ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 83

URRIA (10) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


"Alkartasuna"

"Alkartasuna indarra da". Eta gaurko mundua ain bigun, ain txakil eta ain makal ikusita, zelan esan alkartasuna dagoala? Egia esateko... nun aurkitzen dogu gaur benetako alkartasuna? Eta, dana batera esateko, nun benetako indarra?

Gaurko indarra da edo ukabillena edo bonba atomika zantar bildurgarriena; baña benetako, egizko indarrik, biotz-animen batasunetik zortzen eta bizitzen dan indarrik ez da ukusten, edo beintzat ondo urri.

Oker gabiltz. Armaen indarra ipini dogu benetakoaren tokian. Aldrebeskeri aundia. Eta aldrebeskeri onek arin edo nekez emongo dau bere benetako frutua, mingotxa, eriotzaren kokoa daroena. Zergaitik egiten da bestela ainbat berba gerrea dala eta ez dala? Bildur garialako. Ba bildur au, eta datorren gerrea, badator beintzat, aldrebeskeri onexen frutua izango da.

Guzurra dirudi: gizonak, gizona danetik, ez dau oraindiño ulertu bakean eta alkarmaitasunean bizitzeko jaioa eta egina dala.

Zenbat gerra. Eta noiz eskarmentatu? Buru-gogorra izan bear nai ta nai ez.

Eta au kristiñau artean, gure errietan eta gure kalietan gertatzen dala ikustea samingarriagoa da oraindiño. Ez bear bada ain bildurgarri, baña gertatzen da: ikusi eziñak, amorruak, lapurretak, eriotzak, marmar illun amaibakoak eta abar...

Ba..., batasuna bear-bearrekoa dogu kristiñauok. Batasuna familian, errian eta naziñoan. Indarrak batu bear doguz, bestela galduak gara. Orrexetantxe diardue komunistak eta ikustea baño ez dago euren aurrerapenak.

Gerrea izaten bada be, ez da izango URSS eta USA artean: komunismo eta kristiñautasunaren artean baño. Alon diñoe jakitunak: benetako txokia, benetako gerria indar onexen artean izango dala.

Ori dala ta zarritan egin dau berba Aita Santuak, eta baita Obispo jaun askok bere. Batasuna eskatzen deuskue, indarrak batuteko, alkartuteko sendoak eta gogorrak izan gaitezan.

Gure familiak, gure erriak, gure asoziaziño eta kopradiak, gure probintzi eta nazioak ondo batuta, benetako alkar-maitasunak eta ardureak zortzen daben lokarriz lotuta balegoz orduan bai izango giñakela benetan sendoak. Eta ikusteko ordua da gero.

Danok anaiak bagara, danok alkartu bear dogu: abade, fabrikante, obreru eta baserritarrak, Jesukristok emondako Agindu Santua leial eta fin beteaz bizitza onetan benetako bakea eta zoriona lortu daigun. Kristogaz edo Marxegaz.

Ez deuskue emon erakutsi makala Kennedyk eta Nixonek onetzaz. Zelan alkartu eta batu diran etsai biak euren naziñoaren aunditasunerako. Zelan lagundu batak besteari... Ori da benetakoa izatea, patxadazkoa izatea.

Beste orrenbeste egingo bagendu kristiñau guztiak...

Antonio Zubizarreta


Emakumearentzako

Eskontzak gizonak bildurtuten dauz?

Ejenploak

"Ogeta lau urte daukadaz —dirausku neska batek—; emaztegai edo nobia naz joan diran lau urte onetan. Nire senargaiak asko maite nau; bere eginkizun eta berba guztiak dirauste; ez dot orren bildurrik ez dudarik. Diro kontuan? Biok gara gorabera aundibakoak. Ez gara aberatsak, baña ezta txiroak be. Biok gara biargiñak; famili bat atonduteko beste irebasten dogulata nago. Orduan, zer? Ezkontza eguna atatuten dodan bakoitzean nere senargaia oskilduta legez geldituten da; autu ori ateraten dotanean, berak beste autu edo konbersaziño batera joten dau; kontixu ez yako atsegingarri ezkontza egun orretaz berba egitea... zergaitik ete da? Bildurra?

