ANAITASUNA

VI URTEA - N.º 58

Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Martia (3) 1959


Mondragoeko andra bat Lurdesen osatu

Lurdesko urtea amaitu da. Eun urte bete dira Ama Birjiñea an agertu zanetik, eta eungarren urte ori ospatuteko, Jaungoikoak daki zenbat jente joan dan ara bazter guztietatik. Izan be, Lurdesen jazoten direanak, eztira beste iñun ikusten. Zenbat gaxo (gorputzeko gaxoak; arimakoak orain eztitut aitatu gura), zenbat gaxo, gatxik txarrenakin jota egozanak, ez ditu an osatu Ama Birjiñearen esku andiak! Esan leike Ama Birjiñeak nai izan dabela leku ori paratu gaurko munduaren erdian, kristiñau fedean kilikolo dabillen gure aro oneri siñismenaren euskarri bat emotearren.

 Orain oraintsu emakume euskaldun bati Lurdesen gertatu yakon osatutze arrigarria gure dot kontau, edo obeto esateko, berak, bere Mondragoiko euskeran niri kontau deustanlez, emen ipiñi. Osatutze ori milagrua izan dan ala ez erabagitea, ori ezta nire arazoa, Eleiza Amarena baiño; nik pasadizua kontatzeaz naikoa dot.

Emakume oneri Teodora Mondragón yako izena, eta Mondragoeko errian bizi da, ganera. Oso gaxorik egoan. Mal de Pot izena daben gatx ori eukon. Urte askotan egon zan ezetarako be gauza etzala, beti miñakin. Baiña berak esango deusku ori obetoen:

«Iru bider operau ninduen, bi azur kendu eustien mokorretik ta bizkarrian ipiñi, ta azur-raspaua be birritan egin eustien. Bizkar danien miña izaten neban kokoteraiño, eta burua ezin bueltau alde batera ta bestera; kokotea gogortuta letxe neukan. Oiñ-azpitan be koskor batzuk neukan, ta ezin ibili. Koskorrak orain be or dagoz, baiña miñik eztaukat. Oso nekez ibilten nintzan, ta beti takoi altuekin; bestela ezin. Bastoiakin ta beste bati oratuta ibilli bear izaten neban. Medikuak esan eustien beste injerto bat ipiñi bear eustiela, eta orduan pentsau neban lenengo Lurdesera joatea.»

1958-ko Maiatzaren 2-an joan zan Mondragoitik Lurdesera peregrinaziño bat. Iru autobus. Peregrinaziño onetan joan zan gure Teodora be, bere alaba ta beste lagun bategaz. Biak joan zirean bere zain. Oso biaje txarra egin eban aruzkoan. Urrengo egunean, goizeko amabietan, sartu zan bañuetara, piszinara. Zapatua zan alan be, Gurutze Santuaren jaieguna.

«Amabiyak izango zirean barrura sartu nintzaneko. Enfermerak erantzi ninduen. An barruan Ama Birjiñaren irudi bat dago, eta arexeri mun egiterakoan emoziño andi bat sentidu neban, eta negarrari emon neutsan. Berbarik pe ezin egin. Negargurea, besterik ez neban. Osatu nintzanik pe konturatu ez. Urten nebanean, ez neukan miñik; jantzi, ibilli ta dana egiten neban. Alabea ta laguna egozen an, eta areek ondo konturau zirean eskua ta ankia ta dana eragiten nebala. Mondragoeko jentia be danak konturau zirean. Bueltan neure ankaz ta oiñez ta besteen moduan etorri nintzan. Eta arrezkero oso ondo nago.» «Peregrinaziñoa Mondragoera eldu zanean, Te Deum-a izan genduan San Frantziskoren eleizean. Eta datorren Maiatzeko iruan be mezea enkargauta daukat. Ganera, aurtengo agostuan dira 25 urte ezkondu giñala, eta asmoa dogu gizona ta biok Lurdesera joateko, eskerrak emonaz».

Eta bere istoria kontatzeari azkena emotean, onako berba oneik esan eustazan: «Mondragoiko jentiak esaten dost askotan: Olako milagrua ta zelan eztabe zabalduten geiago?»

Mondragoen mundu guztiak ezagututen dau gure Teodora. Antxe bizi da orain be, bere gizonagaz ta seme-alabakaz. Pasadizu onen garbitasun geiago jakin gura dabenak, berari itandutea baiño eztauko. Calle Magdalena, numero 20, 2.º, Mondragón (Guipúzcoa): antxe bizi da guztiz osatuta, len ezetarako etzan emakume au.

