ANAITASUNA

1981.eko ABENDUA ETA 1982.eko URTARRILA

415-6. ALEAK

100 PEZETA


[AZALA]

• ALFONSO IRIGOIENEKIN ELKARRIKUSKA

• PROSTITUTA GAUEZ, AMA BIHOTZEZ

• MUSIKA KRITIKA

EA URTE BERRI HOBEA DUGUN!


ANAITASUNAn lankide gaituzu:

I. Alvarez

I. Antiguedad

J.I. Basterretxea

J.R. Bilbao

J.L. Davant

J.R. Egiluz

M.J. Esteban

J.R. Etxebarria

Harotza

K. Landa

I. Lasa

J.M. Pastor

X. Portugal

I. Saez

Z. Zorrotza

R. Zumalabe


AURKIBIDEA

3.or-: Aurkibidea eta oharrak

4.or-: Agiriak

5.or-: Postaz etorriak

6.or-: Ordutik Hona

10.or-: Hileko Dokumentua: "Prostituta gauez, ama bihotzez".

Euskal Herria

14.or.-: Euskal Herriko presoak.

Apaizen Pastoral Ekintzaren bateratzea mintzo.

Nazioartekoa

18.or-: Yanquiak El Salvador-en

Elkarrikuska

23.or-: Alfonso Irigoien: linguista eta beste hainbat gauza

27.or-: Ekonomia: Munduko Futbol Txapelketa: milioetako gaioa

28.or-: Komikia

29.or-: ANAITASUNA, lehenengo bertso-paperen lehiaketa.

Bihotz-Minez. Iñaki Lasari

30.or-: Zenbait artikulu eta olerki batu ANAITASUNAk bere idazle izan den Iñakiren heriotza jakin bezain laster: Iñaki Lasa, adiskidea; Iñaki Lasari Bihotz-minez: Iñaki hil zaigu; Iñaki Lasari; eta abar.

Gaiak

34.or-: Aise eta Euskara Eskoletan

35.or-: Protoien energiaren kontra: Potroen indarra.

36.or-: Zain dezagun Busturialdea.

37.or-: Saldutakoak

39.or-: Musika kritika


Oharrak

- Orain dela urte betetik hona, gutxi gora behera, ANAITASUNAren arduradunak aldatzen joan dira, eta gaurko taldean orduko bakar batzu baino ez dira geratzen. Talde berriztatu honek, 1982. urteko lehen ale honetan ohar batzu nahi dizuete egin harpidedun eta irakurleoi:

1- Aldizkariaren edukia arindu, alaitu eta zabaldu nahi izango genuke. Arindu artikuluen aldetik, Politikari garrantzi gehiegirik eman gabe eta artikulu teorizante luzeak gutxituz; alaitu sentidurik zabalenean, gaurregun esaten den bezala "desdramatizatu", bizi dugun egoera tristea bada ere guk tristeago ez ipintzen ahaleginduz. Zabala gaien eta idazleen aldetik.

2- Guretzat, Hegoaldean behintzat, harpidetzak kobratzeko erarik errezena eta merkeena bankuz da; beraz, postaz edo korreoz ordaintzen duzuenoi zera eskatzen dizuegu: gutun bat idazteko edo telefonoz deitzeko zuen kontu korronteren edo libretaren zenbakia emateko. Bestalde, zuen harpidetzaz izan nahi dituzuen harreman guztietarako zuen harpide zenbakia aipa ezazue, harpide zenbakia duzue aldizkaria bidaltzean zuen izenarekin batera agertzen den zenbakia.

3- Aurten harpidedun izan nahi duzuontzat, hona hemen 1982.eko tarifak: Euskal Herrian 1500 pzta.

Europan: 1750 pzta.

Gainerako Herrialdeetan: 2000 pzta.

4- ANAITASUNA ez da arduratuko artikuluen edukiek duketen erantzukizunaz, beronek ez du esan nahi ez alde ez aurka dagoenik. Bestalde, aurreko ANAITASUN, Urrezko Astabelarriak deritzogun sailan, hutsunean izan genuen ondorengo hau esanez: "Bide batez Zarautz Udaleko itzultzaileari emango dizkiogu hile honetako urrezko astabelarriak". Egia esan, ez zen aipa Zarautz Udaleko Itzultzailea itzulpenaren erantzulea. Hau dela eta parkamena eskatu behar diogu eta Urteberriko urrezko astabelarriak guretzako gordetzen ditugu.

ZUZENDARITZAK


Agiriak

Herritar adixkide,

Jaun, Anderea

Jakina dukezun bezala, Euskaldun zenbait bildu dira beren xede berria Ipar Euskadiko kultura talde gehieneri jakinarazi eta. Horrela hamabost jaun eta andereen artean ikertu dugu eta lantu euskarazko irratiaren xede eder hori eta berehala multzoka lanean hasi.

Zuzendaritza hortarik bozkatu bulegoa hauxe gelditzen da:

Enaut LARRALDE, inginadore, Izurakoa.

DIRUZAIN:

Txomin HEGUY, Irakasle, Arrangoitzekoa.

IDAZKARI:

Ttotte OXANDABARATZ, enpleatua, Azkaindarra.

Dudarik ez da diruaren beharretan dela orai gure batasuna holako lan premiatsu bateri lotzeko.

Orai, adixkidea, zuri gaude, pentsatuz, zure lan guzien artetik, zuk ere indar berezi bat egin nahiko duzula zure laguntza emanez, zure ahalen erabera bixtan dena.

Badakigu, zorionez, badela bertze irratirik ere gure hizkuntza erabiltzen duenik.

Bainan uste dugu ez duela berdin balioko arrunt euskarazko irrati batek, hau entseatuko baita nehundik ahal bada ipar aldeko xoko guzietarat heltzeko behar den indarrarekin, baimenak hortarako ardiesten balinbaditugu.

Euskaldunek arrunt euskarazko irrati bat egun guziez, hori da gure xedea Eta hain segur zurea ere. Dela gure etxetan, herrietan, ikastola, eskola, gau eskoletan eta bertze tokietan... egiten diren indar guzien zinez lauzkatzeko.

Zure laguntza onaren beha gaude eta oraitik hortaz esker beroenak bihurtzen bihotzetik.

"ENTZUN IKUS" Batasuna

OHARRA: Zure laguntza, xekaz edo bertze gisaz. igor zuzenbide honetarat:

ENTZUN IKUS

Euskal Erakustokia

1, Marengo karrika

64100 BAIONA

***

Auxilia Literatur Txapelketa

Arauak

1.- Partehartzaileak

Jarritako epeetan lanak bidaltzen dituzten guztiek har dezakete parte txapelketa honetan.

2.- Hizkuntza

Euskara eta partehartzaile bakoitzak nahi beste lan desberdin aurkez dezake.

3.- Gaia

Ipuin, nobela, saio, eta abar, forma egilearen eskuetan gelditzen delarik eta ondoko gai honi dagokiola:

"Egun bat gutxitu fisikoaren bizitzan", hauek eguneroko bizitzan aurkitzen dituzten arazo egoera, zailtasun, oztopo fisikoak, sikologikoak, gizarte mailakoak eta beste ingurumenak, kontutan harturik. Ezin daitezke aurkeztu beste txapelketaren batetan saritutako lanak.

4.- Lanaren luzera

Originalen luzera ez da izango, alde batetik eta bitarte bikoitzak utziz makinatutako 15 folio baino gutxiagokoa.

5.- Aurkezpena

a) Lan bakoitzeko 3 kopia aurkeztuko dira egilearen sinadurarik ez seinalerik gabe.

b) Lan bakoitzak ezaugarri (lema) bat eramango du.

d) Lana, aurrean ezaugarria eramango duen eztalki batekin batera libratuko da. Eta bere barruan, partehartzailearen izen-abizenak eta helbidea.

e) Eztalki honek aurrean, seinale hau ere eramango du:

Literatur Txapelketa - AUXILIA. 18 urtetik gorakoak.

6.- Libratzeko epea

1982.ko Martxoaren 15ean amaituko da.

7.- Bidalpenaren helbidea

Eskuz edo postaz libratuko dira:

AUXILIA-Teniente Gurrea, 2 bajo - Bilbo-14.

Lan orduak: Astegunetan: 9etatik 13,30etara eta 4etatik 7etara.

8.- Epaimahaia

Hauek osatuko dute: Gotzon Garate, Xabier Gereño, Juan Luis Goikoetxea, Xabier Amuriza eta Xabier Lete.

Epaimahaiaren idazkaria AUXILIA elkarteko bat izango da.

9.- Sariak

Ondoko hauek izango dira:

- Lehen saria, 60.000 pezeta eta Nestor Basterretxeak egindako eskultura batek osaturik.

- Bigarren saria, 25.000 pezeta eta Nestor Basterretxeak egindako eskultura batek osaturik.

- Hirugarren saria 10.000 pezeta eta Nestor Basterretxeak egindako eskultura batek osaturik.

10.- Epaia

1982.ko Apirilaren 3an emango eta komunikabideen zehar ezagutaraziko da. Epaia apelaezina izango da.

11.- Saritutako lanak

AUXILIAk, 6 hilabetez eta argitarapenerako, lan sarituez aukera eskubidea gordeko du.

12.- Saritu gabeko lanak

Egileek edo berain baimena dutenek, 60 egun barru, AUXILIAtik hartzeko ohalmeda izango dute.


Postaz etorriak

EUSKAL TELEBISTA

(euskara)

Orain dela gutxi euskararentzat komenigarritzat jotzen nuen geure buruak pixkat "faxistatzea", hau de: euskara gehiago erabili arma bezala edo. Berehalaxe ihardespena jazo nuen "Oh Euzkadi"-tik, Joxean Muñozen eskutik. Agian horrexen intrantsigentea ez naizela (eklektikotasuna gorrotagarriesten dut gero!) frogatzeko, ez natorrela batere adostxo Luis Maria Musikak botatakoekin esango dut. Zeraxe irakur dezakegu azken Anaitasunan: (415. alea, 12. orr.) "nik, pertsonalki, eta kokoa jan arren, edozein amerikanada euskaraz nahiago dut erdaraz egongo den azken bangoardismoa baino. Ezin daiteke egin gizartearen konponbide sozialik euskara zapaldua egonez". Honixe, ezin esanezkoa (hobe "ez esanezkoa" beharbada, esan baitaiteke esan) deritzot, edo, behintzat, textuinguru argitzailea behar duela.

Benetan, telebistak izugarrizko kaltea egiten dio euskaldunari, egiten digu. Hau, bakar-bakarrik, hizkuntz aldetik, hizkuntza soilari dagokionaz bezainbatean. Telebista (irratiarekin batera), gaur dagoen moduan, euskararen egoera diglosikoa iraunerazteko biderik aproposena da. Euskaldun ume asko dago ikastoletan hezkuntza euskaraz bereganatuz, baina, ikastolatik irten eta non pasatzen dute ordu luze dexente?: telebista aurrean. Gaztelaniazko esaerak dioen bezala, "baliagarriagoa imajina bat mila hitz baiño". Baina gaitzena imajina horiek mintzamolde konkretu batekin lagunduak doazela da. Imajinak erakartzen du. Ikuslea beretaratzen du. Zein umetxori ez zaizkio gustatzen marrazki bizituak? Umeak bizi egiten du pantailan ikusten eta entzuten duena. Eta ez bakarrik umeak. Zinegeletan, zergatik askok negar emateari ematen dio?

Telebista euskaraz izanez, zalantzarik ez, arazoa bestelakoa izango litzateke. Hala ere, nahigarriago izango dea edozein ziztrinkeria euskaraz, nondik oratzerik ez duena, erdarazko miragarrizko lan bat baino? Kondenatuta gaude eta sufritu behar dugu?

Nire aburuz ez dugu hain "masokak" izan behar. Noski, gaur eguneko espainiar telebista ezin txarragoak bi aldetatik egiten digu kaltea: txarra izateagatik (kalitatea: ideologia, tratamendua...) eta erdaraz egoteagatik. Txarra izan arren, euskaraz beharko genuke. Ordea nik, euskaraz egonda ere, ez nuke edozein piltzar okaztagarri onartuko. Telebista euskaraz behar dugu, eta telebista ona, edo gutxienezko kalitate maila batekin.

Sarri aipatua izan da euskal aldizkariak irakurtzeko (ez denak) militantismoa behar dela, edo behar zela. Telebistarekin ez litzateke berbera gertatuko, buru laukituek, telebistatuek, edozelako zaborrontzi irensten baitute. Aparailu aurrean eseri eta eman... Baina hori ez da arazoa.

Euskarak edozertarako balio du: horrexegatik euskal telebista ona behar dugu.

Ez dugu goardia jaitsi behar. Dena dela, nik ere: "Elena Francis Euskaraz"!

Karlos Santisteban

***

HORI EZ DA GURE HELBURUA

Azken Anaitasunan, Luis Mari Muxikari egiten diozuen elkarrizketan, gauza harrigarri bat irakurri dut; hau da, Muxikak elkarrizketaren momentu batetan, zerau esaten du: "Nik, pertsonalki, eta kokoa jan arren, edozein amerikanada euskaraz nahiago dut erdaraz egongo den azken banguardismoa baino". Harrigarria batez ere, gure hizkuntza "zaintzen" duen pertsona bategandik datorrelako.

Ene ustez, holako gauzak esatea oso arriskugarria da, zeren euskara bada erabili nahi dugun tresna (komunikabideetan kasu honetan), ez du ezertarako balioko edukia hutsa bada, eta hutsa, niretzat, amerikanadez eta halako gauzen beteta egotea da. Ezin dugu pentsatu lehenago euskaraz ipiñiko dugula, eta gero, aldatuko dugula edukia. Hasieratik egin behar da ondo (noski, "ondo" hitzak, azepzio asko eduki ahal ditu), ahal den neurrian behintzat. Gure helburuak ez luke izan beharko oraingo telebista espainola bezalako bat, adibidez.

Nik neuk, behintzat, azken banguardismoa nahiago dut, eta euskaraz badago, askoz hobe.

M.L. Esteban

***

Txabarri, HABE-ren zuzendaria, Jesus M.ª Larrazabal, Gipuzkoako Diputaziotik, eta Beni Agirre eta Gabika, Gipuzkoako eta Bizkaiko AEK-ren arduradunak partaide zirelarik ireki zen ostegunean Eibaren euskararekiko plangintzaz eginiko mahai-ingurua Donosti Aurrezki Kutxa Munizipalaren aretoan. Partaide bakoitzak adineko jendearen euskalduntze eta alfabetatzeko gaietan zer egin den eta egiteko dituen asmoak azaldu zituen.

Txabarrik, HABE euskarak behar dituen azpiegiturak eta funtzionariak sortzen ari dela esan zuen, eta erakunde instituzionala denez gero, Euskal Parlamentuaren pean dagoela. Linea berdinari jarraituz, orain dela bi urte, jarraipen instituzional hori AEK-ri proposatu zitzaiola zioen, baina AEK-k bere burua autogestionaritzat duelako eta burokraziarik onartzen ez duelako, ez zuen proposamen hura onartu. Orduan, Gobernuak kontrol burokratikoa nahi duenez, HABE sortu du.

Beni Agirrek, AEK-ren Gipuzkoako arduradunak, AEK-ren lana, lehengoa eta oraingoa ere, publikoa dela argitu zuen, erakunde publiko bat delako, baina subentzio faltan daudela azaldu zuen, ikasleen dirua bakarrik etortzen baitzaie. Euskararekiko Hizkuntz Plangintzaz, Euskal Gobernuaren eskuetan dagoela esan zuen, eta aurrera eramateko AEK-rekin eta bere esperientziarekin kontatu behar duela, inolaz ere ezin dituelako marjinatu; eta honez gainera, Gipuzkoako Batzordeak laster argitaratuko diren datu-bilketa burutu duela esan zuen.

HABE dela eta, "hobe litzateke, Gobernuaren aldetik, erakunde berriak sortu beharrean, daudenak bultzatzea eta indartzea" behitu zuen. Gabika, AEK-ren Bizkaiko arduraduna mintzatu zenean Txabarrik esandakoa ezeztatu zuen, zeren AEK, orain dela urte bi, Eusko Kontseilu Nagusiarekin elkarrizketan bazegoen, Euskal Gobernua sortu zenean, elkarrizketak puskatu egin baitziren, eta Gobernuak HABE kreatu zuen, AEK-rekin kontaktatu eta kontatu gabe; eta gainera, AEK desprestigiatzeko kanpaina bat eginik.

Larrazabal, Diputazioaren eginkizunez mintzatu zen. Nahiz eta udalaren lekua inon ikusten ez den, eta udaletan ezer gutxi egin arren, behintzat Diputazioak orain arte egin dituen eginkizunak zertxobait izan direla, zeren hogeitabi miloiko presupostuarekin lan urgenteak egitea bideratu baitu. Esan zuen, halaber, egoera soziala zeharo negatiboa dela, inork bultzatzen ez duelako, eta egoera horrekin euskarazko batzordearen eginkizuna, lehendik dabiltzan talde edo erakundeak bultzatzea eta iniziatiba berriei laguntzea izan litekeela.

Honi loturik, Gabikak Amatiñok eta Txabarrik 1979an Valenciako Jardunaldietan esan zutena oroitu zuen: "Las instituciones oficiales apoyarán, canalizarán y promocionarán, pero nunca suplantarán el papel de las iniciativas populares, y menos aún en el País Vasco dada su dinámica popular de lucha surgida en los últimos años". Hitz hauek zergatik ez diren betetzen itaundu ziolarik.

A.E.K.


Ordutik hona

Azaroa 24

Atzo greba orokorraren eguna izan zen. Gaurko egunkarien hari nagusia hortik abiatzen da. Ba dakizue: betikoa! Batzuren eritziz, izugarrizko arrakasta izan du; besterenean, ordea, negatiboa izan da. Beti ere ez baita guztien gustua egiterik. Edozein kasutan, zenbait tokitan greba hau. erabat osoa izan da (Basauri, Ondarroa, Santutxu,...) eta arratsean antolatutako manifestazioetan ere jende piloa egon da, horietariko batzu ezin egin ahal izan diren arren. Ezintasunaren kausa azaltzen, ez dut tintarik gastatuko.

Gaurko egunkarietako berrietan, benetan bitxia den bat aurkitu dut. Atletiaren kapitaina den Txetxu Rojori, korner bat ateratzera zihoala, atzetik, polizia batek ostikada bat eman dio. Arbitroak ez dio txartelik erakutsi "txapeldunari", bai, ostera, ezer pasatu ez balitz bezala jokatzeko esan kapitainari. NO COMMENT!

25

Ipar Irlandan gauza harrigarriak gertatzen dira. Ian Pasley izeneko deputatuak ehun mila pertsonatako Armada bat sortu nahi du; eta horretarako publikoki hitz egin du; eta talde paramilitarrak agerian agertzen dira, hauetariko partaide askoren aurpegiak estali gabe ikus daitezkeelarik. Horiengatik inork ez dio "terroristak" direnik, nahiz eta azken egunotan zenbait pertsona hil dituzten. Zertan gaude, ba? Dena den, hauk Ingalaterrarekiko loturaren aldekoak direla dakigu eta horrek zerbait argi dezake arazoa.

Herri desberdinen arteko paralelismoa sortzea arriskugarria da, baldintzak sekula ere ez baitira berberak. Baina Euskal Herriaren eta Irlandaren problematikek ba dute elkarren antzik zenbait puntutan. Hizkuntzaren arloan, hala ere, prozesu desberdina sortzeko ahaleginetan ari gara; eta esperantza ere ba dut, lortuko dugulakoan. Bestelako arloetan ere zerbait ikasiko ahal dugu!

26

Breznev eta Reagan. Munduko jauntxoen buruetako bi. Ez dugu arazoa gehiegirik sinplifikatu nahi eta, horregatik, ez ditugu besterik gabe bi bloke famatuak maila berean ipiniko. Dena den, gaur albiste modura aipatzen baditugu, desarmaketari buruzko elkarrizketan hasteko omen direlako da. Desarmatuko dituen desarmatzailea, desamartzaile ona izango da, agian!

Bestalde, ia inor enteratu gabe, Espainiako Senatuak baietza eman dio NATO famatuari. PNVak ere bai, noski!

27

ETAk SA Echevarriaren subestazio elektriko baten aurka atentatu omen du.

Atzean geratu zen greba orokorraren eguna. Baina SAE lantegiko arazoak zutik dirau. Eta langileen batzarre batetan, botazioz, ELA-Aceriales-SAE hirukotearen arteko akordioak baztertuak izan dira. Enpresako komiteak zuzenean negoziatu nahi du enpresarekin; ez du bitartekorik nahi.

"Buru ilhun lurruntsua" edo Euskaldunak Everest mendian. Hauxe dugu Felipe Uriarte mendizaleak prestatu duen liburuaren izenburua. Bi ediziotan agertuko omen da: euskaraz eta erdaraz. Eta honetaz, ohar bat: lehenik aurkeztu dena, euskaraz dagoena izan da. Zorionak eta ea jarraitzailerik dagoen!

28

Futbolzale euskaldunontzat triste samarra gertatu da egun hau. Hain ondo zihoan Errealak, galdu egin du Zaragozaren aurka. Telebistaz ikusi ahal izan dugu, besteren merituz baino norberaren hiru hutsaldien erruz galduriko partidua. Zer lastima! Hala ere, gehiago penatu ninduten jendeak gure jokalarien aurka botariko oihuek. Nola liteke estadio bat besterik gabe "asesinos" oihukatzen hastea? Ez digu kalte makala egiten telebista eta prentsako etengabeko "terrorismo" kanpainak!

"Irun Hiria" deituriko sarien banaketarako erabakiak, publiko egin dira. Euskarazko nobela-saria banatu gabe geratu den bitartean, ipuinen sailekoa Bernardo Atxagarentzat izan da eta poesien sailekoa, Arantza Urretabizkaiarentzat izan da eta poesien sailekoa, Arantza Urretabizkaiarentzat. Zorionak biei!

29

Igandea denez, jai. Jaiak aipatzen hasiz, ezin ditugu ahantzi, AEK erakundeak Bilboko Arenalean igandero antolatzen dituen bertso-saioak. Banda Munizipalak eskaintzen dituen kontzertuen deskantsuan hasi eta kontzertua bukatu ordoren segituz, bilbotarrok eta bertara hurbiltzen diren euskaldunek aukera ederra dugu bertsolarien lanaz goratzeko. Eguzkia zein euri, saio ederra dugu bertsolarien lanaz goratzeko. Eguzkia zein euri, saio ederra kale erdian. Lehen epe batetan hamar bat saio antolatu dituzte, Bilboko Udalaren babespean. Zorionak hain ideia bikaina gorpuztu dutenei!

Gaur enbeitatarrek kantatu dute. Balendin buru zutela, gogor ari dira beraren seme eta lobak (Sarduitarrak), Areatzako bertsolari-eskola joriaren erakusketa bikaina eginez. Bertsotan non, eta Bilbon!

30

Mutil eder samarra. Liderra omen. Urralburuk burua non duen ez dakiela diote batzuk. Nik neuk, ostera, ba dakiela uste dut: beti eduki duen tokian, toki berean, Espainiako batasun sakratuan, alegia.

Ahal duen herrietan, Udaletxeetan dagoen ikurrina begien bistatik kenduko du. Dute. Eta begien bistatik diot, bihotzetan tinkoago geratuko baita. Eta indarra duten lekuetan kenduko dutela adierazten digu. Indarrez kenduko dute, beraz. Hartzen dugu nota.

Abendua 1

Espainian gobernu berria aukeratu dute. Ezin esan daiteke "txakur berberek iduneko desberdina dutenik", iduneko berriak erosteko dirua agortu egin delako. nonbait. Betikoak. Betikoa. Eta gure lagun estimagarriak barne direlarik.

Roson betiko tokian, eternua bailitzen. San Martin eguna joan zen arren, Martin Villa gorantz doa. Aingerua ote? Punturik altuenera, gorenera, heltzeko, bi gauza falta zaizkio soilik: lehendakaria izatea eta errege izatea. Badaezpadan lortuko ez dituela adierazteko, ez nuke eskua sutan jarriko, eta zuek?

