ANAITASUNA
VI URTEA - N.º 61
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Bagilla (6) 1959
Importantzia aundiko deklaraziñoak egin ditu euskal akademiak, joan dan aprillean, euskerearen gaiñean. Ordurik ona iru illabete igaro dira, eta oraindiño bizi bizirik dago euren aktualidadea.
Akademiaren dokumentu ori gure periodiko eta euskal errevista guztietan agertu da. Bizkai-ko ANAITASUNA ezin eiteken bakarrik geratu, importantzia ain aundiko gauzea argitaratu barik.
Akademiak berak publikatu eban lez argitaratuten dogu numeru onetan, euskeraz eta erderaz, Bizkai-ko irakurleak obeto ulertu daien.
Ulertu, ulertu: orixe da, gure ustez, euskera idatziaren problema aundia. Irakurleak ulertu egin bear dabe euskeraz eskribietan dana. Beingoan ulertu, errez ulertu. Eta eskribitzailleak ez dabe euki bear ez trabarik ez taburik, edozer ideia ulertu eragiteko, orretarako itzen garbitasuna sakrifikatu bear bada-bere.
Orregaitik, guztiz konforme gagoz euskaltzaindiaren deklaraziñoagaz eta Luis Mitxelena akademikoaren explikaziñoakaz.
Ba-dakie euskal akademikoak zer egiten daben. Orretarako dagoz: euskerea zaindu ta jagoteko, euskeraz eskribidu naiz verba egiten dogunori zuzenbideak emoteko. Gizon jakitunak dira. Ordu asko pasetan ditue, euskerearen problemak estudiatzen eta zer egin bear dan pentsatzen. Euskerazko gauzetan guk baino geiago dakie. Askoz geiago. Orduan, nori egingo deutsagu ba kasu, eurori baiño?
Euskal akademiak bidea erakutsi deusku. Bide zabala. Bide orretan danontzako dago lekua. Mitxelena akademikoak diñoan lez, batzuk bide erditik joango dira. Beste batzuk barriz, ezker naiz eskoi aldetik. Bidetik ez urtetekotan, artu beike bakotxak bere gustuko alderdia. Ezin leitekio iñori libertade ori kendu.
Kamiñotik kampora iñok urteten badau, or dagoz bidezaiñak, or dagoz akademikoak, bidera barriro ekarteko eta argitasunak emoteko. Orixe da euren zeregiña. Eta gaiñera, naikoak dira eurak, arazo ori guztiz ondo egiteko.
ANAITASUNA-k aspalditik artu dau bide orretan bere alderdia. Danok dakizue zein dan: ezkerrekoa.
Manda ori artu dogu, zabalagoa dalako, erriko genterik geiena bertotik doalako eta, gure ustez, bideburura askoz ariñago elduko garealako.
Trankil goaz, seguru goaz. Bidezain onak daukoguz. Eurok jagoten gaitue. Eurori jaramon egin ezketiño, ez gara galduko.
Itxi gaiezala ba bakean, bide erditik edo eskoiko mandatik doazanak. Danok gara anaiak, danok euskaldunak, danok libertade zaleak, eta danok maite dogu biotzez euskerea.
Uxala, euskaltzaindiaren deklaraziño onen ostean, euskal idazle ta irakurle guztiak gure izkuntzearen onerako alkartuko bagiña!
Berriatua
Frantzia
Laikoak euren erantzunbearrak aintzat artzen ditue
Frantziako Obispoak deklaraziño batzuk egin ditue oraintsurengo, beargiñen parua dala-ta. Fabrika ugazabak serioki entzun dabez oraingoan Eleizearen deiak eta irakaspenak. Ona emen zer jazo dan Lille-ko lurraldean, Lienart Kardenalaren deklaraziñoak entzunda gero:
Burdin fabrika baten, ainbeste ta ainbeste langille kampora botatea erabagi dabe. Baiña alako baten, fabrikako direktoreak batzen ditu empresako kontsejeruak eta diñotse ze, Lienart Kardenalaren deklaraziñoak irakurrita gero, bere kristiñau erantzunbear sozialaren gaiñean pentsatu dauala eta berak ezin leikela aurrera eroan lengo erabagia; eta beste gauza bat egin bear zala: kampora botetako izan direanak ordu gitxiago egin daiela, eta bitartean aurkitu eurentzako beste bear leku bat. Fabrikako kontsejuak karta bat idatzi deutso Lienart Kardenalari, bere deklaraziñoakaitik, eskerrak emoten.
