ANAITASUNA

1981.eko MAIATZA

411. Alea

100 pzta.


[AZALA]

55 minutu Lluis Maria Xirinacsekin

• Abortoaren inguruan hainbat haburu

• "La bien aparecida" agertu zitzaigun Unben

• hitza eta mikroa geratzen zaizkigu


ANAITASUNA

Ale honetan lankide izan gara:

I. Antiguedad,

J.I. Basterretxea,

J.R. Bilbao,

J.R. Etxebarria,

M.J. Esteban,

M. Gereka,

I. Idigoras,

I. Lasa,

J.M. Pastor,

X. Portugal,

K. Santisteban,

L. Trask,

T. Trifol,

G. Urrutikoetxea,

R. Zumalabe,

Herria 2.000.

ANAITASUNA

Zabalbide 68 - entlo.

Tfnoa.: (94) 411 66 20

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos.

Lege G.D.L. BI 1753 - 1967.

Printed in the Basque Country.


AURKIBIDEA

3.or.- Artikuluburua

4.or.- Agiriak

5.or.- Aurkibidea

6.or.- Hitza eta mikroa geratzen zaizkigu. Donostiako herri irratiak 6 ordu euskaraz egunoro

9.or.- Jon Castañares mintzatzen da.

10.or.- Hutsune politikoak. Aberri Eguna, Maiatzak bat...

14.or.- Udan ere euskaraz. Udako Ikastaro intentsiboez ULIBARRI euskaltegiak antolatuta.

16.or.- Hankaz gora

18.or.- Armen hazbideaz horma eta ezpataren artean. Nazioarteko egoera larritsuaz: URSSek eta USAk mundua morroitzat hartu nahi.

22.or.- Lluis M. Xirinacs-ekin hizketan

28.or.- Abortoaren inguruan hainbat haburu. Abortoaren problematika harturik, Europa mailan, Italian batez ere, dauzkan konotapenak aztertzen dira.

32.or.- Agur eta ohore... Txuriurdinei bertsotan.

33.or.- Krisia dela eta Idazten.

34.or.- Mari Gorringo, bihar eguzki ala euria egingo.

36.or.- Nik ere ikusi nahi nuke. Unben agertzen omen den birjinaren ondoan espabilatu batzuek "Lourdes Español"-a atera nahi dute.

38.or.- Besteak. Honetan "herria 2.000" aldizkariak 3.urtemugara jotzen duelarik Anaitasunak aldizkari haren artikulu bat publikatzen du.

41.or.- Euskara plazara

42.or.- Zinema

43.or.- "Bizi dezagun jaurlarizkera"

44.or.- Bermeo ala Bermio?

45.or.- Postak

46.or.- Akrostika


Artikuluburua

¡Que barbaridad!

Bide guztiak ahiturik, Del Burgo, Nafar parlamentutik egozteko bi soluziobide eduki dute sozialistek;

"Bata, Del Burgo bera parlamentuan egon dadin nahitanahiez onartzea.

Bestea, Parlamentu bera geldiaraztea".

Baldintza hauen aurrean, euskaldun guztion maitagarria den PSOE Alderdiari ezker abertzale oro barruti hartatik jaurtikitzea burutu zaio. jQue barbaridad Sr. Arbeloa!

Ikusi egin ditugu diputatuak eta parlamentariak foralek indarrez egotzita. Ez genuen uste horrenbesteraino hel zintezkeenik Arbeloa Jauna. Ongi jokatu egin duzu, lasai egonen zara, ez duzu kontzientzi arazo handirik izanen. Nastatzaileak, istiluegileak, antidemokratak erditik kendu dituzu indarrez; hortakoz baitituzu zure aginpean foralak. Hortakoz jakina, bai. Del Burgo ostera Parlamentutik foralek egotzi? Ez. Hori ez, Arbeloa. Halakorik ez zaio egiten UCD eta faktikotarren kumeei: hortaz ez zenuke izanen nahiko aginterik. Del Burgo gainera ez da izan inongo istilurik sortzaile. Egin duen txerrikeriarik txikiena, Diputaziori, Nafar herriari, milioi batzu ohostea izan da. Ez, Del Burgo egoztea ez zaizu burutik ere pasatu. Errazago, erosoago, gartzelarik gartzela, komisaldegirik komisaldegi eramaten dituzten gisagaiso horiek botatzea. Errazago, erosoago eta guztiz kristaua. Donostian eta Bilbon EAJk berak gauza bera egiten baitu, bada.

Zure ebanjelioa oso konstituzionala izanen da Arbeloa baina kristaua ere ez da izan behar zure ebanjelio berri horren irakurketa, Kristo-ren ebanjelioarekin zerikusirik ez duela jakiteko. ETAk mitrailetarik euki arren, Arbeloa Jauna!!


Agiriak

Donostiako XVI Jazzaldia

1981ko Uztailak 15-19ra Euskal Herriko Talde Jazzaleen Lehiaketa (Uztailak 19an).

Jazzaldiaren barne, aurten jazzaleentzako Lehiaketa eratzen da, Euskal Herria muga daukalarik, honako Araudiaz:

1.a- Euskal Herrian bizi diren lagunek osoturiko jazz-taldeak partaide gerta daitezke.

2.a- Jazzez beren ogibidea ez daukaten talde guztiak —edozein motatan, edonolako joeraz— aurkez daitezke. Berorien artean Epai Mahaiak bereizketa egingo du.

3.a- Talde baten musikari batek nahiz gehiagok beste talde batetan parte hartzea es du Antolakundeak onartuko.

4.a- Ekitaldiaren luzapena antolakundeak erabakiko du, eta aldez aurretik partaideei komunikatuko zaie, nahiko astirik izan dezaten.

5.a- Partehartzaile diren taldeak gastutarako dirurik jasoko dute, taldearen lagunen kopuruaren araueraz.

6.a- Epai Mahaiaren erabakia gaitzestezina izango da, harek nahi hainbat erabaki har dezakelarik.

7.a- SARIAK

Aurreko sariak izango dira:

- Lehenbizikoari 30.000 pta. eta trofeoa

- Bigarrenari 15.0.00 pta. eta trofeoa

- eta 10.000 ptako sari bat eta trofeoa solista hobenarentzat.

8.a- INFORMAPEN ETA IZEN EMATEAK

"JAZZALDIA"

Kultur eta Turismorako Ekintzetxea

Reina Regenta, z/n

Donostia - 3

***

Legazpiko herriari:

Ikastaroa bukatzeko zorian dagoenean kezka bat azaltzeko zuengana jotzen dugu. Euskararen normalizapenerako arazoa denez denon arazoa da. Horregatik lau haizetara adierazi nahi dugu.

Ziurki iaz ospaturiko "euskalduntze" kanpainaz oroitzen zarete. Horretan txartelak euskal esaera jatorrez zabaldu genituen eta era berean, itsazkinak, orriak... Baina delako kanpaina horretan ere Udaletxeari zenbait eskaera egin genizkien. Oso egokia iruditzen zitzaigun, zeren horrela zabalkundea eta lorpena handiago izango bait ziren. Gainera, herriko agintariak partaideak izan zitezkeen. Eskariak oso egokiak eta beharrezkoak ikusten genituen. Hala ere hor dituzue, itsasten dugun eskutitzean. Horregatik beren zehaztasunaz ez dugu ezer esango. Nor berak epai bitza. Bestalde, arazoa ez dago, oraingoz, eskarietan. Prolema ez dago onartzean edo baztertzean. Begira.

Idatzi genuenak data hau zeraman: 1981.eko martxoak 31. Beraz, duela urtebete bat eta... Izan ere, ez gara horretaz ahaztu, baina udalgizonak, ordea, bai. Hala dirudi, behintzat. Orduan, beren oroimen ahula zuzpertzeko beste bi gogoarazpen bidali genizkien. Lehenengoa iazko ekainaren 9an eta azkena aurtengo martxoaren 9an. Gainera, ahaztua izan ez zedin. horrelako ohartxoa ipini genien: "... akats beran eror ez gaitezen zuen erantzuna jasotzeko hilabeteko epea ematen dizuegu..." Eta oraingoan ere hilabeteko epea joana zaigu. Orduan, zer egin? Udalgizon agurgarriok zain gauzkazuela jakizue. Legazpiarrok gogora diezaiegun!

Salaketa xinplea dugu. Ez da gehiagorik. Lerro tartean ez dago inolako azpijokorik ezta kolore arazorik ere. Tinturarik gabeko herritar arruntak bezala idatzi dugu euskal nortasunari uko egin gabe. Eta bukatzeko, bada ez bada ere, behin eta berriro gure nahia azaltzen dugu: egindako eskariei erantzuna.

Zuen harrera ulerkorragaitik eskerrik asko.

Legazpiko Euskal Eskola

***

Jose Maria Iparragirreren heriotzaren Mendeurrena aurten betetzen delarik, Euskal Jaurlaritzako Kultur Sailak argazki lehiaketa bat antolatzen du.

Oinarriak

1.- Parte har dezakete argazkilari guztiek, profesionalak izan ala ez.

2.- Gaia "Euskal Herria" izango da bere edozein alderditatik: paisajea, etnografia, giza irudia, naturaleza. etabar.

3.- Lanak zuri-beltzetan naiz koloretan aurkez daitezke, eta areago diapositibak, neurriz eta egituraz norberak nahi bezalakoak.

4.- Parte hartzaileek nahi hainbeste lan igor ditzakete, beste lehiaketa publikoetan sarituak izan ez badira.

5.- Lanak ezizen batekin etorriko dira. Sobre batetan, ezizena, izena, deiturak eta partehartzailearen helbidea jarriko dira.

6.- Sari hauek jartzen dira:

 Paperezkoak: lehen saria 25.000 pezeta, bigarren saria 15.000 pezeta, eta hirugarren saria 10.000 pezeta.

 Diapositibak: lehen saria 25.000 pezeta, bigarren saria 15.000 pezeta, hirugarren saria 10.000 pezeta.

7.- Saritutako orijinalak Euskal Jaurlaritzaren Kultur Sailak beretzat gordeko ditu.

8.- Argazkiak eta diapositibak Urriaren 20a baino lehen hauetako helbide batera igorriko dira: Donostiako Kultur Ordezkaritza (Andia 13), Bilboko Kultur Ordezkaritza (Mazarredo 63) eta Gasteizko Kultur Etxea (Paseo de la Florida).

9.- Lehiaketaren ondorioak prentsa eta irrati bidez aldarrikatuko dira, gainera irabazleei zuzenean adieraziz.

10.- Euskal Jaurlaritzako Kultur Sailaren asmoa ikusketa ibiltari bat antolatzea da.

11.- Lehiaketaren parte hartzeak berak oinarri hauek onartzen direla esan nahi du. Oinarri hauekiko edozein ulerpen zalantza antolatzaileek erabakiko dute.

***

Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Lehen Txapelketa

Jon Sarasua Maritxalar, 15 urtekoa, eta Jon Iñaki Isazelaia, 13koa, biak Arrasateko Almen ikastolakoak, gertatu ziren txapeldun, maila banatan, larunbatean, hilak 9, ospatu zen Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Txapelketan. Bigarren berriz, handien taldean, Iñaki Sarasua, 16 urtekoa, maila horretako bertso idatzi onenen saria irabazi zuena bera. Txikien maila, Josu Garate, 12 urte, zumaiarra geratu zen bigarren, bertso idatzi onenen saria berriz, Aitor Sarasuak, 13 urte, jaso zuelarik.

Beraz, bat ez beste, Deba Garaiko Almen ikastolaren inguruan lan egiten duen bertsolari taldera joan ziren sari guztiak, berori zuzentzen duen Patxi Goikoleak jaso zuelarik talderik onena aurkezten zuen arduradunari zegokion saria ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputadu Nagusi den Xabier Aizarnak, Euskal Herriko Bertsolarien Txapeldun den Xabier Amurizak, Joxe Manuel Odriozola eta Imanol Murua diputaduek, Imanol Lazkano bertsolariak eta epai-mahaiaren idazkari izan zen Xabier Marquet-ek banatu zituzten sariak. Iparraldeko Bertsolarien Biltzarraren izenean Mixel Itzainak sari bat ekarri zuen, eta SENDOA argitaletxeak berriz, Txapelketan parte harturiko guztientzat liburuak banatu zituen.

Irakasleen Elkarteko Idazkari den Iñaki Zubeldiaren eskuetatik jaso zuten berriz saria Txapelketa hau anunziatzeko erabili den hormagiriaren egileek, Beasaingo Alkartasuna Lizeoko Alberto Martin eta Txema Zuriarrainek.

Goizez, Aurrezki Kutxa Munizipalaren Zabalegiko Eskolan bildu ziren bertsolari gaiak —berrogeitairu guztira— epai-mahaikoekin batera, idatziko proba egin eta bertan bazkalduz.

Arratsaldeko saioari, Zarauzko Lizardi Elkarteko Musika Taldeak eman zion hasiera, eta bi ekinaldien tartean Elkarte horretako dantza taldea aritu zen. Jaialdi guztiaren aurkezle, Joxe Mari Iriondo izan zen. Bertsolaritzaren inguruko zenbait jende ikus zitekeen Baldan, hala nola, Gorrotxategi eta Larrañaga bertsolariak, Inozentzio Olea, Luxio Gabiria, Rufino Iraola, Jexux Mari Etxezarreta, Pello Mari Esnal, Teodoro Hernandorena etabar. Han ziren ikastoletako zenbait ikasle ere. Guztira milaren bat lagun.

Gogoratu beharra dago Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duela Txapelketa hau Euskaltzaindiarekin batera eta Aurrezki Kuxa Probintzialaren eta Donostiako Aurrezki Kutxaren laguntzaz.


Euskal Herria

Hitza eta mikroa geratzen zaizkigu

Iragan Apirileko 21-ean jaio zen Donostiako Herri Irratian euskara hutsezko programakuntza berria. Arratsaldeko seiretatik gaueko hamabiak bitartean ematen da, onda media eta FM-ren bitartez. Euskal Gobernua eta Donostiako Herri Irratiko Zuzendaritzaren arteko akordio baten ondorio da: hark sei ordu kontratatzen ditu egunean, honek urtean lau milioi jasotzearen trukean.

Joxe Mari Otermin, programaren zuzendariarengana jo dugu albiste honen xehetasun gehiago jakiteko asmoz.

"Berez, aspalditik zetozen Herri Irratia eta Euskal Gobernuaren arteko harremanak; urtearen azkenerako, Abendurako, lehen elkarrizketak ba zeuden komenio hau nola egin zitekeen ikusteko. Jauregiko gauzak poliki joaten omen dituk eta gure kasuan ere horrelako zerbait gertatu duk. Noski, urtebeterako kontratu bat berez egokiago duk Urtarriletik Urtarrilera izatea baina gauzak poliki joan dituk eta Apirilean bakarrik hasi gaituk. Gauzak horrela zeudela programazioa hezurmamitzeko, nondik nora jo zitekeen ikusteko prest al nengoen esan zidaten. Baiezkoa eman nuen dudarik gabe, eta Donostian Herri Irratian lanean ari zirenekin harremanetan jarri nintzen; nolabait Apirilaren 8-10 egun horietan programaren aurrerapen bat eman zen eta bestetik gauzak nola egin asmo genituen".

ANAI: Zer nolako programa da hori?

 J.M.OTER. Jende askok erabiltzen dik programa hitza eta bene-benetan esan nahi nikek sei ordu irauten, duten programak direla. SEI orduko programagintza duk eta sei ordu horietan programa sorta bat zegok.

Printzipioz esan behar diagu orduero informatiboak ematen dizkiagula Arratsaldeko seiretan hasten gaituk eta hor 10-15 minutu irauten duen informatiboa zeukeagu autxi asko ordurarte agentziek zer eman duten adierazteko; gero, orduero zazpi bat minutuko informatiboak zeudek. Bazekiagu, informatibo mundu honetan, beste zenbait irrati eta agentziekin zereginik ez dugula. Baina maila batetan behintzat txapeldun gaituk: eta duk, euskaraz ematean Puntu hori positibotzat jo behar dela pentsatzen diat eta gure entzuleek batez ere, oraindainokoak, horrela jo dutela.

Lan asko ematen ziguk. Alde batetik, arratsaldeko seiretako informatibo hori egiteko aldez aurretik paper asko ikusi behar duk teletipotan. Gero albisterik nagusienak aukeratu; horietatik zatirik garrantzizkoenak hautatu; gero itzuli. Horrek izugarrizko lana ematen dik. Eta une guztietan teletipoaren gainean gatxaudek eta horrek ematen duen lana beharbada gogorrena izango duk sei ordu hauetan.

Egunero ospakizunak ematen dizkiagu 6-6.30 tara, eguraldiaren berri ere bai eta ondorengo orduetan izango dugunaren aurkibide bat. Sei t'erdietan ipuin txokoa zeukeagu, haurrentzat. Lehendik ere bazetorren programa ipuin txokoa zeukeagu, haurrentzat. Lehendik ere bazetorren programa hori Herri Irratian eta mantendu egin dugu. 7-8tara musikal bat zeukeagu Martin Tejeria-ri esker. Bere gustoak alde batetik, eta jendearenak bestetik kontutan izanik egiten dik.

ANAI.— Euskarazko musika, ala edozein musika?

 J.M.OTER. Nolabait munduko kantagintzaren aurrean konplexoak galdu behar dizkiagu, eta kasu honetan datorrena sartzen diagu, duintasun batetan. Flamenkoa ere sartu dik, benetako flamenkoa. Normaltasun baten barruan hartu eta munduko kantagintza nola dihoan ikusteko. Ez diat uste euskal kanta eta flamenko saioaren arteko burrukarik egon behar duenik, ez eta gutxiagorik ere.

8-8.30 bitartean, Iñaki Zubizarretari esker, euskal kulturari buruzko irratsaio berezi bat.

8.30 etan, "programa-zaku" edo horrelako zerbait zeukeagu. Bi arrazoiengatik. Alde batetik, Loiolatik egindako "Baserria" irratsaioa sartzen diagulako astean bi bider. Oso txukun teknikoak egina eta ez dibagazio hutsetakoa. Eta beste hiru egunetan herrietatik jasotako albisteak, elkar hizketa mundua etab landu nahi genikek. Horregatik esaten diat programa-zaku bat dela.

Bederatzietan gatxaudek. Musikala berriro. Eneko Olasagastirekin "Rock-a abarketan (rock en alpargatas"), eta tituluak berak esaten dik programa honen kontzepzioa nondik nora dihoan: gaur eguneko abangoardiako rock-a hartu eta horren inguruan programa bizi eta atsegin bat egin. Hori ere euskaraz, orain arte egin ez dena.

