ANAITASUNA

V URTEA - N.º 46

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Martia (3) 1958


Milovan Djilas

Gaurko gure mundu onetan Komunismoa biurtu yaku bildurgarririk eta zigorrik andiena. Orretan eztago dudarik. Bai Europa eta bai Asian lurralde zabalak eta naziño osoak menperatu izan ditu. Eta beren atzaparretan jausi eztireanak be, ikaraz dabizela ezin ukatu. Errusiaren erpeari iges egitearren, Europa ta Ameriketako errialdeak alegiñak egiten dabiz. Alkarren indarrak batuten, norberaren defensarako kontuak ataraten, eta abar.

Konturatu dira, nunbait, danon indarrak alkar arturik, obeto gordeko direala. Eta guzti ori bearrekoa zala bistan da. Baiña ausaz ezta naikoa. Komunismoa idea bat da, eta idea bat ezin lei garaitu armakin bakarrik. Balmes-ek diñoanez, ideak errez pasatuten dira bayonetakin egindako ormetatik zear. Beste norbaitek be oraintsu esan dau —eta egoki esanda dago—, Okzidenteko erriak ba-dakitela zer eztaben gura —Komunismoa—, baiña zer gura daben eztakitela, eta ortixik datorrela iñora barik ibilte ori, batasuna ezin lortutea, eta amaibako errietak eta arramuskadak euren artean eukitea. Komunistak, barriz, ba-dakite ondo zer gura daben eta nora doazen, eta euren indarrak ondo batuta daukiez.

Bien bitartean, burdiñezko estalki gogor batek galazoten deusku ikusbidea, beste aldeko naziñoetan zer jazoten dan jakiteko. Andik ona eztatoz eurak bialdu gura dabezanak izan ezik; emendik ara be eztoaz. Eta alan, barri zeatzik ezin jakin. Mundua zorigaiztoz erdibitu egin da, eta erdi bana beste erdiaren arerio egiñik bizi da.

Etorkizuna norena izango da? Ezin jakin. Bearbada egun baltzak ikusteko gagoz. Baiña Jaungoikoa dogu gizonen ganetik, eta ori da gure itxaropen bakarra.

Ganera, azken urteotan agiri dira señale batzuk, Komunismoa desegiten eta beren barruko indarra galduten asi dala uste izateko. Señale orreik amaiaren asierea ete dira? Eztakigu. Dana dala, gogoratu daiguzan batzuk. Lenengoa, Stalin-egaz jazo dana. Stalin il zanean, beronen atzetik etorri zireanak milla zikinkeria ta krimenik lotsagarrienak bota eutsiezan arpegira. Au ba-da zerbait, egindako erruak autortutea beiñipein, ilda dagonaren samatik dingilizka ipiñiarren. Gero, 1956-ko Zemendian mundu guztiak daki zelan Hungria-ko erria oso-osorik jagi ta altzau zan Komunismoaren uztarria bota gurarik. Jakiña, errusoak arin-arin zapaldu eben erri martirizatu ori, baiña alan be zeozer esan gura dau jazoera onek: Hungria-ko erriak Komunismoari deutsan gorrotoa ta ikusi-eziña.

Eta orain azkenik, Milovan Djilas-en libru zoli zaratatsuak urten deusku. Jaun ori betiko komunistea izan da. Tito-ren lagun andia eta Yugoslavia-ko Lendakari-ordea izanikoa, ganera. Baiña baita zintzoa be. Tito aspalditik ibilli da beren adiskide zaar oneri aoa itxi guraz. Baiña onek inglesez idatzi dau liburu bat The New Class = Klase Barria. Gero libru ori isilpean bialdu dau Yugoeslavia-tik Norteamerikara, al-bait ariñen argitaratuteko aginduaz. Eta alan egin da. Titok kartzelan sartu dau Milovan, libru ori dala ta eztala. Baiña berandu. Beren adiskidea ezin izan dau isildu arazo. Milovan-en boza lau aizetara zabalduten ari da, eta Komunismoak gaurgiño eztau ezautu bomba kaltegarriagorik, libru auxe baiño.