2

Istripu izugarria gertatu da atzo Korsikan. Jugoslaviatik zetorren hegazkin batek mendi baten kontra jo eta ehun eta hirurogeitamasei pertsona hil. Istripu hauek duten gauzarik txarrena, gertatu egiten direla. Gainera, tristeena, batzutan medio egokirik jartzen ez delako gertatzen direla jakitea da. Adibidez, Ajaccio-ko aireportuaren kasuan, ez omen dute erradar aparaturik hegazkinak kontrolatzeko, duela zenbait urtetik hona eskatzen egon diren arren. Gero, errua lainoarena izan dela esango dute. Eta erremediorik ez dagoenean ipiniko dute erremedioa.

3

Euskadiko Polizia Autonomoaren buru izateko prest eduki duten Iñaki Urrutikoetxea kapitainak, gauza harrigarriak esan ditu Punto y Hora-n. Ni neu, lehen uneko harridura pasatu ondoren, nahiko eszeptiko geratu naiz, deklarazio horietan hainbeste kontraesan aurkitzen baititut. Hala ere, klase politikoa asaldaturik geratu da. "Zoraturik dago" diote batzuk, beren buruak sano baileuden. "Kargu horretatik kendu behar da" diote bestek, beren karguari ongi erantzungo bailioten, "Expedientatu egin behar da" berak ere expedientatu behar ez bailieren... Hainbesterainokoa izan ote da, ba? Azken batez, tesi ofizialak azpimarratu ez dituelako. Zeren eta esan duena, Herri honetan behintzat, batxiler titulua atera gabe ere ba daki jendeak.

Dena den, berek atera dute saltsa; berek konpon dezatela.

4

Gaurko berriaren bila Unibertsitatera joan naiz. Askoren ustez, berri txikia, agian; baina euskararen aldeko lanetan gabiltzanontzat pauso interesgarria delakoan, beste guztien gainetik azpimarratuko dut, nahiz eta aldizkari arruntetan agertu ere ez den egin.

Juan Mari Agirregabiria izeneko fisikari euskaldunak, Fisikaren arloan aurkeztu den lehen tesi doktoralaren defentsa publikoa egin zuen Leioako Campus-eko gradu-aretoan. Tesiaren izenburua: "Tetramomentu lineala eta angeluarra ingurune jarraien eta interakzionatzen ari diren partikulen sistemen Mekanika Erlatibistan". Gehiegi gure gorputzarentzat! Tesiaren defentsa entzuten egon ginenok, harriturik geratu ginen erakutsi zuen azaltzeko erraztasunaren goxotasunaz. Esan gabe doa, kalifikaziorik gorena lortu zuela. Ikerkuntzazko lan berrien zuzpergarri izango delakoan, zorionak Juan Mari!

5

Durangon Euskal liburu eta diskoen azoka dugu gaurdanik. Inoiz baino argitaldari gehiago; inoiz baino jende gehiago.

Ez dakit onerako edo txarrerako izango den, baina errealitate sendoa bihurtu zaigu azoka hau. Bide luzea egina du duela hamabost urtetik hona eta, besterik ez bada ere, hiruzpalau egunetan, euskal kulturaren inguruan dabilen jendearen bilgune gertatzen da. Urte osoan zehar ikusten ez diren aurpegiak berrikusteko aukera ohi dugu Durangon. Beno. Ez aurpegi guztiak. Aurten, adibidez, faltan izan dugu Joseba Sarrionandia, Espainiako Audiencia Nacional delakoaren ustez ez baita batzu nahi bezain txintxo. Baina pertsonalki ikusi. ez badugu ere, bertan izan da Joseba, beraren izenean presoentzako liburuak bildu direnean. Izan ere, guk Madrilgoez beste modu batez hartzen (eta onartzen) baititugu preso horik.

6

Espainian, bertako konstituzioaren eguna ospatu omen da gaur. Hor zehar, leku guztietan Espainiako bandera nagusi. ikusi al duzue horrelakorik hemengo herrietan?

Bai, bai! Ba dakit Barakaldon PSOEk ekitalditxo bat egin duela eta Gasteizen ere, Espainia mailan antolaturik dauden lau alderdi nagusiek zerbait muntatu dutela, bi sindikatu nagusien laguntzarekin. Ba al dakizue zenbat lagun bildu diren Gasteizko Mendizorrotza Polikiroldegira? 300 (hirurehun). Gasteiz handia da, gero!

Kolmorako, Huelva-ko gobernadoreak milioierdiko isuna jarri dio Zuloaga futbolariari, Espainiako himnoa jotzen ari ziren bitartean guztiz geldi egon ez delako. Eta Palenciakoak zigortu egingo omen du Erandio taldea. Zergatik ez ditu zigortzen, etengabe "hijoputas" era "asesinos" esaten dabilen publikoa? Horretan, dudarik gabe, iraina baitago.

7

Anaitasuna honetako idazlea izan den Iñaki Lasa Iguain hil egin da. Mendian zebilela amildu eta hil. Hogeitabi urte. Bizitzan agertu zuen alaitasuna eta Naturarekiko maitasuna ez ahal dira hilgo!

Gaia aldatuz, a zer iskanbila sortu den ehun militarren idazkiarekin! Militarren buru batzu ikaratu egin direla esaten badizuet, arazoak izan duen garrantziaren neurria izango duzue. Zer gertatzen ote da Espainiako militarrekin? Lehendik ere bagenekien izkutuko eskusartzeak egitea gustatzen zitzaiela, baina otsailaren hogeitahiru famatu hartatik hona, eskusartze horik lotsagabeki egitera ausartzen hasi direla dirudi. Gainera, beren musikaren intentsitatea "in crescendo" doa. Non bukatuko dugun ez dakit, baina on litzateke, etorkizun beltzagoen posibilitate hurbila ikusiz, autodefentsarako eta superbizimenerako bideak asmatzea eta praktikan ipintzea.

8

Militarrekin segitzen dugu. Espainiako Defentsarako Ministroa den Alberto Oliart-ek eta Madrilgo Kapitain Generala den Quintana Lacacci-k egintza bereziak egin omen dituzte "Brunete n.º 1" deritzon dibisioan. Kartila irakurri omen diete bertako buruzagiei. Ez dakigu zer pentsa. Espainiako erregea kanpora joan delarik, saltsa bizia prestatu dute ofizialek; pipermin eta guzti. Baina begira zein buru argikoak diren: Iskribu famatua sinatu dutenen artean, kapitainez gorakorik ez omen da izan. Uste al duzue, goragoko buruzagiek ezer jakin gabe egon zitezkeela? eta baldin bazekiten, zergatik ez ote zuten arazoa lehenagotik zuzendu? Nor ibili ote da horren atzetik? Ez ote dira kasualitate gehiegi?

9

Landelino Lavilla jaunak, Espainiako Kongresuko Burua bera, hitzaldi luzea egin du beren konstituzioaren alde. Kontuz! "Patu beltzetan pentsatzeko arrazoirik ez dagoela" esan du; hauek "gasolinaren prezioa igongo ez duela" esaten dutenean, in mente dute igoeraren bat. Badaezpadan, ni neu ez nintzateke askorik fidatuko, gaurko albistea militarren inguruan baitabil zoritxarrez.

Bestetik, "Batallón Vasco-español"-ekoek esan dutenez, berak izan dira Frantziako hegoaldeko Foix-en material militarra lapurtu dutenak: 128 metraileta, 10 fusil, 3 granada-jaurtikigailu,... Kontuz, beraz, kontuz!

10

Lehen ikurrina gora; orain ikurrina behera. Zertan geratzen gara? Nafarroako PSOEkoek Iruñeko udaletxetik ikurrina kentzea lortu dute azkenean. Baina beste zerbait ere lortu dute: aldeko gutxi eta aurkako asko (etsai ez esatearren). Agian, epe oso laburrera ez zaigu gauza onik etorriko PSOEtarren erabaki horren ondoren. Dena den, esperantza dut, epe ertain eta luzetara oso onuragarri gertatuko dela euskaldunontzat, uste baitut, orain arteko nafar euskaldun abertzaleek berean iraungo dutela, eta orain arte ez ardo ez ur ez ziren beste asko, euskaldun direla konturatuko direla edo, nahi baduzue, nafar, eta ez espainol, oraingo honetan adierazi nahi izan dieten bezala.

11

Ikurrinaren arazoak sorturiko sua, ez da oraindik itzali. Iruñeko zinegotzi abertzaleek alkatearen dimisioa eskatu dute. Beraien laguntzaz hautatua izan zen berau; eta nola ordaindu dituen! Mila esker. Arazoa luze doa.

SA Echevarriakoa luze doan legez. Atzo Bilboko erdiguneko bankuetxe nagusiak poliziak babesturik zeuden. Ez digute azaldu behar noren alde dauden poliziok, langileei eman zien bakarra hauxe izan baitzen: palo piloa. Detenituak ere izan ziren, bestalde. Fruituez ezagutzen omen da arbola.

12

SAEko arazoarekin luzerako dugu. Gaur, bertako langileen emazteak, Bilboko Arenalera joan eta bertako kioskoan geratu dira gau osoa pasatzen. Animorik ez zaie falta.

Batzu gartzela handian eta beste batzu gartzela txikian; benetako gartzelan alegia. Gose-greban hasi dira Puerto eta Yeserias-ko espetxeetan dauden ETAko presoak. Gabonak heltzen ari direla, indar handiagoz kantatu beharko dugu "hator, hator mutil etxera"

Iruñeko ikurrinaren kontua oraindik irentsi gabe gaudelarik, hara non enteratzen garen, Parlamentuko Hazienda Foralak 330 milioi pezetatako laguntza eman diola Opus-ek bertan duen Unibertsitateari, une berean Eusko Ikaskuntzari 4 milioitako laguntza ukatuz. Bapo mutilak.

13

Igande honetan etxeko albiste batek eta kanpoko beste batek hunkitu naute.

Batetik, Larrabetzun egin den hautatuen batzarrea, herri horretako alkate zinegotzien aurka egin nahi den epaiketa dela eta. Espainiako erregeari buruz Herri honetan dagoen eritzi politikoa agertzeagatik, sei urtetako gartzela eskatzen omen du fiskalak. Gero autonomia dugula entzuteko!

Bestetik, Poloniako lege martzialak ikaratu egin gaitu. Azkenean, militarrek berek dakiten moduan konpondu gura dituzte gauzak. Konponduko dituzten ala ez, hori nik ez dakit, baina buruan ditut, batzuk jasan beharko dituzten detentzio eta gartzelak. Gure Herrian antzera pasatzen delako, batez ere.

14

Astelehen honetan Poloniako tragediaren azken —azkena?— aktua hasi da. Jaruzelski generalak esan duenez, txorradak eta "solidaritateak" alde batetara utzi eta lantza eskuan duenak indar guztiak bere. Hotzikarak sortzen zaizkit gorputzean, hango gartzelatuen —hilak ere da daude— egoera nolakoa izan daitekeen pentsatzean.

Gure artean ere sintoma oso txarrak ikusten hasi naiz. Gaur, adibidez, Bilboko "Hoja del lunes" aldizkarian, zortzi orrialdetako panfleto ultraeskuindarra argitaratu dute, aparteko koaderno berezi gisa eta hamahiru estatutako "Sociedades de Defensa de la Tradición, Familia y Propiedad, TFP" misteriotsu batzuk ordaindua, antza denez. Publizitate gisa ordaindu badute, ez daude gaizki diru-kontuan. Zer kanpaina ote da hori?

Gaur R.M. Azkue sariak banatu dira. Nobelan, Gotzon Garate izan da irabaztea; poesian, J.L. Davant; eta ikerkuntzan, bosten artean banatu da saria: I. Antiguedad (Geologia), J. Agirreazkuenaga (Historia); A. Rodriguez (Kimika); K. Sarasola (Fisika) eta J.M. Madariaga (Biologia).

15

Polonia da guztiok buruan dugun herria. Dirudienez, militarrak gogor dabiltza eta ez zaizkigu berri fidagarriak heltzen, informazioa bera ere kontrolaturik baitago. Dena den, hilak eta gartzelatuak ugari dira.

16

Larrabetzuko alkate-zinegotzien aurkako epaiketa, hasi eta laster geldi erazi egin da, fiskalaren eskariari jarraituz. Ordurako epaituek beren deklarazioak eginak zituzten eta bai lekukoek ere. Nola uler daiteke fiskalaren jokabidea? Itxura osoa du, epaiketaren inguruan egin den mobilizazioa dela kausa egin duela atzerantz. Era desberdinetako erakunde eta udalek beren elkartasuna erakutsi diete larrabetzuarrei. Eta Larrabetzuk greba osoarekin adierazi du bere eritzia.

Gaia aldatuz, baina antzerako hariari lotuz, gaur hasi da Eusko Parlamentuan —Legebiltzarrean alegia— Lemoizko zentral nuklearrari buruzko eztabaida. PNVak berak ere emergentzi kasurako ebakuazio-planik ez dagoela onartu arren, bukaturik dagoen zentral hori, Ekonomia amaren izenean "demokratikoki" inposatu nahi digutela dirudi. Arrazoien faltan, ez zaie botorik faltako, agian.

17

Israeldarrek Golan inguruko lurrak bereganatu dituzte. Siriarrak gerrarako prest. Neguko giro politikoa berotzen ari da. Polonia dela, Israel dela, zertan bukatuko ote da? 1982. urtean hirugarren mundu-gerra datorrela diote, munduan zehar hain zabaldurik dauden azti eta sasi-igarleek. Nork jakin! Baina gerra egoeran bizi garenik ezin uka; gerra psikologikoa, beldurra sartzerakoa, egunero gertatzen ari da. Hezurren muinetaraino sartzen baitigute egunero beldurra. Eta beldurra dagoenean nork irabazten duen jakiteko, ez da askorik, gehiegirik, pentsatu behar.

18

Aurrera doa Lemoizi buruzko eztabaida. PNVak berriro plazaratu du erreferenduaren arazoa, ipuina, esango nuke nik. "Euskadiko herriak nahi badu" dio, Euskadi mailan erreferendurik ezin egin daitekeela jakin arren. Calvo Sotelo behin baino gehiagotan Espainiako Konstituzioa eskuan duela gogora erazi digun bezala. Bestalde, Olaberriren eritziz, Lemoizko zentralaren inguruan "armada pribatua" sortuko bide da. Pribatua soilik? galdetzera ausartuko nintzateke, zentral nuklearren arazoetariko bat, inguruetako gizartearen militarizazioa dela gogoratuz. Ala kasualitate hutsez joan dira militarrak Mungira? Eta zertan dabiltza UAR famatuak, Getxo aldean instalatu nahiz?

19

Euskal telebista eta irratiaren aldeko manifestaldiak ospatu dira Bilbo, Donostia eta Iruñean. Bihar, Gasteizen. Jenderik gehien, "euskalduna ez omen den" Iruñean. Ezpatak zorroztu eta adi egon beharko dugu, aspaldi opaturiko komunikabide euskaldunak ez baitira heltzen eta euskarak baztertua izaten segitzen baitu. Jarrera militantea hartuz, zerbait lortuko dugu beharbada; baina segurua dena, goardia beheratuz, aurpegiko galantak hartuko ditugula. Beraz, buruak erne, begiak argi eta lanerako prest.

20

PSOEkoek ez dakite zer asma, ikurrinaren arazoarekin Euskal Herrian ireki dituzten zaurien ondoren beren kontra zabaldu den eritzia estaltzeko. Orain beren alternatiba "zoragarria" eskaintzen digute: "Ni integración, ni separación: Consejo vasco-navarro" Irakurri dudan bezela agertzen dizuet; erdaraz noski. Amerika berraurkitu dutela dirudi, baina horretarako ez zen hainbeste zalapartarik egin behar. Gutxiago oraindik, kontu hori Ekainaren 20an erabakirik bazuten. Edozertara, nik neuk kezka bat dut, kontseilu hori ez ote den ez "vasco" ez "navarro" izango, "español" hutsa baizik. Alderdi horretakoen praktika nagusia nolakoa den ikusiz, behintzat, dudarik ez dut egiten horretaz. Zuek egiten al duzue?

J.R. Etxebarria


Hileko dokumentua

Prostituta gauez, ama bihotzez

"Nik ez dut aurkitu benetako putarik nire lanean —diosku gizarte honek putatzat hartzen duen neskak—, baizik eta —jarraitzen du—, baizik eta, gizon konkretu baten azpian bizi diren andreen artean; hau da, beren burua mantentzeko senarraren soldataz baliatzen direnak, gizonaren albo eta etxeko lekua ezkontza dela bide aurkitzen dutenak, alegia".

Zuriz jantzirik aurkitzen dugu beste hiru lankideren alboan, eserita. Zigarroa esku batean eta azalpenak ematen ari dela. Ederra. "Hauxe da gure errelaxa" —dio mintzagaiari buruz galdetzean.

Zerbait ulertezina iruditzen baldin bazaio, andre ezkonduen zenbait jokabide da: "... ongi situaturik bizi diren señora horiek, gizonez aspertu ondoren, adarrak jartzen dizkioten horiek, bai ditugula emagalduak. Senarraren atzetik horrela jokatzea ezin daiteke inolaz onartu. Gizonak —diosku— ezer berririk ematen ez baldin badizu kitatu eta bizitza berria zabaldu, beste ainitzek egiten dugun modura, lanen bat aurkitu eta norberaren pertsonaltasuna gorde. Senarraren dirua jaso eta beste norbaitekin oheratu..."

Bizitza eta pertsona bezain zahar den lan-mota honek badu atsekabe asko. Lanorduak ugariak dira, eta, klienteak arras ezberdinak. Batetik bestera nortasun ezberdinak dira izan eta andre bera da denon jostailu dena. Gela txikitxo batetan sartu, alboan daramatenak zer egin liezaiokeen ez dakitela, hori lana.

"Gure bizitza —mintzo da— oso da arrastratua,... oso. Elkarrizketak, lankideen artean egiten ditugunak, hain zuzen daitezke izan burua argitzeko dugun aukera bakarra. Bakoitzak bereak kontatzen ditu: dirua irabazteko lanaren gogorra, semealaben gorabeherak, senarrarekin izandako arazo latza, klienteen jokaera eta abar".

Kea ahotik irteten zaionez ateratzen zaizkio hitzak ere bai: korapilotsu, multzoka eta nahasian.

Teresa, alterne-taberna horretan ezagutu duguna, Portugaldarra da, hogeitasei urteko neska, bere gaztelania ama hizkuntzaz maiz nahasten zaiolarik: "Nola diozue hau? —galdetzen du behin eta berriro— Ez, ez da hori..." —eransten dio erantzunari— "... zera, hauxe..." —dio finean.

Bi gizon izan ditu bizitzan. Lehena senargai antzeko zerbait, sano gaizki portatu zena egia esan, gau bizitza honetara bultzatu duen morroia azken finean. Bigarrena senarra. Orain ez dabiltza elkarrekin, baina benetako maitasunik izandu dutela nabari nahi dugu Teresaren hitzetan.

"Nik neuk ez dut goserik ezagutu —dio beste gai bati lotuz— Baina nire nebaahizpa nagusiek bai ezagutu dutela". Portugal oso herri txiroa dugula jakina da, eta lana aurkitzea nahiko zaila suertatzen da normalean. Teresaren aitak oso bizitza premiatsua eraman izan du; hara neskaren hitzok: "Gurasoek zuten etxea —dio— aitonarena zen, zaharregia eta berrikuntza beharrean. Behin, gurasoek etxea konpontzea erabagi zutela, dirua eskatu egin zen eta enpeinuak zabaldu zitzaizkigun etxekoen artean".

Egoera honetan ezagutzen zuen Teresak bere senargaia. Handik eta denbora gutxi barru, berarekin ihes eginez, etxea utzi zuen, bertan karga bat ez izatearren. Etxekoek behin eta berriz eskatu zioten etxeratzea. Dena dela, berak ezetza eman zien: "Nik ez nuen karga izaterik nahi —argudiatzen du— eta senargaiarekin jarraitu nuen. Behin telefonoz deitu nien ez nintzela haienganatuko esateko. Etxekoek gauzak nola zeuden ikustean, Ameriketarako bidea hartu zuten. Nik hamazortzi urte besterik ez nuen" —dio.

Senargaia utzi ondoren, gauzak ez baitziren ongiegi joaten, "barra amerikana" batetan aritu zen lanean, geroxeago senartzat hartuko zuen gizona ezagutuz. Ezkontzaren fruituz alaba bat jaio zen eta gaur lau urte dituela argitzen digu, ama-harrotasuna erakutsiz. Oraingo honetan ere gauzak ez doaz ongi haien artean eta hiru urtegarrenean ezkontideek banatzea erabagi zuten: "Bera oso jokozalea zen —mintzo da Teresa— eta hori —darraio— ez da izan inoiz nire gustukoa. Hitz egin ondoren, bakoitzak bere bizitza beteko zuela erabagi genuen. Ez dut jokoa maitatzen; horregatik utzi genuen elkar".

"Ezkontza apurtu genuenean, senarrak nahi zuen alabaz arduratu eta asko sufritu nuela esan behar dizut. Ni oso gaizki jarri nintzen. Azkenean aitak baimena eman zidan haurraz arduratzeko". Gaur egun Teresa umearen arduradun baldin bada, hura, hots, neskatila, Portugaletik atera nahi izanez gero, haurraren aitari azaldu behar dio, Teresak, berak, duen pasaportean alabaren izena agertu arren.

Amak ez du gogorik alaba bakarrik uzteko, hau behin eta berriro entzuten dioguna da. Ahalik eta gehien joaten da neskatoa ikustera. Berak dioskunez, hilero joaten omen da zazpi zortzi egun alabarekin ematera: "Alabarekin bizi nahi nuke, asko sufritzen dut harengandik urruntzean" —dio. Orain, gurasoak Ameriketan bizi direnez geroztik, ahizpa eta koinatuak duten etxean uzten du haurra. "Nere alabatxoari —entzuten diogu— egia esan, ez zaio ezer falta, behar bada gehiegi mimatzen dugu ahizpa, koinatu eta hirurek. Baina ez dut nahi berari ezer faltatzerik. Bizitza alai eta gozoa izan dezala nahi nuke".

"Egunen batetan —jarraitzen du bere alabatxoaz—, haziko dadinean, urteotan izan dudan gau-bizitza kontatuko diot; orain ezin dut, ez luke ulertuko eta". Sarri mintzatzen da haurrarekin telefonoz, bera baita —amaren hitzetan— bizitzan maiteen duena. Gurasoak ere oso maiteak ditu, baina alabaren aurrean ez dute aukerarik, egia esan.

"Nere gurasoek —dio Teresak— ez dakite zer nolako bizitza bizi dudan, jakingo balute hilko lirateke agian. Haien ustea nire senarrarekin bizi naizela da eta sarri idazten didate Ameriketatik Portugalera haiekin bizitzera joan gaitezen". Hala eta guztiz ere, Teresa ez da ausartzen egia kontatzera eta jartzen dien argudioa zera da: senarrak ez duela oso atsegin bidaiaren asmoa eta oraingoz Portugalen geldituko direla esaten die. "Gurasoen asmoa denak han batzea da, azken finean, han denontzako lana omen dago eta".

Lanaren gogorraz jabetzeko egunean hamar-hamaika ordutako lana egiten duela esan beharra dago, arratsaldeko lau edo bostetatik gauerdiko ordu biak arte, gutxi gora behera.

Klienteek emandako dirua andreentzat da osorik eta hilean 300.000 pezeta ateratzen omen ditu gureak, baina badira, berak dioskunez, berrogeitamarretik pasatzen ez direnak eta, ostera, milioi erdia eskuratzen dutenak ere "Irabaztean gorabeherak dira gure artean, gehien atera behar dugunak ezkonduak edo semealabadunak izaten gara eta ia-ia denetara prestatu behar, gure buruan kaltegarri dena jakin arren. Gazteenek, aldiz, edo haien gainetik gizonik ez dutenek gutxixeago lanegiten dute, diru gutxiago eskuratuz, noski, baina lasaiago biziz ere bai".

