ANAITASUNA
VI URTEA - N.º 57
Suplemento de la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Zezeilla (2) 1959
Tximistea baiño ariñago zabaldu da bombea: Konzilio orokar bat atondu gura ei dau Aita Santuak. Eta Konzilio onek alegiñak egingo ditu protestante eta zismatiko guztiak egiazko Eleizara ekarten. Au izan da kristiñau guztion biotzetan poz-ikarea ta itxaropena sartu daben barri aundia.
Izan be, kristiñauak, zatituta egotea, eta alkarregaz burrukan ganera, ori da gauzarik negargarriena. Eta eskandalorik gogorrena be bai, kristiñau eztireanentzat. Mixiolariek ba-dakie ondo gauza onen barri. Mixiolari katolikoaren ondoan ba-dabil ia beti Mixiolari protestantea; biak ari dira lanean, beste erlejiñoetakoak konbertidu gurarik; baiña protestanteak eztau kristiñautasuna katolikuaren moduan aituten; eta fedebakoak, ori ikusten dabenean, askotan zer egiten dau? "Ez bat eta ez beste —diño berak—. Konpondu zaiteze lenengo zeuen artean, eta gero etorri gu konbertidutera. Kristoren izenean zatozenok, zeuen artean batasunik ezpadozue, eta batek gauza bat eta besteak beste bat erakusten badau, nik neure burua ezon neio emon zuen erlejiñoari". Orrelako berba samiñak bein baiño geiagotan entzun bear izan dituez gure Mixiolariak. Orregaitik ze mesede eta ondasuna izango litzakean, eskandalo onekin bein betiko amaituko balitz! Egia da Kristoren Eleizean beti izan eta izango dala batasuna. Katolikuak beti daki zeatz eta segurantza guztiarekin zer siñistu bear dan, eta Kristoren izenean erakusteko eta aginduteko eskubideak noren eskuetan dagozan. Egia da batasunetik kanpo dagozanak, egiazko Eleizatik kanpo dagozala, artaldetik urrun dagoan ardi galdua legez; baiña olan dagozanak ain asko izanik, ze gatx egiten yaken beste erlejiñoetakoeri egiazko Eleiza bakarra ezagututea!
Kristiñau guztien batasuna lortuko balitz, a ze zoriona! Gatxa izango da. Aspalditik datozan gorrotoak eta zauriak, gogortu egiten dira. Lei gogortua, barriz, ezta errez urtuten. Baiña Espiritu Santuak ba-dau indarra ori egiteko, eta bai geiago be. Eskatu daigun gure arimako gar bizi-biziarekin batasunaren alde. Jaungoikoagandik, geure otoitz eta sakrifizio bitartez, jaditxi bear dan gauzea da.
Batasunaren ardura au ezta atzo goizekoa. Eta esango neuke ganera, geure artean baiño biziagoa azaldu dala batasun-min ori kanpoko gure anaien artean: protestanteen artean esan gura dot. Euren artean sortu zan beintzat Ekumenismuaren abiada andi ori, eta batzar ospetsuak egin izan dituez Kristiñau guztien Alkartasun edo olako zerbait lortutearren. Batzar oneitatik andienetako bat Amsterdam-en batu zan, 1948'garren urtean. Eta antxe sortu zan Eleizen Batzorde Nagusia. Mister W. Vissert Hooft jauna da Batzorde orren Sekretarioa. Aztu eziñekoak dira jaun onek orduan esan zituen berbak. Berba oneik ezin irakurri leitekez begi legorrez: "Gure izena bera da naiko zer garean esateko. ELEIZEN Batzarra gara eta ez ELEIZEAREN Batzarra. Gure izen orrek salatu egiten gaituz. Berak adierazoten dau geure ondoeza eta lotsagarria. Kristoren Eleizeak bat eta bakarra izan bear dau lurbira osoan, eta Eleiza asko egotea ondo ezgabizelako ezaugarria da. Baiña denpora berean, izen orregaz adierazo gura dogu gatx ori sentietan dogula, eta besoak tolestuta egon bearrean, lan egiteko gogoa daukogula. Eleiza bakar orretara elduteko, zerbait egin gurarik gabizela".
Irakurle, itz oneik protestante batenak dituzuz. Gauza ederragorik esan al leiteke? Sostorrak izango dira, bai, batasunerako bidean. Gizon kementsuenak eta bioztunenak atzeratuteko beste bai. Baiña eztogu aztu bear: gizonak ezin daikena Espiritu Santuak egin daike. Eta Eleizea, Espiritu Santuak darabil.
Villasante
Emen natortxue, irakurleak, ain nabarmen agertzen yakun mogimentu au dala-ta zeozer esateko asmotan.
1957'ko Urriaren 4'an Rusiak euren lenengo igetargi-kumea zerura bialdu eben. Jakitun guztientzako egunik aundienetakoa izan zan auxe. Orduantxe erakutsi euskun gizonak bere eskuz zenbat egin daikean; eta goiko mundu zoragarri orregaz jabetzeko bearrezko eban pausua emon be emon eban.
