ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 77

MARTIA (3) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Gure domekak

Domekea zertarako da...? Itaunera au ausnartu ete dozu serio eta benetan zeure barruan? Gaur, eleizara goazan artean domekaren zentzuatzaz itaunduko bagendu, erantzunik bage ez ete giñake aurkituko?

Alemaniak katolikuak ugari debezala badakigu, baña ez da nazio katolikoa esaten deutsaguenetakoa. Alan da guztiz be, an emon daben lege barri batek zutundu deuskuz gure uleak. Eta bera aletu nairik gatoz. Alemanian zapatu eta domekea ez dira biar egunak. Ango bizi-modu aparteko au begien aurrean arturik lege au zabaldu dabe ango agintariak: domeketan debekatuak gelditzen dirala deporte eta diberziñoak.

 Lege onen esplikaziñoa auxe da: zapatua jai eguna danez, ez da biarrik izaten lantokietan. Eta lege au egin daben burutapenak onexek izan dira: zapatua deporte ta diberziñoetarako erabilli dagiela eta domekea famili-bizitzarako, lagunarteko artu-emonetarako, senidearteko goxotasuna biztu ta indartuteko ta Jaungoikoari zor iakona emoteko izan dedilla. Ederto pentsatua...! Zorionak Adenauer ta bere laguneri...! Leziño probetxugarria gaurko naziñoentzat.

Gure pentsamentu eta konbersaziñoetan askotan era onetara mintzatzen gara: "Au mundua, zelan bizi direala uste dozu orretako jentiak...! Txarto dabiltz...!" Baña ez uste, Alemaniak beintzat zerikasi ederra emon deusku: domekea atsedena artzeko ta Jaungoikoarekiko obligaziñoak beteteko dala, alegia.

Nik ez dakit, baña gure domekak, domekak ez diralakoan nago askotan. Meza entzun bai, Meza entzuten dogu; baña domekea ezta "Jaunaren eguna" antxiñako kristiñauentzat lez. Gaurko domekak, batzuentzat gorputzari deskantsu emoteko besterik ez dira; beste batzuentzat deporte eguna; arentzat polito jantzita dibertidudeko eguna, arantzagokoentzat an-emendik alai-alai ibilteko eguna... Iñor gitxik somaten dabe domekaren esanai sakon eta santua.

Domekaren zentzua galdu dogu. Eta onen sustraia barruagoan aurkitu bearko: epeldu egin gariala, erabat otzitu ez bagara...!

Iñaki Albisu


Komunisten metoduak

Esanda dago komunismoa ateoa edo Jaungoiko bakoa dala. Orregaitik ba eztauke ez moralik, ez antzekorik. Euren morala, Estaduaren probetxua edo komenientzia da beti: Estadu komunisterentzat ona dana, dana da ona. Zer esanik be ez indarra, zigorra, bildur-jaurkerea, bonbak, eriotzak eta beste olako gauzak ezin obeak direala. Baña edonun sartutzean ez dira orretara agertzen. Ori baño listoagoak badira, eta jakitea dabe bai ondo zelan ixildu eta eskutatu euren gogapen gaiztoak.

1.—INFILTRAZIÑOA. Itxura eta iasako personatzat sartzen dira kargu baten usaintxoa artzen daben tokietan. Olantxe gazteen kuadrilletan eta batez be eskoletan; eta baita, guzurra dirudi baña, komentuetan euretan be. Sindikatuak izaten dira batez be eurentzat desiatuenak.

2.—ASOZIAZIÑO NEUTRALAK. Zarritan fundaten dabez komunistak alako "asoziaziño neutralak" edo dira diralakoak. Neutralak izenez, baña iñoiz be ez izatez. Bertako kargu edo ofiziotxoak ondo gogor artuta egoten dira komunisten eskuetan. Asoziaziño oneek jakituria zabaltzeko eta ez dakit nik zenbat gauzatarako izaten eidira. Baña euren egizko finalidade bakarra lagun barriak batzea izaten da. Gauza guztiak ilustraziño eta jakituriaren izenean esaten dabez. Eta ilustraziño eta jakituri ori badakigu zalakoa izaten dan: Jaungoikorik eztagola, materia besterik eztagola, gizona monotik datorrela eta abar. Orixen da euren jakituri barria.