Villasante


Ars'ko abade santua il zanetik eun urte

Geientxuok ezagututen ete dozue Frantzian izan dan santurik aundiena? Frantzia, «Santu erria» deitu izan daroa. Eta bartako santu guztien artean, Ars'ko abade santua dozu gorengoena, ziur-ziur. Ars'ko abadearen izena Jean Marie Vianney da. Ecully deritxon erritxoan jaio zan. Bere gurasoak baserritar zintzoak izan ziran. Sei nebarreba izan ziran: Cataline, zarrena, ezkonduta beingoan il zan berau; Jean Marie, bost urtegaz il zana: François, etxeko jaun izango zana; Jean Marie, gure santua; Margarrette eta beste bigarren François bat.

Jean Marie 1786:ko maiatzaren 8'an jaio zan, eta 1859'ko agostuaren 4'an il zan. Aurten betetan dira eun urte Irugarren Ordeneko abade aundi au il zanetik. Gizaldi bat dala, Ars ko parroki txikian il zan Frantzian izan dan santurik aundiena!

Jean-Mariek solo-bierretan igaro zitun mutil gazte izan arterañoko urteak. Eskola aundirik ezeukan. Dotriñan bai ostera, dotriñan iñor baiño aurrerago egoan. Baiña batez be biotza eukin zabala ta ona Jean-Mariek. Eta biotz zuzenak argi entzun oi dauz Jainkoaren berbarik ixillenak be. Jean Mariek 19 urte zitula entzun eban bere ordezko izatera deituten eban Jainkoaren abots biguna. 1789 ko erreboluziñoan abade asko il ebezan Frantzi osoan. Erri asko abade barik gelditu ziran, arimen artzain barik. Jean-Mariek, Jainkoaren esana jarraituz, abade egitea erabaki eban, arimak zera bidean laguntzearren. Eskolatan baiño gari ebagiten ta matzondoak jorratzen aurreratuagoa egoan, baiña ikasi bear ba-eban, aretarako be borondate aundia eukan.

Latiñak ikastea kosta iakon ba, kontxo! Bi bider bialdu eben seminariotik aren buru gogorrean ezin eikeala latiñik sartu-ta. Baiña, bein da barriro seminariora biurtutea lortu eban, Ecully'ko parroko jauna zan Balley'ren bidez. Balley'k ondo ezagututen eban Jean-Marie'ren barruko sugar goria, bere arimenganako maitasun bizia. Azkenik igaro zitun latiñak, filosofiak eta teologiak. 1815'an mezadun egin zan, 26 urte zitula.

Abade-barria, bere adiskide aundia zan Ecully'ko Balley jaunaren laguntzaille izentatu eben. Iru urte geroago, 1818'an ARS baserriko abade egin eben. Antxe, bere lagun Balley'ren ondoan asitako, santutasun bidean gailurreraino igo zan. Jean-Marie Vianney'k ikaragarrizko penitentziak egiten zitun bere Ars'tarren alde. Eta beingoan Ars'en jai egunak gordetan asi ziran, lengo birago zikiñak etziran entzuten, eta etzan moskortirik tabernetan... Ars eta inguruetan zabaldu zan bere santutasunaren usain gozoa; edonun egiten zitun mirari ederrak; eta albo errietatik asko ioiazan Ars'era. Baiña mirariak ez eben arrotu Ars'ko abadea.. Berak egiten zitunik be ez eban sinistuten. Beti umil, beti apal, bere gorputza zigortuz... Bere gelako ormak odolez txipristinduta ei eukazan.

Berrogei urtetan Ars'ko abade izan zan. Berrogei urtetan pobre ta umiltasunez, bera ejenplu ederrakaz arimari zeru bidea erakusten, zeru bidean laguntzen. Asko jakiña izan ez arren, santutasunez gaiñezka.

Aita San Frantziskoren Irugarren Ordenako seme zintzo-zintzoa izan zan. Benetan maite izan eban bere aita San Frantzisko, penitentzi bidean jarraituz.

Aurten gizaldi bat ARS'ko abade santua il zala. Oraindik bere santutasun lurrunak ba-dirau, zerutik lurrera, lurretik zerura gizonen alde...

Jon Kepa


Uri kosmopolita? Mikrokosmos?

Zein ete litzake ezizenik egokiena itxasoan navegetan dabillen transatlantiko batentzat? Uri kosmopolita? Mikrokosmos? Biak egoki, baiña azkenengo au obeto, nire ustez, Gizona-ri ipiñi ez baeutsen lenagotik.