Espaiñia
Marañón eta kastidadea
Auxe diño Cuba-ko periodista batek, Gregorio Marañón, mediku ospetsuari entzunda:
«Marañón-en eritxia, jaiotzen limitaziñoaren gaiñean, argi ta garbia da. Kasu batzutan, medikuak esan egin bear deutse gaixoeri, ze peligrutan ipinten daben euren osasuna, ume geiago ekarri ezketiño. Baiña onek ez dau esan gura, jaiotzen kontrola modu antinaturalen bitartez egin bear dala. Orretarako beste bide bat dago, gizon gizonen bidea: kastidadea.
Virtute au lortuteko, oso osoan izan bear da gizon, eta personalidade sendoa euki. Adore gitxiko personeri gatx egingo jake kastidadea gordetea».
Vatikanoa
Aita Santua, modernuzale
«Personalki, asko gustetan jataz artezko forma barriak, ondo eginda dagozanean. Obra askok, orain dempora gitxi dala, erriarentzat guztiz estimabakoak izan zireanak, gaur egunean beingo baten irabazten dabe gentearen admiraziñoa.» Auxe esan dau Aita Santuak, Erroma-n, Arte Liturgikozko Institutu Internazionalaren Zuzendarien aurrean. Valio aundiko verbak, arte modernua maite dabenentzat. Aita Santuak esan ditu, alper askoren gustukoak ez izan.
Holanda
Zegaitik ez daben katolikoak interesik artzen obispoen karta pastoraletan
Oraintsurengo, investigaziñozko lan bat egin da Holanda-ko katolikoen artean. Lan orren erresultadua auxe izan da: Holanda-ko katoliko geienak ez ditue entzuten, eleizetako pulpituetarik irakurten direan obispoen karta pastoralak. Eta iñoiz entzuteko atentziñorik ipinten badabe, ez ditue bear dan moduan ulertzen obispoen deklaraziñoak, irakurteko modua egokia izaten ez dalako.
Notizia au, La Haya-ko Fraille Dominikanoen errevista baten agertu da. Artikuluaren egillea, Aita M. van Dijk da. Beronek organizatu dau katolikoen arteko enkuesta ori; eta lan orren bitartez jakin gura izan dau zein dan katolikoen erreaziñoa, oraintsu agertu dan karta pastoral baten aurrean. Karta orretan Holanda-ko obispoak, Eleizearen gaiñean Gorputz Mistikoa dan aldetik verba egiten eben, eta erakusten zituen eleizgizonak eta laikoak Gorputz orretan daukezan obligaziñoak.
Aita M. van Dijk-ek katoliko askori egin deutsez preguntok, batez-bere gorengo maillan dagozaneri, Eleizako gauzetan besteak baiño ardura geiago artu bear leukeeneri. Preguntatu eutsen, ea akordetan ba-zirean karta pastoralak esaten ebanagaz. Danak erantzun eutsen ezetz. Obispoen karta ori eleiza guztietan irakurri zan, eta periodiko katoliko guztiak ekarri eben. Ori gorabeera, ez ekian iñok zeren gaiñean verba egiten eben obispoak. Ez eban iñok atentziñorik ipiñi, eleizan entzuteko. Ez eban iñok ardurarik artu, periodikoan irakurteko.
Artikuluaren egillearen ustez, obispoen kartak interes oso gitxi aurkituen dabe Holanda-ko katolikoen artean. Baiña zegaitik? Errazoi askogaitik. Separaziño aundia dago obispoen eta kristiñauen artean. Europa okzidentaleko diozesiak zentralismo zaleak dira, eta jokera ori egunean baiño egunean indar geiago artuz doa. Orregaitik, agintari bakarti batzuen antza emoten dabe obispoak. Gitxitan agertzen dira kalean, eta erriko geienak ez dabe ezagututen euren arimen artzaiña. Obispoen pentsamentuak eta asmoak jakiteko, euren karta pastoralak irakurri bear izaten dira. Baiña erriak ez ditu leiduten, abadeak baiño. Erriak entzun edo entzutekoa egiten dau bakarrik, eleizan dagoanean.
