ANAITASUNA

V URTEA - N.º 55

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Abendua (12) 1958


Euskaltzaleen Batzarrak Bilbon

Euskaltzaleen batzar ospetsu batzuk egin dira Bilbon, Diputaziñoko liburutegian, Abenduaren 13 eta 14-an. Euskerearen alde lan egin gurarik dabizen jaun eta andra asko batu zirean, leku danetatik etorrita: Frantziako Euskalerritik Madame Jauregiberri, Zuberoakoa; Naparroatik Agerre jauna, Iruñean (Pamplona) euskeraz erakusten dabena; Plazido Muxika, jesuitea, euskerazko Dizionario galanta egiten dabillena (au Aragoiko Veruela-tik etorri zan). Gipuzkoatik be mordo ederra agertu zirean: Alvarez Emparanza, Luis Mitxelena, San Martin, Yon Etxaide, Zumalabe, Jausoro, Zugazti eta Nemesio Etxaniz abadeak, ta beste asko. Bilbo eta Bizkai aldetik be bardin: Gorostiaga, Oleaga, Irigoien, Aresti, Erkiaga, Arrutza, Garro, Seijo. Ordena askotako frailleak be ba-zirean: Pasionisten artean Aita Marzel, Karmelitetatik Aita Onaindia eta Aita Goiria, Jesuiten artean Aita Endeiza eta Aita Kortabitarte, Frantziskotarretatik be asko (Aita Agirretxe, Iturria, Sorarrain ta abar), Eskola Kristiñauetako Anai Olabeaga (au Irungo puntatik etorria), Aita Mokoroa Eskolapioa...

Eta batzarraldietako zuzendari eta buru legez Severo Altube jauna egoan ipiñita, danok maisu beneragarritzat daukogun jaun jakitun-jakituna. Orain Gernikako Taberna Vasca-n bizi da berau. Jaun onek bere liburuekaz lanik ederrena egin dau euskeraz zelan eskribidu bear dan erakusten. Eta liburu orreitan diñona da erriaren bidetik joan bear gareala, erriaren berbetea erabilli, erriaren berbak ez baztertu eta barrikeri gitxi sartu euskerazko lanetan.

Euskeraz zer moduz idatzi bear dan: auxe zan ba Batzar areetako ikaskizunen gaia. Beraz, estudioko sesiñoak izan zirean, eta berbaldi ederrak eta gauza guztiz jakingarriak entzun genduzan.

Aita Zabala jesuita gazteak be berbaldi zoragarri bat egin euskun bertsolarien gañean. Aspalditik dabil Aita au bertsolarien lanak batuten, gero liburuetan agertuteko. Etxerik etxe ibilli da toki askotan, ia kanta-paperik ete daukien itanduten, eta andik eta emendik pillo galanta osotu dau. Danok dakigu 1914-tik 1919-ra zelan izan zan Europako gerra aundia, "guerra europea" deritxona. Urte areetako euskal-bertsolariak bertso asko atara eben, gerrearen ta odol-isurtzearen negargarria adierazoteko. Aita Zabalak, bada, bere berbaldian, gai orixe erabilli eban: gerra europea ori zelan ikusi ta kantau eben orduko bertsolariak, zer burutaziño ta sentimentuak adierazoten daben euren bertsoetan erakustea. Txirrita, Lezo, Enbeita ta beste askoren estrofak entzun genduzan, magnetofonari eskerrak; Gure erriko literaturearen erakusbide edo muestra eder bat izan zan.

Jauregiberri andreak be Zuberoako euskeraz berba egin eban, txoko aretako barri emonaz. Eta azkenik, Batzarrak amaitutakoan, Hilario Bilbao jaunak, Bizkaiko Diputaziñoaren izenean, eskerrak emon eutsiezan euskerearen alde lan egiten diñarduen guztieri. Bizkaiko soiñuak eta kantak, Bizkaiko berbetea, Bizkaiko jazoera zarrak eta euskaldun erriaren berezitasun guztiak batu bear zireala, batu eta goratu: auxe izan zan Hilario Bilbao jaunak esan euskuna.

Geuk be eskerrak emoten deutsaguz biotz-biotzetik Alfonso Irigoien bilbotar bizkorrari, Batzar zoragarriok atondu zitualako.

