ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 75

URTARRILLA (1) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1.092-1959


Familiaren aunditasuna

«Gizonarentzat familiak dana edo beintzat ia-dana esan gura dau», diño Juaa XXIII'garrenak.

Bene-benetan be familia Jainkoagandiko doai eder bat dogu. Zerutikoa da eta bokaziño bat daroa beregan. Au da: Jainkoaren dei bat bear da familia sortuteko, erlijioso izateko bear dan lez. Orregaitik sendia ezin leiteke edozelan asmatu.

Ladrillua laban letxe, familia da gizonaren personalidadea egosten dan tokia. Bizitzako ezbearretan aterpe zerutikoa. Familia dau gizon zintzoak bake ta zorion iturri,

bere atseden leku onena.

Gaur famili askotan olako artekatasun bat ikusten da. Kilikola dagoz, gorputz bateko asurrak euren lekutik urtenda balegoz letxe.

Danok dakigun lez, aspaldiko urteotan golpe garratzak artu dauz familiak. Eta torre zaar bat lez bera jausten ikusi gura ez badogu, indartu, barristau egin bear dira bere zimentuak.

Gaurko bizimodua ezta atzo edo arriñegun lakoa. Guraso askok ez dauke gaur euren semetxoekaz egoteko demporarik; ezta euren errenkurea izateko astirik be. Alkarregaz ia batu barik bizi dira. Batzuetan gurasoak izango dira kanpotik; semeak besteeton. Sarritan bizimodua aurrera atara al izateka seme-alabak be gaztetatik bearrean asiko iatzuz, askotan derrigorrekoa da-ta. Eta familia olan banatzeak kalteak dakartzuz.

Gero gaurko espetakulo ta diberziño askok ez dautse on asko egiten gazteeri. Eta libru garo larregi dagoz gazteen buruak arintzeko. Ziñeko neska-mutillen gangarkeriak be, olako illuntasun bat ixten dabe gazteen arima barrenean. Eta sarritan nabarmenkeri orrek imitatzen asten dira, euren eta familiaren kalterako. Onek gauza guztiok familiaren batasuna kilikolotu egiten dabe. Eta olan familia ezin izan bizitzako ekaitzetan aterleku, ezta gure biotzen bake ta atseden toki be.

Eta familiak lur jo ezkero, soziedadeak be lur joko dau, familia daualako bere oñarri. Aita Santuak dei bat egiten deusku: «Familia gordetan alegindu bear gara. Andrazkoak zentzun aundiagaz eta erresponsabilidade guztiagaz jokatu daiela egin bear onetan.

Zaindu zuur, eta bete eragin legea...»

Eztago familian amaren esana baiño ederragorik, bere naia bete eragiten badaki. Andre onaren abotsa, ama eta emazte zintzoaren esana, aingeru jagolearen abotsa dezu familian. Olan zintzo jokatuten daben andreak esan leikez Moisesek il aurretik bere semeari esan eutsezan berba ederrak: «Zeru eta lurrak daukodaz testigu, eriotz eta bizitzako bideak argi erakutsi deutzuedazala. Artu bizitzako bidea, zuek eta zuen familia bizi izateko, Jainkoa maite izateko eta Beragaz bizi izateko».

Aita Santuak berba saminduekaz esan deusku: «Familiak arerio asko daukoz».

Zaindu egin bear dogu familia, indartu arerioen kontra.

Ara or ejenplu ederra Nazareten.

Jon Kepa Guarrotxena


Famili'ko zoriona lortzeko. I. Senarra

Nork esan dau famili edo senar-emasteen arteko zoriona ezin lortu daitekela? Gatxa dala batzuetan? Egia; baiña ez eziñezkoa. Irakurri egizu artikulu au famili bateko senar edo emaztea bazara eta ikusi zure kondukta zelakoa dan.

Senarrak ziur egon bear dau bere emazteak munduko gizonik onenetakotzat daukala; baiña ez "superhombre" bat legez; beste gizonen erru ta akatsik bakoa.

