ANAITASUNA

V URTEA - N.º 50

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Garagarrilla (7) 1958


"Anaitasuna"-ren Eguna

Naziño osoan ospatu zan San Pedro egunean, Españia-ko Prensa ta Informaziñoaren Eguna. Ori dala-ta, berbaz, eskribuz eta radioz alegin aundia egin zan erri guztietan, kristiñauak jakin daien zelan dagoan Espaiñia-n Prensa Katolikoa, eta zer egin bear litzaken Prensa ori gero ta obeto jarteko.

Eleizearen Estadistika ta Informaziñozko Ofiziña Generalak diñoan lez, ia millara eltzen dira Espaiñia-ko publikaziño katolikoak, eta urtearen buruan 100 milloi ale gitxienez zabaltzen dira.

Eta alan ta guztiz-bere —begien vistan dago—, Espaiñia-ko Prensa Katolikoak indar gitxi dauko naziñoko gorabeeretan, eta influentzia eskasa kristiñauen bizimoduan.

Zegaitik ori? Madrille-ko «Vida Nueva», amabosteroko periodikoaren ustez, bi dira egokera orren kausa printzipalak: leenengoa balio bako publikaziñoen larregikeria, eta bigarrena prensa on bat eukiteko dirurik eza. Eta erremediotzat eginkizun bi akonsejetan ditu: geldi geldika publikaziñoak gitxitu, eta prensa onari gogoz eutsi.

Eta zein da Euskerazko Prensa Katolikoaren egokerea? Zetan esan-bere ez, erderazkoarena baiño askoz txarragoa, ia ia prensarik be ezdaukogu-ta.

Gauza luzea izango litzake, editorial onetan egobera triste orren kausa guztiak azaldutea. Gaurkoz naikoa izango da, «Anaitasuna» zelan dabillen esatea.

Oraintxe dira bost urte, orritxu au ataraten asi giñeala. Gure asmoa auxe izan da beti: euskera erreza ta argia erabilli, erriak lez berba egin, erriarentzako idatzi, gentearen artean euskeraz irakurteko oiturea sartu, etorkizuneko euskaldun prenseari bidea zelan edo alan preparatu.

«Anaitasuna»-ren leenengo numeruan, gure asmoak adierazota gero, auxe esan genduan: «Ez da au naikoa asteko? Geroago, eukiko dogu demporea, gure izkuntza maitea orraztuteko, txukunduteko, apainduteko, garbituteko. Orixe-k esan dauan lez, «euskera gaixoak operaziño asko daukoz egin bearrak, eta guztiak batera egingo bageuntsoz, il egingo litzake» (Meza-Bezperak, X).»

Askok ontzat artu ditue gure asmoak, eta euren txalo eta berba onakaz animatu egin gaitue aurrera joateko.

Beste asko barriz, ez dagoz konforme gugaz, batez-bere erdal usaiñeko berba asko erabilten dogulako.

Zer egingo dogu ba? Danok maite dogu euskerea, danok gura dogu betiko bizi daiten. Orretarako, gure ustez, momentu onetan erriari aolantxe idatzi bear jako, bestela ez leuskigu irakurriko-ta.

Uste dogu emen, orritxu au egiten dogunok, Bermeo-ko euskaldun erri onetan bizi gareanok, bertoko euskerea gau ta egun erabilten dogunok, erri bilingual aundi onetan erderazko olatuaren kontra pellikada izugarrian gabiltzanok, Bizkaiko errietan etxerik etxe euskerearen alde oles egiten ibilli gareanok: uste dogu, euskaldun irakurleen aldetik komprentsiño ta laguntasun apurtxu bat merezi dodula. Besterik ez dogu eskatuten, orixe baiño. Eta parkatu deiskuela, lantzean bein gure zirikadakaz iñor zauritu badogu.

Olan gure orritxu au gero ta obeto ibilliko da, eta euskerearen etorkizunari nasaitu eta zabaldu egingo jako bidea.


