ANAITASUNA
VI URTEA - N.º 62
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Garagarrilla (7) 1959
Zeregin bat importantea dala ikusten dogunean, orduantxe ta orduantxe bakarrik lan egiten dogu gogoz beraren alde. Ez jaku gustetan, eginkizun txikiakaz bizitzea komplika deiskuen. Ezer egitekotan, naiago dogu, premiñako arazoetan, probetxu ta importantzia aundiko gauzetan jardutea.
Ain zuzen be, San Pedro egunean, orixe gomutarazo deusku Eleizeak eta eginkizun aundi bat ipiñi deusku begien aurrean: Prensa Katolikoari indarra emotea.
Gaur egunean, iñoiz baiño geiago, ideak movietan dabe mundua. Zelakoak ideak, alakoak izango dira munduko gorabeerak. Erri baten etorkizuna moldatuteko, ideakaz leundu bear da lenengo bidea.
Asko dira, ideak zabaltzeko erak; baiña egokiena, indartsuena, errezena, lekturea da. Liburuen, periodikoen, errevisten lekturea. Kristiñau asmoak munduan zabaltzeko preokupaziño apurtxu bat daukonak, seguru segurutik interes aundia eukiko dau Prensa Katolikoa dala ta eztala.
Euskalerriko Erdal Prensa Katolikoa Espaiñia osokoagaz komparetan badogu, ondo gagozala esan geinke. Izan be, ez da aundia, Madrillek Bilbaori arlo onetan daroatson ventajea. Ogetamairu milloi errevista garaun argitaratuten dira urtean Bilbaon bakarrik. Euskeraz barriz, ez dot uste Bizkaia guztian eun milla errevista garauntxu agertzen direanik.
Dana dala, lan egin bear dogu danok, erderazko naiz euskerazko Prensa Katolikoaren azia edonon ereiteko. Ori gorabeera, ondo egongo da, euskerea maite daben guztieri verbatxu bi esatea.
Euskaldunak, izan gaitezan errealistak. Gure erria beti kristiñau ta euskaldun bizi daitela benetan gura badogu eta logika apurtxu bat badaukogu, duda barik, zeredozer egin bear dogu Euskal Prensa Katolikoaren alde. Eta Prensa ori iñondik agertzen ez bada, edo pobrea bada, edo indarbakoa bada, alegiña egin bear dogu, gauzak beti olan jarraitu ez daien.
Zeri gagoz itxaroten? Edo uste dogu, Prensa ori, iñoizko baten, goizetik gabera sortuko dala? Zabaldu daiguzan begiak demporaz, eta gaur egin geinkena, ez daigun itxi biarko, orduan beranduegi izan leiteke-ta.
Danok daukogu zeregin onetan zetan lan egin. Batzuk, Euskalerriaren aurrean erantzunbear aundiagoa daukenak, eta diruz naiz gogoz aberatsak direanak, asko egin bear leukee arazo onetan. Dana dala, gauza aundia izango litzake, errevistatxu au illean illean artzen dozuen guztiok, asikeratik akaburaiño pozarren eta ardura aundiagaz irakurriko bazendue, eta irakurrita gero, lagunen bateri leiduteko emongo bazeuntse.
Berriatua
Neskatilla polita ta elegantea: dolar bi
Cuba-ko gobernu barriak kontribuziñoa ipiñiko ei deutso gentearen arrokeriari. Soziedade kroniketan persona baten izena aitatuteagaitik dolar bat pagau bear izango da; eta kontribuziño ori eun dolarrerarte eldu leiteke, izenaren alboan nobletasun tituluren bat ipinten bada. Personearen edertasun fisikoak edo moralak azalduten badira, alabantzazko adjetivu bakotxeko dolar bat geiago ordaindu bear izango da, eta bost dolar fotografia bakotxeko.
