ANAITASUNA

V URTEA - N.º 49

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Bagilla (6) 1958


Espirituaren indarra

Iru milla Tertziario batu izan dira Lourdes-en Maiatzeko leenengo egunetan. Danak zirean espaiñolak, peninsulako alderdi guztietarik etorritakoak. Euskalerritik, milla baiño geiago joan zirean.

Antxe, Ama Virgiñearen aurrean, altu bai altu autortu izan dabe, Irugarrendar zintzoak izan gura dabela, eta Aita Santuaren esanak artez artez gorde nai dituela.

Ezin leiteke ukatu: San Frantziskoaren Irugarren Ordenea indar aundi bat da Eleiza Katolikoan. Egia au altu esan bear dogu, danak jakin daien eta errealidadearen aurrean begiak zabaldu daiezan.

Irugarren Ordenea, Bizkai-Gipuzkoetako ia erri guztietan dago zabalduta. Duda barik, bera da Euskalerriko kofradiarik zaarrena. Duda barik, aspaldiko urteetan berak emon izan dau gure artean santutasunezko fruturik geien. Duda barik, aurrerantzean be, onik asko egin leike Euskalerrian.

Alan ta guzti-bere, asko dira gure artean, Irugarren Ordenan siñistuten ez dabenak. Asko dira, Irugarren Ordenearen indarra aintzat artzen ez dabenak.

Bai. An-or-emen, Hermandade batzuk ikusita gero, batek baiño geiagok esan leike, Irugarren Ordenea aintxiñako gauzea dala: gauza ederra bai, baiña zaarra, indarbakoa, eleizbideko andratxu batzuntzako egokia.

Au esan leiteke, baiña ez da egia. Gure artean Irugarren Ordenea ondo ez badago, geuk daukogu orren errua. Geuk, eta ez Ordeneak berak. Geuk errurik geiena, eta beste apur bat zirkunstantziak.

Arbola bat ilda dagoala esateko, ez da naikoa baten eritxia. Ezta askorena-bere. Arbolazaiñari konsultatu bear jako. Burubako gauzea izango litzake, urte baten edo bian fruturik emon ez dauala ta beste barik, oraiñarte sekulako urteetan frutu ederrak emon dituan arbolea ebagitea edo iltzat eukitea.

Eta zer diño arbolazaiñak? Zer diño Irugarren Ordeneagaitik Aita Santuak?

Ona emen, oraintsurengo Pio Amabigarrenak esan dauana: «Ezin leiteke dudarik euki, San Frantziskoaren Irugarren Ordeneak oraingo mundu modernu onetan importantzia aundia daukola. Irugarren Ordenea ez da bakarrik Fraile Frantziskanoen arazoa, Eleiza osoarena baiño. Gaurko gizonak Irugarren Ordenearen espiritua bear dabe, kristiñau zintzoak izateko; eta San Frantziskoaren ikuspideagaz ikusi bear leukeez munduko gauza guztiak.»

Zorionez, ba-dagoz munduan Aita Santuaren berbak abegi onez artu dituanak. Ba-dagoz Espaiñia osoan, eta batez-bere Euskalerrian, San Frantziskoaren espiritua euki gura dabenak. Espiritu ori sendotuteko eta bata besteari adorea emoteko: orrexetarako joan dira maiatzeko leenengo astean iru milla Tertziario Lourdes-era.

Uxala, gure artean Irugarren Ordeneak leengo indarra artuko baleu, eta erri guztietan Irugarrendar zintzoak ugarituko balira!

Longa


Lourdes

 Lourdes! Munduaren lau musturretara eldu, ta baztarrak guztiak bete dituan izena. Ez bakarrik belarrietan, baita gizonen eta errien espirituan-bere, dardara egin dauan izen bedeinkatua. Nik alan uste. Eta pentsetan nago, gure zeruko Ama dabillela emen, aurtengo urte onetan, aparteko modu baten, gizonen eta errien biotzak irabazten.

Niri beintzat, irabazi deust neurea. Aspalditxuko urteetan nenbillen Lourdes-era etorteko gurariari lekurik ez emon gura ta bai emon gura. Azkenean egin neban neure artean: eretia badator, joan egingo naiz; ez badator, ez naiz joango. Eta eretia etorri egin da, eta ni etorri egin naiz Lourdes-era, Jaungoikoari eskerrak.