Euskal baserriaren etorkizuna

Arantzazuko Goiz-Argi errevistatik bizkaieraztua

Gure baserritarra kezkaz beterik bizi da, eta bere buruan askotan pregunta au egiten deutso: Konveni ete jat baserrian jarraitutea? Kalean ez nintzake obeto biziko? Baserrian nagoan bitartean, iñoiz biziko ete naiz ondo, nasai eta aberats?

Asikera asikeratik, baietz esango deutsat baserritar fiñari.

Orretarako, ara nire ustez zer egin bear dan: Beitokia ondo jagon, sagastiak eta fruta arbolak arduraz zaindu, oillatoki on bat ipiñi, ortu zati bat ondo jagon.

***

Beitokia ondo jagon, esan dot lenengo. Orregaz zer esan gura dot? Gaurko egunean dagozan adelantu geienak, diru geiegi kosta barik, gure baserrietan danak ipiñi leitekez. Kortak txukundu egin bear dira lenengo; argiak izan bear dabe, garbiak eta errez aizebarriztuten direanak. Olako leku atsegin baten dagozanean, beiak askoz probetxu geiago emoten dabe.

Kortea txukunduaz bakarrik, ezin esan geinke, beitokia ondo jagonda dagoala. Janari egokia emon bear jako ganaduari. Importantzia aundikoa da au. Alperrik eukiko doguz bei ederrak eta leku txukunean, gero janari egokia eta bear dan bestekoa emoten ez badeutsegu.

Ganaduak bear dauan janari ori emoteko, lurra analizetan asi bear dogu; olan jakingo dogu, gure lurretan zer falta dan, karea ala nitrogenua, potasea ala fosforua. Lurraren analisi onek erakutsiko deusku, ze ongarri eta abonu bota bear deutsagun. Olan egiten danean, lur orreetatik datorren janaria, indartsua ta ona izaten da.

Oraiñarte esan doguna egin ezkero, badakigu gure ganaduak jaten dauan janaria ona dana; baiña ori ez da naikoa. Zenbat jan bear dauan ikasi bear dogu: bestela, baleiteke geiegi edo gitxiegi emotea, eta bai bata eta bai bestea txarrak dira. Janari ona eta bear dan bestekoa emon ezkero, ganadua indartsu, osasuntsu eta probetxu aundikoa izango da.

Probetxu aundia atarateko, ganadu ona euki bear. Alperrik txukunduko doguz kortak eta ukuilluak; alperrik emongo deutsagu janari ona eta naikoa, ganadu kasta txarra badaukagu. Gogoan euki au: bei on bik, lau txarrek baiño probetxu geiago emongo deutsue.

Beitokia ondo jagonda dagoala ezin esan geinke, zortzi bei mantenidu leitekezan baserrian, lau bakarrik mantenietan badira. Azkenengo urte biotan egin direan aprobadetan, auxe ikusi da Gipuzkoan: Doble ganadu mantenidu leiteke, bedartzak ondo jagon ezkero. Erdira jota, lau hektarea lurreko baserriak dira geienak Gipuzkoan. Lur orregaz, ondo mantenidu leitekez zortzi bei eta euren txalak.

***

Goazan orain, danon gustetan jakun lekura. Zenbat diru atara bear leuke baserritarrak, esan doguzan gauza guztiak egin ezkero?

Ez naiz goregi joango, baiña ez beeregi be. Jarri daiguzan zortzi bei eta sei txal. Beiak be, ez doguz on onak ipiñiko. Badagoz urtean sei milla litro emoten dituenak. Jarri daiguzan orren ordez lau milla litro urtean; zortzi beik, 32.000 litro, lau pesetan: 128.000 peseta. Sei txalak, ogetaamabost erraldegaz saltzen doguzala kontuak atarata, erraldeko bederatzi ogerlekoan 9.000 ogerleko urtengo dabe. Guztira, esneagaz eta aragiagaz: ogetamabost milla ogerleko. Pentsotan amar milla ogerleko gastatu ezkero-bere, ogetamabost milla ogerleko geldituten jatzuz.

