ANAITASUNA

VI URTEA - N.º 59

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Aprilla (4) 1959


Euskerea ta erlegiñoa

Bizkaiaren buru, Caput Biscaiae, deituten eutsen aintxiña Bermeori. Orain Bilbao da izen orren jaube. Bilbao, aundia dalako, aberatsa dalako, Bizkaiko agintariak bertan bizi direalako, eta abar. Ondo irabazita dauko Bilbaok izen ori. Baiña ori gorabeera, izenez galduarren, izanez beiñik bein, ez dau galdu Bermeok oraindiño Bizkaiaren buru izatea.

Bizkaiak, munduko erri bat dan aldetik, gorputz bat dauko, azal bat dauko. Gorputz ori, azal ori, bere lurra da, bere etxeak, bere mendiak, bere ibaiak, bere itxasoa, bere burdin miñak, bere fabrikak, bere aberaskuntzak, bere gizonak. Bizkaiaren espiritua barriz, Bizkaiaren arimea, euskerea da. Bizkaiak arima ori galtzen badau, Bizkaia izan, bai, izango da, baiña ez lengoa, ez aintxiñakoa, ez benetako Bizkaia.

Bizkaiko erri aundi guztietan euskera bizia galdu egin da. Bermeon bakarrik dago zutunik. Bermeok amalau milla habitante daukoz. Euretarik euneko larogetamazortzik dakie euskeraz. Bizi bizirik dauko oraindiño Bermeok euskaldun arimea. Au, igaro dan Aste Santuan ikusi da. Emozionagarria zan benetan, San Frantsisko eleizan, erri guztia bateoko promesak euskeraz barriztuten ikustea.

Bearbada, Bermeoko erria ez da konturatuten errealidade onegaz. Gazteak ez dira kargututen, bear dan beste, Bizkai guztiaren aurrean dauken erantzunbearragaz. Bermeok gorde egin bear dau euskerea, bere euskerea. Ez deutso ardura, garbi garbia ez bada, euskera bizia da-ta. Eta al dabenak, lagundu egin bear leuskioe Bermeori lan onetan. ANAITASUNA berton egiten da. Orregaitik errevistatxu onen euskerea, gauza batzutan, Bermeoko euskerearen antzekoa da. Euki kontuan au, Bizkaiko irakurleak.

Aste Santuon, "Kristiandade Batzarrak" egon dira Bermeon. Berrogeiren bat gizon batu dira. Gazteak geienak. Jazokera aundia Bermeoko kristiñau bizitzan. Batzarretan erderea bakarrik erabilli da. Ez egoan beste erremediorik, batzar zuzendariak bizkaitar erdaldunak zirean-da. Gazteak eurak-bere. Baiña, zelako gazteak! Areek bai benetako kristiñauak! Olako asko bear doguz, Bizkaia galdumenditik salvetako. Areen sua, Kristoren gaiñean eta bere Gorputz Mistikoaren gaiñean jarduten ebenean! Ideal aundi bat, aundiena, ekarri eutsen areek Bermeoko gaztediari. "Kristiandade Batzarrok", beste leku askotan lez, aurrerakuntza aundia emongo deutse urrean Bermeoko kristiñau bizitzeari. Baiña bildur naiz, Ekintza Katolikoaren antzera, movimentu onek-bere kalte egingo ez ete deutson euskereari, zuzendari geienak edo danak bizkaitar erdaldunak dira-ta.

Pentsa eragin deiola onek Bizkaiko euskaldun gaztediari, batez-bere Bilbaoko eta Ibaizabal errekearen egal bietakoari. Ondo dago lan egin daiela euskaldun gazte karreradunak, euskal kantak dantzak eta teatroa Bizkai guztian zabaltzen. Zeregin ori, bearrekoa da. Baiña ez daiezala erdaldunduten itxi beste zeregin importanteagoak. Bizkai barruko euskaldun gazteak, kantak eta dantzak baiño geiago, euren bizitzarako Ideal bat bear dabe. Ideal aundi bat, justizia ta maitasunezkoa. Ideal ori, Kristok bakarrik emon leikioe. Ideal ori, Ekintza Katolikoak eta batez-bere "Kristiandade Batzarrak" zabaldu gura dabe euskaldun gazteen artean.

Euskeraz dakienak, batez-bere liderrak izan leitekezanak, movimentu orreetan sartzen ez badira, ez gaitezan gero keja, gure errietako euskaldun gazteak erderara jo dabela-ta. Geuk eukiko geunke orren errua, eurak bear daben Ideala euskeraz emon ez deutsegulako. Erantzunbear aundia dauke emen euskaldun gazte eskoladunak, euren kontzientziaren eta Bizkai guztiaren aurrean.