3.—FRENTE ALKARTUAK. Komunistak dana egiten dabe, itxuraz beintzat, naziño eta erriaren onerako: bera aunditzeko, bera indartutzeko. Gaur bertan zelan dabiltz ba Kuban? Denpora asko eztala Kubako "Gaztedi Sozialisteak" aulako dei politak bota ebazan: "Gazteak, alkartu zaitezte". Katolikoeri eureri be eurekin alkartzeko eskatu izan deutsee: "Katoliko gazte orreek be, gure kontra egin barik, betoz ordu onean gugana; danok bat eginda, gaztedia eta gure Kuba maitea salba dagigun". Berba politak benetan tranpa eta pentsamentu txarrez beterik ez balegoz.

4.—ETSAIAREN DIBISIÑOA. Esandakoaren antzekoa da metodu au. Ardura aundia izaten dabe beti dibisiño lan onetan. Ondo baiño obeto dakie zelako errazoi aundia eukan Kristok: "Edozein erreiñu zatituta badago, laster da beian", esan ebanean. Etsaiak banatu ezkero laster egiten dabe euren egitekoa. Ejenplo ederrak daukaguz Europako naziño askotan eta Txinan. Eleizeagaz beragaz be bardin egiten dabe. Abade pobre eta aberatsaz asten dira lenengo; gero etxeko eta estranjeruatzaz. Askenean esaten da Erligiñoa Inperialismoaren lagunen kontua dala, erriaren benenoa eta opioa. Eta laster etorten da abadeengandik urruntzea eta Erromagaz austea. Txinan gaur eurak egindako "obispo" apartekoak daukez. Benetan apartekoak!

5.—ETSAIEN FAMIA ZAPALTZEA. Naikoa zan Stalinen denporan, bat erriaren etsaia zala esatea, eta au edozer gauzagaitik esaten zan, urrengo egunean kunetan aurkitzeko. Olako etiketa asko manejetan dabez komunistak. Bein edo bein edozeñeri "reakzionarioa" esaten badeutse, kito, ez da besterik bear.

6.—BESTE PARTIDUAK. Aparteko maixuak dira beste partiduekin bat egiten eta azkenengo orduan talo osoagaz geratzen. Partidu oneek eztabe zarritan olakorik uste izaten, baña larregitan pasa da gauzea ez ikusteko. Liberalak, eta nazionalismoak dira batez be eurak inketan diran mobimentuak. Ara or Afrika guztia sutan. Gustora dabiltz oraintxe komunistok sekulo bada, Lumumbaren eriotzat grazi gitxi egin deutse baña.

7.—BESTEEN LANAK EURENAK BALIRA LEZ ZABALDU. Kuban gertatzen dana. Azpalditik egoan Eleizea deika "Reforma Agraria" bear-bearrekoa zala eta ainbat ariñen egin bear zan gauzea zala. Baña Kubako gaurko komunistak ezteutsue olakorik esango, eurena eta bakar-bakarrik eurena dala ze. Egia esateko, egiten diarduen "Reforma Agraria" ori eurena da bai bakarrik, Eleizeak iñoiz ontzat emon ezin leiken reforma komunistea.

8.—JUSTIZIA. Berba au usetan iñoiz lotsarik eztabe izaten. Naziorik geienen lagun izateko, justiziaren lagunik eta zintzoenak eta amorrotuenak legez agertzen dira. Baña justizi au, justizi komunistea beti. Ikustea baño eztago zelan dabiltzen Suramerika guztian zarataka eta aupadaka askatasun eta libertade eske. Eurak dira justizi eske dabiltzanak eta erri areen sentimentuak zitaldu eta goritu dabezenak. "Bera Inperialismoa, bera yankitarrak, bera inglesak". Eta bitartean aastu edo kontixu Rusiaren inperialismo zantarra eta nabarmena, Ungria eta beste olako gauzatxoak.