Teresak nahiz eta nahiko ongi irabazi, gastu handiak izaten ditu hilean zehar. Pentsa dezagun: alaba mantendu beharra, hileroko bidaia Portugalera hura ikustera, patxadaz jantzi beharra... "baina alaba dut hondamena, erregalu gehiegi ematen diot..., gehiegi agian..., baina hain maite dut! Ni gurasoekin —jarraitzen du azalpenak— zoriontsu izan naiz, bihotzez maitatzeaz gainera nire deboziokoak ditut. Baina..., ba al dakizu dudan alabatxo gozo hori edukitzea zer ote den!"

Alaba du bihotz: "Ez nago pozik lan honetan, hementxe nauzue, baina ez dut gogokoa; beharrizanak bultzatu nau honetara".

Elkarrizketak aurrera jarraitzen du. Taberna utzi dugu eta haren gainean dagoen hotelera abiatzen gara eskailera ilun xamartxoa zapalduz. Umemokoak agertzen dira deskantsilo batetan, agurrik ez baina eskua luzatzen dute hirurek dirua eskatzeko. Hotelean, sartzeaz batera, kutxa erregistradorea aurkitzen duzu aurrez aurre. "Karneta eta hirurehun pezeta" eskatzen ditu atezainak. "Zein hartuko duzu?", galdetzen dio berriz Teresari mahai gainean dauden esprai eta tubo ezberdinak erakutsiz.

Ez da oso gela handia, ez dago aparteko haltzaririk: ohea, lababoa eta bideta, den dena gela berean.

Teresaren ustez, beste hiru edo lau urte gelditzen zaizkio lan honetan jarraitzeko, "gorputzak ezin luke gehiagorik jasan" —dio. Hogeitalau urtez hasi zen eta urte bi iragan eta gero gogorregia egiten zaio jarraitzea. Urteak joanala, pozago aurkitzen du bere burua, erretiratzea hurbilako antzematen baitu.

Egunen batetan, etxetxo eta negozioren bat lortu ahal izango duenean, profesioa ahantziko du, baztertu eta buruko ahaztu ezinezko jirabira astun gogorrak kanporatuko Egunerokoa nahiko gogor da gogoratzeko. Gure asmorik indartsuena arazoak gureganditzea da. Oso bizitza arrastratua denez gero, eguneroko trastornoa txokoratu nahi dugu".

Andreen artean izaten diren elkarrizketatxoetan iragana birreskuratzea da lana: gaztaroa, haurtzaroa... aldi onak. "Nik hamazortzi urtekin utzi nuen etxea senargaia zela eta. Orduarte eskolan aritu nintzen lehen hamabi urtetan, gero, etxeko gauzak egiten eta hola".

Argiak zuri eta gorri, aukeratzeko.

Honaino heldu eta gero, lanaz mintzatzen gara. Sarriegi jazotzen bide da, klientea neskaz probetxatzea, asko dira gehiegi eskatzeko prest daudenak, zenbait, andreak jotzeko ere bai. Berari, Teresari, berak azaltzen digunez behintzat, ez zaio horrelakorik tokatu, baina sarri entzun ditu horrelako kasuak lagunengandik.

Behin eta berriz erreplikatzen du gauza bera: "oso bizitza arrastratua bizi dugu". Gau-andreen artean maiz ematen omen da alkohola eta porroa helburu terapeutikotzat erabiltzea. Bi haburu ezberdin betetzeko erabiltzen dituzte; batzutan lanean eginikoa nolabait ahanzteko, beste askotan, aldiz, lanean hasteko, hots, klienteengana hurbiltzeko behar den kemena eskuratzeko. "Jendea maiz drogatzen da —ari da Teresa— inor ez baita harrizkoa, eta, den denok baitugu sentimenturik".

Gizonekin harremanetan hasteko, badira era ezberdinak, noizean behin haiek deitzen dituzte neskak, batzutan azken hauek dira klienteari hurbiltzen zaizkionak, baina egia esan, andreok badakite zeinek nahi duen oheratzea eta zeinek ardoa dastatu. "Psikologia pixkat eduki behar dugu, tabernan dagoen jende piloaren artean, nortzuk duten asmo hau edo bestea antzemateko, nortzu datozen andretan eta nortzu ez nabaritzeko".

Lanaren zati handi bat ohean ematen du Teresak, oheratzeak zenbait sentipen erakartzen dio: "hau ebitatu ezin daitekeen zerbait da" —dio. Oheratzean burua martxan jartzen zaio, gelatik irtetea nahi izaten du eta imajinazioa Portugalerantz doakio. Alaba izaten du gehien bat buruan, larrua jotzerakoan. Alaba eta dirua, dirua eta alaba, alabarentzat batzen duen dirua.

"Badira, klienteen artean, xera ematen dutenak. Zenbait kasutan gogoz hartzen duzu eskeintza hori, baina beste batzutan txarrago izaten da horrelako tiboak ohean edukitzea, zenbait kasutan deuseztu egiten zaizu morala eta". Ez dira, zoritxarrez, denak gozotasuna emateko prest agertzen, asko baitira txulo gisara azaltzen direnak eta hauek nahiko trebeak dira pertsonak mintzeko, berez sentitzen den barnemina handitzeko.

Nerbioak beti dantzan. "Alai eman behar duzu nahi eta nahi ez. Jende guztia aguantatu behar duzu, eta, sano finjitu". Bizitza tankera hau ez du jendeak edonola hartzen. Zerbaitek bultzatzen du neska tabernara, beharrizanen batek eramaten du pertsona horretara: goseak edo eta maitasun ezak.

"Ameriketan, beste lan fixuren bat aurkituko banu, berehalaxe hartuko nuke alaba gurasoengana joateko, senarrak eta biok elkar utzi dugula azalduko nien eta bizitza arrastratu hau hortikan utzi".

Berak dioen "bizitza arrastratu" hau Portugalen hasi baldin bazuen, Estatu Espainolean finkatu du sakon. Lehenengoz Huelva-n aritu zen, orain ostera, Bilbon dabil gau-bizitzan. Ez du gehiegi ezagutzen Euskal Herria. Gehien bat Donostia: "oso ikuspegi ederrak ditu, Bilbao baino gehixeago atsegin dut Donostiako tankera"—dio. Noizean behin Probintziara abiatzen da pasaporte arazoak konpontzeko. Bilbon ere, ezagutzen bide du zenbait zinema eta dantzaleku, hauexeetan ematen baitu, zenbait aldiz, bere aldi librea. Ikusi duen azken filma mafiari buruzko bat izan zen, Multicines horietan, alegia.

"Ez dut ongiegi ezagutzen Espainiako legea —dio beste gai bati eutsiz—, baina gauza bi argi eta garbi ditut buruan: kanpotarrek ezin dugula lanik egin bata, eta bestea, nahiz eta lan arruntetarako debekua ukan, prostituziorako ateak zabal-zabal ditugu. Ez diot legala denik, baina ez da zabalean pertsegitzen, gure kasuan, esate baterako, lagundua dela esango nuke, erraztasunak ematen dizkigute honelako lanean aritzeko" —ateratzen zaio.

Prostituzioan ari direnen artean bada gaixotasun-mota ezaguna, denen ahoetan agertzen diren sexu-gaitz ezberdinak hain zuzen. Nesken lanean guztiz arriskutsuak izaten dira, lana galtzeko atea baita: "Horrelako gaixotasunen bat hartzen duen neskak argi beza lana galdua duena, eta ez bakarrik lana, bizitza galtzeko aukera ere baitago". Maiz zabaldu da prostituten artean klienteren batek silfilidun neskaren bat hiltzeko gogoa agertu duela, horrelako gaixotasunik etxera eramaterik nahi ez duelako. "Honelako kasuren bat ematen baldin bada —dio Teresak goikoari jarraituz—, hobe dugu herriz aldatzea, bizirik jarraitu nahi izanez gero".

Hamabostero osagilearengana joatea derrigorrezkoa ikusten du Teresak, moralki derrigorrezkoa. Egokia dakus sarritasunez analisiak eta bakunak hartzea, aipaturiko kasuak nolabait gainditzeko. Aseguru Sozialean ez dute sarrerarik, baina mediku partikularrengana joaten dira lanok betetzeko. "Ni sarritan joaten naiz —dio— eta ez dut inoiz oztoporik aurkitu horrelako errebisioak egiteko. Osagile partikularretan, noski, Aseguru Sozialean egiterik ez baitugu".

Errespetua lortzea litzateke, bestalde, arazorik handiena prostituziolan honetan ari diren neskengan. Lanetik at ez dute nahi jendea haiekin sartzea, ez dute nahi puta hitzik albotik entzutea, errespetua nahi dute munduko pertsonek nahi duten bezalaxe. Errespetua lanean eta handik kanpo.

Argietan fijatzen naiz: zuria berba egiteko, gorria oheratzeko. Eskilara zaharrera jotzen dugu berriro, atean karneta bihurtzen didate, hurrengorarte entzun dut nire lepoan. Oraingokoan ume mokoek ez didate dirurik eskatu. "Agur". Teresa tabernara abiatzen da. Kanpoan euria, tabernan kea eta zarata handia.

J.I. Basterretxea


Euskal Herria

Preso nengoelarik...

Batzuren ustez, berandu bagabiltza ere, guk, ordea, ez dugu hori uste eta Gabonetako Presoen alde burutu den kanpainaren ondoan gure presoez mintzatzeko aukera zabaldu nahi dugu. Oraingoko honetan "Euskal Herriko apaizen pastoral ekintzaren Bateratze" taldekoak ditugu gure orrialdeetan.

Hona hemen haiek ateratako bi artikulu: "Preso Nengoelarik" izenekoa eta bestea hainbat elizatan irakurritako hitzaldia edo sermoia.

Une honetan ugariak, erabakikorrak eta korapilotuak dira gure ardura eskatzen duten arazoak. Hauetako sentiberago bilakatzen dijoa gure gizartea. Dena den, maiz altxatzen dira horik salatzeko edo horietaz eritzi bat emateko mintzoak, Gaur egun arazo larri batetaz mintzatzeko ezinbesteko premia bat dugu sentitzen, zoritxarrez gure artean ez baitu behar hainbateko oihartzunik ezta berari dagokion planteamendu kritikorik ere. Bereziki larria eta negargarria ere den egoera batetaz dihardugu; gure presondegi eta presoez alegia.

Gizarteko behartsu, baztertu, zanpatu eta erreprimituak direnekin kidatzea hertsiki bultzatzen gaituen kristau sinesmena dugu ahotan hitza ipintzen diguna.

Egungo egoera

Azken urteotan izugarri gehitu dira bahiketak, zernahi oben (?) kausa delarik. Gure gizartean polizi eraginkor baten garaipen ezaugarri bezala agertu izan da hau, inolaz ere eritzi gabe honoko gaitz hauen ezaugarri direla: elkarbizitza arruntki lardaskatua eta gure zenbait lege salbuespenezkoak direlakoena hain zuzen, lege hauek bide ematen baitute berezigabeko eta zuzenkontrako bahiturak "justifika" daitezen.

Bahituak, eta, zer esanik ez, presoak, —bakandu beharreko zaborreritzat ez ezik, deuseztu edo, behintzat, ahantzi beharrekotzat aurkeztu ohi dira. Beztuak eta alde bat utziak dira, onargaitz eta terrorismoaren gorasarretzat ere emateraino haietaz arduratzea, haien eskubide arruntenak aldezkatzea, haientzat edo haien etxekoentzat laguntza eskatzea hain egoera estu eta premiatsuan.— Bahitua edo preso hartua izateak hari edozer egiteko aukera emango bait ligun.

Bahitua izan den une beratik egoera astun baten pean ezarria da: abokatuaren aurkeztu ezina, 72 ordu baino areago baitur-egunak luzatzea, "habeas corpus" deritzan eskubideaz epaileek egitez ez baliatzea. Terrorismoaren eta Talde Armatuen kontrako legeak aplikatzeko zernolako erizpideak darabiltzaten eta erizpide horik nork juzkatzen dituen ez jakitea..., guzti honek errealitateak tamalez egiaztatzen dituen irain, tratu-txar edo tortura mota guztitarako arriskuan ezartzen ditu bahituak.

Guzti hau ere larriagotzen da etengabe eginiko salakizunak hutsaren hurrengo gehienetan geratu omen direnean, bidegabekeria hauen zuzeneko egileak eta egoera hauen erantzule nagusiak zigortzeke utziz. Oraindik larriagoa da halako jokabideak defentsarako justifikagarri bait liran agertu nahi izatea gizarteari, eta gezurti eta iraingarritzat ere jartzea salatu dituzten haiek.

Deigarria ere da presondegietako barne egoera: "goi segurantza"-ren izenean hainbatez aipaturiko gartzelen erreformak ez damaigu denok behar dugu iduri zuzena, barne neurri astunegiak direla bide, sorterritik urrun diren lekutara aldatzeak, neurrigabeki pilatzeak, nahikeriazkoak, makurrak eta anti-iuridikoak ere diren zigor eta neurriak (zigor geletan eta bizitz-araudi mixto pean iragan beharreko egunak), erregimen zaharreko funtzionarien jarraipena "lehengo erako" jokaerarekin. Bahituekin etxekoek eta abokatuek dituzten harremanak askotan oso zailak, nekosoak eta makurrak bihurtzen dira. Haietako askoren auzi —eta iuridik— egoera ez-ohizkoa ez ezik zuzenkontrakoa da argi eta garbi. Egoera honen aurrean presoen jokaera ere azken-azkenekoa da —hil arteinoko gose-greba!— erabateko axolakabezia, estenkadak ez direnean, ematen delarik aldi berean zenbait antolamendu, erakunde eta gizarte beraren aldetik.

Guzti honek behartzen gaitu mintzatzera eta axolakabe ez gelditzera. Hiritar libre garenon kontzientziak garamatza zuzengabeko egoera hau ustiatu eta gaitzestera, egoera hau denez, gainera, egonezin politikoaren eta guztiontzat ondorio larriegien eta ustegabekoen sortzaile atergabea.

Gure sinismengandiko argia

Jesusen jarrerak eta Profeten arnasak, Biblian zehar jasoak, eragiten gaituzte ere, kristau, garenez, gertaera negargarri hauk kontutan hartzera eta kemen handienaz salatzera.

Sinestun garenez, ba dakigu ahulaz babesteko dela legea, ez klase domeinatzaileek ezarritako "ordenua" zaintzeko. Ez dago, besterik gabe, legetasuna eta zuzentasuna berdintzerik, ona eta txarra erabakiz legea betetzen den ala ez den neurrian.

Jesus bera "legez" izan zen erahila. Haren hitzak garamatza inor uztera ez baina ezergabeak, baztertuak, eta erreprimituak batipat haintzat hartzera, direnak direla hauen egoera kolokariaren arrazoiak.

Jesusek, gizartetik eta legetik baztertutako ororengana hurbilduz gain, eta erabateko ebanjelizapen mesianikoaren seinale bezala behartsu horik onbideratuz gain, presoen askapena agertzen du Erreinua iritxi denaren froga gisan. "Behartsuei Berri Ona hots egitera igorri nau, presoen askapena aldarrikatzera, eta itsuei ikusmena ematera, zapalduei askatasuna ekartzera eta amnistia oihukatzera" (Lk. 4, 18-19). Beste pasarte batetan nagusi eta behin betikoa, San Mateoren 25, kapituluan aurkitzen dugu, Erreinura sartzeko behar diren baldintzak eta eskakizunak ezartzean: "Gartzelan nengoen eta ez zineten ni ikustera etorri... Ene senide txiki hauetako bati egin zenutena niri egin zenidaten"(Mt. 25, 34 o.).

Bibliak erakusten digu ere nola baliatzen den ahalduna zuzenbideko erakunde beraietaz, bere arazoa behartsuen eskubidean gaindi aurrera atera dadin. Baina Jainkoari auzia gizonena ezbezalakoa da eta behartsuaren arazoa hankapetua denean, Jainkoa gertatzen da haren defendatzaile (ikus Mikea, 3, 9-12; Esaera Zaharrak, 22, 22-23 eta 23, 10-11; Amos, 5, 12 eta 8, 6; Jer. 22, 13-19; Is. 42, 6-7 eta 49, 8-9).

Fede ikuspegitik, Jainko Erreinura hurbiltzen duen eta zuzentasunean eta askatasunean egiazko hazkundea dakarren urrats historiko orok, presoak eta gartzelatuak urritzea eskatzen du.

Gizartea presoen eta presondegiko egoeraren aurrean

Presoak ez dira gure gizartetik eten beharreko gorpuzki gaixoak. Gaixotasun larrian dagoen gizartearen ezaugarri baizik: batzutan gure erruen eta gure bidegabekerien istilu itsusi badira ere halako ezaugarriak, bestetan asaldatu egiten gaituzten eta gizarte zuzenago bat bilatzen laguntzen diguten "sendagai minberatsuak" izan ere daitezke. Gizartea zenbat eta zuzenago, hainbat eta preso gutiago. Baldin hauek gehitzen badira,... zerbait funtsezkoa ez dabil ongi.

Neurri batean nahiz bestean denok gara dagoen legediaren erantzule, boterean den alderdi politikotik hura baiezten lagundu zuten alderdietara, errotik haren aurka jarri ez zirenak barne erakunde iuridiko, politiko, sozial eta erlijiosoak eta lanegiten ez duten hiritar guztiak gaur egun lege zuzenak erdiesteko, egiaz defenda dezaten babesgabea, eta une honetan, bahitua eta gartzelatua.

Lan asko egin behar dugu denok zuzenbide gehiago izan dadin egiaz bahituen eta presoen arloan. Pairatzen duten zuzengabearen eta egoera zabarraren aurrean, hil arteino haiek egin gose grebak erantzukizun eta erradikaltasun handienetako ekintzak dira. Ez dira buruhiltzaileak, zenbait sail politikok eta erlijiosok azaldu nahi izan duten bezala. Injustiziari eutsiz heriotzera daramatzatenen aurrean, haien jokabidea, aldiz, gisa-hilketaren salakizun da eta egun batez zuzenbide gehiago iritsiko denaren iragarpen ere bada beste presoentzat, horretarako zenbaitek beren bizia eskaini beharko duten arren.

Haien etxekoak, batzutan erruki diegunak eta gehienetan adikortasun eta axolagabe eta etsaikeriaz hartu ditugunak beren salakizunen eta mugi aldien aurrean, haietxek izan ohi ditugu etengabeko akusazio eta sufritzen dutenen garrasia entzunerazteko ezten.

Presoek gaituzte ebanjelizatzen eta amnistiara hurbiltzen

Ez ditzakegu gure gogoeta hauk buka, eskandalagarri (Jesusen Berri Ona eskandalagarri den bezala!) gerta dakizkiguken bi alderdi aipatzeke:

Presoak eta hauen egoerak, hauen problemek guztioi deihadar egin ez ezik ebanjelizatu ere egiten gaituzte. Kristau ikusmiratik, presoen errealitateak eta hauen egoerak ikus eta uler arazten digute askatuak izatea dela hain zuzen haiekiko zuzentasuna, Jainkoaren zuzentasuna. Eta hau da presoak isilka oihukatzen dutena: bai asko falta zaigula oraindik gure artean Jainko Erreinua egia bihur dadin. Zeren eta ikusi berri dugu, Erreinuaren, garai mesianikoen seinalestariko bat presoen uztaiak apurtzean datzala eta presondegietako sarrailak irekitzean. Horregatik, presoen askapena bitarteko da lotzen gaituen gizartea askatzeko.

Behar beharrezkoa da, beraz, amnistia etengabe bat, presoen eta hauen errepresioaren problema sortzen duten arazo sozial eta politikoei aurre ematen hasi beharko den amnistia bat. Amnistia horren alderdi funtsezkoa eta aurrenekoa lege errepresiboak ezabatzea da. Hau aldezkatzen duena Ebanjelio biderik onenean dabil. "Amnistiaren" garrasi hau entzuten ez duena, berriz, ziur egon daiteke Jainkoaren deihadarra ez duenik entzuten.

EUSKAL HERRIKO APAIZ BATERATZAILEA


Euskal Herria

Presoak eta gabonak

Adiskideok: Gure herriak beti elkartu ohi ditu Gabonetako egun mamitsuak eta etxetik kanpo direnen itzulera: arrantzaleak, soldaduak emigranteak, atzerriratuak eta presoak. Hator, hator, mutil, etxera. Jaiotetxearen berotasunean egun hauetan bilduko diren etxekoen urruntasuna aaizatzen duten guztien itzulera.

Eta gure herriaren sen hain gizakor hau, baieztaturik aurkitzen dugu Ebanjelioan. Mesias Salbatzailea mundura datorren honetan, haren egitekoa honako hau dela irakurtzen baitugu: "behartsuei berri ona eman, gatibuei askatasuna iragarri, itsuei ikusmena hotsegin eta zapalduei askatasuna". Eta Jesusek bere bizitzako zeregina azaltzean eta Jainko Aitak zertarako bidali duen adieraztean, harritu egiten gaitu bere zeregin salbatzailea presoak askatzea dela bi aldiz azpimarratzean.

Ez genuen uste, bada, betiko bizitzan eta eremu espiritualean salbatzera zetorkigula Mesias? Orain, aldiz, haren ebanjelioa ongi irakurtzen baldin badugu, zera nabarri da, halegia, Jesusen erlijioa, ia erabat, orain eta hemen, zapalduen askatasuna gauzatzean eta presoei gartzeletako ateak irekitzean datzala; hator, hator, mutil, etxera lehenengoz abestu zuena Jesus bera izan balitz bezala. Salbazio idealista faltsuetatik, ezertxo ere ez. Gure Jainkoaren salbazioa ondo materiala da eta erabat gaurkoa: kartzelak ireki, ikusmena itzuli, kateak hautsi. Hauxe da, bederen, Nazareteko Jesusi entzuten dioguna, zertara datorren, Jainko Aitak zertara bidaltzen duen lau haizeetara aldarrikatzen duenean.

Honelaxe hasten du bere bizitza eta honelaxe amaitzen; gogoratzen duzuenez, azken juizioan gu epaitzeko erabiliko duen irizpidea hauxe izanen baita, hain zuzen: Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok, gose eta egarri bait nintzen, eta zuek jaten eta edaten eman zenidaten; espetxean nengoen, eta Niregana etorri zineten edo askatu egin ninduzuen", hizkera biblikoan berdintsua baita. Hasi zuen bezala amaitzen du Jesusek bere bizitza, entzun nahi dionari zera gogoraziz, hots, bere ebanjelioa berri ona esklaboak askatzekoa eta kateak haustekoa dela. Honelakutxea da gure Jainkoa eta Salbatzailea: gaurkotasunez betea, uso materialista, lur gainean eta errealitate gizatiarretan finkatua, gure aldiko gizon kateatuaren duin den Jainkoa eta aldi ororen duin dena.

Eta zergatik izango ote da Jesusek behin eta berriz errepikatzea preso eta baztertuak beraien loturetatik askatzea? Dudarik gabe, Nazareteko Jesusek, bere herrian erroturik, judutar herriaren oinazeak aragi bizian sufritzen zituanak —Pablok dioskunez, "beste edozeinen antzera bizi izan bait zen— gehien sufritzen zuenaren adina sufritzen zuen armada arrotz baten menpe bere nazioak pairatzen zuen okupazioa eta zapalkuntza. Ongi informaturik zegoen Jesus, inbaditzaile erromatarren kontra burrukatzen zuten aberdidez beterik zeudela Jerusalengo presondegiak, eta, badakigu, bere apostoluetariko batzu (Pedro eta Judas, adibidez) gerrilero ziren "zelotas" —en tartetik— erromatarrek bandolero eta terrorista deituko zituzkeen hautatu zituela; inbaditzaileari aurpegi ematen ziotenak eta enbuskada eta atentatuen bidez beraien lur maitearen okupazio-indarren kontra burrukatzen zutenak.