Berriatua


Dakarreko «Itsasoko izarra»

Portuondoko abade gartsua • «Frantziako Itxas Misiñoa» • Dakar, bidebatezko portua • Kapilla txikia, salatxua ta velomotorra • Dakarreko «Maison du Marin» • Itxas kristiñau komunidade eder bat • Dakarreko arraintzaleak eta erlegiñoa • Bermeoko Itxas Apostoladuko etxea.

Aita Maurice Aspa, Dakarreko Itxas Apostoladuko kapellaua da. Gizon altua, argala, berrogei urte gitxi gorabeerakoa. Abade gartsua, leberra, bere bizibidea benetan artu dauana: igarri egiten jako, abadetzarako beranduko vokaziñoa euki dauala.

Dakarren bizi da, Frantzia bere aberri maitetik urrun, berreun millaz habitanteko errian, euretarik ia danak musulmanak. Bakarrik bizi da, lagundu leikion iñor barik, antxe, portu ondoan; bere eginkizuna bete eziñik, Dakarreko portuan urtean zazpi milla barku sartzen dira-ta.

Igaz ezagutu neban leenengoz, Bermeoko arraintzaleakaz bertara etorri nintzanean. Eta ikusi nebaneko, eraso egin eustan bere lautasunak eta pobretasunezko espirituak. "Erreligiosoa ete da abade au —esan neban neure barruan—, erreligiosoen iru votuak egiten dituen sazerdote sekularren bat?" Eta galdetu egin neutsan ea ete zanentz. Ezetz erantzun eustan berak. Abade utsa zala, Prantziako "Mission de la Mer" deritxon alkartasunean sartuta egoala, eta bere nagusiak Dakarrera bialdu ebela.

Aita Maurice Aspa, gure adiskide aundia da. Guretzako, Frai Alberto ta biontzako, beti izan da lagun zintzo ta mesedegillea, bere verba onakaz eta bere ejempluagaz gure bizibide gogorrean animatu ta kontsolatu gaituana.

Gaur egunean, Itxas Apostoluak indar guztiz aundia artu dau katolikoen artean, eta interes oso bizia sortu eragin dau edonon. Orregaitik, Dakarreko kapellauari preguntatxu batzuk egin deutsadaz, bere erantzunak guztiontzat, batez-bere Euskalerriko eleizgizonentzat, probetxugarriak izango direalakoan.

— Aita Aspa, esango zeunskit mesedez zer dan "Frantziako Itxas Misiñoa"?

— Abade ta frailleen alkartasuna, itxasgizonak kristiñaututeko Frantzian sortu dana: orixe da "Frantziako Itxas Misiñoa", frantsesez "La Mission de la Mer de France". Beronen bitartez organizatu dabe Itxas Apostoladua Frantziako Eleizearen agintariak. Alkartasunak, Direktore General bat dauko zuzendaritzat (Aita Lefeuvre momentu onetan), eta Itxas Komisiño Episkopal baten menpean lan egiten dau. Bost dira komisiñoko obispo jaunak: Mons. Parenty, Arras-ko obispo laguntzaillea, Mons. Cazeau, Luçon-eko obispoa, Mons. de Provencère, Marseilla-ko artzobispoa, Mons. Duval, Argel-eko obispoa, Mons. Morilleau, La Rochelle-koa.

"Prantziako Itxas Misiñoa", Aita Butel jesuiteak fundatu eban azkenengo gerrearen ostean. Eriotzararte bera izan da alkartasunaren Zuzendari Generala. Orain urte bi t'erdi il dala, eta bere bizitzako azkenengo urteetan era batera izan da Erroman Itxas Apostoladuko Zuzendari Nagusia.

— Noiz sartu ziñean zu alkartasun orretan?

— Asikera asikeratik nago ni berton sartuta, 1947-tik. Urte orretan sortu zan "Misiñoa", eta bertara bialdu ninduan nire obispo jaunak, itxasgizonen artean bear egiteko.

— Beste lekuren baten lan egin ete zenduan, "Misiño"ra etorri orduko?

— Ez. Abade eginda beingoan sartu nintzan "Misiño"an. Auxe izan da nire leenengo bizibidea. Auxe, nire aspaldiko amesa. Beti ten egin deust itxasoak. Neure familiakoen artean be, bat baiño geiago dabil itxasoan. Le Havre-ko portuan jaio nintzan. Bertan igaro nituan nire gaztezaroko leenengo urteak. Bertan ikasi neban itxasgizonak maitetan. Abade barri nintzala, petroleru batera bialdu ninduen nire nagusiak. Antxe ibilli nintzan, kubertako agregadu lez, ezer irabazi barik, ogetamar egunean. Asikera polita!

