ANAITASUNA
Año I — Núm. 5
Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa
Noviembre 1953
Arnasoska dabil mutikoa. Beretzako aztunegia da karretillea. Ozta ozta emoten dau pausu bat aurrera. Elduko ete da gero aldatz gora puntara? Bitartean automobillak, berari kasurik egin baga, albotik pasetan dira. Alako baten geratuten da kotxe bat, eta ba diñotso txoferrak: «Mutil, neuk lagunduko deuat; itxaron apur baten». Eta bere automobil ederretik jatsita, lagundu egin eutsan mutil beartsuari.
«Anaiok, eroan eizuez batak bestearen kargak; olantxe beteko dozue Kristoren agindua», diño San Paulo Apostoluak.
Izan-bere, guztiok anaiak gara. Jainkoa da gure Aita, Jesukristo gure anai nagusia. Famili aundi bat egiten dogu kristiñauok. Bateo iturrian jaio giñean danok; etxe baten —eleizan— bizi gara guztiok. Bertan artzen dogu gure janaria: komuniñoa; bertan, gure gatxen osagarria: konfesiñoa. Bertan entzuten dogu gure Aitaren berbea. Bertan ikasten dogu alkarreri zor deutsagun anai maitasuna.
ANAITASUNA! Ze berba zoragarria! Ze berba indartsua! Anaitasuna dala-ta, euren bizia emoten dabe komunistak. Guztiok anaiak gareala-ta, latzak eta baltzak pasetan ditue Marx'en jarraitzailleak, euren urko lagunen bizimodua jasoteko, obetuteko, bigunduteko, arinduteko. Barru barruraiño sartu yake gizon guztien alkarren arteko anaitasuna.
Eta guk, Jesukristoren jarraitzailleok, zer egiten dogu? Ez dogu jakin oraiñarte guztiok anaiak gareana? Ez deusku pozez dardar eragiten pentsamentu eder onek: Guztiok, nai aberatsak nai pobreak, zein gazteak zein zarrak, bai euskaldunak ta bai erdaldunak, danok anaiak gareala?
Lagundu deiogun gure anaiari, arako txoferraren antzera. Lagundu deiogun gorputz eta arimako bearrizanetan. Besterik ez bada, errukitu gakiozan bere estualdietan, eta erregutu deiogun bere alde zeruko Aitari.
Ain zuzen-bere, ba daukogu ille onetan nogaitik otoitz egin. Erregutu daigun purgatorioko anaien alde. Otoitz egin daigun Nerbion ibaiaren egal bietan —Galdakanotik Santurtzeraiño— bizi direan gure anaien alde. Zeruko Aitak ainbat ariñen eroan daizala zerura arima errukarriak! Ugaritu daizala Bilboko Mixiñoan artu direan frutuak!
Kurutzegrama N.º 3
— Entzun, kaiku! Noiz yatok automobilla?
— Ta zelan dakik ni kaiku nazana?
— Igarri egin yoat.
— Ba, igarri-be egin eik automobilla noiz datorren.
***
Alper da Maria makillatu, ez bada berez biurtu.
Aurki agiriko, Maria Mañariko. (Denporeak esango dau gauza ori egia danentz).
Beti Maria goruetan bear ez direan orduetan.
Errementariaren etxean zotza burduntzi.
Euskaldun fededun.
Emoiozu gaurko gizon bateri liburu bat. Asiko da irakurten; eta entendietan ez badau, beingoan itxiko dau liburua, ta ez dau barriro eskuan artuko. Mutiko bateri irakatsi eiozuz buruz gauza asko eskolan. Urte batzukarrenean, irakatsi deutsazuzan gauzak ulertu ez baditu, dana aztuko dau.
Bardintsu jazoten da eleizako gauzetan-be. Zegaitik kendu dira erri askotan domeka arratsaldeko bezperak? Bearbada, eleizkizun ori erriak ulertuten ez ebalako. Zegaitik ainbestek eta ainbestek uts egiten dabe mezatara? Jente askok mezea zer dan entendiduten ez dabelako. Zegaitik ez dakiez askok errosarioko letaiñak, edo errezetan ditue deboziño barik, edo esaten dabez latin mordoilloz? Letaiñetako berbetea adituten ez dabelako.
Au dala-ta, Eleiza Ama Santuak alegiñak egiten ditu, meza santua, zeremoniak eta osterantzeko latiñezko gauzak kristiñauak aditu daiezan. Orrexegaitik argitaratu doguz, Eleizako baimenagaz «ANAITASUNA» eleizorri onetan Errosarioko Letaiñak euskeraz. Ebagi eizu pagiña ori. Inkau eizu goma apurtxu bategaz kartoi baten. Eta egunean egunean errezau euskeraz errosario santua letaiñakaz ta guzti.
***
Errosarioko letaiñak
Jauna, erruki zakiguz.
Kristo, erruki zakiguz.
Jauna, erruki zakiguz.
Kristo, entzun gaizuz.
Kristo, aditu gaizuz.
Jainko Aita zeruetakoa,
erruki zakiguz.
Jainko Seme, gizonen Salbatzaillea,
erruki zakiguz.
