ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 82

IRAILLA (9) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Olgetan eta benetan

"Umea beti ume", esan izan da. Baña umee danak ez dabe uste izaten gizonak ez diranik. Euren olgeteetan eta autuetan gizon itxurak eta plantak agertzen dabez eta euren egiteak aintzakotzat artzea eta goratzea atsegin izaten yakue. Bestela arpegi illuna ipinten dabe.

Baña zarritan nagusiak eukiten dabe erroa. Munduko nazio asko ikeratuta, estu eta larrituta dagoz euren umeen jokera eta gaizkille bideak ikusirik. Leku askotan umeak euren aingeru izate ona eta mantsotasuna galdu egin dabe. Egunero diardue periodikoak eta errebistak inguruetako ume eta gazteen zantarkeriak azaltzen.

Zergaitik ainbeste gaizkille gaurko munduan? Danok izan gara umeak eta danok dakigu umeentzako pitzirik eta politena egin antzarik geiena dabena dala: negar egiten daben muñekatxoak, tiroa botaten daben pistolak eta abar. Eta ez da ikusten pistola, eskopeta eta ametrallador gitxi gure kalietan ume koskorren eskuetan. Eta benetakoak emoten dabe zarritan.

Umeak olako gauzakin bildurra galdu egiten dabe eta lenengo aukeran elduko deutsee euren aiteen eskopetari eta eskura yatorkuezan olako tresna guztieri.

Euren autuak gerra autuak dira, euren jolas-olgetak bata besteari jarraika eta il planteetan igaroten dabez. Euren amesetak be bai zarritan.

Eta ez uste izan gauza oneek euren inportantzia ez dabenik. Umea egin egiten da olako gauzetara. Batez be badatoz zarritan ikusten diran zine eta tebeoak. Euren biotzak maitasun ordez gerra eta amorru sentimentuz beteten dira. Zer egiten dabe ba bestela komunista nazinoetan? Au egia ez danik ez esan, agerpen larregi dago inguruetan eta. Errebista batek baño geiagok egin dau berba onetzaz.

Danak diñotsee gurasoeri zur ibilteko eta olako pitxi zantarrik umeeri ez ekarteko. Beste gauza asko dagoz umeentzako eta orrek baño egokiagoak eta bearrezkoagoak. Ondo bete bear da umearen biotza, baña gauza onez. Umea zeuk nai dozuna izango da, nai badozu kriminala, nai badozu aingerua.

Gurasoen ardura aundia da ba au. Kristiñau sentimentu mardul ederrak sartu bear dira. Eurak artuko dabez lenengo frutuak.

Antonio Zubizarreta


Biarrerako ordu barriak

 Biarra kastigutzat daukogunetik nekagarri ta kantsagarria biurtu iaku. Lengo batean, biarra jolasa ta olgeta izan ei zan gizonantzat, gaur barriz, bere familia edo bere partikarak ondo ikusi gura dabenantzako biarra ezta izaten ain bigun ezta ain erreza bere.

Kristiñaua, barriz, ezta arritu bear biarra leporatuten dabenean, eztau ikaratu bear biarraren ezten zorrotzaren aurrean. Biarra, ondo eroan da, gaurko gizon pekatarientzako penitentzirik aundiena ta ederranatarikoa da.

Komunistek euren egokera daukoe biarraren aurrean, gurea, katolikuena auxe da, biarra penitentzi bat lez artutea.

Olan bada nire ustaz gizonak beti ibilli bear dau lurrerantz makurtuta, asto bat lez, ez olgetako, ez ezetarako ezta iñorako itxaropen barik?

Neu naz ezetz lenengo erantzuten deutsuetena. Iñok bere ez deusku eskatuten orrenbeste, ezta Jaungoikuak bere.

Komunisten jokeran barriz, gizona beti dago biarrian. Biar egin bear da —diñoe— gizona aundiago eta baketsuago bizi daian, baiña bake au aregatik edo onegatik itota egoten da. Bost urtetik bost urtera datoz euren mandatariek agindutako biarrak eta olan datoz biarrik ez egiteko biarrian. Komunismuari biarra faltaten iakon egunean galduta dago edo orduntxe galduten asiko da.

