ANAITASUNA

V URTEA - N.º 54

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Zemendia (11) 1958


Aita Santu barria

Atzo, alako ikara ta dardara samiña sentidu eban Kristiandade guztiak, Aita Santua il zalako. Gaur, barriz, poza ta alaitasuna dakargu azur-mamiñetan, Aita Santu barria dogulako. Len Pio XII garrena, orain Juan XXIII garrena. Gizona aldatu da, baiña kristiñauen begietan gauzak bardin-bardin jarraituten dabe. Aita Santua beti da Kristoren izenean eta Kristoren lekuan dagoana.

Lurreko Eleizeak bear dau buru bat, eta au agirizkoa, begiakaz ikusi daitekena, guztion Maisu, artzain eta gidari, Kristok berak, zeruetara igon baiño len, izentau eban San Pedro kargu orretarako. Danak dakigu bera izan zala lenengo Aita Santua. Ordutik ona, ia bi milla urte igaro dira, baiña Aita Santuak etenbako kate luzean datoz, San Pedrotik asi eta gaur arte. Gizona, ilkorra da, eta bat ilten danean, beste bat ipiñi bear. Gizon bakotxa, ereztun berezi bat, kate luze orretan. Eta zein pozgarri ta konsolagarri dan katearen luzeari begiratutea!

Kristok bere berba ospetsuak esan eutsazan San Pedrori: "Tu es Petrus. Zu zara Arria, Argatxa. Eta arri orren gaiñean jasogo dot Nik neure Eleizea. Eta inpernuko indarrak ezin izango dabe ondatu Eleiza ori." Etxe bat egiten danean, oiñarritik asi bear izaten da lenengo. Lurra zulatu bear izaten da, arik eta arri bizia topau artean. Au aurkitu danean, ba-dogu oiñarria, etxearen benetako euskarria. Arri orren gaiñean ipinten dira gero zimenduak eta ormak, eta orrela bildur barik egin leike etxea. Ezta jausiko, ezta kili-kolo ibilliko, arri-gaiñean sendo ezarrita dagoalako. Aize gogorrak eta ujolak etorriarren, beti tente, sendo eta zutunik iraungo dau, azpiko arriari eutsita dagoalako. Are-gaiñean edo lur utsaren gaiñean egiñiko etxeak eztau sendotasunik, eta gitxien uste danean lurrara jausten da. Iñoiz irakurten dogu periodikuetan zelan jausi direan etxe galantak, eta askotan izaten da ori oiñarria ondo artu barik etxea egiten asi zirealako.

Kristoren Eleizea be etxe baten modura egiña dago, eta etxe onek ba-dauka bere oiñarri sendoa, bere arri bikain-bikaiña: Erromako Aita Santua. Ortik yatorko Eleizeari bere sendotasuna. Eta ori ba-dakie ondo Eleizearen arerioak (askotan geuk bezain ondo, edo obeto, bearbada). Komunisten naziñoetan zer jazoten dan ikusi besterik eztago. Komunistak, askotan beintzat, eztira asiko aurrez-aurre eta agiri-agirian Eleizeari gerrea egiten. Ez. Esango dabe erlegiñoa errespetau gura dabela, eta euren artean eleiza guztiak zabalik dagozala gura dabenentzat. Baiña asten dira katolikuei belarrira esaten: "Zuek zetako egon bear dozue Erromako Aita Santuaren menpean? Zuek libre zarie, jarri zaiteze zuen buru, apurtu zuen lokarriak Erromagaz". Eleiza nazionalak nai dituez sortu, eleiza zatituak, apurtuak, batasunetik urrunduak. Ori izan da, orain arte beintzat, Komunisten jokabidea, bai Txina-n eta bai beste leku askotan be. Azeria beti azeri. Ba-dakie ondo katolikuen indarra nondik datorren, Erromako arriari sendo batuta egotetik. Eta kristiñautasunari bere indarra kentzeko, auxe dala biderik onena: batasuna apurtutea, Aita Santuari menpetasun ukatuaz, bakotxa bere aldetik ibiltea. Batasunik bageko kristiñauak arin jausten dira otsoaren erpeetan, artzain bako ardiak legez.