Gizonak beti emaztearen bearrizanean aurkitzen dala erakutsi bear deutso andreari. Ez dedilla antipatiku bat biurtu andrearen bearrik ez dauala erakutsiaz. Fabrikatik edo kaletik etxeratzean, gaixorik badago, andreari esan: gaixorik nago, maite! Eta ez bere gizontasunak edo arrokeriak eskatzen deutson lez ixildu. Askotan buruko min bat izango da, ta pastilla bat artu ezkero kitto. Baiña ez; obe da pastilla ori emaztearen eskuetatik artzea. Olan emaztea pozik geldituko da, senarrari apurtxo bat lagundu deutsolako.

Nik dana esaten deutsot, baiña...

Au esaten ei dabe gaur gizon askotxok. Zuk gauzarik bearrezkoenak eta inportanteenak esaten deutsazuzala? Ondo dago. Baiña lengo batean, auzoko lagun batek esanda, zera jakin eban zure andreak, aurreko jaian pelotan edo musean irabazi zenduala. Ta jakiña, onek min emon eutson. Andrea auzokoen bidez bere senarrak zer egiten daben enteratze ori...

Ez esan orrek ez daukala inportantzirik. Ori ezerez bat dala. Zure emaztea arrituta gelditu zan bere lagunaren aurrean, ez baiekian zure gauzen barririk. Ta emazte batek senarraren barririk ez dakiala aitortu bearrak... Orain bildurrez dago auzokoak zer pentsauko ete daben: Zuk ezertxo be ez deutsazula esaten-edo gauzarik inportanteenak be ixildu egiten deutsazuzala ta abar...

Nik atsegin guztiak egiten deutsadaz

Ondo dago ori. Baiña zer diñotsu zuri, atsegin guztiak egiten deutsadaz orrek? Emakume batek sakrifizio aundiak egiten dauz senarragaitik. Bear-bearrezko dituan gauza asko isten dauz. Baiña senar-emazteen arteko uskeri asko ezin dauz itxi.

Gaur soiñeko barri bat itxiko dau, biar eskurziño bat; beste bein armario edo etxeko tresnaren bat erosi naiko leuke, baiña senarrari larregi ez kargeteagaitik...

Baiña bere gizonaren maite-erakutsi bat? Ori, ori ezin deutsu itxi. Zu kanpotik izan zareala-ta, goxo-kajan bat dala. Gaur urteak betetzen dituala ta zu kanpoan aurkitzen zareala zure eskutitz edo tarjetatxoren bat gura leuke. Orixe, zure maite-erakutsia gura leuke. Ta auxe dozu bere senarra maite dauan emazte batentzat ta bear-bearrezkoena. Orrexegaitik ezkondu bazan: bion arteko alkar-maitasunak eraginda.

Baiña zer gura dozu? Bera da etxean agintzen dabena-ta...

Egia zuk isten deutsazula gura dabena egiten etxean. Baiña onegaz ez konformatzen. Egia da atsegin jakola berea izan dedilla eskatzean eta etxean azkenengo berbea; baiña ain otza iruditzen jako ori! Egunero eta bakotxean entzun gura dau zure baietza. Orduan bai litzakela zorionekoa. Ostantzean zera pentsatzen dau: etxeko tresna bat geiago balitz lez daukozula. Eskatz bazterrean edo gela zaarrean dagon ormako erlojua zarra lez. Jo daizala ordua gura dituanean. Etxatxu ardura. Eta emazteak ez dau ori gura. Zugaz batean, erabaki gura dauz etxeko gora-berak.

Ta ez esan, aspaldi ezkondu giñan

Erru aundia da, aspaldi ezkondu ziñala ta aztuta lez bizitzea. Onek min aundia emoten dautso emazteari. Gauza asko parkatuko deutsuz, au be parkatuko deutsu; baiña ez uste aztuko jakonik. Biotza minberatuta, suminkor geldituko jatzu.

(jarraitzeko)

Beloki'tar Deunoro


Gosea

Ekonomi gauzetan munduak aurrerapen aundiak egin ei ditu. Au egia da izan. Baña egi tristea da beste auxe be: 30 milloi persona ilten dirala urtero munduan gosez. Arin leiduten da! Gizon bakotxak 2.500 kalori bear ditu egunero, eta au bizitzeko bakarrik. Baña naziño askok nundik atera? Nueba Zalanda 3.380 be baditu. U.S.A.ak be 3.160 inguru. Baña begiratu Indiara: 1.590 bakarrik.

