ANAITASUNA

V URTEA - N.º 48

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Maiatza (5) 1958


Familiaren Ordua

Beste baten be esan genduan. Gaurko kristiñauak apostoladurako bide barrien billa dabiltza. Fenomeno au edonon ikusten da; eta duda barik ogeigarren gizaldiko katolizismoaren aparteko marka bat da. Oraingo mundua asko aldatu da; eta apostoladu metoduak be, era berean barriztatu egin bear dira.

Barrizkuntza onetan, naziño batzuk aurrerago dabiltz beste batzuk baiño. Esate baterako, Frantzia ta Italia. Batez-bere, Frantzia, Espaiñian be, asko egiten da; baiña oraindiño askoz geiago egingo litzake, indar guztiak batuko balitzaz, eta katolikoak euren apostoladurako obligaziño zorrotzagaz konturatuko balira.

Apostoladuaren barrizkuntza onetan, importantzia aundikoak dira propaganda bideak: radioa, prensea, ziñea ta abar.

Espaiñian, aspalditik gagoz sartuta bide orreetan. Baiña egia esan bear dogu. Gitxitan gagoz pozik egiten dogunagaz. Exigentzia larregi daukogulako-edo, ames ederregiak egiten ditugulako-edo, gure gauzak beste naziñoetakoakaz komparetan asten garealako-edo, gitxi —oso gitxi—, erixten deutsagu gure etxekoari. Ta zoritxarrez, geienetan, motivuak daukoguz olan pentsetako.

Gura geunke, gure publikaziño katolikoak "Paris Match"-en presentaziñoa ekarri leiela. Nai geunke, gure pelikula katolikoak beti Federico Fellini direktoretzat euki leiela. Deseatuko geunke, gure sermoiak, gure artikuluak, gure konferentziak, gure propaganda kartelak, gure exposiziñoak, gure radio programak beti euki leiela Evangelioaren zabalkundeak merezi dauan besteko edertasun, bikaintasun eta indarbide guztizkoa. Ta ori ez da posible, orain gagozan egokeran.

Ori gorabeera, ba-daukagu gauza on bat beiñik bein. iñongo ezeri invidiarik ez deutsona: "Familiaren Ordua", bariku guztietan, gabeko amarderdietan, Radio Nazionalak zabaltzen dauana. Programa guztiz ederra, valore artistiko aundikoa. Bere asmoa auxe da: "zabalkunde alik aundiena, kalidade alik bikaiñena". Ta gauza biok lortu ditu, ondo-bere.

"Familiaren Ordua" espaiñol guztiak ondo entzun daien etxe komerzial batek, "Gallina Blanca"-k artu dau radio programa ori bere laguntziñopean, eta astean astean zabaltzen dabe naziño osoan Espaiñiako Radiodifusiñozko Batzarrean sartuta dagozan 33 emisorak.

Alderdi artistikoa, Aita Peyton-en ardurapean dago. Aita Peyton, ezaguna da gure artean. Berak dirigiduten dau "Familian egiñiko Errosarioaren Kurutzada Mundiala". Kurutzada orrek, radioaren bitartez lan ederra egiten diardu aspaldion Espaiñia osoan. Bere radio programak, "Andra Mariaren Teatroa" deritxoenak, bildur barik kompara leitekez gure emisoretako entzunkizunik ederrenakaz.

Ori dala-ta, poztu gaitezan guztiok. Txaloak jo daiguzan gure apostoladuko obra ain ederragaitik, eta bariku guztietan, gabeko amarderdietan entzun daigun danok "Familiaren Ordua".

BERRIATUA


Euskaltzaindiak ipinten dauan urteroko novela ta teatro-saria. "Domingo Agirre" novela-saria

1) Edozein dialektutan idatzi leitekez lanak.

2) Gaia, idazleak berak autatu leike, eta lanak, norberak egiña izan bear dau, eta ez beste izkuntza batetik itzulia.