Jainko Espiritu Santua,
erruki zakiguz.
Jainko bat zarean Trinidade Santua,
erruki zakiguz.
Andra Done Maria,
erregutu gure alde.
Jainkoaren Ama santua, Erregutu gure alde
Birjiñen Birjiña santua,
Kristoren Ama,
Grazi Emoillearen Ama,
Ama guztiz garbia,
Ama erru bagea,
Ama pekatu bagea,
Ama orban bagea,
Ama sortzez garbia,
Ama maitagarria,
Ama miragarria,
Burubide oneko Ama,
Kreatzaillearen Ama,
Salbatzaillearen Ama,
Birjiña guztiz zurra,
Birjiña agurgarria,
Birjiña goragarria,
Birjiña altsua,
Birjiña errukiorra,
Birjiña zintzoa,
Santutasunaren eredua,
Jakituriaren jarlekua,
Gure pozaren iturria,
Espiritu Santuaren atsedenlekua,
Jainkoaren bizitoki onoragarria,
Jainkoari osoro eskiñia,
Maitasunezko egintza donea,
Dabiden jatorriko gloria
Edertasun utsik bagea,
Jainkoaren egintza bikaiña,
Jainkoagazko bakebidea,
Zeruko atea,
Goizeko izarra, Gaixoen osasuna, Pekatarien igeslekua,
Atsekabetuen pozgillea,
Kristiñauen laguntzea,
Aingeruen Erregiñea,
Patriarken Erregiñea,
Profeten Erregiñea,
Apostoluen Erregiñea,
Martirien Erregiñea,
Konfesoreen Erregiñea,
Birjiñen Erregiñea,
Santu guztien Erregiñea,
Jatorrizko erru barik sorturiko Erregiñea,
Zeruetara jasoriko Erregiñea,
Errosario santuaren Erregiñea,
Bakearen Erregiñea,
Munduko pekatuak kentzen
dozuzan Jainkoaren Bildotsa,
parka eiguzu, Jauna.
Munduko pekatuak kentzen
dozuzan Jainkoaren Bildotsa,
entzun gaizuz, Jauna.
Munduko pekatuak kentzen
dozuzan Jainkoaren bildotsa,
erruki zakiguz.
Gure alde otoitz egizu, Jainkoaren Ama done orrek.
Jesukristoren agintzariak jadetsi daiguzan. Amen.
OTOITZA
Emoiguzu, arren, Jainko Jauna, zure zerbitzarieri gorputz eta arimako osasuna; eta Andra Done Maria beti Birjiñearen bidez, oraingo illunalditik urten eta zeruan betiko poza euki daigula. Jesukristo gure Jaunaren izenean. Amen.
Or, an, emen
Beste Obispo bat kartzelan
Varsovia'ko gobernu komunisteak giltzapean sartu dau oraiñago Monseiñore Anton Baraniak, Gniezno'ko Obispo Laguntzaillea eta Wyszynski Kardenalaren sekretarioa.
Onegaz amar dira kartzelan dagozan Obispo Poloniarrak. Euren artean ospatsuena, Monseiñore Wyszynski Kardenala.
Eleiza Katolikua goitik beera ondatutea, orixe ei da gobernu komunistearen asmoa.
Aztu egiten doguz gure martiriak
Auxe esan dau Monseiñore Camara'k, Rio de Janeiro'ko Obispo Laguntzailleak, Poloniako persekuziñoen gorabeerak kristiñau askok trankil trankil entzuten dituelako.
Monseiñore Camara'k otoitzak eskatu ditu, Czelsaw Kaczmarek Obispo Jaunaren alde, kartzelan egin bear dauzan amabi urteak pazentziagaz eroan daizan.
Norte Amerikako katolikoak otoitz egiten dabe
«Ipar Amerikako eleizgizonak eta osterantzeko kristiñauak besarkatu egiten doguz Polonia'ko gure anaiak euren sekulako ordurik baltzenean». Auxe esan dabe naziño guztiaren aurrean Norte Amerikako Obispo Jaunak, Wyszynski Kardenala kartzelan sartu dabela jakitean. «Eurakaz batera otoitz egin gura dogu, Artzain maiteak bere nekeak sufrietako indarra euki daian, eta bere martirioa ainbat ariñen amaitu daiten».
Katoliko espaiñolak Aita Santuagaz
Baita Espaiñiako kristiñauak-bere protestau dabe Wyszinski Kardenalaren kartzelamentuagaitik. Au dala-ta, telegrama bat bialdu deutsoe Aita Santuari. «Berorren ondoan gagoz —diño telegrameak— Polonia'ko Eleizearen kontrako persekuziño ordu onetan. Oraziñoak eta penitentziak egingo ditugu, lenbailen mundu guztian zuzentasuna, bakea ta maitasuna zabaldu daitezan».
Erromako exkomuniñoa
Monseiñore Wyszinski Kardenala kartzelan sartu dabenak Aita Santuaren exkomuniñoan jausi dira. Kastigu ori dauken bitartean, ezin leikee sakramenturik artu, ezin eleizan sartu, beste kristiñau eskubide asko ezin euki.