100 milloitik gora il ziran Txinan gosez XIX gizaldian. Gaur 630 milloi personatik gora daukoz, eta orretatik 500 milloi gosez eta bear daben beste jan barik bizi dira, eta olan euren bizitza guztian.

Indian 500.000 ausotik gora dagoz kondizio orretan. Euretatik askok alde egin dabe erri aundiegoetara biar apur baten billa euren tripea zeozelan beteteko. Pentsaizu Kalkuta erria millo bitik bostera pasa dala. Baña errietako bizitza ezta zarritan asko obea. Kanpoan bizi dira, nai euria izan nai eguzkia. Goizero goizero pasaten dira karroak gabaz ildako ume eta zaarrak batzen, gosez ildakoak. Koreako gerra ostean be 100.000 umetik gora eiebiltzen an jiraka txakur gosedunak lez.

Suramerikan, Amazonia aldean eztabe iñoiz jan okelarik, ez esnerik, ez gaztarik, ez arrautzarik, ez ortukorik. Iuka deritzaion frutu orren uruna besterik eztabe jaten. Eta mineral apur bat artzeko lurra jaten dabe apur bat erre ondoren.

Brasilen bertan be barregarri dabiltz. Ba Sertao errian 100etik 50 il ebazan goseak 1.848 urtean. Eta apur bat gerotxoago erri bat 224.000 personatik 56.000ra bajatu zan. Danak goseak il da.

Bolibian baserritar askok eztauke karro bat be. Etxe edo txabola bakotxak iru edo lau area lur daukoz. Eta bizitzeko gitxienez 70 bear dira.

Eta Afrikan? Afrikatar gixajoak! Kenian Kikuyuen artean ikaragarrizko astakeriak egin ebezen Mau-Mau zantarrak. Askok iges egin bear izan eben toki seguruagoetara ezertxo be barik. 45.000 gizon ostu ebezen astokillo zantar ereek eta andre kuitadu areek montoian eta edozelan bizi ditu orain.

Aljerian bertan be 50 % bear dan beste barik bizi dira. Euren lurrik onenak europatarren eskuetan dagoz eta onek badakie zer erein! kanpora, estranjerira bialdu litekezen gauzak: ardaua, tabakua eta abar. Bien bitartean bertakoak aoa bete aginakin geratzen dira.

Marruekosen be urteroko errentea 3.500 fr.bgatik 2.500-ra bajatu da.

Tunezen bedarra jaten dabe.

Europan berton be obeto egonarren ezta falta gosea Grezian obreru askok egunean bein bakarrik jaten dabe. Iru milloi italianu miseri gorrian bizi dira. 25 % famili olantxe bizi dira; eta Napolesen 80.000 inguru olantxe bizi dira.

Españan bertan be Beljikan lez bizitzeko obreru bakotxak amasei ordu igaro bearko leukez biarrean. Europan gitxi gora bera milletik bost bizi dira miserian, au da, Parisen 25.000 eta Londresen 35.000, eta au eskekoak kontatu barik.

Au ikusita zer egiten dabe aberats askok? Noiz ikasiko ete dabe Kristoren legea? Onean ikasi nai ezpadabe txarrean ikasi bearko dabe, eta ezta izango asko obea. Komunismoaren arnasa artzen da ia urrean leko askotan, eta ezta arritzekoa be.

Jaungoikoak edegi daizela aberats orreen begiak.

Antonio Zubizarreta


Dakar aldetik

 Gogorik aundienagaz urte genduan Dakar-retik Freetownerantz. Iru eguneko bidea. Gau ta egun egorazka.

Freetown, gure ames lekua, Bermeo-ko arraintzaleen pozgarria! Axe zan gure portu printzipala. Antxe bizi zan Mister Tasso, arraiña eroten euskun kompaiñia amerikanoaren errepresentantea. Antxe atondu euskuzan berak ezin obeto gauza guztiak. Antxe guretzako moilla barria, antxe edur fabrikea igazkoa baiño aundiagoa, antxe barkuentzako loia bana, frailleentzako etxea, gaixoentzako hospitaltxua, danontzako Stella Maris edo arraintzaleen soziedadea. Ango itxasoa beti bare, ango aizea beti bigun, ango atuna beti ugari.