3) Sari bakar bat baiño ez da egongo, amar milla pesetakoa, eta zatitu eziña.

4) Lanak Euskaltzaindira bialdu bear dira (Ribera, 6 Bilbao), lema bategaz firmatuta; eta lemearen giltzea sobre itxi baten bialdu bear da, abenduko lenengo eguna baiño len.

5) Saria, iñori emon barik gelditu leiteke, batzarrekoeri egoki irudituten bajeke.

6) Batzarra, Euskaltzaindiak izentatuko dau, lanak bialtzeko epea amaitu ostean.

7) Lanak, makiñaz idatzita bialdu bear dira, alde bakar batetik eta lerroune bat itxirik, folio tamañuzko orrian (31,50 x 22 gitxi gorabeera), gitxienez 150 folio daukozala.

8) Novela saritua, Euskaltzaindi onen ardurapean agertuten dan «Len eta Orain» liburu-sortan argitaratuko da.

Euskaltzaindiaren gogoa da, urtero sari bitara deitutea: novelazko Domingo Agirre sarira, ta teatrozko Toribio Alzaga sarira. Alan ta guztiz be, aurten novelazkora baiño ez da deituten, eta datorren urtean teatrozkora. Onek gitxienez ekitaldi bi euki bearko ditu, eta obra saritua Bilbao-n agertzeko alegiñak egingo dira, urtero Euskaltzaindiak uri onetan atonduten dauan artezko ta kulturazko ekitaldian, Euskalerriko arte ta kultureari izkuntzaren bidez eragiteko asmotan.


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ille onetako ANAITASUNA-n agertzen direan berba batzuk, bearbada zuk ez dakizuzanak:

AMAITU, akabatu.

ARTE, edertasunaren azalpena (latiñetik dator, erderaz arte).

 ARTEKADU, sosegu barik.

ARTEZ, zuzen (gizon arteza, artez joan)

AUTATU, elegidu.

DIALEKTU, izkuntza baten barruan egon leiteken berbamodu diferentea (griegotik dator).  EKITALDI, teatrozko obra baten zati printzipala / Egitadea.

EPE, plazua.

ERETI, momentu egokia, erea (berba egiteko eretia).

ESKIÑI, ofrezidu.

ETORKIZUN, etorriko dan demporea (erderaz porvenir).

 ETXARAMON EGIN, ez egin kasurik.

FOLIO, eskribiduteko orria (latiñetik dator).

FRIGORIFIKO, gauzak otzetan ondo konservetako lekua (latiñetik dator)

GAI, materia, arloa (berba egiteko gaia)

IDATZI, eskribidu (neologismoa, berba barria).

IDUN, kokota, samea.

IRUDITU, eritxi, uste izan (iruditu jat, uste izan dot).

ITSUMUSTUAN, derrepentean, gitxien uste danean.

ITZULI, biurtu (erderatik euskerara itzuli, erderatik euskerara biurtu).

IZKUNTZA, berbetea (beste dialektuetako berbea).

JARDUN, zerbait egiten egon.

JARRAITU, segidu.

KULTURA, jakituria (latiñetik dator).

LAN, bearra, zeregiña, arazoa.

ORDAINDU, pagatu.

ULERTU, entedidu.


Baserria zelan doa? Baserritar bategaz berbetan

Lengoan gauza asko esan genduzan baserriaren gaiñean. Gaurko gure berbeta au geiegi ez luzatutearren, gai onetako beste gauza asko esan barik itxiko deutsudaz, beste egunen baten jarraituteko; eta orain goazan barriro gure arira.

— Bedar on gordeteko, ba-daukozu bedartokirik?

— Ez. Gauza-ona dala jakinda nago, baiña oraindiño ez dot egin. Aurten be, zenbat bedar usteldu ete jat, batzeko asti barik!

— Ba, bedartoki bako baserririk ez leuke egon bear, bedartokiak probetxu aundia dakar-da. Eta zure sagastia, bear dan moduan jagonda daukozu.