Hamarretan "kirolak" programa zeukeagu...

ANAI.— Lehen "Euskadin gaur" izaten huen Bilbotik.

 J.M.OTER.— ...Momentu horretan, kontuak egin genizkian. Orduero 6-7 minutu emanez gero, 6 orduetan, 40 minutu hituen informazioa huts-hutsean. Orduan, zer egin Bilboko informatiboarekin? Ikusten genian albisterik inportanteenak hor ateratzen hituala eta besterik zaila zela "Euskadin gaur" euskaraz ematean, eta bertan behera uztea erabaki genian.

Soluzio bezala berrogei minutu egiten dizkiagu mikrofonoaren aurrean eta beste erantzun bat ematen zaiola, pentsatzen diat, irakurleari. Hamarretan "kirolak" zeukeagu, "panorama de los deportes", eta oraingoz bi hizkuntzetara. Orain arte zoritxarrez, kirolak erdal kutsua izan duelako gure artean. Eta, harritzekoa, duk, orain arte Orbegozori, Realeko presidenteari inork ez ziok elkarrizketa bat euskaraz egin, eta bazekik. Denetarik egiten diagu: futbola, tenisa, pelota 10.30-12 tara Txaro Arteaga eta Julian Belokirekin. "Lagun artean" deritzan programa egiten diagu. Dagoenekoz jende interesgarri bat pasa duk Lagun artean programa honetatik. Besteak beste, Realeko jugadore izandako sortu bat: Olano, Andoni Elizondo... Bestetik kultura munduko gizonak pasa dituk: Amatiño, Mikel Atxaga, Elixabete Garmendia. Gaiak ere hartu dizkiagu: "Zestoako Zine Topaketak" etab. Eta..., hori: gai horiek hartu eta patxada-patxadan lagun artean programa bat egin. Batez ere, jendeak gai haueri buruz gauzak jakinez gainera, euskaraz egin eta entzuleak entzuteko.

Esate baterako, kasu polit bat ba zeukeagu, Pasaiako euskaldun berri batek idatziriko karta bat hain zuzen. Eta esaten zian: "kontxo, nik euskaraz ikasi dut eta zertarako?, ia inork ez dit euskaraz ezer ematen eta?" Nolabait, honelako jendearentzat egina zegok "lagun artean" programa bereiziki.

Hori asteko programa duk. Gero larunbat eta igandeetan musika duk zutabe nagusiena. Nik, esate baterako, aste-buruari buruzko programa bat zeukeat: nola aprobetxatu, nola izango litzateke onuragarri, astean zehar zer nolako liburuak atera diren, zer erakusketa bisita daitezkeen...

ANAI.— Zenbat jende zaudete programa honetan?

 J.M.OTER. Momentu honetan fijo gaudenak, eta ez kolaboratzaile, Iñaki Zubizarreta, Txaro Arteaga, Julian Beloki, eta ni, Joxe Mari Otermin. Horiez aparte, eta kolaboratzaile mailan, Martin Tejeria eta Eneko Olasagasti musika egiten; Jone Etxebarri teletipoari hurbildik jarraitzen; Joseba Urzelai eta Klara Badiola haurren programa egiten, eta Gorka Reizabal kirol inguru horretan.

Gero, kontrolak eta abar, Herri Irratiak dituenak.

ANAI.— Zergaitik Donostiako Herri Irratia bakarrik?

 J.M.OTER. Ba ez nauk ni nor gauzak nola joan diren esateko. Niri kontratu bat eman zitzaidan, Gobernua eta Herri Irratiaren artean eta nolabait "hau martxan jarri zak".

ANAI.— Bestela, zer gauza berri dituzue?

 J.M.OTER.— Gauza askotan Loiolako Herri Irratia bide irekitzaile handia izan duk. Jende batek baino gehiagok galdetu ziguk: "zer berri eskaintzeko asmoa duzue? Kontxo! Nobedaderik ez. Neurri batetan Loiolako Herri Irratian bere garaian egin zirelako, eta egiten direlako, Donostiakoan egiten zirelako eta Bilbon ere bai. Orduan zer egiten duzue sei ordu hauekin? Eta erantzuna garbia duk: ba Loiolan koiunturalki edo noizean behin egiten ziren gauzak jaso eta sistematikoki marko baten barruan sartu, sei ordu hauen barruan, eta kitto.

Zeregin asko dagoela oraindik? Dudarik ez. Nobela bat grabatu omen dela entzun diat salbuespen bezala. Egunen batetan gauza izaten bagara entzun diat salbuespen bezala. Egunen batetan gauza izaten bagara txanpon aldetik eta jendearen aldetik zerbait egin nahi diagu.

ANAI.— Zuek emisorarik euskaltzaleenen sona duzue.

 J.M.OTER.— Sartu zen jendea euskaltzalea zelako. Ez zeukak beste misteriorik. Eta gure etorkizuna hor zegok. Beste irratiekin ez zeukagu konpetentzian sartzerik, retransmisioetan ez ezik. Euskal kulturari ordu asko eskaini izan zaiok.

ANAI.— Euskal kanta berriari ere bai...

 J.M.OTER.— Loiolari %75 sor zaiok. Eta euskal kantari gehientsuenak Loiolan ordu dexente "galdutakoak" dituk. Eta bertsogintzari buruz berdin eta trikitixari ere bai.

ANAI.— Zuk behin baino gehiagotan aipatu duzu profesionaltasunaren arazoa. Ebaluazio txiki bat egingo al zenuke?

 J.M.OTER.— Kristoren problema duk, maila guztietan, Euskal Herrian. Irratian, telebista, etab. nahi dizkiagu, baina zenbat jende zegok prestaturik? Inor ere ez...

ANAI.— Hori, pertsonei buruz. Gero material kontua aitatu behar diagu. Behin baino gehiagotan kexatu ohi gara zuen indar, potentzia faltaz.

 J.M.OTER.— Emisora toki txarrean zegok, zaharra duk eta indar gutxikoa. Hala ere, Madrilen izan duk zuzendaria, ITAME etxearekin; emisora berria eskatua zegok eta nik uste aurtengo uztailerako, gauzak ondo badihoaz behintzat, berria izango dela eta bazitekek lekuz aldatzea eta gure sei ordu hauek zabalkunde gehiago izatea.

ANAI.— Gestio guzti hauek zuen autonomiarekin izan al dira? COPE-n integraturik zaudete.

 J.M.OTER.— Momentu honetan Donostiako Herri Irratiak karta garbi bat jokatu dik, Euskal Gobernuarena: bere eskuetan utzi. Milioi sorta bat sartu dik eta, nik uste hori COPE eta Euskal Gobernuaren arteko harremanen bidez garbituko dela. COPE-k interes handia zeukak lanean ari diren emisora guztietaz jabetzeko. Guk, bestalde, izugarrizko interesa zeukeagu hori gerta ez dadin.

ANAI.— Orain ez legoke gaizki zuen manifestazioa gogora ekartzea. Nola sortu zen?

 J.M.OTER.— Diktadura erori zenean garbi ikusi huen hemen jendeak medioen egarri zeukeala, eta Madrildarrak segituan hasi hituen kateari eusten. Manifestazioa egoera honen aurkako lehen garraisia izan huen. Jipoi handia hartu genian Madriletik eta gauza asko esan huen gure kontra. Publikoki eta COPE-ren barruan bertan.

Baina manifestazioa, manifestazioa besterik ez duk eta kitto. Madril behin eta berriz hasi huen zirikatzen. Gainera, Estatuak, Ezcurra jaunak COPE-ri beste irtenbiderik ez zion eman: RAPOSA (Radio Popular S.A.) sortu eta ba zirudik soziedade horri martxan jartzeko asmoa dagoela, orain bertan. COPE-k, Euskal Gobernuarekiko kontratu hau kontutan hartu beharko dik eta ikusiko diagu hirurok nola konpontzen gaituken.

ANAI.— Azken galdera bat bukatzeko. Euskararen normalizaziorako badakigu hiru zutabe behar ditugula: Hezkuntza, Administralgoa eta komunikabideak. Zein da puntu honekiko zuen zeregina?

 J.M.OTER.— Gure sei ordu hauek gutxienez hiru helburu badizkitek. Bat, euskara maila guztietan erabili. Bestetik irrati teknika eta jende berriari ateak zabaldu; erdaraz bezala, euskaraz duintasun batekin egiteko. Hirugarrena, euskara behar duen jendeari eman:jende asko zegok Donostian euskara ikasten, galdutakoek errekuperatzen, etab. bestela lanean, komunikabideetan, zurruterako giroan euskaraz ezer emango ez zaiolako, euskara eta euskaraz entzuteko aukera emateko.


Euskal Herria

Alkatea mintzatzen da

Hona hemen Alkatearen eritzia. Beranduegi iritsi zaigularik, ale honetan publikatzeko beharrean egon gara.

Ba duela urte pare bat demokrazia berriro sartu zela gure udaletan eta bidezkoa denez, auzotarrek galde dezakete ea zer nolako gauza on ala txar, positibo ala ez egin den urte pareotan. Baina galdera zilegi horretaz gain, zailtasunak ere ba daude eta zenbaitek nahi izan zezan neurririk hartzea oso zaila izaten ohi da.

Niri dagokidanez, Bilboko udalez hitzegin nezakeen. Denok omen genekien zer nolako oztopo eta egoera ikaragarri topatu genuen hemen bertan lehendabizikotik. Egoera ikaragarri hau askoz korapilotsuago zen ekonomi arloan. Beronek eskuz eta oinez lotzen gintuen eta edozein lan edo zerbitzu abiadan ipintzeko diruak lotuta egon gara. Orduan, egoera honetan geundelarik, gure lan guztiak helburu bakar bat izan behar zuen: Dirurik lortzea alde batetik eta geunzkan medioak errentagarri bilakatzea bestaldetik.

Jakin ba dakigu halaber, praktikara eraman dugun zenbait neurri ez dela izan guztiz herrikoia baina nahitanahiezkoak izan dira neurriok, gure Udal honek zeuzkan defizitak gainditzeko. Udalaren gehiengoa osatzen duen Euzko Alderdi Jeltzaleak (gehiengoa bai baina ez orokorra) ez du izan nahi txalo errezenik jasotzea ez eta arrakasta errazena ere. Guretzat helburu garrantzitsuena zera izan da: Arazo zailenak bideratzea; beren kausetatik eta errotik aurrera eramatea, baretasunez eta zintzoki.

Honela, zerga eta tasa batzuren baseak altxatu ditugu baina egia esateagatik hor daude eredutzat urte pare hauetan lanetan ezarritako 1.200 milioi pezeta horiek. Udal honetan gu sartu baino lehen, besterik ez zen. Hor dago eredutzat, Arriaga Antzeztokia. Lanotan ehunen bat eta piku milioi ezarri dira. Hemendik epe motzetara Bilbotarrak berriro iganen dira Artxandara funikularrez eta teknikoek diotenez, munduko hoberenetako bat izanen da.

Oso garrantzitsua da bestalde, berdegunei ematen diegun lehentasuna. Bilbok oso gutti badu ere, horietako batzu konpontzen ari gara; besteak osatu eta azkenik berriak ere egiten gaude.

Deustura urak eraman ditugu, antzinako arazo hau konponduz. Eredu guzi hauetaz gain, "ikusi egiten ez diren gauzak" ere gehitu beharko ditugu. Tamalez, ez dira ikusten baina premiazkoak dira egitea. Froga gisa, hor daude gastatu ditugun 1.200 milioi horiek. Baina horrela bada ere, Bilbok gehiago behar du eta arazo asko konpondurik gabe dago oraindik. Horregatik hain zuzen, ezin dugu astirik galdu atzerantz begiratuz. Aurrera bai. Aurreratze honetan itxaropen eta ilusio guztiak gurekin ditugu.

Jon Castañares

Bilboko Alkateak


Euskal Herria

Hutsune politikoak

Zulo beltz honetan lau egun aipagarri eman dira azken ilabete honetan: Maiatzaren lehena, Aberri Eguna, Errepublika eguna eta Gernikako Bonbardeoaren 44. urteurrena. Egunok egoteaz batera, alferrikakoak izan dira, herria etxean eta soilik gelditu delako.

Hemen ez da ezer pasa. Euskal Herria militarki bahiturik dagoen une honetan dena dago kontrolaturik. Hirurkada batetan zortzi mila eta zazpirehun pertsona igaro dira komisaldegietatik, baina ez da harritzekoa.

Hemen ez da ezer pasa mundu osoan berdina pasatzen ari delako, eta askoren minak garraisiak eskutatzen dituelako. Guatemalan zortzi pertsona erahiltzen dituzte eguneko, USAn arrazistek beltzak daramatzate hondamendira eta inor ez da konturatzen, Sobietar Batasunean gartzelaren zigorra edo atzerriratzea irabazten dute hango komunismoaren aurka altxatzen direnak, Asian ere erahilketak eta zigorrak modan daude boterearen aurka jasoten direnentzako.

Baina Euskal Herri honetan ez da horrelakorik ematen. Auñamendiko loreak militarrek zapalduta daude, gure itsasertzeko arrantzaleak militar barkuek zaindurik daude, oraindik ez dago Joseba Arregiren erahilketaren erantzule ofizialik eta Tejero-rekin batera estatu kolpearen egileak kanpoan dauden, zertan zebiltzen ez zekitelako.

Zulo beltz honetan lau egun aipagarri eman dira azken ilabete honetan: Maiatzaren lehena, Aberri Eguna, Errepublika eguna eta Gernikako Bonbardeoaren 44. urteurrena. Egunok egoteaz batera, alferrikakoak izan dira, herria etxean eta soilik gelditu delako.

Maiatzaren lehena, egun okerra

Langabezia, zapalkuntza eta faxismoaren aurka eta askatasun osoaren aldeko eguna zen; baina errepresio, batasun eza eta desbideketaren jaia izan zen mundu osoan ospatu eguna.

Kontenido aldetik nahiko aberatsa baldin bazen Maiatzaren lehen hau era aldetik nahiko iguingarria agertzen zitzaigun gure aurrean. "Langileen batasuna eta zapaldutako herrien alde" esaten zuten batzuk; nuklearen aurkako ekintzak ere bere tokia zuen burruka egun honetan; kapitalismoa urrintzekoa zen, besteek esana, jaia; euskal eskola publikoaren alde agertzeko esango zuten beste askok; ez langabezirik ez zapalkuntzarik esan dezagun amaitzeko.

Hain aberats agertzera zihoan eguna zergatik gelditu zitzaigun hain eskasa? Kontenido aldetik hain aberatsa ematen zuen egunak zergatik batu zuen bere baitan hain jende gutxi? Zerbaitek ez du bere betekizuna ongi osotzen. Zerbait hori aurkitzekoa da eta sindikatuak ezin daitezke gelditu poliziari erru guztia botatuz. Antolakizunetan era hutsune nabaria delakotan gaude. Adierazle edo era gabeko zeinu edo ekintzak ezin du, inolaz, bere adierazi edo kontenidoa argi eta garbi jendearen aurrean utzi.

Sindikatuek jendea batzea lortzen ez baldin badute ez ote da izango haien betekizuna oker antolaturik dagoelako eta langileria bere sindikatuez fidatzen ez delako? Kaleko manifestaldiak gehiago zaindu behar dira langileak, heurak, desliluratuak aurki ez daitezen.

Baina, Maiatzaren lehenak izan behar lukeen beste betekizun bat du. Azkenaldi honetan zaindurik gabe dagoena, baina eztabaidatu behar dena, lanaren deuseztatzerako ekintzak ugaritzea hain zuzen. Ezkerraren azkenetariko helburu bat lanaren deuseztatzea dugu, lana dirua irabazteko bide bat baino ez delarik. Laborari langileak "lana" betetzen du bere jaubearen lurraldeetan porruak ereinduz, baina mehatzari batek bere etxe aurreko soroan porruak landatuz ekintza askatu bat egiten du. Lana eta Ekintza Askatua ezberdinak dira.

Soldata baten trukean egin den "lana" gure gizartean fabrikan sartu den ordu beste erosteko litzateke. Ekintza Askatuak, ostera, ez du bere azken helburua nire denbora besteenaz aldatzean, baizik eta bere baitan; hau da, lan ordainduaren trukez nire askatasuna EROSTEN dut inguruan dudan gizartean, baina Ekintza Askatua lantzean berak EMATEN dit behar dudan askatasuna inori zertan erosi beharrik.

Lanaren deuseztatzea norberak bizitzeko duen eskubidea erostearen beharra kentze progresiboa litzateke, erostearen behar kenduz gure bizitzako alienapena kentzen ari gara.

Lana deuseztuz eta denpora askatuz iraultza egiten gabiltza norbera bere gorputz, enplegu, ekintza, helburu eta lanen jabe izan dadin.

Helburu honek bere tokia behar zuen Maiatzaren lehen guztietan baina arras galdurik du, tamalez sindikatu eta alderdi iraultzaileen deklarapenetan.

II. Errepublika, itxaropen galdua

Apirilaren 14an ospatu behar zen 11. Errepublika Egunari hileta doinua jotea eskatu du norbaitek. Berrogei eta hamar urte joan ostean, orduan errepublikar zena gaur egun Juan Carlosen morroi bihurtu da, eta noski, abadeekin dabilena abadetu egiten denez gero...

Era bateko askatasuna eskatzeko bide bat baino ez baldin bada ere, Errepublika Egunak aurten zerbait gehiago izatea nahi zuen: Itxaropen Eguna, hain suertez. Zoritxarrez, zoriona biribildu egin da eta pilota bihurturik errepublikarren musturrak hautsi ditu.

Adierazpen askatasunari oda bat egiten dio Kostituzio Monarkiko-militarrak, baina kasu honetan, gutxitan gertatzen denez, musika ixiltzea erabaki du "danon onerako" (Hazienda Ministeritzak dioan bezalaxe); jakina, tenore txarrek ez dute tokirik abesbatza onetan.

Aberri Eguna: eztrebetasunaren ezaugarria

Idazlan honen hasieran, Maiatzaren Lehenan sindikatuek izan duten joko nazkagarria aipatu bada, alderdiek Aberri Egunaren aurrean izan zutena uharka berberako dugu.

Gernikako 44. urteurrena ospatzen zelarik alderdi politikoek Euskal Herriko biztanleak bonbardeatzen zituzten etxean gelditzeko. PNVak, herrietako jaietan ikusten ditugun herri-kirolak dastatzera eraman zituen bere afiliatuak, EEk, Iparragirren herrian, mila bat pertsona batzen zituen zinema batetan; eta HBkoak, Gernikan, poliziekin batera atletismoa egiten.