Eta zer diño Milovan-ek beren libru onetan? Komunismoak frakasau egin dabela, eta ganera derrior frakasau egin bear ebala, buruaren ames bat baiño eztalako. Soziedadean klase bat kendu, eta aren lekuan beste bat milla bider gorrotagarriagoa ta ustelagoa ipiñi: auxe besterik ez ei dau egiten. Tiraniarik itzalena sartu, eta gizonari askatasun guztia kendu. Langilleen alde doala esan, baiña langilleak eztira iñoz ugazaba zantarragoaren azpian egon. Auxe da, berba gitxitan, Milovan Djilas orrek diñona. Makiña bat gizoneri begiak zabalduten dabillen librua.

L. Villasante


Dakarretik

Donibanetik Dakarreraino zer itsas-bide luzea!

...

Harat joateko behar baitugu bai indar eta bai bihotz.

IRATZEDER

Luzea benetan, ANAITASUNA-ren irakurleok, Euskalerritik Dakarreraiñoko bidea. Emen gabiltza atunetan berrogeta bederatzi embarkaziño euskaldun. Geienak Frantzia aldekoak (32): Donibane Loitzun, Ziburu ta Sokoakoak. Beste amazazpi enparaduak, Espaiñia aldekoak: Ondarrabiko bi, Pasaiko bat, Onoko bat, Motrikoko iru, Ondarroako bost, Lekeitioko bat, Bermeoko lau. Bermeotik berrogei embarkaziño giñean etorteko; baiña gauzak ez euskuen ondo urten, eta azkenean lau bakarrik etorri gara. Zemendiaren 25-ean, Santa Katalina egunean, urten genduan etxetik. Goitarrak baiño illabete beranduago. Amabost egun egin genduzan bertora eltzeko. Eta emen gabiltza ordutik ona, gau ta egun, gora ta beera, atunetan, batzuetan aizeraka, beste batzuetan poparean, beti jardun gogorrean. Egia aundia diño Aita Iratzederrek bere bertsoetan: Dakarrera etorteko, indarra ta biotza bear.

Arraiña

Emen atrapetan dogun atuna ez da gure itxasoetakoa lakoa. Ega luze ta ega laburraren erdikoa. Ba-dagoz aundiak eta txikiak: lau kilokoak eta berrogetamarrekoak. Aragia, zuriztea. Azala, adurtsua. Indarra, aundia.

Iru edo lau urte dira, itxaso onetan arraintzaleak atunetan asi zireala. Igaz eta igaz lenean polito atrapatu izan ei dabe arraiña. Aurten eskasago dabil, orain arte beiñik bein. Iru illabete igaro dira etorri giñana, eta oraindiño ez da agiri beste urteetako arrain ugaria. Ibilli, ba-dabil emen embarkaziñoa, gora ta beera, Esteraka ta Oesteraka, Ipar latitude 15-etik 10-erarte, baiña ez da agiri gauza andirik.

Arraintzaleak

Dakarreko itxasoan aurten dabiltzan arraintzaleak eundalarogei bat izango dira. Danak, bat edo beste izan ezik, kampotarrak, Espaiñiakoak eta Frantziakoak. Batez-bere, Frantziako iparraldekoak: Bretaiñiarrak. Bizkaia ta Gipuzkoakoak lau grupo egiten doguz alkarren artean: Frontera, Gipuzkoa, Bizkaia ta Matxitxako. Grupo bakotxekoak, embarkaziño bat bagiña lez, lan egiten dogu; irabaziak be danontzako dira. Orregaitik, danok batak besteari, norberaren grupokoeri legez, lagunduten deutsagu. Gauza erreza da, embarkaziño laguna non dabillen jakitea, arraiñuntzi guztiak radio emisorea ta goniometroa daroezalako. Eten barik gabiltza radioz alkarren berba egiten, bear dan guztirako, batzuetan arraiña non dagoan esateko; beste batzuetan norberari sobretan jakon karnada bizia lagunari emoteko, ta abar. Eskerrak laguntziño oneri, Dakarreko arraintzaleen bizibidea guztiz gogorra ta latza da-ta.