Ez arritu, irakurle, «etorri» ipiñi deutsudalako. Kronika onetako leenengo erreskadok beintzat, ementxe, Lourdes-en idatziak dira. Basilika santuaren orratzak aemen daukodaz begien aurrean, zerurantza begira. Gave errekearen zurrumurrua belarrietan. Massabielle-ko irudi zuria biotzaren barruan. Lourdes-ko kantua —Ave, ave, ave Maria— ezpanetan.

Bermeo-Lourdes

Maiatzaren 2, 3 ta 4-rako, Espaiñia guztiko San Frantziskoren Irugarren Ordeneak atondu izan dau pelegrinaziño andi bat Lourdes-era. Euskalerriko lau provintzietako Irugarrendarrak —zetan esan-bere ez— eurakaz batera. Bermeokoak bardin.

Maiatzaren 2-an, goizeko seirak inguruan —goiz alaia, goiz argia— lau autobusen motorrak, gurgur zarataka asi zirean. Eta Ama Virgiñeari iru Agur Maria esanda gero, Lourdes-erantz urten genduan.

Bermeo-tik asita Lourdes-erarte, dana izan zan poza ta kantua gure artean. Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Gernika, Durango, Iziar, Donostia..., leku maitagarriak! Danak entzun eben gure abesti gozoen soiñua. Donostian alkar ikusi genduan leenengoz lau autobusekoak, eta kontuan jausi giñean ez gentozala bakarrik: antxe ikusi genduzan Bilbao, Gernika, Durango, Lekeitio, Zarautz, Tolosa ta beste leku batzuetako pelegriñoak, eta poztu egin gintzazan.

Parentesi penagarria

Errenteria-tik urtekeran, motozikleta bat etorren gure atzetik abiada aundiagaz, eta pasatu egin gura euskun eskerretik, legea dan lez, geure aurretik joateko. Orduan baiña, alan bearrez, mutil gazte bat etorren oiñez gure eskumaldetik, pintura zurizko bidoi bat eskuan eroiala, kamiñoaren beste aldera pasetako asmoz. Jo egin eban motozikleteak mutilla; eta momentu aretan, motoa ta motoduna, pintura ontzia ta mutilla aidean ikusi zirean, begien itxi-idigi batean. Gero, motoa bide egalean, pintura kankarroa ausita kamiñoaren erdian, mutil biak zirkin barik kamiñoko asphaltuaren gaiñean. Motodunak, aurpegia pintura zuriz zikinduta.

Jatsi nintzan autobusetik, esan neutsezau jakulatoria batzuk belarrira, eta emon neutsen ausolvaziñoa in articulo mortis. Biak zirean mutil gazteak; garerdikoak, bata zein bestea. Oiñezkoa konorteratuten asi zan. Bestea arnasa artzen. Baiña arrezkerokorik ez dogu jakin. Bizi ete dira? Il ete zirean? Il edo bizi, egon beitez Jaungoikoaren bakean. Kamioneta baten zuzendu genduzan Errenteria-ko hospitalera.

Frantzia

Fronterako eginbearrak arin amaitu dira, bai Irun-en eta bai Hendaia-n. Orain Frantzia aldeko kamiñoetan —kamiño launak, garbiak, zabalak eurak— lantzean bein, alako autobusezko errosario bat ikusten genduan, bideak gurbaren bat eukiten ebanean. Esker-eskumatara landa ederrak, bedartza garbiak, baserri zuriak, hotel eta txalet atsegingarriak. Bide kurtzioetan burdiñazko kurutzeak, metro ta erdi, metro bi altu, Kristo untzez josiaren irudi santuagaz. Guztiak bardiñak.

Baiona-ra elgu giñeanean, leenengo barikua zan ezkero, komuniño santua artzeko guraria agertu eusten batzubatzuk. Orretarako katedralera joan gintzazan. An abade bat aurkitu neban, eta euskeraz berba egin neutsan. Eta berak arin erantzun nire Bizkaiko euskereari bere Lapurdiko euskera gozoan.

