ANAITASUNA

VI URTEA - N.º 60

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Maiatza (5) 1959


Zer pasetan da Cuba-n?

«Ni ez naiz komunistea —esan deutse, joan dan aprillean, Fidel Castro-k, Cuba-ko Lenengo Ministruak, Estadu Alkartuetako politikoeri—. Ni ez naiz komunistea, eta Cuba-k ez daroa komunisla izateko biderik. Errevoluziñoan, neure alboan egon da Eleiza Katolikoa, eta euneko larogetamarrek jarraitu deuste erriko gentearen artean.»

Auxe esan dau Fidel Castro-k, eta egia utsa da.

Cuba-n ez da egin errevoluziñoa, komunismoa bertan sartzeko, oker dagozan gauzak zuzen ipinteko baiño.

Aspalditik gauza bi, batez-bere, egon dira guztiz oker Caribe-ko isla zoragarri orretan. Bata gobernuko gizonen egoismoa, eta bestea labradoreen miseria.

Agintari geienak, erriari jaramon egin barik, euren probetxurako bakarrik gobernetan izan dabe naziñoa. Ia danak aberaskuntza aundiak batzen zituen euren gobernu demporan.

Bitartean erria, batez-bere baserritarra, miseria gorrian bizi zan, beti alogereko, bati pobre, segurantza sozial barik, urte guztirako lana topa eziñik.

Olan ezin eikeen beti jarraitu gauzak. Aspaldiko azken urteetan, an or emen alegin andiak egiten zirean politikoen artean, naziñoaren egokera lotsagarri ori aldatuteko. Erriak pozik ikusten ebazan alegiñok, eta danak itxaroten eben, egun batetik bestera, benetako demokraziaren agerkundea.

Baiña... zer jazo zan? Egun ori ez zan elorri. Lengo lez, dana geratu zan illunetan. Politiko zarrak ez zituen euren oitura zantarrak itxi nai, eta militarrak euren privilegioak galdu gura. Eldu zan momentua: 1952-ko martiaren 10-ean, Fulgencio Batista-k indarraren bitartez artu eban gobernua. Ordurik ona, agintarien aldetik, dana izan da Cuba-n odola, eriotzea, lapurretea.

Egokera ori amaituteko, ez egoan errevoluziñoa baiño beste biderik. Errevoluziñoak nagusi urten dau, eta bizitza barri bat asi da Cuba-n momentu onetan. Gobernu barria adorez beterik asi da gauzak kompontzen eta aintxiñako okerbideak zuzentzen. Sustraira doa oraingoan.

Orretarako, beste gauza askoren artean, gauza arrigarri bi egin ditu: baserritarren artean bear dan moduan lurrak partitzen asi, eta lengo gobernuko kriminalak fusilatu.

Lurrak ondo partitzea ez da komunista izatea, Jaungoikoaren legea betetea baiño. Eta fusilamentuok, Cuba-ko eleizgizonen eritxiz, «legitimoak dira, justiziazkoak dira, eta ez vengantzazkoak.»

Guk, euskaldun kristiñauok, egiaren alde egon bear dogu beti, eta ez lekurik emon gure biotzean guzurrari.

Ibieta


Katolikoak Cuba-ko errevoluziñoan

Hispanoamerika-ko katolikoak errevoluziño bateri iñoiz lagundu badeutse, seguru segurutik euren laguntziñoa ez da eguno izan Cuba-ko katolikoen bestekoa. Asikera asikeratik jarri zirean Batista tiranoaren kontra. Orretarako ez eben errezibidu goiko ordenarik; berez imiñi zirean errevoluziñoaren alde, Batista-ren diktadureak gizonaren dignidade eta eskubideak lotsa barik zapaltzen zituan-da. Bide ori arturik, katoliko militanteak erakutsi eben, urduri ta artekadu ibilten dakiela, ez bakarrik erlegiñoaren kontra zerbait egiten danean, baita legearen, justiziaren eta moralaren kontra —morala esangura nasaiean ulertuta— zeredozer egiten danean-bere.

Batista-ren gobernuak, diruzko mesede ta guzurrezko fede manifestaziñoakaz, Eleizearen laguntzaille lez agertu gura izan eban sarri askotan; bere alboan euki nai izan zituan katoliko eleizgizon eta laikoak, erriaren simpatia irabazteko; baiña ori gorabeera, katoliko geien geienak gobernuaren kontra jarri zirean beti.