Onezkero esan dozu zeure kitan: orreek guzurrok egiak balira! Guzurrak? Zegaitik? Beitokia zelan daukazu? Janari ona daukazu ganaduarentzako? Bear dan beste emoten deutsazu? Bei kasta ona daukazu?

Sagastiak eta fruta arbolak aitatu doguz bigarren. Baserriko aberastasunik aundienetariko bat izan leiteke auxe. Zenbat baserritan ete dagoz berreun sagarrondo baiño geiago? Baiña onak zenbat? Egin daigun, ondo jagonda dagozala. Arbola bakotxak berrogetamar kilo emotea ez da asko. Guztira: amar milla kilo; kiloko bost peseta, amar milla ogerleko dira. Larregi dala? Zoaz Baiona ondoko Lehontza errira, eta ango sagastiak ikusita, berba egingo dozu.

***

Baserritar asko dira, oilloak ez dabela ezer emoten siñistuten dabenak. Eta benetan, euren etxeetan pasetan dana ikusita gero, eureri errazoia emon bear. Baiña, urtean larogei arrautza ipinten dituen oilloen ordez, jarri eizuz oillatoki txukun baten, janari egokiagaz, berreun arrautza urtean ipinten dituen kasta oneko oilloak, eta ikusiko dozu zenbat diru emoten daben. Gaurko prezioetan, oillo batek jaten dauan janaria, bederatzi-amar arrautzagaz ordainduten da. Urtean eundaogei arrautza bear dira ba, janaria pagetako; larogei arrautza bakarrik ipinten baditue, galdu egiten da. Egia esateko, baserri askotako oilloak ez dabe pentsotan ainbeste gastetan. Oillo bakotxetik berrogetamar arrautza libre geratuten direala, eun oillogaz bost milla arrautza, iru pesetan, amabost milla peseta. Ona emen, baserriko etxekoandra eta emakumeentzat, zeregin aundia.

***

Ortu zati bat ondo jagoteko esan dot azkenengo. Nok ez daki ortuariak egiten daben prezioa?

***

Au dala ta bestea dala-ta, kontuak ataraten badozuz, baserrian urtean berrogei milla ogerleko libre atara bear litzakez. Kaletarreri asko irudituko jake, baiña beti gogoan euki bear da auxe: baserritarra, bere baserri, ganadu, tresna eta enparaduakaz, kaleko fabrika ugazaba batelakoa dala, eta ez beargin baten antzekoa. Eta kaleko fabrika ugazabak ez dabe, askok beintzat, urtean berrogei milla ogerlekorik irabazten?

Manuel Oñatibia

Zarauz'ko beterinarioa


Lurra analizatu

Gure baserritarrak jakin daien zer dan lurra analizatutea, ona emen zer diñoan gizon jakintsu batek, baserri biko lurra analizatu ostean:

«Edozein labore egiteko, azido asko dauko zure lurrak. Orain dagoan lez, patatea, azea, naboa eta tabakoa emon leikez zure lurrak. Baiña geiago emongo leuke, area baikotxean amar bat kilo kare bota ezkero.

Garia, artoa, zentenoa eta orrelakoak egiteko, kare apur bat geiago bota bearko litzake. Erremolatxea eta ortuariak artzeko, ogei bat kilo kare. Alfalfea, frantses bedarra, babak, idarrak eta onelakoak egiteko, 20-tik 30 kilo kare bota bearko litzakez, ondo etorteko.

«Zianamida kalzika» erabilli bear zeunke, zure lurrari azido larregi ori ondo kentzeko, eta nitrogenoz orniduteko. Orixe egin bear dozu, batez-bere bedar ona ta ugaria euki gura badozu. Zure lurra gero ta obeto ipinteko, bi edo iru urtean bi edo iru kilo «zianamida kalzika» bota bear zeunskiozu area bakotxean.

Zure lurrak fosforua be eskas samar dauko. Orregaitik kilo bat-edo «Escoria Thomas» bota bear zeunskio area bakotxean.