Baionan eta Frantzia aldeko beste errietan ikusten zan-notarik agiriena, nire ustez, garbitasuna zan, bai kaleetan, bai plazetan. Gu, geure jatekoa artzeko, egon giñean-parkean, or emen or emen ikusten zirean alako letreru batzuk: «Jetez ici vos papiers», au da, bota emen zeuen paperak. Eta genteak zeatz obedezietan eban letreruaren agindua.

Niri orduan etorri jatazan akordura, beiñola baten, Bermeo-ko lameran ikusten zirean-letreru batzuk: «Umeak, begiratu loratxuak, ez ikutu.» Orain nik ez dakit, oneetan gauzetan aurrera ala atzera egin dogun. Baiña ezin leiteke ukatu, onelako gauzatxuak euren indarra daukela, erriari edukaziñoa ta errespetua irakatsi ta ondo biziten laguntzeko.

Ordu bi t'erdiak inguruan urten genduan Baionatik. Emendik Pau-era, laster iruntsi zituan gure autobusak kilometroak. Urrengo geldiunea, Lourdes.

Lourdes

Lourdes-en gengozan arratsaldeko seiretan. Ia bertara eldu arte, ez da ikusten erria. Antxe dago, beeko trokan, bere torre zuri ta txairoakaz, bere parke ta arboladiakaz, bere kapilla ta Kalvarioakaz. Lourdes-ko uria, or kalea gora, or kalea beera; or denda dirdiratsua, emen hotel elegantea, beste humillago baten ondoan, Lourdes guztiena dala adierazoteko urrean.

Baiña, Massabielle-ko grutea nun dago? Preguntaka dabil gentea. «Ez da agiri —diñoe—, arbolak, udabarriko orriz jantziak estaltzen dabelako. Baiña, etxaramon, laster ikusiko dogu bertan, urre urretik, ez urrunetik.»

Geure hoteletan atondu gara, apari arin bat jan dogu, eta gentea arin abiatu da. Nora? Burdiñea nora? Imanera. Arria lurrera, suaren garra zerura. Euskaldunen biotza Andra Mariagana. Egia esan, ez euskaldunak bakarrik. Espaiñiako provintzia guztiak euren semerik onenak onaxe ekarri ditue gaur: Aita San Frantziskoren umeak, gure anaiak, iru milla gitxi gorabeera.

Eguraldia ederra egin deusku, ta gaua ederra dator. Aidea ez otza, ez beroa. Zortzirak dira. Zeruan leenengo izarrak agertu dira.

Antortxa Prozesiñoa

Baina au ez da berbaz edo lumaz adierazoteko gauzea. Iñoiz Lourdesko eleizearen erretratu bat ikusi badozue, an agertuko jatzuez alako, arku batzuen gaiñean, alde bietarik, esker-eskumatara, gorantza doan bide bat eta eskillara bat. Eta Basilikearen aurrean, parke zabal eta laun bat. Parkearen egal bietan, kale bat, ogei metro zabal, olakoren bat, nik orain gogoratuten dodan lez. Guztira, arantza-onantza, kilometro bat euki leike parkearen alboetako kale orrek.

Kontu egin ba orain, leku ori personaz beterik dagoala. Gizon, andra, gazte ta ume, abade, fraille, monja, amar amabi obispo euren txano moradu ta guzti. Euretarik bat edo bat bizarduna, gaztaiña kolorezko sotanea soiñean, Frantziskanoen edo Karmeliten misiñoetakoren bat aurki.

Unadarik unadara pankarta batzuk ikusten dira naziñoen izenskaz, eta pankarta bakotxaren atzetik datoz naziño aretako pelegriñoak. Nire adiskide bat eta biok, gure lagunakandik apurtxu bat urrundu gara; eta prozesiñoan ainbat ariñen parte artzearren, Suizoakaz batera sartu gara.

Euskaldunen artean ez gitxitan entzuten da, geu gareala mundu guztian erririk katolikoena. Nik ez dot esango, au zenbateraiñokoan dan egia. Baiña bai esango dot, Euskalerritik kanpora be ba-dagoala fedea, gure aurre, atze ta alboetako zuizoak erakusten eben lez. Zelan ikusten jaken begietan, barruan eroien-devoziñoa. Zelan euren kantuetan, euren biotzeko adorea. Eta bardin naziño guztietakoak.

