ANAITASUNA

1982.eko OTSAILA

417. ALEA

100 PEZETA


[AZALA]

• Ale honetako dossierra: AEK eta HABE

* J.L. Davant-ekin elkarrikuska

* Fedea eta kultura

* Arrantza Euskal Herrian (1)


ANAITASUNA

Erredakzio Kontseilua

I. Antiguedad

J. I. Basterretxea

J. R. Bilbao

J. R. Egiluz

J. R. Etxebarria

J. M. Pastor

I. Saez

Idazle eta Lankideak

Esteban Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Iñaki Alvarez, J. L. Davant, Harotza, Miren Izagirre, Julen Kalzada, Karmelo Landa, Jesus Maria Larrea, Xabier Portugal, Karlos Santiesteban, Bittor Uraga, Xabier Zorrotza.

ANAITASUNA

Zabalbide 68

Posta-Kutxa 495

Bilbo-6. Tlfnoa.: (94) 411 66 20


AURKIBIDEA

3.or.: Aurkibidea

4.or.: Ordutik hona

Hileko Dokumentua

7.or.: Arrantza Euskal Herrian (I): Arrantzak arazo gorri eta gogorrak ditu izan, hori dela eta ANAITASUNAk egoera horretarantz hurbiltzea erabagi du. Hona hemen Euskal Herriko Arrantzaz eginiko lehen hurbilketa, arrantza zer ote den azaldu nahiz.

Euskal Herria

11.or.: Gotzon Garate "Azkue" nobela sariaren irabazlea.

12.or.: Iazko kazeta zenbait.

14.or.: Aizu! Euskara errazean sorturiko aldizkaria.

Elkarrikuska

16.or.: Jean Luis Davant dugu oraingo honetan mikroaren aurrean. Dela gutxi Bilbon izan genuen irabazitako sari bat hartzen, gaur ANAITASUNAn dugu bere izaera, kezka eta nahiak azaldu nahiz. "Idaztea droga bat dugu, bizitzeko behar den zerbait" —digu Davantek.

Dosierra

23.or.: Euskararen irakaskuntzan badira talde ezberdinak. HABE eta AEK ditugu hortaz ari diren bi. Txabarri eta Naberan, lehena HABEkoa eta bigarrena AEKkoa aldiz, batu genituen gure etxean haien asmoak eta dudak argitzeko. Bestalde, hau dossierau, sail berria duzu, jarraipena izango du urrengoa Euskal Literatura besarkatuko duelarik.

Ekonomia

29.or.: Yankiak aurrezkiaren aurka omen.

30.or.: Komikia

31.or.: Bertso-Paperak

Erlijioa

32.or.: Fedea eta Kultura. Hau ere sail berria. Paulo Agirrebaltzategi eta Esteban J. Agirreren esku agertuko dena. Sailaren zergatia berton duzue.

Musika Kritika

34.or.: Itoiz grabatzen, Oskorriren Addio Katalin, Don Nemesio Etxanizen boleroak eta txatxatxa, Karrozzak bilbainadak kantatzen.

Gaur idatzia

37.or.: Ni teknikoa naiz. Julen Kalzada hurbildu zaigu gaurko idazleei eskeini nahi diegun sail berri honetara. Ia besteok, kontsagratu eta ezkontsagratuok berotzen zareten!

Gaiak

38.or.: Zinema kritika Xabier Portugalen esku.

39.or.: Txipiroien bat edo beste liburuaren komentarioa.

40.or.: Amurizaren azken bi liburuak

42.or.: Protoien indarraren kontra: potroen indarra (II)

43.or.: Gramatika. Disko-diska: nola demontre finkatu behar dugu hitz hau?

44.or.: Euskal Antzerki taldeak jo eta ke lanean.

46.or.: Gure Demokrazian.


Ordutik hona

Abendua 21

Gaur Santomaseko feria. Egun euritsua eta haize hotzak ez du bat ere lagundu. Baina eguraldia ez da oztopoa izan eta jendea erruz bildu da Donostiak Konstituzio Plazara eta Bilbon Plaza Berrira zerbait jateko asmoz edo eta giroa ikusteko.

Bilboko Plaza Berrian bertsolariak izan ditugu. Hantxe aritu dira Enbeita, Ezponda, Lopategi, Lazkao Txiki eta Amuriza, jo ta ke bertsotan eta badirudi bertara hurbildu direnak pozik etxeratu direla. Arratsaldean haizkolariek euripean ekin behar izan diete enborrei, nafarrek eta giputzek, Nafarroakoek irabazi dutelarik. Eguraldi txarra izanik ere humorea ez da falta, gainera jendea ardoa eta txorizoaren laguntzaz barre eta alai.

Donostiakoan aurtengo ospakizunik bereziena Txorimalo lehiaketa izan da, ohitura galdua edo ia galdua berpizteko asmoz antolatua. Ikastola eta eskoletako umeen barre eta algarabak entzuteko lekurik aproposena. Eta txerria ez da guretzat izan, hurrengoan zorte hobea espero dugu.

22

«Resurrección M.ª de Azkue» eta «Villa de Bilbao» literatur sarien banaketa izan da gaur Bilbon eta sarituak izan zirenak erdal herri honetara hurbildu dira. Erderazko sarietan Jose Maria Requena genuen eta euskarazkoetan Gotzon Garate eta Jean Louis Davant literatur sailean. ANAITASUNAren ale honetan Davant-ekin egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera ederra duzue.

Futbolean atzo Realak Irabazi Osasunaren aurka ganorabako partiduan, 1-0. Hoberena giroa, euskal giroa. Gero PSOEko nafar buruek Nafarroa ez dela Euskal Herria oihukatzera ekingo diote.

23

«Zoritxarrez euskaraz oso gutxi idazten da —diosku Gotzon Garatek gaurko egunkarian— ni abade naizenez gero jatekoa zihurtaturik daukat eta idazteko prolema gutxiago «Eta gero jarraitu» txarrena ateratzen diren nobelak ez direla irakurtzen da «Eguneroko problema, Euskal Herriari dagokionez behintzat. Beste batek zionez «Bilbon euria dagokio, Euskal Herriari ordea ez irakurtzea» Bitartean denok militanteen beharra aipatzen, hori bai bakoitzak bere erara interpretatuz. Kalteak Euskal Herriarentzat, guretzat.

24

«S.A. Echevarria» lantegiko langileen asanbladak lanera bueltatzea erabaki du, CCOO, ELA eta UGT sindikatuen akordioak onartuz. Lanera itzultzearen kontrakoak LAB eta CUTI. LSB-USO sindikatuak «beste irtenbiderik ez zegoelako» aldatu du bere eritzia, baiezkoaren alde baina ez gustora» langileen lanpostuak zihurtatzen ez baizituelako». LAB eta CUTI gogor mintzatu dira akordioen kontra.

Ipar aldean euskarazko lehen irratia gaurtik martxan dago. Arratsaldeko zazpietan hasiko ditu bere irratsaioak «Gure Irratia» deitutako irratiak. Irratsaioak 94,5 negaziklotan, FM bidez. Gaurtik aurrera beste irrati berri bat, Iparraldetik datorrena, Ipar Euskal Herriko, eta hegoaldeko noski, lehen euskal —euskara duen— irratia. Zorionak!!!

24

«Hator, hator mutil etxera, gaztaina zimelak jatera. Gabon gaba ospatutzeko aitaren ta amaren ondoan. Ikusiko ondoan. Ikusiko duk aita barreka, aita be poz atseginez. Eragiok mutil aurrengo danbolin horri, gaztainak erre artian txipli-txapla-pun! Gabon gaba pozik igaro daigun».

25

Polonian eta Euskal Herrian negu gogorrak, hainbat etxetan jai zoriontsurik ez. Poloniako egoera gero eta larriago eta Euskal Herrikoa ez da desberdina. Presoak gose greban, manifestazioak kalean, eta ezin ahantzi ere zenbait etxetan bizi den larrialdia. Ume askok ez du Olentzerorik izango, erregerik ezta.

Zenbait etxetan larri esan dugu eta hala dirudi. Iruñean gizon batek abade biri kartera lapurtu omen zizkion. Aspaldian diru falta edo nabaritu zuten San Frantzisko elizako abadeek eta zuhur ibili. Azkenean lapurtzakoa harrapatu eta, hots, goardia zibila dela. Mundu honetan denetarik.

27

Gaurkoan zera irakurtzen dugu: goardia zibil lapur hori expulsatua izan dela. Jose Martin Molina ei da gizajoa. Oraingoa bai krisialdi gogorra!

San Mamesen Bilbo-Reala eta gero manifestazioak, Bilbon eta Donostian. Baina gaur gehien kezkatu gaituena Iberdueroren hitzak izan dira. Iberduerok komunikatu bat zabaldu du «Lemoizen egoera, honela eta luzarora, eutsi ezina» dela esanez. Komunikatu hau Gasteizko Parlamentuan izandako eztabaidaz dator. Eztabaidaren ondoren enpresa honek argi eta garbi ikusten du zentralaren beharra, honen indarra beharrezkoa dela, leku seguruan kokatua dagoela eta tatatxun eta tatatxan.

29

Gasteizko gobernuak edo PNV delakoak gogor salatu du Iberdueroren komunikatua. Baina «kietoparao»! Iberduerok esandakoak ukatu gabe.

30

Herri Batasunako junteroek instituzioak uztea erabaki dute. Erabakia sei hilabeteko asanblada eta eztabaiden ondoren dator. Yeun, bitartean, bertan bizitzera behartuak dauden presoek hamalau egun daramatzate gose greban nonnahi bizitzeko askatasuna eskatuz. Presoak hauexek dira: Joxe Arrugaeta, Xabier Arin, Miguel Aldana, Anjel Gurmindo eta Tomas Linaza.

Bestaldetik Euskaltzaindiak ez duela titulo gehiago banatuko Bizkaiko, Gipuzko eta Arabako herrialdeetan irakurtzen dugu gaurko egunkarian. Erabaki hau Hondarrabiako biltzarrean hartu du eta hiru probintzi hauetan tituloen banaketa Eusko Gobernuari eskeini nahi dio, baldintza batzu jarririk. Nafarroan lehen bezalaxe jarraituko du Euskaltzaindiak berak tituloak ematen eta Iparraldean bertako euskaltzainek erabaki beharko jokabidea.

31

Julio Iglesias kantaria —kantaria ote?— Beno Julio Iglesias delakoaren aita bahitua izan omen da.

Eta urtea bukatzera doa, gaur azken eguna, bihar urteberri. Eguraldi txarraz sartzen gara urte berrian.

A! Zorionak Joxe Miel. (Badaezpadan Joxe Miel Barandiaran).

Urtarrila 1

Errenterian Goardia Zibilak pertsona bi zauritu, 7 urteko mutil bat eta 68 urteko agurea. Gobernu zibilaren agiria barregarriatxo! Zoritxarrez barreak ez dira merkeak izan pertsona bi zaurituak izan baitira. Aspaldikoak izanik euskaldunak ohituta gaude halako agirietara.

2

Arrantzaleak greban. Itsasoko langileok berriro grebara jo behar. Ez da bakarra izan, ezta azkena.

3

Errenteriako udalak gertatutakoaren argitasun eta errespontsabilitateak eskatu ditu FOPen ekintza salatuz. Errenteriako Amnistiaren aldeko batzordeak mozio bat aurkeztu zuen atzoko udal batzarrean «Joan daitezela» eskatuz eta onartua izan zen HB eta EEren botuei esker. PSE-PSOE kontrakoa izan zen eta PNVak ez zuen botorik eman.

4

Bilboko «Galerias Isalo» delakoen sekulako sutea izan zen atzo. Sua dantza leku batetik etorri omen zen baina nola ez da oraindik argitu.

Yeseriaseko Gartzelan gose greban dauden emakumeen artean 2 hospitaleratuak izan dira. «Gartzelako bizitza gogorra da —maitasun falta, afektu eza, adiskide minenak urruti, norberaren herria eta ingurunea, senideak eta abar— eta sufrimentuz beteriko bide larria, baina hori dela eta, gure bide iraultzailea abandonatuko bagenu, orduantxe bai esan genezakeela «gureak egin du». Gure jokaera zenbat eta erabetiagoa izan, orduan eta gogorrago zanpatuko gaituzte. Beraz zer egin? Borrokatu.

«Gose greba bat egiteko moralez gainezka eta zerbait positiboa egiten ari dela sinetsia egon behar da, bestela, ezinezkoa litzateke, baina moral hori betetzeko bakarrik ez gaudela sentitzea, zulo honetatik kanpo badagoela gutaz arduratzen den zenbait jende. Amestu ere ezin dezakezue, zenbat suposatzen duen guretzat, manifestazioren bat edo enzerronaren bat ospatu dela jakiteak. Horrexek ematen digu aurrera gogor jarraitzeko kemena, zeren ba dakigu bide horretatik lehenxeago edo geroxeago garaile irtengo garela» (gartzelan dagoen neska baten hitzak).

5

«Triple A» erakundeak hartu du bere gain Berasategin agertutako taxistaren hilketa. Erruz izan dela adierazi du talde honen kide batek, erakundeak hil nahi zuen taxista beste bat zela esanez.

6

ETAko omen diren gazte batzuk Getxoko Lipperheide enpresarioa bahitu dute. Arratsaldean ekintza honetaz ETA bera jabetu da. Lipperheide bera eta senideko beste anaia batzuk ere zenbait enpresaren jabe edo partaide dira eta zerga iraultzailea eskatzeko asmoz bahitu omen dute.

9

Harrisburg zentral nuklearrean berriro prolemak, beste. Eta honekin zenbat doaz? Euskal Herrian ere prolema bera izango ote dugu? Parlamentuaren erabakia bide horretatik doa eta Madrilek ez du erreferenduma onartuko. Bitartean herria Lemoizen aurka eta biziaren alde. Egia esan potroetaraino gaude.

10

Gaur hilargia izkutatu egin zaigu eta izkutatzea Euskal Herritik oso ongi ikusi da. Au bai mundu ederra! Tamalez apurtu behar. Egunen batetan umeek diapositiba batzuen bitartez ikusi ahal izango dute hilargiaren edertasuna, zeren hilargia bera ezin izango baitute ikusi. Gure aurrekoek hilargiaz mintzatzen direnean bizidun gisa erabiltzen dute hitza «ilargiagana» eta honek hilargiaren zentzua azaltzen digu, euskaldunentzat ilargiak izan duen inportantzia. Gaurregun zoritxarrez ohitura horiek galtzeko arriskuan gaude kanpokoak erraz hartzen ditugun bitartean. Baina gaurko egoeran ilargia eta eguzkia ez dira guretzat kanpoko sinboloak, guk geuk barruan sentitzen baitugu.

11

Puerto de Santa Mariako presoen gose grebak 30 egin betetzen ditu gaur. Bitartean Donostian presoen senide eta lagunak Donostiako Santa Maria elizan sartzen dira. Errefuxiatuen egoera ez da batere ona, Yeuseko hiru konfinatu ospitaletiko herrixka batera eramanak izan dira. «Ez digute esan noiz arte egongo garen hemen, baino hobeto gaude, guttienez. Hobetze hau guztioi esker izan da, herriak eta geuk lortutakoa. Ez gaitue Yeun bezain zorrotz «zaintzen» lasaiago gabiltza orain» diosku Linazak.

13

«Euskaraz idatzitako salmenta ez da hain txarra izan 1981ean «(DEIAn) Euskarazko betsellerrak edo gehien saldu direnak hauexek litzateke: Ormazabalen «Pernando Amezketarra» eta, bigarrena, «Zergatik Panpox», Arantza Urretabizkaia idazlearen liburua, azken hau iaz argitaratu ez bazen ere.

Gero «Euskaldunak Everest mendian» letorke, segidan Amurizaren «Oinak», euskara errezean idatzitako liburua eta Joseba Sarrionaindia, gartzela txikian dagoenaren «Izuen Gordelekuetan barrena».

Haurrentzako liburu eta komiki liburuen —haurrentzakoak bakarrik, noski— salmenta ez da txarra izan, iaz gainera liburu onak ziren haur literatura sailean.

Euskara ikasteko metodoek mantendu edo gorakada ezagutu dute, «Jalgi Hadi» eta «Hitz egin» metodoek batez ere. Baina beste sail batzutan atzera goaz, helduentzako literatura bera eta kreazio lanak —saiakera esaterako— ez dira behar denez landu. Behintzat «Izuen Gordelekuetan Barrena» antzeko liburuak irakurtzen badira gauzak ez doaz hain txarto, baina nik neuk behintzat ez dut hau sinesten.

14

Gaurkoa atzokoarekin bateratsu joango litzateke: euskal literaturaren urritasuna. Euskarazko «Iruña» nobela saria hutsik uztea erabaki zuten epai-mahaikoek. Juan Atutxaren lanak «Agure baten azkenengo oroitzak» nobelak aipamen bat lortu zuen, argitaratua izan dadin eskatuz, baina ez du 150.000 pezetatako saria jasoko, forma aldetik eta hizkuntza aldetik hainbat hutsune izatearren. Hau bai dela, gitxi egon eta dagoena...

15

Washingtonen 77 pertsona hilik suertatu ziren atzo arratsaldez abio istripu batetan.

Hemen, Calvo Soteloren Gobernuak JUJEM edo militar burua aldatu egingo du. Erabaki hau «23 F» delakoarekin erlazionaturik legoke, eta bide batez «Ehun militarren agiria»rekin. Gobernuak ordea adina aipatzen du, adin arazoa dela esaten du. Baina guk sinestu ez.

17

«Egunero elurrarekin egiten diat amets» komentatzen digu Martin Zabaleta kirolariak. Everest gailurra igo ondoren ez da posible elurra ahanztea, baina egun guztiak ez dira jai eta egunerokotasunean itotzen gara. Davantek ere literatura droga bat dela esan zigun eta egia da, beharrezko dugu drogaren bat, aurrera jarraitzeko droga bat: mendia, literatura, musika,... Baina egunean egunekoa bizi behar eta...

18

Julio Iglesiasen aita askatua izan da eta ETA politiko militarra izan omen da bahiketaren egilea. Poliziak ETAren adar biak inplikatu nahi ditu baina agin batek bakarrik hartu du parte, politiko militarra.

Telebista, irrati eta egunkari guztiak GEO eta MULAren ekintza laudatzen ari dira eta luzerako izango dugu.

19

«ETA p-m»a bahiketaren jabe egin da, baina ekintza honek ez du suposatzen egintzara pasatzea, taldearen bakealdia apurtzea «dirua lortzea erakundearen beharra da» eta holako helburuaz egin zuten hau.

20

Bihar San Sebastian eguna, gaur gauean jai, danborrada eguna. Eta danborren zaratak bere fruitua ekartzen digu. «Donostia Irratia», sei ordutako irratsaioa jarri du martxan, euskaraz. Sei ordu hauek Donostia Herri Irratiaren sei orduekin 12 ordu bete. Behintzat danak ez dira kalteak, noizean behin berri onak izaten ditugu. Atzo eman zion hasiera irratsaio berri hori, «Eltzea» deritzan irratsaioari. Gora Donostia.

JOAN LARIZGOITIA


Hileko dokumentua

Euskal arrantzaz

Euskal Ekonomia tinka larrain dagoela esanda ez dugu bonba berririk asmatzen, egunero eta geure buruetan jasotzen dugun harri aztuna da eta, hala ere sarritan, burdingintza arloak duen neurriagatik eta kalean utzi lezaken langile kopuru izugarria ikusiz, hortxe ipintzen dugu gure atentzio osoa eta krisi beraren pean dauden beste arlo batzu ahaztu egiten ditugu apur bat. Hauxe da esate baterako Arrantzaren kasua.

Arrantzak, aitortu beharra dago, ez du pisu koantitatibo handiegirik gure ekonomian, 11.000 arrantzale, baina euskaldunon lan-eretan aintzinatik sartua dagoenez gero, garrantzizkoa da gure osotasunean, eta gainera, gure itsas ertzeko hainbat herri, —Euskal Herriaren nortasunerako ezinbestekoak diren hainbat herri—, hortik bizi dira erabat eta berarekin batera desagertuko lirateke agian. Adibide moduan, Pasaia, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Hondarribia, Getaria, Motriku... ipui genitzake.

Azken aldi honetan arrantzaren krisiari buruzko informazio faltan gaudenik ezin dugu esan, egunero agertzen bait da zerbait egunkarietan, irratietan eta baita telebistan ere, baina geure zalantzak ditugu informazio hori nahasiegi ez ote datorren, arloan sartu sartuak daudenek soilik ulertzeko egina. Aproba moduan hiru-lau galdera egingo genituzke gure susmo hau egiaztatu nahiean: Zer dira pesca de cerco, pincho, altura, bajura, arrastre?, Denak daude krisian?, Zergatik?, Zer dira 200 milla famatu horiek?

Artikulu sail honekin oinarrizko galdera hauei nahi izango genieke erantzun, ahal dugun neurrian, arlokoa ez denaren jakingura betetzeko asmoz, oinarrizko informazio moduan eta nahi bada, halako helburu sasi-didaktiko/sasi-apologista batekin. Hemen agertuko diren datu gehienek ez direla zuzenean geuk hartuak, hasieratik argi utzi gura dugun gauza da; gehienbat erabili ditugun aldizkariak ondoko hauexek izanik: Hegoaldeko datuetarako.

INFORMACION eta Caja Laboral-en INFORME-80, Iparraldekoetarako JAKIN.

Lanaren mamiarekin bete betean sartu orduko aditzera eman behar dugun zalantza bat dugu: nolako hiztegia erabili. Guk, Bermeo eta inguruko arrantzaleen hizkera baino ez dugu ezagutzen, eta uste dugu, haien artean izaten duten harremanak ikusiz, beste portuetan ere han bezala portatuko direla, inongo garbizaletasun konplexurik gabe. Nolanahi ere eta gure berezko garbikeri aurkako senari amore emanez, hitzen batzu asmatu egin ditugu, lana apur bat txukunago gera dadin, baina faltsupen honen errudun-konplexua kanporatzeko ohartxo bat gura izango genuke egin arrantzaleen benetako (euskera) hizkera zein den azalduz. Oraintxe berton, lerro batzu gorago portu hitza erabili dugu eta zergatiak azaltzen hitz horregaz hasiko gara. Portu-ren ordez askotan kai entzuten da baina kaia eta portua ez dira gauza bera: kaia mollea (muelle) den bitartean, portu hitzak bai kaiak eta bai heuren barruan dagoen itsaso zatia hartzen ditu osotasunean; gainera kai ez da jatorrizko berba euskalduna (ingelesez = quay, frantsesez = quai); orain, gazteleraren kontrako fobiak hustutzeko balio badie batzuei, hor konpon... Berdin gertatzen da garnata (carnada) edo beita erabiltzerakoan (ingelesez = bait) hemen ere gaztelera/ingelesa aukera dugularik, bata bestea bezain erdaldunak biak. Itsasontzi apenas entzuten den hitza izanik, ezagun zaigun arrantzale giroan hauexek dira gehienetan erabiltzen direnak: barku, arrantzarako ez diren untzi handiak (gerrarako-barku, kargarako-barku,...) eta gure portuetan dauzkagunak izendatzeko bapore, motor, enbarkazio, untzi (besteak baino gutxiago). De bajura, altura, atunero, bacaladero, congelador esateko arrantzaleak ez dira txatxetan ibiltzen: bajurako, alturako, atuneru, makaileru, kongeladore, eta kitto. Guk aldiz, itsas-bazterreko, ur-handitako, atuntzale, makailozale eta izozkailu erabiliko ditugu. Honekin ez dugu esan nahi arrantzaleen hiztegia urria denik, inondik inora ere, (haien artean erabiltzen diren hitz asko eta asko ez daude inongo hiztegitan hartuta), gertatzen dena zera da, oso errez hartzen eta onartzen dituztela kanpoko hitz berriak, kontzeptuak zehatzago mugatzeko balio badute.

