ANAITASUNA

V URTEA - N.º 44

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Urtarrilla (1) 1958


Leitza-ko jaialdia

Egun zoragarria ta aaztu eziña benetan Abenduaren 22-an Leitza-ko erriak bizi ebana. Naparroa zaarreko erri txiki bat dozue Leitza. Milla ta zazpireun lagun inguru izango ditu guztira. Emen izan zan, ba, egun orretan, Orixe jaunaren omenaldi andia.

Nikolas Ormaetxea edo Orixe jauna nor dan ezta eztakienik, euskaltzaleen artean beiñipein. Gipuzkoako Oreja-n jaio zan, 1888'gn. urtean. Baiña txiki-txikitatik Naparroako Uitzi-n (Huici) bizi ta azi zan. Euskeraz be erri txikar onetan ikasi eban. Eta onelako jaialdi bat atonduteko Uitzi erri txikiegia zala-ta, andik urrean dagoan Leitza aukeratu zan.

Makiña bat lan egiña da Orixe jauna euskerearen alde. Amaika liburu ta idazki eskribidu ditu euskeraz. "Mireio", "Tormes-ko itsu-mutilla" (au Bizkaiko euskeraz), "Santa Kruz Apaiza", "Barne-muiñetan", San Agustiñen "Aitorkizunak" edo Konfesiñoak, eta azkenik, danetatik ezagunenak eta gomutagarrienak, "Euskaldunak" Poemea eta "Urte guziko Meza-Bezperak".

Bere lan ezkerga orrengatik ondo merezidu eban Orixe jaunak onelako omenaldi ta gorasarrea. Goiz-goizetik asi zan jentea erruz etortzen Leitza-ra, bai Iruñe edo Pamplonatik, bai Bilbo, Donostia, Tolosa eta Frantzia-aldeko Euskalerritik be bai. An eguan Uranga jauna "Institución Príncipe de Viana"-ren izenean, euskaldun Akademia osoa, Tolosa'ko "Felipe Gorriti" eritxon kantari-taldea, txistulariak, ezpatadantzariak, ta abar.

Goizeko amar t'erdietan erriko etxetik eleizeara egin zan prozesiñoa, ezpatadantzarion artean etorrela Orixe jauna. Eleizean Meza nagusia, eta Meza orren barruan Orixe jaunak bakarrik Jauna artu eban. Meza-ostean barriro erriko etxera. Emen egin eban Orixe jaunak bere berbaldia euskal Akademian sartuteko. Leitza ta inguruko euskerearen azentua zelangoa dan aztertu eban bere berbaldi orretan. Gero Mitxelena jaunak erantzun eutsan Akademiaren izenean.

Ordu batetan egin zan bazkaria, Naparroako Diputaziñoak eskeiñia. Bazkal ostean Arrue jauna jagi zan berba sutsu batzuk euskal Akademiaren izenean esateko, danari eskerrak emonaz. Euskaldun guztiak euskerea jagoten, maitatuten ta bizirik ataraten arduratu bear gareala ta abar esaten ekin eutson. "Felipe Gorriti"-ko kantariak be konzierto alaia emon eben.

Gero, arratsaldean, euskal erromeria egin zan Leitzako plazan: dantzariak, aizkolariak, aari-talka edo topekea, arta koskol posturea, Olentzaro begigorriren agertutea. Illuntzean, barriz bakotxa bere txokora, aaztu eziñezko gomutea ta poza biotzean. Zenbat jaun eta andra etzirean an batu, euskerea maite ta euskerearen alde lan egin gura dabenak! Danak asmo ta gogo bardin orregaz. An eguan Azpiroz jauna, Valkarlos-ko abadea, bere erritarrentzat orri gozo samur bat egiten dabena euskeraz, an Etxaide jauna euskerazko ainbeste liburu atara dituzana, Txillardegi, Zugasti, Oleaga, Erkiaga, Arrutza, Lekuona, Artetxe, Arenaza, Irigoien, Irigarai, Aresti, Peña, Lafitte, Dassance, Laveguerie, Eperre, Barriola, Bordari, Zeleta, Altzeta, Lojendio, Etxaniz, Labaien, Mokoroa, Diaz de Unzurrun, Agerre, Loidi, Zarauz'ko Patxi Unzurrunzaga eta beste asko. Ezin danak aitatu, gurata bere. Eta an batu zirean guztiak amodio bategaz etozen: danak euskerearen amodioak eraginda. Bai, euskerea dala euskaldunon ondasuna, eta ondasun ori eztogula galduten itxi bear: au zan an batutako guztien eretxi, asmo ta ardurea.