Pentsamentu oneekaz urten genduan Dakar-retik Freetownerantz, illuntze atan, San Frantzisko Xabier-koaren vesperan.

Dana aldrebes

Freetown-en ez genduan ezer aurkitu. Moilla barria egiten bai, baiña noiz amaituteko? Edur makiñea aduanan bai, baiña noiz jardunean ipinteko? Frailleen etxea ta hospitaltxua oraindiño amaitu barik. Loien eta «soziedadearen» arrastorik be ez. Dana aurkitu genduan iruntzitara, dana igaz baiño txarrago. A zan gure turdimentua; gure amesak ezereztuta, gure ilusiñoak puztuta, gure poz guztia bapeztuta ikusi genduanean! A gure desesperaziñoa, zazpi barku alkarren ondoan ainbeste egunean moillearen kontra atrakatuta, arraiña deskargetako eta edurra artzeko txandeari begira, neveretako atuna ustelduten, eta zortzi eguneko mare eder bat bape egin barik galtzen! Ikarea makala gurea, egokera ain illunaren aurrean, geure artean okasiñorik eta asarrakuntzarik sortuko ez ete dan, Madrilleko agintariak gugaitik zer esango ete daben; zer Bermeo-ko erriak, zer Bizkai guztiak!

Frailleak

Fraille biontzako-bere, dana izan zan difikultadea, dana istualdia. Gu biok, errian geratuteko asmoagaz joan gintzazan Freetown-era. Desembarkatu giñean, atara genduzan gure trastu guztiak, sartu ginduezan Sierra Leona-ko immigrante listan, ikusi genduan gure amaitu bako etxetxua, eta konformatu giñean bertan zelan edo alan sei illabetean biziteko, arraintzaleen egokera negargarria ikusi ezkerokoan, biotza odola eriola eukiarren.

Baiña laster etorri zan gogorrena. Mediku titulurik ez eukola ta, Sanidadeko agintariak galerazo egin eutsoen frai Alberto-ri legorrean gaixoak osatuten; eta aduanatik medikamentuak atarateko, kondiziñotzat ipiñi eutsoen, eurokaz Sierra Leonatik kampora urtetea. Gero jakin genduan, dana arreglatuko zala, Mister Tasso bizkorrago ibilli bazan, Freetown-en ez egoan guretzako zeregiñik. Artu genduzan zorioneko medikamentuak eta trastu guztiak, barriro itxasora Poeta Ercilla untzian.

Gabon gaba itxasoan

Santo Tomas egunean urten genduan Freetown-etik, gaueko amarrak inguruan. Sekulako luzeenak egin jakuzan bertan pasaturiko bederatzi egunak, berreun ta ogetamar kintal atun deskargetako eta amabost tonelada edur artzeko benetan larregiak. Gero ta gero be, urten genduan kartzela aretatik.

Barku bat bakarrik itxi genduan bertan: Galerna. Guk baiño egun bat geiago egin bearko eban portuan; eta oraindiño beranduago libratuko zan, bere aurreko barkua —Butron— Guinea-ko Errepublikara edur billa joan ez bazan.

«Agur Freetown, zorigaiztoko portua, gure ames guztien iltokia! Gu ba-goaz itxasora, zugandik asago, Gabon gaua pasatzera.» Eta egia esateko, ondo igaro genduan.

Gau atan, Poeta Ercilla ta Butron alkarren vistan egon giñean biok. Illuntzean, afaria asi orduko, radiotik verba egin neutsen, eta gogora ekarri zer zan Gabon gaua eta zelan ospatu bear genduan.

Verbalditxu arek zerikusi aparteko bat eukon nigaz. Momentu atan, verba egiten nengoan bitartean, gaueko zazpi t'erdietan, berrogetasei urte kumplidu nituan. Fraille batentzako, urtebetete eguna, examiña eguna izaten da, damu eguna eta Jaungoikoa gero ta obeto servietan asteko momentua. «Ai nire Aita San Frantziskoa, lagundu eistazu fraille on bat izaten!»

