ANAITASUNA
Año I — Núm. 6
Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa
Diciembre 1953
— Zegaitik ez zara joaten mezatara?
— Jauna, ez daukot orretarako astirik.
Auxe erantzuten dabe euskaldun askok, euren erritik urrun, Ameriketan —Mundu barrian— bizi direanean. Baserrian, berez joaten zirean eleizara, zetarako ta zegaitik ori egiten eben ia ia ez ekiela; orixe zan erriko oiturea, ta kitxo. Ameriketan, ostera, beste mundu barri bat jarri jaken begien aurrean: jente gitxi mezatara, ara-bere gitxiago komuniñora, bizikera nasaia, diru irabazte loia ta lasterra, progresu itzala, olgeta ta atsegin leku ugaria. Mundu barri orren kontra joateko ez egozan preparauta, eta goiz edo berandu bere azpian jausi zirean.
Ain urrun joan barik-be, ba daukogu berton Mundu barria, gure zarrak ezagutu ez ebena. Orain berrogetamar urte direala, erri geienetan, etxe tximinietako ke zuriak bakarrik igoten eban zeru urdiñera; gaur egunean, barriz, edonun amaika lantegik idegiten ditue zerurantz euren ago baltzak. Len, domeka arratsaldea emoteko, naikoa zan eleizondoko pelota partidua nai bolatokiko posturea nai jantza askatua; orain, ostera, baserria txikia da, eta bertatiko baten —bizikletan zein automobillean— urira joaten gara, bertan futbol partidua ikusteko nai jantzan oratuan ekiteko nai ziñera joateko, astean irabazi doguna parra parra eralgita. Len gure errietan, ia geu bakarrik bizi giñean eta euskerea zan gure berbeta bakarra; orain, barriz, kanpoko asko etorri dira Euskalerrira eta milla moduz sartu da edonun erderea. Beiñola, lugintzan lan egiten eben euskaldun geienak, aize garbia arturik, txorien kantua eta Agur Marietako kanpaia entzuten zituela; orain, ostera, egunean baiño egunean euskaldun geiagok bear egiten dabe fabriketan, ke ta zarata artean, dotriña barriak zabaltzen dituen lagunen alboan.
Mundu barri bat erne da aspaldion Euskalerrian. Mundu barri indartsua, gauza on eta txarrez betea. Gure onerako izan daiten gura badogu, atondu egin bear doguz gure buruak, mundu barri orrek uiol baten antzera iruntsi ez gaizan. Gertu ete gagoz bizimodu barri orretarako? Ez dot uste, orain beintzat.
Zer egin bear dogu orduan? Sakondu daigun gure erlegiñoa. Mundu barri onek sortu eragiten deuskuzan problemak ebazteko, entzun daiguzan Aita Santuaren berbak Jarraitu deiogun Eleizeari fede ta uste osoagaz. Erderea ikasi arren, ez daigun galdu euskerea, «gure euskal arimearen odola da-ta». (Unamuno). Baiña batez-bere, oraintsu Aita Santuak Berak esan deuskun-legez, gure kristiñau bizimodu zarrari emon deiogun beste espiritu barri bat. Edo barriztau edo il!
Kurutzegrama N.º 4
Olgetan-benetan
Alperra beti atxaki billa,
Lanai nundik iges eingo;
Zintzoa, barriz, bizkor lanera
Ogia irabazteko,
Janagaz baiño bere lanagaz
Gogoratzen da geiago;
Alperra, barriz, mairako gertu,
Nok jaten emon balego.
Era bitako izakerea
Daukagu emen munduan,
Bata zintzoa bestea alperra,
Beti alkarraz autuan.
Egi aundi au euki dagigun
Aztu bagarik goguan:
Alperra ez dala txarto biziko,
Fiñak dabiltzan lekuan.
Balentin Enbeita
Ator, ator, mutil, etxera,
Gaztaiña zimelak jatera,
Gabon gaba ospatuteko
Aitaren ta amaren ondoan!
Ze gozoa dan etxea gabonetan! Iñoizko ederren begitanduten jaku orduan gure bizilekua: gelak txukunago, eskaratza alaiago, laratza beroago, maia gozoago, gurasoak maiteago, neba-arrebak kutunago.
Kanpoan otza, illuna, edurra, orbela. Kalean bakartadea: ziñea utsik, tabernea ta kafetokia garaunik baga.
Oa, mutil, etxera! Oa, berandu dok-eta. Gaurkoa ez dok etxetik kanpora ibilteko gaba. Oa ainbat ariñen: apari gozoa asi dok, makaillao saltsea otzitu egingo jak-eta. Joan adi laster, aita ta ama zure zain jagozak-eta. Poztu adi: gaur Jesus Umea jaio jaku, zeru-lurren pozgillea. Jo soiñua, abestu anai-arrebakaz gabon kanta zarrak.
Eragiok, mutil,
Aurreko tanbolin orri,
Gaztaiñak erre artean:
Txipli txapla plun!
Gabon gaba, ze ederra zarean! Iñoiz amaituko ez al zatxakuz! Ai urteko gau guztiak zure antzekoak balira!
Belengo Barri Ona
Dakargu poz pozik:
Gure Jauna jaio da,
Ume biurturik.