Izan ere, Jesusek ba daki espetxea dominatzaileen asmakari (inbentu) krudela dela eta ba daki, espetxe horietan, tortura, eguneroko ogia dela, eta ba daki, egun batez, bera ere indar inbaditzaile horiexek detenitu eta torturatu egingo dutela, eta horixe bera gertatuko zaiela esaten diete bere jarraitzaileei. Jesusek ba daki tormentu eta presondegi horiek herri zapalduaren egoeraren ezaugarri gordinena direla eta zapaltzaileek beraietan sartzen dituztela dominazioa asmoen aurka ari diren guztiak. Eta horrexegatik daki gartzela horiek irekitzean, askatasun eta justiziazko erreinu berria hasten dela. Morrontza ororen salbatzaile gisa datorkigu Bera, eta horrexegatik bere bizitzako unerik gorenetan bere xeden askatzailea adieraztean, esan eta berresan eta gonbidatu egiten ditu bere jarraitzaileak kate guztiak apurtzera eta presondegi guztiak irekitzera. Hauxe da bere ebanjelioa berri ona, eta hauxe da bere erreinuaren etorreraren ezaugarria.

Eta guk, Haren jarraitzaile izan nahi baldin badugu, egun hauetan inoiz baino gehiago, bere herriari osasun osoa eta munduan gaizki dagoena ongi jartzera datorkigun jaioparriarengana hurbiltzen garen egun hauetan, berezkoa da eta izan behar du gure sentipen eta konpromisoa, gure Jaunaren zeregina geure zeregintzat hartzeko. Har dezagun, bada, Hark bezala, lehen zeregintzat: zapalduak askatzea, ez —ikusi eta ez— jakin egin nahi duten itsuen begiak zabaltzea, loturak hautsi eta presondegiak irekitzea. Hator, mutil, etxera Jesusen egitekoa da eta gure egitekoa ere bai, gustatu ala ez. Edo D. Quijotek esaten zuenez: "Askatasuna, Sancho adiskide, dokatu behar da bizitza". Eta gu, Quijoteak izateaz gain, kristauak gara. Gustatu ahal zaizkigu ala ez, ados egon gintezke ala ez, gure herriko gaurko "zelotas-en" burrukabideekin, baina ez gintezke bat etorri-ez ebanjelioarekin eta Jesusen egitekoarekin, zein bere gisa eta modura, noski, Haren jarraitzaile izan nahi baldin badugu.

Ze ongi ulertu zuen guztiau, Ecuador-eko Riobambako Gotzaiak, poliziak, orain dela gutti, bere etxea inbaditu eta goikoz behera jarri zuenean paper konprometigarriak bilatzeko ustez eta atxilotuta eraman zutenean. Poliziei aurpegi eman eta zera esan zien: Baina jaunak, etxean dudan paperik konprometigarriena ez duzue hartu. Zein da, bada? Ebanjelioa, jaunak; horixe da nik dudan libururik subertsiboena eta konprometituena, liburu horretan hain zuzen ere Jesusek gonbidatzen bait nau ordena injustua aldatzera eta neure herria zapalkuntza guztietatik askatzera "handikiak beren aulkietatik bota eta ezerezak jasoz". Eta horrelaxe ulertu zuten Ebanjelioa apostoluek garai hartako komisaldegietara eraman zituztenean eta torturatu eta, azkenez, erahil zituztenean, subertsibo gisa akusatuz eta ordena eta legearen arario bezala salatuz. Hauxe da, adiskideok, gure Ebanjelioa, eta ulertu nahi duenak uler beza. Eta norberak Jesusi erantzun diezaiola, zeren, gogora dezagun, Juizio egunean zera galdetuko digula Epaikari gorenak: Gose nintzen eta jaten eman zenidaten ala ez, gaixorik nengoen eta ikustera etorri zineten ala ez, preso nengoen eta askatu ninduzuen ala bertan behera utzi ninduzuen? Besteei egina neroni egiten didazue.

Eta ez genuke amaitu nahi hitzaldi hau, aurreko guztiarekin oso loturik dagoen gai latz bat ukitu gabe, beste behin ere aireatu eta salatu beharrekoa. Torturen gaia, hain zuzen. Ba dira koldar eta zinikoak arlo honi garrantzia kendu nahiko liezaioketenak. Baina, adiskideok, gauza bat da denok nahi genukeela gure herriko arazoak biolentzia eta heriotzarik gabe konpontzea; bihotzez nahi dugun zerbait da izan ere, inork ez ditzala indarrezko bideak erabili, armak dituztenetatik eta beraien pribilegioen defendatzaile eta jendarmeak hortzetaraino armatzen dituztenetatik hasita, noski...; baina errealitatea beste gauza bat da eta beste gauza bat baita ere Jesusek agintzen diguna, Aita Santu eta azken kontzilio Vatikanoaren ahoz.

Guk, gaur, ezin dezakegu ixildu, bereizgabe, neurrigabeko eta eskubide ororen bortxatzaile diren detentzioen arazoa eta torturen arazoa, guztiok dakigunez, gure artekoa baita. Ixiltzea edo oso komodua edo oso lotsagabea litzateke. Baina, guzti honetaz, Paulo VI.ak agintzen diguna gogoraztea aski da, zera dioskunean: "Torturak, hau da, detenituengandik nahi diren aitorkuntzak indarrez ateratzeko erabiltzen diren metodo polizial krudel eta ezgizakorrak erabat kondenatuak izan behar dute. Eta salatu egin behar dira, pertsonaren duintasunarentzat iraina baitira".

Eta esana zuen, lehenago Vaticano II. Kontzilioak (Gaudium et Spes rr. eta 26. zenb.) zera exijitzen duenean: "pertsonen osotasuna bortxatzen duen oro, hala nola, mutilazioak tortura fisiko eta moralak, besteen burua meneratzeko saioak, berez, giza zibilizazioa oinperatzen dute, borreruak biktimak baino areago desohoratzen dituzte eta Egileari sor zaion ohoreari erabat kontrakoak zaizkio".

Adiskideok, ez genuke demagojiarik egin nahi, beraien senideak, gaur, hemen eta orain, detenituak, torturatuak, doilortuak eta zanpatuak direla dakiten guraso, senar naiz emazte edo adiskideak gogoratzean. Sinistedun bezala, Aita Santuaren orientabideak jarraitu nahi genituzke eta beste behin, salatu, zapuztu, kondenatu eta madarikatu egiten ditugu, ororen gainetik eta entzunak izan nahiz ez izan, gisa horretako eguneroko praktikak eta errealitateak, piztientzako egokiagoak gizonentzako baino. Entzun nahi duenak, entzun beza eta erantzun nahi duenak erantzun diezaiola Kontzilioari, Aita Santuari eta norberaren kontzientziari.


Nazioartekoa

Yanquiak El Salvador-en

Umeentzat ertozik ibiltzea ona da. Honela errezago lor ditzakete planetak emandako jario onuragarriak, lurraren dardarak,... Landareek eta animaliek ez dute zapatarik erabiltzen... Biologoek 5 zentzu bakarrik aurkitu dituzte. Baina egia esan 10 dira, gosetea, egarria, umegintza, txisa eta kaka egitea, hauexek dira biologoen zerrendan aipatzen ez diren zentzuak... Erahilketa haundiagoa da inhurri bat hiltzea gizon bat hiltzea baino, zeren gizon bat hiltzen denean birgizondu edo errenkarnatzen da. Inhurri bat hiltzen denean betirako izaten da".

(Maximiliano Hernandez Martinez diktadoreak esandako hitzak)

1980.eko Abenduak 3: Juan Plutarco Domínguez juezarengana nekazari batzu heltzen dira lau gorpu aurkitu zituztelarik esanez. Plutarco Domínguez Zacatecoluca berriko jueza zen eta berehala abiatu zen gorpuak zeuden tokiruntz. Heldu zenerako Goardia Nazionalekoek prest zeukaten 1,80 metroko hilobi bat. Gorpuak ezagutzea ez litzateke zaila izango baina polizien aurrean ez zuen beste irtenbiderik: ezezagunak zirelakoan izenpetu zituen hil agiriak.

Gorpuak lau monjarenak ziren, Ipar Ameriketako lau emakume misiolarirenak. Lau egun geroago Robert White EEBBetako enbajadorearengana heldu zen berria. Hau lasterrean Zacatecolucarako bidea hartu zuen". Ez naiz leloa eta ba dakit halako hilobi bat egiteko denbora luze behar dena. Oraingoan ez dituzte berenak egingo". Misiolari hauek aideportura zihoazelarik Goardia Nazionaleko kontrol batetan ikusi zituzten azken aldiz. Ordu batzu gerotsuago goardiek hilobia prest zeukaten. Gauzak ezin argiago.

Washingtonen Carter jaunak El Salvadorreko junta militarrari ematen zuen laguntza geldiarazi egiten du eta talde ikertzaile bat bidali. Talde honen buru William BOWDLER, Interamerikako Arazoetarako Estatu Idazkaria zena. Abenduaren 7an junta militarreko 4 kidekin elkartzen da eta egun berean Dominguez jueza sekuestratua izan zen. Hurrengo egunean, 8an, Bowdler-ek ikerketa sakon bat prometatzen du. Dominguez, egun berean ere, hilik agertuko da bala bat buruan eta burua ebakirik. "Buru bat ezin kulpatu menpeko batek egindakoaz... Inork frogarik balu azal ditzala. Bestela ez dezala gezurrik bota" esan zuen Duarte lehendakariak.

Baina hitzak hitzak dira, haizeak parrez daramazkitenak eta Bowdlerrek ez zuen ikerketaren erresultadorik behar. Ez zuen nahi erresultadorik, ez zuen nahi ikerketa egiterik. Sei aste barru Carterrek berriro eskeini zion bere laguntza junta militarrari.

Dena dela Bowdlerren bidaia ez zen alferrekoa izan. El Salvadorreko gobernuaren aldakuntza guztiak beronek superbisatu zituen eta berak ere Majano jenerala junta militarretik botatzea erabaki. Hilabete lehenago Bowdler El Salvadorren izan zen Romero jeneralaren kontrako golpea prestatzen eta lehen junta militarra sortuko erreformista eta erreakzionario batzuren artean. Erreformisten buru Majano.

***

 El Salvador herriarekiko elkartasun batzordeak Hego Euskal Herrian:

* Iruinea. Apdo. Correos 1112.

 * Donostia. Padre Larroca 8. Local de la Asoc. de Vecinos de Gros.

 * Bilbo. Lutxana 1-4. Depart. 4. Teléf. 416 61 57.

***

Lehen junta militarra

1979. urtea. Nikaraguan iraultzaileek irabazi eta garaipenaren ohiartzuna mundu guztira zabaltzen da. El Salvadorra ere. Erakunde herritarrak elkartzen hasiak ditugu. Bitartean dirua kanporatzen. Frantzia, Bretainia Handia eta Mendebaleko Alemaniak beren enbajadoreak herriratuz errepresioaren aurka protestatzen zuen.

Maiatzean Majanok eta bere tropak eskuinaren golpe bat behera botatzen dute. Golpea D'Aubuissonek —UGB eriotzaren eskoadroikoa —eta honen lagunek nahi zuten eman. Majanok preso hartu eta giltzapean sartu zituen baina handik lasterrera askatuak izango dira.

Romeroren gobernua oso larri dabil eta azken ahatsa botatzen du: amnistia orokorra, herbesteratuen etxeratxea eta hauteskunde berriak. Baina promesak bakarrik. Herria ez dago txantxetarako eta oposizio osoa Romeroren kontra altxatzen da, bai erreformistak bai iraultzaileak. Ezkerra egunero ari da indartzen eta ofensibara pasatzeko gauza bat bakarrik falta da: Batasuna.

USAk gauzak honela ikusirik Romero aldatzea erabakiko du eta lehen junta militarra ezarri. Lehen juntan gizon hauek zeuden: Majano, erreformisten buru, Jaime Garcia, Jose Gutierrez, Mario Andino, —hirurok USAren adiskideak— Roman Mayorga —Unibertsitate Katoliko errektore— eta Guillermo Ungo, azken hau alderdi koalizio batetik. Ipar amerikarrek ipinitako hiru lagunak ezagunak ziren CIArekin izandako harremanak zirelarik.

Junta honek aldakuntza batzu planteiatzen ditu ekonomi arloan, bankaren nazionalizazioa eta nekazal berrikuntza, garrantzitsuenak. ORDEN talde parapolizialaren disoluzioa ere baina Majanok berehala berpiztu zuen ejerzitoarekiko erlazioa galdu gabe.

"Hemen benetako boterea gizon batek dauka, Garcia jaunak, Defentsarako eta Seguritate Publikoko Ministroak, berak eta militar buru batzuk" idatzi zuen Enrique Alvarez Cordovak 1980.eko Urtarrilaren 3an bere dimisioa eskatzerakoan. Alvarez Cordova Nekazaritzako ministroa zen lehen junta militarrean eta erreforma batzu prestatu zituen. Beronek prestaturiko erreformak Washingtonen ez ziren onartuak izan, komunistak zirelakoan agian. Alvarez Cordovarekin batera juntako beste gizon bik presentatu zuten dimisioa: Ungok eta Salvador Samayoak, azken nau Heziketa ministroa zena. Samayoak, azken hau Heziketa ministroa zena. Samayoak prentsaurreko bat eman zuen, rifle bat hartu eta indar herritarrekin borrokatzera joan zen. Handik hilabete batzutara Ungok eta Cordovak gauza bera egin zuten arma banarekin.

Junta militarra bakar bakarrik geratzen zen eta Bowdler jaunak Bonn eta Madrila jo zuen laguntza eska, interbenzio militarra zen bere helburua eta horretarako laguntza behar zuen. Hauek ez zeuden ados. Venezuela, ostera ez zuen ezetzik esan baietza eman ez bazuen ere. Bitartean eskuindarrak ejerzitoaren kontrola lortzen ari dira eta Gutierrezekin biltzen dira kolpea eman nahiean, otsailan. Gutierrezek kolpea ez ematearen truke junta militarrean sartzea eskeintzen die. Honela Napoleon Duarte eta Morales Ehrlich sartzen dira juntan. Oraingoan Nekazal Berrikuntza eskuindarrek eratuko dute, horretarako USAK 35 miloi dolar eskeintzen dizkie AID (Nazioarteko Aurrerakuntzarako Ajentzia) delakoaren bitartez eta kontsejero batzu AIFLD erakundearen bidez.

Ezkerra ez zegoen geldi eta lehen junta militarra ezarri zen egun berean insurrekziora deitzen du "ERP-Ligas Populares 28 de Febrero" taldeak. Handik bi egunetara FPL-BPR taldea ekintzara pasatzen da San Salvadorreko katedrala okupatuz.

Nekazal berrikuntza

El Salvadorrerako Nekazal Berrikuntza edo Erreforma guztiz garrantzitsua da. Herri honek 4 miloitik gorako biztanlegoa dauka eta lurrez 21.000 km2. bakarrik, hauek 204 biztanleko dentsitatea ematen digute (Estatu espainolak 73,3 bizt/km2).

Estatu Batuen laguna arlo honetan AIFLD deritzon erakundea dugu 1966tik aurrera. Erakunde honek 1968an Herri Elkartasuna (UCS) sortzen du, mila nekazari baino gehiago erakarriz. Baina erakunde hau gobernuaren gustokoa ez zenez AIFLD expulsatua izango da urte berean. Zergatik? Eskuindarrak ez ziren ipar amerikarrez fidatzen zeren hauek industrializazioari pisu handia ematen baitzioten eta El Salvadorreko eskuina ordura arteko nekazal sistemaren aldekoa zen, industrializazio prozesuaren beldurrez.

Nahiz eta AIFLD expulsatua izan, OCS-ek bizirik iraun zuen —ofizial mailan ere— eta bion arteko erlazioak ez ziren inoiz apurtu.

Nikaraguan sandinistek boterea hartu zutenean AIFLD-ek jarraitu zuen El Salvadorreko nekazal berrikuntzaz Alvarez Cordovaren erreforma baztertu ondoren. Berrikuntza 1980eko martxoaren 6an hasi zen, egun bat lehenago adierazpen, prentsa askatasunak, "habeas corpus" eta bilerak egiteko eskubide guztiak desagerturik militarrek ez zuten inolako oztoporik herri osoa okupatzeko. Berrikuntzaren eragilea Roy Posterman ipar amerikarra dugu, Vietnametik etorritako gizona.

Roy Posterman Washington Unibertsitateko katedratikoa, deretxo alorrean, bere burua "UCS eta AIFLD-eko laguntzaile boluntariotzat" jotzen du. Nekazal Berrikuntza martxoaren seian hasten da eta lau izen aipatuko: Roy Posterman; Michael Hammer —AIFLDkoa eriotzara arte—; Rodolfo Viera eta Lionel Gomez, biak UCS eta ISTA (Nekazal Berrikuntzarako Institutoa) erakundeen buru nagusienetarikoak. Erreforma hasi bezain laster protestak" tropak heldu eta nekazariei lurra haiena zela esaten zieten, burukideak hautatzeko eta kooperatibak eratzeko eskubidea zeukatela. Nekazariak, harriturik, buruzagiak aukeratzen zituzten. Baina biharamunean soldaduak berriro etorri eta nik neuk ikusi nuen nola buruzagi guztiak hiltzen zituzten banan-banan" (ISTAko funtzionari batek esandakoa).

Horrela junta militarra uztea erabakitzen du azken zibilak, Jose Alberto Villacorta Nekazaritza Ministrordekoak. Gero eskuindarren amenazak zirela eta herritik alde egin behar izan zuen.

1980ko maiatzean Posterman El Salvadorra ailegatzen da Gutierrez jeneralarekin hitz egiteko. Ez zuen gauza haundirik aurreratu eta bere burua hiltzeko arriskuan ikusirik Costa Ricatik jarraituko du bere laguntzaile lana. Baina ekainaren 5ean UCSko zenbait kontsejo ejekutibokok "ezin dugu berrikuntza hori apoiatu" esaten diote gobernuari bidalitako gutun batetan. Gutun hau argitaratzea Goardia Nazionalak UCSko 12 kide hil ondoren erabakitzen dute.

Erreforma kinko larrian aurkitzen da. AIFLD erakundea eskuin eta ezkertiarren etsaia bihurtzen da eta UCS eta ISTA erakundeetako hainbat langilek gerrilara pasatzea erabakiko du. Bitartean Hammer eta AIFLDko buruek poliziaren laguntza eskatuko. Viera, beldur da ejerzitoaren jokabideaz eta sarritan erakundea uzteko pentsakizunak datozkio burura. Posterman jaunari agintzen diote Vierarekin bilera bat izateko. Honek ez du nahi eta Hammer izango da Vierarekin hitz egingo duena. Elkarrizketarako Sheraton Hotela aukeratzen dute nahiz eta Posterman jaunak lehendik bere gizonei Hotel honetatik ez agertzea eskatua izan. Dena dela Hotel barruan zegoelarik gazte batzuk kontrol guztiak gainditu eta biak eta Mark Pearlman, Hammmer jaunaren laguna, hiltzen dituzte. Gazteek alde egitea lortuko dute.

Reagan: zapalkuntza

Reaganek hauteskundeak irabazirik ipar amerikarren kontrako atentatuak berehala ixiltzen dira.

Eskola katoliko bat. Oposizioak prentsaurreko bat emateko bere buru nagusiak bildu ditu. Polizia Fiskala eta Goardia Nazionaleko gizon batzu, uniformez jantzirik, eskolan sartu eta 27 pertsona sekuestratzen dute. Hauen artean Enrique Alvarez Cordova, FDR taldekoa Nekazal Ministeritza utzi ondoren. Hurrengo egunean Cordova eta beste 5 gizonen gorpuak bide bazterrean agertzen dira, mutilaturik Cordovak ukabila hertsirik eta tente ei zuen. Ekintza gogorra. Irtenbide politikorik ez dagoen seinale. Horrexegatik da hain berezia 1980.eko Azaroaren 29a El Salvadorreko egoera ulertzeko; egun horretantxe zeazten baitira jokabideak.

Nekazal Berrikuntza atzean geratuko da Viera hil eta gero beronen bigarren Lionel Gomez jaunak izkutatua bizi behar izan zuen eta laster Estatu Batuetara jo. Agian ISTAko funtzionari guztiak hilik edo izkuturik daude, edo herbestean.

Ezkerra apoioa irabazten eta gogor jarraitzen du borrokan, herri ugari bere eskuetan daudelarik. Horretarako FLFM da burruka armatua aurrera eramateko taldea.

Haig jenerala behin baino gehiagotan aipatu du inbasioaren posibilitatea, ez bakarrik El Salvadorrena, Nikaragua eta Cubarena ere bai. Oraindik ez da erabaki ze eratara. Bi aukera daude. Bata, interbenzio zuzena. Bestea, beharbada pisu gehiagokoa, beste herrietako ejerzitoen bidez, esaterako Honduras, Guatemala,...

Lehen aukera ia bazterturik dago, bigarrena oraindik ez. Honela ipar amerikarrek ejerzito bat eratuko zuten. Horretarako prolema bat: Nola eratu garaiz ejerzito hori?

Guatemalak ba dauka ejerzito ona, ongi prestatua, baina beharrezkoa du bere barruan dagoen mugimendu herritarra baretzeko. Hondurasek USAren laguntza izan arren ejerzito ahula dauka, gainera El Salvadorrekin izandako "Futbol Gudua" zelakoaren ondoren ez da egokiena. Venezuela, junta militarraren aldekoa izanik ere, kritiken beldur da eta ez du zeregin hori beteko.

Beste hirugarren aukera ere kontutan artzekoa da. Kubanoek, herbesteratuek jakina, eta Somozaren Goardia Nazionalekoek osatuko luketeen ejerzitoa. Gaur hauek iadanik Nikaraguaren kontrako ekintzetan hartzen dute parte edo eriotzaren eskoadroietan.

Bitartean diru laguntza aurrera doa. Herriak, aldiz, gogor ekiten dio burrukari. Nork irabaziko?

Adolfo Irigarai

***

Eriotzaren eskoadroiak edo talde parapolizialak

Nekazariak "baretzeko" latifundista nagusiek zituzten ejerzito pribatuak lirateke eriotzaren eskuadroiak deritzen taldeen iturria. Ejerzitu pribatu hauek oraindik ere irauten dute, baina erahilketa gehienak nazio mailan finkatuak dauden erakundeek egiten dituzte eta ejerzito, guardia nazional eta poliziarekiko harreman hestuak dituztenak, askotan horiekin ere ekintzaren bat egiten dutelarik.

1980.eko maiatzaren 22an 7 eskuadroi taldekoek prentsaaurreko batetan adierazi zutenez zazpiak bat egitea erabaki zuten "alderdi komunistaren buru nagusi guztiak garbitzeko asmoz... marxistak apoiatzen dituzten gobernuko partaide guztiok ere eta komunistak... Juntan boterea hartzeko komunista ugari infiltratu baitira. "Dena dela Gobernuarekin harreman sendoak dituzte eskoadroi guztiok.

Eskoadroi ezagunenak ikusiko ditugu: ORDEN, UGB eta FALANGE taldeak.

ORDEN

1968. urtean Jose Alberto Medrano "chele" jeneralak sortutako taldea, goardia nazionaleko buru zelarik. Medrano 1972.eko hauteskundeetan EEBBen hautagaia izan zen. Nahiz eta lehen junta militarrak ez-legaltzat jo lege dekretoz, Medranok berriro berpiztu zuen Fronte Demokratiko Nazionala (FDN) izenpean.

ORDENen indarra 50.000-100.000 gizonetan neurtzen da. Baliteke ere kopuru hauek haundituak izan bildurtzeko asmoz edo. Beti izan da militarren ondoan, 1968tik 1979ra bitartean militarren adar ofiziala izan zen eta bere kideek armak edukitzeko eta ekintzak egiteko baimena zuten. Gautemalak armak bidali eta bere lurrak uzten dizkiete israeldar instruktoreek entrena ditzaten. Talde honen bilerak poliziaren lokaletan eta goardia nazionalaren bulegoetan izaten dira.