Eginkizun onen aurrean, klase askotakoa izan da gentearen erreaziñoa. «El Diario de la Marina»-ren ustez, gobernu errevoluzionarioaren asmo ori periodikoen libertadearen kontra doa. Habana-ko goiko soziedadeko seiñora batek esan ei dau: «Zetarako batuko gara koktel bat zelebretako, gero periodikoetan gure izenak agertuko ez badira?» Beste seiñora batek: «Lege orregaz, Kantzerraren kontrako Alkartasuna ondatu egingo da. Dirua batzeko jaiak organizetan dituenen izenak, soziedade kroniketan agertzen ez badira, nok egingo dau lan orduan? Nok eukiko dau olan interesik» Beste batek: «Zetarako itxi diru pillo ederrak eskabide maietan, gero gure sakrifizioaren ordaiña ez artzekotan, eta gure izenak eta erretratuak periodikoetan agertzen ez badira?»
Gu, Jesusen verbakaz akordetan gara. «Ez daiala jakin ezkerreko eskuak, eskoiak egiten dauan limosnea» —esan eban bein Maixuak. Orregaitik, ondo dagoala uste dogu, Cuba-ko lege ori. Espaiñian tabakoari ipiñi deutse kontribuziñoa, Italian gatzari, orain Cuban arrokeriari.
Dana dala, auxe da guretzako importantea: Oitu gaitezala danok, beti egia esaten; deitu polita, benetan dan neskatilleari; deitu gobernante zintzoa, direktore habilla, ziklista fenomenoa, benetan dan gizonari. Egia beti, Espaiñian, Cuban eta edonon.
Oraingo emakumeak, lengoak baiño gazteagoak
Afirmaziño au egia danentz jakiteko, gogoratu daiguzan emakume famadu batzuk, ziñe pantailletan agertzen direanak. Europako zineman, esate baterako, lenengo kategoriako ogei «izar» baiño geiago dagoz, berrogei urtera eldu edo urretu direanak; euren artean topetan doguz Ingrid Bergman, Anna Magnani, Vivien Leigh, Danielle Darrieux, Michele Morgan eta Alida Valli.
Zinema amerikanoa barriz, «zarrez» beterik dago; eurak dira, esatea lez, Hollywood-eko nagusi. Eun ta ogei protagonisten artean, ogetairu, berrogei urtera urretuten dira; euren artean Ava Gardner eta Lana Turner, emakume guztiz ederrak, biak. Eta amazazpi, ondo igarota dagoz edade orretako arraiea. Danak agertzen dira oraindiño ziñeko amodiozko lantzetan, Barbara Stanwyck eta Rita Hayworth-egandik asita, Katharine Hepburn eta Olivia de Havilland-eganarte. Orain gitxi dala, begitu zer esan eban periodiko amerikano batek: «Hollywood-eko emakumeak guztiz ederrak dira, baiña edadez ondo izan leitekez amumak.»
Olako komprobaziñoak edonon egin leitekez, Hollywood-era joan barik. Oraingo emakumeak lengoak baiño gazteagoak direala jakiteko, ez daukogu zetan atondu «Miss Amuma» konkursurik, Nortamerikan aurten egin dan lez. Orretarako naikoa dozue, berrogei urteko zeuen ezagunak burura ekartea.
Euren aldetik, estadistikak be, konfirmatu egiten dabe, zelan edo alan, emen diñoguna. Igaz, Italian, 350.000 emakume gitxi gorabeera ezkondu zirean; euretarik 13.000 (kasik euneko lau) berrogei urte baiño geiago eukezan. Eta eunekobeste au gero ta gorago ei doa, batez-bere erri aundietan. Eta berrogei urtetik urre dagozanak kontuan artzen badoguz, orduan erresultadu arrigarriak ikusiko ditugu: Milan-en, esate baterako, 970 ezkontza egin zirean garagarril (julio) berrogetamazazpian, eta novia guztien artean eun ta bik (euneko amazazpik baiño geiagok) 35 urte ondo kumpliduta eukezan.
Zegaitik, emakume berrogeitarren gaztetasun ori? Jakitunen ustez, asko dira orren kausak. Kausa fisikoak eta psikologikoak.