Itxasoa

Ainbeste dempora daroagu, eta oraindiño ez dogu euki eguno-bere benetako kalma zuririk. Beti aizea, beti olatua. Eta gabaz lotan gagozanean, izugarrizko balantzadea. Berorik be ez dau egiten. Oraiñarte beintzat. Cubako itxasoan baiño egorantzago egon arren. Baiña ondo pentsatuta, ez da arrituteko gauzea, ze berton be oraintxe da negua, eta urtarrilla ta zezeilla (enerua ta febrerua) urteko illerik otzenak. Ori gora beera, klima ona da: beti eguzkia, iñoiz be ez euria ta otza.

Eleizea

Domekatan-bere lan egin bear. Askotan jakin bere ez dogu egiten asteko ze egun dan. Emen gagozan bitartean, iru edo lau illabetean, mezarik entzun barik egon bear. Aita Iratzederrek bere bertsoetan diñoan legez:

Hemen aphezik, mezarik gabe

baigare nahi ta ez bizi.

Baiña, zorionez, ez da ori pasatzen embarkaziño guztietan. Gurean, Bermeoko "Nuevo Galerna"-n, fraille bi datoz, bata sazerdotea, bestea anaia laikoa. Domeka guztietan, naiz goizean lan egiten asi orduko, naiz arratsalde beranduan eguneko bearra amaituta ta gero, mezea entzuten dogu danok. Ze gauza ederra, itxaso erdian, illunabarrean, Dakarreko puntan, mezako sakrifizioa zelebratzea eta Jaungoikoaren verbea entzutea! Eta ze ona dan Eleiza Ama Santua, fraille bion personan gure artera etorri dalako, bere seme arraintzaleakaz akordaturik! Ementxe dabiltza biok gugaz batera zintzo zintzo lan egiten. Frai Alberto, naiz makiñan guardia egiten, naiz garxoak jagoten, naiz zaurituak osatuten, naiz lagunen ulea ebagiten. Aita Imanol, karnadea emoten edo poleatik ten egiten, zein arraiñak batetik bestera igaroten. Eta gero, deskantsaldietan, danok gure fraille biokaz erlegiñoko gauzen ganean larguro verba egiten.

Poza ta negarra

Gabon gabean, euskaldun untzi guztiak Dakarreko portuan batu giñean. Eta antxe, iñorabarik danok alkarren ondoan ospatu genduan Jesusen jaiotza. A izan zan alegrantzia ta alaitasuna! Gero apalostean, gaberdiko mezea entzuten joan gintzazan. Dakarreko abade batek, Itxas-Apostoladuko arazoa daukonak, bein beiñeko kapilla eder bat atondu eban portuko moilla ondoan. Antxe batu giñean ainbeste euskaldun, eta meza asikeran Gabon kanta zar bat abestu genduan. Abade frantsesak emon eban mezea, eta Aita Imanol, alba ta estolaz jantzita, altara ondoan egon zan. Gero, evangelio ostean, abadeak sermoia egin ondoren, Aita Imanolek, erdi bizkaieraz, erdi gipuzkera-laburderaz, euskerazko verba batzuk esan euskuzan. Jarraian barriro Gabon kantak. Eta dana amaituta gero, pozarren joan giñean lotara. Baiña gau atan, negarrezko zeredozer jaso zan. Urrengo egunean eta urrengoan ez zan agiri Ondarroako arraintzale gazte bat. Gabon gaberik aurrera ez eban iñok ikusi. Laster zabaldu zan pekoa ito-edo egin zala. Eta izan-bere alantxe izan zan. Nonbaitean-be, Gabon gabean, ainbeste embarkaziño-artean, illupetan laban-edo egin eban, golperen bat artu, konorte barik uretara jausi, eta bertan ito. Urtebarri egunean, Dakarreko eleiza baten entzun genduan bere arimearen alde defuntuen meza bat. Gauza guztiz emozionagarria izan zan, ia eleiza guztia euskaldun arrantzalez beterik ikustea, eta Aita Imanolen euskerazko verbaldi sutsua Dakarreko erbestean entzutea!

