ANAITASUNA

V URTEA - N.º 53

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Urria (10) 1958


Aita Santua il da

Eun milla telegrama artu ei dira Erroman Pio XII garrenaren eriotzagaitik. Eta telegramok munduko lau bazterretatik eldu dira. Erlejiño eta kolore guztietako gizonak agertu dabe euren tamala, Aita Santua il dalako. Izan be, gizon aundia ta guztizkoa zan Amabigarren Pio Jauna, bikaiña, eta batez be, santua. Makiña bat neke ta buruauste artu dituana, gaiñera, munduko arazoak bide zuzenetik eroatearren.

Egia esateko, munduak —mundua beti mundu— ezteutso jaramon andirik egin Aita Santuaren esanari, eta borondate onaren faltaz or dabil pakeari eutsi eziñik. Pakearen izena ezta iñoiz ainbeste bider aitatu, danak gura ei dabe pakea, eta bien bitartean beti gagoz gerrearen bildurragaz. Zelan aitu leike au? ONU-ko mandatarien berbaldiak entzuten badituzu, euren Naziño eta Gobiernoak guztiz pake-zaleak ei dira, ogi bedeinkatua baiño be santuagoak eta errubakoagoak, euli bat be ilko ezleutekenak. Besteak dira beti gaizto, iñok beti errua. Norbera santu, albokoa da gerra-zale ta naste guztien asmatzaille. Orraitio, ba-daukie gizonak komeriyak eta teatroa egiteko gogoa! Baita Fariseoen papera ederto egiten be ikasi dabela, gero! Ondo ekian politikea zer zan, definiziño au emon ebanak: politikea zer dan badakizu? Sagar ustelakaz egiñikako kompota txar bat... Bai, ezta besterik.

Milla bider esan izan dau Aita Santuak: benetazko borondate ona ta zuzentasuna biotzetan eztagoan bitartean, mundua ezin leitekela konpondu, alper alperrik dabiltzala garrasika ONU-ko batzarrean. Eta eurak pe, kontizu, ba-dakie ori ondotxo, baiña alan be, itxurak egin bear...

Emeretzi urte iraun izan dau Pio XII garrenak Aita Santu bezela. Urte-mordoska onetan berak gobernatu dau Eleiza, Kristo lagun dabela. Gogoan ditugu kristiñauak Eleizearen onerako artu dituen burubideak eta ipiñi dituen legeak. Berak deklaratu eban fedeko dogmatzat Ama Birjiñearen Asunziñoa, au da, Ama Birjiñea, gorputz ta guzti, zerura jasoa izan zala; Pio IX garrenak Ama Birjiñearen Konzeziñoa definidu eban lez. Komuniño santurako be erreztasun andiak emon ditu, barautan joateko lege ori nasaiago jarriaz. Aste Santuko eleizkizunak be barriztau eta modu egokiagoan ipiñi ditu. Eta zer esango dogu bere itzaldien pillo galantaz? Naiz dala radioz, naiz bera ikustera joaten zireanai berba egiñaz, naiz dala lumaz edo idazkien bitartez, eten barik jardun izan dau gaurko mundu gaixo oneri zuzenbide bat eta argi salbatzaille bat emon gurarik. Eztago ofiziorik, edaderik, maillarik, ez problemarik, Aita Santuak bere berbaldietan ikutu eztabenik. Gura dabenak, ba-dauka nun il bere egarria. Kristoren berbea ezta ez isillik egon emeretzi urte oneitan. Baiña mundu gaiztoak gorrarena egin deutso geienetan, Kristori berari beiñola egin eutsan legez.

Ez daiguzan aaztu, batez be, Aita Santuaren azkeneko berbak: "EGIZUE OTOI. EGIZUE OTOI, ELEIZAREN EGOERA NEGARGARRI AU AMAITU DAITEN". Ba-ekian ondo Aita Santuak zelakoa dan Eleizearen egoerea leku askotan. Ba-ekian Kristoren Gorputz Mistikoari odola dariola bere zati guztietatik, toki askotan persekuziñoa ikusi bearrean bizi dala. Eta inpernuko indar guztiak askatu egin direala, Kristoren fedea ito eta zapaldu naiean.

Eleizearen samintasun ori biotzean daroiela joan yaku Pio XII'garrena beste mundura.

Erregutu daigun ba bere alde... eta Eleizearen alde.