Eta nahiko da hiztegiaz.

Problemak nondik?

Arrantza-moeta bakoitzaren egoera ekonomikoa desberdina da, eta dituzten arazoen zioak ez datoz iturri beretik, baina edozertara ere problemen ibai horrek hiru iturburu nagusi dituela esan genezake: 1.- Erregaiaren (gasolioaren) garestitzea, 2.- Gure uretan harrapatzen diren hainbat arrain-moeten salmentarik eza, 3.- Gure untziak lan egiten duten uretako nazioen jabegoa 200 millatara hedatzea.

1.- Erregaiaren prezio-igoeraren arazoa errez ulertzekoa da denok sufritu eta sufritzen bait ditugu bere eragina orain dela urte batzutatik hona. Ba, arrantzan oraindik eragin gogorragoa du Estatuak gutxi gutxika gastu horren alderako ematen zuen emaitzak eta subentzioak ia kendu egin dituelako, eta kontutan izan behar da hustiapen-gastuetan (explotazio-gastuetan) garrantzi handienekoa dela berau, untziak portutik kanpo dauden denbora osoan, gau eta egun, motorra abante erabiltzen bait dute.

2.- Arrain-moeta batzuren salmentarik eza, zoritxarrez, gure itsas bazterretan gehien ematen diren moetei dagokie eta jendearen gustu-problema bat besterik ez da. Hau dela eta, gure arrantzaleek ez dute ez sardinarik, ez txitxarrorik, ez berdelik, ez makaelik harrapatzen, aurretiaz dakitelako portura dakarten guztia Hirin-Fabrikarako izango dela, abereek elikatzeko, eta ez dietela kiloa 8 pezetatatik gora ordainduko. Erosleen gustu-problema hau izugarria da, nazio batetik bestera arras aldatzen delarik, hala, gurean lebatza gorengo mailan dagoen arraina den artean, Europako hainbat herritan orain arte ez zuten harrapatu ere egiten, eta orain, harrapatzen hasi badira Españiara exportatzeko da, ez heurek jeteko, eta bestalde, gurean hain gutxietsiak diren berdela eta makaelak oso salmenta ona dute Europan zehar.

Arrain baztertuon egoera aldatuko balitz, gure itsas bazterreko arrantzaleak, negu osoan untziak amarratuta eduki beharrean lanean egongo lirateke. Hau honela gerta dadin hasia da kanpaña bat jendearen gustuak aldatzeko, baina ondorioak ikusteko urteak pasa beharko dira, ez bait da erreza ohiturak aldatzea, janari kontutan bereziki.

3.- Hirugarren kontua eta larriena 200 millarena da eta honetan ba dago zer argitu. Arrantzaleei sarritan eta oso ausartki bota dieten salaketa bat azaltzea behar beharrezkoa dela deritzogu, hau da: gure itsas bazterrak arrantza bizikorregia edo intentsiboegia egiteagatik hustu ondoren beste batzurenak hustutzera doazela orain eta hortik datozela dituzten istilurik gehienak, beraz, heuren lan-eremua zaintzen ez jakitetik. Ez dugu esango gure arrantzaleak itsas bazterraren eta arrain-moeten oreka ekologikoa zaintzerakoan eredu bat izan direnik, baina burubako batzu izan direla entzutea ere ezin da onartu, eta hona hemen arrazoiak:

3.1. Gure arrantzaleek lan-eremu oso zabala izan dute historian zehar eta orain lau mende Kanadaraino heltzen baziren balearen eta makailoaren (euskaldunak aurkitutako arraina) bila, orain hogei urte Senegal-eraino heltzen ziren atunaren atzetik. Beraz, ez dira sekula gure itsas aldeetako uretara mugatu. Munduan ez dago euskalduna bezain herri arrantzalerik —hau inolako harrokeriarik gabe diogu—, eta oraintsu arte, inongo nazioak ez zuen ikusten hor irabazi errezegirik. Orain berriz, eta hurrengoan azalduko dugun moduan, geure untziak eta gizonak heurenganatzeko aukera ikusiz, ur-eremu handiagoaren jabe izateko gogoa etorri zaie. Hortik dator orain dela 5 urte, 1977.ean, itsasoen jabegoa 6 millatatik 200-etara zabaltzea. Ba da zabaltzea! Ba dakigu jakin ere, ekonomian sentimenduak indarraren kontra ez dutela zer eginik, baina zilegi ezan bekigu galdera egitea: lehorrean hain maiz aldarrikatzen bada eta hain justiziazkoa iruditzen bazaio jende askori lurra lantzen duenarentzat esatea, zer esan behar dute euskal arrantzaleek orain dela mila urtetik hona landu duten itsasoez?

3.2. Inork ezertxo agindu ez aholkatu barik (zeren arrantzari buruz ikerketa edo inbestigaziorik ez bait dago Herri bedeinkatu honetan) arrantzaleek kupoa ipini zieten moeta batzuei, desagertu ez daitezen (beste arrazoi batzuren artean) untzi bakoitzak kopuru fijo batetik gora harrapatzea debekatuz. Ea zein arlotan egin den beste horrenbeste.

3.3. Hondoko arrantza egiteko, guk, beste herri askok baino toki gutxiago daukagu arrazoi geologiko bategatik: gure plataforma kontinentala oso estua delako, eta orduan, guretzat alperrekoa da jabegoa 200 millatara hedatzea (1 laukia). Gure itsas ertzetik 5-6 millatara 1000 metrotako hondoa dago, 15 millatara 200 metrotakoa, 20-ra 1.000-takoa eta 25-era 2.000-takoa, aldiz, Frantzian, Irlandan, Ingalaterran, eta abarretan, kostatik 150 millatara oraindik 200 metrotako hondoa dute. Honek zer esan nahi du? ba, arrain-moeta batzu harrapatzeko (antxoa, bisigua, lebatza,...) apenas daukagula eremurik; besteak, jabego mugak zabaltzean oraintsu arte ur internazionalak izan direnak heurenganatuz euskaldunen ohizko arrantza-kalen jabe egin direla.

Arrantza-moetak

Aipatutako problema orokorrok, eragin desberdina dute arrantza-moeta bakoitzean, dituzten lan-baldintzak ez bait dira berberak. Hori aztertzen hasi baino lehen, sailkaketa egin beharko dugu, erarik egokiena untzi-moetetan banatzea iruditzen zaigularik, hau da:

1.- Ur-handitakoak edo arrasteruak

2.- Itsas-bazterrekoak edo bajurakoak

3.- Atuntzale izozkailuak

4.- Makailozaleak

5.- Lebazaleak

Bakoitzaren azterketa hurrengo baterako utziko dugu.

EDDY


Euskal Herria

Gotzon Garate, "Azkue" nobela-sariaren irabazlea

Gotzon Garaterengana hurbildu gara. Jakina denez, IZURRI BERRIA nobelarekin irabazi duen sari literarioari buruzko zenbait galdera egin nahi dizkiogu. Deustuko unibertsitateko bere bulegoan hartu gaitu. Mahai bat, aulki pare bat eta liburuz betetako apal batzu. Jezarri eta hizketan hasi gara:

— ZEIN DA, GOTZON, ZURE NOBELAREN GAIA?

— Beno, ba dakizu izenburua «Izurri berria» dela. Droga gogorren munduan sartu nahi izan dut oraingoan. Argumentua zera da: Heroina dela eta neskatxa bat hiltzen da. Istorioa, kasua aztertzen ari den detektibe baten gorabeherek osatzen dute. Ikertzen ari den bitartean, neskatxa batekin maitemintzen da, baina droga-saltzaileen buruen erruz, neskatxa hori hil egiten dute. Detektibea, orduan, jo eta droga-saltzaileen burua, Negurin bizi den itsasontziduna bera, hil egiten du. Nobela Carabanchelen amaitzen da. Detektibeak handik kontatzen du istorioa. Uste dut, eta hala esan didate, aurrekoak baino gogorragoa dela.

— KRITIKARIK JASO AL DUZU?

— Oraindik ez, egia esan. Zenbait lagunek akatsen bat seinalatu didate, hori bai, eta arrazoia daukate gainera, baina horrelako kritika seriorik ez didate oraindik egin. Dena dela, lagun batek horrelako kritika bat egiten dizunean kontutan hartzeko izan ohi da, normalean arrazoia daukate eta.

— NOLA IKUSTEN DUZU GAUR EUSKAL NOBELAGINTZA? ETORKIZUNIK IKUSTEN DIOZU?

— Gaizki dago, dudarik gabe. Ez dago euskaraz irakurtzeko giro handirik alde batetatik; euskal nobelak, oraingoz ere, «acto patriotico» bezala irakurtzen dira eta ez da hola gertatu behar. Nobela gustura irakurri behar da. Dena dela, gero eta giro hobea sortzen ari da azken bolada honetan. Beste alde batetatik, argitaratzea zaila izaten da sarri; izena egina ez daukanarentzat zaila izaten da. Nobela bat salduko dela ez badakite, ez dizute normalean argitaratzen. Beste problema bat euskara bera da. Hiztegi eza izugarria da. Gizartea erdalduna denez gero, gauzak erdaraz adierazten ohituta gaude. Lehengo egunean, gozo denda batetako eszena bat irakurri nuen: hogei bat pastel-izen zekarren. Euskaraz ez daukagu hori oraindik. Ahalegin izugarria egin behar da alde horretatik euskarazko nobela bat idazteko. Gizartea euskaldunduz Joan behar dugu, hori lortzen dugunean nobelagintza indartsua edukiko dugu, nobela, izan ere, gizartearen ispilua baita.

Etorkizuna, benetan diot, ona ikusten diot. Orain bertan gauza handirik ez badago ere, ba daukagu idazle onen bat. Bultzatu egin behar izango litzateke nobela idazteko balio dutenen lana (Saizarbitoria, Joxe Austin Arrieta,...). Berez, argitaratzaileek egin beharko lukete hori, baina lehen komentatu duguna: Ez dago dirurik... Honetaz aparte, eta nik beti esaten dut, urte batzu barru, euskal filologiatik nobelista onak irtengo direla uste dut. Hain zuzen, euskara lantzen eta literatura-teknikak ikasten ari dira orain. Hori guztiori finkatzen denean, nobelista onak edukiko ditugu.

— ZEIN DA ZURE USTEZ, NOBELISTA IZATEKO EDO NOBELAK IDAZTEKO KLABEA?

— Zaletasuna eta gaitasuna. Hau da, oinarrizko ezaugarri batzu eduki behar dira, baina oinarrizkoak dira; gehiena ez da jaiotzea, ez da dena hor bukatzen, garrantzitsuena saiatzea eta lan egitea da. Egunero hamar lerro idatziz asko ikas daiteke... Erdarazko nobeletatik hartutako zati onak euskaratuz... ez dakit, modu asko daude. Gero, gaur egun, teknika batzu daude, eta horiek ere ikas daitezke. Izugarria izan da, adibidez, zineak izan duen eragina, kamaren teknikak...

— NOLAKO IDAZLEAK DAUZKAGU GAUR EGUN EUSKAL HERRIAN?

— Lehenago esan dudana: idazleak ba dira, baina zaila da gaur egun nobelak idaztea, ez dago dirurik eta ez girorik ere. Dena dela, eta euskal nobelagintzari kritika bat egin behar bazaio, mami gutxi dagoela esango nuke. Teknika ona daukagu, aberatsa, baina nobeletan ez dago mamirik. Pertsonaiak ere sakondu egin beharko dira; ez dago holako pertsonaia aberatsik, holako barne-burrukarik... Teknika ona, azken batetan, baina teknika hutsa sarri.

— Ba DAUKAZU BESTE NOBELAREN BAT ATERATZEKO ASMORIK?

— Bai, orain dela sei-zazpi urtetik, polizia nobela ez den bat idazteko asmoa daukat, baina ez dakit noiz aterako dudan. Patxadaz ibili behar da. Lehen esan dizut: gogorra da, irabazpen ekonomikorik ez dagoenean, lan-orduetatik kanpo, oporretan eta abar idaztea, eta zoritxarrez, euskal nobelak ez du gauza handirik ematen. Patxadaz ibili behar da, horregatik, nobela hizkuntza baten garapenerako guztiz garrantzitsua da, poesia baino garrantzitsuagoa, nire ustez, eta euskarak nobelak behar ditu. Nik uste dut euskal filologiak, urte batzu barru, nobelista onak emango dituela.

— MILA ESKER, BERAZ, ETA ZORIONAK, GOTZON.

BITTOR URAGA


Euskal Herria

Iazko kazeta zenbait

Besteren artean, iaz, euskaltegietako ikasgelak, ilun eta hezeak omen eta militantzia giroa bide zeriela, A.E.K. eta Euskal Gobernua elkarren ileei tiraka ditugu ikusiak. Gipuzkoako Diputazioak, (hartan parte hartzen dutenoi esker, noski!), 110 milioi izendatu du Hizkuntz Kontseiluaren plangintzarako (ikastaroak, euskara administrazioan sartzea, UEU, UZEI, Elhuyar, Euskerazaintza, hainbat kazeta «Argia» eta «Goiz-Argi» barnean).

HALAZ ERE...

«EGIN» eta «DEIA»-ren euskara proportzioak gutxituz doaz biziki Beste eguneroko prentsan ez dugu aldaketa haundirik ikusi: «HOJA DEL LUNES»-etan Donostiakoak soilik dakar euskarazko artikulluxka bat. Besteak? «Diario de Navarra»k, astean birritan-edo, ortografia ez-batuan egindako gauzatxoak.

Astekarietan garbiago ikusi ahal dugu, garbiago bada, bat gutxiago existitzen delakotz («ERE», hain zuzen). Euskararen proportzioaren aldetik kidekoa zuen «Punto y Hora»k, debekuen artean bizi denak, bestetik, ez du goititu bere euskarazko alderik. Baionako «Herria» ozta-ozta bizi da.

Iazko kazetez (Euskal Herrian, euskal kazetez-edo...) ari garela badira beste gauza aipagarri: katoliko bizkaierazale zenbaiten kanpaina (apezak nagusiki) ortografia ez-batuzko euskara azkartzen (kazetak eta ikastaroak direla bide, bizkaieraren izenean subentzioak jasotzen, kasu batez, Bilboko Udalak, gazteriarentzako iazko presupostua Batzokietako euskarazko klaseetarako eman duenean). Bizkai eraren aldeko azken agirian, besteren artean, hauek ditugu bultzagile: Ander Manterola (Derioko udako ikastaroen burua, «Labairu» ikastetxea...), Lino Akesolo (Euskerazaintza), J. Andoni Retolaza (haurrentzako «Kili-Kili» Kanpaina), Martin Olazar («Zer» aldizkariaren zuzendaria), Iñaki Zubiri («Euskerazaleak»), Xabier Uriarte (Hizkuntz Eskolako Euskara Sailburua), Fermin Iraolagoitia (Ikastola Katolikoen Elkarteburua), Joseba Atxa (apezpikutzako Eskolen Arduraduna).

Bainan Elizaren joera (edo/ta bere zati baten joera) euskaltzale ez diren alderdiena (c'est à dire, alderdi guztiena) baino guztiz interesgarriagoa bada ere: hauen kazetetan zail ikusiko dugu euskarazko artikulurik, edo euskaraz badira, arrunt zaila orijinalak izatea, eta orijinalak balira, zailago oraindik, euskarari buruz ez izatea. Halaz ere, ez da hori artikulu honen alorra. Hemen, iaz argitara ziren euskarazko kazetak ikusiko ditugu eta hauen artean bi eratakoak soilik: euskalduntze-mailakoak eta literarioak.

Euskalduntze-aldizkariak

Euskal Gobernuak sail berezi baten bidez (Luis Alberto Aranberri kargudun eta Jose Juan Txabarri fraileohia kontseilari) euskaltegi «piloto»ak muntatu dituzte, HABE —(Helduen Alfabetatze Berreuskalduntze Erakundea)— delako egitura bultzatuz. Azken abenduan izen bereko kazeta plazaratu dute, «O» zenbakian, hainbat artikulu, euskara lau mailatan, Israelgo ULPAM esperientziez Xalbador-en bertsoren bat eta Garaikoetxearekiko entrebista dakarrela.

Erran egitura horren azkartzeaz batera, euskararekiko diru laguntzen arauzkatzea eta, ondorioz, AEK (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea)-aren zokoratzea suertatu da. Hauen eskabideak: AEK Euskal Herri osorako erakunde publikoa bihurtzea, euskal gobernuko kontrolaren ordez («kontrol demokratiko-legalaren ordez») Koordinakundearen kontrola. Erran ardatzok, «ideologia zabalean oinarritutako hizkuntz-kultura aurkeztuz eta ez burgesiak kontrolatutako ideologia hertsian». Kondizioak jasangaitzak gertatu bide zaizkio Euskal Gobernuari. Horrexegatik sortu diren zernahi erranak eta tirabirak. Euskal Gobernukoen ustetan, subentzioen sosa, herri-diru horren kontrol publikoa, herriak hautatu alderdien bidez, eta gobernuaren bidez, beraz, egiten delakotz.

1981.eko abenduan ere, beste «oinarrizko euskarazko aldizkari» bat «AIZU» izenekoa (eta «HABE» ez bezala, kioskotan salgai) argitara da Bilbon. Euskarazko hiru maila, sail aunitzez (hamazazpi) osatu kazeta mardula. Sailen artean, Herri Hizkera, Elkarrizketa —Jose Urien artzaina oraingo honetan—, Amonaren Baratza (kasu! Landarejaleak dira-ta), Eritziak, Gramatika, Denboraematekoak eta artikuluxka bakoitzaren azpian erabilitako zenbait hitzen errangura.

Literatur aldizkariak

«El Pais» eta «Diario 16» antzean bainan gaizkiago, Bilboko «La Gaceta del Norte» eta «El Correo Español - El pueblo vasco» egunkariek iaz hadi dira literatur gehigarriak egiten, noizbehinkako gehigarri honetan euskarazko artikuluxkaren bat («La Gaceta»n) ageri dela (Berrondo, A. Zubikarai, J. Kortazar). «Muga» hilabetekarian ere euskarazko literatur saila (A. Lertxundi eta I. Sarasola arduradun) sortu dute. Existitzen zirenetarik, aldiz, «KANTIL», Donostian publikatzen zena (lehengo «KURPIL»eko ekipo beraz osatua), itzali da iazko martxoan, haren hamazazpigarren zenbakian. Kazeta honetan euskaraz argitara dutenen artean Joxanton Hartze, Juan San Martin, Gotzon Garate eta Josu Landaren izenez oroitzen gara.

Iaz sortutakoak ditugu «HEGALEZ HEGAL» eta «IDATZ MINTZ». Lehenak, tirada gutxiko (300 ale, omen) eta artoski egina, bereak egin bide ditu jaio urtean. Leopoldo Zugaza argitaratzaile eta Jose Juliak Bakedano, Maya Agiriano eta Joseba Atxaga «Aholku Kontseilu»an, lehen zenbakian Kosme Barañanoren aintzin-solas batez, «Arte Vasco» zelako kazetaren birpublikazio ederra agertzen da. Bigarren sailean Txillidari buruzko lanak eta Literatur sailean, B. Atxagak esku, M. Sanchez-Ostiz, P. Antoñana eta Iturralderen poema eta ipuinak ditugu. Pablo Antoñanak «Patrañas Varias» delako ipuina, Miguel Sanchez-Ostizek «Reinos Imaginarios»eko hainbat poema eta Joxemari Iturraldek (POTT bandakoa eta aurtengo Bilboko Udaleko ipuin sariaren irabazle) ipuin bat «Nik ez dut oroituz bizi nahi».

«IDATZ MINTZ» bihilabetekaria «Labairu ikastetxe»ak argitara du, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntzaz, azken abenduaren akabantzan. Bizkaieraz batikbat, ortografia batuan gehiena, Adolfo Arejita, Jan Kortazar eta Jesus Etxezaharragaren arduraz («Hegalez Hegal»eko Maya Agiriano partaide), Mikel Zarateren artikuluxka batek hasiera ematen dio aldizkariari. Honetaz landa, Derioko Seminariotik pasatako izenek eta besteren bat: J.A. Zubikarairen kritika musikalak, M. Agirianoren Arte Erakusketen kritika, osatzen dute poliki maketaturiko lehen ale hau.

Urte bat baino gehiago irauten ari direnen artean (beharbada urtekariak bilakatu direlakotz) «SUSA» eta «XAGUXARRA» daukagu, eta gorki literarioa ez izanik ere «OH EUZKADI». Badira beste kazetak ere, jakina! Bainan ez literaturzaleontzat, hala nola «Kultura», elebiduna eta gai askotarikoa, «Jakin» gai monografikoez espezializatua, «Saski-Naski» erdal subkulturaren hedatzailea gipuzkeraz zein bizkaieraz. Hemen aipu egin hiru lehenez besterik ez gara arituko.

Donostiako «SUSA»n, EUTG-ko literaturzale zenbaitek segida eman diote duela bizpahiru urte hasitako lanari. Iazko maiatzean publikatu duten alean, hirugarrena eta hoberena, ausaz, itzulpenak, entrebista luzea (Agustin Arrietarekin), literatur kritikak eta sortze lanak agertzen dira. Egileak ezagunak ditugu: Josu Landa (Donostiako Hiri Ipuin Lehiaketen azken irabazlea), Mikel Anza, Mikel Hernandez Abaitua, («Oh Euzkadi»n partaidea ere), Uria, Pablo Sastre...

Bigarren «XAGUXARRA»n argitaraturiko lanak itzulpenak ditugu funtsean, gorago aipaturiko batzuk (Uria, kasu batez) eta Txomin Peillenek lan originalak argitara badituzte ere. Ohargarria, bada, Joxe Azurmendiren eskutik doazen Miranderen artikuluxkak, ezezagunak hein haundi batetan.

Donostian ere, Koldo Izagirre, Gotzon Egia, Ramon Etxezaharreta, R. Saizarbitoria... «Oh Euzkadi», periodikoki atereaz (ez da gutxi), iraun dute, eta hartan kritika artikuluxkak, apezekiko entrebistak (arras interesgarriak), itzulpenen bat. Eztabaidak ere ez dira faltan izan, (Amatiñorekikoa, kasu batez) eta hasierako zenbakietan bezala euskararen «inguru larria» ardatz eta Donostialdeko euskaltzale, euskal-herrian-euskarazko-euskara-irakasle eta halakoen kezkez eta girotan blai barnatuegiak, agian.

JOSE MARIA LARREA


Euskal Herria

Euskara errazean AIZU!

Gure Euskal Herri honetan milaka lagun euskara ikasten ari dela denok dakigun gauza da, eta beraz guztiok kontutan hartu behar dugu ikaslego horrek, ikastearen prozesua errazteko, oinarrizko euskaraz eginiko komunikabideak behar dituela. Ba daukagu jadanik zenbait liburuxka, baina hortik aparte, ezer gutxi. Aspaldi honetan bi euskara errazezko aldizkari plazaratu zaizkigu: HABE, Eusko Gobernuaren babesean, eta AIZU!

Azken honetakoekin egon gara luzaro mintzatzen, eta esan digutenaren arauera, haien proposamena «Oinarrizko euskara plazara» izango litzatekeen arren, garbi utzi nahi dute, «oinarrizko euskara» delakoa ez dela Euskara bera, euskara mugatua baizik, euskara murriztua; eta beraz, euskara menperatu gura dutenentzat, urrats bat baino ez, gainditu behar den urratsa alegia. Eta holaxe adierazten dute O. zenbakiaren editorialean.

ANAITASUNA— Nortzuk egiten duzue AIZU!?

«Euskal Filologian gabiltzan 10 pertsonak egiten dugu, erredakzio-taldea osatzen dugu. Bestaldetik, maketapena eta holako gauzak egiteko, Arte Ederretako 5 lagunekin kontatzen dugu».