Batista-ren gobernuak guzurrezko deklaraziñoak egiten zituan errevoluziñoaren kontra, eta gau ta egun esaten eban, Sierra Maestrako errebeldeak "komunistak", "asesinuak", "terroristak" zireala; baiña alan ta guzti-bere, katoliko asko errevoluzionarioen artera joan zirean eta euren bizia galdu eben, iñoiz eta iñon izan dan gobernurik zantarrena Cuba-tik kanpora botatearren. Au ezin leiteke ezelan bere ukatu: katolikoen zentzun publikoa gobernuaren kontrarioa zan.

Jaungoikoari eskerrak, errevoluziñoak nagusi urten dau. Orain, artikulu onetan, katolikoak matxiñada orretan zer egin daben esan gura dogu. Ez dogu egiten arrokeriz. Bakar bakarrik egiten dogu, Evangelioak diñoskun lez, obra onen argia zabaltzearren, lengo gobernuaren guzurrak bapeztutearren eta katolikoak Batista-ren alboan momentu baten-bere egon ez direala danak jakin daien.

Katoliko militanteak

Katolikoen artean, gazteak izan zirean Batista-ren gobernuaren kontra lenen lenen jarri zireanak. Zentzun publikoa irakiten asi zan, katolikoen gazte abertzale batzar bat gobernuak gogortasunik aundienagaz banandu ebanean. Guanajay errian batu zirean katoliko gazteak 1953-ko maiatzaren 21-an; eta Amalio Fiallo verbetan egoala, urretu jakozan poliziak eta agindu eutsen "iru minutuan" amaituteko. "Iru minutuan —erantzun eutsen Fiallo-k— ondo esan leiteke Cuba-n pasetan dan guztia".

Gerotxuago, katoliko sasidirigente batek gezur gaiztoko deklaraziño batzuk egin zituan Aziño Katolikoko gazteen eta euren eleizuzendarien kontra. Esaten eban deklaraziñoetan, katoliko gazte asko erdi komunista zireala eta motivu politikoakaitik gobernuaren kontra jarduten ebela. Kardenal Arteaga-k, bere autoridade guztiagaz sartu bear izan eban eztabaidan, eta ixildu egin zituan alde batekoak eta bestekoak. Baiña ordurako, egia asko esan zirean aberriaren bizimoduaren gaiñean.

 Cuba'ko krisi politikoa gorengo maillara eldu zanean, naziñoko Instituziño zivil guztiak organismo bakar baten batu zirean. Ezin eitekezan falta batzar orretan Aziño Katolikoko mutil gazteak. Organismo orrek, abertzaletasun eta adorez beteriko deklaraziñoak egin zituan, eta dokumentu guztietan beti agertu zan Aziño Katolikoko gazteen presidentearen izena. Golpe aundia izan zan au gobernuarentzat. Arrezkero asi zan Eleizearen kontrako persekuziñoa. Lenengotan persekuziño ori, ixillekoa izan zan. Ez jakon konveni gobernuari aurrez aurre gogor egitea: ez eban "Eleizeagaz tope egin" gura. Antonio Fernández Nuevo-k, Gazteen Kontseju Nazionaleko presidenteak parte artu eban televisiñoko alkarrizketa baten, eta bertan adierazo eban argi ta garbi Cuba-ko katoliko gazteen pentsamentua ta eginbearra.

Zezeilleko manifestua

Bitartean, naziñoko naste-borrastea gero ta aundiago egiten zan. Bere aldetik, Aziño Katolikoko Gaztediak, bere fundaziñoaren ogetamargarren aniversarioa ospatuten eban, 1958-ko zezeillaren (febreruaren) 11-n. Ez egoan jai egiteko humorerik, eta dana egin zan ixillean. Baiña Kristiñau Gaztediak bere kontzientzian sentietan eban naziñoko zoritxar aundien gaiñean Manifestu bat egiteko obligaziñoa. "Bere aniversarioa zelebretan dauan bitartean —esaten eban dokumentuak— Cubako Kristiñau Gaztedia ezin leiteke ixillik egon aberriaren sufrimentuen aurrean [...] Cuba-ra bakea ekartzeko, Deretxozko Erregimen bat bear dogu lenengo, bere gerizpean segurantza osoa euki daien kristiñau soziedadeko valore basikoak: bizia, integridade fisikoa, askatasun individuala [...]. Bere eskubidea guztiz aundia izanarren, ezin leike iñok justizia egin, berak beretara. Orretarako dagoz tribunalak. Eurak bakarrik esan leikee nor dan errudun edo errubako. Eta pekatu astuna egiten dabe Jaungoikoaren aurrean, investigaziñozko metodu gogorregiakaz eta zivilizaziñoaren kontra dagozanakaz, egia atarateko, ikaragarrizko tormentuak eta tratamentuak akusatueri emoten deutseezanak. Pekatu aundia egiten dabe, kartzeletan edo tormentu lekuetan, kristiñau moralaren eta naziñoko lege penalen kontra dagozan gorputzeko kastiguak emoten dituenak, eta oraindiño txarragoa dana, legezko investigaziñoa egin barik eta errutasuna komprobatu barik, zirti-zarta ilten dabenak."