Modu onetan, obispoaren eta erriaren arteko separaziñoa gero ta geiago zabalduz doa. Kristiñau askori, obispo izena entzuten dabenean, ez jake burura etorten persona bizi baten irudia, Eleizearen organismu baten pentsamentua baiño; euren ustez, obispoa ez da Jesukristoren testigu personal bat, verba egiteko ta irakasteko organismo baten antzekoa baiño. Askotan, abadeak eurak be, teorian ez bada, praktikan beiñik bein, uste au eukiten dabe; adore barik eta ezinbestean lez irakurten deutsez erriari karta pastoralak, zeregin ori euren vokaziñoko printzipalenetarikoa ez balitz lez.
Aita M. van Dijk-en eritxiz, Holanda-ko kristiñau gitxi konturatu dira, oraingo karta pastoralak, lengoen aldean, asko kambiatu direala. Oraindiño dempora gitxi dala, karta pastoralak ez eben eukiten aktualidade aundirik, eta euren verbeta modua ez zan izaten gaur egunekoa. Oraingo karta pastoralak barriz, guztiz egokiak dira eta aintzat artzen dabe gaurko momentua; obispoak espiritu zabalagaz estudiatzen dabez gaurko problemak eta kontuan daukez kristiñau soziedadeko diferentziak. Obispoen aldetiko aldakuntza onek poztu egin bear gindukez; baiña zoritxarrez, katolikoak ez dira konturatu-bere egiten kambio onegaz.
Zer egin, egokera triste au obatuteko? dino Aita M. van Dijk-ek. Gauza ona izango litzake, karta pastoralak abadeak interes geiagogaz eta entzun eragiteko moduan irakurriko balitue, eta obispoaren egintzak eta esanak zabaltzeko, informaziñozko servizio bat kreatuko balebe. Orrezaz gaiñera, ondo legoke, obispoak euren kartak kristiñaueri zuzen bialduko baleutsez, Rotterdam-eko obispoak orain urte bi egin eban lez.
Cuba
Fidel Castro-ren alde ete dagoz oraindiño katolikoak?
Joan dan illean, Río de Janeiro-tik pasakeran, Raúl González-ek, Cuba-ko estudiante katolikoen presidenteak, deklaraziño batzuk egin ditu bere aberriko gobernu barriaren gaiñean. Esan eban ze, momentu onetan urduri ta artekadu dagozala katolikoak, Fidel Castro-ren gobernua ezkerretarantzegi doalako. Gogoratu eban, zelan jarri zirean katolikoak errevoluziñoaren alde asikera asikeratik eta zelako alegiñak egin zituen, Batista-ren diktadurea beera botetako. Orain barriz, gobernuaren jokera barriaren aurrean, lengo konfiantzea galtzen asi direala.
Deklaraziño antzekoak egin ditu, bere aldetik, Dale Francis, Estadu Alkartuetako periodista katolikoak. Leenengotan, periodista au Fidel Castro-ren alde egon zan, eta defendidu egin eban Cuba-ko gobernua, Nortamerika-ko ia prensa guztia kontra egoanean. Baiña orain, aldatu egin dau bere eritxia. Artikulu baten diño ze, gobernu barriak ez dauala partidu kontrariorik aurrean euki gura, eta Fidel Castro Batista-ren antzeko diktadore egin dala.
Baiña ez dabe olan uste katoliko periodista geienak. Boston-eko Pilot periodikoan agertu dan artikulu luze baten, Jaime Fonseca-k, N. C. W. C. agentziako korrespontsal famaduak, argi ta garbi diño, Fidel Castro-k ez daukola beste erremediorik, gogor izatea baiño, komunisteri ta erreazionarioeri ixildu eragiteko. Gauza asko ez direala ondo egin; baiña ori gorabeera, katolikoak Fidel Castro-ren alde dagozala, gobernuari benetan eusten deutsela, Cuba-n kristiñau demokrazia indartsu bat sortu dala eta marxismoaren bildurrik ez dagoala.
«Iru illebete igaro dira, gobernu barria asi zanetik —diño Aita Estanislao Sudupe-k Habana-ko La Quincena errevistan—. Eta zein izan da erresultadua? Okerkuntza batzuk kenduta, esan leiteke gobernuaren ibilpidea ona izan dala, batez-bere justizia sozialezko legeen aplikaziñoan.»