Ikustaldion aurrean jendea etxean gelditu da PCE eta PSOEtarrek egin duten bezala. Hauek batasun eza aipatuz, herriak Aberri Egunerako egin diren deiak ulertezinak direla komentatuz.

Ez da egia osoa poliziek bakarrik apurtu zutela eguna, ez da egia osoa jenderik gehiena oporretan zebilela, eta ez da egia osoa ere ez, jendea politikaz nazkaturik dagoela, alderdi politikoen ekintzez baizik.

Alderdiok baldin badira iraultzaren gidariak, gaur egun ez dituzte eliteak baizik mogitzen masak etxean, telebista ikusten edo kartetan jolasten, gelditzen diren bitartean.

Zerbait eraberritu beharraren aurrean aurkitzen dira alderdi eta sindikatu guztiak, ea txunditzen gaituzten!

J.I.B.


Euskal Herria

Udan ere euskaraz. Barneikaslegoetan euskararen ikaskuntzarako ikastaroa

Nahiz eta azken hamabost urte hauetan, euskaraz mintzatzen den jendearen kopurua gutxitu, euskara, orain, inoiz baino egoera hobean aurkitzen da lehenik suspertze eta aurrerantzean berreskuratze arazoak serioski planteiatzeko.

Euskararen suspertzeak adinekoen irakaskuntzan ere badu bere zerikusi garrantzitsua.

Eta arlo honetan azken urte hauetan hainbat urrats eman dira:

- adineko 40.000 pertsona euskara ikasten ari dira.

- Irakaslegoa profesionalizatzen doa gero eta gehiago

- Metodu berriak euskararen irakaskuntzari sikolinguistika eta didaktikaren azken aurrerapenak eransten diete.

- Euskararen batasunak erabat erraztu du lan hau

- Euskalduntze prozedura gero eta azkarragoa da, ikaslegoaren aldetik huts gutxiago jasotzen baita

a) Astero lau edo bost orduko sistema tradizionalarekin ikastaro bakoitzean, hau da kurtso batetan, maila bat gainditzen zen eta oinarrizko euskara eskuratzeko bost edo sei urte behar ziren sistema honek euskalduntze prozedura astitsua suposatzen du.

b) Euskaltegi sistemarekin tarteko euskalduntze prozedura batetara igarotzen gara; egunero bi orduko klaseekin, hiru hilabetero maila bat gaindituz, honela oinarrizko euskararen jabe egiteko bi edo hiru urte beharko dira.

c) Euskaltegi batzuk, batez ere udako hilabetetan beste sistema biziago bat darabiltzate: egunean lan ordu euskara ikasiz hilabetero maila bat gainditzen delarik.

d) Gaur egun hainbat lanetarako euskara jakitea beharrezkoa da, ondorioz, ikasleek ikastaro arinagoak eta eraginkorragoak eskatzen dute; horretarako barneikaslegoak eratzen dira, honek, egunean zortzi ordu ikasiz, hamabostaldi bakoitzean maila bat gainditzea suposatzen du. Prozedura hau azkarragoa dela esan genezake.

Ikastaro guztiak astelehenetan hasiko dira urrengo asteko larunbatetan amaituz.

Hasera goizeko hamaiketan emango zaio, ordu honetan heltzen baita Oñatitik Arantzazura autobusa.

Autobus hau Bilbo, Donosti, Gazteiz, Iruña Zumarraga eta Eibartik datozten autobusekin batera etortzen da.

Hamaikaterdietan, gelak banatuko dira.

Hamabietan, lehen batzarra; taldeak eta ikasgelak banatuko dira eta irakaslegoaren aurkezpenaz ikastaroari hasera emango zaio.

Klase orduak hauek izango dira:

- goizetik: - lehen klasea 9tik-11tara

- bigarren klasea 11,30tik - 1,30 tara

- arratsaldean: - hirugarren klasea 4tik -6tara

- laugarren klasea, 6,30tik - 8,30tara

Gure ikastaroetan erabiliko den metodoa HITZ EGIN izango da, Euskaltzaindiak eginekoa eta adineko pertsonak euskalduntzeko gomendatzen dena.

HITZ EGIN metodoa era honetara zuzentzen da gure mailekin: Lehen maila: Hitz Egin lehen liburua ematen da

2. maila: Hitz Egin 2. liburua erdiraino ematen da

3. maila: Hitz Egin 2. liburua bukatzen da

4. maila: Hitz Egin 3. liburua erdiraino ematen da

5. maila: Hitz Egin 3. liburua bukatzen da.

6. maila: mintzamena lantzen, elkarrizketa maila

7. maila: alfabetatzen 1

8. maila: Euskaltzaindiako D maila

Lehen sei mailak oinarrizko euskararen jabetzea suposatzen dute. Sei maila hauek, —larogei orduko kurtsoetan— 480-500 orduko lana errepresentatzen dute.

Ikastaro hontan erabiliko ditugun materialak —Hitz egin metodoa beharrezkoa dute ikasle guztiak— hauek izango dira: fotokopiak, muralak, liburuak, kassetak, eta oinarrizko euskaran ipuiak...

Material hau guztia, antolatzaileek ikaslegoaren esku ipiniko dute.

Aurten lehen aldiz, bideo-kassetaren laguntza izango dugu. Honek, telebistaren bidez, filme eta dokumentalak ikustea posible egingo du.

BARNEIKASLEGOETAN EUSKARA IKASTAROAREN EGITARAUA

 Zenbakia Data Tokia Mailak

Lehena Maiatza 25-Ekaina 6 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

2. Ekaina 8-20 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

3. Ekainaren 22-Uztaila 4 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

4. Uztaila 6-18 Billaro 5,6, D maila

5. Uztaila 6-18 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

6. Uztaila 20-Abuztua 1 Arantzazu 1,2,3,4,5,6, eta Alfab.

7. Uztaila 27-Abuztua 8 Arantzazu D maila

8. Abuztua 3-15 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

9. Abuztua 10-22 Billaro 3,4,5,6,

10. Abuztuaren 17-29 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

11. Abuztuaren 31-Iraila 12 Arantzazu 5,6 eta Alfabet.

12. Iraila 7-19 Billaro 1,2,3,4,

13. Iraila 14-26 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

14. Iraila 28-Urria 10 Arantzazu 1,2,3,4,5,6,

Matrikula eta argibideak:

ULIBARRI EUSKALTEGIAN

Ald. Urkijo, 18, pla. ezk.

BILBAO-8 Tfn. 444 19 41

Ikastaroaren prezioa 18.000 pezetakoa izango da: prezio horren barruan ikasketak, materiala eta mantenu osoa sartzen dira.


Euskal Herria

"Lemoizko inguruetako bizilagun kezkatuak". Leinbike Kolektiboaren aurkezpena

Joan den Apirilean, Lemoizko Zentral Nuklearraren inguruetako 150 bizilagunek, Eusko Legebiltzarreari, Inkesta Batzordeko lanetan parte hartzea eskatu genion. Erakunde Autonomikoak berak sortutako Batzorde hori, Basordako kalan Iberduero eraikitzen ari den obren etorkizuna erabakiko duen herri kontsulta batetara heltzeko prozesuan, lehen urratsa baita.

Inkesta Batzorde horren bidez egiten diren ikerketek, Zentral Nuklearrak guregan sortzen dituen kezkak batu eta argitu ditzaten hartu genuen Eusko Legebiltzarrari zuzentzeko erabakia. Kezka horiek, seguritate pertsonalari dagozkion arazo zuzenenagoetatik hasita bizitza komunitarioaren moldatzeari dagozkionetara doaz, esaterako, istripu nuklearraren arriskua, ebakuazio zibilaren sistemak, gure ekonomi produkzio moduek osotzen duten errekurtso naturalekiko inzidentzia, arrantzan, lurgintzan, abelzaintzan, lurraren balioan, zoluaren errentan, lurraldearekin gure komunitateak izan behar duen harremanen antolaketan, gure herri eta eskualdetako etorkizuneko hazkuntzan. Arazo guzti hauek dira Basordako obrek guregan sortzen duten larritasunaren arrazoia, orainarte ez baitigute den bezala erantzun, ez Iberduerok ezta Administrazio Zentralak. Behar beharrezkoa zaigu ba, arazo guzti hauei erantzuna ematea, gure botua erabaki dezagun, Legebiltzarrak hartutako ebazpena betetzen bada, edota Zentral Nuklearraren etorkizunari buruzko erabaki demokratikoari indarrezko oztopoak ipintzen bazaizkio gure ekintza kolektiboaren norabidea.

Honegatik LEINBIKE KOLEKTIBOAK ez du identitate seinale berezia, bere helburu bakarra, Zentral Nuklearraren eraikuntzak herriarengan sortzen duen ardura larria, Inkesta Batzordearen bidez, Eusko Legebiltzarrera hurbiltzea baino ez da. Ez dugu ba, eritzi taldea osotzen. Agiria sinatu genuenon artean, Zentral Nuklearraren aldeko eta kontrako eritziak dituztenak daude eta baita oraindik inolakorik ez dutenak ere. Ez da bakoitzak Zentralaz duen eritzia, gure helburua determinatzen duen faktorea, Zentral Nuklearraren etorkizuna herri borondateak erabakitzearen alde jokatzea baino. Hau lortzeko, Inkesta Batzordearen eta Lemoiz inguruetako bizilagun kezkatuen artean harremanetarako bideak jartzea beharrezkotzat jotzen dugu. Derrigorrezkoa da informazio sarea, montatzea hauzo eta herri bakoitzean, hauetan dauden kezkak batu eta, bakarka zein taldeka, Inkesta Batzordeari emateko. Eta alderantzizko prozesua, halegia, Inkesta Batzordearen ikerketen berri bizilagun kezkatuei itzuli, ezagutu eta baloratu dezaten.

Hauxe dugu helburu, Basordako instalakuntzak gure biziaren etorkizunean sor ditzakeen ondorioak argitzeagatik kezkatuta dauden Lemoizko Zentral Nuklearraren inguruetako bizilagunakin konpartituta ikus nahi genukeen helburua.

Norbaitek kolektiboarekin harremanetan jarri nahi balu, bai bere ideiak, galderak, iniziatibak zein beste edozein gauza aurkezteko edota informazioa jasotzeko, idatz diezaigula helbide honetara:

LEINBIKE KOLEKTIBOA

Aptdo. 62

MUNGIA-BIZKAIA

1981.eko Maiatzaren 5a.


Hankaz gora

Amerikarrak beti jakintsuegi

Chicagoko "Inland co" taldeak dei baten bidez langile batzuk behar zituela aditzera eman zuen iragarki baten bitartez. Bere dei honetara hamar mila langabeko agertu ziren. Hantxe sortu zen giroak beldurtu egin zituen bertoko agintariak. Hau guzti hau konpontzeko edo aipatutako goimailako arduradun batzuek konponbide hau ematea erabaki zuten: lanbageko bakoitzari lau mila dolar ematea estatu hortatik at lanetan joan daitezen.

Ez dira ongi aditzen

Donostiako Herri irratiak arratsaldero sei ordu euskaraz ematen ari dela eta HERRIA astekariak Bilbokoa eta Loiolakoa ez direla lehen bezala ongi aditzen esaten du. Zergatik ote da? Ez dakigu zergatik ote den baina hori ez da bakarrik Lapurdiko kontu bat. Hemen Bizkaian ez da entzuten Donostiako Herri irratia. Bilboko Herri irratia (frekuentzia moduladaz) oso gaizki entzuten da Bilbo Handiko eskualdetik kanpo eta Loiolako irratia ia ia ez da inon entzuten edo eta entzuteko irratiari antena bat edo kriston potentzia eman behar zaio. Azken hau, jakina, Bizkaian.

Zer gertatzen da? Txoritzar batek esan digu, Bilbo Herri irratikoek antenak Bilbo Handirantz eta Santanderrerantz zuzendu dituztela. Santoña-ko bizilagunak bertsotan ari dira jadanik eta bertako gurasoek ikastola bat jartzeko asmotan ez ote diren egongo galda daiteke. Hori inperialismotzat kontsidera daiteke.

Horregatik, beharbada, ez duzue aditzen Lapurdin lehen bezala Bilbo Herri irratia.

Monzon jaunari

Bere eriotzaren eguna gure buruetatik joanda baldin badago ere, bere izakeraren oihartzuna gure artean aurkitzen da aldizkari bik argitaratu dizkiguten olerki bi kontutan hartzen baldin baditugu. Hona lehena, Enbata aldizkariak aterea eta Roger Idiartek egina:

"Agur Telesforo jauna

Errotik Uskalduna,

Bihotzian sarturik barna

Aberriaren mina,

Agertu zira oso gizona,

Ezinago zuzena:

Hoi da zure orhitzapena

Galduko eztuguna. (Goizian argi hastian doinuaz)"

Bigarren bat Goiz-Argiak agertzen zigun honela idatzirik:

"Basoko itzal, errekatxo,

Mendi, bide, larre, soro,

aritz, arto, sagar, garo...

anaitzat zaituet oro!!

Ilunaren besoetan

lurra dioakit iges...

Ortzi eder izarretan,

ageri zait irri parrez..."

Parlamentua jaietan

Europako Parlamentuan batzarkide diren 36 lagun Hego Ameriketarako bidai batetan hiru miloi franko frantses gastatu zituzten, noski, eraman zituzten 67 itzultzaile eta sekretariek nonbaitetik jan behar zuten. Baina krisis gogor honetan gaudelarik askoz hobe egon litzatekeen diru guzti hori beste zerbaiterako erabiltzea, ezta?

Ez dira ausartzen

300 mila tonelada petrolio jaurti zituen itsasora "Amoroco Cadiz" itsasontziak denporaldi luze bat dela Bretainia aurrean. Petroliuntzi hau Standar Oil of Chicago taldearena da eta Bretainiako kostaldean egin zuen mina, oraindik konpondurik gabe dago. Hiru urte pasatu dira istriputik hona baina bretainarrek ez dute dirurik lortu konpania honekoengandik. Hauzitegia 44.000 espediente daude, hauzia aurrera eramateko baina Mac Garre epaileak ez du pausurik ematen. Inor ez da ausartzen petrolioaren jaubeekin.

Alemaniarren abertzaletasuna

Orain dela gutxi horrelako iragarki bat irakurri ahal zen Washington-eko egunkari batetan. USAn argitaratzen den astekari bat dugu "Washington Journal" deituriko hau eta alemanieraz kaleratzen da. Iragarkia hauxe zen: "Aberkide maiteok: Gure aberria gogoratuko dizuen zerbait nahi izango duzuelakotan gaude. Ez al da horrela? Jar ezazue zuen bihotzeko landarea Alemaniako lurrik honenean. 9,95 dolarretako giro baten truke aipatutako lur hori bidaliko dizuet lorapote batetan. "Ikusgarria benetan".

 1981.eko Biztanleen Udal-Erroldoa (Padrón Municipal) bete nuen lehengo egunean, hiritar zibilizatu eta formalari dagokion moduan. Mamotreto hori eskuetan hartzean nahiko poztu nintzen, inpresoak euskaraz ere zeudelako. Hainbat galderari erantzun ondoren, non heltzen naizen 9.era eta zera irakurri:

 Daukazun titulu eskolar, akademiko edo profesionala: - Irakurtzen eta idazten EZ badakizu eta 10 urtekin gora badituzu, jar ezazu "analfabetoa". Benetan, umore beltza dirudi irakurtzen eta idazten ez dakien bati "analfabetoa" idazteko eskatzea. Nahaste-borraste hau nondik datorren jakitea ez da gatxa: itzulpenetik, hau da, erdaraz "si no sabe leer ni escribir y tiene más de 10 años ponga "analfabeto" dakar, eta aditz guztiak bigarren ala hirugarren pertsonei egoki izan daitezke (si (Vd/él) no sabe, ponga (Vd/él), pertsonei egoki itzuli duenak bigarren pertsonatzat jo ditu guztiak.

Irazkin honegaz ez dut gura esan inpresoa, orokorrean, txarto itzulita dagoenik, ezta gitxiagorik ere ez delako egia. Nik behintzat, osorik bete dut, eta ez dut izan erdarazko textura jo beharrik, eta honek, itzulpenaren egokitasuna frogatzen duela uste dut.

Ea orain zenbatek betetzen dugun euskaraz!!

EDDY

OHARRA:

 "Bilbo gurea" 411. alean Anaitasunak argitaratu zuen artikuluan nahigabekoa sartu zitzaigun Tasio Erkiziaren lanean. Artikulu horretan sartu egin ziren akats, desegokitasun eta erderakada askok ez dute Bilboko zinegotziarekin zerikusirik. Egia esan Anaitasunak hartu zuen idatziriko lana, Tasiok berak egindako lantzat eman zuen eta irenstezina iruditu arren, zegoen modura argitaratzea erabaki ere bai. Okerra bestela zera izan da: Tasiok ez zuen halako eskriburik egin, gurekin lanean eta euskara ikasten dagoen lankidetako batek egin zuen hain zuzen.

ANAITASUNA


Nazioartekoa

Mitterrand, lehendakaria

Bai, nork espero zezakeen atzo, herenegun, gaurko gertaera? Batzuk, baina ez askorik.

Orain ordu bat dela, berria jakin dugu, arratsaldeko 8etan, eta barreak eta txaloak entzun ditugu, eta poz aurpegiak ikusi ere. Azkenean jendeak kaleratu ditu poza, itxaropena, tristezia edota mingostasuna, hainbeste barruan gorde ondoren. Azkenean, ba dakigu; batzu, erdia baino gehiago, lasai, pozik, itxaroten. Beste batzu, aldiz, baldurrez, haserre, gorriek desordena ekarriko omen baitute.

Frantsesen erdia baino gehiagok Giscard-en aurka eman du botua. Hori zen hainbesteren helburu nagusia, Giscard botatzea, edonola ere, Giscard Eliseon gehiagotan ez ikustea. Eta lortu egin dute.

Zorionez, pozaz beterik, onartu behar dut oker nengoela nire azken artikuluan: Giscard ez da garaitu; nire pesimismoak ez du arrazoirik eduki.

Badira 15 egun auteskundeen lehen aldia egon zela, eta ezin zitekeen handik ondoriorik atera: botuak askotan kontatu ditugu guztiok, eta ezkerreko botu guztiak batuz gero, ez zen gehiengoa ateratzen. Zer gertatuko zen giscardiar ez ziren eskumakoekin? Zer ekologistekin? Chirac-ek Giscard apoiatzen zuen, baina Marie France Garaud-ek, botu zuria eskatzen zuen; bestalde, ezkerreko guztiak Mitterrand-en alde, eta ekologisten kandidatoa, Lalonde, inoren alde agertu gabe beste lider ekologistak, zerbaiten alde edo kontra agertuz gero, Giscard-en kontra.