Ni, emen, batera ta bestera naroan MONTSERRAT onetan, Europa ta Amerika bitartean, biderdi inguru noala, onetariko pentsamentu batzueri leku emoten asi nintzan.

Bein ontzi bat, portu batean lokarriak askatuta, beste batera musturra zuzentzen dauanean, mundu txiker, baiña oso baten antza apur bat artzen dauala ezin leileke ukatu. Mundu osoa, ez emen barruan ezer falta ez dalako. Bai daukagunagaz kontentu izan bear dogulako.

Gure lur-bira onetan bizi gareanok ezin esan biar edo etzi gure umeak zer ikusteko dagozan. Baiña, oindiñokarren beintzat, ez daukagu modurik Igetargira edo Martera joateko emen falta diran gauzen billa. Daukagunagaz kontentu izateko, ez genduke aaztu bear San Frantzisko Saleskoaren esakunea:

Aimer peu des choses, et les almer peu.

Gauza gitxi gura izan, eta eurak-bere gitxi gura izan.

Beti be au kristiñautiago nire Bermeotartxu askoren eta Euskalduntxu batzuena baiño:

Dagoanean bombon, ez dagoanean egon.

Baiña au, filosofia merke au, itxi ta, MONTSERRAT-en barruan sartu gura zaituet artikulu onetan, emen zelako bizimodua daroagun ikusi daizuen.

Eta lenen lenen aipatu bear dana

Kapitana

Berau da emengo errege. Zerbait agindu bear danean, berbatxu bat, besterik ez, dauko. Bere agindua egin egin bear da. Menpean eztabaida bat sortzen danean, azkenengo berbea bere ezpanetan dago.

Ontzia, agaitik edo onegaitik, ezbear batean, galtzeko zorian jarriko balitz, salvetako itxaropen brintza bat dagoan artean, al dauan guztia egin bearko dau galdu ez daitean.

Emen barruan entzuna dot MONTSERRAT, bere 14 urteakin eta 9.000 tonelakaz, 200 milloi peseta baiño geiago balio dituala dirutan. Baiña ontzia ez da ontzia bakarrik. Emen tresna asko dagoz, eta, batez-bere, bizitza asko. Au-bere barruan esan deuste: Gentea larregi estutu barik, MONTSERRAT-en 800 bat lagun sartu leitekezala. Baiña zer dira munduka milloi guztiak arima baten aldean? Emendik atara zelako zerikusia dan kapitan batena ainbeste bizitza bere eskuetan dituala, guztien guraso bakarra bera bailitzan. Orregaitik, itxas legea da ezbear baten geiago ezinda, barkua bertan bera larga bear danean, besteak salvetan alegin guztia kapitanak egitea, ta beste guztiak salvau direala jakinda gero, orduan, lenago ez, salvauko dau bere burua.

Ain pixu astuna eroateko laguntzailleak bear eta ez gitxi. Ontziko jerarkian kapitanaren urrengo dator

Kapillaua

Beronen kontura dago Jainkoagazko, Eleizeagazko ta arimen onerako dan zerikusi guztia. Beronek artu bear ditu meza santua ze orduetan esan, sakramentuak zelan emon, kultu katolikuari yagokozan gora-beera guztietan ondo ibilteko asmoak. Bere programa egin bear dau, kapitanari erakusteko. Ta bein onek ontzat emon ezkero —eta emon bear deutso, beste bide oneko interes batzuren kontra ez danean— orduan bera da nagosi erleginoko gauza guztietan.

Ez dira gitxi ta txikiak kapillau batek Sede Santua-gandik —esatea lez, Aita Santuagandik— artuta daukozan eskubideak. Beste askoren artean, Domeka Jaiegunetan meza bi ta iru emotea, arimen onerako danean; batzu batzutan Bateoko ta Konfirmazinoko sakramentuak emoteko bere bai, azken orduetakoak zetan esan bez.

MONTSERRAT-en, alan bearrez, ez daukagu kapillarik. Alanda guztiz-bere saloi baten altara polit bat daukagu Karmengo Ama Virgineagaz, eta gauza guztiak polito egiten doguz. Gura dauanak badauko aukerea mezea entzun, konfesa ta komulga ta beste gauza guztiak ondo egiteko. Errosario santua ez dogu izten inoiz arratsaldeko lauretan.