Ain zuzen be, jaia, nik esango neuke, Orixe-rena barik, euskerearena izan zala. Euskalerriak euskerean dauko beretasun berezia, antxiñatik yatorkun aberastasun andia. Oneri eutsi bear deutsagu. Ederra dalako eta batez be geurea dalako. Astakeria galanta egingo gendukena mundu guztiaren aurrean, gizaldirik gizaldi eldu yakun berbetea guk orain geure ardurabagekeriaz galduten itxiko bagenu. Euskerea maite ta jagon daigun ba. Orra Leitza-ko jaialdiaren esangurea.

L. Villasante


Beste mundu batzuk. Beste gizon batzuk?

Tintarik asko gasta da munduan igaroko illebeteetan «Sputnik» satelitearen, edo sateliteen, gorabeera orretan. Satelite bat, bi, iru... ederto igon direala. «Vanguard» metro bat edo bi igon, eta, geiago ezinean, bearen ganera jausi ta explota egin dala...

Zer dira ba sateliteak? Ori gerotxuago esango deutsut. Orain sateliteak baiño gorago jaso bear doguz begiak eta begien atzetik pentsamentua. Bein baiño geiagotan, bear bada, Udako gau epel, izarratu baten altsa doguz begiak eta pentsamentua geure buruak baiño gorago, eta geure artean esan dogu: zer ete dira orrek zeru sabaiko puntu dirdiralariok? Eta or konpon egin eta ez deutsegu geiago jaramonik egin.

Jakitunak ez dabe orrelakorik egiten. Teleskopioaren bidez izarren kiñu guztiak ondo aztertu ta gero, Astronomia deritxon zientzian diñoe or goietako puntu argiok, euretarik asko beintzat, geurea lakoxe munduak direala. Geurea lakoak osotoro ez. Asko eta asko andiagoak, begi naturalakaz ikusten doguzanak beinik bein, banakaren batzuk izan ezik, eta aretariko edozeiñen ondoan gure Lur gaixoa itxas ertzeko are garautxu bakar bat baiño txikiagoa dala.

Oraintxerik esan daigun izarrak ain txiki emoten badabe, gugandik urrun, benetan urrun, dagozalako dala.

Eguzkia

Gugandik urreen edo gertuen dagon izarra Eguzkia da. Baiña emendik ara 150 milloi kilometro dagoz. Bere diametrua 1.394.000 kilometro dira. Bere volumena, au da anditasuna: 1.300.000 bidar andiago Lurra baiño. Su garrezko ta gasezko esphera aundi bat da. Bere berotasuna milla ta milla graduzkoa.

Planetak

Eguzkiaren inguruan dabiltzaz Planetak deritxoen astroak. Astronomoen esanera, Eguzkiaren zatiak dira. Eguzkiak movimentu andiak eta ariñak daukoz. Ez mirari ba lantzean bein zati batek urten eta berak emon deutson aviadeagaz birabiraka jarraitutea. (Lantzean bein diñodanean, ez dot esan gura illabeterik illabetera, milloikada ta millinoikada sigluetan baiño.) Orixe da Planetakaz jazo dana.

