ANAITASUNA
VI URTEA - N.º 66
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Zemendia (11) 1959
Ille onetako amaseian emeretzi embarkaziñok urten dabe Bermeo-ko portutik Dakarrerantz. Irureun ta berrogetamar arraintzale, euren kapellau ta guzti, negu osoan, Dakar aldeko ur epeletan arraintzuan ibilteko.
Leberrak dira gure itxasgizonak. Egunean baiño egunean embarkaziño aundiagoak egiten diardue etentzaka. Ezin geratu atzean gaur egunean munduak darabillen ibilkeran. Joan zirean betiko aintxiñako txalupak. Betoz orain berreun, irureun zaldiko makiñak, asagora joateko urte osoan arraiñetan ibilteko. Iges egin deiogun neguan euskal itxaso erruki bakoari.
Bermeo-ko portua, txiki ta txarra da neguan ainbeste untzirentzat. Erresakea dagoanean latzak eta baltzak pasetan ditue gau ta egun arraintzaleak txikotak eta kateak ausi ez daitezan, untziak alkarreri joka kalte egin ez deioen edo korrontak eraginda atxen kontra zatitu ez daitezan.
Orrezaz gaiñera gure mandako itxaso onetan ez dago zer egiñik, ez dago zer irabazirik neguan. Urrunera joan bear, edonora, arraiña agertzen dan lekura, dirua irabazteko eta —askok— zorrak pagetako.
Armadore asko zorpean bizi dira, eta ez dauke deskantsurik, arik-eta kredituz egiñiko euren embarkaziño mandoak ordaindu artean. Eta neguan gure portuetan, ezer irabazi barik eta asko galdurik, ez egotearren, prest dagoz Dakar-rera zein Fernando Poo-ra zein igetargiko trankilidade itxasora arraiñetan joateko, naizta orretarako milla neke ta naigabe igaro bear.
Baiña arraintzale guztiak ez dagoz gertu, orrenbeste ezbear ta kalamidade pasetako. Tostarteko askok naiago izan dabe gitxitxuago irabazi ta etxean geratu, Dakar-reko puntan sekulako penak igaro baiño armadoreak gero ta aberatsago egiten direan bitartean, eurak —tostartekoak— beti nekezale lotuko dira-ta.
Baiña eurak libre itxi dituen tostak, laster bete dira. Nortzukaz? Erdaldunakaz. Gente barria sartu da Bermeo-ko untzietan. Verbeta diferentea daukona. Bizikera diferentea. Mentalidade diferentea. Kristiñau modu diferentea.
Danon vistan dago naste-borraste orretatik Bermeo-ri etorri leitekion kaltea. Askoz obeto litzake, euskal arraiñuntzietan euskaldunak bakarrik joango balira. Ori ondo dakie Bermeotarrak. Baiña ez da naikoa jakitea. Aurrerantzerako alegiña egin bear leukee, problema ori bear dan moduan ebazteko.
Obatu daitezala Dakar-rerako kondiziñoak; goratu daitela arraiñaren prezioa; bigundu ango gau ta eguneko ibilkera gogorra; geitu untzi barruko komodidadeak; bapeztu arraintzaleen arteko asarreak, burrukak eta salvajekeriak —eta orduan joango dira pozik Dakar-rera euskaldunak.
Orrek aolantxe izan bear dau. Eta aolantxe izanarte, ez leukee sosegurik euki bear Bermeo-ko arraintzaleak —batez-bere armadoreak—, euren errespontsabilidadea auzi onetan aundia da-ta, Jaungoikoaren, soziedadearen eta aberriaren aurrean.
Berriatua
«Loramendi», Fr. Joakin Bedoña-koaren gorazarrez Euskaltzaindiak antolatutako literatura-sariketaren erabakia
Donostian bildurik Aita Joakin Bedoña-koaren gorazarrez jarri zan literatura-sariketarako Euskaltzaindiak izendatu zuen batzarrea, ao batez erabaki da:
Poesia. Lendabiziko saria, bi milla pesetakoa, "Maldan behera" poemari ematea. Egillea, Gabriel Aresti (Bilbao); bigarrena, milla pesetakoa. "Lelo xamurrak" Fr. Victoriano Gandiaga-k (Arantzazu) egindakoari; bosteun pesetako sari bi urrengo jaun auek bialdu dituzten poesiai: Fernando Artola "Bordari" (Ondarrabia) eta Aita Policarpo Iraizoz-koa (Erroma).