Gizona ezin da bizi biar barik, ezta beti biarrean bere, orregatik ondo pentzautako biar-ordu barri baten beartasuna. Gaurko gizon eta gaurko biarrak, biar-orduak beste era batera ipintea eskatuten deusku. Beste era au billatutea ez da ain gauza erreza; erri askotan biarrerako orduak eta egunak antziñatik truketuta dagoz. Baiña truke onek gauza asko daroaz aurretik, ekonomi, soziedadeko bizitz osasungarri bat eta abar.

Zelan dagoz Españi'n biar-orduak?

Oraiñarteko biar-orduak ba-daukoez euren gauza onak baiña baita euren gatxak be. Orregaitik, gaurko biar-orduak beste barri batzuegatik truke bearra danok sentitzen dogu.

Gaur sentitzen dogu, baiña oraiñarte eztogu sentidu arlo ontan gauza barri baiten beartasunik. Beti da gauza errezagoa antziñakuari jarraitutea; onegaitik ez gara konturatu antza beste gauza barri baten beartasunagaz. Au olan da, baiña eztogu orregaitik gauza txarrik egin, edo egin badogu ez daukogu errurik ez bai'gara konturatu. Gauza barriak berez eta denporiagaz datoz. Gauza earrak jarraitutea txarra bada, txarragoa da gauzak aurreratutea, ba orduan ardau zarrari barria botakeran pasaten iakon kontua pasako iako.

Olan ba, nire ustez, gure artean, biar ordu kontuetan ondo egon gara beste modu barririk iñok ez dabelako pentzatu. Orain, gaur, gure barruan beste gurari barri batzuk bistu ta zurru-murruka dabiltzazala! Ia ba, billatu eta zeindu dagiguzan gure barruko gurari ta naiak, gero kanpora urtekeran ondo bete daitezen.

Benetan, gaur eguneroko biarrak deskantsu asko eskatuten deusku danori. Esku-biarrak asko dira oraindiño, baiña esku-biar oneri geienetan —ogeigarren gizaldiko gizonari— buruauste aundiak dakantsoz.

Olan gauzak ikusita, biarrerako beste ordu egokiagoak billa dabil jentea. Leku batzutan arlo au ondo sustraituten asi dala emoten dau: beste era batera ipiñi dira biar-orduak eta onegaz —pentsatzen dogu— españitarren bizitzak beste izakera biziago bat artuko dabela.

Biar-orduak aldatutea bear-bearrezkoa dogula aitortu dagigun. Jate ta afaritako orduak kaltegarriak eta eziñezkoak dira, eta osasun indartsu ta biar normal baten kontrakuak.

Kaltegarritasun au uri eta erri aundietan oraindiño aundiagoa da, ze askontzako eguardirako etxera allegatea Sollube edo Gorbea'ra igotea baiño txarrago iatorkue.

Olan da guztiz bere, begiratu dagigun biar-ordu barri batek zer dakarren atzetik, edo zer eroan bear daben aurretik, eta zerk eta zertzuk lagundu bear deutsen. Munarriak lez jarri bear doguz aurretik kondiziño batzuk: biargiñak alogere on eta neikua irabazi daiala, kultura ta jolaserako toki egokiak euki daizala, baita izan daizala etxe baketsu eta pozgarriak eta bearrezko lo-orduak.

ALOGERE NEURTU TA NEIKUA.—Fabrikek, ofiziñek eta abar... bost edo seiretan itxitzeak zetako balio dau, justu-justuan bizitzeko, extrako orduak "sartutea" beartuta arkituten bada biargiña? Orregaitik, irabazi neikua, ostarantzean, zertarako biar-ordu barriak?