— Zenbat zarie, "Misiño"an lan egiten dozuen sazerdoteak?

— Berrogetamar-edo izango gara.

— Egon zara iñon bear egiten, Dakarrera etorri orduko?

— Bai. Urte bi egon nintzan, kapellau lez, Nantes-ko portuan, eta iru urte t'erdi Dunkerque-n.

— Noiztik zagoz emen Dakarren?

— 1954-ko urtarrilletik (enerutik).

— "Misiño"ko sazerdoteen artean, ba ete dagoz batzuk, untzietan euretan ministerioa egiten dabenak?

— Geienak, portuetan egiten dogu gure ministerioa; baiña ba-dagoz batzuk, embarkaziñoetan euretan egiten dabenak. Prantzian, korreo barkuak ez daroe kapellaurik, Ezpaiñian lez, tripulanteen artean. Lantzean bein, portuko kapellauak egiten dabe itxasaldiren bat, barruko genteari erlegiñoko gauzetan lagunduteko; baiña beti kargako barkuetan edo arraiñuntzietan. Trasatlantikoetan eguno be ez. Terra Nova-ko frantses arraintzaleak beti daroe eurakaz sazerdote bat. Orrezaz gaiñera, amarren bat-edo izango dira; mariñeru utsak lez, itxasoan lan egiten dabenak, zein kubertan zein makiñetan. Nik dakidala, euretariko bat bakarrik dabil arraintzaleen artean.

— Ze portuetan dagoz "Misiño"ko sazerdoteak?

— Dunkerque-n iru, Boulogne-n bost, Dieppe-n iru, Le Havre-n lau, Rouen-en bat, Cherburgo-n bat, Paimpol-en bi, La Rochelle-n bat, Bordele-n bat, Port de Bouc-en bat, Donibane Lohitzune-n bat, Marseilla-n iru, Argel-en bat, Dakarren bat, Fort de France-n bat.

— Dakarreko portua, importantea ete da Itxas Apostoladuaren aldetik?

— Bai, asko be. Movimentu guztiz aundia dauko Dakarreko portuak, Sudamerika ta Sudafrikara doazan untzi geienak konsumoa berton egiten dabe-ta. Kontaeziñak dira, bertotik pasetan direan itxasgizonak, bai frantsesak bai extranjeruak.

— Zeintzuk dira, zuk daukozuzan lan egiteko medioak?

— Gauza gitxi: Kapilla txiki bat portu ondoan, salatxu bat gentea errezibitzeko, eta velomotor bat emendik ara joateko.

— Eta zer diñostazu, Dakarreko "Maison du Marin" deritxon etxeagaitik?

— Alde materialetik beiñik bein, obra on bat egin dau Frantziako Gobernuak, etxe au mariñoentzako eregita. Dakarrera datozan itxasgizon guztiak bertan dauke restaurante eder bat, barra, lo egiteko gelak, kapillatxua eta kapellauaren bizilekua. Dana barria, dana garbia, dana modernua. Oraiñarte gente gitxi dator bertora. Ori dala-ta, ekonomiaren aldetik ez dabiltza ondo gauzak. Baiña, nire ustez, organizaziño obeagaz laster bapeztuko litzakez difikultade ekonomiko guztiak.

— Zure eritxiz, etorkizun aundia dauko Dakarreko Itxas Apostoladuak?

— Bai, guztiz aundia. Baiña oraindiño apurtxu baten itxaron egin bearko. Ez dago zetan priesarik euki; demporeagaz dana egingo da. Dakarrera datozan itxasgizon geienak, batez-bere extranjeruak, ez dakie oraindiño non dagoan portuko eleizatxua eta kapellauaren bizilekua.

— Oraiñarte ikusi dozu, bearbada, zure lanaren fruturik?

— Ona Dakarrera datozan itxasgizon geienak, bidebatezkoak direan lez, gauza gatxa da benetan gure lanaren erresultadua jakitea. Baiña ori gorabeera, esan neikizu zeredozer. Emen berton bizi direan mariñoak eta portuko kapillatxuaren ondoan euren etxeak daukezanak, itxas kristiñau komunidade eder bat egiten dabe euren kapellauaren alboan. Komunidade bizkorra ta beroa, bere sua ta bizia inguruan zabaltzen dituana. Komunidade oneri eskerrak, erbesteko itxasgizonak, domeketan meza entzuten kapillatxura datozanean, liturgia bizi ta bero bat, topetan dabe bertan; eta liturgia orren bitartez, obeto errezetan eta batez-bere batzan otoitz egiten ikasten dabe.