— AEKrekin zerikusirik duzue?

«AEK eta AIZU! aldizkaria gauza desberdinak dira, ezta? Hala eta guztiz, hasiera batetan holako erakunde baten laguntzarik gabe aldizkari bat ateratzea oso zaila izango zela pentsatu genuen. AEKra jo genuen, beraz, beraien zabalkundea egiteko. Hortan datza elkarren arteko harreman bakarra».

— Zer dela eta bururatu zaizue AIZU! ateratzea?

«Arrazoi asko daude. Alde batetik, erredakzio-taldean gabiltzanok, beti ibili izan gara euskarazko klaseak ematen eta hola. Orduan, nolabaiteko aspertasuna zegoen gure artean, eta AIZU! guretzat beste gauza berri bat izan da, inoiz egin ez dugun gauza bat... eta interesgarria, noski!

Baina ez da bakarrik jolasbide bat. Euskarazko klaseen munduan hutsune nahiko handia zegoela ikusten genuen, ez? Euskara ikasten duen batek irakurtzeko orduan ez dauka materialerik, edo gutxienez ez behar beste. Orduan, alde batetik guretzat gauza interesgarria da AIZU! egitea, eta bestetik zerbitzu bat ere euskal komunitate osoarentzat».

— Baina AEKk berak beste antzeko bat kaleratzen zuen...

«Bai, «Ikasleen Kazeta» deitzen zen. Baina aldizkari nahiko txarra zen, eta gainera ez zeukan batera maiztasun zehatzik, periodizitate finkorik. Orduan, ez zen alde horretatik aldizkari bat, ez? Aldizkari izenak berak esaten duenez, aldian-aldian ateratzen den gauza bat da eta. Edukiaren aldetik nahiko astuna zen irakurtzeko, eta ez zuen interes haundirik. Horrexegatik pentsatu genuen gauza askoz hobea egin zitekela eta AIZU! atera dugu. AEK-koek beraiek ito egin zuten projektu hura, baitzioten etorkizun haundirik ikusten. Orain, dena dela, HABE daukagu Eusko Gobernuak egina».

— Aipagarria gerta daiteke kointzidentzia hau. HABEri kontrajartzeko atera al duzue AIZU!?

«Guri AIZU! aldizkari ateratzea bururatu zitzaigunean, guk ez genekien ezer. Merkatuan lehenak ginela pentsatzen genuen. Eta gero, aldizkari osoa montatuta zegoenean, taldea gutiz osoturik zegoenean, orduan enteratu ginen Eusko Gobernuak beste bat aterako zuela. Hala eta guztiz ere, guk hasiera hartan HABE eta AIZU! aldizkari desberdinak izango zirela pentsatzen genuen. Gure aldizkaria euskeraz ikasten ari zen jendearentzako gauza bat zela ikusten genuen, eta HABE, egunkarietan agertzen zen bezala gutxienez, aldizkari pedagogiko bat; eta pedagogiko hitzak, gure eritziz, batez ere irakasleei zuzendutako gauza bat esan nahi zuen, ez?, hau da, euskarazko klaseak ematen dituztenei zuzendua. Gurea ez pedagogikoa, didaktikoa baizik ikusten genuen. Baina, beno, ja HABEren lehenengo alea ikusi dugunean, gauza bera direla konturatu gara, nahiz eta projektu desberdinak izan.

Gure nahia ez da, dena dela, HABEri kontrajartzea; gure nahia AIZU! aldizkari ateratzea da, besterik gabe. Hala eta gutiz, kriston problema da beste aldizkari bat egotea: konpetentzia egingo diogu elkarri, eta merkatua oso mugatua da. Nolanahi ere, biontzako lekua dagoela uste dugu, zeren HABE batez ere beren euskaltegietan erabiliko baitute, eta guk AIZU! AEKkoetan eta gaueskoletan».

— Eta kioskoetan ez duzue salduko?

«Hasierako asmoa baiezkoa da, baina nola saltzen den ikusi ondoren birplanteatuko dugu».

— Profesional mailan egiten duzue AIZU!?

«Hizkuntza aldetik Filologiakoak garenez, plastika aldetik Arte Ederratakoak garenez... baietz, esan liteke, profesional mailan egiten dugula. Baina itaundu nahi duzuna ea hortik biziko garen bada, orduan ezetz borobila eman behar dizugu. AIZU! egiten dugunon arteko inork, ez du pezetarik jasotzen. Entzuna dugu, modu berean, HABEn idazten dutenek ere ez dutela ezer kobratzen.

Esan behar da gainera, argitaratu dugun O. Zenbakia ordaintzeko, ez dugula diru nahikorik aterako, nahiz eta ale guztiak saldu, jarri diogun 50 pezetatako prezioarekin. Hau aurkezpena egiteko izan da bakarrik. 1. zenbakitik aurrera 100 pezeta balioko du».

— Subentziorik izango al duzue?

«Eskatzeko asmoa daukagu, bai, baina ez itxaropen haundirik, beste antzeko aldizkari gubernamental bat egotea...»

— Esaidazu orain zelakoa izango den, edo den, AIZU! barnetik.

«Hiru hizkuntza maila daude: hasierakoa, bitartekoa eta oinarrizkoa. Mailak egiteko orduan, AEKk 8. «Urraspide»an atera zituen arauak jarraitu ditugu. Hiztegi aldetik ba zegoen eginda hasierako mailako liburu bat: Imanol Berriatuaren «Mailaka idazteko Gida-liburua». Gero geuk ere lan egin dugu honetaz Deustuko Unibertsitatean.

Gaien aldetik, ba, mota guztietakoak atera nahi genituzke. Ez da izango «aktualitatezko» aldizkari bat noski, «egunean egunekoa» zentzuan, baina bai gaurkotasunekoa zentzu zabalagoan. Hau da, gauza biziak argitaratu nahi ditugu. Edonork parte har dezake. Hemendik kolaboratu nahi lukeen jende guztiari dei bat egiteko probetxatu egingo dugu, haien lanak eta bidal diezazkiguten.

Formatuaren aldetik aldizkari normalak baino handiagoxea da. Batez ere hiru zutabe beharrezkoak genituelako. Bi zutabe lodi, textua (artikulua) idazteko, eta hestuago bat azalpenak ipintzeko.

Hilabetekaria izango da eta urte osorako harpidetza 1.000 pezetatakoa da Hego Euskadirako eta 1.500ekoa Iparralderako»,

— Azkenez galdera gaitz bat: ez al zaio kaltegarria izango larrialdian dagoen euskal prentsari?

«Ez dakigu. Izan lekioke. Baina ez dago hala gertatzeko funtsezko arrazoirik, zeren gauza guztiz desberdinak dira eta. Adibidez «The International English Journal», ingles errazean dagoena, ez zaio inolaz ere kaltegarri izaten «Times»! Hala ere, gure hizkuntzaren egoera hain berezia ikusita, ba dirudi agian baietz, gerta litekeela hori». Hola ez dadila.

I. A.

OHARRA: Norbaitek harpidedun izan nahi badu, idatz dezala honako helbide honetara: AIZU! Comandante Velarde Kalea, 2. Bilbo-5.


Elkar ikuska

J.L. Davant-Iratzabal: aprendiza baina poeta

Ez da erreza gizon hau nolakoa den esatea. Aurretiaz bere bizitzako datu batzu jakin ez banitu, hain apal eta leun berba egiten entzunez apaiza zela esango nukeen, frantzizkotarra edo. Batetik, bere hizkera zuberotarraren doinu kantaria, bestetik, bere izaera eztitsua ikusiz, ez du inola ere lider politiko baten itxurarik, guk ezagutzen ditugun liderren itxurarik behintzat, baina ikusiko dugunez Iparraldeko mugimendu abertzalearen historia idazterakoan, ezinbestekoa da bere izena.

Baina politiko izatetik aparte idazlea ere ba da, poeta gainera (nahiz ere berak oraindik aprendiza dela esan) eta abenduaren 14ean «VII Azkue Poesi Sariketa» irabazi zuenez, Bilbon egon zen Santo Tomas egunean sari hori hartzera etorrita. Aukera hori aprobetxatuz egindako elkarrizketa da hau.

Amodiozko poesia egiten hasi nintzen. Iaz sariketa honetara aurkeztu nuena adibidez. Aurtengoa, sariaren irabazlea, zabalagoa da, amodioa ere hor sartzen delarik, baina batez ere ene problema pertsonala da horren gaia: denboraren aurkako burruka. Irakaslea eta militantea izanez luzaz gazte egon naiz eta orain bat-batean ohartzen naiz ez naizela gaztea, bizia joaiten ari zaidala, biziaren hegia gainditu dudala eta beraz, aldapa beheran ari naizela. Beti lan eta lan, gero eta gehiago eta bizitzeko denborarik ez. Hori niretzat izigarrizko kezka da. Nola bizi?, hortarako ba dago bide bat baino gehiago; batzuk lanez mozkortzen dira, jakin gabe zertarako, eta beste batzuek atseginetan baina arruntki, ezer dastatu gabe, hori ere mozkortze bat da, itotze bat. Denboraren aurka positibokiago joka daiteke, eternitatea bilatuz, gure haurretan eta haurrekin gehiago biziz, maite den emaztearekin berdin, burruka eginez Herriaren alde eta abar: ondorio bat utziz eta oraiko momentua ere hobeki biziz.

Zuberoako Euskaltzaina

Konklusio honetara heldu den Jean Louis (edo Jon Luis, berak inoiz idazten duen moduan) Davant ez da atzokoa. Bizitza trinkoa eta bilakaera luzea izan ditu orain 47 urte Urrüstoi-Larrabilen familia baserritar batean sortu zen Zuberotar honek. Hogeita bi urtekin Nekazal Ingeniari egin zen eta hurrengo urtean Algeriako gerrara joan behar izan zuen soldadutza egitera eta han eman zituen bere bizitzako 27 hilabete. Geroztik oso ezaguna da Euskal Kulturaren munduan ba idazle eta bai politiko moduan. Idazle emankorra da eta ia euskal aldiz kari guztietan hartu du parte: GAZTE, HERRIA, ENBATA, EUSKALDUNAK, ZABAL, ZEHATZ, JAKIN, BRANKA, ZERUKO ARGIA, ANAITASUNA, EGIA, etab. Batxilleratoa Maulen egin nuen eta han hasi nintzen euskara lantzen, Xarriton-ek astean ordu bete ematen bait zigun. Gero nihauk gustoa ba nuen hortan eta Hegoaldean liburuak erosten eta hasi nintzen, Txillardegi-ren «Leturiaren egunkari ezkutua», Loidiren «Amabost egun Urgainen», Jon Etxaide-ren «Alos torrea» etab. Gero, 57an, idazten hasi nintzen GAZTE izeneko hilabetekari batean, Xarriton kapellaua zelarik. 61ean ENBATA sortu zen eta han sartu nintzen, eta hor euskaraz idatzi den gehiena nihauk idatzi dut, ez zen askorik egiten baina... HERRIA-an ere asko idatzi dut eta 65ean Euskaltzain laguntzaile izendatu ninduten; 75ean, Zuberoako Euskaltzaina, Eppherre, hil zen eta mementu hartan beste zuberotarrik ez zuten eta Euskaltzain oso sartu ninduten. Zergatik?, ba, zuberotar izateagatik eta beste aldetik Iparraldean gehienik idatzi dutenetarik naizelako, zaharrak ez direnetan nahi baduzu. Erabili ditudan gaiak politika, ekonomia, nekazaritza eta sozial arazoa izan dira, historia ere bai.

Puntu honetara helduz, derrigorrezko galdera bat zegoen, nola pasatu zinen literaturara? Ikusten nuen nola bi hizkuntzetako kazetek euskara guti sartzen zutela eta materialki ere tinko-tinko zoko batean, eta horrek ezin ziola nehori euskaraz irakurtzeko gustorik eman. Orduan bertsotan idazten hasi nintzen, baina poesiarako anbizionerik gabe, ideien hedatzeko bakarrik. Hala, kazetak, nahi ala ez, zuri batzuek utzi behar zituen eta irakurtzea materialki errezago gertatzen zen, eta bestalde, bertsoek ba dute halako mnemoteknia bat. Aurkezpen hutsagatik hasi nintzen bertsotan. Hola arituz bi urtez, aspertu egin nintzen bertso politiko hutsen egiteaz eta poesiara sartzeko gogoa etorri zitzaidan. Hortan, Etxahun Iruri hil zelarik hasi nintzen, orain duela bi urte.

Enetzat poesia droga bat da

Oso berria naiz poesian eta ez dut pretentsionerik eduki behar. Aprendiza naiz, ikasten ari naiz, eta aurrera ere ikasteko gogoa dut; ene burua mementuan ez dut nehon kokatzen, bilakaera batean nabil.

Poesia gure oroitzapenetarik egiten dugu parte handi batean ez dakigularik ere, eta batez ere haur denborakoetan bilatzen dugu. Gero, gure irakurketetan ere. Enetzat gaurregun poesia, biziaren hobeki jasaiteko eta edertzeko droga bat da, eta ber denboran doping bat, denboraren edo asperduraren garraitzeko. Beraz, droga eta doping-a, bietarik, eta orain ezin pasa naiz hura gabe.

Denbora guti dut idazteko eta ahal dudanean egiten dut. Orain mementuan inspirazioa dudalarik idazten dut, baina hori ez da nahiko, poesian lan asko egin behar da eta norbere burua bortxatu. Iaz inspiraziorik gabe ere egin nuen, zeren sail bat hartu bait nuen eta sail horren barnean ene burua bortxatzen bait nuen. Hola errezago da. Aurten mementuan ez dut oraindik sailik aurkitu, beraz, noizbehinka dut idazten eta ez dut uste hori denik egokiena.

Maiteen ditudan poetak esan duzu? frantsesetan Ronsard zaharretan, asko maite dut berpizkunde denborako poeta hau, gero berriagoetan Mallarmé, Verlaine, Valéry, asko maite dut Aragon, behar bada maiteena frantses poetetan. Españoletan Góngora, berriak ez ditut aski ezagutzen baina ba dut gogoa. Euskaldunetan zaharrak Etxepare, Oihenart, berriagoetan Lauaxeta: asko maite dut, nahiz zaila gertatzen zaidan, alde batetik bizkaieraz idazten duelako eta bestalde garbizalea delako; hala ere Lizardi baino maiteago dut. Gero, Aresti, bistan da. Bizi direnak ez ditut aipatuko baina horietan ere ba dira asko maite ditudanak. Mirande ere bai, gehienbat bat formaren aldetik, estetikaren aldetik; gaia eta funtsa gutiago. Idazle bezala maisua da, dudarik gabe, bai poesian eta bai prosan, eta bere bizi-denboran ez zen aski estimatu, zoritxarrez. Orain, nik uste, gorazarre edo omenaldia egin behar geniokeela Zuberoan.

Bi liburu ditut argitaratuta eta lau agertzeko, eta horietarik biga agian agertuko direnak. Agertuak, «Aberria eta klase burruka Euskal Herrian», eta «Makila Gorria», hau bertsotan. Agertzeko egon zen «Nekazari Euskalduna» izeneko bat, ekonomia eta sozialkundeaz, 70ean idatzitakoa, baina Hegoaldean irten behar zuen eta zentsurak debekatu egin zuen. Bestalde, ikastoletako haurrentzat bat ba dut prestik, frantsez editorial batean, «Otsanda, euskaldun txikia», bi hizkuntzetan, eta oraindik ez da irten. Ba dago baita ere iaz sariketa honetara presentatu nuen poema saila «Itsasoak iraultzan». Horiek hirurak agertzeko dira, eta aurtengo irabazlea, «Denboraren aroak», dirudienez agertuko dena.

Erdaraz, «Histoire du Peuple Basque», gero, han zegoen neska aterbetu batek itzulia eta Hegoaldean 80an agertua «Historia del Pueblo Vasco» bezala. Hori militante lana da, ez naiz historiadorea. Nehork ez zuen egiten historiaz ezer, deus ez dakitenen eskuetan emaiteko, eta duela 13 urte edo hasi nuen. ENBATA-k egiten zituen biltzarretan beti agertzen zen erdi-jakintsuren bat edo frantsimanen bat erraiteko: euskaldunak ez zarete herri bat, ez zarete populu bat, ezen historiarik ez duzue, eta nik baietz frogatu nahi nuen, geure historia genuela.

Azken urte hauek arte idatzitako guztiak militante-lanak izan dira.

Izkutuan pasatzen da gure drama

«Historia del Pueblo Vasco» deritzon liburuaren hitzaurrean zera dio: «Nosotros somos los Indios de la Europa capitalista, de los Estados-naciones centralizadores. Y quizás seamos también la vanguardia de una Europa de los pueblos...» eta hori azaltzeko eskatu nion, eta gu indioak gara europatiar zaharrak garelakotz eta ber denboran, etsitu nahi ez duten herri bakarretarik gara Europan. Ba dira Irlandarrak eta gaur Polonia, eta beste zenbat?, guti mementu honetan. Guk burruka bederen ba dugu, besteek ez dakit zer duten: ase eta ase, hori ote da bizian ideal bakarra. Euskaldunek ideal bat ba dugu, euskaldun askok behintzat, eta irlandarrek ere bai. Hori ekartzen diegu Europako beste herriei. Gero honek zer frutu ekarriko duen ez dakit, artean bizitzea behintzat ekartzen digu, ez gara txerri gizenak bezala bizi, gizonak bezala baizik, zutik, burruka ere bizitza delako.

Idazle militantea

Zoritxarrez, Polonia-ren antz haundia du Euskal Herriak eta nehork ez du aipatzen. Izkutuan pasatzen da Euskal Herriaren drama. Poloniarrek suerte hori behintzat ba dute, agian luzaz, mundu guztia haiei begira dagoela eta guri begira nehor ere ez dago. Honetan ez zaio bat ere arrazoirik faltatzen. Polonian, diktadura komunista gordin baten pean daude, eta golpe militar izugarria izan dute, odol eta guzti: 34.000.000 biztanletik 5.000 detenitu dute; Euskal Herrian, demokrazian, inongo diktadurarik gabe eta Otsailaren 23ko golpeak porrot egin zuelarik: 3.000.000 biztanletik 740 detenitu dute 1981an. Atera itzazue kontuak ea, eta ikusiko duzue.

Batua aterbetuei esker

Zuberotarra izanez, lehenik, Lapurtarra eta Baxenafartarra ikasi ditut, eta honek Batuarekiko gauza erreztu egin dit. Emekiemeki heldu naiz, praktikan. Euskalkia ala batua?, biak behar dira. Zuberoan, adibidez, uste dut lehenik jendeak mintzatzen duena irakatsi behar dela eta gero mailaka batuara iritxi.

Iparraldean batasuneranz joateko bidea, neurri handi batean, aterbetuei esker egina da. Alde batetik, 63tik aurrera hara heltzen hasi zirenean, harreman pertsonalen bitartez haiek hango euskalkiak ikasten hasi ziren eta gu berriz hegoaldeko euskalkietarik hartzen. Bestalde, urte oso batez, aste oro egin genuen lan aterbetu batzuek eta Iparraldeko batzuek, aterbetuetan Txillardegik bereziki. Hori guztia 64ko abuztuan bukatu zen Baionako biltzarrearekin. Hor eman ziren batuari buruzko lehen pausuak eta proposamenak, gero Euskaltzaindiak onartu zituenak.

Goizegi da historia orain idazteko, baina aterbetuek asko ekarri digute Iparraldera. Memento batzuetan ez dira aski diskretoak izan, hori seguru da, gehiegi sartu dira hango auzietan gu haurrak izan bagina bezala, baina orokorki experientzia oso positiboa izan da guretzat.

Oso gaizki daude orain. Mitterrand Giscard bezala jokatzen da, eta une hortan bere hitza jan du, ez dakigularik noiz arte izanen den hori. Oso gaizki ari da portatzen aterbetuekin.

Zuberoa

Bai Mitterrand-ek eta bai diputatu sozialistek bi urteko epean eratuko omen dutela Euskal Departamentua, hori hitz eman digute, ikusiko da. Gaur ba dabil zurru-murru bat, ea ez ote duten Zuberoa bazterrean utziko eta hori litzateke enetzat txarrena: nahiago nuke gaurko egoera, ezin ez eta Euskal Departamentu bat Zuberoa gabe. Hori azkena litzateke, Nafarroaren baztertzea bezala. Zuberoako sozialisten buruak ez daude Euskal Departamentuarentzat bero eta nik uste azpitik aurka diren.

Zuberoako egoera politikoa oso latza da. Txomin Peillen-ek esan zizun bezala, adin bateko jendean ezkertiarrak ez dira abertzaleak nahiz euskaraz hitz egiten duten; baina gaztea arruntzean abertzalea da, aski euskalduna izanen denentz, hori beste gauza bat da. Adin batekoetan biak bereizten dira, euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna, baina gazteetan ez.

Kultura mailean, ba dago Txomin Peillen, baina zoritxarrez Parisen bizi da, han bait du ogibidea. Esperantza ba du, bai guk ere, Herrira hurbilduko dutela irakasle bezala, Pau-eko unibertsitatera; Junes Casenave, asko idazten duena bereziki pastoraletan; Roger Idiart-ek ere lan asko egiten du; beste apezik ere ba dago isilka lan egiten duenik, Eppherre, Altzaiko erretora ere. Gero taldeak daude, BEDAROA, UHAITZA gazteak eta SUHAZIA, adin bateko Zuberoako euskaltzaleak biltzen dituena.

Ikastolak diru aldetik gaizki eta nekez ari dira Iparralde osoan. Jende aldetik uste zen aterbetu gehienak Hegoaldera itzuliko zirenean ikastola erori egingo zela edo behintzat biziki apal geldituko, baina ez, iraun du eta haur gehiegi ez baldin bada ere, aurrera doa emeki-emeki.

Abertzaleak impasse-an

Ezker abertzaletasunaren historia Iparraldean 1968an hasten da, alde batetik ETA-rekin eta beste aldetik Frantziako 68-ko Maiatzean eman zen mogimenduarekin. Ideia horiek ENBATAn eta horren inguruan hasi ziren hedatzen. Gero, Burgos-ko auzi denboran, nik ENBATA bere buruan sozialist bezala proklamatzera bultzatu nuen eta hala egin zuen, baina ez zuten denek ongi ulertu sozialismoa zer zen. Batzuek ikur bezala hartu zuten, baina bere funtsa gabe. Eztabaidak izaten ziren ENBATA-ren azken urteetan eta 74an Frantsez gobernuak debekatu zuelarik, HAS sortu genuen batzuk, eta gero Hegoaldekoekin EHAS. Momentu honetatik aurrera, kostatu egiten zaio hitz egitea, eta zati-zatika botatzen du ondoan datorrena, Iparraldeko egoera politikoari buruz. Belaunaldien arteko etena argi ikusten du baina denborarekin argituko delakoaren esperantza duela nabaritzen zaio, arte bitartean bizitza bizitzen eta denboraren aurka burrukatzen ari da. Nahiz eta berak ez duen nahi inor mindu bere hitzekin, egoera den moduan azaltzeko eskatzen diogu. Zergatik desagertu zen EHAS? Gazteek EHAS gaizki hartu dute, zeren Iparraldera transposatu egiten bait dute Hegoaldean dagoen egoera. EHAS-ek bere buruari uko egin dio. Abertzale sozialisten ideiak hedatu ditu eta orain impasse batean dago mogimendu politiko guztia bezala.

Taldexka eta fropuskula asko daude. Eman dezagun joera bat HERRI-TALDE-ena dela, gero EHAS eta hirugarren bat IZAN. Behar bada gehiegi da eta denbora behar da konberjentzia baten egiteko. Behar bada talde guztiak desagertuko dira. Nik polemikak alboan uzten ditut eta, denborak elkartuko gaitu, agian. Aski liteke mogimendu bat, edo biga izan litezke, bainan zertarako ukatu behar batak bestea? Nik ez dut mogimendu bakarrean sinesten.