Itz lauz. Lendabiziko saria, milla pesetakoa, "Loramendi eta bere garaiko euskal-literaturaz" egindako lanari. Egillea, Luis Jauregui jauna (Zarautz); bigarren saria, bosteun pesetakoa, Aita Julian Igorre-koak, gai bera duela, bialdutako lanari.
Teatroa. Lendabiziko saria, bi milla ta bosteun pesetakoa, "Kanpaien atsekabez" tituludun lanari, Eusebio Erquiaga-k (Bilbao) bialdua; bigarrena, milla ta bosteun pesetakoa, "Leniz-ko alaba", Jose Antonio Arcocha Martija-k (Ondarroa) bialdutako lanari.
Batzarreak bere poz aundia jakinerazi nai du artu diran lan ugari eta ederrengatik, batez ere poesia arloan. Irurogeitik gora dira. Sarituez gaiñera uste du aipamen berezi bat merezi dutela eurrengo poesia auek: "Izar eta odei" Antonio Bilbao (Morga), "Sei olerki" Jaime Querexeta (Elorrio), "Lizardi-renean" Juan Ignacio Goicoechea (Tolosa), "Egun txintatik arratseraiño" A. Eusebio Igarza, O.S.B. (Lazkano), "Bedoña-rako osto bikoitza" Eusebio Erquiaga (Bilbao); eta baita teatro lan bi auek: "Bertsolari sariketa" eta "Berpizkunde goizean", biak Manuel Ziarsolo-renak (Bilbao).
Donostian, 1959 iraillaren 13-an. Firmatzailleak: Jose Maria Lojendio, Antonio Arrue, Aingeru Irigaray eta Luis Michelena.
POLONIA. Iraillaren (setembrearen) 25-ean, Varsovia-ko Santa Ana eleizan, Wyszynski Kardenalak esan dau sermoi baten, barriro Polonia-ko Eleizearentzat egunak illunduten asi direala. Gobernua, bere aldetik, propaganda gogorra asi da egiten kristiñau eskola ta kristiñau devoziñoen kontra.
Joan dan agostuan, desaparezidu egin zan eleiza katedralean San Ladislao, Varsovia-ko patroiaren erlikiak. Poliziaren alegiñak ez eben erresultadurik euki. Onegaz bateratsu, periodikoak erlegiñoaren kontra verba egiten asi zirean, eta barragarri ipinten eben erlikien kultua. Olako profanaziñoak Varsovia-ko beste eleiza batzutan-bere izan dira.
Orrezaz gaiñera, oraintsurengo asi da gobernua medio guztiak erabilten, eskoletako kristiñau irakaskuntzea kentzeko edo gitxituteko. Igaz eun ta ogei zirean erlegiñoa irakasten ez eben eskolak; aurten barriz, urritik asita, milla izango dira.
CAMERUN. Afrika-ko lurralde onek, datorren urtarrillean (1960-ko eneruan) lortuko dau bere independentzia. Baiña, antza danez, Camerundarrak ez dabe euren askatasuna bakean jaritxi gura. Egunean baiño egunean aundiagoak dira zurien kontrako atakeak. Persekuziño onetan ez dabe errespetatu Eleiza Katolikoa. Agostuaren 30-ean misiñolari bat il eben, eta iraillaren (setembrearen) 6-an katekista bat.
Camerun-en 700.000 katoliko bizi dira. Propaganda itzala egiten da euren artean erlegiñoaren kontra. "Itxi eizue domekea —esaten deutse paganoak—, egun ori zurien erlegiñoaren eguna da-ta. Misiñolariak independentziaren kontra dagoz. Dirua irabaztearren aginduten deutsuee eleizazko ezkontzea. Ez eioezue siñistu, engañatzaille utsak dira-ta." Eta olako beste guzur asko.
Kristiñauak artekadu dabiltza, propaganda orren kontra iñor joaten bada, traidorea ei da-ta. Bata bestearen bildurra dauke, eta alkarren arteko konfiantzea galtzen asi dira.
Sazerdote beargiñak ez dabe geiago lan egingo, lengo lez, fabriketan. Baiña Eleizeak ez deutso orregaitik itxiko obreruen arteko apostoladuari.