Jesus negarrez dago.
Negarrez zegaitik?
Maite ez dabelako
Gizonak oraindik.
Belengo estalpera,
Jesus poztu guraz,
Artzaiñak joan dira
Bildots ederrakaz.
Jesusek esan deutse
Bozik gozoenaz:
Artxo zurien ordez
Biotzak nai dodaz.
Lasto gaiñean dago
Negarrez gugaitik.
Ez dau gura bildotsik,
Biotzak bakarrik.
Maitatu daigun, bada,
Errukiz beterik,
Jesus gure Jaun ona,
Biotz biotzetik.
Zeruko aingeruak,
Gizoneri esan
Zelan biotzen billa
Jesus etorri dan.
Mundu guztian esan
Zeuon kantuetan:
Maitatu Jesus ona
Une guztietan.
Esku zabalik dator
Jesus guregana,
Beretzako gura dau
Gure maitasuna.
Jesus Jaungoikoa da,
Zeru-lurren Jauna.
Nor da Jaungoikoagaz
Zikotz litzakena?
Esan deiogun danok:
Ume Jesus ona,
Zeugan jarri nai dogu
Gure maitasuna.
Ikusi gura dozu
Maite zaituguna?
Ara nun dakartsugun
Biotz eder bana.
Danok poztu gaitezan:
Jesus jaio jaku,
Izarrik ederrenak
Argi egin deusku.
Gure Salbatzailleak
Zeruan nai gaitu,
Antxe guztiok alkar Ikusiko dogu.
Entzun Gabonetako
Barri On santua:
Belenen jaio jaku
Jesus Umetxua;
Askatik luzatzen dau,
Bere eskutxua,
Maitasuna eskatzen,
Maitasun sutsua.
Ona emen, Bilboko mixiño ostean, Aita Santuak euskaldunori egin euskun itzaldiaren zatirik beiñenak.
Aita Santuak ezagun gaitu
Aintxiña, orain gizaldi asko direala, ondo ezagututen ez dogun denporan artu zenduen euskaldunok kristiñau erlegiñoa. Zuen erri indartsu, sotil eta bizkor orrek, orduantxe entzun eban Jesukristoren Barri Ona. Ordurarte ez zenduen iñoiz makurtu zuen burua iñoren buztarripean. Bateoko ura artzeko, barriz, beingo beingoan eta pozarren beeratu zenduen bekokia. Arrezkero, santuen, Jakitunen eta gudarien erria izan da Euskalerria, eta beti zintzo gorde dozue beiñola ikasiriko kristiñau fedea.
Txaloak Bilboko mixiñoagaitik
Aurten berrogetamar urte direala, Bizkaiaren Amatzat artu zenduen Begoñako Andra Maria. Eta egitada ori gomutarazoteko, sekulako mixiñoak euki dozuez Bilbo aldean. Usansolo ta Galdakanotik Getxo ta Santurtzeraiño, Nerbion errekearen egal bietan, Bizkaiko indar eta aberastasunaren ardatza lakoxea dan ibar orretan, irureun mixiñolari ibilli dira. Eun mixiño toki baiño geiagotan, ia milloi erdi gizoneri erakutsi deutsez gure erlegiñoko ikaskizun bearrekoenak, eta dei egin deutse euren kristiñau bizitzea barriztetako eta pekatuen parkaziñoa lortuteko. Gizon orreen artean, biotz erdi erdian daukoguz gure seme langille maiteak, Ibaizabal eta Nerbion ondoko fabrika aundietan bear egiten dabenak, gorputzarentzako ogibide gogorrenean eta arimearentzako arrisku aundienetan bizi direanak.
Ai eskuratu bazenduez zuen Obispo Jaunak gura zituan frutuak! Ai gaurtik aurrera zuen kristiñau bizitzea sakonago izango balitz, eta alkarren arteko anaitasuna biziago! Zuen kristiñau bizimodu zarrari, aurrerantzean beste espiritu barri bat emongo al deutsazue! Gaurtik gora eukiko al dozuez nabarmenkeri gitxiago ta ekanduen garbitasun geiago, norberekeri eskasago ta maitetasun ugariago, atsegin eta aukera zalekeri urriago ta, batez-bere, justizia sozialaren egarri aundiago!
Aita Santuaren guraria
O Andra Maria Begoñakoa, Bizkaitarren Erregiñea! Izan zaitez zure Seme Jesukristoren aurrean euren bitarteko baliotsua. Izan beitez beti bizkaitarrak euren izenak eta historiak eskatuten deutsen taiukoak. Ez beitez biozkatu beargiñak bizitza onetako neke ta penakaitik. Ez beitez arrotu aberatsak mundu onetako ondasun igeskorrakaitik. Batzuk eta besteak jaso beiez zerura euren begiak, eta ikusi bertan euren benetako Aberria!
Guretzako bedeinkaziñoa
Zuri, Bilboko Obispo Jaun orreri, ta zure Laguntzaille guztieri; Bizkaiko agintarieri; abade, praille ta monja guztieri; zelan edo alan gure berbea entzuten daben kristiñau guztieri; Bilbo maiteari ta Espaiñi osoari emoten deutsuet biotz biotzez, zuen Aita nozuen onek, nire Bedeinkaziño Apostolikoa.