Sarritan arerioak emoten deuskue ikasbidea. Ikasi daigun, ba, eurengandik. Eleizako oiñarriari sendo lotuta egoten, ikasi daigun Erromako Aita Santuagaz esanekoak izaten. Bera dago jarrita kristiñau fede zuzena guri erakusteko. Areri jaramon egiñaz, ba-dakigu zuzen goazela. Ez gara galduko, munduko olatuak ez gaitue azpian artuko.

Zenbat ekatx, eraso eta persekuziño ezagutu dituan Eleizeak bi milla urteren buruan! Eta ekatxik gogorrenak eztira beti izaten gorputzeko bizitzea kentzen dabeñak. Askozaz txarrago dira kristiñau fedea barrutik usteltzera datozenak, uste ta eretxi okerrakaz fedea alperrik galdu ta desegin gura dabenak. Fedea da gure argi gidaria munduko illunpeen artean, eta fede zuzenaren iturria ba-dakigu zein dan: Pedroren arria, Erromako Aita Santua.

Ez daiguzan iñoz aztu Kristok zerura joatean esaniko berbak: "Orra, zuekaz egongo naz, arik eta mundua amaitu arte". Zelako segurantzea emoten deuskuen urregorrizko berba oneek! Eleizeak milla arrisku ezagutu ditu bai, egongo da milla bider ito-agiñean, baiña jaungoikozko indar batek eusten dio beti. Azkenean, eztakigu zelan, baiña ate-ostean gorderik dagoan esku batek eusten deutsa beti. Au da Eleizearen misterioa. Eta Eleizean, Pedroren arria da gure itxaropen guztia.

Villasante


Erroma'ra begira

Egun auetan negarra ta poza nastu dira gure errietan. Eta negar, poz eta itxaropen onen iturburua Erroma izan dogu. Bai. Urriko bederatzitik gaurarte Kristauerria Erroma'ra begira euki dogu. Urriaren bederatzi goizaldean Aita Santuaren medikuak, gitxien uste genduanean, «il Papa e morto», «il da Aita Santua», esan euskunetik gero, amaika negar malko ixuri dira Kristauerrian. Umezurtz gelditu gara. Beti geugaz izango zala uste genduan XII'garren Pio zerurantz joan yaku.

Izan be, gero, eriotzak ez dauka errukirik. Bere atzamarretatik ezin iñork igesik egin. Langille, errege naiz Aita Santu izan, danori yatorku geure ordua.

Biotzez maite genduan Aita joan yaku; egiz maite ginduzan Aita Santua il yaku. Au dala-ta, munduko errebista ta periodiku edo eguneroko guztiak ez dabe beste zeresanik euki egun onetan. Txarto berba egin dabenak be izan dira, baiña, kritika zorrotz orregaitik il barri dogun gure Aita Santua, urte gitxi barru aldaretan ikusiko dogu.

Mundu guztian zabaldu da bere eriotzaren barria. Agintaririk aundienen telegramak eldu dira Erroma'ra euren naigabea erakusten, munduak izan dauan gizonik aundiena galtzeaz. Errusi'tik izan ezik, ia beste Laterri edo Estadu guztietako sentipen mingarriak entzun dira Erroma'n. Izan be, munduko aundien artean urtero-edo egin izan diran enkuestatan, zein izan dan urte orretan munduko gizonik aundiena, bost edo sei aldiz agertu izan da XII'garren Pio.

Ona, numeroetan baiño ezpada be, bere bizitza.

Jaiotza.—Erroma'n jaio zan Pio XII'garrena 1876'ko Martiaren 2'an. Zelso ta Julian Santuen Parrokian bataiatu eben jaio ta bi egunera. Felipe ta Birjinia bere gurasoak. Semetxoari, barriz, Eujenio jarri eutsen izena.

Abade ta lenengo karguak.—Emeretzi urtekin, batxilleratoa amaitu ta gero erne yakon Semiñariorako gogoa. Guraso onak ez eutsen ezetzik esan, pozik itxi baiño, Jainkoak deituten eutson bidetik jarraitzen.

1899'ko Udabarrian —XIX'garren gizaldiak azken urtea— emon eban Meza barria Eujenio Pacelli'k.

Leon XIII'garrena genduan orduko Aita Santu. Oneri San Pio X'garrenak jarraitu eutson. Aita Santu biak ezagutu eben abade gaztearen buru argia ta eurekin Vatikano'ko jauregietan euki gura izan eben, gorabera guztiak zuzentzeko laguntzaille.