VILLASANTE


"Montserrat" Transatlantikoan

Atzo Dakar-en, gaur Venezuela-n. Len arraiñuntzi txiki baten, orain amabost milla toneladako barku aundi baten.

Alantxe gura izan dabe nire nagusiak, eta emen nozue orain transatlantiko onetan kapellau lez.

Ementxe egongo naiz lau illabete gitxi gorabeera, arik-eta Ameriketara joan-etorria iru bidar egiñarte.

Gaur eldu gara barriro Vigo-ra, ogetamabi eguneko itxas ibiltaldia eginda gero. Demporea naikoa, transatlantikoetako bizimodua zelakoa dan jakiteko.

Beronen gaiñean gauza asko esan neikizue. Barkua goitik beera ikusi dot. Berton dabillen gente askogaz verba egin dot. Gaur onen ondoan, biar aren alboan jan dot. Egiñala pregunta egin deutset guztieri.

Baiña gauza guztien artean, orain, zuen gustukoa izango dalakoan, euskaldun makiñista bategaz euki dodan alkar verbetea jakin eragingo deutsuet. Parkatu erdera usaiñeko verbakaitik, guk alantxe itz egin genduan-da.

***

 — Barku onetan zenbat euskaldun zabiltze?

— Bederatzi: bost ofizial eta lau subalternu. Bizkaitarrak bederatziok. Ofizialen artean, iru gara Bermeokoak, beste biak Bilbaotarrak. Berorrek jakingo dau baiña, olako bankuetan dabiltzan euskaldunik geienak Bizkaitarrak gara. Beste provintzietakoak ez deuskue urrik emoten be.

— Zenbat dempora daroazu navegetan?

— Amalau urte guztira. Ogetabi urtegaz asi nintzan, eta ogelamasei daukodaz orain. Ez da zati makala, itxasoagaz aspertuta egoteko. Auxe pasetan jaku guri, mariñoeri: pozarren asi bai, baiña laster damututen gara, gure bizimodua guztiz gogorra da-ta.

— Beti ibilli zara navegetan Compañía Transatlántica-n?

— Ez. Itxas praktikak Aznar-ren egin nituan. Gero Compañía Elcano-n sartu nintzan, eta orain —zazpi urterik ona— ementxe nago, Compañía Transatlántica-n.

— Zetan bear egiten dozu?

— Ba... makiñetan. Orixe izan da beti nire arazoa. Makiña artean igaro dodaz itxasoko nire urte guztiak, orain lenengo makiñistea izanarte.

— Zegaitik naiago izan zenduan karrera ori, pilotu edo kapitan izan baiño.

— Zer esango deutsat ba? Gaztetan, makiña kontua asko gustetan jatan. Osaba batek be, tallertxu bat eukon. Neu-bere, araxe joaten nintzan sarritan. Baiña, egia esateko, neuk be ez dakit, makiñista ikasten zegaitik asi nintzan. Ori bai, artez diñotsat: orain amalau urte baneukoz, ez nintzake ezelan-bere mariño izango, ez makiñista, ez kapitan, ez ezer. Jauna, gure bizitzea gogorra da, guztiz gogorra!

— Zein da zure eginkizuna?

— Neure pentzura dagoz barkuko aparatu mekaniko guztiak. Neuk jagon bear dot untziaren velozidadea. Sueteak, ur beroa, frigorifikoak: orixe be neure ardurapean dago.

— Ofizialen artean, zein da zure aginpide maillea?

— Kapitanaren urrengo. Beronen atzetik dator beti lenengo makiñistea.

— Zenbat gizon daukozuz zeure menpean?

— Ogetabost. Lau makiñista, ikasle bi, lau mekaniko, lau elektrikeru, galdarazain bat, lau engrasadore, iru fogoneru, palari bi eta iturrizain bat.

— Zenbat tonelada daukoz barkuak?

— Desplazamentu osoa, 14.500 toneladakoa da. Tamaiñu polita, itxasoan ibilteko.

— Eta velozidadea?

— Ona. Amasei t'erdi nudukoa. Au da, barku onek, andana guztian dabillenean, 30 kilometro t'erdi egin leikez orduko.

— Zenbat pasajeru joan leitekez barruan?

— Zortzireun ta berrogei pasejeru ondo, tripulanteak kontau barik. Viaja onetan gente gitxi doa. Baiña ibilli da iñoiz barkua toperarte beteta.