Guk, Iparraldeko lehenbiziko abertzaleek, geure burua laster sentitu dugu zahar. Nola lehenbizikoak ginen, gero gazteagoak etorri dira beren kontestazio guztiarekin eta uste dut ez duten gainditu hori. Ba dakizu, psikoanalisian «aitaren hiltzea» deitzen den non oraindik ez dute konplitua, eta uste dut hortatik sortzen zaigula eztabaida frango, guk zerbait erraitea aski dugu, beste batzuek kontrarioa erraiteko. Hola gertatu da Euskal Departamentuarekin, guk, bereziki nik, nuen ideia hori lantzatu 62aren bukaeran, baina guk ideia hori ukan dugulakoan IPARRETARRAK edo aurka daude. Haiek ekarpen berriak egin dituzte eta ongi da, eta egoki, baina aintzinatik izan den guztia zertako ukatu behar dute? Zertako? ETA-ko lehenbizikoak «zaharrak» zioten aterbetuak zeuden PNV-koentzat, eta ni beldur naiz Iparraldeko abertzale gazteek bai eta ni beldur naiz Iparraldeko abertzale gazteek bai eta ez hain gazteek ere (hori da zoritxarra) zahar bezala edukitzen gaituztela eta gainera PNV-kin parekatzen, eta hori ez da zuzena, egoera ez delako berdina. IZAN, ENBATA-ren ingurukoa, PNV-kin parekatzen dute, EHAS ez dakit nik, EIA-rekin edo ta beren burua, dudarik gabe, HASI-rekin, eta hori faltsua da, han ez delako hemengo egoera.

Mementuan ez nago nehon ere. EHAS-en egon nintzen bukatu arte, ENBATA-n ere bukatu arte. 68an, ENBATA, hila zena, berpiztu genuen eta uste dut, berpiztu zutenetan nik nuela indar gehien egin. Hiru experientzia nahikoa da eta ez dut nonbait sartzeko gogorik.

Ezker abertzalea desmobilizatua dago kulturan salbu, batez ere organizazione mailan, baina bestalde gazteria abertzaletu egin da, hor indarra ba da. Gazte asko normalki dira abertzale, gu aldiz paranoia batean edo bizi ginen: bakar batzuek ginen eta beti mobilizatuak eta gaizki ikusiak. Ene alabak (17 eta 14 urte) abertzaleak dira, etxean beti ikusi bait dute abertzaletasuna eta inguruan ere bai, haientzat gauza normala da.

 Eta ea lehengo «paranoiko» haiek gaurregun nola dauden ikusiak galdetzean zera diost: ni aurretik behintzat, denek errespetatzen naute, nehork ez dit ele txarrik edo behar ez denik erraiten. Gero atzetik ez dakit. Hala ere, uste dut errespetua bederen irabazi dugula.

Burokrazia esklabotasuna da

 Jon Luis DAVANT-IRATZABALek bere ogia irakaskuntzatik ateratzen du, Hazparnen egiten du lan, Ecole d'Agriculture de Pays Basque-n irakasle moduan eta baita arduradun edo zuzendari moduan ere, eta dirudienez zuzendaritza horri lotua duen burokrazia ez du gehiegirik maite: Paper betetzeak ez du ezer ekartzen, ez ikasle gehiago, ez ikasleetan jakitate gehiago, ez lantegiari diru gehiago. Hori ere esklabotasun bat da, lan zozo baten meneko esklabotasuna. Nik irakaskuntza maite dut, baina, debaldetako paper betetzea Administrazioarentzat, hori hastio dut gain-gainetik. Hortan denbora gehiegi sartu behar dut. Munduan zerbait hastio baldin badut, burokrazia da, hori eta militar den erakunde guztia, estatuak eta gizarteak militar moduan eratuak baitu dira.

Azken gogoetak

 Nik ez dakit gizon hau bide zuzenean dagoenentz eta eritzirik emateko ere ez naiz inor, hortaz gure Iparraldeko anaiek dute hitza, baina lan egiteak ezer balio badu, meritu hori ezin dio inortxok ere uka. Amaitzeko, hona hemen bere gogoeta batzu: Ene burua berriz gaztetzen sentitzen dut, zeren umeak ditugunok haurrekin batera bizi egiten gara. 18 urte nituelarik, asko maite nuen poesia, eta poema txiki batzuek idazten hasi nintzen, bai euskaraz eta bai frantsesez. Nola ikasketak teknika mailean egin nituen, hori guztia galdu egin nuen. Bestalde politikan sartu nintzen abertzaletasunagatik eta horrek literaturaren aldetik urte asko galerazi dizkit, baina ene haurren bitartez berriz lotzen naiz ene 18 urtetan poesiarekin nuen maitasunari: gure haurren bitartez denboraren aurka goaz, pixka bat eternitatean sartuz.

Eta bukatzeko, zera nahi dut esan, gogoan dudala iaz sari hau irabazi zuena: Joseba Sarrionandia; askotan zoritxarra izan dute euskal poetek, Etxahun Barkoxekoa oso malerus bizi izan zen, Lauaxeta fusilatu egin zuten bere adiskide Federico García Lorca bezala, Enbeita ere kartzelan eduki dute... Indar guztiez nahi nuke Joseba ere laster aska dezaten.

J. R. BILBAO


Dossierra

Euskararen irakaskuntzan asmo ezberdinak bizi: AEK, HABE eta beste

GURE HIZKUNTZAREN IRAKASKUNTZAREN PROZESUA OSO NEKETSUA IZAN DA URTE BATZUTAN. ALFABETATZE EUSKALDUNTZERAKO AHALEGINETAN JO TA KE HASITA GAUR ARTE IRAUTEN DUEN BILAKAERA BI ADARRETAN BANATU ZAIZKIGU: AEK ETA EUSKAL GOBERNUAK SORTU BERRI HABE.

HORREN BERRI ZEHATZAGOAK JAKIN NAHIZ ANAITASUNAKO BULEGOETARA HURBILDU DITUGU BI ERAKUNDE HAUEN ORDEZKARIAK. AEK ALDETIK, JESUS NABERAN; HABE-TIK, JOXE JOAN TXABARRI. HONA HEMEN BERAIEK AZALDU DIZKIGUTEN NAHI ETA KEZKA GUZTIAK:

Anaitasunak: «Hasteko, konda iezaguzue erakundeon historia...»

Jesus NABERANek: «AEK hirurogeigarren urteetan sortu zen, beste mogimendu batzuren antzera: literatura uhin berria, ikastolen mogimendua, mogimendu politiko berria e.a. Koordinakundea herri dinamika batek bultzatuta jaio zen. Bere historia gora behera askotakoa da eta bere bilakaera izan du. Bilakaera hau gorakakoa izan da, bai ikasle-kopuru aldetik, bai bere egitekoaren kontzientzia aldetik.

Anaitasunak: «Zer datu daukazue horri buruz?»

 Naberanek: «Ba ditugu Euskal Herri mailakako estudioak. Gipuzkoakoak eginda daude eta publikatzea espero ditugu. AEK, ikaslegoari dagokionez, beti gorantz joan dela ikusten da eta 1976-1977 urteetararte gorakada normala izan zen. Aipatutako ikasturte honetan, hots, 1976-1977ean gorakada itzela izan zuen Koordinakundeak, % 300koa. Goreneko gailurra urte hauetan jo zuen. Urte hau Francoren heriotza ostekoa da eta jende asko eta asko euskara ikasteari lotu zitzaion. Orduan, normala den legez, gorakada nabarmen hori jaso ondoren beherakada etorri zen, baina ez zen lehengo topera heldu, laburrago izan baitzen. Datuek esaten digutenez, esaterako, 75-76. ikasturtean 4.162 ikasleak zeuden Gipuzkoan. 78-79.ean, 8.387 genituelarik. 80-81.ean, berriz, 6.585 lagun izan dira. Ikasle-kopurua ordutik hona mantendu egin da. Gorakada honen ezaugarria zera izango litzateke, industri-hirietan gertatu dela gehienbat: Gipuzkoan, esaterako, Errenderian, Hernanin, Tolosan, Goiherri inguruan, ikaslegoaren % 66a, kokatzen da eta Eibarren, Leintzen eta Zumarraga aldean % 25a ikusten dugu.

Anaitasunak: «Ikaslegoaren osaketaz ezertxo esango zeniguke? Nolakoa da?

 Naberanek: Denetarik daukagu, Emakumeak esku-hartze garrantzizkoa eduki du bilakaera honetan. Alfabetatze-euskalduntze prozesu honetan gazteek ere inportantzia haundia izan dute. Ikasleak hogeitik hogeitamar urteko bitarte honetan daude, gehienbat. Beste datu bat zera da: Estratu guztiak daudela integraturik. Gure klaseak ez dira jende mota batez bakarrik osatzen. Ba daude langileak, zuzendariak, gerenteak, goi mailako ikasleak, intelektualak, etxekoandreak, eta baita ere etorkinek gero eta parte gehiago hartu dute. Ikusten denez, historia barman, eta ikaslego kopuruari dagokionez, gorakako bilakaera izan dugula, eta irakaskuntza gaitasunari buruz eta eraketari buruz ere bai. Honela, zenbat eta jende gehiago euskararako, euskal eskolek organizazio bat, eraketa bat antolatu behar izan dutela ikusten da Erakundeak, arduradunak, herri arduradunak, eskualde arduradunak, herrialde arduradunak eta nazio mailako batzordea ere ba ditu. Didaktika aldetiko eskakizunei erantzuteko ere ahalegin handiak izan dira. 1978-80 urteetan didaktikazko fruituak eduki ditugu eta ikasleei zuzendutako Urraspideak atera ditugu irakasleen prestakuntzerako Ikastaroak ere antolatzen dira. Orain urte bi eta iaz ere hainbat irakaslek hartu zuen parte ikastaro honetan. Esaterako, iaz bertan, 700-800 irakaslek hartu zuten Parte, hauetariko 400 Bizkaikoak zirelarik.

Anaitasunak: Zenbat euskaldun irteten da urtean AEKtik?

 J. Naberanek: Datu estadistikoak bakarrik Gipuzkoan daude eta mailaka. Lehenengo mailan makina bat pertsona apuntatzen da, baina gorakada hori pasatu ondoren bigarren eta hirugarren mailetan mantendu egiten dira. Hemen ez dauzkat datuen kopuruak baina lehengoaz konparatuta hirugarren mailakoak ugari direla ematen du eta honek hainbat pertsonak oinarrizko euskara AEK barruan hartu duela esan nahi digu. Orain, oinarrizko euskara hori mantentzea beste arazo bat da. Eskolatik kanpora atera ostean askok ez du euskara erabiltzen eta horregatik ezin daiteke kontrola zenbat heltzen den euskara zeharo menperatzera.

Anaitasunak: Zeintzu izan dira AEK-rentzako oztoporik inportanteenak bere lana aurrera eramateko?

 Naberanek: AEKk, bere historian zehar aurkako faktoreak eduki ditu. Esaterako, oso inportantea dugu inguruaren falta. Eskolak bakarrik ez du euskalduntzen. Inguru euskalduna behar-beharrezkoa zaigu. Beste faktore bat garai batetan, erdi klandestinitatean ibili behar izan genuela izan zen, eta, noski, instituzio publikoen laguntzarik eza. Orduan diru eskasaz eta diru faltan egin dugu guztia. Orain ere, instituzio publikoak ez dira hain aldekoak eta hori, gure ustez, AEKren funtzionamendurako oztopo haundia da. Guk bokazioaz sortu zen herriko instituzio bat osatzen dugu, eta zerbitzu publiko bezala diru publikoa eskatzen dugu, eta dirutza hau, neurri haundi batetan falta zaigu. Gauza hala egonez, bi bide ditugu: Militantzia, boluntarismoa, irakasleak ez kobratuz edo haien soldata gutxituz, edo finantziatzio pribatua sortzea, ikasleei kuotak gehituz. Bestea, guk eskatzen duguna, zera da: ente publikoak publikotasuna eman diezagutela. Hiru probintzietan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroan Diputazioak, Iparraldean beste edozein ente publikok. Horixe da gure eskakizuna: Publikotasuna. Gu ez gara lukroagatik lanean aritzen den erakunde bat eta orduan diru publikoaz mantendu behar genuke.

 Txabarrik: «Nire ustez, eztabaida puntu nagusi batetan dago, betikoan. AEKrengandik dagoen politikotasunaren erreibindikazioa eta Gobernuaren ikuspegitik publikotasuna nolakoa den. Publikotasuna aipatzean AEKk hitz honen esan nahi desegoki bat erabiltzen duela uste dugu. Publikotasunak esan nahi du Gobernuak —eta Gobernuak soilik du publikotasunaren maitza— ente bati irizpide batzu ematen dizkiola bere jokabidearen arauera jokatzeko. Horixe da publikotasuna eta honek, noski, diru iturri bat dauka sistema politiko baten antolaketan. Zer gertatzen da hemen? Publikotasuna eskatzen dela baina honen atzean Gobernuarengandik ihez egin nahi bat da eta AEKri komeni zaion bezala funzionatzeko gogoa dela. AEKk beti esan digu bere burua autogestionariotzat hartzen duela eta burokrazia onartzen ez duela. Orduan gertatzen da, herri honetan agintzen ari den gobernuak ez duela bere burua autogestionariotzat hartzen eta burokrazia onartzen duela, kontuz, ez naiz burokraziaren zentzu peioratiboaz ari. Baina publikoa dela esatea, eta gero publikoaren aurkako bi irizpide hartzea... Hemen publikoa da Gobernuaren irizpideak jarraitu eta aplikatu egiten dituen taldea. Beste inor ez. Gure ustez, euskararen irakaskuntzak publiko izan behar du puntu honetan, eta momentu honetan Gobernua ez da Autogestionario. Hau honelakoxea da, eta maila pertsonalean gustatu edo ez, onartu egin behar dugu. Erakundeak —eta euskararen irakaskuntzarakoak ere bai, noski— herri honek daukan parlamentuarenpean eraiki behar dira. 1979ean egin genuen planteiamenduan bi puntu hauek bazeuden eta AEKk ez zituen onartu. Guk berriro diogu euskararen irakaskuntzak publikoa izan behar duela eta ikasleei ahalik eta gutxien kobratu behar zaiela, kosto minimoak izan behar dituzte. Hori oso garbi dugu. Orain, momentu honetan gustatu edo ez gustatu boterea daukan Gobernua, hori irizpide politikoa baino ez da eta publikoa izateko Gobernuaren irizpideen barruan sartu egin behar da eta hor ez dago beste mamirik. Gero era ba dago Naberanek esaten duen beste arazo bat: kontrolarena. Hemen publikoak diren ente guztiek Parlamentuaren kontrola daukate, gustatu ala ez gustatu. Hori herri guztietan gertatzen da eta Euskal Herrian ere bai, noski.

Anaitasunak: Hala ere, askotan aipatzen da Valencia-ko mahai-inguru batetan esan esan zenutena: Gobernuak ez zuela herri erakundeak suplantatuko...

 Txabarrik: Bai, hau oraintxe irakurri dut Anaitasunaren azken ale hontan. Zera jartzen du: «Las instituciones oficiales apoyarán, canalizarán y promocionarán, pero nunca suplantarán el papel de las iniciativas populares, y menos aún en el País Vasco, dada su dinámica de lucha en los últimos años...». HABE, euskararen irakaskuntzan bide publiko bat eramaten duen entea da. Publikoa izatea, beste gauza batzuren artean, konkurtso publikoak irekitzea eskatzen du. Orduan, guk irakasleak edukitzeko Kultura Sailaren ohar bat ipintzen dugu komunikabideetan, zenbat irakasle behar dugun esanez. Eta nahi dutenak presentatzen dira, AEKkoak izan, Oñatibia ikastetxekoak izan, Labayrukoak izan... Konbokatoria bat egiten da eta kito! Instituzionalizatze prozesu bat ireki da eta hor irakasle izateko nahi duena presenta daiteke... HABEren sorrerak euskararen irakaskuntzarako zera lortu du, herri honek hainbat irakasle profesional ba dituela, leku egokiekin eta ikasleen kostuak erabat gutxituta daudela. Gure plantilla profesional konkurtso publiko baten bidez egin dugu, ez AEKri kenduz. Gure konbokatoriara 70 irakasle presentatu ziren eta examina pasatu ondoren Euskal Gobernuaren funtzionarioak dira. Orduan, bi puntu ditugu eztabaidan: bata publikotasun kontzeptuarena, bestea kontrolarena.

 J. Naberanek: Publikotasuna ez du Gobernuak sortzen, nire ustez. AEK zerbitzu publikoa izan zen eta Gobernuak ba diren zerbitzu publikoak eta edozein elkarte bultzatu eta indartu behar ditu. Publikotasunaren kontzeptu honetan guk ez dugu publikoa gubernamentalarekin identifikatzen. Publikotasuna praktika batek sortzen du eta orduan laguntza eman behar zaio. AEK erakundetuta egon zen 1979. urtean, aurreprojektua presentatu zenean, gobernuaren aldetik publikotasuna errekonozitzea eskatu zuenean, bakarrik minimo batzu jarri zituen. Guk nahi genuena ere funtzionamendu demokratiko bat zen, ez dugu edozein postu hatzamarrez izendetzerik nahi. Funtzionamendu demokratikoaren alde gaude, bai eraketaz bai didaktikaz. AEKk eduki duen herridinamika mantendu nahi dugu. Euskal Herri osoan funtzionatu nahi dugu. Gure ustez herri-dinamikak ez du euskalduntze-alfabetatzeen ikuspegi akademikoetara bakarrik mugatzen. Eskolak ez du soilik euskalduntzen. Herriak, euskara duen herriak, sartu behar du prozeso honetan, euskara daukanak ez daukanan emanez Irakaskuntzak, berak, modu berekoa izan behar du, ez akademikoa ematen badu, esaterako, gu beti egongo gara prest diru publiko hau kontrolatzeko begiraleak jartzeko. Nahi ez duguna ideologiaren trasbase bat da. Parlamental kontrola, bai, baina ez ideologiaren trasbaseaz. Ideologia leku guztietan dago, eta, euskararen irakaskintza azpian ere bai. Ez dugu Gobernuak herri-dinamika hori suplantatzerik gura, lagun diezagula baino.

 Txabarrik: Hemen suplantazio hitza aipatzen da. Guk argi daukagu zer den hau. Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzea instituzionalizatu egin behar da eta instituzionalizatzeko bideak administrazioak ezartzen ditu, ez administratuek. Azpian filosofia politiko bat dagola esaten dute. Beno, hemen projektu politiko bat defendatzen ari gara eta jakin behar dugu zer den demokratikoa eta zer ez den. Hori Parlamentuan eztabaidatzen da eta gero Administrazioak Parlamentuan erabagitakoa bete beharrak dauka eta kitto! Besterik ez. Hatzamarrez bai, hatzamarrez ez, nola salbatuko den euskara... Ez da gure problema. Hemen bakoitzak euskara nola salbatuko den esaten digu: EHE taldeak, Mitxelenak bere polemikaz, UZEIk, AEKk beste horrenbeste. Hemen nork bere lana bete behar du ahal bezain ondo. Denon beharra dago, noski, baldintzak administrazioak berak jartzen ditu. Guk, honen arauera, euskararen irakaskintza instituzionalizatzeko bide bat zabaldu dugu, biderik demokratikoena, Parlamentuan onartutakoa, hain zuzen. Parlamentuak esaten du euskararen irakaskuntza instituzionalizatu behar dela. Konkurtso publikoaz egiten da eta hori AEKri presentatu genien baina hauek ezetz «guk ez dugu tribunalik onartzen» esan zuten. «Nor ausartuko da gu epaitzera». Anda puñeta! Zoroen herrian bizi ote gara? Instituzioak bide publikora eramateko konkurtso publikoak egiten dira eta tribunal bat ba dago, eta handik pasatzen da jendea. Ez dago beste problemarik. Horixe digu HABEren historia. Bestea projektu politikoa da. Ez da gure problema.

 Naberanek: Euskal Kontseilu Nagusiarekin negoziatzen hasi ginenean puntu minimo batzu jarri genituen, diru publikoa, begiralen kontua eta territorialitatearen kontuak, beste batzuren artean, aztertzeko. AEKren gutxiego batek minimo horiek kontutan hartu gabe Euskal Kontseilu Nagusiaren proposamena onartzea nahi zuen, baina eztabaidatu ondoren gehiengoak EKNren aurreprojektua onartzea erabaki zuen, baina minimo horiek presentatuz.

 EKNrekin negoziaketan hasteko bederatzi puntu onartu behar genituen eta AEKk onartu egin zituen kontseiluarekiko harremanak hasteko. Orduan Lazkaon biltzea erabaki genuen negoziaketak edukitzeko. Hala ere, EKNren errepresentantea ez zen agertu. Telefonoz jo ziguten ez zirela azalduko esanez eta negoziaketak gelditu ziren. Ez genuen erantzunik jaso. Gero jaurlaritza sortu zen eta Garaikoetxearekin berarekin egon nahi izan genuen baina ezina. 1980eko Ekainetik aurrera jaurlaritzaren errepresentantea nor zen jakiteko ahaleginak egin genituen. Etxenikeren bitartez Amatiño zela jakin genuen. Gero elkarrizketa batzu izan genituen Kultur Kontseilariarekin 1981eko udaberrian 81-82 urteko plana presentatu genion Euskal Gobernuari. Gasteizen aurkeztu zen, Aste Santuan edo. Eusko jaurlaritzak plan hori aztertzeko denbora beharra zeukala esan zigun epe bat eskatuz, Parlamentuan eztabaida gogorra izango zen eta. Orain arte ez dugu ezer hartu. Gobernuaren erantzun bakarra HABE sortzea izan da.

 Txabarrik: Hor badago argitu beharreko punturik. Naberanek EKNren ordezkaria ez zela Lazkaon agertu gogorazten du. Ezin daiteke historia ahaztu. Egun berean, Donostian bildu ginan eta egun berean EKN desagertu zen eta Gotzon Olartek dimititu egin zuen, pare bate hilabete pasatu genuen Kultur Kontseilaririk gabe. Orduan, mementu hartan ez genekien ere nor izango zen Kultur-Kontseilaria. Jarraian, Ramon Labayen izendatu zutenean, honek kargoak eta ekipo osoak egiteko aste tarte bar behar izan zuen eta honetan hilabete batzu joan ziren.

Prozesu historiko hau ahantzerik ez daukagu. EKNtik Jaurlaritzara botazioak daude, Autonomi Estatutoa eta abar. Hori guztiori bukatu eta gero, negoziaketak berplanteatzen diren egunean, arazo honi irteera instituzionala eman behar zaiola pentsatzen da, Gobernuaren programan dago eta. Eztabaida segitzean, azpikaldean filosofia politiko ezberdinen auzia dagoela ikusiz. HABE sortzen dugu, Gobernuak ahaleginak egiten ditu euskararen irakaskuntza instituzionalizatzeko eta horretarako bide bat markatzen du. Hemen ez dago esaterik gai hau Gobernuari ez zaiola axola. Gobernuak ez du inor marginatu nahi eta AEKren irakaslegoari ere instituzionalizatze prozesu horren atea ireki dio.

Anaitasunak: Zein irakaskuntz-moeta nahi duzue? Nondik datorkizue dirua? Etorkizunerako perspektibak...?