Baiña beti ardura aundia artu bear-da, oneek gozagarriok botetan dozuzanean. Oba dozu urte bian egitea, eta bakotxean ikusi ze on egiten deutsen lurrari. Kontuan euki bear dira gauza asko: lurraren bustia, noraiño eltzen dan lurraren onurea. Bestela abonua edozelan bota ezkero, errez galdu leiteke, karu erosita gero.

«Zianamida kalzika» ori zure lurrari bota bear badeutsazu, kontuz ibilli, venenozkoa da-ta. Min egin leikizu, begietan, agoan eta oiñetan egin leikezan zauriakaz.


Emakumearentzako

Mari Begoña'ri

Ondo dakizu, ori ez dala zure benetako izena. Neuk emon deutsut izen ori, nor zarean iñok igarri ez daian.

Zeure karta orretan diñostazu, zelan izan dan maitasunezko zeure lenengo frakasua. Eta gauza onen gaiñean zeredozer idazteko diñostazu «ANAITASUNA»-n, zeuretzako eta beste neska gazte askoren onerako.

Ez dira gitxi, zure antzera, ilusiño guztiak galduta, naibagez beterik bizi direanak. Alan ta guztiz-bere, zure kartea ez dator negarrez, ez dator zotinka. Agiri da, zure laprastada orretan ez dozula galdu humore ona ta, batez-bere, zentzuna. Eta garbi garbi diñozu, mutil orregaz ez ziñeala zoriontsu izango.

Dana dala, ezin ukatu zeinke, laprastada orrek biotza pixka bat astindu deutsula eta min apur bat emon.

Seguru, ama ta amama ta izekoa etorri jatzuz esaten: «lenengo maitasuna dala egiazkoa». Eta esakera ori —fundamentu bako esakerea— aintzat artuta, or zabiltz osasuna-bere galtzeko moduan, zoritxar aundi baten azpian jausi baziña lez.

Lagundu deizudala eskatuten deustazu. Zelan baiña? Neska-mutillen artean maitasunak zelan izan bear dauan argituko deutsut. Gero, eurak zelakoak izaten direan. Eta azkenik, novioen arteko artu-emonak zelakoak izan bear daben. Oneek gauzatxuok jakin ezkero, barriro beste bategaz asten bazara, suerte obea eukiko dozula uste dot.

***

Zure kartan ikusten danez, gauza batzuetan oker zagozala esan bear deutsut. «Ikustekoa zan —diñozu— noraiño altzetan ninduan berak. Ni lako neskarik ez egoan mundu guztian: ain ona, ain polita, ain espirituala. Eta, jakiña, nik dana siñistuten neutsan, eta bera be neure antzekoa zala uste neban.»

Ondo dago, Begoña; baiña ez zenduan aztu bear, maitasuna argi dirdira bat lez dala. Argi orretan, maite laguna grazia guztiakaz apainduta ikusten da. Eta ori ez dago txarto, bear dan neurrian egiten bada. Gaixorik gagozanean be, kalenturea gauza ona izaten da, odolean daroagun gatxa jakiteko. Baiña 39 gradutik gora dabillenean, mediku billa joan bear izaten da, gorputzeko berotasun larregia baja eragiteko.

Bardin pasetan jatzue maitasunezko gauzetan-bere. Sarritan, amodioaren pasiñoagaz amesetan asten zaree, maite laguna larregi goratuten dozue, itsutu egiten zaree, eta ez deutsazue ezetariko faltarik ikusten.

Arraiatik gora pasetan daneari, neurrira jatsi bear da. Guztiok gara aragizkoak. Guztiok daukoguz geure argaltasunak, geure defektuak, geure utsunetxuak. Novio-noviak bardin. Orregaitik, ezkondu orduko, ezagutu egin bear ditue ondo alkarren prenda onak eta txarrak. Eta amodioa egiazkoa bada, utsune guztiak gorabeera, seguru segurutik len baiño geiago maite izango dabe alkar. Orduantxe izango da maitasuna benelakoa, sendoa, gogorra, mundu guztiaren esamesakaitik bapere ardura ez deutsona.

