ANAITASUNA

1981.eko AZAROA

415. ALEA

100 PEZETA


[AZALA]

Jon Juaristirekin Elkarrikuska

Durangoko Liburua eta Diska Azokak XVI urte. Aurtengo liburu berrien zerrenda.

Euskal Irrati Telebista: Gobernua eta EHE mintzo


ANAITASUNAn lankide gaituzu:

I. Alvarez

I. Antiguedad

J.I. Basterretxea

J.R. Bilbao

J.L. Davant

J.R. Egiluz

M.J. Esteban

J.R. Etxebarria

Txetxu Kurier

K. Landa

M.A. Landa

I. Lasa

J.M. Pastor

X. Portugal

G. Urrutikoetxea

X. Zorrotza

R. Zumalabe


AURKIBIDEA

1.or.- Azala

2.or.- Anaitasunan Publizitatea Euskaraz

3.or.- Artikuluburua

4.or.- Agiriak

5.or.- Aurkibidea - Oharrak - Langileak

6.or.- Ordutik Hona

Hileko Dokumentua

10.or.- Euskal Irrati Telebista: Gobernua eta EHE mintzo.

Euskal Herria

14.or.- Durangoko Liburu eta Diska Azokak XVI urte.

19.or.- Ipar Euskal Herrian lehen euskara hutsezko irratia.

Nazioartekoa

20.or.- Alemania eta Bakezaletasuna.

22.or.- Errepresio Kulturala Argentinan.

25.or.- Egungo esklabutza.

Elkarrikuska

28.or.- Jon Juaristirekin hizketan.

34.or.- Komikia

35.or.- Ekonomia

Gaiak

36.or.- Nafarroako Erribera herri bera duzu.

37.or.- Donostiako Zinemaldia.

38.or.- Geu gara Euskal Prentsa.

39.or.- Ion ala Jon? Gramatika.

40.or.- Saioka 8. Natur Arloa.

42.or.- Batzuen balio eza...

45.or.- Nessie...

46.or.- Errebiziozaleak.

48.or.- Fisika eta Kimika nobel sariak.

49.or.- Txalupa Ipuina

50.or.- Miarritzeko III. zine Festibala.

51.or.- Dunixi

52.or.- NATOri ez, noski.

53.or.- Postaz Etorriak.

54.or.- Astabelarriak - Euskal Prentsa.

45.or.- J.L. Davanten artikulua (olerkia).

56.or.- Gabonetarako.


Artikuluburua

Ekonomia larri, baina kemenak zutik

Gaurko ekonomia larri dagoela maiz entzun badugu ere, elkarte txikiak ditugu krisisa gehien sentitzen dutenak. Euskal Prentsa denok ezagutzen dugun kinka larrian dago, eta, ANAITASUNAk ez du besterik ezagutzen. Hori dela eta, Urtarrilatik hona gure aldizkaria ilebetekaria bihurtu da aurreko sarritasuna, hots, hamabostkariak zuena, gerorako utziaz.

Baina ilebetekariak beste funtzio batzu bete behar ditu, hamabostkariak betetzen ez dituenak, honegatik ale honetatik aurrera zenbait aldaketa ikusiko duzue aldizkariaren baitan, bere nortasun berriari indar gehiago emango diotenak gure ustez.

Gure arazorik larriena diru eza denez gero urtea amaitzeko nekez gabiltza, baina kemenak gogor dirau eta, berandu heldu arren, ez dugu uste gure zitari uko egingo diogunik. Hori bai, zerbait esan beharrean aurkitzen gara, harpidedunek, zuen arteko zenbaitek behitzat, ez duzuela oso bete gurekin duzuen konpromisoa. Baina arazoa ez da harpidetzak ordainduz soilik zuzentzen. Prentsak, zerbitzu publikoa denez gero, subentzioak behar ditu eta ANAITASUNAk ez du ezagutu behar moduko laguntzarik. ANAITASUNA erahiltzeko proposamendu ezageria nabarmen da hainbat toki ofizial edo sasiofizialetan.

Egia esan, ez dakigu zergatik ez lagundu nekez bizi denari berriak sortu aurretik. Dena dela, kemenak zutik dirau.


Agiriak

Euskal Antzerki taldeen biltzarra

Iñaki Makutsoren atxilotzea dela ta

Euskal Antzerki taldeen biltzarrak jakinik IÑAKI MAKUTSO, Oiartzuar «Intxixu» taldeko antzezlari gure laguna detenitua izan dela, asanbladan elkartu da, eta hau dio:

- Iñaki Makutsoren arazoa Euskal Herriak orokorki eta egunero jasatzen duen errepresio indiskriminatu izugarrian sartzen dela.

- Bera eta egoera berdinean dauden lagun guztiak berehala askatzea exijitzen du.

***

«Aulesti» abesbatz eta antzerki taldea

«AULESTI» antzerki talde eta Abesbatza elkarteak adaptatu eta presentatu zuen Monzon'en obra hau 1981 martxoan, Aulestin bertan ospatu zen kultur aste batetan, eta geroztik zenbait tokitan emana dugu (Gernikan, Ondarroan, Markinan etab.) jendearen aldetik oso harrera ona izan duelarik.

Agerpenean irakur daitekenez. Monzon'ek egindako obra batetan oinarrituz, taldeak adaptapen bat egin du eta musika jarri dio. Beraz antzerki musikala da koruak ere parte hartzen duelarik, eta bestalde gaurtasun haundia duen gai bat azaltzen zaigu bertan: Euskal Herriaren egoera latza eta anaion arteko burruka eta konponezina.

Kultur munduan mugitzen den edonork ondo daki honelako talde baten jarraipena oso neketsua izaten dena, eta nahiz eta oraingoz gurea moral aldetik dexente dabilen, behar-beharrezkoa ikusten dugu hainbat kosta zaigun obra bat prestatu ondoren, nora-hara irtenbide batzu aurkitzea.

Beraz, antzerki talde, kulturtalde eta Udal eta beste Erakundeotako kultur arduradunongana zuzentzen gara zuen inguru hortan eratu daitezken kultur saio edo horrelako zerbaitetan obra hau ematea interesatuko balitzaizueke, gure aldetik poz haundiz egingo genukela adierazi asmoz.

Bestalde, areto edo leku berezirik ez den tokietan ere eman ahal izateko (pelotalekuetan etab.) bozgorailu eta beste ekipoez orniturik gaudela adierazi nahi dizuegu.

***

«Donostia Hiria» IV ipuin lehiaketa

Euskara literatur mailan indartzearren eta euskaldun idazle berriak sor ditezen, Donostiako Kultur eta turismo ekintzetxeak, Aurrezki Kutxa Munizipalaren laguntzaz, lehen urteotan bezala. «DONOSTIA HIRIA» ipuin lehiaketa antolatzen du.

Arauak

l.a- Aipatzen den epearen barne bidaliak izanen diren idazlan guztiek har dezakete parte.

2.a- Ipuinak euskaraz idatziak izanen dira, gaia libre dutelarik. Partaide bakoitzak nahi dituen idazlan haina bidali dezake. Ipuin bakoitzak bere izenpurua edukiko du eta lema ere erabil daiteke.

3.a- Obrek 12 orrialde —bi lerrotan eta alde bakarretik idatzirik— gehienez izan ahal ditzakete. Lau kopia, inolako egilearen ezagubiderik gabe, eta, sobre itxi batetan ipuinaren izenpurua, nahiz lema, egilearen izen eta deiturak, helbidea eta herria idatziko dira.

4.a- Idazlanak bidaltzeko epea 1981ko abenduak 5 ean hitxiko da. Eskutan emanda nahiz postaz bidaliak izanen dira lanak, honako helbide honetara.

«DONOSTIA HIRIA» IPUIN LEHIAKETA

Kultur eta Turismo Ekintzetxea Reina Regente, z/g. - DONOSTIA

5.a- Honako sariok eratzen dira:

Lehen Saria: 100.000 Pta. eta Urrezko Medaila.

Bigarren Saria: 30.000 Pta. eta Zilarrezko Medaila.

Hirugarren Saria: 20.000 Pta. eta Zilarrezko Medaila.

6.a- Lehiaketa hau, 1982ko Urtarrilaren 15 ean, hots, Donostiako jaien barne, Notari aurrean epaituko da eta informabidean bitartez jakin eraziko da.

7.a- Saritutako ipuinen jabetza Kultur eta turismo ekintzetxeak gordetzen du. Erakunde honek, hala nahi izanez geroz, haren ustez literatur balioak dauzkaten idazlanak argitara ditzake; horretarako hain zuzen idazleen adostasuna aurresuposatzen da, besterik ez badiote plikan bertan.

8.a- Sarituak gertatzen ez diren lanak —«Antologia» delakoan parte hartuko dutenak ezik— behin epaia ezagutuz hogeita hamar egunen buruan jaso ahal izanen dira. Epe hau betez geroz, idazleak bere obrekiko ez du eskubiderik izanen.

9.a- Sariak desertu izan daitezke.

10.a- Bere garaian epaia nork osatzen duen jakin eraziko da.

Donostian, 1981ko Irailan

***

Euskal Ikastaroak

Cursillos de Euskara

BARRU-IKASTAROAK

REGIMEN INTERNADO

1. 1981eko Abenduan/Diciembre

Azaroa/noviembre 30 abendua/diciembre 18 egunak/días.

Maila/nivel: MINTZA PRAKTIKA.

2. 1982ko Urtarrila/Enero

Urtarrila/enero 11-29 egunak/días.

Mailak/niveles: ALFABETATZEN «D» TITULURAKO.

3. 1982ko Otsaila/Febrero

Otsaila/febrero 8-26 egunak/días.

Mailak/niveles: EUSKALDUNTZEN 3 - M. PRAKTIKA.

4. 1982ko Martxoa/Marzo

Martxoa/marzo 1-19 egunak/días.

Mailak/niveles: EUSKALDUNTZEN 3 - M. PRAKTIKA.

5. 1982ko Apirila/Abril

Apirila/abril 5-17 egunak/días. (ikastaro honetan larunbat goizak barne. En este cursillo se incluyen las mañanas de los sábados)

Maila/nivel: MINTZA PRAKTIKA.

6. 1982ko Maiatza/Mayo

Maiatza/mayo 3-21 egunak/días.

Mailak/niveles: EUSKALDUNTZEN 3 - MINTZA PRAKTIKA.

7. 1982ko Ekaina/Junio

Maiatza/mayo 24 - Ekaina/junio 11 egunak/días.

Mailak/niveles: ALFABETATZEN eta «D» TITULURAKO.

 Antolatzailea: GOIHERRIKO EUSKAL ESKOLA. (A.E.K.)

 Deitu/información: Goiherriko Euskal Eskola. Tfno.: 88 34 03

Rikardo Arregi Euskaltegia: Tfno.: 46 46 55

Bloque 23


Ordutik hona

22

LOAPAren kritika publikoaren lehen eguna. Ortuellako eskoletan infraestrukturarik ez. ESTEE-EILAS sindikatoak ministro eta ahaldunen promesak non gelditu diren azaltzen digu: Lehen bost hiletan ez da dirurik agertu, haurrak lonjatan pilatzen dira, laburtzearren hamalau milioietatik sei baizik ez dira agertu. Meza ugari baina laguntza eskasa. Atzo Gogor eta Josetxo erahil zituzten. Bestalde Pariseko korteetan diputaduak kolpeka, gobernuaren aldekoek eta aurkakoek elkarri trapu zahar guztiak aidera bota.

23

Oraingo honetan EGINi aplikatu zaio demokrazia, hiru orduz bahitu bait zuten egunkaria poliziek. Euskal Herrian zigorra eta Madrilen Picasso-ren «Guernica», demokraziaren ezaugarri famatua, ikusteko aukera zabaldu dute. Baina Castedok bere jarlekua utzi eta Robles Piqueri eskeini, Gobernuan ez dakite zer egin mahaietako hautsa kentzeko. Cancun-ekoak janariaz arduratzen diren bitartean Ifar Ameriketako Senadoak laguntza militarra eskeintzen dio Txileko Gobernuari, eskerrak sovietarrek gaizki jokatzen dutela. Polonia-ko arazoaetaz arduratzean...

24

Gaur heldu dira Echevarria S.A.k bananduriko lan suspentziorako eskutitzak bertako langileen etxeetara. LOAPA-ren aurkako manifestaldia Bilbon, Garaikoetxeak bulegoa utzi eta kalera jo.PCE eta EPK taldeen artean ezberdintasunak geroago eta argiago ikusten omen direlarik alderdi biek banatzera joko dute. Gure telegrama honek jarraiera luzea du: Cancunen bildurikoek ez dute ezer berririk lortu, egia esan ez zuten gogo handiegirik gauzak konpontzeko eta asmo horri jarraituz, mintzatzea, besterik gabe, izan da bileretako gairik handiena, bakarra esango nuke nik. Politikak eta politikariek gauza berri eta on askorik ekartzen ez baldin badigute horra hor ama natura pertsonek eginikoa konpondu nahiz: Euskal Herrian, eta Nafarroan batez ere, honddo eta perretxiku uzta itzela. Bitartean Gernikan «Guernica» koadroa eskatzearen aldeko ekintzak sortu, hari ere, sigur aski, honddoak irtengo zaizkio kapitalean.

26

Echevarria S.A.ko langileak ez dira bat ere ados entrepresarekin eta beren despido eskutitzak erretzea erabaki dute. Bide batez Madrila joko omen dute beren eskabideak entzunarazteko eta gertaturiko amaiera bako grebari jarraituko diote.

27

Ondorio demokratiko gabeko plenoa hasten da gaur kongresoan, gaia OTAN horretan sartzea ala ez. Aurretik galdua duten eztabaidara aurkezten dira sozialistak eta komunistak, herri txikien eritziak alde eta kontrakoen artean sakabanaturik. Dena den, eta Espainiako telebista futurologoa denez gero OTANi buruzko ikuspegi akritiko eta aldeko borobila eman zuen giroa berotzeko eta ezjakintasunean zeuden arimak bizkortzeko. Bitartean Robles Piquer jaunaren lehen eritzi publikoak entzuten ditugu, harrigarriak benetan: «independiente, serio eta responsabletzat jotzen dut nire burua». Jesus, Madrilen ere egurra merke. Echevarriakoak makilatuak izan dira Madrileko kaleetan. Bestalde Urho Kekkonen, Finlandiako lehendakariak bere dimisioa aurkeztu du, gaixorik omen dabil, neutral gutxiago bat Europa nuklearizatu honetan. IRAkoek lehergailuak zabaldu Londresen, erregina eta gentlemanak karriken zehar arineketan, bizitza kala da.

28

Polonian jo eta ke. Jaruzelski eta Elkartasuna ez datoz bat. Atzo greba orokorra zabaldu zen Polonian eta POUP alderdikoek ez dakite haizeak nondik jotzen duen. Arazoa janarien banaketan datza, dirudienez janariok ez dira heltzen behar den moduan poloniarren etxeetara. Dena dela, gobernuak lehen apainketak ezarri ditu: oraingoz soldaduek zainduko dute janarien banaketa hainbat herritan, bigarrenez, Elkartasunak bere indar ekintzak baretzea eskatu izan da. Halan eta guztiz ere Elkartasunak bere indarra agertu zuen atzo Polonian zehar zabaldu zuen greba orokorraren bitartez.

29

Espainia OTAN barruan. Ehun eta laurogeitasei izan dira sartzearen alde jokatu dutenak, aurka, ostera, ehun eta berrogeitasei. Espainia, lehen ez baldin bazen ere, hemendik aurrera Mendebaldeko Europaren kultura erretserba nuklearizatua. Amabirjina USA eta seaska OTAN famatua. Europan aldiz kasurik ez, horrelako abenturak sinatuarren Madrilek ez darama bere etxera bedetearena, esan nahi da, fama (fama ona uler).

30

Barojaren hogeita-bostgarren urteurrena. Bai hogei eta bost urte dira Bidasoa inguruko idazleak bere burua heriotzari eskeini ziola. Aurten fetxazale bihurtu gara: Picasso, Iparragirre, Baroja bera, Mogelen Peru Abarka liburua, Estatu Kolpe berria eta abar. Ehun urte barru Euskal Irrati-Telebista Nazionalaren jaiotza ospatuko ote? Herri hau euskalduntzeko, Euskal Herria izan dadin, Euskara nonnahi eta zernahitarako erabili behar dugu, hori denok dakigulakotan gaude gu ere bai. Baina herriak, nahi eta nahiez, zerbait egin aurretik imitatzeko ereduak nahi izaten ditu, eta kopia eredurik ez duen bitartean ez da ausartuko zerbait berri egitera. Gure kasu honetan, eta euskaraz mintzatzen ari garelarik, imitagai direnak, hots, gizon eta emakume publikoek, alkateek, ministroek eta lehendakariak (batzu bakarrik aipatzeko) euskararik ikasten ez duten bitartean; gizon, emakume, zahar eta gazte arruntak ez du uste izango euskarak baliorik duenentz.

31

Estatuko ekonomiaren birjaiotza datorkigu. Begira dibisa trukearen datu hau: USAko dolarra astebete zela 96,912 pezetan zegoen, gaur aldiz 96,324, merkeago beraz. Baina dolarraz konparatu beharrean beste zenbait dibisaz konparatuez gero hona hemen hainbat datu: epe berdina jarraituz Frantziako frankoa 16,973 Urriaren 23an, gaur 16,995; Ingalaterrako libra 176,040 lehen, orain aldiz 177,525 pezeta; Suizako frankoa lehen 51,073, orain 52,067 eta abar. Argi dago, USAz konparatuz hobeago, gainerako beste herri guztiez konparatuez gero gaizkiago. Madrileko teleskopioak Atlantikorantz baino ezin ote begiratu?

1

Bizkaian bananduriko koltza olioaren lehen ondorioak aztertzen ditu prentsak. Bizkaiko kasuak isiltzea nahi izan dira; hori dela eta, Espainiako kasua baino ez da aipatu gurean etxekoak gaixorik zeuden bitartean. Santutxu, Durango, Otxarkoaga eta Basaurin suertatu dira. Bide batez Euskal Unibertsitatearen egoeraz jabetzen gara. Ez dago dirurik, eta, gehiago lortzen da edo Fakultateak itxi beharko omen. Ez da oso planteiamendu sendoa baina tira, Madril geroago eta gehiago ezagutzen dugu, zapalkuntza soziopolitikoa izan baldin bada orainartekoa (batez ere, noski) hemendik aurrera kultura zapalkuntza, ez bertako kulturarena, hori aspaldidanik zapaldurik baitago, erebat unibertsala den kulturarena. Eskerrik asko.

2

UCDko demokratak elkarri ulertu ezinik dabiltza. Inork ez du zatiketarik nahi, baina inork ez du bere planteiamendua aldatzen: ofizialistek ezetz kongresu berriari, besteek, aldiz, gogoz eskatu. Sozialdemokratek utziko duten hutsunea arma nuklearrez beteko omen da, oinez ez doana abioez. Baina gure kontsueloa kiroletik dator: igandean lehen mailako futbolariek irabazi dute eta. Reaganek irabazi gura du, bere kasua Ekialde Hurbilan kokatzen zaigu eta ez futbol-zelaian, nahiz eta Ekialde hortako lurraldeak nazio indartsuak jolasteko zelaia izan. Kasu honetan Hussein litzateke aurrelari eta Begin aurkako atezaina, arazoa ostera, penalty borobila.

3

UCDk sozialdemokratak galtzen ditu, Echevarriakoek greba Orokorrerako deia zabaltzen dute eta Milans del Bosch jaun ospetsuak kondekorapena jasotzen du, Lur Ejerzitoak eskeinia. Punto.

4

Eusko Gobernua lanpostuez arduratzen da, entrepresariak ez. Nola ulertu gaia? Bitartean Echevarria S.A.koek gogor ekiten diote haien grebari eta Bilboko Bankurik gehienetara jo dute soluziobide eske. Entzungorrak.

7

UCDko iskanbilak geroago eta gogorrago baldin badira Calvo Sotelok eta Rodriguez Sahagunek zarata gutxi atera gura, nahiz eta hautsitako platerrak ugari izan. Kubako biztanleak urduri jarri dira munduko prentsan agertu diren berriengatik, beldur omen, baina, halan eta guztiz ere, gogor ekingo omen diote Kubako jabetasunaren aldeko kanpainari. Beljikan hauteskundeen zain, flamenkarrak eta baloiak alderdi ezberdinen alde, dena den, konponbiderako bide gutxi ikusten da. Fraga gure etxean, Gasteizen, arro-arro eta Galiziakoa lau haizetara aldarrikatuz, bitartean Nafarroako UPNzaleak Iruñean batuko dira Nafarroako interesak nola bete garbitzeko; baina zein garbitzeko, interesen interesa ala interesatuen interesa? Horra koxka.

8

Ahuñamendietan dauden ejerzitoek egin ekologiaren aurkako izugarrizko erasoaldiaz jabetzen gara. Zuhaitzak nazien swastikaz beterik utzi dituzte. Bide batez, mendia zaintzen egon omen dira zenbait gizonek hor jarririko muga pasa ez dezaten, hori lortu dutenez ez dakigu jakin, baina hainbat zuhaitz erretserba pasibora pasatuko direla argi dugu. Garaikoetxea eta Orejak, Barakaldoko udaletxean ospatu zen Espainako erregioen arteko anaidetasun egun horretan Errioxa, Cantabria, Extremadura, Castilla-Leon, Andalucia, Segovia, Aragon, Galicia, La Mancha eta NAFARROAKO banderak bota zituzten aideetara.

9

Hungariako gobernuak entrepresa estatal txiki batzu entrepresarien esku utziko ditu errentabilizazioa has dedin. Jantokiak, moda dendak, tailer txikiak eta zerbitzu lantegiak izango dira aldaketa horretara makurtuko direnak. Nekazaritzan laster agertuko dira lehen pribatizazioak lurrari interes handiagoak ateratzeko. Joandako astean Kuba-ko biztanleak baziren urduri jartzen zirenak, orain Nikaraguakoak ditugu. USAko interesek geroago eta zapalkuntza gehiago behar dute. Madrilen UCD eta PCE dira entzutetsuenak, lehenik, haien alderdia apur ez dadin, egiten dutenagatik, eta bigarrenek haien alderdikide ezuzenak alderditik bota nahi dituztelako.

10

Euskal Herriak bere telebista ezagutuko omen du, Eusko Gobernuak lehen dirua aurreratu baitu Durangon jarri behar den ezarketa hasteko. Bestalde batetik telebista hortarako materialaren erosketa hasia dago orain. Une honetan jakiteko genukeena zera litzateke: telebista hori Euskal Herrikoa izanik erdalduna izango?

11

Palestinako autogobernuari buruzko eztabaidak berbizten dira Ekialde Hurbilan. Arazoak etxekoen artean konpontzeko errezak ez badira ere kanpokoen laguntzaz orniduko dira Ifar Ameriketarrak hantxe egongo baitira. Eta beste arazo grabeagorik ez dagoenez gero Aoizeko juezak auzira eramango du bere herriko gazte bat bere jantzi maitea edariz zikindu baitzion. Madrileko kontuak betiko moduan UCD eta PCE beraien barne arazoak nola konpondu ez dakitela. Parisen, entrepresari frantsesek, estatutik atera nahi duten dirua nola hatzematzea da ardurea.

13

Suarezek berriz agur Politikari. Oraingo honetan bere hitzak ezberdinak izan dira, baina sustraietan berdintsu den zerbait ikusten omen dute aztertzailerik zorrotzenek. Beste gai guztiak berdintsu suertatzen zaizkigu: Echevarriakoek geroago eta gorriago bizi behar, komisaldegiak betetzen doaz egunez egun eta gure kultura beti bezala: bere txokoan, bere ghettoan akaso? Ezin ahaz Nafarroako Diputazioan Espainiako erregearen argazkia ezartzea erabaki delarik hango banderea ere jarriko omen erregearen alboan. Hau honela, eta, gero Garaikoetxea eta Oreja jaunek Barakaldon «Espainiako beste banderen artean» Nafarroakoa goititzen dutela ikusita baskoiek argi eta garbi dakusate.

14

IRAkoek armak zutik. Bradfordek, 41 urtetako abade diputatua, eriotza aurkitu du. IRAren esku. Bestalde amerikarrak arro haien «Columbia» ortzune-ontzi hori lurrera heltzean. Francfort-en aideportua handiagotzearen aurkako manifestaldi ederra, laurogei mila pertsona inguru batu ziren Wiesbaden herrian eta gobernuari berrehun mila pertsonek sinaturiko eskabidea aurkeztu zaio hasiko handitze lanak berehala geldi daitezen.

17

«Gezur borobila Madrilen diotena. PNV alderdia isiltzen da, Eusko Gobernua berdin, baina argi daukagu Picassok bere koadroa Euskal Herriari eman nahi izan ziola. 37garren urtean Picassok, bere kabuz, Eusko Gobernuari eskeini zion bere obra «Guernica», eta eskeintza hau baztertu egin zen, nahiz eta zergatia orain jakin ez. «Honela mintzatzen zen Agustin Ibarrola EGINek egin zion elkarrizketan. Horrela jarraitzen zuen: PNVk, Gernikako hibaiari buruz duen asmoa aurrera atera nahiz bere ideia industrialak agertu ditu eta hori dela eta argi dakuskegu «Guernica Gernikara» kanpaina horren aurrean izan duten jarrerak ukan duen zergatia. Bestalde zera esan dezagun: Oliartek, egun defentsarako ministroa, Estatuko presidentetzat militarren bat aukeratuta zegoela gezurtatu du; baina, zaratak zer ekarriko?

18

Demokraten legeak zazpi urtez oparitu du Xavier Vinader kazetaria talde armatuekin izan omen duen hartuemanekin. Bestalde Xabier Sánchez Erauskin laster agertuko Auzitegian «Punto y Hora» aldizkarian zuzendari izan zeneaniko zerbait artikuluren erantzuna emateko. Kepa Bordegaraik, «Euzkadi» aldizkariko zuzendaria, ere auzitegitik agertzekoa izan du. Bitartean eta, gauzok ahaz ditzagun Reaganek Europa desnuklearizatu baten alde agertzen dela esaten zaigu telebista, irrati eta egunkari guztietatik, sinistu beharko?

20

Sei urte.

23

Greba orokorra.

J. Begiristain


Hileko dokumentua

Euskal Irrati Telebista: Gobernua eta EHE mintzo

EUSKAL KULTURAK JASOTZEN DUEN ZAPALKUNTZA GAINDITZEKO ZENBAIT BALDINTZA EMAN BEHAR DELA BA DAKIGU. HAIETARIKO BAT KOMUNIKABIDEETAKOA LITZATEKE. ARLO HONI, GARRANTZITSUENA DERITZOGULA BI PERTSONA EKARRI DUGU BEREN PROJEKTU: KEZKA ETA —ZERGAITIK EZ— ESPERANTZAK KONDA DIEZAZKIGUTEN: EUSKAL GOBERNUKO KULTUR KONTSEILARIA DEN LABAIEN ETA E.H.E TALDEKO LUIX MARI MUXIKA EUSKALTZALE EZAGUNA. HONA HEMEN, BADA, BION ESANAK:

Labaienen arrastroei segituz egun batzu eman ondoren Gasteiza joan eta Euskal Gobernuaren egoitzan topatu genuen. Bere langelan atseginez hartu gintuen eta hantxe hasi ginen berbetan.

ANAITASUNAK:— «Zure ustez, eta kultur kontseilaria bezala, zein egoeratan dago gure hizkuntza?»

LABAIENEK:— «Alde batetatik egoera txarrean dagoela denik dakigu. Euskara atzerantz doa baina esperantza daukagu jendeak ikasteko gogoa dauka eta.

A.:— «Zein politika eramaten duzue euskara normalizatzeko?»

L.:— «Niretzat normalizazioa lortzeko inportanteena telebista eta irratia edukitzea da eta helduen berreuskalduntzea ere bai. Honela, eskolatik aterako diren euskaldunberriek komunikabideekin aberastuko dute beren hizkuntza. Kontutan hartu 700.000 euskaldun dagoela eta gehienak, zoritxarrez, analfabetuak ditugu. Honek gizartean prentsa eta liburuen indarra eskasa dela adierazten digu, baina urte batzutan apogeoa izango da. Optimista nago baina oraindik neurriak hartzen ari gara euskara ghettotik irten dadin, eusko giroa sortu behar dugu. Gaur bilinguismoa ez da egia. Erdarak euskara txokoratzen du. Medioak ipini behar dira. Suizan trilinguismoa eman daiteke baina hemen ez dago ezer. Gure politika panorama beltz hau aldatzea da.

«HIZKUNTZA EZ DA DEKRETOEN BIDEZ EGITEN, GAUZA BIZIA DA. NIK BATUA EZ DAKIT BAINA ALFABETATUA NAIZ TOLOSAKO ETA SARAKO EUSKARAZ».