***

"Eskolan ebilli gintzanetik esagututen gara —diño beste neskato batek—; beti konpondu izan gara ondo alkarrekin. Beti alkar maite izan gara, ni bere emaztea izateko jaio nintzalata nago; ziur-ziur nago. Problematxoren bat aurreratuten bayako, beti dator, ta gañera pozik, neuregana. Asko maite nau, ta... asko maite dot. Baiña... ezkontzaren ganean ez deust ezer esan egundo. Zergaitik ete da? Damutu egin ete da ni emaztetzat artuteagaz?

***

"Azkenean ipini dau nire senargaiak ezkontzarako eguna —diño beste batek— Kostau yako! Baiña... gizajoa!, egun ori ipiniaz damututa dagola esango neunke. Albiste ori emon eustanetik onantz txarto dabil; batean gomitolarria; bestean, lorik egin bako gauak; argaldu egin... Berbetan be ez da lengoa. Zer gertatu da ba? Ezkontza egunaren bildurra?..."

Zer esan geinke gertakizun oneek ikusi ondoren? Gauzatxo bat: Gaurko gizona ezkontzaren aurrean bildurtu egiten dala.

Biotza... ta telebisiñoa

Gizon asko, batez be biargiñak eta aberats ez diranak, familia eratu edo formau bear daben orduan bildurtu egiten dira. Geinetan diru kontua dala ta eztala. Etxe bat edo bizi-toki bat erosi bear dala? Dirua bear da; lau edo bost seme asi ta ezi bear dirala? Dirua bear da; ta beti dirua, ta beti dirua! Ezkontza aberatsentzat da. Ta oraindiño geiago: gaurko emaztegaiak etxe barria ez ezik, telebisiñoa, frigorifikoa, ekonomika eletrikoa, t.a. eskatuten dautsez senargaiari. Norena orduan errua? Errua emaztegaiena da. Gaurko emaztegaiak eskabide askotxu dauke. Ezkontzaren eskabide oneek ikusi ondoren, nor ezkondu? Ez dira bildurtuko ba?

Estadistikak

Estadistika batek diño: "Gaurko neskak azalekoak, buru gitxikoak, eroak dira. Gauzako sentimenturik ez dabie. Euren burua apaindu ta zaindutea naiko dala deritxoe. Senarrarenganako amodioa ez dakie zer dan. Ta gañera, nun idori neska zintzo, garbia, apala? Nork aurkitu dozena bat amodiorik euki ez daben neskatilletan? Zinera, eskursiñoan, paseoan ibilteko berebizikoak dira; baña ortik gora...!".

Estadistika onek ori esan arren nik ez dot uste gaurko neskak ainbesterañokoak diranik. Gaurko neska taldean asko dira lengo neskak baño txarragoak ez diranak eta obeagoak diranak. Baiña, egia esan bear dot, asko dira burubakoak eta ezkontzari kalte aundia egiten deutsenak.

Aingerua? Deabrua?... Biak batera?

Gizon asko geratuten dira ezkondu barik. Askotan, eurena, gizonena da errua. Beste munduko neskatillea gura badabe..., ta beste mundutik ez da oraindiño neskatillarik jetxi. Gizon askok, larrosaren sua ta kabeliñaren apaltasuna dabezan neskatillea gura dabe emaztetzat. Alde batetik, neska polita, dotorea, jakintsua, adimentsua, alaitsua gura dabe; bestetik neska ona, apala, emonkorra, biargiña... Baiña... "neskatxu" ori nun aurkitu?

Gizon askok esaten dau: "Nire izadia ez da ezkontzeko modukoa; nik bakarrik bizi bear dot. Ezkontzako "berotasuntxoak" ezertxorik be ez deust esaten. Umeak ez yataz gustatzen. Ezkontzak ill egingo leuke nire maitasun apurra...". Ta ez pentsatu Teddy-boystar berbetan nagoanik, ez; gure arteko gizonatzaz baiño.

Badira baita ezkontzak bere ondoren dakarzan arduretasunak atzeratuten debezenak be. Ez dira sentitzen diñ. "Ondo bizi naz —dirauskue—; zertarako gura dotaz buruausteak?".

Azkenez, bada beste taldetxu bat, (ta danak sartzen dira talde onetan, aberats, txiro, oskil...). Bein ezkontzan sartu ezkero —esaten dabe— gizonantzat dana amaitu da: gaztetasuna, adiskidetasunak, errondak... Emaztea ostera, ezkontza egunean jaioten da. Ezkontzan osotuten da emakumea; ezkontzan agertzen da bere amatasuna; ezkontzan gogortuten da bere bizia.

