ANAITASUNA
VI URTEA - N.º 63-64
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Agostua-Irailla (8-9) 1959
Miss Sue Simone Ingersoll, 20 urteko neskatillea, Albukerque, New Mexicon jaioa, Miss Universo elegidu dabe. Long Beach, Californian izan da eleziñoa. Neskatillea, baiñu erropaz jantzita agertu da tribunalaren eta publikoaren aurrean. Orregaitik, aurrerantzean (ez dakigu noiz arte), berak eta bere amak (aita ez da katolikoa), ezin artu izango dabe sakramenturik. Eurak ba-ekien ori aurretiaz. Alantxe aginduta eukon Monseiñor Byrne-k, euren artzobispoak.
New York-eko Estaduan, debekatu egin dabe, inmorala ei dala-ta, «Lady Chatterley-ren Amantea», Lawrence-ren novela famadutik ataratako pelikulea. Prohibiziñoak zarata aundia egin dau Nortamerikako katolikoen artean.
Beste prohibiziño bat. Bertan Nortamerikan. Korreoko Ministerioak debekatu egin dau Goya-ren «La Maja desnuda» dakarren tarjeta postalen distribuziñoa. Naziñoko Prensa guztia asko poztu da. Europatik be, joan dira arantz katolikoen txaloak.
Nortamerikatik gatozan orain Espaiñira. Karta pastoral baten, Monseiñor Herrera-k, Malagako obispo jaunak, dei egin deutso gogor itxasertzeko baiñisteri, eta jakin eragin deutse, naziñoko plaia legeak zeatz gorde bear direala.
Bere aldetik Pla Deniel-ek, Kardenal Primaduak, beste karta pastoral baten, ezkonkien peligru moralak aitatu ditu, eta novio-novieri esan deutse, gabaz illunetan bakarrik ez ibilteko, eta olako beste gauza polit asko.
Bizkor dabil, edonon, labankerizko sugoia. Udaldian atan. Eta berak egiten dituan barrabaskeriak, izugarriak dira.
Ba-dakigu, beste sugoi asko-bere bizkor dabiltzana. Sugoi txarragoak, gaiztoagoak. Danok ezagututen doguz inpernuko patariok: injustizia soziala, tirania, intolerantzia, beargiñen, ezeukien, baltzen eta erri atzeratuen explotaziño ta desprezioa, eta abar.
Ez gaitezan aztu, orregaitiño, lizunkerizko pizti zantarragaz. Aspaldion asko aldatu dira Espaiñiko ekandu publikoak. Esan daiela, bestela, orain berrogetamar urte Euskalerriko ondartza ta jolas lekuetan ibilten zirean neska-mutillak.
Nortamerikako bizimoduak ez dau parte makala euki aldakuntza onetan. Baiña ez daigun pentsa, ango oitura guztiak, Hollywood-etik etorri arren, imitagarriak eta pekatubakoak direana.
Ez dira Espaiñiko katoliko «atzeratuak» bakarrik, nabarmenkeriaren kontra aldarri egiten dabenak. Ba-dagoz Nortamerikan bertan be, geugaz dagozanak. Eta ez dau iñok esango, ango katolikoak: antigualekoak direanik.
Exemplu ona guretzako.
Berriatua
Este aldeko Berlin-en joan dan bagillean ikusia
* Parrokia katoliko baten, Alexanderplatzen ondoan, irurogei bat lagun (sei gizon ta ume bi, emakumezkoak beste guztiak), mezea entzuten, domeka goizeko amarretan. Dialogozko meza polita, harmonio ta guzti. Ia erdiak artu dabe komuniñoa.
Eleizkizuna amaituta, vikarioagaz verba egiten joan gintzazan. Esan euskun, parroko jauna auzotegiko kartzelan mezea emoten egoala, eta amabostean bein itxiten eutsela ori egiten. Kapilla aretan, domeka guztietan iru meza emoten dira parrokiako 2.500 katolikoentzat. Vikario jaunaren ustez, udan, beste sasoietan baiño askoz gitxiago etorten dira mezatara. Gentea, domeka ta jaiegunetan. Berlin erdiko kale ta plaza bombardatuak itxita, uriaren inguruetako bedar tokietara joaten da.