Makinea

Ontzian parterik printzipalenetakoa da makiñea. Ikustekoa da, ez esatekoa, itxasontzi baten makiñea. Zelakoa sutegia, zelakoak vapore galdarak, eletrizidadearen dinamoak, eliza ta bere ardatza, ta beste txisme guztiak, bai kuberta ganekoak, bai azpikoak. Kontu egizue erri azitxu baten zeinbat makina bear direan gizonen bizitzea ondo eroaten laguntzeko. Janaria, argia, jantzi garbia, ur otza ta beroa... Ori ta geiago emen, uri kosmopolita onetan, mekanikaz egiten da. Eta orretarako bear dan indar guztiaren iturria makiñan dago. Esango deutsut, irakurle, barruan zenbat gizon dagozan makiñeari kargu egiteko. Lenengo makinista bat. Bigarren makinista bat. Irugarren bi. Mekanikuak lau. Eletrizistak lau. Grasa emoilleak iru. Sutegi yagoleak iru. Gasoil emoilleak bi. Iturri arduraduna bat. Paiñol arduraduna bat. Ikasleak bi. Oneek dira euren estudioak Marina eskoletan eginda, titulua artu baiño lenago pratikak egiten dabiltzanak. Guztira makinako langilleak ogetabost gizon. Tropikoetan eta uda partean 45-50 graduko beroaz lan egiten dabe. Neguan eta Europa aldetik 30 gradukoaz baiño beerago gitxitan. Eurena dala, diñoste, barruan bearrik gogorrena ta neketsuena.

Kuberta ganea

Nire mutil (bardingo) sasoian itxasontzi baten olakaz josiriko sala ganeari kuberta (kubertie) esaten eutsen Bermeon. Barku andi baten kuberta ganeko ofizialak eta beargiñak asko dira, ta bear-bere bai. Kubertan zubia da lenen aintxat artu bear dogun lekua. Axe da Mikrokosmos onen burua ta garuntegia. Antxe dago Uri kosmopolita onen zuzendaritza guztia. Zubiari yagoko lenen kapitana bera. Onen urrengo Lenengo Ofiziala deritxona, kapitanaren faltan ontziaren aginpide guztia artuko leukeana. Ganera beronen ardurea da barruko tripulante guztieri euren obligaziñoa bete eragitea. Zubiko beste ofizialen kontura dagoz lemea, kompasa, gonioa, radar, sextanteak eta ontzia artez eroateko bear diran tresna guztiak. Antxe jakiten dabe, gabaz zein egunez, Eguzkian ze ordu dan. Gabaz zein egunez jakiten dabe nun gagozan itxasoaren erdian, zerua ta ura besterik ikusten ez danean, zeinbat milla bide egin dogun, zeinbat daukaguzan egiteko, noiz elduko garean, eta metro bat ez orduerdi bat erratu barik eroaten gaitue arako edo onako portura.

Oneek lan guztiok ondo egiteko dagoz: Ofizialak lau, Ikasleak bi. Lemakoak sei, Kontramaixuak bi. Arotza bat. Bear aztunetarako ta garbitasunerako mariñelak ogei.

Kamarea

Zeinbat esan dogu? Seireun eta zortzireun sartzen dirala MONTSERRAT-en. Askotan ez nazino batekoak. Eta diranean, ez provintzia batekoak. Sasoi guztietakoak, izaten dira, ta mailla guztietakoak. Guztiak dauke osasun onean eta zori onean joateko deretxu bardiña. Onetarako dago barruan Kamara deritxon departamentua. Kamarako gentearena da pasaje guztia pozik eroateko ardurea. Emen, kapitanaren agindupean, guztien buru egiten dana da Lenengo Sobrekargua. Beste bi Sobrekargu dagoz: bigarrena ta irugarrena. Lenengo maiordomu baten menpeari bi, eurek zuzendari direala, ainbat eta ainbat beargin eta servitzari. Bear dan baimenagaz sartu gaitezan eskatzean. Emen dago nagosi bat: lenengo koziñerua, batzutan ingeles izenagaz Chief esaten deutsena. Bere urrengo datoz bigarrena ta irugarrena, amalaurarte. Ez da makala euren zeregiña, ainbeste lagunentzat egunean iru jatordu atondutea, ta ganorabako platerakaz gogaitu ez eragitea.

Eskatzari yagokoz ogitegia ta gozotegia bertarako bearginakaz.

Eta ontziaren parterik sakonen eta barrurengoan gambuza deritxon almazena, okela ta arrain, hortuari ta fruta edurretan, eta ardao ta edari, alkoholdun eta ainbako guztien gordelekua.

Edarien, kafearen eta baretako kargua daukenak bi dira printzipalak, baina oneek gauzok servietako dagozanak geiago dira.