Zer esan geinkee gauz oneen buruz? Gitxi. Problema asko dira ezkontza mundu onetan. Batzuek, esate baterako, diro kontua, amodio kontua, t. a., inportantzi aundikoak dira; beste batzuek: bildurtasuna, oskiltasuna..., aitzakiak dira. Zer egin bear dogu guk eskontzeko dagozan gazte oneen alde? Lelengo entzun euren problematxoak; gero, lagundu problema orreetatik urteten ta azkenez, konprendidu beti! Biar au egiten badogu, famili on asko sortuko dira ta gizon asko pozik biziko dira. Orra or gure biarra.

Idoyagatar Xabier


Jakin ba...

Andre Biargiñaren aunditasuna

Legea edegita emakumeen bierrerantza gure artean

Bear izanak eraginda, etxetik kanpora bierrin dabiltzen andreen bizi-bide makala laster mejoreuta ikusiko dogu. Datorren urtetik erreztasun askoz be geiago emongo yakee oiñarte galasota euki dabezan empresa batzutan sartzeko. Jorborobil eta altuagoak lortu daikeezan, araso sendoagoana joteko ezkubidea izango dabe aurrerantzean andreak.

"Andrea edozelako kontratu bat egiteko eskubidearen jabe da edonun", diño legeak. Onek esan gura dau, oiñarte lez barik, aurrerantzean andrea izateak ez daukola ze ikusirik kontratu bat egiteko orduan; emakumea gizonezkoagaz joteko erreyan jarrita dagola. Baiña, alan da guztiz be, emazteak bere gizonaren baibenagaz egin bear dau dana beti.

Araso zastarrak

Eta andrearen erakoak diran bierrak be aurrerakoan asko geiagotuko dira. Amendik aurrera andrearen ganoratasuna erakusteko unea zabalago izango da bierrean. Araso gitxi dira bere peligru edo astuntasunagaitik emakumeak aurrera eroan ezin dabezenak. Ia andrea danerako aukeratuta dago. Andamioetako lanak eta mundu onetara bidean dagozan semeen osasuna galasoten dabenak izan ezik, legez beste danak egin leikez andreak. Gabaz be galasota daukee bierra artzea.

Begitu ba, andreak bier leku asko irabazi dauz eta ez dago txarto. Gaur-arte andrearen balioa ez da izan bere neurrian aintzatua, ez da gitxiagorik be; baiña gaurtik bier askotan gizonezkoagaz konpetiduteko erreyan dago emakumea. Baiña alan da guztiz be ez dogu astuten iñoiz andrea gizona barik emakumea izango dala beti, ta orregaitik gitxiagotxuago.

Bierra ta ezkontzea

Baiña Eleiza Ama Santak andrea bere etxe beroan sartuta ikustea nai dau ezkontzen danean. Baiña au ezin leike bete famili askoren barruan eta emaztea aiñtxe dago bere gizoneri lagunduteko desiguaz; prest dago bai familiko kargak arintzearren. Orregaitik ba, errez ixten dau Eleizak eta ondo ikusten dau andre biergiñak gizonari presteuten deutson laguntsa maitasuntsua. Ori dala-ta ainbet ariñen ikusi gura geunke konponduta andre guztien bier-izana.

Eta orregaitik ez ikeratu emendik aurrera emakumeak eta gizonak sueldo bardiña artzen badabe bier bategaitik. Au txalogarria izango litzake ta famili askoren salbazioa! Ba ez da ikusgarria gaur jasoten dana emakumeak pagoa jasoten doazanean-ta. Zegaitik diferentzi ori, biak bardin egiten badabe?

Egiztatu

Oiñartekoa eginai ikusgarri bat da; proyecto aundi bat. Paperean idatzita dagoan gauza eder bat bakarrik. Eta sayatu gaitezan danok ainbat ariñen lanbide eder oneri arnasa ta bizia emoten eta gure arteko emakume biargiñak topau dagin euren soluziñorik onena ta egokiena. Ez daigun itxi iñoiz atzean emakumearen bier zaletasuna. Baiña alan da guztiz be, gure arteko andra biargiñak ez daiela astu iñoiz bere aunditasuna ta bere emakumetasuna! Biergiña da, baiña beti gizonezkoa baiño debilago ta amaago!