Sampol hibaiaren ondoan izandako erahilketan hartu zuen parte 600 nekazari erahilik. Hauek ORDEN eta Goardia Nazionala hibaiaren alde batean eta Honduraseko ejerzitoa bestean inguraturik erahilak izan ziren. Umeak aidera bota eta tiro egiteko diana moduan. Emakumeak bortxatuak eta zigortuak erahil baino lehen. (Hau adibide bat besterik ez da, Mogotes herrian gertatua)

UGB

Robert D'Aubuisson buru delarik eriotzaren eskuadroirik politikoena dugu berau. D'Aubuisson Washington-eko Nazioarteko Polizia Eskolan trebatua eta Romero jeneralaren gobernupean intelijentzi zerbitzuaren bigarren buru zelarik hark berak superbisatzen zituen torturak.

D'Aubuissonek beti izan ditu CIArekin harreman sendoak eta hauekin maiz izan ditu bilerak.

UGB-ren lehen ekintza zera izan zen, jesuita guztiak amenazatu, El Salvadorren jarraitzen baldin bazuten hilik suertatuko zirela. Gutxienez sei edo zazpi jesuita hil dituzte.

D'Aubuissonek betidanik izan ditu CIArekin harreman sendoak eta EEBBetako enbajadore izan zenak, Robert White jaunak, "erahiltzaile sikopata"tzat jo zuen behin.

FALANGE

FALANGE talde hau ejerzitoko eta indar zapaltzaileetako zenbait kidek osatzen dute. Bere ekintza nagusia indar herritarren laguntzaile diren soldadu guztiak hiltzea litzateke, baita ere permisua eskatzen duten soldaduak (permisua eskatu eta ez omen dira berriro agertzen).


Elkar ikuska

Alfonso Irigoyen: linguista eta beste hainbat gauza

Euskararen arloan zerbait ibili den nork ez du ezagutzen Alfontso Irigoien?

Baserritar itxurako bilbotar honek beti darabil ezpainetan halako erdi irribarre bat: ez dakizu sekula zutaz trufatzen ala mesfidatzen den. Erantzun bat eman orduko pentsa egiten du eta politiko abilen moduan, sarritan, berak adierazi nahi diguna erantzuten du eta ez galdetutakoa. Egia esan, honek ez digu askorik ardura izan, gu ez goazelako jendearengana esan nahi ez duena ateratzera, gure helburua beste bat da: zerbait esateko duen jendea ezagutzera ematea.

"Fontso" hainbat arlotan saiaturikoa da, eta arlo horietarik ezezagunena agian, pinturarena izango da. Hamabi urte zituela, 1941. urtean, Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan sartu zen eta dibujua ikasten saiatu hiru urtetan, lehen saria irabazirik hiruretan. Pintore talde baten ere ibilia da, gaurregun entzute handikoak diren batzukin —Barceló, Ibarrola, Sota, Toja...— eta hiru erakusketa egin zituen, bi bakarrekoak. La Gran Enciclopedia Vasca-k argitaratutako "Pintores y Escultores Vascos" delako bildumako XV liburuan agertzen da Alfonso.

ANAIT.— Pintore sentitzen zara?

ALFONSO.— Ni lehenengo pintorea izan nintzen eta gero euskal munduak sartu. Garai batean asko pintatzen nuen baina euskal munduan sartu nintzenetik nahiko utzita izan dut. Azken urteotan zerbait egiten saiatu naiz eta aurten Aulestiko paisaje bat pintatu dut eta nire emaztearen erretratu bat ere egin dut, beste gauza txikiagoen artean. Bera oso pozik dago erretratuarekin eta oraindik askoz ere pozago lehengo egunean Lazaro Uriarte pintura kritikoa gure etxera etorri zelako eta sekulako laudorioak egin zituelako erretratuagatik.

ANAIT.— Damututa zaude uzteagatik?

ALFONSO.— Ez, ez, beharbada damututa egon naiteke lan gehiago egin izan ez dudalako bai euskal linguistikan eta bai pinturan. Behar bada gehiago egin behar nuen eta damua bide horretatik etor daiteke.

ANAIT.— Agian zure dibujurik ezagunena Sebero Altube-ri egin zenion erretratua izango da. Noiz egin zenuen hori?

ALFONSO.— Urtea ez dut gogoratzen ondo baina 1961.ean izan zela uste dut, azaroaren 14an. Jadanik mugaz beste aldetik etorria zen eta Gernikara joan nintzen. Han jarri zen bere gelan, txapela eta bufanda ipini eta egin nion. Gero hainbat urtetan eduki nuen, baina Leopoldo Zugaza etorri zen batean, erosi nahi zidala eta, saldu egin nion. Berak du orain.

Euskal munduan murgildurik

ANAIT.— Noiz sartu zinen hizkuntzalaritzan eta euskararen munduan?

ALFONSO.— Aspaldiko urteetan Euskaltzaindian sartu nintzen euskarazko klaseak ematen; orduan ez zen alfabetatzea eta berreuskalduntzea deitzen baina guk lan hori egiten genuen. Norbaiten beharra zegoen eta neu sartu nintzen Nazario Oleaga-rekin batera eta harrez gero Euskaltzaindiko gauza guztietan ibili izan nintzen, Euskera aldizkaria ere atera nuen, bertsolari-txapelketak ere prestatu genituen Euskal Herri osoan eta mila gauza... ez dakit, luzeegi joango litzateke guztia esatea. Gero Salamanca-ra joan nintzen estudioak egitera; han Filologia klasikoak egin nituen eta. Deustuko Unibertsitatera sartu, eta geroago, Institutoko katedra bat irabazi dut.

ANAIT.— Linguistika arloan zer publikatu duzu?

ALFONSO.— Artikuluak asko, Euskera-n, Fontes-en eta halakoetan. Orain, esate baterako, Gasteizen, "Congreso de Estudios Históricos, Vitoria en la Edad Media" izeneko jardunaldietan irakurritako lan bat publikatu da "Sobre el topónimo Gasteiz y su entorno antroponímico". Beste alde batetik atera berria den Leioan egin zen Nazioarteko Jardunaldien liburua —iker 1— eta hor nire lan bat dator "Haur ola zirola. Elementos deícticos en lengua vasca".

Euskara irakaskuntzan

ANAIT.— Esan duzu Institutoko katedra bat irabazi duzula, ba, hari horri jarraituz, uste duzu gaurregun institutoetan eta eskoletan ematen diren euskarazko klaseak zerbituko dutela ezertarako?

ALFONSO.— Bai, zeren umetan ikasten den hizkuntza bat gero lantzen baldin bada, balio duen gauza bait da. Ez da berdin hizkuntza bat lau-bost urtekin ikastea —nahiz eta lehenengo urteetan guztiz ez ikasi— edo hogeita hamar urterekin hastea. Bost urtekin hasi direnak gero euskaraz ondo ikasi behar dut esaten badute, oinarria ba dute.

ANAIT.— Inoiz normalizatuko da benetan euskara?

ALFONSO.— Ez da gauza erraza, problemak handiak ditu. Jakina, Euskal Herrian euskaldunak gutxiengoa gara eta normalizatzeko gehiengoa izan beharko ginateke. Gaurregun ba da neurri batean edo bestean plan bat, gogo bat Euskal Herria berreuskalduntzeko, baina oraindik ez da nahikoa. Gehiagora joango balitz ere, umeak irakaskuntzan euskaldunduko balira ere, ez litzateke nahiko eskolan bakarrik ematea euskara, telebista eta komunikabideak ere horren oihartzuna izan behar dute. Ba dakit telebista bultzatzeko asmotan direla baina hori egia bihurtzea da komeni zaiguna.

ANAIT.— Irakaskuntzaren arlotik irten orduko, Deustuko Unibertsitateari buruzko galdera bat nahi dizut egin. Zuk hor urte asko daramazu klaseak ematen, Euskal Linguistika hain zuzen, eta noski, zure eskuetatik ikasle asko pasatu dira, zenbat gutxi gora-behera?

ALFONSO.— Neuk baneki!! asko.

ANAIT.— Eta nortzu? Esan zeniguke izenen bat, gaurregun arlo honetan ari direnen eta zure ikasleak izan direnen batzuren izenak?

ALFONSO.— Asko dira, baina esate beterako Gotzon Garate, Xabier Kintana, Patxi Goenaga, Adolfo Arejita, Jon Kortazar, Altzibar, Joseba Sarrionandia, Jon Juaristi, Rikardo Badiola eta beste asko.

Poeta

ANAIT.— Literatur arloan zer egin duzu?

ALFONSO.— Batez ere poesia eta nahi baldin baduzu "Sorterriaren alde" liburua, baina literatura baino gehiago gauza erdi autobiografikoa da.

ANAIT.— Poesian, oker ez banago, 1966. urtean "Premio Nacional de Poesia Universitaria" irabazi zenuen eta hurrengo urtean Bilboko Udalaren Lore Jokoetako lorea eta baita Iruñeko Unibertsitatearena ere. Ihaz berriz, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren "Arrese Beitia" saria irabazi zenuen, ez da?

ALFONSO.— Bai, baina ni ez nintzen izan saridun bakarra: lau izan ginen saridunak.

ANAIT.— Hori "Orbel eta Orri" izeneko poema bildumaz irabazi batean zera ipintzen zuen: poeta itxura baino arkitekto itxura handiago hartzen du; imaginazioz urri topikoz josia... Horretaz baduzu ezer esatekorik?

ALFONSO.— Nik horrezaz ezin esan dezaket ezer, behar bada arrazoi dute eta kritika egin dezatela. Gustatzen zaionari gustatzen zaio eta gustatzen ez zaionari ez zaio gustatzen. Geroak esango du zer alderditakoak diren gehiago. Edozein modutan ere neurtua egitea arkitektoa izatea baldin bada poeta handi gehienak arkitektoak dira. Beste batzu aparejadoretara ere ez dira heltzen.

Euskaltzaindiak: normak eman

ANAIT.— Euskal Herrian mundu guztiak entzun du Euskaltzaindiaz zerbait eta halako sinbolo bat da gehienontzat, baina bere barruko berririk apenas dakigun ezer eta zuk, Euskaltzaina zarenez gero horretaz zerbait jakingo duzu, zer da barrutik?

ALFONSO.— Nik Euskaltzaindia kritikatu ere egiten dut inoiz, eta barrutik egin ere, eta nahiago dut ezer ez esatea.

ANAIT.— Euskaltzaindia "Real Academia" da, baina noiz izango da "Akademia erreala", benetakoa, Frantziakoa eta Españiakoa diren bezalakoa, errespetatua, indartsua, arauak ematerakoan ahaltsua?

ALFONSO.— Nik uste dut neurri handi batean ortografiari buruz ipini dituen normak jarraitu egin direla eta Euskaltzaindiari halako errespeto bat diola Euskal Herriak neurri batean edo bestean. Hori etorkizunean mantendu eta hobetu egin behar duela? konforme, eta uste dut ahalegin guztiak egin behar dituela Euskal Akademiak, mesede egin dezakeelako alderdi horretarik. Gure hizkuntzaren egoerak laguntasuna behar du beste ezer baino gehiago.

ANAIT.— Baina legeetan gauza ez doa hain argi. Bai Estatutuan eta bai Normalizazio Legean "Euskaltzaindia es institución" dakar, la famatua kenduta.

ALFONSO.— Hori politikoen kontua da eta ni horretan ez naiz sartzen. Egia esateko, nire eritzia esan baldin behar baldin badut, nik ez dakit Estatutuan zergatik ipintzen duten hori, nik ez bait dut uste inongo konstituziotan akademiak aipatzen direnik. Batzuk aserretu egiten dira "la" kendu dutelako eta abar, eta nik esaten dudan: zergatik ipini dute ezer? Euskaltzaindiari halako zerbait eman nahi badiote, eman diezaiotela de facto, baina ez dago Estatutoan jarri beharrik. Hor agertu ez arren ere, Euskaltzaindiak euskararekiko gai exklusibo bat bere berea dauka, beste inorena ez dena: normak ematea.

Oteizak bertsolarietaz ez daki ezer

ANAIT.— Zer da zuretzat bertsolaria?

ALFONSO.— Bertsoak kantatzen dituena.

ANAIT.— Hori baino ez? Bertsolarien inguruan mitologia asko egin da.

ALFONSO.— Mitologia?

ANAIT.— Bai, esate baterako, Oteizak gure iraganaren ahotsa eta ahaztuta duguna argitzeko bidea... (Hemen Alfonsok ebaki egiten dit eta ahotsa indartuz...)

ALFONSO.— Bueno, Oteizak bertsolarietaz ez daki ezer.

ANAIT.— Idatzi egiten du behintzat.

ALFONSO.— Hori bere gauza da. Idatziko du baina ez dakien gauzaz idazten du.

ANAIT.— Bueno, eta Oteiza baketan utzita, itzul gaitezen harira, zer da bertsolaria: artista, deportista...?

ALFONSO.— Poeta. Orain, poesiak maila asko ditu. Herri literaturan ba dira ahoz-aho guregana heldu diren gauza oso onak eta poesiaren aldetik bere balioa dutenak. Jakina, guregana heldu diren gauzak onak dira, zeren egiten diren txarrak baztertu egiten bait dira.

ANAIT.— Zuk bertsolaritzan zer egin duzu?

ALFONSO.— Euskaltzaindiak egin zituen bertsolari-txapelketetan ibili nintzen hainbat urtetan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; gero, probintzia bakoitzeko txapeldunekin eta Ifarraldeko-ekin —handik Xalbador eta Mattin. etortzen ziren beti— Euskal Herri osoko txapelketa egiten zen, eta ni, guztietara joan nintzen bat bera utzi gabe. Hainbat ibilirik azkenean, bazkalondoetan eta halako zeretan nik neuk ere kantatu izan dut inoiz bertsolariekin, batzutan bertso eskasak eta beste batzutan ez hain eskasak.

ANAIT.— Orduko argazkietan ikusten denez, gai-jartzaile tipikoa zinen. Gaurregun zergatik ez zara ibiltzen?

ALFONSO.— Aspalditik ari dira beste batzuk horretan eta uste dut ondo egiten dutela. Nire beharrizanik ez dute eta ez didate deitzen. Nik ba ditut beste lan asko egiteko, ez dago problemarik horretan.

ANAIT.— Bertsolari artean hainbat ibiliz izango duzu anekdota bat baino gehiago. Konta iezaiguzu baten bat.

ALFONSO.— Iruñeko Gaiarre Teatroan izan genuen Nafarroako Bertsolarien txapelketa nagusia eta Narbarte gelditu zen txapeldun. Gero hori bukatu eta gero, bazkari eder bat egiten zen jende asko joanik. Narbarte-ri emakume bat hurreratu zitzaion periodista zela esanik eta elkarrizketa bat egin nahi zuela berarekin. Jakina, periodista horrek ez zekien euskaraz eta esan zion:

— ¿es usted casado?

— no

— ¿es usted romántico?

eta bere aldamenean Arozamena zegoen eta ahapetik esan zion:

— Hi aizak: zer dek hori?

— Ez zekiat, erantzun zion Arozamenak, eta periodistak berriz:

— Le pregunto si es usted romántico.

— No, no, soy pastor.

Narbartek ez zekien ez irakurtzen ez idazten.

Azkue, Aresti eta Berriatua

ANAIT.— Zuk Resurrezio M. Azkue ezagutu zenuen. Nolakoa zen zuk ezagutu zenuenean?

ALFONSO.— Bere azken urteetan ezagutu nuenez gero jadanik nahiko zahartua zegoen eta orduan, egia esateko, Azkue bera ez dut tratatu. Inoiz Euskaltzaindira joanik, han aurkitu, hitz egiten hasi eta handik bost minututara galdera berbera egiten zuen —ahaztu egiten zitzaizkion gauzak—; orduan, ezin esan dezaket bere nortasun osoan ezagutu nuenik.

ANAIT.— Eta Gabriel Aresti?

ALFONSO.— Nik Gabriel Aresti Antonio Labaien-en bidez ezagutu nuen. Orduan Euskaltzaindiko gauzetan sartu berria nintzen, eta bera euskaldun berria, oraindik doi-doi zekien. Bere garai purista pasatzen zegoen eta akordatzen naiz numerazio berri bat asmatua zuela, Arana Goiri-k egindakoaren antzekoa. Nik orduan gauza guzti horiek burutik kendu nizkion eta Aresti beste bide batera etorri zen gure Euskaltzaindiko orduko joeran integratuz eta abar.

ANAIT.— Imanol Berriatua?

ALFONSO.— Pertsona ona eta zintzoa izan da beti, fraile aldetik frantzizkotar osoa, lege zaharrekoa. Euskararen alde jarri zenez gero oso sutsu ekin zion. Gainera Aita Berriatua hemendik kanpora ere ibilia izan da eta ba zuen bere mundua —inglesa ondo zekien, Cuba-n ere ibili zen— eta kezkaturik zegoen euskararen batasunarekin. Hala eta guztiz ere, Aita Berriatuak garai bat baino gehiago izan du: esaterako, nik ezagutu nuenean ANAITASUNA Bizkaiko euskera hutsean ateratzen zen, baina jendeak ulertzea nahi zuen eta ez zuen inolako kezkarik erdaratikako hitzak sartzeko, ez zen purista. Baina Bigarren aldian berak eta beste askok ikusten genuen euskara batu bat ere behar zela Euskal Herri osorako eta bere bihotz osoa ipini zuen alderdi horretan.

ANAITASUNA

ANAIT.— Imanol ANAITASUNA-rekin zebilenean ezagutu zenuela esan duzu?

ALFONSO.— Bai. Garai hartan ANAITASUNA orri bat zen. Geroago nire esku ere gelditu zen eta zenbait aldaketa egin nion, TBO bat ere sartuz. Gero beste batzuren eskuan ere ibili izan da.

ANAIT.— Zer deritzozu gaurreguneko ANAITASUNA-ri? Gogor eta egia!!

ALFONSO.— Garai batean Aita Berriatuak artikulu guztiak zuzendu egiten zituen, euskara ederra agertzen zen aldizkarian berari esker. Orain, azkenengo aleetan zabarrago ere etorri izan da euskararen aldetik. Nik ideologiaren aldetik ez dut juzkatu nahi, horretan ez dut sartu nahi. Esango nuke, egunkariak atera direnean, bai DEIA eta bai EGIN astekari edo hamaboskari edo hilabetekariak —uler dezagun Z. ARGIA eta ANAITASUNA— pixka bat bazterturik gelditu direla. Lehen kasu gehiago egiten zitzaien beharrezkoagoak zirelako, ez bait zegoen besterik.

ANAIT.— Beraz, zerbait izateko DEIA eta EGIN itxi beharra dagoela: erdaraz esaten den moduan "lo tenemos claro".

Hemen amaitzen dugu elkarrizketa.

Esan beharra dago, lanetik irtenda gero ustegabean harrapatu dudala Alfonso eta nekatuta egonarren ez duela inolako oztoporik ipini. Beraz, eskerrik asko.

JOSE R. BILBAO


Ekonomia

Munduko Futbol Txapelketa: miloetako gaioa

Ez da soilik kirol ekintza hutsa, diru pilaren zabalketa baino. Egia esan, hori da Espainiako ekonomia zaindari direnek uste nahi dutena. Gainerako entrepresetarako dirurik ez baldin badago; esan nahi da, langabezia gelditzeko behar genituzkeenak ireki beharrean, turistak erosoago egon daitezen inbertitzen omen da.

Baina artikuluaren helburua ez da Madrilgo gobernuak ezartzen duen ekonomia politikari kritika egitea, baizik eta, futbol txapelketa mundial hau dela eta mogitzen ari diren miloeak nondik eta norakoak diren azaldu.

Hogeitalau talde izango dira txapelketa mundialaren azken aldi honetara aurkeztuko zaizkigunak. Jende ugari, beraz. Horiek guzti horiek hamazazpi herritan bananduko dira eta 7.368 miloe pezeta beharko omen dira futbol zelaiak nolabait egokitzeko eta konpontzeko, miloeotarik 2.271 miloe RCOE (Espainiako Erreal Kirol Komite) honek jarriko ditu, beste guztia futbol taldeek, berek, jarri beharko omen. Falta diren 5.100 miloeak eskuratzeko mailegu bezeria emango dute bai Eraiketarako Mailegu Bankuak eta Espainiako Herri Mailegu Bankuak. Hauek ezarriko duten amortizapena 11 urtetan ordaintzeko eta %11aren urte interesa.

Zenbaki hauek harrigarriak izan arren, badira, gure ustez, beste zenbait datu aipagarri. Azken partiduak 1.500 miloe pertsonak ikusiko bide dute eta horren aurrean entrepresa handiak jokora hurbiltzen dira.

West-Nally etxeak, hamar urte direla Suiza-Alemania-Ingalaterrako diruaz eraikiriko multinazionala, 36 miloe suiziar franko ordaindu dio FIFAri futbol zelaietan jarriko den Publizitate estatikoa erosteko, publizitate honetan munduko entrepesarik handienek agertuko dute beren burua.

Eskubide hori lortzeko zenbat ordaindu behar izan duen ez dakigu, baina ez da gutxi izango agian. Coca-Colakoek honelako esaldi hau bultzatuko dute haien marka indartzeko: "Coca-Cola: Mundukoaren irribarra". Txapelketan zehar 750.000 unitate saltzea estimatzen dute. Bernabeun emango den azkenean, esate baterako, 500 saltzaile batuko ditu entrepresak helburuak lortzeko.

Guillette, Reynolds, Canon, Seiko eta Fujifilm etxeek eskuratu dituzte publizitatea egiteko zeuden eskubide guztiak.

Coca-Cola etxeak, beste horren beste egin du. Futbol zelaietan salgai egongo den edari bakarra aipa Coca-Cola hau izango da.

Ibermundial etxea da mundialeko logotipo eta sinbolo guztien banatzaile eta koordinadore bakarra. Entrepresa hau West-Nally eta Espainiako Futbol Federakuntzak osotzen dute erdi bana. Ibermundialak administraturiko publizitatearen ehuneko berrogeitamarra Espainian gelditzeko da, hauetatik Espainiako Federakuntzak 1.200 miloe eskuratu ditu oraingoz.

Baina 82an emango den Futbol Txapelketa hori ez da soilik publizitateari begira antolatu. Badira, gure ustez, beste bi arlo garrantzitsu: garraioen arloa eta telebista. Pegaso, Iberia eta Renfe izango dira garraioez arduratuko direnak. Pegasok, bere aldetik, 110 autobus jarri du antolatzaileen esku, bidaiak eta abar egiteko. Autobusetatik hamazortzi ekipoak alde batetik eta bestera eramateko izango dira, beste guztiak ikusleak, antolatzaileak eta abar mogitzeko erabiliko omen. Iberiak eta Renfek, haien aldetik, hamalau eta hamabi miloe pezeta jarri dituzte antolatzaileen esku futbolarien bidaiak dohainik izan daitezen Espainian zehar, heuren helburua dirua baino, etxe propaganda ugarituz.

Telebista dugu, egia esan, indarrik handiena egingo duena, bai serbitzuak ugaritzeko, bai aurpegia ikuzteko. 15.000 miloe dira inbertituko dituenak, Espainian egingo diren inbertsioetarik erdia, miloeotatik kopuru handia Madrilen eraikitzen ari diren Zabalkunde Zentrurako izango, baina beste asko eta asko material berria eskuratzeko, hots, beste urtetan egin ez den berrikuntza mundialen aitzakiaz egin beharko da.

Telefonika eta Turismo etxeak dira sano poztuko diren etxeak. Telefonikak egingo dituen inbertsioak 3.460 miloetakoak dira, kabinak, lokutorioak, trasmisioak eta sateliteetan partaide izateko dira miloeok. Turismo etxeei dagokienez Ecuador, Marsans, Melia eta Wagons Lits konpaniek Mundialespaña izeneko taldea sortu dute munduan zehar bai hotel plazak eta futbolerako atera diren sarreretatik erdiak beraiek komertzialtzeko. Turismo taldeok hirurehun mila bisitari espero dute Futbol Txapelketa mundialean.