 Naberanek: AEKk 1981eko ikasturtea amaitu baino lehen alternatiba bat jarri zuen. Euskararen irakaskuntz-alternatiba. Helburu nagusiak markatu genituen, bai didaktika aldetik baita eraketa aldetik ere. Laburtzeko, AEKren euskararen irakaskuntzarekiko helburu nagusia adineko jendea euskalduntzea zen eta Euskal Herriak bere hizkuntza berreskuratzea elebitasuna soziala lortuz epe laburrera. Ikasleen eskabidei erantzuteko prest egon nahi genuen eta honek irakaskuntza nolakoa den baldintzatzen du, ahalik eta lasterren Euskal Herri berreuskalduntzeko. Gure helburua epe laburrera hiztun asko sortzea da. Honen ondorioz, ikastaroetako ordu kontua sartzen da. Honela ikastaro intensiboagoak ipini behar ditugu irakaskuntza planifikatuz, irakasle eskolak ere bultzatuz. Eskola hauek eskualde batzutan funtzionatzen dute. Bizkaian Bilbon, Busturian eta abar. Hiztun asko sortzeko ikaslegoari aukera eman behar zaio. Astean sei ordu sartu ezin badu, lau eman ditzala, bere bere posibilitateetara egokituz. Eta beste gauza garrantzitsu bat: Giroa euskararen aldekoa nahi dugu, eskolatik at giro euskalduna egon dadila, AEKren azpiegituraz baliatuz. Euskaltegi gehiago irekitzen ari gara, ordu gehiago ematen baitira hango ikastaroetan, eta irakasleak gero eta prestatuagoak eduki behar ditugulakoan gaude. Euskaltegiak auzoetako gaueskolen dinamizatzaileak izan daitezela nahi dugu, gaueskolekin batu, euskaltegietako materiala gaueskoletara eramanez e.a. Ikasturte honetan zenbait euskaltegi berri zabaldu ditugu: Bilbon, R.M. Azkue; Donostian, Rikardo Arregi, Bizkaian, Lauaxeta...

Anaitasunak: «Zein da AEKren benetako ikasle-kopurua?

 Naberanek: «Bizkaikoak, orokorki, 11.000, iaz. Aurten, urrian, 9.100 edo matrikulatu dira. Geroztik gehiago apuntatzen dira eta udako ikastaroak egiten dituztenak kopuru honen barruan sartu gabe daude. Kopuru hontan ez da kontatzen doblea ikasleak beste ikastaro bat egiten badu.

 Txabarrik: «Lehenago esan duzu AEK euskaltegiak sortzen ari dela. Nik gauzatxo bat gogoratu nahi nuke. Orain ez dela asko, Donostian Ilazpi sortu zenean, Gipuzkoako AEK —Orduko AEK— Ilazpiren kontra egon zen. Antzeko prozesua eman zen Bilbon, Gabriel Aresti euskaltegian. Han, Jon Ajuriak askotan esaten duenez, AEK ofiziala eta bere buruak euskaltegi ofizial hori sortzearen kontra jarri ziren. Euskaltegiak babesteko bidera berandu jo zenuten. Ezin daiteke ahaztu, instituzionalizatze prozesu bat ireki denean, gaueskoletatik euskaltegietarako pausu hoiek ematean, AEK bera honen kontra egon denik. Eta ezin daiteke ahaztu ere Bilbon dauden zenbait euskaltegi haundi AEKren bidearen alde ez daudenik. Bilbo Zaharraren kasua oso nabarmena da...

 Naberanek: «AEKk bere alternatiba HABE sortu aurretik aurkeztu zuen. 1980-81 ikasturtea amaitu baino lehen, alternatiba AEKren zentru guztietan presentatu genuen Lehenago AEK barruan eritzi ezberdinak egon direla euskaltegiei buruz? Hori normala da, baina AEK ez doa euskaltegien kontra.

Beste puntu bat argitu nahi nuke. AEKren prozesua gaueskoletatik eta herri-eskoletatik atera ditugun experientzietatik irten dela euskaltegien beharra, eta ez alderantziz.

 Txabarrik: «Beno, berriz diot gaueskoletako zenbait pertsonak Ilazpi eta Gabriel Aresti sortu beharra ikusi zutela eta AEK, AEK ofiziala, horren kontra jarri zela».

 Naberanek: AEK ofiziala ez da euskaltegien kontra joan. AEKko batzu, beste batzutan kontra egongo zirela? Ba, bai».

 Txabarrik: «Beno, ni, honek markatu dituen helburuekin eta abar, Konforme. Erreferentzi-puntu bezala, ba dirudi kopiatuta dagoela».

 Naberanek: «Nik uste dut aldrebes izango dela...»

Anaitasunak: «Guk ez du gu ulertzen nola euskararen irakaskuntzarako bi erakunde elkar ikusi ezinik dauden... Ba dirudi HABE AEKren kontra eta AEK HABEren kontra daudela».

 Txabarrik: «Ez, Hemen gertatzen dena instituzio bide bat ba dagoela eta zenbaitek ez duela jarraitu nahi. Bi jokaera ezberdin daude. Nork daukan arrazoia? Hori historiak esango du. Denborak...»

 Naberanek: «Zuk esan duzu instituzionalizatze prozesu bat ireki dela eta Gobernuari ez zaiola axola filosofia politikoen auzia. Guk Euskal Herrian filosofia politiko ezberdinak daudela esaten dugu. Ados gaude. Arau etikoak exijitzen ditugu. Besterik ez. Ez suplantatzea. Gobernuak AEK bezalako mugimendua ez aipatzea...»

 Txabarrik: «Hemen, Gobernuak euskararen irakaskuntzarako erakunde bat sortu du eta honen barruan sartu nahi izan ez dutenentzat subentzio bide bat jarri du. Guk ez dugu inor baztertu. Nik dakidanez, hiru probintzi honetan 66 milioiko presupostua ez da inoiz jaso. Eta guk dirutza hori ematen dugu. Ezin daiteke esan ahazte bat dagoenik. Gobernuaren filosofia pezetatan neurtzen da eta Gobernuak, aurten, 106 milioi eman ditu HABEren sorreran eta 66 milioi besteak subentzionatzeko».

Anaitasunak: «Horixe da kritikatzen dizueten puntu bat. Nolatan AEKk ikasle kopuru haundiagoa edukiz HABEri 106 milioi eta besteei 66?

 Txabarrik: «HABEren euskaltegiak zentro publikoak dira eta zentro publikoak esan nahi du Gobernuak % ehun bereganatzen duela. Euskararen irakaskuntzak publikoa izan behar du. Gero, zuk publikotasunetik aparte beste gauza bat egin nahi baduzu. Hori, zure problema da. Gobernuak ikasle bakoitzari bere euskararen irakaskuntza zer kostatzen zaion jakin nahi du. Hau erraz da egiten multiplikazioekin. Zuk ikasle batek urtean 200 ordu jaso behar dituela jartzen duzu eta irakasleari 200 ordu emateagatik 700 pezeta orduko pagatzen badiozu, talde honen kostea 150.000 pezetakoa da. Talde honek 15 pertsona baditu eta ikasle bakoitzari 40 pezeta orduko kobratzen bazaio, orduak 200 izanez, hemendik 120.000 pezeta ateratzen dira. Hau betetzera gatoz. Hemengo defizita, irakaslearen koste bera 20.000 pezetakoa da. Non dago diferentzia? Hauxe da, askoz gutxiago kobratzen zaiela HABEko ikasleei. Zuk, zentro pribatu batetan zeure planifikazioa egin beharko duzu. Administrazioak bere eskalak ditu. Goikoak agintzeko omen daude. Irakaskuntza pribatuak alde on asko ditu baina garestiagoa da. HABE Eusko Jaurlaritzaren kultur saileko zerbitzu bat da.

Anaitasunak: «Baina pribatuak publikoak baino askoz gehiago direla gertatzen da».

 Txabarrik: Hor, nolabait, plangintza baten problema dago. Guk, iaz, zazpi euskaltegi ireki ditugu eta gure asmoa da euskaltegi hauen experientziaz datoren urtean gehiago zabaltzea. Hurrengo ikasturtean Bilboko euskaltegiak doblatu egingo dira, arratsaldean klaseak ere emango dira. Donostian eta Gasteizen beste horrenbeste. Gipuzkoako Diputazioak erabakita dauka jadanik Eibarren, Tolosan, Errenderian, eta Irunen euskaltegiak irekiko direla. Hori beste urrats beri bat da gure helburura ailegatzeko. Guk herri bakoitzean zentro publiko bat irekitzea nahi dugu. Pribatuei subentzioak emango zaizkie».

 Naberanek: «Hori gauza anormala da. Guk ez dugu AEK ente pribatutzat jotzerik admititzen. Arraroa da 800 ikasle eta 70 irakasle dituen entitatea publikotzat jotzea 27.000-30.000 ikasle eta 800 irakasle baino dituena publikotasunaren zentzutik urrunduz».

Anaitasunak: «Gasteizko bilera famatu horretan, zerrendan sartuta egon arren, ez ziren zenbait euskaltegi eta gaueskola agertu. Zergatik suposatzen da agertu ez zirenek onartzen zutela?»

 Txabarrik: «Problemarik ez edukitzeagatik. Hori arras normala da. Fitxa batzu ireki eta zenbatu egin ziren eta zentro guztiei bidali ere bai. Fitxak bueltatu ez bazituzten haien problema. Bilera hontan gaueskola eta zentru guztiek beren lehengotasuna aurkitzeko administrazioarekin pixkanaka elkarrizketan sartu nahi zela agertu zen. AEKren jendea kanpora Joan zen, itxuraz ez zuten hori gogoz hartu. Gero beste bilera batzutara ez deitzeaz kexatzen dira. Administrazioak ohar batzu ipintzen ditu. Gero, zuek ez baduzue jaramonik ere egiten...»

Anaitasunak: «Subentzioez ez zarete akordio batetara heldu, antza denez. Nola banatuko duzue dirua? Ba dago susmorik examina moetari buruz eta administrazioak haren ondorioak erabiliko dituela bere entea HABE, laguntzeko...

 Txabarrik: Subentzioak mailaka egingo dira. Honela lehengo mailakoentzat, 1.000 pezetakoz izango da. Bigarrenean, 2.000; hirugarrenean, 6.000 eta laugarrenean, 14.000. Baldintzak jarririk daude, hain zuzen berrehun orduko ikastaroa eta sei ordu astean gutxienez eman behar zela erabaki genuen. Fitxa batzu eman ziren eta halako epe jakin baten barruan Jaurlaritzak hartu behar zituen. Lehenengo eta bigarren mailako subentzioa nahiko txikiak izanik a fondo perdido ematen ziren eta hirugarren eta laugarren mailakoek examina baten bidez jazoko dute subentzioa. Hortaz polemika sortu zenez berriz komentatu ondoren diru guztia zentroei ematearen alde jarri ginen. Honen arauera, guk hamasei mila fitxa jaso ditugu eta baremoak aplikatuz hirurogeita sei miloiko subentzioa ateratzen da. Gure asmoa da lehenengo eta bigarren mailakoa orain pagatzea eta hirugarren eta laugarren mailetakoa Ekainako examina gainditzean. Dirua zentru bakoitzari emango zaio lege nortasuna baldin badauka.

Anaitasunak: Zer da lege nortasun hori?

 Txabarrik: Zentro batek lege aurrean errekonozituta egon behar du. Bestela dirua pertsona indibidualaren kontuan egin behar da eta Gobernuak ezin du hola jokatu.

Examinan buruz susmoak eta badaudela? Hori denborak esango du. Hortarako HABEn pegagogo eta sikologo talde bat badago eta ez dut uste konotazio politikorik daukatenik esan daitekeenik. Eta examina hori egingo dute.

Anaitasunak: Orduan, examina HABEko batzuk planifikatuko dute? Hori ez al da susmagarria?

 Txabarrik: Normala da instituzionalizatze bat irekitzen den mementuan susmoak agertzea. Hori denborak esango du. Problema HABE eta AEK enfrentatu nahi dela da. HABEko euskaltegietan tekniko batzu daude pedagogo eta sikologoak. Diputazioak arkitektuak dituen bezala. Ezin daitezke gauzak kontra jarri.

 Naberanek: Subentzioak zentroetara doaz AEKk erakunde bezala dirua bar ez dezan. Nortasun juridikoa soluzionatzen da Madrilen paper batzu eginez. Gure ustez AEKk badauka zabalkunde eta historia Euskal Herri osoan, honela bere nortasuna azalduta dagoelarik. AEK barruan problema zera da: zentro homologatuak —Euskaltegi Nagusiak—, komenio partikularrez egin daitezkeen zentruak eta beste batzu nabarmentzea. Eta gero Gau Eskola ere badago. Jendea diskriminatuta egongo da. Subentzioen kontua jakitean zentruetako ikasleek asanbladak egin zituzten. Honela leku batzutan ez hartzea erabaki da.

 Txabarrik: Gaueskolen kontuan dirua banatu aurretik zentsoa egin behar da. Dena argi egongo denean Gobernuak dirua Udalari emango dio honek banatzeko. Gu, geure plangintzari segituz, Hondarrabian barne ikastaro bat egiten ari gara, oso ondo doanez datorren urtean Goiherri beste bat egingo. Bertako euskal eskolek hori onartu dute eta lanean ari gara.

 Naberanek: Gohierrik bere arazoak eduki ditu HABEren eskutik ikastaroak antolatzeko eta, lehen experientzia, euskalduntzen prozesu osoa irekitzekoa, lau hilabetetan eta AEKrekin egin zuten. Oso ondo atera zen baina ehun mila pezeta kostatu zitzaien eta guk dirua aldetik ezin dugu hori egin. Hemen euskararen irakaskuntzarako plangintza orokorra egin behar du Eusko Jaurlaritzak eta gu inplikatuta sentitzen gara. Botereak ez du plangintza hori behar bezala abordatzen. Euskal Giroa sortu behar da, ez klaseak antolatu bakarrik. Guk Gobernuari plangintza serioa eskatzen diogu.

 Txabarri: Argi dago, plangintza hori HABEren eginkizuna ez dela. Gobernuak HABEri helduen alfabetatze euskalduntzerako euskaltegiak irekitzea esan dio. Eta giroa ere eginez goaz. Gipuzkoan, esaterako, egunean hamabi ordu euskaraz daude irratian, Bilbon, sei. Telebistaren projektuak ere aurrera jarraitzen du.

Anaitasunak: AEKren plangintzaren alde ez egoteagatik ikusten den banaketaren beldur ez al zarete? Ez al dago AEK apurtzeko arriskurik?

 Naberanek: AEKk oso serioa planteiatu du bere etorkizuna. Ponentzia batzu Euskal Herri mailan presentatu ditugu. Debatea eskualdeka eramango da eta AEK zer eta nolakoa izan beharko duen erabakiko da. Zein iritzi dagoen ere agertuz.

J.M. PASTOR


Ekonomia

Yankiak aurrezkiaren aurkarako omen

Amerikarrei, egia esan, zaie bat ere gustatzen aurrezkia, edo behintzat, horixe izan da azken urteotan adierazi egin digutena. Iaz, kasureko, sartze erabilgarrietatik %5,6 baino ez zen inbertitzen ahorroan. Beraz Europan baino askoz gutxiegi zen amerikarrek aurrezki kutxa eta bankuen eskuetan jartzen zuten dirua hona hainbat kasu esate baterako: Alemanian %11,11a sartzen zen bankuetara, Kanadan %12,7 eta Japoian %14,2.

Baina amerikarrek geroago eta gutxiago aurreztu dute urterik urte, 1975. urteko udaberrian, adibidez, %10,7a gordetzen zen aktibitate honetarako.70 urteetako inflazioak aski markatu ditu hango biztanleak aurrezteari kasurik ez egiteko.

Orain, aldiz, eta bertoko lehendakariak bultzaturik beste ikuspegi bat eman nahi zaio aurrezkiari. Planak eta lanak zabaldurik daude nonnahi eta yankiek badute aukerarik zein eratako ahorro mota den gehien interesatzen zaiena jakiteko eta harantz hurbiltzeko.

Ikus ditzagun zenbait era ezberdin aurrezki hau aurrera eramateko, Ifar Ameriketan, noski:

 All Saversak aurrezki zertifikatuak dira eta hauek erosteak zergetatik desgrabatzen du eroslea. Ahorratzaileak nonnahi eros ditzake zertifikatuok 500 dolar inbertituz, inbertsioaren truke hauxe da jasoko duena: Tesoreria Letrek izango duten errendimientoaren %70a, hau guzti hau urte beteko epera inbertituez gero.

 IRA izenaz ezagutzen da Erretirorako asmatu den ahorro moeta berezia. Hemen, pentsio sistimak babesten ez duen jubilatuak bere erretiro berezia asma dezake fiskoari ezer ordaindu gabe eta urtean 1.500 dolar aurreztuz (250 gehiago ezarleak lan gabe dagoen emazterik balu).

Baina, egia esan, aurrezki mota hauek dirudunentzat baino ez dira. Newsweek astekariak dioen bezalaxe ahorro mota hau bakarrik izan daiteke errentable ezartzen den diru kopuruak 35.000 edo 40.000 dolaretik gora joten duenean. Hortik behera ez da inoiz errentable izango. Eman dezagun dolarra hirurogeita hamar pezetatan legokeela, pentsa beza irakurleak zer nolako inbertsio galania egin beharko ahorraturiko dirua lehiotik ez botatzeko.

Ekonomi larrialdiak egokiak omen dira aurrezkia zabaltzeko. Larrialdiak badu ere langabetuen artean dirua gordetzeko zaletasuna zabaltzen, asko baitira haiek zorrak berehala ordaintzeari ekiten diotenak zor zergen interesak igo ez daitezen eta, bestalde, gerta dakiokeen langabezia gainditzeko dirua banketxetara hurbiltzen dutenak estualdiren batetan irtenbiderik eskura ahal izateko.

Amerikarrek badakite haien ekonomia aldatz behera doana, baina 1982. urtearen bigarren aldirako itxaroten da lehen erreaktibazioaren agerpena.

Reagan-ek bultzatzen duen programak helburu oso konkretoa du: Ameriketako burgesia aurrezkizaletzea. Zerbait asma beharrean aurkitzen dira errepublikazaleak USAn hiru urtetan zehar 750.000 dolar bultzatu nahi baldin badute dirujoko berrira.

IÑAKI POLO


[Komikia]


Bertso paperak

Anaitasuna. Lehenengo bertso-paperen lehiaketa

Bertso berri hauek diotenez, «Urri huntako bederatzian», Xabier Amurizak EGINeko Arrano Beltzean artikulu xelebre bat idatzi zuen. Garazi eskualdeko Gamarte herrian gertatu omen zitzaionaz. Han «ganbara» edo «ganbera» lo egiteko gelari esaten diote. Bizkaian, ordea, etxearen gorengo lekuari. Artoak, patatak eta etxeko trasteak gordetzeko lekuari.

Gau batez Arrano Beltza etxe hartara heldu omen zen eta etxekoak lo zeuden. Baina ate ostean edo ate gibelean abisu hau idatzia zen, aurretik hala hitzeginak baitzeuden: «Ganbera irekia duzu». Goizaldeko ordu bietan, Arrano Beltzak goiko trastelekua ulertu zuen eta hura trantzea. Gai hori zela bide, artikulu bat idatzi zuen EGINen. Etxe hartako Mikel Berroko gizon gazteak, ordea, beste bertsio bat eman zuen bertsoz. Bertso horiek oraintxe eskuratu ditugu. Iazko urrian gertatuari buruz badira ere, merezi dute argitaratzea:

1)

Arrano Beltzak kondatu dauku

EGIN irakurgai huntan

gertatu zakon nahigabea

Gamarteko eskualdetan.

Nola ganbara battoren bila

ibili zen debaldetan

hori ahantzi duketenek har

egunkaria eskutan

urri huntako bederatzian

azkeneko hostoetan.

2)

Arrano Beltzak erran duena

ez da egia osoa

hau zer zitaken publikatzerat

denen aitzinerat noa.

Nere etxean baitzen pausatu

arrats hortan arranoa

horrengatikan badakit ongi

ta garbi daukat gogoa

zori tzar horren harrabotsekin

guti baiginduen loa.

3)

Arrano horri errana nakon

zer zen guretzat ganbara

«gela» zela ta ez zadin joan

gaineko pisuetara.

Baina gaizoak ez nau sinetsi

egin du bere gogora

zeren ondotik ibili den hor

gure etxe barnean gora

ahalgeturik aitortu zaukun

biharamunean berak.

4)

Jakina zuen banuela nik

arreba hogoi urteko

Arrano hoiek indarra beti

egiten haragitako.

Oinetakoak kendu zituen

iñorrek ez entzuteko

ta abiatu ixil ixila

gainean den pisurako

pentsatzen zuen memento on bat

zuela han pasatuko.

5)

Haratekoa ongi joan zen

gero nekeago baitzen

argirik gabe atxeman behar

arrebaren gela non zen.

Hasi zen lehen ikasi otoitz

guzien errepikatzen

memento batez gela bateko

ate ondora da heltzen

ideki behar zuenez ala

hasi zen, bada, dudatzen.

6)

«Noren gela hau izan laiteke?

neronek ere nabaki!

Ikustekotan atetzar hori

zabaldu behar polliki».

Bainan ateak, idekitzean,

nigar egin zun ederki

bet betan barnen argia piztu

ama baitzagon han naski

gure arrano gaizoa zagon

mututurikan trixteki.

7)

Zoritxar hortan arranoa ez

zauku agertu abila

bere gelara lo egitera

joan zen umil umila.

Debaldetan han ibili baitzen

gaizoa loaren bila

goizean goizik etxera joan zen

iduri kasikan hila

bere buruaz oraino ere

harriturik badabila.

8)

Hara egia, irakurlea,

Gamarten zer den gertatu

zertako ote, arrano beltzak

ez dauku dena aitortu?

Ez zuen nahi bere andrea

gauz hortaz zadin ohartu

ezen arrano horrek berriki

andreño bat baitu hartu

gaurko mendean arranoak ere

dira ezkontzari lotu.

9)

Erran nahiak erranak dituk

huna ene azken hitza:

geroan ere Iparraldean

zure lanez bazabiltza

pasa zaitezke Gamarten gaindi

gaiten elgarrekin mintza

ongi etorri beti izanen

duzu zuk, Arrano Beltza

arrano batek beti berekin

baitu Libertate Hatsa.


Erlijioa

Fedea eta kultura

ANAITASUNA aldizkaria pauso berri bat ematen hasia dago, honez gero ohartzen hasia zaudenez; eta berrikuntza lan honen barnean sail berri bat ere sartzen da: erlijioari buruzkoa, atal buruan irakurri ahal izan duzunez.

Sail berri bat diot, baina... benetan berria ote? Behar bada gaur egun oso gogoko zaigun iturburuetara jotze bat gehiago esango nuke nik, hasera batetan ANAITASUNA aldizkaria zer izan zen ohartzen bagara, behintzat.

Baina, kontuz, ez goaz ANAITASUNAren aldi berri honetan lehenago izandakoetara bihurtzera. Esan nahi dudana hau da: lehen, garai batean erlijio gaiek beren leku berezi eta nagusia izan bazuten aldizkari honetan, oraingo honetan ez dute, noski, leku nagusi bat hartuko, baina bai leku berezi bat; hitz honekin beste gaietatik apartekoa izango duela ulertzen badugu. Esan bezala, beraz, iturburuetara bihurtze baten aurrean gaude eta, bide batez, pauso berri baten aurrean ere bai; eta ez inolaz ere atzera pauso baten aurrean. Eta, noski, ez dut inolaz ere esan nahi lehenagoko garaiak hobeak ala okerragoak zirenik.

Honela, bada, urrats berri honen barnean sail «berri» bat azaltzen da... besterik gabe.

Ohartzen naiz hasera guztien aurrean izan ohi den bezala, halako kuriositate piska bat izango duzula eta, agian, galdera pilla bat zure buruan atal honi buruz. Eta denen artean, galdera nagusia: zergatik atal hau ANAITASUNAren barnean? Erantzuna ere oso erraza da: erlijioa ere hor dugulako gure herriaren eta, hor ez ezik, munduaren barnean, gure mundu honi nortasuna ematen dion zer berezietako bat bezala. Besterik gabe, giza alderdi notiziagai honek bere lekua merezi duelakoan gurea bezalako aldizkari honetan, hemen datorkizu, beraz, honoko sail hau.

