik, Estaduak azi ta gizon egin daiazan, jagokien irakatsiak emonaz. Gañera, lege orren beste zati batek diñonez, aurrerantzean ezin izango da siñismen edo erlegiñorik iñori erakutsi. Lege galanta! Nok emon deutso Fidel'eri ori aginduteko eskubidea?

RUSIA'n, Krustxev Jaunak suin bat dau. Iñok ez eban ezagututen gizon ori bere aitagiñarreba Rusiako nagusi egin-arte; gaur, ostera, aundienetako da. Lenago, "Izvestia" Partiduko periodikoaren zuzendaria egin eban bere aitagiñarrebak; gero, Komunista Partiduaren atariko bat, berezikoena; eta azkenez, Iparamerikara bialdu dau, bere izenean Kennedy'gaz berba egiteko.

Zer deritxozue zuek? Aitagiñarreba ona, ezta? Baiña... ez jatzue iruditen "jauntxo" bi oneek asmo bardiñak daukezala barru-barruan? Familia zainduten diarduela diñoe eurak... Benetan: Fidel'ek aziko ditu Cuba'ko seme-alabatxo guztiak, gero... etxekoak, bere aldekoak, indar-lekuetan jezarri eragiteko. Ori dok ba, zabaletan dantzan egitea!...

2. Famea lortuteko bideak

Asteroko baten irakurri neban: "Españian amar bide dagoz famea lortuteko: Teatro-artista izatea, zezenlaria edo torerua izatea, futbolista izatea, zineko artista izatea, abeslaria izatea, "cantaor" deritxoena izatea, "flamenca" deritxoena izatea, ukubilkalaria izatea, teatro-aktorea izatea, eta beste bat ("serial" baten idazlea edo...). Eztago txarto. Aukeratu zuek naiago dozuena. Olan, laster lortuko dozue famea... ta dirua! Españi osoko famea edo izen ona, ta zeuek gura dozuen aiña diru. Ezarie ausartuten! Egia esan, ba-dira Españian beste arazo edo eginbear asko ta asko, garrantzi andiagokoak, gizarteak askozaz geiago bear dauzanak eta guztiori obeago jatorkuzanak, baiña... ez areen beste fama ta diru emoten dabenak. Ortxe dago ziria! Ez esan eurak daukela errua, futbolistak edo zineko "izarrak"... Eurak ain errez lortuten badabez dirua ta famea, geurea da errua, geurea, diru ta fama ori geuk emoten deutseguezelako. Geurea, edo erriarena, edo erria edukatzeko eginbearra daukenena...

3. Lenago ogia ta gero Jaungoikoa

Konforme: lenago ogia, lenago osasuna, lenago dirua ta... gero Jaungoikoa. Bai, biar egiteko, jan egin bear da, eta ondo dakigu Jaungoikoari jarraituteak biar andia emoten deuskula. Konforme, bai, baiña... Iparamerikako berrogeta amaika milloi familiak refrijeradorea dauke, beste berrogeta sei milloiak telebisiñoa, eta berrogeta bat milloiak euren autoa. Fededun familiak, barriz, erlegiñoaren baten siñistuten dabenak, OGETA AMALAU milloi bakarrik dira ta IRUROGETAZ milloi siñismen garaurik be ez daukenak. Oraintxe ulertuten ditut Jesus'ek esaniko berbak: "billatu lenago zeruko erreiñoa ta bere justizia, eta berez emongo jatzue gaiñerakoa..." Orregaitik, ogiak emoten ez badeusku Jaungoikoa, aitortu daigun obeto dala lenago Jaungoikoa ta gero ogia!

4. Katoliko zaarrak, zaarregiak!

Madrid'en jazo da. Españitar batzuk, iparamerikatarren eleiza baten sartuten ziran mezea entzuten, katolikoak bai-ziran. Atzerritarrak, Kanon eldutean, belaunikatu ei ziran; "Aitagurean" zutundu, eta gero barriro belaunikatu. Au da, mezea "egiten" ari ziran. Espanitarrak, ostera, an egozan, jesarrita denpora guztian, konsagraziñoan izan ezik (eta orduan be belaun baten gaiñean...). Abadeak esan ei eutsen azkenean eta itzal onenean, zelan portatu bear ziran. Baiña... eurak euretara gelditu ziranean, esaten ei eutsoen alkarreri: "Nora datoz oneek amerikanoak! Uste dabe ezer erakusteko dagozala guri ala?!... Eta bai eukela!