1917'an, Europako gerrate barruan, beste Aita Santu batek, Benedikto XV'garrenak, bere ordekotzat bialdu gura izan eban Alemanira. Orretarako Obispo egin eban, eta olan Munitx eta Berlin'era joan zan. Guztira, amabi urte egin ebazan Eujenio Pacelli'k Alemania lurretan.

Erroma'n dogu barriz be 1929'an. Bere ondoan gura ebala-ta, Pio XI'garrenak dei egin eutson. Eta Kardenal egiñik, Estaduko Sekretario aukeratu eban. Ardura aundienetako kargua, Aita Santuaren lenengo laguntzaille da-ta. Bederatzi urte igaro euskuzan zeregin onetan. Pio XI'garrena il egin jakun 1939'an. Aita Santu barria aukeratu bearra egoan.

Aita Santu.—Kapilla Sixtina'n batzen ei dira Kardenalak Aita Santu barria izentatzeko. Estufatxo bat dauke Kardenalak dagozan gelan. Tximiñi luzea dau estufatxo orrek, jauregiaren tailletutik ikusteraiñokoa. Lenengo botaziñoan Aita Santurik ezpadago, lasto busti apur bat erretan dabe. Zertarako? Tximiñiko kee baltza ikustean, jauregi aurrean dagon jendeak Aita Santua ondiño eztabela izendatu jakin deian...

Bi bider ikusi zan kee baltza 1939'an. Irugarrenean, barriz, kee zuria: Aita Santu barria ba-genduan!

Aita Santu ori Pacelli Kardenala izango zan itxaropena eukan erriak, oso buru argikoa ta Santua zalako fama eban-da. Eta egian egoan erria! Eujenio Pacelli, une arexetatik Aita Santu Pio XII'garrena biurtu yakun.

Eta gaur ba-dakigu benetako santua izan dana. Orregaitik erriaren negar-malkoak.

 Bere Aita Santutzako lanik aundienak.—Egin be gauza asko egin ditu gure Aita Santu il barriak bere emeretzi urte onetan.

56 Kardenal barri aukeratu ebazan: 32, 1946'an eta ogetalau 1953'an.

81'tik gora dira aldaretara jaso dituan gizon-emakumeak: 39 Santu ta 52 Beato.

Bere enziklikak, au da, munduko Obispo guztieri ta kristau erri osoari zuzendutako karta luzeak, 41'eraiño eltzen dira. Eta beste diskurso, sermoe labur edo karta txikiak ez dauke neurririk, konta eziñak dira. Filosofo, mediku, jakintsu, agintari, arrantzale, modista, baserritar, zapata-konpontzaille, deportista... danentzat euki dau berbalditxo samur-bero bat. Eta zenbat konsideraziño bera ikusten joan diranekin? Erroma'ra joan direanak esango dabe!

Urte Santu bi izan doguz bere emeretzi urte onetan, eta 1954'ko Urte Santuan Ama Birjiña gorputz eta animaz zeruetara igon zala siñistera beartu ginduzan.

Itz bitan, ba, Aita aundi bat, santu bat, izan dogu XII'garren Pio.

Jaungoiko Onak, ondo lortu daben atsedenera eroan deusku gitxien uste genduanean. G. B.

Ba-dau jarraitzaille bat

Urriaren 25'etik 28'ra, danok radioan sartuta gengozan, Erroma'k zer esango. Azkenean, 28'ko arratsaldeko bostak eta ogeian, amaikagarren keia zuria izan zan: ba-daukagu, ba, Aita Santua. Aingeru Joseba Ronkalli dogu Yon XXIII izenagaz Aita Santu aukeratu deuskuen kardenala.

Soto il Monti, Bergamo probintzian, bere jaioterria. Jaiotz eguna 1881'ko Zemendiaren 25. 1904'an Mezadun. 1925'an Obispo. 1953'ko Urtarrillean Kardenal eta iru egun barru Venecia'ko Patriarka. Paris'en Aita Santuaren ordezko izana. Politiku ona, santua eta arazoak ondo eroaten dakiana.

Egun auetako egunerokoak diñoenez euskalduna ei dau bere apellidua. Bere aurretikoen bat naparra ei zan, Naparroa'ko Erronkal (Ronkalli) ibarrekoa.