Declaración de la Academia Vasca acerca del vocabulario del euskera
La Academia de la Lengua Vasca, consciente de su deber de dar normas orientadoras, y respondiendo al deseo de muchos que piden y esperan dichas normas y directrices, hace la siguiente declaración:
Principio fundamental
En el terreno del léxico o vocabulario no se debe recurrir a términos inventados o de forja más que cuando no haya otro remedio, y aun entonces cuidando que la formación se ajuste a la índole y exigencias de la lengua. Esto en cuanto al léxico; porque, si se trata de la gramática, es claro que en este terreno jamás se debe tolerar la invención o alteración de la lengua.
Criterio para discernir qué palabras son vascas
Y pasando a determinar más concretamente el punto del vocabulario a emplear, la Academia recuerda que el único criterio válido para determinar que palabra es vasca, y por tanto, legítima y castiza para los usos literarios, es el arraigo que la tal palabra tiene en la vida de la lengua, arraigo que se evidencia por la extensión y antigüedad de su empleo, por el uso que de ella han hecho los autores clásicos, etc. Jamás debe tomarse el criterio etimológico como medida para discriminar qué palabras son vascas. Según esto, es evidente que hay en el léxico vasco un gran número de palabras que, aunque procedan de otras lenguas, se hallan perfectamente asimiladas y que tienen carta de naturaleza en la lengua. Por tanto, deben ser consideradas con todo derecho como palabras vascas, mientras que las otras que se han creado para suplantar a éstas, no son por lo general palabras vascas ni reúnen los títulos que aquellas para su empleo corriente.
Damos a continuación un cierto número de palabras que, aunque procedentes de otras lenguas, son indudablemente vascas, según la precedente norma apuntada:
Abendu, aingeru, alkate, amodio, arima-anima, abade-apaiz-apez, apostolu, arraza, arrazoi-arrazoin, bake-pake, balio, bekatu-pekatu, berba, bertso, bedeinkatu-benedikatu, birjiña, birtute, borondate, doe-doai, damu, deabru, denbora-denpora, dantza-jantza, diru, desegin, errege, erregiña, erlijio-erlegiño, eliza-eleiza-elexa, eskola, espiritu-izpiritu, familia-pamili, fede, frutu-fruitu, finkatu, gorputz, gramatika, gloria-loria, grazia-garazia, imajiña, inpernu-infernu, imitazio-imitaziño-imitazione, jende-jente, joku, kantatu, kolore, kafe, karidade, komunio-komuniño-komunione, kanpo, kontra, kanta, liburu, lore-lora, lege, mundu, meza, modu, molde, moldatu, obeditu, olgeta, partitu, paradisu-parabisu, barkatu-parkatu, bekatu-pekatu, pentsatu, pentsamentu-pentsamendu, sakramendu-sakramentu, santu-saindu, seiñale, testamentu, umil, zapata, zentzu-zentzun, zeru...
La Academia recomienda a los escritores, predicadores, hablistas, etc., el uso de semejantes voces y de otras similares, por ser perfectamente castizas y vascas, con preferencia a los términos neológicos que se han propuesto para suplantar a dichas voces.
Igualmente, ciertos términos culturales y de civilización que son de uso general, la Academia estima que pueden usarse sin reparo. Por ejemplo: politika, teknika, literatura, liturjia, metro, kilometro, etc.
2 de abril de 1959
Euskaltzaindiaren agiria euskal itzei buruz
Euskaltzaindiak, idazlari ta izlariei zuzenbide batzuek eskeiñi naiez, eta asko zuzenbide oien zain-antzean daudela jakiñik, onako agiri au azaltzen du:
Oiñarri-legea
Iztegi-saillean ezta bidezko itz asmatuetara jotzea ezin bestez baizik, eta orduan ere itzen erabidean izkuntzaren joerak gordeaz. Ori iztegiari gagozkiola. Gramatikaren barrutian, ordea, ezta sekula zillegi asmatzen ibiltzea edo izkuntza aldatu nai izatea.