A.:— «Gobernuaren administrazioari dagokionez, iragarki ofizialetan batua agertzen da askotan baina beste batzutan euskalkiez eta idazkera utopikoez baliatzen zarete. Ez al da kontraesan bat?»

L.:— «Utopikoaz, zer esan nahi duzu?, purismoan erortzen garela? Gertatzen dena Euskal Herrian irakurtzeko kapazak ez direla asko. Batzuk batuaz idazten zein irakurtzen dakite, beste batzuk gipuzkeraz edo bizkaieraz. Hau aldatu egin behar dugu baina, kontuz, denboraz. Hizkuntza ez da dekretoen bidez egiten. Gauza bizia da. Nik ez dakit batua baina alfabetatua nago Tolosa eta Sarako euskaraz. Bizitasunak markatzen du hizkuntza. Descartes-en frantsesa eta Voltaire-rena ez da berdina. Haien artean 150 urte dago, gutti gora behera. Benetako hizkuntza bizia nahi dugu. Guk beharrezkoa ikusten dugu artistiko-kreatibitatean nork bere modua duela baina gauza ofizialetan hizkuntza bakar bat eduki behar dugu.

«GOBERNUAK DIRU PUBLIKOA GASTATZEN DU EUSKARAZ ETA H.AB.E. ZENTRO PILOTOA SORTU DU. A.E.K. ZENTRO PRIBATUA DA BAINA HAIEN IKASLEEK GURE EXAMINA GAINDITUZ GERO SUBENTZIOA JASOKO DUTE».

A.:— «lrakaskuntza dela eta adieraz iezaguzu zer den H.A.B.E.»

L.:— «Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea da. Zentro piloto bat da. Alde batetatik gloto-didaktika departamendua dauka metodologia finkatzeko. Beste alde batetatik euskaltegi experimentalak sortu ditugu metodo hoiek experimentatzeko. Gobernuak euskaraz gastatzen du diru publikoa eta hau egiteko bi dato behar du:

1) Zenbat kostatzen duen pertsona bat berreuskalduntzeak. 2) Zenbat denboraz baina egiz, berreuskaldun dezakegun. Hau guztiau errespontsabilitate minimo batez egin behar da. H.A.B.E. organizazio experimental eta kontrolatua da. Ikasle bakoitzak bere fitxa dauka Arabako zentro informatuan sartua. Hala datorren urtean egia jakingo dugu eta prezio batekin. Zenbat jende hasten da euskara ikasten? Asko, bai, baina guk ez dakigu zihurtasunez zenbat euskaldunberri sortzen den. Leku baten, 1.000 ikasle artean zenbat irtengo dira arras euskaldundurik? 100, 800, 10 edo? Guk, behintzat, datorren urtean jakingo dugu. ETA ERANTZUNA BAI HERRIARI BAI PARLAMENTUARI ESAN BEHARKO EUSKARAREN «ZAILTASUN» ATXAKI HORI DESAGERTZEKO. EZTA?»

A:— «Zergatik H.A.B.E.? Ez al duzue A.E.K. positibotzat jotzen? Koordinakundea kritikatu arren han barruan hazitako irakasleez baliatzen omen zarete...»

L.:— «AEK POSITIBOA DA, BESTE EDOZEIN GORPUTZ PRIBATUA BEZALA. GUK AEKARI ESKATZEN DIOGUNA IKASLEEN FITXAK ZENTRO INFORMATIKORA BIDALTZEKO. IKASLE HOIEK PREST EGONEZ GERO EXAMINA BAT EGINGO DIEGU ETA APROBATUKO BALUTE SUBENTZIOA JASOKO LUTEKE.

Irakasleen kontu horretaz zera esan behar dizut: Euskal gobernuak konbokatoria publiko bat egin zuen. Ez genien galdetu AEK edo beste leku batetakoak ziren ala ez, irakasleak baino.

A.:— «Euskaldunberrientzako subentzioak astrapala haundia sortu du. Zuen ikasleei 2.000 edo 110 milioi ematen diezuen bitartean Koordinakundearen 22.000 hoiei askoz guttiago. Zergatik?

L.:— « Guk ezin dugu jakin zenbat emango dugun. Txarto irteten bada zer? Guk AEKaren ikasleen kopurua jakin nahi dugu eta gero dirua banatuko zaie examina aprobatuz gero, noski!»

«GAUZAK ESPERO DUGUN BEZALA JOANEZ GERO DATORREN URTEKO AMAIERAN EDO HURRENGOAREN HASIERAN EUSKAL TELEBISTA EDUKIKO DUGU...»

A.:— «Orain urtebete edo, udaberrian euskal telebista edukiko genuela esan zenuen. Hortaz oinarrituz E.H.E. taldeak kanpainia bat antolatu du. Noizko benetako euskal telebista?»

L:— «Tele Norte-n sartzeko programazioa edukiko genuela esan nuen eta hori ez da euskal telebista. Gure telebista eskuratzeko material eta kontratazioa egin dira eta gauzak espero dugun bezala joanez gero datorren urteko amaieran izango da edo hurrengoaren hasieran. Kanpainia hortaz eskaintza egingo dugu. DENBORA BEHAR DUGU LOKUTOREAK ETA ABAR FORMATZEA BESTE GAUZA BAT DA. Urtebetea daramagu hau egiten, hilbeltzean guionismoa eta kontratazioa egingo dugu. HIZKUNTZA GORATU EGIN BEHAR DUGU KALITATEZKO PROGRAMAK NAHI DITUGU: KONTZERTUAK.INFORMATIBOAK, KULTURALAK, ZENBAIT PROGRAMA BEREZI ZAHAR ETA UMEENTZAT, MAHAI BOROBILAK ETA PELIKULAK GEHIENETAN DOBLATUAK ETA AHAL DUGUNEAN EUSKADIN EGINAK.

A.:— «Emaiguzu dato gehiago...»

L.:— Guk hizkera kolokiala egin nahi dugu. Euskaldun guztiak ulertuko duten euskara bat, bai Gipuzkoan, Bizkaia edo Iparraldean. EUSKALKIAK SARTUKO DITUGU, JAKINA. Baian, berriz diotsut, denbora behar dugu. Hizkuntz-adaptazioa luzetxoa da. Zuk Txekoslobakiako filme bat erosten duzunean euskaratu behar duzu eta euskarak bere sinkronizazioa dauka. Territorialitateaz gure infraestruktura ente autonomoarena izango da baina Iparraldean nahiz Nafarroan ikusiko da eta haiek ere beren erabakia edukiko dute. Ez al dugu hemen Frantziako telebista ikusten ala? Ba, berdin...

«DOBLADOREA IZATEKO EZ DA KAZETARIA IZAN BEHAR, ARTISTA BAINO. KAZETARIA IDAZTEKOA DA BAINO LOKUTORE MAILAN BESTE GAUZA BATZU ERE SARTZEN DIRA».

A.:— «Orain eskola bat daukazue. Irekitzeko deia egin zenutenean oso epe laburra izan zen jendea presentatzeko. Gainera adin-kopurua ipini zenuten baina kazetaria izatea exijitu gabe euskaldun kazetari gerturik ba dagoen arren. Horretaz?»

L.:— «NIRE ERITZIZ DOBLADORE IZATEKO EZ DAGO ZERTAN KAZETARIA IZAN BEHAR ARTISTA BAINO. LOKUTOREA IZATEKO DEKLAMAZIOA E.A. JAKIN BEHAR DA. KAZETARIA IDAZTEKO DA. Lokutore mailan irudi fisikoak, deklamazioak, ahotsak inportantzia haundia daukate.

«MARTXO EDO APIRILEAN LEHENENGO IRRATI PUBLIKOA IZANGO DUGU EUSKARA HUTSEAN ETA 16-18 ORDU EGUNERO»

A.:— «Bai, baina irratian ez da aurpegirik ikusten...»

L.:— «Irratian bi lokutore moeta dago. Bata programa sortzailea, bestea errepikatzailea. Hemen kazetaria izateak laguntza ematen du. Niretzat bakoitzak bere talentoa dauka. Orain emisora pribatuak finantzatze ditugu bai euskara sartzeko bai gure lokutoreak sartzeko. MARTXO EDO APIRILEAN LEHENENGO IRRATI PUBLIKOA IZANGO DUGU EUSKARA HUTSEAN ETA 16-18 ORDU EGUNERO. Dena martxan dago. Ikasleak ilusio haundiaz ari dira goiz eta arratsaldez. Hala ere ez daukagu jende asko prestatuta. HEMEN AKTORE PROFESIONALAK BEHAR DIRA BAINA EZ DAUZKAGU. EUSKAL HERRIAN EZ DUGU FEDRA ERREZITATZEKO NURIA ESPERT BAT. Estudio zentralak Durangon egiten hasi gara. Ikusiko dugu zein kapazitate dugun hau aurrera eramateko. Baina denbora behar da. Zine komertzialetan ere sartu nahi dugu doblatzaileekin. Euskarak besteak bezela egon behar du. Etxetik atera behar dugu bestela gureak egin du.

A.:— «Aurreko ale baten suediar gobernuak euskal liburuez zertxobait egingo zuela zioskun Krutwigek hori gobernuarentzat lotsagarria zela azpimarratuz...»

L.:— «Gauzak esaten hasi aurretik jakin behar da. Guk 37 milioi dugu euskal liburuak babesteko. Euskaldun autoreek 12 milioi dute. Eta, KOINTZIDENTZIA! KRUTWIG JAUNAREN LIBURUAK BABESTEKO 650.000 PZTA. HEMEN DAUKAZU ZERRENDA. BEGIRA: KRUTWIG BELATZAREN BARATZA I... 280.000: BELARTZAREN BARATZA II... 280.000; IPUINAK 90.000. GUZTIRA: 650.000 PEZETA DITU. MESEDEZ...»

A.:— «Euskal prentsa hil zorian dago. Iazko subentzioa irrigarria izan genien. Euskal Gobernuak ba ote dauka laguntza egokirik emateko gogorik? Zein kriteriotaz baliatuko zinatekete hori banatzean?»

L.:— «Guk aleak eta papera kondatzen ditugu subentzioa ematerakoan. Guttienez iaz beste pagatuko dugu, inongo diskriminaziorik gabe, euskararen alde lan egiten duzue eta.

Orain DEMA aterako dugu. Kirol aldizkaria da, gazteentzat.

DEMA Euskal Herriko aldizkaririk haundiena izango da. Gratis emango da eskoletan 10-16 urtetako gazteentzat. Gainera bi tirada egingo dugu. Bata bilinguea 200.000 alekoa, bestea euskara hutsean eta 40.000 alerekin. AURTEN ERREBISTA BAT SORTU NAHI DUGU: EUSKARAZ, FRANTSESEZ, INGLESEZ ETA ERDARAZ MUNDUKO EUSKALDUN GUZTIONTZAT. Argentinan bakarrik, 3.000.000 euskaldunak edo euskaldunsemeak dira. Beraiekiko hartuemanak intensifikatu behar ditugu. Rosarion mutilak euskaraz ikusi genituen eta dantzariak kriston trajeaz. Guk hemen ez dakigu hau. En fin euskaldunon hizkuntza eta problematika normalizatu behar da».

Eta esperantzaz proiektu berriez mintzatzen jarraitzen duen bitartean ateraino laguntzen digu... Luix Mari Muxika, euskara tekniko eta hirikoari buruz egin dituen lanez aparte, «Euskal Herrian euskaraz» taldearen lankide bezala ere ezaguna da. Gabonetarako euskal irrati telebista deitu kanpainiaren xehetasun gehiago jakin nahi genuenez gero harenganantz abiatu gara eta Donostiako kafetegi baten Mintzatu gara berak libre zuen minutu batzutan.

ANAITASUNAk:— «Noiz eta zein helbururekin sortu zen taldea?»

L. M. MUXIKAk:— «Durangoko azokan orain bi urte. Helburua, espezifikoki, hizkuntzaren erreibindikazioa zen. Borroka-tradizioa daukan herri honek hizkuntzarekiko, talderik ez.edukitzea lotsagarria da.»

A.:— «Kondaiguzu zein infraestruktura daukan eta, militantziari dagokionez, joera politikorik ba ote dagoen...»

L. M. M.:— «EHE talde erreibindikatzailea da. Ez dago politika mugarik eta, areago, partidu abertzaleen artean hizkuntzarekiko kontraesanen bat ikusiz gero gogorki salatuko dugu».

A.:— «EHE taldearen eritziz nola dago gure hizkuntza?

L. M. M.:— «Ezin izan gaitezke optimistak. Hala ere ez dugu esperantza galtzen ezen eta XX. gizaldian, zifra absolutoetan, XIV. gizaldian baino hiru aldiz gehiago dakite euskara —zifra erlatiboetan ez noski—. EUSKARA ARROTZA BEZALA DAUKAGU GEURE HERRIAN, ARROTZA BEZALA JARRAITZEN DU ADMINISTRAZIOARI DAGOKIONEZ. Zenbait gauza konponduz doaz talde erreibindikatzaileen presioz. Komunikabideetan ere euskara ignoratua egoten da...»

A.:— «Kultur arloa ba al daukagu euskaldunok benetako kontzientziarik? Zeintzu izango lirateke kontzientzia hori finkatzen ez amaitzeko oztopoak?

L. M. M.:— «Euskal komunitateak ez du oraindik benetako kontzientzarik hartu edo ta beldur sano bat bere hizkuntzaren etorkizunak. Gure herrian diglosia ez dator Francoren garaitik, askoz zaharragoa da ezen eta Bizkaian eta Gipuzkoan, ia ia populazio guztia elebakarra izanik, batzarrak espainol hutsez egiten ziren. Oztopoak, betikoak: Irakaskuntza, administrazio eta komunikabideetan euskara ez egotea eta arazo honek dakarzkigun ondorioak denok ezagutzen ditugu».

«EUSKAL HERRIKO POLITIKARIEN JOKABIDEA LOTSAGARRIA DA ALDERDI ABERTZALEETAN. E.T.A.REN BORROKAN ERE, KONPRENIEZINEZ, EUSKARAREN ERREIBINDIKAZIOA EZ DAGO ZUZENKI SARTUA...»

A.:— «Euskal Herriko politikarien arten, ezer salatuko zenuke?

L M. M.:— «EUSKAL HERRIKO POLITIKARIEN JOKABIDEA LOTSAGARRIA DA. Alderdi abertzaleetan, ejekutiba mailan, euskarak ez du ezertarako balio. BERE URTEKO BILTZAR NAZIONALA EGITEAN HIZKUNTZAREN PROBLEMATIKA EZ DA SERIOSKI ABORDATZEN ETA «IDENTIDAD VASCA» HORRETAZ MINTZATZEAN ESKAPISMO BARKAEZINAK EGITEN DITUZTE. Herri honetako nazional arazoaren muina hizkuntzaren faktorean datza ezen eta Euskal Herrian zapalkuntzarik larriena, behintzat, ez da ekonomikoa, kulturala baino. Emigrazioa dela eta euskal kultura asimilazio-bidean doa eta alderdi politikoek elektoralismoaz ez dute arazo hau abordatu nahi baina jokabide hori oso grabea da. ABERTZALEEN POLITIKA OKER DOA ABERTZALETASUNAREN GILTZARRIETATIK ALDENDUZ. EUSKAL HERRIA EZ DA EKONOMIKOKI ARGELIA ZAPALDU BAT BAIZIK ETA IRLANDA DESPERSONALIZATU BAT.

Adibidez, K.A.S.en alternatiban orain hiruzpalau urte GARBIRO ETA BETI ateratzen zen euskararen erreibindikazioa, eta azken hauetan OSO APAL EDO INOIZ EZ. E.T.A.REN BORROKAZ ERE, KONPRENIEZINEZ, EUSKARAREN ERREIBINDIKAZIOA EZ DAGO ZUZENKI SARTUA ETA HONEK GURE HERRIAREN RADIOGRAMAREN GAUZA BAT ADIERAZTEN DIGU: ABERTZALETASUN FAKTOREA EZ DAGOELA ONDO EUSKAL HERRIAN. HORI GAUZA GUZTIETAN IKUSTEN DA. EE ETA EPK ARTEKO LOTURA BILKURETAN EUSKARAREN ARAZO ESPEZIFIKOA AUSENTE DAGO.

«INDEPENDENTZIAREN SOLUZIOEI ITXOITEA SASIPLANTEIAMENDU BAT DA».

A.:— «Bai, baina ba dakizu zer esan ohi den kasu hauetaz. Lehendabizi, arazo ekonomiko eta sozialak. Gero, independentzia lortu ostean hizkuntza altxatuko dugu. Kultur planteiamendu hoiek oraintxe edukitzea jokabide burges bat omen da...»

L M. M.:— «Bai. Hori betiko aitzakia dugu. INDEPENDENTZIAREN SOLUZIOEI ITXOITEA SASIPLANTEIAMENDU BAT DA. KULTURA JASOTZEA OSO NEKEZA DA ETA GAINERA EUSKARAREN ERREIBINDIKAZIOA EZ DAGO BESTEEN KONTRA. EUSKARARENA BESTE ERREIBINDIKAZIO SOZIAL ETA EKONOMIKOEN SINTESI NAGUSI BATEN SAR DEZAKEGU.»

A.:— «GABONETARAKO EUSKAL IRRATI TELEBISTA» kanpainian ari zarete orain. Zer pentsatzen duzue.»

L. M. M.:— «Telebista jarri dugu gabonetarako gobernuaren promesak jarraituz. Kanpainia honetan 20.000 firma bildu dugu euskal katea egiteko. Alfabetatzen Euskalduntze Koordinakundeak eta Ikastolen Federazioak ere proposamen hau onartu egin dute. Gure eskabide nagusia euskara hutsezko katea izatea da, erdara barik, nahiz eta hasieran ordu bat edo bi ordu eman egunero. Gure ustez, «baskoek» ba daukate erreferentziarik beste bi kateetan, espainolez baitaude.»

"NIK PERTSONALKI, ETA KOKOA JAN ARREN, EDOZEIN AMERIKANADA EUSKARAZ NAHIAGO DUT ERDARAZ EGONGO DEN AZKEN BANGUARDISMOA BAINO.»

A.:— «Nolako telebista nahi zenukete?»

L. M. M.:— «Gure nortasuna zaintzeko bat. Garai honetan euskarak zituen babes biologikoek bakarrik ez dute gaur balio. EUSKARAK KOMUNIKABIDEETAN EGON BEHAR DU. NIK, PERTSONALKI, ETA KOKOA JAN ARREN, EDOZEIN AMERIKANADA EUSKARAZ NAHIAGO DUT ERDARAZ EGONGO DEN AZKEN BANGUARDISMOA BAINO. EZIN DAITEKE EGIN GIZARTEAREN KONPONBIDE SOZIALIK EUSKARA ZAPALDUA EGONEZ.

A.:— «Telebista horren territorialitateaz eta euskara moetaz, zer dioskazu?

L. M. M.:— «Guk, talde bezala, ez daukagu dudarik territorialitateaz. Politikari dagokionez ez badugu Euskal Herria osorik lortu hizkuntza beste puntu bat da. EUSKAL HERRI KULTURALA ZAZPI PROBINTZIETAKOA DA ETA EUSKAL TELEBISTAK ZAZPIETARA JO BEHARKO LUKE.

EUSKARA MOETAZ ZERA ESANGO DIZUT: BATUERA POTENTZIATU EGIN BEHAR DUGU BAINA EUSKALKIAK ERE POTENTZIATUZ.

Ez dugu euskara kolokiala baztertu behar. Elebitasuna oraingoz onartzen dugu baina gaur praxian erdal monolinguismoak bere hartan segitzen du. ETIKA SOZIAL BATEK ZERA ESKATZEN DU: EUSKAL HERRIKO Bl KOMUNITATEAK, BIAK, ETA EZ BAKARRIK EUSKALDUNA, ELEBIDUNAK IZATEA EZEN ETA ERDAL MONOLINGUEK KALEAN ETA SOZIALKI IA BETI ERDAL MONOLINGUISMORA BULTZATUKO DU EUSKALDUNA INTERFERENTZIAREN ARAZOAGATIK. ONARTZEN DUGUN ELEBITASUN BAKARRA ERREZIPROKOA DA BAINA PRAXIAREN ONDOREN IKUSTEN DUGUNEZ EUSKAL HIZKUNTZAREN SUSTITUZIOA AURREA DOA. Adibidez eta baremoak ematean: Ingles antzeko neurportzentaiak eransteak hemen bilinguismoa ez dela onartzen adierazten dugu. Bestalde batetatik, konsziente gara bi hizkuntz komunitate alboan daudean elebitasun-orekarik ematen ez dela. Gaur ez baina luzarora Euskal Herriak erabaki bat hartu beharko luke hizkuntzen kolinguismo egoera hontan —Hau hipotesi bat besterik ez da—.

«GURE HURRENGO KANPAINIA PRENTSARI BURUZKOA IZAN BEHARKO LITZATEKE.»

A.:— «Eta etorkizunari buruz zer daukazue?»

L. M. M.:— «Guk programa hau datorren urtean jarraituko dugu praxian hutsuneak ikusten ditugulako baina hurrengo kanpainia prentsari buruzkoa izan beharko litzakete ezen eta EGINek eta DEIAk %3-5 emateko eskubiderik ez dago, euskaldun alfabetatuon portzentaia 80.000 gutti gora behera delarik. Euskal prentsa baten beharrean gaude. Zoritxarrez ala zorionez E.H.E. taldeak zenbait gauza presioz lortu dugu eta bide horretatik jarraitu behar ezen eta, adibidez, autobideen errotulazioan %30 bi Hizkuntzatan badago gure borrokagatik izan da. Eta hori beste arlo batzutarako sintoma ere ba dugu...»

Elkarrizketa amaitu egin da eta Luix Mari, gure hizkuntzaren aldeko borroka beharra berrazpimarkatu eta gero Lizeorantz abiatzen da berriro...

J. M. Pastor


Euskal Herria

Durangoko Liburu eta Diska Azoka: 16 urte

Aurtegoarekin 16 urte betetzen ditu Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokak. Hamasei urteko lana ez da makala izan eta gaur Euskal Herrian dugun —kultur arloan, noski— azokarik ederrena dela esan genezake. Baina hamasei urte hauen kronika betetzeko has gaitezen hasieratik, sustraiak bilatzen.

1965.urte hasieran hasten de Azokaren historia, San Bixente egunean hain zuzen. J.L. Lizundiak dioskuenez (ANAITASUNAn, 1975.eko urriaren 31koa): «Hauzune hortako —Astolako— geure etxean taldetxo bat bildu ginen, afaltzeko. Helburua: Astolan dagoen Durangoko Merinaldeko Hauzitegi ohia, bidezain etxe edo eta turistetxe bihurtzen ez uztea, uste horik baitzeuden. Hori zen lehenbizi konpondu behar zen arazoa, ondoren eskualdeko elkarte bat sortzea, kulturgintzari batez ere lotua. Hainbeste aldiz bildu ginen, paperak hara eta hona bidali genituen. Bigarren Bazkoetan elkartea sortu genuen, lehen ekintzak egituratu genituen, eta hauen artean Liburu Azoka.»

Eta Lizundiak berak jarraitzen du: «Azoka hau egitea, elkartearen sortzaileetariko baten ideia izan zen. Leopoldo Zugazarena. Gerla aurretik euskal liburu azoka bat Gasteizen izan zela entzuna zuen nonbait. Behin egindako feria horrek jarraipena behar zuen, egun jakin batetan egina, eraberritua, gaurkotua. Domusainduetarako prestakizunak egiten hasi ginen. Beldur ere ba ginen. Argitaldariak gauza ezezagun baten aurrean aurkituko ziren. Agintarien erantzuna ere ez zen segurua. Hemen emakume bi aipatu behar ditugu: Conchita Astola, elkartearen lehen presidentea eta beronen ahizpa Charines, Durangoko Udaletxeko bulegaria, mugitu behar ziren hari batzu mugitzen saiatu zirelako».

I. Azoka. 1965. Kultur mundua harriturik

Urriaren 30ean, arratsaldeko 4etan zabaldu zituen bere ateak lehen Liburu eta Diskoen Azokak Andra Mari elizpean. Azokara hogei ta bost argitaletxe azaldu ziren, argitaratu zen katalogotxoak 28 orrialde izan zituelarik.

Sari sinboliko bat eman zitzaion libururik interesgarrienari, antolatzaileen ustez: «Sociología y Pastoral de una Diócesis: Vitoria» liburuari.

ANAITASUNAk Azokaren berri ematerakoan zera zioen: «Jai hau ez da izan, gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jaien antzekoa. Euskal Jaia esaten danean, folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu... Beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu gura izan dau. Folklore gauzak ezetsi gura barik, euskal kultura adierazo, indartu ta zabaldu gura izan dau» (1965.eko Hazilekoan). Azokak kultur mundua harriturik utzi zuen, ANAITASUNAk aipatutako arazoengatik. Azoka ez zen folklorismo hutsean erori, kulturaren indartzaile agertu zen Diputazioen laguntza beharrezkoa zuten antolatzaileek eta estand bana jarri zioten.

2. Azoka. 1966. «Kirikiño», azken Bizkaiko bertsolarien txapelketa, «Ez dok amairu»

Bigarren Azokaren inguruan 3 ospakizun nagusi gurutzatu ziren. Lehenengoa, «Kirikiño» idazlearen mendeurrenaren ospakizuna Manari herrian, Durangotik hur. Euskal Akademia Mainariko udaletxean bildu zen Ebaristo Bustintza, «Kirikiño», gogoratzeko.

Azokan bertan azken Bizkaiko Bertsolari Txapelketa egin zen, Txapeldunak Lopategi, Mugartegi, Arregi eta Mugartegi izan genituen. Hirugarren ospakizuna «Ez dok amairu» taldearen aurkezpena izan zen, orduantxe kantatu zuen lehen aldiz Bizkaiko herrialdean talde honek.

Azokara 680 liburu eta 179 diska azaldu ziren eta jendearen erantzuna oso ona izan arren era askotako eritziak jaso zituen ANAITASUNAk. J.M. Torrealdairena esaterako «Anketara etorri jat arima azoka batzutan (...) Liburu orreetatik 300-era ez dira allegetan euskerazkoak». Gotzon Garitaonaindiak: «Durangoko Azoka, izar bat gabean! Poztasuna galdu barik, beste oneik zirikatu bearra dogu (lotsatu gaitezen) gure alderdikeriak eta organizaziñorik eza».

3. Azoka. 1968. Euskaltzaindia

1967.ean ez zen azokarik egin eliz konponketak zirela eta. Baina urrengo urtean bai eta Euskaltzaindiaren presentziaz. Gandiaga elkarteak gonbidatu zuen bere urre eztaiak ospatzen baitzituen. Euskaltzaindia Astolan bildu zen, Merindadeko Auzitegian.

Hirugarren azokara 28 argitaletxe hurreratu ziren eta katalogoak 42 orrialde izan zituen.

4. Azoka. 1969. Rikardo Arregiren «Politikaren atarian» agortu

Azaka aurrera doa, baina Joan Antonio Aromaren eritziz (ANAITASUNAn. 1969, azaroak 15) «Azoka honeek ugaritu beharra dago. Beste aldetik, etxe argitaratzaileak ahalegina egin beharko dabe, idazleen lanak argitara emoten, eta eskritoreok gai errikoi ta sakonak erabilten, erriak irakurteko gosea eta gose hori asetzeko modua euki daian, eta holan erri jakintsu bat izan daiten».

Oraingoan 70 liburu eta 138 disko desberdin agertu dira. Eta salmentaren berri ere ba dugu: bost mila liburu eta mila diskatik gora. Sari batzu banandu ziren. Euskarazko liburuetan «Etxehonen bertsoak gipuzkeraz», Jon Etxaiderena eta erderazkoetan «Catálogo monumental de la diócesis de Vitoria», Micaela Portillarena izan ziren sarituak.

Baina Azokaren bestsellerra Rikardo Arregiren «Politikaren atarian» izan genuen, LUR editorialak argitaratua eta Azokan agortua.

5. Azoka. 1970. Prentsak kasurik ez

Sariketarako euskerazko liburu bat eta erderazko bi bakarrik aurkeztu ziren eta antolatzaileek ez zuten saririk eman, saria desertu uztea erabaki zuten.

980 liburu eta 115 diska jarri ziren 31 estandetan, baina hutsunerik nabarmenena euskal prentsarena izan zen azokari jaramonik ez baitzion egin.

6. Azoka. 1971. Jende asko

Seigarren Azokan jende asko bildu zen, norbaitek esan zuenez 60.000 lagun inguru. Salmentak ere ederrak izan ziren, 1.050 liburu eta 280 diska, argitaletxeak 33 izanik.

Euskara batuaz idatziriko liburuen kopurua iadanik nabari zen, bitartean batasunaren kontrako etsaiak erderaz idazten entretenitzen ziren. Ibon Sarasolaren «Euskal literaturaren historia» eta Karl Marxen «Lan alokatua eta Kapitala», azken hau Kintanak itzulia, ondo saldu ziren.