Beste ventaja askoren artean, gaur egunean emakumeak len baiño lan astun gitxiago egiten dabe etxean, tresna elektrikoeri eskerrak. Orrezaz gaiñera, asko obatu dira oraingo kondiziño higienikoak, eta len baiño bizimodu altuagoa daroe Europa ta Amerikako familiarik geienak.
Baiña emakumearen aurrerakuntza onetan, aintzat artu bear doguz batez-bere kausa espiritualak. Ikaragarriak dira, arlo onetan emakume modernuak egin dituan irabaziak. Lengo «neska zarrak», esatea lez, mundutik urteten eben; bizitza sozialeko eginkizun eta pozaldieri agur egiten eutsen, etxeko edo eleizako lau orma artean sartzen zirean eta alaitasun bako monotonia legor baten igartuteko arrisku aundia euken.
Orain barriz, neskak, alperrik urteak aurrera joan, eginkizun barri asko dauke begien aurrean: emoziño barriak, experientzia barriak, errespontsabilidade barriak. Gero ta geiago dira, politikan, ekonomian ete edukaziño lanetan sartzen direan emakumeak. Erlegiñoak be apostoladuko ateak zabaldu deutsez, eta eurak pozarren eta gogoz bear egiten dabe zeregin eder orretan.
Emakume modernuaren bizitza espirituala, lengoarena baiño sakonagoa da, indartsuagoa da. Orregaitik, bere espiritua gaztetu egin da, eta bere gorputza be bai.
Longa
Txina-ko obispo zismatikoak Erromara?
Monsieur Vitus Chang Tsohuan-ek, Txinako obispo jaunak, orain desterruan dagoanak, deklaraziño batzuk egin ditu, Hamburgon, Txinako obispo zismatikoen gaiñean.
Bere ustez, Aita Santuaren baimen barik kontsagratu direan obispo orreeri be, Batzar Ekumenikora etorteko invitaziñoa bialdu bear litzakioe. Egikera onek, Eleizearen biozabaltasuna egiaztuko leuke. Gaiñera esan dau ze, berak ondo ezagututen dituala obispo frantziskano bi, eleizmaitasun guztiz aundikoak eta eritxi guztiz leialak daukezanak.
Txinako Eleiza Katolikoaren egokerea, penaza benetan dala esan dau, eta privilegio aundiak daukezala ministerioa ixillean egiten daben sazerdoteak. Jantzi liturgiko barik eta labur labur esan leike mezea; eta kontsagraziñorako, edozein ogi klase erabilteko permisua dauke. Kristiñauak euren etxeetara eroan leikee komuniñoa.
Beste frantziskano bat, Eleizako Doktore
Maiatzaren 9-an, Aita Santuak, Eleizako Doktore titulua emon deutso San Lorentzo Brindisi-koari. Oraiñarte bi izan dira San Frantziskoaren Ordenako Doktoreak: San Bonaventura ta San Antonio.
San Lorentzo, Italiako Brindisi-n jaio zan amaseigarren gizaldian, eta Lisboan il 1619-an. Eskritura Santu ta Teologiako profesore sakona izan zan. Protestantismoaren indarra zapalduteko kaputxino komentuak Austria ta Bohemia-ko fronteran fundatu zituan. Luterotarren kontra polemista itzala izan zan. Musulmaneri gerra egiteko, kristiñau ejerzituen kapellau ta animatzaille lez, lan aundia egin eban. Europako errege ta agintarien artean diplomatiko zuurra izan zan. Zortzi izkuntzatan guztiz ondo verba egiten eban. Frantziskano kaputxino'en Ordenea prudentzia ta santutasun aundiagaz gobernatu eban. Amabost liburu aundi itxi deuskuz, bere jakituri zerutarraz beteak.
Munduan zear
«La Prensa de la Iglesia en España». Titulu onegaz argitaratu dau monografia eder bat Espaiñiako Eleizearen Estadistika ta Informaziñozko Ofiziñeak. Lan valiotsua, numeruakaz eta egiakaz egiñikoa, laburra baiña interes aundikoa.