Gogoz entzun eta jaso genduzan Batzar areetako esanak, autuak eta jardunak. Euskeraz idazten dabenen artean be danak ez dabiz beti bide bardiñetik: batzuk garbizaleago dira beste batzuk erri-zaleago. Eta guk au ikasi dogu: "Anaitasuna" orritxuak erriko bidetik ibilli bear dabela, erritik urrean. Gure erriarentzat egiten dogu orri ori, eta ak aituteko moduan esan bear ditugu esaten ditugunak. Eta beste au be bai: ardura geiago emon bear yakola barruko mamiñari, ganeko azalari baiño. Kristiñautasuna sendotu gura dau Anaitasunak: auxe da bere lenengo zeregiña; baiña bide batez, euskaltasuna gorde be bai. Eta gauza bi orreek obetoen lortuteko, Axular aundiaren urregorrizko berbak artu gura ditu ispillutzat. Axular, euskaldun eskribatzaillerik aundienak, orain dala irureun urte bizi zanak, auxe diñotso irakurleari: Euskerea, ganeko azala besterik ezta; eta ganeko azala ta lorea itzirik, zoaz barruko mamiñera.

Eta euskereari berari mesede egiteko be, auxe uste dogu dala biderik onena.

VILLASANTE


Gabonak!

Gabonak, Eguberriak!!! A zer gogorapen ederrak bururatzen deuskuezan egun zoragarri onek... Txiki-txikitandik doguz gure-gureak eguarri-egunak.

Zenbat aldiz bururatu ez doguzan gure txikitako ta gazte giñaneko zorioneko egun arek... Biotz-ezpanetan abesti goxoak, polit baiño politagoko «jaiotzak» alde batetik eta bestetik... Eta mutil koskorrak zoratu bearrean, kalerik kale, etxerik etxe, pozez eta kantari: «Ogeita laugarrena dogu Abenduan»...

Nork ez gogoratu Jesus Umetxoari mun egitera joaten giñaneko ordu goxo arek; eta erbestean anai edo etxekoen bat genduala ta etorriko zalakoan aitari: «Ator, ator, mutil etxera, gaztaña zimelak jatera», kantu eder au entzuten geuntzan ordu zoragarria, oba ez gogoratu! eta zenbat onelako. Gure gaurko gogorapenak negar-malkoz bustita yatorkuz, benetan zoragarriak dirala, gero, gure Gabonak! Izan be, zer ez dabe Gabonak euskaldun kristiñauarentzat?

Eta irakurle, aurten be eldu yakuz Gabonak... Bear bada elurra mara-mara ari da gure mendi tontorrak zuritzen, errekaldeak izoztuak... eta etxe barruan izango dozuz gorputzarentzat gozogarri ta berogarri asko egun onetan: turroia, bexigu erreak, intxaur-saltza, orio-aza, jokoak... Nik bai al dakit zer...? Zer dala-ta Gabonetan orrenbeste jai?

Ederto egiten dozu irakurle: Gure Aita San Prantziskok be, beste ainbeste egiten eban. Gabonetan ez eban prailleen artean aurpegi illunik ikusi gura; eta ganadueri be egun auetan janari geiago emoteko agintzen eban, onek be egun onetan poztu eitezan. Ori egiten baieben santuak... zergaitik ez guk...?

Baiña, irakurle, zu kristiñau zaran lez ez gorputzari bakarrik, zure barruan daroazun anima orreri be emon bear deutsazu egun onetan berak eskatzen deutsuzan gozogarri ta berogarriak... jaten emon bear deutzazu animeari be... Zelan?

Alaitasuna, poza, anaitasuna, maitasuna! Izango dozuz egun auetan zer autatu zure arimea Jaungoikoaganako maitasun sutsuan berotu, poztu ta alaitzeko. Zoaz Eleizara, zoaz; ez gelditu Jesus'eri bere seaskatxoan bisitatxo bat egin barik. Ortxe daukozu Jesus, Belengo estalpetxo barrian, zuri begira... apal, umil, beartsu, zuk zer eskeiñiko, zuk zer esango begira... Zuri ostatu eske... Edei egiozu zure biotza, leku egiozu eta arrera on bat egiozu. Orduan bai jaioko dala Jesus zure biotz-barrenean!