Kamaran erroperia ez dogu aaztu bearko. Emen bearrik geiena makiñaz egiten da. Bear-bere bai, onelako ontzi baten oietan, maietan, lagunen soinetan egun batetik bestera ibilten diran milla modutako milla zapiakaz. Erroperian besteen buru egiten dan bat dago. Bere agindupean bost edo sei langille. Lanik fintxuenetarako plantxadora bat.

Ule ta bizar kentzaille bat daukagu gizonezkoentzat. Pelukera bat emakumeentzat.

Egurrezko lanetarako arotz bat. Pasajeruen gela ta barruko garbitasunerako 34 kamareru, 29 euren laguntzaille. Azkenik iru mutil errekaduak eta egiteko.

Osasun ardurea

Falta andia litzake onetariko leku baten osasunaren ardurarik eza. Bai tripulante ta bai pasajeruen osasuna zainduteko mediku bat daukagu, ta bere lagun pratikante bat, eta gaixo zain bi, bata gizonezkoa, bestea emakumea. Batzuk eta besteok ondo dakie euren lana egiten, eta euren tituluak ondo irabazita daukezala dirudi.

Euren egitekoa bear dan lez egiteko Radio X eder bat dago barruan, eta oi dalako kirofano bat, bear dan legez maia, panailla ta instrumental edo tresna guztiakaz ornidua.

Eta azkenik, farmazia aipatuko dogu osasuna zainduteko ta gaixoa obarantz ekarteko bearren diran sendagaiakaz.

Radio estaziñoa

Legorrean bearreko bada, naitanaiezkoa da itxasoan. Zeinbat ondamendi ezerestu, zeinbat esturasun baretu, zeinbat samintasun gozotu ete ditu sortu edo asmau zanik ona! Emen daukaguna egunaren 24 orduetan zabalik daukagu, mundu guztirako, iragarpenak artu ta bialtzeko. Estaziñoak iru telegrafista daukoz, yaseko langilleak. Eta iruren artean, launako txanda bitan zortzi ordu egiten dituez guardian, aparatuaren aurrean euren aurkian josita.

***

Itxasoan ezbear estu baten ontzia itxita bizia salvetako urten bear danean, kapillaua, radiotelegrafistea ta kapitana izango dira azkenengo salvau bearko direanak. Barruko telegrafista batek esaten eustan beinolatxu baten: — Azkenengo ordu larrian zer egin bear dan? Bota aidera sokorro eske azkenengo S. O. S. bat, beste iñondik ezin bada, ortixe, ventana biribil orretarik urten, salvabizi txalupara uger egin, jakin ezkero, «Jesukristo neure Jauna» erreza, (nik neure arloan: Jakin ezkero!) ta gero... itxaron...

Aingeru


Etxeko gora-beerak

Atzerrira joan barik be, etxean ditugu gauzak nun atondu. Ba-dira gurean be pregunta larri ta aldrebesak egiten dituen jende ugari. Nonork esan eban euskerak bat galtzen dauaneko erlijiñoak bi galtzen dituala; nik ez deutsut ez baiezkorik ez ezezkorik esango, baiña kaleak-zear ikusi dodan zeozer bai: erlejiñoa galtzen doiala, otzitzen, gure eleizak lenago beteak orain utsak aurkitzen dirala. Gaurko erriak lengoak baiño pekatu geiago? Ori be ez dakit; munduan gizona danetik, beti izan da pekatua, noiz geiago noiz gitxiago, baiña gaurko munduaren pekatu berezia auxe da, Aita Santuak ondo esan eban lez: pekatuaren konzientzia, pekatuaren zerikusia, galdu dau gure munduak! Ni ez natortxu gaur emen fedearen apolojetika egiten, ez; neuri egin deustezan pregunta batzueri erantzuten baiño.

— Zer ete da obeago semeak apaiz, praille edo moja joatea, ala etxean gelditzea?

— Ori ikusi egin bear!

— Zer obeago: semeak gizon ospetsu eta jakintsu eta agintari egitea ala ikazgin gelditzea? Zenbat eta gizon ospetsuago egin eta obeago?

— Jakiña, orixe!

— Eta lurgaiñean ete dago gero Jesukristoren apaiza baiño aundiagorik?

— Bai baiño...!

Zelan pentsauko ete dogu azkenengo egunean?

— Baiña apaiz txarrak be ba-dira...

— Zergaitik ez, ba? Gaiztoak be danetarikoak izan bear, onak lez.

— Eta apaiz txarrak ikusita be ondiño errespetoa izan bear deutsegue?

— Zure kamarako sagar umauen artean ustel batzuk aurkitzen badira, zer egiten dozu? Jakiña dago orixe! Ustelak kendu eta fiñak urre gorria lez gorde. Eta apaiz kontuan, zergaitik ez da orixe bera egin bear?...