Ara emen komunismoaren metodu batzuk. Danak dira onak eurentzat. Buruko miñik gogorrena Eleizeak emoten deutsee. Ortik euren ikusi-ezin zitala Eleiza eta eleizgizonentzat. "Fedea makaldu bear da —diño komunista batek— gure alegin guztiak orretaraxe zuzendu bear doguz, ia egunen batean iko eldua lez jausten bada fede zikin ori".

Eta or tabernetan eleizgizonen kontra berbetan dabiltzanak, zer uste dozu direla? Komunistak? Ez komunistak bear bada, jakinez beintzat, baña ortixik asten dira komunistak. Zarritan uste izaten da norberaren buruagaz pentsatzen dala, baño askoren berbak eztira beste aldeen baten batutako egi itxurazko astakeri batzuk besterik. Amaika bidar pentsatu dot olako gauzak entzutean: "Baiña gizona, ete dakie gixajo orreek, edo susmatzen ete dabe pentsamentu orreek komunistaren batek zabalduta egon leikezenik? Nundik artu ete dabez gauza orreek? Nun edo nun entzun dabez euren buruak emonak eztira ta". Egia esan, euren-eurenak balira lez botatzen dabez, orduantxe laban erreneko ogia lez. Epelak diralakoan.

Uste dotanez errexegi atxekitzen da Eleizea eta eliz-gizona. Gitxik pentsatzen dabe bear bada euren alde erresatu bear dabenik, baña atxekiak atera, ori danak. Benetako kristiñauak bagiña elitxaku olakorik pasauko. Eleizea geure ama dogu eta amari dagokion errespetu eta maitasunez begiratu bear geunskio.

Antonio Landeta


Rusia'ko eleizea Konzilioaren aurka

Argi ta garbi dagon gauza da gaur Rusiako eleizak ango gobernuari laguntzen deutsola. Eta argi ta garbi dagon gauza beste onako au be: alegiñik danak egiten dauzala gaur kristau-errian nabaritzen dan Konzilio-arazo au itotzearen; eta al duan neurrian, egiñalak egingo dituala Eleiz-katolikoak laster ospatuko dauan eliz-batzar-nagusiak lur jo daian.

Ontarako, Rusiako eleiz ortodoxoaren buruzagiak, Alexis Patriarkeak, Sorkalde Erdiko beste eleiz ortodoxoak bereganatutzearren andik ikustaldi bat egin ondoren, Komisio bat sortu dau. Eta Komisio onen buruzagi lez Leningrado'ko arzobispo Pritim jauna izendatu dau.

 Komisio onek lenengo egin dauan gauza, "Bakea ta Eleiz ortodoxoa" daroan idazburu onexegaz, erabaki bat idaztea izan da. Eta idazkai au, oraindik orain Praga'n izan dan Bakebillako III'garren kristau Konferentzira eroan eben.

Idazkai au komunismoaren propaganda bat baiño ezta, ez bai dau auxe besterik esaten: Komunismoak errien gizakerari-buru erakusten dituan egiak. Eta idazkai onen joburua auxe dala esan daiteke: Eleiz-katolikoak beste eleiz ortodoxoen artean daukon bitartekotasuna ito.

Onela diño leku baten: "Rusiako eleiz ortodoxoa gerrate otz orren aurka dago eta arma nuklearrak eskutau ditezela eskatuten dau". Eta beeratxoago: "Rusia'ko eleiz ortodoxoak gure erriko agintariak bakezko bizitzaren alde, nukleozko pruebak eskutau ditezen eta desarmearen alde egiten dabezan al-egiñak ontzat artzen dauz eta bedeinkatuten.

Baiña idazkai onek ez dakarz komunismoaren egiak bakarrik; badauko bere ziria be. URSS Satanasen erreiñua dala uste daben kristauen aurka izugarriak jaurtitzen dauz...

Ez dot uste idazkai onek inor ikaratu dauanik, danok dakigun gauza bat besterik ez bai dakar: Rusia'ko eleiza nagusia gaur komunismoaren seme leial bat baiño ez dala.