Martiriak

Gobernuaren tormentuzko metodu ikaragarriak, Kristiñau Gaztediak denuntziatu zituanak, ez zirean bigundu orregaitiño, eta beste metodu barria, oraindiño zorrotzagoak, asmatu zirean. Batista-ren morroiak urre urretik jagoten zituen kristiñau gazteen batzar lekuak, eta arrezkero euren aktividadeak, nai ta nai ez, gitxitu egin zirean. Gobernuak egiñiko martirien listan laster asi zirean agertzen Aziño Katolikoko gazteen izenak. Matanzas-en, traidore batzuk il eben Pedro René Fraga, eta bere gorpua etxe goitik beera bota eben kalera. Habana-n, iru mutil gazte, Luis Morales, Juan Fernández Duque eta Ciro Hidalgo, Aziño Katolikoko buruzagi puntarengoak, hostatu baten egozala, poliziaren eskuetan jausi zirean, eta izugarrizko tormentuak igarota gero, irurok galdu eben bizia. Euron gorpuak entregatu zituenean, poliziak explikaziño guztitzat esan eben ze, "konturatu barik, erratu egin zireala". Lau martiriok, onenetarikoak zirean Aziño Katolikoko gazteen artean. Luis Morales ingenierua zan, Santiago de Cuba-ko Arte ta Ofizio Eskolako profesorea, eta beiñola Oriente-ko provintzian Kristiñau Gaztediko Kontseju Diozesanoko presidentea; gazte onek, anaia bi eukozan fraille eta arreba bat monja: areek La Salletarren artean, eta au Karidadeko Seroren Institutuan.

Beste martiri famadu bi be, José Antonio Etxebarria ta Fructuoso Rodríguez, organizaziño Katolikoetako sozioak zirean. Lenengoa, Colón-en Zaldunen Ordenakoa, eta bigarrena Cuba-ko Katoliko Zaldunen Alkartasunekoa.

1956-aren azken illeetarik aurrera, Sierra Maestra-ra zuzentzen zirean Cuba-ko gaztediaren justizia ta libertade gurariak. Laster sartu zirean kristiñau gazteak, tiraniaren kontra Oriente aldeko mendietan asi zan kurutzadan. Asko, mendira bertara joan zirean, errebeldeen gudari taldea geituteko. Beste asko, geienak, erretaguardian geratu zirean, sarritan frentean bertan baiño arrisku geiagogaz. Santiago de Cuba-n, Enrique Canto-k —Diozesiko Aziño Katoliko guztiko presidentea bera— ixillean jarduten eban "Garagarril 26 Movimentu"-ko tesoreru lez, eta gazteen biotzetan sartzen zituan errevoluziñoaren pentsamentu ta amesak. Frank País-en asesinatuaren ostean, gobernuko morroiak bere billa asi zirean gau ta egun, eta embajadore espaiñolaren laguntziñoagaz Espaiñiara iges egin bear izan eban, eta probatu arrezkero, beste askok lez, desterruaren mingostasuna.

Santiago de Cuba-n, Aziño Katolikoko emakumeak be, parte aundia ta importantea artu eben matxiñadan. Gaur dakigu, launako zeluletan bear egiten ebela ixillean; eta Aziño Katolikoko dirua kobrakeran, bide batez Movimenturako kontribuziñoa batzen ebela. Bildur barik portatu zirean beti diktadurearen aurrean, eta ekiñaldi guztietan izaten zirean eurak aurrerengoak. Oraindiño gogoan daukogu urako protestazko manifestaziñoa, Dolores Kolegioan mezea entzunda gero, errosarioa eskuan, kalerik kale egin ebena.