Euskal-itzak zein diran jakiteko bidea
Eta iztegiaren auzi au xehetasun geiagorekin garbitu naiez, euskal-itzak zein diran, au da, euskal-literaturan erabiltzeko itz jatorrak eta bidezkoak zein diran jakiteko, bidea eta neurria finkatu nai du aurrenik Euskaltzaindiak. Euskal-itzak dira euskera bizian sustraituak daudenak. Sustrai ori zenbat eta sakonagoa izan, ainbat eta eskubide geiago du itz batek erabillia izateko. Itz baten zabaluneak, antziñatasunak eta idazle zaarrak itz ori erabilli ote duten jakiteak, asko esan nai du itzaren sustraia zenbateraiñokoa dan neurtzeko. Sustrai aundiko itzak, bada, euskal-itzak dira, naiz eta erderatik etorri. Bada gure iztegian olako itzen pilloa: jatorriz kanpotik sartuak, baiña euskeran gogotik errotuak daudenak, alegia. Beraz, etxeko biurtuak dauzkagu, gure gureak dira itz oiek. Euskal-itzak dira, bada, erderatikakoak izanarren. Itz oiek eskubide osoz erabilli ditezke, eta oien lekuan erabiltzeko asmatu diran itz berriak eztira geienetan euskal-itzak eta eztute aiek ainbat eskubide erabilliak izateko.
Ona emen olako euskal-itz jatorren zerrenda bat. Erderatikakoak izanarren, etxeko biurtuak dauzkagu eta emandako neurriaren araura, euskal-itz jatorrak dira:
Abendu, aingeru, alkate, amodio arima-anima, abade-apaiz-apez, apostolu, arraza, arrazoi-arrazoin, bake-pake, balio, bekatu-pekatu, berba, bertso, bedeinkatu-benedikatu, birjiña, birtute, borondate, doe-doai, damu, deabru, denbora-denpora, dantza-jantza, diru, desegin, errege, erregiña, erlijio-erlegiño, eliza-eleiza-elexa, eskola, espiritu-izpiritu, familia-pamili, fede, frutu-fruitu, finkatu, gorputz, gramatika, gloria-loria, grazia-garazia, imajiña, inpernu-infernu, imitazio-imitaziño-imitazione, jende-jente, joku, kantatu, kolore, kafe, karidade, komunio-komuniño-komunione, kanpo, kontra, kanta, liburu, lore-lora, lege, mundu, meza, modu, molde, moldatu, obeditu, olgeta, partitu, paradisu-parabisu, barkatu-parkatu, bekatu-pekatu, pentsatu, pentsamentu-pentsamendu, sakramendu-sakramentu, santu-saindu, seiñale, testamentu, umil, zapata, zentzu-zentzun, zeru...
Euskaltzaindiak, bada, itz auek eta antzekoak diran beste asko, eskubide osoz erabilli ditezkeala erabagitzen du, euskaldunak, jatorrak eta garbiak diralako. Eta idazle ta izlariei erabilli ditzatela eskatzen die, itz asmatuetara jo gabe.
Berebat, izkuntza berezien gaiñetik zabaldurik dauden kultura eta zivilizaziozko itza ontzat artzea eta erabiltzea Euskaltzaindiak begi onez ikusten du. Adibidez: politika, teknika, literatura, liturjia, metro, kilometro, ta abar.
1959, aprillaren 2-an.
Or joatzu poesiatxu ori. Neuk egiña da, eta ez dau asko valio izango. Baiña irakurleak ez dau, ulertzeko, Bera-Mendizabal Iztegia eskuartean erabilli bear izango.
Nik neuk beti uste izan dot, gaur egunean, euskerea daukogun estaduan, ez dogula poesia gatxa egin bear, ezpabere zelan irakurri alan ulertzekoa, zelan leidu alan entenidutekoa.
— Itxasoa!
Nondik begiratuta,
ez zara miragarri?
Zure edertasunetan,
zein lenen goragarri?
Sakontasuna?
Zabaltasuna?
Urdintasuna?
Zure TASUNAK ezin leitekez iragarri.
— ...
— Itxasoa!
Or, zure erraietan,
zer dozu gordetan?
— Arraiñak,
mee liraiñak;
piztiak,
motz itxusiak,
lodi lodiak.
Nire barruan
illuntasuna:
Eguzkiak ezin argi,
ezin arraiñak ikusi garbi;
batzuk ez begirik,
ez ikusi;
batzuk euren buruak,
euren zuzi.
Zidarra ta urrea
ditut ugari;
eta ez mirari.
Baso, bedartza
andiak
ondoan;
petrolio ta ikatza,
ondasun iturriak
kolkoan.
— O itxasoa!
Noraiño zara?
— Zuzen begiak ara.
— Andik nora?
— Arantzagora:
Eguzki sortze lekura,
sartze tokira,
urrutira;
ura ta ura, dana da ura.
— Egia! Zure azala
benetan zabala.
Batzutan dirudizu
platerean orioa;
batzutan ba-dakizu
irakiten lapikoa.