Agustin Biain


Dakar aldetik

Atzo urten genduan Dakar-retik, arratsaldeko lauretan. Etxerantz gatoz. Bermeorantz. Jaungoikoagaz, martiaren lauan-edo elduko gara Canarias-ko Las Palmas-era. Bost eguneko bidea. Bitartean, kartatxu bat idatziko deutsuet, Dakar-reko azkenengo barriak jakin daizuezan. Eguraldi ona daukagu: itxasoan kalma zuria, zeruan eguzki epela. Popa gaiñeko batelean jezarrita nago. Erdi ostuta. Emen ez nau iñok molestetan.

Arraintzaleen apezpikoa

Goiz aretan —Dakar-reko azkenengo goiza— artekadu genbiltzan. Bermeotarrak, arratsalderako gauza guztiak listo eukiteko. Guk, frailleok, vezperan ekarri genduzan erritik gure zer guztiak, eta sartu giñean eurakaz Pio XII-n, gure barku barrian. Zubian patroiagaz verbetan nengoala, moillara saltetako esan eusten, obispo jaun bat neuri deiez egoala-ta. Jantzi neban arravaladan neure fraille habitua, afeitatu nintzan andanan makiña elektrikoaz, joan nintzan ariñeketan legorrera, ikusi neban obispo jauna eta mun egin neutsan erastunean.

Baiona-ko obisvoa zan. Monseiñore Paul Gouyon. Euskaldun frantsesen apezpikoa. Aolan deituten deutsoe eurak. Dakar-rera etorri zan, Donibane Lohitzune-ko (San Juan de Luz-ko) arraintzaleeri visitatxu bat egitera. Gizon laua bera, frankoa, etiketa bakoa, errizalea. Geure gizoneri-bere verba egin eutsen. Geure barkuak-bere visitatu zituan. Bera ez da euskalduna. Ez daki euskeraz. Erderaz polito egiten dau baiña. Asko maite ditu euskaldun guztiak; eta min artzen dau, euskeraz ez dakian gutariko arraintzaleren bat topetan dauanean. Bere alboan egon nintzan dempora guztian. Preguntatxu batzuk egin eustazan euskaldunen kristiñau bizimoduaren gaiñean; eta asko poztu zan, Espaiñiko euskaldun arraintzaleak Frantziko anaiakaz ondo kompontzen zireala erantzun neutsanean.

Euskaldun frantsesak

Donibane Lohitzune-ko 24 barku dabiltz aurten Dakar-ren arraintzan. Irureun ta berrogei gizon gitxi gorabeera. Artu-emon aundia daukogu Bermeotarrak eurakaz portuan gagozanean, asko verba egiten dogu alkarregaz, eta ordu ederrak pasetan doguz, itxasoko eta Euskalerriko gauzen gaiñean izketan. Itxasoan barriz, sarritan emoten deutsagu alkarreri karnadea, eta radiotik komunikatu arraintzako gorabeerak. Batzutan —arraiña dala ta ez dala— okasiñotxuak-bere eukiten doguz alkarren artean; baiña ori gorabeera, ederto kompontzen gara; biotzean ondo sartuta daukogu danok gure euskalduntasuna.

Frai Alberto-k eta biok tratu aundia euki dogu aspaldion eurakaz. Askotan joan gara jaten euren barkuetara, eta frai Alberto-k sarritan kompondu deutsez radio ta gonioak. Polito alkar ulertzen izan dogu euskeraz. Bizkaiko verba asko erabilten ditue, eta ondo entenietan deuskue esan gura dogun guztia, batez-bere astirotxu verba egin ezkero. Or, Euskalerrian, aspalditik dabiltza jakitunak euskerearen batasunaren billa. Datozala Dakar-rera, eta ikusi daiela zelan egin dogun zorioneko batasun ori bertoko euskaldun arraintzaleak, bizkaitarrak, giputzak eta lapurditarrak. Nik neuk, Euskalerriko mapan zirkunferentzia txikitxu bat egingo neuke; barruan sartuko neukez Donibane Lohitzune, Sara, Elizondo, Bera, Oiartzun, Errenteria ta Pasaia; eta bertan billatuko neuke, beste iñora joan barik, euskerearen batasuna.