Atarian, parrokiako anuntzioen alboan, pelikulen eleizklasifikaziño papera ikusi genduan. Film zantarren kategorian, pelikula komunista bat egoan. "Inmorala. Ez ikusi", esaten eban paperak. Preguntau geuntsan abadeari, ea euren antikomunismoagaitik kastigurik artzen ebenentz. Ordurarte ezetz, erantzun euskun; eskola maixuak barriz, erlegiñoaren kontra ekiñaldi sistematikoa egiten ebela, Jaungoikoaren eta zeruko bizitzearen gaiñean eleizan irakasten zan guztia, guzur utsa zala-ta. Alde batetik, eleizgizonak libertade guztia dauke, kultu katolikoa egiteko; bestetik ostera, eleiztarrak milla eragozpen ta presiño aurkituten ditue, erlegiñoa pratiketako.
* Alexanderplatz-eko libreria modernu baten, eskaparate aundi bat ikusten da, dan dana erlegiñoaren kontrako liburuz betea: "Jaungoikoak egin ete dau gizona?", "Sputnik-a ta Jaungoikoa", "Jaungoikoaren arrastorik munduan?", etc.
Katoliko persegidu baten oraintsuko historia
Oeste aldeko Berlin-en, Marienfelde-ko errefugiadu kanpoan.
— Zure izena? —Heinrich K...
— Noiz jaio?
— 1903-an, urrian.
— Ze profesino?
— Transporte publikoetan bear egiten neban joan dan asterarte.
— Ezkondua?
— Bai. Andrea beste aldean geratu da, 25 urteko seme nagusiagaz. Mutil gizaixoa total gaixorik dago. tuberkuloso, eta ezin leike viajerik egin.
— Euki dozu partidu politikorik?
— Ez.
— Len be, ez zara iñoiz sartu ezelako partidu politikotan?
— Ez. Eguno be ez dot egin politikarik. Sindikatuetan be, ez naiz iñoiz sartu.
— Erlegiñoa?
— Katolikoa.
— Zegaitik iges egin dozu Este aldeko Berlin-etik?
— Ain zuzen be, orrexegaitik, katoliko pratikantea naizalako.
Gizona, trankil dago. Bere kabuz ez leuke ezer esango. Antxe dago egon. Bere aurrean lau gizon. Euretariko batek egiten deutsoz preguntak. Eta berak, erantzun, guztiz sentzilloki, esturasun barik, voz gozo gozo bategaz, humiltasunezko itxureagaz. Jezarrita dago, ango silla baten. Zakutxu bat dauko oiñetan, bearen gaiñean. Txapela belaunetan. Baixua da, zimela, baltzerana. Suurpean bibote txikitxu bat. Erriko gizona. Empleadu bat.
Momentu garratza ez, baiña... serioa bai. Beste barik, edonok esango leuke, erriko juezaren aurrean gagozala. Baiña ez. Kuartu aretan, alkar maitasun ixil bat asmetan da. Preguntak aurrera doaz, beti modu onean baiña.
— Zure abade jaunaren izena?
— Aita Keller.
— Beti bizi izan zara Este aldeko Berlin-en?
— Ez. Gerra ostean, erri txikitxu baten bizi nintzan, Berlin-etik Sudesterantz eun kilometroko bidean. Gero, Berlin-era bertara etorri nintzan eta transporte kontuan sartu.
— Nora joateko asmoa daukozu?
— Arreba bat bizi dot Rin-en ertzean, Karlsruhe-ren ondoan. Bertara joango naiz.
— Zelan eta noiz igaro zara Este aldeko Berlin-etik ona?
— Lengo astean. Zapatuan. Metroa Alexanderplatz-en artukeran.