Gobernuaren kontrako Instituziñoen artean, guztiz ondo bear egiten eben Kristiñau Universitario Agrupaziñokoak. Eurak-bere gogor sentidu eben diktadurearen zigorra, eta galdu zituen mutil lagunik zintzoenak. Javier Calvo Formoso, José Ignacio Santa Cruz Pacheco, Julián Martínez eta Ramón Pérez Lima, bata bestearen atzetik jausi zirean betiko tiranoaren eskuetan oeste aldeko gerra tokira joan gura izan ebenean José Ignacio Lasaga-k, Agrupaziñoko gizon famaduak, ixillean lan egin eziñean, iges egin bear izan eban erbestera, gobernuko txakurrak bere billa urre urretik ebiltzan-da.

Azkenik, errevoluziñoak nagusi urten ebanean, errepublika barriko kargudunen artean, antxe ikusten doguz katoliko militanteak: ondo irabazita euken erriaren konfiantzea, aberriaren alde ainbeste neke igaro ebenak.

Eleizgizonen avanguardia

Gobernuaren kontrako erresistentzian parte artzeko libertade geiago laikoak eukiarren, eleizgizon askok-bere gogoz jardun eben zeregin errevoluzionarioan.

Bearbada, Batista-ren indarrezko golpearen kontra bere eritxia agirian lenen lenengo erakutsi ebana, Aita Julian Bastarrika, frantziskanoa, izan zan. Fraille gaztea bera, Katoliko Gaztediaren Kontsiliarioa. Batista-ren golpetik egun batzukarrenean, Aita Bastarrika-k sermoi baten argi ta garbi kondenatu eban militarren altzamentua.

Aita O'Farrill izan zan gobernuko morroien zigorra lenen sentidu ebana. Abade onek zerikusi estua eukon, ixillean jarduten eben errevoluzionarioakaz. Poliziako gizonak azkenean atrapatu egin eben, erruki barik astindu eta giltzapean sartu; Arteaga Kardenalaren bitartekotasuna bear izan eban kartzelatik urten eta erbestera joateko.

Alde batetik erlegiñoak eta bestetik abertzaletasunak eraginda, Sierra Maestra-ra bertara joan zan Aita Sardiñas, Isla de Pinos-ko parroko jauna, errebeldeen artean kapellau izateko. Laster jarraitu eutsen zeregin onetan Aita Lukas Iruretagoiena frantziskanoak eta Aita Rivas jesuiteak, eta gerotxuago Aita Cabero-k eta Aita Guzmán-ek, Jesusen Kompaiñiakoak.

Errevoluzionarioak, kapellau eske

Tiranoak iges egin baiño apurtxu bat lenago Willian Morgan-ek, Escambray-ko bigarren Frente Nazionaleko Buruzagi Generalak, karta bat bialdu eutson Mons. Raúl del Valle-ri, Kardenal Arteaga-ren sekretarioari. "Gutariko geienak —esaten eban kartan— katolikoak gara. Kristiñau erlegiñoan azi gara, eta fede sendoz siñisten dogu bera bakarrik dala egiazkoa. Emen, leku onetan, errietarik urrun gagozala, eta batez-bere eriotzea egunean egunean ain urre ikusten dogula, sazerdote bat edo geiago gure artean euki gura geunke, bizitza espiritualean jagon gaiezan, noizik noizera mezea esan eta kristiñau dotriñea irakatsi deiskuen, eriotzako orduan kontsola eta ilda gero gugaitik erreza daien". Laster asi zirean Habana-ko eleizagintariak orretarako alegiñak egiten: baiña bitartean Batista-ren gobernua jausi egin zan, eta ezin bete izan zan Escambrayko errevoluzionarioen guraria.

Aita Antonio Albizu-k, Manzanillo-ko parrokiako fraille frantziskanoak, artu-emon aundia euki eban Celia Sánchez-egaz, Fidel Castro-ren laguntzaille zintzo eta emakume katoliko bizkorragaz, gudarieri lagunduteko eta errekaduak ara ta ona eroateko.

Aita Chabebe, Santiago de Cuba-koa, sarri komunikatzen zan edozein laguntziñotarako Raúl Castro-gaz, Fidel-en anaiegaz, Sierra Cristal-ean.

Bitartean, Habana-ko abade batzuk errevoluziño zelula baten lan egiten eben euren modura. Askotan, gobernuaren kontrako paperak eta dokumentuak parrokietan eta komentuetan imprimatzen zirean ixil ostuka. Errebeldeak eurak-bere, sarritan, eleizetxeetan ezkutetan zirean, poliziaren eskuetan ez jaustearren. José Antonio Etxebarria, San Frantzisko komentuan egon zan ostuta ainbeste demporan; andik urtenda egun batzukarrenean, traidoreki il eben gobernuko asesinuak. José Maria Cardona Doktorea, gero errepublika barrian Lenengo Ministrua izango zana, Espiritu Santu eleizan egon zan ezkutatuta, eta aolan beste asko ta asko.

