ANAITASUNA
VI URTEA - N.º 65
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Urria (10) 1959
Iraillaren (setembrearen) 14-an, importantzia aundiko erabagi bat argitaratu izan dau Erromako Sede Santuak: Aurrerantzean, Frantziako sazerdote langilleak —abadeak eta frailleak— ezin leikee bear egin fabriketan, faktorietan, itxasontzietan.
Barri onek, gora aundikoa izanarren, leku gitxi aurkitu eban orduan periodikoetan: momentu atan ain zuen be joan zan Nikita Khruchtchev Estadu Alkartuetara eta bota eben rusoak igetargira euren Lunik Bigarrena.
Katolikoen artean barriz, Frantzian batez-bere, zarata aundia atara dau Erromako erabagiak. Iru izan dira erabagi ori artzeko motivuak: Nekez onartu leiteke —diño Pizzardo Kardinalak, Pariseko artzobispoari emoniko dokumentuan— Frantziako langilleak kristiñau erlegiñoa zearo galdu dabela, euretariko guztiz askok bateoko marka sagradu ta kendueziña artu dabe-ta .[...]. Ez da derrigorrekoa, sazerdoteak fabriketetan langille lez bear egitea [...]. Fabriketako lana ezin leiteke kompondu sazerdote bizimodu ta obligaziñoakaz [...].
Zetan esan be ez, egiazkoak dira iru motivuak. Oraindino euneko larogetamarrek artzen dabe Frantzian bateo santua. Fedea guztiz epelduta eukiarren, Frantziako langilleak ez deutse oraindiño oso osoro uko egin Eleizeari, eta kristiñau erlegiñoko ritu batzuk ez ditue ezegaitik ere itxi gura. Sasoia da oraindiño, Frantziako langilleak bide onera ekarteko. Eta Eleizeak alegin guztiak egingo dauz, asmo ori lortuteko.
Baiña orretarako, ez dauke sazerdoteak zetan joan bear lantegietara bear egitera. Euren eginkizun printzipala beste bat da: Eskiñi Jaungoikoari mezako sakrifizioa eta Eleizearen otoitz publikoa, partidu kristiñauen artean sakramentuak eta Jaungoikoaren verbea. Fabriketan lan egiten egun guztia igarotekotan, ezin leikee sazerdoteak euren estaduko obligaziñoak bete eta eureri jagoken bizimodua eroan.
Orregaitik Sede Santuak gura dau langilleen arteko apostoladu ori aurrerantzean kristiñau laikoak egin daiela, eta eginkizun gatx orretarako ainbat ariñen institutu sekularrak sortu daitezala. Institutu orreetan, laikoak eta sazerdoteak sartuko litzakez. Laikoak fabriketan lan egingo leukee, eta sazerdoteak apostoladu ori ondo egiten lagunduko leuskioe.
Frantziako gure kristiñau anaiak eginkizun aundia dauke begien aurrean. Seguru gagoz, arazo orretan al daien guztia egingo dabena. Ondo asi dira. Eurak ba-dakie txarto dagozana. Bildur barik azaldu dabe mundu guztiaren aurrean euren kristiñau bizitzearen gaixotasuna. Eurentzako gure zorionak eta otoitzak.
Eta guretzako zer? Gu ondo gagoz ala? Gure langille asko, kristiñauak ete dira? Benetakoa ete da euren fedea? Zelakoa ete da gure portu aundietako arraintzaleen siñismena? Bilbao aldeko faktorietan lan egiten daben beargin asko, ez ete dira erlegiño kontuan Frantziako langilleen antzekoak? Gure langilleak salvetako, ez ete geunke egin bear geuk-bere, katoliko frantsesak egiten asi direana?
Pregunta bildurgarriak, sarritan geure buruari egin bear geunskiozanak.