Bertoko mariñeru baltzak be, batzuk batzuk kristiñau dotriñea ikasten etorten dira, eta bateo santua artzen dabe, katekumenadua amaituta. Beste asko, naiz fetitxistak naiz mahometanoak, kontseju ta laguntza eske etorten jataz sarritan.

— Eleizgizonen aldetik, beti aurkitu dozuz komprentsiñoa ta laguntasuna?

— Bai, beti. Dakarreko artzobispoak eta bere laguntzailleak, eurak gura izan dabe berton euki Itxas Apostoladuko zentro bat, eta eurak izan dira beti zentro orren lagunik aundienak. "Misiño"ko sazerdoteen artean barriz, zein frailleak zein abadeak direala, guztizkoa da batasuna ta laguntziñoa

— Dakarreko portuak, nire ustez, importantzia aundia dauko, Frantzia ta Espaiñiatik atunetan bertora datozan arraintzaleakaitik be. Egin leike zeredozer euren alde "Itxas Misiñoak"?

— Esango deutsut. Gauza barria da oraindiño Dakarreko arraintzu kontua, oraintsurarte erbesteko arraintzalerik ez da bertora etorten izan-da. Dana dala, zerbait egin edo organiza leiteke euren alde. Baiña guztiz gatx erixten deutsat, demporada labur baten bakarrik berton dagozalako eta beti batzuk etorten ez direalako.

— Erlegiñoaren aldetik, zelako kristiñauak dira, bertora Frantziatik datozan arraintzaleak?

— Ona datozan arraintzale geienak, Frantziaren oeste aldekoak dira: Bretaiñiakoak eta Euskalerrikoak. Leku orreetan, erlegiñoa oraindiño bizi bizi dago, eta kristiñau instituziñoak indar aundia dauke. Baiña alan ta guztiz-bere, arraintzale geienak, alper familia edo parrokia oso onekoak izan, laster galtzen dabe meza entzuteko eta sakramentuak artzeko oiturea; alde batetik, euren bizibideak bapere laguntzen ez deutselako, eta bestetik, fedebako lagunen eta komunista militante banaka batzuen influentzia kaltegarriagaitik.

— Eta zer diñostazu frantses euskaldun arraintzaleakatik? Egia da, euren artean lan egiteko difikultaderik euki dozula?

— Frantses euskaldunak beti artu nabe ondo. Iñoiz difikultaderik euki badot, ez da izan eurakaitik...

— Zein da, zure ustez, guk sazerdoteok arraintzaleen arimetan sartu bear dogun espiritua?

— Batez-bere erlegiñoaren alderdi sakona erakutsi bear deutsugu arraintzaleeri. Ikasi daiela biotz barrutik otoitz egiten, Jaungoikoaren grazian biziten, sarri jaunartzen, alkar maite izaten, "katolikoak" izaten. Azkenengo virtute au, nire ustez, guztiz importantea da, katolizidadearen zentzua arraintzaleak errez galtzen dabe-ta.

— Zer deritxazu, espaiñol euskaldunen artean, berton Dakarren guk egiten dogun apostoladuari?

— Espaiñiako euskaldunen artean, sazerdote baten presentzia, zure kasuan lez, gora aundiko gauzea da. Nire ustez, ez dago organizaziño sozialik, orreri urrik emon be egin leikionik. Baiña onegaz ez dot esan gura, organizaziño ori importantzia bako gauzea danik. Gure eginkizunik beiñena, auxe da: Itxasgizonen artean, apostolu laikoak sortu eragin, eta gero eurakaz bat eginda bear egin.

— Ezagutu dozu, Frantziskanoak lan egiten daben porturik?

— Bai. Nik dakidala, Boulogne-n, Dieppe-n eta Bordele-n bear egiten dabe Prantziskotarrak, ondo gaiñera.

— Zer egin geinke guk Bermeon, Dakarreko apostoladua osotuteko?

— Nire eritxiz, arraintzaleen familiak be aintzat artu bear zeunkeez. Orregaitik, gauza guztiz egokia izango litzake, zu emen Dakarren zagozan bitartean, ango beste fraille batek arraintzaleen etxekoakaz artu-emon aundia euki leiala, eta biok batera eta kriterio beragaz lanean ibilli zeintezela.

— Eskerrik asko, Aita Aspa. Eta erregutu Jaungoikoari, Bermeon ainbat ariñen Itxas Apostoladuko Zentro eder bat euki daigun, bertatik Kristoren argia familia guztietara zabaltzeko, eta apostolu laikoak —"gizonen arraintzaleak"—, gure erriak benetan bear dituanak, bertan sortu eragiteko.