Ona emen, lan orren jakingarri urtenenak.
Publikaziñoen geografia
Madrille ta Bartzelona kenduta, errevistarik geienak Euskalerrian, Zaragozan, Santanderen eta Palentzian argitaratuten dira. Euneko irurogetazortzi errevista, orreetan provintzietan agertzen dira.
Espaiñia osoan, urtean publikaziñorik geien ataraten daben diozesiak oneexek dira: Madrillek 23.971.140 errevista garaun. Bilbaok 22.621.000, Bartzelonak 15.494.995, Zaragozak 8.883.500. Kasik 71 milloi errevista garaun argitaratuten dira urtean lau urinagusi orreetan. Onek esan gura dau, Espaiñia osoko errevista guztien artean euneko 72, lau erriotan publiketan direala.
Errevisten numerua
Espaiñiako Prensearen Anuarioak dakarren lez, 1957-an, naziño osoan, 1.768 errevista diferente argitaratuten zirean. Euretarik ia erdiak —847 titulu diferente— Eleiza Katolikoarenak dira.
Espaiñiako errevista guztiak —eleiztarrak eta osterantzekoak— lau milla seireun bana garaun ataraten ditue batez beste. Eleizearen publikaziñoak, eurak bakarrik, promedio altuagoa dauke, sei milla seireun ta larogeiña garaun argitaratuten ditue-ta. Osterantzeko errevistak Eleizearen kontrolpean ez dagozanak, batezbeste baixuagoa dauke: bi milla zazpireun bana garaun. Onek esan gura dau, publikaziño katolikoak, besteak baiño zabalkuntza ta ugaritasun geiago daukela naziñoan.
Publikaziñoen indarra
Asko dira Eleizearen publikaziñoak. Baiña ba ete dago proportziñorik euren numeru ta indarraren artean? Egia esateko, ezetz uste dogu.
Edozein kioskotara joaten bagara, an dagozan errevisten artean, Eleizearen publikaziñoak gitxi dira izan —erdira be ez dira eltzen—, eta saldu, osterantzeko errevistak baiño iru bidar gitxiago saltzen dira. Geienetan, errevista katolikoak ez dauke kategoriarik. Ori dala-ta, ez dira saltzen toki publikoetan, suskriziño bidez baiño.
Eleizearen 847 errevistetatik 99 bakarrik (13%) publiketan dira astero edo amabosterik amabostera, eta numeru onetan sartzen dira parrokia ta diozesietako orritxuak, irakurle gitxidunak eurak.
Osterantzeko errevistak, Eleizearen kontrolpean ez dagozanak, geienak beiñik bein, astean astean agertzen dira. Urteten daben bakotxean tirada aundia euki ezarren, sarri agertzen direan lez, eta presentaziño obea eta atraktivu geiago dauken lez, euren indarra ta influentzia, errevista katolikoena baiño askoz aundiagoa da. Emen be ez dago proportziñorik numeru ta indarraren artean. Baiña oraingoan indarraren alde.
Illuna ta argia
Estadistika ta Informaziñozko Ofiziñearen ustez, publikaziño katolikoak, batez-bere sarri urteten ez dabenak —eta euneko 87 olakoxeak dira—, influentzia gitxi dauke publikoaren artean.
Zegaitik indar eskas ori? Motivu askogaitik. Emen ez doguz motivu guztiak esango. Baiña ondo egongo da, printzipalenak esatea. Gure errevista geienak, superfizialak dira, segurantza bako informaziñoa emoten dabe, eskribikeran eta presentakeran teknika gitxi darabille, zentzun periodistikorik ez dauke.
Gauzak olan izanik, ezin geintekez arritu, errevista katolikoak influentzia gitxi badauke, eta gente asko Eleizearen voza entzun barik geratuten bada. Eta influentzia ori oraindiño urriagoa egiten da, errevisten arteko interferentzia, ikaragarria dalako, etxe baten igual ez dakit zenbat errevista klase batera sartzen dira-ta.