Gainditu beharrezko zenbait arrisku

Nondik eta nora abiatuko ote den badiozu, benetan zaila gaur eta hemen geroari buruz hitzematea edo zer harik erabiliko dituen orri hauek ezagutzea, edo zer haize boladak norabait eramango ote gaituen guztiok asmatzea.

Halaz ere, ez pentsa erantzukizunik ezaren hegaletan edo eta inprobisazioaren patxada ederrean joango denik eta gutxiago, oraindik, txaketeroen eta oportunisten hildotik abiatuko zaigunik sail hau.

Ez lukete orriok ez eta inolako edo inoren katedra bihurtu nahi. Eta bat edo bestegatik nola edo halako zalantzak badituzu orriongana, ea ale batetik bestera asmatzen dugun denon artean zalantza horiek uxatzen. Ahaleginak ez egiteagatik ez da, behintzat, geldituko.

Era berean ez dute orriok polemikaren edo ta intransijentziaren bideetatik abiatzeko asmorik. Oxpina eta abots garratzak ugaltzen direnean hemen ukituko den gai honetan, seinale nahiko garbia ez dela erlijioa giza galderen irtenbide bezala bizitzen, besteen aurkako arma bezala baino. Eta hori bai behin eta betiko baztertu beharko litzatekela gure artetik: erlijio giza bilaketaren lekuko eta adierazgarri izan beharrean, elkarren sakabanaketako horma bihurtzea.

Aurrekoa oraindik gehiago zehaztuz, ez al zaigu, hain zuzen ere, horixe gertatzen irakaskuntzaren alorrean? Zuzenago oraindik: elkar argitze lan baino ez al da sakabanaketa eta eztabaida bide bilakatu erlijio irakaskuntzaren gaia dela-eta Euskal Herriko obispoek esandakoa? edo eta ikastetxe bat edo bestean erlijioari buruzko ikasketak zeharo zokoratu direnean, ikasleen gurasoen alderantzizko eritzia arbuiatuaz, gainera? Era berean, ez al dira horixe bera bihurtzen hainbat eta hainbat guraso elkarteren bilera, gai hau erabakitzen hasten direnean? Eta zer esan irakaskuntza hori jasotzen duten gure gazteen jarreraz?

Gauza asko ari da jokatzen herri honetan geroari begira inor bere hesparruan ateak hertsirik eta dialektikazko armaz defentsarako prest geratzeko, soilki. Alderantziz, ba dago, bai, zer hitzegina gu guztion artean eta patxadan eserita, zertan elkar entzun beharra gai honetan. Nik neronek jatorrago deritzot jarrera honi.

Sail honen urratsak

Hasera haseratik esan da hementxe bertan ezinezko dela sail honen bidea pausoz pauso oraintxe bertatik azaltzea, baina, hori bai, argi laga beharra dago orri honek zer izan beharko lukeen, nondik abiatu beharko lukeen.

Hau azaltzeko, gainera, zertxobait erraztu dugula bidea uste dut orainarteko lerroetan. Errazago elkar ulertuko dugulakoan nago, beraz.

Lehendabizikoz, Euskal Herriari begira, bereziki, joango zaizkizu ekinaldiok: Euskal Herriko erlijio giro, berri nagusi, eritzi... Zer esanik ere dago Euskadiko egoerarekin loturiko kanpoko arazoek ere eduki ahal izango dutela heuren oihartzuna, eta, era berdinean, baita internazional mailako erlijioari buruzko gertakizun, urrats berri, notizia, komentario eta abarrek ere.

Hau izango bada ihardunaldion hesparrua, bihoazkizu beste hitz bi sail honen barne giroa ere zertxobait azaltzeko.

Irakurlearen erneagarri ez, lagungarri baino izan nahi luke; erlijio eztabaida guztien polemikarako foru baino, gure artean sor daitezken eritzien mahai inguru gehiago. Gaur egun gure gizarteak planteaturik dituen zenbait arazotarako erizpide batzu eskaini nahi lirateke hemen, horiek beroietaz solastu, eman izan diren irtenbideak agertu, bilaketa edo entsegu moduan han eta hemen agertzen diren berriak azaldu eta ezagutarazi kritikoki.

Ez dira ez eta ahaztuak geldituko orriotan gure gaztediaren erdia, batez ere, era berezi batetan somatzen diren bizikera eta experientzia berriak, hona ni somatzen diren erlijio antzeko sinbologia eta hizkuntza berriak, han hemenka nabari den ohizko erakundeenganako mesfidantza eta bapatean sortzen ari diren nolabaiteko erlijio kutsuzko taldeak (guztiak atzerrian sortuak badira ere, gure herrian ere aurkitu genitzake dagoenekoz eta gure herrietako gazteak ere ikusi genitzake talde horietan).

Leku berezi bat izango du baita irakaskuntzako alor zabalak ere. Demokrazia bidetan hasi besterik egin ez duen gizarteak eta estatuak ba dute zer pentsa birritan, erabakiak hartu aurretik. Eta, egia esan, nahiko zalantza ba dut ez ote den Madrilgo gobernua, batez ere, partxeo hutsezko lanetan ari arazo honetan, edo —okerrago oraindik— presio indarren bultzaden arabera erabakiak hartzen ari...

Ez dut uste, beraz, alferrikako gertatuko zaigunik gainontzeko aleetan aztertu eta argitu litekena lerroon bidez.

Hauek lirateke orain, zugana aurkezterakoan, aldizkariaren sail honetarako mahai gainean dauden asmoak. Atsegin ditzazula da guzion nahia.

Ba... hauxe zen, gaurkoz, adierazi nahi nizuna: zer izango diren gutxi gora behera lerrook, nondik nora abiatuko diren. Ez dakit hasera batetan baino argi gehiago izango ote duzun. Dena den zehaztasun eta argi gehiago egingo duzulakoan ileroko elkar aurkitze honetan, hemen izango duzu erlijioari buruzko atal hau.

ESTEBAN J. AGIRRE


Musika kritika

Itoiz grabatzen

«Ezekiel» diskoa kaleratu zenetik ia urte pare bat iragan da eta laster izango dugu Itoiz taldearen hirugarren disko nagusia entzuteko aukera.

Bigarren disko hau atera ondoren taldeak zinta bat grabatu zuen, bi edo hiru kantuk osaturiko zinta, eta Euskal Herriko irratietara zabaldu zena. Bazirudien hurrengo diskoa bide horretatik —musika aldetik— abiatuko zela, baina ez da horrela izango. «Ez, hurrengo diskoak beste etapa batetan sartzen gaitu. Ez du zinta honekin zerikusirik» zioen Juan Carlosek.

Hirugarren diskoari ekingo diote orain eta otsailaren 6an sartu da taldea Galdakaoko estudioetan, Phocasen erreinuan. «Gai guztiak prest dauzkagu, orain estudioetan sartu eta aukeraketa egitea falta zaigu —diosku Jose Garatek— dauzkagun 13 gaien artean zortziren bat edo aukeratu beharko ditugu. Letrak eta musika Juan Carlosenak dira, letra bat edo bi izan ezik, Joseba Alcalderenak direnak, aurreko diskoetan ere parte hartu duena».

Grabaketa Galdakaoko estudioetan egiten dihardute, baina edizioa ELKARen eskutik izango da. Honekin beste talde bat galtzen du XOXOAK, hasieran dirurik gehien eman zion taldea alegia. Eta ez da bakarra, Oskorrik ere aldegin du eta beste zenbaitek, Txomin Artolak esaterako.

Nahasketak Madrilen egingo dituzte «Hau beste esperientzia bat litzateke guretzat. Guk ez dugu inoiz holakorik egin, baina beharrezko ikusten dugu egitea». Hortik aurrera diskoa ELKARen eskuetan geratuko. «Diskoa ez da monografikoa izango, hau da gai bati mugatua, aurreko diskoaren antzera —dio Garatek— besteak askoz sinfonikoagoak izan dira eta honetan beste musika mota batzu sartuko ditugu, garregungo musikarekin erlazionaturik daudenak». Jende berriaren gaia ere argitu digu Garate ondarrutarrak. «Grabaketarako jende berria bilatu behar genuen. Alde batetik bateria bat eta azkenean Anjel Celadak lagunduko gaitu. Saxoari inportantzi gehiago eman behar zitzaiola ikusten genuenez saxoa sartu dugu eta German Ors-ek hiru motako saxoak joko lituzke. Sartu dugu baita ere gitarrista berri bat, Aritza taldearekin herriz herri berbenetan zebilena».

Anjel Celada Euskal Herrian gaur dugun bateriarik onena izango da, «Fausto» eta «Orquesta de Mondragón» taldeetan egona eta Erruperren diskoan erritmoa nolabait markatzen zuena. Gaurregun zenbait talderen laguntzaile bihurtu da, erderazko «músico de estudio» edo disko grabazioetan. Ba du Anjelek gainera bere taldea, jazz musika eremuan mugitzen den hirukotea.

Diskoaren izena oraindik erabaki barik dago baina posible litzateke Elkolea izatea. Zergatik? Taldea hasi zenean taldekoak Ondarroan edo Motrikun bizi ziren, gaur ordea Bilbo edo Bilbo inguruetan eta aldatze hori adierazteko «Elkolea» izena erabiltzen dute, Motriku mugan dagoen etxe bat.

Oskorriren «Adio Kattalin»

 «Martxorako kaleratzea litzateke gure asmoa baina ez dakit epe hori beteko dugun zeren orain diskoetxeekin hitz egiten hasi gara eta horrek erabat luzatu egingo luke diskoaren kaleratzea». Honela mintzo da Natxo beren disko berriaz hitz egiterakoan.

Oskorri taldearen disko berria iadanik grabatuta dago. Grabaketa Galdakaoko estudioetan izan da, Phocasen laguntzaz.

«Diskoa zertaz doan esatea zaila da. Nik neuk nahiago nuke zuek entzutea, disko bat zer den hitzez esatea ez da erreza, neretzat behintzat. Nik uste —diosku Natxok— askozaz apainagoa, densoa dela, behar bada konplikatuagoa».

Letrak gehienak herrikoiak dira, Amurizarenak eta taldearenak berarenak salbu eta musikari dagokionez perkusioari inportantzi gehiago ematen zaio.

 «Grabaketa Galdakako estudioetan egin dugu guk ordainduz, eta orain diskoetxeekin hasi gara nahasketak egiten ditugun bitartean. Ez dakigu oraindik ze etxekin aterako dugun diskoa baina XOXOArekin ez». Jakin izan dugunez ELKARek hartuko omen du diskoaren edizioa.

Partaideen aldetik Natxoren diskoan agertzen ziren berek hartu dute parte. Eta nobedade bat, perkusioan Errobin zegoen Benat Amonarenaren laguntza izan dute diskoa grabatzerakoan.

«Guretzat nahiko ondo geratu da eta entzutea ez dela erreza ikusten dugu. Behar bada aurrekoekin konparatuz konplikatuagoa delako eta honek esfuerzo gehitxoago eskatzen du. Baina gu gustora gaude».

Zarama taldearen lehen disko txikia

Otsailaren hasieran kaleratzeko da ZARAMA taldearen disko txiki bat. Diskoa Galdakaoko estudioetan grabatu eta CBS-ek kaleratuko du. Lehen aldean Nahiko eta bigarrenean Ezkerraldea gaiak sartuko dituzte. Hasieran RCA proposatu zieten diskoaren kaleratzea baina honek letren itzulpenak eskatu eta «politika eta erotismoa» gehiegi aipatzen zirelakoan edo ezetza eman.

Taldea Santurtzin sortu zen, 1977 urtean: Ernesto Alava, bateria; Roberto Moso, kantaria; Xabier Alvarez, baxoa; Jesus Manuel «Txuzos» Alonso, kitarra. «Euskal Musika 80 (Mandiope)» diskoan «Bildur naiz» abestia sartu zuten.

Trikitixa disko berria: Miren eta Bingen

IZ diskoetxeak argitaraturik disko berri bat, Miren Etxaniz eta Bingen Zubiria gazteek grabatu dutena. Gazte bikote hau, Hernanikoa, Zarauzko gazteentzako trikitixa lehiaketan irabazle atera zen.

Grabazioa eta nahasketak IZren estudioetan egin dira eta industri lana Barzelonan. Diskoa herri gaiek eta Pepe Jantziren gai batzuk osatzen dute. Gogoratuko duzuenez bikote hau Mandiopeko lehiaketaren diskoan agertzen zen, Bingen kitarra eta ahotsa eta Miren akordeoia eta organoa. «Azkenaldi honetan, talde lana utzi eta trikitixa jotzeko prestatzen ari dira» irakurtzen dugu Mandiopeko diskoan.

Xabier Lasa eta Amaiaren lan berria

Agian laster kaleratuko da Xabier Lasa eta Amaiaren lan berria. Imanol Uriberen «Segoviako ihesa» pelikularako egindako musika hain zuzen. Disko hau argitaratzeko jendeak pelikulari ematen dion erantzunaren zai egon dira eta harrera ona izan delakoan orain musikari dagokiona entzungo dugu disko nagusi batetan. Dakizuenez Amaia eta Xabier Haizea taldekoak izan ziren Txomin Artolaren aldian eta Txominen ondoren baina handik eta lasterrera taldea uztea erabaki zuten biok. Beno, egia esan, Amaiak Txominek baino lehenago utzi zuen taldea baina taldekoek deiturik bigarren diskoan ere hartu zuen parte. Gaur haizea taldeaz ditugun azken berriak hauexek dira: Gabriel Barrenak aurrera jarraitzen du beste Amaia batekin, Amaia Casasola, hemengo Amaiarekin zerikusirik ez duena.

Bilboko Alironen Aliron edo Bilboko bilbainadak

 «Aliron Bilboko talde bat da, Bilboko giro musikala alaitzeko asmoz batutako zazpi lagun». XOXOA diskoetxearen esku datorkigu disko berri hau. Erdaraz, Bilboko bilbainadak (sic) baina «erabat berrituak» eskeintzen dizkiguna. Taldearen partaideak ez dira berriak.

• Fernando Beti Fernandez. Basaurikoa, bateria. Reacción, Miguel Angel (Koldo) eta Pop Tops taldeetakoa izan dena.

• Jose Antonio Torrontegi Arribas. Plentziakoa. Gernika eta Enbor taldeetako bateria. Hemen perkusioa eta ahotsak.

• Claudio Montero Rufino. Granadakoa, ahotsa eta kitarrak. Formas eta Reacción.

• Oscar Matía Sorozabal. Bilbokoa, perkusioa eta ahotsak. Mitos, Sergio y Estibalitz eta Bilbao Band.

• Jacinto Oñate Iseñ. Bilbokoa, kitarra eta ahotsak. Belak 67, Quinta Reserva, Sergio y Estibalitz eta Bilbao Band.

• Juan Carlos Gutierrez Alonso. Bilbokoa, perkusioa eta ahots nagusia. Belak 67 eta Quinta Reserva.

• Juan Humenez Bedman. Amurriokoa, organoa. Tinglao eta Estrellas de los 40.

«Gehien gustatzen zaizkigunak saltsa eta rock musikak dira, baina herri gaiak sakonki maite ditugunez Bilboko bi harturik rock tankerara egokitu eta jendeaurrean kantatzea erabaki genuen. Jende gazteak hori pozik onartzen zuela ikusirik bide horretatik abiatu gara». Taldea gaurregun dantzaleku eta jaietan jotzera dedikatzen da.

Baina ez gara gehiago luzatuko, ez dut uste merezi duenik ere. Gaiak oso ezagunak dira «Beber beber; Un inglés vino a Bilbao; El aldeano tiró la piedra...; «Kontura gaitezen 1982. urtean bizi garela eta «LOS CHIMBEROS» eta antzeko taldeen aldia atzean geratu zela. Horrela uste nuen nik behintzat. Musikan ere atzerakadak izaten ditugu. Hainbat urte joten honetarako? Pauso bat atzera, bilbainadak. Romantiko berriak ote? Edo KARROZZAK?

IZ diskoetxearen urteko balantzea

Urteko balantzea egin du IZ donostiar diskoetxeak, joandako urteko balantzea berari dagokionez. Balantze hori gure eskuetara heldu erazi du eta berehala emaien dugu argitara. Gure ateak etxe eta kantari guztientzat daude zabalik eta gure asmoa ateak beti zabalik uztea da. Beraz ia hurrengorako animatzen zareten.

Balantzeaz jarraiturik IZ-ak bere produkzio nolabait sailkatzearren 8 ataletan sartu ditu diskoak. Euskal Musika Berria deritzanean 3 disko atera zituen iaz; Jazz delakoan 5; Rock sailean beste 3; musika tradizionalean ordea bat eta Haur didaktikoa deituan beste horrenbeste. Guztira 21 disko. Hain txikia den etxe batentzat ez da uzta txarra.

1. ROCK IZ.

• IZ-144 Magdalena

• IZ-146 Zen

• BTK-8 Mogollón-U.H.F., SHANTI RECORDSekin batera

2. HERRIKO IZ.

• IZ-133 IV Concurso de la Jota Navarra

• IZ-136 Fanfare «Kilikilariak»

• Fanfare Muthiko Alaiak

• IZ-139 Maltzeta aita-alabak

• IZ-141 Laja eta Landakanda

• IZ-148 Mugartegi bertsolaria

• IZ-149 ...Porque llegaron las fiestas

• Antzuolako mairua

3. EUSKAL MUSIKA BERRIA

• IZ-135 Etxahun eta Etxahun

• IZ-140 Euskal Musika 80

• BTK-5-6 Nuklearrak? Ez, eskerrik asko

4. JAZZ-IZ

• IZ-137 Eiderjazz

• IZ-142 Big-Band Pamplona

• IZ-143 Alen

• IZ-150 Jean Luc Barbier Quartet

• XVI Festival de Jazz de San Sebastián

5. MUSIKA TRADIZIONALA

• IZ-145 X Certamen Canción y Polifonía vascas

6. HAUR DIDAKTIKOA

• BTK-7 Txalo pin txalo 2

Laster Euskal Herrian

Luis Llach Euskal Herrira. Otsailean

- Donostian 25ean, arratsaldeko 8etan Astoria zineman

- Buenos Aires zineman

- Durangon 27an ordu berean Astarloan

- Gasteizen 28an, 8etan Mendizorroza Porikiroldegian

Magna Carta Inglaterrako folk taldea Bilbon, otsailaren 14an Deustuko Salesianosen ikastetxean.

Mikel Laboak ez dio kantatzeari utziko

JAIEGIN batetan Mikel Laboak kantatzeari utzi egingo ziola irakurri genuen eta Mikelek berak argitu digunez ez da egia, berak ez baitu holakorik esan: «kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi...».

Don Nemesio Etxanizen boleroak eta txa txa txa

«Don Nemesio Etxanizen heriotzarekin kulturaren epe bat amaitzen da» jarri zuen titulutzat DEIAko kazetariak. «Nemesio Etxaniz bi jenerazioen arteko zubitzakoa egiten saiatu zen» zioen EGINekoak bere artikuluxkan. Baina gaurko gazteok jakin ere ez dakigu Nemesio Etxaniz nor zen eta Euskal Kanta Berriaren hasieretan izan zuen influentzia.

Baina orduko gazteek bai jakingo dutela, gaurregungo karrozzek ez dituzte ahaztu «Antoni eta Anton», «Ardo gorri naparra», «Pandero zaharra» eta, behar bada ezagunena «Txa txa txa».

 «Ez da ahaztu behar —dio Gorka Knör kantariak— Nemesio Etxanizek eduki zuen garrantzia. 1951. urtean «Kanta kantari» kantutegia argitaratu zuen. Oilar goiztarra benetan». Eta Euskal Kanta Berriaren historiaz jarraitzen du «Beharbada, bere kantutegia argitaratu zuenean ez zuen Etxanizek bere kreatibitateak merezi zuen erantzunik jaso, baina horren lana ez zen alferrikakoa gertatu, handik urte batzutara beste batzuk hartu bait zioten segida haren ideiari» (Gorka Knörr, «Euskal Kanta Berriaren historiaz, JAKIN, 4. zenbakian).

Nemesio EZ DOK AMAIRUren hasieretan izan zen eta gero, beste asko bezalaxe, eta taldea konpromisu bat betetzen hasi zenean, atzean geratu zen. Taldearen hasieretan izan zuen influentzia jakiteko Benito Lertxundirengana jo dugu.

 «Hasiera-hasieran ezagutu nuen, Donostiako etxe batetan egiten genituen gure bilerak eta lehen aldiz joan nintzenean buruzuridun apaiz bat ikusi nuen eta galdetu ia nor zen. Nemesio Etxaniz zela erantzun zidaten. Orduantxe ezagutu nuen» Nemesioren lana aipatzen digu Benitok «Hasieran beti kolaboratzen zuen, EZ DOK AMAIRUren lehen aktuazioetan ere hartu zuen parte. Heltzen zen eszenariora eta bere boleroak eta txa txa txa famatuak kantatzeari ekiten zion».

«Nemesiok bere teoriak zeuzkan. Beti izan zuen argi kantu modernoen beharra, euskaraz kantu modernoak ere kantatu behar zirela. Kanpoko musika entzunik ea zergatik ez gauza bera euskaraz egitea galdetzen zion bere buruari. Eta txa txa txa eta boleroak kantatzen hasi zen».

Euskal Kanta Berria deritzon mugimenduaren historia ezagutzeko, hasierak behintzat, testigo aparta genuen eta DEIAn irakurtzen dugunez «Euskal kanta berria aztertzerakoan Etxaniz aipatu gabe ezin geratuko da inor».

Amaitzeko Nemesioren beraren hitz batzu ekarriko ditugu, OH! EUZKADI aldizkariaren lehen zenbakian Nemesio Etxanizekiko elkarrizketatik hartuak:

«— Nik uste dut ez naizela musikazale izan; uste dut musika neretzat euskarari laguntzeko tresna bat besterik ez zela, bide bat. Leader eta kanta motxak eta gustatzen zaizkidak, orain ez neri esan novena sinfonia...»

JOXE UGARRIZA


Gaur idatzia

Ni teknikoa naiz

Frankismo osteko demokrazia ez da sekula izan Euskal Herrian, entusiasmo haundiaz onartua, nahiz eta ahalegin haundiak egin dituzten talde batzuk, herriak onar dezan.

Lehengotatik jadanik jende mordo haundi batek ez zuen demokrazia horretan sinetsi, konbentziturik bait zegoen lehengo zapalketaren jarraipena zela; baina denbora pasatuz Joan den neurrian, etsituen mordoa ere haziz joan da.

Espainiako Demokraziak eta bere morroi den Gasteizko Gobernuak —Eusko Gobernu flamanteak— ez dute lortu, jende berria demokrazia zale egiterik; lortu dute, ostera, hasieratik demokraziaren aldeko zen hainbat jendek amore ematea eta sinismena galtzea.

Gaur daukagun demokrazia honen alde, gogor jokatu dute bi talde haundik behintzat: erreformaren aldeko politikoen taldeak eta erakunde autonomikoen inguruan mugitu den Teknikoen taldeak.

Erreformaren aldeko politikoak argi eta garbi agertu dira beti Erakunde Autonomoen alde ere. Maltzurkeriarik ez da egon gai honetan.

Teknikoen taldearen jokabidea, ostera, nahikoa desberdina izan da. Tekniko asko erreforma ta honek sortutako erakundeeri aldekoa konbentzimenduz izan da eta bere lana aportatu du tingladoaren eraikitzean. Beste asko, ostera, erakunde autonomoetaz probetxatuz, bere karrera pertsonala egitera Joan da bereziki. Hauek ere, tingladoa eraikitzerakoan, laguntza izan dira, eta sarri laguntza paregabea, lana aportatuz gainera, entusiasmo izugarria eta sinismen bizia Erakundeetan agertu bait dituzte hainbat bider.