Eta izan be gero, gizonaren buruak iñoiz igetargira joan etorrietan ames egin baeikean, gaur bai egin daikeala.
Gure jakintsuon asmo onek aurrera eroateko aurrez-aurre jarriko yakezan marapillo danak, askatzen errezak izango ete dabez?
Gizonak beti izan dau kili-kili, bizi dan abi goxo onetatik urtetako. Antxiñako Greziakoen artean be ba-zan asmo ori. Euren mitolojian agertzen diran Dedalo ta Ikaro'k orixe erakusten deuskue. Eta aldi guztietako literaturan be, beti agertu yakuz gizon eta liburu ameslariak.
Aldi aretan mundu au txiki iruditzen bayaken, zer esanik be ez gaurko egunean, lur au ain beteta eta gizonaren teknika ain aurreratuta ikusten dogu-ta. Ez da ba mirestekoa gaurko gizonak egin dituan aurrerapenakin bere txokotik urtetea ames izatea; amesetan geratzea izango da txarra! Teleskopio edo tramankulu aundi orren bitartez goialdeak aztertu eta araketea gitxi iruditzen yako gaurko gizonari. Joan be bertara joan gura dau. Ori dala-ta sortu dira koete ta igetargi-kume orrek. Sistema barri oneri "Astronautika" izenez deitzen dautse.
Ez deutsudaz nik gaur emen jarriko "Astronautika" edo dalako jakintza oneri laguntza emon dautsen erririk ezta jakintza au dala-ta egin diran lanak be. Beste batean izango dogu orretarako denpora.
Eta... iñoiz egingo dala uste ete dabe igetargira joan etorria?
Pelteric jakintsuak, egin direan aurrerapenak ikusita, ondiño urrun dagola uste dau. Beste batzuk 1980'garren urterako gizona igetargian izango dala diñoe. Eta irugarrenak gizaldi onen azkenerako jartzen dabe egun gogoangarri ori. Baiña jakintsu guztiak, lan gatxa ta gogorra ikusten dabela diñoe, amaika buru auste emongo dautsen bierra. Arrisku aundiak salbau bearko dabez: Emendik joan eta igetargira geldiro geldiro jatxitzea, gero andik onantza etortzen astea, lurreko atmosferakin txoke egitean aparatuak surik ez artzea, aizerik eza eta bizi eziña t.a. Eta nor joango? Kondiziño onek euki bear dauz ara joango danak (lenengo joango danak); 28 urtetik 35'erakoa, injenieru, izar-kontu, osalaritzan eta abar, maixu diranak. Marapillo gogorrak askatu bear. Eta osasunari begiratuz, millatik 5 bakarrik ei dagoz joan leikezanak.
Ipar-Ameriketako Aide-Indarrak programa jakingarri bat egin dabe: Urte onen azkenerako, koete bat gizonekin irureun kilometrora bialtzea. Ori ondo urtengo baleu, beste pausu aundienetako bat emongo litzake Astronautika kontuan.
Sarritan irakurri-edo egin ei dogu pregunta au: Igetargira joango diranak jaio ete dira? Azken egunetako gertaerak ikusiaz, baietz diñoe batzuk. Izan daitekena da, baiña orrela izateko ondiño zer egin aundia dago.
Askok ia kontu onekin aspertuta-edo, barriketa-ontzi batzuk baiño ez direala diñoe, onelako barriak sabaltzen dabezan orrek.
Entzun zer diñoan mogimendu guzti onen zuzendariak: "Guzurra dirudi diran aurrerapenakin, ain argi agertzen yakun Astronautika mogimendu au ames bat besterik ez dala uste izatea. Orrek, egaz dabizen platilloetan edo Marte'tik eta beste izarretatik datozen orretan siñistuko dabe; baiña benetako izarrizti edo Astronautika onekin ez dabe ezer jakin gura. Jakin daiela ez dala ameslari eta nobelisten kontua, jakintza guztia, teknika eta injenieria baiño, jakintsu aundienak buru ditualarik. Gure kementasun eta adorea, burubageko gaztediaren ondorengoa dala uste dabe batzuk. Egia esan, lan onetan ari diran asko, urteetan ondo sartuak dira. Taju onetako zorakeri eta zozokeriakin naiko dogu"!
Azkenean, auxe diñotsut, irakurle: esandako dana urtetik urtera aldatu daitekela. Eginkizun edo lan onetan ari direanak asko dira. Zer-edo-zer aurkitu dabela-ta, len izandako usteak lurrera datoz, bide barrien bat topau dabelako edo dudak argitu direalako.