KULTURA TA JOLASERAKO TOKI EGOKIAK.—Biargiñak bost edo seiretan urteten badabe euren biarratik, —esate baterako, diru neikua irabaziaz—, zer egingo dabe ordu libre orretan, kultura edo euren biarratzaz zeozer geiago ikasteko, edo euren afiziñoko gauzetara joateko lekurik eta tokirik ez badaukoe? Irabazi daben dirua batek daki non urtuko dan...

BEARREKO LO-ORDUAK.—Bai ba, goizean goize altsa bear bada, gabaz ainbet ariñen ogera joatea obeto. Baiña ziñak, ardautegiak, kafetokiak eta beste toki antzekoak gabeko orduetan itxitzen badira. Españi'ko gizonak lo egiteko astirik barik geratuko dira. Bear-bearrezkoa da ba, ordu-barri onek danentzako gitxi gora-bera bardiñak izan daitezan. Ez dagigun gauontzat bizitzeko egin, olan bakoitzak, biaramonean berari tokaten iakon biarrari ondo baiño obeto eutsiko deutso. Biargin gautarrak eztauko sentidurik, batez be gaur egunean.

Gauza danak ezin dira egin alda batera, baiña goazen apur-apurka biar-ordu barriaren albo onak eta txarrak aurrez ikusten, pauso onak emon dagiguzan, eta batez be, gorago ikusi doguzan lenengo ta bigarren puntuak gogoratu dagiguzen gauza on bat egin gura badogu.

Biarrerako ordu barriak gura badoguz, lenago bete daitezela esan doguzan kondiziñuak, erriren baten jaso dana barriro gure artean ez dagian: ordu barriak emon baiño lenago komerzio bat amarretan zarratuten zan eta barriak emon da gero ordu orretantxe zarratuten jarraitu eban.

Matxorri


Amaren eriotza [Bertsoak]

Juan Ibarzabal

Milla bederatzireun

Berrogetabata

Otsaillak ogetabi

Eta larunbata

Amarrak baño leno

Bederatzik jota

Goiz artan artu gendun

Disgustu galanta

Ura baizan negarra

Amatxo il zan-ta.

Ama maitegarria

Juan ziñan mundutik

Ia entzuteidazun

Zagozan lekutik

Orra bertso batzuek

Semian agotik

Beti zugaz pentsatzet

Goizian goizetik

Nik etzaitut aztuko

Mundukuakgaitik.

Azkeneko arnasa

Eman zendunian

Antxe egondu nintzan

Oian barrenian

Nik al izan nuenik

Modu onenian

Otoitz egiten nuen

Zure izenian

Ama zeruratzeko

Bide zuzenian.

Bular gañin arturik

Esku ta besuak

Tristiak izan ziran

Orduko pausuak

Aitak amarentzako

Malko ta mosuak

Ori ikusi gendun

Fameli osuak

Or azken partiera

Gure gurasuak.

Kanpo santuan sartu

Igande goizian

Entierrua egin

Lenako klasian

Senidiak guziak

Ara batu zian

Egun artako itzak

Ain illunak zian

Neri etzat aztuko

Bizitza guzian.


Aita Imanol-ek Irlandatik

Atletismo Jokuak

Gaur zabalago verba egingo deutsuet Europako Kristiñau Estudianteen Atletismo Jokuen gaiñean. Zerbait esan neutsuen lengo illeko kronikan.

 Igaz, jokuok Donostian izan zirean. Aurten, Irlandan, julioren 17-tik 21-erarte. Naziño askotako atletak batu dira. Danak, gazte gazteak. Amazortzi urtetik beerakoak. Zarragoak ezin daikee jokatu.

Dublin-etik urre, Gormanston-en, ikastetxe eder bat dauke fraille frantziskanoak. Europako ederrenetarikoa ei da. Berton nago ni demporadatxu bat igaroten. Ona datozan guztiak, arrituta geratuten dira kolegioaren edertasunagaz. Barri barria da. Aundia, argia, garbia, guztiz modernua. Deporte egiteko, errezpide guztiak daukaz: zelaiak, frontoiak, pistak, ugertokiak.