— Ez eutsun iñok galerazo?
— Ez. Momentu atan, ez egoan kontrolik.
— Esaidazu. Zegaitik urten dozu Este aldeko Berlin-etik?
— Katoliko pratikantea naiz. Ba-dakie aiuntamentuko agintariak. Aurpegira bota deuste askotan zegaitik ez dodan parte artzen Partiduko batzarretan. (Partidu komunistea, jakiña). Beste aldetik, eurak ba-dakie, Eleizako autoridadeakana sarritan joaten naizala, eta nire parrokian kultuko dirua neuk batzen dodala. "Zeure erlegiñoa pratiketako deretxoa daukozu, esan deuste; konstituziñoak berak emoten deutsu orretarako autorizaziñoa. Baiña, zegaitik ez dozu parte artzen bizitza politikoan?"
Nik beti erantzun deutset eze, ez nebala politikako ezer ezagututen, eta gaiñera, Partiduaren politikea, nire ustez, ez zala nire erlegiñoagaz ondo kompontzen. Pasau dan asterarte, ortxe lotu zirean gauzak. Bear egiten segidu neban; begi illunakaz begiratuten eusten, baiña tira... bakean itxi ninduen.
Baña lengo astean, gitxien uste nebanean, transporte direziñora, empleadu naizan lekura deitu eusten. Iru gizon egozan bertan, neuri itxaroten: neure diretorea —Partidukoa bera—, sindikatuko jefea eta beste bat, nik sekula ikusi ez nebana, "Gestapo gorri"-koa urrean —pentsatu neban neure barruan.
Preguntau eusten, ea katoliko guztiak pagetan ete zituen Eleizako impostuak. Ezetz, erantzun neutsen, ze ba-nekian nik, eurak baekiela batzuk ez zituela pagetan. Orduan asi jatazan esaten, txarto egiten nebala politika batzarretara joan barik, erlegiño gauzetan ain aktivua izanik. Gero "erosi" gura izan ninduen, eta esan eusten, nire parrokiako katolikoeri preguntetako, ea zegaitik ez zituen Eleizako impostuak ordaintzen. Iru milla katoliko dagoz nire parrokian, eta nik ezin neikela ori egin, erantzun neutsen. Eurak orduan baten eta birritan apelatu eusten egiteko ta egiteko, eureri esan bear neutsela, zeintzuk zirean nire ezagunen ideak, zein euren politikea, eta beste argitasun asko.
— Olako preguntarik egiteko eskubiderik baeuken ala? Konstituziñoa aitatu zeinken zuk...
Ordurarte gizona serio egon zan. Konstituziñoa aitatu eikela entzun ebanean barriz, gorritu egin zan apurtxu bat eta irribarre triste bategaz jarraitu eban:
— Ori egin dabenari ez deutse gauzak ondo urten. Ixilik egotea oba zala uste izan neban, eta murtik esan barik lotu nintzan. Gero eskatu eusten, Estaduaren kontra ez nengoala autortuteko. Ezetz, erantzun neutsen, ni ez nengoala euren kontra; baiña ixilik geratu nintzan, konvertsaziñoa akabukeran, entzun nebanaren gaiñean sekretua gordetako agindu eustenean.
Neure etxera sartu nintzaneko, ba-nekian zer egin. Ez neutsan esan egia osoa neure andreari. Iges egin bear nebala, ori bai, ori esan neutsan. Berak, baietz erantzun eustan. Eskapetako ainbat ariñen.
Oeste aldeko Berlin-en adiskide bat daukot, eta beragana joan naiz. Berak esan deust ona etorteko. Eta emen nago.
Bere aurrean preguntaka egoan gizonak, artu zituan nota batzuk, batu eban paper pilloa eta ba-diñotso errefugiaduari:
— Eskerrik asko. Joan zaitekez gura dozun lekura.