Baina, dirudienez, hartu duten aukera gutxi neurtua eta gaizki aztertua izan da, eta konturatuz doaz, beharbada gehiegi agertu dutela musturra tingladoaren alde, Gasteizko Gobernuaren inguruan mugitzen diren batzu ari bait dira dagoeneko esaten, beraiek teknikoak direla soilki eta ez politikoak.

Antza dagoenez, ez dute garbi ikusten Gasteizko Gobernuaren etorkizuna eta, okerrago dena, herriaren aurrean gaizki ikusiak izango direla uste dute, prestijioa galduko dutela. Izan ere, karrera egin nahi duen tekniko batentzat, herriaren aurrean prestijioa galtzea oker haundia litzateke. Hortik, orain, dirudienez, hainbat tokitan hauen ahotik entzun ahal izatea, beraiek teknikoak direla, hori esanik garbi eta pekaturik gabe geratuko balira legez.

Ez dira konturatu, antza, komisarietan torturatzen dutenak ere teknikoak direla eta ahaztu egin dute, duela gutxi honako hau ere entzuten genuela: FOP-ekoak «Obreros del orden» direla alegia.

JULEN KALZADA


Gaiak

Wajdaren zinema: burnizko bide bat

Filme askok historian zentratu dute beren gaia. Batzuk, pertsona baten bizitza («La Reina Cristina de Suecia», «El asesinato de Trotski»), beste batzuk, ordea, herri baten one garrantzitsu bat adieraziz («La batalla de Argel»), Badira zenbait filme historiaren lekuko izatea erabaki dutenak, une historiko hori boterearen ikuspegitik edo dialektikaren bidez aztertuz («Después de», «Morir en Madrid», «El poder popular», «La espiral»). Oso zinemagile gutxik lortu dute Rosellinik bezain ederki beren fikzioa historian bihurtzea («Paisa», «Roma, citta aperta»).

Baina gehienek beren filmea une historiko hori igaro ondoren egin dute, urteen igarobideak erakusten dituen experientzian eta ikuspegian oinarrituz.

Oso gutxi izan dira historiaren gurdian igo direnak eta bide horren norabidea ezagutu gabe filme bat egin izan dutenak. Ene ustez, hau da Wajdaren azken turnearen bereiztasuna, Poloniako azken gertaeren baitan gelditu delako «El hombre de hierro»-ren mezuaren hatzematea. Filme hau ez da «El hombre de mármol» turnearen jarraipen soil bat, Solidaridad eratu duten pertsonei kantu bat ere baizik, lehengoan esan gabe gelditu zena, orain esateko dagoen ahalmena aprobetxatuz. Dena dela Wajdak jokatzen zuen arriskua handia zen (eta Historiak horrela erakutsi digu), inork ez bazekien non bukatuko litzatekeen Poloniako estatuaren aparatoa eta Solidaridad-en arteko kontrajartzea. Giro lasai batetan, «El hombre de hierro» gaurko egoeraren erreportai kementsu bat izango litzateke, Polonian, Gdans-en bereziki, orain dela 10 urte gertatutakoaren indarra eta balioa ahaztu gabe (Berez, hemen bi filme ditugu). Baina historiaren hildoa ez da bat etorri langileen asmoekin, eta gertaera triste honek balio berezi bat (agian, zinematografikoki ez duena) ematen dio filme honi, betirako Poloniako gertaeren testigutza beharrezkoa bilakatu delako. Hemendik aurrera, ezin da Poloniako historia aztertu filme honekin kontatu gabe. Filme honek, orain, ez du historia adierazten, bera da historia.

Baina nola iritsi da A. Wajda puntu honetara?

Zinemagile hau Suwalki-n jaio zen 1926 urtean. 13 urte zituen munduko bigarren guda hasi zenean, eta 16 urte zituelarik hasi zen Erresistentziarekin batera burrukatzen. Langile eta margolari bezala lan egin ondoren, Lodz-eko Eskola Zinematografikoan diplomatu zen, 1952. urtean. Alexander Ford-en laguntzaile bezala lan egin ondoren, 1954. urtean hasi zen bere lehen filmea egiten. Dena dela, eta aurrera jarraitu baino lehenago, Poloniako orduko une historikoa zentratzea komeni zaigu, arteari, eta zinemari konkretuki, dagokionez, bere lana hobe uler dezagun. Garbi utzi behar da alde batetik errealismo sozialista ez zela Errusiako bereiztasun bat bakarrik izan. Boleslaw Michalek kritikoak, orduko egoera aztertuz, horrela zioen 1971. urtean:

«Sortaldean zinema begirune praktiko batetaz gogartua zen soil soilik. Bere helburua, horrela behintzat ulertua zegoen, ez zen giza estrategiaren beharrei erantzutea ere, orainaren taktikaren betebeharrak —aldakorrak bestalde— asebetetzea baizik. Erabilketa zorrotz honek ez zien zinemagileei ideologi eta giza prolematikan murgiltzen uzten». Berez, urte asko igaroko, dira eguneroko arazo errealak aztertzeko ahalmenaz gozatzeko. Bereiztasun hau ez zen aberri sozialistetan bakarrik gertatu, horretaz hemen ere asko dakigu, baina ez da hori gaurko gaia.

Giro honetan sortzen da Wajdaren lana, baina ez jokaera pertsonala bezala, ia ofizialki eratu zen talde batena baizik. Urte berdinean, hots, 1954. urtean, Wajda, Munk, Rosewicz eta Has filmeak egiten hasi ziren. Hauk izango lirateke Poloniako zinemaren bigarren belaunaldia osatuko zutenak, Alexander Ford eta Jerzy Kawalerowicz lehendik jarraitzen bazuten ere zinema egiten.

Hortik abiatuz, «Las señoritas de Wilko»-ren egilearen lana lau arlotan bana dezakegu: Lehenengoa: Gerlako belaunaldiaren heroismoa aztertzen duena, bide epiko bat jarraituz. («Generación», «Kanal», «Cenizas y diamantes»).

Bigarrena: Gaurko arazoak aztertzen dituena, edo behintzat, hurbiltzeagatik saiatzen dena. («Los brujos inocentes», «El amor a los veinte años», «La caza de moscas», «El director de orquesta»).

Hirugarrena: Historiko eta Literatur produkzioa, Poloniako literaturaren lan nagusiak aurkeztuz: («Lady Macbeth en Siberia», «Las Bodas», «Las puertas del paraíso», «La tierra de la gran promesa», «El bosque de los abedules», «La línea de sombra».

Pixkanaka-pixkanaka liburuxka berriak irtenez doaz «Ustela Saila» delakoan, dagoeneko 17. alea eskuratu zaigularik oraingo honetan. Beronen izenpurua: «Txipiroiren bat edo beste» eta egilea Rafael Egiguren. Aurreko gehienetan bezalaxe, poesia agertzen da liburuxkan eta marrazki txiki edderrez hornitua, begien atsegingarri. Irakurri dudanean, nahiko xarmanturik geratu naiz, poesion irudizko munduxkak eta graziak hartaraturik, eta izan dudan pena bakarra hain laburrak izatea izan da, hots, horrexen fite irakurraldia, burukreazioaldia, bukatzea.

Benetan buru-irudimen haundiz saiatu zaigu Rafa bere solasa, bere joko poetikoa gureganatuz. Lehengo pesian txalapartari hasten zaigu bere poesiazko txalaparta eder, malgukor, soinu anitzetakoan barneraziz:

«arnas hedatu batean

hire bihotzak emaro txalaparta joka» (1)

ondoren guztiz bere baitaratzeko. Poesiok apalak dira, zintiak (berak ere «gizontasunaren negar zintia» diosku); mundua bera bezain «apalxeak», ostera, eguneroko gauzokin, mundu nahasi honetan garentxoarekin eta daukaguntxoarekin arras bestelako irudizko mundu bat sorterazten digu. Gauzak lurtzen dira, lurra gauzatzen; ideiak baratzean lantzen ditu, landareak ideiazko buru batetan erein, irudi ezin politagoak lortuz:

«Memoriaren liburutegi espiraletan» (13)

«Itsas estankatuenaren erdiko

uharte naufragoan bakar» (13)

«Udazken lehorreko behi gorrian,

sagardoz puztutako betizu hordia» (43)

Batzutan ironiazko zipristinez ere bai:

«Hegazti berritsuak munduari:

«Este Sagrado Corazón de Jesús esta riquísimo» (19)

Zinetantxe Rafak ongiro jakin izan du errealitatea eta irudia elkartrukatzen, alderatzen, topatzen, gauzatzen, batetan batzeraino.

«Klandestinitatearen txipiroi guztien okaso nostalgikoa opa»-ka ari zaigu eta txipiroi galantak eskaini dizkigu ez beltzixkak, ez, izarniatsuak, distiratsuak. Ea hurrengo batez ere, arrainketan datorkigun. Hala biz, euskara txiroaren edergarri, denon tripen goxagarri!

KARLOS SANTISTEBAN


Gaiak

Txipiroiren bat edo beste

Laugarrena: Nolabait, azterketa politiko bat lortu nahi duena: «El hombre de mármol», «Sin anestesia», « El director de orquesta» zenbait unetan eta «El hombre de hierro» azkenik.

Cannes-en urrezko saria lortu zuen filme hau lan politiko bat dugu. Hau badiogu, ez da gauza guztiak gai politikoak direlako, sistema politiko bati egiten zaion kritika bat suposatzen duelako baizik. (Sariek ere badute bere helburu politikoa, eta kasu honetan ez dago hain izkutatua). Baina kritika guztiak bezala, baditu honek ere bere zailtasunak.

«El hombre de mármol» filmean zinegile batek (Kristina Janda) Birkuten omenez irudi bat egin zutelako langile horren bizitza eta lana aztertu nahi zituen, nolabait gaurko poloniarrei gorde nahi izan zaien une historiko baten isla bat suposatzen bait zuten. Eta ikerketa hau elkarjoko da lehenengo unetik boterearen interesen kontra. «El hombre de hierro» filmean, ordea, botere horrek langile haren semearen bizitza ikertu nahi du, baina ez hori goratzeko, desegiteko baizik, horren bidez Solidaridad mugimendua izengabetuz. Helburu hauen arteko ezberdintasunan datza filme honen balioa gutxitzen duen bereiztasuna. Lehenengoan K. Janda egia ezagutzeko bide bat besterik ez da. Bestean, berriz, badirudi Wajdak kazetari horri garrantzi gehiago ematen diola, agian pertsonaia hori erosteko wodka eta berebilaz baliatzen den boterea kritikatzeko. Hor filmeak bere indarra galtzen du, hori ez baita filmearen gaia. Bestalde «El hombre de mármol» ikusi dutenentzat bigarren filme honetan agertzen diren zenbait gertaera ez dira bat ere berriak, honetan «Sin anestesia»-ren egileak lehen zensurak ukatu zuen zenbait eszena desarroilatzeko ahalmenaz baliatu bait da.

Gainera moralismo kutsu bat botatzen du filme honek, bukaeran, kazetaria Solidaridad-eko ideiekin bat datorrenean, horrela dirudi behintzat, hauengatik baztertua izanen da, lehen egindako salketarengatik.

Gauza onak ere baditu Wajdaren filmeak, eta asko gainera. Pauso bat suposatu du Polonia bere historiaren sujeto izan dadin. Filmeak duen kritikagatik bakarrik epaitzen badugu lan hau, ene ustez Cannesekoak erori ziren segadan eroriko gara gu ere. Gure baitan dago.

XABIER PORTUGAL


Gaiak

X. Amurizaren azken bi liburuak

AEK erakundeak argitaratu berria du, X. Amurizak azken urteotan bertsolaritzari buruz egiten diharduen azterketaren lehen fruitua. Denetara bi liburu dira «Bertsolaritza 1 eta 2» izen orokorrarekin eta «Hitzaren Kirol nazionala» eta «Hiztegi errimatua» izenburuekin.

1981.eko abenduaren hasieran Durangon ospaturiko euskal liburu eta diskoen azokan plazaratutako liburu hauek, ba dute mamirik nahiko, berei buruzko aparteko irazkina egiteko. Bestalde, azoka horretako salmenten neurriak zehazki ezagutzen ez ditudan arren, bertako saltzaile batzurekin hitz egin ondoren eta Mogelen Peru Albarkaren berrargitalpena alde batetara utziz, seguru nago, euskarazko liburuen artean berauk izan zirela «best sellers»-ak Hortik urrun ez ziren ibili behintzat, edozertara. Eta hori ez da gutxi edo, bestela esanda, zerbait ba da!

Aztertzen diren gaiak

Nahiz eta bi liburutan egon, biotariko lehena bi zati nagusitan banaturik dago eta argi ikusten da, bi zati horiek bi liburu oso eta desberdin izateko gaitasun osoa dutela. Beraz, hiru liburu direla esan daiteke; eta Amurizak berak ere hiru liburu egiteko asmoa bide zeukan, horrela adierazirik geratzen baita lehenengo liburuko leku askotan, lapsus gisa nonbait.

Lehenengo zatian bertsolaritzari buruzko gogoeta interesgarria —eta berria— egiten da. Metodo analitiko batez, orain arte analizatzeko ezintzat edo eduki den bertsolaritzaren ingurunea eta izaera aztertzen da, tartean elementu soziologikoen garrantzia agertzen delarik. Euskarak berak eskaintzen dituen zenbait ahalbideren azalpena ere egiten da, gaur eguneko bertsolaritzak jendaurrean agertzeko janzten dituen itxuren (gaiak, gai-jartzaileak, saioak, txapelketak,...) azterketarekin bukatzeko.

Bigarren zatian bertsogintzaren arlo teknikoen azterketa sistematikoa egiten da. Doinua, errima eta neurria dira ikutzen diren arlo nagusiak, bakoitzean bertsolariek kontziente edo inkontzienteki erabiltzen dituzten teknikak arakatuz. Eta, garrantzizkoa dena, sistematikoki sailkatuz.

Bigarren liburuan edo, gauza bera dena, hirugarren zatian, hiztegi oso bitxia agertzen da, atzekoz aurrera pentsaturikoa eta errima-moten arauera sailkatua: hiztegi errimatua.

Noiz eta nola prestatu dituen

Orain kolpera agertu diren lan hauk, urte luzetako buruausnarketaz prestatuak izan dira. Oker ez banabil, hiztegi errimatuaren lehenengo prestaketa Zamorako gartzelan —hain urrun ez dauden denbora haietan— eta bertako gartzelakideen laguntzaz egina izan zen. Gero, azken urteotan osatua eta egokitua izan da.

Beste bi zatiak, nahiz eta lehenagotik ere nolabait pentsatuak izan dituen, azken bi urteotan idatziak izan dira eta hainbeste lekutan Xabierrek eman dituen hitzaldi eta ikastaroetan experimentatuak eta osotuak. Hitzaldietan lehenengo zatia landu du batez ere eta bigarrena, Euskal Herrian zehar antolatu dituen hainbat bertsolari-eskolatan (Bilbon, Udako Euskal Unibertsitatean, Hernanin,...). Beraz, materiale hori aldez aurretik experimentatua izan dela esan daiteke. Ez da, hortaz, garantia makala!

Eritzi kritiko laburra

Liburu hauekin bertsolaritzaren azterketan pauso edo salto koalitatiboa eman dela esaten badugu, ez dugu astakeria handiegirik esango, egiatik hurbil dagoen zerbait baizik. Ikus dezagun laburki eta ikuspegi historiko pixka batez, arlo honetan orain arte egin dena.

Historian zehar, ba dira aipatu gabe utzi ezin daitezkeen izen batzu (garrantzizko diren beste batzu alde batetara utziko ditugu, larregi ez luzatzearren). Honela, ba, gerra-aurrean, Manuel Lekuonak eginiko lanak ematen dio hasiera azterketa honi. Eta ia-ia esan daiteke, teoriari dagokionez, puntu horretan gelditurik genbiltzala, azken txapelketararte behintzat. Gerra-ondoan A. Zabala dugu bertso-bilatzaile eta biltzaile nagusia. Meritu handiko bilketa honi esker, gaur egun materiale ugaria dugu kontsultatzeko eta erabiltzeko. Baina Zabala biltzaile da eta ez teknikaren arakatzaile.

Tartean bestelako lan aipagarririk badago ere (Zeruko Argiako ale berezi hura, J. M. Lekuonaren eta A. Muniategiren lanak,...), aportazio berririk ez da egiten, azken txapelketaren ondoren kaleratutako Jakinen zenbaki berezirarte. Bainan zenbaki hori oso interesgarria izan arren, amankomuneko lan horretan ez zen, ene ustez, oraingoa bezalako pauso koalitatiborik eman. Zela edo hala esateko, orain arte ez zen inor bertsogintzaren ezkututasunean sartu, barneko teknikaren arrazoitzean eta sistematizazioan.

Horixe da prezeski, azken liburu hauetan eskaintzen dena: bertsogintzaren sistematizazioa. Horregatik diot, pauso koalitatiboa eman dela. Alde horretatik, liburu historikoak direla esan behar.

Dena dela, sistematizazio hori ez da oraindik erabatekoa eta zenbait hutsune ere ageri direla esango dugu, etorriko diren bestelako lanetan osotzeko eta zuzentzeko modukoak noski. Ene ustez, motelen dagoen atala, doinuei buruzkoa da. Bertan adierazten den sailkapena ez da osoa eta, bestetik, pentagrama edo kaxete gabe, erren gelditzen da. Neurriari buruzko partea nahiko osoa da, bertako puntu guztiak poliki landurik daudelarik. Gauza berbera esan daiteke hiztegi errimatuari buruz, berau ia-ia exhaustiboa delarik. Errimari dagokionez, errimaren teoriari dagokionez, alegia, bi puntu oso garrantzizko formulatzen dira. Lehena, errimaren arazoa antzekotasun fonetikoan finkatzea eta ez soilik letren berdintasunean; horrela kontsonanteen taldeak definitzen dira (B-D-G-R, P-I-K eta abar). Bigarrena, errimaren aberastasunean errimadun hitzen maila gramatikalaren garrantzia azpimarratzea. Nire eritziz oso ekarpen baliotsuak dira biak.

Textuaren idazkera aldetik, oso argia da, Amurizak ohi duen bezala. «Prosa didaktikoz» edo idazten duela esan daiteke; eta hori eskertzekoa da, liburu horik literatura ez direla eta nortzuk erabiliko dituzten kontutan hartuz. Ohar gisa, zenbait hutsune ortografiko errepikatzen direla esango dugu: zakon z letraz, garrantzia azken a hori itsasia bailitzen, eta abar. Letra-mota ere ez da guztiz argi ikustekoa eta batzutan nekagarri gertatzen da. Baina hutsegite txiki hauek ez diote batere meriturik kentzen aipaturiko idazkera didaktiko horri. Bistan da, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak ongi asmatu duela liburuok argitaratzean.

Bertsolari-eskolen inguruko mugimendua

Liburu hauek eduki dezaketen eragina ulertzeko, azken urteotan eta bertsolari-eskola izen orokorraren inguruan biltzen den mugimendua aipatu behar da. Eskola izenarekin, bertsozale-multzo bereziak adierazi nahi ditugu, bertsogintzaren teknika eta bertso laritzaren historia aztertzeko erregularki biltzen diren bertsozaleen multzoak alegia.

Duela hiru urtetatik hona hainbat lekutan antolatu dira horrelako eskolak: Santutxun, Bilbon, Durangon, Algortan, Mungian, Hernanin, Iruñean,... Hortaz aparte, ikastolen munduan ere bertsozale eta bertsolariak prestatzen ari dira, Aretxabaleta, Eskoriaza, Arrasate ingurukoak P. Goikolearen eskutik aitzindari Errekak ura darama, beraz.

Eskola horiek lanerako materialearen premia zeukaten. Teoria lantzeko, ariketak egiteko, historia ikasteko,... Azken urte honetan zerbait baino gehiago egin da horiei begira, Amurizaren bi liburu hauek baino lehenago J. Dorrontsororen «Bertsotan» liburua agertu baitzen. Momentu honetan, hasteko behinipehin, ba dute zerekin lan egin. Oinarrizko lan hauekin bertsolariak eta bertsozaleak pozik egon daitezke. Falta den gauza bakarra, horietan oinarriturik, aurrerantz egitea.

J. R. ETXEBARRIA


Gaiak

Protoien energiaren kontra: potroen indarra (II)

Energiaren munduan bizi gara, baliabide edo errekurtsoen mendean, jakina. Egun, «energetikoek» betetzen dute orain gutxi «politikoei» bakarrik zegokiena. Ikusi baino ez dago, nork agintzen duen benetako Euskal Herrian. Irakurri DEIA.

Oraindino «mugimenduan» bizi garenez, zenbat energia daukagun jakiteko ondoko formula hau aplikatu behar dugu:

Energia = 1/2 m v2

«m» gorputzaren masa eta «v» berorren abiadura izanik. Ni fisikaria ez banaiz ere, zerbait argi ateratzen dut hortik: pertsona bat zenbat eta lodiago izan, energia gehiago atera dezakegu aldapaz behera bultzatuz gero. Ez da? Asike, zertarako Lemoiz? Hobe genduke pila bat jende hartu, ondo gizendu eta Gorbeiaz behera bota. Horrela itsasora heltzerakoan, mareen energia osagarria ere probetxa genezake. Gainera, ez dugu behar Iberduerok esaten duen hainbeste energia, berorrek eta berorren aldekoek inposatu nahi diguten bizimodua onartzen ez dugun bitartean. Eta hortan gaude. Oraindik kapaz gara hortzeskubilari eskuz eragiteko.

***

Fisika aprobatzeko bi urte egon den edonor, gai da eguneroko berriak ikuspuntu energetiko batetik irakurtzeko. Hor dugu, kasuz, Polonia. Hangoa ulertzen saiatu arren, azkenean hemengoa ere zalantzan daukat. Baina ba dago, egon, kezkatzen nauen arazoa. Aita Reagan-en administralgoak errusoei ezarritako zigorrak, zergatik ez zituzten beste nazioek onartu? Zigor horien artean gorriei teknologiarik ez pasatzea agertzen zen. Zertarako teknologia? Siberian gas ugari aurkitu zuten orain gutxi, munduko erretserbarik handiena hantxe omen da, eta gas hori erosteko gertu daude Frantzia, Alemania eta Italia. Milioi asko omen daude tratuan. Gaseoduktua ere hasiak ziren egiten, baina momentuz gelditu behar izan dute asuntua, erabiltzen zuten tresneria amerikanoei erosten baitzietan. Nonbait, amerikanoek probetxua ateratzen dute Poloniatik.

***

Eta Polisarioa, zer? Batzu alde eta beste batzu kontra. Zer dela eta? Zein gobernuri interesatzen zaio saharatarren askatasuna? Zerbait egon behar da aldekeria eta kontrakeria horien atzetik. Eta nire eritzi apalean, baliabideen arazoa aurkitzen dugu hor ere, Saharan aurkitzen baita munduko fosfatolekurik garrantzizkoena, eta horrez gainera plataforma zabal bat. Eta hau bai interesatzen zaiola askori!!! Baina fosfatoak lortzeko ba dago beste bide bat Hegoamerikako leku askotan egiten dena: pinguinoena, animalia hauen gorotzetan («guano» izenekoak) fosforo ugari agertzen baita. Hau horrela, alternatiba bat proposatu nahi nuke Euskal Herrian arrazionalki behar litekeen fosforoa eskuratzeko: lehenbizikoz, sanitateko bati esan pinguinoen dietaz azterketa sakona egin dezala. Gero semental onak aurkitu, egokiro elikatu eta itxaron digestioa egin arte. Bestea erraza da, eta merkea gainera, Gobernuaren bekaz, noski!!!