YAKIN errebistatik bizkaieraz atondua
Kepa
Rusia ta Norteamerika
Alkarreri zaunka ta zaunka ari diran txakur andi bi. Batak au egin, besteak beingoan erantzun. Onek marka au jarri dauala, ezta denpora asko pasauko besteak marka ori txikitu ta beste andiago bat jarteko. Olan dabiz azkenengo urte onetan. Noiz geratuko? Ez da erreza esaten. Gauza arrigarriak eta orain arte siñistu be ezin eikezanak ikusten ari gara, eta ez dakigu emendik. aurrera zer ikusi bear ete dogun. Ez dot uste ezerk arrituko gaituanik. Gauzarik gatxena jazo dala esaten badeuskue be, siñistu egin bearko dogu. Alako aurrerapenak ikusten gagoz aspaldi ontan! Norteamerikak koete bat Igetargiaren bide-erdiraiño bota ebala-ta marka guztiak apurtu ebazala? Bai, baiña andik gitxira or doa Rusiatik beste koete bat Igetargia alboan itxita gora ta gora Eguzki berberaren satelite barri izateraiño. Lenengoa jazo zanean periodiku askok Norteamerikak Rusia bein da betiko apurtu ebala esaten eben. Orain, barriz, sudur-punta nora begira jarri ez dakiela gelditu dira... Ta alako batean Igetargiari azkon-punta (fletxa) zorrotz bat sartuko deutse. Amandre orrek orain arte barre apur bat egin dau, albotik joan yakon koeteari kiñu egiñaz, baiña ez da denpora luze joango bertaraiño eldu baiño lenago. Nor lenengo? Or dabiz, or dabiz ekiñalean batak eta besteak. Bienbitartean, Mikoyan jauna bere bibote ta guzti Norteamerikan zear ibillia da batera ta bestera. Ondoetorri badaezpadakoa egin deutse: andia periodiku eta bertako jauntxoek, gogorra beste batzuk. Dana dala, gura dauana ikusi dau, amaika lekutan sartu da, naiko irribarre zabaldu dau, baiña... azkenean baita benenoa sartu be! Ez deutse, ba, Norteamerikakoeri arpegira bereak eta bi jaurti? Gogorrak dira ruso onek! Irribarrea ta samiña alkarren ondoan daukoez, antza daukonez. Baiña alan da guztiz be Sortaldeko ta Sartaldekoen artean artu-emon barri batzuk ba-datozela dirudi. Onerako al dira!
Kubako goraberak
Lentxoago be Kubako gertaeratzaz berba egin dogu. Eta Kuba gure begi-ñiñietan eta gure biotz-erdian daroagula be jakin erain dogu nunun. Bai orixe! Euskal prantziskotarrok Kubako gerratearen barriak jakiteko urduri egon gara illabete onetan. Eundik gora anai praille doguz bertan lan egiten. Seireun gara danok. Eta seireundik eun Kuban dagoz. Ez da marka txarra! Ta gure praillerik geienak Fidel Castro buruzagiaren alde zirala be jakinda gengozan (askatasun-zale izan beti euskalduna!). Baita gureetako bat —ondo ezaguna ta laguna bera!— Castro'ren soldaduen kapellau egoala be azkenengo illetebe onetan. Eta besteren batzuk be joateko. Orregaitik eta ziranak ziralako gaiñera, Kubako goraberak gureak genduzan. Orain urtebete txarto ebillen Castro, bai jausiko ez jausiko. Gogor egin eutsen Batista presidente zanaren soldaduak. Eta galtzeko itxurea eukoen "Sierra Maestra" deritxon basoan sartu ziranak. Baiña ba-zan orduan be mendi eta baso ori iñola be artu ezin dala esan ebana. Ta... onek igarri! Nork esan orain bost edo sei illabete...
Barriak poztu egin gaitu, zergaitik ez esan. Fidel Castro ta bere ingurukoak estuegiak direala? Ori gerokoak esango. Eroien asmoa zuzena zala uste genduan eta besterik ez. Ez al egozan euren alde, prantziskotarrak ez ezik, Ekintza Katoliko gazterik geienak be? Santiago'ko Arzobispoak berak be ez al ebazan bigun artu eta eliz-laguntza emon? Zertarako orduan soiñekoa urratu?... Baiña, gertatu be, gogorrak gertatzen ari dira. Sartu ziran iñundiko osperik aundienaz bai Urrutia presidente barria, bai Fidel Castro bera be Habana'n. Eta gero gerokoak. Gogorrean asi dira nunbait. Eta zelan! Arerioak pilloan ilten. Anai odola errioka ixuriaz. Itxuraz, legez egin gura dabe dana, baiña lege gogorregiak ez ete dira jartzen ari? Zuzentasuna gauza bat da ta bere alde jartzea eta egitea ondo dago. Baiña bengantza beste gauza bat da, okerragoa eta iñola be ezin onartu leikeana. Anai-gerrate batean gauza baltzak eta motzak pasatzen direana lendik be ba-dakigu —ondotxo jakin be!—, baiña ez litzake aztu bear ogeigarren gizaldian gagozala eta ez dirala alperrik igaro Kristo jaio zanetik ogei gizaldi. Aituko al dabe Kubako nagusiak euren erriaren onerako gauzak zuzen eroaten? Jaungoikoak lagundu deioela.