A ze bakea sentiduko dozun orduantxe zure barrenean, zure biotz garbian! Orduntxe bai izango zareala baketsu, zoriontsu... Jesus Aurtxoak dakarren BAKE ta ONA zugan izango dozu-ta. Eta zu pozik... Jesus pozik... eta aingerutxoak pozik... bordaz-borda kantari:

«Aintza Jainkoari..., Bakea gizonari...!»

Alantxe izan bedi.

Kepa


Zemendia... Eriotza

Mendien gaiñetik, zeru garbi-urdiñak iges egin euskun. Eta basoak, euskaldun baso berdeak bakartzen billoizten... orriak jausten... lurrean zear joanean joanean doian aize-burrundarak daroiazan orbelen otsa... Izadia iltzen iltzen, ugari otoilari...

Zemendia... illaren lenengotik, lenengo egunean bertan, il kanpaiak, jantzi baltzak Eleizetan, kanposanturantz jentea ugari otoilan...

Zemendia... Eriotza... Gauza guztien eriotza... Gizonaren eriotza.

Eriotza...

— Ez esan orren izenik be! Gizonak alan diño beti, gizonak eta emakumeak, zarrak eta gazteak, umeak be bai, gaixoak berak be bai.

Zer da, ba, eriotza?

Eriotza, gauza baltza... miketza...

— Ez esan orren izenik be! Ikara sortzen deust...

Zer ete da eriotza?

Eriotza zeruko atearen giltza.

Ez gara lurrerako egiñak... Zorionean gaiñera... Beti lur onetan bizi bear bagendu, zer gauza garratza gure bizitza.

Eskerrik asko Zeruetako Aita Jaungoiko Alguztiduna, Zeruetarako egin ginduzuzalako. Zugaz biziaz beti zoriontsu izateko egin ginduzuzalako. Bedeinkatua izan bedi Aita Jaungoikoa eriotza emon euskulako.

Eriotza gauza baltza. Eriotza Zeruko atearen giltza.

Zer ete da egia?

Eriotza gizon txarrentzat, pekatarientzat gauza baltza, oso miketza, inpernuko atearen giltza.

Eriotza gizon onarentzat Zeruko atearen giltza, betikotasun atsegin baten asiera besterik ez.

Eriotza, zer da neretzat? Gauza baltza?... Zeruko atearen giltza?...

Bidani


Garbitasuna

— Ama, onek al dira atzo batutako loratxoak?

— Bai, alabatxo, onexek.

— Eta zelan daiteke ori: Atzo ain eder eta apaiñak eta gaur ain zimel eta legortuak?

— Bai, ba, umetxo, larrosari arbolak emoten dautse bizitza, arbolak euren apaintasuna eta arbolatik ebai ezkero...

— Orduan, amatxo, larrosa loratxo onek euren arbolara eroan.

Baiña, alabatxo, arbolatik bein ebai ezkero ezin barriz inkau eta bizia artu, garbitasuna bein galdu ezkero barriz eskuratzen ez dan lez.

Gaurko eta betiko gaztedi askok zenbat negar ez ete dabe egin beren garbitasun txukuna galdu dabela konturatu diranean. Geienean uskeri bategaitik: begirune loi bat, mosu beroegi bat, olgeta bat...

Besteengan damutu gaitezan eta galdu baiño len kontuak atara.

Bere garbitasuna galdu dauan gazte batek diñotsu. Gaur negar ugari egiten dot baiña, egiña eginda dago. Orain damuak, orain negarrak, baiña alperrik.

Orregaitik diñotsut, garaiz konturatu, gero alperrik damutu ez zaitezan.

Zenbat eta garbiago zeu, ainbat eta ederrago, pozago, alaiago irudituko yatsu bizitza. Ta alantxe izan be.

Gazte bat


Eriotzaren billurrik barik...

— Bat, bi, iru...

— Bost geiago. Guk irabazi dogu.

— Suerte txarra izan dogu guk. Bestean, urrengoan ikusiko dogu nor dan geiago.