— Zer zure gaiñean "Montserrat'?
— Itxas karakola.
— Zer "Queen Elizabeth"?
— Intxaur koskola.
Bata zein beste gira ta bira
ibilten ditut olatuen bizkarrean:
mozkortuta lez ikusten dira,
asarratuten naizanean.
Baiña nire olatuen
arrokeria,
zorakeria,
atx apurtuen
zirkilluetan
humilduten da.
(Evangelioak esanda:
"Zenbat eta goratuen,
ainbat izango beeratuen).
— Itxasoa!
Esaidazu
esan niri:
Non dozu edaten
argitasun
urdin ori?
— Zerua,
nire ispillua:
Baltza danean,
illuna azalean.
Egunsentian,
urdin gorrista
Egun erdian, urdin zurista.
Illunabarrean,
larrosa gorri su garretan.
Andia benetan itxasoa,
Andia bakarrik Jaungoikoa.
Aingeru
Itxasoan, "Montserrat"-en barruan.
Aprillak 15, 1959
Txina-ko erritxu baten zan. Inspetore komunista bat Aita Fransen-en eskolan sartu da. Beragaz lau soldadu dakaz. Eskolako umetxuak bildurrezko otzikaraz gelditu dira.
Inspetorea urreratu da, euren aurrean jarri, begiratu zorrotz bat egin deutse eta orman egoan kurutzea kendu ta lurrera bota. Gero asarraturik, onelan diñotse: «Zuen kurutzeak eta estanpak Naziñoaren kontrakoak dira». Eta onelan aurrera segidu eban.
Gero agindu eutsen txikitxueri banan banan kanpora urteteko eta euren estanpatxuak berari emoteko. Neska txiki bat gelditu da eskolan, bere estanpatxua biotzaren kontra estuturik. Beste danak bildurrez joan dira.
Inspetoreak neskatxua ikusi ebanean, asarraturik, beragana doa eta gogor jo deutso arpegian: baiña umetxuak len baiño geiago gorde dau bere estanpatxua. Au ikusi ebanean, inspetoreak deitu egin eutson soldadu bateri eta onelan diñotso: «Zoaz ume onen auagana eta ekazu ona.»
Bitartean, beste soldaduak erriko gizon guztiak eleizara batu dabez. Neskatxua bere aitagaz komulgatorio ondoan jarri da. Aitak eskuak lotuta daukoz. Aita Fransen deteniduta dago eleizako kuartu baten.
Inspetoreak igon dauz altarako maillak; eta sagrario aurrean jarririk, maldiziño bildurgarrienak bota dauz Jesus Eukaristiaren kontra. Gero agindu deutse soldadueri sagrarioa apurtuteko. Orduan artu dau kopoia, irigi eta barruan dagozan hostia santuak jaurti dauz.
Eleizan egoan gente guztiak iges egin dau. Umetxuaren aita kartzelara eroan dabe. Umetxua ormaren kontra dago; andra on bat urreratu jako eta bere etxera eroan dau. Segiduan soldadu komunistak eleizako ateak itxi dabez.
Misterio bildurgarria! Jesukristoren gorputza lurrean zabalduta eta eleizea itxita. Baiña umetxua ezin egon, bere Jesus maitea biotzean artu barik.
Goiz baten etorri zan gure umetxua eleizara, eta topau dau ate txikitxu bat, eta arrastaka arrastaka sartu da eleizan. Urreratu da, belaunikatu, otoitz egin dau eta burua makurtuta, miiñagaz lurreko, hostia santu bat artu. Segiduan eskerrak emon deutsoz bere biotzeko Jesus-eri, eta ixil ixilik bere etxera joan da.
Egun askotan egin eban olan. Jesus-ek asko maite eban umetxu au eta beragana eroan gura eban. Beste egun bat, eta an doa gure aingerutxua eleizara. Betiko lez, belauniko dago jaunartzeko preparetan.
Ene Jesus maitea! Umetxua sartu dan atetik soldadu komunista bat sartu da. Ixillean urreratu da aingerutxuagana, bere pistolea atara, apuntau eta tiro bat bota deutso. Umea lurrera jausi da. Oindiño bizi da. Bere indar guztiak batu dauz eta arrastaka urreratu da bertan dagoan hostia zuriagana, makurtu, eta miiñagaz jaunartu dau eta il da bere odoletan etzunda.