Prozesiñoa ez dago geldi. Ibilli dabil parkearen inguruan, persona bakotxak bere eskuan kandelatxu bana iziotuta daroala. Onek, miragarrizko itxura bat emoten deutso prozesiñoari: suzko edo argitasunezko ibai baten antza.

Gaiñera, au bakarrik ez da Antortxa Prozesiñoa. Ez da bakarrik ikustekoa. Baita entzutekoa-bere. Areek gizonak eta andrak —berrogetamar milla edo batek-badaki zenbat milla— ez joiazan ixilik. Geienak geienak euren papertxuak eroiezan eskuetan, eta Basilikako organoagaz batera kantetan eben:

Zerutik emen jatsi da

Jainkoaren Ama.

Bere sortze garbiari

Ave, ave kanta.

Eta gero guztiak, ago bat eta sama bat baillitzazan:

Ave, ave, ave Maria,

Ave, ave, ave Maria.

Onetan gengozala, Bermeotar batzuri entzun neutsen esaten: «Txo, guk geurie.» Eta kantetan asi zirean:

Agur, agur, agur Maria,

Agur, agur, guztiz garbia.

Nik orduan, neure artean: Emen alemanak, zuizoak, frantsesak eta beste guztiak, Ave, ave diñoe, eta besterik ez. Gu, zegaitik apartatuko gara eurakandik? Orrexek, besteen ona geuretzat ez artzeak, orrexek ez ete gaitu galduko, bai erlegiñozko gauzetan bai euskerazkoetan? Ez daigun pentsa, geu bakarrik naikoa gareala geuretzako. Ez. Besteen laguntzea bear dogu biziten irauteko. Osterantzean, alde guztietarik jatorkun olatuak, zapaldu egingo gaitu bere azpian. Eta orduan gure erlegiñoa, gure izakerea, gure euskerea, dana ondatuko da olatu orren azpian.

Gaixoen Bedeinkaziñoa

Lourdes-en au zer dan adierazoteko, Alexis Carrel edo Franz Werfel edo oneetariko baten lumea bear litzake. Nik, emen, illebetegarrenean, gogora jatortazan impresiñotxuak ipiñiko ditut. Ez dot esango, areetan egunetan Ama Virgiñeak gaixoakaz milagruren bat egin baeban ala ez. Zabaldu zan, Mondragoiko andra bat, urte bete ta geiagoan bizkar azurreko gatxagaz egon dana, zearo osatuta etorri dala etxera.

Baiña beste milagru batzuk egiten ditu Andra Mariak Lourdes-en. An ikusten da, zelako virtutea daukon gure erlegiño santuak, mundu onetako gatxak, ezbearrak eta samintasunak arinduteko.

Goizean, baiñu tokitik etozala ikusi nituan leenengoz. Zenbat zirean? Asko, asko. Bakotxak bere laguntzaillea ekarren, kotxetxuari tira edo saka egiteko. Esku baten errosarioa, beste eskua kotxeari oratuta. Otoitzaren murmurioa ezpanetan. Alantxe etozan guztiak: eleizgizonak, monjak, aberatsak, beargiñak, klase guztietakoak. Lan ori, borondatez, pagu barik egiten ei dabe danak. Euretariko askok, antxe, leku santu aretan lortu izan dabe euren osasuna, Andra Mariari eskerrak.

Arratsaldeko lau t'erdiak izango zirean, gaixoen bedeinkaziñorako prozesiñoa atondu zanean. Agertu zan gure Jauna bere Sakramentu adoragarrian, obispo baten eskuetan, seda zurizko zeru baten aspian. Beste obispo batzuk alboetan. Aurretik, erreskada luze bitan, abadeak eta fraileak, habitu guztietakoak. Aurrerago monjak, era berean. Gentea, monjen aurretik asko, beste asko kalearen ertzean kantetan edo errezueri erantzuten. Gaixoak aurrerengo, Basilika santuaren gerizpean, eguzkia bero egoan-da.