Azken astean asko igon zen kanpaina honen bero-maila; inola ezin esango nuen nik 15 egun duela hainbeste interes eta eztabaida egongo zenik; azkenean jendea entzuten zen diskutitzen leku guztietan, metroan, kalean, lan-lekuetan; bata edo bestearen alde, baina eztabaidatzen, eta hori, batez ere, Giscard-ek eta Mitterrand-ek telebistan debate bat eduki zutenetik, bi ordutan zehar, eta bi periodisten galderez lagundurik, elkarren kontra aritu ziren biak; bai barne eta kanpo-politika, bai ekonomi arazoak ikutuz.

Ene ustez, ez batak ez besteak ez zuen irabazi elkarrizketa hartan; Giscard-en hitzak hutsak izan arren, beraren irudia alaiagoa zen; Mitterrand, aldiz, ironiko eta lasai agertu zen bi orduetan zehar.

Eta hola, gaur arte, dudatan bizi izan gara, gehienek Giscard-en garaipenean sinesten genuelarik.

Nola, ba, erresultatu hau? Ba dirudi lehenik Chirac-i botua eman zioten askok, Mitterrand-i eman diotela orain, batez ere, Giscard-i ez ematearren, jakina; edozein kasutan, ezkerreko lehendakari dauka Frantziak aurrerantzean.

Orain, laster, hauteskunde legislatiboak egin beharko dira, agian udan baino lehenago, eta horietan ere ezkerra garaituko balitz, aske edukiko lituzkete eskuak sozialistek aldaketak egiten hasteko.

Zer egingo dute? Noraino helduko dira? Inork ezin du orain jakin. Beraien programa ez zen erradikalegia, baina bigunegia ere ez, eta komunistek gobernuan parte hartuko balute, beharrezko indar-oreka lortuta, gauzak argituko ziren.

Agindutako aldaketak martxan ipintzeko momentua heldu da, ba:

Lan-orduetako gutxipena (35 ordu asteko), soldata minimoaren igotea, lan-postu berriak sortzea, programa nuklearra garatzea (nahiz eta orain dagoena martxan gorde) bankuak eta zenbait entrepresa nazionaltzea...

Hau dena jokuan dago eta jokuaren kolorea gobernuan eta parlamentuan egongo den orekak emango du, hau da, komunistek eta ezker muturrak edukiko duten garrantziak, eta baita, alderdi sozialistaren barruko talde desberdinenak, zeren ez baitira denak gauza askoz eritzi berdinekoak.

Baina Frantziako 52%ak idea bat dauka gaur amankomunean: uff! Giscard ez da pasatu...!!!

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

Armen hazbideaz horma eta ezpataren artean

Madrilen ematen ari den "Nazioarteko segurtasun eta lankidetasun" deituriko bilera internazionaletik entzun egin dugun bezalaxe USA eta URRStarrak prest daude pakearako bide batzuk zabaltzeko.

Dena den, zaharrak eta gehiegitan erabiliak dira aipatu dizkizuegun hitzok gaurko egoera honetan besterik gabe iruntziteko. Bakeaz ari direla armak hobekitzen doaz eta munduko beste herririk gehienak ezpata eta hormaren artean aurkitzen dira.

Arazoari irtenbide bat

Denok ezagutzen ditugun bloke bi hauetatik aldentzeko, orain arte behintzat, egin den lanik nabarmenena Alineatubako Herriok egin dute Herriotako arduradunek, Nova Delhin baturik aurtengo Otsailan, gogor ekin diote herri nagusiek herri txikien aurka daramaten zapalkuntzari. Kasureko aipa dezagun Argeliako arduradunak esan zuena. Argeliarren haburuen oinarria Hirugarren Mundua bai sartalde eta sortaldeko blokeetatik urrintzea da neultraltasun bat aipatuz. Era honetaz, heuren ustez, ez zaio ezein blokeri laguntzarik ematen baizik eta munduko bakeari lagundu.

Nova Delhiko batzarrera zazpi puntutako agiri bat azaldu zen USA eta URSStarrek daramaten mundu-politika zeharo kritikatuz. Agiri honetan herriok heuren etxeetatik kanpo zabaltzen zituzten militar baseak eztabaidatzen zuten. Bitartean, ezagutzen ari garen "guda hotz" hori sakonki gaitzesten zuten.

Gaur egun kili-kolo bizi den Elkarte hau 1961. urtean jaio zen 25 naziok Belgradon ospatu zuten bileraren ondoren, baina aurretik asmoak jarrita zeuden Indiako Nerhu, Egiptoko Nasser eta Yugoslaviako Titok emanak.

Geroz eta herri gehiago batu dira Alineatubako Herrien Elkartera: 1964.ean 47 baitziren eta 1979.ean 95era heltzen zirelako. Baina jendea geroz eta gehiago izan baldin bada batasuna finkatzeko arazoa geroago eta handiago egin zaie.

Hasierako bilerak, lehenengo biak hain zuzen, Afrikako deskolonizazioaz eta Palestinarren arazoaz izan ziren, hirugarrena Vietnameri eskeintzen zitzaion bitartean. Hasiera honetan eztabaidak batasuna arriskuan jartzen ez bazuen ere ondorengoetan arriskua hazten joan da USA eta URSSek kideen artean sartu duten hirakagatik alde batetik, eta bestetik, lagun batzu izan duten benetako alineamenduagatik.

Dena den, arrisku gorrian aurkitzen den talde honek bere irteera-proposamen emateko gai delakotan gaude. Ezinezko neutraltasun bat lortzea irribarregarria da, baina haien lana, munduaren aurrean, indar talde bat lortzea litzateke, orain arte dauden bi blokeen erdian jesartzeko eta haien jangura hala edo hola geldiarazteko. Kontutan har dezagun, gainera, talde honetako kiderik gehienak Hirugarren Mundu horretan bazterturik dauden herriak direla eta haien gainetik jarrita dauden potentzia bi hoietatik urruntzea nahi baldin badute beharrezkoa daukatela arpegia ematea.

USA eta URSSek mundua morroitzat hartu nahi.

Batzuk besteengadiko alienapenetik irtetzen nahi dutelarik supraherriok beste guztiak morroitzat erabiltzea nahi dute. USAn aukera berri den Reagan lehendakariak diru gehiago eskatu duen gauza bakarrerako armamenturako izan da, aurtengorako 1.300 dolar miloi gehiago izango ditu kauboiak bere jostailuak hobekitzeko. Reaganen asmo bakarra, bestetik, USAren arpegia garbitzea da, eta xaboi bezala armak erabiltzea nahi du, nahiz eta hortarako USA barneko klaserik txiroenak geroz eta txiroago gelditu behar izan. Etxea konpontzea baino nahigo du azala garbitzea USA filme bat bailitzan.

Baina hau guztiau gutxi balitz ere, Reaganek asma eta hobetutako armak "komunismoaren" aurka gudukatzea nahi duen edozeinarentzako dira. Pistolak banatzeko argudio bakarra "komunistak" mespreziatzea baino ez da.

Europari dagokionez, eztabaidarik mingotsena yankiek zabaldu nahi dituzten neutroi lehergailuez datza. USAtarrek Europan zehar jarri.gura izan dituzten lehergailuek, besteekin gonparatuz, abantail handi bat ematen dute: bizidun guztiak hilarren, inguruak (etxeak eta abar) zutunik uzten ditu; hau da, pertsonak deuseztuz jabegoak ez dira apurtzen.

Europako gudoina zaintzeaz batera Hego Ameriketakoa mantentzea nahi dute USAko arduradunek sozialismoaren bideak herri zapalduok itzar. ez ditzan. Ohiturazko erabilpenekin batera, (Txile, Argentina etb) egun ezagunena El Salvador-ean egiten ari direna da, baina aurretik Nikaraguan egitea nahi izan zuten eta geroago herriz herri joango dira amerikar kontinentea "desbideratu" ez dadin.

USAren kasua lehenago aipatu baldin badugu ez da izan URSSek bekaturik ez duelako, biok baititugu berdin xamarrak eta. Bietnameko arazoa ahaztu egitea nahi genuenean Polonia edo Afganistanekoa agertzen zaizkigu eta Libanokoa susmatzen ari gara.

Batzuk iraultza aipatuz eta besteek antiiraultza goratuz heuren kideen batzarrea sortzen dute: OTAN eta Warsoviako paktua, joko guztia Europan emateko prest.

Gudukatzeko bide maltzurrik ezagunena beti izan da norberaren etxea zaintzeko beste etxe batzuk erditik jartzea arerioaren ibilaldiak estuagoak izan daitezen eta itsasoan etxe egiterik ez dagoanez gero...

Supraherrion bakearako bidea

Heuren bakerako egin duten lehen akordiorik ospetsuena SALT izenekoa dugu. Akordio honen sutabea biok indar berbera edukitzeaz datza; hau da, batek ezin du bere armen sofistikazioa gainditzea besteak berbera egiten ez duen bitartean. Baina auskalo! horrelako egoeratan egiten diren armen sofistikaziook ez dira bakea seguruago izan dadin baizik.

Orain arte SALT akordio honek ez du fruitu zehatzik eman, bai batak eta bai besteak beti aitzakiren bat aurkitzen dutelako arerioarengan akordioaren izpirituaren aurka doana eta hortan oinarriturik ez dute gelditzen heuren armen hobekitze hori.

Dena den, oraintsu hasi dira berriro beste akordio mota bat prestatzen SALT horrek haien betebeharrak betetzen ez zituelako. Oraingoz lehen pausua kosakoek eman dute eztabaidetarako dei eginez.

Reaganek errusoen deia entzun ondoren baldintza (aurrebaldintza) batzuk jartzea nahi zituen mahai berberan eseritzeko (Noski, errusoekin batera eta heurek gonbidatuta jarriz gero non geldituko ote zen amerikarrek ospea? Horrexegatik, nahiz eta munduko bakea arriskuan jarri, bururatu zituzten aurrebaldintza horiek, eskabide mailan, errusoekin parera egoteko).

Kosakoen erantzuna argia izango zen: ez da batzar egiterik aurrebaldintza horiek kentzen ez baldin badira. Hortxe dago kakoa. Nor jeitsiko astotik lehen? Halan eta guztiz ere badirudi erabakiera laister emango dela ezeini komeni zaizkiolako" bere jabegoan ematen ari diren iraultzak, ez errusiarrei Poloniako egoera, ez amerikarrei Nikaragua eta El Salvadorreko iraultzak. Beste alde batetik hortxe dago Txinaren jaiotze berria hirugarren supraherri bezala, zein helburu duen argi inork ez dakiela. Dirudienez, bada, SALT II.a ezagutuko dugu eta bilera hori oso probetxagarria baldin bada bai yankientzat eta bai kosakoentzat galdera hauxe litzateke: Beste herriok zer lortuko dute alkarrizketotatik?

Europako herriak zalantzatan

Hau guztiau honela dagoelarik ekialdeko europarrek ez dute guztiz sinesten OTAN heuren interesen gordetzailea izango denik.

Alemaniarrek eman dute lehen pausu ikaragarria nuklear lehergailuen pilaketaren aurka Apirilan Bonn-en eginiko manifestaldi ikusgarrian. Manifestaldi honetan era guztietako jendea batu omen zen: bai ekologistak, komunistak, teologoak, maoistak eta punks-ak ere.

Euskal Herrian barne aski ezagunak ditugu bai OTANaren aurka eginiko ekintzak eta amerikarren agertzea, batez ere Bardeetan, gogor kritikatua izan da.

Argi dagoena, morroitzat zauzkana zure lagun izan daitekeela zalantzan dagoela da. Hau zuzentzeko beste ordenu sozial baten beharrean gaude, ez bakarrik nazioarteko harremanetan, baizik eta herri bakoitzaren barruan; nazioarteko panorama herrion ispilu bat delako kasurik gehienetan.

Josi


Nazioartekoa

Katalan independentistekin hizketan

Denbora txarrak daude Katalunia-n politikari dagokionez. Jendea defraudaturik omen dago autonomiak ekarri dion botereaz. Gainera istilu batzu izan dira hizkuntza politika dela eta. Katalanik gehienek elebitasun hori fartsa hutsa dela uste duten bitartean, gaztelaniera beraien hizkuntzat dutenek baztertuta ikusten dute haien nortasuna. Hala, lehenbizi "2.300 intelektualen gutuna" argitaratu bazuten, geroago beste agin bat, askoz gogorragoa, kaleratua izan zen: "Kataluniako espainiarren manifestua". "Diskriminazio" hori salatuta gero halako esaerez bukatzen zen manifestua:

 "Herri bakar baten alde: espainiarra"

 "Nazio bakar baten alde: Espainia".

Horri ihardukiteko "Comisión para la defensa de la cultura, la lengua y la nación catalanas"-ek "Som una naciò" izeneko manifestazio antolatu dute. Guk, horren mamia ezagutu nahirik, Sant Jordi eguna aprobetxatuz, Xirinacs-ekin mintzatzea opatzen dugu eta independentistengana joan gara nola kontaktatu behar dugun jakiteko eta, bidez batez, Kataluniako gertaerak argitzen lagunduko digun informazioaren bila...

Goizeko hamarrak dira eta Las Ramblas jendez betez doaz apurka apurka. Ezker eta eskubitan kioskoak, ohizko lore-saltzaileak eta liburuak erakusteko mahaiak, liburu eguna baita. XARXA izenekora jo eta haiekin egin dut berba mementu batzutan. Aldizkari batzu erosirik, eta euskalduna naizela jakin dutenean beste batzu erregalatu dizkidate. Xirinacs-ez itauntzean, BEAN (Bloc d'Esquerres d'Alliberament Nacional) partiduaren mahaira bidali naute, han xehetasun gehiago eman ditzakete eta.

"Ez joan gorago dauden besteengana. Hoiek punttako ezkertiak dira eta, beno, ez dago ultrakeria beharrik..." aholkatu didate azkenean.

Baina nik "punttakoekin" mintzatzea erabaki dut eta BEAN-ekoek senadoreohiaren telefonoa eman ondoren, IPC-ek eta "Comités de Solidaritat amb els Patriotes Catalans"-ek dituzten mahaietara jo naiz, Kataluniako egoera adieraz diezadaten.

IPC (Independentistes dels Paisos Catalans) partiduko gaztearengana hurbildu naiz. Hasieran mesfidantza pixkat izanagatik ere, zabaldu egin zen berbetan ihardutean:

A.— "Zuek zer uste duzue "Som una naciò" manifestazioaz?"

 E.S.— Guk argi ikusten dugu hori folklorismo hutsa dena. Gaur egunean Katalunian errepresio handia dagoela, halako ekintzak antolatzea... Manifestazio horren helburu nagusia Generalitat indartzen da, kritika asko hartzen ari den mementuon. Gu ez gara azalduko handik, noski."

A.— Xirinacs-en bila nabilela jakitean diost:

 E.S.— Xirinacs asko aldatu da Madrilgo senadoan egon zenez geroztik. Orain erreta dago. Pseudoindependentista bat da. Autonomista kritikoa. Bere partidua BEAN da eta parlamentarismoaren alde dago.

IPC partiduaren mahaitik aldetzen naiz eta amaitzeko "Comitès de Solidaritat amb els Patriotes Catalans"-enera noa. Propaganda banatzen ari dira. Hurbiltzen naiz eta hango batek Eva Sierra-ri egiten dio hots nigaz mintza dadin. Emakume hau oso ezaguna da Kataluniako sektore independentistetan.

A.— "Eva, zein giro aurkitzen duzu gaur, Sant Jordi egunean, igazkoarekin konparatzean?"

 E.S.— "Desenkantu orokorra dugu Katalunian. Beitu: Leihoetan ez dago igaz beste senyerarik..."

A.— "Eta gaurko manifestazioaz?"

 E.S.— "Zein? Ba daude bi, nik dakidanez. Bata "Som una nació" izenekoa; bestea Placa Nova-n egiteko dena. Honetara joateko deitu dugu herria, Katalunia-k jasotzen duen errepresioa salatzeko eta amnistia eskatzeko.

A.— "Zenbat preso daukazue?"

 E.S.— "Hogeiren bat. Ba dirudi neurri gogorragoak egingo dituztela presoei aplikatzeko. Bultó eta Viola kasuetan inplikatuta omen zeuden batzuri berrikusiko zaie sententzia. Librerik egon arren, 12 urte eskatu dituzte haientzat".

A.— "Intelektualen gutuna" dela eta, zein da zure eritzia?"

 E.S.— "Intelektual hoiek institutoetan literatura española ematen duten irakasleak dira. Haien atzetik Rodríguez Sahagún-en lehengusua omen dabil. Gutun hori katalanen kontrakoa da eta Martin Villa-ri bi aldiz erakutsi diote. Gero, eta horrekin oso loturik dagoena, ba dago Tarradellas-en ustea. Dirudienez, PSOE-k bultzatu du halakoak esaten. Modu horretaz Pujol larri egongo litzateke eta "Convergencia"-k PSOE-koekin gobernatu beharko luke. Ikusten duzunez, hemen ez da ezer aldatu, ez politikaz, ez eta kultur egoeraz.

Aldendu egin naiz eta Plaça de Catalunya-raino igoten. Nire ondoan pasatzen den jende asko "Som una naciò" edo "Tots amb la Generalitat" izentzat dituzten eranskailuak daramatza. Herri honetaz aspaldian dut ikasia haren hizkuntz eta kultur burrukarekiko ahaleginak. Liburudendara hurreraturik, katalanez idatziriko liburuak ikusten ditut: Makina bar elaberri, olerkiak, zientzi liburuak... eta itzulpenei begiratzean harridura haundiak jotzen nau: Molière-rengandik Joice-ren "Ulises"-eraino, hiztegi asko eta "Grup del Llibre", "Disco Libro" antzekoa baina katalanez...

Santurtzi


Nazioartekoa

55 minutu Lluis Maria Xirinacs-ekin

Ez nuen Katalunia-tik alde egin Lluis Maria Xirinacs-ekin berba egin gabe. Oso gizon ezaguna bere bizitzan zehar eramaten duen burrukagatik ba dirudi azken denboretan ezkutatu xamarrik dagoela politika aldetik.

. Zenbait bider hots eginda gero berarekin mintzatu ahal izan naiz Bilbora itzultzeko nintzen une berberean. Tokia: Bartzelona-ko Sants geltokia. Ordua: Arratsaldeko zazpi t'erdietan. Hango kafetegian izan genuen elkarrizketa.