Dakar, 1959

Berriatua


Muxika Ariatzako Mixiñoiak

Muxika, Gernika eta Zugaztieta bitartean dagon erri baketsuak eleiza bi daukoz: bata parrokia "Eleizalde" deritxona eta bestea eleizatxo polit bat "Ariatza" deritxona, bigarren ontan Epaillaren zortzitik amabostera mixiñoiak izan dira, beste eleizan, "Eleizalderi" ejerzizioak egozan bitartean. Entzun Ariatzar batek zelan idazten deuskun, mixiñoiak zelakoak izan diran esanik.

Epaillaren 8'an asi ta 15'era, izan doguz, Ariatzako gure Aita Kurtzekoaren eleizatxo onetan mixiñoi santuak eta gogoan eukitekoak izan be! Mixiñolariak Zubieta anai biak izan doguz, Aita Sabin eta Aita Yon, Ibarrangeluako seme bulartsu eta euskaldun sendoak. Esaten dabenez, gaurko egunean izlaririk goirenengoak ei dira gure Prantsiskotar aita agurgarri bi oneek. Ba-dauko Ibarrangeluk zertzaz arrotu, onelako gizonak jaiotako lurra benetan da txalogarria izan be-ta!

Goizeko seiretan asten izan yaku gure Aita Sabin erriari deika. Orretarako kanpantorrean altabozak egon dira eta altaboz onetatik, ez Ariatzarrak bakarrik, inguruetako errietatik be entzuten izan dabez gure mixiolarien diadarrak. Lenengo egunetan batez be, goizean errosario santuaren mar-mar eta abesti goxo zerutarraren durundi arek, zer oldostu, zer meditau, emoten izan deutse alboko errietan entzuten izan dabeneri; nundik eta zelan etorri eikean goizean goiz zarata ori? Izan be zeruko aingeruak zirala esan eiteken erri pekatariari deika, "Erdu pekataria, erdu eleizara, Jaungoikoaren berbia gogoz entzutera".

Goizero Ariatzarrak eleizaratzeko onelako bertsoak abestuten ebezan neskatilla batzuk altabozetatik:

Goizeko seirak jo dabe ta

Ariatzarrak itxartu;

Mantak kentu ta jagi zaiteze,

Jantzi ta eleizaratu.

Aita Kurtzeko gure zaindari

Biotzez maite badogu,

Mixiñoi santu onetan iñor

Etxian ez bei geratu.

Ariatzarrak, jaiki ta bizkor

Etorri eleizarantza,

Eta bakotxak Aita Kurtzekoai

Eskeiñi bere biotza.

Zer balio dau nai dogun eran

Erabiltia gorputza,

Azken orduan galtzen badogu

Galtzen badogu Zeruko bizitza?

Sei ta erdietan errosario santuan biderik bide, erri osoa kantari.

7'retan, Meza eta Itzaldia erriarentzat. Zazpi t'erdietatik zortzi t'erdirak bitartean neska gazteen ordua. 8 t'erdietan eta 11 t'erdietan umetxoen gaiak. Arratsaldeko bostetan barriro erri osoarentzat. Eta gabaz 8'retan, lantegi edo fabriketako langilleentzat. Zortzi egun luzeetan ixildu barik kantuz eta diadarka eleiza, bide eta etxe danak mixiñoi gauzetan danak bertso onek diñoan lez:

Mixioñetan gure Ariatza

Dabil pozez ta kantari,

Goizean kantuz goi aingeruak

Dabizela esan legi.

Aita Kurtzekon eleiza onek

Zeru txiki bat dirudi.

Bake ta poza lortu nai daunak

Ariatzara etorri.

Mixiñoi onek esan daikegu aparteko zeozer izan dauala. Begira irakurle: Muxikatik Gorozikara lau kilometro inguru dagoz; erri onek ondoan mendi bat dauka, "Aitz-garai" deritxona. Mendi onetara ainbat gorozikar etorten izan ei dira, gabeko 8'retako sermoia entzuten eta ederto entzuten izan ei dabe. Lumo eta Errigoiti'tik be bardin egoten izan ei dira goiz-illuntzetan. Olakorik! Zeren eskerrak emon ba-daukagu gure mixiolarieri.

 Parkaziñoko sermoia: Uste dot gogoan izango dogula egun aundi ori. Gure Marzelo Abade jaunak egin ebana ez da aztutekoa. Erri osoaren aurrean aitortu ebazan bere uts-egite guztiak argi eta garbi gaiñera aitortu be. Erriak negar asko egin eban gure abade jaunaren biotz-apaltasuna ikusi-ta. Eta mixiolariak goratu eben, batez be Aita Yon'ek esanaz: Marzelo jauna, zuk emon deuskuzu ikas biderik ederrena, lenengo Aita Goikoari parka eskatu eta zeure utsak erriaren aurrian aitortu eta erri osoari parka eskatu. Zorionekoak lagun urkoari parkatu eta Jaunaren adiskidetasunean bizi diranak.