Eguneko lan gogor baten ondoren atseden bat artu dabe lau apaizek. An dabiz gogoz danak. Bat batean pregunta bat sortu da ago batetik: emengo batek eriotz ordua eldu yakola jakingo baleu, zer egingo leuke?

— Ni, diño batek, konfesatzera joango nintzake.

— Nik «Jesukristo neure Jaun» bero-bero bat esan barik ez neuke bakerik izango, esan eban beste batek.

— Nik il arte otoitzean igaroko neukez miñutu guztiak.

 — Eta zuk, Karlos, zer egingo zeunke?

— Ezer gertatuko ez balitxat lez jokoa irabazteko alegin guztiak egingo neukez.

Olan berba egin ebana Karlos Borromeo zan. 1538'garrengo Urriaren bian jaioa. Gazte gaztetatik abadetzarako bokaziñoa izan eta baita bokaziñoari jarraituz abade egin be. Abade egin da gero asmo on bi artu ebazan: Ama Birjiña Amatzat artzea eta lagun urkoaren alde bere aldetik alegin guztiak egitea.

23 urte eukazala, Aita Santuak, bere santutasun aundia ikusirik, Eleiza Ama Santako Kardenala egin eban. Izen edo titulo onegaitik ez ebazan arimen ardurak aztu. Beste amaika apaiz lez, Doktriña erakusten eta animen kristautasuna sendotzen gogoz ibiltzen zan. Baiña ez ebazan bera arimaren egin bearrak alde batera itxiten. Beti prest egoan Jaungoikoaren aurrean agertzeko. Eriotzak ez eutson bildurrik emoten, pekatu kutsurik be ez eukolako.

Zuk, irakurle, joko-bizian edo edozein zeregiñetan zagozala eriotz ordua yatortsula jakiñik, nasai-nasai Karlos legez esango zenduke: «ezer gertatuko ez balitz lez jokoa irabazteko alegin guztiak egingo neukez?».

Uzturre


Gaurko gauzatxoak

 Neskatillak bide txarretik doiaz.—Edozein mutil gaztegana joaten diralako. Diru apur bat badau edo langillea bada berakin goxo egiten dabe.

— Eta ori txarto al dago?

— Txarto eztakit, baiña arrisku ederra bai mutillak eleiza gitxi dauka-ta.

— Prailleengana joan bearko orduan?

— Ori be ez. Mutil gazte on bategana.

— Baiña ni neska ona naiz, eta zeruratuko naiz.

— Baiña zure senarra inpernura joanaz? A ze maitasuna!

— Ez! Ezkondutakoan otoi egiten erakutsiko deutsat.

— A, ze bide txarra! Orain maitasunez beterik zagozenean ezin, eta gero maitasuna epeldu eta errietan asitakoan bai? Bide txarra orixe.

Gaiñera, gero gizon ona egiteko,orain griña txarrak indartu? Batez be aren aragiaren joera txarretara jarri?

Bide txarretik doiaz neskatillak!

— Ez dakizu zer gertatu zan Leon'en?

— Ez! Zer zan?

— Ezer ez. Auxe bakarrik. Neska gazte bat mutil gazte batekin ezkontzeko. Benetan maiteko zirala uste dot. Aldarera joan ziran. Ezkontzera. Eta abadeak emaztetzat gura eban itandutakoan, mutillak BAI esan bearrean, EZ esan. Eta neska gaixoaren negarrak!

— Eta orrek niri zer?

— Zuri ezerez. Baiña gure arte emakume askori bai. Gizon barriak aldaren esan eben BAI aren ordez, eskatzen edo gelan EZ esaten dabela.

— BAI?

— Askotan gaiñera.

Gaztetan artu bear dabez kontuak neska gazteak. Euren barruko bakean. Ez dantza denporan.

Eleizaran


Bi sistema

Ba-dau komunismoak bere muiña, bere sistema. Eta ez ziran —ez orraitiño—, buru txikerrak izan sistema ori asmatzean.

Izan be, doktriña bat zabaltzeko, «idea» eder eta interesanteak erakutsi bear dira. Ta «esanean» beintzat ederto jokatu eben komunistak. «Egitean» beste era batera portatzen dira.