***
"Dolorez beterik besarkatuten doguz erlegiñoagaitik persekuziñoa sufrietan daben kristiñauak. Geuk-bere parte artzen dogu euren pena, naibage ta esturasunetan, eta geure indar guztiakaz eskatuten deutsagu Jaungoikoari, ainbat ariñen bakearen egunsentia agertu dakioela. Uxala mundu guztiko katolikoak eskabide onetan Geugaz batuko balira!" (Juan XXIII, Ad Petri Cathedram entziklikan).
«Kontzientziazko obligaziñoa dauke kristiñauak, lur lege barriaren aplikaziñoan gobernuari lagunduteko.» Auxe deklaratu dau Monseiñor Evelio Díaz-ek, Habana-ko obispo laguntzailleak.
Lur lege barriak, maiatzaren 17-an aprobatuak, asmo bi daukoz: alde batetik, bestelakotu agrikulturea, oraiñarte ia lugintza osoa azukerea ekarteko bakarrik izan da-ta; eta bestetik, banatu lur propiedadeak, distribuziño zuzenagoa egiñik.
Ori dala-ta, txikiagotu egingo dira hazienda aundiak, eta lur zatiak jaube askoren artean partidu. Oraindik aurrera, 1.000 akre lur baiño geiago ezin leikez-iñok euki. Ortik gorako lurrak expropiatu egin bear dira. Gobernuak lengo jaubeeri, lurren ordez, lau t'erdiko interesen bonuak emoten deutsez ogei edo ogetamai urterako.
Banaketa onetan ez dira sartzen, orain beiñik bein, azukera ta arroz lurrak, eta ganadu larruk. Baiña oneek lurrok be, Erreforma Agrariorako Institutu Nazionalaren menpean egongo dira. Institutu orren presidentea, Fidel Castro bera da.
Gobernuaren ustez, 4.000 propietario-edo izango dira, lege orrek ikutuko dituanak; eta errepartiduko direan lurren valioa, 100 milloi dolarrera elduko da urrean. Lege barriagaz, 200.000 familia, oraiñarte bape barik egon direanak, etxagun biurtuko dira.
Orrezaz gaiñera, gobernuak diruzko laguntziñoa emongo deutse jaube barrieri, eta euren onerako nekazari zentroak, aurrerapide guztiakaz orniduak sortuko ditu, eskolak, hospitalak, olgeta tokiak ta abar. Kooperativak be, indar aundia artuko dabe gobernuaren aldetik.
Bere deklaraziñoa egikeran, Habana-ko obispo laguntzailleak beste au gaiñeratu dau: «Gobernuaren lege berria guztiz konforme dago kristiñau justizia sozialaren espiritu ta asmoakaz eta Aita Santuak —batez-bere Leon XIII-garrenak Rerum Novarum entziklikan— irakatsi daben dotriñeagaz... Cuba-ko katolikoak maitasunezko agindua ondo ulertuko balebe, eta Jaungoikoa gauza guztiak baiño geiago ta proximoa euren burua lez maitatu bear dabela benetan jakingo balebe, pozarren eta gogoz artuko leukea naziño osoaren onerako egiten direan aldakuntza guztiok...
«Aukeran bizi direanak eta alan ta guzti-bere kristiñau zintzoak izan gura dabenak ikusi daiela eurak, euren kontzientzia bakean bizi leitekenentz ezer ez daukenen miseria, pobretasun eta sufrimentuen aurrean.
«Gure alabantzak eta bedeinkaziñoak, asmo eder eta esentzial au pratikan ipinten gobernuari laguntzen deutsenentzat. Esperantza aundia daukogu, gauzak ondo urtengo dabela.»
Baiña Habana-ko obispo laguntzaillearen esperantzak gorabeera, gauzak ez dira ain ondo ibilli.
Ori dala-ta, deklaraziño batzuk egin ditu oraintsurengo Monseiñor Pérez Serantes-ek; Santiago de Cuba-ko artzobispo jaunak.