Euskerea

Jaungoikoak ez daiala gura izan! Baiña iñoizko bateri Euskerea galduko balitz, azken azkenengo arraintzaleen artean izango litzake seguru segurutik. Emen dana egiten dogu euskeraz. Radiotik ez da besterik entzuten: Euskaldun frantsesak onda batetik, guk bestetik. Legorrean bardin: dana euskeraz. Batzuk Bizkaieraz, beste batzuk Gipuzkeraz nai Laburderaz. Gure kostaldeko euskalki guztiak entzuten dira emen. Ori gora-beera danok alkarren ondo ulertzen dutsagu; eta oraindiño obeto ulertuko geunskio, gutariko bakotxak bere euskalkia artez eta zabal pronuntziatzen jakingo baleu. Baiña ez daiala iñok pentsa, gure euskerea "garbia" danik, ez. Guk ez dogu euskeraz egiten verbetea landuteko, ezpabere bear egiteko eta dirua irabazteko. Guri euskereak biziteko valio deusku. Orregaitik, probetxu andiagaz erabilten doguz erbesteko verba asko ta asko. Olan ez dabiltz, euskaldun arraintzaleok laster largako geunskio euskereari, guztiz "garbia" ta ederra izan arren, eta erdera erabiliko geunke, euskera garbi zaleen negar alperrak gorabeera.

Dakar

Zenbat bidar aitatu izan dogun izen au Bermeon, bertora etorri orduko! Aundia zan gure guraria, Afrika Okzidentaleko uri aundi au ikusteko. Eta azkenean ikusi dogu. 300.000 habitante eukiko ditu. Geienak baltzak. Frantsesa da bertoko verbeta ofiziala, eta frantsesak bertoko agintariak; Zuriak bizi direan alderdia guztiz barria ta elegantea da. Baltzen artean, euneko larogetamabost mahometarrak dira. Berton bizi da Africa Okzidentaleko artzobispo katolikoa. Katedrala Afrikako estiluan egiña da. Monjak be ba-dagoz. Kampotarrak ia danak. Mariaren Misiñolari Frantziskotarrak, gure artean Monja Zuriak deritxoenak, iru etxe daukez berton. Euren artean monja euskaldun bat aurkitu neban; Gipuzkoako Arantzazun jaioa bera. Gu, arraintzaleok, portura gatozanean, gitxi joaten gara errira. Bizia guztiz karu dago, eta gaiñera ez dakigu frantsesa. Askotan, naiago izaten dogu embarkaziño barruan egotea. Eta an akordatzen gara gure etxekoakaz, eta milla bidar esaten deutsagu alkarreri Euskalerria lakorik mundu guztian ez dagoala.

Dakar, 1958, Urtarrillak 25.

BERRIATUA


Jesukristo'ren Eriotzan [Olerkia]

Barren barrendik dardaraz lurra,

eguzkia goiz illunpetu da.

Zeru ta lurrak dabillen guda!

au larritasun, au da bildurra!

Izarrak goian ez dabe argirik,

mendiak bean ezin geldirik,

urrundik dantzut itxas orroa.

Miñez ete da Jaun zerukoa?

Zer da, gizonak, gaur dakusguna?

Nun da maisua, nun jakituna,

nun dira zaarrak, nun liburuak?

Zer jazoten da, zer dau munduak?