***

Zure bigarren errakuntzea zetan dagoan esango deutsut orain. «Nik uste dot —diñozu kartan— eurak euren buruari ez deutsela geuri baiño geiago begiratu bear. Nok esango leuke! Beti euren alkondarea eta euren jerseia, beti euren ule orraztua eta euren praka arraiea... Orreexek dira euren ardura guztiak. Eta gu?»

Ez, Begoña. Bide orretatik ez zoaz ondo.

Bere buruagaz aztuta, zeugaz bakarrik pentsetan dauan gizona gura badozu, oker zoaz. Gizonak alantxe dira euren izatez: egoistak. Ez direanean, au da, euren zoriona baiño iñorena naiago dabenean, ori Jaungoikoaren aparteko doi bategaitik izaten da. Egoismoa, gizonezkoen artean defektu natural bat da. Emakumeen artean barriz, pekatu aundiagoa ta astunagoa. Auxe da egia, eta emendik atara noraiño eltzen dan geienetan gizon baten desinteresa, neskatilla bategaz asten danean.

***

Irugarren ekivokaziñoa: novioen arteko errelaziñoen gaiñean pentsetan dozuna. «Ezin leitekio iñori konfiantzarik emon —diñozu zure kartan—. Bategaz asi, ta illabetegarrenean beste bategaz doaz. Eurak ez dabe galtzen, eta geuk-bere ez dogula galtzen uste dabe. Lau illebetean ibilli gara, eta jan egingo ninduala esan eiteken batzu batzutan: ain zan aundia nigana sentietan eban pasiñoa. Baiña orain beste bat topatu dau ni baiño politagoa, ta...»

Ondo diñozu, Begoñatxu. Baiña ez ikaratu esango deutsudanagaz. Eurak dauke errazoia. Ondo egiten dabe, euren eritxia kambietan dabenean. Ondo, novia bat itxi eta beste bat artzen dabenean. Izan-bere, orrexetarako dira ezkongeien arteko errelaziñoak. Matrimoninoa, gauza serioa da. Betirako da. Askatu eziña da. Bein ezkondu ezkero, ezin leiteke biurtu atzera. Noviazgoa be, ezkontzearen antzekoa izan daitela gura dozu? Askatu eziña gura dozu? Betirakoa? Ez, ba. Ez eizuz gauzak euren lekutik atara.

Jantzi bat ikusi dozu denda baten. Sartu zara barruan. Probatu dozu. Begiratu zara ispilluan, eta ikusi dozu txarto emoten deutsula. Zer egiten dozu orduan? Itxi bertan, eta beste jantzi baten billa joan. Orixe berori egin bear dabe, ezkondu orduko, novio-noviak. Ezkongeien arteko artu-emonak orrexetarako dira. Ez jatzu gustetan bera? Itxi. Ez zatxakoz gustetan berari? Bardin da. Itxiten bazaitu, ondo egingo dau.

Bai, ba-dakit. Onek min egingo deutsu biotzean. Baiña pasatuko jatzu. Emon demporeari zauriak osatuteko ardurea. Laster osatuko zara.

Eta ez pentsa «lenengo maitasuna dala onena.» Edo bai: pentsa ori, baiña benetakoa danean. Eta bearbada, «lenengo maitasun» ori, azkenengo novioak emon deutsuna da.

Ez dakit, baiña bildur naiz, karta onetan gogortxuegi izan ete naizan. Asmoa beiñik bein, gauzak argi esateko euki dot. Egia alantxe da sarritan: gogorra. Jaungoikoari eskerrak, alantxe dalako. Egia gogorra dalako ibilten gara seguru, berari ondo eutsita, jausi ez gaitezan. Bideari, trenbideko errailleri zer eskatuko deutsegu? Gogorrak izan daitezala. Gaztanberazko erraille gaiñean ez giñaike iñora joango.