Gero, soldaduak atara dabe Aita Fransen kartzelatik, umetxua enterretako. Enterrau ebanean, poliziak, preso arturik, Hong-Kong-era eroan eben.
Zorioneko aingerutxua,
Eukaristiaren aingerutxua,
Egin Jesus-eri gugaitik otoiztxua.
Onelako pasadizuak asko eta asko dira, eta batez-bere komunistak dagozan lurraldeetan. Ume onen siñismena ikusita gero, berotu eta indartu egin bear dogu geurea. Eta bear bada, gure odola Jesus-egaitik emon-bere bai.
Otoitz egin daigun siñisbako tartean bizi direan kristiñauen alde.
Naste-borraste
Gau atan, apalostean, Juliana-ren trabenako zokondo maitekor, epel eta txukunean batu zireanean, eiztari bakotxak (eta gitxi edo asko, guztiak zirean) bere egitadak zer guztiekin orniduta kontau nai zituezan.
Guzurrak? Egiak? Batek ba'ki. Bitsuetarikoak nunbaiten.
Gure Tomas ez zan ixillik atzean gelditzekoa, eta emen ipiñi nai deutsuedaz berak kontau zituzan zer polit bi.
***
Joan dan neguko domeka goiz baten, neure eskopetea sorbaldatik beera nebala joan nintzan, zek urtengo, ibai ertzetik. Gernikako ibarrean zear.
Foru-ko estaziño ingurura eldu nintzanean, bee-beetik eta tiro barruari igaro zan antzar aldratxu bat. Baiña bat batera. Atxaga-ko bedar soloetatik tximistea baizen arin etorren-erbi bat agertu jatan aurrez aurre.
Enekian zer egin. "Antzarreri jaurtiten bayeutsiet, erbiak iges egingo yeustak; baiña erbiari jaurti ezketiño barriz, agur nire antzar ederrok". Zirt edo zart egin bear zan, eta bai nik arin egin-bere. Antzarreri jaurti neutsen, eta —ikusi eizue, adiskideak— tiro bategaz BOST il nituzan, eta... ibaiaren erdira jausi zirean.
Soiñean gomazko polaiña ederrak neroiazan; eta sartu arin uretara, eta bost antzarrok artu nituzan.
Uretatik urten nebanean, erdi nekatuta be banengoan-da, atseden pizkat artu naiez, motan jezarri nai izan neban, eta txakurrari-edo igeska etorren-lentxuago ikusiriko erbi arra, plaust! eperdipean artu neban.
Baiña oindiño-bere ez zan amaitu neure goiz atako eiza pozgarria, ez. Neure polaiña urez beterikoak oiñetatik atara nituzanean, batak bost libra aingira ekazan, eta besteak barriz, zazpi libra. Ez kiñuka ta ziñuka asi, egia egia dok-eta.
Aor daukazue ba, tiro bategaz egin neban kaza ederra: Bost antzar, erbi bat ta amabi libra aingira. Geiago egin dauanik mundu guztian bada, datorrela.
***
Beste jazoeratxu au-bere, neure neurea da.
Santana ermitatxu inguruak, zozotako batez-bere, egoki egokiak izaten dira.
Ba bein, antxe kazan nenbillela, etxearen osteko ereiñotzara zozo bat agertu zan. Gertu nintzan laster, neure iskilloa kargetako, baiña... aor ba! perdigoirik eneukan. Beingoan bertantxe egoan-kereiza arbolatik gaurauntxu bi artu, eta euren azurrekin eskopetea kargau neban.
Begiratu nun ebillen neure zozoa, eta... pum! Jo nebala seguru seguru nengoan, baiña txori bizkorrak, burlaz-edo txortxor eginda, Dondiz aldera igeska joan zan.
Urte bete igaro zan, eta banenbillen ni barriro-bere, antxe, Santanan, neure eskopetea prest neukola; eta igazko ereiñotzean bertan, zozo eder piko ori, guri guri bat il neban.
Artu neban eskuetan, eta axe bai mirari arrigarria! Bere bizkarrean kereiza landara, bizi bizi polit bat ekarren. Eta poz algaraz esan neban nerekutan: "Auxe dok ba, igazko zozo berbera, eta ara! neure kereiza azurra nun erne jakan".
Ba-nekian nik, utsik barik BET egingo nebala.
Eiztarien egitadak,
geienak guzurrak;
aren esakeratan
katuak... erbiak.
Gernika
BELU