Berton egon dira hostatuz estudianteak bost egunean, jokuak iraun daben bitartean. Nataziño probak berton izan dira, eta Droghedan —alboko erri baten— osterantzeko jokuak.

Espaiñolak

Espaiñiko estudiante grupoa guztiz indartsua izan da, Nataziñoan eurak irabazi dabez urrezko medailla guztiak. Basketbolean eurak izan dira nagusi, eta atletismoan iñoizko ondoen ibilli dira.

Jokalari geienak, katalanak izan dira ventajaz. Gero, euskaldunak. Eta urrengo, beste provintzietakoak.

Entrenadore baten lagun aundi egin nintzan. Euskalduna bera. Eta alako baten, atletismoa zelan dagoan Euskalerrian galdetu neutsan.

— Atletismoa txarto, Kataluñiaren aldean. Guipuzkoan, Bizkaian baiño obeto. Atleta ona izateko, entrenamentu asko egin bear da; eta orretarako leku egokiak bear dira. Donostiarrak pista eder bat dauke Anoetan. Lastima aundia, Bilbaotarrak beste orrenbeste ez eukitea. Orrezaz gaiñera, zaletasun gitxi dago Euskalerrian atletismo jokuetarako. Atletismoak ez dau dirurik emoten, eta eskatu bai idealismoa, sakrifizioa ta perseverantzia. Euskaldun gazteak ez dira, bear dan beste, konturatuten amateurismoaren importantziagaz. Eta azkenik, Euskalerrian —noren erruz?— atletismoaren alde alegin gitxi, propaganda gitxi egiten da.

Frantziskanoak

Kolegio onetako frailleak importantzia aundia emoten deutsoe atletismoari. Entrenadore bi daukez, eta biak dira frantziskanoak. Bata, fraille izan orduko, boxeadorea izan zan; eta bestea, urtean urtean joaten da Inglaterrara, entrenadore ofizioa obeto ikasten.

Ona emen eunetariko bategaz beiñola euki dodan alkarrizketea:

— Ze impresiño emon duetsue espaiñol atletak?

— Oso ona. Mutil guztiz leberrak dira, jasekoak, ondo entrenatuak, eta atletismorako kapazidade aundikoak. Total asko eraso deuste euren bizkortasun eta flexibilidadeak. Diskoa ta burdiñezko bolua jaurtigiten ez dira ain onak izan, beste naziñoetako mutillak aundiagoak eta indartsuagoak izan direalako.

— Espaiñol atleten artean, zeiñek impresionatu zaitu geien?

— Duda barik, Alberto Esteban-ek eraso deust geien. Zaragozako korrikalari onen markea, 1.500 eta 800 metroko karreran, izugarria izan da. Beste markak-bere, javaliñan eta pertika saltuan, biziki onak izan dira.

— Zelan zagoze Irlandan atletismo kontuan?

— Beste naziñoen aldean txarto. Baña tira! Urtean baiño urtean obeto dabiltza. Atleta onak atarateko, klub asko bear dira; eta ori ez da posible Irlandan, gure populaziñoa guztiz eskasa da-ta. Gaiñera, gobernuak ez deusku oraiñarte ezetan lagunduten. Alan ta guzti-bere, beti irabazten izan dogu medaillaren bat Joku Olimpikoetan.

— Zelan dago atletismoa kolegio onetan?

— Ondo ondo ez. Gure kolegioa eginbarria da. Bost urte bakarrik daukoz. Oraindiño tradiziñoa falta jaku atletismorako. Baiña ori gorabeera, Irlandako beste kolegio asko baiño obeto gagoz. Aurten, Europako Kristinau Ikasleen Atletismo Jokuotan zazpi mutil presentatu doguz.

— Entrenadore zarean aldetik, zeintzuk dira zure aurrerantzeko planak?

— Ba... biztu mutillen artean atletismorako zaletasuna, entrenamentu geiago egin urte guztian batez-bere neguan, sartu basketbola kolegioan, eta ikasi obeto neure ofizioa, atleta onak atarateko.