Ori gorabeera, gauza onak be ba-dagoz prensa katolikoan, eta ba-daukogu optimistak izateko motivurik. Ia eun milloi errevista garaun sartzen dira urtean Espaiñiako familietan. Ez da ventaja makala. Asko dago eginda.
Baiña orain beste gauza bat falta jaku: organismo zentral bat, naziñoko publikaziño guztieri laguntza teknikoa, grafikoa ta literarioa emoteko, euren influentzia sakonagoa izan daiten. Ainbat ariñen Prensa Katolikoaren Agentzia indartsu bat bear dogu, gauzak aurrerantzean obeto joan daitezan.
Euskal Prensa Katolikoa
Euskerazko publikaziñoak, numeruz guztiz gitxi dira, eta indarrez oraindiño gitxiago. Zegaitik ori? Batzuk gobernuari botetan deutse erru guztia. Baiña ori ez da egia. Geu gara errudun. Geu. Eskribitzailleak eta irakurleak. Danok.
Bizkaian beintzat, gitxi, oso gitxi dira euskeraz idazten dakienak. Eta ulertzeko moduan idazten dabenak, askoz gitxiago. Eta errevistan idatzi gura dabenak, oraindiño gitxiago.
Eskribitzaillearen zeregiña guztiz penaza da. Ixilla, eten bakoa, gogorra, naigabez eta eskergaiztoz betea. Errezago da, gozoago da, kafe bateko mai ondoan Euskalerriaren alde erderaz jardutea.
Gauzak olan izanik, ez gaitezan arritu. Bizkaian beiñik bein, ia ia euskal prensarik ez badaukogu. Eskribitzaille batek edo bik, eurak bakarrik, zelan atarako dabe gauza onik ba? Diru barik, laguntza moral barik, idazlagun barik egin leiteke valioko ezer ala?
Noizarte egongo gara olan? Ez ete dauko egokera onek erremediorik? Euskalerrian bape direanak, egiten dabe gauzok aldatuteko alegiñik? Edo euskera idatziak ez ete dauko importantziarik euskaldun kristiñauentzat? Ez geunke euki bear geuk-bere, erdaldunak lez, Euskal Prensearen Agentzia indartsu bat? Edo Euskal Periodista Eskola on bat?
Irakurleak, euren aldetik, leiduten ete ditue Eleizearen euskal errevistak? Gauza bat da errevistak artzea eta beste bat irakurtea. Euskalerrian ez daukogu, Madrillen lez, Estadistika ta Informaziñozko Ofiziñarik, euskaldun irakurleen erreaziñoa zein dan jakiteko.
Nik neuk uste dot, idazten dan baiño askoz gitxiago irakurten dala, eta etxeetan sartzen direan errevista garaun asko, leidu barik geratuten direala.
Negargarria da benetan Euskalerriko errevista katolikoen bizikerea, batez-bere Bizkaian. Erlegiñoagaitik eta euskereagaitik alegin geiago egin bear geunke danok. Batzuk idazten, beste batzuk diruz laguntzen, guztiok irakurten.
Ibieta
Publikaziño katolikoak, gitxienez, iru klasetakoak izaten dira:
a) Informaziño generala emoten dabenak.—Oneetariko publikaziñoak, konfesiño bako edozein periodiko lez, munduko gorabeerak, bai erreligiosoak bai profanoak, ekarten ditue, eta euren gaiñean eritxia emoten dabe; baiña komentarioak egikeran, Eleizearen irakaspenak beti kontuan eukiten ditue.
b) Formaziño katolikoa zabaltzen dabenak.—Oneetariko publikaziñoak (errevistak geienetan), komentario geiago edo gitxiagogaz, informaziño katolikoa bakarrik edo ia bakarrik ekarten dabe. Beste publikaziño batzuk barriz, idea, devoziño naiz bizibide determinadu batzuk zabaldu gura izaten ditue kristiñau zintzoen artean.
c) Penetraziño apostolikoa asmotzat daukenak.—Oneetariko publikaziñoak, misiño arduraz beteak, badaezpadako kristiñauen artean militanteak sortu eragin gura ditue, edo erligiñotik apartauta dagozanak Eleizara ekarri, edo siñismenik ez daukenak federako irabazi.