7. Azoka. 1972. Sariak, Nazioarteko Liburu Urtea

Hiru urtez Gerediagako taldeño batek antolatu ondoren, berriz elkartearen zuzendaritzak hartzen du eraketa osoa. Azoka, beti bezala, Domusantu egunean eta hurrengo larunbat eta igandean izan zen, 43 argitaletxe, 11 diskaetxe agertu zirelarik.

Sariak: euskarazkoetan Mitxelenaren "Idazlan Hautatuak» liburuari (ETOR) eta erderazkoetan Jon Bilbaoren «Eusko Bibliografia» (Auñamendi). Accesit bana hurrengo liburuei. X. Mendigurenen «Laugarren maila»-ri eta erderazkoetan Jose Miel Barandiaranen «Obras Completas» (lehen tomoa) liburuari.

Urte honetan ere, UNESCOk Nazioarteko Liburu Urtea ospatzen zuen eta ospakizun honen aipamena Azokako karteletan egin zen, euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez. Azokan hitzalditxo bi izan ziren: Juan San Martinena, euskarazko liburu produzioaz eta Dorao Lanzagortarena Bizkaiko gizarte, eskualde eta ekonomiazko estudioen berri emanez.

Zazpigarren azokan liburuak ondo saldu ziren 1.186, baina diskak ihaz baino gutxiago, 264. Katalogo baten beharra aipatu zen eta hasiera udaletxean eman zitzaion, lehen aldiz, hitzaldi batekin.

8. Azoka. 1973. Hestualdiak

Azoka, bigarren aldiz, udaletxean ireki zen. Nikolas Alzola Gerediaga —Anai Berriotxoa— jaunaren hitzaldi batekin. Alzolaren hitzaldia Durangaldeko euskal idazleei buruz izan zen. Aurtengo Azokan, 1981ekoan, Nikolas Alzolaren lan bat irakurriko du bere ilobak(ikus. aurtengo egitaraua).

Sariak: euskarazkoetan Luis Villasanteren «Axular, Mendea, Gizona, Liburua»; erdarazkoetan, Bilboko Merkatal Ganbarak prestatu eta argitaratutako «Estudio socio-económico de la comarca del Duranguesado» liburua. Euskarazko liburua «Jakin»-ek argitaratu zuen. Accesit batzu ere eman ziren, guk aipatuko ez ditugunak.

Baina Azokak izan zuen bere larritasuna. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Azokan bertan egiteko zen baina ezin egin izan zen. Gainera bere hestualdiak izan zituen baimenak lortzeko, Azoka zabaltzeko. Argitaletxeen bilera ez zen akordiorik lortu.

9. Azoka. 1974. Liburu berririk ez. Elizpetik Merkatura

Azoka lekuz aldatua izan zen 9.azoka hau. Eratzaileek lekuz aldatzera behartuak izan ziren, Uribarriko Merkatu Plazatik Merkatu Plazara. Behartua «Ordenu publikoari edo dena delakoari enbarazurik ez egitearren» (ANAITASUNA, 1978.eko hazilaren 15ekoa).

Azoka Gregorio Monreal jaunak emandako hitzaldi batekin hasi zen, Euskal argitaletxe garrantzitsuenak, LUR salbu, Azokan izan ziren. Ia bi mil liburu guztira.

Sariak: Euskarazkoetan Villasanteren «Axularren hiztegia» eta aipamen batzu. Erderazkoetan, Gregorio Monrealaren doktorego tesia, Bizkaiko Diputazioak argitaratua. Beste sari batzu: «Kirikiño»saria Zeruko Argian idazten zuen Amatiñok irabazi zuen, eta alfabetatzekoa Jose Antonio Azkorbeitiak.

Baina arazorik aipagarriena liburu berririk ez izatea genuke «...Azokarako zerbait gehixeago egin dezaketela uste dut. Liburu berririk ez da Azokan ikusten. Aurten liburu bat edo beste egon da, baina orain salgai ez. Argitaletxeek garrantzi gehiago eman behar liokete Azokari, liburu berriak erakar-indar bat bihurtuz...» (ANAITASUNAn, 1974. eko hazilaren 15ekoa).

10. Azoka. 1975. Gazteak ugari. Euskarazko metodoak

 «Jende asko ibili da standerik standera. Ez dakit, beste urteetan baino gehiago ala gutiago. Baina, nire ustez eta honi eta hari entzunez, gauza segurua da, beste urteetan baino gazte gehiago egon dela. Askorekin erabili dut komentario horixe. Edozein momentotan merkatura so egin, eta gazteak ikusten ziren...» (Joan Altzibarrek ANAITASUNAn, 1975.eko hazilaren 15ekoa). Ez dakigu gure aldizkariaren deiak lagundu zuen ala ez baina zenbaki berezi bat atera zuen ANAITASUNAk, 305. zenbakia hain zuzen «DURANGO: AZOKAK HAMAR URTE» izenpean.

Gehien saldu ziren liburuak, euskara ikasteko metodoak izan ziren, hala nola «Alfabetatzen», «Euskalduntzen» eta «Euskara batua zertan den» liburuaren bigarren edizioa.

11. Azoka. 1976. Batzarrak, Hitzaldiak eta sariak

Batzarrak: Udako Euskal Unibertsitatearena; Alfabetatzeleena, baina Bizkaikoa bakarrik. Euskal Idazleena ere egiteko zen baina Iparraldeko idazkariak ezin izan zuen etorri eta azkenik behar den bezala antolatzea ez zen posible izan. Argitaletxeena ez zen azkenik egin.

Hitzaldiak: Bi hitzaldi gai beraz. Bata Alfontso Irigoienena eta bestea L. Mitxelenarena, biak Euskal Unibertsitateaz.

Sariak: «Rikardo Arregi» saria Zaldibarko Gaizka Zabarteri. «Kirikiño» saria Luis Alberto Aranbarri «Amatiñori», azken honek bigarren aldiz lortzen zuen sari hau. Caraseko «Euskera Lagunen Elkartea»k antolatutako «Andima Ibinagabeitia» saria erdi bana Andolin Eguzkitzari eta Joxe Azurmendiri. «Gerediaga» sariak: euskarazkoetan Jon Miranderen «idazlan Hautatuak» liburuari eta erdarazkoetan Beltzaren «El nacionalismo vasco» lanari. 1979 urte honetan Foruen galtzearen ehun urte betetzen zirelarik Gerediaga elkarteak sari berezi batzu eman zituen. Sarituak ez ditugu hemen aipatuko asko baitira.

13. Azoka. 1978. Joseba Sarrionaindiaren kritika

Hamairugarren aldiz Euskal Liburu eta Diska Azoka ospatzen da Durangon eta Joseba Sarrionandia salatzen duenaz «Aurtengo Azoka (Gerediagako zuzendaritza berriztatu egin den arren) linea kontinuista bat jarraitzen du, hau da, ez da aurreko urteetako politika organizatiboarekiko aldaketa nabarmenik igartzen» (ZERUKO ARGIAn, 805. zenbakian).

Azoka Juan San Martinek zabaldu zuen hitzaldi bat emanez» Euskal Liburu eta Diska Azokaren garrantzia» gaitzat harturik. Euskadiko komunikabideei buruzko mahai inguru bat izan zan nahiz eta komunikabideen ordezkariren bat edo joanez Euskal Unibertsitatearen bilera. Udakoa jakina. SIADECOk prestaturiko «Euskararen normalizapena: plangintza baten oinarriak» lana aurkeztu eta azaltzeko. Euskal Idazle Elkartearen bilera bat izan zen Azokan.

Baina Joseba Sarrionandiaren artikuluari jarraituz debekapen baten berri. Gerediaga elkarteak, nahiz eta «debekatu» hitza ipini ez, jaialdi bat zentsuratu egiten du, «Pott» literatur taldekoek antolatu nahi zutena hain zuzen. Eta Josebaren kritika zorrotza da «Bada euskal alorrean erdal munduarekiko enbidia latente bat, kultura ahul batek dominantearekiko duena alegia. Enbidia honen ondorioz euskal kultura ofizial bat (Euskadi ofizial bat) montatu nahi da, erdaldunaren irudikoa, erdalduna bezain zapaltzailea alegia. Euskadi ofizial honek beharrezkoa du azoka bat, merkatu bat. Non aberatsenak aberasten baitira. Baina dinamismorik gabe, eskaparate baten gisara montatua, liburu horien ondoan den hutsaren irudia».

Eta Josebaren Kritika honela jarraitzen du «Euskadi ofizial hau euskarazko metodoa besapean eternalki daramana da, Euskadi ofizial hau Lankide Aurrezkiaren eta Retanaren liburu despilfarroak dira, baita ere Euskal Idazleen Elkartea edo eta Hordagoko klasikoena. Euskal Ofizial hau bata eta bestea beharrezkoa delakoaren filosofia soziala da. Euskadi Ofiziala Durangon azoka egunetan Udaletxean biltzen dena da. Udaletxean hain zuzen herri xehea joan ez dadin.»

 «Izan ere Gerediagaren jokabidea betidanik izan da goi-esferatako, eta aurtengo antolaketa kontinuista linea honen iraupen soila da —dio Joseba Sarrionandiak—. Zeren eta gauzak ez dira inoiz neutralak, eta Azoka honek Euskadiren irudi ofizial dominatzaile bat propiziatzen du eta baztertzen entsaio herrikoi eta marjinalak oro Euskadi Ofiziala ere debekatzen hasi da bere eskaparatetan desentonatzen duena, kultura zapaltzaile guztiek debekatzen duten bezala». Badakigu urte honen kronika izan beharrean Josebaren kritika jasotzea izan dela hau baina kritika zorrotza eta irakur beharrezkoa, behintzat guk aurkitu dugun kritika gogor bakarra delakoan hartu dugu.

14. Azoka. Ofizialtasunerantz

Hamalaugarren azokan Durangoko Gerediaga elkarteak Azoka ofiziala bihurtzeko, hau da Durangoko Azoka Euskal herriko Azoka Ofiziala izan dadin, lehen urratsak ematen ditu. Eta Azokaren inguruan egiten dituzten hitzaldiek eta abarrekoek horixe baieztatzen digute: Ikastoletako Zuzendarien azalpenak, Barojaren «Guipúzcoa» filmea, Mitxelena-ren hitzaldia Eusko Kontseilu Nagusikoen parte hartze mahai inguruetan,...Eta, bitartean ezofizialak diren erakunde edo mugimenduak autogonbidatuak baino ez dira. Hau dela ta Hibaikoak galdera galdera bat egiten dio bere buruari: «nik galdera bat, besterik ez, egiten diot neure buruari, ofizialtasunak ez ote dakarren berarekin erakunde ofizialekiko moldaketa? Ez ote den, gero, kultura sistimatik aparte egin behar dugun burruka? Zeren gure azken helburuak ez baitugu beherapenetan jarri, ez da?» (ANAITASUNA, 1979.eko Azaroaren lehen hamabostaldia).

15. Azoka. 1980. Bidegurutzean

Joan Altzibar jaunak «Durangoko Azoka bidegurutzean» izenpean Azokaz zerbait esaten du «Duela zenbait urte, egiten zena egiten zela, Azokarekin konformatzen ginen. Gaur ez. Durangoko Azokari, Euskadiko Azoka Nazionala izan nahi badu, gehiago eskatu behar diogu, askoz ere gehiago».

Ihazko azokara 2.276 liburu, hauetatik 380 berri, aurkeztu ziren eta 144 diska. Inoiz baino lehenago. Estandak ere inoiz baino gehiago. Baina jendea ez, liburu eta diskak gehitu baziren ikusleak ez ordea. Zergatik? Arrazoia zein den galdetzerakoan hiru galdera egiten ditu Jon Altzibarrek «Ez ote promozio faltaz», «Ez ote berritasun faltaz» eta «ez ote koordinaketa faltaz».

Soluziorik, irtenbiderik? «Hitz gutitan esanda, Euskal Herriaren egoera berri honen atarian, aurrera begira, Durangoko Azoka hau osoki birpentsatu beharra dago, osoki:

- antolakuntza: profesionaltasun gehiago.

- lekua: lekuz aldatu edo txukuntasun gehiago lortu.

- standak: hobeen beharra (zergatik ez Euskal Herri osorako ganorazko eta taxuzko stand batzuk egin?)

- sariak: sistema berria eta promozio handiagoa,

- azokaren bokazioa: argi eta garbi definitu Azoka hau editorialetxeena, liburudendena, edo banatzaileena ote den» (Joan Altzibar, JAKINen, 12. alean).

16. Azoka. 1981. Durangoko inprentei

Aurtengo Azokan antolatzaileek ez dute hainbeste diru prolemarik izan. Gasteiza jo dute eta bi miloi t'erdiko presupuestoa eskatuz Gasteizko Gobernuak miloi t'erdi bakarrik eman die. Orduan estandarrak kobratu beharrean aurkitu dira, baina ihazko preziora, hau da, 10.000 pezeta estand bakoitzak. Euskal Gobernuak emandako dirua ez dela nahikoa esan digute antolatzaileek.

Beste prolema bat argitaletxe txikiena izan da. Ihaz Joan Altzibarrek horren beldur zen «horrela jarraitzekotan beldur naiz, guti barru, euskal editore txikiek joaterik ere ez dutela izango» eta horren bildur dira ere antolatzaileak. Argitaletxe txikiek ezin izan dutela etorri aurten eta banatzaileen bitartez salduko dituzte beren liburuak. Urrengo urteetara begira antolatzaileek irtenbideren bat bilatzen saiatuko dira «Beharbada editoriale txikiei ez genieke kobratu beharko estanda, edo gutxiago, zeren guri interesatzen zaiguna argitaletxeak berak etortzea baita eta ez banatzaileen bidez. Hori liburuak saltzera etortzea litzateke eta gure ispiritua ez da hori, nahiago dugu, eta hauxe da gure ispiritua hain zuzen, Azokan idazle eta irakurlea batzea da».

Sariak ematea prolema bihurtu da. «Oso zaila gertatzen da sari batzu ematea, argitaletxeak ez daude ados baina guk sarien beldur gara. Sariak emateko nola eman eta zer izan kontutan da prolema. Oso erlatiboa gertatzen da» diote antolatzaileek.

Eta euskal liburua, euskaraz idatzitako liburua bada ez da posible euskarazko liburuak nolabait bultzatu? «zer da euskal liburua. Azokaren hasieratik euskal gai hartuko lukeen liburua, euskal gaiez idatzitako liburua hartu zuten antolatzaileek euskal liburutzat. Baina guk, gaur, beharrezko ikusten dugu euskarazko liburuak bultzatzea baina ez dakigu nola. Horretarantz joan beharko genuke». «Gainera hori ez da gure arazoa, euskaraz gehiago edo gutxiago idatziko da ez guk sari batzu antolatzen ditugulako, ez, gizarteak horrela eskatzen duelako baizik».

Aurtengo azoka zenbakitan:

- katalogoa: 1.000 ale.

- Facsimila: 3.000 ale, ehun zenbatuak.

- 85 estand.

- Argitaletxe edo talde berriak: A.E.K. eta Planeta.

- argitaletxeak: 70

- diskaetxeak: 12

Antolatzaileek ba dute beste problemarik. «Aurten 85 estand dauzkagu. Askoz gehiago eskatu dira baina ezin dugu gehiagorik ipini eta azkenean eskakizun guztiak ez dira bete. Gainera hauxe izan da aurten, urtero bezela, gure gasturik haundiena».

Aurtengo Azokan ez da deskuentorik egingo, egitekotan argitaletxeen arabera utzi dute deskuentoa eta ez zifra zehatz bat «liburua desprestijiatzea litzateke deskuentoa» diote antolatzaileek.

Aurten ere beste ekintza berri bat: PERU ABARKAren argitalpen berria. 3.000 ale, hauetatik 100 zenbatuak. Argitalpena hau zergatik galdetzerakoan hauxe izan da antolatzaileen erantzuna: «omenaldia ez da hain zuzen Mogel eta bere lanari, ez, Durangoko inprentei baizik, Durangon inprimitu baitzen «Peru Abarka» liburua. Beraz omenaldia Durangoko inprentei eta bide batez Juan Antonio Mogel eta Peru Abarkari».

Etorkizunari begira sarien arazoa ondo aztertu behar dela eta danon artean erabakia hartu aitortu digute. Baita ere argitaletxe guztiak posible izan bezaten etortzea. Azkenik ere «euskaraz argitaratutako liburuak erabat bultzatu behar ditugu, ez dakigu nola baina bultzatu behar».

JOXE UGARRIZA


Euskal Herria

Aurtengorako zenbait liburu eta diska berri

Euskaltzaindia

I. Berriatuaren «Itsasoa eta Ni» izeneko liburua kaleratuko du. Bestaldetik X. Amurizaren «Oinak», honetan Berriatuaren zenbait zuzenketaz. Argitara ere emango dira ihezko Jardunaldietako txostenak eta aurtengo ikastaldiari dagokion Euskara aldizkariaren bigarren zatia.

Geu argitaletxea

Zenbait euskal eta erdal liburu emango dute argitara, hona batzu: «Abarrak» Kirikiñoren lan famatua, Agustin Zubikarairen hiru liburu: «Bizitzeko Urrazak», «Mon-Daka» eta «Ira-Usaina». Ba dira ere Estornes Lasaren beste bi liburu: «Bizkaiko Forua» eta «Navarra. Lo que no nos enseñaron» San Miguel zabaletxeak bultzaturikoak. Azkenez beste zenbait titulu: «La mujer vasca» eta «La ginecocracia».

Labayru

Jakin izan dugunez Kirikiñoren «Abarrak» liburua emango dute argitara aurtengo Azokarako.

Sendoa

Oraingo honetan bildumei ekingo diote. Sabino Aranaren lan osoari jarraituz hiru tomo gehiago eskeiniko dizkiote, beste bi Agirre lehendakariari eta beste horrenbeste Leizaolari. Bestalde zera esan dezagun: «Bertsolariya» izeneko aldizkarien bilduma osotu dutela eta liburu gisa jartzen dute eroslearen esku.

JAKIN

Aurten betetzen dituzte Jakineko kazetariok haien 25. urteurrena eta hori dela eta zenbaki berezia egingo, gaia hauxe: Hogeitabost urte kulturan, gerra ondoko kultur giroa.

Luis H. Altuna

F. Aranbururen «Hitzalean» liburua dakar eta hainbaten artean osoriko «Trotoren Ipurdikoak». Azken antologia hau Josu Landak zuzendu du. Erdaraz «Historia y Geografía de Euskal Herria» 16 liburutako bilduma aurkeztuko du Durangon. Bestalde ihez presentatu gabeko hauek: «Gabeziak» Teresita Irastorzarena, «Ekhaitza» F. Krutwig-ena eta Mikel Lasaren «Paretaren Kontra».

Ediciones Vascas

Gudaldiko «Eusko-Deia» izeneko egunkaria dakarte Durangora eta bi tomotan batu izan dira gudaldian Euskadin atera zen egunkari horren bilduma osoa. Bestalde batetik lau haur ipuin eta beste erdal liburu bi: «Radiografía de un modelo de represión» Castells-ena eta «La controversia nuclear. Lemoniz» Itsasalde eznuklear aldeko Batzordeak burutua.

GORDAILU

Gordailu etxeak ez dakar aurten berririk, diru arazo gogorrak dituzte eta ezin inprentetara jo. Halan eta guztiz eta BUP mailetako historia liburuekin agertuko dira estandeetatik. Makina material eduki arren ezin argitara eman diru ezagatik.

Hordago

Tximista Sailari jarraituz hogei liburu berri dakartzate. Haietariko zenbait itzulpen eta beste zenbait originalak: «Eneko Agerroa» eta «Usoa Alostorreko» kasureko. Oraingo honetan euskara aberatsa erabili izan dute haurra euskara aberatsera molda dadin, eta, bere hizkuntza gehiago menpera dezan. Ustela Sailan badira Egiguren eta Jon Cazenave-ren liburuak. Azkenez «Euskal Lokuzioen Hiztegia» aurkezten dute, bi urtetako lana Bertsolaritza, hirurehun liburu zahar eta hamasei mila fitxa egin ondoren buruturiko liburua, bederatzirehun orrialde ditu eta lokuzio bakoitza gaztelaniaz, frantsesez eta euskara arruntan azaldurik daude. Hordagokoen ustez, aurtengo sorpresarik handiena.

Elkar

Ipuinetan, AXUT sailan hain zuzen. «Barbantxo», «Erranak erran» eta «Bigantxaren ordaina». HAIZE bilduman bigarren mailako ikasle eta irakaslearen liburuak. Jalgi Hadi metodoaren bigarren kurtso osoa, kaset eta guztiz. Diskoei buruz zera: Benito Lertxundiren diska doblea eta Etxeberri Anaien beste diska berri bat, aurreko lau albumak batuz.

Erein

Auskalo sailan, «Portzelanazko Irudiak» eta «Tristeak kontsolatzeko makina» 14-16 urteteko neska-mutilentzat. Bestalde Olariagaren «Hernioko Ziripot» irudi bilduma. Ipurbeltzen ale bereziak ere izango ditugu: «Zezena Plazan» eta «Ortzadarreko belarra», Ipurbeltz komikia, iadanik, 48. alera heldu da.

Txertoa

Lau izango dira Txertoak aurkezten dituen liburuak Durangoko Azoka honetan. «Montañas de País Vasco» izeneko bildumaren laugarren liburua. «Antología de palabras, cuentos y leyendas del país vasco» liburua. Saioak aldizkariaren 4garren alea, eta, Asia, Afrika eta Ozeaniako geografiari buruzko zerbait.

X. Gereño

Bi liburu dakartza gure Bilboko idazleak. Lehena nobela bat dugu, izenez «Faro Madarikatuak» eta bigarrena hiztegitxo bat, aurretik argitara emana duguna, baina orain zenbait berrikuntzaz.

Zenbait diska berri izango ditugu gurekin. Hona hemen, adibidez, XOXOAk argitaratuak: «Donosti Romantico» j.k. Irizarrena, «Gabon Abestiak» nazioarteko gabon kantak eta Iturraldek moldatuak, «... eta Oskorri sartu zen» Natxo de Feliperena, «Olentzero» izenekoa. «Xixupika»ren estutxe osoa, «Jolas Motrizitatea 2» eta azkenez «Centenario Iparragirre» Euskal Herriko abeslari askok haien kantuak grabatu dituzte diska doble honetan, abestietatik at Iparragirreren olerki batzu errezitatuko dira, diska hauen moldaketak Rodo eta M. Ducau jaunek osotu dute.

IZ diskaetxeak Jazz musika agertuko du Durangoko Azokan, zenbait diska alegia.

LURBURU


Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian lehen euskara hutsezko irratia

Ipar Euskal Herriak urte amaierako irrati berri bat izan dezake, irrati librea eta euskara hutsean arituko litzatekeena. Hauxe da hain zuzen, «Entzun-Ikus» elkarteak zabaldu duen nahia. Ipar Euskal Herri osoa hartuko luke irrati honek eta egunero euskaraz informazioa eskeiniko.

«Entzun-Ikus» elkarte berria ez da asmotan geratu eta gauzak okertzen ez badira irratia gabonetarako prest litzateke elkarteko batek adierazi digunez. «Gabonetarako hasi, egunero irratsaio bat ematen nahi genuke, hasieran lau orduz edo, arratsaldeko 5etatik gaueko 10etara».

«Irrati legea aldatu zelarik irrati berri bat, librea ez estatuaren menpekoa, martxan jartzea erabaki genuen, guztiz euskaldun izango den irratia, hau da euskera hutsean ihardungo duena». Mitterrandek gobernura heldu zenean irrati legea aldatzeko asmoa adierazi zuen eta oraindik guztiz aldatu ez badu ere lege probisional bat zabaldu du. «Entzun-Ikus» elkartea lege horretaz baliatzen da bere irratia jartzerakoan.

Elkartearen inguruan hainbat jende bildu da, era guztietako gizonak: Manex Pagola, Eñaut Larralde kantaria. Txomin Egi, Etxanbarats, sindikalista dena, Abelbide, apeza. orain arte misiolari izana, Iturbide, Pierres Xarriton, Daniel Landart antzerki egilea,... Elkarte zabala beraz, alderdikeriarik gabekoa, «gure politika bakarra euskararena da, ez dugu nahi ere politikariek beren eskuak sar ditzaten». Dena dela, deia zabaldu dute elkarte guztien laguntza jaso nahiean eta elkarte batzuk baietza eman dute Euskaltzaleen Biltzarrak esaterako eta zenbait Herri Taldek. Elkarteak ez du oraindik dirurik eskatzen «jendeak ez du dirurik eman.ez dugu oraindik dirurik nahi, geroxeago, irratia martxan dagoenean eskatuko dugu diru laguntza».

Irratia zabaltzeko tresnak erosi dituzte iadanik eta abendurako izango dituzte beren eskuetan, Arduradun L. Etxezaharreta izango litzateke, «euskara ongi menperatu eta kultur mundua ezagutzen duena. Hitz aldizkariaren zuzendaria izan zen eta orain Parisen lan egiten du, funtzionari bezala Ministeritzan.

«Iker» taldeetan sartua dabil eta oraintsu dabil tesisa prestatzen euskal etnologia eta antropologiaz».

Teknikalariak eta tokia ere bilatu dituzte eta irratia Milafranga herrian jarriko dute, herri honetan emisora bakarrik zeren antena nagusia Baigura mendian jarriko dute, Heleta herriaren ondoan. Ikerketak egin dituzte taldekoek nondik hartuko lukeen antenak entzulegorik zabalena eta Baigura mendian ezartzea erabaki dute, hau litzateke lekurik honena ikusiz. Ba dute Ipar Euskal Herri osoa hartuko lukeen antena jartzeko asmoa eta hain indartsua izanik Hego aldetik entzuteko era ere izango genuke.

Mami aldetik irrati berria nolakoa izango den galdetuz zera esan digu «Entzun-Ikus» taldeko batek: «informazio zabala izango luke irratiak, Euskal Herrikoa nahiz mundu guztikoa, eta kultura. Gai guztiak sartzeko asmoak ba ditugu behintzat».

Deia egina dago eta erantzunaren zai ez dira aho zabalik geratu antolatzaileak, irratiaren bultzatzaileak. Ez, nahiz eta askoren eritzia irrati lege berria nolakoa izango den ikusi eta aztertu behar lehen antolatzaileek ez dute gauza bera uste eta irratia aurrera daramate «askok irrati lege berria nolakoa den jakin gabe gauzak aurrera ez eramatea uste du, baina eginkizunean ez dugu irratirik izango eta «hasierak egina dirudi eta eginak urregorri» esaera zaharra gogoratuz gu aurrera jotzeko prest». Baina ez dute irrati hertsirik antolatu eta beren nahia «Euskal elkarteek baren eskuetan har dezaten irratia».

«Entzun-Ikus» elkartearen projektua martxan jartzen bada guztiz euskalduna izango zen lehen irratia genduke hau, hau da, euskara hutsean arituko litzatekeen lehen irratia. Orain erantzuna herriak dauka.

Joxe UGARRIZA


Nazioartekoa

Alemania eta bakezaletasuna

SPD (Alemaniako sozial-demokraten alderdia) kinka larrian dago, ez bakarrik iragan edo oraingo egoeragatik, baizik eta, eta batez ere, etorkizunari eta hurrengo hauteskundeei begira. Alde handia dago W. Brandt eta H. Schmidt-en artean, eta zein korrontek irabaziko duen jakiteak garrantzi handia dauka zer gerta daitekeen susmatzeko. Baina beraien arazoa ez datza soilik bi talde horien ezberdintasunetan. Ez, alderditik kanpoko mogimendu batek, Alemaniako alderdi eta erakunde guztietan sortzen ari den jarrera hartzeko beharrak, arazo handiak sortu ditu SPD-n ere. Alternatiboen taldeaz ari naiz, alegia.

Hasieran berdeak izan ziren, ekologistak; pixkanaka pixkanaka beren taldeak sortu zituzten, eta konturatu gabe, Estatu osoko hirietan hasi ziren beren ekintz taldeak bultzatzen. Berdeen alboan, beste zenbait gauza agertu ziren, batez ere Berlinen: auzoetako taldeak, batzutan udalak arbola bat bota nahi zuelako, beste batzutan, kulturetxe bat sortzeko, etab. Talde bakoitza lekuan lekuko arazoetaz arduratzen zen, besteetatik guztiz aparte.

Baina indartzeak zera ekarri zuen, ekintza orokor batzuren aurrean denen erantzun nahiak konberjentzia jaiotaraztea.

Eta alderdi guztietako politikaz bururaino egonik, alternatiba bat bilatzea otu zitzaien, eta alternatiboen zerrendak agertu ziren lehen aldiz hauteskundeetan, eta gainera, txarto atera ez.