 Irakasle ta umetxoak: Gure Etxandia'tar Petra, irakasle zintzoak, bere eskolako umetxueri esan eutsen, Gabon egunez eta Santa Ageda egunez etxerik etxe joango litzakezan kantuak abestuz mixiñoietarako diru batzen. Eta umeak danak batera baietz erantzun eutsen. Esan eta egin! Dirutza ederra batu eben. Eskerrak emon biarrean irakasle ta umetxueri; eta batez be erri osoari, ain ondo erantzun dabelako euren limosnakin.

Bariku gabaz izan genduan biderik-bide kurutz bidea. Gure Aita Sabin bideetako zuzendari genduala, ezin obeto atondu eban guztia. Gaztedi osoa kurutziak bizkar gaiñean artu ta beste guztiak euren argiakaz. Aita Yon'ek egin euskuzan kurutzietako azalpenak, guztiz ederto. Bitarteetan danak abestuten eben "Egizu zuk Maria, gugaitik erregu, eriotzako orduan ez gaitezan galdu". Ikustekoa izan genduan gabeko ibil deun ori!

Azken agurra: Illaren 15'an goizeko Mezan amaitu ziran gure mixiñoi txalogarriak. Egun onetan erri osoak jauna artu eban. Ba-zan abestu bearra! Dana zan poza, alaitasuna, barruko bakea. Umetxoak esaten eben "ez daitezela joan mixiñolariak, geratu daitezela berton".

Aita Sabin'ek egin euskun azken agurreko itzaldia, agur goxo eta xamurra. Entzuleen begiak negar-malkoz iturri bi egin da, benetan egun ederra siñismena dogunontzat!

Meza au, azkenengo egunekoa, ildako gure Don Pantaleon, Ariatza'n azkenengo euki genduan abade jaunaren gogoaren alde izan zan. Bera izan zan Ariatza'n lenengoz mixiñoi santuak egin ebazana eta Apostoladua gure Ariatza'ko eleiztarren artean sortu ebana. Ariatza maite eban biotzez eta Ariatza'rrak ez dira aztuten beragaz. G. B.

Zubieta anaiak etorri yakuz,

Arantza miñak kentzeko,

Gorroto danak oinperatu-ta

Biotzak askatuteko,

Gure arimak garbitu eta

Zeru bidean jarteko.

Egin dozuen lan eder ori

Izango al dogu betiko!

Jaso daiguzan geure biotzak

Jaun oneek goratuko.

Era ontako Artzaiñak ditun

Erria ez da galduko.

Enbeita'tar Balendin


Neurriak artzen

Astelen arratsaldea zan. Illuntzeko seirak inguru.

Agertu zan, Tomas jostunaren dendara, baserritar gazte, bular nasai, lepozabal andi bat. Goibe benetan luzea, or 1,90 zentimetro eta larogetamar kilo ingurukoa. Gizon ondoegin, morrosko ederra benetan.

Ezkontzeko asmoetan ebillela-ta, bear zan erako jantzi on bat bear eban.

Pañua elegidu, prezioa ontzat emon; neurriak artzeko, soiñean eukan jakea kendu, eta gertau zan.

Jostunak, artu eban zentimetroa samatik beera, oi dan lez jarri zan, eta esan eutsan gizon bezeroari:

—Tira! Etzun adi or mai gaiñean. Eta baserritar zintzoa, jostundegietan oialak neurtu eta ebagiteko izaten direan mai zabal andi gaiñean, luze luze etzunda jarri eban.

Berealaxe, gure Tomas, beti ziriketan, joan zan, aurrean kalearen bestaldean egoan Agirre-ren trabenara, eta an egozan guztiai dei eta didar egin eutsen:

— Etorri zaiteze guzti guztiok neure dendara, eta or ikusiko dozue, nik, gazte eta sendo andiak izanarren, gizonak zelan ezi eta domiñetan dodazan.

Trabenan egoan gizon mordoska guztia, ez gitxi be garai atan, bultzaka eta zeiñek ariñago etorri zirean Atxirika-ren jostundegira.

An egoan gazte zintzoa, mai gaiñean, luze luze etzunda, jostunak zorioneko neurriak noiz artuko zain!

Eta ikusleak, aitearenka eta barre algaraz biurtu zirean len egozan trabenara, iñoela:

— Oindiño orrek, etxozak guztiak egin. Beti zer asmauko. Lexako azeria baiño zitalago dok ori.