Klasifikaziño au, orregaitiño, apurtxu bat nasaitxu artu bear da, goian aitatu doguzan iru asmoetako zerbait publikaziño guztiak eukiten dabe-ta.
Poztu be asko poztu giñean igazko bertsolari txapelketa ikusiaz. Ainbat urtean ixillik zirean urretxindor jatorrak, Bilboko Arenalean batuta kantari ikusi genduzanean, zelan ez poztu biotza? Baita begiak negar be! Euskaldunak benetan bere erraietan daroala bertsolari-kutsua gero!
Bizkaiko bertsolari txapelketa barri baten aurrean gure lagun zintzo Alfonso Irigoienegana joan gara preguntatxu batzuk egin naiean.
— Igaz arrituta gelditu giñean goizetik gabera zelan eratu zan bertsolarien sariketea ikusiaz. Esango ete deuskuzu zelan sortu zan?
— Bizkaian bertsolaria aspaldiko urteetatik apurtxo bat baztartu egin izan da, bearbada bere izkerea ontzat artu eztalako. Ez, ostera, erritarren artean, ezpada dotore-kutsu geiago eukienen artean baiño. Orrek, duda barik, galerazo egin eutsozan euskereari Bizkaian alderdi orretatik etorri eikiozan indar aundiak, beste alderdi batzuk geiago edo gitxiago zaindu bazirean be. Bertso kantauak izugarrizko indar aundia izan dau eta dauko euskaldunen artean, beste edozein literaturak baiño askotaz geiago; eta indar ori euskerearen bizi sustraitsurako aprobetxatu bear dogu, euskereak bizirik eta sendo iraun daien gura dogunok, bizirik eguneroko berbetan, eta ez bakarrik iñok edo oso gitxik irakurten dituezan liburuetan. Iparagirre bera be zer izango zan, Euskalerrian bertsoak izan ezpalira? Euskaldunen biotzetan eragin eban-sentimentu bizia, ezeban ezelan bere eragin aal izango, bertsoen bidez izan ezpalitz. Nok eztitu ezagututen gaur egunean be Iparagirre-ren kantak? Esango neuke erdaldunen artean be asko dagozala ezagutu eta kantetan dituezanak.
Igaz bertsolari batzuk ezagutu genduzan, eta gaiñera sasoi aretan Paris-en be izan zan txapelketa nagusi bat; eta pentsau genduan oso egokia izango zala Bilboko jaietan txapelketa bat egitea; Ayuntamentura joan giñean, bear zirean baimenak eskatu genduzan, eta martxan parau zan guztia. Diputaziñoak kopa bat emon eban Bizkaiko txapeldunarentzat, Bizkaiko eta Bilboko Ahorro-kaxak beste bana, Bilboko aberats batzuk sariketarako dirua. Ezagututen genduzan bertsolari guztieri dei egin, eta gertau zan. Bilboko egunerokoetan adierazo zan eta baita Donostiako erradioan be, eta izugarrizko gente asko batu zan Arenalean.
— Pozik gelditu ziñean Arenaleko ekitaldi aregaz?
— Gentea oso pozik gelditu zan, eta sariak irabazi ebezanak pozago oraindiño, zeinbat eta saria aundiago ainbat pozago. Ordurik ona, bertsolari batzuk beintzat agiri agirian egin daben aurrerapidea siñistu be ezin lei. Ia ogei urtean ixillik egonik, barriro asi zirean kantetan eta amesetan. Eta laster jakin genduan, gaiñera, bertsolari geiagoren barri be, batzuk gazteak, eta baita bertsolari izateko gogoa daukienak be.
— Aurten zer asmo dago?