Azkenez, aseguro etxeez mintza beharra dago. Txapelketa osoa dago aseguraturik. Txapelketa betetzea ezinezkoa balitz 8.000 miloe daude hor sor daitezkeen hutsak betetzeko; gerta litekeen (?) guda nuklearra aseguratu dute 320 miloez. Kanpoan saltzen diren futbol zelaietarako sarrerak bost miloez aseguratu da. Ez da ezer falta, agian.

Iñaki Polo


Komikia

[Komikia]


Bertso paperak

Anaitasuna. Lehenengo bertso-paperen lehiaketa [Bertsoak]

1

Bertsolaritza gaurregun dugu

jolasa eta kirola

baina ezin du inortxok uka

baita dela poet-ola,

literatura herritarra ta

gure nortasun etxola,

Herri honetan frutu ugari

emana duen arbola:

merezi du-ta beraren alde

dezagun zerbait antola

2

Bertsolaritzak beti izan du

arlo arras desberdin bi

ANAITASUNA-k inportantzia

eman nahi die bieri.

Jende aurrean egiten dena

bihurtu bada loredi

bertso-papera ta idatzia

alboan ez dadin geldi

orri pare bat nahi genioke

aldizkarian edegi.

3

Kiroltasuna nabarmentzeko

lehiaketa izango da

zazpi bat bertso neurri aldetik,

gaia norbere gustora.

Epai-Mahaikoak izendatzeko

ba da oraindik denbora

erabakia sei hilabete

barru edo emango da,

beraz lagunak, gerran sartzeko

prepara zeuen polbora.

4

Sarigarriak diren bertsoez

jokatu nahi dugu jator

publikatuak beharko dira

ANAITASUNA-n derrigor.

Datozen denak publikatzeko

—aserre ez dadin inor—

orrialdetan behintzat pare bat

gordeta daduzkagu hor.

Asunto dena martxan dago-ta

ibili zaitezte bizkor.

5

Bertsolariak firma dezake

izen ala izenordez

hala nahi badu bere izena

azken-azken arte gordez.

Irabazleak jokatuko du

edozein gizon jator lez

eta hartuko du guregandik

errespetuz ta ohorez

sari bezala afaritxo bat

diru zikinaren ordez.

J. R. BILBAO


Bihotz minez. Iñaki Lasari

[Bertsoak]

Doinua: "beti penetan".

1

Picos de Europan amildu haizela

gaur netorrek hiregana.

Gogoan diat euskara eta

harriaz egindako lana.

Gure mundua hobe itzultzeko

ahalegin handia emana.

Orain eztiki, hire larruan

natura amaren laztana.

2

Higan nabarmen genedukana

esango diat laguna.

Hire izaerak izurtzen zian

edonon zintzotasuna.

Desagertzeak utzia ziguk

ingurua alarguna.

Baina hementxe beti egongo

duk hire bizitasuna.

3

Arazo latzak konpondu nahiean

ba huen modu polita.

Hiregandikan ba zeuzkeagu

pentsu onak ikasita.

Adiskideok maite hindugun

ez baihengoen zirika

gu alaitzeko ez beti mutu

hire errearen musika!

4

Askotan labur pasatzen zaiguk

bizi izateko epea.

Gizarte hontan egoten dituk

dohainak eta kaltea.

Gertaera hontaz puskatua duk

sufrimenduak katea.

Lo amestian lortuko ahal duk

txit maite huen bakea!

5

Zergatik goiko izar begiek

malko garden bat daukate?

Haien aintzira herio beltzak

hauts gris koxkorraz dik bete.

Betazpe hoien irri alaia

bihurtu egin duk neke

esan, Iñaki, zergatik beti

onenak joaten zarete?

6

Nik hau guztiau esatean ez

diat egiten losintxa

Hire aldetik jarri zeudean

egia huts ta hitza.

Ibar freskoan etzana huen

askatasunaren bitsa.

Hobe geundeke Euskal Herrian

hi lako askorik balitza!

7

Gure artean hagonez gero

ez zeukeagu kupida.

Proposamen bat egingo diat:

etor hadi Santurtzira!

Denok batera herrian zehar

eta Serantesera bira.

Bihotz barrura sartuko zaiguk

lore-ezpainen dizdira.

SANTURTZI


Bihotz minez. Iñaki Lasari

Iñaki Lasa, adiskidea

"Ni naiz zorionaren trena. Euskal Herria bisitatzen ari gara". Nork gidatuko du datorren udan zorionaren trena, Iñaki? "Ea, etorri denok, ez da ezer gertatzen, ez izan beldurrik" esaten huen Iruñeako gau argitsuan, baina guk, badaezpada, pauso bat aurrera egin beharrean atzera egiten genian, aurrekoak eramandako txaloan eskarmentu hartuz.

Hi eta Udako Euskal Unibertsitatea batera zaudete nire gogoan. Duela hiru UEU ikusi hindudan lehenengoz eta ordutik hona urtero egon gaituk elkarrekin Iruñeko Larraonan. Bertaraino bizikletaz helduta, jazkera deportiboa eta "akademikoa" bat bera eginik, beti fraka laburretan ibiltzen hintzen, bai lehen urte hartan eta bai ondokoetan ere. UEUko partaiderik aktiboenetakoa hintzen; klaseetan eta klaseetatik kanpo, egunez Larraonan eta gauez edonon, hire lanak berebiziko lorratza utzi dik UEUn.

Afal ostean, beti ibiltzen gintuan hire bila, Larraona aurreko zelaian jolasen bat antolatzeko edo San Juaneraino buelta bat egiteko. Gogoratzen nauk lehen urtean Irurtzunera irten ginela asteburua pasatzeko asmotan. Autobusean hogei bat UEUkide gintuan eta sekulako giroa montatu huen Azpeitiko Mikelen laguntzaz. Irurtzuneko jaia bukatu eta gau-pasarako gogoa galduta, auto-stopez itzuli gintuan Larraonara, ia-ia kontrola itxita heltzeko. Ez zen posible gau osoan kanpoko atea zabalik egotea? Gautxorien betiko leboa...

Garai hartan hasi zituan dantza-klaseak ere. Eguerdian, bazkal aurrean, gure herriko dantzak ikasten saiatzen gintuan, ikasitakoa gauean praktikan ipintzeko, txistulariak jotzen hasi bezain laster. Ez zuan erraza erritmoa segitzea, gero! Lagunak ekin eta ekin gure gorputzei saltsa pixkat eman nahian, baina ez omen gintuan dantzarako sortuak eta...

Larraona barruko lana ere aipagarri duk. Fisika sailekoa, besteetan baino gehiago hor egoten baihintzen, bestek aipa zezakek nik baino hobeto. Dena dela, anekdota gisa esan behar diat aurtengo ikastaroan Fisikaren historiaz ari ginela eta, halako batetan, zientzia eta erlijioa zirela-ta eztabaida bat atera zela klasean. Hik ikusi huen jendeak hortaz zer esanik ba zeukala eta, klasearen arduraduna hintzenez, handik bideratu nahi izan huen, fisikarien izenak eta izanak entzutea baino askoz ere positiboagoa zelakoan.

Bestalde, hire lana, askotan "ofizialtasunetik" at gelditzen zuan. Honetaz Larraonako hormek ere ba diate zer kontatu. Behin hire idazki luze bat jarri huen "ezkertiarrismo" erraza salatzen zuena. Ongi idatzia zegoan, dentsoegia behar bada, ideia asko batera botata. Hura izan zuan nik irakurritako hire lehen lana. Azken udan, aldiz, ez artikulutxoren bat, aldizkari murala sortu huen. Aldizkarian heu hintzen zuzendari, erredaktore eta dena, besteen aldetik espero zitezkeen kolaborazioak ez baitziren inoiz agertu. Hik idatzi huen hango orrietan Xabier Erro mendizalearekin egindako elkarrizketa fiktizio bat, galderak zubereraz emanez eta Erro nafarraren erantzunak bizkaieraz jasoz. Dena dela, gai serioagotarako ere balio zian hire muralak; esate baterako, jantokiko mahaien jarrera harremanetarako nahiko desegokia zela pentsatuz, hau agertu zuan proposamen bat, mahaiekin "suge" bat egitea, hain zuzen. Berehala egin zuan mahaien disposizio berria eta denok pozik. Zergatik pentsatzen hituen hik horrelako gauzak eta ez besteok?

Euskara asko hekien, eta gehiago jakiteko beti prest, hiretzat, alde batetik, eta hire ikasleek hobeto ikas zezaten, bestetik. Aurten nahiko kezkati agertzen hintzen euskal azentuaz: Anaitasunan ateratako artikulua egun haietakoa zuan, hire osaba "Gaztelu" UEUra eraman huen gai horretazko bere lanen berri ematera, han ibili hintzen egun batez, eskaileretan, Ondarruko neska-talde bat cassettearen inguruan jarrita, Bizkaiko herri horren hizkera eta ahozkera jaso nahian ("magnetofoia erabili behar da, eta bildur naiz hemen ez dela gehiegi erabiltzen" hioen),... Eta nola da, "Logalea zeukan ekilibristaren kasoa" ikusi ondoren sortu huen eztabaida hori. Alfontso Irigoienekin hain zuzen. Bata esaten dela, bestea esan behar zela, bata berria dela, bestea amonek esaten zutela, azkenean hiri berdin zitzaian bata zein bestea, baina "logalé" eta ez "logále"...

Tituluena ere kontatzeko duk. UEUn euskarazko titulua pasatzeko asmoa dutenak ia lorik ere ez diate egiten, ikasi eta ikasi beti, bizitza sozialetik erabat baztertuta, erretiroan edo daudela ematen dik. Hi ere UEU batetan presentatu hintzen B mailakora baina, nola egon denbora osoan gela barruan lanean? Ez, hori ez zuan plana hiretzat. Eta egunez hainbat gauza eginda, gabez juerga ezin utzi, hala ere, titulua aprobatu. Ikasiko ote dugu inoiz?

Beste arlo batetara joanda, aurten, egun batez, irakaskuntzari buruz hitz egin genian. Irakasleak ikaslea ahaztu egiten duela esaten huen penaz. Hire Leioako experientzia aipatzen huen, lehen kurtsoan egon hintzeneko PNNen greba gaizki eramana, azkenean ikasleek pagatu zutena, erreta atera hintzen handik, fisikari bilakatzeko bidea utzita, Fisikako gaiak gero ere lantzen segitu arren. Hire hitzetan zerbait ikasiko nuelako esperantzan kontatzen hidala uste diat... Eta ikasleetaz? Hauengan ilusio falta zegoela esaten huen; ez zegok gaur borrokarik, azterketak aprobatzea eta karrera amaitzea duk helburu bakarra. Urte batzu direla egoera bestelakoa bazen ere, gutxienez zerbaiten alde borrokatzen zuan; orain, nork bere karrera egiten dik, ez besteena...

Ba zegok oraindik zer aipatu: Anaitasunako artikuluak, hire bertsoak,... Artikuluak hor zeudek irakurri nahi dituenarentzat; ez dituk ugari baina gaiak nahiko desberdinak tratatu hituen: Korrika ekitaldia, elikadura eta barazkizaleak, batzuen joera ez-kritikoari egindako bertsoak, euskal azentua etab.

Bertsolari gisa Santutxuko eskolako lagunek ezagutzen haute inork baino hobeto, beraiek diate hitza. UEUn bertsolari berriak modu xelebre hartan jantzirik agertu zinetenean, kostatu egin zitzaidaan hain dotore zegoan bibotedun tipo hura ezagutzea. Pentsa ezak, ordubete lehenago fraka motzetan eta bizardun ikusi hindudan! Eta ba zekiat batek baino gehiagok kantatzen hasi hintzen momentuan ezagutu hinduala... Ez diat ahaztuko hire lehen agurra Mikel Alkortari, Fisika sailean lankide eta adiskide huen lagun galdu hari botatakoa...

Honekin lotuta anekdota bat jarri nahi nikek hire etorriaren seinale: Larraonako areto nagusian, gau batez, Yesako experientzia kontatzen ari zituan, hik, azalean gelditzen zirela eta zerbait gehiago atera nahiean, galdera "konprometitu" bat egin huen; orduan bertako batek esan zian: "Hi, horregatik lasai, gero!" eta hik bapatean: "Bai, ni beti Lasa".

Hasierara berriro itzuliz, nik gautxorien sailburu ikusten haut, Iñaki. Azken UEUn beste programekin batera jarri huen Larraonako panelean "Gautxorien saila" izenekoa ere. Sail horretan ez zegoan sailburua hautatzeko beharrik, heu baihintzen dudarik gabe egokiena eta praktikoena. Larraonako belardian, korro handi bat eginez, hire ahotsa entzuten zuan: "Pauso bat barrurantza; beste pauso txiki bat, bale! Jarri atzekoaren belaunetan. Ondo! Hasi denok ezkerrarekin: Mambrú se fue a la guerra..." eta konturatu orduko gehienak lurrean, elkarren gainean eserita. "Gaizki egin dugu. Has gaitezen berriz" eta buelta... Gau ederrak pasa genitian UEUn "Mambrú"-rekin, "zorionaren trena"-rekin eta hik ateratako beste jolasekin!

Natura maite huen, ekologista praktikoa hintzen, teoria alfer guztiak baino gehiago balio duena. Eta egun batez, sailburuordea izendatu gabe, mendira joan hintzen eta han, Naturarekin batera, gelditu haiz.

UEUn ezagutu haugun guztiok zerbaiten falta susmatuko diagu hurrengoan. Hik hazia erein huen, gure txanda duk orain bere fruitua eman dezan.

Agur Iñaki, datorren UEUrarte!

J. Duoandikoetxea


Bihotz minez. Iñaki Lasari

Aintzinako [Bertsoak]

Iñaki Lasa orain ba zaude

hortik toki izkutuan

nik ez dakit non baina seguru

kazetarien moduan

papera hartu lumari eutsi

zer idatzi ba duzu han

ANAITASUNA oraindik dago

utzi zenuen lekuan.

Ondo dakigu bidea beti

egiten dela ibiltzen

zuek aurretik joan zarete

guri gurea zabaltzen

Nolatan urik daukan sustraia

inola ez den usteltzen

bizitzarako sortu direnak

ez dira sekulan hiltzen.

Iñaki Lasa Mikel Alkorta

orain zaudete batera

batak ziria bertsotan sartu

bestea erantzutera

lagun guztiak saioa entzuten

ba doaz zuen parera

gu hara joan orduko ere

bertsotan etor atera

Aurten ere bai Olentzaroa

ba zaigu triste iritsi

joan zaizkigun adiskideak

ez baitira izan gutxi

Festa hauetan guk ez dugu nahi

zuek bazterrean utzi

URTE BERRI ON opa nahiean

denontzat mila goraintzi


Bihotz minez. Iñaki Lasari

Bihotz-minez

Ezkila beltzek, berriro ere, hain ohitura handia daukagun heriotzaren kanta entzun erazi digute Euskal Herrian. Iñaki oraingoan, berak maite izan ez balu hain gorroto nukeen mendiak eramana joan zaigu. Mendiak, bizitza sorrerazten duenak berak, etengabeko bizi-ixuri zena eraman du; haren begietako argi-jario iraunkorra Aitzkorri aldeko gauak zaintzen dituen ilargiarenarekin bil dadin edo haren hanka geldiezinen urratsek Aralarreko egunsentia egunero ekar dezaten eraman digu zihur asko.

Maitasuna amaitu delakoan, ekaitz gorriak sua piztu du zeru beltzaren sabelean eta arrano beltza. haranera jeitsi da, askatasunak Iñakiren bihotzean ihes egin duela uste izan baitu.

Ilunabarrean, berak kantaturiko bertsoen oihartzun ixilkaitza entzuten dugularik, gorputz gazte ederra laztandu nahi izango genuke eta oskorria argi dugularik maitekiro besarkatu, ea heriotzak, jelosiaz, alboan hartu dion lekua utzirik alde egiten duen, zientziak ezin egin lezaken miraria gertatuta Iñaki guregana bueltatuz. Baina ezintasunaren gaindigaitzaz ohartuz, ustekabean, aieneka eta negar-malkotan hasten gara, hark utzitako lekua bete ezina dela pentsatzen dugularik.

Zein paisaiatan zautza orain? Zein izarretan hasi zara dardarka zure amari geldirik zaudela esateko? Ezkilak entzutean, ilunaren bildurrez ezkutatu gara eta ixil-ixilean negarraren saminak zure oroimena ekarri digu gogora. Gero, egunsentian, ezkilen hotsa pixkanaka urrutiratu denean, txori errexinularen kanta entzun dugu eta hegaldaka sentitu zaitugunean, oihuka eta jauzika hasi diren taupadek guregan bizi zarela uler erazi digute: mendiko elurraren zurian eta udaberriarren bizian kantari diharduzula.

Agur, Iña, azken hitz hauek oihukatzen dizkizudalarik, negarrak itsututa, hotzikara batek zeharo astintzen banau ere, ba dakit egunen batetan hego haizean edirenen zaitudala, haunitz gauzataz berba egin behar baitugu oraingoz.

BITTOR URAGA


Bihotz minez. Iñaki Lasari

Iñaki Lasa hil zaigu

Hil zara, Iñaki. Ez zaitut nire eskualdean fonetikazko ikastaroan ikusiko. Ilusioz itxaroten nuen ikastaroa, benetan gogoa nuen zu berriz ikusteko... Baina ez zaitut berriz ikusiko.

Leioan ezagutu genuen elkar. Euskarazko klaseak ematen zenituen Zientzi Fakultatean. Urteak dira. Duela bizpahiru urte ni handik joana ez zaitut berriz ikusi, baina bai sarri zutaz gogoratu.

Zure izena Anaitasunan ikusiz poztu nintzen. Nik aspaldian astirik falta eta alferkeria, noski, zirela idazteari utzi nion, eta zu hasi...

Gauza asko ahaztuta dauzkat, baina biziki gogoratzen zaitut, argala, ile luzea, begi irrifarretsuak, farrazalea,...

Irudiak datoz nire burura: elurraldi batetan bolak botatzen, euskarazko irakasleon bulegoan,...

Eta bereziki, egun batetan, bulegoan bertan, sofa batetan jesarrita elikadura naturalaz hitz egiten.

Xabierrek ez zuen ulertzen, azken batez bere aita harakina zen eta..., nola zuk ez zenuen okelarik jaten. Zuk barre egiten zenuen...

Gaztea hil zara, Iñaki, gazteegia... Bertsotan ibiltzen zinela esan didate. Bertsotan, AEK-n, Anaitasunan idazten,... Benetan emankorrak zure hogeitabi urteak...

Eta ez zara berriz bertsotan arituko, ez zaitugu berriz ikusiko. Ez dugu berriz zure irrifar pozgarria ikusiko...

Baina bai, zu ezagutu zaitugunok ez zaitugu inola ere ahaztuko, mutil. Zure presentzia gure barnean dago, zure lana gure artean utzi duzu...

Atzo, zure heriotzaren berri jakin baino lehen, berriz idazteko liatu ninduten. Ez nengoen oso animatuta; betiko atxakiak, astirik falta,... Baina berriz hasiko naiz Anaitasunan idazten. Hori izango da nire omenaldia... Zuk utzitako hutsunea denon artean betetzen saiatuko gara.

MIREN EIZAGIRRE


Gaiak

Aise eta euskara eskoletan

Euskara gora, Euskara behera. Euskara benetan gure eskoletan (sik). Asignatura eta suspentsoak. Gorrotoa, ardura eta kezka. Metodoan inflazioa merkatuan. Euskararen etorkizuna umeengan... baina baldintzatua.

Iragan hurbila nola den ikusiz, orainaren gordintasuna dastatuz eta gerokoa geroko utziz, goazen bada, AISEren eskutik, goian aipatutako esera hoietatik eta, beste zenbaitetatik sortzen diren galderantzunak ikustera. Ea, ikusiaren ikusiz ikusten dugun bada.

1 — ANAITASUNA —: Noiz eta nola sortu zen AISE taldea?

AISE— Ofizialki eta Boletin Oficial del Estado delakoaren bidez, orain dela bi urte sartu zen euskara irakaskuntzan eskola estataletan. Horretarako eta Euskadi mailan, bostehun bat irakasle izan ziren kontratatuak. Euskara irakatsi behar, eta inolako motibaziorik ez zuten haur erdaldunei irakatsi behar. Hau da Boletinaren bidea, eta gure buru haustea: esku hutsik, eta inolako laguntzarik gabe bota gintuzten-zituzten esperientzia berri batetara. Ordurako, eta hiru urte aurretik, gurasoen bultzadari esker, arazo honetaz arduratutik, zenbait herritan sartua zuten euskara beren eskoletan. Beraz, bazen irakasle-talde bat, eta batez ere irakasle-taldetxo bat lehen urratsak nolabait emanaz batera, lehen zailtasunei aurpegia ematen ere hasiak.

Taldetxo honengana jo zuten beste guztiek norabide bila. Batzar batzu egin ondoren, taldetxo experimentatu horren inguruan sortu zen AISE taldea.

2 — ANAITASUNA —: Gaur egun euskararen irakaskuntza nolabait ofizialki izanik, ez noski normalizatua, zeintzu izan dira ofizialtasun hori lortu den arte, euskararen irakaskuntzan izan dituzuen eragozpen eta oztopo nagusiak?

AISE— Eskoletan sartu ginenean, ez genuen inolako laguntza ekonomikorik, zenbait eskoletan irakasle, eta zuzendaria jatorrak izanik, ondo samar moldatzen ginen. Beste eskola batzutan, ordea, orri zuriak eskatzeko ere beldurrez ginen. Euskara testimonialki irakasten genuen, Euskara "ofizial" izatea lortu dugun arte, zenbat eta zenbat batzar, manifestaldi eta mobilizapen egin behar izan ditugun! Euskara eskoletan sarerazteko gurasoak aurrelari zirelarik, ez bait genuen ez metodo egokirik, ez legerik eta noski, ez presupuestorik ere.

3 — ANAITASUNA —: Duela bi urte arte, esaten duzuenez, euskara testimonialki egiten zen Orain ofizialtasuna lortu dugu eta euskara beste asignaturekin "parekaturik" dugu. Hau kontuan izanik, zein da euskararen egoera gure eskoletan?

AISE— Zenbait eskoletan eskolaurrea elebidun bihurtu da. Baina, guztietan da hau beharrezkoa. Gainera honek O.H.O.ean jarraipena behar du, jarraipena eskatzen du, tutore euskaldunak alegia. Aurten tituludun euskal irakasle asko, sei eta zortzi geletan ari da euskara irakasten. Gure eritziz, euskararen aurrerapenerako jokabide okerra da hau.

Euskara irakasteko gai den tituludunak, eskolaurrean eta O.H.O.ren lehen mailetan tutore izan behar du. Eta tutore euskaldunik gabe gelditzen diren geletarako, IDONEOAK KONTRATATU BEHAR DIRA. Aurten oraindik Gipuzkoan bertan, berrogei ikastetxek falta dituzte euskal irakasleak. Beste zenbait eskoletan, elebidunak O.H.O.ren bigarren mai lan moztuak gelditu dira. Bestalde euskal irakasleak berandu kontratatu ohi direlako eta euskararen benetako planifikazio bat ez dagoelako, lehenengo erdal asignaturen programaketa egiten da eta, ondoren, hutsunerik gelditzen bada, euskarari uzten zaio.

4 — ANAITASUNA —: Etxe berean, baina, solairuz aldaturik eta euskal irakaskuntza metodoz josirik dagoenez, zer dela eta beste metodo bat? Kasu honetan AISE?

AISE— Ez da egia haur erdaldunei euskara irakasteko metodo asko dagoenik. Eta gutxiago oraindik, erdal haurrei euskara irakasten experientzia minimo bat duenak eginik.

