ANAITASUNA

419. alea

APIRILA

100 PEZETA


[AZALA]

DOSSIERRA

iparraldeaz hainbat aburu

EVA SERRArekin hizketan

Adio Kattalina

OSKORRIk bere diskoa aurkezten digu


ANAITASUNA

Erredakzio Kontseilua

I. Antiguedad

J.I. Basterretxea

J.R. Bilbao

J.R. Egiluz

J.R. Etxebarria

J.M. Pastor

I. Saez

Idazle eta Lankideak

Esteban Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Iñaki Alvarez, J.L. Davant, Harotza, Miren Izagirre, Julen Kalzada, Karmelo Landa, Jesus Maria Larrea, Xabier Portugal, Karlos Santiesteban, Bittor Uraga, Xabier Zorrotza.

ANAITASUNA

Zabalbide, 68

Tel. 411 66 20

BILBO


AURKIBIDEA

Hileko dokumentua:

Arrantza Euskal Herrian (II). Arrantza motak.

EVA SERRArekin hizketan. Katalunyatik datorkizu elkarrizketa hau, Euskal Herriko abertzalekeria salatuz: "Nik abokatu abertzaleen tarjetak gaztelaniaz idatzirik ikusi ditut".

Elkarrikuska

BALENDIN ENBEITArekin egindako elkarrizketaren II. zatia. Bertsolaritzaren mundua azaltzen digu Balendinek.

DOSSIERRA

Ipar aldera jo dugu oraingoan eta bertakoei eskeini hitza: Iparraldeaz hainbat aburu.

OSKORRI taldeak bere ADIO KATALINA disko berria aurkezten digu. Oskorrik du hitza.

2.or.: Iheskaria: Gutun Irekia Mitterrand Lehendakariari.

3.or.: Aurkibidea.

4.or.: Liburuak: Fernando Gabeira-ren "A por otra Compañero!", Gene Yurre-ren "Gimnasia, Dantza. Ritmo. Abestia. GIDARIA", Federico Krutwig-en Belatzen Baratzeko bigarren tomoa eta Gregorio Moran-en "Los españoles que dejaron de serlo".

5.or.: Hileko Dokumentua: Arrantza Euskal Herrian (II). Orain dela zertxobait argitara eman genuen Euskal Arrantzari buruzko artikulu luze xamar bat, oraingo hau haren jarraipena duzue. Ordukoan gaia zera zen: Arrantzaleen mundura hurbilketa antzeko zerbait. Orain, ostera, arrantza mota ezberdinak azaltzen du artikuluak.

Nazioartekoa

9.or.: OUAren krisia.

10.or.: EVA SERRArekin hizketan: "Nik abokatu abertzaleen tarjetak gaztelaniaz idatzirik ditut irakurri".

Elkarrikuska

14.or.: Balendin Enbeita (II). Aurreko alean Muxikako bertsolariarekin hasitako elkarrizketari ematen zaio oraingo honetan bukaera.

Dossierra

19.or.: Ipar Euskal Herriaz hainbat aburu. SEASKA, Gau Eskolak, L. Etxezaharreta, Deustuko Euskal Kultur Mintegia, J.L Davant, Jokin Apalategi.

31.or.: Ekonomia: Ekonomia eta Abertzaletasuna.

32.or.: Komikia: Erramun Landaren komikia.

33.or.: Bertso Paperak: Euskadi Erreala eta Zuen Grina agindu bakarrik?

34.or.: Gramatika: Bizkaiera ere batua da (1). Jose Ramon Etxebarria ari zaigu sail honetatik bizkaitarrok baturantzako bidea zein dukegun azaltzen.

36.or.: Musika Kritika: Oskorrik bere diskoa aurkezten digu: Adio Kattalina. Donostiako XVII. jazzaldia. MUSKARIAkoekin hizketan. Kasete berriak: Lasarte, Miren eta Bingen.

40.or.: Ekologia: ANAITASUNAko txoko hau zabaldu nahi genizueke gai honetaz kezkaturik zaudetenei.

Gaiak

41.or.: Azentuaz jo eta ke.

42.or.: Protoien energiaren kontra potroen indarra. (IV).

44.or.: Polizientzako euskara.

45.or.: Zuloak, miloiak eta banderak.

46.or.: Euskal Lokuzioak direla eta, mintza ahalmenaz gogoeta batzu.

47.or.: Gurutzegrama.


Iheskaria

Presidente jauna, gutun bat idazten dizut, denborarik badaukazu irakurriko duzuna. Nere paper militarrak oraintxe iritsi zaizkit, gerlara abiatzeko asteazkenaren arratsalde baino lehenago.

Presidente jauna, ez dut joan nahi, ez nago mundu honetan jende pobreak hiltzeko. Ez diot hau zu hasarretzeko baina nere erabakia hartuta daukadala esango dizut: ihes egitera noa.

Jaio nintzenetik, nere aitaren heriotza ikusi dut, anaiak abiatu eta semeak negar egin ere. Nere ama, jasan behar izan duenagatik, hilobian dago, zizarrez eta bondez barre eginik. Preso egon mintzenean emaztea lapurtu zidaten, nere arima eta nere iraganaldi maite guztia. Bihar goizaldean nere atea itxiko die urte hilei eta bideetatik abiatuko naiz.

Eskean ibiliko naiz Frantziaren bideetatik, Bretainatik Probentzaraino, eta jendeei esango diet: «— Ez obeditu!, Ez egin!, Ez joan gerlara!, Ez zaitezte abiatu!».

Odola eman behar baldin bada, eman ezazu zurea Presidente jauna, apostolu ona baitzera!

Xerkatzen banauzue ohartu zure txakurrak, armanik ez daramadala eta tiro egin ahal izango dutela.

Boris Vian


Liburuak

Federico Krutwig Sagredo. «Igibarziaren iphuinak». Haranburu argitaraldaria. 133 orrialde. 600 pezeta. Belatzen baratza saila.

Haranburu editoreak argitaratu berria duen liburu honetan, Federico Krutwig izpiritu erromantikoa sartzen saiatzen da alde batetik, eta Gaztelaniaren kulturaren kolonialismoak ezarritako hesietatik askatzen, beste batetik. Honetarako Europako kultura errepresentatiboetara jotzen du, haien iturburuaz baliatuz, gure kultura goi-mailara eramateko.

Ipuiak —idazlek berak dioenez— historia magikoaren ipuin batzuen eta narrazio errealago batzuen bilduma dira. Ipuinetan Igibarzi izeneko «radar»ek «Xehreâde-ren» ekintza betetzen du.

Bestalde, maila linguistiko batetan, liburuan egiten diren proposamenak eztabaidagarriak direlakoan gaude.

***

Gregorio Moran. Los españoles que dejaron de serlo. Planeta. 413 orrialde. 300 pezeta.

Ondorengo hiru premisotan oinarriturik: Euskadi ta Askatasuna (ETA), Euzko Alderdi Jeltzailea (PNV) eta Neguriko gizarteaz arduraturik, autoreak Euskal Herriak ezagutu dituen azken berrogei urteen azterketa egiten du.

Ikerketaren ondorioz bi ideia agertzen dira, aski ezberdinak biak. Alde batetik, nahiko on izango da Espainiako Estatuan ari diren zenbait pertsonaiak haien asmoak, gure herriari buruzkoa noski, argixeago geldi daitezen eta ezagutzen ez duten egoera sozio-politiko hau hurbilagotik ikus dezaten.

Baina, beste alde batetik, bere partzialkeria dela medio zenbait jende alde zein aurka geldituko liburua irakurri ondoren, dena dela, nahiko arrunt den zerbait da bakoitzak bere ondorioak ateratzea.

***

Gene Yurre. «Gidaria Gimnasia. Dantza-Ritmo-Abestia». Elkar argitaldaria. 194 orrialde, 300 pezeta.

Egileak berak aitortzen digunez, liburua eskola urteetan, eta herri abestien bitartez, dantza eta kantua ikasteko gida liburua da. Ezen gimnasia ariketak erritmo neurriekin nahasten bait dira, honela haurra musika eta dantzara hurbilduz.

Gure gorputza bera baldin bada lehen adierazpen tresna, oinarrizkoa da ezagupenaren garrantziaz arduratzen da. Neurrian eta posibilitate guztien jabe izango gara prozesoa bukatu ondoren.

***

Fernando Gabeira. «A por otra compañero». Anagrama. 480 pezeta. 204 orrialde.

Autoreak, Brasileko diktadurapean biziriko esperientzia militante eta gerrilera kontatzen digu liburu honetan. Liburu hau oso da interesgarria, baina azter dezagun ea zer ematen digun:

1- Oso aberasgarri datekeen era konkreto batez aipatzen digulako berak ezagututakoak (E.B.etako kontsularen behitzea eta abar).

2- 1964-1970 bitarteko urteen azalpen aberasgarria egiten duelako (pentsa beza irakurleak egoera sano aldatu dela ordutik hona).

3- Ez da deskribapen huts bat, autoreak berak bizi duen egoera kontatzen baitu.


Hileko dokumentua

Arrantza Euskal Herrian (II)

Gure arrantzaleek dituzten problema orokorrei begirada bat botatzerakoan, hiri iturburuko ibaia zela esan genuen, bakoitza aziertuz. Gogoan izan ditzazuen, berriro aipatuko ditugu iturburuok: 1.- Erregaiaren (gasolioaren) garestitzea, 2.- Gure uretan harrapatzen diren hainbat arrain-moeten salmentarik eza, 3.- Gure untziek lan egiten duten uretako nazioen jabegoa 200 millatara hedatzea.

Arrantza-moetak sailkatuz amaitzen genuen, untzi-moeten arauera honela egiten genuelarik:

1.- Ur-handitakoak edo arrasteruak

2.- Itsas-bazterrekoak edo bajurakoak

3.- Atuntzale izozkailuak

4.- Makailozaleak

5.- Lebazaleak.

Orain dela ale bi (417-ean) hileko dokumentu bezala Euskal Arrantzari zegokion artikulu bat argitaratu genuen jarraipena emateko asmotan, eta hona hemen bigarren partea. Seguruenetik gehiago ere izango dira irakurleek merezi duela uste badute.

Aipatutako artikulu horretan, gure sail honekin oinarrizko datu batzu nahi genuela eman esan genuen, oinarrizko informazioa helburu sasi-didaktiko/sasipedagogiko batekin eta idea berean jarraitzen dugu.

Iparraldea

Gaurko honetan lehenengo sailaren azterketa egingo dugu, baina horren aurretik Iparraldeari dagokion aipamena egin nahi dugu. Egoera desberdina delako eta datuak ere horrela datozelako sailkatuta, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean dagoen muga errespetatu beharrean aurkitzen gara. Laukian agertzen den moduan, ez dira 800-era heltzen guztira hango arrantzaleak, adinez ere nahiko helduak izanik.

Garrantzitsuenak, duda barik, atuntzaleak dira, 28 denetara, urtea Dakar-en (Afrikan) ematen dutenak 10.000 tonelada arrain harrapatuz. Haietan ari diren gizonen kopurua urria da, ehun, eta teknikoak gehienak, zeren tostarteko (itsasgizon arruntak, maila berezitu gabekoak) guztiak Afrikako arrantzale beltzak izaten bait dira.

Itsas-bazterreko arrantzan (bokarta, lebatza eta bisigua) gatazkak izaten dute hegoaldekoekin Merkatu Batuko lizentziak direla-ta. «Ba dirudi, Brusela, Parise edo Madrilgo gizonen gain uzteko ordez beren auzia, euskal itsasgizonek beren artean hobeki zutela hitzartzea, lehen egiten ohi zuten bezala. Ba ditugu zorigaitzez oztopo eta trabak ez bakarrik ekonomikoak, baina oroz gainetik politikoak eta psikologikoak.

Zenbaki bakar batzuk adierazten digute zertan dugun Iparraldeko arrantzaren egoera. Horrek erran nahi du «zaharrak» nagusi direla Iparraldean eta bereziki Donibanen. Nahiz zahar hoietarik 6/10 Hegoaldeko seme diren, edo menturaz horrengatik, guztiz kontserbakorrak ditugu» diosku Jose Basurko-k JAKIN-en.

Amaitzeko, JAKIN-eko beste aipamen bat egingo dugu, kontserbaindustriari dagokiona:

«1972an 1400 langile ba zebiltzen lantegi hauetan eta 21.000 tona arrain hartzen zituzten. Bost urteren buruan 1.000 langile dira bakarrik eta 17.000 tona arrain darabiltzate. Gehiago aitortu behar da; Donibandarrek Afrikatik bidaltzen duten atunaz bestalde, Donibaneko kontserbategietan sartzen den antxoa, sardina edo beste arrain gehiena urrunetik datorrela, Algeriarik edo Italiatik, non ez den kontrabandatik».

1.- Ur-handitakoak

Iparraldeari azal-azaleko begirada hau eginda gero, goazen beste atal honekin, gaztelera arrastreros edo pesca de altura bezala ezagutua denarekin.

Teknika

Arrantzarako erabiltzen duten teknika, laburtuz, hauxe da: zaku tankerako sarea hondora bota eta dandarrez (arrastaka) eroan untzi bat, bi edo hiruren artean, barrura sartzen diren arrain guztiak hartuz. Freskotan jateko saltzen da harrapaturiko dena, kontserbategietara ezer ere bidaltzen ez dutelarik. Gehienbat, lebatza da harrapatzen duten moeta, nahiz eta honegaz beste hainbat ere etortzen diren takartak, lirioak, itsazapoak, zentolloak etab.

Arazoak

Errekinaren prezio-igoeraren eragina txikia ez izanik, arazo latzenak 200 millatatik datozkio. Arrantzeko teknika dela-ta, ezin dute lanik egin ur sakonegietan (200 metrotakoetan gehienez) eta orduan, gaur Merkatu Batuarenak diren uratarantz abiatu beharra dute. Orain dela 5 urtera arte, M.B.-aren ur-jabegoa zabaldu arte, askatasun osoz egiten zuten lan, baina orain urtero egon behar dira Europako arrantza-planei begira, lizentzien zain, eta hauen kopuruaren arauera urtean 4-5 hilabete baizik ezin dira jardun...

Azken urteotan, (estatistiketan ikus daitekenez) harrapaketak ez badira lizentzien kopuruen parean urritu, batetik, kala (arrantzan egiteko tokia) berri bat aurkitu dutelako izan da, Rock-All, Irlanda eta Eskozia artean baina 200 milla madarikatuetatik kanpo, eta bestetik, pirata moduan ibiltzen direlako ur debekatuetan, multak jasoteko arriskuan. Beraz, argi ikusten da arlo honen etorkizun osoa Europako M.B.-arekin egiten eta egingo diren itunetan oinarritzen dela.

Armadoreen eritzian, Espaniako Estatuak ez zuen egin gogor 1977an Londresen Ituna izenpetzean eta arrantzaren interesak baztertu egin zituen beste batzu defendatzeagatik, honela ba, bidezkoa ikusten dute gaur arloaren ezinbesteko berregiturapena egiterakoan sortzen diren gastuei berak eman diezaiela aurpegi eskatzea. Berregiturapen hori untzien kopurua gutxitzetik pasatzen da, noski, eta ezin da itxaropen handirik izan Espania M.B.-ra sartzeaz gauza argituko denari buruz, zeren kasurik onenean ere, emango lituzketan lizentziak ez liratekeelako izango 1978.eneko Iturean emandakoak baino gehiago, 240, kantauri itsasertzen ur-handitako 415 untzi egonik. Kontutan izan behar da arrantza arloan Espania oso bazkide indartsua dela eta beste nazioek heuren interesak defendatuko dituztela. Datu bat hau argitzeko: Ondarroak berak bakarrik. Irlanda osoaren beste arrainuntzi ditu.

Nolanahi ere, negoziaketetan behar den moduan landu ez den atal bat dago oraindino: inportazio/exportazioak. Indar gehiago egin beharra dago hemen, arrain —eragiketek gero eta M.B.-aren aldekoagoak bait dira: guri harrapatzen uzten ez digutena, haiek harrapatzen dute, baina, geuri saltzeko— Adibide batzu hau argitzeko: 1976an esaterako, M.B.ko inportazioak 3.686 milloi pezetatakoak izan ziren, exportazioak 2.887-koak (779 milloi M.B.-aren alde); lau urte geroago, 1980an, inportazioak 11.208 milloitara igon ziren bitartean exportazioak 4.448-ra baino ez, hau da, 6.780 milloi M.B.-aren alde. Honetan argi dago Frantziaren jokoa: Espania M.B.-ra sartu orduko, arrainuntzien flota desegin, eta gero gerokoak, honela, konpetentzia egin liezaiokeen potentzia hau deuseztuz (zoritxarrez, Espania, kasu honetan, euskaldunak gara ia ia soilik). Frantziaren interes ekonomiko bereziak erraz ikus daitezke: 78-79 urteetan M.B.-tik egindako inportazioak % 18 gehitu ziren toneladatan, eta % 61 dirutan: aldi berean, Frantziatik egindakoak % 62 gehitu ziren toneladatan eta % 185 dirutan.

Baina, Espaniako Estatuak zergatik ez du egiten indar gehiago negoziaketa hauetan? ba, beste arlo batzu zaintzeagatik, fruta eta ortuariena esaterako, honen ondorioa argia izanik: untzien kopurua gutxitu beharra. Kantauri itsasertzean ehun untzik desagertu beharko dute eta problema da nola egin. Armadoreen ustean, Estatuak dirulaguntzak sortu behar ditu hau gertatzerakoan, parte handi batean bera delako egoeraren erruduna. Desguazeak sarituz, untziak desegitera bultzatu behar ditu armadoreak, ehun horik kenduz geratzen direnak erosoago egin dezaten lan. Bestalde, lan barik geratzen direnentzat ere zerbait ipini behar du, bai arrantzaleentzat eta bai herrikoentzat, azken hauek arrantzaleen beste dira-ta.

Irtenbideak

Egoera hau izanik, gure portu garrantzitsuen biek, bide desberdinetarantz jo dute. Pasaiak, Ingalaterragaz batera enpresa bikoitzak egiterako bidea hartu du: guk, untziak eta gizonak ipintzen ditugu, heurek, naziotasuna, honela gure untziak «europearrak» bihurtuz eta lizentziaren problemari ihes eginaz. Ez da negozio makala ingelesentzat, baina pasaitarrak lan egin nahi badute zerbait egin behar. Hau delata, David Harris diputatu ingelesak, salaketa bat egin zuen Europako Parlamentuan joan den otsailean, untzi hoiek ingelesena den eskubidea erabiltzen dutela esanez. Bere hitzetan, Espaniako Armada berri hau tranpaz sartu da heuren lan-esparruan, eta legeetan ez bada horrelakorik zigortzen, legeok gogortu egin behar dira. Ez dakigu zertan geratuko den salaketa hau, baina gaurkoz behintzat ez da ezer jaso. Gutxienez, Pasaiko 20 untzi joan dira baldintza hauetan.

Ondarrutarrak ere Pasaitarren antzera, lau edo bost untzi bakoitzarentzat lizentzia bakar bat dutelarik, untzien arrantza moeta aldatzea erabaki dute, lehen hondoko arrastekoak izandakoak pintxo erara bihurtuz. Honela, lizentzia bakoitzarekin denbora gehiago egin lezakete arrantzan (hiru aldiz gehiago), gasolio gastuak urriagoak dira, saretan eta tresneritan gastatzen dutena ere gutxiago da eta harrapaturiko arraina kalitate hobean dator (1).

Orain bai, aldaketa honek eragozpenak ere ba ditu, diru-inbertsio berriak egin behar direlako, eta arrain gutxiago harrapatzen delako, era hau artisautzatik hurre dago-ta. Beste hiru-lau untzi Canarias-etako uretarantz joan dira, Mauritania-koekaz batera ibiltzeko asmotan, eta bost edo zeiz pasaitarren bide berbera harku ingelesekaz elkartu dira.

Etorkizuna

Ikusten denetik, arlo honen etorkizuna ez da bat ere garbi agertzen, berregiturapena hainbat arinen egitea beharrezkoa izanik, egoera berrira egokitzeko. Txarrena da, egoera zein den jakitea ez dela hain erraza, ez bait daki inork zein izango den Merkatu Batuaren jokaera zehatza: lizentziak urritzen joango dela bai, baina zein neurritan ez.

Tripulazioak

Arrantza-moetak berdinak ez diren neurrian arrantzaleekin ere berbera gertatzen da. Moeta batzutan, eginbeharrak, errazagoak dira ikasterakoan; beste batzutan ia artesautza izanik, gutxi-gutxika Joan behar. Arrastaren teknika nahiko landua eta mekanizatua denez gero, ez da gatx gertatzen beste arlo batzutatik datozen langileentzat eta horregatik agian, tostartekoen artean asko eta asko etorkinak dira, lehorrekoak sarritan (andaluzak, extremeñoak, galegoak etab.) teknikoak euskaldunak diren artean gehienbat.

Lan-baldintzak oso gogorrak dira, egunean ordu asko sartuz, igande ez jai-egun gabe.

Alogeraren arazoan aldakuntza sakonak egon dira. Orain 20 urte, marijea (mareajea) zen nagusi, armadoreentzat oso baldintza onetan: untziaren gastu guztiak baltzotik (sarrera gordinetatik/ingreso bruto) ordaindu ondoren irabazi garbietatik % 80-a armadoreentzat eta % 20-a arrantzaleentzat, inolako soldata fijorik gabe, harrapatzen zenaren arauera. Teknikoek (sota-patroia, arrantza-patroia eta makinistak aparteko ordainketa zuten, armadoreek ordaintzen zietelarik, baina beste guztiak berdin, 10 urte nahiz astebete eroan lanean, asko harrapatzen zenean asko, hala ez zenean, agoantatu. Orain dela urte batzu arrantzaleek soldata fijoa izatea lortu zuten, (nahiz eta arrantzen denaren parte bat ere izan) alogerari zihurtasuna emanda. Bost urte dira soldata horik geldirik daudela arloaren egoera larria dela-ta (erosmen-ahalmena %50-ean urritu zaie langileei) eta hori izan da aurten Ondarroan izandako huelga gogorraren funtsezko arrazoia.

Hurrengo batean segituko dugu beste arloekin, denak batera agertzea arrain askotxo litzatekeelako jatordu bakar baterako, bestela ANAITASUNA arrain-usainez kutsaturik geratuko litzateke betirako.

EDDY

(1) Puntu honetan azalpen bat egitea komeni dela uste dugu. Askotaz hobea izaten da jaterakoan amuko (anzueloko) lebatza arrastakoa baino, eta hau izoztua (konjelatua) baino. Prezioan ere alde ikaragarria izaten dute, baina desberdintasunaren arrazoia ondo ezagutzen ez delakoan gaude.

 Amukoa eta arrastakoaren arteko aldea, arraina hiltzeko moduan datza« lehengoan, amua ahotik josita duela alaten (jasoten) du arrantzaleak lebatza, 100-150 metrotako kondotik gutxi gora arrantzaleak lebatza, 100-150 metrotako hondotik gutxi gora-behera, azalera agertzen denerako itota egonik; bigarrenean, batere alaten dira arrain denak, zaku antzeko aipatutako sarrian, eta bata bestearen kontra zapalduta hiltzen dira, erdi lehertuta. Arrastakoa eta izoztua teknika berdinak harrapatzen dira, eta, izozteak (jelatzeak) zaporean eraginik duen ala ezaren arazoa alde batean utzita, arrain-moetak desberdinak dira nahiz eta bestea Afrika-ko ur epeletakoa bait da.

***

IPARRALDEKO ARRAINUNTZI-FLOTA

 untziak gizonak

Atuntzale izozkailuak 28 100

Sardina eta atuntzaleak 18 270

Motor-txikiak 19 114

Lebazaleak 27 81

Ur-handitakoak 33 209

GUZTIRA 125 774

IPARRALDEKO ARRANTZALEEN ADINA/KOPURUA

 kopurua %

50 urtetatik gora 270 35

40-50 urte 244 32

30-40 167 22

30 urtetatik behera 93 11

GUZTIRA 774 100

UR-HANDITAKOEN FLOTA HEGOALDEA 1980AN

portuak untziak gizonak toneladatan milloi pztatan

Pasaia 138 1.770 18.990 3.240

Ondarroa 74 1.230 18.100 3.070

Bilbo 6 80 539 153

GUZTIRA 218 3.080 37.529 6.463

MERKATU BATUAREKIN EGINDAKO ITUNAK: LIZENTZIAK/TONELADAK

urteak lizentziak lebatza kideak guztira

1977 266 14.600 29.200 43.800

1978 240 13.848 27.696 41.544

1979 240 15.500 31.000 46.500

1980 168 11.870 23.740 35.610

1981 142 10.500 21.000 31.500

1982 130 8.500 17.000 25.500

UR-HANDITAKOEN BILAKAERA

 1975 1976 1977 1978 1979 1980

Untzien kopurua 308 251 216 216 216 218

Gizonak 4.800 4.010 3.332 3.268 3.070 3.080

Arraina toneladatan 75.800 60.500 50.495 46.786 42.994 37.529

Prezioa 120 129 153 168 186 202

Balioa 7.650 6.350 6.365 6.541 6.691 6.463


Nazioartekoa

OUA-ren krisia

Afrikako batasunerako erakundea apurtzear dago? Beldur hori senti daiteke azken berriak jakin ondoren.