Baiña kontuz be ibilli bear dogu, sarritan arrazoi barik epaitzen doguz gizonak. Begira zer jazo zan Bilbon ondiño aspaldi ez dala: Apaiz bat guztiz txarto ebillela-ta asi zan jendea. Eta ikusi be ikusi egin eben: arratsalde erdian neska gazte batekin bar batera joaten ei zan, gero beste leku txarragoetara ta... gauzak txarto. Obispo jaunak jakin ebanean alto emon bear yakola erabaki eban. Eta baita emon be. Polizi batzuk ekarri eutsezan bere aurrera apaiza ta neska. Zu nor zara? Eta apaiza, guzurrezko apaiz agertu zan. Etzan apaiza. Edozein kaleko gizon bat zan.

— Zergaitik egin ete eban gizon arek alako gauza txarra?

— Ori esan. Jakindako gauza da ori be. Protestanteak pagauta egiten ei eban, apaizeri izen ona kentzearren.

Gure artean apaiz gaiztoak aurkitzea ez da arritzekoa.

— Zenbat apaiz dagoz Euskalerrian?

— Ez dakit, baiña askotxo izan bear dabe.

— Eta zenbat gaizto tokauko lirake amabitik bat, Jesus'en Apostolu Santuen artean lez, Judas urtengo balitz?

— Ori be ez dakit baiña askotxo izan bearko...

— Eta, ete dira gero, orrenbeste apaiz gaizto gure artean?

— Ez da errez, ain txarrak izatea beintzat.

— Eta arritzeko gauza ete da apaiz gaizto batzuk gure artean emakumeekin eta diruakin eta... alako olako gauzak egitea? Begira, gizon, danok gara gizonak, zu eta ni eta apaiza, danok gara argalak: Apostoluen artean Judas bat izan bazan, arritzekoa al da gaurko egunean be Judas batzuk izatea? Mingarria da benetan, ori bai, baiña ez arritzekoa. Eta apaiz bat gaiztoa dala, oker bideetatik dabillela-ta, eurak be txarkeri asko egiten dituenak, ez uste izan Jaungoikoaren aurrean kastigu barik geldituko direala; apaizak bere neurrian izango dau bere kastigua ta ez txikia, baiña baita besteak be. Apaiz edo abade batengan ez daigun ikusi gizon pekataria, Jesukristoren ordezkoa baiño. Asis'ko Prantziskok esaten eban: "Ez dot nik abadeengan pekaturik ikusi nai, ez; mundu onetan Jaungoikoaren Gorputz ta Odola bakarrik ikusten dodaz, eta misterio orrek apaizak bakarrik artzen dabez euren eskuetan; begiratu daiguzan ba Jaungoiko altsuaren ministro batzuk lez".

Kontuan euki, azken egunean danori eskatuko deuskuez kontuak bai apaizeri baiña baita apaizagaitik txarto berba egin dabenari be.

Ona emen Garizumarako meditaziño txiki bat. Izan gaitezan benetako kristiñauak. Ez kritikau besteengan ikusten dogun gaiztakeria, geure gaiztakeriak zuzendu baiño; eta besteen bat oker bidean ikusten badogu, atzetik berba egiten ibilli barik, karidaderik aundienaz eta bakarrean berari oartu. Zigur egon orrelan egiten badogu Jaunaren borondatea betetan dogula.


Soñeku merkiak

Zuk, adiskide, irakurriko zenduan, bear bada, ainbeste entzute daukan "El Quijote de la Mancha" erderazko eleberria, eta gogoratuko zara "Sancho Pantzak" Barataria ugarteko Jaurlaria (Gobernadoria) zalarik, epaitu bear izan eban "Kapelaen epaya" ("EI Juicio de las caperuzas") eritxona.

Gure Tomas jostunak ezeban iñoiz Cervantes'en libururik irakurri (¡baita zera be!) baña alan da guzti bere...

"Agertu yakon astelen baten bere jostundegira (dendara) baserritar ezagun bat eta oyal (pañu) zati anditxu bat erakutsiaz, esan eutsan:

— Katalandar saltzalle bateri eurosi neutsan, aurtemin, geure basetxe etartian, pañu auxe eta soñeko, traje oso bat, beronegaz egingo zeunskidaz?

Tomas'ek oyalari destañez, begiratu eta erantzun eutsan:

— Traje bat?... Bai bi bere.

— Bi bere bai?...

— Bai, gizona bai. Baita iru bere. (Zelakoak esan bear).