Esan dau ze, lur lege barriko klausula batzuk aldatu egin bear litzakezala, komunismoan inspiraturik dagozalako. Bere asmo onakaitik Fidel Castro-ri zorionak emon ostean, konfiantza osoa daukola diño, Cuba-ko agintariak utsune orregaz konturatuko direala eta edozein jokera marxista alde baten itxita, naziñoa bide onetik eroango dabela.
***
«Desbardintasun larregi ta bata bestearen kontra ibilteko motivu geiegi dagoz oraindiño gizonen artean. Egoera orretara eldu gara nunbait, batzuk —propiedade deretxoaren kontzeptu okerra ta eskasa eukirik— bear dan baiño geiago irabazi ta aberastu gura dabelako. Gogoratu daigun, orrezaz gaiñera, mundu guztiko ainbeste beargiñen paru ikaragarria, zati baten beintzat, gero ta aundiagoa izan leitekena, produziñorako makiñak egunean baiño egunean obeak eta indartsuagoak direalako.
Soziedadeko klase guztien ondo kompontzea nai badogu, indar guztiak alkarturik, alegiña egin bear dogu, gizon guztiak —pobreak eurak be— euren lanagaz eta bekokiko izerdiagaz biziteko lain irabazi daien eta euren buruari ta euren familieri etorkizun dezente bat asegura deioen» (Juan XXIII, Ad Petri Kathedram entziklikan).
Vatikanoa. Kontzilio Ekumenikoa
Kontzilio, latiñetik datorren verba bat da. Batzarra, erreuniñoa esan gura dau. Ekumeniko barriz griegotik datorren adjetivu bat da, eta universala esan gura dau. Orregaitik, Kontzilio Ekumenikoetan, mundu guztiko kristiñaurik ospetsuenak batu izaten dira.
— Noiz izan zan lenengo Kontzilio Ekumenikoa?
— Batzun ustez, lenengo Kontzilio Ekumenikoa Jerusalemen batu zan 48-garren urtean. Batzar aretan, Apostoluak eta lenengo kristiñauak erabagi importante batzuk artu zituen, Palestina ta erbesteko kristiñauen artean batasuna sendotuteko.
Baiña Batzar Ekumenikoen listan. Nicea-ko Kontzilioa agertzen da lenengo. Kontzilio orretan, 325-garren urtean, Eleizearen kontrako Persekuziñoak amaituta laster, 318 obispo batu zirean, eta kristiñau fedeko artikuluak autortu zituen mundu guztiaren aurrean, benetako siñismena sendotuteko eta heresiak zapaltzeko.
Amaikagarren gizaldirarte, mundu guztiko kristiñauak Erromako Aita Santuagaz bat eginda bizi izan zirean. Baiña 1045-garren urtean, Oriente aldeko kristiñauak ausi egin eben batasun ori, eta zismatiko biurtu zirean.
Kristiñauen zisma edo divisiño ori etorri orduko, zazpi Kontzilio Ekumeniko zelebratu zirean. Amairugarren sekuluan, 1245-ean, Lyoneko Kontzilio Ekumenikoan, barriro lortu zan kristiñau guztien batasuna. Baiña zoritxarrez batasun orrek dempora gitxi iraun eban.
Azkenengo Batzar Universala, Vatikanoan batu zan 1869-an. Unada atan, ez egoan bakerik Italian. Errevoluzionarioak Erroman bertan sartu zirean, eta Kontzilioa amaitu barik geratu zan.
Urrengo Kontzilioa 1961-ean izango da aurki. Astia bear da, batzar ain importantea preparetako.
Orretarako asi da lan egiten Komisiño Preparatzaillea. Orain, Komisiñokoak entzuten diardue, "errespetu ta veneraziñozko espirituaz, obispoen eta beste guztien eritxiak, kontsejuak eta gurariak. Beste aldetik, Sede Santuko Kongregaziñoetan estudiozko komisiñoak atondu dira: eta orretarako, naziño askotatik ainbeste kontsultore, ofizial eta espezialista Erroman batu dira, gauzak ondo estudiatuta gero, Kontziliorako programa konkretu bat egiteko. Orrezaz gaiñera, dei egin jake Erromako universidade ta institutu eklesiastikoetako erretore nagusieri, ainbat ariñen orientaziñozko batzartxu bat eukiteko."