— Eta zenbat zarie tripulaziñokoak?

— Orain, eun ta irurogetamasei gara. Ofizialak ogei, eta subalternuak beste enparaduak. Ofizialen artean, euskaldunak gara geienak. Subalternuen artean barriz, galleguak.

— Esaidazu orain, non egin zan barku au.

— California-n, Los Angeles-en, 1945-ean, gerra demporan. Bere lenengo izena, Wooster Victory izan zan. Gerra ostean, Marshall tratuaren bitartez, Italia-ri saldu eutsen Amerikanoak. Auxe ta beste bat izan zirean, Europa-ra etorririko Victory itxurako lenengo untziak.

— Eta beti izan da korreo barkua?

— Ez. Gerra demporan, kargakoa eta gudariak igarotekoa izan zan. Gero, Italianoak erosi ebenean, transatlantiko itxurea emon eutsen, eta Castel Verde izenagaz Ameriketara eta Australia-ra joan-etorriak egiten asi zirean. Beste guztia berorrek ba-daki: zelan erosi eben orain urte bi Espaiñolak, eta zelan ipiñi eutsen Montserrat izena.

— Eta orain nondik nora egiten dozuez joan-etorriak?

— Vigo-tik urten eta Canarias-en egotaldi labur bat eginda, Venezuela-ra joaten gara artez. Bertan itxiten doguz ia pasajeru guztiak. Onazkoan, Espaiñia-ra zuzen etorri barik, Antilla Txikietako portu batzuk joten doguz, Inglaterra-rako pasajeruak artzeko. Baltzak izaten dira ia danak. Gero, barriro Canarias-era; eta Vigo-n egotalditxu bat egin ostean, Southampton, Inglaterra-ra joaten gara, azkenik Vigo-ra etorteko.

— Joan-etorri onetan ez dozue gente aundirik eroan. Zegaitik ori?

— Venezuela-ko agintari barriak immigraziñoa galerazo dabenetik, eskas gabiltz pasajeruakaz. Len barriz, bete bete eginda joaten giñean Ameriketara eta bardin andik Espaiñia-ra. Venezuela-ko gorabeerak alde batetik, eta barku extranjeruen kompetentziak bestetik, kalte aundia egiten deuskue benetan.

— Eta oneek baltzok zetarako doaz Inglaterra-ra?

— Ara! Gaur egunean Inglaterra-tik gente askok urteten dau kampora, batez-bere Canada ta Australia-ra, euren bizimodua obatuteko. Ori dala-ta, zeregin batzutan Inglaterra-n langilleak falta dira. Oneek baltzok orrexegaitik doaz metropolira: gizonak ikatz miñetan eta labrantzan bear egiteko, eta emakumeak kriadak izateko.

— Orain beste gauza bat. Makiña kontuan zelakoa da barkua?

— Ona benetan. Turbiñakaz movietan dana. Turbiña ezin obak, Estadu Alkartuetako aurrerapide guztiakaz egiñikoak. Euren presiñoa, guztiz aundia da: 440 libra, pulgada kuadradu bakotxeko. Galdarak, Babcok Wilcox-ek egiten dituan tipokoak dira. Barkuaren propulsiño sistema guztia, automatikoa da. Aginpide kuadruko botoi edo kontrol batzuri eragin eta beste barik, sistema guztia movimentuan ipinten da.

— Bero aundia egiten dau makiña tokian?

— Aundia bai aundia. Europa aidean gabiltzanean, 40-41 gradu berogaz bear egiten dogu. Caribe itxasoan gagozanean barriz, 47-48 gradugaz. Len esan deutsadana, Jauna: garratza da gure bizimodua, garratza.

— Ikusten dot. Bai, garratza da. Baiña esaidazu artez: zer egiten jatzu zuri garratzen itxasoko bizitzan?

— Dana egiten jat gogor. Baiña gogorren, neure familiatik, neure lagunakandik, neure erritik asago egotea. Orixe latza, orixe samiña: ainbeste demporan etxetik urrun bizitzea.

— Zenbat dempora da etxetik kampoan zagozana?

— Ille onetan iru urte. Ba-da gero zati ederra! Unada onetan, egin dodaz, bai, eskapadatxu batzuk etxera; baiña, ain laburrak izan direan lez, ez ditut kontau gura.

— Solterua zara?

— Ez. Ezkondua.