— Zure ustez, atletismoa zegaitik da ona mutil gazteentzat?

— Errazoi askogaitik. Lenengo, atletismoak asko lagunduten deutse gorputz osasuntsua eukiten. Bigarren, kampora botaten ditu mutil gazteen burutik beste zaletasun zantarrak. Irugarren, sortu ta indartu egiten ditu euren biotzean virtute ta kualidade on asko, esate baterako, pazientzia, determinaziñoa, sendotasuna ta perseverantzia. Atleta batek sakrifizio asko egin bear ditu. Ta azkenik, gaur egunean gazteen artean krimen ta delinkuentzia gitxiago egongo litzake, mutillak atletismorako zaletasun geiago baleukoe.

Gormanston, 1961, agostuak 1


Senargaia aurrean!

Gaur esan gura deutzuetazan gauzak, neska gazteentzat bakarrik izango dira, senargaia artzeko dagozen neskatilleentzat. Oartxu batzuk. Zelan portatu bear zareen zuen bizitzako gai gatx orretan.

Zuen errian edo auzoan zenbat gura mutil eukiko dozuez. Eder, sendo, aberatz, langille... norbaitekoak. Ez izan bildur. Orretariko baterenbat zeuen atzean ibilliko da, itxututa, zeuen maite-miñez. Iñork ez deutsue agertu oraindik zuenganako maite-miñ ori? Zelan ez! Baña, kontuz! Astiro ibilli.

Bai-itza emon orduko iñori, ondo ezagutu bear dozue "laguna". Nor da?, ze guraso ditu edo zelako nortasuna dau? Izen onekoa ete da ala ez? Laguna ondo ezagutu barik eztozue erabakirik artu bear. Itxaron. Orretarako, mutil-laguna ezagutzeko, alkarberbetak dozuez, alkar-ibilketak, paseoak, plaza dantzak,... Baña, oraindiño ez. Ezin zeintekeze emaztekotzat eskeiñi edozein mutil gazteari arpegi galanta daukolako edo diru-otsa partikaratan... Um! Txakur-aundiak izan leitekez... Gero, bai; ezagututa gero, akatxik ezpadeutsazue arkitzen eta mutil galant ori aukerakoa ba-dozue, orduan esan deikiozue maite dozuela, senargaietzat gurako zengiela.

Zuen senarra izatekotan dagon mutilla edo senargaia ondo ezagututen ezpadozue ezkontza aurretik, gero alperrik izango dira negar-sotiñak eta barriketak. Berandu. Ezkontzako konpromisoa —badakizue— bakarra ta betikoa da. Neska gaztetan egon ziñeen egoki gauzia artez eta buru-sentsunez egiteko. Orain... betiko!

Baña, berba ori bete orduko, beste eginbear bat be badaukozue zuek, neska gazteok: gurasoen baimena. Aita-seme askoren asarrezioa auxe izaten da. Alde batetik, gurasoak euren seme-alabak bizi bide barria artu bearrean dagozanean, umeen zorionari baño euren gogoari geiago ta obeto begiratzen deutselako; ta bestetik, etxera datorren mutil edo neskatil senarra gurasoen gurarikoa eztalako, seme-alabak gurasoen aurka ezkondu diralako, euren baimena eskatu barik. Negargarria! Baña, errua nork? Errua alderdi bietan izaten da: gurasoen egoismoan eta diru-zaletasunean, eta seme-alabeen nakarkerian.

Alaba gaztea ezkontza aldian edade-zarrakoa izan arren, seme garean guztiok badaukogu gure gurasoakaz iñoiz ordaindu ezin dan zor bat, zorra. Azteko ta gizon egiteko emon dabezan izerdi, buruko miñ, negar eta beste erabaki askoren zorra. Orregaitik, justizia bearrez, errespetoa ta maitasuna zor deutsaguez gure gurasoeri, bizitza guztiko maitasuna ta errespetoa. Eta errespeto onen bidez, gurasoak jakin egin bear dabe euren seme-alabak nogaz dabiltzezan eta nogaz ezkondu gura daben.