PEDRO MARI'k


Temoso bien ezkontzea [Olerkia]

Ibilli nintzala ni baten ezteguan

ogei urte igaro dira zapatuan;

noiz zirean temoso pirri bi ezkondu,

ezin ziranak gero ezelan konpondu;

nai ebelako beti biak izan nagusi,

etxe aretan bakerik etzan iñoiz bizi;

ebiltzan beti-beti kezkan, ez eta bai,

bakotxak ebalako bereaz urten nai;

augaitik deitzen, eutsen Praiskari, berekor,

Praiskori erri danak, barriz, buru-dekor;

nori arratserako berotzen odolak

bajakozan ziertu ziran teniolak

Nok esan Praisko ala Praiska zan obia?

Diñot, biak eukela beti errazoia;

diñot, nik nekusala Praisko gizarten,

beti gogor zaillduten berak esanean.

Praiska ez dazaut ondo, baña bere ama;

diñot, suge izpia duiñ zorrotza dala;

bakit, barriz, billdurrez bizi zala Praisko,

burua ete eutsan Praiskari ausiko;

ta ain arri labanean jarraitzea baño,

desezkontzea zala pentsaurik zala obego,

Praiskari zer asmetan eban esan eutsan,

eta bananduteko au bere poztu zan.

Ze laster Praisko joan Abadeagana

egin zan jakitera zer zirautsan bada;

zeiñek erantzun eutsan gatxa izan arren

ebazala askatuko, biak gura beben;

atarako eleizan, biaramonean,

agertzeko zazpirak joten ebenean.

II

Eleizeratu ziran zazpiren drangadan,

ta aurrez abadea egoan altaran;

jantzita bear legez prest bere lekuan,

burdiñazko isopo bategaz eskuan;

noren aurrean ziran ezkondamutuak,

belaunikotu makur jarririk buruak;

ta Aitaren eginda danak bereala,

gauzeak urten eian ondo eta erara

abadea asi zan ixilik esanaz,

lantzean bein berba bat, baña ez euskeraz;

eta noizik-noizera isopo gogorraz,

joaken koskorreko ederrak emonaz;

bostgarren burokoan Praiskak eban negar,

baña, Praiskok amorru eta arrabioz dedar:

— On Luis, guk onetara banandu ezeze,

laster galduko dogu bizitzea bere;

isopokadak artzen, noiz artean, jauna,

eukiko gaitu emen, naikoa ez dala?

Irri barrez diñotsa: — Eztogu naikoa,

benturaz lan au dogu aste guztikoa;

ez al dakizu, Praisko, desezkondutea,

dala bietatik bat alargundutea?

Zuen buruak illun, dotriña bagarik,

dagoz eta bear ditut jarri argiturik;

banandu ezetara ezin zeikiet nik,

bat edo bestea itxi arte illik.

— Ola! ezteusku gitxi, jauna, eskatuten,

ori jakin bagendu ona ezkentozen;

errazoi eukan bai, erremediua,

zala gatxa, gañera barriz kostosua;

Jagi, Praiska, ta goazen, ill bano lenago

ill ezkero guztia amaitua dago;

burruka eta abar obe dogu bizi,

ez benturaz biziak biok emen itxi...

Kar kar kar abadea, itxirik barreka,

eurak bostna burukoz miñez ayeneka,

seigarren bana laster arrapau baño len,

eleizatik tximistaz biak urten eben;

eta kale guztia lotsari artean

igarota, sartzean euren suetean,

asi ziran laster sendatzen euren buruak,

abadeak mallatu eta argituak.