Berriatua
Frantzia
Erlegiñoa ta karreterazko trafikoa
Monseiñor Auguste Gaudel-ek, Toulon-eko obispo jaunak, publikatu egin ditu, karta pastoral baten, automovildunen faltak. Eta segiduan diño, orreek faltak benetako pekatuak direala, eta errudunak konfesatu egin bear dituela, jakiñaren gaiñean edo nagikeriz egin badira.
Ona emen obispo jaunaren listan agertzen direan falta batzuk: velozidade larregigaz ibilli, aurreko automovilla itsumustuan pasatu, mozkorrik naiz erdi mozkorrik kotxea manejatu, direziño argiak ez eroan, edozer imprudentzia egin.
Toulon-eko obispo jaunaren dei onen ostean, Paris-eko errevista famadu batek diño ze, egunen baten «automovilzaiñen pekatuak» Frantziako katezismoetan agertuko direala, projimoaren bizitzeari errespetua eukiten ume umetatik danak ikasi daien.
Frantzian eta mundu guztian, asko geitu dira aspaldion trafikozko akzidenteak. Igaz, 8.000 persona il zirean Frantzian; laneko akzidenteetan barriz, 3.000 persona bakarrik. Espaiñiako karreteretan, joan dan agostuan, 780 akzidente egon dira, 94 il eta 1.001 zauritugaz; akzidenterik aundiena, Galdakanokoa izan zan: 9 il eta 42 zauritu.
Aurtemein, joan dan iraillean (setembrean), Karreterazko Trafikoko XI Kongresu Internazionala ospatu da Rio de Janeiro-n. Batzarra amaituta, informaziñozko dokumentu bat agertu da. Dokumentu orrek diño ze, akzidente geienak (63%) konduktoreen erruz jazoten direala, euneko ogei kamiñoen egokera zantarragaitik, eta beste enparaduak eguraldi txarragaitik, oiñezkoen ardurarikezagaitik eta automovillen material txarragaitik.
Toulon-eko obispo jaunak ez dau gauza barririk esan. Bere meritua izan da, bere diozesian Eleizearen dotriñea zabaltzea.
Orain asko ez dala, auxe iñoan teologo batek Erromako errevista baten: «Prudentzia barik automovilla manejatzea, pekatua da; eta pekatu ori autortu egin bear da.»
Bere aldetik, lengo Aita Santuak, Pio XII-garrenak, ille batzuk il baiño lenago, beste gauza askoren artean, auxe esan eutsen Erromako sermolarieri: «Gogora ekarri gura deutsuet orain, zenbat persona ilten eta zaurituten direan automovildunen imprudentziagaitik (...). Onen errua ezin geinkio ezarri zivilizaziño modernuari berari, kotxe konduktoreeri baiño, sarri askotan experientzia ta ardura barik volantea erabilten dabelako (...). Erriko agintariak kastigatu egin bear ditue zirkulaziñoko legeen kontra egiten direan faltak, eta neurriak artu, aurrerantzean egin ez daitezan. Parrokoak eta saaerdoteak, euren aldetik, argitu egin bear dabe autozaiñen kontzientzia, Jaungoikoaren eta gizonen aurrean dauken errespontsabilidade morala ondo jakin daien.»
Vatikanoa
Akatolikoak joan leitekez Batzar Ekumenikora
* Castel Gandolfo-n eta 2.000 pelegriñoren aurrean, agostuaren 30-ean, barriro verba egin dau Aita Santuak Kontzilio Ekumenikoaren gaiñean. Esan dau ze, «gure anaia aldenduak» Batzarrera etorri gura balebe, «bidezkoa» izango litzakela arrera ona eureri egitea, Eleizea euren etxea dalako, eurak bertatik aldenduta biziarren.
* Aurtemein, kanonigo anglikano bat joan da Aita Santua ikusten. Beragaz verba egiten egoala, Aita Santua konturatu zan, eleizgizon protestantearen otoizliburua katolikoa zala, eta erabilliaren erabilliaz erdi apurtuta egoala. Eta beste barik, bere breviario barria eskiñi eutson aren ordez. Kanonigoak monja protestante komentu baten fotografiak erakutsi eutsozan, eta Aita Santuak eskatu eutson, Inglaterrara biurtutakoan, areeri monjeri esan eioela Batzar Ekumenikoaren alde otoitz egiteko.