Gernika

Belu


Euskal-Antzertia Goirantz. Ondarroa-ko taldearen jardun bikaiña

Ikusi doguna ta entzun doguna isilik gordetekotan ez gagoz. Euskaldunen zabarkeriaren zikintzatik, indar barri ta sendoak sortu dira bein eta barriro.

Oraingoan, emen, Bilbon berton ikusi barri dogun Teatru-agerkizunaz zeozer idatzi bear dogu. Talde baten ekiñaldi txit ederrak zirikatuten gaitu. Emen izan dogu Ondarroako Euskal-Talde txalogarria, Zubikarai azkarra buru izanik. San Josepe egunean ain zuzen, jente ugariren aurrean, geiagorentzat be, tokia ba zan arren.

***

 Amar estampa txairo agertu euskuezan, eta sail osoaren izena "Jaunaren bidetan". Leenago, Erregenetan izan genduzan eta orduan ezagutuerazo euskuen gar eta jasa, oraingoan osoro barriztau dabe.

Kuadru batzuk batez bere, gain gaiñekotzat daukaguz eta edozeiñen ondoan jarteko lakoak. Irudiz, ibilleraz, jantziz eta esakeraz. Idazleak ederto batu ditu eta era egokian josi ta atondu, liburu santuetan irakurri giñeizan esanaldi sakon ta maitagarriak.

Asieran, Erremu-eguneko agerkaria eskeiñi deusku, eta gai errez ta ezerezetik asten da, ume-kondo batzuen izketa ariñetan oiñarriak jarriaz. Oneikan, Jesus ikusteko gurari sortzen da, eta urrengorik urrengo, beste lagun batzuek be, asmo ta nai bardiña agertuko dabe. Estampa onen amaieran, erakusaldi atsegiñean, erriak inguratu dator Maisu aundia, Jesus maitea.

Bigarrena, labur xamarra; biotzean sakontasunezko itz latzak sentierazotekoa da, Jerusalem-ezaz esan zituan berbak zirala-ta. Abesti ederrak beteten dau azken-aldiko egoera sendoa.

"Azken-afaria" da irugarren zera. Bear ba da, auxe da guztietarik estampa jaso ta ederrena. Kristo, bere ikasleekin batuta, azkenengo afaria alkarregaz egiteko une guren, itzal eta gogoangarrian. Gure Maisu bardinbageak egin ebana eta esan ebana, bere jardun eta ibillera, guztia da goeneko maillan agertuerazoa. Idazleak eta jarduleak egundoko aokera ta eder-ukitua izan dabela esan bear. Entzuleen isillaldi sakonak unada artako bikaintasuna osoro gogoan artu ebala adierazoten eban. Zoragarria benetan.

Urrengo, Getsemani agerkizuna, mingots eta samiñez betea, ikasle zazkarrak bere egitada zirtzil eta petrala beteko eban aldia.

Baiña egitada doillor orrek, bereala izan eban bere saria, eta orra or, jarraian, tantai batetik, soka batetik zintzillik Judas saltzaille doakabea. Emen datoz mutikoak barriro, eta ikasle axe bizirik ete dagon, ez ete dagon, ikutuka asteko irrikiten. Bai, ondo itota egoan bai, bere pekatu izugarriak iratoa, ain zuzen be. Bakarrik dago, baiña ez; laster datorkio jabea, nagusia, bere arimeaz geldituko dana, txerren gorri-gorria ta dantza-dantzari agertu be. Estampa polita auxe be, teatru-gai onetarikoari soiñuak eta jantza-irudiak emoten deutsen zeragaz.

Geroago, Pilatos-en etxean agertuten dabena, be, alako jas eta eder-aize batek eragiña da. Erromatarren jantzi ta itxurak, alkarrizketak, judutarren agerraldia, koroen esakera ta abesti zeatz ta aldizkakoak, kuadru egoki betea erakutsi eusken.

Jerusalem-go alaben agerraldi laburraren jarrai, beste estampa jaso ta goi-maillakoa ikusi genduan: Kurutzean. Ederto agertua, txairoki, bizi ta unkigarri nunbait be. Kantu samurraren otsak nekatu ta miñezko erionez jarrierazoten ditu biotzak. Ederto batean agertua auxe be.

Bakartadeko unada mingotsean, Andra Mariaren aots ederrak jaso nai ditu gure barruko egitada zitalen damu ordu onekoak. Egokitasun aundiz agertua, biozpean alako zarrada eragiten dau Jesus, lurrean, illotz eta izara zuri batek estaldua ikusteak. Emakume onen negar ta inkezak latz eta sargarriak dira unetaraiño.