Ipar-Amerika'n urtendako liburu batetik artuta dago. T. J. Cawley da egizko egillea. Baiña egille irudituak, nortzuk ete dira? Bata ez dogu sekula ezagutuko, bestea be ez, emen agertzen dana beintzat, baiña bide erdian aurkitu daikegun bat da. Euskaldun amaren bat? Baleiteke, bai...
(KARMEL errebistatik artu dogu ANAITASUNArako).
Seme laztana:
Barruan ba-dot kezka apur bat, eta auxegaitik idazten deutsugu, zure kontra ezertxo be ez daukogula jakin daizun. Maite zaitugu, ta ez gitxi baña arrazoiz maite zaitugu. Ta, ain zuzen be, orrexegaitik etzara jaio.
Jaio baziña, oso estu ibilliko gintzazan gu. Zure jantziak etziran izango onen apaiñak eta etxetxo pobre batean bizi bear! Ikastetxera be ezingo ziñan joan; eta, gaur gauzak txarto dagozan ezkero, zure anai-arrebatxoak be etxean egon bearko. Ba-dakizu, zuk gastau izango zenduanaz oneen ikasketak ordaintzen doguz.
Zure aita ta ni be ardura ta istilluz josita bizi izan oi gintzazan. Ezingo genduan, ez aukeran bizi, ez ziñe ta olako lekuetara joan, ez jolasetara, ez udaldian itxasaldera, ez iñora urten; eta au mingarri yaku. Zuk ez dozu olakorik nai, ezta alan? Konturatzen zara, bai, ta zu, gu zuregaz baizen, maitekor zaitugu; egin doguna zure onez bakarrik egin dogu.
Zoritxarrez ba-dira gurasorik asko euren seme alabak maite ez dabezanak. Mundura ekarri oi dabez subazter on bat aurretik preparau barik, soiñeko dotore barik, azibide egoki bat emoteko diru barik, au da, umetxoaren bizitza onen atsegintsu egin daroen gauza guzti oneek barik. Guraso orreek bai ardurabako ta biotz gogor! Zuk ezin daikezu, ene seme, irudi egin, ezta urrik emon be. Nik beti esan dot; "Azi ezin leiken baiño seme-alaba geiagorik, ez da euki bear"! Gaiztokeri errukaitza dala deritxot, bizi izateko juxtu-juxtu bear dabena bakarrik emotea. Zer-edo-zer geiago emon bear yako umetxoari. Zoriontsu izateko bear dituan obari ta alderdi on guzti orreek be bai.
Lengo batean, ene laguna ta biok genbiltzan, ara ta ona auzo apal batean. Arrazoiz asarratu zan bera, umeak jarraian lez, bata bestien atzetik daukiezan andra memelatxoen kontra. Ori biotzik ez eukitea da. Ez-eukia baiño gauza izugarriagorik ez dago munduan; samingarri niretzat, ume pobre bat ikustea. Benetan ez dakit, zer esan.
Dakizunez, emakumeok aul, indarge ta mugatuak gara. Ume asko euki ezkero, batzuk nai-ta-ez jaiotzen dira, edo adimenez edo gorputzez erkin, iñozo ta erdi-egiñak. Ez zinduguzan ezetara be arrisku orretan sartu nai. Gorputzez nai adimenez txepel ikusteak pena aundiaz beteko ginduzan, zigur-zigur. Beste aldetik ostera lotsaz gorrituko nintzake neure seme bat txarto jantzita banekus, batez be ganora barik eta dagokion azibide baga.
Or guztia esanda, ene seme. Zuri dautsugun maitasunak eraginda etzara jaio. Konturatuko zara; bai, ezta?
Ama
Aita eta ama laztan:
Irrikoi deritxat aita eta ama deitzea, egiz ta benetan etzarie-ta. Bear bada, adiskideak deitzea, obe... Baiña onetaraxe ezin deitu neizue. Etzarie nire guraso, baiña izan zeintekezen. Eta izango ziñeen ni baiño beiñago beste gauza asko tarteratu ezpalira.
Arakatu dot gure etxea. Bai ta bertako zer guztietan begia ezarri be, leia bizitan. Zenbat gauza eder! Biotza zorakortzen dabenak asko ta asko. Orregaitik ez naz ni jaio! Otz-ikara larriak artu nau, ori burura ekartean. Uskeri mordo oneek galazo dauste bizitz-argi zuria. Ta au beti-betiko. Ziñez diñotzuet: Lurreko gauza txiki ta txepelok, nik jaiota baiño, poz-bide aundi ta geiago ekarriko al deutsuez. Or nik zer opa.