Luzea izan da erakunde honen bidea; hasieran guztiz indargabe izan zen, eta taldeetako banaketaren eraginez ez zen posible ia ezer egin; aurrerazale eta moderatuen artean ez zegoen elkar ulertzerik, eta hola ezin zen inolako erabakirik hartu.

Apurka apurka egin da batasuna, eta azken urteko ekintzak ikusita, OUA-k garrantzia eduki dezakeela pentsa daiteke.

Bi izan dira aurten tratatu diren bi gai aipagarrienak: Tchad-ekoa eta R.A.S.D., Errepublica arabiar saharaui demokratikokoa alegia.

***

Tchad-eko kasua

Herri honen egoera guztiz kritikoa izan da azken urteetan: tendentzien artean zatiturik, gerran geratu gabe, gobernu finkorik gabe. Orokorrean, Hissene Habré jaunak, defentsarako ministro-ohiak, Iparraldea dominatzen duelarik; eta Hegoaldea, N'Djamena hiriburua barman dagoelarik, Goukouni Oueddei lehendakariaren eskuetan.

Egoera zeharo korapilatzeko, Khadafi-ren soldatuak agertu ziren Iparraldean, Habré jaunaren deiaz.

Konponbiderik ikusten ez zenean, eta interesatuek bakarrik ezin izango zutela ezer egin ikusirik, OUA-k lehendakaria lagundu behar zela erabaki zuen; hala ere ez zirudien argiegi zer gertatuko zen iparraldean, eta hola, Libiatarrak, OUA-ko erabakiei jarraiki, joan zirenean, berehala bete zuten hutsunea Habré-ren gizonek, eta segituan hegoalderanzko gatazka hasi ere.

Azken hilearen egoera lehengoa bezain argi ez dagoelarik, proposamen berria egin du OUA-k, interesatu guztiek beraien artean eztabaida dezaten nola irten oraingo egoeratik.

Agian ez du askotarako balioko OUA-ren laguntza, baina edonola ere, norbaitek zerbait proposatu ahal badu, bera da, eta besterik ez.

Saharauien arazoa

Zaharrak dira ere basamortuko herri honen arazoak; eta honetaz zerbait jakin behar dugu Estatu Espainolekoek. Guda luzea eraman du Polisarioak Marokkoko armadaren aurka, burruka luzea, gogorra eta ez denon gustukoa.

Interes handiak dabiltza tartean: fosfatoak, bai, baina baita ere, Algeria eta Marokko artean dauden arazoak, Marokkoko jendearen burua betetzeko «Gibraltar»a, etab.

Eztabaida bukaezinak egin daitezke saharauien kopuruaz, heuren arteko askoren jatorriaz, eta kanpotik hartzen dituzten laguntzetaz, baina dudarik ematen ez duena zera da, Marokkotarrak ez direla sentitzen, eta ez dutela batere erresuma horretan sartu nahi; eta hau dena beraiek Marokkorekiko daukaten aurrerazaletasuna alde batetara utzirik.

Marokkori asko kostatzen zaio burruka amaigabe hori, baina ondo etortzen zaio ere hori han edukitzea, Herriak hortaz pentsatzen duen bitartean, beste ezertaz pentsatuko ez baitu; eta guda horren alde daude ia talde politiko marokkotar guztiak, eskuina eta ezkerra (sozialistak eta komunistak (PPD), eta bakarrik aurki daiteke ezker muturreko talde bat, autodeterminazioaren alde agertzen dena.

Beno, ba azken udako Nairobiko batzarretik zabaltasun handiko berria heldu zen gure komunikabideetara: OUA-n soluzio bat proposatu zen, Marokkoko erregeak bultzatua.

Elkarrizketa proposatzen zen, eta bai erreferenduma ere; baina elkarrizketa nortzuren artean?, Polisario eta Marokko artean? Ez...! Alger eta Rabat-en artean, horik baitira, gobernu marokkotarrarentzat guda honen benetako burrukalariak.

Ez zuen edonork argiegi izan behar bide horrek inora ez zuela eramango ikusteko. Zenbaiti, halere, kontzientzia lasaitu bide zitzaion, proposamenaren aurrean Polisarioak erakutsi duen «gogorkerian» oinarriturik; proposamena hor geratu da, ez aurrera, ez atzera egin gabe.

OUA-ko zenbait partaide R.A.S.D. onartzearen alde zegoen, baina batzu kontra ere bai.

Erakundearen hurrengo batzarrak Addis-Abeba-n izan behar zuen; eta arazoak urdinez jantzirik agertu ziren: bat batean, ministroen lehen batzarrean, RASD-eko talde bat sartu zen, eta partaide gisa jezarri ziren; itxarotekoa zen, noski, besteen presentziaz oharturik, marokkotarrek alde egitea, baina ez ziren irten bakarrik, beste zenbait herriren ordezkariek ere lagundu baitzituzten.

Nola gertatu zen RASD-eko ordezkariak han agertzea? Ba, dirudienez, OUA-ko idazkariak partaide-gehiengoaren eskaera pribatuak kontutan harturik, berekaxa erabaki zuen, nahiz eta hori RASD estatutzat onartzea zela jakinik.

Eztabaidak oso luzeak izan dira: erabaki hori hartzea estatu partaideen lehendakarien batzarrari zegokiola, batzarrea utzi zuten 19 herriak kendurik, ez zela heltzen behar ziren bi herenetara; besteek esaten zuten, aldiz, gehiengo sinple zegoela, etab., etab.

Azken uneko egoera zera izan da: bi herenik ez dago; erdia, bai. Gainera, hurrengo batzarra Tripoli-n izango da, eta datorren urteko lehendakaria, Khadafi; eta horrek ez du ere gehiegi lagunduko.

Zer gerta daiteke orain? OUA pikutara joango da? Marokkok 19 horien kopurua mantendu ala gehitu ahal izango du? Bi erakunde desberdin sor daitezke? Ba du horrek zentzurik?

Dena da galdera; auza seguru bakarra zera da, erakundea oso makal atera dela Addis-Abeba-ko batzarretik, eta denbora zailak itzuli direla.

Sinesgarritasuna galdu du, eta hori leku askotan senti daiteke; Tchad-en adibidez...

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

Eva Serra-rekin hizketan: «Nik Euskadin Euskaldun abokatu abertzaleen tarjetak gaztelanieraz ikusi ditut...»

Batzuren ustez, katalanak gure anaia nagusiak lirateke. Exenplu gisakoak. Besteren aburuz, ordea, «Espainia» aldean dauden konformista hoiek ditugu, edo ta, baten batek esan zuen legez, «ganorabako espainolak», beste zertxobait izateko aukera ez daukatenak. Hortxe dugu gakoa. Eta honengatik, Kataluniara jotzen dugun bakoitzean arreta haundiaz begiratzen diogu bertako egoerari, zenbaitetan euskaldunoi arraro xamar iruditzen zaigun egoera horri. Oraingoan Eva Serrarenganantz abiatu gara eta berarekin hainbat gauza eta arazotaz ihardun dugu, hasieran nahi genuen baino denbora-tarte askoz laburrago batez.

Eva Serra familia katalanista baten barnean jaio zen eta bere herriaz kezkaturik burruka latzak egin eta egiten ditu aspaldidanik. Bartzelonako unibertsitate autonomoan historia irakasten du. I.P.C. —Independentistes dels Paisos Catalans— talde politiko barman dago- Gartzelaldiak eta torturak jaso ditu atxilotua izan denean.

Evak dioskunez, Euskal Herriko eta Kataluniako dinamikak bestelakoak ditugu. Euskal Herrian burruka harmatua daukagu baina handik ere ba daukate experientziarik arlo honetan eta, gaur egun ezer gutxi bada ere, tradizioa garrantzitsua omen da.

 «Bai dio EvakBeti esaten da Katalunia paktista izaten dela, hala ez da baina. Berton tradizioa ba daukagu eta bikoitza, gainera: Bata, anarkista. Bestea, abertzalea, estatu katalanaren alde burrukatzen duena».

Kataluniako burruka abertzaleaz galdetzen diogunean halako atsedenaldi laburñoa hartzen du bere ezagutza historikoen edukiak ordenatu nahi bailituen. «Hemen ez dugu Sabino Aranarik. Nazionalismo katalana ez zen euskalduna bezain independentista. Horrexegatik joan zen haserre Sabino, hemendik denboraldi bat emandakoan». Pertsonaia historiko bat aipatzeko eskatzen diogu eta Prat de la Riba-z hasten zaigu. «Haren praktika erregionalista izan zen. Hark lau diputazio katalanak erreibindikatzen zituen. Mankomunitatea Katalunian bakarrik aplikatzen da». Evaren ustez, Prat de la Ribaren erregionalismoa oraingoa baino kontsekuenteagoa izan zen, behintzat ikuspuntu nazionalari dagokionez. «Hark administrazioak ematen ziona erabiltzen zuen. Besterik ez. Hortaz baliatu egiten zen, koherentziaz.»

Geroago, 1919.ean Francesc Macià agertu zen. Maciàk «Espainia gure etsaia da» esaldi ospetsua esan zuen. «Escamot» —komando batzu osatu zituen Kataluniaren alde burrukatzeko. Haien ekintzetariko bat erregearen kontrako atentatua izan zen. Primo de Riveraren diktadurapean Prats de Mollo delako gertaera suertatu zen. «Francesc Maciàren escamotak kondatzen digu EvakIpar Kataluniara bildu ziren. Ehun bat lagun izango ziren. CNT-koekin batera Kataluniara sartu nahi zuten. Filtrazio bat egon zen eta frantsesek escamot guztiak detenitu. Macià epaitu egin zuten, Frantziatik ateratzea erabakiz. Belgikara joan zen orduan.»

Frankismoaren garaiko erresistentzia ez zen nolanahikoa izan. Front d'Alliberament Català agertu zen Batista Rocaren eskutik. 1950.garrenera arte burrukatu zuten, 1956-ean erakunde politiko agertzeko. Front delakoaren barruan egondako zatiketatik dator gaurko independentismoa: «Batista-ren taldetik beste erakunde batzu sortu ziren. OLLA Organilzaciò Lluita Armadabat izan zen. 1979.ean desartikulatu zuten. Ejercito Popular Catalán, EPC—, gaurko Terra Lliure-n dago, antza. Terra Lliure banaketa hoien sintesia da. Emigranteak ere sartu ziren arazo nazionalaz arduraturik. Denak 1980.ean detenitu zituzten».

Terra Lliureren existentzia laburra izanagatik ere, ekintza harmatu batzu egin ditu. Ekologistak: FECSA eta ENHER —Euskal Herriko IBERDUERO-ren antzekoak— izan dira helburuak, Ascó eta Vandellós dituzte eta Estatuaren kontrakoak: Irakaskuntza, Magistratura eta Gobernadora Zibilaren edifizioak eraso dituzte. Hizkuntzaren alde: Jimenez Santosi tiroa. Pertsona hau institutoko irakaslea zen. Eva Serrak baieztatzen duenez Jimenez Santos Rodriguez Sahagunen lehengusua da eta «Manifiesto de los 2.300 intelectuales castellanos en Cataluña» izenpetu zuen. Agiri horretan «gaztelanieraren baztertzea» salatzen zen. Guardia Zibilaren kontra ere ihardun dute Terra Lliure-koek. Terrassa eta Reus ondoko herri batetako kuarteletara jo zuten.

 «Terra Lliure sortu zenean dio Evakindependentismoak goreneko gailurrera jo zuen. Hori heldutasunaren froga izan zen, gainera ETA pm-koentzako erantzun bat, Katalunia aldean egindako ekintzengatik. Guk ez dugu inongo aitakeriarik gura. Geuk askatu behar dugu Katalunia».

Puntu honetaraino helduta, eta Kataluniaren tradizio anarkistaren inportantzia kontutan hartuz zera galdegiten diogu Evari, nolako harremanak izan diren bi mugimenduen artean. «Primo de Riveraren garaian ahaleginak izan ziren. Zer gertatu zen? Anarkisten barruan ere espainolistak eta katalanistak ba daudela. Piera azken joerakoa zen eta 1918-19.go greban jokaera dexentea eraman zuen. Espainolistak, hala ere, kontaktu hauek apurtzen saiatu egin ziren. 36.ean, bestalde batetatik, kontraesan haundiak izan zituzten anarkistek. Sasoi hartan «Faxisten kontrako milizien komiteak» sortu ziren, tartean Esquerra Republicana, Estat Català eta CNT zeudelarik. Komiteek irabaztean, Companys CNT-ko Oliverrengana joan zen soldadu, bere ordurarteko gobernua Oliverri berari eskainiz. Zer lortu zuen. CNT-ko batzu Generalitatera sartzea. Besterik ez.» Joera hori, Evaren aburuz ez da aldatu egin: «Haiek oinarritik irteten dira, Estatua gaitzetsiz. Mundu guztia federazioz erlazionatuko da. Penintsula Federación Ibérica izango dugu, Portugal ere barne. Baina funtsez, iberismoa espainolismo hutsa duzu».

Euskal Herrian jazo den moduan Katalunian ere emigrazioa egon da. Gerra aurrean ba zegoen arren —«murciano» gaitzizenaren garaian— frankismoaren denboran bilakatu zen izugarri.

 «Industria eta emigrazioarekin batera hiringuruak sortu ziren. Orduantxe sartu zen «xarnego» berba. Bertoko langileek soldata txikiagoak jasotzen zituzten, kanpotik etorririko asko ere baitzegoen prest lanerako. Horrekin guztiorrekin, bi komunitateak banatuta egonez, gauza bat gertatzen zaigu: hizkuntz arazoarena. Hemen ez da elebitasunaren erreibindikazioa egiten, katalanierarena baizik. Kontu hau, baina, ez dute ongi planteiatzen eta problemak hasten dira. Lehen, emigrazioaren haurrek kalean, jolasean, ikasten zuten katalaniera eta nagusiek erosketan. Orain gauzak aldrebestu egin dira. Emigrazioaren «ghettoak» ditugu. Hori beste mundu bat da. Errealitate soziologiko ezberdin bat. Nik, haurtzaroan, katalanieraz jolasten nuen. Baina denborak aldatu dira. Telebistaren funtzio zapaltzailea ere ba dago. Politikari dagokionez, istilu gorriak eduki ditugu. PSA horrek izugarrizko kaltea egin dio Kataluniari. Katalunian botua eman dion asko ez da andaluziarra. Izorratzeko egin dute. Emigrazioak dakarren arazorik latzena ez dute langileek sortzen, funtzionariek baino. Hauek hona etortzean, beren eduki kulturala dakarkigute, lehengo iskanbilak sortuz. Eta honen froga zera da: El Baix Llobregat alde horrelako pertsonarik gehienek XX. mendearen hasierako emigrazioaren hirugarren gizaldia osatzen dute. Bertan, hala ere, katalanieraz mintzatzen da eta kontzientzia independentista itzela dugu».

Kataluniako hizkuntz egoera ez da gurea bezalakoa. Udalek katalanieraz egiten dituzte aktak. Eskoletan katalaniera sartu dute, lehen etapan zenbait arazo edukita ere. Institutoetan, berriz, aurrerakuntza haundiagoa izan da. Unibertsitatean asignatura asko ematen da katalanieraz. «Unibertsitatera joan nahi duen edonork katalaniera ezagutu egin behar du», esan digu Evak. Han fenomeno bitxi bat suertatzen da. Irakaslegoa banatuta topatzen dugu. Zenbaitek ez du gaztelanieraz irakatsi nahi eta klaseak katalanieraz ematen dituzte. Gaztelanieraren aldeko monolinguismoa ere izaten da. baina hau arraroagoa da.

Independentziarako bidean hizkuntzak daukan inportantziaz itauntzen diogu Evari eta gogor erantzuten digu:

 «Hizkuntzak lehentasunak dauka. Katalunian katalanak katalanieraz hitz egiten du. Euskal Herrian ez da beti hala gertatzen, tamalez, beste errealitate soziologikoa baitauka. Berton, katalaniera ezagutzen ez duen katalana putasemekeriarik haundienaren eredua da».

Eva gehien izorratzen duena elebitasun nazkagarria da. Metroan sortida/salida; no fumar/no fumar» eta halakoak jartzea, hain zuzen. Exenpluak adierazten jarraitzen du etengabe eta Euskal Herriko egoeraz galdetzen diogunean serio serio paratzen da.

 «Zuena askoz problematikoa da. Katalunian politikoek arrakasta eduki nahi badute katalaniera ikasi beharra daukate. Ba daude PSA eta PSOEko salbuespenak ere. Eta nota ez!, PSUC-ko López Raimundo, Errepublika garaian Aragondik elorria eta katalanieraz mintzatzen ez dena. Euskal Herrian, ordea, Txillardegi da irla bakarra. Hizkuntz burruka modu guztietan dago. Ni Euskadira joan nahiz eta euskaldun abokatu abertzaleen tarjetak gaztelanieraz ikusi ditut. Behin, Bilbon nengoelarik, hango politiko bati zera esan nion: «Me gustaría venir un día a Bilbao y no entender a nadie». Berak harriturik begiratu zidan. Ez zuen ezertxo ere ulertu. Niri Bartzelonan gaztelanieraz egitea ez litzaidake inondik inora bururatuko...».

IDAZKUNTZA - JOSE MARI PASTOR


Elkar Ikuska

Balendin Enbeita: Urretxindor kumea (eta II)

Hona hemen azken ANAITASUNAn agertu zen elkarrizketaren bigarren eta azken partea.

Gogoratuko zaretenez, han, Enbeita familiari zegokiona agertu genuen gehienbat Jose Antonio, Balendinen aititagaz hasi eta Jon semeagaz amaituz. Baina... Balendin beraren nortasuna eta garrantzia murriztuta geratu ez ote zenaren zalantzak ditugu. Bere hitzetan oinarritzen bagara, aitita oso ona zan, osaba oso fina, aitak zeukana ez du inorengan aurkitu, semea aititaren bidetik doa, eta bera?, galdetu bezala geratu zitzaigun ezer ez zelakoan, eta edozeinek daki hau honela ez dela. Enbeita Zaharra oso errespetatzen da bertsozaleen artean eta hau ez da dohan lortutako meritua, lan astun eta egokiaren bidez baizik, bertso eder asko boteaz eta idatziz. Honela gertatzearen errua gure galderetan egon daiteke edo bere apaltasunean agian, dena den, bidezkoa deritzagu azaltzeari.

Gizon hau bere osotasunean ezagutzeko, ona litzateke alde batetik orain eskuartean duen liburua amaitu eta argitara emango balitz, eta bestetik, euskal aldizkari gehienetan zehar eta hainbat saiotan zehar barreitua dituen bertsoak bilduko eta argitaratuko balira. Antonio Zavalak Auspoaren 117-118 zenbaki bikoitzean (Nere apurra/B. Enbeita 1974) egin zuen holako zerbait, baina hitzaurrean aitortzen duenez «liburu ontan ezin jarri izan ditugu Balendinen bertso guziak, au bano askoz liburu aundiagoa bear litzateke danak sartzekotan». Beraz, ideia hor dago.

Beste azalpentxo bat gure aldetik. Seme bertsolarien izena sarreran aipatu bagenu ere, elkarrizketan zehar Jonen izena baizik ez genuen erabili: gure galderak behartu zuten honetara Balendin. Aukera eman bagenio, seguru gaude Abel aipatuko zuela, berdin Kepa, Libe, Joseba Andoni edo Moises, Moises, eta seguruenetik baita J. Ajuria Deunoro eta Jesus Mari Sardui lobak ere, baino hildo estu bat eman genion eta handik abiatu behar. Guk zergatik aukeratu genuen Jon ez dugu uste azaldu beharrik ere dagoenik: azken txapelketan bigarren gelditu zelako.

Eta besterik ez, hemen uzten zaituztegu gure gizonagaz.

Lehengo/gaurko bertsolaritza

ANAIT.— Zeintzuk dira sarrien erabili dozuzan gaiak?

BALENDIN.— Txapelketak hasi zirenetik, jartzen euskuenak. Aurrerago ez zan gairik egoten. Plazara igon eta bertsotan hasi; batek hartzen baeban gai bat, hareri jarraitu besteak. Orain gai jartzaileak dagoz eta bertsolaria lehen baino gehiago lotuten da: zorioneko izaten da norberak sarritan eskuartean erabilitako gaia suertatea.

ANAIT.— Beraz, hortik dator sarri esaten dana, hau da, bertsolariak zenbat eta jakintza-maila altuago izan, hainbat eta hobeto defenditu plazan.

BALENDIN.— Bai, duda barik. Behin Uztapidek Basarriri esan eutsona:

plazara bota gaitue biok bertsotarako eta geldik, bueno Basarri, zer esan behar degu?, Jaungoikoa ona dala ala zer?

Gai-jartzailea egotea ona da, baina bertsoz dakien pertsonea izan behar da. Kontu handia euki behar dabe sarritan, bertsolarien artean erabilten ez dan errimarik eta ez imintzeko. Behin Txirritari jarritakoa, esate baterako:

Nahi nuke banaukake

zuk dezun hainbat bist

eta Txirritak erantzun:

guk ba degu txakur bat

deitzen zaiona list

atearen gainetik

akuditean pist

azpiko zulotikan

azkar sartzen da txist.

Lehen esan dotan moduan, gai-jartzailea bertsoa zer dan dakiena izan behar da, horrelakorik ez imintzeko. Horretan, gure lobea, Deunoro Sardui ona da, Loiolako Iriondo be bai, eta abar.

ANAIT.— Lehengo eta gaurko bertsolarien artean ba dago ezberdintasunik?

BALENDIN.— Bai. Gaurkoa landuagoa eta gehiago ikasitakoa da, teknika be hobea da gaur bertsolarien artean dagona. Lehengoa tabernan egoten zan plazara urten barik, batak besteari handiak esaten. Gaur, bertsolariak plazara urteten dabenean beste gauza bat da, ez da bertsolaria bakarrik, herriak be asko egiten dau eta aldatuta dago lehendik hona: arin igarten dau nork botaten dauan bertso ona. Lehengoaz lez: bart honek mozkor ederra ekarri dau ez dakit nondik nora ibili dan eta... gaur horretarikoai herriak ez deutso jaramonik egiten, barre bai baina... bertso ona entzuten danean, herriak berez txalotuten dau. Horregaitik, neuretzako, lehen baino bertsolari hobeak dagoz.

Bertsoaren teknika

ANAIT.— Bertsoa egiterakoan zereri emoten deutsozu garrantzi gehiago, gaia eroaten jakiteari, doinua polito eroan eta abots ona izateari, neurria errespetatzeari, errimari...

BALENDIN.— Gaia biribiltzen jakin behar da; doinuak be garrantzi handia dauko, baina niretzat, bertsoan, errima eta neurri barman. hasten dan arloa oratzen-oratzen joatea da inportantziarik gehien daukona.

Bertsolaria belarri bakoa bada, abestutean herriari zakar gelditzen jako, baina kontuz, abotsak bakarrik ez dau egiten bertsoa.

ANAIT.— Poto egitea hain pekatu handia da zuretzat?

BALENDIN.— Poto eginda bertso ikaragarriak urten dabe. Epai-mahaikoa izanda, poto egiteagatik ez neukez kenduko puntu guztiak.

ANAIT.— Zer da zure ustez pekatu handiagoa, etena ez gordetea ala poto egitea?

BALENDIN.— Niretzat, bertso guztian berbak ebagiten joatea, poto egitea baino pekatu gehiago da.

ANAIT.— Bertsoa norako da, tabernarako ala plazarako?

BALENDIN.— Bietarako. Bertsolariak zentzuna badauko, tabernan be probetxua atarako dau. Nik tabernan sarri egiten dot bertsotan eta beste askok; jendea matrakan dabilenean, baretuteko, bertsolaria zentzunduna bada bertsoa da gauzarik onena: gauzak egoki esaten baditu, jendea adi-adi paraten da eta baketu.

Edonon balio dau bertsoak, tabernan zein plazan zein eleizan. Eleizan be bai.

Bertsolari izaten ikasi ala jaio?

ANAIT.— Orain betiko itaun topikoa egingo deutsut. Mila aldiz erantzungo zeuntsan galdera berberari baina asko interesaten jat zure erantzuna. Bertsolaria jaio ala egin egiten da?

BALENDIN.— Biak. Egizu kontu bi jaioten direla eta batek berezko txispa ikaragarria dakarrela: nik uste dot hori jatorriz edo odoletik be ba datorrela. Gero bai, egin be egin behar da. Berezkoa bada txistosoa izango da eta bertso zelebreak botako ditu, baina landu egiten ez bada, jatorrizko etorrera pobredun baina landu batek gehiago egingo deutso.

Lopategik esan eusten niri behin, bera hamar urtetan ez dala egin bertsolari eta injineru askotaz arinago egingo zala. Gure estelan hasi zanean Ariatzan. guk ez genduan uste horrek bertsolari urtengo ebanik: baina jo ta jo ta jo, ikasi, esakerak hartu eta... azkenean urten.