Italia
Kastidadea gordetearren, il leiteke kontrarioa
«Emakume batek ilteko eskubidea dauko, bere garbitasuna zainduteko». Auxe esan dau radiotik, iraillaren (setembrearen) lenengoan, Aita Virgilio Rotondi jesuiteak, Anna Sbrighi gaztearen kasuaren gaiñean pregunta batzuk egin eutsezanean.
Emeretzi urteko neskatilla onek il egin dau aurtemein, kutxillokada bategaz, amasei urteko mutil bat, beragaz abusetako beste lau mutillegaz beresi batera gogorrean eroan gura ebanean. Iltzaillea ta mutillak kartzelara joan bear izan dabe; baiña juezak beingoan itxi dau libre neskatillea.
Aita Rotondi-k onetsi egin dau magistraduaren erabagia. «Gorputzeko bizitzea zainduteko, agresore injustua iltea libre bada, deretxo beragaz il leike emakume batek bere garbitasuna kentzen jatorkona.»
Inglaterra
Protestante askok gura ei dabe Erromagazko batasuna
Frederic O. Davis, katoliko egin da. Bere parrokian eta Inglaterra osoan, eleizgizon protestante onek zaratea naikoa atara dau aspaldion bere irakaspenakaz.
Inglaterrako Eleizea geldi geldika Aita Santuaren menpera ekarteko proposituaz, Frederic O. Davis-ek «beinbeiñeko Eleiza» baten konvenientzia irakasten izan dau. Bere asmoz, bienbitarteko Eleiza orretan, eleizgizon protestanteeri libre izango litzakioe ezkontzea, ingles verbetea erabilliko litzakioe liturgian eta tradiziño anglikano batzuk, kontservatuko lirake, arik-eta Erromagazko batasun osoa etorri artean.
Baiña Sede Santuak, gauzak ondo ikusita gero, ez deutso ontzat artu proiektua. Erabagi onen ostean, Frederic O. Davis katoliko egin da bete betean. Bere ustez, guztiz asko dira eleizgizon anglikanoak, Aita Santuaren nagusitasuna ontzat artzen dabenak eta Erromagazko batasuna nai leukeenak.
Euskalerria
Fraille Frantziskanoen Zentenarioa
Urriaren lauan, Aita San Frantziskoaren egunean, Kantabriako Frantziskotar Provintzia ospe aundiagaz asi da zelebretan bere Errestauraziñoaren Eunurteurrena.
Gauza jakiña da, Madrilleko gobernu liberalak, 1834-garren urtean, zelan bota zituan komentuetatik Espaiñiako fraille guztiak. Unada triste aretan, San Frantziskoaren semeak be, urten bear izan eben euren etxeetatik. Batzuk Euskalerriko parrokietan, abade lez, bear egiten asi zirean. Beste batzuk extranjeruko komentuetara joan bear. Baiña, urte asko igaro orduko, barriro batu zirean lengo komentu zarretan, edo asi zirean beste barriak egiten. Ain zuzen be, orain eun urte, 1859-garrenean, barriro sartu zirean frailleak Bermeoko komentuan. Urte orretan asi zan Kantabriako Frantziskotar Provintziaren errestauraziñoa.
Krisi morala
Latinoak eta anglo-saxonak arrituta geratuten dira, Noruega, Suezia ta Dinamarka-ko ekanduen nasaitasunaren aurrean. Esan leiteke, nasaitasun moral ori iru naziñoen karakteristika bat dala.