Berlineko etxe hutsetan sartzen hasi zirenean, gustu guztietako eritziak entzuten ziren, baina eskandalo handiegia zen askoren begiak hixteko: Berlinen 40.000 pertsona bizi-leku baten bila dabiltzen artean, 9.000 etxe daude hutsik; espekulazioagatik, noski. Eta hor hasi ziren ere alternatiboak beren burruka egiten, diskusioak prestatzen, jendearen erabakitzea bultzatzen. Eleiza (protestantea batez ere) laster ipini zen etxe-hartzaileen alde, eta horrek asko makaldu du udalaren jarrera.

Gaur egun hor daude oraindik sartuta, eta beraien kopurua geragabe handituz doa.

Horretaz gainera, ihaz lehen manifestazio antinuklear handiak egin ziren; Hamburg-ena izan zen sonatuena, zeren SPD-ko hango sekzioa alde agertu baitzen. SPD bera jarrera bat hartzera bultzatua ikusi zen, baina zein zentzutan? Beraren barruan bi eritziak daude eta...

Geroago alternatiboek eta bakezaleek harmen kopuruaren gehitzearen kontrako deiak hasi zituzten, bakearen izenean eta desarme unilaterala eskatzen. Hortik antiamerikanismo eta antireaganismora pasatzea ez da zaila izan; batez ere, OTAN-eko azken erabakiak Europan missil gehiago ipintzeko izan zirenean, eta Reagan-en gabinetak neutroizko bonba egitea erabaki zuenean.

Gero eta handiagoa egiten ari da abotsa, eta irailan Bonn-en egindako manifestaldiaz ez dago komentario handirik egiterik: ez da erreza, gero, gerraondoko Alemanian, 300.000 pertsona batzea. SPD erdibiturik agertzen da, eta segituko duen bideak, seguru aski, hauteskundeetako porrota ala arrakasta ekarriko dio; jadanik ikusi da Berlinen, liberalen botorik barik erraz gal dezaketela gehiengoa. Liberalak, noski, ez daude prest SPD-ko erradikalei amore emateko, eta gauzak urrunegi joanez gero, CDU (eskuma)-rekiko aliantza elektoral egingo luketela suposatzea ez zait gehiegi iruditzen.

CDU-n ere, beste taldeetan bezela, harmen kontrako sentimentua sortu da zenbaitengan, batez ere eleizaren jarreragatik, baina argi dago ere, CDU eta liberalek ez luketela elkarrekin politika antimilitaristarik bultzatuko.

Energia, defentsa, horra hor SPD-ko hurrengo kongresuko lehen mailako gaiak. Eztabaida gogorra izango dela ez dago dudarik.

Bi gai horiengatik ere sor daitezke berriz ezberdintasunak eta arazoak EEE-ko bi estatu indartsuenen artean, Frantzia eta Alemania, alegia; eta desfase hori ez da agertuko, gainera, bizpahiru hilabete direla pentsatzen genituen arrazoiengatik:

Seguru aski politika errealista bat aurrera eraman nahiz, energiari buruzko eztabaida erdieskamoteatu ondoren, defentsarako presupostua 7%-an igon dute, eta hor dabiltza Mitterrand eta bere kanpoko gizona, Cheysson. Estatu Batuek et Frantziak bakea gordetzeko, egin behar dituzten ahaleginak eta dauzkaten akordioak aho zabalik esaten. Bi herri desberdin, eta batez ere bi iragan desberdin, daude, noski, bi gobernu horien atzean; Alemaniakoak, presioz, ezin du nahi izango zituen akordioak baieztu; besteek libre dauzkate eskuak.

Alemaniako generazio ia oso bat helbururik gabe ez gelditzearren, ekintzetara pasatzea erabaki du; eguneroko arazoak konpondu nahiz, altuegi igon nahi ez. «Gauchismo»-ko urte askok desenkantatu dituzte, eta bide berriak urratzen hasi nahi izan dute, amesten duten gizartera, apurka apurka ere hurbil daitezkeelakoan baitaude. Dudarik gabe, beraien ingurua jadanik aldatu da kualitatiboki, eta aldatzen segituko da; eskala handian zatiek sortzen duten influentzia somagarria da dagoenekotz. Noraino hel daitezkeen esatea ez da erraza, zeren jadanik hazi baitira hasieran pentsa zitekeena baino gehiago. Bizirik segituko du haize berri horrek? Alemaniako aurpegia aldatzeko gai izango ote dira?

María Jesús Esteban


Nazioartekoa

Errepresio kulturala Argentinan

«Beren helburuak lortzearren terroristak asma daitezkeen arma guztiez baliatu izan dira eta baliatu nahi dira: prentsa, protesta abestia, komikia, zinema, folklorea, literatura, unibertsitatea, erlijioa,... «Itsasoko Almirante Nagusia den Lambruschini-ren hitzek argi eta garbi adierazten digute zer nolakoa den Argentinako militarren jokabidea: Errepresioa kultur arlo guztietan.

AIDA erakundea 1979. urtean sortu zen Parisen kulturgizon batzuren artean, gehienak frantsesak. Bere helburua «edozein lekutan errepresioak sortzen duen ixiltasuna apurtu eta askatasun adierazpenaren alde borrokatzea». Orain arte zenbait herritan hartu du parte bere salakuntza gehien batez Hego Ameriketan finkatzen delarik. Oraingoan Argentinari heldu zaio txanda. Eta errepresioaren berri ematen digute AIDAk eta zenbait idazlek Argentinan argitaratzen diren egunkarietatik hartutako prentsa zatien bidez atzerriratu beharrean aurkitu izan diren kulturgizon batzuren laguntzaz. Eta hemen datza liburuaren orijinaltasuna, berrikuntza, —errepresioa ez baitugu berrikuntzarik— salatzen dena Argentinan bertan salatua izan da. Honek ez du esan nahi Argentinan adierazpen askatasunik dagoenik, bai zera! Argentinan dagoen errepresio kulturalaz hitz egiteko «subertsioa eta internazional terrorismoaren ajente sospetxosotzat har ez daitezkeen egunkari batzu erabili ditugu (...) informazioa betetzeko herbestean dauden kulturgizonen eritziak jasoz» diote egileek.

Europa baino zabalagoa den herri honek 28 miloi biztanle bakarrik ditu eta atzerriratuen portzentaia nagusia bada —estadistikek diotenez azken bi urte honetan 2.000.000 argentinar atzerriratu beharrean aurkitu izan dira— Argentinan bertan geratu direnen bizimodua gogorra da. Hilak milaka kontatzen dira eta «desagertuen» zerrendak ez du azkenik. Baina arazo honetan ere duten arrokeria erakutsi digute militarrek. 1978.eko irailaren 12an lege berri bat onartzen dute «desagertuak» hiru hilabeteren epearen barruan agertzen ez badira hiltzat kontsideratzeko.

Militarrek oso ondo antolatu dute errepresio sistema eta hau oso argi ikus dezakegu kultur arlo guztiak banan banan aztertuz.

1. Irrati eta telebista

Argentinan 44 irrati emisora eta 18 telebista kate daude, danak estatuaren menpe ta kontrolpean. Hau gutxi balitz ere militarizaziora jotzeko bidea onartuta dago eta pribatizaziorako urratsak ematen hasiak badira ere militarrek edozein momentutan har dezakete irrati eta telebistaren kontrola.

Baina militarrek ez daude bakarrik prozesuan. Joandako urtean beste erakunde berri bat asmatu zuten, «Eliz laguntzaileak» edo delako erakundea. Honela argentinarrek ikusten edo entzuten dituzten saioak antimoralak izan ez daitezen hauexek erabaki beharko dute.

Badago beste bitxikeriarik, esaterako pesimisten arazoa. Pesimistak, ezkorrak Argentinan ez dira ongi ikusiak eta bizitza behar denez ikusten ez dutelako zentsuratu egiten dituzte militarrek. Telebistatik edo irratitik Argentina herri zoriontsua dela azaldu behar da eta ez negarrezko kontu edo arazoak. Horregatik pelikula pesimistek ere ez dute lekurik Argentinako telebistan, ezta ere aurkezle ezkorrek.

Beraz pesimistarik ez eta programa guztiak eleizak kontrolaturik. Eta eleiz laguntzaileen lana ez da batere makala. Esaterako, «Erase una vez el hombre» telebista saioaren azken kapituluak ez zuten argentinarrek ikusteko aukerarik. Zergatik? Biblian agertutako mundu sortzearen arazoa erabat mespreziatzen zuelako saio honek. Saio berezia prestatu eta bota egin zuten militarrek telebistatik benetako bidea zein den adierazteko. Honela mila adibide. Obispo bat bera ere zentsuraturik telebistan bere eritzia agertzeagatik.

Telebistatik ia ordu guztietan «yanqui»en filmak ematen ari dira eta itzulpenak ez dira Argentinan bertan egiten. Mexikon baizik. Honek suposatzen dituen ulertzeko prolemak direla ta humorista batek zera esan zuen: «1981.erako predikzioak: telebista saioak uler ditzagun mexikora-argentinera hiztegi bat argitaratuko da». Telebista saioak sustraigabekoak dira Argentinan, honek suposatzen dituen ondorioekin, dena dela, militarrek ez dute beste gauzarik nahi.

Emisora eta kate guztietan zerrenda batzuk dituzte, programatu ezin diren kantariak kontutan hartzeko: Horacio Guanany, Alberto Cortez, Mercedes Sosa,...

2. Prentsa

Prentsan gauza bera gertatzen da. Le Monde egunkariak adierazi duenez 137 kazetari gutxienez izan dira zigortuak Argentinan: 31 erahilak, 40 «desagertuak» eta 68 kartzelaratuak. Arlo honetan militarrek daramaten bidea hauxe da: bere kideak ez diren kazetariak zigortzea, bigun daitezen.

Gainera informazio iturriak oso kontrolaturik dauzkate eta ezagunak dira militarrek emandako informazioaz aparte ez argitaratzeko kontsejuak. Behin baino gehiagotan elkarrizketa egin baino lehen kazetariei egin behar dituzten galderak ematen zaizkie edo behintzat sujeritu.

Militarrek ez dute kritikarik onartzen eta militar bati egunkariren bat gustatzen ez bazaio egunkari hori popatik hartzera doa. Argentinan hainbat eta hainbat aldizkari debekatu izan dira: Prentsa askatasunaz Viola lehendakariaren eritzia hauxe dau «nik prentsa askatasunaz hitz egin dut eta jakin nahi nuke ia noizbait inor ukatua izan den. Beste gauza da Estatuaren erakundeak. Hauek pribatuak izan arte nolabaiteko mugarik izan dezaten ez du zerikusirik prentsa askatasunarekin».

3. Antzerkia eta zinema

Debekapenak eta zentsurak nonnahi Argentinan. Argentinarrak Brasilera joan ohi dira pelikulak ikustera. Zerrenda beltzetan dagoen pelikula edo lan bat ez da inon aurkeztuko eta maila kulturala urrituz doa.

Manhattan (W. Allen), Noveccento (Bertolucci), eta Yellow Submarine (The Beatles) dira debekaturik dauden pelikula batzu. Jendea ez doa lehen beste zinemara eta pelikulak ikustera alboko herrietara jotzen dute, Brasilera gehien batez. Honela Argentinako zinema krisi larrian aurkitzen da, ez da gauza berririk egiten, pelikula gutti. Antzerkian gauza bera. Argentinarrak kanpoko pelikulak eta lanak ikustera ohituak daude.

4. Musika

Argentinak tradizio jatorra zuen musikan baina militarrek apurtu egin dute. Jaialdietan gauza harrigarriak gertatzen dira, jendea detenitu, jaialdiak debekatu eta oso aipagarria da Mercedes Sosaren esperientzia. Mercedes atzerriratu beharrean aurkitu zen.

Argentinako tangoa ere ez da libratu, badira tango batzu debekaturik daudenak, eta tango jatorrak gainera. Rocka ia hilik dago kanpokoa ez bada, hau da, amerikarra ez bada. Militarrek ez dute ongi ikusten gazteek ile luzea eramatea, ezta ere rock jaialdietara joan daitezen.

Frank Sinatrak gobernuaren laguntza osoa izan zuen Argentinara heldu zenean Regan lehendakariaren laguna baitzen, Joan Baezek, ordea, ez. Abeslari honek ezin izan zuen jaialdirik eman eta polizien «laguntza» izan zuen denbora osoan. Jorge Cafrunen eriotza ez dago batere garbi eta askoren ustez ez zen istripua izan.

5. Pintura, eskultura

Hemen ere zerrendek neurtzen dute artisten baliotasuna. Kultur Ministeritzak erabakitzen du zeintzu diren arte lanak eta zeintzu ez, eta horretarako zerrendez baliaturik. Militarrek aukeratutako lanak dira bakarrik arte lanak, beste guztiak debekaturik daude.

6. Liburu edizioa

1976. urtean Benjamin Mendez delakoak, Ejerzitoaren Nagusitariko batek milaka liburu erretzen ditu Cordoba herrian daukan etxe aurrean telebista, irratia eta hainbat kazetari lekuko direlarik. Hasiera baino ez zen, laster hasiko ziren liburutegien kontrako ekintzak. Argentinak zituen liburutegirik onenak erre egin zituzten ezezagunek, edo, militarren ustez, «suak hartu zituen».

Gaur Argentinan irakurtzea debekaturik dago. Hainbat liburu eta idazle zerrendetan: Mario Vargas Llosa, David Cooper, Alvaro Yunque, Paulo Freire, Henry Lefebvre,... Eta debekatzeko arrazoiak asko dira: moralaren kontra doazelako, terrorismoaren defentzaileak direlako, idazle marxistak direlako,...

Argentinan Printze txikia liburua, Saint Exupéry-ren liburua debekatuta dago, Nerudaren lan guztiak, La Biblia Latinoamericana liburua Latinoamerikako Eliz taldeak onartu eta eragindako liburua. Liburu honen ondorioz Argentinako elizak «separata» bat argitaratu zuen, beharrezko separata. Eta, hots, Salvat Editorialaren Universitas, Gran Enciclopedia del Saber, azken hau historia aldatzen omen duelako. Gainera aduanak eta sartzebideak oso kontrolaturik daude.

Programa kulturalaren zenbait ondorio

1. Argentinan kultur maila beheruntz doa, gutxitu egin da aspaldian.

2. Telebista: 1978. urtean 744.000 ikusle

1980.ean 670.000 ikusle.

3. Irratia: Buenos Aireseko lau irrati kateetan

1978an biztanleen %27,8ko entzulegoa

1980an biztanleen %24,4eko entzulegoa.

Eta kontutan izan Argentinak 28 miloi biztanle dituela eta kopuru horren ia %80a iri nagusietan bizi dela.

4. Militarrek boterea hartu zutenez gero hainbat arte, sozioekonomi eta literatur aldizkari desagertu dira.

5. Antzerkia: ikusleen kopurua 1981. urtean, joandako urtearekin konparatuz, %25 gutxitu da.

6. Musikagintza multinazionalek kontrolatzen dute.

Tangoak, esaterako: Peronismoaren denboran 600 tango orkesta inguru zegoen, gaur 20 baino ez dira. Gaur egun grabatzen denaren %90a berrargitaralpenak dira.

7. Zinema: zinetokietara doan jende kopurua %50 gutxitu da leku askotan. Mendoza herrian %90 hain zuzen eta Buenos Airesen ia %40.

8. Argentinarrek sufritzen duten kultura sustraigabekoa da, gehien batez kanpotik ekarritakoa.

Martin Garai


Nazioartekoa

Egungo esklabutza

Norbaitek agertoki baten gainean dauden gizonak salgai ikusiko balitu, zer uste izango? XVIII edo XIX. mendean zegoela akaso? Gaur egun, zoritzarrez, horrelakoak eta handiagoak ikus ditzakegu Arabian, Argentinan, Argelian edo Espainian.

Argentinako kasua aipatuz, 1974. urtean jazorikoa dela esan dezakegu. Herri horretako Andeetan zegoen lan kanpu batetan esklabuak zeuden. Egunez lan eta gabaz kateaturik lo egin behar izaten zuten. Gobernuko partaidea zen hango arduraduna eta hainbat nazi zegoen «presoak» zaintzen.

Grezian oraintsu, 1969. urtean hain zuzen, ezkerretako alderdietan afiliaturik zeuden neskak desagertu egin ziren presondegian zeudelarik, denboraldi bat barru arabiar batek erosi omen zituen neskok 500 dolarretan.

Aurten ere, Ceuta-n hain suertez, udaleko zinegotzia salatu da; ematen zaion kargua marrokiar langileak exportatzearena izan da.

Ikus dezakegunez esklabutza ez da filme historikoetan ikusteko genuen bitxiren bat, baizik eta, gaurko munduak ematen digun beste pena bat.

Dena den, egungo esklabutzak aurpegi ezberdinak hartzen ditu han eta hemen. Badago esklabutza tradizionala deitzen duguna, hau da, filmetan eta beltzen kantatetan agertzen zaiguna. Baina, halan eta guztiz ere, badago esklabutza mota berria, esklabutza tradizionala baztertu zen eta orain asalariatua den lanaz esklabutza berria jaio zaigu.

Nor hartzen dugu esklabotzat? Azken batetan norbaiten propietasuna edo jabetasunaren azpian jartzen dugun edonor. Definizio honi jarraitzen baldin badiogu, nor geldituko litzateke esklabutzatik at? Horra hor kakoa. Telebistak, lantegiak, gobernuak, kostituzioak eta abarrek zapaldu egiten gaituzte, haien jabegoaren azpian ezartzen dute gure burua; orduan, beraz, gu haien esklabuak ginateke.

Baina gure artikulua ez doa hortik, kasu honetan esklabutza lanean zuzen zuzenean ematen dela ikusiko dugu eta ez esklabutza intelektuala edo soziala.

Esklabutza tradizionala

Bi jende mota aurki ditzakegu esklabutza tradizionala deitu honetan, bi gizarte ezberdinen ezaugarriak direla, alde batetik Beltzak (Ameriketan batez ere) eta bestetik Moroak bai Afrika eta bai Asian.

Islam herrietako esklabuek zenbait eskubide dute eta esklabutzatik irtetzea posible delarik administrazio burokraten artean sar daitezke. Hortik gora jo posiblea da dirurik eta laguntzarik lortzen baldin badute. Afrika Beltzean ere horrelako zertxobait gertatzen zen esklabuekin, han posible bait zuten ugazabaz aldatzea edo eta berek eginiko uztaz aprobetxatu zenbait fruitu eta abar hartuz.

Beltzen arazoa, ez Afrikan; baizik eta Ameriketan, hots, europearren esku, guztiz ezberdin gertatu da. Denok ezagutzen ditugu han jazoriko kalte eta laidoak. Baina honek ez du esan nahi esklabutza hau edo bestea ona ala ez denentz, bata eta bestea ezberdinak direla baino. Halan eta guztiz ere, esklabutza.

Gaur egungo agintariek ez dute nahi horrelako esklabutzarik eta gero eta indar handiagoz jokatzen dute esklabutza tradizionala baztertzeko. Ez dagokio bat ere ongi egungo ekonomiari produkzio mota hau ezkonpetentea baita gaurko beste eren aurrean. Hori dela eta, pixkana pixkanaka esklabutza horren aurka agertzen dute haien burua, kolpe batez edo iraultza batez egiturak alda ez daitezen eta langilego hau beste modu batez pentsatzen has ez dadin; edo, askatu berri izan daitezkeenak, kolpez aska ez daitezen den denak parora eta miseria gorrira ez erortzeko.

Baina ikaragarri da oraingoz Ekialde Hurbilan dugun esklabu kopurua. Mauritania, Niger, Libia eta Argelian Tuaregh-en artean edo Egipton beduino-en artean bizi-bizirik dirau esklabutzak.

La Meca-n edonorrek ikus dezake agertoki batetan pertsona lerrokada izugarria salgai. Haietariko asko aurreko mendeetan Arabian esklabutzat sartu izan ziren hainbesteren seme eta iloba ditugu, baina multzo horretan badira esklabutza sendian ezagutu ez dutenak, La Meca-ra erromeriaz joan ondoren haien herrietara bihurtzea debekatzen zaielarik esklabutzat saltzen dira orain, 1981. urtean, kasureko.

1955.ean 38.000 erromes hurbildu ziren La Meca-ra. Etxeratu 8.000 egin ziren; besteak, asalariatu eta esklabutzat gelditu ziren Arabian. Gaur egun normaltzat hartzen da bestalde erromesak erromena bete ondoren bere hotela ordaintzekorik ez baldin badu bere seme edo emazteak saltzea. Aurtengo datuek diotenez, 5.000 dira urtero desagertzen diren erromesak.

Esklabutza mota berria

Era berri hau kolonia izandako herrietan ematen ari da. Toki hauetan esklabutza debekatu egiten da, baina ordez lan derrigortua zabaltzen da, eta zerbait kasutan lan estatalak edo prestazio bereziak. Lan mota hauek sortzen dituzten lan giroak eta XVII-XIX. mendeetan beltzek Ameriketan eta europearren esku jazaniko esklabutzak zabalduak berdintsuak omen.

Mota hau Angolan, Mozambiquen, Asian eta Ozeanian eman dira gehien. Gaur egungo lan derrigortuak, Afrikan barne, bi miloi pertsona ditu bere harpetan.

1936. urtean Italiarrek Etiopian zegoen esklabutza debekatu zuten, baina bide batez lehen aipaturiko lan derrigortuan jarri zuten hango herria. Frantzesek berdintsu jokatu zuten bost miloi afrikar haien intereserako lanean jarri baizuten. Britaniar entrepresek bazuten bi miloi langile derrigortu Afrikako lantegietan. Kasu berdinak suertatu ziren Indotxina, India, eta Guinean.

Lan derrigortu hau ezagutu zutenen artean heriotza %20 edo 40a eramaten zuen. Gosea, lan handiegia eta errepresioa ziren heriotzaren lagunik handi eta zintzoenak. Oraindik ditugu gure gogoan, adibidez, kongolar trenkatuen argazki famatuak; esku, belarri edo bernabako kongolar langileen argazki iguingarriak.

Berrogei eta hamar urte aurretik jazorikook ez dira mende honetan dauden bakarrak, 1958 eta 1970. urteen artean berrogei eta hamar bat pertsonek konzentrazio kanpo aurkitu baitzuten Amazonian. Tokiotan andrak prostituziorako erabiltzen izan dira, haurrak hiltzen utzi janari gutxiago gastatzeagatik etab. Gizonezkoak, ostera, esku lanetarako erabiltzen ziren, bideak egiteko, nekazari lanak betetzeko. Honelako kasuak hamaika dira Ego Ameriketan, gaur egungo militar junta, Bolibian hain zuzen, herriarteko droga trafikoan esku hartu arren, esklabu trafikoan aritu da urte hauetan ehundaka paressi indio saldu baitzuen Brasil eta Paraguay-ko lan kanputan enplegatzeko.

Ipar Ameriketako entrepresak izan dira gehien erabili dituztenak; hauen ostean, Ego Ameriketara emigraturiko nazien aziendetan aurkitu ahal izan dira kolonbiar eta guatemaldar indioak gehientsu.

Pakistan, Hong-Kong, Australia... hauexek dira esklabutza berri honetan izenik entzutetsuenak.

Europari dagokionez ez dirudi horrelako esklabutza motarik ematen denik, baina beste zenbait ezagutzen dugu, hala nola, neskazuri eta langileen tratuak.

Neskazurien Tratua

Esklabutza eta prostituzioa arraz batera ematen zaizkigu. Neska esklabua izatean zertarako erosi beste neska sexu plazerrak gozatzeko? Edo eta zergatik ez har putaren bat esklabutzat, gobernuak eta sozietateak tutik ere ez esango ez baitute?

Esklabutza legala edo onartua den herrietan esklaburik gazteenak sexumakinatzat hartzen dira eta onarturik ez dauden herrietan kontratu faltsuen bitartez gauza bera lortzen dute.

Maiz gertatzen da, gaur egun ere, gurasoek neska gazteak herriko aberatsei saldu; eta sarri, zenbait tokitako neska gazteak modelotzat, lokutoretzat edo bailarinetzat kontratatu ondoren prostituziora bortzatzen dira.

1970.ean, Alemanian, turkiar neska bat, bi italiar eta alemaniar bat Frantziako trafikante batek erosten ditu, neskok senidebakoak direnez gero eta inork bilatzen ez dituenez gero Libano-n agertzen dira prostituzio lanean.

Ehundaka neska saltzen da Hong-Kong portuan Japoi, India eta U.S.A.n enplegatzeko, ehundaka neska gazte desagertzen da Hamburgon, Napoles eta Malaga edo Marsellan. Hauei inoiz beteko ez den kontrato bat erakusten zaie eta gero klienteen menpeko izan behar dute edonongo tabernatan. Prostituzio mota hau, askotan behintzat, nazioaskotako entrepresek egiten dute bide batez droga zabaltzen dutelarik. Honela prostitutak ez dira sexu-makinak soilik, baizik eta droga zabaltzaileak ere bai, nagusiekin duten menpekotasuna geroago eta gogorrago bihurtzen dela.

Besatratua

Industrializaturik dauden herrietan nahiko ezagunak dira kanpotik etorritako langileak. Batzutan kontrato legalez lanean ari direnak eta horregatik zenbait serbitzutarako eskubidea dutela, baina hauen inguruan asko dira ilegalki kontrataturik aurkitzen ditugunak eta hauek, noski, ez dute inolako prestazioren jabe izateko ahalmenik.

Europako Merkatu Batuan, esate baterako, 12 miloitik gora dira haien herrietatik kanpo lanean ari direnak. Bi edo hiru miloi izango dira, segur aski, datu zehatzik ez baitago, herri industrializatuotan ilegalki sartu direnak eta soldata gutxiaz bizi behar dutenak, etxe zaharretan baturik eta gaisotasun asegurorik ez daukatelarik.

Azken hauetatik multzoka aurki dezakegu goi mailako jendearentzat lanean ari direla, militar, funtzionario eta horrelako jende motaren zaintzaletza egiten.

J. I. B.


Elkar Ikuska

Jon Juaristirekin hizketan

Jon Juaristi-rekin berba egiten hastea eta aipamen piloa entzuten hastea, dena bat. Bere oroitmen izugarria erabiliz, edozein momentutan egiten du halako edo holako idazleren aipamena, idazki zatiak duda bat ere barik errepikatuz, eta nola, ez aipamenetarik asko eta asko Gabriel Aresti-ri dagozkio: berdin dio zein den gaia, beti aurkitzen du Aresti-ren erreferentzia edo adibidea jartzeko beta. Itzela da Gabriel-ek Jon-engan utzitako aztarna. Zera esan dit momentu batetan: hura hil eta gero zenbat aldiz ez ote dudan pentsa, ekintza honen aurrean zein izango litzateke bere jarrera?, zer egingo luke orain?, non kokatuko litzateke politikoki?

Baina, entzun dezagun Jon-ek dioskuna bere hitz egiteko era lasaian: eskuetan darabilen pipa urduri maneiatu arren hatzamar artean, hitz beti egiten du lasai, hitzak esan aurretik ondo ausnartuz.

JON.— Hamabi urte nituelarik hasi nintzen euskara ikasten nire kontutik. Orduan, nire aitona baten etxean bizi izaten nintzen, eta hark euskal liburutegi oso on bat zuen eta hantxe hasi nintzen Cortes Manterolaren irakasbideaz (desastrea izan zen, noski. ez nuen ezer ikasi) eta gero beste irakasbide batzu erabili nituen, baina nik uste dut, benetan, nire irakasbiderik onena eta egokiena Aresti-ren poesia izan zela. Hantze zegoen «Harri eta Herri»-ren lehen edizioa, nire lehengusu bati eskeinita, eta hura irakurtzen hasi nintzen eta handik euskal poema hutsetara pasatu. Aitonaren liburutegian EGAN-en sorta guztia zegoen eta han irakurri nituen «Bizkaitarra» eta «Maldan behera», eta zintzoki uste dut, Gabrielen poesiak beste irakasbide guztiak baino gehiago zerbitu izan didala zentzu guztietan; dakidan euskara guztia berari zor diodala esango nuke.

ANAI.— Ze motatako euskararekin hasi zinen?

JON.— Irakasbide garbizale batekin hasi nintzen, hori ez zen ez bizkaiera ez beste ezer. Nire aitona idazle garbizalea izan zen, eta nahiz eta gutxi idatzi, egin zuena euskera garbi-garbijean egin zuen. Zera batzu publikatu zituen aldizkari abertzale batzutan, sasi-izen batekin: Jeltarpe (susma dezakezu nondik zebilen), eta berak eman zidan Cortes Manterola-ren «Método autodidáctico para aprender el vascuence» euskara artifizial eta ezin-ikasia zen. Gero Zamarripa-ren gramatikaz zerbait gehiago ikastea lortu nuen. Esan dezaket, Gabriel-en poesia erabiltzean, Arantzazuko biltzarrea egin aurretik, batuaz nenkiela.