Euskaldun frantsesak, gure aldean ondo dagoz gauza askotan. Euren barkuak gureak baiño obeak dira, bizkorragoak, modernuagoak, garbiagoak. Eurak gu baiño obeto bizi dira, obeto jantzi, obeto jan, geiago irabazi, ta geiago gastatu-bere bai. Zegaitik ori? Zegaitik diferentzia orren aundia, eurak eta guk arrain kantidade bera atrapetan badogu, edo bearbada guk eurok baiño geiago? Nik bein, errazoi bi bakarrik esango deutsuedaz: Euskaldun frantsesak prezio obean saltzen dabe euren arraiña, eta gobernuak guri baiño askoz geiago lagunduten deutse. Zorionekoak eurak! Baiña guk, euskaldun espaiñolak, aurrerantzean Dakar aldera etorri gura badogu alegiña egin bear dogu ortik eta emendik, zelan edo alan, bakarrik edo ez bakarrik, barku obeak egiteko, modernuagoak, garbiagoak, gozoagoak, arrain geiago atrapetako, diru geiago irabazteko, itxasoan obeto biziteko, obeto jateko, obeto deskantsetako, obeto egoteko. Auxe da gure obligaziñoa. Obligaziño gogorra. Batez-bere armadoreentzat.

Penak eta pozaldiak

Beti izaten da gauza gozoa etxera joatea. Kasik lau illabete egin doguz Dakar aldean, eta gero ta gero be eldu jaku Bermeo-ra biurtuteko ordua. Begietan agertzen jaku barruko poza. Arratsaldeko ordu biak inguruan asi dira barku guztiak, elkarren atzetik, portutik urtetan. Pio XII geratu da atzerengo. Gu, fraille biok, berton gatoz. Lagundu egin bear deutsagu barku orreri, Monrovia-ko portuan makiñista barik lotu da-ta. Gaiñera, gizon bat txartotxu dago barruan ziriziriagaz. Frai Alberto-k artu dau bere pentzura makiñea, eta berak zainduko dau gaixoa. Trankil goaz. Urten dogu portutik. Egin deutsagu agur Dakar-reri datorren urterarte. Eta momentu orretan, gitxien uste dogunean, guztiz txarto imiñi jaku gaixoa. Ez dau verbarik egiten. Konortea galdu dau. Jausi egin da ogetik. Min artu dau bekokian. Ia ia pultsurik-bere ez dauka. A zan gure estualdia, a gure larritasuna! Ezin dogu eroan gaixoa Canariaserarte. Il egingo jaku bidean. Barriro joan bear dogu Dakar-rera. Sartu giñean atzera portura. Joan nintzan ariñak arin mediku billa. Etorri zan korrian. Ikusi eban gaixoa, eta minutu bapere galdu barik ambulantzia baten eroan eban hospitalera. Frai Alberto ta biok joan giñean gaixoagaz. Antxe itxi genduan, bertako medikuen eskuetan. Leku onean itxi genduan. Monja espaiñolak dagoz bertan. San Frantziskoren Irugarren Ordenako Monja Zuriak. Gaixoa ondo jagoteko esan neutsen. Seguru nago euren neba bate lez zainduko dabena. Eta eureri azkenengo errekomendaziñoak emonda gero, barkura biurtu gintzazan eta urten genduan Bermeo-rantz.

Eguraldi ona dakagu. Ezin obea. Greziako arraintzale barku bat topatu dogu bidean. Ardaoa emon deutsegu, eta eurok guri arrastako arraiña zenbatgura: brekak, kukutxak, barbaiñak. Canarias-era zapatu goizaldean elduko gareala diñoskue. Alan izan da. Goizeko ordu bietan, martiaren 4-an, sartu da gure barkua Las Palmas-eko portuan. Bertotik bialtzen deutsuet nire agurrik beroena.

Aita Imanol Berriatua


Gaztaroa dala ta ez dala

Orra or gure neskatoa. Orra or gure mutikoa.