— Aurten, Bilbon bakarrik egiteko bertsolari geiegi egonik, Bizkaia bost zatitan partidu dogu: eta toki bakotxeko txapelduna, eta baita igaz Bizkaiko txapeldun gelditu zana, Bilbon egingo dan txapelketa nagusira joango dira. Beraz, toki oneitan egingo da: Urkiolan San Antonio egunez, Bagillaren 13-an, goizeko amabiak aldean. Mungian San Pedro bezperan, Bagillaren 28-an, goxeko amabietan. Bermeon San Pedro egunean, Bagillaren 29-an, goxeko amabietan. Markiñan Karmenetan, Garagarrillaren 18-an, goxeko amabietan. Zeanurin Andra Marietan, Agustuaren 16-an, arratsaldeko seiretan. Eta azkenik Bilboko txapelketa nagusia Agustuaren 30-an, arratsaldeko bostetan. Sariak, erri bakotxeko txapeldunari milla peseta eta toki bakotxeko Ayuntamentuaren kopea. Gaiñerako guztieri bosteun peseta bakotxari. Bilboko sariak askotaz be aundiagoak izango dira, eta Diputaziñoaren kopa nagusia eroango dau Bizkaiko txapeldunak. Eskerrak emon bear deutsaguz Bizkaiko ahorro-kaxean berak emon dauelako dirua errietako sari andienetarako eta baita Bilboko sari baterako.
Gaiñera ogetalau orrialdeko bertso-liburutxo bat egin dogu Bizkaiko bertso batzukaz, batzuk zarrak eta oso ezagunak eta beste batzuk barriak. Amazortzi milla ale egin doguz zabaltzeko errietako txapelketetan. Eta zelan datorren urteko maiatzerako Euskaltzaindiak Euskal-sariketa bat amar urtetik amairu urterako neska-mutil bizkaitarrentzat iragarrita daukan, bertso-liburu arek, egingo direan esamiñetarako balio izango dau. Sariketa orretara doazenak buruz ikasi bear izango dabez bertso guztiak, edozein soiñu erabillirik; eta esamiñetan, beste gauza batzuen artean, bertsoon gaiñean itanduko da.
— Zein erritan egingo da lenengo?
— Urkiolan, San Antonioetan. Danok dakizue egun orretan baserritar eta kaletar asko ta asko batuten dala Urkiolan. Eztago dudarik euskalduntasunarentzat indarbide aundia izango dala.
— Bertsolari asko ete da Bizkaiko erriak zear?
— Naikoa. Kontuak atera bost txapelketa egitea erabagi izan dala, Bilboko txapelketa nagusia egin baiño leen. Eta leen aipatu dogun bertso-sortea neska-mutil askok buruz ikasten badabe, bertsolarikumeak be laster egongo dira ugari.
— Laguntza ona arkitu dozu bizkaitarren artean? Eta gauza onetarako zaletasunik?
— Zorionez bai. Igaz be sarietarako dirua jaso izan zan. Zaletasuna, euskaldunen artean dago izugarria. Erregenetan Arriaga teatroan Euskaltzaindiak urtero egin oi dauen jaialdia prestau genduanean, igaz leenengo irurak gelditu zireanak imini genduzan programan agur bat egiteko, eta errietatik asko ta asko beren beregi bertsolariakaitik etorri zan.
— Ez al dago, Bizkaikoak bakarrik barik, Euskalerri guztiko bertsolarien artean konkurso oneek egiteko asmorik?
— Oso gauza ederra izango litzake. Baiña ori egin baiño leen, Gipuzkoan eta Nafarroan txapeldunak aterateko, Bizkaian egin doguna bera egin bear leukie; eta orduan alderdi guztietako nagusiak batu aal izango litzakez indarrak neurtuten ia nor Euskalerriko burua izan. Mugaz andikoak egin dabe aurten txapelketea. Ba-dirudi Euskalerriko ertzetan ari gareala, baiña biotzean erdian ez. Eta izkuntza kontuetan modak erditik alboetarantza joan oi dira. Gipuzkoan egingo balitz orain, golpe izugarria izango litzake euskerearen alde eta bildur barik euskaldun berbea eta bertsolari berbea sinonimo-kutsua artzen asiko litzakez.