Eta azkenez, itxaropen gozo batek leunduten dauan esanaldia agertuko deusku, kuadru bakoitzaren aurretik leen bere iragarri deuskun gizon zintzoak, olerkariak. Pizkundearen erraiñu argitsuak beteko ditue antzokia ta ikusleen biotzak. Kristo biztu da; bera da gure poza. Aleluia zaratatsu ta ezagunean amaituko da amar ataleko sail goragarria.

Erakusbide mamiña emon dabe ondarrutarrak, gure Teatruan egin leiteken beste alderdi bat biziro ta jator agertuerazoaz. Jarrai begie bide orretaz. Artezkaria ez dabe makala eta euren oraingo goraldi onegaz ez daitezala naikoa eginda gelditu.

(Bilbotik)

E. ERKIAGA


Or, an, emen

Ogei ta amar obispo zismatiko edo oker egiñak Txina'n

Roma (Agenzia Internazionale Fides, AIF). - «Le Monde» egunerokoak diño, «L'Osservatore Romano»k diñoanez ogei ta amar Obispo zismatiko egiñak ba-dirala Txina'n. Orregaitik igazko Abenduan Juan XXIII'garren Aita Santuak Kardenal Batzarrari Txina dala-ta berba egin eutsen eta esan zelan abade ta Obispo zintzoak kartzeletan edo larri-larri aurkitzen zireala eta zelan kristiñaueri Erroma'ko Aita Santuagandik aldentzeko esaten deutso, eta zelan obispo barri zismatikoak egiten ari diran. Aita Santuak zisma berbea esan eban. Azkenean esan eutsen, biotz-min aundiagaz, zeruko Aita Alguztidunari ekin eta ekiteko Txinaren alde eta mundu guztiko Obispoeri agintzen eutsela leku guztietan otoitzak eta penitentziak eta errogatibak egiteko. (Aita Santuaren itzaldia Osservatore Romano'n, 1958'ko Abenduaren 15'ean).

Txina'n familia larri-larri

Hong-Kong (AIF). - Txina'n beti samur begiratu yako familiari eta antxinako agureari. 1958'ko Zemendian atara zan errebista batek «Juventud China» izenez diño: Txina'n dana danena egiten ari dira. Jatordua ez da familian egiten, danen ostatuetan baiño; eta olako ostatuak an eta emen jarri dabez. Zarrentzat, zar-etxeak egin dabez, umeentzat ume-tokiak. Olako gauzak ikusirik gazteak preguntaz dagoz: Ia nora doan familia eta eskatzeko berotasuna, ia zertarako dan ama eta zertarako ezkontza. Eta ia neskatil bategaz zoratu leitekezan, edo egun batean ezkontzeko asmoakin poztu. Komunistentzat familia bat bakarra da: Komunismoa. Gaiñerantzeko gauzak orren azpian dagoz eta famili orrentzat izan bear dira gauza eta ardura guztiak. Eta komunismoak famili orren atseden eta zorionari begiratzen deutso eta ez bakoitzaren zorion eta bere familiaren zorionari.

Birmaniatik (AIF). - Txino askok iges eiten ei dabe egunero Txina'tik kanpora. Batzuk aspertuta, beste batzuk propaganda egitera. Rangun urian 200.000 txino ei dagoz; eta katolikoak ez diran geienak ezin ei dabe aitu komunismoen loikeri ta tratu baltza.

Donosti. - Aprillaren ogeta seian aizkolarien jokoa ei dago uri ontako zezen-plazan. Jokalariak «Luxia» gipuzkoarra eta «Latasa» naparra dira. Orain sei bat illabete Donosti'ko «Bar Joxe Mari»n egin eben tratua ta ordutik ona preparatzen ari dira. Gipuzkoarrak ez dabe uste Luxiak galdu leikeanik. Izan be au izan da Atano pelotan lez gure artean aizkolaririk onena. Baiña Atanok lez ez ete yako etorri azkeneko ordua? Ogeta amazazpi urte daukoz, eta naparrak 27 inguru. Luxiak postura egin ebanean 120 killo pisatzen ebazan, gaur 95 bat izango dauz. Altura ikaragarria dauko, zartakada ederra emoten deutso aizkoreari. Aizkolari batek be dauzan kondizioak beragan daukaz: pisu ona, altura ederra eta abildadea. Naparra 85 killoko morrosko ederra izanarren Luxiaren ondoan kaxkarragoa gelditzen da. Baiña Luxiak egin dituan marka guztiak jakin eta gero milloi erdi jokatzeko, irabasteko itxaropenagaz etorriko da bere ustez. Dana dala Aprillaren ogeta seian ikusi bearko arrazoia noren aldetik dagoan. Jakitekoa da «Latasa»k ez dabela oraindiño aizkora joko bat be galdu eta irabazi dituan danak errez irabazi dituala, berak gura izan dabena egin da.