Anai Yon Zabalgo


Aita Imanol-ek Paris-etik

Kristoren Errevoluziñoa

Eraillaren (setembrearen) lenengo astean, milla ta zazpireun bat eleizgizon —fraille ta abade— batu giñean Paris-en. Antxe egon giñean bost egunean, datorren urtean zelan lan egin bear dogun pentsatzen, estudiatzen, organizatzen. Danok batzan jardun genduan, frantsesak, holandesak, belgak, portugesak eta espaiñolak. Eginbearra aundia zan: bide barriak, metodu barriak billatu, Kristoren dotriñea fabriketako ta itxasoko langille gazteen artera eroateko.

Gaur egunean, errevoluziño ikaragarri bat ikusten gagoz obreruen eta itxastarren bizimoduan: errevoluziño teknikoa, ekonomikoa ta soziala. Zoritxarrez, errevoluziño orrek ez deutso beti jaramonik egiten Kristoren irakaspenari. Ta orregaitik, kristiñau guztiok eta batez-bere guk eleizgizonok alegiña egin bear dogu, errevoluziño ori kristiñaututeko. Orrexetarako batu gintzazan Paris-en.

Paris, errevoluziñoaren sorterria

Kristoren errevoluziñoa eratuteko, non Paris-en baiño obeto? Paris-en, errevoluziñozko gauza asko etorten jakun gogora, eta indar espezial bat asmetan genduan barruan, gaurko zoritxarren erremedioa billatuteko.

Lo egiteko, Vaugirard kaleko Karmeliten Komentura eroan ninduen. Aintxiñako monjen ordez, orain abadekiak bizi dira bertan. Urrengo goizean, mezea emoten, eleizako kriptara jatsi nintzanean, impresiño guztiz sakona artu neban. Kripta erdi erdian kurtze aundi bat egoan. Urretu nintxakon berari, eta letrerutxu baten irakurri neban bere historia. Bariku guren baten, irakurtze orretan dingilizka egon zan iru orduan Lacordaire fraille famadua; eta kripta orretara etorten zan sarritan, otoitz egiten eta odolezko azotaldiak artzen, pulpitura prediketan igon orduko.

Kriptako ormetan sepultura asko ikuss nituan; baiña batek eraso eustan geien. Antxe egoan enterratuta Vaugirard kaleko Karmelita Komentuaren monja fundatzaillea. Ikusi dozue Diálogo de las Carmelitas pelikulea? Ez zarie gomutetan monja aregaz, urkamendira joan barik lotu zanagaz? Ez zarie akordetan, zelan esan eutson kapellauak bizirik geratuteko, Karmeliten Ordenea berak sostenidu bear ebala-ta? Ba, monja axe zan urrean kriptan enterratuta egoana. Beiñik bein pentsamentu ori etorri jatan niri burura, sepultura arriko historia irakurri nebanean.

Baiña beste gauza batek impresionatu ninduan oraindiño geiago kripta aretan. Antxe ikusi nituan, goizeko ixiltasun eta bakartadean, frantsez matziñadako martirien buru azurrak. Komentu atan egon zirean kartzelatuta ainbeste fraille ta abade —euren artean iru frantziskano—, eta danak galdu eben euren bizia Paris-eko errevoluzionarioen eskuetan, iraillaren bian, milla zazpireun ta larogetamabigarren urtean. Ain zuzen-bere egun orretan bertan eldu nintzan ni Paris-era, eta nire lako fraille frantziskano bat izan zan errevoluzionarioak lenengo il ebena, komentuko hortuan breviarioa errezetan egoala. Negarrez veneratu nituan euren errelikiak, eta devoziñoz beterik errezatu nebazan euren hondran neure breviarioko otoitzak.

Martirien jarraitzailleak

Karmeliten Komentuko martirien antzekoak izan bear geunke Paris-en batu garean eleizgizonak. Orixe eskatuten deusku Aita Santuak, Kristoren errevoluziñoa fabriketara ta barkuetara eroan gura badogu. Baiña errevoluziño ori ez dogu geuk personalki egin bear, geuk formetan doguzan obreruak eta itxasgizonak eurak baiño. Eurak artu bear dabe arazo orren errespontsabilidade direktua, eta lantegietan naiz untzietan eurak izan bear dabe Kristoren testiguak (martiriak). Olan izan ezik, alperrekoak izango dira eleizgizonen alegiñak, eta langilleak ez dira iñoiz Kristoren esanera biurtuko.