Euskara batua literaturan

ANAI.— Arantzazuko biltzarrea aipatu duzunez gero, zerbait sakonduko dugu hortaz. Ordutik hona 13 urte pasatu dira, eta orduan emandako arauak, ortodoxia kutsua zabaldu zituzten idazleengan, baina, batasuneranzko bide honek espero zen bilakaera izan du?, espero ziren ondorioak lortu dira?

JON.— Segun zein aspektotan. Kintana-ren azken liburua hartzen baduzu eta hitzaurrea irakurri, han bai, han ortodoxia kutsu bat nabari daiteke, ba dirudi, Batua neurri gogor eta fijo batzu direla eta transgresio guztia izugarrizko pekatua dela. Baina beste alde batetatik, Gasteizko Fakultatean dagoen jendea, Mitxelena, Sarasola eta abar, askotaz zabalagoak dira zentzu horretan, bereziki literaturari so eginik. Nik uste dut, literaturgile batek zabaltasun eta libertate gehiago eskatzen dioela hizkuntzari. Literaturan, transgresioak eta jokoan eta holako zerak paper oso inportantea jokatzen dute. Orduan, oso diferentea da Batuaren aurrean Kintana bezalako linguista baten jarrera eta idazle baten jarrera. Abanguardiako literaturgile batentzat, Euskara Batua neurri bat da, noski, eta horrek transgresiorako aitzaki bezala zerbitzen dio, ba dauka gainditzeko zerbait, baina zatiketa dialektal zabal duzunean ezina da abanguardiako literatura egitea, ez duzulako transgresiorako neurririk.

Dogmatismoa eta diglosia

ANAI.— Zure tesina publikatu zenean 1976.ean, «Euskararen ideologiak», hiru partetan izateko zen eta lehena baino ez da publikatu.

JON.— Hori publikatu zenean, oso erreakzio gogorra eragin zen sektore batetan. Andolin Eguzkitza-k artikulu luze bat publikatu zuen ZEHATZ-en nirekin eta liburuarekin sartuz, pentsamoldeak oso dogmatikoak zirela esaten eta abar. Ba nekien nik Planteamolde batzu dogmatikoak zirela, baina ez horrenbesterako. Nire ustez problema beste zera zen: liburua, liburu marxista bat zela eta orduan, euskal linguista gazteen artean beste ortodoxia Chomsky-ano bat zegoela zabalduta. Andolin-ek artikulu horretan gaizki tratadu ninduen eta apur bat etsita geratu nintzen. liburuak ukan zuen erantzuna ikustean, eta gai hori betirako utzi nuen. Hala ere, ez zen ideologia linguistikoak aztertzea bakarrik, baizik eta euskal literaturan sortu eta iraun zuten mito batzu aztertzea, «Antigua lengua de las Españas», «Tubalismo»-a, «Arrigorriaga-ko batalla», «Jaun Zuria» eta «Monoteismoa». Behin edo behin gustatuko litzaidake holako lan orokor bat egitea euskal mitologiari buruz, maila linguistiko batetan.

ANAI.— Liburu horrek, hitz edo kontzeptu berri bat sartu zuen Euskal Herrian behintzat: Diglosia.

JON.— Bueno, ez dakit. Susmatzen dut, eta behin esan nion norbaiti, Euskal Herrian zientzi sozialetan sartzen diren kontzeptu zientifiko gehienak, ideologiz sartzen direla, eta hau ez diot zentzu peioratibo batetan.

Zientzia sozialei so eginik, Euskal Herria da agian Europako leku bakarra, zeinan kontzeptu zientifikoak eta politikoak seriotan hartzen diren, eta hori gertatu zen diglosiaren kontzeptuarekin ere. Ez dut uste aski eztabaidaturik dagoenik; kontzeptu politiko bat bezala hartu zen lehendik, arma politiko bezala eta ez zaio planteamendu kritikorik egin. Ifar-Amerikan, kontzeptu hau sortu zeneko lurrean, linguista gazteek oso jarrera kritikoa dute sozio-linguistikaren aurrean, eta baita diglosiaren aurrean ere: Euskal Herrian nik ez dut ikusi holakorik orain arte.

Aresti LOAPA-ren aurka

ANAI.— Orain gutxi, Euskal Herriko edo Euskadiko ormetatik, ikusiko zenuen nik ere ikusi dudan moduan, halako txartel batzu: LOAPA-ren aurka gure aitaren etxea defendituko dogu. Zer sentitu dugu hori irakurtzean?

JON.— Datorrenengandik datorrenez gero, ez da? bueno, bere antologiarako egin dudan hitzaurrearen zati bat irakurriko dizut paragrafo moduan: «Aresti no era un político. Sus intuiciones están teñidas de una enorme ambigüedad, se diría que hizo suyo el método antitético que no dialéctico de otro gran arbitrario bilbaino: Miguel de Unamuno. Es fácil para un crítico de talante perseguidor descubrir en su obra numerosas antinomias y contradicciones. Es asimismo explicable que su nombre sea hoy invocado desde el nacionalismo radical, desde el eurocomunismo y aún, con menor frecuencia, por algún líder del PNV. Sin embargo, pese a algún inquisidor meticuloso, no está en estas contradicciones la clave de su obra. Toda tentativa de clarificación como la que pretendió Aresti trae consigo equívocos y exageraciones, pero algo que persiste más allá de toda discusión es el hecho de que supo encarnar vigorosamente la voz colectiva de una generación perseguida, de una generación que no dió tregua al franquismo, lo combatió con dureza, se reconoció en su poesía». Hau da nire eritzia. Arestiren poesia oso anbiguoa da mami politikoari so egiten badiogu, zeren Aresti ez bait zen politiko bat. Aresti poeta bat zen eta poeta batek intuizio arraroenak izan ditzake, eta noski, intuizio oso zabalak eta anbiguoak, eta oraindik gehiago frankismoaren pean, frankismoa delako erdaraz esaten den «la gran noche donde todos los gatos son pardos.»

Burruka-poesia anbiguetatetaz kutsaturik geratzen da, eta hori gertatu zaio Gabrielen poesiari. Hala ere, ni ez naiz asarratzen holako zera bat ikusten dudanean. Euskal Herrian, Gabriel balore orokor edo unibertsal bihurtu dela iruditzen zait, eta eskuma aldean ala ezker aldean aipatua izan, arren funtsean ezkerreko poeta izan zela uste dut, baina bere poesia balore sozial diskuti-ezina bihurtu da eta hori garaipen handia da poeta batentzat.

ANAI.— Ez duzu uste gaurregunean jendea ahaztu egin dela Aresti? Hau da, gaurregunean. literatur munduan Arestiren izenik ez da agertzen; ba dirudi, hil zenetik 20 urte edo pasatu direla.

JON.— Ez dakit. Munduko literaturak, ez daki, noski, Aresti existitzen zenik, Euskadi existitzen denik ere ez, momentu honetan. Munduko literaturan euskaldunak aipatuak garenean, beti da Borges-en zentzuan: «los vascos, pueblo que al margen de la historia no ha hecho otra cosa que ordeñar vacas» eta holako beste perla batzu. Orain egon naiz Caro Barojaren gauza bat irakurtzen eta beste baieztapen interesgarri bat aurkitu dut: «el vasco es un pueblo que ha escrito mucho pero que no ha leído nada. Pueblo de gente de pluma, escribanos, tinterillos, pendolistas, gente que iba a Castilla a hacer oficios de pluma. Escribía demasiado para luego no leer nada.» Euskal Herrian, edozein idazle edo poeta beti izango da pertsonai ezezagun bat, giro txiki batetik kanpo. Haranburuk zioen orain bi hilabete edo euskal irakurlegoa momentu honetan bostehunen bat pertsona edo izan behar direla, bat Usurbilen, besta bat Lekeition eta hola. Hau katxondeoa da. Euskal idazleen osotasunari so egiten badiogu, uste dut oraindik Aresti dela euskal idazlerik sonatuena; kaleko tipo batek euskal literaturako zerbait ezagutzen badu, seguru izango dela bere poema bat edo..., horixe, «Nire aitaren etxea defendituko dut». Jode, EGI-ko jendeak ere ezagutu egiten du!!

Gabrielen literatur albazea

ANAI.:— Gabrielek, hil baino lehen, bere lanak Ibon Sarasolaren eta zure eskuetan utzi zituen, oker ez banabil. Puntu hau gura izango nuke argitu zertxobait. Bere familia apur bat ezagutzen dut, eta nik dakidanetik, inork ez zuen uste hain txarto zegoenik. Aldiz, berak hori egin bazuen, heriotzea hurre ikusiko zuelako izango zen. Noiz eta nola eman zizuen agindu hori?

JON.— Gabrielek agindu hori eman zuen momentuan ni ez nengoen present, eta Natxo de Felipek esan zidan. Ni bisitatzera joan nintzaion batetan, operazioa egin ondoren, han egon nintzen bere emazte Meli-rekin batera, eta Gabrielek momentu batetan kolpe bat eman zidan belaunean eta esan zidan, erdaraz gainera «ya sabes que te he dejado de albacea de mi poesía, y he dicho que teneís que encargaros de prepararla Ibon y tú», eta nik, noski, bromatan hartu nuen, joko bat edo txiste bat zelakoan, ez nuelako pentsatzen hiltzeko zegoenik. Hil egin zela enteratu nintzenean izugarrizko kolpea hartu nuen.

ANAI.:— Baina diozunatik, arduratuak Ibon eta zu izan zineten eta bere poemen argitaralpenean zu izan zinen arduradun bakarra, ez da?

JON.— Ibonen ideia da, euskal obrak eta Arestiren lan poetikoa bereziki, ezin daitekela itzuli, poesia honek eratzen duen mundu kulturala, españolatik edo frantsesatik asko desberdintzen delako, eta itzultzen mami guztia partzen duelako. Hala ere. Gabrielen agindua oso garbia zen: «para la edición de mis poemas, los que estén sin traducir los traduces». Hau dela eta, Ibonek ez zuen itzulpenean parte hartu; oso hitzaurre ederra egin zuen, baina textuen prestakuntzaz neu arduratu nintzen.

Españolista?, neu, alegia

ANAI.:— Hitz honek zer dakarkizu gogora: Españolista.

JON.— Bueno, neu, alegia. Nik beti esaten dut ni españolista izan ezik ni hispanista naizela, profesionalki, noski; literatura española ematen dut eta noizbehinka euskal literatura ere bai. Euskal Herriko sektore handi batentzat Aresti españolista zen. Nik susmatzen dut, eta ikusiko duzu liburua publikatzekoan, Aresti funtsean nazionalista radikala zela, bere presupuesto ideologikoak ezin zirela abertzaleagoak izan. Ni ez naiz sekula patriota española izan baina uste dut, euskal mitologia politikoari begiratzen baidogu, gure benetako tradizioa, tradizio españolista dela konturatuko garela. Hau Atxagak ere baieztatu zuen behin POTT-en eta jendea ez zen kabreatu. Guri, Españiako tradizio kulturala kentzen badigute, tradiziorik gabeko eta historiarik gabeko herria izango ginateke.

Euskal literatura: simulakro bat

ANAI.:— Inkesta batetan, Arestik zera erantzun zion Torrealdairi: «hau ez nuke erdaraz esanen, baina euskal liburuak oso eskasak dira». Orain dela gutxi, Joseba Sarrionandiak hau erantzun zidan euskal literaturaz: «Krisia dagoela esaten dute, soziologiaren hetxizeroek. Baina hemen ez dago krisirik, hau basamortua da». Zer diozu zuk? hildo berean zaude?

JON.— Bai hildo berean nago. Hau POTT osoaren eritzia da eta zenbait editorialetan desarrollatu genuen: euskal literatura simulakro bat da, ez da literatura normalizatu bat, publiko gabezi izugarria dauka, eta holako baldintzetan ezina da edozein kasutan literatura bat aurrera eramatea nahiz eta boluntarismo guztia ipini helburu horretan. Publiko gabeko literatura ezin daiteke sostenga ekonomia aldetik, ezin daiteke idazlerik profesionalizatu, ezin daiteke editorialik mantendu. Gainera gauza oso alarmante bat gertatzen ari da Franco hil zenetik hona: aurrerapen kulturala egon da eta jendea alfabetatu egin da maila batetan, baina hau erdaraz esaten den bezala «presupuesto necesario pero no suficiente» da literatura bat sostengatzeko, eta hemen ez da nahikoa izan. Idazkera eta literaturaren artean distantzia luzea dago; pertsona batek aldaketa kualitatiboa eman behar du literaturan sartzean, ez da mahikoa hizkuntzan menperatzea literaturaz arduratzeko irakurle bezala. Orduan, panfletoak irakurtzen dira, baina literaturarik ez.

Euskal eskritoreak aspertu egiten dira eta luma bota

ANAI.:— Orain esango dudana ez dakit neure inpresioa den ala bat etorriko zaren nirekin. Euskal literaturaren inguruan ari direnai zahartzaro goiztarra heltzen zaie, sasoia baino lehenagoko «karrozismoa». Adibidez, zuk orain dela hainbat urtetakoa ematen duzu, eta berdin Saizarbitoriak, Kintanak, Letek, Sarasolak. Urretabizkaiak, Haranburuk eta abarrek, eta oraindino ez duzue 40 urterik ezta gutxiagorik ere. Hau normala da?, zer gertatzen da hemen?

JON.— Hau anormala da beste literaturak kontutan hartzen baditugu, baina normala da Euskal Herrian, hemen sarrien ematen dena liburu bakar baten autorea delako. Nik ezagutzen ditudan idazlerik gehienak, liburu bat, bi edo kasurik arraroenetan hiru publikatu dituzte euskaraz, eta gainera oso liburu laburrak. Liburu bat edo bi idazterakoan aspertu egiten dira, Arestik zioen moduan: «euskal eskritoreak aspertzen dira eta luma botatzen dute» Oteizari eskeinitako poema batetan. Desgaste generazional izugarria eragiten da Euskal Herrian, hemengo baldinketak oso bereziak direlako eta ez dagoelako estimulorik idazleak aurrera jarraitzeko.

Ibon edo Ramon baby pare bat izango lirateke edonon, baina hemen ez. Arestiren kasua beste kasu bat zen, oso desberdina, benetako eskritore organikoa zelako, herri oso baten eskritorea eta hori azkenean frogaturik geratu da lehen LOAPA-ri buruz ikusi dugunarekin, esate baterako. Baina hura hil ondoren ezin da beste eskritore organikorik sortu, euskal indar politikoak, euskal ezkerra oso zatiturik dagoelako momentu honetan. Ba dirudi hortik konbergentzi projektu bat dagoela eta abar, baina, bueno, hori nahiko boluntarista da eta momentu honetan ezin daiteke sortu projektu politiko bati erantzuten dion idazlerik. Arestik garbi zekien nor zen bere etsaia eta zeintzu ziren bere helburu politikoak: askatasuna, justizia... oso helburu generalak, baina orain ezin du idazle batek hain helburu orokorrekin jokatu.

Pesimismo metodikoa

ANAI.:— Agian horregatik, gaurregun, literatura eta batez ere poesia intimista eta pertsonala egiten da gehienbat. Hau irtenbidea izan liteke?

JON.— Hori POTT-en argi ikusi genuen. Irteera bi zeuden, alde batetik poesia intimista eta beste alde batetik poesia meta-literarioa, hau da, literaturari buruzko poesia. Ez da harritzekoa orduan Sarrionandiaren azken lana Eliot-en itzulpen bat izatea. Baina beste prob|ema bat geratzen da, merkatuaren gabezia, publikoaren hutsunea. Arestik ere problema berbera zuen baina bere boluntarismoak aitzaki bat aurkitu zuen: Frankismo pean gaude eta horregatik ez dago publikorik, euskal literatura bera ere erdi klandestinoa delako. Baina orain ezin da argudio hori maneiatu, eta orduan, gaurko edozein idazle do eskritore gerrillero Aresti baino lehenago aspertzen da.

ANAI.:— Orduan, honek ez du irtenbiderik.

JON.— Bueno uste dut ezetz. Irteera posible bat publikoaren aldetik boluntarismoa sortu dadila izango litzateke, baina hau ez zait posible iruditzen momentu honetan. Ez dakit... Zuk, benetan, zer uste duzu?

ANAI.:— Nik?, ba, euskararen gaztelua orain urte asko hasi zela jausten eta literaturaren dorrea ere gazteluarekin batera doala lurrera. Hala ere, ez dakit nork esan zuen moduan, nik «pesimista aktibo»-aren jarrera hartu dut eta, nahiz eta gaztelua lurreratuko dela jakin, geratzen diren azken harriak sostengatzen ahalegintzen naiz, ea bitartean grua datorren berriro jasotzeko, grua hori gero eta hurrunago ikusiarren.

JON.— Bai, hala da eta kezkatzekoa da. Lehen egon naiz lantxo bat egiten eta berori esaten nuen, euskal literaturari buruz zenbait eritzi ematerakoan, pesimismo metodikoa erabili behar dugula bide bezala, zeren gero gauzak aldrebes irteten badira, pozik beratzen zarelako, noski.

Aresti hil zenean Zelaietak galdetu zidan BERRIAK-erako euskal literaturaren etorkizunaz, eta nik garbi esan nion, Gabriel hil eta gero hemen ez dela ezer gelditzen eta ez dagoela bat ere posibilidaderik euskal literatura berpizteko, baina... gero Atxaga, Sarrionandia eta abar sortu ziren. Ea orain ere horrelako zerbait gertatzen den!! Stendhal-ek esaten zuen moduan, historian inprebisiblearekin kontatu behar da.

Idazle diglosiko aldrebesa

ANAI.:— Bueno, ea orain zure lanetan zentratzen garen. Zuk idazterakoan: euskara ala/edo erdara?

JON.— Euskara eta erdara. Ni idazle diglosikoa naiz. Poesia edo beste lan kreatibo bat egiterakoan, erdara erabiliko nuke eta erabiltzen dut: orain egiten dudan poesia pertsonala da, expresiboa, intimista nahi baduzu, nahiz eta zama sinbolikoa eraman. Poema liburu bat amaitu dut orain, erdaraz, eta oso pozik nago. Aldiz, prosa kritikoa egiteko, hitz-jokoak eta egiteko euskara askotaz interesgarriagoa dela uste dut, erdara, gaztelania, gastatuta dagoelako. Hau noski, planteamolde diglosiko arraroa da, normalena, prosarako erdara eta poesiarako euskara erabiltzea delako.

Antologia, kritika literario eta ahozko literatura

ANAI.:— Lehen, Arestiz zerbait egiten ari zarela esan didazu, ez da?

JON.— Bere lanen antologia bat prestatu dut uda honetan, argitaragabeko bost edo sei poema ere sartzen ditudala, sarrera luze batekin, metrikaz gehienbat eta zenbait eritzi berri. Oraintxe zuzendu ditut probak eta hemendik aste bitara edo publikatuko da.

ANAI.:— Eta beste lanik?

JON.— Erdal artikulu batzu egiten ari naiz aldizkari espezializatu batzuetarako kritika literarioaz eta abar, eta euskal mailan, talde bat egin genuen ihaz, ahozko euskal tradizioa estudiatzeko eta baladak biltzen ari gara Arratia aldetik, Busturia aldetik eta... Gure asmoa da Euskal Ahozko Konta Poesiaren Lorategia egitea eta publikatzea baita ere.

Unamuno eta liberalen ideologia kolonialista

ANAI.:— Tesia ere egiten ari zara, eta Unamunoz, oker ez banabil. Zer aurkitu duzu Unamunorengan?

JON— Unamuno eta euskal arazoa. Pentsaera liberalaren eredua eredua delako hartu nuen Unamuno, euskal arazoaren aurrean gaurko españolista demokratek eta generalean pentsaera liberal guztiak, Unamunoren argudioak errepikatzen dituztelako.

Bilboko «El Sitio» inauguratu zenean, Juan Pablo Fusi-k bere argudioak eman zituenean euskal arazoari buruz, Unamunorenak errepikatu baino ez zuen egin: «el euskera es el vehículo de la cultura étnica, de una etno-cultura y el castellano es el vehículo de la cultura universalista: no hay más proyección posible del vasco hacia fuera que el castellano» eta hau ideologia hutsa da, XIX mendeko kolonialisten ideologia berbera: «lo de los indios es una etno-cultura y la nuestra, la occidental es una cultura universal», eta niri Unamunoren pentsaeraren mugaketak asko interesatzen zaizkit. Berak, positibismo soziologikoa eta linguistikoa ezagutu zituen eta positibismotik ezina da euskal arazoaz kontu zuzenik ematea. Positibismoa eboluzionista da eta koordenada eboluzionista batzuetan, euskara, desagertzen doan hizkuntza atzeratu bat da. Hala ere, hau berau, ikusmira marxista batetik begiratzen denean eta Unamunok behin ikus zezakeen hola baina ez zuen ikusi, ba, euskararen eta euskal gizartearen etorkizuna ez dago lege natural baten menpean, legalitate historiko baten menpean baizik, orduan, euskara izango da euskaldunek nahi dutena eta ez dago bide natural markaturik. Gai honek betidanik interesatu dit, baina batez ere orain, argudio hauk sozialisten artean, liberalen artean eta beste batzuren artean berpizten ari direlako.

Sarri

ANAI.:— Eta amaitzera goazenez gero, azken buelta bat emango diogu betiko danbolinari. Zer interesatzen zaizu euskal literaturan?

JON.— Arestik esaten zuen moduan, «Euskal Herrian idazle asko dago baina eskritore gutxi». Bost edo sei izen baino gehiago ez zaizkit interesatzen momentu honetan. Leialtasun historiko bat kontserbatzen dut: Aresti, Atxaga, Sarri... Joseba Sarrionandia asko da niretzat. Txarrena gartzelan dagoela eta hori gizartetik aparte egotea da, aldaketa sozialetatik eta egunerokotasunetik kanpo, eta hori literatura egiterakoan garrantzi handikoa da. Cervantes, Arcipreste eta Dickens ere gartzelan egon ziren, baina denbora txiki bat eta Joseba ez dakigu zenbaterako. Literatura egitea kanpoan gaitza bada, barruan...

Triste samar amaitzen dugu baina... zer egingo dugu, ba, egoera ere halakoa da eta. Elkarrizketa hau burutzean Josebaren epaiketa ez da oraindino izan, eta dena den, urte askotan beheratu beharko diote eskatzen dioten ehun eta piku urtetako kondena, guk, —eta uste dut asko garela— nahi duguna egia bihurtzeko: bihar bertan egon dadila gure artean.

JOSE R. BILBAO


Ralh korkorra [Komikia]

VOLNY


Ekonomia

Kontsumatzailearen legeaz

Euskal Herri mailan ezagutzen den kontsumatzailearen egoera ez da bat ere ona, azken batetan, kontsumatzailea babestuko duen legerik ez baitugu. Egia da Eusko Jaurlaritzak zenbait ohar eman duena, baina ezin dezakegu esan hoien bitartez edozein artikulu erostekotan beldurrik gabe aurreratzen garenik.

Gobernuak egingo, Gobernuak esango baina ez dago inolako erregelaketa zehatzik. Oraindik ez dakigu noiz egingo ote diren produkto kaltegarrien zerrendak. Kontsumatzailearen defentsa eskubidea onartzen bada ere ez zaigu esaten zein punturi buruz zuzendua den eskubide hori. Salmentetan ematen diren abusuak aipatzen badira ere ez zaigu esaten nola kontrolatuko den lege hauste hori.

Hori dela eta, argigarritzat jo dugu ANAITASUNAn Europa eta Ifar Ameriketan ezagutzen diren egoerak nolabait zuonganatu.

Europa lekuko

1975. urtean egin zen kontsumatzailearen defentzako lehen legea. oraingoan Europako Ekonomi Elkarteak bigarren pausua eman du protekzio eta informaziorako programa politiko berria onartuz. Honen bitartez lortu nahi dena zera da: kontsumatzaile, produktore eta zabaltzaileen artean benetako elkarrizketa lortu, eta bide batez merkatua hobetu eta infraktoreak errazago bahitu eta gaztigatu.

Aipaturiko lege honek lau puntu nagusi ditu, honexeek: «Kontsumatzailearen seguritate eta osasunari dagozkion arriskuen aurkako babesa; Kontsumatzailearen interes ekonomikoen babesa; kontsumatzailearen egoera juridikoaren hobekuntza (laguntza eta aholkuen bidez); Eta kontsumatzaileen erabagiei dagozkien gertakuntza, informazio eta heziketaren hobekuntza»,

Bigarren egitarau honek, lehenaren jarraipen den honek, behin behinezko ekintzen bilduma osotzen du bere baitan.

Lehen puntuari dagokionez, hots, kontsumatzailearen seguritate eta osasuna babestu nahi den puntu horretan, zera bilatzen omen da: «Kontsumatzaileen osasuna babestuko dituzten ekintza ugalkorren serbitzuetarako bideen zabalpena eta, bigarrenez, kontsumo-gaien erabilketan benetako segurtasuna eskuratzea». Kasu konkreto bat aipatzearren bat aipa dezagun, jostailuena kasureko, gai honetan nahi dena zera litzateke: jostailuon segurtasun fisiko eta mekanikoa, sukoirasuna, toxikotasuna eta jostailu hauen segurtasuna finkatu eta kuantifikatu.

Bigarren puntuak kontsumatzaileen interes ekonomikoen babesari deritzo. Hasieran aipatzen zena kondizio txarretako kontsumagai batek eginiko kalte ekonomikoen geriza zen eta, bide batez, produktuok daramaten informazioak, bai etiketetan edo eta publizitatean, gaiek duten benetako nolakotasuna adieraz dezan. Orain, bigarren lege honen bitartez, proposatzen dena urrinago doa, kasu honetan kontsumorako kreditoak zaintzen baitira eta bestalde bulego komertzialen bidez jaioriko kontratuetan kontsumaitzailearen garantiak babesteko bideak jarri.

Norberak etxe komertzialen aurka jarritako salaketen erreztapena litzateke goian esaniko hirugarren puntuaren helburua. Nolabaitere puntu honekin batera beste asmo hau doakigu: etxe komertzialen aurkako hauzien erregelaketan jendearen esku hartzea onartu eta ateratzen diren ondorioen aplikazioa ikertu.

Laugarren puntua, esan nahi da, kontsumatzaileak informazio eskuratzeko eta hezkuntzarako duen eskubidea zaintzen duen puntua, genduke zehaztasunetan aberatsena, garrantzitsuenak ondorengook lirateke: informazio noizbehinkarien argitaralpena, horretarako kazetari trebeen batzaldiak aholkatzen direlarik. Argitaralpen honen helburua Komunitatean eta Herri bakoitzean ematen diren aurrerapen eta aurrerabide edo atzerabideak aztertu eta jendearengatu dugu.

Informazioa prezio eta kalitatearen arteko erlazioari buruzko datuez orniduko dela esan beharra genuke, bide batez tokian tokiko prezioez informatuko omen da. Azkenez, Kontsulta Batzorde Espezialen baitan kontsumatzaileen ordezkarien presentzia garantizatuko da aipatutako batzordeontzako laguntza ekonomikoak zabalduaz.

Ifar Ameriketako jarraipidea

Gure begien aurrean Ameriketako kontsumatzaileen egoera arraz ezberdin agertzen zaigu. Amerikarrak nahiko berekoiak dira bizitzaren mailarik gehienetan eta kontsumogaietan ez dute ahazten ohizko nortasun hau. Egia esan, kontsumatzaileak, bere kabu eta eskuz, eraman dezake aurrera bere defentsa.

Amerikarrek daramaten prozedura ondoko hau izan daiteke: telefono zerrenda hartu eta berak jarri nahi duen demandarako ondoen letorkion Etxea aukeratu. Eta bide horretaz gauzak argituko ez balira Estatuak duen, Kontsumatzailearen Arazoetarako Bulegora jo dezake justiziaren bila.

Salaketa egin eta hauzia zabaltzen den bitartean ile beteko epea ematen da, sarri hauzi honetan abokatuaren presentzia beharrezkoa ez delarik edo eta debekaturik dagoela.

Hauzitegiotan jar daitezkeen salaketak 5 dolarretik gorakoak izango dira baina altuenek ezin lukete igaro 1.500 dolarren marka. Hauzietan balio handiak izaten dira testiguen esanak eta erosketa akreditatzen duten faktura agertzeak.

Dena den, asko eta asko dira juezarengana joan aurretik kontratu pribatu baten bitartez zuzentzea nahi duten kontsumatzaileak, esan nahi da, salaketa zabaldu aurretik maiz joaten omen da dendariarengana, salaketa eskuan, eta indemnizazioa eskatuz.

Hirurehun bat elkarte dago Ifar Ameriketan kontsumatzailea babesteko. Espezializazioa da duten nortasunik handiena, hau da, elkarte bakarrak lurralde bateko kontsumatzaileen defentsa osoa eraman beharrean beste era batetara jokatzen du, hots, kontsumoaren arlo berezi eta konkretu bat zainduz. Batzuk jostailuak dituzte zaingaitzat, beste zenbaitek janariak eta abar.