«Bide asko dira komunismora daroienak», esan eban batzar batean Molotov jaunak. Zer esan gura eban? Jakin barik, komunismoari bidea arrotzen asi dirala beste sistemak? Edo, Komunismoaren azia edozein solotan loratzen dala?

San Prantziskoaren «sistema» yatort burura pregunta onek egitean. Bai. Ez ete dauke antzik komunismo eta frantziskanismoak?

Izatez, ezberdin-ezberdiñak dira. Batak alde batera, besteak bestera, kontrakora eroango gaitu.

Baiña, itxuran, azalean, ba-dauke antz apur bat. Azalean, besterik ez.

Komunismoaren punturik inportanteena —komunismo sozialean ari naz— «propiedadean» dago. Orren kontra jokatu dabe beti amorruz. Ezdago ez nirerik, ez zurerik. Lurra, guztiona da. Aberastasunak, danonak dira. Ez daigun esku batzuetan itxi, «errian» zabaldu baiño.

Ederto, gizonak! Ames zoragarri dirudi.

Frantziskanismoak be, —aldatu bearrak aldatuta— orixe bera erakusten dau. Prantziskotarrak ez dabe propiedaderik, ez bakarrean, ez osoan. Praille bakarrak ez dau bererik; eta Ordena osoak be ez. Beste Ordenak ba-dauke propiedadea, bakarrean ez, Ordena osoak baiño. Prantziskotarrak orixe be ez.

Baiña... ez uste gure doktriñak propiedadea ukatzen dauanik. Ez orixe! Propiedadea, Leon XIII'garren Aita Santuak esan eban lez, deretxo naturalaren seme da. Au neurea da, esan daike gizon batek, eta au zurea: Jaungoikoak olan gura izan ebalako. Ta munduaren onbideak alantxe eskatzen daualako.

San Prantziskoak ez eban gura izan propiedaderik bere semeentzat: zeru-bidean estroposu barik joan eitezan. Propiedadea daukanak ardura ta billurreian bizi bear dau.

Eta orregaitik gura ebazan bere semeak «ezerbageak»... zeru-bidean. Baiña San Prantziskoak ez eban iñoiz esan propiedadea ukatu bear zanik.

Gai onetan, eta beste askotan be bai, komunismoa eta materialismoa bardiñak dira. Eta ezer kontrakorik munduan baleite, materialismoa eta San Prantziskoak erakutsia dira.

Bi sistemak sakondu ezkero, ezberdin-ezberdiñak agertzen dira. Baiña, azalean, antzeko itxura apur bat ba-dauke. Gaurko askori gertatzen yakena: alkar ezagutzean, azalez bakarrik ezagututen dira, aurpegiz; edo ziñean, edo dantzan, edo paseo illun batean gabeko amabietan, eta... andik aste betera ezkonduta daukozuz. Zer gertatzen da gero? Zera... bizi ezin, alkar artu ezin eta errieta ta ezkontza austea. Azalez bakarrik ezagutu ziran baiña barrutik oso ezberdiñak ziran.

Eta lengo ariari jarraituz, komunistak gu prantziskotarrok euren antzekoak gareala uste dabe. Ala uste eben, Españiko azken gerran komunista batzuk: Eleizgizonak iltzera ioiazan, eta frantziskanuak ikusi ebezenean... agintariak, arrituta: Zuek eriotzara? Ez orixe! Zuek be komunistak zaree...

Sabin


Pobreen laguna

Zenon anaia, frantziskotar fraille oso-osoa dozu. Poloniako semea bera. Azkenengo 25 urteetan, ostera, Japon'en bizi da.

Bere gurasoak sute batek kiskaldu zitun. Eta Zenon umezurtzak, 29 urte eukazala, fraille egitea ebatzi eban. Fraille sartu ezkero, gaur altaretara bidean dagon, Aita Maximiliano Kolbe'n laguntzaillerik fiñena bera izan zan. «Amabirjiñaren Zalduna» izena eukan errebistatxo bat argitaratuten eban Aita Kolbe'k. Eta anai Zenon'ek errebistatxo au asko zabaldu eban Japon'en.