Zer egin, obreru ta itxastarren artean kristiñau gazte ondo preparatuak formetako? Zer egin dogu oraiñarte? Zer egin geinke aurrerantzean? Oneexek izan zirean, Paris-eko kongresuan erabilli genduzan problemak.

Espaiñi aldeko Euskalerritik iru sazerdote egon giñean bertan: Don Francisco Otamendi, Bilbaokoa, Don Manuel Balenciaga, Donostikoa, eta neu. Irurok, Itxas Apostoladuko kapellauak, eta Kristiñau Itxas Gaztediaren zuzendariak.

Gauza asko ikusi ta ikasi genduzan Paris-eko batzarrean. Euretariko bat bakarrik esango deutsuet bein. Jaungoikoari eskerrak, oraindiño Euskalerriko itxasgizonak —mariñoak eta arraintzaleak— beste naziñoetakoak baiño kristiñau obeak dira. Baiña gaurtik aurrera, motivu askogaitik, gero ta gatxago egingo jake ventajatxu ori gordetea. Arazo onetan ez da naikoa eleizgizonen alegiña. Itxasgizonak eurak artu bear dabe euren fedearen erantzunbearra; eurak lan egin bear dabe barku barruan lagun urkoaren siñismena gorde ta geituteko, Eta beste guztiok lagundu egin bear deutsegu eureri zeregin onetan, bakotxak al daian moduan.


Azeriaren gogoetak [Bertsoak]

Valentín Enbeita

Neure bizitza zelangoa dan

Gura neuke nik azaldu

Naiz ta gizonak egin ez arren

Nire esanak siñistu

Mendietako aitz zuloetan

Artzen dot neure ostatu

An egiten dot esamiñia

Gilborra zelan asetu.

Ardi ta bildots bardin arkume

Ollo ollanda ollarrak

Orrexek dira nire gogoko

Janari gozo bakarrak

Eskuratzeko egiten dodaz

Buru austiak gogorrak

Neure atzian dabizelako

Gizonak eta txakurrak.

Gizonak nai dau bere eskuti

Gauzak erabilitia

Bere gilborra asetu eta

Azerientzat gosia

Orrez gaiñera oindiño geiao

Neure bizia kentzia

Kostako jako nai dauen legez

Ni tranpan arrapetia.

Ardi ta bildots ta egaztiak

Baldin badodaz garbitzen

Gizonak askoz geiago dituz

Neurriz kanpora ondatzen

Alan da bere euren burua

Santutzat dabe agertzen

Guriak egin dau lege obarik

Munduan ezpada sortzen.

Odol zalia deitzen deutsie

Gizon orrek azeriai

Eurak aiztoa gogotsu sartu

Bildots eta egaztiai

Jataldi eta banket ederrak

Egin astegun eta jai

Txarto egiñen errua gero

Azeriari emon nai.


Or, an, emen

Mundua olan dabil

Bakea bear dogu. Gorrotoz naiko aspertuta gagoz-eta. Periodikoa irakurtea baiño eztago: naziño andien arrokeriak, erri txikien askatasun-zirkiñak, gudak, inbasioak... loratu egin garala esan leike. Alde batetik, "sartaldekoak" edo amerikanoak, Frantzia, Inglaterra, Alemania ta beste naziño batzukaz ondo alkarturik; bestetik, "sortaldekoak" edo rusoak, ainbeste ta ainbeste; eta irugarrenez, "neutralistak" edo erdikoak: India, Yugoslavia, RAU Egipto ta Siria, Ghana... ta, esate baterako, Afrika ta Asia guztia. Orren gatx egiten yaku gizonori alkar ulertutea? Mundu au ezin da baketu ta obatu guda ta errierta garau barik. Ona emen gaurko munduaren su lekoak:

 ANGOLA.—Len Portugal'en probintzia izaniko naziño onek, orain bere askatasun gura dau. Eztau besterik eskatuten. Baiña, Portugal'ek orixe bera be ez deutso gura emon. O.N.U.'ra eroan dabe auzia ta onek erantzun dau Angolakoak naiko dirala ia bere burua gordeteko, au da, ordua dabela bere libertadea lortuteko. Baiña, bai. Portugal'ek, barriz, beste era batera emon deutso erantzuna: Angola gure probintzi bat da eta or eztago auzirik. Kittu! Bitartean... jo ta il, asko.