Wladimir d'Ormesson-ek, bere liburu baten (Enfances diplomatiques), anekdota simboliko bat dakar ango oituren gaiñean. Txikitan, Copenhague, Dinamarka-n bizi izan zanean, uda demporan itxasertzera joaten zan etxekoakaz. Eurakaz batera, umezain lez, bertako neska gazte bat etorten zan. Neska dezentea zan bera. Alan ta guzti-bere, lenengo aldiz baiñu artzera joan zireanean, danen aurrean erropa bape barik sartu zan uretara. Umeen amak, guztiz lotsatuta, verbatxu bi esan eutsozan neskatilleari, eta berak, iñoxente batek lez, auxe erantzun eutson: «Andrea, zer daukot ba nik tapetako?»
Olako anekdota asko ekarri leitekez, eta sarritan ikusten dira olako exempluak Suezia-tik datozan pelikuletan. Baiña krisi moral ori, iñon baiño obeto, neska-mutil gazteen arteko bizimoduan ikusten da.
Eskola guztiak, aspaldiko urteetatik, sexu bientzako dira. Bertan eskolan, ume eskoletatik asi ta universidaderarte, edukaziño sexual osoa artzen dabe ikasle guztiak. Zeregin onetan asko lagunduten deutse maisueri periodikoak eta radioak.
Edukaziño onek ba-daukoz alde batetik bere ventajatxuak; baiña bestetik, ikaragarrizkoak dira kalte moralak. Esate baterako, Suezia-ko neskatillak —eta antzekoak izango dira urrean Noruega ta Dinamarka-koak— ez dakie aintzat artzen virgiñatasunaren valorea. Naziño orreetan bapeztu egin da geldi geldika kristiñau amodio ta ezkontzearen kontzeptua. Onegaz dana dago esanda.
Familiaren ondamendia
Iparraldeko protestanteak galdu egin dabe sakrifizioaren zentzuna. Zegaitik? Aspaldiko urteetatik, lar ondo bizi direalako eta bereratasun geiegi daukelako.
Euren bizimodu erreza ez galtzearren, ez dabe ume askorik euki gura. Gazteak, orregaitiño, matrimoniñorako bape preparaziño barik, itsumustuan ezkontzen dira. Baiña, sakrifiziorik egiten ez dakien lez, askok ez dauke beste arreglubiderik, divortzioa baiño.
Ona emen numeru batzuk: Orain eun urte, euneko lau divortzio bakarrik egon zirean Suezia-n; gaur egunean barriz, euneko berrogetamar. Stockholmo-n, esate baterako, lau urteko ezkonbarrien artean, euneko berrogetazortzi divortziatu dira. Divortzio geienak modu onean egiten dira, okasiño ta asarrekuntza barik. Zenbateraiño nasaitu dan ezkontzearen batasuna!
Divortzioaren gaiñean esan dana, bardin bardin esan leiteke abortuen gaiñean. Orain dempora asko ez dala, zarata aundia atara eben notizia bik mundu guztian. Suezia-tik etozan barri biak.
Lenengoak esaten eban ze, mediku ta enfermera talde bat, eskola normal eta institutuetan, abortuaren eta jaiotza kontrolaren gaiñean leziñoak emoten ebillela.
Bigarrenak, Stockholmo-ko Emagintza Hospitaleko zuzendariaren dimisiñoa zabaldu eban. «Ezin dot jarraitu geiago nire karguan hospital onetan —deklaratu eban doktoreak—, ainbeste krimen ikusita gero. Bein baiño geiagotan, sei illebeteko umekieri be ez jake mundura etorten itxi.» Zetan esan be ez, abortuaren alde dagoz gobernuko legeak.
Ementxe, familiako bizitzearen egokera triste onetantxe igarten da, beste ezetan baiño obeto, Ipar Europa-ko zivilizaziñoaren ekilibriorik eza. Krisi onen aurrean, asi da Eleiza protestantea neurriak artzen; baina sarritan, oraingo problema gatxen aurrean, aikolo-maikolo ibilten da, eta erriak ez deutso lengo lez jaramonik egiten.
Eleiza Katolikoa barriz, guztiz txikia izanarren, gero ta sendoago agertzen da, eta bere irakaspenakaz influentzia naikoa egiten dau protestante zintzoen artean.