ANAIT.— Zer deritzazuz orain sortzen dagozan bertsolari-eskolei, Santutxukoa, Durangokoa, Algortakoa, Mungikoa eta abarrei?

BALENDIN.— Ondo. Ez daiela pentsau baserritarrak eta bakarrik direla bertsolariak, herrian barruan be bertsolari asko dago, eta entzuten ez bada egiten ez dabelako da. Horrek eskolatik urten behar dau; han asmatuko da nor dan txispa daukona eta ez daukona.

Abestuten soltau egin behar da. Idaztea be ona da. Gero batek memoria ona ba dauko, idatziak be gogoratu egiten jakoz abestuten dagola eta handik be hartu egiten dau. Bertsolaria horretara be egiten da. Idatzi asko eta gero buru argia badauko, joaten da Plaza batera eta bota egizuz bertso batzuk honeri, eta berak asko idatzita dauko lez, taka-taka hasten da.

Gero, plaza-gizon bihurtutea ez da erreza. Lotsea bota, beldurra kendu, hortik hasten da. Txapelketa Bilboko Arenalean jokatuteko izan zanean, gau bitan egon nintzan lorik egin barik. Ba dakizu zerk? ba, jende guztiak: Enbeita izango da, Enbeita eta Enbeita... eta nik, nire aitte bai baina ni ez naz. Oraindino txarrago imintzen nintzan, ze, esaten naben: nik egiten ez badot bape ez naz, egiten badot lehengo bestean nago.

Txapelketak

ANAIT.— Orduan, txapelketak bertsolariengan dauken eragina ikusita, bertsolaritzaren kalterako ala onerako izan dira?

BALENDIN.— Txapelketarik izan ez balira. Bizkaian, gaur dagon beste bertsolari ez zan egongo. Hori sigur-sigur. Bizkaian txapelketak hasi ziranean, nik ez nekien inon bertsolaririk bazan. Lehenengo txapelketan, Arenalean 14.000 lagun edo kalkulatzen ebezan. Anasagasti obispua be han egon zan bere txapel gorriagaz, plaza erdian eta Alfonso Irigoienek esan ebanean bertsolari handien aurrean txapela erantzi behar da, rrraa!! zutundu zan eta bere txapel gorria kenduta parau zan plaza erdian.

Txapelketan bertsolaria estu egoten dala? Hori, nerbioak, danok daukaguz. Txapelketa ez da plazara Joan eta bertsotan egitea. Bertsolariak horregaitik ez dabe gura izaten. Behin gainera, entzute apur bat edo hartzen badau, orduan, plazetara ba dabil eta txapelketarik ez dau gura. Danak ez dira gainera txapelketarako bertsolariak. Tabernan ikusi edo plazan ikusi, bertsolaria erdiaraino bajaten da.

Gipuzkoa eta Bizkaia

ANAIT.— Aspaldion bertso-papelak inportantzia galdu gabe, ez da?

BALENDIN.— Bai eta nik uste dot gaur be balegoz hoba leikela.

Indartu behar dan arloa da, baina jendea nagi dabil. Lehenago txakur-handi batean saltzeko ziran, gure aittitek be bertso baten azkana halan imintzen dau.

ANAIT.— Bertsotan, bizitza normalean erabilten dan berbetea erabilten da?

BALENDIN.— Aldatu egiten da zeozer. Bertsotan, berbetan erabilten diren berbak baino aberatsagoak esaten dira, berbetea loretu, hobeto jantzi. Beste batzutan berbea ebagi be bai, neurrian sartzeko, herrian erabiltzen ez dan berbera hori. Hori, bertsolari guztietan aldatuten da. Xalbadorrek berak be, hitz egiten eta bertsotan nahiz eta gitxi egin, aldatu egiten eban.

ANAIT.— Zuk, AUSPOAn argitaratu zendun liburuari NERE APURRA imini zeuntsan izena; NERE, NIRE-ren ordez; bai zuk eta bai zure seme-alabak be, bertsotan egiterakoan sarri esaten dozuez det, degu, dezu, zera, gera, eta horrelako Gipuzkoako formak. Nondik datortzuez hori?

BALENDIN.— Gure aittek ez eban ibilten holakorik. Guk, Gipuzkoako bertsolariekin nahastean ibiltean hartu dogu hori, eta beste batzutan errimea edertuteko be bai.

ANAIT.— Eta Gipuzkoa aitatu dogunez, zera itaunduko deutsut, ea Bizkaiko eta Gipuzkoako bertso-egikerak bardinak diran.

BALENDIN.— Ez. Gipuzkoan bertsoaren azkanak dauko garrantzirik gehien, eta erdian batzutan nahastea egoten da. Bizkaian aldiz, lehengotik azkaneraino esaten eta esaten joaten da, eta orduan azkana ez da emoten hain gogor.

Gero, Gipuzkoan, etena ez dabe gordeten Bizkaian baizen ondo.

Liburu bat

ANAIT.— Idazten dozu ezer orain?

BALENDIN.— Bai, liburu bat, nire bizitza dala-ta. Gerran ikusi nebazan zera guztiak, Gernikako bonbardeoak, kartzelako gure tratamentuak, zelan ibili ginan... Puerto de Santamariako bizitza, Duesoko bizitza...

Nik uste dot, irakurten hasten danak arreta handiz jarraituko dauala, egiak diralako. Gauza gogorrak be bai, barre egitekoak be bai bitartean. Lau urte egin nabezan barruan, Puerto de Santamarian hiru eta Dueson bat.

ANAIT.— Konta eiguzu halako pasadizoren bat.

BALENDIN.— Santoñan, kanpo-konzentrazinoan egon ginan, Italianoen menpean eta abade requete bat etorri zan txapel gorriagaz, kapitan izarrakin, pistolea eskuan hartuta, eta gugaz batalloian ibili zan abade bateri esan eutson han gordeta eukan pistolea emon daiola, eta besteak, eskua sartu partikarara eta errosarioa erakutsi eutson, hauxe da nik frentean neure gudariekin erabili dotan arma bakarra. Komandante italiano bat etorri zan, belarritik hartu, ostikoagaz jo eta jaurti eban requeteori eta esan euskun inor etorten bada hona abisau, honek ez daukoe zertan sartu hona eta. Nik liburuan halan iminten dot: La Cruzada-koa pistoleagaz eta gorri kriminala errosarioagaz.

Inolako bueltarik gabeko gizona dela ikusiz Balendin, hainbat eta hainbat galdera gehiago gogoratzen zitzaigun, inongo misteriorik gabe erantzungo zigula seguru bait geunden. Bertsolaritzatik kanpo, politika mailan esate baterako, gerran-gudari, baina seme bat baino gehiago gartzelatik pasatua eta azkenez seme bat oraindik ihazko Gabonetan gartzelan eduki duen Balendinen bilakaera jakiteko kuriosidadea, batek baino gehiagok izango du. Geuk ere bai, ez dago zertan ukatu. Baina, zertarako? pentsatu genuen, erantzuna izango dena izanik, Euskal Herri zatitu honetan beti egongo bada txartzat hartuko duen norbait?

Nahiago izan dugu Balendin bere lekuan uztea, Bizkaiko bertsolari eta bertsozaleen aita bezala, horixe delako Balendin beste edozeren gainetik.

Amaitzeko, berak oraintsu kantatutako bertsoren bat eskatu genion:

BALENDIN.— Oraintsu kantatutakoa da, Igorren, eleizan izan zala uste dot. Ba dakizu zer esaten dan gaur hortik: gazteak ezin direla hezi, gaurko gazteria galduta dagola, ez dakit eta ba dakit zer... Ba, bertso hau abestu naben:

Esaten dabe gaurko gaztea

ezin legikela hezi

egia esan nabarmenkeri

asko eiten da ikusi

baina gazteak ta bardin zarrak

kontuan gaitezan jausi

lur maite hontan bakez ta pozez

baldin nahi badogu bizi

batak besteai itzala izan

t'alkar maitatzen ikasi.

J.R. BILBAO


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Iparraldeaz hainbat aburu

Gure dossier sailari jarraipena emateko oraingoan ipar aldera jo dugu eta bertakoei eskeini diegu hitza, papera. Ez da hau dossier sakona, ez da hori gure asmoa izan ere, baina Euskal Herriaren zati hau ezagutzen lagundu bazaitugu gurea bete dugulakoan gaude.

Ipar aldekoei eskeini diegu hitza, honela Jokin Apalategik erantzun digu hego eta ipar aldekoen harremanak sakontzeko eritziak ematen dizkigularik. Jean Loui Davanten lantxoak euskal departamendua eta hauteskundeak edo botzak ditu ardatz. SEASKAren lan luze bat datorkizu geroxeago, iparraldeko ikastolen mogimendua ezagutzeko beharrezkoa. Gau Eskolen hasierak eta nekeak dituzu segidan. Ipar Euskadiko II Astea-ren berri ematen digute ondoren Deustuko Euskal Kultur Mintegikoek, Martxoaren 24, 25 eta 26an Bilbon izandako aste interesgarria. Amaitzeko literatur kutsua eman nahi izan diogu dossier honi, horretarako Louisean Etxezaharreta idazle jatorrak laguntzen gaitu.

Eta hau duzu dena, ANAITASUNAko idazle porrokatua, orain zuri eskeintzen dizugu aukera, irakurri eta komentatzeko aukera. Besterik bazenu gure ateak zabalik. Agur Benhur eta datorren hilerarte Mariabitarte.

Joxe Ugarriza


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Euskal herriaren ipar eta hegoaren naturazko lokarriak suspertzeko

Naparroako erreinuak bere administral erakundeekin gure Herriaren iparra eta hegoa bateratzea utziaz gero ez dugu politiko lokarririk eduki izan. Baina gaineatiko gure lokarri guztiek bizirik iraun izan dute, binbitartean, mila gertaera eman izan badira ere gure Herri izaera desegiteko entseioan.

Orain, halere, ez ditut jazarpen eraso horiek izendatuko eta aztertuko. Ez da hori une honetako nire eginkizuna. Hortan jardutea baino hobe, bataren eta bestearen artean bizia pasatzen nola jarraitu izan duen gogoratuko dut.

Mugaren mugan alde batetakoak beti kurutzatu izan dira beren bizi beharretan. Bizi modua elkarrekin egiten ikasia dute. Abereak eta kontsumoko gauzak beti erreztasun osoz trukatu izan dituzte. Are, heuren artean ere ezkontza orduan ugaritsu nahastu izan dira. Jakingarria izanen litzake sail hau estatistikaz neurtzerik balego.

Muga mugatik urrutitzen bagara ere aisa atxemanen ditugu aztarna horiek. Adibidez, hilabete hauetan Baionako herriko etxearen hilabetekarian zera irakurri dut: gaurregun Baionako bizilagunetariko %-ko 9a Espainia estatuan sortuak direla. Bistan da, Espainia Estatu erreferentzia pean gehienak hego aldeko euskaldunak direla. Eta bestalde, konpreni dezagun esaten dena. Han sortu eta Espainia estatuto nazionalitatea gordetzen jarraitzen dutenak esan nahi da. Zeren, milaka eta milaka baitira han sortuaz gero hango nazionalitatea utzi dutenak. Are, gure lojikarekin aitzinerago joanaz. esan dezagun, oraino hego aldeko erroak dituztenen kopurua erraldoiago litzakela bi edo hiru belaunaldiz atzeraka eginaz kontabiliza ahal bagenitzake.

Eta Baionarako esan dugun hau, gaineatiko herriei aldakuntza gehiegi gabe aplika lekieke.

Guzti honen sorburuan, bereziki, karlistadekin hasiaz gero gelditu ez den egoera politiko zapaltzailea dago, noski. Soldaduskatik, gerratik, presondegitik ihesi, hego euskaldunek iparra bilatu izan dute naturazko aterbe leku.

Eta iparraldekoek zer? Baita ere hegoa hautatu izan dute beren naturazko aterbe lekutzat hortarako gertakizunak bizitzea tokatu izan zaienean. Egia da, halere, iparraldean okasio larri horiek gutiago eman direla. Baina soldaduskak eta gerrateak behin baino gehiagotan bultzatu izan ditu ipartarrek ere. Adibide bezala aipagarria da Perkain pilotari haundiaren kasua.

Aipatzen ari naizen gaia aurkeztu nahirik azpimarratu ditudan printza moduko atal isolatu hauek aski adierazgarri dira enborra konprenitzeko bidean. Gaurkoz geldi bitez hortan!

Baina, orain, gaian aitzinera eginaz. galde dezagun naturazko lokarriak. gogoz bultzatzeko ordu honetan, zer dugun sustagarri? Izan ere, gaurdainokoan, gehien batetan inposamenduz bizi izan ditugun harremanak gogoz gainditzeko eta bideratzeko egoeran sartuak bait gara. Politiko projektu bat firmoki altxatzeko sasoian sartuak bait gaude. Nolaz hortaratuko garen? Zertan entseiatu behar garen?

Gure ekintza espazioaren atal batzuk seinalatuko ditut.

1) Gure lurraldea oinezkatuaz dastatu behar dugu

Euskal Herria deitzen duguna, lehenik, lurralde bat dugu. Orain ez naiz hasiko lurralde horren izaera geofisikoa zehazturik izendatzen. Seinala dezadan, halere, lurra dela nazio baten oinarrietariko bat. Egia bada ere, nazio batek, azkenik galtzen duena ez dela beti lurra. Horren adibiderik ezagunena judioen kasua dugu. Judioek belaunaldi luzez beren lurretik at ibiliaz gero, behin ere ez baitzuten beren komunitate erreferentzia galdu izan. Eta hain zuzen, horri esker Palestinako lurrean ankak ezartzearekin berriz beren nazioa errotu ahal izan zuten. Geroago Israel altxatzearekin beren nazioa Estatuan bilakatuko zuten bezala. Lurra, halere, ez da naziotasun osoa. Nazioaren oinarrietariko bat baizik. Euskal Herria, gaineatiko herrien antzo. bere lurrari dagokionean, historian zehar, mugikor izan da. Komunitate baten ontasunak gora-behera haundiak ohi bait dituzte. Eta gora-behera horiek, lurraldeari ere ikutu ohi diote. Gaur egun oraino Euskal Herriak bere naziotasuna sendotzea eta zihurtzea firmoki eta ausarki bilatzen duenean, gure arerioek lurra bortxatzea bilatzen dute. Zenbait aldiz gure ustea besterik bada ere, gure arerioek ez gaituzte hizkuntzaren eta erakundeen alorretan bakarrik erasotzen.

Hego aldean eskualdetiar administral batasun bat onartu izan denean ere, Naparroa gaineatiko euskal hiru probintzietatik at eman dute. Zergatik? Euskal nazioak Estatura daraman bidea ukatzeko gako egoki atxeman dutelako. Naparroa gabe ez dago euskal Estaturako jokabiderik.

Baina, era berean, euskal Estaturako ez dago aterabiderik Ipar aldea kontutan hartu gabe. Eta jokabide hau plazaratuta dagoelarik, ipar aldea bere urratsetan gakotzeko neurriak ere hartuak ditu arerioak. Nola? Iparraldea bitan emanaz. Hain zuen, Zuberoa dugu gakoa. Iparraldetiko arerioek ziriz eta laiaz pitzatuta daukate gure lurraldea Eta pitzatze horrek beste gabe bere ondorioak dakartze gogoeta mailan besteak beste. Zuberotarren «manexa» aipamena lekuko.

Gaur beretik guetariko norberaren neurriko den jokabide bat gogoarazi nahi nuke gure lurraldearen batasuna present edukitzen eta sustatzen jarrai dezagun. Izan ere, gure Herri borrokaren sail haundiak eramaten jarrai behar. dela esan gabe doa.

Denok dauzkagu oporraldiak edo pausaldiak gure eguneroko egitateetan, ba zergatik horietariko parte bat gure lurraldeak oinezkatzeko ez har? Xinplea badirudi ere garrantzi haundieneko izan liteke. Eta oinezkatze hori arras aberatsago litzeke hegoak iparra eta iparrak hegoa eginen balukete.

Zer ikusi, zer ikutu gure zentzuekin? Gure Herrira atzerriko turistak ekarrarazteko erabiltzen den slogan batek zera dio: gure Herriak mendi eta oihanak, itsaso eta ibaiak, eguzkia ugari dituela. Eta aipatu elementuak gostuen munduan lilura haundieneko dira.

Eta iparraldeko mendietan ibiltzeko gida liburu bat behar baduzute bat gomendatuko dizuet frantsesa irakurtzen duzuenontzat: Miguel Angulo, Guide des Pyrénées basques, Imp. Marrimpouey jeune, Pau, 1977. Izan ere, euskaraz oraingoz ez baitugu gida-libururik iparraldeko mendiko ibilietaz. Baina, hutsune hori betetzeko lana Beltzak egina du. Ea laster argitaratua ikusten dugun! Mendia eta bertan bizi izan direnek eginikako historia agertuko dizkigu. Binbitartean iparraldeko menditarren kultura ezagutzeko egoki bezala erabil dezakezute: Claude Dendaletche-ren Montagnes et civilisation basque, Ed. Denoêl, Paris, 1978. Gazteleraz ere argitara emana egon behar da. Autore berak argitara eman duen: Montagnes pour un enfant, Imp. Marrimpouey jeune. Pau, 1981, ere destagarria da.

2) Hizkuntzaren trukean sendotu behar gara

Euskara batuak aurrerakada haundi bat suposatu izan du gure hizkuntzaren etorkizunari buruz. Baina, galdera bat egin beharrean aurkitzen gara. Zertan gara? Iparraldea egunero ari da galdera hau oihukatzen. Izan ere, Hegoaldetik datorren euskara batuan ez bait dira atxematen. Zergatik? Hizkuntz eta zibilizazio arazo bat dago arteko.

Izan ere, hegoaldeko euskara, bere euskalki guztiekin, gazteleragatik eta bere zibilizazioarengatik zeharkaturik bait dago. Eta bistan da, zeharkatze horren pisua eta garrantzia haundi izanik, iparraldeak ez du errez irensten. Aldiz, iparraldea frantses hizkuntz eta bere zibilizazioarengatik zeharkaturik dago. Eta hegoaldearentzat arrotz gertatzen da.

Egitate bat inposatzen zaigu bada. Hegoak iparraldeko euskararen egungo lexikoa eta joskerak bereganatu behar ditu. Eta iparrak hegoaldekoa berdin. Hau bistan da idazleen artean batik bat inposatzen dela. Baina, euskal eskolaren maila guztietara ixuriaz joan behar da. Iparraldeak hegoak ez bezalako lexiko eta joskerak bait ditu. Anitzetan iparraldeko euskara zeharkatzen duen hizkuntzak eta zibilizazioak ezarri dituen berezkuntz hutsen gora-behera. Baina, horiek ezagutuaz elkarren trukean jarri behar ditugu.

Guzti honetan egungotasuna bereziki azpimarratu nahi dut. Ez baita hainbat klasikoetan amaitzen den arazoa. Jendeak egun bizi duena kontutan hartu behar da.

Gaineatian iparraldean ere euskara batuaren joera eta dinamika zeharo Inposatuak ageri zaizkigu. Egitate hortan ikastolek eta gau eskolek duten jokabidea txalogarria da.

Baina, berriz, hegoaldeari zera gogoaraziko diot iparraldea ikasten eta irensten saiatzeko duen egitatea. Izan ere, euskara batuaren alor honetan ardura bereziz beterik jardutera behartuta dago hegoaldea. Euskara batua hegoaldeko euskararen piso soziolojikoan oinarrituta bultzatu baita. Iparraldeko lexikoa eta joskerak hegoaldetzen entseia gaitezen lehenbailen!

3) Herri gogoaren emaitzak gure izakeraren bideko argi

Jokabide guzti hauetan beldurrik gabe jardun behar gara. Euskal mundua kurutzatzen eta zeharkatzen duten gaurko hizkuntzek eta zibilizazioek gurean galduko gaituztela? Ez dut uste. Baldin eta gure Herri gogoaren emaitzak miatuaz bidekari hartzen baditugu ez dezakegu beldur hori aproba.

Eta iparraldeak gure Herri gogoaren espresio bideak bizirik ditu. Ez ditzagun aintzinako usaiaren hegitik bakarrik har. Ez gaitezen lanabes horien formalismo hutsean liluraturik jar. Gure Herri gogoaren lekukotzat ikus ditzagun baizik. Pastoralak, maskaradak eta toberak gure Herri gogoaren espresio bide hautatuak dira.

Horien bidez benetako herri xehea mintzatzen da. Herritar Kulturaren balioak ezagutzen ditugunok espresio bide horiek gaurkotzen eta ahal bada hedatzen saiatu behar ginake.

Bestalde, egokia litzeke, gure iparraldeko herrikideek horrelako lan bat prestatzen duten bakoitzean gure hegoaldeko munduan aurkezten saiatuko bagina. Piskanaka herriko eta herritar denez konprensio haundi batekin ikustera hel liteke. Eta kurutzamen horretan bizitza bat hedatuko genuke. Gure inguru ustelduan hain beharrezko den gogozko bizitza aberats bat, noski.

Biziki baikor da hegoaldetik geroz eta ugariago iparraldeko kultur emankizunetara datorren jendearen jokabidea. Poz haundia ematen du iparraldeko edozein herrisketan hegoaldeko jendetza eder batekin topatzeak. Hori egiten jarraitzeko ez dago esan beharrik. Baina, kontutan har dezagun bigarren partea, hots, hegoaldeko gure plazak iparraldeko Herri gogoaren espresioei irekitzea.

Bertsolari eta abeslari sailean egindakoa beste alor hauetara luzatu behar da. Eta azken aldian geldotzen eta itzaltzen Joan den kultur dinamika berpiztu behar da. Gure gogozko bizitzan leku haundi bat eman behar diogu.

4) Materiazko produkziogintzaren lekukotasuna

Gizarte batek produkzitzen dituen materiazko lanabesak Herri gogoaren beste atal bat dira. Beren ezagutza, bada, gogozko bizitzaren sustagarri gertatzen da. Eta iparraldeak badu materiazko produkziogintza horrenik. Behin baino gehiagotan hegoaldean galdurik dauden giza hegiak bizi bizirik atxemateraino.

Industria aurreko produkzio moldeei dagokiena iparraldean aski bizirik dugu. Eta gainera, galtzen doazen lanabesak ere ongi bildurik aurkeztuak daude Euskal Erakustokian. Non dagoen Euskal Erakustoki hau? Baionan Musée Basque bezala edozein gida liburutan izendatuta aurkituko duzute.

Euskal Erakustoki hortaz esan dezagun bere alorreko erakustokien artean Europan den aberatsenetariko bat kontsideratuta dagoela. Euskal bizitza tradizionala ikustaldi batez nolabait konprenitzen hasteko toki egokia, noski.

Era berean, Belloc-eko komentuan Aita Martzel Etxehandik, han hemen, iparraldearen alde guztietan bilduaz gero txukun eta ordenatuki baratze hariztitsu batetan ezarriak dituen hil-harrien edo harri-biribilen zerrenda ikusgarria da. Gure arbasoen mundua, bere sakonaren sakonean topatzen dugu. Gai hau ikasi nahi duenak, besteak beste, irakur beza Michel Duvert, Contribution à l'étude de la stèle discoidale basque, T.1 eta 2, Ed. Bulletin du Musée Basque, N.º 71 eta 72. Bayonne, 1976.

5) Amaitzeko: hitz idekiak

Ez zaitez agerpen honekin konforma. Saia zaitez nire hitz hauek piztu pindarra txordartzen. Geure Herriko gauzen konprentsioak geure buruen ezagutzara eramanen bait gaituzte. Eta gure izaera euskal bideetan zihur eta zuzen ikusteko izan garen eta garenaren jakitun izan behar gara.

JOKIN APALATEGI


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Botzak eta departamendua

1981-eko udaberrian, elkarri josirik joan dira hauteskundeak eta euskal departamenduaren xedea.

Euskal departamenduaz

1962-eko udazkenean, politika mugimendu baten antolatu nahiz ari ginen Enbata hilabetekariaren inguruko abertzale apurrak: 1963-ko Aberri-Egunean agertu beharra zen mugimendu hori. Programa baten eratzen ari ginen. Argi zegoen helburua: zazpi probintzien batasuna eta beregaintasuna, Europa federatu batean (alde batetik bagenuen Europazaletasun bizia, bestetik separatistak ginelako akusamendu gaiztoaren ahultzeko taktika).

Baina bizpahiru lagunekin mintzaturik (laborari zuhurrak ziren), erran nuen epe luzeko jomuga zela hori eta bitarteko etapa bat eskaini behar geniola populuari, bestelan ez genukeela jarraikilerik. Euskal departamendu baten xedea proposatu nuen beraz. Ordutik onartu zuten Enbatan zaudenek.