— Iru traje?... (Bizi nazan arteko jantsi apaña ba'yaukoat, orduan. Eta zortzi ogerleko ta erdi baño etxuat pañu guztia ordainduta, merketxuak, gañera).

Da... noizko nai dozak ba, jantsiok?

— Ba... Domusanturu eguna bere ganian dogu-ta, ordukoxe-edo... bat beintzat.

— Ondo yagok. Aurreko astelenian etorri adi... eta gertu eukiko dozak.

Eta neurririk artzen da barriketan eta kopletan ibilli barik, atan geratu zirean.

Eldu zan, Urriko azkenengo astelena eta or arratsaldeko bostak inguruan (guztia esan bear da) polito jan-edan da, musturrian txokor erdi-amaitu bat ekarrela... agertu zan gure adiskidea.

— Arratsalde on, lagun zarra. Trajiok josita daukazuz, ala?

— Bai ara: or daukazak, aulki ganian, bear dan leges tolestu eta "plantxauta".

Aurreratu zan baserritarra ikus-miñez eta arritu lenengo, asarratu gero ta didar egin eban:

— Baña... zelako jantsiak josi daustazuz? ¡¿Txiki, ezerrezak...?! Orreek neure zazpi urteko seme txikerrenak bere, eztaukaz ondo-ta? ¡Zital madarikatu orrek telia alperrik galdu dauztazu...!

— Zarata gitxi txotxo, zarata gitxi emen, eta ez larregi berotu, bestiok bere, zanetan, odola yaroaguk-eta... Zer uste uan bada, kirten andi orrek, iru kana pañugaz, kapa ta guztiko eskontza-jantsia eroango eukala...? Artuxak jantsiok, nai ba'dok... Bestela berton laga, bezeroai muestratzat erakusteko balioko yuet-eta...

Eta pozik joan akik, neure aloger ez ganerakorik eztuet eskatzen da..."

Eta mor-morka eta betillun aldendu zan, berekutan esaten ebala: "Dindiño berorrek eukiko yok zer-esan geyago... sapo, zital, txatxu orrek...!".

BELU - Gernika


Lourdes'ko barriak

Igaro da Lourdes'ko Urte Santua. Baiña beti izaten yakuz atsegingarri estadistikatxoen batzuk. Orregaitik natortxu gaur, labur baiño ezpada be.

Bi alderdi ikusi bear yakoz Lourdes'ko Urteari: alde batetik gure begiak an ikusi dituen jai eder, jendetza ikusgarriak, agintari aundiak ta abar; beste aldetik, barriz, Ama Birjiñak an aurten ixuri dituan graziak, an egiten diran mirariak, animak sentitzen daben onbidea. Bigarren alderdi au ez da lurreko begiakin ikustekoa ta Ama Birjiñak bakarrik jakingo dau bear bada. Emen gure begiak Lourdes'en aurten ikusi dituen edergailluak bakarrik jarriko doguz.

***

Aurten 1.044 tren espezial joan dira Lourdes'era erromesakin. (Igaz: 485 bakarrik. 1954'an Ama Birjiñaren Urtea izan arren: 684).

Tren orretan 700.000 erromes eroan dabez Lourdes'era; Frantzikoak: 450.000; beste alderdietakoak: 250.000. Orren gaiñera, eguneroko trenak: milloi ta erdi (1.500.000) erromes itxi dabez Lourdes'ko estaziñoan.

3.846 aeroplano eldu dira Lourdes'ko Ossun'era eta 123.835 erromes ekarri dabez.

Agostuaren amarrean bakarrik 48.000 automobil txiki eldu ziran. Uste danez, ia bi milloi lagun joan dira Lourdes'era aurten bere automobilletan.

Ogei ta amar milla (30.000) automobil aundi joan dira eta 1.200.000 lagun eroan dabez. Automobil orretatik sei milla Españakoak izan dira.

Guztira, aurten Lourdes'era joan izan diran erromesak 4.900.000, ia bost milloi izan dirala uste da.

***

2.961 mediku igaro dira mirariak izan diran edo ez ikusten dan tokitik.

49.500 gaixo sartu dira ur santuetan. 32 osatze miragarri ikasten asiak dagoz aur jaso direanetatik.

25 kardenal eta 809 arzobispo ta obispo izan dira.

Iru milloi ta zortzireun Jaunartze izan dira (3.800.000). 153.000 meza emon dira santutegietan.

Egiz esan geinke mundu guztiak entzun izan dabela Ama Birjiñak urte onetan egin deuskun deia.