 BERLIN.—Guda ostean Alemania osoa zati bitan erdibiturik, Berlin uria ugarte bat legez geratu zan komunista-zatiaren erdi-erdian. Eta ori da Berlin'en jazoten dana. Belingoak ez dabe izan iñoiz bakea rusoen aldetik, baiña gaur iñoiz baiño askozaz txarrago dagoz, libertadearen bide guztiak tankez-eta itxita. Sartaldekoak ezin dabe eroan ori, ta alan jaio da Berlin'go auzia. Zetan amaituko da? Nik uste dot amerikanoak jarrita dagozala rusoen arrokeriak ikusten eta oraingoan eztirala atzez botako.

 ARGELIA.—Beti-betikoa. Baietz, ezetz, Argeliaren askatasuna dala ta eztala, ia eztakigu zer jazoten dan or, ezta noiz akabako dan. Evian'en izan zan batzar bat ori konponduteko, baiña, antza, ez eben atara ezer garbi. De Gaulle'k bitu gura ei dau Argelia. Beste batzar bat izango ei da barriro. Zai-astia.

KUWAIT.—Lengoakaz gitxi daukogulakoan oindiño, ona emen beste gorroto-sagar bat. Eta, total, zergaitik? Uskeri bategaitik. Kuwait naziño aberatsa da, petroleo asko dau-ta. Alan da guztiz be, eurek eskatu ebenean, inglesak libertadea emon eutseen. Baiña ia nondik nora otuten yake Irak'oeri Kuwait'gaz egitea. Inbasioa. Guda. Sartuten dira inglesak naziñoa zainduten. Doa auzia (bein da barriz) O.N.U.'ra ta gaur-arte.

 LAOS.—Emengo au illunegia da. Gatx egiten da nok daukon errazoia esatea. Bertan naziñoan be eritxiak larregi dira. Bakoitzak bere jefia gura dau, eta jefe oneek Europatik dabiltzan artean, errazoia norberak daukola erakusten, euren gizonak —gizaseme gaixoak— antxe dagoz batak bestea ilten. Guda. Ginebra'ra eroan dabe kuestiñoa gauzea azalduteko, baiña, ezta ikusten ezer argi. Argiena, ori: alkar-gudea, oraingo onetan geldituta egonarren be.

 CUBA.—Gaur egunean izen orrek asko esan gura dau. Cuba'k erakuspen asko daukoz munduarentzat. Cuba'k barri bat ekarri deutso munduari, baiña, barri ta ikasgai oneek alde batera itxirik, bertako gauzak ez doazala ain ondo esan bearrean nago. Abadeak eta monjak iges egin bear izan dabe, Estaduaren lapurkeriak larregiak dira, erriak bere askatasuna galdu dau, gose da jendea... Fidel Castro'k barriro gura ei dau EE. UU.'ko ezaubideak iriki, areek, ostera, eskatuten deutsoe lenago apurtu daiazala rusoakaz daukozan ikusiak.

 CONGO.—Emen jazorikoak ez izan baleusku erakutsi okerra, orduan esango geunke: "Afrika afrikanoentzat..." Baiña, Congo erakuspen baltzegia dogu.

 SUDAFRIKA.—Negargarria. Endaen erdibitasuna, zurien eta baltzen berezia. Sudafrika'n zuriak milloi bat dira, baltzak bost milloi. Baltzak, barriz, ez dauke areen eskubiderik, "taldeetan" bizi dira (ardiak legez), autoan ibilteko txartela bear dabe... eta abar. Orain denpora bat, euren askatasuna lortu ebenean, orduentxe izan zan guda itzel bat Sudafrika'n, zuriak eta baltzak dirala-ta. Eleizak berba egin dau. Txarto dagola berezitasun ori esan dau. Baiña, ez. Bertako lendakaria dan Dr. Verwoerd eztago atzez egiteko. Ez: baltzak ezin dabez zurien aurrerapenak eta eskubideak izan. Guzurra.

BAKEA bear dogu. BAKEA gura dogu. BAKEA eskatuten deutsagu gure Jaungoikoari, mundu onetan bakezko gizonak guztiz gitxi dira-ta.