Itsasuko Aberri-Egunean aurkeztu genuen, publiko zabal eta nahiko popular baten aurrean. Textua Labeguerie-k idatzi zuen (nahiz gero xede horren aurka jokatuko zen) eta euskaraz itzuli nuen. Hona:

Gure politika saila

Ikusirik:

- Euskal Herria orai bi zatitan berezia daukatela Frantziak eta Espainiak:

- Eskuara gibel ari dela;

- Ipar aldeko hiru Probintzietan bizipideak errekarat doatzila, gazteria Herritik kasatuz,

Ikusirik:

- Oraiko frantses politika mota guziek Eskualdunen interesak osoki bazterrerat uzten dituztela, bai bizipideen, bai kulturaren aldetik, dela Frantziaren gerizan, dela Europaren batetaratzeko moldeetan,

ENBATA oldeak, Lapurdiko Itsasun bildurik, 1963-ko Apirilaren 15-ean, huna zer proposatzen duen Euskalduneri:

- Lehenbiziko epe batean, eta Frantziako Errepublikaren legepean, Ziberoa, Baxe-Nabarre ta Lapurdi elgarretaratuko dituen Eskualdun Departamendu bat, Eskuararen aldeko lege batekin;

- Bigarren urrats batean, eta Europaren batasunean, Zazpi Eskual Probintziak elgarretaratuko dituen Eskualde bat, politikako, administrazioneko eta kulturako sailetan bere gaintasunekin, Europako beste Herrialderi datxikola».

***

Argi dago: abertzaleentzat. ordutik, azken jomuga ez da departamendua. Ez daiteke izan. Ez dut abertzalerik ezagutzen. bere borroka departamenduan gelditu nahi duenik. Abertzale batentzat, etapa bat baizik ez da hori. Besterik erraitea, gezurra litzateke.

Departamenduaren eskaria egin nuelarik, ez nakien xede horrek historia bat bazuela. Hona, oso laburki.

1790-ean, ipar Euskal-Herriko bi probintziak eta nafar erresuma deusezturik, Basses-Pyrénées-etako departamenduan urtzen gaituzte Biarnesekin. Alta bada, bi departamendu berez eskatuak zituzten euskal eta biarnes deputatuek. Debaldetan protesta eginen dute Lapurdiko deputatu diren Uztariztar GARAT anaiek.

1836-an berpiztu da horien xedea. Baiona, Maule ta Akizeko eskualdetako jaun askok izenpeturik, eskari bat zuzentzen diote Louis-Philippe erregeari: «Adour» izeneko departamendu bat nahi dute, prefetura Baionan dukeela. Berriz ere debaldetan.

1945-ean euskal departamendu autonomoaren aldeko lege gai bat antolatzen du Marc LEGASSE-k, hiru lagunekin. Xede horren ezagutarazteko, bozketan aurkezten dira. Gero. Etcheverry-Ainciart deputatuaren bitartez, Konstituzio berri bat antolatu beharra duen Biltzarrari helarazten diote. Hortan gelditzen da lege gaia, ezen legearen apailatzeaz arta duen Batzordeak ez du aintzakotzat hartzen, eta ez dio Deputatuen Biltzarrari aurkeztuko.

***

Zein dira, Enbatarentzat, euskal departamendu baten helburuak?

- Legezko nortasuna eta batasuna ipar aldeko Euskal-Herriarentzat;

- Laneko tresna bat, bere diru kutxa, zerga eta biltzarrekin;

- Kultura erakunde bat (erakasleen eskola ofiziala, eta abar...);

- Euskal podere bat, autogestioari buruz abiatzeko;

- Estatuaren aurrean, arartekari bat;

- Hego aldearekiko batasunari buruz, ate bat.

Hara zer dio Enbatak 1967-ko auteskundeetan. Geroztik gertakari asko agitu da xede horren inguruan. Hemen ezin ditut aipa, luzeegi joan laiteke. Xehetasunak nahi dituztenek aurki ditzateke ZABAL agerkari ohian, 11-garren alean (1975-eko Urtarril-Otsailakoan).

***

Aitor dezadan ondotik euskal departamenduari ez ziola garrantzi gehiegirik eman Enbatak praktikan.

EHAS-ek berriz, ukatu gabe, gutietsi zuen, behar bada Enbataren xedea zelakoz: departamendua baino gehiago, departamendu-eskualde bat behar zela, autonomiarekin. Hortaz ezda-bada frango izan dut EHAS-eko buruekin: gehiago eskatu behar genuela, baina ez horregatik besteen eskaria trabatu, aitzitik. Bakearen ukaiteko ala konbentziturik, ez dakit, pixka bat amor eman zidaten.

Arte hortan xedea bere gain hartua zuen jaun multzo ttiki batek, Baionako komerzialdegiko buruaren inguruan: hau da Saint-Martin jauna, hein bat euskalzalea. Horren lehendakaritzapean, Euskal-Herri departamenduaren aldeko Batasun bat eratu zuten.

Gaur batasunaren buruzagi da Viala, Arrangoizeko auzapeza (Biarnesa da). Beste batasun bat ere agertu da: Euskal-Herri departamenduaren aldeko hautetsien batzarra. Aitzindaria. Berger, Milafrangako auzapeza (ez da euskalduna, ez eta «baskoa»).

***

Ikus dezagun orain zein diren xede horri buruz ipar aldeko politika indarren ikuspegiak Frantsez indarrak lehenik.

Aurka dago Chirac-en eskuin «gaullista», RPR delakoa: Inchauspe deputatua, Duboscq departamenduko lehendakaria, Ithurralde (Donibane-Lohitzuneko auzapeza), Marie (Biarritzekoa)...

Alde daude. baina eztiki, erdiko eta Giscard-zale gehienak (Eppherre, Letamendia, Luberriaga), salbuespen haundi batzuekin: Borotra, Mendiboure (Angeluko auzapeza)...

Erdipurdi Grenet, Baionako auzapez eskuindiar ezin klasatua.

1981-eko urtarrilatik, alde agertzen da PS-Alderdi Socialista.

Alde P.S.U. eta L.C.R.: frantsez alderdietan euskalzaleenak duda gabe.

Erdipurdi P.C.F., Frantzes Alderdi Komunista.

***

Euskal indarretan orain:

- Alde dira Enbata kazeta. Izan erakundea, Ezker Berri talde ttikia:

- Aurka: Iparretarrak;

- Erdipurdi: Herri Taldeak.

***

1981-eko Urtarrilaren ondarrean, euskal departamenduaren aldeko lege gai bat Parlamentuko bulegoaren gainean pausatzen dute P.S.-eko deputatuek. Kultura mailean, eskualde baten eskubideak badituzke departamendu horrek. Izenpetzen dutenetan daude LAURIS-SERGUES (Lot-et-Garonnekoa, sortzez Baionesa), GARMENDIA (Girondakoa), LABARRERE (Pauekoa), LE PENSEC (Bretoina)...

Lehendakaritzako botzei buruz, euskal departamenduaren xedea bere programan ezartzen du MITTERRAND-ek: 110 proposamen famatuetan 54-garrena...

Hauteskundeak

Ikus dezagun euskal indarrek nola bozkatu duten iragan udaberriko hauteskundeetan (hauek dira lehendakaritzakoak eta deputatuenak).

EHAS-ek, aldez aurretik, frantzes ezkerra kritikatuarren, honen alde bozkatzera deitua zuen, eskuinaren joitea gatik. Hona beste indarrak nola banatu diren.

I - Lehendakaritzako bozkak

1) Lehen itzulian

- Ez bozkatzearen alde agertzen dira Herri-Taldeak

- Brice LALONDE-ren alde «Ekologia gaur» Euskadiko taldea.

- Ezkerraren alde, beraz, EHAS bakarrik.

2) Bigarren itzulian

Buruz-buru gelditzen dira bi kandidat nagusiak: GISCARD eta MITTERRAND, lehen itzulian botz gehienik bildu dutenak.

- Mitterrand-en alde mintzo da EHAS-Maiatzaren 5-ean bere nahiz desagertzen zaigu alderdi hau, «Euskaldunak» bere hilabetekaria ixileraziz ber denboran.

- Mitterrand-en alde Ezker-Berri.

- Mitterrand-en alde berrogei abertzale, ezker abertzaleko eskualde guzietarik etorriak, Herri-Taldeko batzuek barne. Hona izen ezagutuenak: Mattin LARZABAL, PAGOLA, Jean HARITSCHELHAR, CHARRITTON, Gabriel OYARCABAL J. C LARRONDE, Auxtina MASSIGOGE, J. IDIEDER, ABEBERRY anaiak, Patxi NOBLIA, Arrio HEGUIPPHAL, Ramuntxo CAMBLONG, Jean BERRIA, Jean-Pierre MENDIBOURE, Francois DASCON, Michel ETCHEBER, Daniel LANDART, ETCHAMENDY, LARRALDE, Allande ETCHART.

II - Deputatuen bozkak

1) Lehen itzulian

- Ezkerraren alde Herri-Taldeak

- (Aldez aurretik EHAS). Euskal-Herri barnean, lehen alditik nagusitzen da Michel INCHAUSPE eskuindiarra (Chirac-en R.p.R. alderdi «gaullistekoa»).

2) Bigarren itzulian

Itsas aldean:

- J. P. DESTRADE P.S.-koaren alde, berrogei abertzaleak (gero HITZA-HITZ taldea eratuko dutenak).

- Halaber Herri-Taldeak (eta EHAS aldez aurretik).

Nagusitzen da Destrade. Bi deputatu baititu ipar Euskal-Herriak, bat eskuindiarra du beraz, eta bestea PS-ekoa.

***

Estatuaz jabetu dira Mitterrand eta P.S.-eko deputatuak. Euskal departamenduaren zain gaude beti. Ez da xede horren alde bero barneko ministroa den DEFFERRE, bi bider kazetei erran du. Aldekoak eta aurkakoak elgarrekin errezebitu ditu iragan Otsailan. Eskuz-esku dabiltza hemengo P.S.-tiarrak eta Hitza-Hitzekoak: 1985-eko ukanen dugula diote. Ikusiko dugu. Ez da ipar Euskal-Herriak duen arazo bakarra (ikus dezagun bereziki SEASKA-k daraman borroka), baina hori ere bada.

(1982-03-17)

J. L. DAVANT


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Seaska zertan den

I - Ikastolen hazkundea: 1969tik orain arte

Ipar Euskal-Herriko lehen ikastola 1969an, BAIONAN, irekia izan zen. Orduko euskaldun ainitzek hego aldeko ikastolen bakarrik, egiten ahal zen eskola, gastu guztiak edo guztiz gehienak gurasoen gain direlarik.

Euskaldunen eta bereziki gazteek laster senditu zuten garrantzia haundia zuela ikastolak, gure burua ez bestelakatzeko eta mundu moderno giroan gure nortasuna finkatzeko eta azkartzeko.

Gure mintzairaren erroak, gure izatearen erroak, nehork uste baino barnago ziren; izaite hori, mintzaira hori galtzeko irrisku haundienean zirenak iratzartzen hasirik ikastolen beharra senditu zen. Ama-ikastolak sortu ziren. Halere hori ez aski; ttipiekin hasi lan ederra gero galtzen baita ondoko urtetan, lehen mailako ikastolak muntatu ziren, hor baitira finkatuko gure kulturaren lehen oinarriak erakaskuntza euskaraz erabiliz geienbat. Ama-ikastola eta lehen mailari segida emaiteko, aurten, bigarren maila abiatu dugu.

Ama-ikastoletan ibiltzen dira 2 urte ta erdi 6 urte arteko haurrak, lehen mailan 6 urtetik 11 urte artekoak eta bigarren mailan 11 urtetik 15 urte artekoak.

Herri-iritziak (opinione publikoak), ikastola ezin ulertuz ba du oraino ere aski lan. Bistan da, duela hamar bat urte, ikastola buruxoro edo burubero batzuen egintza bezala hartu zela. Gaurko egunean herri-iritzi horrek, guti edo aski, ikastolak ba direla ba daki, baina ikastoletaz duen ezagutza. ez doa urrunago.

Laster ordea, abertzale guztiek argi eta garbi ikusi zuten, euskara eta euskal kultura, ipar aldean ere, berriz indartzekotz, ikastola beharrezkoa eta baitezpadakoa zela.

Eta gizartesail horren oinarriaz baliatuz, emeki emeki eta urtetik urtera, ipar aldeko ikastolak ere emendatuko dira.

Huna nun noiz ireki diren:

1969 an: bat Baionan, ondotik Arrangoitzen finkatu zen.

1970 ean: bi, Baionan bat eta Donibane Lohitzunen beste bat.

1971 an: lau, Senperen, Hendaian, Ziburun eta Donapaulen.

1972 an: bost, Azkaine, Uztaritze, Maule, Hazparne eta Donibane Garazi.

1973 an: bat, Espeletan eta bi gela berri Donapaulen eta Baionan.

1974 an: lau, bat Miarritzen, bi Baionan eta beste gela bat Donibane Lohitzunen.

1975 ean: bi, lehen mailako ikastolak biak: bata Donibane Lohitzunen eta bestea Angelun. Ama ikastola bat Pauen.

1976 an: bat, Espelete hetsi eta Kanbon ireki.

1977 an: Bi, Donapaulen lehen maila eta Saran ama-ikastola.

1978 an: bi, Mugerren eta Atarratzen.

1979 an: bi, lehen mailak biak, Maulen eta Uztaritzen.

1980 an: hiru, ama ikastola bat Bidartean, Lehen maila bat Arrangoitzen eta bigarren-maila Donibane Lohitzunen.

1981 an: bi ama ikastola: bat Baigorrin, beste bat Beskoitzen. Donibane Garazin: lehen maila ideki dugu. Gaurko egunean, iparraldean ditugun 30 ikastoletan, 516 haur ba dabiltza, bi urte ta erditik 13 urte artino. Mundu ttipi horren eskolatzeko ba ditugu 57 irakasle. Horietaz bestalde ba dira 9 erakasle-gai eta 2 idazkari SEASKA batasunaren gain direnak.

II - Ikastolak, zertako?

Euskara galtzen ari dela, ezin ukatua.

- Etxean, karrikan, euskara gero ta gutiago erabilia da.

- Irrati, telebixta, agerkariak gehienak frantsesez dira.

- Eskola, nahiz izaiten diren hor euskal erakasaldi batzu, euskararen baztertzale haundi bat dugu.

Euskararen galtze hori badoa urrats haundiz azken hamar urte hauetan eta horri ihardokitzeko aterabide zuzen eta ondoriotsuak behar dira. Orai arte segurik, erakaskintzan, ikastolak bakarrik dakar ihardespen hori.

Zenbait urte huntan frantses eskoletan ba dabiltza gobernuak ordaintzen edo pagatzen dituen erakasle ibiltariak, eskolaz eskola. Ba dakigu beren ofizioaren betetzeko dituzten baldintzak edo kondizioneak ez direla onak. Ez dugu hemen haien borondate ona hauzian sartu nahi.

Bakarrik erran nahi duguna da: gobernuak ez duela serioski beregain hartzen euskarazko erakaskuntza eta erakasle ibiltarieri ematen dien bidea biziki txarra dela.

Zeren alde batetik, erakasle horiek ez ditu aintzinetik behar bezala moldatzen. eta bestetik, astean bizpahiru oren emanez bakarrik euskarari. haurrek ez baitute deus funtsezkorik ikasteko biderik. Euskara pixka bat ikasiko dukete, baita ez dute inola euskaraz ikasiko. Eta hori ez erakasle ibiltariengatik, baina gobernuak hauei ematen duen erakasbidea gain, gainetik mugatua delako.

Gure herri hizkuntzak ez dezake beraz bide horretatik salbabiderik izan.

III - Zer da ikastola?

Ikastola ez da norbaiten eskola, ez alderdi batena, ez mugimendu batena, ez gizartesail edo klase batena, ez eta eliza batena.

Ikastola euskaldun jendearen herriko eskola edo eskola publikoa da. Ikastolako erakaskuntza aitamen eta erakasleen artean moldatua da. Ikastolako hizkuntza euskara da eta frantsesezko erakaskuntza mailka sar-arazten da lehen mailatik goiti.

AMA IKASTOLAK:

Lekuak Irek urteak Gelak Erakasleak Haurrak

Arrangoitze 1969 2 2 24

Baiona Saint-Amand 1970 2 2 24

Donibane Lohitzune 1970 2 2 40

Hendaia 1971 2 2 31

Donapaleu 1971 1 1 18

Senpere 1971 1 1 15

Azkaine 1972 1 1 16

Hazparne 1972 2 2 27

Maule 1972 2 2 30

Donibane Garazi 1972 1 1 28

Uztaritze 1972 1 1 15

Miarritze 1974 2 2 20

Paue 1974 1 1 6

Baiona Hiri Erdi 1975 1 1 19

Kanbo 1976 1 1 11

Baiona Kurutze Saindu 1975 1 1 11

Sara 1977 1 1 11

Atharratze 1978 1 1 7

Bidarte 1980 1 1 14

Beskoitze 1981 1 1 5

Baigorri 1981 1 1 5

Olorone 1981 1 1 5

  29 29 382

LEHEN MAILAK:

Lekuak Irek urteak Gelak Erakasleak Haurrak

Angelu 1975 5 6 1/2 65

Donibane Lohitzune 1975 5 5 3/4 53

Donapaleu 1977 5 3 1/2 29

Uztaritze 1979 3 2 1/2 16

Maule 1979 3 1 1/2 7

Arrangoitze 1980 2 1 1/4 8

Donibane Garazi 1981 1 1 5

  24 24 183

BIGARREN MAILA:

Baiona 1980 2 4 19

Orotarat (81/09/10-ean):

- Ama ikastolak 382

- Lehen Mailak 183

- Bigarren Maila 19

Orotarak 584 haur

BATASUNAKO LANGILEAK:

- Erakasle 55

- Erakasle ordezkari 2

- Idazkaritzan 2

Orotarat 59 langile

Erakasle gai 9

IV - Ikastolak euskal herri guztietan

Gure ikastola herriko eskola edo euskaldunen eskola publikoa denez geroz, normalki ikastolak herri guztitan ikusi behar genituzke. Baina, errealitatea besterik da. Zertarik datorren hori?

Gure ustez, bederen, kasu berezi hauengatik dira ikastolak hoin emeki emendatzen, hazten ari. Euskaldun jendeak uste baitu haurrak ikastolara igorriz, gero ez duela bere bizia egiten ahalko, eskola frantses batetara doan haurrak bezain aise. Uste baitu ere, jende horrek, lehenik euskara ongi ikasi eta gero beharbada aitamek berek ikasi duten bezain nekez ikasiko duela haurrak beharrezkoa dugun frantsesa.

Jende horrek behar luke ohartu, nola luzaz frantsesek eta frantsestu euskaldunek sinetsarazi diguten, euskaraz mintzatu edo hitzeginez, frantsesa gaizki ikasiko genuela eta frantsesa ez bagenuen ongi ikasten, jende gaizo batzu izanen ginela. Ondorioz, mintzaira bakar baten erabiltzera behartu gaituzte, eskolan bezala beste edozein lekutan, gure gogo zaurituaren goxatzeko erranez gainera, frantsesa zela bakarrik kultur hizkuntza, munduko landuena eta ederra! Egun hogeita hamar, berrogei edo gehiago urte duten aitamak, atzo bezain berri balitz bezala, oroituko dira nola gaztigatuak izanak diren, eskolan euskaraz mintzatzen zirelarik, eta halaber zenbat trufatuak beste hanitz lekutan. frantsesa aski ongi ez zekitelakotz! Horrelako nortasun mendratze eta zapaltzeak ez dira ahanzten.

Horra zergatik, hanitz euskaldun guraso ez den menturatzen bere haurraren edo haurren ikastolan ezatzera. Alta, herri eskola guzietan gauza jakina da egun, eta beste hanitz herri edo erresumetan baliatua: aitamen edo gurasoen mintzaira ongi finkatua edo oinarritua dutelarik beren baitan, haurrek beste mintzaira bat errezki ikasten dutela, eta biak berdin trebeki erabiltzen.

V - Egitura ekonomiko baten beharra iparraldeko ikastolentzat

Ikusten denez erakasle ainitz badira iparraldeko ikastoletako haurren nonbre ttipiaren araberan. Bestalde, ezin da ttipitu erakasleen nonbrea zenbait ikastola ez hestekotz.

Ikastolen inguruan erabiltzen diren laguntzaile eta gurasoek beren denbora pasatzen dute gure elkartearen diru arazoaren konpontzeko. Ber denboran pedagogi problemetaz arduratzeko denbora eta gogoa eskasten dira arrazoin horrengatik.

Beharrezkoa ikusten dugu ikastolen arazo ekonomikoa parte haundi batean bederen gurasotatik aparte konpontzeko bide baten emaitea. Laguntza publikoa ikus genezake hiru moldetan:

1. Frantses gobernuarena

Zenbait ikastolek betetzen dituzte frantses legeak jarriak dituen kondizione batzu erakasleak estadotik ordainduak izaiteko, kontratu bat estadoarekin pasatu geroz. Baina, nola erakaskuntzako hizkuntza euskara den eta ez frantsesa, frantses gobernuak ez du onartzen ikastola horiekin kontratuen pasatzea.

2. Iparraldeko «Conseilu Jeneral» eta herrien subenzioak.

Egitura horiek aspalditik frantses erakaskuntza ekonomikoki laguntzen dute. Ikastolak zenbait urtetan egitura horiekin har emanetan jarriak dira eta frantses erakaskuntzari emaiten duten laguntza berdina eman dezaten ikastoleri da gure galdera.

3. Hego Euskal Herrietako gobernu laguntza.

Ikusiz bereziki euskal erakaskintzak baduela egitura bat orai hiru probintzietan, Euskal Minixteritza bat, ikusiz ere beste erresumek beren geritzan hartzen dituztela arrotz herrietan beren nazional hizkuntza eskola batzuk, iduritzen zauku zuen egituratik zaukula etorriko laguntza ekonomikorik haundiena.

1981/1982-ko presupuestoa

Orotara, gure aurtengo konduak 4 716 940 liberetara helduko da 100-etarik 31az goituta da.

GASTUAK

100-etarik 75, Hilabete sari eta gizarte zergek betetzen dure. Alabainan, aurten 59 langile-erakasle erabiltzen ditu.

100-etarik 3, moldakuntza gastuak.

Gaineratekoak, usaiako gastuak dira.

SARTZEAK

Azaroako biltzar nagusian, Diru Taldeak erakustera eman zuen, usaiako bideak ez zirela aski izanen aurtengo gastuen estaltzeko, Laguntza berri batzu lortu behar ginituela.

Burrasoen emaitzak, 100-etarik 18 estaliko dute.

Laguntzaileek 100-etarik 17.

Departamenduko eta Herriko Etxeetako laguntzek 100-etarik 11.

Saltzeek, Egutegiek, Langileen Ikastaldiek, uda lekuek, 100-etarik 12 estaliko dute.

Jaiek aldiz, 100-etarik 23.

Agertzen den bezala, gure presupuestoa nihundik ere ez dezakegu bete. Gainera. mementoko trezoreria eskasak, seguritate zozialaren ordaintzea ez digu permititzen.

Frantses erakaskuntzako minixtroari buruz, deramazkigun urratsak laguntza eskuratzeko luzerakoak izanen dira.

Zer emanen digu aurtengo ikasurterako? Errealismoak, gauza guttiren esperoa manatzen digu.

500.000 franko egin ahal bezain laster gure tresoreri eskasak itotzeko irriskutik atera gaiten.

400.000 franko geldituko zaizkigu eskas. Hasia dugun «borrokak» bide egin arte ez dezakegu erran ondorioak ukanen dituen ala ez diru mailan. Ez balitz, zueri bigarren laguntza baten eskatzea liteke gure xedea.

1981/1982-KO PRESUPUESTOA

Gastuak (frankotan) Sartzeak (frankotan)

80/81-ko ziloa 108.739.05 Burasoen emaitzak 854.000.00

Erosketak 100.000.00 Laguntzaileak 787.640.00

Antolamenduak 110.000.00 Departamenduko laguntza 350.000.00

  Herriko etxeetakoa 150.000.00

Eskola lankaiak 96.000.00 Jaiak 1.100.000.00

Hilabete sari eta 3.550.000.00

Gizarte zergak

Moldakuntza gastuak 120.000.00 Saltzeak 123.300.00

Argia, gaza,ura, etab. 190.000.00 Egutegiak 180.000.00

Jaien gastuak 200.000.00 Langile ikastaldiak 140.000.00

Garraio & ibiltzeak 30.000.00 Uda leku 130.000.00

Gestioko gastuak 48.000.00  3.814.940.00

Bankoetako gastuak 30.000.00 Eskas 902.000.00

Amortizioak 4.200.95

4.716.940.00 4.716.940.00

SEASKA-ren eskariak

Gobernuko Giderrak eskuratu aintzin partido zozialixtak lege projektu bat agertua zuen frantses estaduko populuen kultur eta hizkuntzek behar duten lekuari buruz.

Herri guzien eskubideetan ezin ukatuzkoak agertzen diren printzipio batzutan finkatzen zuten beren lege projektua bainan proposamen konkretuetan kargarik haundiena bide bazterrean uzten zuten hala nola erakaskuntzako gauzetan.