Alan be, min dot biotzean, min bizia arantza zorrotzak ozka eginda lez. Ezta eder izan be, gauza uts eta igarkorrakaz alderatuta, norbere burua bigarren maillan ikustea. Ez yat ez niri be atsegingarri, etxe polit bat edo jolas bat ni baiño baliotsu ta beiñagotzat daukiela jakitea. Baiña orrela gura izan zenduen. Eutsi-eziñak giñan orrek gauzok eta ni. Ta kendu ninduzuen erreskadatik... eta ezin nik, zuen erruz, zueri mosurik emon, ez aita ta ama izen goxoz deitu. Al neinkeana, ezin dot, zuen erruz eta eroso bizi naiz.
Zuok, ba-dakit, beste ikus-mailla batetik begiratzen dozue auzi au. Esan deustazue. Bizia ukatuaz, zeuon maitasun estali-eziña darakustazue. Ta zer egingo? Nik bestetara pentsetan dot. Ez uste zueri erakustera natortxuenik. Baiña atsegiñik ederra ukatu deustazue: zuekin batera bizi izan. Ez dau ezerk balio bizitzeak aiña. Beste gauza guztiak, onen ondoan, txepelkeri besterik ez dira. Zuen auzoko ta adiskideen bixtan onak zarie; ta pozgarri yat au; baiña bear bada, etzarie ondiñokarren konturatu niri aldiko bizitza ukatzean, betikoa be ukatu daustazuela. Ta au, damurik, eneganako maitasunez egiña!
Bai, neure onagaitik, diñozue, ez nintzan jaio. Ezin ni txiro ta baldan ikusi. Esker ona erakutsi nai neuskizue, baiña ezin dot. Begira munduan dan umerik ez-eukiena, pobreena; ez dauka etxerik, ez gurasorik, ez etorkizunik; ez dauka ezer; trakets, erdi billosik dabil. Beartsuen artean beartsuena, antza. Baiña nire alboan milloi askoduna da. Itxaropenez zeruaren jabe da, ta egunen batean an bizi izango. Egia, zuentzako, gaur bizi zarienentzako nai-ta-ezko diran gauza asko falta vakoz. Baiña bizi da! Ni, ostera, bizi be ez...!
Gorputz eta adimen osasuntsuz be zeozer aitatzen zenduen zeuon eskutitzean. Oso arrigarri yat ori: nik ez daukot gorputzik gaixotu daikedanik, ez adimenik eraldatzeko. Egiaz diñot, gurago neukez euki, bizi izatearren bakar bakarrik, zeuek diñostazuezan arrisku ta neke guztiok eroan bear izanik be. Zoriontsu dira beartsuak soiñez erkin eta adimenez aulak; bizi naiago beti be!
Bein edo bein, zerura bazoaze, aituko dozue diñotzuedana. Topau an nonor, lurrean 75 urtez estu ta larri bizi izan zana. Itandu 500 edo 1.000 urte zoriontsu igaro ondoren, jaio izanaz pozik ezbadago. Itandu itsu bateri, elbarritu bateri, ergel nai zozo bateri, urteak direala edo miñutu batzuk baiño zeruan ez daroazanari. Itandu zer naiago eban: zuen maitasunak niri ezarritako epaia, ala bizitzan eroan bear izan ebazan nekelorrak.
Bai eder orain, "agur, ba-noa" zueri esatea. Baiña ezin. Ez noa, ba, iñora be, iñun ez nago-ta. Ez naz. Teoloji gauzarik ez dakit, baiña ez nintzake arrituko, egunen batean bear bada Jaungoikoak nitzaz itanduko baleutsue bai ta zeuek eukitea Berak erabagita eukan beste umetxoetzaz be. Argi ta garbi dirautsuet, Arentzat niretzako baiño arrazoi sendoagoak euki bearko dozuezala.
Maite izan zeintekeezen nonork, agur diñotsue.
Zuen seme izan zeikeanak
Inglaterran, asteko 1500 katoliku barri
Guztiok dakigu: Inglaterra'k katoliku baiño protestante geiago daukozana. Au, besterik bage, esatea ostera, ez litzake egi erdia baiño.
Gogoratu daigun Inglaterra'n amaseigarren gizaldian jazo zana. Enrike zortzigarrena, Ana Bolena eritxan emakume bategaz zoratu zan, eta Aragoi'ko Katalin'agaz eukozan ezkontz-lokarriak ausi eiozala eskatu eutson Aita Santuari. Onek ezezkoa emon eutsonean, asarraturik, Erroma'ko aginpetik iges egin eban; eta Inglaterra'ko Eleizearen buru egin zan. Ordutik onera Inglaterra'n anglikanoak dira geienak.
Baiña katolikoak etziran iñoz danak galdu. Aurrego gizaldian, Irlandar diputadu batzuen bidez batez be (O'Connell...), libertadea lortu ebenetik, apurka-apurka geitzen doaz beti. Gero ta geiago dira, ba, Inglaterra'ko katolikuak.