Eleizgizon eta erri, guztiok asmo bategaz, organoaren laguntzeagaz, estropha liturgikoak kantetan genduzan —Pange, lingua; Lauda, Jerusalem—, errosarioaren amarrekoakaz saindaka. Dana ondo, dana biotzik gogorrenari astiñaldi bat emon eta samurtu eragiteko moduan. Kustodia santua gaixoakana eldu zanean, banan banan bedeinkatuten zituan obispoak gure Jaunagaz. Bitartean, kantuak ixilduta, mikrophonoetatik asi zan norbait jakulatoria batzuk esaten, momentu aretako ezin egokiagoak: «Jauna, zuk maite dozuna gaixorik dago. Jauna, gura badozu, osatu naikezu. Sancta Maria, salus infirmorum, gaixoen osasuna, erregutu gure alde.»

Azkenean, geu guztiok bedeinkatu ginduzan gure Jaunak bere kustodiatik, eta joan giñean gure hotelera, apari kopau bat artuta, arin, illunabarrean, atzoko lez, Antortxa Prozesiñorako prest egoteko.

Etxera

Lourdes itxi, eta etxera joan bear. Kanpoan egun batzuk igarota, etxera biurtzeko ordua datorrenean, pozarren egoten gara, geure familian maite doguzanak barriro laztanduteko. Niri beintzat beste sentimentu batzuk jabetu jatazan biotzean. Lourdes itxi bearra! Ain izan dira atsegingarriak emen igaro doguzan orduak.

Oraindiño goiz onetan emen gagoz. Eta orduak eta minutuak ondo aprobetxatu gura doguz. Goiz onetan, Irugarrendar pelegriñoak geure komuniño meza eder bat euki dogu. Goiz erdian, Via-Crucis bat, devoziño andikoa, mendira. Andik grutara jatsi giñean barriro, Ama Virgiñeari azkenengo gauzatxuak esateko.

Onetan gengozala, esan euskuen euskalduneri, San Pio X-ren lurpeko Basilikara joateko. Joan gintzazan guztiok batera, San Iñazioren martxea kantetan. An oraziñotxu bat egin, eta gero emon euskuezan azkenengo ordenak.

Arratsaldeko ordu bietan puntuan asi zirean autobusen motorrak gurgur zarataka. Pelegriño guztiak Ama Virgiñeari agur egin geuntsan kantetan:

Agur, Jesusen Ama,

Virgiña maitea,

Agur, itsasoko izar

Diztiratzaillea,

Urrengo geldiuneak izango dira: Biarritz-en ordu erdi, Donibane Lohitzune-n beste ordu erdi, Hendaia-n eta Irun-en fronterako gorabeerak, Donostia-n ordu bete afalduteko. Goizeko ordu batetan Bermeon gengozan danok.

Aingeru


Sei egun Lekeition

Sei egun luze. Lekeitioko kaleak, luzeagoak baiña. Arranegi, Ezpeleta, Tenderia! Kale luzeak benetan. Eta zenbat portal, zenbat ate! Aintxiñako etxeak. Gitxi azi da Lekeitio.

Etxerik etxe, aterik ate ibilli naiz sei egunean. Eta eguneko, sei-zazpi orduan. Zetan baiña? Emoten. Bai, emoten. Niretzako ez neban ezer gura. Genteak baiña, ez eban beti olan pentsetan.

Batzuetan, ate aurrean ikusten nindueneko, limosnatxu bat emon gura izaten eusten, fraile eskekoa nintzalakoan. Ez, ez nintzan joan Lekeitiora limosna eske. Niri neuri, egia esango deutsuet, gauza atsegingarria izango litzakit limosnea eskatutea. Jaungoikoaren amorearren aterik ate ibiltea. Aita San Frantziskoaren antzera, eskeko izatea. Gauza pozgarria izango litzakit, komentuan zer jan euki ezean, jateko billa joatea. Benetako pobrea izanik, daukonari eskatutea. Oraiñarte baiña, ez dot zorion ori euki.