 Planetak asko dira. Ezagutuenak: Merkurio, Venus, LURRA, Marte, Jupiter, Urano, Saturno, Pluton. Merkurio da txikiena. Gero datoz geroago ta andiago: Venus, Lurra, Marte, Pluton, Urano, Saturno ta Jupiter. Saturnok eraztun andi bat dauko bere inguru guztian, ekuadorean. Urrean, alakoren baten, geiago otzituten danean edo, etengo balitzakio, satelite biurtuko litzake eraztun ori.

Goizalde argietan, aurorea zabaldu baiño lenago, izar eder eta argitsu bat ikusten da noizean bein Sortaldean, eta beste batzutan illunabarrean Eguzkia sartu ta gero. Ori da Venus, euskaldun zaarrak Albizar eta Artizar esaten eutsena. Gure Lurra-bere, emen eguna danean, eta Venusen gaua, andik ona begiratu ezketiño, geuk bera ikusten dogun baizen argi, ta zerbait andiago, ikusiko genduke.

Sateliteak

Eguzkiagaz eta Planetakaz jazo dana, beste orrenbeste pasa da Planetakaz eta Sateliteakaz. Planetak Eguzkiagandik aldendu ziranean suzko bola batzuk zirean, eta geldiro geldiro otzituten asi. Baiña eureri-bere zati batzuk soltau yakezan oindiño gasezko estaduan egozala. Lurrari-bere urten eutson onetariko batek, eta orra or nun daukagun Igetargia. Igetargia Lurraren inguruan birabiraka dabillen Satelitea da, 49 bidar txikiagoa. Onek esan gura dau andik ona begiratu ezkero Lurra 49 bidar andiagoa agiriko litzakigula. Merkurio, Venus, eta Pluton izan ezik, beste Planeta guztiak daukez euren Sateliteak.

Eta onenbestegaz jausiko ziñan kontuan Sateliteak zer direan: Planeta inguruetan dabiltzan astro txikiagoak.

«Sputnik» ez da besterik izan: Lurretik urteniko satelite txikar bat, gizonak egiñikoa, Lurrak bere ardatzaren ganean darabillen movimentu ta aviada andiagaz ibilten asi, eta arik eta berez apurtu edo ezereztu arte ibili leitekeana.

Orain

Experientzia onek erasota, noraiño elduko ete da gizona bere invetzinuetan? Alakoren baten esango ete deuskue ikaragarrizko volandera baten urten dabela gizonak Martera, Venusera, Igetargira, eta nok daki nora, ta gizonezkoak topau dituezala? Onelakorik ez daki iñok oraidiñokarren, baiña izan leiteke. Eta ez emen aipatu ditugun planetetan bakarrik, bai ta gorago ta urrunago dagozan astroetan-bere bai, batez bere atmospherea, oxigenua ta ura daukenetan.

Gure Lurrean zelan sortu zan bizia? Esan dogunez, Eguzkitik soltau zanean, otzituten asi zan, eta Natura legeak jarraituta, gas estadutik likidura, likidutik solitura etorri zan.

Baiña ez dana. Oraidiñokarren emen daukaguz atmosphera gasezkoa, ta itxasoak eta ibaiak likiduzkoak, batak eta besteak gure organismuarentzat elementurik asko gordetan dituezanak. Onelantxe, gure mundu txikar au bizia biziteko egoki aurkitu zanean, Jaungoiko Egille guztiz altsuak ixiotu eban bizitzearen txinpartea, lenego, landaretan, gero abereetan. Eta azkenik, guztien errege ta erregiña izateko sortu zituan Adan eta Eva Paradisuko hortuan. Eurak artu eben Jainko Egilleagandik agindua: Azi ta geitu zaiteze, eta bete egizue Lurra, menperatu egizue, eta agindu itxasoko arraiñetan, zeruko egaztietan eta Lurraren ganean bizi ta ibilli dabiltzan kreatura guztietan. (Gen. 2, 28).

Beste orren beste ez ete eban egin beste astroetan? Planetak eta beste astroetarik asko gizonezkoak biziteko egokiak badira, zegaitik ez dira biziko? Ez diñot seguru bizi direanik, ni ez naiz andik ibillita, nik ez dodaz ikusita. Baiña bai esango dot Jainkoarentzat eziñik ez dagola, ta Bere Omnipotentziari neurriak ipinten zetan ibilli-bere ez.