Orain lau urte gure Euskalerri'tik igaro zan eta baita errien baten lau egun egin be.

Aldizkari ta egunerokoetan agertzen joango dira bere bizitz eta itzaldiak. ANAITASUNA illeroko onen orrialdeak be baten baiño geiagotan izango dabe Aita Santuaren deiak zabaltzeko lekua.

Ondo etorria gure Yon XXIII'garrena.

Egunero bere alde otoi egin daigun, danon Aita dogu-ta.

Kepa


Irlanda-ko Barriak

Venezuela-tik Espaiñia-ra, «Montserrat» transatlantikoan kapellau lez nentorrela, egotaldi laburtxu bat egin genduan Puerto España-n, Antilla Txikietako Trinidad ugartean.

Bertan embarkatu zirean fraille dominikano bi, zuri zuri jantziak. Bat zaarra, irurogetabi urtekoa. Bestea gaztea, ogetamar urte or or eukiko zituana. Biak zirean Irlandarrak, eta visitalditxu bat egitera joiazan euren aberrira.

Verba egiteko, biakaz ondo komponduten nintzan. Zaarrak, frantses ta espaiñol apurtxu bat ekian; eta gazteak, latiñez polito egiten eban.

Nik ba-nekian, Irlanda guztiz katolikoa zala; verbeta aparteko bat eukola; eta gauza askotan Euskalerriaren antzekoa zala.

Baiña oneek gauzok obeto jakin gura nituan; Irlandarren euren agotik ezagutu nai nebazan.

Orregaitik, arratsalde baten, popako barrean jezarrita, fraille gazteak eta biok alkar verbeta au euki genduan.

***

— Zenbat zarie Irlandarrak?

— Irlandan bertan lau milloi t'erdi. Baiña asko dira erbestean bizi direanak. Gure aberritik gente askok urteten dau kampora. Atara kontuak: emeretzigarren gizaldiaren asikeran, bederatzi milloi giñean Irlandarrak; eta orain, orren erdiak bakarrik. Gaur egunean, emigraziñoa da Irlandako gobernuaren problemarik aundienetarikoa.

— Eta zegaitik urteten dabe ainbestek kampora?

— Asko dira orren kausak. Gure aberria pobrea da, eta txikia. Ez dauko leenengo materiarik: ez burdiñik, ez ikatzik, ez petroliorik. Eta olan ezin leiteke industria aundirik euki. Orain eun urte, euki genduan, bai, lanazko industria ederra; baiña gero ta gero be, danak lur jo eban Inglaterrako industriaren kompetentziagaitik. Aspaldion, baserritarren bizimodua asko obatu da, eta labrantzea naziño guztian ondo organizatu da. Agrikulturearen aurrerakuntza onetan parte aundia artu dabe eleizgizonak. Igaz il zan, ain zuzen be, Canon Hayes abadea, baserritarren sindikatuak fundatu dituana. Orregaitik, gaur egunean, urietatik eta kapitaletatik urteten dabe emigrante geienak. Baiña, alan ta guzti-bere, asko dira, guztiz asko, aberria itxita, erbestera doazanak.

— Extranjeruko ze lekuetara joaten dira?

— Geienak Inglaterrara bertara. Gero Canadara, Ameriketako Estadu Alkartuetara ta Australiara.

— Eta gero, aberastuta-edo, ez dira etorten barriro Irlandara?

— Ez. Banaka batzuk izan ezik, danak lotuten dira biziten erbestean. Gitxi, oso gitxi biurtuten dira aberrira.

— Emigraziño ori, aintxiñatik asi da zuen artean?

— Bai. Ba-dakizu: gure erria ez da iñoiz aberatsa izan, eta aintxiñatik sentidu izan dogu lurralde obetara joateko bearrizana. Leen gaiñera, beste motivu aundi bat eukiten genduan aberritik alde egiteko: erlegiñoaren persekuziñoa. Orain Irlanda, errepublika libre bat da. Baiña, askatasuna lortu artean, gizaldi asko igaro izan doguz Inglaterraren menpean. Unada luze orretan, batez-bere amazazpi ta amazortzi sekuluetan, Inglesak eragozpen aundiak ipinten euskuezan katolikoak izateko. Lurrak kentzen euskuezan, kartzelan sartzen ginduezan, eleizak eta eskolak erre edo zarratu. Egokera larri orretan, Irlandatik urten egin bear.