Aingeru


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ANAITASUNA-n agerturiko berba batzuk:

ALBISTE, notizia, barria.

ANALIZATU, desegin gauza bat, bere parteak estudietako edo zer direan jakiteko.

AREA, amar metro kuadraduko neurria.

BEREBIZIKO, egokia.

DESTAIÑA, desprezioa, erderazko desdén.

ERASO, impresiñoa egin. Eraso egin eutsen nire berbak.

EZTABAIDA, dudea / diskusiñoa.

GARERDIKO, sasoi oneko gaztea, gara erdira eldu dan gizona.

GUDATALDE, ejerzitua (berba barria).

HEKTAREA, eun areako neurria.

IDATZI, eskribidu (berba barria).

IRAUN, duraziñoa euki, erderazko durar.

ITAUNDU, preguntatu; gipuzkerazko galdetu.

JARRAITU, segidu.

JATSI, bajatu.

KEZKA, errenkurea, buruaustea, preokupaziñoa.

KITAN, barruan. Onezkero esan dozu zeure kitan.

 MARATZ, arduratsua, jasoa, beargiña.

NEURRI, medidea.

OLES EGIN, deitu.

SAGARRONDO, sagar arbolea.

ZAPI, trapua, oiala.

ZERU, aingeru ta santuen tokia / eleizako palioa.


Naste-borraste

Karakolak eta bareak

Gabon inguruko astelen-merkatuak, ikustekoak izaten dira Gernikan. Oillasko, kapoi, sagar-madari ondo baiño obeto zainduak eta konpotak egiteko berebizikoak, intxaur, oillagor, angula, erbi, karakol, eta abar.

Oneetankoxe astelen bat zan; eta beste jaki askoren artean, Kortezubiko Madalen andratxu garbi eta maratzak, zapitxu bete karakol eukazan.

Oraindiño Gernikara etorribarri zirean-eibartar armeru mordo txiki bat aurreratu jakon, eta ezetariko eztabaida barik, karakolok erosi eutsiezan.

Euretariko langille batek baiña, erdi destaiñaz, erdi irribarrez itaundu eutsan:

— Eta merkatura, eztozue barerik ekarten?

— Bareak saltzen merkatura? Ez orixe! Orreek eztira jatekoak.

— Eztireala jatekoak? Karakolak baizen onak bai; eta gaiñera, urdaillerako-ta askoz be egoki ta osasuntsuagoak. Gure errian ondo gozo eta pozik jaten dira.

— Eztot ba nik iñoiz entzun olakorik.

— Ez? Ba aolantxe da. Ekarriko zeunskidaz datorren astelenean zapitxu bete?

— Bai, pozik bere. Ekarri ez, ostera!

Eta esan eta egin. Gure Madalen-ek ekarri zituzan bareok, eta... bai eibartar langilleak eskatu eutsona ordaindu, eta pozik antzera eroan be.

Laster zabaldu zan, merkatura etorri zirean-andratxuen artean, Madalen-ek egin eban bare-saltze orren albistea; eta urrengo astelenean, andra bakotxak an eukan bere aurrean barez beteriko zapi zuria. Eta zelako bare guri guri, garbi ederrak! Gordin gordiñik jateko modukoak!

Baiña orduak joan eta orduak etorri, bare-merkataririk ez zan iñundik agiri, eibartar langille azkarrak, euren zitalkeriaren azken barregarria pozik ikusiaz eta erdi ezkutuan, an ibilli arren.

Eta illuntzean, merkatua amaitu zanean, plaza ederraren zabal-luzera guztian ez zan barea ta barea baiño besterik ikusten. Eta oraindiño urrengo goizean, kalegarbitzailleak guztiz arriturik egozan, nundik-norako bare gudataldea ete zan a.

Dana dala, bestelako garbitasuna emon eutseen euren ortu eta soloeri Gernika inguruko andratxu zintzo eta siñiskorrak!