Bai, mallatuagaitik eutsezan argitu,

bestela gaur dayegun eurari begiratu;

len beti gerran bizi baziran etxean,

bizi diralako gaur oso bakean;

ain bestean ein dabez jenioak ondu,

alan ez dabe gura orain desezkondu.

(Arrese Beitia)


Jose damutua [Olerkia]

Josek orain bost urte ezkontzeko zala,

konfesiñoa egin eban jenerala;

gaiztoa izan bazan bere lau urtean,

bildurra sartu jakon nozbait biotzean,

bere animeaz zer izango ete zan,

penitentzia baga baldin illten bazan.

Arildu ebanean konfesiño dana,

matatzar bat baño luzeago zana,

bere pekatu danak eitean autortu,

egin jakon barrua osoro nasaitu;

bana penitentzia ikusten zala,

pekatuen ondoan labur ta txikarra,

itauntzen asi jakon, estu eta larri,

utseiñ ebalakoan, konfesoriari:

—Jauna, ez dauz ikusi nire pekatuak

zireala milla ta danak pisutsuak?

Ta karga aiñ ariñaz bialdu gura nau?

Ez, jauna, zorren laiñaz bear nau kastigau.

—Seme, gogoan ditut zure pekatuak,

zireala milla eta danak pisutsuak;

baña ikusten dot zelan ezkontzera

zatozan ta andradun alan egitera;

etzaiz bada estutu Jose damutua;

laster dozu lepoan kargea naikua;

eroaten badozu bost urtean bera,

laugaz zorrak pagauta artzekodun zera.

Ein ebazan Josek bai zorrak lau urtean,

baña zelan kargea daroian bostean,

kontuak ateraten joan dan astean,

erautsan bere kautan kantaurik etxean:

"Lau urtean zor danak egitean kitu,

bostgarren au artzeko jat gelditu;

urte askotan alan baldin banaz bizi,

zeinbat nik zerurako daiket irebazi?

Alan dala dirudi, zergaitik andrea,

aurkitu arren nagi ta ondo gurea,

bera jaso azinda naiz Jose makurtu,

bost urtean keja bat etxako ezautu

(Arrese Beitia)


Gizon kanpo ederra etxean gerra [Olerkia]

Zergaitik bada, Txomin diñoe nigaiti,

nazala gizon on bat kafietan beti?

— Zergaitik ori daben orrelan esango?

ejenplo bat jarriko laster deutsut, Paulo.

Andra aberats asko bizi oi da ala,

kanpoan zelan beti direan ikusten,

guztizko berba eder eta leunak esaten;

gaztetatik zergaitik au deben ikasten,

alako andra ontzat ditugu eukiten;

baña itauntzen bada nezkatxa artean,

eta etxekoandre ona dan etxean,

ez dabe danak, Paulo baietz erantzungo,

dongak dirala batzui detsezu entzungo;

etxean dalako ikusiten barrua,

ikusten bakotxai bere jeniua,

ondo ezaututeko zein dan zelakua,

testigutzat nai leuke artu laratzua;

azala euki arren ederra sagarrak,

iñoiz euki oi dabez biotzean arrak

Badakit, Paulo, zu zer zarean kalean,

konbidau nozulako sarritan kafean,

jokuan dozunean samur irebazten,

dirua bere bardin deustazu emoten;

baña zu zelakoa zarean etxean,

andreak esan eustan lengo jai batean:

dirurik iñoiz ez da astean zurra bi,

dakialako emoten Paulok andreari

(Arrese Beitia)


Iru neska

Zergaitik geldituten dira gaurko neskak ezkondu barik, bakartadean, bizitz latz au eroan eziñik? Zergaitik?

Ez uste sarritan gertatzen dan legez eurena ez dala errua. Baliteke ez izatea, baiño ez da ikusiena. Geinetan, ta parkatu, neskatillok, zeuena da errua, bai zeuena. Ez zaiatu aita-amaren bizkarrera erruak jaurtiten, alperrik zabiltze-ta. Gertatu leike gurasoak errudunak izatea, baiño ez uste dogun beste. Orduan, zergaitik ezaree ezkonduten? Iru gauzatxoagaitik bakar-bakarrik. Ez deustazue siñestuko, baiño... egia da. Ara amen iru gauzatxuok; goiztarrak zareelako; eder eta liraiñegiak zareelako; azkenez, arroak zareelako.