Baiña azkenengo gerra ostean garrantzi geiagoko zeregiñak topatu ebazan gure anaitxo zuurrak. Japon'en, millaka ta millaka koittadu aurkitzen ziran, ez etxe, ez jantzi, ez ogirik barik, zubi azpietan eta lo egiten ebela.

Orduan bere indar guztiekaz, pobreeri laguntzen asi zan, etxerik etxe eskatuaz. Orain ondo ezaguna da, gure anai Zenon, Tokyo inguruetan... Sarritan agertzen da periodikoetan, berak pobreen alde egiten dauzan alegiñen barria. Eta katolikoak eztiranak be, guztiak maite dabe.

Anai Zenon'ek, trenez edonora joan bear ba-dau be, billeterik artu bearrik eztauko. Trenetako morroi guztiak ezagutzen dabe. Guztiak dakie, anaitxoa nora edo ara doanean pobreei laguntzearren bakar-bakarrik doala eta ez dautse billeterik edo antzekorik be eskatzen. Jateko orduetan be eztau errenkure aundirik izango otelen bat billatzen. Jan, geienetan beintzat, bere anai pobreekaz jaten dau, eta lo edonun: zubi azpian be bardin.

Japon'go Emperadorearen semea bere lagun aundia da eta egunero errosario bat errezatzen dau bere alde. New York'eko Spellman Kardenala be Zenon'en lagun-laguna da.

Tokyo'ko sal-eroslerik aberatsenak dagozan uri-alde Gintza deritxo. Komerzio onetan berak gure dabena artzeko eskubidea dauko anai Zenon'ek. Jainkoagan siñistuten eztabenak be, frantziskotar onengan siñistu egiten dabe. Guztiak maite dabe zintzoa dalako, eta ba-dakie berak lortuten daben dan-dana pobreeri daroatzela.

Sarritan esan oi dautse Zenon anaiak aberatsari: Jainkoak gizon guztiak maite dauz; baiña ezertxo be emoten ezpadeustazue, ezta zuekaz pozik izango.

Bere zorrotxoa betetan dabeneko, pobre ta gaixoengana joaten da. Berak ba-daki zoritxarrekoenak non dagozan. Pozik urreratzen yake, zorrotxo bete-betea erakutsiz, barreka-barreka. —«Jainkoaren sariak dira gero onek, esaten dautse, eskerrak emon bear deutsazuez Berari».

Amak legetxe, gauza guztietan laguntzen dautse: ulia ebagi, zauriak osatu, erropak josi... eta agirika egin be bai okerkerien bat egiten dabenean. Baiña asarratu, Zenon anaia ezta iñoiz be asarratuten. Ori guztiak dakie.

Aurten berton, 170 pobre errukigarrienentzako, etxe polit-politak egin dauz, eleizatxo ta guzti.

Anai Zenon'eri eskarrak, amaikatxok bataio santua artu dabe, azkeneko orduan. Frailletxo au, aita Frantziskok ainbat maite eban ejenplu ederrak edonun zabaltzen diñardu. Eta bere ejenplu onak, asko ta asko daroez, benetako Jainkoa maite izatera.

Yon Kepa


Bertso barriak [Bertsoak]

Juan Ormaetxe'k imiñiak.

I

Bizkaian dogu eskola eder bat

Bilbon jarrita: Euskaltzaindi!

Au ikusiaz alaituten da;

Txori toki bat dirudi!

Egun danetan beterik dago,

Ori bai dala pozgarri;

Illuntzeetan bete-beterik

Ta txori ama kantari.

II

Asaba zarrak lotan dirade,

Semiak dira ixartuta;

Egal danetan Udabarriko

Txirutiruli kantaka.

Arbola eder bat Bilbon daukie

Eurak kabitzat artuta;

Zein da guraso poztuko ez dana

Semiak ola ikusita.

III

Lotan egon dan gaixo bat legez

Barrua gora-goraka,

Ixartueran bere amari

Pozez beterik mosuka.

Ama gaixoa biotz alaiaz

Baita semiai besarka

Ikusirikan lumaz jantzita

Asi dirala egazka.

IV

Txori kabia politagorik

Ezin leiteke aurkitu,

Gure txindorrak bere kumiak

Oso oso maite ditu.

Arriskurikan ikusten badau

Egalpian sartzen ditu

Miru etsaiak bere erpakaz

Egin ezteiozan ostu.