Aintxiñatxutik esaten da emen, badaezpadako edo andik-ortiko bi alkarregaz ikusten direanean:

A zelako parie,

karakola ta barie!

Gernika

Belu


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

XI

Ocaña-tik, 1856

Neure amatxu maitia:

Berorren letrak gustoz leitu nituzan; baiña gusto andiyaguaz aitzen emoten eustan, berorren trabajutxuetan Jaungoikuaren vorondate santuarekin konforme eguala.

Bai, amatxo: Jaunaren eskutik datorrena, esku onetik dator, eta graziyak emonagaz artu biar dogu.

Santa Monika-ren egunian, gutxi gora-beera amazortzi urteko fraile gaztetxo bat il jakun; eta ilda gero, barrezka eguala esan zeikian. Bat ilten dan ordutik eta enterratu artian, gabez eta egunez frailiak errezatzen egon dira difuntuaren onduan, momentu baten itxi barik.

Maria Santisimiari euki biar deutsagu devoziño andiya, bada bera da geure ama guztiz laztana.

Gorantziyak lengusiñiari, eta asko alegratzen naizala ondo laguntzen deutselako.

Agur, amatxu. Santa Ana-ra doianian, Aita Santo Domingo-ri erregu beiyo, bere egiyazko semia izan nadin. Agur.

Valentiñek

XII

Cadiz-tik, 1857

Neure guraso maitiak:

Egun gutxi pasatu dira neure azkenengo kartia eskribitu nebala: eta karta artan prometidu neban bezela (1), artzen dot gaur plumia berriz-bere eskribituteko.

Nolan (2), neure guraso maitiak, Jaungoikuari eskerrak emongo deutsadaz, egin deustazen mesede guztiakgaitik? Mundu gaiztuaren atzaparretatik libratu ninduan bere miserikordiazko beso senduagaz, ni baiño pekatari txikiyaguak peligruaren erdian itxiten zituzela.

Eta zenbat grazia ugari neure arima eskergabekuari (3) bialdu deutsaz erreligioko portu seguruan?

Eta guztiz gutxi balitz bezela, bere apostolutzat eskogitu (4) ninduan, bere bekokiko izerdiyagaz, bere zanetako odol preziosuagaz eta bere eriotziagaz erositako animak irabazteko; eta neure vokaziñuari erantzuten ba-deutsat, sekula guztiyetan izar argi bat bezela zeruan egoteko.

Zer emongo deutsat bada nik neure Jesus maitiari? Neure bizitza eta naizen guztia, beriak izan biar dau (5). Eta zer grazia, ze eskerrak emon biar deutsez berok-bere (6), seme bat eskogitu dabelako zeruan eta lurrian dan dignidaderik andiyenerako?

Gurasorik asko arrotuta bizi dira, munduko konde edo markesen batek bere pajetzat eskogitu dabelako bere semen bat: eta pozez txoratuta egon oi dira (7), katanarrua sendotzeko esperantza bategaz.

Ze arrotasun santua bada euki biar eztabe berok (8), konde edo markes guztiyen Jaubiak bere etxeko mayordomutzat, zeruko atien itxi-eregitzailletzat eskogitu dabelako beron (9) seme bakarra?

Biotz guztitik bada eskiñi beiye Jaungoikuari seme triste au, Abraham Patriarka santuaren oiñatzai jarraituagaz. Uste dot ze, entzuten nagola berorren agotik: «Jauna, zeuk emon deuskuzu Valentintxo, bada geuk-bere zeuri eskintzen deutsugu: egin eizu beragaz nai dozun guztia.»

Nun nagola uste dabe, nere guraso maitiak? Cadiz-ko katedralian atzo meza nagusiya entzun neban; eta konventuan banego bezela nago eskribitzen karta au itxasuan, Cadiz-ko vistan. Atzo zortzi, goizian, konventutik atera (10) giñan lau sazerdote eta lau diakonu Prokuradoriaren laguntasunagaz, eta urte barri goizian allegatu giñian Sevilla-ra.