Beste batzuetan, gentearen murmuriak, eurak ez ekiela, entzuten nebazan, eta min apurtxu bat artzen neban biotzean. «Atrapau gaitu, atrapau gaitu», esaten eutsen andrak alkarreri, ni urrengo portalean sartzen nintzanean. Ez, ez nenbillen ni iñor atrapetan, askatasuna emoten baiño. Espirituaren askatasuna, arimearen libertadea, jakituriaren alaitasuna, egiaren argia.

Eurak, orren ordez, zerbait emoten eusten. Gauza gitxi. Pesetatxu batzuk. Nok asmauko ete eban dirua! Zoritxarreko gizona! Ze gauza ederra izango litzaken, batak besteari beti doan lagundutea, beti gratis mesede egitea!

Eguneko bearra amaituta gero, Aita Merzedarioen Kolegiora joaten nintzan. Antxe bizi dira Aita Pedro Errigoitikoa eta Aita David Mondragoitarra. Eskerrak eureri eta komunidade guztiari, ain ondo artu ninduelako. Orixe daukogu erreligiosoak: gurasoak ixten doguz etxean, eta euren ordez anai-arrebak topetan ditugu mundu guztiko komentuetan. Auxe berau esaten neutsen Dakar-ren Bermeoko arraintzaleeri, eta eraso egiten eutsen nire berbak, pozez beterik Monja Zurien etxetik embarkaziñora etorten nintzanean.

Urrengo egunean, barriro etxerik etxe, oles egiten ate guztietan. Oraindiño ez deutsuet esan zetan joaten nintzan. Alegin guztia egiten neban, eurak lez berba egiteko. Euskera polita Lekeitiokoa. Berba batzuk be ba-daukez beste errietan entzuten ez direanak. «Ez jo ate orretan —esaten eusten sarritan—, orko andria kabanan dago-ta.» Kabana deituten deutse Lekeition arrain fabrikeari. Baiña nire alegin guztia gorabeera, laster igarten eusten Bermeokoa nintzala.

Asko egiten da euskeraz Lekeition. Arraintzaleak ez direan neskatillak be, euskeraz egiten dabe. Neska bardingoen artean, aspaldion naikoa sartu da erderea. Euskalerriko beste erri askotan lez. Andra batek esan eustan, erdera kontu ori monjakaitik zala.

Etxe baten euskalzale sutsu bat aurkitu neban. Lekeitiarra bera. Berrogetaz urte igaro izan zituan Australian. Bertan itxi ditu semeak. Eta Euskalerrira etorri barik, danak dakie euskeraz. Dardar egiten eutson eskuak eta ausi egiten jakon voza agoan emoziñoaren pasiñoagaz, semearen euskerazko kartea irakurten asi jatanean.

Beste etxe baten esan eusten, an Boise-n, Norteamerikako Idaho estaduan, euren familiako batek astean astean euskeraz radiotik egiten ebala.

Eta Lekeitioko neska gazteak zer? Etxe baten euskalzale zintzo batek urten eustan. Pozarren eroan ninduan barrura, eta beste gauza askoren, artean esan eustan, Bilbaoko gazte batzukaz erririk erri euskerazko teatro egiten ibilten zala. Beste batek, «Egan» errevistea eskatu eustan. Areri ez eutson bildurrik emoten Donostiko errevista orren euskera eleganteak.

Beste neska interesante bigaz be berba egin neban. Biak bear egiten eben Ekintza Katolikoan. Biak irakasten eutsen neska-mutikoeri kristiñau ikasbidea. Biak esan eusten, katezismoko euskerea gatxa zala. Eta nik eureri errazoia emon bear, zoritxarrez oraingo dotriña barria be gatxa da-ta. Gero esan eusten, Ekintza Katolikoko estudio batzarrak erderaz egiten zituela. Orretan ez neutsen errazoirik emon. Gauza sakonen gaiñean berba egiteko ez dau balio euskereak ala? Umeakaz ibilteko eta poesia politak egiteko bakarrik serbiduko dau euskereak ala? Ekintza Katolikoa, zoritxarrez, erderarantz joaku leku guztietan.