V

Negu gogorra ganian dogu

Uda gozua amaiturik,

Gure mendi ta zelaiak laster

Edurragaz zuriturik.

Teillapetxu bat biar dabie

Otz gogorrak galdu barik

Udabarrian geratu ezkaiten

Txoritxuen kanta barik.

VI

Lengo domekan Astrabuduan

Nintzan meza entzutera,

Antxe ikus nitun neska ta mutil

Neba ta arreben antzera,

Euren auzoko gazte bateri

Il agurra emotera;

Axe bai zala Euskalerriko

Antxiñako oitura!

VII

Aren ostian jaia polita

Zeruetako antzian,

Aurresku eta jantza garbiak

alboko zelai erdian.

Kanta guztiak ta erreguak

Zirean euskera utsian,

Zeruak bere ola artzen dabe

Aingerua doanian.

VIII

Agur Astraudu ta agur Alpontso,

Agur il dan gaztiari,

Biotz barruti erregua egin

Aiztu barikan oneri.

Laguntasuna aren bitartez

Goian daukagun amari

Sendotu eta indarra emon

Deion gure euskereari.


Etxe-bizitza billa

Gomutakitzat

Geure mendien bestaldian gengozan garayan, etxe bizitza bearrian aurkitu giñan, bein.

Emen ikusi eta orra jo, erriko toki alai eta politenian idoro gendun bat, bere-bizikoa eta egoki-egokia geuretzat. Eleizatik eta erritik urrian eta, ganera, ikuspegi eder eta zabalduna.

Alde batelik KANTAURI itxasoa, urdin, garden, zabal eta ederra. Beetxuan Donibane eta Sokoa'ko kai-sarrerea: arantzago Jaizkibel mendia, Guadalupeko Amaren eleiza zuria agirian zala: eta urruti-samar MATXITXAKO'ko tontor maitia, itxasoan barrura sartuta lez, eta bere barrenean Bermeo, Sukarrieta, Gernika... geure jayoterri kutunak irudituten yakuzala... (Betiko galdu ete-genduzan?...)

Ganera gau illunetan eta, batez bere, ego aize epela ebillenian, andixek ikusi geinkian Matxitxako'ko argiaren kiñu eta dir-dira zoragarria. (Bein baño sarriago oetik jagi goizaldian eta biotz-ikaraz eta begiak malkoz lausotuta, abestu gendun, beste neugaz bizi zan gernikar batek eta biok:

«Urrundik ikusten dot

ikusten mendia.

Beraren gibelian

daukat nik erria...»

Beste aldetik, barriz, erri txiki, zuri eta txukun askoren artian: Getari, Bidart, Ilbarritz, Biarritz... eta, asago, Aya'ko atxak eta Naparroako mendi zorrotzak...

Etxe bizitzearen jaubia, edo obeto esateko ugazabandrea, andratxu alargun bat zan, urtietan aurreratxu joyana, zimeltxua, matrall-gorria, begi-begikoa eta Madame SASKO eritxona.

Baña, aor ba, eskatu euskun etxe-saria, errentia, larregitxua iruditu jakun: irureun franku illean, eta guk, orduan, urri geunkazan diruok...

Olan adierazoten emon geuntsan andratxuari, eta guk geyegi zala eta berak eskatzen ebana baño, bere etxe arek geyago bear ebala... asarratu barik (¡ez orixe!) bigun-bigun, emeki-emeki, bakotxak bere opillari su-emon nairik, luzaroan ekin geuntsan.

Azkenez, amamatxu maratz, garbi eta bizkor arek autua bein amaitu nayez-edo, zuzendu zan geugaz buru-antzo ebillen «Garbi-nai» euskal-idazleaganatz eta leun-leun, gozo-gozo eta bape berotu barik, esan eutsan:

— «Ara, jauna: Zeurea txanpona eta neurea etxea, eta len-baizen adiskide»

Eta ¡kitu! Etzegoan beste zer-esanik. Esateko guztia, itz bitan, esanda egoan...

¡¡Arrezkero, zenbat aldiz eztot andratxu axe gogoan euki!!

Bizi, ete da?...

BELU

(Gernika)