Printzipio horietan bat agertzen da gidari bezala, hori da: «Hizkuntza baten jabe den jendalde orok badu hizkuntza horren erabiltzeko eskubidea, bere haurren hezteko eta bere kultur biziaren agertzeko. Eskubide hori ezagutua, goraipatua eta ezin eztabaidatua da».

Zer pasatzen da Euskal Herrian?

Hezkunde tresnak diren ESKOLA - MINTZABIDE - herri bizitzarako egiturak oro, euskal hizkuntzari begira, diskriminalki ari izan dira eta gaur ere oraino hala ari dira.

Euskal herriak egiazko elebitasun baten aldera duen eskubidea gora agertu behar da. Eta errealki elebitasunera heltzeko, aspaldiko urteotan euskaldun jendeak jasan duen kaltearen araberako neuri bereziak hartu behar dira.

Irakaskuntzaren sailean, ikastolan hasi dira, duela hamabi urte, euskal eskola tokian kokatzen, ama-eskolan lehenik, lehen mailan gero eta bigarren mailan gaur. Euskal Erakaskuntzarako.

Gure ustez, egoera horrek, zuzenesten ditu agertzen ditugun eskariak, bai eta delako legegaiari egiten diogun erantzuna.

Lehen eskaria:

Gaur, Frantses herri-hezkundea zuzentzen duen legediak, frantsesa baizik ez du ezagutzen erakaskuntzarako lehen hizkuntza bezala. Guk eskatzen duguna da, euskarazko hezkundea, eskolako mail guzietan, legeztatua izan dadin.

Alabaina, zer heinetan gaude, sail horretan?

Atzoko administraritzak Estaduko diru-laguntza guziak ukatu zizkigun, erakaskuntza osoki frantsesez egin behar dela erranez. Eta kontratuez baliatzeko, proposatzen zigun printzipio hori aplika genezan, oinarrizko ikasgaientzat eta euskara erabil bigarren heineko ikasgai batzuentzat.

Lege hori beti bizirik dago. Gorago aipatu dugun legegaiak, horren ezeztatzeko merezimendua ba luke, ama eskola eta lehen mailetan. Ez du halere, euskarazko hezkundea mail guzietan legeztatze beharra hain argi agertzen.

Bigarren eskaria:

Euskal gizartearentzat, elebitasun erreal baten eskubidea. Eta euskarazko hezkundearen legeztatzea, Euskal-Herriari doakion erakaskuntzarako herri-zerbitzu bat zutik emanez.

Bi erakasbideren zutik ematea eskatzen dugu:

- Euskarazko erakaskuntza bat, frantsesezko erakaskuntza on batekin.

- Frantsesezko erakaskuntza bat, euskarazko erakaskuntza on batekin.

Sail honetan, oroitarazten dugu, Euskal hizkuntzaren eta kulturaren Araudi baten alde, bildu den «Kultur Biltzarreko» erakaskuntza batzordeak egin duen lana. Lan horretan parte hartzen dugu guk ere, Ipar Euskal-Herriko beste kultur talde eta erakasle sindikatoekin.

Biltzarre horretan parte hartu dutenetarik gehienak ados jarri dira, bi burutako erakaskuntzabide bat eskatzeko Euskal Herriako. Eta hori Hezkundeko Herri Zerbitzu beraren baitan: euskarazko erakaskuntza frantsesaren ikaskuntzarekin eta frantsesezko erakaskuntza euskararen ikaskuntzarekin.

Printzipio horren aplikabideak oraino argitu gabeak dira. Eta F. E. N./S. N. I, izan da osoki sistema horren kontra agertu den erakunde bakarra.

Hirugarren eskaria:

Eskubidea eta legea ere, bi erakasbide horien sartze-ateratzeetan, xantza berdinak aurki ditzaten baliatzaileek.

Laugarren eskaria:

Ikusiz gaurko euskal gizartean berean, zer egoera desabantailatuan aurkitzen den euskal hizkuntza, eta hori herri-botereek daramaten politika gatik, berez doana da, euskarazko erakaskuntzak neurri normalak eta arraroak behar dituela, frantsesezko erakaskuntzaren aldean.

Bosgarren eskaria:

Gobernuari, berehala eskatzen dioguna hauxe da: bitartean eta berehala, euskal eskolaren hastapena den SEASKAren dirualdea beregain hartzea. Denbora berean, eskatzen diogu ere, erabakiak hartuko dituen batzorde bat izenda dezan, SEASKArekin batera euskarazko herri erakaskuntza antolatzeko.

Hola dugu ikusten euskal erakaskuntza publiko baten finkatzeko bidea euskal-herrian. Berez doa orduan SEASKAk bere funtzioa oraikotik desberdina lukeela.

SEASKA 1982ko martxoan


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Gau eskolak iparraldean

Gau Eskolen historiaz hitzegiterakoan Ikastolen mugimendua aipatu behar, honi loturik baitoa hasiera-hasieratik. Ikastoletara beren haurrak bidaltzen zituen gurasoak hasiko dira euskara ikasi nahirik, haurrek ikastolan ikasitakoa etxe barruan behintzat gal ez zezaten. Gau Eskola klaseak beraz, 1970ean sortu zirela esan dezakegu (Ipar Euskal Herriko lehen ikastola 1969an irekitzen da).

Klaseak leku ainitzetan ematen ziren, taldeka eta lagunen artean batez ere, noizean behin ikastaldi luzeak antolatzen zirelarik. Hemen ahantzezinezkoak ditugu IKAS bezelako batasuna edo eta MENDE BERRI elkartea, eta zenbait pertsonen izenak, ixilean eta inolako laguntzarik gabe klaseek aurrera jarrai zezaten ahalegintzen zirenak. Guzti hauek Gau Eskolen historiaurrera osatzen dute, nolabait definitzeko eta lan astuna egin zuten helduentzako klaseak erakunde batetan elkartu artean.

Orduan hasten da Gau Eskolen gaurko historia, 1980eko ekainaren inguruan, erakunde bezala eratzen delarik eta liberatu bat lortuz. Liberatu horrek oraindik horretan jarraitzen du eta Koldo Ameztoi dugu, Lantxo honetarako zehazkizun guztiak eskeini dizkiguna.

Iparraldeko Gau Eskolak sortzeunetik lotu dira A.E.K.ri, honen bostgarren eskualdea osatuz Euskarak eta euskararen irakaskuntzak ez dute mugarik ezagutzen eta A.E.K. dugu honetan adibide ezaguna. Hasierak gogorrak izan ziren, «ni hasi nintzenean inork ez zekien Zuberoa, Donibane Garazin eta abarretan gau eskolak zertan ziren. Gehienera, ba omen zirela, aipatzen zen —komentatzen du Koldok— Orduan nire lana non zegoen jakitea izan zen» Mogimendua kostaldetik abiatu zen, behar haundia sentitzen baizen. baina emeki emek, Iparralde osora zabalduz, Zuberoan hain hedatua ez egon arren. Baina hedapen honek ez du esan nahi ez dela eskakizunik. eskakizunak betetzeko adina ez dutela baizik.

1981/1982 ikasturtean

- idazkaria liberatua

- 70 irakasle

- 30 zentrotan ematen dira klaseak (Parise, Bordale eta Paue barne).

- 671 ikasle

298 ikasle lehen mailan

201 ikasle 2 mailan

101 ikasle 3 mailan

54 ikasle hobekuntzan

17 ikasle alfabetatze mailan

Oraindaino herrixka eta hirietara zabaldu da mogimendua, baina klaseak lantegietara zabaldu nahiz harremanetan hasi dira pausu berria emateko. Klaseak ez dira horretan geldituko. Hegoaldean euskaltegien eragina ikusirik alde honetan ere horrelako zerbait experimentatzen hasi dira, Baionatik hain zuzen, hego aldeko irakasle den batek bultzaturik «Hortarako hemen iparraldeko jendea ez baizen oso bero» Irakasle honek lehen mailan esperimentatu du euskaltegi bat Baionan eta orain bigarrena hasi delarik finkatuz doa prozesu osoa sendotzeko asmoz gero iparralde osoan zabalduko lirateke euskaltegiak. Euskaltegiek gau Eskolen lana azkartu, arindu egingo lukete zeren diferentzi nabaria dago astean hiruzpalau edo hamar-hamabost ordu sartzea. «Gau Eskoletako ordu horiek ez dira aski euskara ikastera ailegatzeko eta Euskaltegien bidez urte batez jendea euskaldundu ahal da».

ELKARTEAREN EGITURA

• Biltzar Nagusia (ikasle, irakasle eta laguntzaile guztiak)

• Zuzendaritza (eskualdeetako arduradunak + Bulego ttikia + lantaldeak + arduraduna)

• Bulegoa edo bulego ttipia (lehendakaria, diruzaina + idazkaria + arduraduna)

• Bulego erabakitzailea (lan taldeak + Bulegoa + arduraduna).

lan taldeak: Didaktika talde, taldea, Diru taldea. Informazio taldea.

Gau eskolek aurrera joanik ere, beren akatsak dituzte. Giro falta esaterako. Honetan hegoaldearekin parekatzen dira, klaseetatik kanpo ikasleak ez baitu euskaraz egiteko girorik lotzen eta euskara ikasi eta menperatzeko kanpoan ere giro euskalduna behar du, klasekoa ez da nahikoa. Prolema hau gainditzeko irrati berrien arduradunekin jarri dira harremanetan, euskal irrati hauek ikasleari etxean giro euskalduna emango diote eta, neurri batetan, klaseetatik at ikasleak izango luke beste euskal ingurumen bat. Baina arazoa ez da horrela konpontzen eta kaleetan behar den giro euskalduna lortzen ahalegintzen dira, Baionan esaterako.

Irakasleen formazioa da beste kezka bat, orain arte bakoitza bere aldetik ibili da, ahal izan duena eginez, baina batasun premia ikusten da, esperientziak azaldu eta irakaslegoaren formazioa hobeagotzeko. Didaktika arloan eta gaiari loturik A.E.K.ren «Urrazpide» aldizkariak eta beste erabiltzen dituzte beren klaseetara egokituz. Baina «irakaslegoaren arazoa bideratzea izango da gaurdanik gure ardura haundiena». Honela ihasko esperientziari jarraiturik aurten udako astebeteko ikastaroaz gain, irakasleek hilabetero izaten dituzte bilerak eta asteondar batzutan urtean zehar.

Laburtzeko, zeren euskararen irakaskuntzak dossier berezia beharko bailuke iparraldeko gau Eskolen kezka nagusiak hiruzpalau dira gaur: 1. Hegoaldeko didaktika esperientzia berenganatzea. 2. Euskaltegietako esperientzia ezagutzea. 3. Ikasleari ingurune euskalduna ematea. 4. ikastaldiak (ikasle nahiz irakasleentzat).

Hortik aparte diruarena dago noski, dirulaguntzarik ezaz kexatzen dira. KORRIKA kanpainatik diru mordoska heldu zen iparraldera baina estamendu ofizialek ez diete laguntza dexenterik ematen eta ikasleen kuotak ez dira nahiko gastuak betetzeko.


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Ipar Euskadiko II astea

Martxoaren 24, 25, 26 egunez Deustuko Unibertsitatean kultur aste labur hau ospatu zen bertako Euskal Kultur Mintegiak eraturik. «Ipar Euskadiko Lehen astea»-k utzitako hildoari jarraituz, Ipar Euskal Herriaren ezagutza osatuz joanik eta alde bietako errealitatea urbiltzen saiaturik etorri zitzaigun Iparraldeko zenbait jende bi gai nagusitaz hitz egiteko. Bestaldeko politika egoerari buruz Maurize Borthairu eta Jokin Apalategi izan genituen mahikide, Jon Gonzalez abokata azken momentuan ezin etorririk; eta kulturaren bilakaeraz Piarres Xarriton, aita Lafitte, Jean Haritschelhar, Manex Erdozaintzi-Etxart, Jone Etxeberri eta Miren Intxausti (azken bi hauek SEASKAko andereñoak) mintzatu ziren.

Hirugarren egunean, Martxoaren 26an, Iparraldeko kantari eta dantzari batzu bere zuten «Ipar Euskadiko II astea»-ren programa.

Politika

Gai zabal honetaz bi puntu nagusi azaldu ziren, elkarrizketara pasatu aurretik, hots, sindikal presentzia eta borroka M. Borthairuren eskutatik eta abertzale mugimenduaren gaur egungo egoera, Jokin Apalategik aurkeztuta. Esandako guztia idaztearen ezintasunean aspektu nabarmenagoak azpimarratuko ditugu.

 Zertan den sindikal borroka? Borhairuren irudiko, lan eskazia (benetan larria: «mirakulo bat da gazte batek eskola uzten duelarik laster lana atzemaitia») eta prezioen goitik-joatea. Abertzaleek ez dute euskal sindikatarik osatu, oraindik frantsesetan ekin egiten dute.

 Eta zertan den abertzale mugimendua gaur gaur gaurkoz? Jokin Apalategik bi joera nagusi bereizi zituen. Alde batetik, IZAN eta bere erakunde adar diren Hemen, Erein, Herrikoi —behin ere ez politiko bezala definiturik—, ENBATA aldizkaria eta HITZA HITZ (euskaldunen izenean sozializtekiko elkarrizketa bideratzeko sortua) kokatzen dira, euskal departamentuaren eta kultur tradizio baloreen defentsaileak izanik eta baita Mitterrand-ek egindako ekonomik puntu zerrendaren posibilidadeen jarraitzaileak.

Beste aldetik, bigarren politika joera osatuz, HERRI TALDEAK («gaur talderik handiena, zabalena eta azkarrena, gaztedian errotuena eta nolabait aurrera begira indar gehiena agertzen duena»), Mendeberri eta talde armatuak (Iparretarrak «EZ, Hordago») daude kokaturik. Talde hauek holan erraten dute: «euskal departamenduaren eskabidea mugimendu abertzalearena bezala ezinoinartzekoa da, zeren frantses estatuaren egiturazko eskaintza bat eskabidetzat hartzea bailitzake». Gero, kultura mugikor lez baloratuz garrantzia ematen diote zapalkuntza kontzientzari eta aldetzeko borondateari, kapitalismo sistimaren hausketa baten alde agerturik.

Azalpen hauen ondorioz Paulo Iztueta moderatzailerengandik eta publikoarengandik sortutako galderen halako gaiak planteiatu zituzten eta holako erantzunak ematen zizkieten mahikideek:

Sozialismoak erakarritakoa

Zerbait on, gehienbat erreboteaz: sei euskaldun gazte libratzea, «Cour Segurité de l'Etat» delakoa deuseztatzea, nazionalitate batzu... Baina euskaldungoari bereziki ezer gutxi: ez departamendurik, ez Seaskari laguntzarik, ez errefuxiatuentzako kartarik... nahiz eta, hori bai, extradiziorik ez eman.

Gasteizeko gobernua

... ez da ikusi han euskal gobernurik, ez da ezagutzen, ez da aipatzen». (Jokin Apalategik). Kontrapunto moduan beste eritzi hau eman zuen ere: «asko egiten duela, anitz errefuxiatuak, gau sekula baino gehiago eskapatu joanak, horiek duten presentzia eta dituzten arazoak eta harremanak beste guztiak izkutatzen dituzte».

Baigorriko gertaera

Honetaz Iparraldean abururik zabalena: «euskaldungoaren interesaren bila dabiltzana ez dela, baizik kanpotiko talde batzuek egina dela». Seaskaren kontrako erasoek duten explikazioa honetan datza: SEASKA-ren prestigioa goratzen joanik eta Seaska abertzalegoaren muturra izanik «beldur dira SEASKAren bide abertzalegoaren errebindikazio guztiak herrian onartuak izango direla, orduan hori ito, zikindu nahi dute».

Burruka armatua

Nola argitu burruka honen sortzea? Bi faktore kontutan hartzekoak dira: ETArentzat eta hemengo burruka estilorentzat hango gazteek euki duten izugarrizko admirazioa eta gazteen egoera soziologiko bera, alde batetik, «geroz eta gehiago errefutatzen dute loturarik Frantziarekin», beste belaunaldi batzuk ez bezala ez dute gerrarik egin Frantziaren alde, eta, beste aldetik, explotazio nabarmengo batetan bizi dira adinekoekin batera.

Posible da burruka armatu hori erakundetzea, irauntea? Galdera, galdera gelditu zen.

Kultura

Egia esan 25ko mahai-ingurua ez zen oso mamitsua, ez zen distirantsurik irten, antolatzaileak ez ginen ase bederen. Esan behar da ere faktore batzu bildu zirela mugatzen eta gutxitzen holako mahai-inguru batetik sor litezkeen fruituak: gaiaren zabaltasuna, planteamendu baten falta, inprobisazioaren baliabidea, batzuen aldetik azken datuen ezagutze-gabea...

Hala ere zenbait interesgarri ezaguterazi ziguten mahikideek. Guzti horretatik, lekuak mugaturik, laburpen bat egitera goaz.

Komunikabideak

Estatuaren komunikabideetan euskarak duen lekua zinbrikia izan da. Giscard-ekin eta da sozialistekin: irratian, goizetan egunero 5 segundo, eguerditan 5 minutu eta astean behin ordu erdi bat; telebistan gutxiago. Sozialistak etorriz gero egoera pixka bat aldatu da irrati libreen ezartzearekin. Xarritonek aipatu zuen bi euskal irrati: «Aturri Irratia» (18 ordurik 2-4 euskaraz) eta «Gure Irratia» (Milafrangoan, euskaraz bakarrik ari dena). Ahaztu zitzaion barne aldean sortutako irratia: Irulegiko irratia (emankizun gehienak euskaraz). «Maiatz» aldizkaria aurkeztean ez zuen betean eman eta «Herria»-z mintzatu zenetik aparte ezer gutxi esan zen aldizkarietaz (beste batzuen arte «Herriz herri» ahaztuz).

Hizkuntz arazoak

Euskararen eta euskal kulturaren normalizaziorako izan diren zenbait projektu aipatu zuen J. Haritschelhar-ek, zentratuz berak aparte hartzen duen «pour l'estatut de la langue et la culture basques» delakoan (hiru printzipiotan oinartuta: hizkuntza guziak unibertsalak dira, diskriminazioaren kontra eta gaitzaren ordaindu beharra) eta baita sortutako «Institute Basque» Bordeleko Unibertsitatea.

SEASKA eta bere egoera

Jone Etxeberrik eta Miren Intxaustik, Donibane Lohitzuneko ikastolaren bi andereñok, datu interesgarri batzu eman zuten Seaska-ren indarra eta egoera ulertzeko: 600 haur eskolaturik, haur eskolatu guztien %4-5a; lehen maila ez zen aski eta Joan den urtean bigarrena hasia da.

Nola ordaintzen da? Familiko eta diru sortzearen arabera (%3a) eta diru sartzeak? subentzioetatik %13a, saltzen dituzten gauzetatik %14a, gurasoek ipinitakoa %20a, laguntzaileek %20a eta festetatik %33a. Azkenik, Jone Etxeberri-ren hitz batzu: «ikusten dugu, alde batetik itoak garela, beste batetik ikusten dugu itoak izanik ere bide hortan segitu behar dugula, ez du balio ametsik egitea ikastolik ez bada eskuara galdua da».

Jaialdia

Azken egunean, 26an, ikusteko eta entzuteko Iparraldeko kultur lekukotasun bat. Bi motatako musika dastatzeko aukera genuen, alde batetik Anje Duhalde eskeinitako kantuak —egungo eta munduko musika batzuen influentziak asimilatuz— eta, bestetik, Etxamendi eta Larraldek kantatutakoak —bertsolaritzari lotuak, erritmo zaharrak erabiliaz—. Damuz ezin zuten etorri Martikorena anaia-arrebak. Urdiñarbeko dantza taldeak, biziki ontsa, maskaradaren zenbait dantza aurkeztu zuen.

Gaueko 10,30 etan amaitu zen jaialdia, Joan zen «Ipar Euskadiko II astea». Euskal kulturentzat, euskaldunen harremanentzat baliogarria izan dadin esperoan esan dezakegu ere Ipar Euskal Herriaren ikusmena ez dala osoa izan eta baita gazte mugimenduaren gazteek aurrera eramaten dutena gutxi agertua izan dela, batez ere kultur mailan. Baina hutsuneak, betegabeak eta gauza berriak hirugarren aste batetarako utziko ditugu.

82/03/29

EUSKAL KULTUR MINTEGIA


Dossierra. Iparraldeaz hainbat aburu

Ondarrezko gaztelua

Hogeigarren mendearen etorkizunari begira gaudenek. Euskal Herriarekin ba dugu ekai bat amesgarria. Arrago edo melting pot arras adierazgarria. Gizarte guztiek aldakuntza gaitza jasaiten dute: berrogei ta hamar urtez, eta hamalaueko gerlako bolbora itsugarria profet, sartu gara benetan eletrikaren oinak bezala atomo hutsen ibilketa harrigarrian. Euskal Herriko etxe eta inguruko bizi zirkulazioak harriturik egon dira, lehen epe batean. Harriturik eta gero puskatu, ondar bat sortuz.

Ondarrezko isiltasunez

Oro berdin segitu zen, hasieran. Etxeetako gizonak gerlara; neskak sehi zerbitzuetako lanetara. Hirien lillura. Herrietan, ondarrak: gizaki atzeratuak? Atzeratuak, bainan euskaldunak.

Bizi eremuak, denborak, bahi batek bezala irazkindu ditu. Hogeigarren mendea eta euskal bizia, ez dira laster berean iragan. Mende lazgarri honek, ondarrezko gaztelu bati uhainak sortzen dizkion hutsune desberdinak bezala, aintzinetik ezin asmagarriak, sortu dizkio. Iparraldeko gizarteak, hutsune berdintsuak daduzka. Mende zaharretako egiturak gelditzen zaizkio. Hitza eta isiltasuna. Ama edo aita batek semea edo alaban dion hitza edo ez hitza. Isiltasun euskaldun horren erran nahia, hogeigarren mendearen ondarrerako gazteek gutiesten dute, okaztagarri edo higuingarri ez daukatelarik. Isildua, hura ere, mintzaira bat dela, jende prisatuek eta zapartakalariek ez dute konprenitzen ahal. Erran gabe doanaren neurria, populu baten sekretu minbera da. Etxe batean, gehiago adierazgarri ez den isiltasun hori sartzen denean. itxuraldatzea sortua da. Erori da gure mundua. batzuek erranen dute. Erori da, uhainak zeiharka ondarrezko gaztelu kondenatuaren oin harresia bezala.

Gure herriko gizartea osatzen duen gizaki atzeratuaz ba da aipamen. Hortarik ateratzeko, atzetik aurreratzeko, gibeletik aintzinatzeko, bideak zilatzen dira. Nahi edo ez, aintzinamendua egiten da. Erlojuak molde berezi batez baitabiltza, ezkerretik eskuinera, lehenagokotik gerorakora. Kronos jainkoak greken denbora manatzen zuena, gure mandaren zatikatzailea eta ildo egile jarria da.

Ondarrezko gazteluaren harresi oinek, goitira zoan uhainaren lehen jazarraldiak jasan ondoan, bigarrena ukanen du, jausterakoan. Gero, baina jasanen du. Anartean, inerziazko lanak: uraren erorketa bere gatz jaleekin. Bigarren uholdearen beha: eta zer egin anartean. Eta laster egin behar. Lotsagarri. Gazteluaren ondarrak, geldikizunak, atzeratuak deitzen dira. Eman dezagun. Joanen dira ere ondar bihi asko, inguruko ondartzarekin, leuntasunarekin amilduak.

Gazteluaren bakartasuna ere lotsagarri: ezin da lehenagokora itzuli. Euskal melankolia eta ezinbestea. Ondoriotzat: Nafarroaren ordoki haizetsuetan nahiaren eta ezinaren borrokak...

Ametsaren lillura eta biziaren indarrak beste eremu batzuetan badabiltza. Mundu mineraletik bestalde. Mende luzeek leundu harrixka borobil lizunen eta ur gazi mugikorraren fantasia zoroen arteko harremanak ez dira biziaren ekai oroak.

Urak eta haizeak desegin gazteluaren dorre hutsetan gelditzen da hitza.

Hitzarekin

Euskaldungoa, euskaldunak zer diren, betiko gure arazoa. Izan ala ez izan, euskaradun mundu bati bizi eman nolabait.

Irristatzen zaigun behatzen artetikako ondar fin horren isurketa latzgarria zaigu eta, erortzearekin, ez du gaztelu handirik berriz sortzen. Haize eta argiz egartsu den biziaren sustraiarekin, hala ere, ondarraren heriotz mineralak jotzen du.

Atzeratuak ginelakoan edo ondoko mundu batetakoak edo menperatasunaren umeak, edo... bazter bizi batean jarria da euskal mundua. Plazara nahi duelarik atera, han ditu forma publikoak, bere kontrariotasunaz orratuak: mintzaira, eskola, irrati, telebista, agerkari frantsesak. Ate ondoan beraz gaude: lertsunak bezala hego egun batez. uharka euria gure munduan. Xortaka, uholdeka, euria gure munduetan, uhainaren antzean, gure munduko gazteluak deseginez. Gure aditz zaharrak, ondarrezko gazteluak bezala... aditz forma hutsunedunak. Ahatziak. Oroimenaren gazteluak errekara.