Entzute aundikoa dogu "OXFORD'EKO MOGIMENDUA" deritxona. Oxford uri ospetsuan jaio zan Mogimendu au eta bere guraria Erromarra biurtzea da. Joera onetakoak doguz Newman, Manning eta abar, Anglikanismua itxi ta Kardenal izatera eldu zireanak.
Erroma'rako joera onek ba-dauko gaur berton be indarra ta ez gitxi euki be; urtero datoz anglikanu asko Erroma'ko Eleiza katolikora.
Inglaterra'ko Anglikanismuak bi jokabide daukoz: Beeko ta Goiko Eleizak deritxoguenak. Goiko Eleiza onetakoak dira, batez be, Erroma'ra etorri gura dabenak, eta artu be oso ondo artu dabe Aita Santuak Batzar Ekumeniko baterako egin dauan deia: Batzar onetara etorteko prest dagozala esan dabe.
Numeroak esan daikegue edertoen Inglaterra'ko katolizismua zelan dabillen. 1945'an milloira eldu zirean katolikuak eta gaur 4.500.000 (lau milloi ta erdi) dira. Onek esan gura dau, asteko 1.500 (milla ta bosteun) geiagotzen direala Inglaterra'ko katolikuak. Baña dato oneek ez dira oraindiño seguruak, baleiteke geiago izatea be.
Inglaterra'ko "SUNDAY EXPRESS" asterokoak diñoanez, urte gitxi barru katolikoak izango dira geienak, onela geitzen badoaz beintzat.
Eta katolikoak ez dagoz Inglaterra'n eskuak batuta, kurtzetuta, ez; lan egiten dabe. Periodiku, eskola, eleiza-barri ta onelako asko daukoez. Parlamentuan be ba-dagoz katolikoak; Goikoak 40 lord ba-dira eta Beekoan 22 diputadu (10 konserbadore eta 12 laborista), eta Gobernuan be bai ministro bat.
Otoitz egin daigun guztiok Inglaterra'n agertu dan udaberri itxaropentsu au loratan bakarrik ez-baiña, frutu eldua, umaua, izatera iritxi daitean, Clifton'go Gotzai Jaunak iñoana bete daitean: "Gure ametsa, Inglaterra osoa katoliko egitea da, ta ezin daikegu atsedenik artu au lortu arte".
Iturriotz'tar Joseba
Gogoa (arima) bai dogu... [Bertsoak]
Gizon bateri galde daiogun:
"BIZIRIK ZARA AURKITU...?"
Baietz zigur bat erantzungo dau.
Eta errezoia badau.
Baiña... galdetu daiogun, bada:
"BAIETZ ORI ZERK DIRAUTZU...?"
Erantzupena luzatuko dau
Ixillik bada gelditu.
Geure buruai galde daiogun:
"BADAKIK BIZI AIZENA?"
Alper-alperrik itxarongo dau
Buruaren erantzuna.
Zelan erantzun, azur t'aragi,
Besterik ez da ta dana...?
Ta onek legez, beste gauz danak,
Ez jakin bizi dirana.
Une danetan gelditu barik
Gabiltzaz zerbait egiten,
Esku oin, buru, zentzun guztiak
Gure gurariz ibilten,
Buruko garau edo zentzunak
Gaituelarik artezten...
Baiña... buru ta biotzen naiak
Nun diriala sortuten?
Eta zerbaitek esaten digu
Gure biotz barrenian:
"BIZIRIK ZAGOZ"... ta au gogartuz
Jarten gara jakiñian;
Bizi gerala, ta zerbait ori
Ez jakin, ez ikustian,
Eztabaidako duda gogorra
Sortzeri yaku biotzean.
Geure biotzen lege arteza,
Ontasunaren iturri...
Geure gogapen ta eginkizun
On ta txarren ziñaldari...
Iges egiñaz... gure bizitza
Amaituten dauan ori...
"GOGOA" dogu tardura aundiz
Kargu daiogun berari.
Deunoro'k
Astiro astiro, eldu gara Garizumara be. Urtero Eleiza Amak, Kristo bere Salbatzaillearen bizitza ta eriotza gogoratzen dauz. Eta bere Jaunaren eriotzak, ay! zorrotzak ataratzen dautsoz. Bayatorku aurten be Aste Santua, Kristoren eriotza gogoratzen deuskun Aste Santua. Baiña Eleiza Amak, Kristoren basamortuko barau ta penitentziak gogoratuz, guri be mortifikaziño ta otoitza eskatzen deuskuz, Gure Jaunaren eriotza aurreko 40 egun onetan.
Otoitza eta mortifikaziñoa. Orra kristau bizitzaren seiñalerik onenak.