Ipar Europa-k ondamendira joan gura ez badau, teknikan eta politika sozialean barik, errealidade espiritualetan aurkitu bear izango dau bere zoriona.
Noruega. Lourdes-era joaten direan gitxik visitetan dabe Monja Dominiken komentua. Grutatik urruntxu dago, eta luzetxu egiten da bertarako bidea. Arbolaz inguratuta dago, toki eder eta baketsuan. Komentu orretatik, orain zortzi urte, iru monjak urten eben, Noruega-ko uri nagusira joateko. Eta aurtengo bagillean (junion). Oslo-ko monasterio barriaren fundaziño kanonikoa egin da. Presente egon da zeremonian Lourdes-ko Obispo jauna. Beiñolako iru monjak, amabi dira orain, monja kontemplatzaille komentu bat orniduteko naikoak.
Noruega-k iru milloi t'erdi habitante daukoz gitxi gorabeera. Euren artean bost milla katoliko bakarrik. Proportziño barragarria benetan. Egia esateko, ozta ozta asmetan da Noruega-n Eleiza Katolikoaren presentzia.
Europa-ko iparraldean guztiz gatxa da gaur egunean katolizismoaren zabalkundea. Zabalkunde orren areriorik aundiena ez da protestantismoa, paganismoa baiño. Asko epeldu da aspaldiko urteetan aintxiñako protestanteen berotasuna. Oraingoak, erdi paganotu egin dira. Zivilizaziñoaren aurrerapide ta bereratasun guztiak daukez, eta bizimodu nasai orregaz geldiro geldiro galdu egin ditue kristiñau erlegiñoaren sentimentu ta normarik elementalenak.
Baiña Jaungoikoarentzako ez dago gauza gatxik. Aurrerantzean, Noruega-ko bost milla katolikoak euren alboan eukiko dabe Monja Dominiken adoraziño ixilla ta etenbako penitentzia. Eta protestanteak eta paganoak, exemplu ederra. Lourdes-ko Obispo jaunak esan eban lez, Oslo-ko monja, antigualeko kristiñauen antzera esan leikee: «Non multa eloquimur, sed vivimus», ez dogu verbakaz prediketan. bizimoduagaz baiño.
Duda barik, euren presentziak mesede aundia egingo deutso Noruega-ko Eleiza Katolikoari.
Euskalerria. Gipuzkoako Oiñate-ra joaten direanak, arrituta geratuten dira ango eleiza nagusiaren edertasunagaz. Baiña konturatu-bere ez dira egiten parrokia ondoko monja kontemplatzaille komentuagaz. San Frantziskoaren Irugarren Ordenakoak dira. Aintxiña, Arantzazuko Ama Virgiñearen lenengo ermitea egin zanean, bertan bizi izan zirean, erdi monja lez, eleizatxua jagoten eta pelegriñoak serviduten. Orduan «serorak» deituten eutsen. Gero, Oiñate-ra jatsi zirean, eta Santa Ana-ko komentuan oraziño ta kontemplaziñozko bizitza barri bat asi eben.
Komentu orretatik, laster, monja batzuk Bermeo-ra joango dira, eurontzako egingo dan monasterio barrian biziteko. Ain zuzen be, joan dan illean, setembre 13-an, lenengo arria ipiñi zan.
Egun orretan, Bermeo-ko seme ospetsu batek, Monseiñor Karlos Anasagasti-k, meza pontifikal eder bategaz zelebratu zituan San Frantzisko eleizan bere urrezurizko sazerdote ezteguak. (Monseiñor Karlos Anasagasti, El Beni, Bolivia-ko Obispo jauna da, eta azken illeotan gure artean daukogu).
Gero, mezea amaituta, danak —Obispo jaun, fraille nagusi, parroko jaun, erriko agintari ta abar— San Martin aldera joan zirean, monja komentu barria egingo dan tokira, eta zeremonia simple bategaz ipiñi eban Obispo jaunak lenengo arria.