Morales, Fernández Duque ta Hidalgo, Kristiñau Gaztediko dirigenteen asesinatuaren ostean, naziñoko katoliko guztiak turdiduta geratu zirean, eta Habana-ko eleizgizonak manifestu bat idazteko batzar bat egin eben. Dokumentu orretan esango eutsen Batista-ri, odolezko metoduak itxiteko eta, naziñoaren onerako bazan, gobernua bera abandonetako.

Laster konturatu zan Batista, manifestuak eukiko eban influentziagaz, eta alegin guztiak egin zituan dokumentuaren publikaziñoa galerazoteko. Eta lortu egin eban bere asmo okerra.

Orrezaz gaiñera isla guztian zear esaten zirean "erresistentziazko mezak", errevoluziñoaren triunfua Jaungoikoari eskatuteko; eta egiten zirean bildur bako sermoiak, egiaz beterikoak, gobernuaren ustez "suversivuak", gizonaren bizitza, libertade ta dignidadearen gaiñean kristiñau dotriña utsa irakasten ebenak. Beti egon zirean eleizgizonak gazteen alboan, eta kezka barik esaten eutsen, Cuba-ko errevoluziñoa legitimoa zala, eta pekatu barik gobernuaren kontra jardun eitekela.

Libertadearen egunsentia agertu zanean eta Fidel Castro Santiago de Cuba-n triunfalki sartu zanean, sazerdote komisiño bat joan jakon agur emoten, eta erriagaz bat eginda, biotzez goratu eben Cuba-ren libertatzaillea.

Obispo jaunen jarduna

Movimentu katoliko onetan, Santiago de Cuba-ko artzobispoa, Mons. Enrique Pérez Serantes izan zan, errevoluziñoaren aurrean, personalidaderik urtenena. Beiñola, Fidel Castro gobernuaren eskuetan prisioneru jausi zanean, berak, artzobispoak, alegin guztiak egin zituan, militarrak bizia parkatu eioen. Eta jaritxi egin eban bere asmoa. Influentzia aundikoak izan zirean bere karta pastoralak, batez-bere diktadurearen azken egunetan idatzi ebana.

Ain arteza ta argia izan zan Oriente aldeko artzobispoaren ibilkerea ze, Fidel Castro-k, Santiago de Cuba-n triunfalki sartu zanean, beingoan eskatu eban beragaz egotea. Eta gero, Céspedes Plazako meeting gogoangarrian, artzobispoa izan zan verba egin ebenetariko bat.

Beste eleizgizon zintzo bat, Matanzas-ko obispoa, Mons. Alberto Martín Valverde izan zan. Gobernuko gizonak Pedro René Fraga, Kristiñau Gaztediko maixua, asesinatu ebenean, deklaraziño adoretsu batzuk egin zituan: illaren bizimodu ta ibilkera zuzena goratu ostean, ukatu egiten ebazan gobernuaren akusaziño guztiak, eta segiduan esaten eban, errevoluziño movimentuetan parte artzen ebenak ez zireala terroristak eta kriminalak. Baita diktadoreagana be joan ei zan, baten baiño geiagotan, gobernuari largetako eskatuten eutsola.

Mons. Evelio Díaz, Pinar del Río-ko obispoak, "Bakearen aldeko Otoitz" eder bat publikatu eban. Laster zabaldu zan oraziño ori naziño osoan eta errezetan eben Cuba-ko ia familia guztiak. Alarmatu egin zan gobernua zabalkunde orren aurrean, eta leku askotan galerazo egin eban otoitzaren errezua, kaltegarria zalako atxakiagaz.

Azkenik, ezin geinke ixillean itxi, Mons. Luis Centoz-ek, Aita Santuaren Nuntzio Apostolikoak egiñiko lana. Lan zuurra ta sakrifizioz betea. Lan ixilla, baiña guztiz probetxugarria. Amaikatxu errebeldek ez eben galdu bizia, Nuntzio jaunaren bitartekotasunari eskerrak! Orain dakigu zelan ontzat artu eban beti katolikoen ibilkera bizkorra, eta zelan eutsi eutson Habana-ko eleizgizonen manifestuari bere indar guztiakaz. Diktadurearen azken egunetan, Columbia kuartelera joan zan, errazoibako bombardeamentuen akabua Batista-ri berari eskatuteko.