Argitasun oneek, Komisiño Preparatzaillearen presidenteak, Kardenal Tardini-k emon ditu, (junioren) bagillaren ogetamarrean, Komisiñoaren lenengo batzar plenarioa amaituta gero.
— Nortzuk dauke, Kontzilio Ekumenikoan parte artzeko eskubidea?
— Mundu guztiko obispoak dauke batzarrean votu deliberativua, eta bakotxak personalki adierazo bear dau bere eritxia artikulu guztien gaiñean. Aita Santua da batzarraren buru, eta berak esaten dau azkenengo verbea. Danon artean arturiko erabagia, utseziña da.
Beste personalidade batzuk be parte artzen dabe Kontzilioan, batez-bere obispo ez direan kardenalak. Gero datoz teologoak eta beste emparaduak.
— Zein izango da Kontzilioaren eginkizuna?
— "Kontzilio Ekumenikoaren anuntzioak, esan dau oraintsuko deklaraziño baten Aita Santuak, abegi ona euki dau leku guztietan, baiña fundamentu bako asmakuntza ta burutaziño asko be egin dira batzar ori dala ta eztala.
"Jakin beie danok, Kontzilioa egingo dala, Eleiza Katolikoari erea emoteko, bere rituen variedade ederretik, bere aktividade arrigarritik eta bere batasun guztiz sendotik indar barria atara daian, bere jaungoikozko eginkizuna gero ta obeto betetako. Aintxiñako eleiz-gurasoak erakutsi euskuen bideari jarraiturik Eleizeak sendotu gura dau oraingo kontingentzia ta situaziñoen aurrean bere bizitza ta alkartasuna, eta orretarako zuzenbide indartsuak emongo ditu, kristiñau bizimodu ta jarduna arteztuteko.
"Olan, bere edertasun osoan agertuko da Eleizea mundu guztiaren aurrean. Orregaitik, konfiantzaz beterik otoitz egiten deutsagu Jaungoikoari gugandik aldenduta dagozan kristiñauen alde, Eleiza Katolikoaren indarbarritasun miragarri ta providentziala ikusita, Kristok agindu euskun batasunera etorri daitezan, euren arteko askok aspalditik gura daben lez."
Zirilo ta Metodio, Eleiza Orientaleko Santu ospetsuen jaiegunean, (julioren) garagarrillaren 7-an, verbaldi bat egin eutsen Aita Santuak Italiako Aziño Katolikoko zuzendarieri; eta beste gauza askoren artean, auxe esan eutsen:
"Oneek Santu biok gogora ekarten deuskue, gure anaia aldenduakaitik lan egiteko daukogun obligaziñoa, kristiñau guztiok alkar amodio ta ontasunagaz batasunean etorri gaitezan, jaiegun onetako eleizkantuetan Jaungoikoari eskatuten deutsagun lez.
"Biotza pozez beterik uste dogu, gure otoitz eta sakrifizioakaitik, Jaungoikoaren Providentzia sekulako Misterio aundienetariko bat preparetan dabillela; munduko erri guztientzako, Jaunaren errukizko Misterio arrigarria".
***
"Orregaitik biotzez eskatuten deutsagu Jaungoiko errukiorrari, osotu daiala Eleizearen batasuna eta geitu Kristoren artaldea ta erreiñua. Orixe berori eskatu beioe Jaunari gure menpeko kristiñau guztiak, laster izango dan Kontzilio Ekumenikoak ondo urten daian, orretarako gure alegin humano guztiak baiño geiago, gure oraziño sutsuak valio dabe-ta" (Juan XXIII, Ad Petri Cathedram entziklikan).