Oraindiño dempora asko ez dala, arpegi xamur, irribarre gozoz eta fiñ-fiñ agertuten zan danan aurrean. Gaur ostera ez da lengoa. Neskatoari belarriteko elegantiak eta ezpanak gorrituteko gogoa etorri yako. Mutikoari bizarrak kili-kili egin deutso oketzean eta amodioak, biotzean. Gizajoa! Gorantz doa gure gaztea! Bere arpegian, begi biak ito egin dira, ta lengo begirakume polita zorrostu, metu egin da. Problema asko erne dira bere barruan: adizkidetasun, amodio, azkatasun-gogo, ideal ete ametsak... mundu barri bat sortu da berantzat. Mundu barria! Baiña... ezbear, atsekabez, amets zoro ta inkompreziñoz gañezka dagon mundua!

Aurtzaroaren azken orduak; gaztetasunaren lelengo orduak. Biak nastau, ta orra or gaztaroa. Benetako atsegiñik ezin dau eskeiñi mundu zabal onek. Gaztaro demporan, izaki edo gizon dan guztia aldatuten da; kampotik eta barrutik. Kampotik: neskatoak galtzerdi luzeak eta "gona estuak" ipinten dauz. Mutikoak, praka txikien ordez luzeak. Len amak gorbatea ipinteko aginduten eutsonean, murmurka ibilten zan; oraiñ ez dauka amak agindu bearrik; ispilluaren aurrera joan, eta, an dabil atzemarra gora eta atzemarra bera...

Barrutik? Barrutik be bai; barruko aldatzea edo kambioa kampokoa baiño aundiagoa da. Gure mutikoa ez da lengoa. Ez. Len, agindu ta ixil-ixilik egiten eban aginduten yakona. Oraiñ!... Demontresa!... Oraiñ iru bider agindu ta laugarrenean, "zeuk egin!", erantzungo deutsu. Len baketsu ta patxadakoa zan; oraiñ, barriz, odol-bizi edo nerbiozoa da. Len gustokoa zan beragaz berbetan egotea; etxekorra zan; oraiñ etxearen ormak txikiak eta estuak dira gure gaztearentzako; egunaren ordurik geienak kampoan egiten dauz.

Gaztaroa! Neska-mutillak eurak be egundo ulertu ez daben mundua!

Alderdi bik beraganatu gura dabe gaztaroa! Baita len pasauriko aurtzaroa da; bestea, bizitzaren egiari aurrez-aurre egiteko yatorkon gogoa. Egitasun edo errealidade ori, kontzientzi zuzenagaz zirikatuten edo aztertuten asitea derriorekoa da; bestela bizitza guztian "ume" izateko arriskoan geldituko litzake.

Gizarte asko eta guraso asko dira gaztaroaren mundutxu au ulertu ez dabenak. Gizarte urtedun eta guraso askok ez dabe iñoiz euren seme-alaben gaztaroa ezagutu; lastimea! Guraso askok, danak ez, euren seme-alabeeri ez deutse egundo itxi gizarte urtedun edo soziedadean sartuten; zer dala-ta? Seme-alabeeri goitik bera begitu gura deutselako beti. Beti aginduteko prest, euren problematxueri sekula jaramonik egin babe. Auxe da askotan semeen biotzetan gurasoenganako gorrotoa biztuten daben sua. Noren errua?... Askotan beintzat, gurasoen aundikeritasunarena.

Gaztaroa, aurtzaroa ta gizaroa lotuten daben zubia dozu

Bai, gaztaroa, aurtzaroaren eta gizaroaren edo gizontasunaren erdian ipiñiriko zubia da. Gaztaroa dozu, irakurle, ardurarik aundienagaz zaindu bear dan sasoia, gerorako bear diran "gauzak" biotzean eztitxuteko arorik onena. Gaztaroan artu bear da noberaren bizi guztiaren bide zuzena.

Baiña, zoritxarrez, guraso asko, (danak ez!), dira oraindiño euren seme-alaben gaztaroa zer dan eztakienak; baso pistiak legez, eziten dabez seme-alabak, maitasunik barik, arnasa artuteko astirik barik, txakur amarrotoak legez. Maitasun gabe ezin leiteke seme-alabarik ez asi ez ezi! Maitasuna, maitasuna, maitasuna!...

Ezagutubako mundua!