Munduak negar, bere Egillea,

Bildots garbia, Erru gabea,

Aitaren Verba gizon egiña,

Aingeruen poz eta atsegiña,

Zeruko ispillu garbi garbia,

edertasunen Leniturria

zauriz, odolez, izerdiz autsez,

txistuz, arantzaz, miñez, naigabez,

lapur birekin kurtzeratua,

Bera bailitzan lapur burua...!

Negar munduak, Jauna ikustean

Untzez josila illik kurtzean.

Negar egizu, negar, mundua,

irriz ta griñaz nasai, lokabe,

barrez, izekaz, lotsarik gabe

dabillen arte gizon gaiztua.

Illundu zaite, egun sentiko

argitasunen eguzki brintza.

Nun dozu edango, nundik bustiko

loratxuetan goizeko intza?

Zure urrebitsen iturri biak

miñaren miñaz legortu dira;

Jesusen begi zoragarriak

ez dabe ikusten, ezin begira!

Ixildu zaite, kantari zaren

sasilarreko txistularia,

ixilik egon, ixilik, arren,

papar gorridun txantxangorria.

Basoetako txori bizkorra,

otatxori zein urretxindorra,

ixilik egon abia ondoan,

edo negarrez kantatzekoan.

Jesus maitea, zuen Jaun ona,

—giza semeetan Bera ederrena

zeru lurretan onen onena—

da kurtze orretan illik dagona.

Zimeldu zaite, zelaietako

lora pitxitxi, lili bitxia,

Ez geiago izan begientzako

atsegin gozo alaigarria.

Lili polita, zimeldu zaite,

eguzki epelik ez izan maite,

iturritxuen zumo gozoak

edan bekizuz aize beroak.

Zegaitik jantzi landa munoak,

zure Jabea billoixik bada?

Il zaite, ez bizi. Erio loak

artu dauana zeure Jauna da.

Apurtu zaite, neure biotza,

Ez geiago izan. arri gogorra,

geiago ez izan edur izotza,

izan benetan errukiorra.

Maite izaizu maite zaituna!

...

...

Nik maite zaitut, Jesus kutuna!

AINGERU


Euskal-arrantzaleak

Gure lankide EUSEBIO ERKIAGA-k nobela bat argitaratu dau, "ARRANEGI" deritxana. Bere erri Lekeitio-n ditu jazokunak irakurgai orrek. Gure irakurleak apurtxu bat ezagutu al izan dagien eta erosten zaletu daitezan, emen ipinten ditugu arrantzale euskaldunaren alde diñozan berba ederrok.

"Arrantzaleak, bere lanbide ta jardunean asten dan bakoitzean, beti ta beti, bere biziaren guna, arrisku ta galtzoripean ezarten dau, bildurra aldebatera utzirik. Etxeko ogia, sendiaren poza, umien atsegiña, erri osoaren alaibide ta aberastasuna, orra zer dan arrantzalearen arloa; orra or, kai-erri ta portualdeetan itxaropena ta ondasuna erein ta zabalduten dakian gizasemea.

 Biotz eder, gogo zintzo, barru oneko ta esku zabal, daukanean edonon emoteko gertu egon oi dan gizaki begiko, apal, gorrotorik bageko, edonoren adiskidea. Orixe dozu arrantzale euskalduna; orixe dozu egunero, arrisku bildur bage, lekurik txarrenetara, osin izugarri orren atzaparretan guretzat bere janari billa joaten dakian itsas-seme jatorra!

Dirurik ezarren, jaun agertzen da arrantzalea. Aundikeri bage, gizon eta zaldun.

Biziteko lain egiten daki, ez aberastu bearreko urregose txarrez.

Barruko bakearen jabe, biotz nare ta baredun, eroapenez bete, egoarritsu. Daukonagaz naikoa ezaten dakiana. Eskean ibiltea gorroto dauana, bear-izan gorriaz aztamuka ibili arren sarritan.

Okituak eta ondasunez beteak ezagutzen eztaben mana, baretasun, arte ta nasaipena beragan dauan gizon apal, mazal ta gogo onekoa.