Erleginoak emen zerikusi?

Pregunta batzuk egin leitekez orain emen. Gizonezkoak badira, gu lakoak ete dira? Aragizko gorputz bat eta espirituzko arima bat ba dauke, gizonak dira, gure ta euren gorputza zearo bardiñak izan ez arren. Gure gorputzari, orain daukon figurea ta izakerea emoteko, elementu asko sartu dira jokoan: Eguzkiaren berotasuna ta argitasuna, aidearen edo uraren epeltasuna, lurraren bustitasuna, jatekoa, edatekoa; berba baten, lenengo andragizon parea zelan urten zan Jainkoaren eskuetarik, alan egin da gure gorputza, aipatu doguzan zirkustantzia guztien eta evoluziñoaren legeen menpean. Beste orren beste esan beste organismu guztiak gaitik.

Zorionekoak ete dira? Pekaturik egin ez ba-dabe, zoriontsuak dira naturalezeari berez yagokon zoriontasunagaz. Egin ba-dabe, geu legez sufrimentuaren menpean dagoz.

Jainkoak bere misterioak agertu badeutsez, au da, Jainkoaren errevelaziñorik izan ba dabe, geu legez zerura deituak dira, eta, zeguru, an ikusiko dogu alkar.

Ze errevelaziño izan eikean ba eurentzakoa? Ori ezin esan, baina pentsa daigun: Bear bada, Jainko bakar batean Iru Persona dagozala; Bigarrena Lurrean gizon egin zala, mundu guztien izenean Jainkoari yagokon gloria emoteko, ta, bide batez, pekatua mundutik edo munduetarik garbitu ta gizon pekataria Jainkoaren adiskidetasunera ekarteko.

San Pauloren esanera Kristo da Universo guztiaren zentrua edo erdiunea. Berak artzen ditu bere Biotzean emengo ta or goietako (ba-dagoz) gizon guztien biotz taupadak, bizi direan eta ez direan kreatura guztien zirkiñak, eta guztien izenean emoten deutso Jainkoari zor deutsagun adoraziñoa, esker ona ta pekatuen ordaingarria. Bai ta, bide batez, irabazi emengo bizitzarako ta bizitza supernaturalerako bear doguzan graziak.

Problema ikaragarrizkoak

Ona emen kristiñau batek zelako begiakaz ikusi bear dituen emen ikutu ta ezarri doguzan problemata ikaragarrizkoak. Universo guztia Jainkoak egiña da bere gloriarako. Beste finalidaderik ezin topau leitekio, azkenengorik beintzat. Zeruak eta lurrak, kreatura guztiak errazoidunak eta ainbakoak, emengoak eta beste munduetakoak, kanta bear dabe Jainkoaren gloria.

Baiña ori, zor ori, pagetatako ez gara kapas mundu guztiak, eta ez gara iñoiz izango. Jesukristo bai, Jaungoiko Gizona dan ezkero; eta Beragaz batera guk ederto betetan dogu obligaziño ori.

Problematarik asko ikutu ta ezarri esan dot. Beste asko-bere ekarri leitekez ANAITASUNAREN paginetara. Baiña oraingoan ez dago astirik, ez lekurik, ez zientziarik geiagorako. Alakoren baten nok daki, ba?

Aingeru


Munduan zear

Batikano'ko radioa Europa'ko nagusi

Batikano'ko Radio zabaltzallea yaku munduko lenetarikoa. Eta ez espiritu-arlotik arturiko geiak zabaltzen ditulako bakarrik. Teknika-aurrerapenetan be bardin. Ondo ezaguna da azkeneko urteetan izan direan-Aita Santuak, onetan ipiñi izan daben ardurea. Radio ori sorturiko Aita Santu Pio amaikagarrenak, eta gero Pio amabigarrenak, (Radio orren aurrerapenetan ainbat alegindu dan gaurko onek), euren begi-nini kutuntzat euki dabe Radio ori, bera dalako Ebangelioa ta Kristoren Ordezkoaren erakusaldiak millaka kilometroz zabaltzeko bide egoki bat.