Langilleen arteko Misiñoa
Sede Santuak, sazerdote beargiñen kontrako dokumentuan bertan, bidea erakusten dau, aurrerantzean lantegietan apostoladua bear dan moduan egiteko. Dokumentu orretan, Pizzardo Kardenalak Langilleen arteko Misiñoa ailatuten dau eta bere aprobaziño ta amasea emoten deutso. Ori dala-ta, oraiñarteko «misiño zonak» ugaritu egingo dira, eta obispoen zuzendaritzapean koordenatu ta indartu egingo da eleizgizonen eta laikoen apostoladua, eta lortu egingo da langilleakaz zerikusia dauken osterantzeko organismoen kolaboraziñoa. Orrezaz gaiñera, lengo lez jarraituko dabe lan egiten teologoen, erreligiosoen eta laikoen komisiño nazionalak.
Aziño Katolikoa
Pizzardo Kardenalak bere kartan diño ze, «sazerdote langilleen ordez, obreruen artean beste sazerdote batzuk apostoladua egin daiela —sazerdote zintzoak, asmo orretarako ondo preparatuak—, eta zeregin orretan laikoak lagundu deioela.» Au esakeran, Kardenalak begien aurrean euki dau antza Langilleen arteko Aziño Katolikoa, batez-bere Kristiñau Gazte Langilleen movimentua, erderaz JOC (Juventud Obrera Cristiana) deritxona. Ogetamar urte baiño geiago dira, gazteen movimentu au sortu zala; eta laster amar urte izango dira, gizonen artean-bere berorren antzeko beste movimentu bat asi dala. Aziño Katolikoaren bitartez, Eleizea presente egongo da fabriketako obreruen artean, eta gero ta geiago izango dira sazerdoteak, lantegietara joan barik, laikoen alboan asesore ta formatzaille lez jardungo dabenak.
Institutu Sekularrak
Baiña Sede Santua oraindiño aurrerago doa. Sortu daitezala gura dau institutu sekularrak, sazerdoteak eta laikoak, erreglamentu baten bitartez alkartuta, langilleen artean apostoladua egin daien.
Institutu sekularrak, Eleizeak aprobaturiko alkartasun batzuk dira. Sozioak, santutasuna lortuteko eta apostoladua obeto egiteko, erreligiosoen iru votuak egiten ditue. Euren arteko geienak laikoak dira; baiña ba-dagoz abadeak-bere. Izatez, erreligiosoak dira, geienetan bakotxa bere etxean biziarren eta itxuraz edozein sekular dezente lez agertuarren.
Institutu sekularrak «perfeziñoko estaduen» familian sartzen dira, eta Erromako Erreligiosoen Kongregaziñoaren menpean dagoz. Sozioen asmo printzipala, santutasuna da. Jaungoikoaren deiez, munduan geratuten dira, komentura joan barik, eta kontseju evangelikoak pratiketako alegiña egiten dabe.
Baiña asmo orren alboan, apostoladua egiteko ardura aundia dauke. Pio XII-garrenak Primo Feliciter motu proprioan diñoan lez, institutu sekularrak guztiz egokiak dira, Eleizearen presentzia edonora eroateko eta apostoladua egiteko. Santutasunezko bizimoduaren ejempluagaz eta eguneroko artu-emon sakonaren indarragaz, birkristiñautu benetan familiak, bizibideak eta soziedadea; egin apostoladua milla modutara; eroan Kristoren testimoniñoa, abadeak eta frailleak ezin leikeen lekuetara: orreexek dira institutu sekularren eginkizunak. Eta apostoladu au munduan egingo dabe eta —esatea lez— munduaren bitartez, apostoladuzko movimentu au mundutik bertatik dator-da. Institutu sekularrak aspaldikoak izanarren, Eleizearen bizitza ofizialean 1947-garren urtean sartu zirean Provida Mater Ecclesia Konstituziño Apostolikoaren bitartez. Arrezkero, berrogetamar bat institutu aprobatu izan dira, zein Aita Santuaren zein obispo jaunen onespenagaz. Eta beste eun ta berrogetamarrek gitxi gorabeera eskatuta dauke aprobaziñoa.
Institutu sekularrak mesede aundia egin deutse oraiñarte Eleizeari; eta duda barik, aurrerantzean, Frantzian batez-bere, ugaritu egingo dira, fabriketako langilleen artean kristiñau fede ta bizimodua zabaltzeko.