— Sentiduko dozu ba etxeko miña. Ez da egia?

— Bai, asko gaiñera. Ezkonduta nago, andrearen alboan biziteko; eta itxasoan daroat ia dempora guztia. Umetxu bat daukot, eta ia ia aita ikusi barik igaroko ditu bere umezaroko urteak. Auxe bai mariñoen tragedia!

— Baiña zuen bizitza gogor ori gorabeera, Euskalerriko neskatillak gauza aunditzat dauke ba karreradun mariñoakaz ezkondutea. Zegaitik ete da ori?

— Nire ustez, gure bizimodua zelakoa dan ez dakielako. Gaztetan, dana larrosa koloreagaz ikusten dabelako. Baita gizonaren lepotik ondo bizitea gustetan jakelako: extranjerura joan, erbesteko gauza barriak errira ekarri, lagunen artean arro arro ibilli, eta aolako beste gauza asko.

— Egia da, Alemania-ko mariñoak gazterik erretiretan direala?

— Ez bakarrik Alemania-n. Industria aundia dauken naziño guztietan bardin. Batez-bere makiñistak, itxasoan urte batzuk eginda gero, legorreko fabriketan sartzen dira. Aspaldion, Espaiñia-n be, neurri txikiagoan, orixe pasetan da. Olan, diru gitxitxuago irabaziarren-bere, mariñoen bizimodua asko aldatu da, gozatu da, obatu da.

— Eta zer diñostazu mariñoen kristiñau bizitzeagaitik? Nik beiñik bein ez dot ikusi barku onetan erlegiñoaren ardura aundirik. Egia da, mariñoen artean, kristiñau bizitzea otzitu egiten dala?

— Uste dot baietz.

— Zegaitik ete da?

— Aintxiña, itxasgizonak peligru asko pasetan zituen itxasoan, eta Jaungoikoagana jo bear izaten eben sarritan. Orain barriz, olako untzietan geure errian baizen seguru bizi gara, eta gitxi sentietan dogu Jaungoikoari errezetako bearrizana. Orrezaz gaiñera, emen itxasoan, asteko egun guztiak kasik bardiñak dira, beti lanean gabiltza-ta; eskerrak, barku onetan kapellaua daukogula; bestela, ia ia jakin-bere ez geunke egingo noiz dan jaieguna. Baiña, nire ustez, gure otzitasunaren kausarik printzipalena auxe da: familiatik urrun bizi gareala, etxeko eta parrokiako berotasuna falta jakula.

— Eta beste kausa bat ez da izango, zuetariko asko, subalternuen artean endemas, erlegiñoan ondo azi barik itxasora etorri zariela?

— Baita ori-bere.

— Eta amaituteko. Olako barkuetan zer uste dozu kapellauak egin bear leukela?

— Ba... verba egin danakaz, tripulante guztien laguna izan, danon konfiantzea irabazi, gure barruko kezkatxuak berari agertuteko bidea zabaldu, aztu doguzan kristiñau egiak geldi geldika gure biotzetan biztu, eta batez-bere ejemplu ona emon.

***

 Auxe izan zan euskaldun makiñista aregaz egin neban verbetea. Agur, urrengoarte, ANAITASUNA-ren irakurleak.

Vigo-n, urriaren 21-ean.

Berriatua


Munduan zear

Sermotan asi aurretik, gitarrea lagun, kantari jartzen da mixiolari bat

Auxe egiten dau Aita DUVAL'ek (S. J.), Jaungoikoaren «bersolari» barri onek.

Prantziko errietan agertu da bersolari barri bat, gitarra bat eskuetan daroala. Jesusen Lagundiko seme gaztea bera, or dabil batetik bestera, biotzan Kristoren sua, eta agoan kantuaren ezti gozoa.

Pentsamentu berezi bat sartu yakon bein buruan: «Gaurko munduari gustetan yakozan musika-soiñu barrietan, zergaitik atara ez nik Jaungoikoagana arimeak eroateko bertso polit batzuk? Misiño ederra izan leiteke auxe». Ta papela artu, ta idazten asi zan: «Zure bizi-leku ederraren ondoan». «Uste neban —diño A. DUVAL'ek berak— berba onexeri begira egin neinkeala kopla-barri eder bat». Eta ara:

I

 Jauna, ene adiskide kutun!

Zuk zure eskutik naukazu.