— Gaur egunean zein da Irlandako aberaskuntzarik aundiena?

— Labrantzea eta labrantzatik datozan industriak: esnea, mantekillea, gaztaia, aragia, liñoa, lanea, tela fabrikak, eta abar. Industria astuna be, ba-daukogu zerbait, uri aundietan. Oraintsu asi jakuz Alemanak eta Italianoak automobil fabrikak egiten, euren industria libra esterlinearen zonan sartzeko asmoz.

— Ze urtetan lortu eban Irlandak bere askatasun politikoa?

— Ba... 1921-ean. Urte orretan sortu zan Irlandako Errepublikea. Baiña, zoritxarrez, naziño osoa ez da oraindiño libre. Iparraldeko zati bat, Ulster deritxona, Inglaterragaz alkartuta geratu zan.

— Eta zegaitik divisiño ori?

— Iparraldeko Irlandarrak, jatorriz Inglesak eta erlegiñoz protestanteak direalako. Orixe da divisiñoaren kausa bakarra.

— Inglesak zelan sartu zirean ba Irlandan?

— Amairugarren gizaldian asi zirean gugaz gerran, eta geldi geldika Irlanda osoa artu eben eurentzat. Amaboskarren gizaldian Inglesak zirean gure agintari bakarrak. Asikeran ondo portatu zirean gugaz. Orduan, eurok eta gu, danok gintzazan katolikoak. Soldadu geienak, Inglaterrara biurtu barik, geure artean geratuten zirean, geure verbetea ikasi, Irlandako emakumeakaz ezkondu, eta azkenean bertokotu egiten zirean. Baiña gero, protestantismoa agertu zanean, Inglesak ez zirean naastetan gugaz: gure erlegiñoari persegiduten asi zirean, lurrik ederrenak kendu euskuezan eta geienak Iparraldean batu zirean. Eta Iparralde ori, oraiñarte olantxe geratu da: Ingles eta Protestante. Orra or Irlandaren divisiñoaren jatorria ta historia.

— Eta zuek, Egoaldeko Irlandarrok, konforme zagoze divisiño orregaz?

— Bai zera! Danok gagoz kontra. Errepublikeagaz batera (1921-ean), divisiñoa sortu zanean, beingoan asi zan gerra zivilla. Urte t'erdi iraun eban burrukeak.

Nire aitita batek, bertan galdu eban bizia. Gerra beroa amaitu zan, baiña oraindiño bizi bizirik dabil gerra otza.

— Ba-daukozue batasuna lortuteko itxaropenik?

— Itxaropena, azkenen galtzen da. Baiña, Ipar-Irlandako gauzak, orain dagozan lez irauten badabe, nekez eta dolez jaritxiko dogu batasuna. Eleziño sistema osoa, euren aldekoa da. Polizia ta gobernua, Inglesen eskuetan dagoz. Gatxa da alde batetik bestera pasatzea, fronterea ondo ondo jagonda dago-ta. Aduanea, guztiz zorrotza da. Belfast-en, Ipar-Irlandako uri nagusian, artegatasun aundia sentitzen da, persekuziño demporan sentitzen zanaren antzekoa. Batak eta besteak ez dira kompontzen iñondik iñora, batez-bere eskola ta edukaziño kontuan. Protestanteak ez dira konvertietan garau bat be ez. Gaur egunean beintzat, batasunaren etorkizuna ez da alaia. Indarraren bidez ezin geinke ezer lortu. Inglaterraren kontra gu ez gara gauza. Orrezaz gaiñera, Obispoak eurak-bere kondenatu egin dabez ixillean diarduen movimentu indarzale guztiak, batez-bere Irish Republican Army izenekoa. Gure gaurko itxaropenik aundiena auxe da: Ipar-Irlandako katolikoak mundura ume asko ekarri daiezala.

— Orain beste gauza bat. Inglaterraren menpean ainbeste urte egonda gero, gorde aal izan dozue zuen verbeta zaarra?

— Bai. Baiña asko galdu da. Oeste aldean bakarrik konservatu da; baserritarren eta arraintzaleen artean. Berreun milla gitxi gorabeera izango dira, eguneroko alkarrizketan erabilten dabenak.

— Eta gobernuak lan egiten dau, naziñoko verbeteari bizia emoteko?