Itxas Apostoladuko XIII Kongresu Internazionala
Urriko lenengo egunetan, batetik laura, Vigo-n ospatu izan da Itxas Apostoladuko XIII-garren Kongresu Internazionala.
Batzar importante orretan, Kardenal Marcello Mimmi buru zala, 352 lagun batu dira —amasei naziñoko gizonak: abade, fraille, seminarista, itxasgizon— danok batera itxas bizitzako problema moralak eta sozialak estudietako eta euren soluziño egokia aurkituteko.
Estudio onetan, Frantzia, Belgika, Holanda ta Inglaterra-ko delegaduak artu eben parterik aundiena. Eurak eratu zituen ikastaldi geienak, eta euren eritxiak euki eben indar geien azken erabagietan.
Espaiñiako delegaduen artean, euskaldunak izan zirean urtenenak. An batu giñean ogeiren bat, Bizkaia, Gipuzkoa ta Arabakoak.
Kongresuaren organizaziño osoa, Aita Xavier de Esquibel-en ardurapean egon zan. Valio andiko gizona, Busturian jaioa. Bera da, Espaiñia guztirako, Itxas Apostoladuko sekretario ejekutivoa. Estudio batzarretan, bera izan zan espaiñolen artean errespontsabilidade geien euki ebana. Interes aundikoa izan zan bere konferentzia. Argi ta garbi erakutsi zituan arraintzaleen problema espiritualak eta sozialak, eta guztiz ondo azaldu ebazan erremedio bideak.
Aita Esquibel-en ustez, Espaiñian beiñik bein, laguntasun premiña geiago dauka arraintzaleak, mariñoak baiño. Txarrago dagozalako eta askoz geiago direalako. Ogei milla mariño dagoz Espaiñian; arraintzaleak ostera, berreun milla. Egia da, espaiñol mariñoak munduko gitxien irabazten dabena; baiña egiagoa da, euskaldun arraintzaleak izan ezik, beste guztiak ikaragarrizko miseria espiritual eta sozialean bizi direana.
Espaiñiako mariñoen egokierea Aita Francisco Otamendi-k azaldu eban. Problema ekonomikoetan sartu barik, problema espiritualak bakarrik ikutu zituan. Bere eritxiz, oraindiño tertzioz gagoz, mariñoen kristiñautasuna salvetako. Orretarako, kristiñau militanteak egon bear leukee itxasontzi guztietan, Itxas Apostoladuko eleizgizoneri lagunduteko.
Aita Otamendi-k experientzia aundiagaz verba egin eban; ondo ezagututen ditu berak mariñoak; urteak daroaz lan egiten Bilbaoko portuan Aita Antonio Uriarte-gaz batera, eta sarritan egin dauz itxasozko joan-etorriak, mariñoak eurak eskatuta. «Itxasgizonen artean kristiñau militanteak bazeunkez, Espaiñia izango litzake duda barik munduko naziñorik katolikoena»: auxe esan euskun delegadu frantses batek, Aita Otamendi-ren verbaldia entzunda.
Euskaldun laikoak-bere ondo bete eben euren eginkizuna. Terranova-ko makaillao-zaleetan ibillitako arraintzale bik, argi ta garbi erakutsi zituen euren bearrizan garratzak, eta bein ta barriro eskatu eben Itxas Apostoladuaren laguntziñoa. Beste aldetik, Donostiko gazte batek, Kristiñau Itxas Gaztediaren izenean, ederto verba egin eban, eta batzar osoaren txalo artean azaldu eban Euskalerrian arraintzaleen alde egiten dana. Bermeo-ren izena sarritan entzun zan Kongresuan, eta danak enteratu zirean Izaro-ko Kurutzearen proiektuaz. Asmo eder ori zabaltzeko, Vigo-ra etorri zan Tomas Arana, Bermeo-ko Izaro Itxas Klub-eko presidentea, eta kongresista guztiak ikusi eben isla orretan egingo dan kurutzearen maketa ederra.
Amaituteko esan bear dogu, Kongresuak guztiz ondo urten ebala, eta Itxas Apostoladuak batzar internazional onetatik frutu ugariak atarako dituala.