 ORAIN OGETASEI URTE MARCONI.—Europa osoko Radio zabaltzerik nagusiena Batikanon bear zala-ta, Pio amaikagarrenak alako bat egitea agindu eutsan Guillermo MARCONI berari, radio-asmatzalleari. Onek, katoliko zanez, pozez artu eban arazo au. Ta illabete batzutara, Leon IV'ren jauregi ondoan, nun jaso zan Radio-toki ederra. «Marconi»-transmisor bat jarri zan, amazortzi kilovatiokoa, 50'26 ta 19'84 onda luzerakoa. Ta orduan, radio-bidez, lenengoz egin eban berba Aita Santuak, biotza dardaka eukala. Ta ara nun Kristok, Palestinako erri koskorretan zear egiñiko Barri onaren erakusaldi ederren azi kaskarra, arbola aundi biurtuta. Au izan zan Zezeilla'ren amabian, 1931'garren urtean.

 BETI AURRETIK.—Ona emen urtetik urtera aurrerapenak:

1937: Jarri zirean berrogetamar kilovatio'ko «Telefunken», eta onda labur mailla guztiak, Batikanorako apropos egiñak.

1939: Pio XII'ak artzen dau Radio Batikanoaren ardurea. A. Gianfranceschi, lenengo zuzentzallea, il, eta A. Soccorsi izentatua izan zan bere ordez. Orduan sartu zirean teknika-bide azkenengoenak ta aurreratuenak.

1943: Kilovatio bi ta erdiko «Safar» bat ekarri zan.

1947: Amar kilovatio'ko R.C.A., onda erdikorako.

1949: Ogeta bost kilovatio'ko iru «Marconi» txiki, onda laburrerako.

1952: Lengo «Marconi», ogetaz urteak lanean eroiana, kendu, eta ordez jarri zan beste «Marconi» bat, era aurreratuenera egiña, irurogei kilovatio'koa, onda guztietarakoa.

RADIO BATIKANOAREN JARLEKU BARRIA.—Radio onek lan aundiak izan zituan. 1955'ean 12.438 lan-aldi izan zituan, 28 izkuntzetan, musika-arloa ta jakintza'ri buruzko aldia biak alde batera itxita. Ala ta be urte ori ezta lan geienekoa. Geroago ta aundiagoak yatorkoz lanak Radioari. Ta orregaitik lengo lan-tokia labur geratu zan. Au dala-ta jaso ta zabaldu egin da beste jarleku barri bat S. Maria di Galeria'n. Batikano-Estadu kaskarrean-Erroma barnean-etzan aparato barriak jartzeko leku bidezkorik. Ganera, Erroma bertako beste radioekin alkar soiñu-nasteak be jazo leitekezan. Aita Santuak, ba, erosi zituan terreno barriak Erroma-uritik amazortzi kilometrora ta antxe asi zan jasotzen lan-etxe barria 1955'an. Pisu bi daukoz. Bekoa, elektriko-indarra aldatu ta Radioari emoteko tokia da. Goikoan dago «transmisor»'a bera. Lau alderdi dituz onek: 100 kilovatioko Philips, onda laburrerako, Olanda'ko katolikoak A. Santuari emonikoa; 10 kilovatio'ko Brown Bovery beste transmisor bi, onda laburrerako onek be; eta 120 kilovatio'ko beste Brown Bovery bat onda erdikorako. Ta au dana 29 antena'kin, klase ta alturatan alkar diferenteak, onda-luzeeran 49 metrotik 11 metrora elduten dirala.

Labur esateko: Batikanoa da radio-kontuan munduko Estaduetan obeto orniduta dagoana. Ta Europan dagozanen artean aurreratuena ta indar geienekoa bera da, mundu osoan lenetarikoa dala. Ona emen Aita Santuak bere Artzain-apostolutzarako daukan bide egokita lagun kutun bat.