Seguru gagoz, komentu orrek Bermeo-ko erriari mesede aundia egingo deutsola. Noruega-n baiño askoz gitxiago izanarren, Euskalerrian be eurrez sartu da aspaldion paganismoa. Orregaitik, ondo etorriko jakez Bermeotarreri monja kontemplatzailleon otoitzak eta penitentziak.
Emakumearentzako
«Cola de caballo», orraztuteko modua
«Kontuz ibilli. Ogei urtera orduko, ule barik geratuko jatzuez alabak». Auxe esan deutse Albert Slepyan doktoreak, Nortamerikako Highland Park hospitaleko medikuak, «cola de caballo» modura euren alabak egunero orraztuten dituen emakumeeri.
Dermatologo famadu onek, interes aundiko artikulu bat argitaratu dau oraintsu Estadu Alkartuetako errevista zientifiko baten. Bere lanetik ataraten direan konklusiñoak indarra naikoa dauke, modea dala-ta, ulearen osasunaren kontra orraztuten direan neskatillak ikaratuteko.
Aspaldion, kontaeziñak dira Slepyan doktorearen kontsulta gelatik igaro direan ama-alabak.
— Doktore Jauna —esaten eutsen ama askok—, nire alabeari pilloka jausten asi jako ulea. Eta oraiñarte emon deutsadazan loziño ta igurtzaldi guztiak alperrik izan dira.
Medikua bera be, zati luze baten, turdiduta egon zan, alopezia klase barri orren kausea topaeziñik. (Alopezia deituten jako verbeta zientifikoan ulearen jauste anormalari).
Baiña gero ta gero be, gauza bategaz konturatu zan: beragaz itunduten etorri zirean neskatilla guztiak «zaldi buztan» modura orraztuten zirean. Eta orrazketa ori aurrerantzean ez egiteko agindu ta beste barik, beingoan osatuten zirean. Neska bateri edo biri, orregaitiño, ez eutsen geiago uleak urten. Ori ikusita, kionklusiño au atara eban: «Zaldi buztan» orrazketea kaltegarria da, eta kalte ori arreglaeziña izan leiteke kasu batzutan.
Izan be, okerkuntza izugarria da, fisiologiaren aldetik, uleari atzerantz ten egitea, bere jit naturala bekokirazkoa da-ta. Orregaitik, uleak azkenean vengantza artzen dau, naturalezearen kontra orraztuten direanakaz. Ule sustraiak mindu egiten dira, eta ule narrua anditu. Gorriunetxu bat agertzen da azalean, ulea asten dan lekuan; sarritan gorriunetxu ori zoldu egiten da eta azkura emoten dau.
Illebete batzukarrenean, ulea jausten asten da, eta ulebako une txiki batzuk agertzen dira. Auxe izaten da peligruaren lenengo seiñalea.
Alan ta guzti-bere, peligruari kasu egin barik, lengo lez orraztuten jarraitu ezkero, orduan pilloka jausten asten da ulea, bekoki aldean lenengo, belarrien ondoan eta buruaren atzeko mandan urrengo. Batzutan, buru erdi erdian agertzen dira ulebako tarteak. Eta —txarrena dana— tarte orreetan ez dau uleak geiago urtetan sarri askotan.
Ez da izan Albert Slepyan doktorea bakarrik, orraztuteko modu orren kontra verba egin dauana. Beste mediku batzuk-bere bardin verba egin dabe. Euren artean, Agnes Savill doktoreak. Inglaterrako andra jakitun onek, interes aundiko artikulu bat idatzi dau aurtemein bere aberriko errevista baten, zorioneko «cola de caballo» orrek egiten dituan barrabaskerien gaiñean.
«Groenlandia-ko emakumeen artean —diño Savill doktoreak— ulemurri asko ikusten dira. Zegaitik ulemurritasun ori? Duda barik, ango emakumeak aintxiñatik «zaldi buztan» modura orraztuten direalako. Bardin jazoten jake Iparramerikako emakume baltz askori, buruko txirikilluak kentzeko ulea atezu atezuan eukiten dabelako.»