Neskatil goiztarrak: An doa gure neskatilla, ikusi eizu, amabost urte orain dala ille bi bete ebazana. Arro-arro, burua nora mobidu ez dakiela, erromerira. Gatza ez iako falta neskatillari ta beingoan azten iakoz mutillak segian. A ze poza berana! Baiña ezkonduteko garaian aurkituten diran mutillentzat, umetxo bat baiño ez da. Polita dok, diñoe, baiña gazteegia. Orrekin ez iauk zeregiñik. Neskatilla azi da. Eldu iakoz ogei, ogetabi urteak. Ezkonduteko ordua.

Eta orain dator baltzena, iñondik be ezin aurkitu mutil bat. Neskatilla beran edadeko mutillentzat zarregia da. Orain dala bost sei urte ikusi eben erromerian dantzan gosatsu, zeozertxu zala esan guraz, neska egin zala erakutsi naiez. Ta gaur ezkondu bear dauenean, mutilleri zarregi eritxiyake. "Zer ez iok jakingo oraingo orrek, bost urte dozak onela dabillela-ta. Gaiñera Permin eta Kepa-kin ibilia dok". Ezagunegia da gure neskatoa mutillentzat eta oneek ez dabe berakin ezer iakin gura. Oraintxe agertuten iakoz neskatillari arerio gogorrenak aintziñako neska-lagunak, baiña urte pare bi beranduago izartutako neskatillak. Onexek dira mutillak zoraturik daroezenak. Gazteak, ikusi bakoak diralako. Gure neskatilla lar ariñegi aren edo bestearen nobia gura izan daualako ta bere edadea gogor-egin daualako, gaur itxaropena ta maitasuna galduaz bakartade bildurgarrian bizi da. Beran erruz.

Neska ederra: Neska eder eta liraiña zan. Pozik ebillen mutil arekin, baiña gitxien uste ebanean, mutillak itxi egin eutsan. Zorigaitz onen iturburua, askotan edertasuna izaten da. Edertasuna larregi goretsia. Begiratu neskatil areri. Benetan ederra dala. Mutillak zoraturik daukoz. Agoa zabalik, eta begiak ia urtenean begiratuten deutsoe. Erregiña dirudi. Konturatu da ederra baiño ederragoa dala eta bere buru ariña amesez bete da. "Ni, industrial baten semeagaz edo futbolista bategaz ezkonduko naz, baiña onekin ezta pentsa be...". "Ai gixajoak, itxaron bearko dozue, niri koixu gura badeustazue". "Nire ezkontza... ai nire ezkontza..." Amesetan... amesetan..., ogetamar urteak eldu iakoz. Lagunak ezkondu ziran, pozik bizi dira euren semetxoakin. Bera, bakarrik gelditu da. Ta ez da ederregia izandako señorita "X" baiño.

Neska arroa: Betikoa. Ni enaz ezkonduko neuren beste diru ez daukon mutil bategaz. "Ta neskatiltxua, nor da mutil pobrea?" — Nire kontura bizi gura dabena! — "Ai gixajoa, gero damutuko zara baiña berandu. Ezkondutean errukiz begiratuten eban laguna, gaur oso zoriontsu bizi da. Mutilla ezan aberatsa, baiña bai biargin zintzoa. Zenbat bidar busti dira bere begiak malko garratzakin. Arrokeriak galaso eutson mutillari bere biotza emotea ta bitartean beste neska batek eroan deutso. Neskeari, dirutsua izan arren, berebiziko gauza bat falta iako: sentimentua. Uste eban bere atzetik ebillen mutilla, diruagaitik ebillela. Oker egoan. Diruagaitik ebillena, bera zan. Bere maitasuna ez da maitasun utsa. Berekoiz nastatuko maitasuna baiño. Ez dau siñestuten maitasunean, ezta maitasunak egin daikezan mirarietan. Onegaitik geldituko da betirako bakartadean. Berak gura izan daualako. Beran erruz...