Zinematografia
"The Nun's Story" (Monja baten Historia). Ona emen novela amerikano baten izena, bearbada azken urteotan Estadu Alkartuetan geien irakurri ta diskutidu dana. Bere egillea, emakume amerikano bat da: Kathryn Hulme, orain katolikoa, len protestante izanikoa. Bere novelan, erreligiosa baten bizitzea kontetan dau: Afrikan, ainbeste urte gaixoak jagoten igarota gero, vokaziñorik ez eukola-ta, komentutik urten eban monja baten historia.
Novela au ziñera eroan dabe orain amerikanoak. Fred Zinnemann da diretorea, eta Audrey Hepburn artista printzipala. Verba leku aundia emon dau pelikuleak Norteamerikan, eta eritxi desbardiñak sortu ditu ikusleen artean.
Espaiñian-bere ikusi dabe batzuk. Donostiako ziñe jaietara ekarri eben aurten amerikanoak. Madrilleko kritikoak, "Film Ideal"-en idazten dabenak, valio gitxiko pelikulea eritxi deutse. Emen, Estadu Alkartuetako gentearen eritxiak ipiñiko doguz America errevisteak bagilleko (junioko) numeruan dakazanak: novelistearen, diretorearen eta monja biren eritxiak.
Kathryn Hulme, novelearen egilleak:
"Gerra ostean, Alemanian nengoala, erreligiosa bat ezagutu beban, errefugiadu kampo baten. Antxe bear egiten eban, etxebako gizaixoak zainduten. Ni orduan protestantea nintzan. Ulergatx egiten jatan Eleiza Katolikoa, eta ez neban ezelan-bere enteniduten erreligiosoen bizimodua, batez-bere monjena.
Monjatxu arek bere bizitza guztia kontau eustan, eta bere historian nire erlegiño problema guztien soluziñoa aurkitu neban. "Sor Luke"-ren existentzia, guztiz ederra ta zentzuz betea begiratu jatan. Nortamerikako protestanteak bardin pentsauko ebelakoan, novela bat idazteko erabagia artu neban, sikieran-bere kristiñau guztiok obeto alkar ezagutu daigun".
Fred Zinnemann, pelikularen diretoreak:
Liburu onek begiak zabaldu deustaz, eta munduko beste askori be bai. Erreligioso bizitzearen sekulako vitalidade ta indarra erakutsi deuskuz. Kathryn Hulme-ren liburuak, zeatz bapeztu deuskuz monjen bizimoduaren gaiñean oraiñarte euki doguzan fundamentu bako noziño sentimental guztiak; eta ikusi eragin deusku, erreligiosa zintzo baten personalidadea beste emakumeena baiño askoz indartsuagoa ta ederragoa dala. "Monja baten Historia"-k argitan ipinten dau —eta zelan gaiñera— monjen heroismoa, euren vokaziñoari azkenerarte jarraituten badeutse".
Ursulina batek:
"Nire ustez, monjakiak probetxu aundia atarako dabe film onetatik. Ikusi daiela; eta vokaziñoa betiko gorde gura badabe, forma daitezala ondo, Sor Luke-ri jazo jakona, eureri-bere ez dakioen pasa".
Karidadeko Serora batek:
"Sentidu egin dot, Kathryn Hulme-ren novelea pantallara eroan dabelako. Vokaziño bako neskatilla batek, vorondate onekoa izanarren-bere, ezin leike bear dan moduan ikusi komentuko bizimodua. Ori gorabeera, zeredozer ikasiko dabe pelikula onetan, buru ariñak eta zerbait neurotikoak direan monjakiak".
***
"Radioak, ziñeak eta televisiñoak, on aundia egin leikee munduan; baiña zoritxarrez, kalte aundia be bai, batez-bere gente gaztearen artean. Orregaitik, radio emeisiño kaltegarrieri eta ziñe ta televisiñozko ikuskizun zantarreri kontra egin bear jake, egia ta oitura onak zabaltzen dituen emisiño ta ikuskizunakaz, ikusle-entzuleak obatu al daitezan eta, era batera modu onean jolastu" (Juan XXIII, Ad Petri Cathedram entziklikan).