Baiña ori gorabeera, orraztuteko modu ori ez da kaltegarri izaten, noizik noizera bakarrik erabilten bada.
Ba-dakizue orain, Euskalerriko ama-alabak. Kontuz «cola de caballo»-gaz.
Zorionak Bizkaiko bertsolari guztieri. Zorionak bertsolari txapelketea gure artean atondu daben euskaltzaleeri. Euskerea biztu gura badogu, bide egokitik joan bear dogu. Oraingoan beiñik bein aurkitu dogu bide ori: bertsolarien bidea, zabala, erreza, gozoa, samurra, erriarena.
Ugaritu daitezala gure artean bertsolariak. Entzun eragin daiezala euren bertsoak Bizkaiko manda batetik bestera. Bertsolariak ez direanak, ikasi daiela euskeraz egiten areen askatasun eta erritasunagaz.
Guk, «Anaitasuna»-n idazten dogunok, beti maite izan dogu erriaren euskerea. Orregaitik asko poztu gara Bizkaiko bertsolarien agerkuntza arrigarri onegaz. Eta pozarren argitaratuten doguz orain, Bilbaoko bertsolari txapelketea ikusita gero, Eusebio Erkiaga-k bialdu deuskuzan bertsoak.
Ugaritu ta obatu dira
bertsolariak Bizkaian,
neurri kontua ba dakie ta
puntu zuzena (i) amaian;
bertsoak errez asmetan dabez
bai plazan eta bai maian,
egoki jakoz gure Erriari
oraiñaldiko garaian.
Aurten txapeldun geratua da
Muxika aldeko Enbeita,
maisu jator ta ezaguna zan
edonun beronen aita;
jatorriz dauka, agiri danez,
neurtitzetarako jita,
alanbearrez soiñu ta bertso
artean dago azita.
Azpillaga da (i) azaldu jakun
itxarokizun lorea,
Artibaitiko perla oindiño
guztiz txukundu bagea;
aots zolia, izkeraz eder,
sasoi oneko gaztea,
Euskereari emongo deutsa,
bikaintasunez, ospea.
Onein ondoan ikusi doguz
txairo, beste lau errege:
ziri zorrotza gerturik daukan
Larrauri-ko (i) Ormaetxe;
urduritasun aundiz dabillen
Alberdi diñot ementxe,
Pujana-k nasai bere (i) esanak,
Sardui-k neurria legetxe.
Antxiñakoak esaten eben
«jokoa ezta errenta»,
orren ondoan danontzat ei da
«obe, oilloa erreta».
Txapelketea (i) amaitutean,
nausi soilla bear eta
danen gustua egin nai, baiña
danok ez bardiña seta.
Bizkai osoko bertsolariei
garaiez jaken dei egin,
bear dan legez zerak egiten
iñok egin dau alegin;
baten batzuek azken orduan
nunbait artu ba dabe min,
tamalez, jaunak, lenen sariaz
guztiak etxera ezin.
Aitaturiko seiren jarraian
ba daukagu sail zabala,
bertsolariak ogetamartik
gora (i) agertu dirala;
euron artean ba dira onak,
Mugartegi bat, itzala!
urren burrukak eztabe emongo
buruaustea makala.
Bizkaia orain, zorionean,
emengo zeren egarri,
bertsotarako antxiñan legez
zaletasuna ugari;
odolgurea eztaigun uka,
eskubideak aldarri,
gure artean, Jaungoikoak nai,
euskeraz beti alkarri.
(Lekeitio-n, 1959-ko iraillaren 8-an)
Erkiaga, Eusebio
Naste-borraste
Burdinbidea, trenbidea, luzatu eben ezkero, Gernikatik Bermeorako joan-etorria arin eta errez egiten da.