Zer esan daikee legortarrik askok arrantzaleen ala ta kontra, uretan ordu bat edo bi egin ezkero, legorretik iruzpalau milla urrunerantz joan ezkero, oindiño mendiak be, begien aurrean ostendu bage izanik, burutik beatzetara dardaraka, ikaraka, laudarduan, izuturik jarten direan barritsu, minluze, prakestuak?

Isil beitez, ba, jakitun azalekoak.

Jantzi beitez euren soiñekoz, bizi beitez euren etxe zirtzilluetan; ta batez ere, bioaz itsasora, bioaz egunetan eta egunetan, uda ta negu, otz ala bero, sargon ala izotz, egunez bezela gau baltzean be.

Eta joan beitez joan, ekaitz egunetan, itsas-urak irakiten diarduen denporaletan, sartu beitez orduan intxaur-azal ortan, ta bioaz urrutira...

Orduan esango litukie, noski, lotsa aundiko berba astunak, orduan solas ta ele gurgarriak, orduantxe eskabidezko itzak, arrantzale ta itsastarrentzako gorapenak. Une artantxe litzakez mariñelentzako ele-sari bikaiñak, esanaldi aipagarri ta biribillak.

***

Baiña kaira arrain apurra eldu dediñeko, ikustekoa da portualdeak artzen dauan bizinaia. Alaitasun, jolasgura, barregozo, dantzadeia, orixe izaten da leen itxaropen, egoarriz ta nekez irabazitako saria.

Eztau arrantzaleak zeken-usaiñik ez zuurkeri larregirik. "Dirua —auxe da euren doktriñea— ezta gordeteko egiña, esku-aldatuz ibilteko baiño".

Arma edo iskillu bako gudularia, bizia arriskuan egunero erabilli arren, guduzelai maitera, itsaso urdin zabalera, edonoiz-edonoiz baretsu, nasai, nare ta lerden joan oi dan gizasemea.

Eztaukanean isil samar, daukanean edonon emoteko gertu...

Arrantzale biotzaren ederra!

Baiñan isil gaitezan. Itxaropentsu izaten, gu baiño ukondo bat gorago dagolako euskal-arrantzalea".

ERKIAGA E.


Emakumearentzako

Umetxoaren janaria

— Jakin dozu, Zezili?

— Zer jakin edo, Klaudi?

— Kataliñanekoa ba. Orain be ume barri bat izan ei dabe.

— Ezta izango!

— Bai, Zezili. Mutiltxu politagorik ez ei dau oraindiño Bizkaiak ikusi!...

***

Zorionak bada, Kataliñ. Zein gauza ederra ama izatea! Aingerutxo bat lurrerako, eta arima barri bat zerurako. Zorionak!

Baña zure Antontxu on oraindiño txikia dozu. Ez dozu ikusten? Oso txikia. Eta asi egin bear.

Zein ete dozu ba zure umetxoaren janaririk onena?

***

Enaz ni diñautsudana. Medikuak eurek esango deutsue ao batez: "Aberientzako euren amena danez, umearentzako be bere amaren esnea da alimenturik apartekoena".

Kimball medikuaren berbak dozuz: "Gerra denporan Afrikan erri asko aurkitu nebazan gaixoz eta gosez il-zorian. Negargarria zan ainbeste ama euren semetxoakaz alan ikustea. Baña amak, gosez ta gaxorik egozan arren, umetxoak lodi ta sendo aurkitu nebazan. Ama areen esneak egindako miraria zan a, ziur".

Izan be, amaren esneak guztiz ona izan bear dau umearentzako.

Chicago'n egiñiko prueba da. Ogei mille ume examineu dituez. Eta konkluziño au atara: amaren bularragaz asiriko umeak, askoz be infeziño eta alerjia gitxiago izan dituez.

Onen arrazoia? Auxe dozu bat: amaren odolak infeziñoa kontrako antikuerpoak-edo daukoz, eta esnearen bitartez emoten deutsoz umean defensa orreik.