ANAITASUNAk.— "Beno, hasteko, autobiografia gisako sarreratxoa egin zenezan eskatuko nizuke euskal irakurlegoak zure bizitza ezagutzeko..."

XIRINACSek.— "Ni Bartzelonan jaio nintzen orain berrogeita zortzi urte. Eskolapioetan sartu eta hantxe apeztu nintzen. Apeza banaiz ere oso guttietan ematen dut meza. Burgos-ko prozesuaren garaian gose greban egon nintzen Euskal Herriarekiko elkartasuna eskatuz. Horren fruitua Kataluniako asanblada izan zen eta prozesatu egin ninduten, espetxean urte bi emanez. Denbora tarte horretan beste gose greba batzu ere egin nituen amnistia eske. Greba batek berrogeita bi egun iraun zituen. Gartzelatik at, eta bi urtetan, Bartzelonako Modelo presondegiaren aurrera joaten nintzen egunero. Amnistiaren aldeko burruka modua izan zen hori. Idazlanari dagokionez liburu zenbait idatzi dut baita argitaratzen eman ere..."

A.— "Nola hasi zen zure militantzia politikoa: arazo nazionaletik sozialetaraino ala aldrebes?"

X.— "Kontu erlijiosoak izan ziren arazo nazional eta sozialetaraino gidatu nindutenak.

A.— "Zergatik presentatu zinen hauteskundeetara?"

X.— "Bultzatu egin nindutelako. Ni katalanista guztiak bilduko zituen koalizio unitariaren alde nengoen denon artean Katalunia altxatzeko baina ezin izan zen hori eta orduan neu presentatu nintzen independiente moduan. Sinadura asko bildu nuen aurkezpen hori egitea lortzeko eta ekainaren 15ean egindako hauteskunde eta milioi erdi boto eskuratu nituen soil-soilik Bartzelona probintzian. Ba da nahikoa gero!".

A.— "Zein pauso eman zenuen hortaz geroztik?

X.— "Ba, aukeratua izanda gero "Entesa dela Catalans" talde politikoan sartu nintzen baina geroago bota ninduten konstituzioaz egin nituen enmiendengatik. Talde horren barruan "Convergencia"koak PSOEkoak, eta komunistak zeuden. Enmiendak egiteko jende arruntari eskatu nizkion eritziak bai postaz bai prentsaz adierazteko. Inkesta hoiek egin ondoren 134 enmienda edo aurkeztu nituen senadoan. Herriaz oker nengoela esan zidan UCD-k orduan!!!".

A.— "Senadoan egin zenituen esku-sartzeak txit entzunak ditugu, batez ere amnistia eskatzen zutenak eta konstituzioaren kontrakoak ere bai. Zein zentzu izan zuen zuretzako Madrilgo senadoan egoteak?".

X.— "Neure burua zeharo bazterturik ikusten nuen. Salbuespen bakarra Bandres izan nuen baina haren planteiamenduak nireak baino eskuinetarago zihoazen, kontserbadorragoa baitzen. Beste guztiak ez zeuden oposizioan kontsentsuan baino. Kontsentsua Suárez-i baimena ematea zen nahi zuen guztia egin zezan".

Egia esan, UCDkoak ez ziren nirekin hain txarto portatu. Enmienda guztiak analizatu zituzten, baita asko eztabaidatu ere.

Anekdotak? Makina bat dago. Jakin ba dakizu ni senadoan zutik egoten nintzena Gobernuak amnistia ez ematearren. Orduan, ekintza horretako lehenengo egunean euskal senadore guztiak zutitu egin ziren nigaz batera PNVkoak ere bai. Ekintza horretan katalan bakar bat egon zen, Girona-ko Ferrer independientea. "Entesa dels Catalans" taldean zebilen Ferrer.

Beste anekdota bat: Behin A.B.E. (Afrikar Batasunarentzako Erakundea) Tripoli-n zegoen bilduta eta Canarias irlak ezkolonizatu behar zirela esan zuten afrikarrek. Hori zela eta senadoan A.B.E.-ren kontrako proposamendua eman zen botatzera, ezer ere ez eztabaidatu gabe. Denek esan zioten baietz proposamendu horri valentziarrak eta biok salbu. Senadotik irtetean RNE-ko kazetariak itaundu zidan nire aburu horren zioa, zergatik uste nuen Canarias kolonizatuta dagoela. Nik Canarias, Andaluzia eta Castilla bezala, bene-benetan kolonizaturik zegoela hango aberastasunak hartzen baitzituzten; berak, ezetz; baina azkenean utzi genion eztabaidatzeari. Biharamunean YA-ko kazetariak esan zuen Canariasko egoera arakatzeko zegoen agiri bakarra nire deklarazioena zela. Cubillos, M.P.A.I.A.C.-koa, Tripolin zebilen eta nik esanikoa grabatu zuen, irratiz entzun zuen eta. Gero gonbidatu ninduen berarekin Argelia-ra joateko.

A.— Zergaitik ez zintuzten hautatu hurrengo komisioetan?"

X.— Alderdi guztiak ni hondatzeko batu zirelako, senadoan gerra haundia eman bainien. Nire burua desprestigiatzeko kanpaina asko antolatu zuten, eta boteretsuek komunikabideak dituztenez gero, lortu egin zuten".

A.— "Nola ikusten duzu Kataluniako egoera aukerabide independentistetako banaketa dela eta?"

X.— "Fatal! Banaketa handia da gurea. Ezkerratik eskubitara gutti gora behera hauexek ditugu: IPC (Independentistas dels Països Catalans). Hauek ortodoxoenak dira eta "Comités de Solidaritat amb els Patriotes Catalans"-ekin ibiltzen dira, han gehiengoa izanez. Komite hauek zuen Amnistiaren aldeko Batzordeak edo ematen dituzte. Hoietan Partit Socialista d'Alliberament Nacional delakoaren jende multzo bat dago. PSAN hau puska bitan banatu zen aurreko kanpaina elektoralean: Bata, ortodoxoa, punttakoena; bestea, moderadoa, "Nacionalistes d'esquerra"-n daudenena. Oraindik ere bizi dira "Assemblea de Catalunya" izan zenaren taldetxoak. Gero BEAN (Bloc d'Esquerres d'Alliberament Nacional) dugu. Ba dago ere "El Front Nacional Catalá". Horren atzean Nacionalistes d'Esquerra taldea izango litzateke. Alderdi ha ezker independentista banatzeko delakotan nago. Haren barruan PSUC-ko pertsonak daude, guk "los submarinos del PSUC" deitzen duguna. Bukatzeko, Esquerra Republicana ageri zaigu. Ez dira independentistak, katalanistak izan arren. Beraien "Republica" hori Espainiakoa da. Talde politiko hau asko aldatu da Macià-k eta Compays-ek sortu zutenez geroztik. Hasieran independentistak ziren baina geroago bere planteiamenduak atzera jo zituen Maciàk...

Nik neuk BEANen iharduten dut baina nire ideiak eta IPCek eta PSAN ortodoxoak dituztenak berberak dira. BEAN alderdiaren barruan ere ba daude punttako politikariak eta moderadoagoak ere bai. Gu ez gara IPC eta PSAn ortodoxoa bezain gogorrak. Haiek ez dute hauteskundeetara joan nahi, sistemaren jukututriari jarraitzea baita, haien ustez. HB koalizioaren antzekoak direla diote baina ez daukate Euskal Alderdi honen indar haundia. Ni PSAn "ortodoxo"-arekin eta IPC-ekin bat nator, haiengandik kritika asko hartu dudan arren.

A.— Ez omen zenuen laguntza handirik izan kanpoan nahiz Katalunian. Zer deritzozu horri?"

X.— "Bai. Alderdi nagusiak ni desprestigiatzen ari izan dira kanpaina askoren bidez. Hala, lukainka batzu esan dira, herriak zorotzat jo nazan: Tarradellas ikustera TXANGOLARI joan omen nintzen...

Ni senadoan mintzatzen nintzen bitartean Camilo José Celak uzkerra bota omen zuen... Hau gezur hutsa da eta jakin nahi baduzue galdetu Celari berari. Bestalde batetik, jendea berbetan hasten da nirekin kalean ikusten nautenean. Herritarrekin harreman estuak ditut, baina goikoek egiten didatena! Senadoan izan nintzenean Bartzelonako egunkari bik eman zidaten lana. Horrela, zutabe bana hartu zuten egunero urte batetan baina gero ez zidaten idazteari jarraitzen utzi, gauza asko salatzen bainuen artikuluetan. Egunkari hoiek AVUI eta MUNDO DIARIO izan ziren.

Aspaldi honetan nire hitzaldiak jakin erazteko publizitatea ez da hemengo egunkarietan agertzen, nahiz eta AVUIri berari bidali iragarkia.

Nire liburuak ez ditu inork argitaratzen... Nire ixiltasuna lortu nahi dute diruz! Zuekin, euskaldunokin, egiten ditut elkarrikuste gehienak.

A.— Nola ikusten duzu Kataluniako bilakaera autonomikoa?

X.— Nik beti esaten dut Katalunian oso politika ttiki ona eta oso politika handi txarra egiten dela. Euskaldun batentzat arraro xamar dateke eritzi hau. Adieraziko dizut: Gu politika nagusian ez gara Madrili aurka egiten genezakeela baina ez dakigu egiten. Gure burruka gauza txikietan datza eta hau ez du Madrilek ulertzen. Berton edozein gauza da burruka sinboloa: koroetan, auzoetan, elkarteetan, beti egoten da senyeraren bat. Pujol-ek Espainiako bandera kendu du bere bulegotik. Hala hemengo presidentea dela dirudi, atzean bakarrik senyera (Kataluniako bandera) duelarik. Gure kulturak gero eta gorago jotzen du, beti mintzatzen gara katalanaz, makina bat liburu argitaratzen dugu, auzo guztietan oso lan handiez ari gara txit gauza zaila izango litzateke Katalunia hondatzen.

Gure herriari autogestio asko dago Euskal Herrian bezalaxe. Banca Catalana ere ba dugu eta honek bakarrik Katalunian inbertitzen du eta hori oso positiboa da, sistema kapitalistaren barruan da baina. Botere ekonomikoa ez bagenu izan hirugarren graduko autonomiaz loturik egongo ginatekeen, Galizia dagoen moduan. Txit inportantea dugu faktore ekonomikoa. Bestela, begira okzitania eta bretainiaren egoera... Politikari Katalanek faxismora itzultzea piztu dute haien ahuleziagatik. Kataluniarekiko traizioa erizten diot Suarezen erreformismoa onartzeari.

A.— "Herri katalanak independienteak izango direla sinesten duzu?".

X.— "Ez dakit sinesten dudanentz baina biziki nahi dut. IPC-ek eta PSAN ortodoxoak independentzia eskatzen dute abstraktoki. Nik zera diotsut: independentzia atera egiten da arlo guztietaz burrukatuz. Independentzia ekonomikoa, energetikoa, kulturala, politikoa behar ditugu. Gaurko egunean bilatu behar duguna ez da bakarrik Madrilgo botereaz, Washington eta Europakoaz baino. Independentzia iniziatiba historikoak hartuz eskuratzen da, ez soilik muga artifizialak eskatuz. Mugak etortzekoak baldin badira beraien kabuz iritsiko zaizkigu.

A.— "Zer uste duzu intelektual gaztelauen gutunaz? Zer proposatuko zenuke Kataluniako hizkuntz egoera aldatzeko?"

X.— "Beno, lehenengo galderari erantzunez, esan behar dut gutun hori gure herriaz jabetu direnena dela. Bigarrenaz, zera: Kataluniako problematika linguistikoa gainditzeko monolinguismo katalana ipiniko nuke arlo guztietan. Hizkuntza ofizial bakarra, Katalana. Aurretiaz 5-10 urteko adaptazio-fasea izango litzateke. Nik emigranteen kultura errespetatzen dut baina Kataluniak ere berea badauka..."

A.— "Ba al dago inor deklarazio hoien atzean, lerrouxismoaren garaietara bihurtzea opa izango duenik?"

X.— "Bai, noski. Komunitate bitan sakabana gaitezen nahi dute".

A.— "Zer dioskuzu Diada de Sant Jordi ospatzeko egin den "Som una naciò" delako manifestazioaz?".

X.— "Funtsean ongi. Mementua, bakarrik irainaz garbitzeko mobilizatzen denaren ahuleziaren tipikoa izan dela esan genezake. Manifestazio hau zuzendu dutenak betiko marrazo aprobetxategiak garantiarik gabekoak".

A.— "Eta Tarradellas-ek Generalitat-i egindako kritikez?

X.— "Gizon horretaz jakin behar duzue Armada jeneralak zuzenduko zukeen gobernuaz ados zegoela. PSOE eta Raventós ere bai. Kontutan hartu behar dugu Madrila joatean zer esan zuen Tarradellasek: "Aquí hace falta un golpe de timón".

A.— "Egia da Katalunian frustrazio handia dagoela arazo nazionalari buruz?"

X.— "Bai. Desenkantua itzela izan da. Politikariek irusako egin diote herrian. Politikari Katalanak oportunista hutsak izan dira. Suarez-ek Franco-k lortu ez zuena egin du: diru askoz eta konpetentzia guttiz erosi ditu".

A.— "Bakezalea zara? Zer deritzozu Euskal Herriko burruka harmatuari?"

X.— "Galdera hau beti egiten didazue euskal kazetariok. Ni ezbiolento aktiboa naiz. Nik ez dut kondenatzen "la violencia venga de donde venga". Nik biolentzia mota bi nabarmentzen ditut: Bata, biolentzia askatzailea, bestea, biolentzia zapaltzailea. Gogortzale zapaltzaileen izterbegia naiz eta askatasunaren alde burrukatzen duten zapalduen adiskidea naiz, biolentzia erabili arren".

Ley para la defensa de la Constitución" delakoa aprobatu zutenean "Apologia del terrorismo" deitzen zen artikulua egin nuen. Dena apropos idatzita zegoen espetxera joateko lege horren bildur ez naizelako baina ezein egunkarik ez zuen argitaratu nahi. Andorra-ko berripaperak hasieran nahi izan arren, azkenean atzeratu egin..."

 A.— "Zer esango zeniguke amnistiaz?"

X.— "Amnistiaren alde nagoela, baina soilik preso demokratikoentzat. Nik ez nuke sekulan ere Tejero amnistiatuko inondik inora. Preso sozialez, lehen egin nuen moduan, indultoa eskatzen dut haientzat. Zokoratu sozialen autobirsortzearen jaikigarria zen COPEL-i eginiko zapalkuntzaz protestatzen dut biziki".

 A.— "Amaitzeko, ezer esateko Euskal Herriari?"

X.— Estatuko errebultsiboa zarete euskaldunok. Espainiarekin berdinetik berdinera negoziatzen duten bakarrak zeuek zarete. Horixe dugu demokrazia modu bakarra".

Elkarrizketa bukatu egin da. Zortziak eta hogeitabost dira. Hamar minutu barru aldegingo du trenak eta ni oraindino kafetegian! Lluis Maria Xirinacsi agur egiten diot eta lurpekorantz noa korrika. Bat-batetan norbaitek deitzen nau atzetik. Bera da. Arineketan dator eta kafetegian ahantzi berri dudan jertseia dakarkit. Mila esker Xiri, hurrengora arte!!

Santurtzi


Nor zer den

Gure alboan bizi direnak, jaiotzez, Albacetekoak dira. Orain dela gutxi, auto berri bat erosi dute: orain arte zeukatenak hemengo matrikula zuen (Bizkaikoa, ez Bilbokoa askok esaten duten moduan) eta berriak aldiz Albacetekoa. Gure lantegiko santandear batek ere, erosi duen auto berriari bere jaioterriko matrikula ipini dio. Beste batzuk aldiz, ez dute auto berririk erosi, baina daukatena pegatinaz bete dute, nongoak diren ondo adieraziz. Hau irakurtzen zauden horrek ere, seguru asko, horrelako beste hainbat adibide ezagutuko dituzu. Zer dela eta lehen Bi- edo SS- zutenak orain AB- edo S- matrikuletara pasatu, eta, lehen autoa garbi-garbi zutenek eta pegatinen aurka agertu izan zirenek orain Cantabria, Rioja, Andalucia, Extremadura eta abarrez bete? Zer dela eta aldaketa hau? Estatuan deitzen duten "el despertar de las autonomías" horren ondorioa ote?

Nik ez dut esango kasu konkretu batzutan ez denik holakorik gertatuko, baina, gehienetan, aldaketa horren kausa beldurra da, euskalduntzat hartuko dituztenaren beldurra. Eta uste dut hau argi dagoela.

Jende hau, normala den moduan, noiztik behin bere herrira joaten da: batzuk urtean behin oporrak igarotera, beste batzu sarriago, asko astero. Heuren herria ondo ezagutzen dute, guk baino hobeto, eta ba dakite euskaldunek zelako harrera espero dezaketen heuren herri horietan, eta euskalduntzat ez hartzeko eta autoari barrabaskeriaren bat ez egiteko hartu dute matrikula eta pegatinen neurri hori: heuren herritarren beldur dira.

Jende hau, normala den moduan, Euskal Herrira itzultzen da, lan eta bizitza egitera eta hemen pasatzen dute urtearen parterik handiena, eta urtean zehar autoa erabili egiten dute, heuren matrikula, pegatina eta guzti: ez dut uste garagean izkutatuta uzten duen inor dagoenik. Harro-harro dabiltza Euskal Herrian zehar, izan behar den moduan. Ez dira euskaldunen beldur.

Konstatazio honek ez luke inportantziarik eduki behar, gaurregun entzuten den hizkeragatik izango ez balitz.

Hemen bizi diren inmigratu horiek heuren herritarren beldur dira, ez euskaldunen beldur, argi dagoen moduan, baina hala eta guztiz ere, heuretariko askoren ahoetan, beldurra sarrerazten dutenak, terroristak, euskaldunok gara, terminologian behintzat. Ba dakigu terminologia hau informazio-medioetatik ikasia dela, eta horren aurka burrukatzea zaila dela, baina koherentzia minimo bat eskatzeko eskubidea ere ba dugula, uste dut, zeren haien herritarrak bezain razistak, terroristak eta faszistak izango bagina, nekez aldatuko lituzkete matrikulak, eta pegatinak erosteko gogoa ez dakit non edukiko luketen.

Eddy


Gaiak

Abortoaren inguruan hainbat haburu

Maiatzan zehar, Italian hain bereiziki, partiduek abortoari buruzko mitinak eta hitzaldiak zabalduko dituzte, egiteko dauden erreferendumentan, orain arte onartua izan den legea, ukatua izan ez dadin.