— Orretan errazoia emongo deutsut. Sagastia alde batera itxita daukot. Izan-bere, sagar urte danean, esku lana ordainduteko lain ez dogu ataraten-da, zer egingo dot ba?

— Sagastia izan leiteke, baserriko aberaskuntzarik aundienetariko bat, gaurko egunean sagarrak egiten dauan prezioagaz... Sagar urte baten, sagarragaz bakarrik, bost eun milla peseta atara dituan baserritarra ezaguten dot.

— Giputza?

— Giputza, bai, giputza.

— Zelan izan leiteke ori? Gu milla ogerleko atara eziñik ibilten gara-ta?

— Iraillean eta urrian (setembre ta otobrean), uskeri bat eskiñiten eutsen erosleak berak eukon sagarragaitik. Orduan berak eun milla kilo sagar, Donostiko frigorifikoetan sartu zituan. Setembrean ez eutsen ordaindu gura izan kiloko peseta bat, eta urrengo urtarrillean (eneruan) kiloko ogerlekoan eskuetarik kendu eutsezan danak.

— A, olan bai!

— Ta ori berori egitea, zeuk eta edozein baserritarrek galerazota daukozue ala?

— Ez, galerazota ez, baiña...

— Bai, betiko baiña... orregaz amaitu bear. Eta ortu kontuan zelan zabiltz?

— Gure etxean ez daukogu ortu lanetarako astirik.

— Eta oilloak?

— Oilloak? Emakumeen esku. Urteko artoak jan eta ia bapere arrautzarik ipinten ez dabela, aori esango deutsut.

— Ai, ai, ai. Orixe da ba kontua. Olan zelan gura dozu ba baserria aurrera joatea?

— Ez, ez da erreza. Zerbait pentsatu bearko dogu.

— Barritu edo il, esaten eban batek. Baserrian buruz bear da jokatu, bestela alperrik lan egitea da. Burubidez jardun ezkero, baserrian etorkizun ona dago: etorkizun ona aragiagaz.

— Bai, orretan zeredozer; eskerrak orrexeri...

— Etorkizun ona esne eta arrautzakaz; etorkizun alaigarria, ortuari, sagar eta frutakaz.

Manuel Oñatibia

(GOIZ-ARGI, Arantzazuko errevistatik bizkaieraztua)


Emakumearentzako

Umeak jakin gura dabiltzanean

...ama batek prest egon bear dau egoki erantzuteko. Sei zazpi urtetik gora, laster asten dira umeak jakin gura: baiña nondik datoz umeak mundura? Eta nori egin leikioe pregunta au euren amari baiño egokiago, eta nok erantzun obetoago?

Ume batek amari onelako preguntaren bat egitean ez erantzutea, guztiz kaltegarri izango litzakio umeari. Ona emen zelan konpondu zan nik dakidan ama bat, arazo onetan ondo urtetako.

— ...?

— Ume bi daukodaz, Jaungoikoak emonda: Martin, amar urteko mutikotxua, ta Santi, zazpikoa.

— ...?

— Ba-nekian alakoren baten preguntatxuren bat egingo eustela, ez ain erreza erantzuteko, atarako preparauta egon ezik. Bitartean, alegin guztiak egiten egon naiz euren konfiantzea irabazteko, eta nigana preguntaka etorriko zireanean; artez erantzuteko. Eta neure artean, oneek propositu biok artu nituan: Onelako arazoetan umeeri

a) ez deutset iñoiz etxaramon egingo.

b) ez deutset iñoiz guzurrik esango.

 Eta nik itxaroten neban preguntea, neuk uste neban baiño ariñago etorri jatan. Gure Santi, bere zazpi urtetxuakaz, izan zan jakingurea agertu eusteana. Martin, zaarragoa izanarren, beranduago ibilli da, nik ez dakit zegaitik.