Egia da. Gurasoen iritxia betetzeko bearrik eztozue, zuen edadean bakotxa norberaren buru-jabe da-ta. Baña, iritxi ori eskatutzean gurasoeri, gogoan euki, neska gazteok, eurek, zarragoak diran aldetik, argi geiago euki daroela eta zuek baño askoz obeto dakiela zelan jokatu bear dan garai orretan, senargaia artzeko garaian. Gañera, sarri bestetera ibilli arren, nork diño orain eztabela gura zuen zoriona ta ona?

Jakiña da, barriz, maite zaituen mutilla izen txarrekoa ta gaizto-pekataria baldin bada, eztaukozuela zertan itxaron gurasoen iritxia ta asmoa. Zeuek izan bear zarie ezetza emon bear deutsazuenak, gogotsu, berba orrek biotza'ren zatia kenduta be.

PELLO MARI anaiak


Or, an, emen

1. Roma

Oraingo danok irakurriko zenduen Aita Santuaren berbaldi edo enziklika barria, MATER ET MAGISTRA deritxona. Enziklika orretan Aita Santuak gizarte auziak erabilten ditu; beste gauza askoren tartean, barriz, diñosku Aita Santuak nagusi danak, kristiñau eta katoliko nagusiak, egin bear dabezela alegiñak euren morroiak lanaren ondasun eta irebazketan parte izan daitezen. Orixe dala nagusien indarregia kentzeko ta langillen guraria biztuteko erarik onena. Aita Santuak eztau galerazoten ondasunen jabetasuna, bakoitzarena, baiña gura dau Berak jabetasun ori gizon guztiena izan daitela, al diran gizon geienena. Komunismoa bein da barriz kondenatuten dau eta baita jaiotzen neurtiketa gaiztoa... Ez aztu, ba, kristiñaua, Aita Santuak berba egin deusku guri ta baita borondate oneko gizon guztieri. Entzun ondo ta ekin obeto.

2. Kantauriko Itxasoa

Itxasoa! Zeinbat gauzatarako ez dau balio itxasoak! Arraintzaleak, udazaleak, edo beraneanteak, nazioak, itxasoa bear dabe. Baiña orain ille bete, Kantauriko itsasoan denporal itzel bat izan genduan. Illak berrogetak eta onduriko barkoak dozenak. Negar ugaria ekarri euskun denporal orrek. Edonok esango dau ori gerta jakela gure arraintzaleeri ausarditsuegiak diralako edo urrunegi joaten diralako baiña ezta ori egia. Ba-dira emen beste egi garratzago batzuk. Gure arraintzaleak ez lirake ain urrun joango ezta itxaso zoro orretan ibilliko, eguneroko ogia irebazi bear ez balebe: Orixe da egi bat: «zeuen bekokiko izerdiagaz irebazi bearko dozue eguneroko ogia» —esan euskun Jaungoikoak, eta orra or gure arraintzale gaixoak euren bekokiko izerdia, eta bizitza guztia, eguneroko ogiagaitik emoten. Penagarria! Eta bitartean, gure udazaleak ondar-lekuak beteten. Ezta txarto! Ederto dirudigu guztiori eguzkiaren beroa kenduteko ondar-lekuetara joatea, baiña ez jaku orren ederto iruditen onen beste gizon kosta dan itxasoa beste batzuentzat udazaleentzat, pekatuzko atsegin-leku biurtutea. Ez. Obe dabe eurek eskua luzatuaz, ildako arraintzaleen guraso ta senideri lagunduten asitea, kristiñau maitasunean bat egiñik.

3. Mundua

Teknikoak. Askeneko amar urteetan EE.UU. eta U.R.S.S. izan dira tekniko geien emon dabezan nazioak. Ordurarte Europa zan ugariena; Europako teknikoak ziran geienak eta onenak; baiña, orain lotan dala diñoe. Esate baterako, Rusiak milloiko 400 ingeniero ditu, 780.000 milla totalean; EE.UU.'k 200 milloiko, 480.000 eta Europako nazio burudunak milloiko 70 bakarrik. Ikusten dan legez, ba, Rusiak ditu tekniko geienak eta, gañera, EE.UU. asko atzeratuta ei dabil.