Plazan dugu borroka egun. Hitzaren hartzeko. Ari dira sorten biziaren sustraiaren lehen oziak edo begiak.

Hainitz badabiltza batasunaren mitoarekin. bizia, desberdintasunaren izenean eskatzen dutenek, batzuetan, etxean berean ez dute onartzen. Nahi ta ez, desberdintasunean bizi gara. Bizia bera desberdintasunatarik sortu zen. Gerorako bizia atxeki nahi badugu, diferentzia horik beharrezkoak dira. Geroko ametsak gaurko origarriez jantziko baitira ere. Horrela, iparraldean ateratzen diren lan eta ekintza desberdinen izaitea biziki pozgarri da. Bakoitzaren berezitasuna, biziaren begi berri bat da.

Frantsesezko irrati, telebista, agerkarien sistema ez dugu bat ere etsai. Lehertzen gaituztela, oharpen aisea da. Gure bizia interesgarriagoa dela, guri da erakustea. Ahalik gabe, eta menperatuari zor zaiona ordaindu gabe ari garela, ez da dudarik. Gure bizi nahia, hori baino handiago da. Gure buruak gure gain hartuz ditugu plazak gure munduaren adierazgarriez beteko.

Gazteluak berea egina du

Batasun nahia arriskugarria da. Beharrezkoa noizbait buruan, batasun eta berdintasun bi konzeptuak nahasi dira. Sortzailaren, kreatzailearen egitateak, nor beraren izaitea gordeko duen espazioaren beharra ba du. Bestelako harremana menperatasun bilakatzen da.

Gisa hortan, mintzaira bat, kultura bat, espazio berezi batean baizik ez ditazke bizi: populu batek sortzen duen izaitean, izaite libro batean beraz. Haren altzo amultsuan. Eremu hori nazionea ditekela. Nazione bat, nahi bat denaz gero, onar dezagun hala ditekela.

Iparraldeko gure txikitasuna gatik, hori egiztatzen dugu. Txikitasuna zer da, funtsean? Masa mendean bizitzen gara, masa lokarriekin, mass media hitz pareak azaltzen duenean. Txikitasuna gaitzetsia da: burutik behera sakatu digute hori. Euskal izaiteetan ere, bazter biziek ez dutela irauteko ahalik, egiztatu nahi digute. Begiak edo oziak, txikiak izanak gatik, haietarik dira zuhaitzak espaziora zabaltzen.

Ekintza, liburu, agerkari, irrati, poema guztiak" udaberri honen atarrian, begi esperantzaz beteak dira.

Ondarezko euskal gazteluak berea egina du. Biziaren amodiozko oziak edo begiak handitzera utzi behar dira. Haurrak bezala. Beren bidea eginen dute. Maita ditzagun.

L. ETXEZAHARRETA


Ekonomia

Ekonomia eta abertzaletasuna

Baskongadasetan alderdi maioritarioa dugun PNV hainbat kontradiziotan sartuta dagoenez egunetik egunera kontradizio horiek jendearen agerian jartzen dute. Beharbada kontradiziorik garrantzitsuena bere buruak euskal burjesiaren interesen (ekonomikoen) alde saiatzen direlakoan datza, euskal herriak eskaturiko askatasunekin topo egiten duten interesak eta, bide batez, bere baseen gehiengoarekin.

Ia argitzen dugun arazo hau. Euskal burjeseriak Euskal Herriko hegoalde osoan ez du bakarrik operaziogunetzat Euskal Herriaren zati hau, estatu espainol osoa baino. Nolabait esateko langileentzat Euskal Herria klase burrukarako esparru autonomoa den bezalaxe euskal burjesiarentzat kapital akumulaziorako esparro autonomoa da Hego Euskal Herria. Arrazoi honegatik hain zuzen behar du euskal burjeseriak estatu espainoleko botere ekonomiko eta finantzieroekin harreman estu eta sendoak eduki. Eta autonomia zabal batek, eta askozaz gehiago independentziak, hoztu egingo lituzke, bere interesen kontra, harreman hauek. Gainera, hizkuntza erlazio ekonomikoetarako oinarrizko elemendua denez gero, eta gaztelania nagusi, dominatzaile den neurrian, euskara baztertua, zokoratuta dago bigarren maila batetara. Hortik dator burjesia honek Gernikako Estatutoa onar zezan, deszentralizazio administratiboa besterik ez den izan hori eta euskal herriak dituen prolemetatik bat ere konpontzen ez duena. Beronek argitzen ditu baita bere euskararekiko jokabide hotza eta batuaren kontrako eritzia.

Euskal burjeseria ez da nor Euskal Herriaren independentziaren ikurrina eramateko. bere klase instintuak ukatzen baitio. Badaki jakin ere herrien independentziak artekak sortzen dituela sistema kapitalistan, zulatu egiten duela bere ekintzetarako beharrezko duen ingurugiroa. Eta badaki arrazoi berberagatik langileek bakarrik desira dezaketela independentzia, klase instintuak eta abertzaletasunak independentziaren alde burrukatzea kapitalaren kontra saiatzea dela esaten baitie. Horregatik Euskal Herria sozialista beharko da izan independientea. askatua bilakatzeko. Euskal Burjeseriak EEE (Europako Ekonomi Elkartea) delakoan sartzea behar du bere irabaziak gehitzeko, bere krisia gainditzeko. Independentziak behin betiko arriskuan jarriko luke. EEEan sartzea. Eta horretarako lantegi ezerrentagarriak itxi behar dituenez ez du lotsarik etorkizunik gabeko lantegiak iltzen uzteko, milaka euskal langile langabeziaren infernura bidaltzea eskatzen ba du ere.

Burjesia honek harreman sendoak dauzka oligarkiarekin eta bere diru sartzeak hortik datoz gehien batez. Iberduerorekiko loturak Baskongadasetako Gobernu-PNVren gaurko jokabidea azaltzen du, Lemoiz buruzko arazoan, lotsagabeko baietza eman diolarik. interes ekonomikoak beste guztien gainetik daude, nahiz eta honek USAren dependentzia ezarri (zein, begira, oso pozik izan da onartua. PNVren buruaren zati on bat amerikazalea da, lotsagabeki, eta El Salvadorreko arazoa lekuko) eta izugarrizko arrisku nuklearra, militarizaziora eta Euskal Herri polizial baten finkapena.

Bide beretik OTANi emandako baietza. Duela bi urte Arzalus eta Unzuetak Ameriketara egindako bidai, amerikazale ezagunak biak, PNVren Euskal Herria erregionalista eta inperialismoari makurtutako projektuari bultzakada bat izan zen. Eta burjesiaren interesek estatu osoaren kontrol militar yankia eskatzen dute, eta batez ere yankien menperaketarako herririk arriskugarriarena: gurearena.

Ez gaitzan harritu ba, PNVren buruek noizean behin beren baseei halako zartadak eman ditzaten (usoen manifestazioa, Gernikako Estatutoaren onartze, bakearen aldeko manifestazioak, konstituzioa onartze, euskaltegi batzuren txakurtegi bihurtzea,...), bihurriak, hezteko zigorradak... eta horrela alderdia garbitu. Zeren badakite eskuin aldetik UCD eta besteen botuak lortuko dituela. Baina guzti honek giro erantzurkorra sortu du, etorkizunean prolema ugari sor ditzakeena.

Joku instituzionala onartzeak EEri gertatutako prolema berdintsuak dakartza. Ez dezagun ahantz konstituzioa sistema kapitalistaren aurpegiaren antza eta irudi dagoela egina. Men eginez onartzeak gaindituezinezko kontradizio multzo itzela sortzen du. Baina bidea luzea da eta burrukak irakatsi egin beharko. Independentzia eta euskal gizarte sozialistaren aldeko burrukak irauten ba du —eta iraungo du— berak erakarriko ditu merezi duen defendatu projektu politiko bakarraren aldeko indar guztiak: Guztien gainetiko katerik gabeko Euskal Herria.

M. KORTA


Komikia

Koxkortxu [Komikia]

ERRAMUN ETA TXITXE


Bertso paperak

Zuen grina agindu bakarrik? [Bertsoak]

Bertso batzu jartzera

noakizue orain

«Anaitasuna» hontan

argitara dadin

euskaldun errebisten

defentsa batekin

heurak desagertzean

gureak du egin

horregatik nator ni

borroka honekin

Gure hizkuntza bada

oinarri lehena

gure nortasunaren

ta kulturarena

euskararen zutabe

da prentsa euskalduna

ta ez edozein baizik

garrantzitsuena

izan dadila ere

beraz sendoena

Guztiok dakigunek

lirateke poztu

gure aldizkariak

badira hondatu

ta gure nortasuna

osoa suntsitu

hola ez dela izango

bitez konturatu

haien kontra indarra

behar dugu batu

Gure egunotako

problema larria

da gure gizartean

sosa eskasia

euskal aldizkariek

duten minbizia

hau konpontzeko behar

den diru guztia

goitik eman bezate

heldu baita aldia

Bostgarrena jartzen dut

bukaera emanik

goiko gizon horiei

esateko orain nik

ez zaiela nabari

hertzaletasunik

ez ta euskararentzat

ezein maitasunik

ote da zuen grina

agindu bakarrik?


Bertso paperak

Euskadi erreala [Bertsoak]

1.

Euskadin den gazte orok

behar luke galdetu:

hemen jaio ginen baina

ote gara jabetu?

Etorkinak, bertakoak,

denok dugu hor leku,

zergatik ez elkarturik

maita gure sorleku.

2.

Zerurantza begiratuz

laino beltza ugari,

goimendira igan eta

ia dena pinadi,

hirietan murgildurik

tximiniak nabari

lur, mendi, ur berde biziz

egina da Euskadi.

3.

«D» tituluz bi euskaldun

ai! erdaraz dabiltza.

inprimatuz egon arren

kalean da hil hitza.

Neska-mutil horientzat

alferrik da iraultza,

eskuara hilez gero

burrukara zerk bultza?

4.

Lan-berri ta askatua

bat da ez bi arazo,

Estaduak diru frankoz

gaitu beti eraso.

Ahal dugu burrukatuz

dolarra gel arazo,

zapal gogor kapitala

egon dadin Fraga zo.

5.

Lakara batek ematen dit

izerdizko tristura,

ezina zait ahaztea

odolezko txis hura,

damu zaitez ni ekarri

nauzulako mundura,

ez dut nahi umerik sor

ezagutuz tortura.

6.

Torturaren teknikoa

Reforman ez da lotsa,

Militarrek neurtzen dute

demokraten jaiotza,

penak oro itoz dator

Reformaren hitz-hotsa

ta bakarrik entzuten da

«terroristen» ahotsa.

7.

Pesimistak ote garen

behar dugu seinala,

erdi hutsik den botila

ikus bete bezala,

poliziei eskapatzen

ekin behar dugula?

horri esker bihurtu da

txapelduna Reala.


Gramatika

Bizkaiera ere euskara batua da (I)

Fenix hegaztiaren arazoaren antzera, bukatutzat emana zen kontu hau, berriro plazaratu da, indarberriturik gainera. Esan liteke, euskararen batasunaren lorketa, ia ziklikoki errepikatzen den burruka bat dela. Agian, espiral baten antza hartu du, erdigunetik gero eta hurbiltzenago goazelarik. Ni horrela delakoan nago.

Edozertara dela, azken bolada honetan harro dabiltza, bizkaiera euskara batuari kontrajarri nahi diotenak. Bizkaiko eta Gipuzkoako euskalkiak alde batetik eta euskara batua bestetik elkarren etsai direla azaldu nahi digute eta gurutzada berria sorterazi gura dute Euskaltzaindiaren aurka, bizkaieraren —eta euskararen— likidazioaren errudun nagusia delakoan edo.

Planteamenduetan oker dabiltzala uste dut eta horixe da, hain zuzen, artikulu honetan eskematikoki adierazi nahi dudana.

Euskara batuari buruzko eritzi okerra

Batzuk eritzi exklusibista dute euskara batuari buruz. Izan ere, Bizkaiko askok euskara batua h-dun gipuzkera edo dela uste dute; edo beste modu batetara esanda, euskara batuaren osoketa hauxe dela: Gipuzkerazko aditza, h letra eta euskalki guztietakoa dena. Horregatik uste dute, euskara batuarekin euskara bera murriztu egiten dela, pobretu egiten dela, batasunarekin euskalki guztiek galdu egiten dutela. Eskema batez adierazteko, alboko irudian agertzen den legez ulertzen dute euskara batua:

Ostera, nire eritziz, arazoa modu biltzailez zuzendu behar da. Batasuna ezer bada, biltzeko eta batzeko pentsatua da eta horregatik beragatik puxkak biltzeko, bateratzeko eta guztion onerako erabiltzeko burutua.

Hortaz, puxka guztiak elkarri loturik eta elkarrekin bildurik egiten da, nahiz eta lotzean era bikoiztu edo hirukoiztuak batu (ortografia, aditza, hitz berberaren itxura desberdinak,...) eta kasu horietan forma bakarra hartu. Nik neuk hurrengo eskeman adierazten den moduan ikusten dut batasuna.

Hau da, euskalkiek ez dute gorputzik galtzen eta euskara batua guztiekin aberasten da. Guztiak dira euskara batua eta berau guztiez osoturik dago.

Orduan, zertara dator ortografia batua? Zertara dator aditz batua? Zertara dator deklinabide batua? Zertara dator, azken batez, Euskaltzaindiaren beraren lana, batasuneranzko lana?

Zer batzen den eta zer biltzen den

Hori da guztiok argi eduki beharko genukeena, batasuna ganoraz egiteko behinipehin. Puntu guztiak agortzeko asmorik barik, eskematikoki, batasunaren eremu nagusien errepaso laburra egingo dut.

 1. Ortografia. Hitz berberak modu bakar eta berean idaztea da atal honen helburua. Ez dut oztopo handirik ikusten puntu honetan, h famatuak bere garaian izugarrizko izkanbilak sortu zituen arren, eta oraindik ere sortzen dituen arren. Konkretuki, Bizkaitik ikusita, ez dut uste idazkerak berak aberastu edo pobretuko duenik euskalkia edo euskara. Bai, ordea, beste euskalkiekin batu eta bateratu. Oztopo bakarra ortografia bera ikastean dago, hori alfabetatze-problema delarik; guztion lan eta nekea, alegia.

 2. Aditza. Honetaz ba da proposamen konkretu bat, «Euskal Aditz Batua» deritzona hain zuzen ere. Punto honetan gogorrago agertzen da eztabaida: dizut/deutsut, dezagun/da(g)igun, pluralizatzailen arazoa (dizkizut/deutsudaz),... Dena dela, hor ere ez da aberastasun/pobretasun arazorik, edozein formak beraren baliokideak adierazten duen gauza berbera adierazten baitu. Beraz, hor ere ez da ezer galtzen (ahalmenik behintzat) batasunarekin, batzen eta batertzen baizik.

 3. Lexikoa. Hitz guztiak ez dira mota berekoak eta horregatik era desberdinetako jokabideak erabili behar dira. Lehen mailako sailkapen batetan bi multzotan bilduko ditugu hitzak, batasunari dagokionez;

3.1. Aldaketa morfologikoen fruitu diren hitzak, hala nola berdin/bardin, berri/barri, gutxi/gitxi eta antzeko bikoteak. Batzutan hiruzpalau forma agertzen dira kasu honetan, batasunak batu egiten du, forma bakarra bultzatzera joz (zabalduena, zaharrena,...), baina zabaltasun handiz, kasu askotan ez baitago forma nagusirik ez "akordiorik (burruka/borroka adibidez).

3.2. Gauza berbera adierazteko euskalki desberdinetan hitz desberdinak erabiltzen direnean (gura/nahi, etorri/jin, txarto/gaizki,...) hitz guztiak dira baliagarri eta erabilgarri euskara batuan. Hemen, beraz, bildu egiten da -ena; eta ezein euskalkitakoa dena euskara batukoa ere ba da.

 4. Atzizkiak Atzizkiei buruz, lexikoari buruz esan dugunaren antzerako zerbait esan dezakegu, hotz:

4.1. Aldaketa morfologikoen kasuan, forma bakarra hartzera jotzen da, adibide modura, deklinabide batua aipa dezakegularik. Hemen ere, bat hartzen da, batu eta bateratu egiten da, baina inork ez du ezer galtzen (itxuraz beste), forma guztiak gauza berbera baitira.

4.2. Gauza berbera adierazteko atzizki desberdinak erabiltzen direnean, denak dira euskara batukoak. Hau da, bildu. egiten dira, beren erabilera aukeran utziz. Esate baterako, agaz/arekin, nahi/edo (zernahi, edozer)...

 5. Joskera, esateko moduak eta beste. Honetaz, gutxitxo egin da orain arte batasunari buruz. Eritzirik ote dagoen? Nik neuk neurea emango dut, dena bildu behar dela esanez. Ene eritziz, edozein euskalkitako esateko moduak euskara batukoak ere ba dira eta hor daude, idazleek beren guztiaren arauera erabiliak izateko. Normala denez, Bizkaikoa denak bertakoak erabiliko ditu maizago, konturatzeke, eta Lapurdikoak, hangoak; baina bai batak zein besteak elkarrenak erabiltzeko aukera dute. Bildu, beraz, gehitu eta ez eskastu, aberastu baizik.

Bizkaiko idazleek, zer?

Bizkaian ba gara, bizkaitarrak garela ukatu barik, batasunaren bidetik abiatu garen idazleak ere. Batzuren ustez, engainatuak izan gara; mesede eskasa egiten ei diogu geure euskalkiari eta euskarari berari. Bego hortan.

Hala ere, zer bildu eta zer batu ba daukagula uste dut eta hori garbi azaldu behar dugulakoan nago. Neure eritzia artikuluaren izenburuan bertan laburtu dut: Bizkaiera ere euskara batua da. Baina, nola jokatu behar dugu? Hortxe dago koxka.

Eritzi hori Bizkaiko euskalkiaren berezitasun batzuren erabileran zentra daiteke, hots, bildu behar diren gauzak beldur barik bilduz: lexikoan, atzizkietan, sinonimoetan, esateko moduetan eta abarretan. Dena den, hori hurrengo artikulu batetarako utziko dut.

J. R. Etxebarria


Urrezko astabelarriak

Noiz arte segitu beharko ote dugu astabelarriak ematen? Dirudienez, luzarako ditugu astopotroak solte eta honelakoak dauden tokian, ba dakizue: astabelarriak ere hurbil.

Oraingo honetan, alderdietatik askea omen den «Euzkadi» aldizkariko itzultzaileak eman digu aukera egokia. Eta eskerrak erdal bertsioa ere eman digula, bestela gaizki ibiliko baikinen «Tokitasun erabaki», «egun erabaki» eta «azken» horiek zer esan nahi duten ulertzeko. Eta «Epetakoa Banketxe» zoragarri horretaz zer diostazue? horixe!, benetan zoragarria dela, alegia, hori ulertu nahi duena zoratzeko gai dela.

Zigorrik merezi ote dute tamainako perlak idazten dituztenak? Nik neuk astabelarriak «cum laude» emango nizkieke, bide batez lasto-fardel bat ere eskainik gosez hil ez daitezen. Barkamena eman aurretik, bestalde, bi kontsulta egitea eskatuko nieke batetik Mitxelena jaunari eta bestetik, berorren debozioko santua den UZEIri. Eta bietako edozeini kasu eginik ere, ni neu konforme geratuko nintzateke.

Bitartean ez etsi. Hurrengo zenbakirarte onak izan eta gutxi gasta!

R. Garai


Musika kritika

Oskorri-k «Adio Kattalina» aurkezten digu

OSKORRIk disko berria atera du, ADIO KATTALINA izenekoa. Hori dela eta ateak zabaldu eta hitza, papera eskeini nahi izan diogu OSKORRIri berari diskoa aurkez diezagun. Esan beharra dago diskoa ELKAR etxeak ateratzen duela, eta urriaren inguruan Alemanian zehar egingo duten jirarekin batera PLANE alemaniar diskoetxeak. Diskoaren grabazioa Galdakaoko estudioetan egin zuten Jean Phocasen ardurapean, aurrerantzean ere OSKORRIrekin kantaldietara joango dena, eta azken lanak Parisko «Translab» estudioetan internazional mailan hospe haundiko den Christian Orsini soinu-injineruaren zuzendaritzapean.

Baina guk geuk ere helduko diogu kritikari eta orain hau idazten eta inprimitegian sartzen dugun une honetan diskoa kaleratu ez delarik OSKORRIri eskeintzen diogu disko berria eta diskoak suposatu duena azaltzeko aukera.

ANAITASUNAren erredakzioko lagun batek gure disko (ez «diska») berriaren aurkezpen antzeko zerbait eskatu zigunean benetan esan behar dizuegu ez genekiela ongi eta zehazki nondik heldu gai azkar eta arantzatsu honi. zeren eta munduan zerbait latz, gaitz eta astunik baldin badago kantari eta musikoontzat hauxe baita, hots: gure lana hitzez azaldu behar izatea, oraindik egin berria dugun lana, kriterio eza izugarriaz, juzgatu behar izatea. Nahiz eta jendeak sinistu ez, aitortu beharrean gaude OSKORRIk ez duela autokritikarik erabiltzen eta disko berri bat argitaratzen dugunetik hilabete batzuetara arte ez dugula doi-doi jakiten nolako lana burutu dugun.

Herri honetako hainbat gauza pitxien artean hauxe dugu bat, kritika faltaz guk geuk geure lanaren kritikoarena edo egin behar izatean. Baina demagun (ez dugu uste ezbai arrastorik egonen denik ere) gizarte berezi, arlote eta barregarri batetan bizi garela eta, hau dena ahalik eta egokien asumiturik, ANAITASUNAko irakurlego ezin fidelagoa kontutan harturik, goazen harira.

ANAITASUNA hau zure eskuetara iritsi orduko ADIO KATTALINA kaleratua izanen zaigu, horregatik eta lerro hauk hobeki konprenitzeko instruzioak emanen dizkizuegu:

1. Eskuratu ezazue ADIO KATTALINA izeneko diskoa edo kassettea (kontutan har ez diotsuegula erosteko esan, eskuratzeko baino).

2. Jar ezazue disko edo kassette pletinan eta martxan jar. Gainetik bada ere entzunaldi arin bat bederen egizue.

Zer entzuten den? Ba egia esan, ez dugu uste disko honek (ez eta aurrekoek ere) gure estiloarekin haustura egiten duenik, ez eta gutxiago egin behar duenik ere. Orain hamaika bat urte euskal musikaren bide hauetatik abiatu ginenetik asmo bat dugu, hain zuzen ere gaurko euskal musika egitearena; hau guztiz formula abstraktoa dateke, anitz kantarik aitor dezake hainbeste edo hainbestetsu, baina saia gaitezen guretzat zer esannahi konkretu duen azaltzen.

Gaur egunean, bizi garen egoeran eta bizi dugun kontestuan, herri zapaldu bateko hiritar legez, gure ezaugarri berezi eta gure sustraia kulturalak egunero erreibindikatzea ezinbesteko kuestioa dugu. Euskalzale guztiok, eta euskaldun berri garenok bereziki, hainbat traumen artean trauma orokor bat dugu; gure aintzineko, orain arteko, euskal kultura osoa besarkatu eta ezagutu nahi genuke, euskal adierazpide eta adierazmodu guztiak menperatu nahi genituzke, hoik oinarritzat harturik eta inguruko zein unibertsal diren beste influentziekin batera, euskal esperientzia kultural berriak eraikitzeko eta finkatzeko aukera izan genezan.

Zoritxarrez hori ezinezkoa zaigu; ez dugu horretarako ahalmenik, sistematikoki ukatu eta ukatzen zaigu gure nortasunaren ezaguera, historikoki herri baztertu bat bilakatu gara, eta honi guztioni beste zirkunstantzia batzu gehitu behar zaizkio gaur egunean. Mundu desarroilatu guztian zehar kontsumo boragine izugarria hedatzen da, herri guztiek bere ezaugarriak merke saltzen dituzte, beren balore-eskala galtzen dute edo hobe esanda boteretsuenaren truke aldatzen dute. Telebistaren bidez infrakultura batukor eta estupido bat barne sarrarazten digute.

Eta gu hemen, geureari eutsi nahiean, dramatismo gabe bizi nahi dugun drama honen erdian noragaberik. Hau dena extrapolatuz gure patua zein da? Edo folklorekerietan gelditu, betiko kontu zaharrak behin eta berriro erabiliz, etorkizun gabeko baserritar edo eta, mundu guztian (berdin Berlinen zein Buenos Airesen) egiten den musikari amore eman. Aski al da euskaraz kantatzea horri euskal musika izena emateko?