— Ez arritu —diñotsat—. Sarritan gogoaren edadea ta gorputzarena ez dira batera ibilten. Esaidazu zelan etorri jatzun eretia ta zelan konpondu ziñean, gauzak argi ta guzurrik esan barik expliketako.

— Ara. Oraindiño denporatxu asko ez dala, Bilbao-ra joan bear izan neban ume biakaz. Bilbaoratea eginda gero, gure Santi artekadu asmetan neban. Aurpegian eta begietan igarten neutsan, barruan zerbait gordetan ebala. Eta alako baten zabaldu eustan, bai, ondo zabaldu be, biotzeko kilikilitxua.

Bere praka batzuk konponduten nengoala neugana etorrita, itsumustuan esan eustan:

— Ama.

— Esan, biotza.

— Ni txikiagoa nintzanean, kartoizkoa izan nintzan?

— Ene Jesus milla bidar! Zer diñostazu, ume?

— Ba, lengo egunean, Bilbao-ra joan gintzazanean, antxe, denda aundi baten, nik alako kartoizko ume batzuk ikusi nituan, Miren Begoñak daukonaren antz antzekoak. Eta Miren Begoñarena, nik ondo dakit, neuk ikusi deutsat-eta, kartoizkoa da.

— Baiña nondik atara dozu ori?

— Izekoak esan deusku Martiñeri ta biori, umeak Bilbaon erosten direala, ta pentsau egin dot...

Umeari ondo eta artez erantzuteko, eta zer esan jakiteko, denpora apur bat bear izan neban, eta erdi apropos erdi benetan, barreka asi nintzan. Artean, Jesus eta Mariari eskatu neutsen argitasuna emon eistela, zer eta zelan erantzun jakiteko. Onetan Martin sartu zan arrapaladan eskolatik. Ogi kuxkur bat artu eban, eta jaten egoan bitartean, zetan giñarduen esan neutsan, eta gero esau neutsen bieri:

— Ez, neure laztantxuok. Zuek ez zaree iñoiz kartoizkoak izan, aragizkoak baiño..., neure biotzaren zatiak.

— Orduan, zelan etorten dira ba umeak mundura? —diño Martiñek.

— Begira, neuk esango deutsuet. Ba-dakizue, munduko gauza guztiak, Jaungoikoak egiñak direala. Berak bere borondatez, esatea lez, bere eskuz, egin ditu. Bizirik ez daudenak eta bizi direanak. Bizia daukenari barriz, eurak euretara geitu ta ugarituteko agindua emon deutse, iñoiz amaitu ez daitezan. Orrexegatik da ba: loratxu bat erein ezkero, beste loratxu bat erneten da. Artagarau bat erein ezkero, beste arto landara bat, artaburu ta guzti. Bei bategandik txaitxua, katu eme bategandik katakumea. Ea orain ba, esaten badeustazue: Nok egiñak ete zaree zuek?

Santiren begietan asmetan neban nik-ez-dakit zelako argitasunaren eta bere barruko pozaren dirdiratxu bat. Neuk be lagundu egin gura deutset irribarreka.

— Ea, esan. Nok egiñak izatea gurako zeunkee zuek biok?

— Zeuk, ama —erantzun eban beingoan Martiñek. Eta Santik gaiñeratu eban:

— Egia da, ama, zeuk egiñak gareala?

— Bai, ene semetxuok.

— Zenbat dakizu gero, ama, e? —erantzun eustan Santik arrituta.

— Ez. Nik ez dakit ezer. Ori, Jaungoikoak berak egiten dau ama guztien barruan, eta guk lagundu besterik ez deutsagu egiten.

— Baiña nik jakin gura dot Jaungoikoak zelan egiten dauan.

— Ara, ba. Oraintxe jakingo dozue. Jaungoikoak ipinten ditu gure biotzaren ondoan alako azitxu txiki txikitxu batzuk.

— Zelakoak, ama?