Ezer bildur barik

Zugaz bide-goira elduko naz.

II

Zugaz, naiz aize artean,

naiz otz gogorra danean...

Bardin niri!, Biotzean

zaitudala jakiñean.

III

Nun-nai jantza ta irribarre,

danetan atsegin-gose...

Baiña ni banoa billa

zure arpegiaren dirdira.

IV.

Bertsoz kantari noa arin:

Zu zain zaitudala dakit,

zure bizi-leku aurrez,

ate-ondoan biotzez.

V.

Antxe zagoz ate-idigi,

ta ikusten dot zure arpegi,

ta etxeko zure mai zuri,

ta mai ganean plater bi.

Auxe izan zan bere lenengo kantua. Orain Prantzi osoan zabaldu da bere izena. Ta an dabil erririk-erri. Erri batera eldu, ta deituten dau ango jentea ziñetokira, euren aurrean jezarri, gitarrea artu, eta kantuan asten da. Jentea ago zabalik dauka entzuten. Azkenean, txalo bizian amaitzen dau bere kantu-aldi gozoa. Ta momentu au eristen yako arimen ardura artuteko egoki. Eta jesuita gazte onek orduntxe egiten deutse berbaldi laburtxo bat, maitasunari edo fedeari edo itxaropenari edo Jaungoiko onari yagokon berbalditxo bat. Bere berbak, zeruko garo bigun bailira, bustitzen dituz graziz euren arimeak. Alan batzutan. Iñoiz barritz beste era batera; esate baterako, erriko kafetegian gizon illun, arpegi baltz, gogor, ta elizatik urrun eta abade kontra dabizanen artean egiten dau bere kantu-kontziertoa. A. DUVAL'ek eztau toki orretan benetako sermoirik egiten; eztau izan be orretarako asmorik eroaten. Asten yake eskari bategaz: «Bertso batzuk kantauko deutsuedaz, nik neuk amaren izenean egiñikoak». Titulotzat auxe: «Jauna etorriko da». Ta begira ze samurkiro bere amari zuzentzen deutsan kantu ori: «Nire amari, beti bere bizitza guztian pobre izanari, eta beste Paradisoren itxaropenik, Jesusen arexena izan ezik, eztaukan nire ama koitaduari». Kafetegiko aurreko maiari besoa ta lepo-erdia bota, ta asten da bertsotan, gitarra-soiñua daukala lagun. Bertso-lan fiña, samurra, biotz-ondokoa. Ogei, ogetamar gizon daukoz belarriak zur... Azkenerako danak txaloka gogor. Ta orduan bigun-bigun asten dau eurekaz arima ta Jaungoikotzaz alkar-arteko diskusiñoa. Geienetan langillez ta obreruz egoten da tokia beterik. Eurentzako izaten da misiñolari onen barri ona. «Jauna, —kantetan dau— zuk leporatu deustazu pobretasun-karga aztuna, baiña oindiño guk mundua aldatu geinke».

Prantziko errietan, eta Prantzitik kanpora be bai, zabaldu da jesuita musikalari onen entzutea. Ta ez uste izan erri txikietan bakarrik, uri aundienetan be emon dituz bere konziertoak: PUY-urian, eta DIJON'en, BOURGES'en, TOULOUSE'n, PARIS'en eta baita SUIZA'n be. Ondiño ezta asko JINEBRA'n. Ta radiotik BELJIKA'n, eta telebision-bidez LUXENBURGO'n.

Era ezagutu-ez'eneko onetan doa gizon zarata-bako eta biotz-oneko au Kristoren barriona gaurko munduari esaten. Motorragaz erri batetik bestera, bere gitarrea atzetik daroala, ibilli dabil Jaungoikoaren «bersolari» au, Kristoren «birigarro» eztarri kantsa-ezin au. A ze apostolutza ederra!

Arizpe


Arpegi ikustea

Lantegi lagun eta adiskide bat neukan nik, ni baiño gaztetxuagoa, Jose eritxona: mutil azkarra, zintzoa eta oso langillea.

Domeka goiz baten, meza ostean,esan eustan:

— Gaur arratsaldean, zeregin bear bearrezkoa betetan lagundu bear deustak.

— Zer dok ba, zeregin ori?