Mundu teknifikatu honetan, pertsonak probetetan edo umontzian artifizialki egiten diren (edo egin daitezkeen) honetan, abortatzeko eta bizitzari amaiera errezago zein bigunago bat ematea eskatzen da. Abortoaz eta eutanasiaz ari gatzaizkizue.

Gure ondorengo lan honetan heuretariko batetaz arduratuko gara, abortoaz hain zuzen. Alde batetik Italiarrek daukaten legea noraikoa den ikusteko, eta, bestetik, abortoaren aurrean gaur egun ditugun asmorik zabalenak zeintzuk diren ezagutzeko.

Hala ere aurretik zera esan behar dugu: abortoa ez dela ezinbesteko gauza bat; hau da, arazo zehatz batzuk zuzentzeko egin daitekeen zerbait dela edo/ta beste bide batzuen ezean egin daitekeen zerbait. Baina ezin kontsidera dezakegu abortoa gure egunotako ogitzat, noski.

ANAITASUNAren ale hau gure irakurleen eskuetara heldu orduko Italian gogor ekingo diote alderdirik gehienek abortoaren kanpainari, batzuk alde eta beste batzuk kontra. Aipatu Italia honetan erreferendun bi gertatu dira 1978. urtean abortoa legeztatzeko zabaldu zen legea berrikusteko eta bere orainarteko ekintza nolakoa izan den ikusteko.

Abortoa dela eta asko egin da gure aldizkari honetan eta kasu honetan berriro bihurtzen baldin baditugu gure begiak helburu berdin hontarantz ez da gaiak, berak, horrela eskatzen digulako baizik.

Eskutartean duzun lan honek hiru zati nagusi izango ditu, zuk zeuk ikus dezakezunez. Lehenengo eta behin Italiako kasua ikusiko dugu hurbiletik, legea norainokoa den ikusiz alderdi politiko ezberdinen teoriak nolakoak diren ikusteko. Baina helburua urrinago doalarik Europan zehar dauden beste legislazio batzuk ere aipatuko dizkizuegu eta gure herri mailan ditugun alderdi batzuen asmoak zabalduko ditugu azken batetan.

1- Italiako Oihartzuna

Hauzitan jartzen den lege honek 1978. urtean ikusi zuen argia lehenbizikoz. Gaur egun bai kristauak eta bai erradikalak ditugu Italian lege honen aurka, lehenak gizakiaren nortasunaren aurka doalako eta bigarrenak, erradikalak, oso lege atzerakoitzat hartzen dutelako. Dena dela, ikus ditzagun lege honen zehaztasun batzuk.

"Estatuak, nahiz eta gogoz egiten den sorketa zaintzen du abortoaren lege hau zabalduarren "honelakoxe hau irakurtzen dugu aipaturiko lege horren lehen artikuluan. Artikulu berean ere, abortoaren lege hau jaiotze kontrolerako egiten den zerbait ez dela aitortzen zaigu.

Baina goazen arira. Gestazioa apurtzeko neskak hurrengo baldintzotariko bat aurkeztu behar du bere abortoa egin nahi duenean: a) erdibitzea guztiz kaltegarria susmatzen delako, b) bere egoera fisiko zein sikikorako gaiztoa agertzen delako eta haurrak bere osasunari kalte handiak egin ditzaizkiolako, d) formazio okerrak itxaroten direlako eta e) bere ekonomia edo/ta sozio eta familiar egoerak arriskuan jartzen dituelako jaiotzera ziohan ume berri horrek.

Abortoa legepean egiteko beste baldintza batzuk zaindu behar dira, hots, epe konkretu batena, 90 egunetakoa hahin zuzen. Abortoa lehenengo larogei ta hamar egunotan barne geldituez gero zilegia litzateke erdibitze okerra susmatzen denean eta malformazioak espero direnean.

Orain arte aipaturiko puntu guzti hauek adin nagusitasuna lortua dutenentzat eginak dira, 18 urte beherakoentzat beste betekizun hau dago: tutorearen baimena eskatzen dela. Hala eta guztiz ere, osagileak amaren bizitza arrisku gorrian ikusten baldin badu idazki baten bidez aipatuko die abortoaren beharrizan larria bai bere tutoreari eta bai zerbitzu kirurjikokoei.

Beste alde batetik kontzientzia objezioa duten klinika langileek ez dute zertan lagundu behar aborto kasu bat agertzen zaienean.

Azkenez legetik at abortatzen duten emakumeentzat zigor zerrenda bat dakar lege honek. Legetik at abortatzea hauxe litzateke laburki: Emandako 90 egunotako epetik irtetzea. Mediku edo sanitate instituzioetatik kanpo egitea aborto hori eta abortoa betetzea tutorearen baimenik ez duen adingabeko neska batek.

Legea honelaxe dabilelarik bi erreferendum ezberdinak asmatzen dira abortoaren lege honen aurka. Alde batetik Bizitzaren Aldeko Mugimenduak azaltzen duena eta bestetik Erradikalek presentatzen dutena. Lehenari baietza ematea gaurko legea kentzea, oso aurrerakoia delako litzateke eta bigarrenari baietza emanez gero legea kendu egingo zen baina oso atzerakoia zelako eta beste aurrerakoiago litzatekeen beste batez aldatuko. Galdaketa bi hauek Maiatzaren 14tik Ekainaren 14ra bitartean ospatuko dira, orain, Maiatzan zehar alderdi politiko bakoitza bere propaganda egiten ari dela.

Erreferendum hauetan gehien sartuko diren alderdiak Kristau Demokrazia (D.C.), Alderdi Komunista (P.C.I.) eta Erradikal Alderdia (P.R.) ditugu, nahiz eta beste guztiak ere barku berroren partaideak izan (bai faxistak, demokristauak eta alderdi sozialista).

Bruno Osini, D.C.ko partaide, honela mintzatu zen joandako Apirilan abortoaren legeaz: "Ez da kruzada bat, baizik eta mesfidantza bat". D.C. koek Bizitzaren Aldeko Mugimenduan sartuta daudenen kristau tradizionalisten zaintzaleak ditugu legearen aurka jokatze honetan: Demokraton ustez abortoa sanitate publikotik atera behar da abortoa egitea azken batez erahilketa bat besterik ez delako, lehen larogeita hamar egunetan egin arren. Bruno Osiniren ustez abortoa klandestinitatetik ateratzea legeztatzea da. (Abortoa desklandestinitatzea baikorra daiteke horrela amaren bizitza gordeko delako segur aski, nahiz eta umearena galdu).

P.C.I.ko partaide den Andela Bittari ez dago batere ados aurrean aipaturiko Brunorekin. Azaltzen diren erreferendun bietan komunistek ezetza emango dute orainarte ezagutzen den legea alda ez dezaten. Ezetza, orduan, bai kristauen eritziei eta ezetza ere bai erradikalen eskabideei. "Ezin diogu-diote estatu laikoari uko egin abortoaren kontzepzio moralista eta kristauak onartuz".

P.R.ekoa den Adele Facciok "lege bizkor eta errealitatearen errepresentatzaileago bat behar da"la dio. Erradikalen asmoa oraingo legearen atal atzerakoi eta judizial hutsuneren bat dituzten zatiak kentzea litzateke, kenduriko zatiok beste baldintza aurrerakoiagoen bitartez betetzeko. Lege berri honek "aborto liberoa", dohaina eta zaindua legeztatu beharko lituzke.

Hauzitan dagoen legea 1978.ean zabaldu zen eta 1979. urtean 190.000 aborto legezko egin ziren; hau da, klandestinitatean egiten ziren baino bi biderrez gehiago gutxi gora behera. Egia:esan, lege honek iceberg baten tontorra erakusten digu baina ez du iceberg hori inolaz sortu. Datu hau "Salve" deitzen den aldizkari italiarretik ihartu dugu, eta bertan diotenez, Italiako herriak argi du antisorgailuen erabilera ugaritu egin behar dela hainbeste aborto nahi ez baldin bada.

2- Abortoak irtenbideak eskatzen ditu

Gaurko egoera honetan eta gure etxeetarantz bihurtuz, irtenbideak eskatzen ditugu. Alde batetik, ez abortatzerik nahi baldin badugu, aurrebideak (antisorgailuak eta abar) zehaztu behar ditugu. Beste alde batetik, abortora heltzera nahi duenak bide egoki batzuk aurkitu behar ditu eta ez joan abortatzera hiltokira doan txahala bezala.

Egungo emakumeek zerbait esan dute horrelako arazoen aurrean. Asanbladak, manifestaldiak eta abar eginak dira gure herrian abortoa legeztatzeko. Baina arazoa, gure ustez, ez da abortoa helburutzat hartzea, baizik eta, zeintzu bide jarri behar diren abortatzera ez heltzeko.

Senide planifikapen feminista bat eskatzen da une honetan hainbat herritarri. Jaiotze kontrola eraman nahi dute gaurko emakumeek heuren etxeetan. Baina bitartean gobernuak ez dio deus gai honetaz; hala ere, inplizitoki, gartzelatua izaten da abortoaren alde agertzen den emakume eta edonor.

Gaur egun ez dira banatzen antisorgailuak demokratikoki, eta batez ere, behe klaseak dira antisorgailuak lortzea zailen dutenak. Beste alde batetik emakumeek hainbatetan aipaturiko arazo bat estaltzen da antisorgailuak banatzeko unean. Haietariko asko (antisorgailuetariko asko), gehienak ez esatearren, kaltegarriak direlako heuren gorputzentzako abortoa izan daitekeen era berean.

Gauzak honela daudelarik ezin genezake esan, inolaz, abortoa moral kasu bat denik. Abortoaren aurrean moralak diren kasuekin batera sozialak diren beste batzuk agertzen dira eta bioi erantzun behar zaie heuretariko ezein estaldu gabe. Arazo moralak irtenbide bat izango du, arazo soziala beste bat duen bitartean.

Aipaturiko arazo moralen artean hurrengo honeek ditugu entzutenak: Haurraldi arazoetan zein salbatu, ama ala umea? Nola atenta daiteke bizitzaren aurka? Zein litzateke amoralago, abortoa legeztatzea ala ez legeztatzean emakumeak hiltegira eramatea? Haurraldietan gertatzen diren monstruoen aurrean zer egin? Monstruo hauek zergaitik ez lirateke gizakiak izango?

Arima hirugarren hilabetean heltzen baldin bada; hau da, obuloa eta espermaren batasunak umegaia edo fetoa lortzen duenean, zein izango litzateke, arazoa arimaren heltze horren aurretik abortatuz gero?

Goiko kasu hauetan erantzunak norberarentzakoak direla uste dugu, norberak norberari aplikatzekoak, baina hain moral ezberdinak ditugun herri, honetan gizarte osorako plangintza eta erantzun zabalago batzuk izan beharko ditugu. Maila honetan arazo sozialak planteiatzen dituen galderak ditugu. hala nola:

Zergatik beheko klaseek ez dute klaseek bezain erraz antisorgailuak lortzen? Zergatik ez da abortoaz arduratzen Aseguru Soziala? Gaur egun kaltegarriago izan daiteke pildorak hartzea aborto egoki bat egitea baino; noizko, ba, antisorgailuen erabilera egokia? Zer dagokio hobe gizarteari, ongi zaindu eta heziko ez den haurra ala haurraldia ebakitzeko legeak zabaltzea? Abortatzeagatik juzgatuak direnak zergatik ditugu beti dirutan larri-larri daudenak?

Eskabideak une honetan hemendik legokez: antisorgailuez inbestigazio zehatzak egin kaltegarriak izan ez daitezen eta bide batez, antisorgailu egokien zabalpen eta azalpena herriratu. Euskal Herri mailan, ere, ez legoke gaizki, noizpait abortatu duten emakumeek eta medikuek elkarrekin eginiko abortatzeko lege bat zabaltzea.

3- Europako legeztapena

Europan zehar abortoari buruz dauden legeak ezbardinak dira haien artean, baina dena dela, egokia iruditzen zaigu Estaturik nabarmenetan erabiltzen duten legea norainokoa den ikustea.

Hasteko has gaitezen Espainiatik. Premisarik garrantzitsuena abortoa zigortua dela dugu. Kasu honetan Espainian ezagutzen den legeztapena egoera ezberdinak nola zigortu behar diren jakiteko baino ez da. ANAITASUNAK argitaratu zuen behin legearen oinarria bere 390. alean. Halan eta guztiz ere hona hemen laburpentxo bat.

Espainiako Kodigo Penalak honela mintzatzen da haurrilketa eta abortoaz. Gartzela-zigor nagusia ondorengoek hartuko dute: Abortoa emakumearen baimenik gabe egiten duena. Emakumeak norbaiti eskubide osoa ematen baldin badio abortoa beregain egiteko, aborto kasu baten inplikatuta aurki daitekeen osagile edo botikarioa. Gartzela zigor txikia hurrengoek hartuko: jaio berria den haurra hilten duen amak eta bere gurasoek ekintza gordeko balute, nahi izan barik baina biolentoki egiten den abortoaren egileak, abortoa egiten daudelarik ama hilten baldin bada, kasua izkutatu duten gurasoek.

Frantzian, egia esan, beste lege bat dute naiz eta lege hori lortzeko hamaikatxo eztabaida egon. Gaur egun Parisek emandako lege hau bideotatik dabil: 18 urte baino gehiago dituzten amek lehen sei astebetetan aborta dezakete. Aborto hau Aseguru Sozialaren kontura egiten da Frantziako bizilagun guztientzat eta mediku guztiek dute abortoa egiteko obligazioa (egiten duten ala ez, hori beste gauza bat da).

Urrengo alean beste herrietako legeak eta bertoko alderdi politikoen eritziak izango dituzue, orduan beraz, urrengo alerarte.

J.I. Basterretxea


Agur eta ohore donostiarrei [Bertsoak]

Egunero ez da horrelakorik ikusten, ez horixe! Ziklismoan esaten denez, esprinean eta foto-finisha aztertu ondoren jakin dugu garailearen izena. Bihotza sendo dugulakoan nago, horren tentsio handia agoantatu dugunez.

Bai! Enteratu ez bazarete (gauza zaila berau), entera zaitezen, azken berria adieraziko dizuet: Errealak irabazi egin du azkenean. Estu baino estuago, baina ongi merezita. Azkenean. Ba zen garaia! Hainbeste palo hartzera ohiturik gauden herri honetan, honelako berri onak ere hartzea komeni zaigu —zer demontre!— animoak altxatzeko. Eta garaile gerta gaitezkeela gogora erazteko.

Apirileko hogei

ta seigarrenean

Asturias deitutako

lurren barrenean

Gogor aritu ziren

lagunak lanean,

irabazle amaituz

justu azkenean.

Ospa dezagun orain

modu onenean

Laurogei eta hamar

minutu baditu,

guztietan behar da

indarrez aritu;

baloia hartu eta

atzetik segitu.

Eskerrak irabazten

zuela amaitu

Egunero ezin da

hainbeste sufritu

Bukatua da baina

dirudi ametsa,

Ihazkoa ikusiz

ez ziteken pentsa

Etengabe jardunez

gaitezela zentza

zer esan jakin gabe

geratu da prentsa

Txapela kenduz esan:

Nolako defentsa!

Gorriz ta Olaizolak

pasatzen ez laga

Zelaietak eskuinez

baloia atara

Kortabarriak gero

bere ostikada

Deskuiduan baten bat

eskapatu bada,

trankil gera zaitezte,

han da Arkonada

Defentsa ona eta

gogorra erdia,

Alonsok nekean du

bota izerdia

Diego indartsu ta

jokoan garbia,

antolatzen Zamora

erabat argia.

Ondo harrapatu da

aurtengo "erbia"

Idigoras lanean

dabil egun ta gau

Nafar bat da erdian

Satrustegi beran

Lopez Ufarterekin

egin dute birau,

Utzi ez arren ere

habila baita hau

Aurrelarien lanak

osorik poztu nau

Jendea adi zegon

irratitik estu,

barrutik zioela

"suerterik ez du".

Baina irabazi du

nahiz ta izan justu

Madrilek zeukan dena

gozatzeko prestu

Azken une latzean

diote kakaztu

Ihazkoan hasirik

honetan atzea,

erakutsiagatik

hasteko batxea.

Boronatek jarri du

zuloan partxea,

entrenatuz lorturik

denak sendatzea

horren arduraduna

da Hormaetxea.

Oriundoak ziren

hor zehar nagusi

Erreala zegoen

etxean itsusi

kanterak zer dakarren

dezaten ikusi,

Madrili esprinean

zaio irabazi.

Gure txalo beroak

dituzte merezi

Lanean aritzea

da beharrezkoa,

sufritzeko nahikoa

baitzen ihazkoa.

Orain eztia eta

orduan ezkoa.

Hurrengo urterako

prestatu hauspoa

Gora Erreala ta

Gora Gipuzkoa

Txepetxa


Gaiak

Krisia dela eta edota osasuna eta askatasuna batzeko bideaz

Krisia gogor dabil gure gainean. Zenbat ote gara, diruz zeharo itota gabiltzanak? Lanik ezin egin; edo egin nahi ez. Nola edo hala, diru ezean. Ez zaigu horratik, bizitza merke gertatzen! Eta diru gabe.

Zer egin? Aurrezki-kutxaren bat lapur? Dagoeneko txanda eskatu behar da, edozein sukurtsal lapurtzeko. Diru faltsua egin? Oso zaila eta harriskutsua. Gizon edo emakume dirudunen batetaz "enrollatu"? Nahi duena, saia dadila hontan.

Beste soluzio bat dakarkizuet: lorkaitza duzuen dirua ez gastatzea. Lorpenak: osasuna hobetu, kontsumismotik urrundu, diruaz ez larritu, libre izaten hasi.

Hau denau, nola?, galdetuko duzue jadanik. Pauso bat proposatzen dizuet: bizizalea edo naturista edo, bihur. Zertarako, nola?

Lehenengoz elikadura zuzendu: egunean hirutan besterik ez jan; poliki jan, dena ondo txikituz. Tartekako guztia baztertu. Egunero frutaz gosaldu. Bazkalaurretik sagar bat, eta bazkarian bi plater soilik« bata entsalada —gauza gordinak edo—, bestea zerbait egosia —ahal bezainbeste, okela eta arraina baztertu—. Azkenean, afari-merienda gisa —goiz afaldu behar da; oheratu baino zenbait ordu lehenago —, zuek ikusi; adibidetzat zerak balio lezake: barazki-zopa eta gazta, edota beste entsalada edo egositakoren bat eta yogurra, edo kefirra, edo nahi duzuena —erraz suposatzekoa da "nahi" hortan zer ezin sar daitekeen—. Gainera, astean behin baraua eginez gero, are eta hobeto.