Beraz, gu hasi ginenean hutsunea erabatekoa zen. Gurekin bateratsu hasi ziren beste talde batzu hau betetzeko asmotan eta hor ditugu horien emaitza ederrak: Txalopin Txalo eta Ikusi Makusi eskolaurrerako, eta Arabako irakasle talde batek agertu digun Hegaz metodoa. AISE taldeak O.H.O.ren lehen etaparako AISE I argitaratu zuen lehenik eta, orain haren jarraipen bezala AISE 2. Honekin lehen etapako beharrak asetu ditugula uste dugu oraingoz. AISE metodoa ez da laboratori batetan egina. Guk egileok experimentatu eta landu ditugun materialen bilduma da. Eta hau bai, gu bezala euskal irakaskuntzan dabiltzan irakasleen, hainbat eta hainbat kritika eta proposamen kontuan harturik.

Aise metodoaren bereizgarri, jolasa eta kulturgiroa dira. Eta hurrei euskararekiko motibapen alaia piztea da, berriz, beraren helburu nagusia. Hau dela eta metodoarekin, euskara jolas bidez irakasteko beste liburuxka bat aurkeztu genuen Adarraren jardunaldietan, "EUSKARA JOLASEAN JOLASTU" (Adarra Koadernoak 16).

5 — ANAITASUNA —: Sarreran gerokoak geroko utziz mintzatuko ginela esaten da, baina, atrebentzia ez baldin bada, zera galdetu nahi nizueke, alegia, zer nola ikusten duzuen eskoletan euskararen etorkizuna, eta zuen zenon lanaren jarraipena.

AISE— Euskarak eskoletan duen etorkizuna oso beltza da. Baldintza minimoak ere ez dira betetzen gure Iritziz: tutore euskaldunak falta dira, tituludun irakasleak errotatzen ari diren bitartean. Hutsuneak betetzeko idoneorik ez dute hartu nahi: kopuru aldetik, dauden baino talde txikiagoak behar dira eta homogeneoak. Euskara salbatu behar dira, euskararen normalizazioa lortu nahi baldin badugu. Bestela herria engainatzen jarraituko dute.

Guk geure aldetik ez dugu etorkizun hoberik ikusten. Aurrera jarraitzeko asmorik ez dugu galdu. Baina, egia esan, lan egokia egiteko behar diren baldintza guztiak falta zaizkigu Larunbat, igande eta oporrak lanean pasatzen, aspertuxeak gaude eta, batez ere, gastu guztiak geure poltsikotik egin behar izaten ditugularik. Hala ere, euskara eta euskal kulturaren alde borrokan ohituak gara eta... nork daki?

Txatxingua


Gaiak

Protoien energiaren kontra: potroen indarra* (I)

* (Esaldia borobiltzeagatik esanda. Ez ikusi matxismoa ez dagoen tokian. Mila esker).

Echevarria, Nervacero, Olarra, Nafarroako autopistaren bigarren fasea, Bardeak, Otan, Ortuella, Soria, Puerto, San Kintin, Yeu, Florac, Lemoiz, neutroi-bonbak, elektroiak, protoiak eta potroak, colza... zuhaitz berberaren adar desberdinak. Hauxe da hain aldarrikatua den progresu madarikatuak ekarri diguna. Baina ez, ez gaude konforme: bizirik nahi dugu bizi, gizarte berri batean, gehienen adiskidetasunean eta naturarekiko harmoniaz. Gaurkoa progresua bada, porculotik beren progresua!!!

Eta kantatu egingo dugu:

"EZ, EZ DUT NAHI, EZ, EZ, EZ,

EZ HOLAKO ZIBILIZAZIORIK"

Eta progresu kontuarekin burua jaten ari zaizkigu: "O Lemoiz o las velas", "Si no aceptamos el progreso volveremos a las cavernas" (seguru nago, egon, lehengo haitzuloetan otso gutxiago zirela: ez orain beste), "Hay que contrarrestar el poderío de la Europa Oriental", eta holako azpijokoz beldurra sartzen.

Eta lanean ari gara, baina burruka latza da; azken batez etsaia ez da hau, hori edo hura, sistema oso bat baizik (nire uste merke eta apalean). Sistema hau oso konplexu eta alderantzizkoa izanik, ez da errez ateratzen sustraia.

Hona hemen zibilizazioaren historia beste ikuspuntu batetik aztertzeko eskema bat (Unesco-k aterata):

Energiaren kontsumo  Etxeko lana Industria Komunika-

indibiduala Janaria eta eta bideak Guztira

(Kcal/egun)  zerbitzuak Nekazaritza (garraioak)

Gizon primitiboa 2    2

Ehiztaria 3 2   5

Nekazari primitiboa 4 4 4  12

Nekazari desarroilatua 6 12 7 1 26

Gizon "Industriala" 7 32 24 14 77

Gizon "Teknologikoa" 10 66 91 63 230

Gizon Automata" ? ? ? ? ????

(azkena ez da Unesco-koa)

(Zerbitzuetan bulego-lanak, komertzioa, irakaskuntza, etab sartzen da)

Eta 1981. urtera heldu gara. Goiko datuak ikusita zera galde genezake: Gaurkoa, progresua al da? Norena? Pila bat ariketa egin litezke goiko zenbaki horiekin.

Progresua etengabea izango zela pentsatzen bazen ere gaurko krisiak kontrakoa frogatu du: Mundu finitu batetan bizi gara. Mundu mugatu batetan kontsumo materialaren etengabeko hazkuntza ezina da. Beraz, ez dira harritzekoak azken bolada hontan European zehar ospatu diren manifestazio bakezale antisistemak: "Armak egiteko erabiltzen diren metalekin traktoreak egin litezke, lur gehiago probetxatuz, gosez ez hiltzeko", "Gartzelak eraikitzeko erabiltzen diren adeilnekin guztientzako etxe habitagarriak herri habitagarrietan egin litezke".

Idazle ospetsu batek esaten zuen moduan: "Inor ez da benetan bakezalea, jakinduriaren berreskuratzearen alde ez badago". Eta hauxe da egin behar duguna, jakinduria armarik zorrotzena daukagu eta. Gure jakinduria kendu egin ziguten beren progresua guri inposatzeko. Ba da garaia, ba, gurea berreskuratzeko: "Industria modernoak daukan gauzarik harrigarriena hauxe da: asko exigitu eta gutxi lortu. Hain inefikaza izanik gure irudimenetik kanpo geratzen da. Beraz, ez gara hortaz ohartzen". Eta industria diogunean, teknologia diogu, energia azken batez, energia baita gaurko sistemarentzat, gizakientzat kontzientzia beste. Hementxe dago koxka. Gaur modan dauzkagun "teknologia bigunak", ikusteko ez ezik beste modu batez BIZITZEKO ere erabili genitzake.

Batek zioen legez: TXIKIA POLITA DA. Eta Lemoiz haundia. Ondorioz: Lemoiz goma lau eta akabau.

PRONTXIO


Gaiak

Zain dezagun Busturialdea

Busturiako itsasadarra eta ingurua Bizkaiko eskualdetarik gutxien kutsatuena da. Gernikatik itsasorantz hedatzen da padura eta hareetaz beterik. Orainarte hegazti migratorioek bertan egiten dute atsedenaldia eta arrainek hazleku bezala hartu dute. Animalietatik aparte turismo-toki bat ere bada, udan gehien bat.

Busturiako itsasadarra nahiko gorabeheratua izan da azken hileotan, zeren projektu kirolturistiko bat, kirolportu eta guzti, tartean egon baita. Projektu hauek direla eta, egunkarietan hamaika artikulu ageri eta agertzen dira Euskal Gobernua eta plan hauek salaturik, gauza ilun eta izkutuak baitira. Lehenbiziko projektua, zona kirolturistikoa eta kirolportua, zeharo izkutua izan da. Konstruktore batzu sinaduren bilketan ibili ziren, eta hauen bidez, oker batzu zuzendu nahian eta jende askoren laguntzarekin, arestion aipatutako projektua proposatzen dute, zutik dirauen "Plan Especial de la ría de Mundaca"n babesturik... Eginkizun hauek zurrumurruen bitartez jakin ondoren, "Zain Dezagun Busturialdea"k Bizkaiko Obra Publikoetako zuzendariarekin bilera bat eduki zuen eta, plan horrek nagusi jarraitzen duela argitu.

Bien bitartean, egunkarietan informazio batzu ageri ziren, nola lan hauek Euskal Gobernuaren babesean zeudela edo beraren baimena zutela. Problema handituz joan zen istiluak sorturik: salaketak azaldu ziren —"Zain Dezagun B."arenak, Euskadiko Ezkerrarenak, A.P.ren "Nuevas Generaciones"enak— eta azkenean, Euskal Gobernuak projektu hauek ezeztatu ditu, "itsasadarraren baliabide naturalak zaintzeari jarraiturik".

Euskal Gobernuaren agiria

Azaroaren hemeretzian egunkarietan agertu zenez, Euskal Gobernuko "Política territorial y Obras Públicas"eko departamentuak itsasadarraren zainketarako ikerlan bat eratu du. Lan honetako lehen etapan ekologia eta baliabide naturalak estudiatuko ditu, eta ikerlan honen ardura Aranzadi natur zientzietako elkarteak hartuko du. Etapa honetan itsasadarraren 20.000 Ha bakarrik ikertuko dira. Bigarren etapa batetan, eta lehenengoarekin koordinaturik, eskualdeko udaletan urbanizatzeko planteamenduak berrikusiko dira. Eta hirugarren eta azken partean, itsasadarra jagoteko gai den normatiba bat prestatuko da.

Euskal Gobernuaren ikerlan eta normatiba sortze honek ez ditu itsasadarraren industria ez urbanismorik ezeztatzen, baina antza denez, normatiba edo delako "Plan Especial" hau bukatua izan arte, ezin izango da posible ezer eraikitzerik, "casco urbano"an izan ezik.

Bestalde, itsasadar hau bere posibilitatepetik probetxatuta dagoela argi dago "baina —Zain Dezagun Busturialdea erakundekoek azaltzen duten bezala— honen etorkizuna eta lanpostuak ez dira kontrakoak: ahal da itsasadarra errespetatu, turismoa ekarri eta bertako jendeentzat industrializatu; baina plangintza zuzen bat egin arte, itsasadarraren kontrako den ezer eraiki gabe.

Agiri honetan plangintza nolakoa izango den ez da azaltzen eta horregatik arriskugarria dirudi, zeren itsasadar osoa erreserba natural bezala hartu edo zati bat bakarrik erreserba bezala eta sobera dagoen zona guztia eraikitzeko gai egotea, ez baita gauza bera.

Udaletxeetako joera

Itsasadarraren ertzetako alkateak, udalek gai honi buruz zer egin dezaketen aztertzeko bildu ziren Urrian. Beraien ustez, udal bakoitzaren ikuspegiak kontuan hartu behar dira, eta plangintzaren partaide izatea eskatu zioten Euskal Gobernuari. Udal bakoitzaren kriterioak kontuan harturik, udaletxe bakoitzak bere prolema bereziak ditu eta: polideportiboak eta kanpinak eraikitzea gehien bat. Zain Dezagun Busturialdearen ustez, prolema hauek eragozpenak sor ditzateke, zeren eta "itsasadarraren arazoak —itsasadarra gauza oso bat bezala dute: itsasoaren partea, hareetak, padurak eta inguruetako lehor unedak— eta eraiki behar diren kostrukzioak lehorrean erabaki behar dira, itsasadarra hondatu gabe. Hala egiten ez bada, lehorreko problema edo oker guztiak itsasadarraren gainean, erreilenoen bidez, soluzionatu beharko dira"; eta hau suertatzen bada, padura edo hareeta horiek eskuraezinak edo irrekuperableak izango bide dira ekologia mailan.

Juanjo Ispizua


Gaiak

Saldutakoak

Orain beraz, "denak" elkartu dira; edo EIA-koek dioten bezala, Euskadiko PCroak EE-n sartu dira, hauen alderdian alegia.

Beren elkargunea, Autonomiako Estatutoa da, eta honen ondorengo Vascongadetako gobernua.

Honekin, Onaindia eta Lertxunditarrek diotenez, nazio eta klase arazoak deseginda edo batuta geldituko dira behinbetirako.

Hau eginik, XIX-garren mendetik hasten edo palarmentzen kontraesan edo kontradizioa birrinduko da; ez da gehiago borrokarik izanen.

Guzti hau azken egunotan sobera entzuna dugu. Nik uste, esaten ari direnak beren baitan sinestearren dela. Beste gauzetan ere hori bera gerta ohi da. nik "nai nukeena", behin eta berriz errepikatuz, azkenean "benetan dena" bihurtzen bait da. Ez da hori baino konbenzitzeko bide zihurragorik. Erderaz esaten dena: "creerse sus propias mentiras"; edo "il prend ses rêves pour des réalités". Jokabide hau baino borobilagorik ez da.

Non dira Onaindiak, "Ezkerrak" eta abar luze batek zituzten borroka armatuarekiko sugarrak? Nondik datorkie, beren bizitzek frogatu dutenaren ondoren, gaurko saltze hori? Eta galdetuko nuke: kasualitatea ote da jauntxo horiek Madrilen, Espainiako oligarkia esplotatzaile eta zapaltzailearen gobernuko gizonekin hitzegin ondoren (tratuan ibili ondoren?), gertatuak gertatzea? Zertara joan dira gure etsaiengana? Beren arteko ezkontzak zer ikustekoa du haiekin? Noiztik Euskadiko partidu "iraultzaileen" arazoak Espainiako gobernuan tratatzen dira, lagunartean bezala?

"Hasta ahora ningún pueblo, ningún proletariado y ningún partido comunista u obrero ha tomado el poder sin sangre y sin violencia.

En lo que respecta a esta cuestión, nuestro Partido opina que debemos prepararnos para los dos caminos y hacerlo bien, fundamentalmente para la toma del poder mediante la violencia, ya que si nos preparamos bien en este sentido también la otra posibilidad tiene mayor probabilidad de éxito. La burguesía puede dejarte sermonear para luego dar un golpe fascista y liquidarte, y todo eso como resultado de no haber preparado ni los cuadros de choque, ni la labor clandestina, ni sitios donde guarecerse y trabajar, ni medios de combate. Debemos prevenir esta trágica eventualidad". (1)

Eta segituaz: horiek orain urte gutxi, Euskadiren Independentzia kasik besterik ez zuten aldarrikatzen. Orain berriz, kasik sozialismoa besterik ez dute deihadartzen. Zer da dantza hau?

Eta sozialismoa balitz...! Zer dela eta Espainiako edo Vascongadetako sukurtsaleko PC-k irakatsi behar digu sozialismoa zer den?

Estalinen denboretan "Frente Popular"raren jokabidean zer egin zuten? Militar faxisten golpearen kontrako borrokan handitu eta indartu zen PCE. Han eman zuten beren bizitza benetako komunistek, borrokalariek.

"Al haber desaparecido en la lucha armada y bajo los golpes del terror fascista los elementos más sanos, más preparados ideológicamente, más resueltos y valientes, en el Partido Comunista de España cobró supremacía y ejerció su influencia negativa y destructora el elemento cobarde pequeño burgués e intelectual como Carrillo y compañía. Estos fueron transformando gradualmente al Partido Comunista de España en un partido oportunista y revisionista". (2)

1.960-ean Moskun bildu ziren 81 partidu komunistak, eta han argi eta garbi ikusi zen marxismoaren eta errebisionismoaren arazoa. Maoren txinarrek eta Hoxharen albaniarrek ez zuten amor eman. Espainiako PC-koek ordea oportunismoan murgildu zuten beren burua. Ez litzateke txarra izanen, Hoxhak Biltzarre hartan eman zuen hitzaldi latza berrirakurtzea. (3)

"Nosotros desconocíamos los procesos regresivos internos que se habían operado en el Partido Comunista de España, pero en la Conferencia de los partidos comunistas y obreros de Moscú, en noviembre de 1960, cuando el Partido del Trabajo de Albania desenmascaró abiertamente al revisionismo moderno y en particular al revisionismo soviético, encabezado por el traidor y renegado del marxismo-leninismo, Jruschov, el Partido Comunista de España y personalmente Ibarruri nos atacaron de la forma más rastrera.

Cuando era el momento de defender el marxismo-leninismo, los dirigentes del Partido Comunista de España atacaron ferozmente al Partido del Trabajo de Albania y salieron en defensa de Jruschov y su grupo traidor al marxismo-leninismo". (4)

Brezhnev-en errebiziozalekerian, zein alde hautatu dute?

"En el XXV Congreso del PCUS, Brezhnev señaló que la experiencia chilena (Allende) no invalida la teoría de la toma del Poder por la vía parlamentaria". (5)

Orain ordea itxura gordetzeko, Sobiet Batasunarekin hautsi dutela esanean dizute; orain eurokomunistak direla berresango dute, hura eta hau errebisionismo bera ez balira bezala.

Zerbaitean irakatsi behar badigute, zer egin behar ez dugunean da, zein bide hartu behar ez dugunean da. Noiztik, beraz, gure irakasle?

Eta irakasleak ukanen dituzte ezkontza honetako partaideek. Lidute, proletargo xumeari irakasteko. Denok ezagutzen ditugun "jakintsu" hauek, Euskadiko Ezkerrako kuadroak bilakatuko dira, eta nahiz EIA-ko gizon ohoretsuak meritu handiak ukan, baztertuak izanen dira. Partidua, langileen partidua ez du proletalgoak gidatuko, ez. Zuzenean ala zeharka, sekulan fabrika batean lan egin ez dutenek, fabrika batean lana egitea zer den ez dakitenek baizik, Hau partidu errebiziozale guztien gakoa da, eta ez kasualitatez.

Nik duda bat banuen, bai, gizon ospetsu hauek iraultzaile edo, (erreakzionarioen jergan, "terrorista") batzurekin elkartzeko gogo handirik izango ote zuten, Berrikitan ordea, Tuñon de Lara jakintsuak, Donostian aurtengo azaroan bere hitzaldi bikaina eman ondoren garbi ikusi dut.

Honek zioenez, 1931-36 bitartean bertako nekazari eta beste klase batzuren arazo nazionala, eta proletari inmigranteen klase arazoa funditzen ari zen, autonomi estatutua zela eta. Honek bloke historikoa zekarren, eta honen bidez Euskadiren soluziobidea.

Denok dakigu, eta bere diszipuloak ere, Tuñon de Lara ospetsuaren hitza ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula; bere jarraitzaile hauek hura izan bait dute beren tesien funtsezko gidari.

Honek garbiki erakutsi duenez, Euskadiko arazoa bloke historiko honen bidez bakarrik konponduko da, barnean proletalgoa, nekazariak eta erdiko klaseak sartzen direlarik, Baina bistan denez, ikusi behar zen, nork gidatzen zuen frente hau.Berak bloke deritzon, baina hau frente baten planteamendua da. Maok zerbait irakatsi digu horretaz. Hau ordea klase analisi soila da. Nazioa askatzeko beste faktore batzu ere kontutan hartu behar dira, bestela nongo nazioa askatuko genuke, Espainiakoa ala Euskadikoa? Baina horientzako Euskadi, Espainiako zati bat besterik ez da, Errusiatarrentzako Ukrania, Georgia e.a. bezelatsu.

"Pero la ocupación de un país no siempre se realiza a través de agresiones militares. Esta ocupación, colonización, opresión y explotación se realiza también con otras formas "nuevas", "modernas", económicas, culturales, políticas, que encubren la dominación y la ferocidad imperialista". (5)

Eta goraxeagoko hariari jarraiki; guztiok ezagutzen ditugun lizentziatu eta doktore horiek, Euskadiko Unibertsitateko fakultate eta abarretan goi postuetan direnak, horiek berak, Franco baino espainolagoak beti izan direnak, zer irakatsi behar ote digute? Gure heriotza? Beti Espainiako estatu sakratuaren alde borrokatu direnak, bai, borrokatu direnak, orain bapatean... abertzaleak bihurtu ote dira?

Euskadi hitza modan dago orain, baina orain baino beharbada une latzagoetan, Dolores Ibarrurik "Gora Euskadi Askatuta" deihadar egin zuen. Baita ere Carrillok geroztik. Nora damaigute kolorezko suziri horiek?

Batzuk hiru erregeetan sinesten segi nahi dute. Zer egingo diegu! Baina ez dezatela euskal populua tronpatu. Gure etsai deklaratuak aski ditugu lan horretarako.

Eta EIA-ko militanteen, lehen ETA-koak izandakoen borroka, eta beren bizitza eskeintzea, alperrikakoa izan ote da? Engainatuak izan ote ziren...?

"Dans plusieurs études sur l'histoire de la guerre, Engels traitait du rôle et de l'effet considérables des masses armées dans les guerres justes, les guerres d'autodéfense. Cette idée d'Engels était étroitement liée au nouveau mode de guerre populaire préconisé par lui. "Un peuple qui veut conquérir son indépendance, a-t-il écrit, ne saurait se cantonner dans les méthodes de guerre ordinaires. Insurrections de masse, guerres révolutionnaires, détachements de guérilla partout, voilà l'unique méthode de combat grâce à laquelle une petite nation peut vaincre une plus grande, une petite armée peut s'opposer à une armée plus forte, mieux organisée". (6)

HAROTZA

(1) Obras Escogidas - Enver Hoxha - Tomo II - pág. 834/5.

(2) (4) (5) (6) Eurocomunismo es anticomunismo - E. Hoxha - pág. 83, 104-5, 190, 280. Berresan behar dut, ni ez nagoela ados honek Maoz esaten dituenetaz.

(3) Obras Escogidas - E. Hoxha - II-garren tomoko azkeneko artikulua.


Musika kritika

Benito Lertxundi: Epikotasunaren bideetatik intimismoa sakontzen

Partaideak

- Marian Arregi: akodeoia

- Ramon Beraza: pianoa, espineta, organoa

- Pello Gereño: gitarra

- Joxemari Irastorza: xirularrua, flauta, xanbela

- Jose Antonio Irastorza: fagota

- Benito Lertxundi: abotsak, gitarra, magal-espineta, armonika, zarrabetea, danborra, dulzumerra

- Pedro Martinez: tronpa

- Joaquin M.ª Melara: arrabita, mandolina

- Jean Phocas: kontrabajoa

- Fernando Saldaña: kromornoa, ganbako biola

- Olatz Zugasti: abotsa

Armonizazioen eta grabaketen zuzendari: Benito Lertxundi.

Zorionak! Azkenean kaleratu da Benitoren disko berria. Lau urteko ixilaldiaren ondoren —ixilaldia diskogintzan bakarrik— hona hemen beste disko bikoitza eta aurrekoarekin zerikusirik duena formulari dagokionez behintzat. Disko bat herri gaietara eskeinia eta bestea Benitoren beraren gaiek osaturik gehien batez. Diskoaren izena Altabizkar/Itzaltzuko Bardoari.

Lan hau plazatzerakoa Benitok inoiz egin duena —guk dakigunez behintzat— egin du: diskoa prentsaurrekoan aurkeztu. Prentsaurrekoan kazetarien galderei erantzun eta diskoa bera aurkeztuz harritu egin gaitu Benitok. Diskoa ELKAR diskoetxeak ateratzen du, ARTEZI desagertu ondoren. Oraindik aurrera ELKAR-ek hartuko dau desagertuaren material guztia. Eta ez da hasiera txarra izan, Benitok erreztasun guztiak izan baititu bere esku diskoa grabatzerakoan. Grabaketa Galdakaoko estudioetan eta diskoaren industri lana Parisen. Detaile txiki guztiak zaindu ditu Benito, beno, egia esan ia guztiak geroago aipatuko ditugun arrazoiengatik. Benito beti izan da kapritxozale eta oraingoan ere ezin ohiturari uko egin, Kapritxosotasun horrek aldiz, ez dio bat ere kalterik egiten euskal musikagintzari. Bai zera!

Benito bera izan da armonizazioen eta grabaketa arazoak eraman dituena. Laguntzaileak aurreko diskoan agertzen zirenak izanik, izan berriren bat edo bi ikusten dugu. Laguntzaileen artean, kuriositate gisa bada ere izen bat aipatuko dugu. Jean Phocas, hasierako Errobi taldean zegoena eta gaur XOXOA estudioetan grabaketa injenieroa dena. Disko honetan kontrabajoa jotzen du Phocasek.