Defentsa Elkarteok bizirik irauntzeko aldizkari bat ateratzen dute. Kasureko «Consumer's Union» elkarteak «Consumer's Report» izenekoa argitaratzen du, hiru miloi ale salduz. Aldizkari honetako gaiak konparaketa eta analisi zientifikoak izaten dira gehien bat.

Merkatuan aldizkari ezberdinak dira, kasureko aipa dezagun «Penny Power» izenekoa, bere mamia haurrentzat zuzendurik du.8 eta 14 urte bitarteko umeentzat dago zuzendurik eta gaiak ondorengo hauexeek lirateke: jostailu elektronikoak, gosarirako zerealeak eta abar.

Iñaki Polo


Imanol

Oinarrizkoak ote nere hitz arruntak?

Herriaren oinkari ametsen bidean

Harriaren bilari lokatzen arloan

Elkartu egin gaitu hizkuntzaren juntak.

Euskal hegaletarik abian kideak

Zerk ote gaitu egin askoren alboan?

Finegiak ditugu biziaren juntak

Oso lanputsak aldiz ene hitz arruntak.

Errege bat bezala kameluen junpan

Izar baten beilari joan zara bidean

Eta zure bilari nere hitz arruntak.

Baina lasai zaude han, Magoen kidea

Olibondo egina Sioneko juntan.

Oinarrizkorik zer da biziaren junpan?

Haren ezagutzak egin nituen Euskaltzaindiko biltzarretan. Bi hegaletako Euskaldunen artean sarri gertatzen den legez, elkar ganako sinpatia haundia izan genuen abian.

Bere buruaz eta bere biziaz ez zen hanbat mintzatzen Imanol Berriatua. Euskal-Herria eta euskara ziren gure elkar-hizketen gaiak. Sendimendu berak genituen euskal arazo eta problema latzetaz.

Gizon umila zen, anbizione barik, pretentzione gabea Alta bada, asko bazakien, bai eta Ziberoko euskalkiaz ere: gure aditzaren ñabardura xeheenak ezagutzen zituen, hala nola «niro» eta «nitiro» bezalakoak (nezake, nitzake), aditz batzordearen billera batean frogatu ahal izan dudanez.

Langile gartsu eta lagun baketsu bat galdu dugu. Zer erran dezaket gehiago? Berpizten ahal banu bai! Harek bezainbat ekitera entsaia gaitezen. «Itsasoa eta ni» liburua irakurriko dut haren oroipenez.

J.L. DAVANT


Gaiak

Donostiako Zinemaldiak gorbata jantzi du, Ferrerik kendu

Euskal prentsaren egoera kontutan hartuz («euskal» erakundeen erantzuna ikusiz gero, bere artikuluak argia ikusiko duen ala ez, ez eta noiz ere batek ez daki) ez zait egokia iruditu Donostiako Zinemaldiak suposatu duen eztabaida lerro hauetara ekartzea, hau denboren gauean galdu baita.

Dena dela nahiko garbi zegoen bere nortasuna bilatzen ari zen hartzeko urratsak bere gorbata jantzi zuela, beste batzuk bragak kentzen zituzten bitartean.

Bestalde, Koldo San Julian-ek nahiko ondo adierazi zuen hori Argia-n, 920. alean. Konkreta dezagun, orduan, gure lana zinema arlora.

Aurten, Ferreri izan da kritikaren lehen saria jaso duena eta merezimendu guztiekin, ene ustez, eta honekin ez diet beste batzuei baliorik kendu nahi. Horregatik eta gertaera horretaz baliatuz, Milan-en orain dela 53 urte jaio zen zinemagile honen lana aztertzea erabaki dut, nere sari apala izan dedin.

Marco Ferreri, abeltsendagintzako ikasketak utzi ondoren, produzitzaile lanetan jardun zen Italian bertan, "neorrealismo»-ko zenbait lanetan Parte hartuz.

1955. urtean Madrilen agertu zen bera. Azcona ezagutu zuen, eta «los muertos no se tocan, nene» gidoian lan egin ondoren, «El pisito» projektua lantzen hasi ziren. Hor hasi zen bere lana, zinemagile bezala.

Hildo honetatik jarraituz «El cochecito» egin zuen eta Venecian aurkeztu ondoren, izan zuen harrera ona ikusirik, Italian gelditzea erabaki zuen.

Italian beste gai bat erantsi zien bere obsesioei: Orduz geroztik, fabuletara jotzen hasi zen, giza bikotearen prolematika aztertzeko, emakumearen jokaera adieraziz, batipat: «L'ape regina» (Erregin erlea). Emea, gizonaren askatasunaren iresletzat, gizonari, hura ernaltzea dagokiolarik. Gai bera ikuttu zuen «Marcha nuziale» filmearen sketchetan, «Dillinger é morto»-n, e.a.

«El haren» filmean aldatuko du berak emakumeari buruzko ikuspegia, egiazko egoerara hurbilduz, emakumea gizonaren itzala bihurtzen duen gizartea kritikatuz. Ideologi aldaketa honek bere eragina izango du Ferrerik, filmea egiteko, hartzen duen era estetikoan. Hemendik aurrera bere filmeetan (Dillinger é morto»-n oso garbi azaltzen da) personaiei nazio eta giza konnotazioak uka egiten dizkie, abstraziora joaz.

1968.eko Maiatzako mugimenduak bere eragin handia izan zuen ere munduko zinema guztian, Italian batipat (hor ditugu Pasolini, Cavani, Bertolucci, Taviani anaien kasoak esate baterako). Ferrerirentzat mugimendu horrek zekarren ideologia ez zen arrotza, berak, bere lanaren bidez, aspalditik aurreikusten bait zuen. Baina M.F., beste asko baino lehenago, gauza batetaz konsziente izan zen: Zinemak, bere desakordio guztiak azaltzeko testigutza bat izan behar zuen, gizartea ezin bait zuen aldatu.

Ideia honetan oinarrituz, oso filme zorrotzak sortu zituen, Elizaren boterea kritikatzeko bata (La audiencia), pertsona, sentimendurik gabeko eta bizi beharretaz soilik kezkatzen den makinatzat hartzen duen ideologia gaitzesteko bestea (La grande bouffe), emakumeak jasaten duen gizonaren ernalkinetan oinarritzen den zapalketa salatzeko azkenak («L'ultima donna»; «Il seme dell'uomo»).

Inor konbentzitu ez zuten arrazoiengatik ez genuen, Donostiako Zinemaldian, Ferreriren zikloa ikusi, baina ezagutzen dudanarengatik, bere zinemaren bereiztasunak nahiko garbi azaltzen dira bere lan guztian zehar:

- Alde batetik, ez dago bere zineman esperantzarik, ez eta soluziorik ere.

- Bere zinemaren errealismoa errealitate hori desitxuratzen duen irrizurizko ikusbide batetan oinarritzen da. Hor dugu, frogatzat, hasierako lanaren (Espainan egin zuena batipat) umore beltza.

Dena dela, Ferreriren zinemak beti erru bat izan du: ideia hauetatik abiatzen ziren filme guztiek ez zuten kalitatezko filme bat osatzen, gidoia, tankera edo ta erritmoa lortu gabe gelditzen bait ziren.

«Adios al macho» filmean parekatu zituen, nolabait, ideia eta lana. Gorakada honek aurten Donostian ikusi dugun «Storie di ordinaria follia»-n dauka bere gailurra. Charles Bukowski-ren kontaketa batzuetan oinarrituz, filme honek bizitzari buruzko ikerketa psikologiko bat aurkezten digu. Hollywooden bizi den Charles Serking (Ben Gazzara, zoragarri) idazle mozkor eta porrotatuaren begien bidez, pertsonaren zorigaiztoko alde guztiak ezagutuko ditugu. Bere inguruko giroa (lapurrak, mozkorrak, emagalduak) eskergabe eta etsaia du, baina, hala ere, mundu hori aukeratzen du bizitzeko eta bertan integratzeko.

Zurikeririk gabeko maitasun jator bat ezagutzen du, baina heriotzak nota goibel bat jarriko du ezinezkoa zen harreman horretan. Gizarteak ez dizkio, bestaldetik, berak behar dituen pake eta osatasunik eskeintzen (argitaletxearen eszena) eta alkoholean bilatuko du Ferreriren pertsonaiak ahaztura.

Osotasun dramatikoz beterik dagoen filme sakon hau bizitzaren ezmoraltasuna eta bakardadera baino urrutiago doa. Pertsona izateak, orokorki, suposatzen duenara oso gutxitan hurbildu da zinema, honetan bezala.

Tankera aldetik, Ferrerik bere ohizko era zirikorra galdu du, pertsonaien begiradan samurtasun eta itxaropen bat jarriaz.

Pentsa nahi dutenentzat, filme onenetako bat. Bihotzesturaz gorabotatzea zer den ulertu ezin dutenak, absteni ditezela, mesedez.

XABIER PORTUGAL


Gaiak

Ion ala Jon?

Hartu berria dudan bertso-kaxete baten izenburuan, honela irakurri dut: Ion Mugartegi. Izenaren idazkera horrek zerbait idaztera bultzatu nau, antzerako beste batzu ere erabiltzen direla eta, ene ustez, desegokiak direla kontutan harturik.

Izan ere honako izen hauk, batasunaren zain daudela dirudi: Jon / Ion / Yon, Joseba / Ioseba / Yoseba, Josu / Iosu / Yosu, Jokin / Iokin / Yokin, eta abar. Jendearen artean hiru eratako idazkerok bizi dira behintzat. Edozertara ere, arazoa ez da soilik izen propioekin agertzen, zenbait hitz arrunten transkripzioan ere antzerako kontua baitugu, hala nola proiekto / projektu, proiekzio / projekzio eta antzekoetan.

Bertsolariek egiten dituzten diptongoak

Aurreko arazoaren erantzuna bideratzeko, bitxi samartzat har daitekeen puntu honetatik hasiko gara. Lehenengo mailako azterketa batetan, salbuespen batzu kenduta, bertsolarien neurtze-arauen artean onartzen diren diptongoak, ondoko hauxek direla dirudi: ai, ei, oi, ui, au, eta eu. Ohar gisa, diogun ezen diptongo hauk hitzen barnekoak direla eta hitzetik hitzerako loturetan askoz ere zabalago jokatzen dela, aipaturiko horiez gain, bestelako batzu ere onartzen direlarik. Hau da, labur esanda, eta i bokalaren jokabideari dagokionez, i hori atzetik doanean, diptongoa osa dezake beste guztiekin. Eta alderantziz, aurretik doanean, batekin ere ez du diptongorik osotzen; beraz, i-a, i-e, i-o, i-u ahozkatzen dira (azken kasua diskutigarria izan daiteke). Antzerako oharrak egin daitezke, halaber, u bokalari buruz.

Zertara datorren hori? Hara, euskaraz hitz egitean, silabak honela banatzen direla esateko: nazi-o-a, nazi-o-nala, seri-o, adi-o, fi-atu, fi-ela (edo fidatu, fidela...). Hots, erdal hizkeran silaba bakarra egingo litzatekeen zenbait kasutan, guk bi egiten ditugu. Zer esanik ez, antzerako adibideak aurki daitezke u letrarekin: su-erte (edo su-berte), igu-al... Horregatik, beste gauza askoren artean, igartzen zaio hain ondo euskaldun hutsari euskalduna dela, erdaraz mintzatzen hastean.

Idazkera batuz

Ea, ba! Goazen harira, pizontzitik kanpora gabiltzala baitirudi. Ion ala Jon? galdetzen genuen izenburuan. Esandakoaren arauera, ene eritziz, lon hori I-on irakurri beharko litzateke: Jon, ostera, silaba bakarrean sartuko litzateke, izenaren ahozkera normalari dagokion bezala. Ba dakit, j letra bestela ere irakurtzen dela, baina izenen kasurako horrenbeste ikastea ez litzateke zail; ez al duzue uste? Zeren hasieran aipaturiko hirugarren bideak —y letra darabilena alegia— okerrago baitirudi, letra hori kanpoko hitz eta izenetarako. soilik erabiltzea gomendatzen baita.

Eta proiekto/projektu (o ala u kontua oraingoz alde batetara utziz) hitzari buruz, zer esan? Diptongazioaren bidetik lehena proi-ekto irakurri beharko litzateke, Ostera, pro-jektu ahozkatzen dela dirudi. Honetaz, bestelako arrazoiak ere erabil daitezke, inguruko hizkuntzen idazkera adibidez: proyecto (g), project (f), project (i)... Denetara, ba, nik neuk egokiago ikusten dut j letraren erabilpena, beti ere letra horren ahozkapena gazteleraz dagokiona ez dela azpimarratuz.

Amen

Beraz, Euskaltzaindiak bere izendegian onarturik dituen bezala, Jon, Joseba, Josu, Jokin... Eta bide beretik, berau onarturik egon ez arren, projektu, projekzio...

Agian, azken arrazoi hau ematetik. hasi behar nuen artikulua, baina zer? Ez omen dira, ba, nonbait, azkenak lehenak izango?

J. R. Etxebarria


Gaiak

Saioka 8. Natur Arloa. Ikastoletarako liburu interesgarria

Liburu hau eskuartean dugularik, harriturik gaude zeinen propaganda gutxi egin zaion ikustean. 340 orrialdetako liburu mardul hau urriaren lehen hamabostaldian Kaleratu zen eta jadanik erabiltzen hasia izan da zenbait ikastolatan. Nahiz eta publiko arruntetik mundu hori pixka bat aparte geratu, berari buruzko irazkintxo bat egitea merezi duela uste dugu. Hor doa, beraz, irakurtzeko prest dagoenarentzat.

O.H.O. euskaraz

O.H.O. (Oinarrizko Heziketa Orokorra) erdaraz EGB siglez adierazten den ikasmailen multzoa euskaraz ematean geratzen den izen arraroa duzue. Ikastolak, gehienok dakizuenez. irakaskuntza euskaraz burutzeko planteatu izan ziren lehen unetik. Eta bidean gertatu diren desbideraketak hor daudela ere, helburutzat hori daukatela esan dezakegu.

Hala ere, ez da hain erraz ikasketak euskara hutsez antolatzea horretako azpiegitura minimorik ez badago (irakasle euskaldunak, liburu edo apunteak, laguntzarako talde pedagogikoak,...) Edozein kasutan, hutsuneak ezin ukatuzkoak izan arren, poliki-poliki azpiegitura hori osotuz doa. Hain zuzen, liburu honekin, Natur Zientziei dagokien arloan (Biologia, Fisika, Geologia, Kimika eta Teknologia), Saioka lan-taldeak osotu egin du O.H.O.-ko ziklo osoa, hots, lehen mailatik zortzigarrenerainokoa. Zerbait ba da!

Saioka taldearen lana zertan den

Hasteko, Saioka taldeak eginiko lana, originala dela esan behar; ez da, hortaz, erdal textu baten itzulpena, ez antzekorik. Noski, egileek adierazi digutenez, era askotako liburuak eta textuak (inguruko erdaretakoak) kontsultatu izan dituzte, baina, honetan azpimarratu egin digute behin eta berriro. lan originala da, bai formaz eta bai mamiz. Zer esanik ez, hizkuntzaz.

Zertan den originala? Ba, liburuaren beraren egitura ikustea besterik ez dago. Saioka taldekoek, orain arte prestatu dituzten liburuetan, «projektuen metodologia» deitzen duten bidea landu dute: alegia, egintza koordinatu eta planifikatuek osotzen duten lan-projektu experimentaletatik abiatzen dira gai baten azterketan, ondoren egintza horien bidetik edukien lanketara pasatzeko; eta sekula ere ez alderantziz. Hori, noski, ez da textuliburu arruntetan segitzen den bidea.

Teorikoki argi adierazten duten planteamendu hau, ezin argiago ikusten da liburuko gai bakoitzaren antolaketan: Gai guztiak, elkarrizketarako eta gazteak kezkaerazteko motibazioarekin hasi ondoren, egintzak egiteko projektuekin hasten dira, gaiaren azken partean edukien saila dagolarik.

Bestalde, liburuan bertan, irakaslearentzako gidaliburu paralelo bat dator. Gai bakoitzaren lehenengo orrialdetan, irakaslearen lana errazteko eta bideratzeko, ondoko sail hauek ageri dira ezkerreko zutabe batetan: «Helburu orokorrak», «Egintzen helburuak», «Materialearen erabilpenari buruzko oharrak», «Irakaslearentzako oharrak», «Bestelako egintzak», «Hiztegia», «Kontsultatzeko liburuak», «Gehigarriak». Hau guztiau, Natur Arloari dagokio.

Eta Saioka taldea aipatzen ari garenez, talde horretakoek (denetara hamabost bat lagun) bestelako arloetan ere lanean ari direla esango dugu. Oker ez bagaude, laster Gizarte-Arlokoek 7. eta 8. mailetako liburuak argitaratuko dituzte. Eta hain gora heldu ez badira ere —arrazoiak era desberdinetakoak izanik— hor daude Matematika, Hizkuntza, Plastika eta Dinamika arloak landu dituztenak ere, O.H.O.-ko arlo guztiak hartuz, guztietan metodologia berbera garatuz.

Saioka 8. Natur Arloa

Bukatzeko, liburu honetan agertzen diren gaien eskema azalduko dugu.

Bost unitate edo atal nagusi ditu. Lehenean, urte osorako projektu edo ikerketa experimentala proposatzen da zientzi mota bakoitzean: Fisikan, «Eguzkitiko energia probetxatzeko azpira»; Kimikan, «Argazkiak osorik egiten»; Geologian, «Gure inguruaren azterketa geologikoa»; Biologian, «Janarigintza»; eta Teknologian, «Brikolaiazko lantegia».

Beste lau unitateek zientzia bakoitzeko lau gai dituzte, bakoitzak duen bostgarren gaia. Teknologiazkoa delarik. Horrela, bigarren unitatea Fisikaz ari da; hirugarrena, Kimikaz; laugarrena, Geologiaz; eta bostgarrena, Biologiaz.

Ongi Koadernaturik eta inprimaturik, hala ere zenbait lekutan argitaratzerako orduko hutsuneak ageri dira, inprimategi-okerrak eta aurkibidearen moteltasuna adibidez. Argazki eta irudiak, orohar, kalitate onekoak dira, baina horretan ere presaka eginiko batzu somatzen dira. Azken orduko detaileak direla somatzen da, baina horretaz ardura gehitxoago edukitzea mereziko luke.

Ondorioz ba, liburu mamitsua da ikastoletan bere lekua betetzera datorren hau. Dena den, ikastoletarako pentsatua izan den arren, zientzietan euskaldundu eta alfabetatu nahi duen edonorentzat ere interesgarri dela deritzogu. Eta euskal «lerroa» duten Institutu edota Eskola Profesionaletan ere erabil daitekeela uste dugu, neurri batez behintzat.

Zorionak, ba, Saioka taldeari eta berauen lana argitaratu duten Gipuzkoa eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteei.

J. Larrauri


Gaiak

Batzuen balio eza eta besteen gatz geza

Ez zait bat ere atsegin izaten euskararen arazoaz idaztea, baina sarritan ez da beste erremediorik geratzen, batzuen gerra eta besteen lo sakona ikusiz.

Euskara normalizatu eta teknikoaren kontrako gerra ez da atzokoa (beti gabiltza betiko kakatzan), eta nire defentsa hau ere ez da lehenengoa izango, aldez aurretik dakit, baina gerra hau berpizten ari den garai honetan isiltzea peligrosoa deritzat.

Maiz irakurtzen dira honelako gauzak: Erriaren euskera batua: Zergaitik euskaldun danok —batuzalekeria bazterrean itxita— ez gara alegintzen benetako euskera batua lortzen? — Alperreko H barik; — Erderakada barik eta — Bizkaiera baztertu barik?—, eta sarri ikusten ere egunkarietan hemen alboan doan Bermeoko Udalaren iragarkiaren antzekoak. UZEI-ko Fernando Mendizabal-ek, Udako Euskal Unibertsitatean lan polita argitaratu zuen AUTONOMI ESTATUTUAREN ITZULPENAK izenaren pean, batez ere «Erri-Euskera» horretara egindako itzulpena aztertuz. Azterketaren ondorioa suposa dezakezue. Baina Fernando gizon baketsua denez, honela amaitzen zuen bere hitzaurrea: Euskarak hartu behar duen bidea erabakitzen laguntzeko aztergai besterik ez dira hauek. Ez dugu parterik hartzen ez bataren ez bestearen alde, bilatzen duguna da kritika positibo bat eta eztabaida argigarri bat.

Ni ez nauzue horrelakoa. Ni, hizkuntza teknikoaren arloan behintzat, «Erri-Euskera» horren kontra agertzen naiz. Hala eta guztiz ere eta nire kontrako jarrera hau arrazoitu eta textu horren gain-azterketa egin orduko, zera gura izango nuke utzi garbi: bat, ni ere Bizkaieraren aldekoa naizela, baina ez Batuaren kontrakoa; bi, ni ere neurri batean garbizalea naizela (euskaldun alfabetatu guztiok gaude sindrome horren pean), baina ez dudala garbi-maniarik.

Goazen iragarki horren azterketagaz:

***

EUSKO JAURLARITZA — GOBIERNO VASCO

IRAGARKIA

ERREPIDE ITXIPENA

Guzien ezagutza izan dedin, argitalpen onen bidez jakin erazten da, Zornotzatik Bermeorako errepidean (C-6315) egiten ari diran lan-berritzeagatik, bearrezkoa dala errepide ori itxitea edo igarotzen debekatzea, 14garren aneineurkian —Mundakako zear-igaro bidean—, il ontako 28an, arratsaldeko seiretan asi, eta urrengo eguneko bostak arte.

Ordu orretan, Bermeorako igarobidea, Sollubetik izango da.

Bilbon, 1981ko Urrillaren 23'an

NOTA

CORTE DE CARRETERA

Para general conocimiento, se hace público que con motivo de las obras de refuerzo del firme en la Carretera C-6315 de Amorebieta a Bermeo, se va a proceder al cierre del tráfico en el p.k. 14 de dicha carretera —Travesía de Mundaka—, desde las 18 horas del día 28 a las 5 horas del día 29 del corriente mes de Octubre.

El acceso de los vehículos a Bermeo durante esas horas se hará por Sollube.

BILBAO, 23 de Octubre de 1.981

***

GOBIERNO VASCO — EUSKO JAURLARITZA

MERKATARITZARAKO LAGUNTZAK

Merkataritza eta Turismo Sailaren Abuztuko 7 eta 10eko Erabakiek (1981eko Abuztuaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) adierazten dituzten dirulaguntzen arabera, merkataritza handizkan zein txikizkan egiten diren hobekuntza eta inbertsioak harako finantonurez baliatu ahal izango dira.

Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan erabateko xehetasun eta argipide guztiak eskainiko dira.

AYUDAS AL COMERCIO

Las mejoras e inversiones que se efectúen en el Comercio (mayorista o minorista), podrán acogerse a los beneficios de financiación, obteniendo para ellos las ayudas contempladas en las Ordenes de 7 y 10 de Agosto del Departamento de Comercio y Turismo (B.O. del País Vasco del 31 de Agosto de 1981).

En las Delegaciones Territoriales del Departamento de Comercio y Turismo, se facilitarán toda clase de información y detalles.

ALAVA

Delegado:

Sr. Castillo

C/ Postas, 13-5º izd.

Tfno. (945) 23 01 50

VITORIA-GASTEIZ

GUIPUZCOA

Delegado:

Sr. Arocena

C/ Andía, 11-1º

Tfno. (943) 42 29 61

SAN SEBASTIAN

VIZCAYA

Delegado:

Sr. Zubiri

C/ Gran Vía, 44-1º

Tfno. (94) 423 36 77

BILBAO

***

BERMEO'KO UDALA

BANDO

Contratación de Técnico de Administración General.

Las condiciones generales para optar a dicha plaza son las siguientes:

1.- Ser natural o residente empadronado en BERMEO.

2.- Hallarse en posesión de título de Licenciado en Ciencias Económicas.

3.- Tener cumplidos los 18 años de edad y no exceder de aquella en que falte menos de 10 años para la jubilación forzosa por edad.

4.- No padecer enfermedad o defecto físico que impida el desempeño de las correspondientes funciones.

5.- No haber sido separado, mediante expediente disciplinario, del servicio del Estado, o de la Administración local, ni hallarse inhabilitado para el ejercicio de las funciones públicas.

6.- Hablar y escribir euskara.

7.- No hallarse incurso en ninguno de los casos de incapacidad incompatibilidad señalados en el artículo 36 del Reglamento de Funcionarios de Administración Local.

8.- La presentación de solicitudes deberá hacerse en las Oficinas del Ayuntamiento, antes del día 6 de Noviembre de 1981.

9.- Los aspirantes podrán ser sometidos a las pruebas que la Corporación estime convenientes.

10.- La contratación será por un periodo de 6 meses prorrogables a 1 año.

Bermeo, a 13 de Octubre de 1981

EL ALCALDE

DEIA

Zaingo-Trebetzarako langille trebe bat artzeko Ituna egitera. Lan-leku ori eskatzeko baldintzak oneik dira:

1.- BERMEO'n jaioa edo berton bizi dan lez izendegian sartu izan.

2.- Ekonomi-jakintzan baimendunen agiriaren jabe izan.

3.- Amazortzi urte beteta auki eta zar saridun izateko amar urteko epea gitxienez.

4.- Lan onetan egitekoak egiteko gorputzeko eragozpenik ez euki eta gaisoa ez izan.

5.- Laterriaren laguntza-lanetatik, zigor-agiritegiaren bidez baztertua ez izan, edo lurraldeetako zaingotik bardin baztertua be ez eta erriaurreko zeregiñetarako legez debekatua ez izan.

6.- Euskaraz berba egiten eta idazten jakin.

7.- Udal-langileen Araudiak 36'garren arauan diñoan ezintasunik edo bigarren lana artu-eziñik ez euki.

8.- Eskari-agiritegiak Udaletxean egin bear dira, lan-geletan, eta 1981eko azillaren 6'a baino lenago.

9.- Eskaria egiten dabenak Udal-Batzak egokitzak daukazan azterpenak egin bearko dabez.

10.- Lan-ituna sei illabeterako epeaz eta berez luzatu ez egiteko urte baterako baiño egingo da.

Bermeo'n 1981-eko urrillaren 13'an.

ALKATEA

***

1.- Hitzak:

langille trebe = técnico

Zaingo Trebetza = Administración General

Lurraldeko Zaingoa = Administración Local

Egitekoak egiteko = para desempeñar las funciones

Zigor-Agiritegia = Expediente disciplinario

Laterriaren laguntza-lana = Servicio del Estado

Debekatua izan = hallarse inhabilitado

Iragarkiaren hiztegia begiratuz, euskarazko textua hartuta erdarazkoa ateratzen duenari, itsasoak beteko saria eman behar zaio.

2.- Esaldi moldatuak: edo garbi-maniaren ondorioak.

- Berton bizi dan lez izendegian sartu izan = residente empadronado.

- Zar saridun izateko amar urteko epea gutxienez = no exceder de aquella en que falte menos de 10 años para la jubilación forzosa por edad.

- Ezintasunik edo bigarren lana artu-ezinik ez euki = no hallarse incurso en ninguno de los casos de incapacidad o incompatibilidad. (Hemen, erdarazko eta euskarazko textuen arteko elkarren antza, pelikuletan bezala, kasualitate hutsa da.

3.- Balio ezaren egiaztatzea: Ez dago euskarazko textu hori ulertuko duen bermeotarrik ez bizkaitarrik, eta zer esanik ere ez alfabetatu barik badago. Beraz, norainoko «Erri-Euskera». da herriak ulertzen ez duen euskara hori?

Eta ez naiz sartu txarto itzulita dauden zatiekin hori itzultzaile konkretu baten edo idazmakinara pasatu duenaren errua izan daitekeelako, eta talde honetan euskara asko eta ondo dakien jendea dagoelako. Dakitelako dira prezezki peligrosoak, ez-jakinak izango balira ez litzateke problemarik egongo. Ba, iragarki honegaz bueltaka ari nintzela, handik egun batzutara eta egunkari berean non agertzen diren elkarren ondoan Eusko Jaurlaritzaren iragarki bi, biak euskara desberdinetan. Desberdinak bai ortografian eta bai aditzean. Lehenengoagaz gutxi bagenu, oraingo hauekaz bilduma osoa.