Gurasoak, gauz guztien ganetik, alegindu zaiteze zeuen seme-alabeen gaztaroa ezagututen! Orixe da Jaungoikoak emon deutsuen bearrik aundiena! Ez pentseu zure seme edo alabeagaz zeuk gura dozunik egin zeinkenik, ez! Jaungoikoagaitik asi ta ezi seme-alabak! Baiña ez makillaz bakarrik, maitasunagaz baiño. Saiatu seme-alabeen mundutxua ulertuten. Nork daki "Teddy-boy, Tepisti, Bluses-noires" eta oneen antzeko gaztedi madarikatuaren iturria zeiñ dan?...

Gurasoak, zaindu ta ezagutu zeuen seme-alabeen gaztaroa!...

Idoyagatar Xabier


Kubako goraberak

Beste diskurso itzal bi bota deuskuez, eta biak aste baten barruan, Kastro anai beroek. Ogei milla ikasleren aurrean aolako gauza dotoreak esan dauz Raul Kastrok: "Gobernuaren patzientzia amautuaz doia. Eliz gizon eta kristiñau buru gogor askoren ardurabakotasunak agortu dauz gure patzientziaren askenengo iturriak".

Oraindiño egun gitxi dirala abade bat atrapau eieben polborin bateri sua emoten. Baiña lastimea, Raul Kastrok ezin esan noiz zan eta nor zan abade zantarra. Ezta nun egoan egun areetan. Egia izan balitz laster aterako eben bai periodikoetara bere erretratua. Zer besterik nai leukie eureek olako erretrato bat baño besterik.

Raul Kastrok beraunek esan eban "abade eta fraille guztiak sotanadun kriminal batzuk ze besterik etzirala be". Geratu barik dabiltz anai biak, bata baño bestea beroago eta zitalago, bai radioz, bai periodikoz eta bai telebisiño eta berbaldietan, eleiz gizonak inperialista ziztrin eta diruzale batzuk besterik eztirala deadarka.

Azpalditxotik diardu Kubako gobernuak bertako obispo eta kardenalaren aurka. Ikusten zan etorrena. Komunisten metuduak dira: Made in U.R.S.S. Arteaga kardenala eta obispo inportanteenak dira batez be euren kaluni guztien pagatzailleak.

 Bero dabiltz ba Kuba aldean. Zer pasako dan? Ez daigun uste izan beintzat dana doala txarto Kuban be. Badago amaika elemento on eta fin bertako gaztediaren filetan be. Esan neuntsuen zelan esan eban Aita Xabier Arzuagak esperantza guztiak ipini geinkeezala, eta bildurrik barik, Kubako gaztedi onetan. Eta orain aparte esan gura deutsuet beste gauza au: Aita Arzuaga Kubara joan dala barriro. Zertara? Jaungoikoak alan nai badau, besterik ezpada, bere odola emotera.

Bost eguneko permisua emon deutso Kastro bizartsuak. Oraindiño akordau egiten da antza Aita Xabierretzaz eta batez be bere baliotzaz. Beintzat itxi deutso arantz joaten, denpora gitxirako bada be. Ezin egin izango dau gauza aundirik bost egunean, baña bai bertako gazteekin alkar-ikuste bat euki eta aurrerantzean zelan jokatu bear daben esateko beste. Badakizue zelan Aita Xabier Arzuaga Kubako Konsiliario Nazionala dan. Txalogarria ba Aita Arzuagaren balorea eta ausarditasuna. Jaunak ondo zuzendi dedilla.

Danen ustez, Kubaren salbazioa bertako gaztedian dago. Eleiz gizonak danak dira españatarrak, eta an españatarra eta antirrebuluzionario, lapurra, traidorea eta falanjistea dana da bardin gaur egunean. Orregaitik bertakoekin egin bear da ba egitekoa. Eta itxaropena euki bear dogu gazte oneetan. Eztagoz lo ez. "La Quincena" errebisteak, katoliko errebista bakarra gaur Kuban, iru milla ejenplartik ogeitamar millara pasau da. Fidel Kastrok berak be bein baño geiagotan ikusi dau gaztedi onen indarra eta balioa. Orregaitik esan deutse bere alde paretako ainbat bidar. Baña badakie zer egiten daben ondo. Euretatik askok euren odolagaz pagau bearko dabe euren leialtasuna. Eta au ondo dakie eurek. Baña diñoenez: "Kristogaz edonora".