Gu ez gara noski ezeren eta inoren juez, baina gure iritzi pertsonalez gure arteko zenbaitek musika zaharregia, ezer horri aportatzen ez dutela, egiten dute, beste zenbaitek berriz euskal nortasun gabeko musika sasi modernua egiten dute, eta beste batzuk berriz (gure iritziz, beste askoren modernua egiten dute, eta beste batzuk berriz (gure iritziz, beste askoren artean, gu tartean gaudelarik) gaurko euskal nortasun gabeko musika sasi modernua egiten dute, eta beste batzuk berriz (gure iritziz, beste askoren artean, gu tartean gaudelarik) gaurko euskal soziedade industriatsuarentzat baliagarri datekeen musika modernu eta era berean errotua egiten ahaleginetan gaude.

 Norberak bere modura uler dezake hau dena, gure nazionalismo musikala batzutan bultzagarri gerta daiteke eta beste batzutan berriz frenagarri. OSKORRIren esperientzia konkretuan behar bada esan daiteke oso ausartak ez garela izan, nahiago izan dugula segur jokatu ausardia haundiak egin baino, piskanaka piskanaka aurrera jotzea, eta hori behintzat lortu dugula uste dugu. Gure ibileran dauzkagun problema gehienak nabaritzen zaizkigu: gure ibileran dauzkagun problema gehienak nabaritzen zaizkigu: gure beldur eta inseguritateak, batzutan kontserbadore izatera bultzatzen gaituen herrinortasun ukatuaren trauma, geure akats teknikoak jokatzerakoan, eta abar...

Lehen ere aitortu dugu normalean autokritikarik ez dugula erabiltzen, honekin esan nahi dugu gure kantuak berez sortzen direla. aurretik planifikatu eta helbururik finkatu gabe. la gure ikasbide bakarra jendearekiko harremana, jendeaurreko esperientzia eta honek sorrarazten dizkigun kezkak izaten dira. Horrela gertatzen da GABRIEL ARESTIREN OROIMENEZ gure lehen L.P.a oso lan sinplea dela, zailtasun eta pretentsio musikal handirik gabeKoa, llama era batera freskua eta xamurra; horregatik behar bada, eta lehen disko borren esperientziaz baliaturik, bigarrenean MOSEN BERNAT ETXEPARE 1545 delakoan, beste puntaraino joan ginen eta disko barroko bezain astuna egin genuen, gure ustez kaskarrena. Ondoren L.P. bikoitza grabatu zen, jendeak DOBLEA izenez ezagutzen duena, egin dugun barnekoiena, aurrekoaren etsipenez sortua seguraski eta igual ilunegia edo trinkoegia. Urrengoan berriz, PLAZARIK PLAZA delakoan gibeltasun hori baztertu nahiz edo, kantu arin eta pozgarri zenbait sartu genuen.

Horrelakoa da ba gure ibilbidea, urtez urte, diskorik disko halako aldaketa dialektikoak jasan ditugu; punta batetik besterainoko martxa horretan ere zerbait ikasi dugu eta, gure ustez behinik behin, gero eta lan helduagoak sortu ditugu. Guk geure lanean hori estimatzen dugu gehienbat: nahiz eta ganbio espektakularrik egon ez, nahiz eta bide esperimental ausartik urratu ez, beti OSKORRIk zerbait berri aportatzen duela eta bere lana gero eta hobekiago bururatzen duela.

 ADIO KATTALINA berri honetan zer den gogoangarriena? Ba, behar bada, gure estiloaren eta bereziki gure profesionaltasunaren finkatzea. Hau, dudarik gabe, orain arteko lanik profesionalena dugu, PLAZARIK PLAZA aurrekoarekin konparaturik askoz sakonago eta landuagoa da, armonia eta instrumentazio aberatsagoak, erritmo aldetik ere konplikatuagoa, hitz batez PLAZARIK PLAZA baino zailago baina baita interesanteagoa ere; ez dirudi, hasieran behintzat, hura bezain komertziala (komertzialismoaren asuntu hori bati bihurria eta nazkantea gertatzen da), baina seguru gaude ADIO KATTALINA berri honek arrakasta haundiagoa lortuko duela.

Adio Kattalinako kantuak

Gu gaituzu Oskorri: Iparraldeko herri doinu batetan oinarriturik aurkezpen kantu bat egin dugu, batez ere kantaldietarako, kantu barnean taldekide bakoitzari bertso barregarri bana dedikatzen zaiolarik. Nahiz eta inolaz ez izan disko honen eta gaur egunean egiten dugun Musikaren ezagugarri egokiena grabatu nahi izan dugu, igual broma baten antzera edo diskoaren sarrera alaigarri gisa.

Guridi: Jesus Guridik bere obra gehienetan, berak sortu zenbait melodiekin batera anitz herri doinu erabili ohi zituen, nahiz eta askotan nondik bilduak zituen aipatu ez. Kasu honetan guk Guridik erabilitako herri doinu bat hartu eta egokitu egin dugu gure erara.

Ba dakigu askok ez dutela onartuko gure berritze lan hau, baina egia esan ez zaigu gauza handirik axola. Guk horrela dakusagu eta gure eskema barruan. azken melodia ezagun eta dantzagarri horretara iristeko. lehengo pausu eta desarroiloak beharrezkoak zaizkigu.

Adio Kattalina: Disko honi izena ematen dion kantu hau Zuberoako kantu bat da. Gure ustez oraingoan aintzinako herri kantu bat egoki xamar gaurkotzea lortu dugu. Funtsezkorik aldatu gabe, gartsuki lanegin dugu kantu luze honen gainean, esku artean genituen elementu guztiak erabiliz. Uste dugu goxoki eta patxadaz dastatzeko kantua duzuela.

Albokak textuari dagokion dramatismoa ematen dio, eta saxo, bibolin eta gitarra elektrikoak gaurkotasun haundiko kontrapuntuak kosten dituzte; perkusiorako Indiako «tabla» izeneko instrumentua erabili dugu.

Haurrak: Nafarroako haurren jolas xoil batetan oinarriturik Bixentek desarroilo obsesibo eta errepikagarri bat prestatu du. Beti hari berari jarraituz atmosfera berezia lortzen da, orijinal xamarra eta indar haundikoa. Ez dago dudarik haurren kantua zenak beste maila batetara iragan duela.

Amurizak bertso ironiko eta kantu orijinalean ongi girotuak eskribitu ditu kantu honetarako.

Euskal Herrian euskaraz: Kantu xamurra, guk himno antzera edo asmatu genuena. Natxok konposatutako doinu baten gainean Xabier Amurizak «euskal herrian euskaraz» lemari buruzko bertsoak egin zituen.

Balada antzeko kantu bat da, kuadrilan kantatzeko aproposa; seguru asko (hori espero dugu behintzat) euskaltegietan ikasiko duten kantu bat da (A.E.K.ko euskaltegietan behinik behin).

Gipuzkoako buelta: Zegama aldean albokaz jotzen zen doinu zahar bat, baina guk guztiz berritua eta tinbre desohituez horniturik. Bereziki erritmo aldetik oso landu egin dugu eta nahiko orijinala gelditu zaigula uste dugu, doinua fitsik aldatu gabe jotzen badugu ere erritmoaren kontzepzioak ez du ezer ikusirik bertsio tradizionalarekin.

Perkusiorako «darabukka» izeneko danbor arabe bat erabili dugu.

Nafarroa: Antonek egindako melodia xehe eta sentikor bat, neurri batetan nafar jota kutsua duena. Honetarako Amurizak bertso gordin eta sakonak jarri zituen.

Iruñeko gaitariek behar.zuen giroa eransten diote.

Kalera noa ihesi: Ba dago herri kantu bat. «Urruti nere menditik» izenekoa, baserritarren bizitze zoriontsu, paketsu eta erosoa kantatzen duena; guri amorrua ematen zigun hainbeste kirtenkeria batera ikusteak letra horretan, eta zeharo aldatu egin dugu kantuaren zentzua. Nahiz eta gogor gertatu, oraingoa baserritik ihes egin nahi duen baserritar gazten historia da.

Trikitixa estiloan baina beste instrumentuek jantzirik.

Oma: Oma Gernika aldeko herrixka bat da. Bere edertasunez liluraturik Polin Gurreak doinu triste hau egin zion saxofoiez jotzeko. Laino artean despeditzen da gure diskoa.

OSKORRI taldeak


Musika kritika

MUSKARIA aldizkarikoekin hizketan

Euskal Herri honetan kulturan ihardutea ez da bat ere erreza. Baina musikazko aldizkari bat sortu eta mantentzea askozaz arriskugarria. Zorionez gure herri honetan ba dugu aldizkari bat, musikari dagozkion kritika eta berriak zabaltzen dituena: MUSKARIA. Aldizkari hau zertan den, nola sortu zuten eta zer nolako harrera izan duen ezagutzeko sortzaileetariko batekin izan gara.

«Hiru lagun bildu ginen, hirurak musikaz oso arduraturik, eta musikazko aldizkari bat sortzea pentsatu genuen. Gure asmo hau orduko giroaren barruan ulertu behar da, 79-80 urteetako giro musikalaren barnean. Euskadiko musikaren «boom» famatua, diskoetxe berri edo berriztatuen lana (Xoxoa, IZ,...) Beste alde batetik Bilbon, Donostian eta beste zenbait herritan talde berriak hasten dira eta inortxok ez du honetaz idazten. Hemengo egunkari eta aldizkariek ez zioten kasu larregirik egiten mugimendu honi. Guk giro honen inguruan landu genuen gure asmoa.

Hasieran inor ez zen gutaz fidatzen. Kantariek berek ere ez zuten argi ikusten gure lana eta anekdota gisa bat kondatuko dizut. Lehen alean agertzen den ITOIZekiko elkarrizketa egiterakoan haien aldetik taldean ez zegoen jendea etorri zen eta guk galderak egiten eta haiek erantzunik ez. Nola erantzungo ziguten, taldekoak ez baitziren».

Lehen alea kaleratu ondoren irakurleen aldetik erantzun ona jaso zuen aldizkariak eta astiro-astiro aldizkariaren beharra finkatuz joan zen. «Guk geuk ere ez genuen sinisten 3.alera iritsiko ginelarik, baina hor daude 2., 3., 4.,... eta jadanik 11.a atera dugu. Ez da lan makala, izugarrizko lana darama horrek eta guk ezer kobratu barik».

Aldizkari bat kaleratzea barne eraketa eskatzen du, talde eratua. Hori dela-eta honela mintzo da. «Hasieran lagunen artean egiten genituen gauza guztiak, telefonoa hartu eta «Hi, nik zera daukak». Baina gero lanak hilera batzu prestatzea eskatu zigun eta handik aurrera barne antolaketa izan dugu: bilerak, lanen banaketa...».

Eta ze erantzuna izan duzue bai irakurlegoaren aldetik, bai musikarien aldetik? «Ba, begira. Irakurleen aldetik oso ona, azken alean egindako inkestaren erantzunek astekaria edo hamabostekaria bihurtzea eskatzen digute, nahiz eta guk ezin duguna bete jakin. Musikarien aldetik ere erantzun ona jaso dugu, hasieran batzuk ez ginduen hain ongi ikusten».

Baina kritikarik onartzen ez dutenak ere izan dira, beste hainbat arlotan kritikak haserre eta halakoak sortu ohi dituenez, hemen ezagutu dute holakorik «Bai, noski. Hemen batzutan ezin izan dugu kritika gogorrik egin zeren kantariak haserretu egin izan dira. Behin gure editorialean kritika-aldia etorria zela esan genuen, kritika beharrezkoa zela eta batek baino gehiagok jo zuen guregana holakorik esateko nor ginen esanez».

Aldizkariaren izenak kexkatu egin ninduen hasieran, zergatik izen hau, nondik asmatu duzue? «Hor ez dago tranparik. Gutariko bat «amanitas» izeneko perretxiko baten bila zebilen, «amanitas muscaria» izenekoa hain zuzen, perretxiko hau aluzinogenoa omen zela-eta guk izenik ez genuenez izen hau hartu eta aldizkariari jarri genion. Gainera Muskaria herria ere ba dago».

Erderaz dator gehien balez aldizkaria, gaztelaniaz, baina euskarari lokia emanez. «Honetaz ere izan ditugu gure burrukak. Batek euskara gehiago sartu nahi eta beste batek gehiegi zela esan. Inkestan euskara gehiago eskatzen digute eta saiatuko gara gehiago sartzen».

Azken galdera etorkizunari begira ze asmo dituen izan da. Luzerako jarraitzeko asmorik? «Bai, noski! Gu jarraitzeko asmoz gabiltza, ahal dugun neurrian aldizkaria ateratzen saiatuko gara. Guk hemendik ez dugu ezer ateratzen eta aldizkariaren salneurria merkea da, ia nork eskeintzen dizun aldizkari bat 60 pezetatan».

Inkestaren erantzunetaz hitzegin dugu. Aurreko ale batetan inkesta bat jarri zuten aldizkarian irakurleek erantzun dezaten eta harrera ezin hobea izan. Orain erantzun honen araberaz aldizkaria hobeagotzen saiatuko dira.

Muskaria. 43 posta-kutxa. Algorta (Bizkaia)

Niko Etxart lanean

 Niko Etxart kantaria disko berria prestatzen dabil. Diskoa Has dantzan aurrekoaren bideetatik joango da, honen segida izango litzateke, hau da abesti arinak eta erritmo alaiak «zeren gaur gure herriak jasaten duen egoera hain latza denez beharrezko dugu alaitasun pixka bat». Diskoarekin produkzio berria zabalduko litzateke, Gorka Knorr, Urko eta hiruren artean sortutako produkzioa, baina honetaz ez dago oraingoz zehetasunik.

Diskotik aparte ikusgarri berezi bat montatzen saiatzen da Niko, lehengo Minxoriak taldekoekin. Ikusgarri hau Maiatz alderako litzateke prest eta Zuberoako Maskaradetan oinarriturik gaurko musika eta letrak sartuko lirateke erabat barregarria izan nahiean.

Lasarte bertsolariaren hirugarren kasetea

Donostiako IZ etxeak kaleraturik, Orioko Lasarte bertsolariaren hirugarren kasetea alera berri da. Lanaren aurkezpena Donostian izan zen martxoaren 25 ean. Kasete honetan bertsolari honen zenbait lan sartzen dira, guk tituluak bakarrik jarriko ditugu, Lasarteren beraren hitzak errespetatuz:

1 Bederatzi puntuko bertsoak, lanari jarriak.

2 Mutil batek bere andregai izandakoari jartzen dizkion bertsoak.

3 Arantzazuko eleizarako egindako bertsoak.

4 Nere billobari jarritako bertsoak.

6 Lore eder bati jarritako bertsoak.

Miren eta Bingen trikitilarien kasetea

Miren neskatxa trikitrilaria, Azpeitian plazaratzen da lehen aldiz 1980ean, panderoan Zestuako Joxe Mariren laguntza duelarik, Donostiako Txapelketarako eliminatorian. Urte honetan bertan sortuko da MIREN eta BINGEN hernaniar bikotea, Zarauzko Trikitilari Gazteen I. Txapelketan parte hartuz bigarren saria lortzen duelarik. Hurrengo urtean, 1981ean, Zeanuri eta Zarauzko txapelketetan txapeldun ateratzen dira.

Hau duzue bikote honen «curriculum vitae» delakoa eta orain zinta hau atera du, ohizko moldeen barnean eskertzeko berrikuntza batekin, kaseteak letrak dauzka barruan. Dena dela kasetea eskasa ikusten dugu, makaltsu, batez ere abots aldetik. Ez dut uste abots tonu hau aproposena denik trikitixa kantuetarako.

Uztailaren 13tik 18ra bitartean. Donostiako XVII. Jazzaldia: musikari bikainak eta berrikuntzak

 Modern Jazz Quartet, Cont Basie eta bere Big Band, Crusanders taldea, Randy Weston eta Marsalis Brothers dira Uztailaren 13tik 18ra bitartean ihardungo duen DONOSTIAko XVII. JAZZALDIAn izango ditugun musikari batzu.

Programakuntza osatzeko Teté Montoliú piano-jolea etorriko omen da antolatzaileen ustez. Kultur eta Turismo Ekintzetxeak «ongi merezi duen gorosarre edo omenaldia» eskeintzeko, beraren zenbait adiskidemin partaide izango direlarik.

Aurten JAZZALDIAk zenbait berrikuntza dakartza, honela Duke Jordan-en hirukotearen saio bat antzoki batetan ospatuko omen da baldintza akustikoak aproposenak izan daitezen (esperientzia honek hurrengo urteetan jarraipena izan dezan nahi lukete antolatzaileek). Bigarren berrikuntza «jazzaldia ez dadin soilki musikerakusketa bat alegia, baizik eta musikarako lantegi, gerta dakien musikariei» Musik Lantegia irekiko da, aurten gitarra elektrikoari eskeinia, Barzelonako Aula de Músika Moderna i Jazz delakoaren Arthur Bernstein irakaslearen ardurapean.

Ohizko ekintzek, ihazkoen antzera, beteko dute programakuntza. Lehen egunean Amateur Taldeen Nazioarteko Lehiaketa. Bigarrenean Euskal Herriko Amateur Taldeen Lehiaketa —aurten Trinitate enparantzara eraman zitekeena— eta Boulevardeko dohainezko kontzertuak, filme eta hitzaldiak.

joxe ugarriza


Ekologia

Berdea berdetu nahiean

EKOLOGIA:

Euskal Herrian Lemoizeko projektu madarikatua inposatzen hasi zitzaizkionetik aurrera, debate ekologikoa sortu da ekologia ideologia iraultzaile bilakatu nahiean. Hau dela eta, ANAITASUNAko txoko hau zabaldu nahi genizueke honetaz arduratuta zaudeten guztioi debate ekologiako nahitanahiez behar-beharrezkoa zaigulakoan. Zuen burutazioen zain, agur bero bat.

«EKOLOGIA» hitza nahiko hedatuta dago egun gure artean. Eguneroko komunikabideetan azaltzen zaigu, zelan edo halan, ekologismoaren arazoa: ez dakit nongo zabortegi ilegala dela, ba dakit nongo aireko kutsadura itzela dela, autopista baten projektu baten lehenengo fase baten bigarren partearen aurkako borrokak direla, edo Ibaizabaleko kloakan arrainik ez dela, edo herri bateko ura kutsatuta dagoela, edo klasifikatu gabeko txori arraro batzu Diputapen aurrean kolzatuta aurkitu dituztela, edo... hau esan eta berehala dakarkigute parabola: GEHIAGO ZAINDU BEHAR DUGU INGURU AHUL HAU!!

Egun den «ekologismo» honen bultzatzaile bezala Lemoizeko mamua daukagu. Berau inposatzen hasi zitzaizkigunetik aurrera, sendotuz Joan da gurean ekologismo izena eduki lezakeen zeozer. Izeneko talde antinuklearrak talde ekologista bihurtu dira kaleko praktikan nuklearkeria zerbait zabalago baten baitan harturik. Lemoizekoa ardatza legez hartuta, burlena zelako, beste maila bateko elkarrizketa hasia da gure Herrian, «ekologismoa» ideologia orokorra legez, eguneroko egiazko alternatiba legez planteatuz; baina nire ustez, elkarrizketa horrek ez ditu behar zituen urratsak eman. Eta azken honen arrazoia, beharbada, alderdi politikoetan topatu beharko litzateke, azken batez «alderdiak» dira eta ez «osoak». Horientzat «ekologismoa» beren programaren parte bat baino ez da izan, ideologia serioarekin zerikusi handirik ez daukana, beste batzu politikaren gainetik jartzen saiatu diren bitartean.

Gobernuak, bere aldetik, parte hartu nahi izan du botodunak kezkatzen dituen arazoan, eta honela, ekologismo natural eta iraultzailea litekeenaren aurrean ANBIENTALISMOA ezarri digute, edo beste modu batez esanda, ekologia instituzionala; eta hortxe dauzkagu politikoseriokorbatadunok Zuhaitz-Eguna antolatzen eta nonnahi zernahi landatzen, dauzkaten sustraiak baino zulo gehiago egin arren. Arren!!!

Hau honela, «ekologia» hitza kakaztu egin da, edonon entzuten da hitz bera buru ezberdinetako ahoetan bada ere. Artaldean ardi gutxi baziren orain artzain bi. Izan ere, EKOLOGIA izeneko zientzia zabaldu da gure artean Biologiaren eskuz, eta ekosistemak aztertzea hartu du helburutzat. Eta hau garrantzi handikoa da, ekosistemon konplexutasun eta egonkortasun naturalek ideia asko eman baitiezagukete gizartea beste modu batez eratzerakoan. Eta ez legoke txarto egunen batean ekosistemek muga administratiboak betiko baztertzen dituztela ikusiko bagenu. Autore batzu hasiak dira ekoherria, ekogizartea, ekotopia, ekobardenak (azken hau da M. Gabiriak Bardenak salbatzeko proposatutako alternatiba serio bat) eta holakoak erabiltzen, giza-natura harremanetan oinarritu behar direnak izendatzeko. Baina ekologia unibertsitario horrek ba dauka eduki kontrako arazoa: lizentziatu eta doktoreak ateratzen dira unibertsitatetik «Ecologo» jartzen duen erregeak sinatutako tituluz. Eta tituluak tituluduna egiten ez duenez, mutur guztietakoak agertzen dira ekologo. Honek esan nahi du, nire eritziz, batzuk karrera amaitu dutela asko estudiatuta baina gutxi ikasita eta gutxiago ikusita. Ez da harritzekoa, ez ez ez, nuklearkeriaren aldeko ekologoak irratian entzutea; harritzekoa kontrakoa da. Beraz, bereiztu beharra dago ekologo-ekologista eta ekologismo-anbientalismoa.

Ekologia alternatiba bezala

Ekologia alternatiba sozial erradikala izan liteke?

Analizatu egin beharko genuke geure ingurua, egia esan, gurea ez dena batzuk lapurtu egin zutelako. Gainera, ezin ditugu terminoak aldatu, gu inguruan bizi bagara, eta bizi gara, berorren parte bat baino ez gara eta, beraz, ez da gurea, gu izan aurretik bera zen. Honek, gauza xinple dirudien arren, filosofia itzela gordetzen du, naturarekiko harremanak (hartu eta eman) zelakoak izan beharko litezkeen bideratzen baitigu.

Gaurko gizartea txarto doala ezin ukatu, argia dago, baina zein da horren kontradizioa? Orain urte batzu proletargoa/burgesa zela esaten zen, baina egun ez dago hain garbi, lehengo sinpletasunez esanda, behintzat. Gaurkoa, jakintsuen esanez, ez da beste krisi bat, krisirik krisiena baizik, azkena beharbada, zibilizazioaren amaiera? Eta honen kausa zein den arakatzea ez da batera erraza. Ezin daiteke izan estatu baten errua, edo politikariena, edo industriarena, edo teknologiarena, edo itzelezko hazkuntza demografikoarena, edo balore moralena, edo... ez sakonagoa, konplexuagoa izan behar da kausa, gizarte-eredu oso batena. Progresua etengabe izango zela pentsatzen bazen ere, gaurko krisiak kontrakoa frogatu du: Mundu finito batetan bizi gara. Mundu mugatu batetan kontsumo materialaren etengabeko hazkuntza ezina da. Eta hortantxe sartzen da ekologismoa, naturak dauzkan errekurtsoen hustirakuntza errazionala gizarte errazionalean gertatu behar da eta. Eta gaur irrazionalkerian bizi erazten gaituzte (ala bizi gara?). Beharbada, ez du merezi, ezkertiar batzuk diotenez, krisi hau salbatzeak; beharbada lagundu egin behar dugu amiltzen. Gainera, ez dago oraingoa salba lezakeen kristaurik (bestela ez litzateke kristaua izango, uste dut nik). Eta amiltzekotan, ZER?

Iragapena hasi da nonbait, gauza txikietan zein handietan. Baina betikoek gizarte hau galtzen badute, jakingo dute zelan «sortu» hurrengoa. Gure eskuetan dago hurbiltzen zaigun urratsa bideratzea: gizarte teknokratiko-zibernetikorantz ala ekosistema sozialerantz. Leloak garenok ezin inprobisatu.

I. AUZMENDI


Gaiak

Azentuaz jo eta ke

«Gaurkoan azentuaz aritu nahi dut. Zer dela eta? berori euskara ez den neurrian kontra egin behar». Honelaxe zioen Iñaki Lasak ANAITASUNA-ren 413. aleko azentuari buruzko bere artikuluan. Ni neu ere, Euskal Herrian gertatzen ari den Azentu-hilketa ikusirik, jarrera berdintsua hartzera behartuta sentitu naiz.