Berriatua
Gabonjai aurregunak zirean; eta gau atan, beti betiko adiskideak Artekale-ko Juliana-ren trabenako zokondo baztertxuan batu zireanean, bakotxak bere artobero usaindun arrokeriak jaurtiten iñarduan. Katxu zapatariak, eskatuta eukazan Kanal-eko ostrarik ederrenak, eta konpota egiteko Arteaga-ko gabon madariak. Paulo herradoreak Bilbo-tik ekarritako makaillaorik zuri, lepo-baltz onena etxean eukan. Nikolas Barrenkale-koak, Bermeo-ra eguneko besigu presko parea eskatuta eukan. Jose, San Juaneko sakristauak, eskaratzeko eskapolotpean azitako oillaskoak, kapoirik gurienari-bere inbidiarik ez eutsenak, an eukazan oraindiño bizi bizirik, eta bai, udagoienean Kosnoa mendiko arri artean artutako marraskillo (karakol) ontxuak bere, zai artean ondo zainduta.
Gure Atxirika ixillik egoan; eta beste guztiak euren aokadak amaitu zituezanean, geldiro geldiro eta aoa pizkat biribilduaz, abotsak zan baiño lodiago urten eian, esan eutsen: «Besteak bere, etxagozak ba gosez ilteko ustean. Zuzen bere, emendik urtetan dogunean, or ikusi zeinkie gure etxeko leiotik dingillizka ezaugarri bat; eta ori, gazonazkan daukaguzan saieski, txarri solomo eta abar aitatu barik.»
Gure etxea —Atxirika-ren etxea— trabenatik aurrez aurre egoan; eta bakotxa bere etxera joateko, or amaikak inguruan, abiatu zireanean, an egoan, eta guztiak ikusi eben, lenengo oiñeko leiotik dingillizka, oillasko lumatu barri, zuri, guri, eder eder bat.
Ezer alkarreri esan barik, kiñu eta ziñu artean, laster erabagi eben Atxirika-ren egaztia ostutea. Eta gure Tomas, ezer susmau barik, etxean sartu zanean, oeratu eiten, ordulauren bat igaroten itxi eben; Jose sakristauak ekarri eban San Juaneko eleizatik kaiñabera luze bat; Katxu zapatariak ipiñi eutsan egalean poxporo biztu bat, eta oillaskoa lotuta eukan lokarria erre, ta... plaust! an jausi zan egaztia kaleko losetara. Katxu-k jakepean artu, eta ixillik baiña poz pozik euren zapokeriaz, bakotxa bere etxera joan zan.
Urrengo arratsa eldu zanean, gure jolaskideak zain eta artega egozan, Atxirika etorrenean, zer esango ete eban, asarrerik-edo agertzen ete eban; baiña eldu zanean, «Gabon guztioi» oi eban alaitasunez eta gogaldi onez esan, eta bere betiko leku berezian jezarri zan; eta besteak erabillen autuan sartu zan.
Etxeratzeko sasoia eldu zanean, Katxuk-eta erdi trabes leio ezagun atara begiratu ebenean, mirariturik beste oillasko bat egoala ikusi eben, bezperakoaren bikotxa antza. Eta bai ba! aurreguneko zirinkeritxua, zitalkeritxua barriztu nai izan eben; eta Barrenkale-tik ostera txiki bat egin ondoren, Jose-k ekarri eban San Juanetik barko kainabera luzea, eta Katxu-k poxporo biztua puntan jarri; baiña lokarrira eldu ta bat batera, aize izpitxu batek amatau eban. Eta bardin sei-zortzi poxporo geiago bere.
Orduan Jose-k atara eban sakeletik argizai ori kondo bat, eta Katxu-ri emon eutsan, esanaz: «Poxporoak baiño gar sendoagoa egingo jok-eta, ipiñiyok auxe». Baiña alperrik. Lokarriraiño polito eldu, baiña... Azkenez aspertu egin zirean, eta bertan bera itxi eta etxerantza joan zirean.
Baiña orduntxe gure Atxirika-k atara eban leio egaletik bere burua; eta abots zoliaz, baiña bape asarratu barik eta malmuzkeriz, gozo gozo didar egin eutsen: «Zer da, mutillak? Gaur atzo baiño aize gogortxuagoa jabik e...?».
Ori entzun ebenean, arrituta, oso lotsatuta, bakotxak al eban lez, bazterrerik bazter, etxe ormak garbituaz, aldendu zirean.