Emendik irten genduan zapatu goizian itxasoko vaporian, eta illuntziko allegatu giñian Cadiz-era; baiña ez giñian ziudadian sartu, ezpada ensegida etorri giñian lantxa baten barku onetara; eta emen gaoz ordu lauren edo ordu erdiyen distantziyan Cadiz-tik, eta emen egongo gera amabost egun edo geiyaguan, gentia etorri artian, eta partikularmente berrogei Fraile Frantzisko.

Guztiz gente ona da barkuaren nagusiya; eta kapitana, bizkaitarra da, gizon formala eta frailien adiskide andiya. Barkuko biargiñak Indiya-ko gentia dira; arpegiz kobriaren kolorekuak, baiña guztiz servitzari onak. Barkua palazio bat bezelakua da, eta sala guztiz ederrak daukaz. Sevilla-ko ziudade andi eta ederrian baiño kontentuago nago emen.

Ezpeiye bada ezer-bere kuidadurik euki nigaitik; ezer-bere eztxat niri falta; baiña gauza guztien gaiñian estimatzen dodana da daukadazen lagun eta erreligioko anaiak. Alperrik gera provintzia askotakuak: iru katalan, bi valenzianu, mantxegu bat, kastellanu bat eta ni bizkaitarra; alkarri geiyago nai deutsagu aita baten semiak baiño.

Lengo eguueko kartan ez neutsan ezer eskribitu viagiaren gaiñian, zergaitik-eze etxetik urten artian eztakigu guk gauza ziertorik; eta amalau ordu urten baiño lenago eznekiyan noiz gendozen (11) eta, birian parau artian, ze kamiño eruango genduan. Ardura guztiyak erreligiñoko nagusiyen lepora botata daukaguz; eta berak (12) dauke gure kuidadua, gurasorik onenak bezela.

Nere lagunak eta nik, eztaukagu apurrik itxasuaren bildurrik, eta ain pozez beterik gaoz guztiyok, mundutarrak kasa-kampo batera divertitzen doiazen bezela. Letratxo bi eskribituko deutseraz (13) Filipina-ra urtetzeko vezperan, derrepente ezpada urteria.

Eta karten bat eskribitu nai badabe emen naguan artian, modu onetan ipiñiko deutse sobria:

Al Padre Fray Valentín Berrio-Ochoa, misionero Dominico, a bordo de la Bahía de Cádiz.

Eta onen gaiñian beste sobretxu bat modu onetan:

Andalucía. Sr. Don Ignacio Fernández de Castro, del Comercio de Cádiz.

Eta ostantzeko kartak, Ocaña-ko kolegiyora neure sobriagaz edo kolegiyoko nagusiarentzat. Gorantziyak nere lagun guztiai eta senidiai, particularmente Mari-ri eta osaba frailiari. Nun daguan jakin baneu, eskribituko neutsan.

Agur, bada, neure guraso maitiak; askok bialtzen ditu bere semiak Indiyetara, lur pixka baten atzian; beron (9) semia-bere indiyetara doia, ez urriaren eta zidarraren billa, ezpada zeruaren billa, beretzat eta beste batzuentzat.

Erregutu beiyue Jesus maitiari eta Ama Virgiñiari, ezteidela faltatu beren amparua. Misioneruok-bere, etxetik urten baiño lenago kantau genduan Errosarioko altaran meza eder bat; eta eztaukagu beste bildurrik, ezpada pekatuan erortia (14).

Agur. Erregen vezperia da gaur.

Valentiñek

(1) Prometidu neban lez.

(2) Zelan.

(3) Eskerbakuari, eskertxarrekuari.

(4) Eskogidu, elegidu.

(5) Neure bizitziak eta naizen guztiyak, beriak izan biar dabe.

(6) Eurok be.

(7) Egoten dira.

(8) Eurok.

(9) Euron.

(10) Konventutik urten genduan.

(11) Gentozen, etorriko giñian.

(12) Eurak.

(13) Eskribituko deutsedaz.

(14) Pekatuan jaustia.