— Bai, asko gaiñera. Dirua zenbat gura gastetan dau urtean urtean, gure izkuntza zaarra zabaltzeko ta sendotuteko. Eskola guztietan irakasten da gaelikoa. Auxe da gure verbetearen izena. Iru universidade daukoguz, eta euretariko baten gaelikoz egiten da dana. Profesiño guztietarako gaelikoa jakin bear da.

— Erriak lagunduten deutso gobernuari aalegin salvagarri onetan?

— Bai eta ez. Batzuk, obligaziño sagradu bat lez artu dabe euren gain, beti ta edonon gaelikoz itz egitea; eta eginbear orren seiñaletzat, erastun bat daroe jantzian josita. Novela laburrak polito irakurten dira. Teatrora be, naikoa doa gentea. Asko dira astero ta illeroko periodikoak. Baiña zoritxarrez, gaur egunean, Irlandar geienak ez deutse jaramon aundirik egiten gaeliko biziari. Bai, ikasten dabe eskoletan; irakurten ditue aintxiñako eskribitzaille klasikoak. Baiña gero verba egin, ori ez dabe eguno-bere egiten, ez etxean ez kalean. Errezago egiten jake inglesa. Eta, euren ustez, probetxugarriagoa. Umeak, zelan edo alan ikasten dabe kolegioetan. Baiña edadekoak, umetan ingles eskoletara joan zireanak, orreek ez dakie itzik-bere gaelikoz verbetan.

— Eta gaelikoa bera, egokia da mundu modernuko gauzak eta ideiak adierazoteko?

— Bai, ondo be. Munduko izkuntza guztiak lez, gaelikoak be eurrez artu ditu griegotik eta latinetik verba teknikoak eta zientifikoak. Gaiñera, kaleko ta periodikoetako verbetan, inglesetiko itz asko ta asko erabilten dira: euneko berrogei, bai izango dira inglesetik arturikoak. Gure artean, olerkarien eta literatuen artean izan ezik, ez dago purismo problemarik. Gure izkuntzearen problema bakarra, auxe da: Bizi.

— Zure ustez, goiz edo berandu, il egingo da gaelikoa inglesaren aurrean?

— Ez dot uste. Gobernuari oraingo metoduak ez deutso ondo urten. Ori egia da, eta ezin geinke ukatu. Baiña ori gorabeera, aurkituko dogu beste bide bat, gure izkuntza zaarra salvetako. Nire eritxiz, Irlandan verbeta biak biziko dira bakean alkarren ondoan, eta Irlandar guztiak bilingualak izango dira.

— Eta orain, Irlandako katolizismoaren gaiñean preguntatxu batzuk egin gura deutsudaz. Zelan kumplietan dabe Irlandako katolikoak pazkozko eta domeketako obligazinoa?

— Guztiz ondo. Ez da neuk esatearren, baiña gure artean ia dan danak doaz eleizara. Gizonezkoak naiz andrazkoak: danak bardin. An arritu egiten gara, eleizara joan barik iñor geratuten bada.

— Atara dozue estadistikarik pazkozko komuniñoaren gaiñean?

— Bai. Orain lau urte egin zan jakinketa bat 80.000 habitanteko erri baten. Eta ba-dakizu zenbat geratu zirean pazkozkoa egin barik? Arritu zaitez: euneko bi bakarrik.

— Eta Irlandatik erbestera urteten dabenean, izaten dira ain eleizbidekoak?

— Geienak bai. Batez-bere Ameriketara ta Australiara doazanak. Inglaterrara joaten direanak barriz, asko galtzen dira.

— Ona da benetan, zuen artean, erlegiñoaren egokerea. Esango zeunskit egokera orren kausaren bat?

— Duda barik, Irlandar kristiñauak guztiz asko zor deutsegu eleizgizoneri. Eureri eskerrak gorde dogu gure fedea. Eundazak dira, Irlandako historia luzean, Kristogaitik euren odola ixuri daben abade ta frailleak. Orain eta leen, eleizgizonak —Obispoak haiz baserrietako abadeak— erriko semeak dira. Ez dira iñoiz izan aberatsak. Eta erlegiñoa ez da eguno izan ofiziala.

— Eta amaituteko, esaidazu: Fraille dominikano asko zarie Irlandan?