Or, an, emen

* Urtero-urtero negu aurrean, sekulako otsa ataraten dabe mundu guztian NOBEL sariak. Aurten bertan be zaparrada ugari ibilli dabe literaturako NOBEL saria dala-ta. Errusitar bateri emon, ba, Boris Pasternak dalako orreri! Eta au ez izan antza Krutxov jauntxo orren gustokoa-ta, lenengo baiezkoa emon ondoren, gero ezezkoa emon eragin dautsoe Boris gizajoari. Olakorik orraitiño...! Bein irabaziko eta berean ukatu.

***

* Munduko alde guztietan berba egin da aurtengo Gabonetan Aita Santuak egin dituan gauzak direala-ta. Gabon egunean bertan, goizetik, Ospital bateko umetxoari egin eutsen bisitatxoa: Oge batetik bestera ibilli zan, aita bat bere semetxoekin lez. — Eta zuk zelan dozu izena? preguntau ei eutson umetxo gaixo aretako batek, bere etxeko bat balitz lez. Eta, patxadan, baita itz onez erantzun be Aita Santuak umetxoari: — Jaio nintzanean Angel izena jarri eusten; gero soldadutzan Jose deitzen eusten; orain barriz Juan. Baiña danak etxe batekoen izenak dira. (Pamili Santukoarenak, izan be: zerutik jatxi zan Aingerua, Jose aitaordekoa eta Juan Bataiatzaillea).

Beste egun batean, barriz beste Ospital batera be joan zan: gizon eta emakume gaixoak ikustera eta berbalditxo batzuk eurakin egitera. An be berba ederrik esan ei eban. — Aita Santua naiz eta zu ikustera etorri natxatzu, esan ei eutson lenengo ikusi eban irurogeta amaika urteko Aurelio Massini'ri. Eta zaartxo gizajoak, guztiz biotz-bigunduta, eskuan munemon eta negar egiñaz auxe bakarrik erantzun al izan ei eban: — Eskerrik asko!

Urrengo kartzela bateko presoari egin eutsen bisita Aita Santuak. Preso aretako batek olan berba egin eban: — Gaurkoa lako egunik ez dot neure bizitzan izan! Aita onaren berbak onelako mirariak egiten ditu.

***

* Errusia ta Ipar-Amerika batasunerantz? Asko ez dala Amerika zear ibilli yaku Errusiko Mikoyan jauna, irribarre naiko zabalduz. Orain Inglaterrako ministroa ei doa Errusirantz. Baiña ondiño miresgarriagoa da beste au, Krutxov jaunak esan dauanez, Eisenhower bera joango ei da Errusiara. Arrera ona egingo ei dautse. Batek ba-daki errusitar orren maskarak zer diñoan. Egiz ete dabiz, gero?

***

* Len esan dogunez literaturako NOBEL saria Boris Pasternak'eri emon dautse.

Baiña ba-da beste sari bat be: bakearen NOBEL saria, eta au Aita Pire Dominikotarrari emon dautse. Ori irabazteko praille orrek zer egin dauan? Ez dau, ez, metrailla eta suzko gerraterik gelditu-erain, ori ez. Baiña azken gerrate aundiaren ostean nundik-nora bage gelditu ziran naigabetueri poza ta etxe baten bero ta estalpea eskeiñi, ori bai egin dau. Eta ez da gitxi.

***

* Egipto. Nasser jaunak lorito bat ei dauko "Gora Nasser" beti esaten deutsona.

***

* Japon'go Eleiza. Sarri izaten gara estadistikak jakin naian, ona bat Japon'go Eleizea dala-ta. Japongo kristauak 254.114 dira. 1957'tik onantza, 18.751 izan dira bataiatu direanak; zaarrak 9.952 eta 6.360 ume, eta eriotz orduan 2.439. Katekumenuak edo kristau izateko ikasten dagozanak, 17.675. Japon bertako apaizak 359, seminaristak, txiki ta aundi: 476. Kanpoko apaizak edo misioneruak: 1.208; bertako monjak: 3.047; eta aspiranteak: 1.942. Kanpotarrak 1.063. Esan daikegu, lan, egin daitekela Japon'en be, eta lanik beiñena bertako apaizak ugaritzea dala. Otoi egin dagigun Japon'go Eleizeagaitik. Kristoren dotriñea sartu dedilla lenbaitlen Japon'go ainbeste semeengan. Izan be gaurko kristiñauak gitxi dira; Japon'ek 90.000,000'tik gora bizi-lagun ditu eta kristauak 254.114 bakarrik. Otoi egin dagigun ba, Japondarrak be gure anaiak dira-ta.