Baiña, zer jazo zan ba? itaunduko deustazue. Auxe baiño ez: Atxirika zuur eta argia zan-da, euren kiñuetatik-edo laster susmau eban bere adiskideak barriro-bere zer egingo eben; eta sukaldeko auspotxua besapean arturik, polito ostenduta, leio atzean jarri zan; eta argi biztua egazti ingurura eltzen zan bakotxean, putz txiki mee bategaz amatau... ta kittu.
Eta auxe egin artean abestuaz, alai oeratu zan:
«Atzo ipar aizea,
gaur barriz egoa:
eguenaren ostean
beti barikua.»
GERNIKA
Belu
Urriaren 21-ean ikusi da lenengoz Paris-en «Tu es Pierre» (Pedro zara zu) pelikulea. Egillea: Productions du Parvis. Direktorea: Philippe Agostini. Medida luzekoa da. Venezia-ko azken ziñe jaiean presentatua.
1958-ko Pazko egunean Erroma-ko San Pedro plazea ganezka egoan. Ia 300.000 persona Pio XII-garrenaren Pazko deia entzuten. Orduntxe asi eban Agostini-k bere pelikulea. San Pedro-ren jarraitzalle ta Kristoren ordezko ziran Aita Santuen ixtoria azaldu gura euskun. Eta momentu axe eder ederra zan bere pelikuleari asierea emoteko.
Agostini-k, Pio XII eukan bere filmaren protagonistatzat. Baiña pelikulea amaitu orduko, Pio XII il egin zan. Bere jarraitzaillea —Pedro'ren jarraitzaillea— beste bat zan orain: Juan XXIII. Ziñe zintea jarraitu gura baeban, beste bide bat artu bearrean zan Agostini.
Baiña, derrigorreko bide barri au ondo etorri da «Tu es Pierre» egiteko. Ara or Aita Santuen ixtori zati polita: Pio XII il da; Pedroren jarraitzailleak ostera, eztira amaitu. Oraingoan Juan XXIII-garrena dogu. Eta olantxe izan da Pedro il zanetik. Ganera, Pio XII-garrenaren illetak, konklabeak eta Juan XXIII-garrenaren koronaziñoak, aunditasun berezia emoten deutse Agostini-ren dokumentalari.
Baiña noiztik jatorku Aita Santuen ixtori miragarri eder au?
Agostini-k Palestina-ra garoaz. Antxe ikusiko ditugu, Kristoren bizitzako ixtoriz beterik, Jordan, Tiberiades-ko itxaso amurrutua, Kana-ko eztegu egun bat. Gero Zesarea Philipo-rena; beiñola ementxe esan eutsan Kristok Pedrori: «Arria zara zu, eta arri onen gaiñean jasoko dot nik neure Eleizea.» Geroago Pedro Erromara joan zan. An, bera ta orduko kristiñauak bizi izan ziran katakumbak azaltzen deuskuz. Baiña azkenean Pedro il eben, eta jarraitzalle bat izan eban. Eta olantxe gaur arte.
Pelikula onen zati batzuk, Juan XXIII-ak bear egiten dauen gelan atara dabez. Aita Santuak pozik emon eutsen lan au egiteko eskubidea. Alderdi onetan ikusi daikegu Aita Santuak zelan asten dauzan bere eguneroko zeregiñak.
Juan XXIII-garrenak, Vatikanoan ikusi dau pelikula au, eta zorionik beroenak emon deutsez bere direktore Philippe Agostini-ri eta egilleak diran, Productions Parvis-koeri. Eta izan be, «Tu es Pierre», informaziñozko pelikula ederra dozu. Teknika aldetik be, meritu aundiak ditu; baiña batez be katoliko aldetik daukozan erakutsi ederrak emoten deutse bere aunditasuna. Guztiok ikusi bear genduke «Pedro zara zu» (Tu es Pierre) filma.
Audrey Hepburn, katoliko?
Joan dan urrian estrenatu zan Erroman «Historia de una monja» pelikulea. Bertoko protagonista dan Audrey Hepburn an izan zan. Eta egun orretan albiste pozgarri bat zabaldu zan urian: «Audrey Hepburn, Hollywood-eko emakume famadua, katoliko egingo ei da.»
Garagarrillaren (julioren) batean, Suiza-ko klinika baten semetxu bat euki eban. Baiña ume koittadua ilda jaio zan. Jazoera onek min zorrotz bat sortu eban Audrey-ren biotzean. Baiña, oraintsu katoliko egin dan Alec Guinnes, zine gizonak, adorea emon eutsan, Jaungoikoaren eskutik etorkona onez eroateko. Alec Guinnes bera zan umetxuaren aitabitxi izateko izentatua.