Poztutzekoa da onelako gaztedia ikustea. Baña badaukagu guk be obligaziño bat. Eta obligaziño au Aita Arzuagak ondo agertu euskun: otoitz egiteko obligaziñoa Otoitza indarra da.

Egin daigun bada otoitz Kubako gazteen alde.

Antonio Zubizarreta


Goooool!!!!!

Jesus, Maria ta Jose! Olakorik..! Naiz edozein errebista edo periodikotan orri asko irakurri futbolatzaz, naiz ta "goles" tripako miña euki, nik be zueri zeozer esateko gogoa daukot, futbol kuestiñoetan daukazuen autoridadea iñori kentzeko asmo barik.

Ori ondo dago, futbola gauza ona da, baiña... nundik iatorko futbolari ainbesteko importantzi edo garrantzia? Zergaitik emoten deutse gure periodikoek orrenbeste jira-bira eta orri-alde futbol arloari? Nork ulertu leike asteko domeka baten ostikoka (eta zarritan ukubilka, eta...) dabiltzen gizonak ainbeste milloi irabaztea, eta, bitartean, astero-astero berrogeitamar ordutik gora biarrean igaroten dabezenak gosez ilten egotea? Antza "gol" bakotxak izerdi xerionak baña geiago balio dau? Zorakeri orreek konprenditzen zoratu egitem naz. Guzurra besterik ezta emengo bizitza! Lapurkeria...! Eta oraindiño gure periodikoek lapurkeri ori goratzen eta abesten... Eztakit nun daukagun burua.

Dana dala, futbola "eguneroko ogia" da. Futbolisten izenak edozeiñek dakiz, urte biko ume peleleak eta larogeiko amoma atsoak. Ziñeko "izarrak" eztaukee zer eginik Di Stefano, Kubala ta Puskasen ondoan. Baiña futbolak, jente guztia era orretara ekarteko, zeozer euki bear dau, bai. Ezerezko gauza bategaitik eztogu gizonok arnasarik artzen edo pausorik emoten. Eztakit nik futbol partidu baten ikusten eta entzuten diran teatroak edo biraoak ondo ikusita edo txarto eginda badagoz; eztakit ez, baiña nik dakidana da futbol moskorrari zioa edo zergaitia aurkitu bear iakola ta ori gure arazoa dala, bakotxarena ta gizartearen agintari direanena. Gaur ezin da iñor futbolari kasu egin barik geratu.

Futbol zorakeria ezta Españako gaixoa bakarrik. Italian, Europa osoan eta Ego-Amerikan batez be bardin gertatzen da. Zergaitik baña...? Zuena da erantzuna. Gizonak Politikagaz kantsatuta dagozalako, edo partidu politikoekaz beteta dagozalako, edo barruan besterik eztaukagulako. Auxe da egia: futbola, futbola, futbola...! Bitartean dometako Meza Santua... or konpon! Futbola izan ezik gaur eztago ainbeste jente batutzen dan gauzarik, ordu bat, bi, eta arratsalde guztia be bardin. Eta Mesatarako ordu erdi ezin aurkitu ezelanik be. Ain gara kristiñau onak gaurkuok!

Zeozer esan gura dau teatro saloiak zine tokitan biurtzeak. Zeozer esan gura dau Españian irakurtzen dugun guztia abitante bakotxari emongo baletxako liburu erdi toketeak. Zeozer esan gura dau Barzelonako "Famili Santuaren" eleizea berreun urtean ezin amaitu izateak, eta bertako "Nou Camp", edo futbolerako kanpo barria urte bian jasoteak. Bai, zeozer: futbole kanpoa erri batentzat eleizea baño bearrezkoagoa izateak... Españian gitxi irakurtzen dala... bai. Besterik eztogu nai ta!

Gizona ezin da Jaungoiko barik bizi. Jaungoikoa da gizonaren asiera eta azkena. Baña gaurko gizonaren Jaungoikoa futbola balitz, orduantxe konprendiduko gaunke bere zorakeria eta indar-iturria. Kanpo futbolak bete-betean eta eleizak utzik... negargarria, baña egia...!

Pedro Mari San Pedro