Emazteen zoriona ezin da aurkitu edertasunean eta diruan. Senarrak edo senargaiak daukozan doaietan baiño: zaletasunean, errespetuan, sentimentuan, MAITASUNEAN.

Leopoldo'k


Paulo deuna idazle

Aurten San Paulo Erromara eldu zaneko emeretzigarren eunurtebetea ospatuten dogu pozez Eleizeagaz batera. (61-1961). Eta eunurtebetete onen azken egunak joan baiño ariñago zeozertxo bat esan gura deutsuet danori Paulo deunari buruz. Ia gogorapen oneen bitartez guztiok probetxu espiritual apur bat ataraten dogun. Gaurko munduak daroan materialismo sasoia eten eta desegin nai badogu Paulo donearen Epistolakaz ondo beteta ibilli bear dogu danak. Bakotxa berak daukon arazoan sendo ekin: baiña, San Paulon antzera, beti Jaungoikoagaz lotuta, bat eginda.

Gitxi-gora-bera ezagututen dozuez, bai, Paulo sutsuak bere bizitza ugaritsuan erabilli ebazan artu emonak eta beren nekez eroan bear izan zituan gora-berak. Kristogaz zietz zeetuta egoan eta benetan zan Ebanjelioaren zabaltzaille. Paulorenak bai egitan izango zireala sermoiak beroak!

Baiña Pauloren berbearen bizitasuna alde batera itxita, bere idaztien edo karten mamin eta argiaren atzetik joango gara.

Beren eskuetatik urten eben karta danak ikusgarriak dira. Ortxe topauko doguz orduko mundua barriztatuteko erabilli ebazan Jesukristoren egi xamur batzuk. Gure artean be ez leukee egingo ba kalte aundirik egi oneek!...

Danetara amalau karta ezagututen doguz San Paulorenak; danak kristiñau komunidadeari eskribidu eutsezanak. Jakintsuak diñoenez, geiago be idatzi zitun eta galdu ziralako-edo gaur ez doguz ezagututen oraindiño.

San Paulo bere idaztietan ez da agertuten literato ta jakintsu bat lantxerik; literatura egiteari jaramonik egin barik be baeukazan berak zer egite ugari-ta... Kristiñau-irakaspen osoa emoteko asmoagaz idatzitakoak ez dira epistola oneek. Karta oneek primeran ta ezin obeto eskribituta dagoz ordun, kartak egikeran, berak euki ebazan intenziño bakarrari ta garbiari begituta: batzuk emen siñiste gaixto ta okerrak akabatuteko eskribidu zitun, beste molde txarrak an austeko; edo andikoak komunidade kristiñau bat bizkortzeko, emendikoak, barriz, esan bat aginduteko ta abar... Orduko anbientean jarrita epaitu bear dira gauza oneek. Ta ganera danak egin ebazan ezkutuan legez: biar guztiak itxiten eutsoen bitartetxuetan, eta edonun aurkituten zituan orduetan.

Ta alan ta guztiz be, zenbat aberastasun eta urre-garaun ez daukez gordeta barruan! Gure erlijiñoaren mamin guztia! Iñoiz ez dira agortuten. Zoritxarrez makiña bat biderrez entzuten doguzala baiña gitxitan irakurten doguzala autortu bearrean gagoz eta orrexek galduten gaitu gure alperkerian. Gutzat ez dira irakurgai errezenak eta pozgarrienak, ez. Baiña alegin eta indar apur bategaz irakurten badozuez barriro, ikusiko zenduke, ta arin ganera, Karta orreetan fabrikatuta dagon egizko mundua. Arrituta geldituko ziñakee: askoz be argiago ikusiko dozue San Pauloren espirituaren sakontasuna.

Karta oneek ez dira danak bardin-bardiñak; baiña ia danak molde auxe segiduten labe:

1.º Len agurra ta eskerrak emotea: paganoen kartak be onantxerik asten ziran.

2.º Konseju ta irakaspenak: geienetan karidadeari ta fedeari buruz iminten eban zeozer.