— Etxakiat ba nik. Malentxu ekin eta ekin jaukoat beti, euren etxera bere amagaz egoten joan bear joatala-ta..., arpegi ikustea edo dalako ori, noiz edo noiz egin bear ei joagula-ta... Neu ba, bakarrik joaten enok ausartuten. Eta gaiñera, neure anai nagosi eta zelanbait guraso eu izan aiz beti.

Malentxu «Goialde» eritxon baserri etxeko alaba bakarra zan: polit polita, begi urdin eta ule gorrizkea, baserritarra baiño uritar antz geiago eukana, lirain liraiña.

Jose barriz, lepo zabal, bular sendo, mutil eder ederra eta ona.

A zelako bikotea osotuten eben gazte maitagarri oneek!

Eta bazkalostean, kafetxean alkar batuta, an giñoiazan gure Jose ta biok erritik urrun xamar egoan «Goialde» baserri etxerantz.

Biderdi inguruan egoan-trabenatxu baten sartu eta arnasea artu, barruak pizkat berotu, eta adore apurtxu bat geuganduteko, oso urduri ta arduratsu be ba-giñoiazan-da, pitxar bete ardao gogotsu edan genduan.

An goian, Kosnoa mendi bizkarrean «Goialde» agiri zan, eta ardaoak ezarri euskun kemen eta indarraz laster giñean bertan, baserri etartean.

— Eup! —ots egin genduan.

Berealaxe agertu zan atarian Josepa, alargun andra zabala, Malentxuren ama.

— Zeuok zarie? Aurrera, aurrera sartu zaiteze, barruan obeto egongo gara-ta.

Sukalde zabal ederra, eta bai ondo ornidua-bere. Etxe tresnak, ugari, garbi garbi, eta bakotxa bere leku berezian. Eta goian, dingillizka, lukainka sortak eta urdaiazpiko asibarri bat; eta an baztertxuan egoan-gazonaska barruan, nok asmau zer gordetan zan?

Begiak, lukainka eta batez-bere urdaiazpikoari zuzendu, eta Joseri kiñu egiñaz ezer esan barik, adituten emon neutsan:

— Ez aiz i beintzat toki txarrean oiñak sartzekotan asi.

Jezarri giñean zumillezko aulki txiki banatan, andra Josepa aurrean geunkala; baiña ez zer ez zelan asi ezkenkian.

Noiz edo noiz baiña, indarrez baiño ezpazan-bere, urten eustan:

— Jakingo dozu, andra Josepa, zetara etorri garean.

— Gitxi gorabeera bai.

Barriro ixillune luze ta urduria. Eztarria legor eta txapela esku artean jira-biraka, zelan jarraitu enekian. Ta Josek itzik-bere ez.

— Ba... orretantxe etorri gara... (Eta geiago ezertxu-bere ez. Ezin!).

Andra Josepa gu baiño zuurrago, argi ta azkarrago zan, eta onako autuetan geiago ikusia; eta marapillo aretatik polito atara ginduzan, esanaz:

— Tira, tira. Onezkero arratsalde erdia joan zan-da, zeozertxu jateko gertuko dotsuet, ekiñari jarraitzen deutsagun artean.

Esan ta egin: denpora asko igaro orduko, an geunkan, mai gaiñean, pernil ta guztiko arrautzopil zabal eder bat, lau librako ogi biguna eta pitxar bete txakolin zuri.

Eta orduntxe bai. Janez janez eta edan edanez, miiñak askatu jakuzan; eta... eguraldi onak egozala, ortuariak-eta ugari izango zireala, artoak-bere buru ederrakin etozala eta abar eta abar: olantxe, jan-edan sta txortxorrean, arratsaldea amaituaz joian eta illunabarra ez zan urrun.

— Baiña, Malentxu nun da ba? —itaundu eban noizbait Josek.

— Eztakit ba. Or nunbaiten izango da. Len emen ebillen artega, geldi egon eziñik, batera ta bestera; baiña leiotik-edo aldatzean gora ikusi zaituenean, batek baki nun sartu dan! Lotsortxua dala ba-dakizue-ta...

Guk, baiña, guztiz gautu orduko alde egin bear, eta jagi giñean. Urdaillak ondo beteta eta goialdeak-bere... polito. Ipurtargiak baiño argiago. Orduan bai, orduan ekingo geuntsan guk, biaramonerarte-bere.

Agur egikeran, andra Josepak esan euskun:

— Ba-dakizue orain nun bizi garean, ta nai dozuenean etorri.