Edozein hizkuntza ikasterakoan garrantzitsutzat hartzen da azentua, hizkuntza horretan azentuak azentuatzen ikasi behar izango dugu benetan ikasi nahi badugu. Euskararen mailan, ostera, ez da horrelakorik gertatzen: behin gauzak esanda berdin digu azentuak non ipintzen ditugun, eta berdin ere azenturik ez ipintzeak. Norbaitek problema hau orain arte agertu ez dela pentsatuko du. Ez holakorik pentsa. Arazoa azaldu eginda, eta hainbat lekutan azaldu ere (ANAITASUNA, UEU, AEK...), baina aztertu gabe dagoela eta ez dagoela, adierazgarria dela eta ez dela, aztertzeko inor garen duda dela eta ez dela... baztertu egin dugu. Dena den, euskal azenzia okertzeko biderik ohizkoenak zeintzu diren azaltzeko saiatuko naiz, gure jakintsuen esanak aipatuz azaltzeko saiatu ere. Horra hor, bada, azken aspaldion entzundako zenbait hitzalditan bildu dudan esaldi bat edo beste. Ozenki ahoska itzazu, zeure buruari entzunez hobe ohar zaitezen:

 Zerenetabestéla

 Sustantibóak

 Horiegía baldinbáda

 Besteláko

Aipatutako hitzaldiotan, hizlari aritu zirenak guztiz famatuak izan arre, hau euskara ez den zalantzarik ez dago. Izan ere, hau da lehen aipatu dugun bideetatik bat; azentuak nahi den lekuan eta beti desberdin jartzea, Alegia. Ez dira, hala ere, asko, bide hau erabiltzen dutenak, eta, behintzat honela espero dut, ez da bide hau zabalduko. Arriskugarriago deritzat bigarren bideari, hots:

 Béhar dúgu

 Sustantíboak

 Bíde bátez

 Zuenpoéma

Honelako adibideak parra parra entzun daitezke, egunero, euskara «kultoa» erabiltzen dutenen artean. Bai erdaratik hartu ditugun hitzak eta bai jatorria euskaran bertan daukatenak ere hartu, eta gaztelaniaren azentua ezarri egiten diegu. Erdararen eragina hain handia izanik, ba da bere etxean gára eta dizkiógu esaten dela esaten duenik. Entzun dezagun baina, erdarazko zati hau:

Macondó erayá unpávorosó torvéllinó depólvó yescombrós, sacúdidó porlá fuerzá delhúracán biblicó, cuandó Aurélianó saltó oncé paginás paránó perdér eltiempó enhechós...

Niri, hau entzutean barregura datorkit, Gabriel García Márquez-i, zihur aski, pistola bat hartzeko gogoa letorkioke. Zer egin dugu, ordea? Gaztelaniazko zati bati euskararen azentua aplikatzea besterik ez.

Oso kritikatua izan da Iñaki Lasak ANAITASUNA-n proposatutako bidea. Ni, ados nago guztiz egokia ez dela; osa tu beharra dauka, eduki ere, eta zuzendu beharra zenbait puntutan, baina, nik dakidala, daukagun onena da. Zer egingo dugu? Euskaltegi, gau eskola ikastola eta abarretatik «liburuko euskara hori» egiten duen hainbat euskaldun ateratzen ari garelarik bide hori baztertu? Nik neuk, ez dut horrelakorik egingo. Hona hemen, bada nire proposamena: har dezagun daukagun apur hori oinarri eta denon artean osa eta hobe dezagun. Baldin guk egiten ez ba dugu ez du inork egingo, ez gure jakintsu horiek eta ez lan horretarako gai sentitzen ez direnek ere.

Artíkulú honékín azéntuarí burúzkó kezká sortzéá lortú banú pozik nengókeén. Oraíngoán hurréngoarí uztén diót hitzá. Dakíenák idáz dezalá, eá denón arteán bizí apúr bát ematén diógún guré azéntuarí.

BITTOR URAGA


Gaiak

Protoien energiaren kontra: potroen indarra (IV)

1901. urtean Orbegozo zeritzan Orioko apaiz batek bertso herriak jarri zizkion «Orioko herriko/barraren aurrean» agertutako baleari. Hona hemen batzu:

Haundia bazen ere

azkarra ibillian,

bueltaka han zebillen

jun ta etorrian,

hondarra harrotuaz

murgil igerian,

zorriak zeuzkan eta

haiek bota nahian.

Ikusi zutenian

hala zebillela,

berehala jun ziren

treineruen billa;

arpoi ta dinamitak

eta soka pilla

aguro ekartzeko

etzen jende hilla.

Baliak egindako

salto ta marruak

ziren izugarri ta

ikaratzekuak;

atzera eragin gabe

hango arriskuak,

arpoiakin hil zuten...

han ziren hanguak!!

Egun bertsolaritzak etorkizunik baleuko ez litzateke baleei esker, eta hurrik eman ere ez!!

Baleak gero eta gutxiago azaltzen dira, gero eta gehiago hiltzen dituztelako. Eta zertarako hil? Baleengandik gehien «probetxatzen» dena zela da: bizarrak, olia, haragia, guritxkak (glandulak), larrua eta abar luzea; eta gutxien erabiltzen dena, beste guztia. Hori guztiori hartu, elaboratu, izendatu eta gure etxearen inguruko dendetan jartzen digute salgai: imprentako tintak, kosmetikako barra eta pomadak, eskubila eta brotxak, larruak eta abar luze bezain onuratsua (batzurentzat, jakina). Nonon irakurri dudanez, gurixketatik hormonak ateratzen dituzte, eta... pentsatzen hasita nago, TV-n ikusten diren aurpegi batzu nahiko arraroak direla. Beharbada... Eta Orbegozok bertso batean aipatutako «zorriak zeuzkan» horiek ere probetxatu egiten dituzte? Ni baietzean nago. Gainera, gerra bakteriologikoa hasia da eta lehengaia diren zorriak ez dira erraz aurkitzekoak; politikoak beraiek ere ez dira dutxatzen!!

Baleei esker hainbeste diru irabazten duten enpresek ANAITASUNAn propaganda ateratzerik nahi ez dutenez, debaldekoa egingo diegu (ez dago zergatik). Hona hemen baleak maitekiro «babesten» dituzten batzu: AVON (atean jotzen duena, bai zera!), BAYER (football ekipoa ez, bestea), COLGATE, PALMOLIVE (zooko baleengana irribarrez aginak erakusten joateko moduan!!), HELENA RUBINSTEIN, LETRASET, SHELL, GULF-OIL, TOTAL, IVES ROCHER, NESTLE (gero horrelako kumeak ikusten dira!!), TOBLER-SUCHARD,... Eta enpresa hauek baleen alde azaltzen dira, Euzko Gobernua HABEko ikasle batzuren alde azaltzen den bezain samur. Azken batez, ba al dago ardirik gabeko artalderik?

Okatik Okara eta botatzen dut porque me FOKA. Balea ez da iraungiteko arriskuan daukagun lagun bakarra. Ez horixe. Inguruko inguruan diren fokak ere egoera berdintsuan aurkitzen dira. Berria orain gutxi kaleratu zen, Groenlandia aldean oraintsu hasi baita foken safaria, baina diferentzia batez: baleak arpoien burdinaz jausten diren bitartean fokek hagaren kolpez utzi behar dute beren zulogabeko larrua. Gainera, fokakumeak dira gehien bilatzen direnak, horien larrua finagoa omen delako. Eta larrua bera da probetxatzen den ia gauza bakarra (bakar-bakarra ez bada), Boulevard edo Gran Viatik antzarren antzera paseiatzen diren baleen olioetatiko pomadaz gantzututako monada nazkagarrien larrua besteon larruaz estaltzeko.

Eta foken iraungipena ekidin nahiean, lehenago baleekin egin zuten moduantxe, GREENPEACE-ko itsasuntzia bertara abiatu zen fokakumeen larrua pinturaz zikintzeko, eta horrela bizia salbatu ahal izateko. Berandu heldu ziren. Berandu heldu ziren hara, baina gu oraindino sasoiz gaude gure aurretik pasatzen diren fokadun horien larruak (fokarenak, jakina) pinturaz betetzeko. Ea lotsak hartzen dituen!! Safaria heldu da, har dezagun pintura eta artez larrura!!

Bertso berriak fokadunen kontra jarriak

Neguak beti ekartzen digu

hirira pizti ugari

antzarren sama inguratuta

hainbat foka ta azeri.

Ezin begira gelditu

eta egin dezagun safari

pintura hartu ta botaiogun

monada larrudunari.

Kupida gabe bota nahi diet

haiei gaitz honen errua

berezko antza goratu nahiri

daukatenei amarrua,

pentsatzen dute goxo dutela

azala eta barrua

baina berea maite badute

zertako beste larrua?

PRONTXIO


Gaiak

Polizientzako euskara

Gotu Erregetzaren garaitik, arabiar inbasioaren aurretik, Euskal Herriaren aurka egiten ari den genozidioan, oso instituzio gutxik lortu izan ahal dute haien eskuak garbi edukitzea.

Genozidioaz mintzo naiz, zeren hauxe baita ondoen legokien hitza Euskaldunek haiek izatasuna utz dezateen eta frantsesez edo gaztelaerez mintzatu ditezen antolatu diren kanpainak oro, bost axolatzat joz Euskara, Mendebaldeko kulturan bitxi ederra hizkuntza bizien artetik desagertzea.

Ez Madriletik ez Parisetik lortu ez baldin badute Euskararen desagertzea arrazoi honegatik da: Euskal Herriak, denboran zehar, bere herriaren aurkako izendatu diren neurri zanpatzaileen kontra egin izan duen borroka sutsua.

Hau ez da inolaz berbaorik, egia, egia hutsa, eta ez da beharrezkotzat jotzen aipa neurriak banan banan izendatzerik. Bitxi maite den Euskararekiko desinteres erdeinaria Estatuko kultur giroan ere aurkitzen da baita: Euskal Herritik kanpo, zeinari oraintsura arte bere Unibertsitatearen edukitzea galerazten bazitzaion, Penintsularen zabaleran Salamanca-ko Unibertsitatean ikasi ahal zen, urte batzu direla, Euskara bakarrik.

Orain, Euskal Herria deusezteko lehen porroten ondoren XV mende geroago, Polizia Nazionalak Euskara mintzodun agenteak izateko duen gogoa azaltzen zaigu. Jakinik, hilebete batzu barru polizia autonomoa arituko dela kalean, zeinak oraingo polizia ordeztuko baitu.

Adibiderako Catalunya-n catalana ikasten dabiltzaten poliziak badirela esaten da. Ez dut dudatan jartzen, baina ez dakit ez non ez zenbat ari diren zeren niri beti zuzendu bait zaizkit gaztelaniaz. Gainera, Abenduaren 22an, Bartzelonan, Sants-eko komisaldegira zuzendu nintzenean kotxean jazan nuen lapurketa bat salatzeko, orduko komisariak bahitu ninduen duda-mudakotzaz hartu bait ninduen. Hark, nire Estatuko Nortasun Agiria irakurriz nire ogibidea mekanikari nintzela susmatu zuen. Argi-argi zegoen paper haretan ni METGE nintzela, hots, osagile nintzela. Nire dokumentua etxe berean, hamairu hilebete aurretik, zegoen berriztatu eta inolako arazo barik.

Egia esan, jende orok du euskaraz ikas eta mintzatzeko eskubidea. Baina nork zaindu du eskubide hori orain arte? Euskaldunak gaztelaniaz ikastera, gaztelaniaz idatziriko prentsa irakurtera, telebista erdalduna ikustera eta erdaraz mintzatzera izan dira bortxatuak.

Euskara ikasteko eskubideaz aritzen hamaika era ezberdin dira berau ikasteko. Esate baterako postaz, disko edo kasetekin, inor molestatu gabe eta bakoitzari ondoen datorkion orduan aritzeko. Beste modu bat Bartzelonako Udaletxeak sortu duena da: udal funtzionarioei catalana ikasteko aukera eman zaie serbitzu onduen barne, haientzako ikastaro berezietan. Bada, Donostia osoan hain polizi gutxi da Euskara ikasteaz arduraturik klase oso bat lortzeko kapaz ez direla?

Beste formula bat Gasteizko polizi autonomoaren egoitzetara joatea litzateke asten batzutan, edo asteburuetan, edo hilebetean urtean, ikastaro trinkoan, zeren Gasteizen polizientzako Euskara irakasle bereziak bait dira. Behar bada, eta ez litzateke irtenbiderik eroena, polizia nazionalaren egoitza beretan, Logroño-n edo, Euskara ikastea posible litzateke, horrela handik irtetako poliziak ongi gertaturik lirateke ondorengo norakoetarako.

On litzateke honelako edo bestelako bideren bat aurkitzen saiatzea. Gehiago luzatu barik galdera bat datorkit burura: zenbat komisaldegi edo kuarteletan dute gaztelani-euskera hiztegi arrunterik? Haietariko zenbat dira euskal aldizkariren batetan harpide direnak? Gaurko legistapenarekin bat datorren Ministeritza egokiak argitaratzen den guztiaren zabalkundeari atzeragarriak maiz jartzen baldin badizkio, nola ulertuko da Euskal Herrian jazotzen dena?

Sortutako arazoak irtenbide erraza izan dezake nahi izanez gero. Zeren, «La Vanguardia»ko martxoaren 10ean Barne Ministeritzak esan zuenez, polizia hoiek ikastarora espia gisa ez baldin dadoaz ere, polizia horiek ez dute haien lana beteko edozein unetan beharrezkotzat jotzen baldin badute, nahiz klasean egon?

Zudayre

(itzulpena)


Gaiak

Zuloak, miloiak eta banderak

Ez da luzez aritzeko nire nahia, baina hiru gaik, beste batzuren artean, zeharo ukitu naute. Egia esan, norbaitzuek ordainduko ez dituzten hogeita bost miloiak, Espainiako Telebista eta Lemoiz, sarri izendatutako gaiak baldin badira ere, berriz ditugu gure artean. Euskal Herriak historian zehar pairatutako zapalkuntzak sortu dizkigun gai ugariak maiz suertatzen bait zaizkigu.

Ez dakigu, nik behintzat, Espainiako Estatuan diren gainerako herrietan zer nolako arrakasta izango duen Monarkiaren banderak, baina gure herrian aski txarra, begi bistan dagoela edozeinek dakuske. Arazoa hortik abiatu arren zergatik ez dugu alderantziz lotzen, esan nahi bait dut, Ikurrinak zer nolako arrakasta duen hor zehar, erre arren ez baita edonolako multarik jartzen. Ez dut nik, ordea Benidorm-eko atsoari multarik jartzeko eskatzen, berorik eman baldin badio suak on egin dezaiola. Baina norbaitzuentzako horren garrantzitsu baldin bada haien bandera, eta multak jarriz zerbait zuzenduko dutela ustean badira, jakin bezate, edo susma sikeran, beste batzuei horrela gerta dakiekeela, eta ezpata bera erabiliz, neurketa berdintsua egin beharko luketela erakutsi nahi diguten ongi nahia benetan ona dela sines dezakegun. Militarkumeek dute, gehienbat, bandera haien herriko ikurtzat zeren haien jolaserako, gudetarako irakur, oso baita beharrezko bandera izatea, nola desberdindu, bestela, zeintzu diren alde batetako solda tuak eta zeintzu beste aldetakoak? Hitz eginez ez da posible izango eta. Herri batek hori baino, bandera baino, garrantzitsuago den zerbait izan beharko luke ezaugarritzat, kulturaz, izakeraz, pertsonalitateaz ari natzaizue, ez trapuez.

Gobernuaren ustez, militarkumeenez, bandera erretzean Espainia ukatu omen dute zomorrotuek. Galdera, behar bada, urrunago bota beharko genuke, ba da Espainiarik? Zer ote da Espainia superestruktura besterik? Eta, gainegitura ez da, nik uste, herri bat. Nola ulertu, orduan, monarkiaren bandera erretzean estatuko herria mindu dutela erretzaileek, suposatzen den herri horren ezaugarria bandera hori ez baldin bada, zeren bandera hori gobernuarena bait da soilik, hots, militarkumeena.

Ez ote da Espainiako zerik garrantzitsuena haien hizkuntza, singularra diot, ez al da hori Ameriketara exportatu zuten bitxirik baliosoena? Hori izango da, orduan, patriaren ezaugarririk sendoena eta ez besterik. Patria hau egiterakoan indarrik handiena hizkuntzan egondu da beti, hizkuntza bakar bat inposatzean. Hori litzateke herriaren, patriaren, ezaugarria eta ez bandera txoarena.

Banderea erretzeak ez du Gobernua zapuztea baino suposatzen, ez da erre hiztegiren bat, ez da erre herririk, trapu bat baino, ez dezagun erroparik urratu. (Ez da nazismorik banderak erretzea baizik herriak erretzea, eta ez dugu euskaldunek Gernika erre. Ez da nazismo euskaraz hitz egin nahia, baizik eta hori ukatzea poliziak, horren ikastea nahi dutela esanez, klaseko giroa apurtuz. Ez da nazismoa lotan egoitea, baizik eta lotan zaudela tiroka edo kolpeka kaleratzea, eta hori maizegi sentitu dugu gure lepoan.

Ez gaude zoro, zoro gaudela demostratu nahi digute milaka patraina asmatuz, poliziek euskara ikasteko eskubidea dutela oihukatzen digutenean edo Lemoiz guztiz probetxagarri gerta daitekeela esaten digutenean. Eta arazoa ez dago hor. Ez da inoiz hor egon. Arazoa ez da batzuk eskubide dutela euskara ikasteko, zeren ikasi edonon ikas dezakete, baizik eta zergatik toki konkretu horretan ikasi behar, ez al da poliziena oso ikaskintza programatu, oso eta on bat? Ikas dezatela han, ikastea baldin bada haien helburua.

Eta gure gobernua, euskal Herriaren lurralde bat zapaltzen digun Gasteizko Gobernuak amua iruntsi du. Amua irunstekotan gara beste zenbaitzu Martxoko 27an, larunbatez eta gaueko hamarrak inguruan, Madrileko telebista mirakulugarria ikusi genuen zatarrak. Bitartean, Pariseko telebista Espainian egiten den torturaz ari zen, baina guk ETAk ekar ditzakeen kalte izugarriak ausnartzen genituen hormetan ziren pintadak ikusten genbiltzela. Ikaraturik atera ginen ikustaldi ederretik euskaldunok zein gaizto garen ikusi eta ikasi bait genuen. Onena, dena dela, informatiboaren ostean etorri zitzaiguna zen. Bai jaunandereok! Makarra batzu izan baitziren bankuak ebasten, nola ETAk egiten duen, terroristak ikusi ahal izan genituen bi filmetan, «Sesión de noche»koan eta «Informe Semanal»ekoan. Jokaldi bikoitza ondo ikasteko. «I.S.»ean zuloak eta buzoiak nola erabili erakutsi ziguten motorista jaka beltzdunek, terrorismoa nola kontrolaturik den erakusteko. Bigarrenean, filmean, zein filmeago ez dakidala esan dezadan, poliziek zein ongi jokatzen duten gu salbatzearren ikusi bait genuen. Eskerrik asko eta «urte on demola Jainkoak».

J.I. Basterretxea


Gaiak

Euskal lokuzioak direla eta... Mintza ahalmenaz gogoeta batzu

I-Hizkuntza habitatzen dugu

XX. mendeko filosofiak ezer eriden badu, lengoaia animaliak garela eriden du, eta hizkuntza habitatzen dugula. Beraz, lurralde bat baino lehenago hizkuntza da aberria, eta euskara da, hain zuzen, gure territorioa.

Halabaina, gizarte burruka eta hizkuntza diglosia medio, euskara territorio heste eta antzua bilakatu zaigu barne muinen bazterrean. Ezen, erdal territorio joriagoen mendean, barne herbestera kondenaturik gaude euskaraz mintzo garenak.

II-Asaba zaharraren baratza

Asaba zaharren baratza, euskara, lur eremua zen iadanik Xabier Lizardik abestu zuenean, eta XX. mendearen hasieran euskara mortuari buruz hiru planteamendu agertu ziren: Migel Unamunokoak euskara antzu zetzala eta lurralde joriagoetara aldentzeko utzi zuen; Sabino Aranak ere antzu somatu eta baratz garbi baina artifiziala landatu zuen, lore sintetikoak sarturik; R.M. Azkue, berriz, beste lurraldetara aldatu nahi ez, ez belar artifizialak laket, eta laborari gelditu zen bere lur hestuan.

III-Koldo Izagirre laborari

Baina ez zen R.M. Azkue laborari ez jakin. Beste lurretako eta bereko gauza asko ikertu eta ikasi zituen, ez bait zen gelditu lurra antzu mantentzeko jaritzeko baizik. Aintzina, euskarak eskola zuen etsai eta ez-jakina aldeko —Koldo Mitxelenak esan duen legez— baina orain eskola behar du aldeko, ezjakina aldeko ez duelako. Halan, Koldo Izagirrek R.M. Azkueren tradizioa segitzen du, lurrari atxiki laborari eskolatuena, «Euskal Lokuzioak» liburu berrian (Hordago Editoriala, 1981) bildu uztak frogatu duenez. Izan ere liburu handia da, tamainoz bezainbat jakintzaz.

IV-Euskararen zero gradua

Euskarak iraungo bazuen euskara batua behar zen, gizarte bilakaerari egokituriko hizkuntza bat halegia; eta egin egin zen. Zero graduko hizketa bat moldatu eta azken hogei urteetan finkatu samar dagoela dirudi.

Baina, aldiberean, euskara batua ez da gauza izatera iritsi. Dela diglosiagatik, dela euskararen barne arazoekaitik, mintza ahalmena laburturik gelditu zaigu. Gauza filologikoa baino gehiago gauza filologinoa bilakatu zaigu euskara. Eta euskara batua ez da aski, ezen normatiba soil bat den aldetik bizitza falta du: kreatibitatea falta du.

Kreatibitate gabezia egungo gizartean ezaugarri nabarmenena bada, euskarazko mintza ahalmena ere oso motza da, gogorra eta kreatibitate gabekoa. Euskaldunok —euskaldun gehienon— elbarriak gara euskararekiko. Beraz, mintza ahalmena errekuperatu behar dugu, estiloak errekuperatu behar ditugu, kreatibitate linguistikoa behar dugu euskera fosil utzi nahi ez badugu.

V-Bilduma irekia

Koldoren liburuko bilduman ez dira lokuzio guztiak biltzen, izan ere lokuziogintza corpus bat baino gehiago egitura sortzaile bat da. Egitura sortzaile hau hobeto ikertzeak balioa gehituko lioke liburuari, segur. Alderantziz planteaturik, berriz, egitura sortzaile hori ikertzeko material zabala ematen du liburuan dagoenean dagoela.

Desoreka tipi bat somatzen diot liburuari, gipuzkera euskara bada ere euskara gipuzkera denik uste ez dudalako —Axularren egia, lokuzioen gehiengoa gipuzkerazkoak izatea alegia.

Baina bilduma ireki da funtsean eta hutsuneak ez dira akatsak betegarriak baizik. Halan, bada, bai Koldorena bai beste guziona da betetzeko eginbidea.

VI-Satorrak jota

Egunotan, bestalde, Ebaristo Bustinza «Kirikiño» zenaren artikuluak aritu naiz irakurtzen «Egunekoa» liburuan (Labayru ikastetxea, 1981). Herri euskarari atxikiro idaztea zen aldetik lokuzioak —esakunak beretzat— ohartuki goresten zituen, eta eder batzu eriden ditut haren artikuluetan. Halako batetan, esakuna eder bat aipatu eta azaltzen du, honela:

«Bilbaoko emakume batzuk illabeterako edo joanda errian aurkitzen ziranak, goizetan berandu jagi eta etxetik urten eta egurastuten ibilten ziran ezeren ardura barik, eta euren auzoko batek onan esaten eban:

— Ainbeste emakume izan, da oindino illuntzean be orren oeak eta gelak SATORRAK JOTA egoten dira, ori da ganorea daukiena.

Esakun onek dakar gogora satorrak jota egoten dan landarea, emen lurpilloa, or lurpilloa; oeak, bear dan moduan ipinita, dagozanean, landa garbia lez, leun-leun eta polito egon oi dira; baina bertanbera lagata goizean jagieran lez emen sakokunea or goikunea eta an estalgiak metan eginda, satorrak jotako landa baten antza badauko zelanbait».

VII-Lokuzioak eta kreatibitatea

Oinarrizko euskarak mintza ahalmena laburtzeko arriskua du, eta normatiba gainditzen duen estilo euskara behar da. Dialektoetako euskara behar da. Dialektoetako euskarak eta estilo berebiziko idazleak errekuperatu behar dira, irakaskintzan ere, oin oinarrizko euskararekin batera, ez bait da hizkuntzaren arauak betetzen soilik ikasi behar, baizik eta mintzatzen, hau da, sortzen.

Koldo Izagirreren liburuak gogoeta batzuren pretextoa eman dit, liburuaz ezer gutxi esan badut ere. Ez naiz kritika sakonagotan sartuko (indizea erantzi behar litzaioke, hori bai), esan dezadan bakarrik lan handia eta interesgarria dela eta orain «blokeaturik dagoen euskararen errota» lokuzioen alorrean behiala zelan ziharduen ondo erakusten duela.

Halaere, Koldok berak abisatzen du eta berrabisatu egin nahi dut, lokuzioetan, kreatibitatea, kreatzailea onartuko den gauza asinatzen duena dela, eta ez onarturik den gauza berrerabiltzen duena; beste hitzez esateko, lokuzio eginak ez dagokien lekuan imintzea, kreatibitate ezaugarri ezik, kafean indabak sartzea dela.

Mary Jame Burgess


Gurutzegrama

Larry Trask