Artikulu au idatzita gero jakin dogu, Gipuzkoako Aginagan bertsolari konkursu eder bat izan dala.
— Akats eta oztoporik ete da orretarako?
— Nik eztot uste oztoporik dagoenik; berba baiño egin geiago egiten da.
— Bizkaiko bertsolari-sariketa onek betiko jarraitzeko asmoa dauka?
— Gure gogorik aundiena orixe da. Eta Jaungoikoaren laguntasunagaz egingo da.
— Zorionak emon bearrean gaukozuz bertsolari guztien izenean zeu izan zarealako su emoille eta gauza guztiak atondu dozuzana. Milla esker guztion izenean.
Ete daukozu ezer ANAITASUNAREN irakurleentzako?
— Eskerrak emon zuzendari, idazle eta irakurleeri eta bertso bat kantau.
Euskal lurrean jaio giñean
Eskerrak Goiko Jaunari;
Euskaldun eraz bizi nai dogu,
Zor deutsagula amari.
Euskeraz esan gurako geunskio
Agurra guk munduari,
Eta euskaldun zeruan sartu
Bertso barriak kantari.
Eskerrik asko Alfonso zure leialtasunagaitik. Zeu be bertsolari goien egin zatxakuz. Eta guk guztiok ikasi daiguzan erantzun oneitan Irigoienek esan deuskuzan egi ederrak. Bizi bedi gure artean ain gure dogun bertsolari-kutsu au.
Enbeita'tar Kepa
Euskal sariketea amar urtetik amairu urterako neska-mutil Bizkaitarrentzat
1. Euskaltzaindiak sariketa bat iminten dau Bizkaiko neska-mutillentzat, 1960-gko. maiatzean egiteko, adierazoko dan egun batean. Izenak bialtzeko epea amaituten dan orduan, amar urtetik amairu urtera izan bear dabez. Zimentarriak oneik dira.
2. Sariak izango dira: Leenengoa milla pesetakoa, eta amazortzi sari bosteun pesetako. Euskaldun aberatsak emoten badabe orretarako dirua, eun eta berrogetaamar pesetako sariak iminiko dira gaiñerakoentzat. Sariez gaiñera aipamen bereziak egin aal izango jakiez nabarmenduten direaneri, eta baita neska-mutillak gertetan dabezaneri be, diploma dotore batzuk emonik.
3. Sariketea esamiña bat euskeraz egiñik erabagiko da, eta gaiak izango dira: 1. Kristiñau dotriñea. 2. Bizkaiko erri-bertso-sorta bat, Euskaltzaindiak argitaratu dauena. Buruz ikasi bear izango dabe edozein bertso-soñu erabillirik. 3. Gura daben ipuin bat idatzi bear izango dabe buruz. Orretarako, "Abarrak", Euskaltzaindiak argitaratu eban ipuin-sorta E. Bustinza-rena, iminten da eredutzat, eta ango ipuin bat edo beste edozein tokitan ikasiriko bat aukeratu lei. 4. Bakotxa bizi dan erriaren gaiñean zerbait idatzi. Erakusbide modura gai batzuk emoten dira, libertade osoagaz erabili aal izango direanak, bai zuzenean edo bai zearka, eta guztiak edo batzuk bakarrik: a) Elexea, b) Erria, d) Baserriak, e) Fabrikak, f) Dendak eta merkataritzea, g) Arrantzua, h) Labrantzea, i) Gentea eta oiturak, j) Bidaje batean sentidu doguna, eta abar. 5. Domingo Agirre-ren "Kresala" novelea iminten da liburu irakurgarria legez, batez be idazteko oiturea artzeko, baiña ezta ezer itaunduko bere gaiñean.
4. Batzarra Euskaltzaindiak izentauko dau, egingo dan eguna adierazoten danean.
5. Izenak 1960-gko. aprillaren 15-erarte artuko dira Euskaltzaindiaren etxean (Academia de la Lengua Vasca-Ribera, 6-Bilbao). Izena, deitura bi, bizilekua eta jaioteguna adierazo bear dira.