***

Arrantzaleena benetan arazo larria. 20 milla direla eta, guztiok izorratzen. Baina berrehunenak ba dauka beste azalpen bat; izan ere, 200 milla horietan zabaltzen da ozeanoetako «plataforma» delakoa, eta jakintsuek diotenez hortxe aurkitzen da etorkizunerako jantokia: algetatik hasita eta petrolioraino. Adibide bikaina Bermio aurrean hilabete batzutan lanean egondako «Medusa» daukagu. Zer du aurkitu? Top Secret. Orduan arrantzaren atzetik beste zerbait dagoela pentsatu behar da, zerbait energetikoa, jakina. Eta hau ez dago arrantzaleen eskuetan, bestea ere ez.

Bizitzeko energia behar dugunez eta energia guztiak berdinak ez direnez, ezin ditugu denak onartu. Horrexegatik gaude nuklearraren aurka. Horrexegatik gaude nuklearraren aurka daudenen alde. Energia bizitzeko bada, ikas dezagun erabiltzen!!! Gauza guztiek ba daukate beren balantze energetikoa. Eguneroko balantze horiek errazionalak egiten, ba daukagu beharra eta lana.

Energia leku guztietatik. Energia, bost segundotan Zaragozako herri horretan egin zutena egiteko. Energia eta pazientzia arratsaldero Bilbo erditik kotxez ibiltzeko. Energia ere aldizkari hau zure eskuetan jartzeko. On dagizula!!!

PRONTXIO


Gaiak

Disko ala diska?

Durangon "Euskal liburu eta diska azoka" ospatzen ari zen egunetan, bueltaka erabili nuen hitz hori neure buruan. Zer dela eta aukeratu ote da a letra, bukaerako letra bezala? Hortik aparte, egunero, irratia piztu eta diska gora eta diska behera, aspertzeraino entzuten dugu hitz berbera. Beraz, dirudienez, oraintsu asmatu den edo erabiltzen hasia den hitz horrek, arrakasta handia du, ez baitu inork protestatzen.

Nik, ostera, ez dut egoki ikusten; eta artikulu honetan beraren desegokitasuna adierazten saiatuko naiz, bide batez disko hitzaren alde agertuz.

Espainola, frantsesa eta beste

Ez dut ukatzen hitz hori maileguz hartu denik eta ez maileguz hartu behar denik ere, nahiz eta mailegurik gabe ere, zabalkuntza semantikoz edo bestela, zerbait egoki aurki zitekeen (txirringa, gurpil edo antzeko hitzen bidetik). Edozein kasutan, ez diot oztoporik ikusten maileguari, fonetikoki ere euskal itxura baitu (-sko/-ska horrek behintzat).

Mailegua hartzerakoan, eredu gisa frantsesa ala espainola hartzean datza arazoa, ene ustez. Izan ere lehenago ere hainbeste aldiz planteatu da arazo hau, hitz tekniko batzuren prestaketan, adibidez. Frantsesez e letra mutuaz idazten diren hitz batzuren kasuan, era honetako zalantzak agertu dira:

espainolez frantsesez euskaraz

gramo gramme gramo/grama

kilogramo kilogramme kilogramo/kilograma

litro litre litro/litra

Izatez, hain urrun ez den garai batetan, a bukaeradun hitzak proposatu ziren Euskaltzainditik bertatik, horren lekuko "Zortzi urte ikastola hiztegia" (1975. urtea) dugularik, nahiz eta gero gramo, litro eta antzekoak hobetsi diren. Edozertara, oker ez banago, logika berberari jarraikiz sortu da diska hitza, hots, eredu frantsesari jarraikiz.

Eritzi eztabaidagarri bat

Zer dela eta batzuk hobetsi dituzte eta oraindik ere hobesten dituzte a bukaeradun hitzak? Ene eritziz, euskaldunon arazo psikologiko bat dago tartean. Geure inguruan dugun hizkuntzarekin dugun desberdintasuna gordetzen saiatzen gara gogor, horretarako era desberdinetako bideak erabiliz: batzutan garbitasunerantz joz, hau da, hitz ahalik eta garbienak (irakur bedi erdararekiko desberdinak) asmatuz eta beste batzutan, aurreko bidea antzua gertatzen denean, mailegua hartuz, baina hitzaren itxura ahal den gehiena aldatuz. Itxuraren aldaketak euskararen joera fonetikoaren arauera gertatzen dira batzutan, hala nola, comprar -- gonbaratu, cambio -- gambioa hitzen kasuan. Bestetan, ostera, guztiz alderantziz egiten da, desberdinak izan nahi dugula expreski adierazteko edo, hala nola gato -- katua, bote -- potea/potoa, gaceta -- kazeta hitzen kasuan. Agian konturatzeke egiten dugu hori, defentsabiderako erreflexu gisa. Eta ez diot gaizki dagoenik, horrela egiten duguna baino, zeren, adibidez, Iparraldeko euskaldunek lasai asko esaten baitute gatua, frantsesez chat esaten baita.

Labur esanda, Hegoaldean diska esaten bada, espainolezko disco hitzetik gehiago desberdintzeagatik dela uste dut. Ez dut uste bestelako arrazoirik egon denik, agian arrazoi hori inkontzienteki erabili bada ere.

O letra erabiltzearen alde

Dena den, nik hobeto erizten diot disko hitzari eta zergaitikoa esango dut. Diska hitza, izatekotan, a organikoduna izango litzateke, disk hitza ez baitirudi egoki; eta a itsatsia edukitzean, a itsatsidun hitzetan sortzen diren oztopo praktikoak sortuko lirateke hemen ere, o letrarekin sortuko ez liratekeenak. Ohar gisa, diodan, u letra ere proposa zitekeela; baina, dirudienez, honelako kasuetan o letra nagusitzen ari zaio.

Hortaz, diskoa egokiago ikusten dut, bai deklinabiderako eta bai fonetikari dagokionez. Hala ere, honetaz, hitz hori egunero erabiltzen dutenek dute hitza: irratietako hizlariek, diskoetxeetakoek eta antzekoek. Beharbada, hor ere "zenbat buru, hainbat aburu". Edozertara, ene eritziz, "Euskal Liburu eta Diskoen Azoka" egokiago litzateke.

J.R. Etxebarria


Gaiak

Euskal antzerki taldeak, jo ta ke lanean

Ez da lan erraza euskal antzerkiaren egoerari diagnostiko bat egitea, alde batetik euskararen egoera larriaren isla delako, eta kasu gehienetan ez duelako ikuslegoaren harrera lortu bestetik.

Usario-antzerkitik panfletura iritsi da askotan, pastoralak ireki eta markatu zuen bidea egokitu gabe utzirik. Dudarik gabe, hori ez da euskal antzerkiarentzat bide bakarra, baina nolabait justifika lezake, zenbait kasutan behintzat, gaur arte eta gaur egun munduan egiten den antzerki lana ez ezagutzea eta ez irakurtzea.

Dena dela, nahiz eta batzuk beren pesimismoa garbi azaldu, asmo onak ere badaude ghetto honetan. (antzerki lan bat ikusteko, Donostian behintzat. Banketxe baten asmo kultural edo Sto Tomas egunaren zai egon behar badugu, ez zait astakeria iruditzen ghetto deitzea). Antzerki eskolaren fruituak ez ditugu oraindik ezagutzen, baina kultur politika bat eratzen ez bada, hori ere ez da euskal antzerkiak behar duen soluzioa izango.

Abenduaren erdialdean euskal antzerki taldeak bildu ziren Donostian. Beren lana bukatu ondoren, prentsaurreko bat egiteko asmoz prentsabide guztiei deitu zieten. Lerro hauetan ez dut talde hauen salaketa ixildu nahi, Anaitasuna eta Telenorte, Iriondo zela medio, bakarrik azaldu ginelako, ez baita hori talde hauen lanek behar eta merezi duten oihartzuna.

Bazkaldu baino lehenago bost minutu izan nituen Antzerkilarien Biltzar honen ordezkariekin hitzegiteko. X. Ansola, Martin Idiakez, Daniel Landart, Iosu Makutso eta Alberto Gorritibereak horrela erantzun zidaten.

— HORRELAKO UNETAN, BETI GALDERA BERBERA MURGILTZEN DA GURE BURUAN: ZEIN DA ZUENTZAT ELKARTE HONEN HELBURUA?

— Elkarte honen helburua garbi dagoela uste dut: Nolabait, euskal antzerkia indartzea eta bizitzea, batipat.

— ZUEK AZALTZEN ZARETENEZ, EUSKAL ANTZERKI TALDEEN BILTZARRA OSATZEN DUZUE, OINARRITZAT EUSKARAREN EDO GURE HIZKUNTZAREN ERABILKETA JARTZEN DUZUE. EUSKARA «EUSKALDUNEN» ARAZOA SOILIK EZ DENEZ GERO; ZER HARREMAN DAUKAZUE EUSKAL HERRIKO ERDAL ANTZERKI TALDEEKIN?

— Beharbada esan behar dugu orain arte ez ditugula behar genituzkeen harremanak eduki, edo behintzat ez direla oso zabalak izan. Harreman batzu izan dira, baina nahiko motzak eta uste dut bide desberdinetik goazela. Erdal taldeek, askotan, nolabait beste antzerki ikuspegi batzu dituzte eta beharbada gu gehiago zentratzen gara euskal kulturaren antzerki motan.

— ZUEN ARTEAN, TALDE GUZTIETAN BEZALA, EKONOMI ARAZOA KONTUTAN HARTZEKO PROLEMA BAT IZANGO DA. GAUR, ZUEN BILERAN EUSKO JAURLARITZAREN ORDEZKARI BAT IZAN DUZUE. NOLA IKUSTEN DUZUE SUBENTZIOEN PROLEMA? ZER BALDINTZA PROPOSATUKO ZENUTEKE DIRU HORI BANATZEKO ORDUAN?

— Subentzioei buruz hauxe uste dugu: Aurten presupostu bat prestatu da eta gure eritzia hor lortzen dugun dirua biltzar bezala lortuko dugula da. Taldeek egingo dituzten eskakizunak Biltzarrak bideratuko ditu eta diru hori, Biltzarrera iritsi ondoren, biltzarrak berak erabaki beharko du talde konkretu bati zenbat diru eman, zenbat utzi ikastaroak antolatzeko, edo beste lan batzu prestatzeko, etab. Gainera, garbi dugu banaketa hori zazpi herrialdeetara iritsi behar dela.

— Nik hori luzatuko nuke, Biltzarrak plangintza bat egin behar duela esanez; eta plangintza horren arabera mesedezko diren laguntzak hartuko ditu, zazpi herrialdeetan banatzeko gero.

— BESTE ARAZO BAT IZAN ZITEKEEN NOLA IRITSI, ZER BIDE ERATU ZUEN LANA IKUSLEGOARENGANA HURBIL DADIN.

— Ene ustez, arazo hori, alde batetik, ekonomikoa da. Herrietan, horrelako prestaketa bat egiteko diru bat behar dela ikusten da eta orduan Udaletxeetara edo Aldundietara diru eske Joan behar da. Batzuetan, azken egunetan Oiartzunen esate baterako, Udaletxeak ez du dirurik eskeini, kulturak autofinantziatua izan behar duela esanez; eta gaur egun autofinantziazio hori oso zaila dela ikusten dugu denok. Talde batek, urtean zehar, beti dauzka gastu batzu (ekipoaren mantenua, jantziak, jende berria, propaganda, etab) eta horretan diru bat joaten zaizu, eta nahi ta nahi ez, talde bezala zerbait kobratu behar dugu, lana eskeintzean.

— Nik ere esango nuke zirkuituak Biltzarrak eratu behar dituela. Zirkuitu horiek ahalik eta zabalenak izan behar dute. Herri batera joatean, bertako Udaletxearekin, ikastolarekin, kultur elkarte guztiekin kontatu beharko dugu. Eta azkenik Aldundiekin ere kontatu beharko dugu, Euskal Herriko herri koxkorreneraino iristeko.

— HEMENDIK AURRERA, ZER ASMO DUZUE, BILTZAR BEZALA, LANARI DAGOKIONEZ?

— Bileran aipatu dugunez, Biltzar berri honek plangintza bat egin beharko du eta talde guztiei azaldu ondoren, martxan ipini beharko du onartutako plangintza hori. Teknika aldetik ere ikastaro batzu antolatu beharko ditugu. Ezin dugu ahaztu ere haurren maila; eta Biltzar honek erantzun bat eman behar die umeei, saiatu behintzat ikastoletara iristen.

— GAUR GURE ARTEAN IPARRALDEKO ORDEZKARIEN ARTEAN DANIEL LANDART EZAGUNA DUGU. NOLA IKUSTEN DUZU, DANIEL, IPARRALDEARI DAGOKIONEZ, EUSKAL ANTZERKIAREN EGOERA, IDAZLE ETA TALDE ALDETIK?

— Idazle mailan suerte gaitza daukagu, zeren 30 urtez Larzabal ukan bait dugu, eta urtero urtero antzerki berriak asmatu, kreatu bait ditu. Larzabalen ondoan Monzon eta beste batzu ere ukan ditugu. Baina zoritxarrez bat zendu da eta bestea agortu. Beraz, azken urte hauetan neronek antzerki lan batzu idatzi izan baditut, momentuan ni ere pixka bat nekatu naizela eta talde lanak sortzen ditudala gertatzen da. Beraz, azken 10 urte hauetan antzerkiak, lehen bezala iraun egin du, taldeak izan dira eta norbait egongo balitz gehiago dedika litekeena, 5 antzerki izatekotan partez, ba, hamarretara irits gaitezke, pentsatzen dut. Gainera Biltzar hau itxaropen bat izan daiteke, politika bera Ipar eta Hegoaldean jarraituz.

— USTE DUZU ORDUAN BILTZAR HONEN LANAK SOLUZIO BAT EKAR DEZAKEELA, DENON LANAK EZAGUTZEKO?

—Politika bat asmatu behar dugu, bai Iparralderako bai Hegoalderako, benetan 7 herrialdeetara zabalduko den euskal politika bat.

Gainera badago beste gauza bat biziki garrantzizkoa eta orain arte inork aipatu ez duena: Elkarteak erabaki du poliki poliki 2 liberatu sortuko dituela eta hori pauso handia izango dela pentsatzen dut; elkarteak egin behar duen plangintza eta zirkuituen arazoa soluzionatzeko bidean jarriko gara behintzat, bi liberatu horiekin. Horrela, hegoaldekoak Iparralderat etor daitezen eta alderantziz lortuko dugu, eta hori antzerki eta euskararen aldetik oso ona izan daiteke Euskal Herriarentzat.

***

Talde hauek esperantzari ireki nahi dioten leihoa, denon artean zabaldu behar dugu, ez baita euskal antzerkiaren egoera bakarrik dantzan dagoena.

XABIER PORTUGAL


Gaiak

Geure "demokrazian"

«Demokrazian» gaude, omen gaude, gaudeke. Franco diktadorea (nola dei egin behar diogu? Honixe ere «demokrata»?, beraxe izan baitzen oraingo sasikume demokrata guztien inudea) hil zen, baina hil zurretxotik, bere izaera erakutsi zuen, gure «Txiki» eta «Otaegi» gudarien eta FRAPeko «Baena», «Sanchez Bravo» eta «Garcia Sanz» borrokalarien hil-sententzia sinatzean. Diktadorea putrea genuen, baina ez edozelakoa: putreak hildako animalien okela jan ohi du, ez du hiltzen, Francok ordea lurpean ere harrapakina behar zuen, bere agintaldia, zapalkuntzaren izugarria betiraunerazteko. Bost borrokalariren hilketa izan zen beraren azken putre-akintza. Hortxe daude, bada, Francoren hilobitzar izugarrian gure hilak. Denak: hil aurretitxoan eraman zituenak, gerrakoak (Gernikakoak...), gerraondokoak; balaz josiak eta hilak, suz hilak, torturak hilak, ezbeharrak hileraziak...

ETA sortu zenetik izen propioak ba dira, herri oso baten oihartzun, dizdira eta expresio direlarik; borrokaren seinale gardena: Eustakio Mendizabal, Txabi Etxebarrieta, «Txiki», Otaegi (izen hau idaztean idazmakina pixkat trabatzen zait eta ezin gera naiteke momentutxo batez bederen pentsatzeke. Hain zuzen ere beraren jaioterrian nago hau idaztean), Argala, David, Goiko... Azkenekoan «Gogor» eta «Josetxu» izan dira eroriak, burrukan eroriak. Hauek guztiak borroka armatuan saiatuak, herriaren abangoardia. Baina beste hamaika hil asko gertatu da ere azken urteotan, batzu anonimoak, edo ardi anonimo pasatzen direnak, beste batzu oso ezagunak. Denak, ordea herriarengan itsatsita, herriaren kontzientzia kolektibo orokorrean batikortuak.

Putre nagusia hil zenean, zer espero zitekeen? Ezertxo gutxi. Berak izendaturiko erregea izango zen estatuaren buru, «monarkia» izenaz bataiaturiko diktadura berriaren buru. Gerraren putrakumeak jarraituko zuten gidaritzaren, ginolaren hariak gidatuz. Armada berberak jarraituko zuen, depuraziorik gabe, legionariak eta guzti. Armada ahalguztiduna. Goardia zibil berberexeak jarraituko zuten, anitzetan besteren odolez gorrituriko uniforme berdeekin, txarolezko trikornio beltz, bildurgarriekin. Polizia berberexea, grisezko ideiekin. Oro zapaltzailearen zelatari, zaintzaile fidel, torturatzaile abil.

Boterean mantendu ahal izateko, Europa «librearen» markoan, apaintzaile eta pintatzaile trebeak bihurtu zitzaizkigun putrakume guztiak. Fatxaden garbiketa etorri zen: poliziaren uniforme grisen ordez, marroi sugestiboak, txapel eta guzti; trikornio gutxiago (baina goardia zibil gehiago), trikornioen ordez kapelak; armadan, «El Alcazar» eta «Fuerza Nueva» aldizkariekin batera, «ABC» pluralista sartu zen; hauteskundeak izan ziren; parlamentu «demokratikoa» eratu zen; konstituzioa egin zen —Euskal Herrian aho batez ezetsia—... Fatxada apainduxea zegoen. Ondoren makila jo ta ke, estatu demokraten ota barneko «oposizioaren» oneritziaz. Azken urteotan haragi bizitan senti ahal izan dugu zapalketa ankerra. Manifestazioak berriro galeraziak eta egur beroz alaituak (oraindik tristeki gogora dezakegu, nola poliziak batzuri babesa ematen zion bitartean, besteri egurra: Bilboko «usoen» manifestazio gogoangarria); gudarien hilketak garo eta ugariagoak; langabezia gero eta konponezinagoa...

Une honetan ETAko hirurehun preso baino gehiago dago gartzeletan, Francoren garaian baino dexente haboro (topikoa ere hauxe errepikatzea?). Inoiz baino txarrago erabiliak, beraientzako gartzela bereziak superfistikatuak aleman eredukoak eraikiz: Herrera de la Mancha, Puerto de Santa María, Nanclares; ahalik eta urrutiragotuz. Edozein momentutan izan daiteke «omen»tzako pertsona bat detenitua eta terroristatzat salatua, gero berehala libre geratzeko. Noiznahi izan daiteke bat eraile, piztiak bezalaxe edo askozaz krudelkiago tratatua: Arregi (mila tortura ondoren hila), Almeriako kasua, GRAPOkoak Catalunian... Gogor eta Josetxu izan dira gure azken gudari ehizatuak. Ehizaldia irekita dago, tiro eta tiro, tiro terroristari! (lehen nola esaten zen? Ah, bai!, tiro beltzari, tiro gorriari!). Azken bospasei urte honetan errefuxiatuen kontrako atentatuek etengabe jarraitu dute, inpunitate osoz. Hendaian egindako sarraskien argi asko geratu zen nola ekiten duten espainiar ultraeskuindar poliziek, argiro oso goitik babestuak daudela...

Eta orain aldaketarekin zer? Giscard geneukan, Miterrand daukagu, sozialistak. Gure errefuxiatuak hala ere lehen bezala harrapatuak dira, «Yeu»ra konfinatuak, beste zenbait lekutara herbesteratuta inoiz baino gendarme gehiagorekin... Zer itxaron dezakegu?

Picassoren «Guernica» famatua azkenez ekartzea lortu dute Madrilgo jauntxoek, eta ez ote dugu entzun behar izan Cavero jaunaren ahotixe, hauxe dela azken errefuxiatua? Gure errefuxiatuek zer senti izango dute hori entzunda? Dena fatxadaren pintaketa demokratikoa. Picassok ikusi izan balu bere koadroari egin zitzaion harrera!!! Tanketa eta fusil tartean. Orain Madrilen sartu digute. Madrildik heldu zen Gernika txikitzeko, erretzeko agindua; Madrilgoek berberexek ipinerazi dute Madrilen. Guztiarekin ere, Isidro Monzon Olasok ondo dioen bezalaxe, benetako «Guernica» Euskal Herriko etxe guztietan dago eskegita.

«Guernica» bahituta, gure presoak bahituta, errefuxiatuak bahitu legez tratatuta: Herri osoa bahitu eta ezereztu nahi dute, ixilpetu. Argi dago, baina, ez dutela lortuko. Otsailaren 23 famatua egin da, egun lazgarria izan zen benetan. Kolokan ipini zen muntaia guztia. Eta zer gertatuko ote da gertaerotan parte hartu zutenekin? Nola bizi da Tejero? Nor eta Caruana generale izendatu dute kapitain general! Nor eta Fernandez Posse generala oraino Galizian kapitain general diskurtso ospetsuaren ondoren! Nori eta Millans del Boschi medaila bat! Ezpaten oihartzuna gero eta ozenagotzen da instantzia guztietan. Oraintsu ikusi dugu polizia militarra La Coruña manifestazio baten kontra, Madrilen diskoteka batetan soldaduak sartu eta bitartean kapitain batek mikrofonoetatik hitz egiten, «Espainia» salbatzeko laguntza eskatuz. «Ehunen manifestu edo agiria» zabaldu da berriki! JUJEMekoek lasai egon gaitezen eskatzen dute, neurriak hartu direla... Baina gero, kapitain generalek Juan Carlosekin bilera bat eduki zutela. Jakin izan da, zenbait gauza eskatuz edo bestela arazoak sor zitezkeela armadan. «Le Monde» frantses egunkari ospetsuan estatu-kolpe leuna izan dugula deritzotelarik...

Zer egiten ari dira autonomiatxo-estatuarekin? Zer da LOAPA hori? («nos quieren dar por el cupo», dioskute eufemistikoki (EGIkoek), ez ote ezpataren ezpata? Zer diozue Gobernu Baskongadokoak? (edo, Eusko Jaurlaritzakook, nahiago baduzue). Zer esan duzue azkenean, PNVtarrok, Lemoizi buruz? Horixe da argi eta garbi hitz egitea, alajainkoa! Galderak milaka datozkit, nola ordenatu ere ez dakit ia.

Espainiar gobernuak betidanikoxe bidetixe jarraitu arren, Euskal Herriak ez du etsi ordea, ezta etsiko ere. Ni triste nengoen «konstituzioaren egunean, triste».

Orain, zilegi bekit poesiatxo hau gure azken eraildakoen gorazarrez.

Harri borrokalari baten altzoan

hazi zineten,

borroka horrexetan

gaztetatik sartu.

Iparraldera hegaz egin behar

betiere ordez Euskal Herrian

Jarraitu!

Bizimodu gogor, latza,

hautatu zenuten,

arriskuz, beldurrez, herri-miñez,

urrun-miñez;

ez inoiz baina etsipenez.

Euskal Herriaren askatasuna

ikusten zenuten,

horixe behar lortu!

ez zarete hil, ezta hilen ere,

gugan erneko da

zuek ereindako hezia.

KARLOS SANTISTEBAN