Otoitza. Bear bearrekoa. Animaren janaria. Gorputzari jaten emoten deutsagun lez arimari be, iltea gura ez badogu, jaten emon bear deutsagu. Gure bizitzan aurrera joan bear badogu, derrigorreko bear dogu Jaunaren grazia, bere laguntza, eta zelan grazi orrek iritxi otoitzean ezik? Kristo Beraren berbak dira: "Eskatu eta emongo yatsue". Eta beste leku batean: "Orate et vigilate ut non intretis in tentationem", "Otoi egin eta zur egon tentaziñoan ez jausteko". Otoitza, orixe da eskari bat, une guztietan egin bear dogun eskari bat. Orduan, zer? Beti otoitzean biziko ete gara, ez lan ez jan be barik? Ez! Egiten doguzan gauza guztiak Jaunaren izenean egin. Goizean, ogetik jagikeran, egun aretako eginkizun guztiak Jaunaren izenean, eta ondo egiteko intentziñoa euki eta eginkizun orrek, danak, otoi biurtuko dira.
San Pablok diño: "Naiz jan, naiz edan, naiz olgeu, naiz edozer gauza egin, dana egin Jaunaren izenean". Eta izan be orixe da kristau bizitza. Jaungoikoak ez dau ezin dogun gauzarik eskatzen, ez.
Baiña izan be gizonok ain gara argalak! Gaur esandako gauzak biarko aztuta daukoguz, gaur artutako asmoak, biar ausita.
Urtean bein, be, besterik ez bada, egin daiguzan alegiñik aundienak, gure pekatuak eta gure uts egiteak euren parkamena iritxi dagien. Egin daigun orrexegaitik, gure pekatuen parkaziorako, Jaungoikoaren maitasun utsez egiten ez badogu, be!
Garizuma, penitentzi garaia. "Gizona, gogoratu eizu autsa zareala eta auts biurtuko zareala".
Alexander Shelepin, oraiñarte Rusiako Komunista-gaztedi-Batasunaren sekretarioa, Rusiako polizi-buru izendatu dabe; onen aurretik oraintxu kendu dabena, Serov izan da.
***
Erroma. Aita Santuak Batzar Ekumeniko bat batu gura dau. Olantxe agertu eban bere guraria orain dirala egun gitxi. Batzar onen egiterik beiñena, kristiñau guztien batasuna izango da. Joan diran gizaldietan Eleizatik urruntzen joan diran zismatiku, ortodoxo, protestante t.a., danak bat egin daigula. Izan be, bearrizan aundikoa dogu egun onetan batasun au! Batzar onek, ille asko eroango dauz preparetan.
***
Kuba. Kuba era barri batera jaio dala esan daikegu. Eztabaida edo duda aundi bat dago ezpaiñetatik zintzilik, gerogoari begira. Andik datozen barriak sarri aitatzen dabe Fidel Castroren Katolikotasuna. Baiña danok dakigu Katoliku izate onek, izen ona ezeze, obligaziñoak be gogorrak daukozala. Kubak gaurko egunean justizia eta maitasuna, zuzentza eta karidadea bear ditu. Ez jausi barriz lengo egoerara, guztiz barritu baiño. Eta barritzeko auxe bearreko: Urkoaren maitasuna eta bakea.
***
Erroma. Aita Santuaren Batzar Ekumeniku bat egiteko asmoa, guztiz ondo artu dabe Erromatik aldenduta bizi direan eliza guztiak. Eta beingoan erantzun dabe eurak be bialduko dabezela euren representanteak. Betor, bai, bear bearrekoa dogun batasuna.
***
Txinak gerrie gura ei dau. Kruschev, Rusiako jaunak diñoanez, gerran bat izatekotan, Europa eta Inglaterra egun batean austuak izango ei dira. Urrengo Ipar-Amerika, bigarren egunean, baiña ez Rusiak berak be Ipar-Amerikan aldetik kalte aundiak artu barik. Orrela, ba, Txina izango ei da Naziño aundietan gitxien sentiduko dauana. Orregatik gura dabe arek irugarren gerra mundiala, eurak munduaren jabe izateko. Baiña ez dakit gaurko gerra batek zeren jabe izatea itxi deutsen.
***
Kontuz emakumeak! Asko balio dabela gero zure aurpegiak! Inglaterrako emakumeak urtean 300.000.000 (Irureun milloa) peseta daroiez euren aurpegiak edertzeko unguentu eta medikamentuetan. Ondiño ez da estadistikarik egin Españan zenbat joaten dan jakiteko.
***
Prantziko erritxo bateko abade batek, Felipe Rancon Aitak, letra onexek artu dauz: "Seme maite: Korreoz bialtzen deutsut "Capilla Sixtina"-n galduta itxi zenduan txalekoa; nik baiño geiago bearko dozu, goi orretako klima Erromakoa baiño gogorragoa da-ta". Karta au Juan XXIII'garrenak firmatzen dau. Rancon Aitak, Aita Santuaren Koronaziñora joan zanean aztuta itxi eban bere txalekoa. Onelakoxe Aita Santua daukogu. Benetan Aita, gero!