Bere pelikula barria egiteko, gaixotoki askotan lan egin bear izan eban; eta monja katolikoak toki orreetan egiten dabezan sakrifizioak ikusiaz, Jaungoikoaren dei biguna barreneraiño sartu jako. Lengoan Alec Guinnes izan zan; atzo Gary Cooper; eta gaur Audrey Hepburn. Ziñeko tresna zarata artean be entzun daiteke Jaungoikoaren deia. Borondatea euki bear zuzena.
(Auxe ekarri dabe Erromako periodikoak, urriaren 14-an. Audrey Hepburn-ek barriz, deklaraziño batzutan ukatu egin dau notizia ori. Ez dakigu gauza segururik. Baiña olako zurrumurruetan, deklaraziño guztiak gorabeera, beti egoten da egia pixka bat.)
Guarrotxena
Izen onetxekin agertu da euskerazko ipuin-liburu maitagarri bat. Egille, Aita Felix Bilbao, Arantzazuko Praillea.
Ipuin txorta ori, 1954-garren urtean, Euskaltzaindiak saritu zuan, eta ongi merezita.
Ipuiñok 56 dira, Euskaltzaindiak, sariztatzeko, gutxienez 50 eskatzen baitzituan. Liburu eder-ederra osatzen dute; 280 orrialde ditu, ta oietatik askotxo, Jose Luis Iriondo (O. F. M.) prailleak dibujaturiko xantu ta xantuxka polit eta egokiz ornituak daude.
Osoki eta gozoki irakurri ditut ipuiok, baita Villasante Aitak ezarri dizkien «Itzaurre» egoki-egokia ere.
Itzaurre egokia diot, A. Villasantek ederki agertzen eta goraltxatzen baitizkigu liburu orren merituak. Izkerari buruz au dio: «arraia, bizkorra, bizi-bizia ta biurri-antzekoa... Alkar izketan batez be, zelako bizitasuna, eta zelako esaerak erriko berbetearen kolore guztiekaz jantziak».
«Kolore guztiekaz jantziak», bai. Ipuiak irakurtzen asi nintzalarik, idatz-orrien baztertxoetan markatzen asi nintzan olako erri-esaera bitxi eta kuttunenak; baiña... ugariegi zitzaizkidan, lan ortan azkeneragiño jarraitu al izateko.
Ipuinlari ori, Morgako semea dala dirausku A. Villasantek, eta, arako «txiki-txikitatik ikasi eban berbetea», zein barruraiño sartuta daukan, ondo baiño obeto agiri duala.
Morgako semea. Eta zuzen ere Morga erria (baserri-baserria), Gernika eta Mungia Urien biderditan agertzen da, alegia, Bizkaia-tar bi euskalera diferenteen erdi-erdian; toki bereizia, beraz, eskualde bi oietako euskal esakunerik bitxien eta baliozkoenak ikasteko.
Ipuin-liburu orrek ba-du beste meritu bat ere: «La Vida del Euskera»-ren 22-garren orri-aldean, onako zerbait nion (25 urte pasaiak dira): Sariketa bat egin bear genukeala, euskerazko idazki errez-errezenen alde, bi kondizio oiekin: 1) Idazkiok, edozein euskalkitako izan ditezkeala; 2) euskalki ortako euskaldun guziek edo geien-geienek (batez ere baserritarrek) aurrez darabilzkien itz eta esakunak baizik eztituzketela agertu.
Orrelako idazkiak bear-bearreko genituzke, Euskalerri osoan, euskerazko eskola ugari-ugaririk eztegun artean. Aor bada, eta sariketa ortan Aita Felix-en «Ipuin-Barreka» liburuak, gorenetariko saria merezi izango luke duda gaberik. Ona emen, nere ustez, liburu orren beste meritu aundi bat.
Altube-k
***
Liburu barria
IPUIN-BARREKA
Aita Felix Bilbao,
Arantzazuko frailleak egiña
Pozez eta alaitasunez beteriko liburua, Bizkaiko erriaren euskera mardula ikusteko ta ikasteko aproposa. Berbeta jatorra, bizkorra, erreza, bizi bizia. Liburu merkea gaiñera: 280 orrialde, 35 peseta.
Salgai:
PP. Franciscanos
FORUA (Vizcaya)