— Onexen jostorratz onen puntea baiño txikiagoak. Eta ementxe, biotzaren ondoan eukiten doguz, ariketa aita ta ama ezkontzen direan arteraiño. Orduan Jaungoikoak bedeinkatu egiten ditu, eta andiago ta andiago egiten dira, ta biotzaren ondoan ezin egon.

— Bai ba —diño Martiñek—. Biotza saietsen barruan egoten da, ta saietsak estutu egingo ditu umetxuen aziak, eta andik urten egin bear, seguru.

Ez neutsan esan Martiñeri, berak iñoana oker ala ondo egoan; baiña auxe gaiñeratu neutsen:

— Eta aziak beste leku bat, zabalagoa, bigunagoa topau bear. Non pentsetan dozue?

 Martin ixilik. Santik, atrevidutxuago, atzamartxu bat bere tripatxura begira ipiñita:

— Ementxe, ama.

— Aori! Ementxe geratuten da bederatzi illabetean, ariketa bigun bigun ta lodi lodi egiñarte, eta gero jaio egiten da. Eta denpora guzti onetan amak ondo jagon bear dau barruan daukon umea, eta asko gura izan bear deutso; osterantzean ez litzake ondo jaioko, ta ez leuke eguzkirik ikusiko, ez lorarik, ez anaiatxurik, ez amarik.

— Baiña zelan urtetan dau kanpora ba? —diño Santik.

Orretarako, amak ixilleko atetxu bat dauka, eta andixek urtetan dau umeak bederatzi illabetegarrenean. Amak dolore aundiak pasau bear izaten ditu orduan; baiña pozik, mundura ume barri bat dakarrelako. Eta orregaitik izaten ditu ain maite bere umetxuak..., eta zuek be asko gura izan bear deutsazue amatxuri.

Biotzean ikutu neutsen. Euren lekuetarik altzata, bata idunetik, bestea lepotik dingilizka, mosuka jan egin bear izan ninduen.

Santik leziñoa atara deutso Martiñeri:

— Aolan ikasiko dok amatxuri desgustorik ez emoten. Ea gero! Amak ire azitxua ondo jagon ez baeban, non egongo intzan i orain? Illunetan!

Baiña Martiñek beste gauza bat dauko orain esateko:

— Eta aitatxuk ba-daki gauza oneen barri?

Burutik oiñetarako dardara bat sentidu neban; baiña, barrua bake bakean ipiñita.

— Oba ez —dirautset barreka—. Aitatxuk ondo dakiz oneek gauzok, ondo gero jakin be. Baiña gaurko, naikoa dozue. Urrengoan esango deutsuet, aitatxuk zelan dakizan onelako gauzak.

Orain kontuan euki esango deutsuedana: Onelako explikaziñoak emoteko, ama edo aita izan bear da; ezpabere, beste edozeiñeri entzunda, umeak oker ulertzen dabe dana.

— Bai ba —diño Martiñek—: tontoagoak izaten dira batzu batzuk!

Eta Santik:

— Ama, ni andi egiten naizanean, zer izango naiz?

— Zuk zer gura zeunke izan?

— Nik aviadore!

Igarri be egin barik, beste gai bateri ekiten asi giñean.

Aingeru


Emakumearentzako

Umetxua datorren bitartean

Andrea,

zeure barruko bakea eta bardintasuna gordetan alegiña egingo dozu. Estadu orretan zeure ta barruan daroazun umearen batasuna ain da estua, ain da kutuna, eze zure biozkada guztiak euren dardakadea egiten dabee umearen gorputz txiki ta samurrean. Oraintxerik gerorako zorion iturri bat emon gura badeutsazu, oraintxerik alegiña egin, bere sistema nerviosuak bultzada gogorregirik artu ez daian. Orretarako, zeure nervioak ondo jagon. Buruauste andiak itxi bertanbeera, eta ez ibilli ikaragarrizko pentsamentuetan. Ez geiegi larritu, ez geiegi nasaitu. Ibilli zaitez beti bardin, beti ekilibrio onean, beti humore onean. Leku emon bardintasun oneri lagundu leikion guztiari. Ez urten gabaz etxetik. Ez joan ikuskizun itzaletara: ziñe gogortxuetara, dantza inmoral eta ganorabakoetara Alperreko zalaparta guztietarik urrun ibilli. Zure fedea, konfiantzea, bakea, ontasuna, mesedegarriago dira zure umetxuarentzat, arako vitamina A, vitamina B ta C ta beste guztiak baiño. Au danau topauko dozu, otoitzean Jaungoikoagaz bakarrik zagozanean, Bera lagun dozula, gauza aundi bategiten zabiltz: Kreatura barri bat mundura ekarten. Lagundu eiozu Jaungoikoari bere bearrean. Berak lagunduko deutsu zeurean.