Ez dut esango Eusko Jaurlaritzak euskararen arloan ezer egiten ez duenik, gezurretan ibiltzea litzatekeelako. Hortxe ditugu esate baterako Kultura Sailean egiten ari diren Euskara ikasteko ikastaro trinkoak, publikazio berriak, irrati-programak eta abar, eta Hezkuntza Sailaren lana bestetik. Baina... ez dut uste (eta ba dakit usteak sarritan hutsetan gelditzen direla, baina bakoitzak berea defenditzea ezin zaio inori uka), ez dut uste diot, hasi behar ziren lekutik hasi direnik. Zein den hasiera hori?, ba, euskara bera definitzea, ze euskara erabili beharko litzatekeen, non eta noiz. Agindu zehatzak ez badira ere, arlo hori landu eta aholkuak eman. Eta nondik hasi dira?, ba, orain dauden gauza batzuen konpetentzia egitetik, dagoena bultzatu beharrean, erakunde paraleloak sortu: kontrolatzen ez dena desegin.

Arte bitartean, euskararen normalizapenerako bidean geroago eta deskojono gehiago. Ez ote lukete, ba, erakunde ofizialek eta Jaurlaritza beraren sail desberdinek bederen, euskara berdina erabili behar? Ez ote dugu euskaldunok hori eskatzeko eskubiderik? Baina normalizazioaren arazo urjentea eskurik esku dabilen patata beroa izan behar da, azala kentzen inor ausartzen ez dena.

Orain urte batzu, hiru-lau erakunde eta pertsonai genuen gidari moduan hartzeko (Euskaltzaindia, UZEI, eta denon gogoan dauden idazle kontsagratuak), baina orain, batak bestea sonanbulo moduan dabilela, besteak ofizialtasuna (beraz diru publikoa behar duela, zezteak berari exijitu baino ez zaiola egiten mediorik eskeini barik. Laburtuz, deskojono hutsa.

Euskaraz bizi nahi dugunok, euskaraz berba egin, irakurri, idatzi eta larrua jo nahi dugunok, arte bitartean itxaroten: batari entzun, besteari entzun, hiztegi bat erosi, hiztegi hori zuzentzan duen separata erosi, hurrengoan gramatika bat eta biharamunean beste bat, hitzaldi bat entzutera joan eta begiak bere lekutik irtenda atera eta abar eta abar. Baina hori bai, kietos paraus, formal eta itxaroten, bestela Jaurlaritzaren kontrakoa zara eta egin beharko zenukeena parlamentura joan da, eta ez dakit beste zenbat gauza nahiz eta politikaz tutik ere ulertu ez eta hauteskunde guztiei paso egin.

Eusko Jaurlaritzak euskaldun jakintsu, langile, kapaz eta fin asko eroan ditu eta eroaten ari da, baina hemen denbora aurrera doa era arazoa oraindino airean dago, eta airea geroago eta kutsatuago. Esaten da, pesimista bat. informatuta dagoen optimista bat baino ez dela. Ba, nik ezin dut ulertu informatuenak zelan ager daitezkeen baikor eta triunfalista egoera honetan murgilduta biziz gero. Ezin dut ulertu.

Eta orain galdera bat sortzen da hemen: Batzuen berpizteak eta besteen «despisteak» ba ote dute elkarregaz zerikusirik?, nik baietz esango nuke. Hau da, batetik, «Erri-Euskera»-ren bultzatzaileak jeltzaleak dira gehienbat, ez dago dudarik; bestetik, Jaurlaritza barruan, euskara gaiaren arduradunak ere jeltzaleak dira, baina jeltzale aurrerakoiak haietariko batzu, orain dela 10-13 urte euskararen normalizazio mugimenduan parte hartutakoak eta idazterakoan Euskaltzaindiaren arauei jarraitzen zaizkienak, eta heuren menpeko asko, jeltzaleak ez diren eta arazo hau ondo bereganatuta duten euskaltzale aurrerakoiak. Hau guztiau kontutan hartzen badugu, normaltzat jo dezakegu gaurregungo nahaste-borrastea eta definiziorik eza, alderdi barruan gauza ilun eta laban egonez gero.

Honen lehenengo abisua, Gernikako Autonomi Estatutuan, Euskaltzaindiak zutik irauten zuen, baina inolako ez ezelako exklusibotasun barik, eta momentuaren, egoeraren, beste erakundeen eta bere portaeraren menean: Alderdi nagusiaren menean. Bigarren abisua: alderdiko buruzagi batzuk eta buruzagi-buruzagia den batek batez ere, behin baino gehiagotan esan dute publikoki euskara batua ez zaiela askorik gustatzen, baina ez dute sekula esan zein gustatzen zaien. Hirugarren abisua, eta hau behin-betikoa dela dirudi, laster Eusko Legebiltzarrera edo Parlamentura joango den legean dugu. «Euskararen Normalizapenerako Lege» honen projektua DEIA-n argiratu zen maiatzean eta Euskaltzaindiak hiru egun beranduago CORREO-n agertutako elkarrizketa batetan «kezkati» zegoela esan zuen, lege honen «zehazgabetasuna» dela eta. Lege hau, nire ustez, Estatutuan kendutakoaren eta partidu barruko korapiloaren ondorioa baino ez da. Begira zer dioen hirugarren kapituluan: Capítulo tercero: «Del uso del euskara como lengua (escrita) oficial».

Artículo 20 - El Gobierno velará por la normalización y unificación del euskara a efectos de lengua escrita oficial común en el ámbito territorial de la comunidad autónoma del País Vasco, sin perjuicio del respeto de los diversos dialectos en las zonas en que son hablados, los cuales forman parte del patrimonio cultural del País Vasco.

Artículo 21 - La Real Academia de la Lengua Vasca-Euskaltzaindia es institución consultiva oficial en lo referente al euskara. Behin-betikoa dela diot, Parlamentuan ba dakigulako nork duen gehiengoa.

Ikusten denetik, euskararen benetako normalizapenaren gaia, Lemoizena baino urjentzia gutxiagokoa eta arrisku gehiagokoa da, eta orduan erabakia hartu baino lehen, euskara bizi izateko ezinbestekoa den erabaki hori hartu baino lehen, urteak eta urteak pasatu beharko dira, eta nik, euskaraz bizi gura dudanonek, protestatu egiten dut.

J. R. Bilbao


Gaiak

«Nessie» Ness aintzirako herensugea

— Nork ez du Nessien izena entzun?, nork ez ditu herensuge honen ipuinak ezagutzen?

Nessien kontuak ez dira gaurkoak, baina hala ere, lehen bezala jarraitzen dugu, ezer gutxi jakiten.

Zientzi gizonek ez dute ipurdia busti nahi, eta ez dute erantzun onik ematen, eta bitartean eskoziarrek ondo lantzen dute mitoa xoxa atera nahian. Eta eskoziarrak hortarako espezialistak dira.

Eskoziarrek ez dituzte espainarrek dituzten santu, kristo eta birjina ospetsuak, baina hori bai Eskozia fantasma, sorgina, eta ipuin zaharrez betea dago. Azterketa egiteko orduan, ikusi beharko genuen hauetako zein fenomenok ematen duen diru gehiago, edo Espainiako mistizismo erridikuluak edo Eskoziako ipuin zahar eta xarmangarriek.

Dirua aparte utzita, nik eskoziarren mito eta kontu zaharrak hartuko nituzke. Eta mito eta kontu hauetako garrantzitsuenetako bat Ness aintzinako herensugearena dugu.

1.- Zientzi gizon baten iritziak

Maurice Burton zoologoak atera zituen lehenengo argazkiak. Argazki hoietan ez zen ezer haundirik ikusten baina herensugearen formak igarritzen ziren borontate pixkat jarriez gero.

Zoologo honen iritziz, eta argazki hauetan oinarrituz, orain dela 90.000.000 urte Kretazeo Aroan bizi ziren narrazti haundien azken semearen aurrean gaude... Beti, Burtonen iritziari jarraituz, orain dela 10.000 urte aintzira itxi zen eta herensuge batzu harrapaturik gelditu ziren bere uretan. Nessie izango zen ikaragarrizko narrazti hoien azkenekoa, edo azkenentartekoa behintzat.

Bestaldetik aintziran aurkitu diren ezurrek Burtonen teoria baieztatzen digute.

2.- Froga baten zai

1.960ko ekainaren 13an, Ness aintzirako herensugeak Londongo telebistan izan zuen bere lehenengo agerpena. John Macaskill gidaria izan zen filme honen egilea. Filme hontan ikusten da zerbait aintzirako uretan ibiltzen, baina bere formak eta bere neurriak ez dira ondo nabaritzen.

Ez zen jendeak itxaro zuen froga izan, baina ongi zegoen mitoa zabaltzeko.

Geroxeago argazkiak ugaritu ziren, baina beti ezer garbirik azaldu gabe.

Urteak igaro ziren, eta lehen bezela gaude, ezer gutxi jakiten. Baina zerbait seguru baldin bada, horixe da Nessien inguruan zabaldu den negozio turistikoa. Hau bai negozioa!

3.- Nessie aspertu egiten da!

1.933an atera ziren ipuin honen lehenengo berriak, Eskoziar Gauzetako Ministruak Nessien bizitza gordetzeko lege berezi bat asmatu zuenean. Hortik urte batzuetara, iparamerikar zientzi gizon batek, tresna moderno eta egokitu batzuen bidez ur presioak eta ohiartzunak hasi zen neurtzen. Honela 18 metrotako 12 herensuge zeudela ikusi zuen. Zientzi gizon honen iritziz, uren azpian dagoen pasilu baten bidez, nahi dutenean edo buruan jartzen zaienean itsasoratzen dira, edo bestela eskoziar askok esaten dutenez, aspertu egiten direnean.

Joseba Bideluze


Gaiak

Txalupa. Ipuina

— Urrutira, askatasunaren bila, Txalupa bat dihoa. Arraina balitz bezala emeki emeki dabil uhinen artean.

Bere aurrean dauden harkaitzek, bidea ixten diote, baina txalupak ez du itsasoaren barnera joan nahi.

— Zer egin? Ez da aukera erreza! Aurrera jarraitzekotan harkaitzekin topatuko da; atzera itzultzekotan ito egingo da askatasunaren gabeziaz. Eta bizi bada, ai zer bizitza trixtia berea!

Baina aukera egina dago, Txalupak bere bideari jarraituko dio!

— Haize leunak, bere laguna, ez dio aurrera jarraitzen utzi nahi, baina... Txalupak ez dio jaramonik egiten, eta aurrera dihoa.

— Bost segundu barru txaluparik ez dago, harkaitzen artean galdu egin bai da! Hautsi egin da!

— Eguzkia gorde da negar egiteko. Haize leuna ixildu da, ezin bait du hitzegin.

— Txalupa bilatu nahi duenak ez du uhinen artean aurkituko! Antxeten artean, eguzkiaren ondoan bila beza!

— Hodeiertzearen artetik txalupa bat datorkigu, BERA DA!, BERE ASKATASUNA LORTU DU!

Ane Miren Presentacion Barandiaran


Gaiak

Errebiziozaleak

«763gn urtean, Tibet-ek Asiako armada handiena zuen. Tropa hauek, Txinako Tchang-ngan hiriburu ederraren jabe egin ziren. Bertan enperadore berria ezarri zuten eta haro berri bat hasi zen: Funtzionarioak izendatu zituzten eta hamabost egun buru, hiria zakuratu edo ohostu ondoren, alde egin zuten. Baina, Txinako diplomazialariak, Tibetarrak menperatzeko, zera bitxi bat gorderik zieten.

Errege goragarria, budista konbentzitua zen, eta Indiako pandit bat, Padmasambhava ospetsua gonbidatu zuen, herria hondatzen ari ziren deabruak konjuratu zitzan; eta Japoien kamien eta hotokeen artean gertatzen ari zen liskarra bezelatsuko bertako jainkoak eta Lha-cho eta Bon-cho berrien artekoan bakea jar zezan. Urte hartan budismoa ofizialki onartua izan zen.

Budismoaren batasunari zegokion eztabaida bati buruz, Txinako misionestak Lhasara joan ziren, eta bertan bi urte iraun zuen elizbatzar edo kontzilio bat ukan zuten. Txinarrak, tch'an gogarte edo meditazioko sektaren oinarriei eustera zetozen, nahiz eta erregearen gerlako nahikundearen arras kontrakoak izan. Txinatarren gorteak nahi zituen ponduak ezin ezarri izan zituzten gailurrean, baina Tibet-tarren baitan, zalapartari eta burrukalari zen herri hura, mailaka erabat bestelakatuko zuen geldikeria makal bat sartzea lortu zuten.

Poliki-poliki, eta Txinatarren diplomaziaren atsegin handiarekin, Tibetar soberanoak, militarrak baino Budazale sutsuagoak bilakatu ziren. Eta nahiz eta 838gn urtetik budismoa larogei urtez debekatua egon, Tibetarren joera berri hau ez zuen aldatu ahal izan». (1)

Luzea bada ere, aipamen edo zita hau osoa eman nahi izan dut, oraindik ere kaiku edo zerri batzuek, Irlanda eta abarreko gerlak, erlijio gerlak direla esaten jarraituko dute eta.

Historiaren analisis marsistak, eta historiaren garai ezberdinetan erlijiozko fenomenoen eta agintean diren klasearen interesen artean zegoen lotura garbiki agertu du; baita ere erlijio sentipena nola gauzatzen den, agintean direnak giza jakintza motzaren truke, sentipen hau erabiltzen dutela beheko klaseak eta nazio txikiak edo beuren uztarpean atxikitzeko, alegia.

Errebisionismoa ere alienazio era bat da. Jakina, erlijioa eta marsismoa ezin gonparatuzkoak direla, bai ordea, gero ikusiko dugun bezala, erlijioa eta sozialismoa ez den errebiziozalekeria.

Munduko langile mogimenduaren barnean sartu den pentsakera burges bat da errebisionismoa; marsismoaren bandera jasorik, marsismoa erasotzeko oportunismo era bat da.

Normalki, errebisionismoa, oportunismoz eta erreformismoz inguratuta dago, eta marsismo teorian, klase nagusiaren ideiak sartuak direla agertzen du.

«Historiaren dialektika halakoa denez, teori arloan marsismoaren garaipena horrelakoa izanez, etsaiak marsistataz mozorrotzera bortxatzen ditu. Barruko liberalkeri ustelak, sozialismo oportunista gisa bizi nahi du kanpoan». (2)

Errebiziozale teoriak, historian, langileriaren mogimenduan, askotan agertu izan dira, eta une txarrenetan batez ere, hau da: proletargoaren baitan, eta teori mailan, burgesiak eskuhartu edo sudurra sartzeko gehien ahalegintzen den denboretan alegia.

Jeneralki, joera errebisiozale hau, langile klasearen batasuna hausteko, burgesiak erabiltzen duen tresna besterik ez da. Hori dela eta, erreformista eta errebizionista kutsadura hauek dakarten hondabidea ikusi eta Lenin, Mao eta Hoxhak hain gogor ihardetsi zuten; proletargoaren eskuin hegoa ez ezik, langile klase barruko burgesiaren ezker hegoa baizik ez bait da.

Errebisionismoaren euskarri soziala, kapitalistek, erosia duten «langile aristokrazia» da.

«Errebisionismoa, erreformismoa eta oportunismoa, hamarnaka urtez sortua izan da, kapitalismoaren hazkundeak dakarren egoera bereziagatik. Zeren langile pribilejiatu taldetxo baketsu eta konfordun batek, langileria burgesten zuen, nazioko kapitalaren onura edo benefizioen apurrak ematen zizkietela, bidebatez, estutasunetik eta atsekabetik eta lurreratzen ari ziren behartsu masaren joera iraultzaileetik aldentzen zituztela». (3)

«Kautsky-k, liberalak eta burgesiak onar dezakeena bakarrik hartzen du marsismotik (Erdi Haroko kritika, ondoren kapitalismoaren paper historiko aurrerakoi eta demokrata); baina baztertzen du, isiltzen du, tapatzen du, marsismotik burgesiak ezin irentsi dezakeena (burgesia deusezteko bere aurkako proletargoaren biolentzi iraultzailea)». (4)

Erreformista hauek, sozialismora heltzeko, langileak ez dutela, ez zaiela beharrezkoa kapitalismoaren oinarriak apurtzea, Estadu burgesa eta bere erakundeak deuseztea, eta burgesia produzioko tresnez desjabetzea, berresaten saiatzen dira. Erreformazale hauek, kapitalismotik sozialismora pasatzeko bide baketsua, parlamentoaren eta kooperatiben, e.a.-ren bidea predikatzen dute. Hauek dira teorian eta prasian, «sozialismo demokrataren», «hirugarren indarraren» teori zaleak.

Guzti honek badu guretzako lekukotasuna. Azken aldi honetan bada publizitatea elkartze bati buruz. Batek zion bezala, Madrid-en, inperioaren agintean diren klase zapaltzaile eta esplotatzaileak eta hauen «neskameak» ere izugarri poztu dira ezkontza honetaz, eta propaganda ederra egiten ari zaie. Hau bitxi dirudi lehen momentuan. baina zertxobait pentsatu ondoren ez da batere harritzekoa.

Esan behar dut, EIA-PCE-ren arteko ezteiaz ari naizela, haien errebiziozalekeriaz alegia. Eta ez da harritzekoa gure etsaiek txanpainarekin ospatzea, lotura honek, etiketaz aparte funtsezko gauzak dakartzalako:

Pauso honekin, besteak beste, sortuko den «Euskadiko Ezkerra» deritzan alderdia (eta nolako alderdia) ez da iraultzailea izanen, parlamentarista, bakezalea, masa burruka eta klase burruka ahantziko dituena, eta beraz burruka armatuaren kontrakoa.

Bestalde, ez da independentista izanen autodeterminazio hitz mirakuloso horren atzean babestuko delako, eta beraz nolabaiteko autonomiaz konformatuko delako.

Hegoaldeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako, Baskongaketako Gobernu fantasma mantenduko du, Euskadi behin eta berriz zatituaz.

Sindikalismoari buruz, ELA horiarekin klase hermandadea babestuko du, Euskadiko ekonomia (kapitalisten interesak) eror ez dadin. Maiatzaren Lehenean e.a.-ean prozesio zintzoa antolatuko dute, eta eguneroko masa burruka, fabriketako klase burruka baztertuko.

Erreboluzioaren ordez, eboluzio baketsu eta lasai batek alde ahaleginduko da, bide honetik ez dakit nora heltzeko... klaserik gabeko gizarte bat lortzera...? Euskadi askatzera...?

Euskadi askatzeko independentzia nahi-eta-nahiezkoa denaren ordez, zorioneko autonomi erregionalista batez konformatuko da, Espainiako Estatuko nazioekin federakuntza sortuaz (zergatik ez Frantziakoekin hauzokoak izanik...?), Estatu sakratua leher ez dadin.

Nazio zapaltzailea inoiz libre izan ote diteke? eta menperatua?

Bi alderdi hauentzako burruka armatua eta marsismoa beraz eroenak dira, eta hartan dihardutenak zanpatu egin behar dira.

Lehen, erlijioa genuen alienazioaren iturri eta orain, sozialismoaren izenean sozialismoa ez den errebisionismoa dugu. Baina noren errebisioa, Marx-ena? Hauek inoiz asimilatu ote dute marsismoa? Eta sozialistak ez badira, nondik komunistak?

Eta bukatzeko horra Leninek zer zion gerrillari buruz:

«Burruka armatuak bi helburu ezberdin ditu, eta bata bestetik berezi beharrezkoak, hau da: burruka honek lehenik jende batzu garbitzea dakar, agintari, poliz eta armadako gizonak; bigarren, dirua sortzea da, bai gobernuagandik bai partikularrengandik. Sortutako diru zati bat, Partidura doa, beste zati bat, armak erosteko eta matxinada edo intzurrekzioa prestatzeko da, eta beste zatia burruka honen barruan direnak sostengatzeko da». (5)

HAROTZA

(1) Historia de la Humanidad - UNESCO - tomo III, pag. 112.

(2) Les destinées historiques de la doctrine de Karl Marx - Lénine tome 18, p. 608.

(3) La faillite de la II.º Internationale - Lénine - pág. 47.

(4) La revolución proletaria y el renegado Kautsky - tomo 28 - pág. 251.

(5) La Guerra de guerrillas - Lenin - pág. 144.


Gaiak

Euskadiko Ezkerraren proiektu berri eta betikoa

Egoera politikoaren baldintzapen konkretu batzuetatik at, egun argitara saiatzen garen Euskadiko Ezkerraren proiektua euskal herriaren artikulaezaren mugetan barna oinarri dezakegu. Euskaldunok, eta hemen bizi garen guztiok, geure burua gauza handitzat badaukagu ere, ez gaitezke handikeritan eror, ez baitaude arrazoi zentzuzkorik. Duela urte askotatik euskal herriak ez du lortu artikulazio sozial eta politiko sendo eta berezkorik. Ezker arlotik sor daiteken edozein proiektuk errealitate hori kontutan ukaiteak beharrezkotzat jotzen dugu; errealitate hortan finkatu eta kokatu beharko du bere politika eta bere estrategia.

Horrenbeste urtetan zehar bilakatutako zatiketa sozial eta ideologikoak gainditzea ez da erraza, erraza ez den bezala orain arte jasan eta pairatu dugun botere politikoaren era zentralista eta demokrazia ezarekin haustea. Ez da aski aldaketa koiuntural batzuekin, ate itxi eta itsu honen giltza transformazio sozial eta ideologikotan bilatu behar baitugu, langileriari gizarte guziarekiko hegemonia eskaini lezaiokeen aldaketa, hain zuzen.

Baina gure herriaren artikulazio politiko eta sozialaren bila bagabiltza, hurbilen ditugun gauzak aldatuz hasi beharko gara, eta zein hurbilago norbera baino?

Ezkerraren organizaziorako bide zabal eta demokratiko batzu irekiz, gizarte guziarentzat eskatzen dugun askatasunaz lan egin beharko digu geure barnean. Hau da lehen pausoa, Euskadiko Ezkerrak benetan suposa dezan langileriaren indarberritzerako tresna baliagarri bat, langileriaren eskuhartze sortzailea gorpuztu lezaken instrumentua. Bestalde, barne demokrazia hau ezkertiar indarren batasun organikoaruntz abiatu behar denez, egungo zatiketak bere sustrai historikotik atera eta baztertzeko posible egingo duen estrategia bat nahitaezkotzat dugu.

Zentzu honetan, EIA eta EPK.tik datorren talde handi baten konberjentzia ez da pauso makala. Ezkerraren eta langile mugimenduaren bi sektore ezberdin bateratzeak bere garrantzia du, eta are gehiago momento hauetan. Konberjentzi honek Euskadiko Ezkerraren betiko proiektua indartu eta berritzen du, honetaz ez dago dudarik, intentzio onekorik behintzat. Indartzen gaitu, gure asmoen zatitxo bat betez aurrerabiderako oinarri berri batzu jartzen duelako.

Konberjentzi honen hastapen teorikorako elaboratu diren dokumentuek, nahiz politikoa eta sindikala, nahiz prozedurakoek aipatutako helburu hoiek jasotzen dituzte. Hoiei jarraituz, burujabetza eta askatasun nazionala berreskuratzea prozesu sozial eta autoemanzipatzaile batekin bereganatzen da: demokraziaren sakontzearekin eta sozialismoaren aldeko estrategiarekin uztartzen delarik. Nazional eta klase sindikalgintza demokratikoa bultzatuz, langileriak bere homogeneidadea lor dezan. Konberjentziarako eta Euskadiko Ezkerraren Kongresu konstituienterako prozedura ireki eta demokratikoak eskainiz. Eta guzi hau euskal herriaren artikulatze hildoan urrats bat bezala, garrantzitsuena ez izanik ere, bai garrantzitsua alajaina.

Partidu Komunistaren barnean eman den krisialdiak bihurduratu duela proiektu honen orijinaltasuna ez dago ukatzerik, fenomenu ezberdinak nahastekatzen eta hemen ematen ari garen irteera estatuko beste edozein tokitara trasplantatu nahiez. Izatez EPKren Komite Zentralaren erabakia katalizadore bat izan da, martxoan izango dugun Kongresu konstituientea izango den bezala, eta hau onargarria iruditzen zaigu. Baina honek ez du esan nahi estatuan ematen ari den ezkerraren eraberritze horrek gure pausoak jarraitu behar dituenik. Gure proiektua Euskadin eta Euskadirako eraikitzen ari gara.

Horrela izango den ala ez geroak esango digu. Aldeko ala kontrakoek badute referentzi bat orain arte daramagun praktikan, eta praktikan izango dute gure referentzi egoki eta garbiena.

KEPA AULESTIA


Gaiak

Fisika eta Kimika Nobel sariak

Gure begien aurrean harriak edo metalak hiltzat jotzen ditugu. Baina zientzigizonek ez dute gauza bera ikusten, hauek dituzten instrumentoen laguntzaz barne mugimendu bat ikusten dute. Barne mugimenduan atomo eta molekulak jira biraka ari dira elkarri jotzen, bukaerarik gabeko dantzan. Barne mugimenduari garrantzi haundia ematen zaio, honek erabakitzen du bakoitzaren izatea —harria harria izan dadin, esaterako— baita ere zer gerta dakiokeen substantzia horri beste batekin elkartzen badiogu.

Aurtengo Fisika eta Kimika Nobel sarien irabazleak 3 amerikar, japoniar bat eta suediar bat izan dira, bostak atomoen dantzaldia ezagutzeko eta argitzeko egindako lanengatik.

Fisika saria hiru gizon hauen artean izan beharko da banandua: Kai Siegbahn, 63 urtekoa, Sueziako Unibertsitateko irakaslea, sariaren erdia eramango duena; Nicolaas Bloembergen, 61 urte, Harvard Unibertsitateko irakaslea; eta Arthur Schawlow, 60 urte, Stanford Unibertsitatekoa. Suediarrak erdia jasoko du eta beste erdia bi amerikarren artean bananduko. Kimika saria Japoniar bat eta amerikar baten artean bananduko da. Japoniarra Kenichi Fukui, 63 urte, Kioto Unibertsitateko irakaslea eta amerikarra Roald Hoffmann, 44 urte, Cornell-ekoa.

Amerikarrak ere nagusi aurten Nobel sarietan. Medikuntza arloan hiru irabazleetatik 2 dira amerikarrak. Eta Fisika eta Kimika sari hauekin 5 sari jaso dituzte guztira. Sariak eta diru laguntza jakina.

Fisika sarituak

Fisika Nobel sarituak, hirurak izan dira espektrokopia munduan egindako aurrerakuntzengatik. Zientzi arlo honetan atomo eta molekulak ikertzen dira, hauen konposaketa bilatu nahiez. Espektroskopioa Newtonen alditik dator. Honek eguzki izpi bat prisma baten zehar sartu zuen ortzadarra sortzen zelarik ikusiz. Newtonen ondokoek aurrera jarraitu zituzten ikerketak eta edozein substantziak goritasunez, beroturik sortzen zuen ortzadarra baino gehiago ikusi zuten, argi izpiak informazioa ematen digula hain zuzen, era guztietako informazioa: adina, konposaketa, tenperatura, mogimendua, arlo magnetikoa... Izpi bikoitza ala bakuna den.

Argi izpi batez, hots, X edo gamma izpien bitartez sor daiteke ortzadarra. Sortutako indarrak atomoak erasoz hauen elektroiek orbita batetik beste batetara egingo dute salto frekuentzi zehatzetan sortzen den argia bereganatu edo kanporatu egiten dutelarik Ortzadarrak berak ematen digu informazioa atomo eta molekulen estrukturaz.

Baina ohizko espektroskopioa zahartuz zihoan zuen argia barne barneko atomoak zeharkatzeko ez baitzen nahikoa. 1958. urtean Schawlow-ek eta bere koinatua zen Charles Townes-ek laser hobeagoa sortzeko tresna asmatu zuten. 1964.ean Townes-ek eta sobietiar bik lortu zuten Nobel saria laser izpien eta hauen mikroonden teoria azaltzeagatik hain zuzen. Baina elektroskopioa berritu nahiean azken pausoa Schawlowek eta Bloembergenek eman zuten. Schawlowen meriturik bat hidrogenoa ongi aztertzea zen. Bloembergenen lana, berriz, izpien gama erabat zabaltzea izan zen.

50. hamarkadaren hasieran Siegbahn-ek espektroskopio elektronikoa asmatu zuen. Zientzigizonek bazekiten ultrabioleta edo X izpiek atomoei eraso egiten zizkiotela, atomoek elektroiak kanporatzen zituztelarik. Baina ekintza honetan elektroiak beste elektroi batzurekin egiten zuten topo argi espektrua ezabatzen zelarik. Siegbahn irakasleak oztopo hauek espektroskopioaren enfokea hobeagotuz gainditu zituen. Hasieran elektroi iheslariek utzitako arrastoak ikus zitezkeen. Aurrerapen honen aplikazio bat: metalen korrosioaren signorik txikienak neurtzeko posibilitatea.