Diskoaren goi mailatasuna ez dugu eztabaidatuko. Hasieratik disko ona dela esango dugu, goi mailakoa, baina gure komentario honek ez luke laudorio hutsa izan nahi eta guk kritikatzean, hori bai kritika positiboari, ekingo diogu. Honela guk ikusi ditugun gauza txarrak aipatuko ditugu zeren diskoari egindako alabantzak leku guztietan irakurtzeko aukera izango duzu eta kritika ere beharrezkoa da.

Lehenengoz eta behar bada inportantziarik gutxien duena, azala. Azala ez da bat ere nere gustokoa eta ez bakarrik nerea hortik ere kritika bera entzun dut eta. Batzutan justifikatua dugu argazki batzuren erabiltzea dokumentu historikoak direlakoan. Baina halan ta guztiz ere ez da ondo zaindu alderdi hau eta diskoa nahiko pobre geratzen da azalari dagokionez, bai barrukoari bai kanpokoari.

Bigarrenez errekurtsoen erabilkeraz. Zenbait unetan musikak aurreko diskora garamatza, Zuberoa-Askatasunaren semeei izeneko hortara. Eta hau ez da giroagatik musika errepikatzen delako baizik. Lehen diskoan —aurrekoan— erabilitako musika zati batzu oraingoan errepikatu egiten dira eta honek freskotasuna kentzen dio diskoari. Ez da asko sakondu behar honetaz konturatzeko, guk lehen entzualdian igarri dugu. Zati hauek Zuberoa diskora garamatza hain zuzen.

Hirugarrenez, eta hau bigarren puntuarekin erlazionaturik legoke, sakontasuna. Sakontasuna jarri dut hitz bat beharrezkoa nuelako eta horretarako ez dut beste egokiagorik aurkitu. Dena dela arazoa hauxe da: Benitok azken diskoetan, azken hiruotan, herri kantuari sakonago heldu dio eta gainera ikuspegi konkretu batetik (Francisco de Gascua musikologoaren teoria gogoan izanik) zelta musikatik. Eta ikuspegi hori gero eta nabariagoa izan da, gero eta sakonagoa. Lehen diskoan, "... eta maita herria ukan dezadan plazara", bigarrenean "Askatasunaren semeei-Zuberoa", eta hirugarren honetan. Baina lana gero eta sakonago izan bada, musika zeltaren mundua sakondu badu Benitok eta oso ondo, irtenbidea beharrezkoa da. Eta horixe da kezkatzen gaituena. Benitoren lana bide batetik sartu da eta aurrera egin baina aurrera bakarrik begiratzen eta alboko musika korrenteei kasu haundirik egin gabe. Eta honek bere kalteak ekar diezazkioke. Disko batetan ongi ikusten dugu, bigarrenean bardin bere musika askoz gehiago sakondu eta landu duelako baina hirugarrenean txarto ikusten ez badugu era Benito bide estuan sartu dela esango genuke. Eta zer berri ekartzen digu disko honek? Bai zenbait gauza bai baina gehien batez orain arteko bidea sakondu egin du Benitok eta horretan datza orijinaltasuna (bai kutsu gregorianoa ez dugu ahanzten). Gure beldurra hurrengo diskoari begira legoke, bide estu horretan galduko dela Benito agian. Bidean pauso luzeak eman ditu eta orain ikuspegia zabaltzea zaila egingo ote zaio Benitori? Guk horrela uste dugu eta hiru disko hauetan formula hori erabili badu hurrengoan burua bertan galtzeko arriskuan ikusten dugu. Besterik ez.

A, bai! disko hau euskal musikagintzak ezagutu duen onenetarikoa dela, Errobiren Ametsaren bidearekin batera eta Benitoren aurreko diskoarekin. Eta halako diskoak ez dira edozein lekutan ateratzen. Euskal musikagintzaren onerako izan dedila.

***

Iparraguirre: zure oroiz

Kantariak

Txomin Artola.

Beñat Axieri.

Anje Duhalde.

Iñaki Eizmendi.

Niko Etxart.

Imanol.

Lourdes Iriondo.

Itziar.

Gorka Knorr.

Xabier Lete.

Erremon Marticorena.

Oskorri.

Ibai Rekondo.

Xabier Saldias.

Patxi Urrestarazu.

Anton Valverde.

Urretxuko Herria.

Esatariak

Xabier Amuriza.

Txaro Arteaga.

Eguzki.

Bitoriano Gandiaga.

Jose Mari Iriondo.

Oskorri.

Ramón Rodó.

Grabaketa-teknikoak

Jean Phocas.

Joan Sirvent.

Grabaketa

Xoxoa - Galdacano.

Genma - Barcelona.

"Mendeurrena dela eta, gure erakunde ofizial eta pribatuek, oroitegunak, sariketak, antzerkisaioak, idaz lehiaketak eta horrelako ospakizunak antolatu dituzte. Baita komiki bat ere, Jose Mari Iparragirre-ren bizitza bertan bilduz. Alabaina, ekintza guzti hauetan, paradoxa bat gertatzen zen. Iparragirre, ezer ba da eta, kantaria izan da Euskal Herriarentzako. Hor ditu 17 kanta eder, bere sorterriari herentziaz utziak". Honelaxe azaltzen digu Luis Iriondok disko honen zergatia. Iparragirreren heriotzeko lehen mendeurrena ospatu dugun urtean, ezinbestekoa Iparragirreri eskeinitako diskoa.

Eta honelaxe dator "IPARRAGIRRE: ZURE OROIZ" disko bikoitz hau, Iparragirreren omenez bere mendeurrena ospatu dugularik. Disko arraroa dela esan genezake bertan biltzen diren izenak ikusirik. Era guztietako jendea elkartzen da hemen Urretxuko Jose Mariri omenaldi bat eskeini nahiean edo. Arraroa baita egileen aldetik, edo hobe esan bultzatzaileen aldetik. Zergatik? Goazen aztertzera.

Alde batetik hemen elkartzen den jendea ikusirik disko zabal baten aurrean aurkitzen garela ematen du. Ala ote? Ez dakit, ni neu behintzat bildur naiz hemen agertzen diren izenak irakurri ondoren: Xabier Lete, Gorka Knorr, Imanol, Niko Etxart, Ibai Rekondo,... (ikus ondoan izen guztien zerrenda osoa).

"Horrelakoxe, helburu estetiko, soziologiko eta politiko guztiz desberdinak dituzten artistak, elkar-lan eder batetarako prestatu ziren. Barrenetik ezagutu gabe nekez sinets daitekeen bezelako prestutasuna izan dugu, geurok ere harriturik gaudearren. Izan ere, gure herri honetan, nork uka diezaioke bere eztarria Iparragirre-ri?" argitzen digu Iriondok.

Lehenengoz ez dakigu ze kriterio erabili den kantarien aukeraketa egiteko. Beno, agian bai. Azken MUSKARIAn Luis Iriondok kantarien ahots berezitasunak kontutan izan zituela esaten digu eta inork ez zuela ezetzik eman (1). Baliteke, baina hemen izen asko falta da, izen zaharrak nahiz berriak, azken aldikoak, denon ahoetan dauden izenak.

Bigarrenez, ba dakigu omenaldia beste arazo guztien gainetik zegoela, eta hala dirudi benetan, baina bildur naiz —lehen aipatu dudanez— disko hau saltsa bihurtu den. Eta hemen nere arrazoiak. Orain arte, eta nahiz eta "Ez dok amairu" taldearen apurtzearen arrazoiak argi inon argitaratu ez, euskal kantarien —zenbaiten noski— artean ez dira erlazio onak izan eta taldearen sakabanatzea adibide bat dugu. Beste adibide bat Imanol genuke, disko honetan agertzen den zenbait kantariren artean baztertua izana. Eta derrepentean, bat batean zerutik aingeru guztiek etorri eta bazterkeria guztiak konpondu. Badirudi ere aingeru berek kantarien artean zeuden erlazio txarrak konpontzeko bidean jarri dituztela. Baliteke ere honela izatea eta Luis Iriondoren hitzak bide horretatik dihoaz "Hasieran lan honi eskuak erantsi behar genizkiola esan genduenean, inork ez zuen sinisten "egin beharko litzateken" lan hau aurrera joango zenik. Izan ere, gure herriko 15 kantarirekin hitzegiten hasi behar zan, talderik ezagunenak, abestalde herrikoi bat, moldatzaileak, orkesta grabatzea eta solista kanpotar eta etxekoak, poeta eta bertsolari ezagunenak, euskal irrati eta telebistako pertsonaiarik ezagunenak... Lan ikaragarria zan bistan dagoenez. Baina, nork esan du gure herria erabat erdibiturik eta zatiturik dagoela? Irten kalera, aipa ezazu IPARRAGIRRE-ren izena, eta... tirio eta troiarrak inguratuko zaizkizu, hika-mika guztiak ahaztu eta eskuartean duzun proiektua bultzatzeko." Ala izan bedi, eskerrak Iparragirreri.

Bestaldetik bultzatzaile arazoa aipatu nahi nuke. Bultzatzaile Eusko Jaurlaritzako kultur saila agertzen zaigu, Urretxuko udala ahaztu gabe, eta egile Jaime Yarritu edo Xoxoa. Hemen ere arazoak ez daude hain garbi. Orain arte XOXOA diskoetxeak bere politika jarraitu du kantu edo ta kantari bildumetan, hala nola Korrika eta Lemoizen aurkako Jardunaldietan, eta oso eszeptikoa izan da halako projektu baten aurrean. Oraingoan, ostera, ez da gauza bera gertatu eta honek alde batetik poztu egin nau, eta bestaldetik ez, zergatik izan den ez dakidalako.

Arazo bi hauek alde batera utzirik diskoarekin jarraituz moldaketen gaiarekin egiten dugu topo. Moldaketak Bartzelonan eta hemen, Euskal Herrian egin dira. Hemengoak Michael Ducau eta Luis Iriondoren artean, eta entzun ahal izan dugunez Oskorri taldeak bakarrik izan du moldaketak egiteko ahalmena. Beste kantari eta partaide guztiek moldaketen arabera jarraitu behar izan dute, eta honek nolabait mugatu egiten ditu egileen adierazpideak. Bide horretatik ere abiatu dira partaideen kritikak, beren aportazioa eskasa izan dela eta moldaketak aldez aurretik eginak zeudela. Moldaketak Luis Iriondo eta Michel Ducauren artean egin dira hemen, disko erdia, eta beste erdia Bartzelonan. Luis Iriondori dagokionez bigarren aldiz heltzen dio Iparragirreren lanari, lehendabizikoa Patxi Andion kantariarentzat eta bigarrena oraingoan.

Diskoa eta kasetea azalpen liburuska batekin atera dira, Iparragirreren bizitzako datuak eta kantu guztien hitzak bertan agertzen direlarik, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Baita ere partaideen argazkiak. Lagungarri txukuna benetan azalpen liburuska hau.

Bukatzeko gauza bat, bultzatzaileei dagokiena. Beldur naiz Eusko Jaurlaritzak daraman bide kulturala, hau da kultura arloan daraman jokabidea musikara ere zuzendu den eta liburu erreketa ahaztu barik musika eremuan jokabide hau izatea: musika nazionala. Eta Bilbon aurkeztutako lan baten bidez hasitako programa kulturala aurrera jarraitzea. "Euzko Salmoa" (sic) Euskadiko kantu epikoa bihurtu nahi eta oraingoan Iparragirre kantariaz gauza bera egitea. Ez dut uste lortuko duenik disko honetan partaide guztien omenaldi zintzoa agertzen baita, omenaldi zintzoa. Ba zen garaia Iparragirre gogoratzeko, baina gauzak beste batetara ere egin daitezke.

(1) Jakin izan dugunez Urkok ezetza eman zuen moldaketen arazoagatik eta bere arrazoiak azken MUSKARIAn agertzen dira (moldaketak eta estudioa).

***

Natxo de Felipe'ren "... eta Oskorri sortu zen": Oskorriren historia ezagutzeko beharrezko diskoa

Lehen aldea

- Bertolt Brechten gorazarrez

K. Weill-G. Aresti

- Kristo, ni eta gizonak

N. de Felipe-G. Aresti

- Non zauden ez dakit

Herrikoia-A. Irigoyen

- Txili

Bixente Martinez-G. Aresti

- Dabil Beharrean

N. de Felipe-G. Aresti

- Agur jaunak

Herrikoia-G. Aresti

Bigarren aldea

- Aiangizko herrian

Herrikoia-G. Aresti

- Kexa eta promesa

N. de Felipe-G. Aresti

- Kapitan pilotu

N. de Felipe-G. Aresti

- Zergatik zara zu mitozale

N. de Felipe-M. Zarate

- Ene maiteari

N. de Felipe

- Ogi lurrari

Herrikoia-G. Aresti

Aurten OSKORRI taldeak 10 urte bete ditu. Baina ezagutzen dugun taldea eta hasierakoa ez dira berdinak eta zenbait aldaketa izan du taldeak urteetan zehar. Epe bi bereiz ditzakegu (lehenengo biak, gero ere izan ditu aldaketa batzu baina guk, aldaketa hoiek erabat garrantzitsuak izanik ere, alde batera utziko ditugu oraingoan lehen epeak bakarrik arduratzen baikaitu).

- Lehena, 1971ean hasita, taldea sortu zenean hain zuzen. Ordura arte Natxo bere aldetik ibiltzen oi zen, bakarrik. Lau kideren artean sortu zuten taldea, gerotsuago Deustuko ikasle gazte batzu ere sartu zirelarik, baina hauek ikasleak izanik ezin izan zuten aurrera jarraitu eta taldea desegin egiten da.

- Bigarrena, guk ezagutzen duguna, oraingoa, 1973/1974 urteen artean hasten dena, taldea desegin ondoren disko bat grabatzeko bersortzen da.

Lehen epea hobeto ezagutzeko eta aurten taldeak 10 urte bete dituelarik kaleratzen dute disko berri bat, baina Natxo de Felipek bakarrik izenpeturik. Dena dela gaurko Oskorri osoak hartzen du parte.

Orduan zergatik Natxo de Feliperen izenez bakarrik? Agian Natxo lehen alditik iraun duen kantari bakarra delako (Bigarren aldikoak ditugu berriz Anton eta Bixente). Orduan Natxori sor zaio omenaldi hau. Baita ere "Oraingo hau hain lan heterogeneoa izanik (1968-1975 arteko urteetako kantuak dituelarik) ez zaigu egokia iruditu Oskorri izenez izenpetzea, batez ere hiru hilabete barru edo, Oskorriren kantu berriek osaturiko disko berri guztiz diferente bat kaleratuko dugunean. (Natxo de Felipek) (1).

Edozein talderen hasierak gogorrak badira, Oskorrirenak askoz gogorragoak, eta egunen batetan honetaz luzez arituko gara Oskorrikoekin. Baztertua, boikoten artean eta orduko giroaren eraginez ez zuen taldeak harrera onik izan. Baina aurrera jo eta gaur iadanik gainditu dituzte larrialdi haiek. Oraingo diskoa epe hura ezagutzeko beharrezko dokumentoa genuke eta horregatik gorde dira lehengo konponketak "Kantuok grabatzerakoan lehengo konponketakin egin ditugu, hots, bereziki Anton Latxa, Bixente Martinez, Xabier Lakuntza, Jose Luis Fraile eta bostok egindakoekin". (Natxo de Felipek). Hemen agertzen den zenbait kantu lehendik ere ezagunak genituen ("Kristo, ni eta gizonak" esaterako buruak huts egiten ez badit) Natxo de Felipek ateratako zinta sasipirata baten bidez.

Diskoa beraz 1968-1975 arteko urteetako kantuek osatzen dute eta lehen disko nagusia —Oskorri izenez— 1976.eko abenduan kaleratuko dutelarik, Gabriel Aresti hil ondoren. Nabaria beraz G. Arestiren laguntza eta ispiritua, baita ere Mikel Zaraterena kantu batetan "Zergatik zara zu mitozale" kantuan ("Aita semeak" kantuaren egilea).

Kanta gogorrak, errealistegiak akaso beren aldirako, urte askotan zentsura muga pasatu ezin izan zutenak. Zorionak OSKORRI taldeari eta aurrera jarraitzeko gogorik izan dezaten.

Ohar bat: Hurrengoan azala hobe zaintzeko eskatuko genizueke diskoa gehien batez mamia bada ere, azala ezin ahaztu eta zuek orain arte nahiko ondo zaindu duzue, nik uste. Oraingoan ez horrenbeste.

(1) Entzun dugunez grabatua daukate hurrengo diskoa Galdakaoko estudioetan eta laster argitaratuko "Adio Kattalin" edo izenpean.

Partaideak

Natxo de Felipe. boza eta gitarra

Anton Latxa. gitarra akustikoa

Bixente Martinez. gitarra elektrikoa

Xabier Lakunza. dultzaina

Jose Luis Fraile. dultzaina

Polin Gurrea. saxo eta flauta

Aingeru Berguices. baxoa eta akordeoia

Fran Lasuen. bibolina

Jose Manuel Cacho. biola

Jose Ramon Fernandez. txistu

Javier Cortes. atabala

Jean Phocas. grabaketa teknikoa

Bittor Allende. azala

Pedro Zarrabeitia. fotoa.

***

Olentzaro izertaldi

Gabonak datozenean urtero gabon abestiak izaten ditugu gure ahoetan. Hori dela eta aurtengo Gabonetarako disko berri bat plazaratu du XOXOAK, "Olentzaro izertaldi" izenpean.

Herri kantuek osaturiko diskoa. Lehen aldean: "Olentzaro", "Haur eder baten bila", "Gaueko izar" eta "Birjina maite". Bigarrenean: "Lo dago", "Gora gora", "Horra mari domingin", "Oi Bethlenen" eta "Hator, hator".

Musika moldaketak Juan Carlos Irizar donostiar musikalarienak dira, aurten disko bi atera dituena, bata pianoaren laguntzaz eta bestea "Gabon abestiak" diskoan moldaketak egiten eta zuzentzen. Hirugarrena dugu hau, beraz. Herri kantak Gabonetarako.

Xixupika I. Jolasmotrizitatea

Imanol Urbietaren XIXUPIKA delako sailaren barruan beste disko kuttun bat. Zoragarria benetan Imanol edo Manolo Urbieta eta bere taldearen lana. Umeak eta ume mundua maite dituen "umetxo" honi mila esker. Eskerrak Imanol gure eta umeen partez.

Loyola Garmendiaren "Gabon Abestiak"

Gabon kantuak, Juan Carlos Irizar donostiarrak egindako moldaketak eta Loiola Garmendia gaztearen abotsaz. Musika moldaketak, egia esan Iturralderenak dira baina ideia Irizarrena eta Luis Iriondoren zuzendaritzapean.

Garmendia izatez rock kantaria da, Atman taldekoa eta disko hau urrats berri bat litzateke bere bizitzan, esperientzia bat agian. Orain Atman taldearen lanaren zai gaituzu.

Otxoa-ren "Libérate"

Bilboko jaietan pertsonaia berezia izan zen Jose Antonio "Otxoa" orain diskogintzaren munduan sartu da XOXOA diskoetxearen bidez, "Herriak" delakoaren sailaren barruan. "Otxoa" Bartzelonatik ibili ondoren Bilbora etorri zen eta Amparo Bilbaorekin hasi Bilbon kantatzen.

Baina bere ospea Bilboko jaietan lortu zuen, ihazko jaietan hain zuzen. "Anaitasuna" Arantza Elu kazetaria nere tabernara etorri zitzaidan eta bideorako abesti batzu grabatzea proposatu zidan, gero txosna batetan jartzeko bideoa eta Federiko Ezkerraren txoznan bota zen bideo-pelikula itzelazko ospea lortuz. Geroztik ez dago Bilbo aldean "Otxoa" ezagutzen ez duenik.

"Emakumez jantzita "cuple"ak kantatzen dituen transformista sentitzen naiz" diosku. Musika zaharrak, gaurko hitzak, samin samarrak: "Libérate, Mon cheri, mon cheri, Venga alegría..."

Joxe Ugarriza


Iñaki Lasari [Bertsoak]

1

Halabeharrez udazken batez

irria dio ebaki;

haren lagunok zer galdu dugun

oraindik inork ez daki;

denontzat maite maitegarri zen

gure bihotzaren zati,

baina inoiz ez zaigu hilgo

geugan bizi da Iñaki.

2

Zenbat momentu pasa ditugu

pozik elkarri kantatuz?

Egia denik ezin sinetsi

orain hura gogoratuz;

zergatik joan zara, laguna,

gu hola abandonatuz?

Zeu izan behar hila zarena

bizitza hainbat maitatuz!

3

Zeren bizitza maite zenuen

lizar gazte bezala;

beti izan zara maitagarria

denontzat bihotz zabala;

naturarekin bat-bat egina

mamia eta azala;

hain maite zendun Amandre Lurrak

barnean gorde zaitzala.

4

Bihotz beteaz bizi zinela

guk denok dugu ezagun,

lagun guztiak gustura geunden

zurekin gau eta egun;

benetakoak gutxi dira ta

beti nahi zintugun lagun;

orain hobeto ohartzen gara

zenbat maitatzen zaitugun.

5

Ama, senide eta lagunok

barrena dugu mindua,

guretzat ia badirudi gaur

amaitu dela mundua;

hitzik bazenu, ez tristatzeko

zen zihur zure agindua;

zuk ez baiña geuk behar genuke

zure kontsolamendua.

6

Parrez esaten genuen "norbait

joatean beste mundura,

kontatuko dugu denok alaiki,

hortaz ez izan ardura".

Zein gutxi uste genuen laster

zetorkigula tristura

orain indarrak falta zaizkigu

betetzeko agindu hura.

7

Heriotzari zure izenean

egiten diogu uko;

guk ez dugu nahi inola jarri

jantzi beltza edo luto;

baina seguru egon, Iñaki,

ez zaitugu inoiz ahaztuko

bizitza zinen eta bizitza

ez da inoiz amaituko.

X. ZORROTZA


[Bertsoak]

Doinua: Uso zuria

1

Bukatu zaizu nekea

Iñaki lagun maitea!!

Iñaki lagun maitea!!

Zuhaitz jaioa, su bihurtua

eta orain berriz, kea...

Lortu orduko etorri zaizu

hain maite duzun BAKEA

hain maite duzun BAKEA

2

HAIZE, ITSASO eta LUR

ez eiozue esan agur!!

LUR: zuregana orain doa-ta,

ITSASO: lastertxo da ur,

orduan zure uhainez HAIZE

—mesedez— Iñaki bihur

—mesedez— Iñaki bihur.

3

Euskal Herriko loreak

ez izan eskergabeak!!

ez izan eskergabeak!!

Iñakigandik hartutakoa

ez dezala jan sugeak,

erleei eman, beraien eztiz

bazkal daitezen umeak

bazkal daitezen umeak.

4

Zer, EUSKARA ta NATURA?

nora joan zaigun hura...?

nora joan zaigun hura...?

ez dakit baina aurpegitatik

ken ezazue tristura,

haren kideak asko gara-ta

zuek ez izan ardura

zuek ez izan ardura

5

Gogorra bada burdina

nolakoa ote mina...?

nolakoa ote mina...?

Une batean zapuz daiteke

bizitzan zehar egina.

Ea non zauden galdetuz gero

zer erantzungo dut, IÑA?

zer erantzungo dut, IÑA?

J. R. BILBAO


Iñaki Lasari [Olerkia]

Baneukan,

Ahaztuta baino,

Gordeta zure existentzia,

Eta orain gogoratzen naiz

Zure barreaz,

Zure erre guturalaz,

Ihauterietan utzi zenuen biboteaz,

UEUko praka motzetaz...

"Tontoa" izan ahal du

Heriotzak?

Ez zait iñolaz ere balio

"Guztioi tokatu behar zaigu" esaldia,

Eta galdezka gelditzen naiz,

Triste, guztiz triste...

Ez naiz sentitzen kapaz

Nolakoa zinen

Adierazteko:

Nahikoa zen zu ezagutzea.

Ez dakigu

Gure agurra

Hartuko duzun,

Eta hala ere

Bidaltzen dizugu:

"Gero arte" diotsugu

Negarrez,

Azentuazioa bere lekuan

Gorde nahiean.