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

VII

Ocaña, 3 de mayo de 1855

Sra. Dña. María Mónica de Arizti

Elorrio

Nere amatxo guztiz maitia:

Ze egun da biyar? Santa Monika: nere amaren eguna. Urte askotan zelebrau deiyela, animako eta gorputzeko osasun bakiagaz.

Artu neban aitak azkenengo eskribitutako kartia. Asko sentidu neban an leitu nebanian, zerbait makalik ebizela, alan berori nolan nere arreba Felipa; eta gaur-bere bein baiño sarriyago negarrak begitara salto egin deust, ori pensau-ta; baiña gaur bertan pizka bat konsolau nau D. Ignazioren karta batek, zeiñean esaten deustan, bere lanetan dabillela berori.

Biyar ba-daukat asmoa berokaitik meza bat esateko, eleizan daukagun milagrozko Santo Kristo baten aurrian; beraren bitartez Jaungoikuak librau ginduzen koleratik; eta beste etxeko fraile santu biri-bere esan deutset berokaitik mezia esateko.

Jesus maitiaren odol preziosuak biyar deadar egingo deutsa Aita Eternuari, nere guraso eta arreba eta koiñatuagaz errukitu deilla, beron trabajutxuetan konsolau deizela, eta bere vorondate (1) santuan konformidade andi bat emon deiyuela.

Ez naz, ez, amatxo, berokin aztu: ondo presente daukadaz, siñistu nai ezpadau-bere. Zelan posible izan leike, neure ama maitiak nigaitik pasau zituzan trabajuakin aztutia? Gauza batek, beste askon artian, dauka nere biyotza penaz beteta, eta Maria Virgiñaren entraña garbiyak gaitik eskatuten deutsat konsuelua. Eta zelan? Berorren vorondatia konformatuagaz Jaungoikuarenarekin nere estaduaren gaiñian (2).

Bai, amatxo. Konsuelo au emon biar deutsa maite daben seme bati; maiyatzeko ill onetan Ama Virgiñari eskiñi leikion lorarik ederrena auxe da. Onegaz gaiñera, beste loratxo bat ofrezidu biar deutsa. Biyua Mariagana, eta bere oiñetan auspaztuta: «Nere biyotzeko Ama guztiz laztana —esan beiyo—, trabajuaren kargiak makurtuta nauko lurreraiño; eskatu egiozu zeure seme divinuari, kendu deigula karga au; baiña, Ama laztana, ezpedi egin nere vorondatia, ezpada zeure seme Jesusena; bere vorondatia bada, pronto nago munduko trabaju guztiak poz pozik eramateko; bakarrik eskatuten deutsut, Virgiña garbiya, alkanzau egidazula graziya, ondo eramateko, eta nere eriotzako orduan etorri zaitiala, nere arimatxua zeure eskuetan artzera.

Konsolatu bedi, amatxo, Mariya Virgiñiagaz. Negar egin nai dabenian, biyua Mariagana, eta bere oiñetan urtu bedi berorren biyotza. Afligidurik arkitzen danian, biyua Mariagana, eta konfianza andi batekin zabaldu beiyo berorren biotza. Artu bei ainbat sarriyen eskuan errosariyo santua, eta errezau beiyo devoziño andi batekin, bada errosariyua arma guztiz indartsua da.