***
Inglaterrako asteroko batek diñoanez, azkenengo urte onetan asteko 1.500 katoliku ugaritzen dira Inglaterran. Eta martxa onetan laister dira lenengo maillan.
***
Ejipto'ko nausi Nasser jauna'k Madrid'era etortzeko asmoa ei dauko. Eta laister etorri be eingo ei da etortzekotan. Sartaldera, Okzidentera, begira jarri ete yaku, ba, oraiñarte Rusiaren lagun zana? Batek badaki zer dabillen gizon onek.
***
Lengo illean esan genduan Naguib Generala il dala. Olantxe esan eban munduko prensa danak, eta guk be bai. Baiña antza ez da ala; il zan dana Naguib izeneko besteren bat ei da. Periodisten baten barria izango zan. Gure okerra zuzentzen dogu, ba.
"EUSKAL-KULTURAREN ALDE" deritxon elkargo onek sariketa au eratzen dau, Bilbo'ko euskaldun barri batek, bere eskuetan, borondate onez ipiñi dauan diruaz.
Elkargo onek, sortu zanetik, ez dau beste atxaki biziagorik euki, auxe baiño: Zelan iraun-eragin geinkio gure euskerari, zelan itxartu eta indarbarritu daikegu!
Egia da, euskeraren alde, gaur iñoiz ez legezko egiñalak egiten direala, bai eskoletan, bai liburu eta errebistetan, baita euskaltzale arte idazkietan be. Baiña, beste aldetik, argi ikusten da, euskal baserri eta urietan, erderak gure berbetea baztertu egiten dauala, eta euskaldun gurasoen umeen artean, askok eta askok ez dabela euskeraz egiten. Au gertatzen dan lekuetan euskera iltzen yoaku, eta ori zelan edo alan galazo gura dogu.
Aurrak edo umeak euskeraz berba egin daien, fin alegindu bear dira gurasoak, eta eginkizun au gurasoeri errezago egiteko asmoz, orain jakin eraiten dogun sariketa eratu dogu. Sariketa ontara bialtzen diran ipuiñak gurasoek ikasten badabez eta euren semeeri ondo erakusten badeutsoez, zigur gagoz euskerari aurrera-bide bat emongo deutsagula.
Eta lan onek frutu ugari emon daian, ipuin asko eta onak artzea gura izango genduke. Bai barriak eta bai zarrak be, baiña umeentzako, txikientzako, egokiak izango direanak.
Ipuin onek, lenengo, eguneroko edo errebisten baten argitaratuak izan bearko dabe. Eta onela ondo irakurriak izango dira gure eskuetara eldu orduko be. Alan be, biarko umeentzako balio daien, saritutako ipuiñak, saritu bageko batzuekin bear bada, liburutxo batean eta albait dibujo geienez, argitaratzeko asmoa dogu.
Sariketa onen kondiziñoak onexek izango dira:
LENENGOA.—Sariketa onetan sartu al leikez, gaurtik asi ta aurtengo "EUSKERAREN EGUNA"-rarte, Abenduaren 3'garrenerarte, edozein eguneroko edo errebistetan argitaratuko diran ipuiñak. Baiña ez dabe balio izango, aurretik argitaratzen ez diran ipuiñak.
BIGARRENA.—Ipuin oneri etxake luzeran neurririk jartzen, baiña ipuiñen egille edo biltzailleeri jakin-erain gura deutsegue umeentzat egokiak izateari jaramon aundia egingo yakola. Orregaitik, zarrak edo barriak, norberak egiñak edo beste izkuntza batetik euskeratuak izan, danak onartuak izango dira.
IRUGARRENA.—Iru sari bereziaz sarituko dira artuko doguzan ipuiñak: Lenengo saria, 25.000 (ogeitabost milla) liberakoa; bigarrena, 15.000 (amabost milla)'koa; eta irugarrena, 10.000 (amar milla)'koa. Gaiñera, bere esku izango dira epailleak gura dituen milla liberako beste sariak be emoteko.
LAUGARRENA.—Ipuin danak, periodiku edo errebistetan izen-orde edo pseudonimo batekin agertu bear izango dira; eta argitara emonda gero, ipui onek "EUSKAL-KULTURAREN ALDE" bazkunara bialduko dira, zuzenbide onetara: 14, rue Lalanne-Biarritz (Laburdi) B. P. Azal batean sartuta, eta bertan nun argitara emon edo publikau diran esanaz; azal orren barruan, beste bat itxita bialduko da, egille, euskeratzaille edo biltzaillearen benetako izen eta zuzenbideaz.
BOSTGARRENA.—"EUSKAL-KULTURAREN ALDE"ko buruzagiak izango dira epaille, eta euren erabateko epaiak onartzekoak izango dira, alabearrez.
SEIGARRENA.—"EUSKAL-KULTURAREN ALDE" elkargoa izango da, sariketa ontan sarituko ta aren liburuan argitaratuko diran ipui guztien jabe.
Biarritz, 1959'ko Urtarrillaren 12'an