— Bai, andrea. Arratsalde on eta eskerrik asko guztiagaitik.

— Eta zu, Jose —geitu eban—, or beko bide kurutzean gelditu barik, urrengoan etorri goraiño, txakolin pizkat eta lukainka erdi bat egongo da-ta.

Geure buruok kanpoan ikusi genduzanean, nasai arnasea artu, eta Joseri esan neutsan:

— Au izan dot esturea, mutil! Arpegi ikustera etorri, eta emaztegeiskoa ikusi barik alde egin. Olakorik orraitiño etxoan iñok egingo!

— Etxamon mutil. Guk bostetako egoki, ugari eta gozoa jan eta edan joagu; eta Malentxu biar astelenez-bere ikusiko joat. Beiñik bein, egin bear zana eginda jagok, eta kitu.

Arpegi ikusten etorri eta

Ikusi barik alde egin.

Gazte bi areek ondo ekien

Alkar biotzaren barri.

Andik ille bi ingurura, Malen eta Jose ezkondu zirean, eta euren seme-alabak ugari eta zorionez geure erri onetan bizi dira.

Gernika

BELU


Bertso barriak [Bertsoak]

Aita Santu Pio XII-garrenari iltorduan Basilio Pujana-k ipiñiak.

Il kanpaiak entzuten dira:

Il jaku Aita Santua,

Eleizaren buru bakarra

Ta Kristoren ordezkua,

Mundu guztiko gizon guztien

Aita samur ta gozua.

Egun oneitan beretzako da

Gure negar ta mosua.

Odoitorra ta trunboi artian

Igaro dauz ogei urte.

Gizonak biotz illunagaz ta

Mundua amurratute:

Baltzak, zuriak, onak, gaiztuak,

Ta berak guztiak maite.

Begiratu ba, bera kenduta,

Nor dan orrelako aite.

Aita ilteak ze gauza asko

Ekarri deuskuz burura.

Batzuek pozez geio eziñik,

Joan dalako zerura;

Beste batzuek, il jakulako,

Pena ta negar samurra;

Gaiztoak barriz, guztiz artega,

Ezin kenduta bildurra.

Jauna, emoiozu il dan Aitari

Zeure zeruan lekua.

Beste artzain bat emon eiguzu,

Jaungoiko errukitsua,

Il baiño lenao sendotu daiten

Otso arteko artxua,

Indarra emonda bildostu daien

Pisti txar amorratua.


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ANAITASUNA-ren numeru onetan agertzen direan berba batzuk:

ASAGO, urrun, urrin. Bermeon eta Mungia aldean erabilten da.

ARRAUTZOPIL, tortillea.

ARTEGA, artekadu, sosegu barik.

ARTZAIN, pastorea, ardiak zainduten dituana.

ATABI, baserrietan ate aurreko tokia, etartea, kolarra.

AUSARTU, atrebidu. Bakarrik joaten enok ausartuten.

AUTU, alkar berbetea, konversaziñoa.

AZKAR, listoa, bizkorra, zuurra.

BEREALAXE, beingoan, bertatik. Erderazko enseguida.

BEREZI, apartekoa, espeziala. Bakotxa bere leku berezian. Beresi (s letreagaz) esaten jako, arbola txiki ta sastrakaz beteriko lekuari.

ETA ABAR, eta beste gauza asko, etc., etc.

ETARTE, ataria, kolarra, baserrietan ate aurreko tokia.

ETXAMON, ez jaramon, ez egin kasurik.

GERTU, prest, prestatu, preparatu. Gertu nago. Zeozertxu jateko gertuko dotsuet.  ITAUNDU, preguntatu, galdetu.

LEIO, ventanea.

OTSO, basatxakur. Erderazko lobo. Erderazko oso, euskeraz artz esaten da. Artz bat eta otso bi ikusi doguz.

SUKALDE, suetea, eskaratza.

TXORTXORREAN, berba ta berba egiten. Erderazko charlando.

URDURI, artega, sosegu barik, artekadu, kaixu.

URRUN XAMAR, urruntxu, urrintxu, asagotxu.

ZELANBAIT, zelan edo alan, zeozelan.

ZUUR, listoa, azkarra, experientziaduna.

Urteko illen izenak

Urtarrilla

Zezeilla

Martia

Aprilla

Maiatza

Bagilla

Garagarrilla

Agostua

Irailla

Urria

Zemendia

Abendua