Zenbat gauzetan ez ote zareten pentsatzen ari? Bi puntu: zuzen janez gero, askoz gutxiagoz nahikoa da. Digestio-aparatua garbi edukirik, gorputzak ez du geragabean jatekorik eskatzen. Sabela hutsa edukitzeak gorputzaren egoera onena izan beharko luke, eta guztiz alderantziz, ezin dugu horrelakorik jasan:noski, ustelduta gabiltza, eta sabelak lanik ez duenean, autogarbitzen hasten da, eta molestatu egiten digu; beroni deritzaiogu "gosea". Gosea kentzeko, berriz jan, eta garbiketa ad eternum atzeratu. Zuzen bagaude, berriz, horrelakorik ez da gertatuko.

Bigarren puntua; Osasunez ondo ibilirik, eta osasunerako onak diren gauzak janik, atsegin gastronomikoa inork baino handiagoa izan dezakegu (hi, tripazai, kentzak irrifar maltzur hori aurpegitik, eta egik aproba).

Harira noa berriz; ez dut lantxo hau medikuntzaz edo gastronomiaz planteiatu.

Zer lortu dugu? Jan-gastua zeharo txikitu. Gainera, tabernetara ez gara ezertara joango —edan behar ez dela, sobran dago esatea—, eta hor dugu beste kristoren aurrezkia. Honen ordez, lagunekin enparantzatan bildu, edo mendira igotzen, edota etxeetan edozein gauza egiten. Euria ari duela? Kafe baten aitzakiz, arratsalde osoz kafetegi batetan eserita egon.

Aurrera goaz: erretzez utzi. Hara zer ohitura kaltegarri eta okerra —gaixo ez— erretzaileok—. Hor beste dirutza bat.

Honen guztionen ondorioz, ez gara inoiz mediku edo farmazia baten aurrean agertuko ere. Aurrezkia aurrera.

Gehiago esango dizuet: gauzak horrela, hozkailurik ez plater ikuztailurik —duenari diotsot— ez duzue beharko; bizitza askoz ere xeheago aizan daiteke. Hortaz gainera telebista behin eta betirako lehiotik behera bota baduzue: pentsa zenbat diru tresnetan eta argita.

Datu bitxi bat: sabel-hesteak garbi dituenak kaka garbi egiten du —ankak gora honetarako; zer ohitura zentzugabea, kaka eserita egitea—, eta komun paperatan ere gutxiago gastatuko du. Garbigailuetan ere asko irabazi dugunez (zigarroen errautsa —hondakin erradioaktiboak, hi— etxeetako zikinkeriaren erdia da), ontziak garbitzen eta, drogeriak ere gutxitan zapalduko ditugun.

Hurrengo punto derrigorrezkoa: kotxea erre. Ibiltzea oso osasuntsua da. Bilbo edo Donostia batetan, inoiz ez dago ordutik gorako ibilaldirik. Herrietan esan beharrik ere ez dago. Eta egitekoa luzeagoa balitz, bizikleta hartu.

Asteburuaz kanpora joan nahi duzuela? Tren edo autobus egokirik beti bezala ez dagoela? Kotxea alokatu. Gehienentzat bide hau askoz ere merkeago dateke norberaren kotxea edukitzea baino. Pentsa honetaz zenbat diru datorren (eta esandako guztiaren oihartzun sozialean ezertarako sartu gabe).

Asteburu hoietan zenbat gauza egin daitezkeen!? Mendira joan. Lekuak eta jendea ezagutzera joan (baraua egiteko egun ideala; bi laranjekin ere nahiko). Etxean gera, edozein zaletasun beharrezko denboraz elikatzen... Zinera edo joan (bai, bai; gastu batzu kentzeko zailak dira, nola ez! Liburuak berak ez dira dohainikoak). Segi dirua ez gastatzen.

Elikaduran, denetako dendatan —xede jantzi, arropa gutxiz, ahal dela naturalak eta norberak egindakoak; oinak airetan eramaten saiatu—, garraioan, biziotan, argitan, etxe-gastutan... dirua soberan dugu dagoeneko!

Zer lortu dugu? Osasuntsu bizi, zorion handiagoz, lasaiago, stress-maila handi bat baztertuz, libreago noski... ai!... Baina...!

Tabernari, dendari, mediku, jende asko lihoake langabezira.

Pentsa, hainbat industri arlo behera botaz gero —telebistak, kotxeak...— Egia da ere lan gutxiagoz nahiko izan zitekeela, garraio eta herri-hiri konponketan lanpostu berriak sortuko liratekeela; dena den, krisia gogortu egingo litzateke. Gainera jendea libreago egongo zelarik, agian nahastaegileak bihur litezke, eta gizartean konbultsioak leudeke.

Seguru Bilbo handiko bizilagunek ez luketela gehiago kutsadur egoera onartezin hau isilean jasango. Beronek batek daki zein irtenbide eduki lezakeen.

Bai, bai, egia. Hobe lehengora jotzen badugu. "Más vale malo conocido...". Bai, irakurle tripazaia. Seguruen hire irrifar maleziosoak arrazoi osoa zian. Bidezkoa denean, amore ematea bidezkoa izaten duk. Goazen elkarrekin, txuleta eder batzutaz gorputza usteltzeaz batera, gure bizimodua goxatzera.

OHARRA: denetariko lagunak ditut, tabernariak, medikuak...

Iñaki Lasa


Gaiak

Mari Gorringo, Txuri Gorringo, bihar eguzki ala euria egingo

GOIZUETAKO MIXIYUA

"...

misionistak izandu dira

Goizuetako partian

oien bisitaz oroituko naiz

bizirik nagoen artian."

"...

misio santu ontako hitzak

ondo goguan artzeko

munduan ongi portatu eta

gero zeruan sartzeko".

"Ministro oiek izandu dira

predikadore sortillak,

lendabiziko gizonengatik

izugarrizko batallak;

gero alboan artu dituzte

neskatxak eta mutillak

azkenerako astindu dira

atsuen patar-botilak"

Ai ene! Jakin balu Txirritak gaurko "misionista-ministro-predikadore sortillak" zeintzu diren ¡Ai ene! Jakin balu Txirritak Goizuetako kemena, semena eta abizena eramango zituen baten (XX Goizueta) Coca-Cola Txinan salduko zuen lehenengoa izango zela! Bai, bai, gero eta atxinatu gutxiago dagoen Txinan, bai, bai, hantxe bertan. Jakin balu Txirritak nortzuk astinduko zituzten azkenean patar-botilak ¡Jakin balu zertan bilakatuko zen patarra! Jakin balu...

Txinan iraultza kulturala egin omen zuten. Eta ni hortan nago. Honekin batera, iraultza berdea ere egin omen zuten. Behin irakurri nuenez, Txinako bideak, kaminoak, luze-luzeak dira, kristonak, eta herri batetik bestera joaten denbora asko pasatzen da. Hain luze izanik soberan dagoena (KK) botatzeko gogoa sartzen zaio bati. ZER EGIN? Lenin-ek bere liburu ospetsuan idatzita zuenez, pertsonen zera ongarri da lurrerako, nekazaritzaren faborez. Eta txinoek borda antzeko batzu eraiki zituzten bide guztietan ibiltari kakazale guztien mesedean. Eta gogoz egiten omen zuten! Gero, kamioi berezi bat pasatzen zen uzta batzen eta, honela, lurretik ateratakoa lurrera bueltatzen zen. Ez litzateke ideia txarra izango gauza bera Ibilaldietan, kilometroetan eta korriketan egingo balitz ¡Hainbeste jenderen energia (biomasa) ezin galtzen utzi!

Baina orain, Coca-Cola-rekin gauzak zeharo aldatuko direlakoan nago, Coca-Cola edanda ez da gogorra ateratzen zirrina baino, eta lurrera botatzean kultiboa lokaztuko dira, arrozaren faborez eta herri-gastronomiaren kaltez.

Ezin dut inola ez imaginatu berrehun mila txino kalimotxo edaten Sanghaiko gaupasa batetan. Ez, ezin dut.

Baina horrela da, eta zer egin behar!

Gainera, txinoak ez bakarrik hartzen, ematen ere ondo dakite. Horren froga aurtengo Aberri Egunean daukagu, Bilbo-ko Erakustokian, hain zuzen: Campeonato de Taekwondo, oso ondo. Ez ote da maoistaren bat esfera horietan sartuta egongo? Erantzuna, urrengo hauteskundeetan. Eta egun berean, Gernikan, Iruñean... beste taekwondo-mota. Ai ene! ez da gurea ulertuko duen kristaurik!

Eta kristauak aipatu ditugula; zer deritzozue aurtengo bueltadeespañari? Bai, argi eta garbi dinot: deespaña, hemetik ez da pasatzen eta. Nafarroatik ere ez. Gainera rollo ederra hantxe montatu dutena. Del burgo txapela begi-begietaraino sartuta baino ez zaio jadanik falta Telenavarrako lokutora-buru izendatua izateko. Zer Fasa?

Baina guk ondo dakigu geure burua defendatzen. Everesteko izan bazen FRANCO ondoren ESPAÑAko kapitalismoak hartu zuen lehenengo kolpea, bigarrena eman berria dugu: GIJON 26 A. Erreala campeón! eta ez zen bat izan, hamaika baino! Baina pozgarri gertatu bazen ere, urrengo egunean argazki makabro hura baraurik ikustean,... bai, bai, Madrilen... bai, bai, horrekin berorrekin... zelan azaldu hori danok buruan dauzkagunen aurrean?

Eta bitartean, Zubieta bai, Zubieta ez, ez dakit zer, ba dakit zer. Eta bitartean ZUMETA inspektore jaunak, gogoratzen ez naizen lege sotanadun baten izenean Hernaniko lizeoa ixten du; atxakia bigun bezain merke: klase-ordu batzu galdu dira. Eta zer? Basamortua ba dugu (Herriberako Bardeak), piramideak ere bai (XX, XX, XX), orain faraoiak datozkigu ipurtzuloa balsamatzen, baina, NOIZ etorriko dira Nefertitiren aizpak? Klase-ordu batzu galdu direla! Nuklear-hatsa arnasten da batzuren artean! eta anbientadorea ezin erosi multinazional berak egiten du eta! Bai, nuklearkeria inposatu nahi digute, eta hortarako "progreso" hitza erabiltzen dute. Bai, progresoa, XX. mendean, progreso izeneko mendean, sasi-aberastasun eta despilfarroaren mendean, gosea nagusi bilakatu da. Marinaleda gogoan zaitugu!

Krisia aurrera doan neurrian hobe ikusten da panorama, hobe nor den bakoitza. Galdetu bestela Andaluzian gosez hiltzen ari direnei, eta hau guztiau, hango beste batzu hemen ostiak adestajoz ematen ari diren bitartean. Pais!

Eta gosearen kontra altxatzen direnak, horientzat kartzelak, demaximaseguritatekoak. Eta gosearen kontra altxatzen direnak, horientzat kartzelak, demaximaseguritatekoak. Eta gosearen kontra altxatzen direnak gosez hil behar. Bai Sigurd Debus gogoan zaitugu. Bai Bobby Sands gogoan zaitugu, bai gogoan zaituztegu zuek baitzarete ogi berri baten legamia berria.

Ez, ez zarete hil, hil egin zaituztete, baina hala ere gurekin zaudete eta gu oraindik ez gara hil, oraindik ez gaituzte hil, eta gose gara...

Eta "Marigorringo, txori gorringo, bihar eguzki ala euria egingo?" esaten kloakara abiatzen nauen autopista batez noa OTANeko MIRAGE batek nire txapelaren buztana ateratzen duen bitartean...

PRONTXIO


Gaiak

Idazten

Hasten naiz idazten gaur, egun seinalatua baita, 1981.eko Maiatzaren egun bat baita, nahiz eta egia esan, egunak oro dirade egun seinalatu, egutegietan markatuak, mila begiz so eginak ia-ia eskela ilunska bakartien gisa. Baita ere eta gainera ene hitz apalen mordoak ez dauka bere baitan baizikan eta bere baitanago bizitzaren monografia eraskotakoek prestatzen dioten argitasunezko mahatsa eta mahatsaren ardo odoleztatuak ez dazaguke askotxo ezta ere gehiegi morbidotasunaren ostatua eta alaitasunez baina serio ohoratu beharko du solasketaren haspide herabetia. Bestela kadentasunak, isilkari, atotsiko du bere altzoan mihiaren beroa, airean, soilik, oihartzun urrunarren garraixi indargea geratuz. Nahia bakarrik geratuz: nahi biluzia.

BAINA saiatu, beti behar gara saiatu, ahalegindu, senperrenak egin behar ditugu baldin eta ez bagara melodrama baten aktore izanen geure inpotentziaz, geure pobreziaz konturatzean. Ideiak ez baitira, ez eta ez, almendrondoaren lore zurigorrizkoak legez ernamuintzen edarrezko mantu irudiz eremu idor eta agorretan, ur hozkari gaberik; ideia-lurrak ureztatua izan beharra baitauka, ongixeno elikatua eta mainatua izan behar baitu uzta emateko. Gidari bat behar dute gure ideiek ere, lemazain trebea ez daitezen gal itxaso zabalean noraezezko untzia bezala, behin eta okerbidetik abiatuz gero zailegi baitateke hutsak adabatzea asmoak ontsak izanda ere. Rousseau-ren Emilio izan behar dugu berriro, bizitzatik bertatik ikasi, izadiaren ostari betikor izan, baita ere liburuetan barna igeri egin.

Idazten ari naiz zer idatzi eta zertarako idatzi jakin gabetua, hitzak agian herdoilduko direla orri itxietan susmatuz; eta jarraitzen dut bukatu arte denak amaiera baitu. Idazten dut saiatzearen oxigenoz oxindua, indarrezko hauspo batek aireztatua; itsasikaran murgildurik nabil idaztean eta idazten jarraitzen dut.

Karlos Santisteban


Gaiak

Nik ere ikusi nahi nuke

Istorio hau ez da gaurkoa. 1941.urtean hasi omen zen. Orain aldiz "Lourdes español" bat bihurtu nahi dute espabilatu batzuk Unben agertzen omen den birjinaren ondoan.

La bien aparecida

 Unbe gainara igotzen garenean, Bilbotik gatozela, gainatik 200 metrotara edo, seinale batek eskumaldean adierazten digu "la bien aparecida"-ren hermitara joateko han bertan sortzen den gurdibidean zehar jo behar dugula. Egia esan, delako seinaleak aspaldian ikusi eta kasurik egin bage aurrera jotzen genuen. Behinola, kuriostatez jota, abiatu ginen bidexka lohitsu eta harritsu hortatik, maldatik behera. Monjen kolegioetako autobus bat sartu zen gurdibidean zehar erruedak ere basatzan ondaturik utziz. Ume guztiak kanpora, bizpahiru monjekin batera hermitara abiatu ziren. Txofer gaisoa mekaguenka geratu zen eta ama birjina aserratu omen zitzaiolako ez zion egun hartan miraririk egin. Azkenik, auto-stop eginez, joan omen zen Bilbora garabi baten bila.

Ez zegoen jenderik ugari baselizatxo ondoan. Hermita baino, etxeño bat, orma guztiak erliki bitxienez estalita; gurutzifikak, estanpak, arrosarioak, argizariak, plastikozko loreak, irudiak, santu eta ama birjin guztiekin batera, erdal letrero batzu nahaspilo ikaragarrian. Atso batzu nigarrez, oihal beltza buruan, belauniko. Estremeño, castellano, andaluziar eta gallego atso agurek osatzen zuten egun hartan made in Spain-en inprimatu posta txartel antzeko hura. Monjek bitartean neskatxei eragiten zieten hermita aurrean zegoen putzu edo eta bazkatik uraz igurtzi zitzaten oinak eta besoak. Inola ez gorputzaren beste atalak. Ikus nezakeen pornografikoena, monja loditzar eta antierotiko baten izterra izan zen. Plaust! bota zuen bere izter zimurtsua bazkara eta ezin atera. Eskerrak neskei. Ez nuen goitik eman (1). Gogoa euki aldiz, handia. Urak lohi zeuden. Goiko iturburutik bazkaraino erortzean harez eta basaz nahastatzen baitziren. Nahiko mirari zela pentsatu nuen. Nahiko mirari inork izurriterik (2) ez harrapatzea hainbeste urtetan.

Berriro ere maldatik gora abiatu ginen lasterka. Ikusitakoak nahiko ematen zuen pentsatzeko. Bisitari guztiak, kolegioa salbu, kanpotar zahar eta sineskorrak ziren. Euskaldunik eta vascongadorik ez zen nabaritzen. Horregatik al zetorkion altxor horri nabaritu nuen erdal giro astuna?

Hala ere, guzti hori duela bost urtetako pasadizoa da. Autonomikorik gabe. Baina gauzak aldatuz joan dira eta aintzinako pasadizoari jende asko omen dabilkio berez ez daukan garrantzia senetik atera nahiez.

Interviu errebistak ere erreportaia egin du hontaz. Halako istoriotan errebistak izan duen ustea jakinda, gauzak puntuan ipintzen saiatuko zela pentsatu nuen baina hori egiten ez duela konturatu naiz.

 "Bilbao puede convertirse en el Lourdes español" dio errebistak. Kanpaina on bat muntatuz gero, laster euki ditzakegu hemen Espainiako atso zahar toto eta sineskor guztiak Terrorismoaren kontrako gurutzada bati laguntza emanez. Ikusiko dugu.

Berrogei urtetako istorio bat

Istorio hau ez baita hasi orain bost urte. Esaten denez, berrogei urte baditu, 1941. urtean hasi omen zen. Martxoaren 25ean.

Gau hartan Felisa Sistiaga haurrekin bakarrik dago Unbe-mendiko magaletako etxetxoan. Senarra basozaina da eta Euskal Herriko seme askoren antzera, taberna bati untzeak (3) ipintzen ibiliko zitzaion. Senar emazteak bizi diren etxetxoa Bizkaiko Aurrezki Kutxarena da, prestatua ez, alokatua, lanaren truke. Haurrak lo zorroan daude baketsuki. Halako batetan, gure Felisak ate ondoan zarata entzuten du. Lehiotik zehar argi bizi bat kanpoan biztu dela ikus dezake. Izuaren izuaz kanpora doa eta hara non ikusten duena ama birjina, aulki batetan belauniko alboetan bi kandela handi dituelarik. Beltzez jantzita. Oso neska ederra zirudien. Hamazortzi, hemeretzi urte besterik ez luke izango. Majo eta nahiko. Gainera, begi urdin zabal eta bizi, ezpain gorri eta mamitsu dituela dio Felisak. Andreak aditzera eman nahi duenez, birjina oso erotikoa da. Titi handi oso ongi kokatuta omen dauzka. Felisak jakina, ez du kondatzen hala.