— Bai, naikoak. Antxe gagoz amairugarren gizalditik aurrera.

— Eta zelan diarduzue?

— Geienak, erririk erri ibilten gara prediketan. Batzuk, kolegioetan irakasten geratuten dira. Eta beste batzuk, gu biok lez, erbesteko misiñoetara joaten dira.

***

Auxe esan eustan fraille gazte arek, arratsalde aretan, «Montserrat» transatlantikoan Espaiñiarantz gentozala.

Berriatua


Mariskal Montgomery katoliko?

1939'tik 1945'era bitarteko gerratea gogoan daukonak, Bernardo Law Montgomery'n izena ezin aaztu leike. Montgomery izan zan irabazi ebenen aldeko jeneralik ospetsuena. Intelijentzi aundiko gizona; txikia izanarren gogorra ta borondatetsua. Eisenhower'en ondoan be, Mariskal Montgomery aundi gelditzen zan.

1942'an, Afrika, Sizilia ta Italiako ejerzitu guztien nagosi izentatu eben. Gizon bizkorra zan gerra kontuetan. Arerio guztien adoreak eta bere ejerzituen indarrak ondo neurtuten ba-ekian berak. Afrikan garaitu ondoren, Italia'ra ta gero Prantzi'ko Normandia'raiño be garaille eldu zan Montgomery.

Bere gudariak, bene-benetan be, gizon aunditzat euken; eta gizontxo onek bere bizitasunagaz eta indarragaz, adorea emoten eutsen. Gerra arloetan beintzat, iñor izatekotan, Montgomery ba-zan gizon aundia.

Normandia'ratu zanekoxe, Ipar-Prantzi'ko gudari guztien zuzendari egin eben.

Azkenengo gerrate gogorrean izarrik geien irabazi zitun gizon onek, 71 urte daukoz. 1887'an Zemendi'ko 17'an jaio zan Inglaterra'n. Berrogeta amaika urtegaz «Jeneral Mayor» izatera eldu zan, eta berrogeta amalaugaz, «Jeneral» zan. Berrogeta amazazpi ta amazortzi bitartean lortu eban bere famarik aundiena.

Buru argiko gizon onek, konseju asko emon izan deutsoz, bere lagun zaarra eban Wiston Churchill'eri. Churchill, Inglaterra'ko presidente zanean, Montgomery eban laguntzaillerik onenetarikoa. Eta Inglaterra'ko politika bideetan Mariskal au izan da indartsuenetarikoa.

Baiña urte batzuk dirala, Bernardo Law Montgomery'k politika arazoak alde batera itxi dauz. Gaur baso etxe baten bizi da, bere familiagaz, bake santuan. Eta mirestekoa: bere bizitza guztia kaiñoi ta fusil artean igaro dauan agure aundi onek, orain maiteen lorak ei dauz.

Montgomery ospetsuak negar ta odol asko ikusi dauz, eta orrenbeste arantza ikusteak, loren maitale izatera eroan dabe.

Eta ainbeste sufrimentu ikusi ta ezagutu dauzan gizon onen biotzean lora bat erne da: Itxaropena. Mundu donge onen ostean, arantza gabeko lorategi baten esperantza bizia. Eta bere biotzean fedea be ernetan asi ei da.

Montgomery, oraintxu il yakun, Aita Santu maitearen lagun zintzoa zan. Azkenengo urteotan ogeta amabi bider egon ei dira biak berbetan. Montgomery'k, Pio XII'garrena asko maite eban. Eta onen eriotz ostean marmar pozgarri bat entzun da: Bernardo Law Montgomery katoliko egingo dalakoa. Ori olan bada, katolikoak zorion aundia genduke. Montgomery'n izena aundia da Inglaterra'n eta bera katoliko egiteak, bat baiño geiago zuzen bidean ipiñiko leuke.

Inglaterra'koak, Enrique VIII'garrena zan erregearen erruz apartatu ziran benetako eleizatik, 1531'an. Baiña gaur, borondate oneko asko Erroma'ko eleizatik urrean bizi dira. Eta onek Erroma'ko eleiza benetakoan sartzeko, Montgomery lako gizon ospetsu batek pauso ona emotea naiko litzake. Olantxe izan da beste batzutan be. Jon Enrike Newman konbertidu zanean be asko benetako eleizara etorri ziran. Newman Inglaterra'tarren eleizako Arzobispoa izan zan konbertidu baiño lenago. Montgomery'gaz be beste orrenbeste jazoko al da!