Artu bei, ainbat sarriyen eta al daben biyotzik garbiyenagaz, Jesus Sakramentadua, bada guztiyoi deiez esaten deusku: «Atozte nigana trabajuz kargauta zagozen guztiyok, eta nik karga arinduko deutsubet.»

Pensau bei, amatxo, Jaungoikuak geure onerako trabajuak bialtzen deuskuzela; eta guk trabajuetatik purgatoriyo bat egin biar dogu, ilda gero zuzen zerura juateko. Antxe bai biziko gariala alegere. Bizi garian artian, euki daigun zeruan biotza; eta zenbat eta lurrian geiyago padezitu, Jesusen amoriyuagatik bada, ainbat eta gloria andiyagua zeruan eukiko dogu.

Guztiok alkar konsolau bediz beron penetan, al dabenak ezin dabenari lagunduaz, eta alkarri beren impertinentziak sufriduagaz, bada auxe da biderik zuzenena, Jaunaren amoriyuagatik egiten danian, bere konsuelua eta miserikordiya alkantzetako. Ea bada, ama laztana, artu deigun geure bizkarrian Jaungoikuak bialtzen deuskun gurutzea, eta goiazen antxi antxika (3) Jesusen atzian.

Nik beti presente eukiko ditut nere oraziño argaletan, eta batez-bere mezako sakrifizio santuan.

Ondo bizi bediz, eta agur urrengo artian.

Valentiñek

VIII

Ocaña, 8 de mayo de 1955

Nere amatxo maitia:

Ondo ezagutzen dot, zein andia izango dan berorren biotzen penia egun onetan.

Siñistu beit, ama, neuri-ere, alperrik egon urrin (4), negar asko kosta izan jatala Feliparen eriotzaren notizia tristia (5), eta nai neuke berakin berorren biotza konsolau.

Neu-bere konsolau nau Don Ignaziok beste notizia batekin, eta da: berok alperrik trabaju andiyen erdian aurkitu, guztiz animauta egozela.

Bai, amatxo maitia. Animatu bedi, Jaungoikuak biaidu deutsan trabajua eramatera; bere vorondate santuan konformatuagaz, bada egunen baten ondo pagatuko dio zeruan.

Eskiñi beiyo egunian asko aldiz Katalinatxo; eta bere arimatxuaren inozenzia ikusita, errukitu deilla berorregaz.

Konsolatu bedi, ama; laster juango gera Juan Mariatxo (6) eta Felipa ikustera.

Konsolatu bedi Jesus eta Mariaren oiñetan. Euki bei berakaz konfianza andi bat, eta ez bedi bildurtu. Negarrezko vaile au pasateko biar dabena eztxako faltako.

Erakutsi beiyo Jose Agustiñi-bere nere sentimentua, eta neure partez animau bei.

Agur, amatxo; nere oraziñuetan presente eukiko dot, eta biotzetik ezkatuko deutsat Jaunari guztiok zeruan batu gaizen. Agur. Ill barruan lau letratxo ostera-bere eskribituko deutsadaz erregularmente.

Valentiñek

(1) Oneetan kartetan agertzen direan V guztiak, Doatsuak berak ipiñiak dira.

(2) Gure Doatsua abade egin zan leenengo Logroño-ko seminarioan, eta gero fraile estadua artu eban.

(3) Karrian, ariñak arin, ariñeketan, arrapaladan.

(4) Urrun egonarren, asago egonarren.

(5) Felipa, Doatsuaren arrebea, Jose Agustin Isasi-gaz ezkondua. Umetxu bat eukita gero, egun batzukarrenean il egin zan. Umeari Kataliña ipiñi eutsen izena bateo santuan, baiña jaiotzatik amairugarren egunean, bera be il egin zan.

(6) Jose Maria, Doatsuaren anaia. Bost urtegaz il zan, pozu baten itota.