ARIZPE


Urte barri, asmo barri

Ezagun dozu, irakurle, Persiako Artajerjes erregea?

Dorre baten gallurrera igonda, lilluraz egoan bein zelai zabal aretan eukazan milloi soldadueri begira eta begira. Lilluraz eta arro, gudariaren trebetasuna gogora ekarriz. Baña onetan, usterik gitxienean, negarrari emoten deutso zotinka.

— Zer deragizu negar? —itaunduten deutso adiskide batek.

Eta berak erantzuten:

— Egi negargarri batek, lagun. Emendik eun urtera, nire gudari orretariko bat be ez da bizi izango!

***

"Ezta bizi izango"... 20, 40, 60... urte, eta eriotzea. Laburra, igeskorra bizitzea, irakurle.

Igeskorra, aizeak bere egoetan daroian odeiaren antzera. Igeskorra, laprast ariñean itxasorantz doian ura legez. Begi ñir-ñir bat, aur.

Ez ete da egia, irakurle, 1957 urtea pozez agurtu zenduala? Ume jaio-barri bat iruditu yatzun, ziur. Eta asmo asko artu zenduzan urtea zear betetako. Era askotako asmoak.

Eta zer? Urtea, agure zar eginda, joan zan geiago ez etortzeko. Eta zure asmuok be, agurearen antzera, tximur eta igertuta joan ziran, bear bada.

Ez diñautsu ezer kolkoak?

***

Zuri, ostera, —beste askori ez baña— urte barri bat emon izan yatzu: 1958 urte au.

Eta urte onen asieran be, asmo ederrik asko ikusi nai neukez nik zure biotzean. Gizon zaranez, asmo garbi-bikaiñik asko. Eta kristiñau zaranez, asmo bikaiñago.

Entzun eidazu, irakurle. 1958 urteagaz batera, liburu bat jarten deutsu Jaungoikoak zure eskuetan. Orri garbi-garbidun liburu bat. Nai zein nai ez, urtearen egun guztietan orritxo bat beteko dozu zure egiteekaz. Eta urtearen azkenean, liburu ori erakutsi bearra izango dozu, kontuak atarateko.

Ez ete dozu, beraz, inportantzi aundiko gauzea, liburu ori erakustean Jaunak egiñen eder asko aurkitutea?

Eun urte ez baña, ez dakizu berau be amaituko dozunik.

Zuetza


Or, an, emen

Arrautza onak dozuz, Klaudi?

Alan daukot entzunda: aundi eta gorriak direala Gerniken salduten dozuzanak.

Baña entzun eidazuz erreglatxo batzuk arrautzok estimagarriak izan daizuzan.

1. Zaindu ollo-abiak. Umedadea, basea, ollo-ziriñak... kaltegarri yakoz arrautzeari. Usain txarra eta mikrobioak sortu leikioz.

2. Eta arrautzea loi batuten badozu, zer? Uragaz garbitu eta kito, uste izango dozu, bear bada. Ez, Klaudi, ez. Urak ganeko barniza kendu egiten deutso arrautzeari, eta mikrobio eta bakterieri leku emon. Erremediorik onena? Lenengo erreglea betetzea.

3. Eta Gerniken prezijo gitxi egin, eta etxean gorde gura badozuz arrautzok? Lautik amairurako tenperaturea onena. Leku legorrean, sikuan, gorde egizuz.

***

Badakizu, Joxepa?

Baietz uste dot. Saguak etxe eta batez bere eskatz baten kaltegarri direana, oba jakin ez! Orregaitik eukiko dozuz gaztae-ta okela-ta gauzatxuok or, frigorifikoan, gordeta.

Baña lotsabako ta ausarditsuak ete diran gero sagu zantarrok? Jakintsu bik diñoskue, pruebea egin ondoren: saguak, naiz eta frigorifiko baten sartuta egon, pepe eginda bizi oi dira janari ugaria euki ezkero. Baita bertan kumak atara be egin leikiez. Otzak ez ditu bape bildurtuten. Zero azpiko lau graduko otza ondo eroaten dabe.