Aurtengo irailleko (setembreko) arratsalde argitsu baten egin genduan geuk-bere osteratxu ori, eta bere ikuspegi alai eta ederragaz oso mirarituta biurtu gintzazan.
Trenean sartu eta larregi ibilli orduko, txartelzaiña agertu jakun: gizon mardul eta begikoa eta ezpanetan, erdi erreta, txokor bat eroiana. Irribarrez txartelak eskatu, bere zeregiña bete, eta arratsalde onak emonaz, bere bideari jarraitu eutsan.
Ondotxu eta alai bizi dan antza jaukok onexek!
***
Gero Atxaga, txori toki berezia, amaikatxu txinbo guri ta koipetsu ilniko lekua. Gure Atxirika bizi balitz, esango leuke...!
Murueta, bere astilleruan ontzi asibarri bi agirian direala, eta... San Kristobaleko geltokia. Emen inguruan, aspaldiko urteetan ikusten zirean antzar eta paita aldrak, asko gitxitu dira; eta dagozanak bere, esituta dagoz. Bai ba! Ementxe zubipean batez bere, artzen zirean kiskilla ta karramarru aziak jan eta birrindu zituezan, eta naikoa egin eben.
***
Sukarrietara eldutakoan, geugaz batera etozan ume ta andrak, atxarteetara ta Laidako areatzara joateko, ementxe jatsi zirean, eta erdi bakarrik geratu giñean.
Bakarrik? Ona emen oiñordekoak: Ijito emakume eskale gogaikarria, besoetan ume txikia eta eskutik beste nagusitxuago bat ekarrela. Irurak loi zikiñez beteak, iñoiz ez ulerik orraztu ez arpegi ta esku garbitu dabenak.
Aurtemin Lourdesko Ama ikustera joan zirean sei milla ijitoak, periodikoetan ikusi genduanez, ondo garbi, txukun eta alai agertzen zirean ba! Baiña emendik dabiltzazanak, ez dira areen enda ta taiukoak, antza.
***
Eta ara aurrean Bermeoko paseoleku zabal ederra. Bere jezarleku ugarietan, itxastar izandako agure zaarrak, pipia erreaz, kontu-kontari; baltzez jantzitako andra maratz eta langilleak esku artean orraz-lantxuekin, eta an-or-emen neska-mutil koxkorrak olgetan. Nunbait gazte bat edo beste bere bai.
Portuan, itxasontzi banaka batzuk baiño ez; beste guztiak itxaso zabalera atunetan joanak dira. Askotxu ekarriko al dabe!
***
Santa Eufemiako eleiza agurgarri eta zarrera sartu-urtentxu bat egin; arraintokira, arrain bakan eta ontxuren bat ete dagoan ikustalditxu bat emon; Ertzilla-ren Erakustokira (aintxiñako Pilatosen etxera), atetik baiño ezpada bere, begiratutxu bat jaurti, eta andik gora, Torrontero-tik eta Tala-tik zear, egoaize garbia arnastu eta bular eta biri goi goraiño beteaz, ibiltalditxu txiki baiña osasuntsu, onuratsu eta pozkor bat egin genduan.
Eta guztia esateko, au bere bai: Antxe Bermeon artu genduan sekulako kafe-esne egoki egoki bat. Merke merkea ez zan izan, baiña gozoa, usaintsua ta beroa, ori bai.
***
Estaziño guztietako orduariak, erlojuak, arpegi bikoak izaten dira beti edo geienetan. Eta Bermeokoa bere bai. Baiña ara! Emengoan arpegi batean bederatziak zirean, bestean zazpi ta laureñak. Eta illunabarra asita egoalarik, auxe, bigarren auxe ontzat emon bear, etxera garaiz etorri nai bagenduan.
***
Txartelzain berbera agertu jakun barriro bere. Musturrean txokor erdi errerik ez ekarren; baiña jakearen eskerraldeko egaleko aletxuan larrosa gorri andi bat, aldemeneko sakeletxutik erdi dingillizka, sedazko zapi garbi polit bat... bai.
Gernika
BELU