Itzaldia amaitu zaneko, dana egoan listo afaria asteko: gordearraiñakaz egiñiko maiea —beste egunetan maia barik jaten dogu—, jezarlekuak, toldapeko argiak, altavoza ta abar. Asi zan afaria: esparraguak zenbatgura, makaillaua piperrakaz, okela zati ederrak saltzan, flan aundi bana, Alicante-ko turroia, kafea, puroa ta kopea. Afari erdian gengozala, Butron-eko batela etorri jakun kostadura, eta Konakry-tik ekarritako piña eder batzuk erregalatu euskuezan. Au dok bai arraintzaleen arteko anaitasuna! «Eskerrik asko, Butron, eta afariak zeueri-bere ondo egin deizuela!»

Ondo bai ondo igaro genduan Gabon gaua: humore onean, bakean, santzoka, kantaka, barreka, itxaso erdian, Sierra Leona ta Liberia-ren arteko kantil ertzean.

AITA IMANOL BERRIATUA


Atzera begira. 1960

 Joan jaku urte oso bat. 1960 igaro da. Bitartean, Gizaldia nondik ibilli da? Aurrera joan al da, edo tente ete dago bere uts eta akatsetan? Begirune bat emon deiogun igaro dan urteari.

Europa: erregiña

Emen izan dabe bere batzar nagusia munduko «lau aundiak». Gure lur zati onetan egin dabe jauntxo orrek zintz. Baiña, norbaitek agiñetako miña eukala-ta, ortxe gelditu zan Batzar Nagusia: Ezetan. Gero, ixillean joan gara: Berlin'eko auzia; Argelia, Frantzi'ko zaldarra; Inglaterra'n bilooizia, bere koloniak galdu ezkero, ta bere jaun-itxurea galtzen; Rusia'ren garrazi zoroak eta gudarako alegiñak, bildurgarriak; Alemania, lanean ixil eta aunditasuna barriro eskuratzen; España...

Asia: arroza oritzen

China'ko 600 milloi giza-seme, India'ko 400 milloi, Japon'go 90 milloi biztanle... Zenbat dira Asia'n bierra zaletzen dagozanak, bizi-lekua aurkitzen zoratzen diranak, zoriona ta norbearen errespetoa nai dabenak! Milla ta milloi! Gizonak dira, gu lakoak; seme-alabak ditue, guk legez... Ta injuztisiz eiota dagoz, itz utsez argalduta! Baiña, bide orretan diñardurik, erri orreek laister izango ei dira mundu-buruak. Esate baterako, India, astiro baiña iraupen sendoakin eskolak eta lantokiak jasoten ari da, bere gizasemeak lana ta ikasia euki daien; China komunista: gizonaren eskubide guztiak zapalduta be ta bakoitzaren gurariak aztuta be, ortxe ei dago prest ostikoka asteko edozeiñegaz, Rusia beragaz be...; Formosa, Filipinas...

Afrika: sutan irikiten

Esan leike igazko urtean Afrika'ko auzia izan dogula bereziena. Garagarrillan Congo'k bere askatasuna artu ondoren, ordundik ona Afrika izan dogun gogamen eta berbeta guztien arloa. Ondo dakigu Congo'n gertatu dana: illak eta gorrotoak asko, ta... beste zerbait. Afrika'ko giza-kumeak baltzak izanarren, zuriak baizen gizonak dira; gure antzeko izate aundi bat daukoe, ta sarri euren anima gurea baiño zuriagoa ta garbiagoa da (kanpotik «OMO»gaz ondo garbituta egonarren). Ondo ulertu, aitu, bear dogu egi ori; buru barruan sartu bear dogu eta biotz-sakonean erabilli.

Afrika'ko lurraldearen, kontinentearen, batasuna lortu aurretik bertako nazionalidade txikiak formatu bear dira. Afrika'ri ezin deutsagu eskatu guri gizaldiak kostau jakun arazoa, oraindiño gaur be bete barik daukogun arazoa. Ba-daukoz Afrika'k zer-esan asko guretzat, eta guk asko ikasi daikegu Afrika'n.