Kimball medikuak diñoanez, amaren bularrean azteak, aurtzaro guztirako egiten deutsoz mesede aundiak umean. Urte askotan ikusiak gogoan eukita, auxe atara izan dau garbian mediku onek: biberoiegaz azitako umiek osatutera, urteko lau-bost bider joan bear izan dauala; eta amaren bularragaz azitakoak osatutera, barriz, urte birik baten bakarrik. Ez ete dago alde aundia?

Ia ba, Kataliñ, eta ama zarien andratxuok: azi egizuez umeak zeuen bularragaz.

Ama benetakoagoak izango zarie zeuek. Eta Antontxu-ta, barriz, kolore gorriago eta osasuntsuagoak.

Zuetza

***

Aurtemin artu neban erdal errevista batek irudi polit bat ekarren. Bertan agertzen zan emakume gazte bat eleiz-kanpantorretik kalera begira, eta beyan idazkun auxe: Emendik goitik begiratu ezkero ze txatxarrak diran gizonak!

Norbaitek eskuz auxe geitu eutsan: Eta beetik bere bai, ene alabatxua. Ikasiko don oindiño.

Belu


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

IV

Neure amatxo maitia:

Artu dot berorren kartia desiatua; baiña bildur bat emon deust, eta da, asko ezpada be, pizka bat asarre egon biar dabela nigaz.

Egiya da, San Luis Gonzagak, jesuita izan baiño lenago, gurasuai parte emon eutsela; baiña egiya-bere da San Luis Beltranek etxetik iges egiebala, gurasuai ezer esan barik; eta gure Santo Tomas andiya preso euki ebela dempora askuan bere etxekuak, miseriya askoren erdiyan, Fraille sartu zalako: baiña azkenian beriaz urten eban, zergaitik Jaungoikuak destinauta eukan gure erreligiñuari honra andiya emoteko.

Alde onetatik, ama, pleitua galdu dau. Esango neutsan nik Fraille izan gura nebala, ona etorri baiño len, esperantza pizka bat euki baneu itxiko eustela; eta agur egitera etorriko nintzan, bildur ezpanintz, biotzik ez nebala eukiko, berorren negarrak ikusita, Fraille izateko.

Baiña Logroñun zelan ez neukan neure buru ariña baiño, orregaitik arin ibilli nintzan. Au egin baneban-bere, profesa allegau artian ezin nei ziertu esan Fraille izango naizala. Ezagutuko baneu Jaungoikuaren vorondatia au eztala, ez neuke izan gura.

Izan dedilla izango dana; gauza bat importa deusku mundu onetan: ondo bizi gaitiala egun laburretan; orrela ikusi daigun zeru altuetan, eternidade akabu bagekuetan.

Amatxo, ez ikaratu trabajuak gaitik. Pesetatxo bat irabaztiagaitik eztabiz gizonak gau eta egun itxasuan eta leorrian, izardiya bekokiyan da? Zer egin biar eztogu bada, zerua irabaztiagaitik? Mariya Virgiñia arpegiz arpegi ikustiagaitik?

Ezteiyela iñok etxian egunik pasau errosariyua errezau barik; eta ai dabela, mezia-bere goizian entzun, bada onetan emoten dan demporia ezta galdua. Jaungoikuak geixo bat bialtzen badau, nai eta nai ez, galdu biar dira astiak eta illak, eta jan-bere bai osasunian irabazitako kuartuak.

Alkar ondo artu beye, batak bestiari bere faltak sufrituagaz, eta batez-bere geixoko demporetan lagundu beiyue alkarri amorio andiyagaz, iñolako moduz arpegi illunik ipiñi barik; bada olan daguanak, lanik asko dauka bere geixuagaz.

Urrengo artian.

Gorantziyak etxekuai eta osaba Frailliari.

Valentiñek

(1) Karteak ez dakar fetxarik. Ain baten, 1853 ko azkenetan idatzia izan zan, Ocañako Dominiko komentutik.