Kimika sarituak

Kimika sarituak, Fukui eta Hoffmann, helburu berberaz aritu ziren, bata Ipar Ameriketan eta bestea Japonen bizi arren. Beren helburua: zergatik atomo eta molekulen arteko erreakzio batzu posibleak diren eta beste batzu ez. Orain dela 25 urte Fukuik «orbita mugak» deritzan teoria gauzatu zuen. Teoria honetan molekulen erreaktibitatean elektroi bakartien ustegabeko jokabidea aztertu zuen. Fukuiren ideiak hasieran ez zituzten onartu bere adiskideek. Baliteke amerikarra ez izateagatik.

Baina 1965.urte inguruan Hoffmann, jaiotzez poloniarra baina gazte denboran Ameriketara joana, Fukuiren antzeko ondorioetara heldu zen. Hoffmannen eritziz erreakzioa errezago lortzen da molekula edo atomoak berdintsuak direnean, orbita ezaugarri bardintsuak dituztenean. Hau da, zientzigizonek «orbita simetrala» deritzaten zera naturak gorde egiten du. Ikertzaile bien emaitzen ondoren ateratako erregela teorikoek era guztietako ustegabeko —aurretik behintzat— erreakzioak aurresaten ditu. Hoffmannek eta Fukuik ez zuten elkar ezagutzen baina azken honek dionez «guk matematika, fisika, konputadorak eta asmo ugari erabiltzen ditugu». Hauxe da hauen bene-benetako sekretua.

Jon Arizketa


Gaiak

Miarritzeko III. Zine Festibala

Irailean, III. zine iberika eta latino-amerikanaren festibala iragan da Miarritzen. Erresuma handienak hor zeuden, batzu filma bat edo birekin, eta beste batzu epai-mahaian. Lehen aldikotz, bi erresuma ttipi ikusi izan ditugu: Puerto-Riko eta Mozanbika: Aldizkariek, aurtengo festibala kalifikatzerakoan, «inmorala» zela erran dute. Miarritzeko morala oneko herriko Kontseilari batek joan diren urteetako filma komunistak nahiago izan omen zituen. Batzuk, erotismoaz gozatzeko emankizun pribatuen parada badute, gu aldiz festibal horien haiduru gaude hortarako. Bestalde, komunismoa eta erotismoa ez dira aurkakoak. Hor ditugu frogatzat:

- Miarritzeko «sex shop» ohi batek, Castillo zinearen ondokoak (ezagutzen?) bere atearen gainean «Che»ren argazki handi bat dauka eratxikirik. Gu bezelako sentimentalista batzuentzat «CHE»ren argazkia ohean gordetzea oraino paso, bainan, horrelako jende ikasiei CHE Marlon Brando baino erotikoago izatea hori berria dugu haatik!

- Hain zuzen, festibal honetako filma erotikoena eta komunistena ainitzek, pundu askotan, parezkatu dituzte. Lehena, Benezuelakoa «La casa del paraíso» San Miguel donostiarrak egina, eta bestea Kubako Alearen «Los sobrevivientes». Ez bakarrik biek lekuzko unitatetzat, etxea zeukatelakotz, baina bakoitzak bere moldean Karaiba mundu aldakor hark bizi dituen arazoak aipatzen zituztelakotz, seksual, moral eta sozial mailan gerta litezken ondorioekin. Gehienontzat sariak ongi banatuak izan dira eta urrezko makila bi filma ederrenei emana izan zaie: Alfonso Arauen «Mojado Power»i Meksikarentzat eta Hector Babencoren «Pixote, a lei mais fraco»ri Brasiliarentzat. Donostiako festibalean ere azken honek berarrakasta bildu zuen. Arau bera antzerlari eta dantzari ona izanik komedia musikal ona sortu digu Meksikatik Ipar Ameriketara doan langile baten gertakariak kondatuz, eta irriaren artetik gizarte amerikanoan integratzeko aurkitzen dituen nekeak erakutsiz.

«Pixote»k aldiz ez du irririk sortarazten, Brasileko bereber bizi diren haurren bizi latza duelakotz gaitzat. Haurrak dira oraindik adinez eta legez, eta jadanik bizi beharrak bortizkeria, prostituzioa eta hilketa erabilarazten dizkie. Maitasun eskasak, ingurumen bortitz eta desegoki batek munduan sartu aintzin jada baztertuak ditu, Bunuelen «Los olvidados» oroitarazten digutela. Eta filma honi balioa ez zaio handitzen baizik jakinian Pixote aurkezten duena Brasileko «favelas» haietako haurra dela. Iduri luke Babencori horrelako jokolariak gustatzen zizkiola zeren joan den urtean ere «Lucio Flavio» bergisan egin baitzuen.

Festibal honetako filma guziak ez dezazkegulakotz aipa (16 baitziren) aipa ditzagun Espainiakoak. Festibala Frantziaren eta Espainiaren arteko filma batez hasi zen: «Paco el seguro» filmaz. Ez erotismoa denetan sartu nahiz, baina honek hasteko gehixago izan balu ez zion batere kalterik eginen. Amañoean arazoa aztertu nahi eta ezin, hazia nasai izanki beste emaztentzat eta berarengandik umerik ezin ukan. Hauxe zen bada komedia! Bizkitartean, jakinian horrelako gai batetik matxismora bide gutti dagola egiteko, filma hau ez zaie ez emaztei eta ez gizonei gustatu. Zorionak! Aintzinako urtetan bezala, Carlos Sauraren «Stress es tres tres» emana izan da. 1968an egina, Francoren garaian debekatua, gizarte hertsi baten gatik hirukote batek bere fantasmetan eta oroitzapenetan bilatzen duen ezin hatzemanezko ekilibrioa erakusten digu. Hirugarren filmak publikoaren saria ukan zuen: Pilar Miroren «Garry Cooper que estás en el cielo» zen. Emazte baten independentzi gosea, lanean aurkitzen dituen atseginak maitasunean aurki ezina, jenden arteko komunikazio eskasa aipatzen dizkigu. Baina, emazte baten bizia baino hiltzera doan emazte Daten bizia da eta, gure ustez, heriotz honek bai Andrearen ikusmoldeak bai gureak sobera moldatzen zituen. Eritasunako pizu sentimental handiegia zeukan.

Aurten lehen aldikotz, Puerto Rikok Jacobo Moralesi esker aurkeztu zuen «Dios los cría». Sketx moldean bizi bizia eginikako filma zen; Puerto Rikoko klase burgesaren deskribapen bat: familia, eliza eta ontasuna, ezkontza eta ohatzea.

Sketx moldean ere zen Peruko «Cuentos inmorales», Peruko zinegile talde batek egina eta Hego Ameriketako, gizartearen eta moralaren eboluzioa aztertzen zuen filma.

Argentinak bi filma on ekarri dizkigu aurten: Raoul de la Torreren «El infierno tan temido» saritua izan dena, eta Mario Sabatorek zinematu duen bere aitaren liburua: «El poder de las tinieblas».

Festibal honek tokiko jende ainitz elkartuarren ez du merezi duen aipamenik ukan aldizkari eta irratitan. Ez hasteko Cannes edo Deauvilleko festibalek ukaiten dutenik. Zine merkatuarentzat mundu latino amerikano hauen ez da probetxugarri, eta diru arazoak kultur arazoari gaina hartzen dio. Dudarik ez da hiru urtez zine distributoreek boikotatu dutela. Eginaren bortxaz, agian zerbait lortuko dugu.

M. LEGARTO


Gaiak

Dunixi Barandiaranen oroimenez

- Orain dela bi urte, 1979ko abuztuaren lehenengoan, ataundar honen bizitza itzali zen betiko.

Bere argiarekin batera, gure eguneroko kondaira eta gure eguneroko borrokaren izar bat gehiago itzali zitzaigun ere.

Herrietako kondairetan buruzagi xelebreak, intelektual argitsuak, errege-erregineak, lehendakariak, artista ospetsuak,... azaltzen dira. Baina kondaira ez dago lau buruzagi eta lau artistaz osatua bakarrik.

Hoiek izaten dira baso baten zuhaitz luzeenak, eta luzeenak direlako gehiago ikusten direnak. Bainan basoetan badaude zuhaitz txikiagoak ere.

Haritzek ez dute makalen luzetasuna hartzen, bainan hor daude ere. Kondairan berdina gertatzen da. Batzuen izenak liburuetako orrialdeetara pasatzen dira, eta besteak denboraren ixiltasunean galtzen dira nahiz eta besteak bezala bere asmo eta bere indar guztiak ideal baten alde jarri.

Eta hori da Dunixiri gertatu zitzaiona. Dunixi jaiotzez haritza zen.

- Baina zein zen Dunixi?

Dunixi Ataungo Azaola baserrian. 1926an jaio zen. Gerratearen garaian eta Matias eta Antxoni, bere gurasoak, jelkideak bait ziren, pamili osoa Donostiara joateko beharrean ikusi zen. Hemen, Donostian, erdera ikasi beharko zuten nahi ta nahi ez. Eta eskolan bera eta bere anai-arrebak makina aldiz zigortuak izan ziren Inperioko hizkuntza ez jakiteagatik.

Zigor hauek, umilazio hauek gogorki grabatuak geratuko zitzaizkioten bere bihotzean.

«No se dice SUA paleto, se dice FUEGO», esan zioten mila aldiz bere maixu erdaldunek.

- Gizona egin zenean eraikitzaren munduan sartu zen eta hor egin zituen bere lehenengo xoxak.

Diru pixkat egin zuenean bere herriko kulturaren zerbitzuan jarri zen segituan. Eta honela «Barandiaran Galeria» iriki zuen. Galeria hontan jaioko zen geroxeago Euskal Eskolako «GAUR TALDEA». Ideal baten alde borrokatzeko bide asko daude. Ez dira gudari bakarrak harmak hartzen dituztenak, era asko daude gudari izateko. Eta Dunixik, beste bideak mezprezatu gabe, eta askosez gutxiago erela, egokiagoa iruditzen zitzaiona hartu zuen.

Bere ideal haundiena EUSKADI ASKATUTA ikustea zen, eta ideal honen alde borrokatuko zuen bere bizitza osoa.

- Etxagileen munduan sartuta, eta bere egoeratik, euskal itsasalde turistiko baten beharra defenditu zuen, eta bere asmoa errealitatea bihurtzeko hotel haundi bat eraiki zuen Zarautzen.

Urteak pasa dira, Dunixi joan zaigu, eta bere asmo eta amets guztiek pott egin dute. Joan zitzaigun beste mundura bere Euskadi Askatuta ikusi gabe, bainan bere urratsak jarraituz, noizbait, bere semeek edo bere bilobek, edo bere... (berdin da, ez du ajolik zeintzuk) ikusiko dute.

Dunixi zure lan ixila, zure sakrifizio guztiak ez dira alperrikan izan. Zu hil zara, bainan Euskal Herrian Dunixi asko daude oraindik.

- Ez dizute sekula harrizko estatua bat jarriko, eta ez diote inoiz Donostia edo Ataungo kale bati zure izena ipiniko.

Ez zinen makala jaio. Sortu zinen haritza.

Bainan hartu ezazu lerro hauetatik nere omenaldi pobrea.

AGUR GUDARI!

EGUN HANDIA ARTE!

Karlox Barrentsoro


Gaiak

NATOri ez, noski

Azkenaldi honetan gure herriko arazoak siglapean agertu izan dira. Oraindik gogora ditzakegu zenbait: LOAPA, CEE, O-23, eta azkenez NATO. NATO, gudarako elkarte honek, bilusik arrapatu nahi gaitu, hau da, Otsoak Txanogorritxo bezala. Azken batetan jazotzen dena zera da: zerbait erakustearen aitzakiaz, hots, progresoaren fedea edo bakezaletasunaren aukera, beste zerbait dakar azpitik: guda.

Bestalde, denok ginateke Txanogorritxo, orain otsoaren hortzak ikusten ez baititugu. Dena den batzuk iratzartzen hasiak dira. Dena de, bai batzuek eta besteek puntu bat dute berdina: ez batak ez besteak ez baitu poterea bere esku.

Baina ipuinetik irtetzea nahi baldin badugu, eta arazoak amaiera zoriontsua izan dezan nahi baldin badugu, ehiztariarena egin beharko dugu. Irakur dezagun M.A. Asturiasek esaten zuena: «Eman hamaika kolpe haizeari eta haizeak haize izaten jarraituko du; eman hamaika urari eta ur jarraituko du; eman hamaika herriari eta herri jarraituko du».

Egia esan, ordua da gure eskubide nagusiaz baliatzeko, kontzerbazio eskubideaz baliatzeko, hain zuzen. XX. mendeak oso kasu txiki egiten dio esaniko eskubide horri, emandako gudak denok ezagutzen ditugu. Pertsonak ez dira izan gauza arazoak konpontzeko gudatik igaro gabe. Baina gudoi buruz zera gogoratu beharko genuke: Nortzuk jokatu duten paperik handienetan, alde batetik; eta, bestetik, nortzuk galdu dituzten gudok.

Guda elkarte baten partaidetasunaz mintzatzean bi prototipo agertuko zaizkigu: Otsoa, berdin bilakabide militarraren alde, irrazionaltasunaren jabe eta indar hutsaren defentzaile sutsua: bestea Txanogorritxu, berdin gizabidezko aurrerakuntzaren defentzailea. Kontutan har, bestalde, Montaignek esana: «Pertsonaren lehen funtzioa pertsona izatean datza».

NATO versus Varsovia-ko Akordioa

Mendebaleko bloke hortan Europa-ko Herririk gehienak, USA, Canada, Turkia (...) ditugu partaide. NATO jaio zenean Soviet Batasunak ere nahi izan zuen bere tokia izatea, baina RDF sortu zenez gero Varsoviako Akordioari eman zio bizitza.

Lehen taldekoek, hots, NATOkoek, produzio sistima pribatua eta zenbait askatasun politikoren defentzaileak omen dira.

Bigarrenak, aldiz, produkzio sistima publikoaren alde jokatzen omen dute. Baina, zoritzarrez, Blokeok egiten dutena zera da: blokearen sortzaileak defendatu, NATOn USA defendatu behar da, Varsoviako Paktuan, ostera, Soviet Batasuna da defendatzekoa.

Gaur egun inperialismo era berria jaiotzen ari zaigu, guda izanez gero blokeetan dauden herriek haien gurasoen defentzara jo behar dute, nahiz eta bestera pentsatu zeren gurasoon armak etxeko lurraldeetan kokaturik baitaude eta arerioak (?) aurkakoen arma guztiak desegin behar baititu.

Espainiari dagokionez zera esan behar dugu: denporalditxoa dela, Madrilen ospaturiko eztabaida batetan ejerzitoak NATOren partaide izatea nahi duela esaten zen, Espainiako ejerzitoari arma nuklearrak etxean izatea gustatzen omen zaio. Baina egia esan USAko armak Espainian zehar banandurik aurkitzen dira, horra hor Rota, Torrejon, Bardeak edo eta Zaragoza Zaragozako alkateak esana dugu hau: «USAk duen arma nuklearren arteko %70a Espainian dago».

Euskal Herrian EAJk OTAN barne sartzeari baietza ematen dion bitartean EE eta HBk ezetza ematen diote. Hona hemen Txomin Ziluagaren hitzak: «Reaganen guda nuklear mugatuari buruzko hitzak ez dira Frantzia edo Alemaniaren aurka zuzenduak, baizik eta Euskal Herriaren aurka. Horra hor NATOko buruzagiek, Erroman bildurik, terrorismoa zapaltzeko agertu zuten nahi bizia».

Azkenaldi honetan gudaren aurkako hainbat eta hainbat manifestaldi ospatu da munduan zehar eta Euskal Herrian barne. Gure aldetik bi pertsonairen hitzak aipatuko ditugu, lehenak John Bernalenak eta ondoren Mingoterenak.

Lehenak horrela esan zion Reagani. «Errealitatearen ezagupena gizonaren jabegokoa izan beharko, eta ez, herri konkreto batena, eta are gutxiago alderdi nagusien interesak betetzeko».

Mingotek horrela zioen: «Onartuko nukeen gertakari militar bakarra gertakari militar guztiez amaituko lukeena litzateke. Baina hau ezina da, zeren benetako pakea kulturaren bidez etor daitekelako soilik, eta inoiz gudatik».

Garikoitz Erreka Odaegi


Postaz etorriak

EUSKARA JALGI HADI UDALETXEETARA

Azkeneko hiru urte hauetan, Mutrikuko Gaueskolak behin eta berriz azaldu izan dio Udaletxeari itzultzaile baten beharra. Zergatik? Gaur egun dauden bulegariak, nahiz erdaldun nahiz euskaldunak, ez direlako gai beren lanak euskaraz egiteko.

Aurten «Euskararako batzordeak» berriro planteiatu zuen itzultzaile eta aldi berean bulegariak euskaldundu eta alfabetatuko zituen pertsona baten beharra. Tira bira askoren ondoren, lan horretarako pertsona bat hartuko zuela esan zuen Udaletxeak.

Deia egin ondoren, sei pertsona azaldu ziren lanpostu horretarako.

Ekainaren 1ean egin zen lehen azterketa; epai mahaia honela osaturik zegoen: Euskaltzaindiako bat, Eusko Jaurlaritzako bat, eta eskolako irakasle bat, tekniko aldetik; Alkatea eta kontzejal bat Udaletxetik, beraz, bost lagun.

Azterketak irakurri ondoren talde teknikoaren eritzia hau izan zen: minimoa gainditzen zuen bat, neurri berean zeudenak baina minimorik gainditzen ez zutenak hiru eta bazterturik gelditzen ziren bi azterketa.

Talde teknikoaren eritziarekin ez zeuden ados beste bi epai mahaikoak eta azterketa bakoitzari puntuazio sekretoa ematea erabaki zuen epai mahaiak; honen ondoren bi azterketa gelditu ziren puntu erdiren diferentziarekin.

Ekainaren 8an egin zen bigarren azterketa, bien artean aukera egiteko.

Gaueskolari itzultzaile irakaslea aukeratzeko prozesua oso anormal eta sospetxagarria joan zela iruditu zitzaion eta hala adierazi zion Udaletxeari, elkarren eritziak kontrastatzeko batzarre ireki baterako deia egiteko eskatuz, herriak jakin zezan gertatutakoaren berri.

Udaletxeak ez zion erantzun Gaueskolaren idatziari, baina, Gaueskola ez dela inor Udaletxeari kontuak eskatzeko adierazi zien Herri Lan Batasuneko kontzejalei.

Honen ondoren, Herri Lan Batasuneko kontzejalek berak eskatu zioten batzarre irekia egiteko eta puntuak argitzeko, baina Udaletxeko gehiengoak, ezetz berriro ere eta esan behar ziren guztiak esanak zeudela.

Mutrikuko Udaletxeak gaurregun badu itzultzailea, lehenengo batzarre ohizkoaren itzulpena kalean dugu, eta konturatu garenez ortografiako 200 huts baditu, baita hainbat esaldi agramatikal ere, hitz batean ia ulertezina da.

Bistan da Mutrikuko Udaletxea euskarari kalte izugarria egiten ari dela.

Urriaren 1ean egin zen batzarre ohizkoan, Herri Lan Batasuneko kontzejalek gai honi buruz mozio bat azaldu zuten, aipaturiko itzulpena ulertezina zela eta puntuz puntu aztertzeko prest zeudela esanaz; gehiengo alderdiaren eritzi, itzulpena oso ondo zegoen eta guztia esana ere bai.

Guzti honetan galtzaile bakarra EUSKARA da, ez zaiolako duen garrantziarik ematen, garbi dago bigarren mailan daukatela.

Ortografiako 200 huts dituen erdarazko idatzirik, onartuko ahal zuten?

Udaletxeetako administralgoan, erdarak dituen leku eta neurri berdinak euskarari ematen ez zaizkion bitartean, ez dago berdintasunik ez demokraziarik, zapalkuntza eta hizkuntza kolonialismoak zutik dirau.

EUSKARA JALGI HADI UDALETXEETARA

MUTRIKUKO GAUESKOLA

***

EUSKAL LITERATURAREN GAIXOA

Azken ANAITASUNAn harri eta zur irakurri ahal izan dut J. R. Bilbaok Txomin Peillen-i egin zion elkarrizketa. Literaturaren (orokorki esan dezagun «euskaragintzaren») alorrean izan dituen desbenturak ikusirik edonor gera daiteke txunditurik. Hainbat eta hainbat lan egin eta gero argirik ikusi ez! Gainera lanak galdu egin dizkiote. Normala ote da hau? Edonori normala irudi dakioke euskal idazle ezezagun baten lanek (onak ala txarrak diren epaitu gabe) argirik ez ikustea, eta normala dateke nonbait. Gaztelaniaz ere —haren «400 millioiekin»—, edo beste erderaz, berdintsu gertatu ohi dateke. Idazle on asko dago bazterretan, baina ospearen faltaz ilunpean iraun behar. Ordea, berberori idazle «ezagun»ekin gertatzea ere «normala» ote da? Gainerako hizkuntzetan ez dakit, baina euskaran ba dirudi baietz. Idazlerik puntakoenek ere, ezagunenek, arazoak dituzte beren lanak publikatzerakoan.

Bere desbenturak kontatu ondoren Peillenek dio:

«Orain ez dut literaturarik idazten. Ez du balio. Ez da publikatzen».

Noski, esan behar. Noizpait etsipena heldu behar. Eta hau ez da kasu bakarra, ez. Aspaldi-aspaldidanik abisaturik ginen Federiko Krutwig jauna «roman» luze-luze bat egiten ari zela: 9 tomo eta 3.000 bat orrialde; bost urtetako lana. Azkenez, argia ikusi zuen lehenengo liburukiak; «Mikelditarrak» delakoak, eztabaidagarria agian, arrazoi askorengatik, baina oso garrantzizko lana, berria euskal literaturan eta guztiz jakingarria, ia-ia enziklopedia. Horratik, bi urtetsu pasatu dira eta hurrengo liburukiak oraindik ez dira agertu. Arazo ekonomikoak nonbait, erdarazko itzulpenak argitaratu beharko ziren euskarazkoak atera ahal izateko. Oraingoz ez bata ez bestea. (Ondoxe gogoratzen naiz nola Krutwigek berak eusko jaurlaritzaren jarrera salatzen zuen, ez dakit nongo gobernuak itzulpenak egiteko laguntza emateko prest zegoen eta). Eta bitartean Krutwigen lan erraldoia gerizpean. Noiz arte? Eta Krutwig ez da nornahi, ezta beraren lana edonolakoa (nik dakidalarik).

Ez dakit non irakurri nuen (amestu ote?) baten batek bere lana argitaratzearen ordainez itzulpen bat egin behar izan zuela argitaletxearentzat. Ongi irakurri nuena? Zenbat idazleri gertatu zaio horrelakorik?

J. Azurmendik, «Euskal Linguistika eta Literatura: Bide Berriak» liburuan, 439. orrialdean, diosku: «Momentu honetantxe, nik neuk dauzkat, nire gelan, bost orijinal, autore berrienak bostak, hiru nobelazko eta poesiazko bi, beren egileek, ni batere bila ibili gabe, eritzi eske omen, baina batez ere argitaratzeko laguntza eske, nik uste, ekarri dizkidatenak». Hau, I. Sarasolaren eritziaren kontra dio, zeinek baitiosku: «literatoren batek kalitate gutxienezkoa duen zerbait egiten duenean bere atzetik dituela euskal editore guztiak, ea nork bereganatuko duen pieza arraro hori. Gehiago argitaratzen ez bada, gehiago egiten ez delako da... (I. Sarasola, EGIN, 1978, urriak 13. aipatutako liburuan J. Azurmendik emana).

ARGIAn, 920. zenbakian, kexu dugu Andolin Eguzkitza, berrogei urte baino zaharragoek ez baitute idazten. Benetan ahal dutenek egiten ez badute, besteok bai?

Panorama iluntsua, beraz, euskal literaturarena, eta problematsua, oso problematsua, alde orotatik. Irtenbideren bat eman behar zaio euskal literaturari (subentzioak, edozein moduz delarik), bestela jai dauka.

Karlos Santisteban

***

KEZKAK

«ANAITASUNA» Aldizkaria'ko berri ondo dakian nere lagun bati lengo batian esan nion nola lerro batzuk bidaltzeko asmoa nula «Anaitasuna»ra eta berak erantzun ziran «batu»az eta atxez beteta ez badek idazten ez ditek jaramonik egingo, geienez-ere goraiziarekin erdi moztuta edo itz batzuk tarteka jan da argitaratuko ditek»... ala ere nik proba egingo dit... erantzun nion.

Atxeak jartzea ez derizkiot ain zailla danik baiñan euskera idatziarako arrun alperrikakoak ikusten ditut eta erruz naastu ta itxusitzen ditu gaiñez idazkiak; biurrikeriak sortu ta aizetzeko benetan oso ona izan da atxeren arazoa.

Urte asko dira «Anaitasuna»ren arpidedun egin nintzala (aurrenetakoa) euskaldunak orain baño batuagoak gauden garaietan, gaurko H. az ko batasunetan baño; itxuraz elurra bezin txuria zan «Jainko-on-zalea» eta H rik gabe irtentzen zan garaietan, orduezkerostik ona denborak «aldatu» omen dira ta... orain «gorri-batu», porno, aborto, dibortzio, lizunkeri ta «gorri-iraultzalle»n aldekoa.

Gaur egunean aldrebeskeri utzak ikusten ditut «euskara» ren «aldekoak» dirala esaten duten alderdietan; ara nola falan-quete kumetik irtendako H.B. ta E.E. ko buru-zagien artean Castell eta Letamendia «Ortzi» aldunak, xaxi lege-gizonak, eskubi aberatz-kumeak eta aldun Solabarria apaiz «langille» gonazalea; Onaindia gaur ateo len fraile-merzedarioa izandakoa, orain «langille»en aldekoa; Bandres eta Ruiz Balerdi xaxi lege-gizon katoliko «praticante»ak eta izquierdozoak baiñan lapur diru amorratuak; aitatutako oietan ale batek ere tutik ez daki euskeraz.

«Euskaltzaindia»ko Kruwig Hitlerren seme aberatz xaxi-kumea H ta H tarren zaindaria; Patxi Altuna jesuita-karlista, 1936 ko guda denboran ikurrin nazionalista euskalduna Azpeitiako errian erre zuena, orain urte asko ez dala ERRI MEZA E.T.A. koen «herri-meza» biurtzen zuena baiñan tontoen txanponak bera eta Bandres «langileantzako»; Villasante fachinazcanoa bere padre kastillanoa (guardiazibilla) Gernikan kristorenak pasa erazi eta eman zizkionak gudari espetxetuari ta beren etxeko abertzaleeri 1936 ko gudatean; Quintana kastillanoen seme «euskaldun-beherria» baiñan Franco tarrek bezela parra ta izeka naikoa egiña euskaldun abertzaleeri, axatuz «razistak», «burgesak» eta abar eta abar dirala idatziaz milla bider.

Lengo batean Donosti'ko Udalean Alkateari eragozteagatik H.B.ko «iraultza lariak» euskeraz batere ez dakiten kastillanokumeak deadarka «euskal herrian euskaraz» karraxi egiten omen zuten.

Euzko Alderdian ere xelebrekeri pranko ikusi ditugu, aspalditako abertzale zar jator askori ipurtzuloko bat eman da etxera bidali dituzte ta beren lekuan badaezbadako Artzalluz eta Garaikoetxea requete-kumeak jarri dituzte.

Aditzera detanez Donosti'ko batzokietan euskera entzutea arrigarria omen da, ingleses entzutea aritzekoa dan bezelaxe.

Oiek guztiak ¿ez al dira kontu kezkagarriak...? EUSKAL ERRIA'n zumar zugaitzak udare igalia emango ote du...? nik ez det olakorik itxaro.

J. L. Arpideduna.

Donosti tik

Zuzendari Jaunak nai badu urrena jarraituko det


Urrezko astabelarriak

Urrezko astabelarriak

Oraingo honetan lagun batzuek bidaliriko gutunarekin batera zetorren agiria emango dizuegu. Eskutitza horrela mintzatzen zitzaigun:

«Euskal Herrian Euskaraz Taldekook zuengana, eta batez ere, «urrezko astabelarri» delako orrialdera zuzentzen gatzaizkizue, ondorengo agiria argitaratuko duzuenaren asmoz».

Testua ikusiz aparteko komentario guztiak soberan ditugu; hori dela eta, horra hor testu miragarria eta on egin diezazuela. Bide batez Zarautz Udaleko itzultzaileari emango dizkiogu hile honetako urrezko astabelarriak urrengokoan urrezko krabelinak irabaziko dituelakoan.

***

ZARAUTZ-KO UDALA

ARTE ZALEAK

Bezte urteetan bezela, urriaren azieran, arte ekintzaren ikastaroari asiera emango diogu.

Gaiak: Mazzaski, grabatu, tornu ekintza, bustinmodelapena, teknología, esmalteak: herdoil oin eta composaketa eta abar.

Ortarako laba berria jarri dugu.

Inskripzioak eta Informazioa Sanz-Enean 51/2-61/2 etara eta Udaletxean goiz partetik.