Amerika: atsegin-leku galdua

Amerika zer deritsogu? Problemaz eta erreboluziñoz egindako itxaso bat dirudit Ego-Amerika. Justizi ta lasaitasun egarri ase-ezin bat dauko ango jendeak. Fidel Castro'k bere Nazioan egin dauana, Amerika Latina'n. «Fidelismo» suaren garrak alderdi guztiak izeten asi dira. Dana dala, auxe da egia: Amerika asko ta askora eldu daiteke, jendea ta lurra bai dauz. Baiña nora joko dau?

Bertan dago Ipar-Amerika, EE. UU, «aingeruzko» zintzotasunez beterik, «askatasunaren zaindaritzat»... Zer? Cuba'k luzatu deutson zigorragaz zeozer ixartuko zala deritxot. Zerbait ikasi bear dau oraindiño. Eztakie Ipar-amerikanoak zelan jardun auzokoakaz. Diru larregi emoten deuskulako, edo diru ondoren kaltezko eskabideak susmatzen diralako, edo gaiztakeriz, Ipar-Amerika lagun barik geratzen asi da; «semeak» iges joakoz. Egia au da.

Orain Kennedy da bertako presidentea. Onegaz politika barri baten zai gagoz. Ez aztu, Kennedy gurea, dirua ta gudarako indarren aurrean gizona dagoala.

O. N. U.: Babel Torria

Lur onetako izkuntza guztiak poxporo kaja baten. Zapatak mai gaiñean, abertzale berbatxoak, urrez betetako zilbota lodiak...

O. N. U.'n dana dago ondo, baiña alan da guztiz be jarraitu daiala, naziñoen batasunerako erabilli daitela.

Orrela doa mundua. Aurrera beti. Batzuk diñoe emengoa amaitu dala, eztagoala zeregiñik, biziteko lekua gitxitu dala, janaria eskaz dabillela. A! Baiña ez aztu. Europa ta Asia, Afrika ta Amerika'ren Jaungoikoari eskatu daiogun aurtengo urtea urte baketsua izan daiteala. Ta nork daki ba! Igual Everest tontorrean «Koka-Kola» frabika bat jasoten da ta orduan... listo! Danok pozik!

Pello Mari anaia


Bertso barriak. Basilio Pujanak jarriak [Bertsoak]

1

Andra Fabiola, asko poztuta

Zure ezkontzaren barriak,

Sakonetikan agurtzen zaitu

Biotzez Euskalerriak.

Bere barruko poza artuta

Diñotsu bertsolariak,

Opa deutsula bide zuzena

Ta zorion ugariak.

2

Jaiotzaz zara birtutearen

Itxaso baten jausia;

Zorioneko emakume bat

Argitasunez azia.

Zure gaiñera jatzi da orain

Errege baten grazia,

Maitasun eta apaltasunen

Birtutez irabazia.

3

Mundu onetan jatorriz dogu

Atsekabe ta samiña;

Au gozotzeko ezta naikoa,

Mundutarren alegiña.

Erreguz gagoz, Zerutik lagun

Izan dagizun Birjiña;

Bere laguntzaz izan zaitezan

Benetako erregiña.

4

Beljika sarri isuri dozu

Negar malko ta odola;

Emakume au izan daitela

Zure Aingeru Jagola.

Birtute utsa artua dozu

Erregintzat Fabiola,

Izarra legez dizdiratsu ta

Maitasuna dariola.

5

Kriston aginduz Apostaluak

Egin ebien antzera;

Errege jauna ikasten doia

Erdera eta euskera.

Eta ori da uda aldean

Etorteko Zarautzera.

Zuek artzeko pozez gagoz ta

Etorri zeuen etxera.


Or, an, emen

1960'ko amar eskandaloak

Milla bederatzireun eta irurogeigarren urtean, kristiñauori eta gizaldi guztiari lotsa emon bear leuskiguen eskandalu onexek pasau dira:

1) JUDIOENGANAKO GORROTOA. Mundu onetan areriorik geien daukozan erria, Jaunaren erria, Israel erria da. Au eskandalu bat da. Baña eskandalu aundiena Kristo gorrotokeri onen oñarri lez artzea da. Pio XI Aita Santuak esaten deuskunez Kristogan eta Kristogaitik arimaz judioak bai gara.