JON KEPA


Bizitza

ARANZAZU errebistatik Bizkaieratua.

Bizi?

Zer esan gura dau?

Zein bizi da?

Zein ez da bizi?

Arri bat, bizi alda? Ez.

Lore eder bat bizi al da? Baietz esango.

Txori bat? Baita.

Gizona? Baita.

Aingerua? Baita.

Jaungoikoa? Bai.

Zer da, ba, bizitza? Zer daukoe bardiñean lora batek, txoriak, gizonak, aingeruak, Jaungoikoak? Ori izango da bizitza.

Berez ibiltzea; Ori da bizitza.

Erleju bat ez al dabil berez? Baiña bestegandik arturiko ibillerakin; bestegandik arturikoa eta azalekoa bakarrik.

Loreak bai, ba-dau bizitza: berez azten da, berez artzen dau azteko ta indartzeko bear dauan janaria.

Txoriak eta gizonak bardin: txoriak gaiñera zentzuna be ba-dauka eta gizonak adimena. Txori ta abere guztiak zentzun bizitza dauke: min artzen dabe, gosea sentitzen dabe... eta gizonak orren gaiñera berba egin daike bere lagunekin, gauzak ondo pentsatzen ditu...

Aingeruak adimen bizitza bakarrik dau.

Jaungoikoa bizitza bera da, bizitz guztien iturri.

Jaungoikoak, aingeruak, gizonak, txoriak, loreak biziera bardiña ete daukoen? Ez.

Iru eratako biziera dala esan ei dabe jakintsuak:

a) azierazkoa, azierarena: Lorak, bedarrak... azi eta azteko bear janariak berez artzen dabez. Ez dabe ezer sentitzen.

b) zentzunezkoa, zentzunarena: Txori ta abereak: instinto baten bidez bizitzeko bear dituen gauzak aurkitzen ditue, min artzen dabe, gosea sentitu...

d) adimenezkoa, adimenarena: gizonak beste bizitz orren gaiñetik adimenezkoa dauko, gauzak pentsatu leikez, berba egin leike, amets be bai.

Loreak azieraren bizitza bakarrik dauko.

Txoriak zentzunarena be bai.

Gizonak orren ganera, adimenezkoa.

Grazian bizi dan animak, orren gaiñera, Jainko-bizitza daroa barruan.


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ANAITASUNA-ren numeru onetan agertzen direan berba batzuk:

ADIERAZO, jakin eragin, expresatu.

AIN ZUZEN BE, alan bearrez. Erderazko precisamente.

ALAI, alegre.

ARTEGATASUN, sosegurik eza.

AURKITU, topatu, billatu.

BILINGUAL, eguneroko alkarberbetan izkuntza bi darabiltzana. Bermeoko erria bilinguala da.

BIURTU, barriro joan. Etxera biurtu zan.

DOLEZ, nekez, penaz.

EGOALDE, suraldea, sudaldea.

EGUNO, iñoiz. Ez da eguno etorri.

ERAGOZPEN, embarazua, impedimentua.

ERASTUN, anilloa.

ERITXI, ustea. Nire eritxiz.

EURREZ, asko, ugari. Gaelikoak eurrez artu ditu griegotik berba teknikoak.

EUNDAZAK, eun ta geiago. Erderazko cien y pico.

GIZALDI, eun urteko unadea, sekulua. Erderazko siglo.

IGARO, pasatu. Urte asko igaro.

IPARRALDE, nortaldea.

IRAUN, duraziñoa euki. Erderazko durar.

ITZ EGIN, berba egin.

IZKETA, berbetea.

IZKUNTZA, berbetea.

IXURI, bota. Odola ixuri. Erderazko derramar.

 JARAMON EGIN, kasu egin.

JARDUN, zerbait egiten egon. Zetan diarduzu?

JARITXI, lortu, konsegidu.

LOTU, geratu. gelditu. Etxean lotu da.

LORTU, jaritxi, konsegidu.

LURRALDE, lur bazter aundia. Erderazko región.

OLERKARI, poesiak egiten dituana. Erderazko poeta.

UGARTE, islea. Ozeanian ugarte asko dagoz.

UNADA, dempora zatia. Erderazko temporada, época.