3.º Eta azkenez, bedeinkaziñoa, otoitzak eta amaitukerako agurra.

Epistola bat leiduten dozuenean beingoan igarriko dituzu lau atal oneek: Bigarren zatia izaten da nagusiena beti; irakaspen guztiak aintxe agertuten dira-ta. Ta orregaitik, Epistola bat leiduten dogunean, bigarren atal bertan sakondu bear dogu.

Pauloren Kartetan samurrenak Tesalonikatarreri idatzi eutsezan biak dira ta Filipotarreri egindakoa be bai. Irakurri daiguzan ainbat ariñen eta alegindu gaitezan Epistola oneen barruan egi garbia aurkituten.

Anai Yon Zabalgo


Etorria emoten daben ametsak

Rikardo Wagner-ek, bere "Oro del Rhim-en" sarrerantzat ezin idoro izan eban bere gustoko musika polit eta egokirik.

Gau baten, lo egoala, burrundada aundiko ibai baten erdian ioiala egin eban amets. Uraren oiuak musikako ereski edo notak irudituten iakozan. Olatupean ia itota egoala ikusirik, lipar, derrot ixartu zan; baiña olatuen "oiuak" ez ebazan bertan-bera itxi, ez orixe! Ixartu zaneko, pianora joan zan ta olatuen "oiuakaz" bere "Oro del Rhim-en" sarrera eratu eban.

***

 Amesetan egoala asmatu eban Elias Howe-k josteko makiña. 1845-ean gertatu zan: "pieles Rojas" deritzaion gizon batzuek atzetik segiduten eutsela-ta estu ta larri ebillen Elias amets baten. Abiadan ioiala, miñ aundi bat emon eutson; estrepozuen bat zapaldu eban kontixu; estrepozu au burdiña metxu bat izan ei zan. Atarateko alegiñak egin arren, ez eban atara. Azkenean, burdiñazko estrepozuari zulo txiki bat egitea bururatu iakon; ta bai laster atara be!

Ametsetan ikusi eban gertakizun onexek emon eutson josteko makiña egiteko argia.

***

Frederik Grant Banting, zoratuta legez ebillen "diabetis-en" kontrako sendakitzarik ezin billatu ebala-ta. Gau baten, lotara joan ondoren, amets bat euki eban. Amets onetan formula barri bat jarri iakon begien aurrean. Biaramonean, oitura eban lez bere eskola edo laboratoriora joan zan. Ametsetan agertu iakon formula barria begien aurrean ipiñi ta esperimentu bat egin eban. Miraria. Formula ortatik "insulina" deritzaion sendakitzariak urten eban.

***

Austria-ko Otto Löwi-k, farmakologoa, amets arrigarri bat euki eban. Erdi-lo egoala, zeozertxu gogoratu eban; baiña biaramonean, biarrean asi zanerako, dana joan iakon. Urrengo gabean be amets bardiña euki eban. Ixartu zanean, derrot idatzi eban bere ametsa. Amets artatik yaio zan bere izena daroan sendakitzaria.

***

Dinamarka-ko Niels Bohr, fisikako "Nobel" sariduna bera, atomikaren teorirako bidea ametsetan aurkitu eban.

"Ametsetan nengoala —dirausku berak— argizko eraketa edo sistema bat ikusi naben. Argizko eraketa au, uneda aundi baten ebillen bira-biraka. Auxe izan zan atomika-teoriaren sor-leku".

Idoyaga-tar Xabier


Naste-borraste

Mundaka. Zelan "Andre Mari Mendikoa" izan leiteken "Dominibus"

Mundaka-ko basoan alboan aurkituten da baserri gizatsu bat; Bermio-kua izatez baña eleizaz Mundaka-koa.

Izenez, euskeraz "Demiku" ta erderaz "Dominibus" esaten deutse.

"Dominibus" ori latiñezko izena dirudi. Baña edesti ta idatzi zaarrak diñoskuen legez, erromatarrak etziran ibilli toki onetatik edo ibilli baziran be, orretariko baserritxu danari "latiñezko" izenak jarritzen, etziran ibilliko.