Ia ba, Joxepa, gorde egizuz ba ondo zure gauzatxuok. Ta zure frigoriko orrek zulorik eukitekotan, deitu ainbat lasterren galleguren bateri!

***

Txarri-kontuak

Dozena erdi txarrikume erosi dozuzala aurten, Patxo? Ez deutsue buruko-miñ makala emongo. A zelako pizti triperuek doguzan eurok! Osala edo beste armusu edo bazkaririk onena emon, eta oraindiño be kurrin-kurrinka, beti txilioka ta eske denganiñuok. Eta metro bi edo iruko aska ori bete-bete egiten badeutsazue be, ez yatzuz geratuko bakotxa bere lekuan. Bestaldeko lapikoa gurago: ta or asiko yatzuz baterik bestera, burrukan.

Janari konturik ez deutsut aitatuko, Patxo. Baña txarriok jatorduetan euren lekuan geldi egon daitezan, begira zer egin zeinkean:

Iru metro luzeran eta zabaleran metro erdi daukazan aska orreri, josi egiozuz bost ol luzetxu zabalera direziñoan, eta ikusiko dozu zeiñen formal portauko yatzuzan txarritxuok bazkaritakoan. Sutondoko aingerutxo orrek baño formalago. Bai orixe!

MORGA


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

II

Nere amatxo maitia (1):

Sentimentu andiyagaz artu neban atzo aitaren kartia, zeiñetan esaten eustan berori makalik zebillela edo egon zala; baiña gaur pizka bat lasaitu naiz, elorriyoar batek esan deustanian jagita ikusi ebala.

Ai amatxo! amaika bider errukitu naiz berorregaz, konsideratzen izan dodanian zer otzak pasatu biarko zituzan goizetan aguardiente tratuan (2); ez neuke nik esango, tratu onek eztaukala parte asko berorren geixuan; da biarbada berori otzak artzen zeguan artian, alabia egongo zan oge epelian.

Ama kriyada, ta etxeko andra alabia, ostera-bere izango dau etxiak abia (3); egurrak, egurrak egin biar gaitu ziurrak (4); larregi errukiorrak izatiak, ekarri oi ditu buruaustiak. Sosiguzao bizitera egin biar dau, ama; bestela, nun topauko dau Valentiñek ainbeste kariño deutsana? Txanua ta intxaurrak asmatu, amoriyuaren indarrak bi ditu (5).

Urrengo eskribiten deustenian, estimatuko dot berorren letria ikustia, eskribiten deustala zer modutan portetan dan Martintxo, zer laguntasun egiten deutsan Felipak (6); ia goizian goiz jagita, etxeko inguru guztiya egiten daben, berori sosiguz daguala.

Orain bada, amatxo, animo munduko trabajuetan; laster igaroko dira; pazienziaz da Jaungoikuen amoriyuagaitik eramaten badituguz, purgatoriyotzat servituko dute; onetarako deadar egingo det zerura, emon deiyon Jaungoikuak graziya, beraren vorondatiagaz konformaturik lurrian, ikusteko zeruan bere arpegiya; au da desio diona berorren seme bakar

Valentin Berrio-Otxoak

Baldin esan badot

Bear baiño geiyago,

Biotzez damu dot,

Barka eske naiyago (7).

(1) Karteak ez dakar fetxarik. Alan ta guztiz-bere, argi dago neguan idatzia izan zala, nunbaite-be 1847 edo 1848 garren urtean.

(2) Tabernatxu bat euken Valentiñen gurasoak.

(3) Laster jausiko jako etxeari abea, laster ondatuko da etxea (esakerea).

(4) Zurrak.

(5) Oskol bat dauko intxaurrak, amodioak bi (maitasunaren indarra adierazoteko esakunea).

(6) Doatsuaren arrebea.

(7) Natxako, Nagokio.