KEPA-DEUNA


Gertakerak

AGO BETE AGIÑEGAZ. Balzac nobelistea, ganera grafologua zan; eta, berak uste ebanez, onenetarikoa. Ez eiakon pasako berari ezer usaiña artu barik kartaren bat astertzen asten bazan.

An joan iakon baten andra bat karta bat eskuan ebala. Karteak umeren batena emoten eban, baña, bere edaderako, oso aurreratua eta argia: letra ederra eta garbia ikusten zan. — Ara jauna —esan eutson andreak— esadazu mesedez zer izango dan mutiko au. Balzacek ondo begiratu ondoren: "Beren ama zara? — "Ez jauna" — "Beren senidea? — "Ez jauna" — "Ba... konfiantza guztiagaz egia esango deutsut: Mutiko au bere bizitza guztian astakillo, kirten, lelo bat besterik ez da izango". Orduan andreak: "Baña... Balzac jauna, egia ete da zeure gaztaroko letrea ez dozula esagutzen?"

AITA ZELAKOA, SEMEA ALAKOA. Rivarol jakitunak esaten eban Buffonen semeatzaz:

— "Nor dan? Bere aitaren "Istoria Naturaleko" kapitulorik zantarrena.

ONDO ERANTZUNDA. Karlos V Españara eldu zanerakoxe gizontxo bi urratu iakozan gauza aundi eta barri bat esateko asmoz. Errege barriaren lagun egin nai eben. Esan eutsen ba erregeari nun egozan bere areriorik amorrutuenak ondo gordeta. Karlosek goitik bera begiatuz erantzun eutsen:

— "Gizonak, ori dok itxurea..., esan bazeuntzen eureri ni nun nagoan, baña niri esatea arraitio eurak nun dagoazan..."

GAUZA BAKOTXA BERE TOKIAN. Dakizuenez, Valle Inclán, idatzlari edo eskritore bat zan. Mantxua ganera. Era barregarrian galdu eban bere besoa. Alako taberna zistrin batera joaten zan beti. Bein, ondo edan ondoren, erdi kitano bategaz asarratu zan, eta onek besteko barik ipialako makillakadea emon eutson bere beso gixajoa dingilizka itxirik.

Baña eskritore arroak edonundik eteraten eban konsolaziñoa eta egun baten an ebillen botaalako arrokeriak botaten. Bere ustez, eskritore bi izan eidira bakarrik España guztian erdera ondo jakin debanak: Zerbantes eta bera. Eta..., au gauza miragarria, biak mantxoak.

Ainbat bider esan eban gauza bat, Benavente berotu zan eta esan eutson:

— "Valle Inclán, zurea etzan izan gero Lepanton...".

Betiko ixildu zan eskritore arroa.

ZOROA EDO... Korinton bizi zan Diogenes filosofoa bere askengo egunetan. Bere Burua ezebillen ondo ordurako: gitxi jan, errekastokoetako ura eskoakaz edan eta barrika baten bizi zan. Orregaitik zan ain aundia Bere entzutea. Alejandro Nagusiak be ikustea pentsatu eban. Korinto artu ebanean joan zan ba Diogenesgana eta asi ziran berbetan:

— Ni Alejandro Nagusia naz.

— Ni Diogenes gixajoa.

— Ez daukazu bildurrik?

— Txarra edo ona zara ba?

— Ni ona.

— Zelan izango dot ba bildurra gizon on bateren aurrean?

— Antza pobre bizi zara. Zer gura dozu? Eskatu gura dozuna eta emongo deutsut.

— Kendu zaitez bada eguzkitik, eguzkia gura dot eta.

CHURCHILL ETA JOHN. Oraindiño Inglaterrako ministroa zalarik, Churchillek lagun barri bat aurkitu eban. Lagun itxura bakoa eta erdi buru bakoa: Augustus John. Bere lagunak ez egozan konforme eta bein baño geiagotan esan eutsen aldeteko pizti arengandik, ez etorkiola ondo lagun aren famia ta. Churchillek erantzun eutzen:

— Badakizue zuek nor zan Rafaelen denporan Erromako ministroa?

— Nor jakin?

— Ostera danok dakigu Rafael nor zan.

NAI TA NAI EZ AGIA. Ez dago zergaitik esan nor zan Nietzsche. Esaten eutsan bere lagun bateri bein:

— "Dana dala neure bizitzako gauzarik ederrenak kristiñautasunari deutsadaz zor".