Arratsaldeko zortzirak inguruan joaten nintzan Merzedarioen Kolegiora. Geienetan, parrokiarako bidea artzen neban. Eleiza ondoko plazan ainbeste ume topetan nebazan beti olgetan. Ariñak arin etorten jatazan; eta kordoiari kasu egin barik, errosarioko kurutzeari mun egiten eutsen. Frantziskano gitxi ikusten dabe Lekeitiarrak. Orrexegaitik-edo, erdi ilda dago bertako Irugarren Ordenea. Il zirean Aita Pedro Erkiaga, Aita Maximo Akarregi, Aita Juan Koskorrotza, Aita Arrinda eta Aita Luis Sarasola. Orain iru frantziskano bakarrik bizi dira. Irurak edadekoak. Bi Ameriketan, eta Valladolid-en irugarrena. Noiz ikusiko ete dogu Lekeitioko beste frantziskanoren bat?

***

Urrengo egunean bardin. Eskillarak gora, eskillarak beera. Jo an, jo emen. Arraintzale batek atera urtetan eustanean, poztu egiten nintzan. Gizonak, geienetan, obeto ulertzen zituen nire errazoiak. Dakar-ren neugaz egon zireanak be topau nebazan. Itxasoak alkartu egiten ditu gizonak. Zelako poza artu eban «Villa de Lequeitio»-ko patroiak, bere errian ikusi ninduanean! Arrapaladan etorri jatan saludetan Atxabal kalean gora.

Lekeitioko arraintzalea, eleizbidekoa da. Batek esan eustan, euren arteko asko Ekintza Katolikoan sartuta dagozala eta erlegiñoaren alde gogoz bear egiten dabela. Esan eustan, urtean sarritan komulgetan direala eta garizima demporako ejerzizioetan eleizea gizonez toperarte beterik egoten dala. Arraintzale arek arrituta itxi ninduan, eta fletxa bate lez sartu jatan biotzean Bermeoko arraintzaleen pentsamentua.

Zapatua eldu zan, eta Bermeora biurtu bear. Agur, Lekeitiarrak. Agur urrengoarte. Millesker biotz biotzetik. Eta orain mesede bat eskatuko deutsuet: Irakurri «ANAITASUNA». Ikasi euskeraz leiduten. Guztiz erreza da. Guk, geure aldetik, alegin guztia egingo dogu, gure orritxu au zuen gustukoa izan daiten. Agur.

Berriatua


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

IX

Nere amatxo maitia:

Con que larri ikusi al dira koleriakin? Gure pekatuak asarreturik dauke Jaungoikua; baiña bere asarrean-bere, beti, miserikordiyagaz begiratzen deusku.

Zenbat pekatari tristek, eriotzia begiyen, aurrian ikusita, bere pekatuko bidiari itxiko eutsan kolerako demporan! Igaz eta aurten Jaungoikuak barkatu deust niri eta berorri-bere bai.

Zer eskatzen deusku bada Jaunak mesede andi onegaitik? Geure bizitzako egun laburrak empleatu deiguzela bere serviziyuan.

Bai, amatxo. Jauna servitzia, o zer gauza gozua dan! Gozua bizitzan, eta gozuagua eriotzako orduan. Jesus maitiaren eztizko agotik, «atoz nere servitzari maitia» ordu larri ortan entzutiagaitik, Mariya Virgiñiaren arpegi ederra zeruan ikustiagaitik, zer pena eta zer trabaju pozik eramango eztitugu?

Meza santuan presente eukiko ditut, Jaungoikuak pazienzia emon deiyon, bialdutzen deutsazen trabajuetan.

Agur, amatxo. Gabon jaiak artian.

Valentiñek

X

Neure amatxo guztiz maitia:

Urte askotako pazkuak desiatzen deutsadaz arima eta gorputzeko osasun bakiagaz, bada semetxua guztiz ondo dago, Jaungoikuari graziyak.

Jesus maitiarekin guk-ere errezuzitatu biar degu, geure trabajutxuak konformidade andi batekin eramanagaz; bada Jesusen lagunak bagera trabajuetan, konsueluetan-bere izango gera.

Agur. Gorantziyak Angelari; eta esan beiyo, Ama Virgiñaren adiskidea izan deilla biotz garbi baten bitartez.

Eskumunak osaba Frailiari, eta Urruti gentiari, Susana Gaztaiñagakoari eta beste aidiari.

Valentiñek