2) NUKLEAR ARMEKIN EGINDAKO PRUEBAK. Nagasakin, 1945 urtean kixkaldua izan zan errian, buru bako neskatillatxo bat jaio da. Esaten dabenez bere gurasoak bonba atomikoaren ondorenak jota gelditu ziran. Eta diñoenez gaurko nuklear bonbak bi edo iru milloi ume ikaragarrizko akatz eta gaitzekin jaioteko ondorena eidaroie. Eta Pauling jakintsuak diñonez, prueba bakotxak amar milla bat gizon leuzemi edo odoleko biziak jota ixten eidauz. Alan da guztiz be, biotz bageko gizon orrek orrelako gizadi-iltea jarraitzeko errazoi itxurak topatzen dabez.

3) BALTZEGANAKO GORROTOA. Baltzak, beste gizon danak lez, daukezen eskubideak munduko parte askotan oinperatuak izan dira, zuriengandik baztertuak eta begi txarrez begiratuak. Gaur egun Eliz Ama Santaren laguntza besterik eztauke. Baña gatx au bikotia izan da. Baltzaganako gorroto onek, baltzen partetik zurienganako gorrotoa sortu dau. Eta or daukagu Kongon ejenplo bizia. Baltzak, baltzak izanarren gizonak dira, gorputza eta anima bat daukezen gizonak, eta zuriak lez euren eskubideak daukezen gizonak. Eta gizonak diranez, guk errespetatu eta maitatu egin bear doguzan Jaungoikoaren semeak.

4) ELEIZARENGANAKO PERSEKUZIÑOA. Rusia eta bere menpeko nazioetan persekuziño au agirian eta garbi dago. Eta beste toki batzuetan Eleiz Amak bere fedea eta erakuspenak agirian ipinten dituanean illunpetik egiten deutsen persekuzio ezta zarritan obea.

5) ZIGORRA. Gizadiaren lotsakeri onek 1960 urtean be belarriondoko bat emon dautso Jaungoikoari; Eta edozein gauzagaitik, pentsatzen dan gauza bat agertzen dalako edo partidu artakoa dalako. Eta zigortzen dan gizon bakotxean Kristo odolestuten eta iltzen da.

6) PARISKO BATZARRAREN ONDAPENA. Naiko eskandalu an be. Euren lepoan ikaragarrizko eginbearra daroen gizonak, "aundiak", amaseigarren gisaldiko gudariak lez ibilli dira. Onetzaz gaiñera, gure Krustxef jaunak bere betiko lotsabagekeriari beste lotsabagekeri bat erantsi dautso, nabarmenkerizko diplomazia.

7) ARGELIA. Auxe alperriko guda negargarria; Arjeli gixajoa pizti biren atzamarretan aurkitzen da. "Ultrak" alde batetik eta Sartreak bestetik euren gogai aldrebesakin euren nazioaren saltzelleari "kementsu eta biotzdunak" deituaz.

8) KOLONIALISMOA. Kolonialismo au ontzat artu leike egizko laguntza dan bitartean. Baña erri bat bere nortasuna ezagutzera elduten danean eta bakarrik bizitzeko aiña danean nagusitasun onek eztauko onik. Onek eztau esan nai nazio askoren anti-kolonialismoa oba danik. Au beste era bateko kolonialismoa da, eta anti-kolonialistak dirala esanarren erria gorrotora eta ondamenera bialtzen dabe.

9) ZINEKO IZARRAK GURTZEA. Nunbait eztago munduan garrantzi aundiagoko gauzarik (ainbeste eta ainbeste errebista eta periodiku orriak euren bizitza zikiñakin) Eztakit zergaitik ainbeste berba euren eskontza eta eskontza-austeagatik, euren semeenganako ardurabakotasunagaitik, euren erropa eta kutunkeriagaitik! Eta jakiña, ori besterik ikusten ez dan lez, milloika gizon eta batez be andrak, bizitza orrek artzen dabez eredutzat. Eta errebista askok onetan beteten dabez euren kutxak.

10) GOSEA. Gosea, gosea, gosea. — Gaurko problemarik aundiena, eskandalorik negargarriena, ainbestek parra-parra daukeen bitartean, milloka gizon euren tripea poztutzeko ezertxorik bage.

AGUSTIN BIAIN