«La Quincena» ta bere Direktorea

Diktadurearen arerioen artean, aparteko lekua merezi dau "La Quincena", Habana-ko fraille frantziskanoen amabosteroko errevisteak. Dempora guztian, valentia ta adorez beterik jakin eragin eban katolikoen pentsamentua ta ideologia. Ulertu be ezin leiteke, zelan idatzi al izan zituan gobernuaren kontra artikulu ain gogorrak. Orrezaz gaiñera, Aita Iñazio Biain, errevistearen Direktorea, beti egon zan prest, edozein alegiñeri bete betean eusteko, errevoluziñoak urtenbide ona euki eian. Eleizgizonen movimentu guztietan egon zan presente Aita Biain, eta beti agertu eban bere konventzimentuen indarra, bere eritxien logika zorrotza, bere espirituaren zabaltasuna, baiña batez-bere, libertadearen eta juztiziaren alderako, bere maitasun sutsua.

Beste gauza asko esan leitekez, Cuba-ko errevoluziñoan katolikoak zer egin daben adierazoteko. Batzuk ez dira iñoiz jakingo. Beste batzuk barriz, geldi geldika agertuko dira, matxiñada izugarri onen historia egiten danean. Bitartean, begoz emen idatzita gure anaien egitada printzipalak.

Katolikoen itxaropena

Esperantza aundiagaz eta, era batera, urduritasun ez txikiagaz begiratuten deutse etorkizunari Cuba-ko katolikoak.

Komunistea da Fidel Castro eta bere "Julio 26 Movimentua"? Ona emen, Aita Lukas Iruretagoienak, errebeldeen kapellaua izan zanak, orren gaiñean diñoskuna: "Ez neban ikusi euren artean komunismo arrastorik. Sazerdotea naizan aldetik, niretzako dana izan zan erreztasuna ta laguntziñoa eurakandik. Moral altua dauke, eta ondo sustraituta daroe biotzean kristiñau espiritua".

Erantzun bera beste kapellau batek be, Aita Angel Rivas-ek. Bardin Aita Luis Zabala-k be, "La Quincena"-n agerturiko artikulu baten.

Cuba-ko katolikoak bete betean siñistu eutsen Fidel Castro-ri, Habana-ko alkarrizketa publiko baten esan ebanean: "Garagarril 26 Movimentuak ez deutso komunismoari bape zorrik".

Beste aldetik, ba-daki Fidel Castro-k zer dan kristiñau erlegiñoa. Ez zituan alperrik igaro amaika urte jesuitakaz bere gazte demporan. Urte asko dira gizon baten biotzean markarik ez itxiteko. "Kristiñau unada bat asten da Cuba-rentzat —esan eutson alkarrizketa baten Aita Llorente-ri, bere kolegio demporako profesore jesuiteari—. Problema agrarioa ebazteko egingo doguzan legeak, printzipalki Eleiza Katolikoaren irakaspenak eukiko ditue kontuan."

"Zeregin sozialean, Fidel Castro-ren gobernuak —diño bere aldetik Aita Biain-ek— Europako partidu sozial-demokratikoen asmoak daukoz. Naziñoaren jokera barri onek pozez eta esperantzaz betetan gaitu, erriaren eta agintarien aurrerakuntza espiritual aundia aurretiaz ikusten dogu-ta. Arazo aundia dauko errevoluziñoak bere aurrean. Gobernu barriaren idea ta asmoak, batez beste, onak dira. Gu, katolikook, ezin geintekez egon berari lagundu barik, besteak egiten dabenari begira. Oraingo momentu historiko onek geure kolaboraziñorik estuena eskatuten deusku, gobernuak bide zuzenetik urten ez daian".

"Au aurrera doa —diño "La Quincena" errevistearen Direktoreak aprillaren zortzian idatziriko karta baten—. Asikerak beti izaten dira anormalak; bertoko semeak ez dakie ezetan-bere neurririk gordetan. Dana dala, errevoluziño historiko onek nire ustez, obarantz eroango dau naziñoa, batez-bere baserritarra. Eldu da sasoia, labradore pobre ta gizaixoa, dagoan egokera tristetik jasoteko. Justizia sozial estuagoa ikusten da artu-emon guztietan. Batzuk, bearbada, marxismoaren eta laizismoaren izenean egiten dabe justizia ori; baiña edozein gauza on eta egiazkoren atzean beti dago Jaungoikoa, beti dago kristianismoa."

Jaungoikoak jagon daiala Cuba!

Berriatua