PELLO-MARI


Gertakerak

BURUZAGI BATEK EZ. Bere askenengo urteetan Hitlerrek apenas ezer ikusten eban antijo barik. Baña bere arrokeriak ez eutson isten alako trastiakin bere erriaren aurrera agertzen. Esan eutsen bein betiko ipinteko antijo on batzuk, baña berak erantzun eutzen: "Ez, olakorik ez, buruzagi batek ez dau eroan bear iñoiz antijorik". Eskribiduteko be alako makina aundi bat ibilten eieban, letra aundiko makina bat. Azkenean antijuak be ipini ebazan baña ondo gordeta eroaten eiebazan, eta gitxitan joaten eizan etxera osorik ebazala bere berotasun bizian auts biurtzen eiebazan eta.

***

ORIXE DA AMERIKA: Otel pillo baten jabea an ebillen bere etxeak ikusten. Sutondoan aurkitzen dau gizon zaartxo bat bere gauzatxoak ordendu ezinik. Triste eta illun egoan aguretxoa. Diñotso jabeak:

— "Aupa gizona, poztu adi. Neu be plater garbitzen asi nintzoan eta ara gaur aberastuta".

— "Bai, esateko be... ba ni otel dirijitzen asi nintzan".

***

GAUZAK ARGI: Eskozia aldean ebiltzan amerikatar bi, bata baño bestea arroagoak eta dirua eta berbea parra-parra zabalduz. Euren zuzendaria bertako Eskoziako gazte bat zan. Amerikatarrak danari begiratzen eutseen begi txarrez, dana ezereztzat botaten eben. Alako baten erakusten deutse alako etxe aundi eta eder bat. Eta amerikatarrak barrez diñotse:

— "Alako gauzea... olakoak eundaka daukaguz Amerikan".

— "Ez da arritzekoa be —erantzuten deutse besteak— zoro etxea da ori ta".

***

BEGIA EUKI BEAR: Joan iakon bein Benedikto XIVri abogado bat, bere gaztetako lagun zaarra, eta laguntza eske. Aita Santuak baietzkoa emon eutsan esanez: "Biar eleiza aundi bat bedeinkatu bear dot. Jente asko izango da. Zoaz ate ondora eta zagoz antxe ni noanean, urreratu zaitez gero nigana nire antxiñako lagun zaar bat legez". Danak ikusi eben urrengo egunean Aita Santua bere lagun zaarrari mosuka. Jakin ebanian jentiak Aita Santuaren lagun zaarra zala danak eroan nai eben eure etxetara eta arazoetara.

***

ZER EGINGO DA BA? Artista bakotxak bere gauzak eta jokerak izaten dauz. Eta musikoak be inspiraziñoa aurkitzeko gauza barregarriak egiten dabez. Gluck'ek ezer egin nai baeban landa zabal baten erdian jesarri bear izaten eban. Haendel'ek botella bat ardau gorri euki ezkero aingeruen kantak asmatzen eiebazan. Mozart'eri bidean ieatorkozan inungo kantuak. Haydn'ek erroparik eta politenak eta onenak jantzi bear izaten ebazan, eta ganera bizarra ondo kendu, bestela ezer bez. Sacchini bere emaztea eta bere etxeko katua onduan ez baebazan asi be etzan egiten, inspiraziñoarik ez inundik. Beethoven'ek be eskuak ur otzetan sartu bear izaten ebazan musika egiteko. Zer egingo dogu ba?

***

PATATAK: Jonatan Swifteri itaundu eutsen bein zer pentsatzen eban aberatsatzaz. Erantzun eban:

— "Gurasoegandik dana artu dabenak patatak dirala, euren ondasun guztia lurpean dago".