Naste-borraste
Erbiak iges
Astelen arratsaldea zan, eta gure Tomas bere dendako ate aurrean bezero zain egoan.
Baserritar adiskide bat agertu zan, erbikume bat esku artean ondo lotuta bizi bizirik ekarrela.
— Nundik norakoa dok gazapu eder ori?, itaundu eutsan.
— Gaur goizean, Etxegoien-eko sekulabedar artean lo egoala artu dot.
Atxirika-k artu eban esku artean, eta maitekor maitekor laztanduaz esan eban:
— Gaixoa! Oraindiño oiñez-bere eztaki ba ta...
— Oiñez eztakiala? Jakingo ez-tau ba? Iñoiz ikusi dozu zuk oiñaz eztakian erbirik, ala?
— Onek, beiñik bein, etxakik. Eztok ikusten ze gaztetxua dan? Zelan jakingo jok ba oiñez, oraindiño bere amak etxok oiñez irakasteko astirik-bere izan da!
— Egundo olakorik! Zuk esateko ezta asko. Munduak mundu direanetik, erbi emea umeai oiñez irakasten iñok ikusi ete dau!
Eta bai-ekiala, eta ez-ekiala, eztabaida gogorrean nastau zirean.
Baiña nor zuzen egoan, nok errasoia eukan jakiteko, ikusi egin bear zan, aprobea egin bear eben, eta baserritarra ez egoan orretarako, badaezpadan bere.
Azkenean ba, pitxar bete ardao edanda gero, bideratu zan, eta geldiro geldiro, kontu andiz, asi zan erbia atzeko anketatik loluta eukon lokarria askatuten.
Erbi bizkorrak, bere oiñak erdi libre susmau zituzanean, dardaka bat egin, salto andi bat emon, eta... San Juan kalean gora, Txorroburutik zear, Kosnoa mendiko bedar arloetan ostendu zan.
Lenengoan, deadar eta garrasika, jarraitu eutsan gizonak: baiña tximistea baiño ariñago igeska doan erbiaren atzetik joan adi.
Alperrik! An geratu zan, bide erdian, arnasestuka eta mormorka gure baserritarra.
Zuur ibilli, mutil, zuur ibilli;
Kaletar orreekin kontuz beti.
Esku utsean
Domeka goiz guztia Bizkaigane-tik Baldatika-ra, mendi eta bide zidor guztiak aratuta gero, burua makur, bekoki illun eta oso nekatuta etorren etxerantza gure «eiztari ospetsua».
«Baiña, erbi lorratzik-bere ez, gizona! Ezta birigarro, ez zozotxu bat-bere», iñoan bere kutan. A zan legortzea! Eta erbi asko ebillela andik, esan eutsen adiskideak. Bai, zereko erbiak!
Orraitiño, Dondiz deritxon baserri etxeko etartean, erbi bizi bizi bat euken, goizean lo egoala arturikoa. Eta ondotxu ordainduta baiño ezpazan-bere erosi eban, goiz guztia galduta gero, ez zan etxean esku utsean sartuko-ta.
Baiña eskuetan erbi bizia eroiala iñok ikusi izan baleu, laster igarriko eutsan erosi zala; eta erbiori tiroz iltea erabagi ebari.
Eta Santana-pera eldu zanean, bere neurriak artu zituzan. Jarri eban erbia arbol txiki batetik dingillizka, atzeratu zan amar-amabi oin, eta... pum! erbia jo bearrean oiñetatik lotuta eukan lokarria jo eban, eta... agur gure erbi ederra: an joan zan ariñeketan Gernika ibarrean aurrera, eztakit nun ostendu arte.
Ori dok begia, ori dok bistea, Tomas!
Jostuna az i, Atxirika, i jostuna?
Zuzen josita joango dozak ire kaltzak!
Gernika
BELU