Ba-dagoz bai uri andiak "Leon", "Zaragoza", "Merida" ta beste batzuk erromatar izenak darabillezenak, baña uri orrek eurak eresitu ebezen eta bertan bizi ziran.

Dana dala, or dago izen ori eta "Dominibus" izenpean ezagututen dogu, erderaz iñargututen dogunean beintzat.

"DOMINIBUS".

Nundik eta zelan izen ori?

Zeintzuk izango ete ziran izen orren asikerak?

Gure eretzian onexek:

Baserri orretan danok dakigu "ermintza" edo elez txiki bat antxiñatik egoala, "Justo ta Pastor" Deunen izenpean jarrita; alan ba gure gaztaroan askok baserri orreri "Justi-Pastore" esaten eutsen, eta Deun onen irudiak be ezagutu genduzan.

Orduan ezegoan "ermintzarik" ia berreun urte, Prantzesak puskatu (apurtu) ebelako.

Gaur dagoana barria da, orain ogetamazortzi urte iragita eta bertan dagoan Ama Nezkutza-ren irudia, lenengo txadonakua dala diñoe.

Orrela, Andra Maria ori ba-zan zelan izentatuko eben?

Uste dogu "Mendiko Andra Mari" edo Andra Mari Mendikoa esango eutsoenla Mundakan eta inguruetako beste Andra Mari ziranakaz ("Lamiarangoa", "Elexakoa", Santa Katalina ermintzako Ezkerdun ospetsua ta abar) berezkatuteko.

"Mendikoa" erderatu zanian "Menigo" agertu zan.

Aldaketa orrek biurritasunik ez dauko.

¡Egokia da! Izan leiteke!

Orren antzeko aldaketak euskerean sarri ikusten doguz.

Or daukazuez urre-urre Artika-Artiga, Almika-Alboniga, Domeka-Dominga ta abar.

"Ka" abots sendoa edo gogorra, "ga" zarata leunian, biurtuten da.

"Menigo" itzen aurrean, erderazko "de" jarri ta alkartu ezkero... ¡or daukazue...! Demenigo!

Mundaka-ko Eleizan dagozan Bataio-ko idatzietan, ainbat eta ainbat "Demenigo" abizen aurkituten dira 1600-garren urte inguruetan.

Abizen polit ta ederrak ganera!

¡¡Begira!! Batzuk "Demenigo ta Goitiz". beste batzuk "Demenigo Arquetas", Demenigo Mendekano ta abar.

¡¡Abizenak euren baserri-basetxe-ren izenetatik eratorrita! Ontzat artu dagigun ba "Demenigo"... baña... "Damenigotik" "Demenigus" atera ebana? Nor izango ete zan?

¡¡Geiago oraindiño!! Nok "Demenigustik "Demenibus" "Diminibus" eta azkenengo "Dominibus"?

Naste eder ori asmatu ebanak... "Andra Mari", "Justi-Pastore" ermintza, elexa alde batetik eta bestetik ainbat "pralle", "monja", "abade" baserri orretik urten ebala ikusirik, ezeban artuko atxaki ederra latiñezko "Dominibus" izen polita, baserri orreri lepuratuteko?

¡¡Ez!! Ba-dakigu gizon bakar baten lana, ezin leikela izan.

Urtiak igaro bear aldaketa ori jasoteko.

Orain berrogetamar urte "Demenigus" entzuten zan Mundakan.

Gero, ume ta gaztiak, txartu artu belarrira izen ori... ta or daukazuez beste danak.

¡¡Ziur-ziur nago, naste eder ori Mundakatik urten ebala!!

***

Euskerazko "Demiku" izena "Demenigotik" artez-artez dator.

Len esan dogun legez, euskerean aldaketa orrek zarri ikusten dira.

"Ka" abots gogorrak, "ga" leuntxoagoa... ta ostera be bardin.

Ortik "Demenigotik" "Demeniku" ta "Demiku" urten dabe ta baserri ta beserri aren euskerazko izena, auxe da.

MAIXU