Ama birjin oso beltzarana. Erdi-morbosoa; Andaluziako daiteke? Nork jakin?

Felisak negarrez dagoelarik, berarekin eramateko diotso: "Eroateko hemetik, hemetik eroateko, eztakixu zelako zoritzar handia deukoten".

Baina ama birjinak ez du erantzungo ez eramango ere.

Ama birjinak ez daki euskaraz

Harik eta urte batzutara berriro ere agertzen zaio ama birjina. Beti bezala, Felisak euskaraz galdetzen dio. Erantzunik ez ordea. Ez du ematen "la bien aparecida"-k euskaltzalea denik. Behin, galdera erdaraz eginda, oso ongi erantzuten dio erdara batuaz: "El primer día que vine a salvarte baje al pozo y desde hoy esta agua está bendita y curará a los enfermos y a los sanos que se laven la cara y los pies. Además quiero que te marches de esta casa porque estais en mi casa". Zer esanik ez Felisak hartu zuen poza azken hitz horiekin. "Alde egiteko etxe honetatik, nirea da ta". Akabo gau pasa bakarrak, pentsatu omen zuen.

Birjinari dagokionez ez dela birjin progresista bat esan dezakegu. Aurpegi eta oinak garbitzea soilik permititzen du. Titiak eta izterrak, demasie. Baina ez da hor gelditzen ama birjinaren integrismoa edo ezker muturzalekeria? Komando antikapitalistaren bat osatzen duela pentsatzeko ere franko dago. Ez al da etxea Aurrezki Kutxarena? Komando antikapitalista baten partaidea edo Cristo-Rey-koa ote da gure ama birjina? Ez al daki maizterrak ez direla plantatzen kalean egunetik egunera? Jabego pribatuaren ezaguera ongi mamiturik dauka gure birjinak.

Jesuitak erdian

Ordudanik hona, mirariak bazter guztietatik agertu dira. Ingeniariak, etxeko-andreak, monjak eta moro bat. Beroni dagokionez normal topatzen dut, Mahoma ez baitzen gauza, halako mirarik egiteko. Esaten denez, gure moroa..."

..."fue vigorosamente atraido por el singular hechizo que esta madre del amor hermoso ejerce sobre los hijos del Islam" Tumatxa! Halako titi, begi eta ezpainekin nork ez gero! Konbertsiotik hona, gure moroa asko argaldu omen da eta baita aurpegia zuriagotu ere.

Baina birjinaren mirari ospetsuena, jesuita bat birbiztea izan da. Ez edozeina. Deustuko unibertsitateko jesuita.

 Pascual Manuel Iribarri e Iturrioz apaiz jesuita Bilboko San Antonio poliklinikara abiatu zen egun batetan Unbeko ur miragarri litro batekin. Bertan, poliklinikan, beste jesuita bat zetzan gaisotasun misteriotsu batek jota, J.M. Belaustegui y Arrillaga. Zoritxarrez, Bilbon dauden autobusak daudela, beranduegi iritsi zen klinikara eta Belaustegikoa jadanik zerraldo zegoen. Baina Pascual Manuelek ez zuen horratik burua galdu. Gorputz hilotzaren gainean litro guztia bota zuen eta dardaraz Belaustegitarra birpiztu egin zen. Ez dakigu baina, hoztu egin zen ala ez.

Jesuitek TUGBSA delakoaren akzioetako parte handia dutenez gero, autobus zerbitzuak gehiago murrizteko ustetan omen daude. Hala eginez, jende guztia beranduago iritsiko litzateke eta mirari gehiago egon ere bai.

Autonomikoa, apezpikua eta politika

Unbeko alderdi hortan, etxe inguruan eta barrenean ere, edozelango propaganda politikorik papertxoak eta abar botatzerik oso debekatuta dagoela jakinarazi du birjinaren aldeko erakundeak. Delako honek zaindari batzu prestatu omen ditu kontragauzarik gerta ez dadin. Ez dugu oraindik morroskorik ikusi alderdi haietatik baina ba liteke autonomikoarekin batera hertzain bat edo bi ipintzea eta jende asko txakez aldatzen ongi dakienez gero, gure birjin hau euskaltzalea bilaka daiteke erakunde guztiarekin batera. Konstituzioa onartuz, ez litzateke arazo handirik egon behar eta mirariak bi hizkuntzatan egingo lituzke. Terrorismoaren kontrako agiri edo komunikatu bat prestatzen ari omen dela gure birjina esaten ohi da oraintxe Unbe mendiko inguruetan. Laster aterako du terrorismoaren kontrako lehen komunikatua. Bitartean apezpikua kezkati omen dabil. Medikuak ere lanezean gelditzeko arrisku handia ikusten dute birjinaren mirarietan.

Obispuak hari guztiak lortzen eta lotzen ere saiatzen da. Sinesten hasteko euskaltzaletasun gehiago eukitzea eskatu omen dio birjinari, UCDk EAJren kontrako konplot muntatua dela ematen baitio.

Eta euskaraz hasiz gero nola hasiko zaigu? Batua egiten? Ez, hori ez, bestela ni ere konbertituko nintzateke!!!

T. Trifol

1) vomitar

2) infekzioa

3) iltzeak


Erlijiozkoa Euskal Prentsan. Una pequeña aproximación a un análisis esquemático

PAULO AGIRREBALTZATEGI

Herria 2.000 Eliza, denok ezagutzen dugun aldizkari hau, 3. urtemugara iritsi da.

Hori dela eta, hona hemen omenaldi gisa beraiek euskaraz argitaratu artikuluetako bat, hartu duten hildoari (medio de contrainformación en la sociedad y en la Iglesia) kemen biziaz jarrai diezaioten. Anaitasuna.

Aldizkariaren zuzendaritzak eskatu dit gai honetaz zerbait idazteko. Hasteko, baiezkoa eman dut. Baiezkoa esatean bertan izan nituen kezkak, ordea, handiagotu egin zaizkit, artikulurako eskema lantzean eta ondorengo lerro hauek idaztean. Izan ere, prentsari buruzko azterketaren bat egiteko, bietako bat izan beharra dagoela iruditu zait: soziologoa edota kazetaria. Ni ez bata ez bestea naiz. hala ere, ausartu egin naiz, euskal prentsaren parte on bat behintzat jarraitzen dudalako, irakurle bezala, eta euskaldunon arten erlijioaren fenomenoa nondik nora dabilen barne-barnetik kezkatzen nauelako.

Artikulu hau ez da, beraz, soziologikoa. Hala ere, eta gero agertuko dudan bezala, neure inkurtsiotxoa egin dut soziologiaren alorrera ere. —Barkatuko al didate soziologoek! Horrelako azterketaren egokitasuna eta premia behintzat nabarmenago geldituko dela uste dut. Horretarako eskema modukoa izan daiteke agian oraingo hau. Horretarako eskema modukoa izan daiteke agian oraingo hau. Neure aldetik irakurle baten ikutuak eta gogoetak emango ditut bereziki.

Eta aurrera jo aurretik, eta adiskideen asmoa ulertu nahirik, honelatsu daitekeela uste dut, tituluan adierazten den galdera: Zenbateraino kezkatzen du euskal prentsa erlijioaren fenomenoak? Zein aldetatik datorkio agertzen duen interesa? Noraino sakontzen da erlijiozkoaren albistea eta gaia?

Parece que el tema religioso interesa más por sus relaciones con la ética o la política que por sí mismo.

Jakina, euskal prentsa ez dago batean, osoan eta orokorki hartzerik: egunkari eta aldizkari bakoitzak bere erara erabiltzen du; eta bakoitzari begiratu beharra dago.

Euskal prentsa sailkatuz

Zein da euskal prentsa? Ez nator betiko eztabaida astintzera: "Zein da euskal literatura, zein da euskal kultura, zein da euskal prentsa?". Artikulu honetarako aski dut mugapen hauxe: Euskal prentsa Euskal Herrian eta bereziki Euskal Herrirako egiten dena da. Euskaraz egiten den ala ez eta zenbat egiten, honetarako zera honegatik bakarrik izan daiteke jakingarria: Aldizkaria norako den jakiteko. Baina hau ere gehiago mugatzen dute irakurlegoak eta prentsan erabiltzen diren gaiek.

 Egunkariak. Euskal prentsa aipatzen aurrenik egunkariak kontutan hartu beharra dago. Zalantzarik gabe, euskal gizartearen dinamika jasotzean eta eritzia eratzean, egunkariok dira garrantzizkoenak. Une honetan hauek dira euskal egunkariak: Correo español-Pueblo vasco (Bilbokoa) Bilbao Editorialak argitaratzen du eta gehienbat Ibarra familiaren eskuetan dago; Deia (Bilbokoa), Iparraguirre S.A. da jabea eta PNV-EAJren politika eta ideologiaren bidetik dabil; Diario de Navarra (Iruinekoa), akzioak oso sakabanatuak izanik ere Urangatarrek dute indarrik handiena; Egin, 23.000 kontupartaideen dirulaguntzaren eta "fundatzaileen" abal pertsonalen gain eraikia, Hernanin argitaratzen da; Diario Vasco (Donostiakoa), Bilbao Editorialak du akzioen gehiengoa: Gaceta del Norte, Gonzalez Barandiaran, Urquijo eta beste dira horren jabeak; Hierro, lehen Secretaria General del Movimiento-ren eta orain Gobernuaren eskuetan dago; Norte Express, (Gasteizkoa), Orioldarren eta Fournietarren eskuetan, besteren artean; Sud-Ouest, Bordaleko egunkariak, argitalpen berezia egiten du Ipar Euskal Herrirako.

Nuestros diarios no tienen una sección fija de religión. El tema religioso aparece en otras secciones: internacional, estatal, E.H., cultura o sociedad.

Bederatzi egunkari dira, beraz. Bakoitzaren jabea zein den jakitea interesgarria da, ideologia orokorra eta bereziki erlijioaren erabilera ezagutzeko eta ulertzeko. Esan beharrik ez dago, egunkari guztiok albiste orokorrak ematekoak direla.

 Aldizkariak. hauen artekoak dira astekariak, hamabostekariak nahiz hilabetekariak. Epe luzeagoka argitaratzen direnak ez ditugu kontutan hartzen, alorren baten inguruan berezituak izaten direlako; egia esan, hauek ere aztertzeak mereziko luke, baina ez dago prentsa bezala hartzerik, besterik gabe.

Aldizkarien arten, guri orain dagokigunez, berezketa nagusi bat egin beharra dago: Erlijiozko aldizkariak eta denetariko albisteak ematen dituztenak. Erlijiozko euskal aldizkariak —denak, uste dudanez— katolikoak dira. Nik dakidanez, ez dago erlijioaren fenomenoa, bere zabaltasunean aztertzen eta horretaz berri ematen duen euskal aldizkaririk (agian interesgarria litzateke): ez dago, beste Erlijio edo Konfesioaren aldizkaririk ere, nik dakidanez. Erlijiozko aldizkariak ez ditut izendatuko.

Denetariko albisteak ematen dituzten aldizkari euskaldunen artean hauek aipatu behar dira: Anaitasuna, Argia, Ere, Goiz Argi, Herria, Punto y Hora; Zer (?). Legez zer diren alde batetara utzirik, guzti horiek informazio orokorrekotzat jo daitezke. Eta horrexegatik da interesgarria horien erlijioari buruzko jokabidea. Alde batetara utzi behar dira noski, erakundeen, taldeen edo herrietako eta auzoetako boletinak.

Erlijioaren ikuspuntuak

Hiru mailatan ikus eta erabil dezake erlijioa eta erlijiozkoa prentsak:

a) Kulturazko fenomenoaren mailan: Munduan eta inguruan erlijiozkoa benetako fenomeno soziala dela ikusiz, berorren haniztasunean onartu egiten da, eta dagokion lekua ematen zaio prentsan ere.

b) Aukera ideologikoaren mailan: Gizartea eraikitzeko eta sendotzeko erlijio edo konfesio konkretu bat aukeratzen da, prentsa-organoa bera konfesionala bihurtuz

c) Fedezko testigutzaren mailan: Fede-alkartearen oinarritzat eta muintzat hartzen da erlijio-konfesio konkreturen bat, eta hori argitzeko eta zabaltzeko erabiltzen da prentsa-organoa.

Maila hauen arabera sailka daitezke euskal prentsaren organoak ere.

Ikuskera militantea (hirugarren mailakoa) duen prentsa ugaria da Euskal Herrian. Horien artean sartu behar dira erlijio-institutu eta erakundeen boletinak, kultu-edo liturgi orriak eta aldizkariak, teologi aldizkariak, misio-aldizkariak edota propaganda erlijiozkorako aldizkariak. Joera honetako euskal prentsa katolikoa da ia dena —agian den-dena—. Eta artikulu honetan gutxien prentsa delako, eta, beraz, erlijioa dutelako bere gaia, nahiz eta bide batez erlijiozkoak ez diren gaiak erabili.

Ikuskera konfesionala (bigarren mailakoa) du informazio orokorreko euskal prentsa gehienak. Hauetako gehienek ere konfesio katolikoaren aukera egina dute, nahiz eta inoiz beste konfesio eta erlijioen albisteei lekurik eman. Katolizismoaren defentsa egiten da, eta horren kritika funtsezkorik ez da onartzen.

Ikuskera kulturala (lehen mailakoa) aukeratu duten egunkari eta aldizkari batzu ere ba dira, ordea, euskal prentsaren barruan. Joera honetakoak direla esan daiteke: Egin eta Sud Ouest egunkariak, eta Punto y Hora eta Ere aldizkariak, besteren artean; hauen artekotzat joko genituzke Argia eta Anaitasuna ere, nahiz eta neurri on batez erlijio-institutuei loturik egon. Berauen aukera aparte, katolizismoari buruzko informazioak eramaten du erlijioari ematen zaion lekurik handiena, gure gizartean horixe delako garrantzizkoena eta nagusi. Baina, berriemate eta guzti, erlijioaren kritika askozaz nabarmenagoa da prentsa honetan.

Erlijioaren txokoa

Ikuskera konfesionala (ez militantea) eta ikuskera kulturala duen prentsari begiratzea dagokigu. Zein neurritan eta zein eratan erabiltzen dute egunkari-aldizkari hauek erlijiozkoa? Aldizkariak (astekariak, hamabostekariak, hilabetekariak) eta egunkariak bereiz azter daitezke, haien eta hauen albistearekiko dinamika nahiko ezberdina delako; agian erlijiozkoaren albisteak ba du bere dinamika berezia gaurko gure gizartean, agian aldizkariari hurbilagotzen zaiona.

a) Euskal Aldizkariak. Hauek ez dute sail berezi eta finkorik erlijiozkoaren berri (iruzkin nahiz kritika) emateko. Hala ere, denek eskaintzen diote sarritan edo aldizka orrialderen bat. Baina hauetan ere, erlijiozkoa bere horretan erabili beharrean, gehiagotan erabiltzen da etikazkoarekin edo politikazkoarekin zerikusirik duen neurrian. Orduan ba dirudi, benetan erlijiozkoa berea baino interesgarriagoa dela horrek politikan nahiz moralean duen eragina.

Joera apologetikoa nahiz kritikoa, biak aurki daitezke euskal aldizkarion erlijio-orrialdetan: konfesionalek gehienetan erlijioaren edo erlijio-instituzioen defentsa daramate; ez-konfesionalek, berriz, erlijioaren beraren kritika sakonik ez dute planteatzen gehienetan, baina joeraz erlijio, instituzioen kritika nabarmentzen dute, eta aldi berean, instituziotik kanpoko erlijiozko gertakariei garrantzi berezia ematen diete.

Euskal aldizkarietan, azkenik, erlijiozkoarekiko ironiak bere lekua izan ohi du sarritan.

b) Euskal Egunkariak. Soziologian neure "inkurtsiotxoa" egin nahian, zortzi egunetako euskal egunkariak aztertu nahi izan ditut (martxoaren 5etik 12ra bitartekoak), erlijiozko albistea eta gaia nola zerabilten ikusteko. Zoritxarrez, bederatzi egunkarietatik, sei bakarrik eskuratu ahal izan ditut zortzi egun horietan. (Ezin izan, beraz, ondorio soziologiko erabateko eta azkenburukorik ateratzeko uste handirik!). Egun horietan beroitan El País egunkariak erlijiozkoari eman dion lekua ikusi dut. Eta guztiak elkarrekin konparatuz, neure inpresiotxo eta gogoeta txiki batzu atera ahal izan ditu.

Zortzi egun horietan egunkaritan emateko erlijiozko gertakeri ugaririk ez zen izan, ez Euskal Herrian eta ez gure egunkariok hartzen duten munduan. Martxoaren 4ean: Auster eguna (Garizumaren hasera), batetik, eta Casaroliren Erromara itzultzea, Aitasantuaren bidali bezala Txinan ibili ondoren; martxoaren 8an, Garizumako lehen igandea (benetan ez aparteko albistea) eta mutilen "Javierada" gertatu ziren. Beste gertakari handirik ez dago zortzi egun horietan; baina erlijiozko gertakarien azpitik dibortzio-legearen arazoa eta horri buruz Eliza katolikoak duen jarrera dago nahiko pil-pil.

Gure egunkariek ez dute erlijio-sailik; El País-ek ere ez; hala ere, bi egunkarik behintzat, astean behin Elizari buruzko saila dute. Diario Vasco-ren kasua berezia da aste honetan: izan ere, "Gaiak" sailean, hiru egunez, orrialde oso bana eman ditu, Filipinetan gertatu berria zen bi euskaldunen beatifikazioari eta horren inguruko ibilaldiei buruz. Egin-ek ere bere larunbatetako Jaieginen orrialde bat du, erlijiozko gaiari buruz; baina, hain zuzen, martxoaren zazpian ez zuen orrialde hori sartu. Erlijiozko albistea, beraz, beste sailetan sartzen da: nazioartekoan, estatalean, Euskal Herrikoan, kulturazkoan, gizarte sailean, etab. Zortzi egun horietan, behin eta egunkari batean bakarrik, merezi izan du erlijiozko gaiak lehen orrialdeko titulua.

El tratamiento de la noticia religiosa es superficial y sin ninguna programación. Y, desde luego, en la prensa vasca diaria, casi totalmente confesional, si bien con variantes, según las "ideologías".

Euskal egunkari batzu ia egunero dute erlijiozko albisteren edo artikuluren bat sartzeko joera. Alde honetatik, erlijiozko titulu gehien Deia-k ematen du; gutxien berriz, Sud-Ouest-ek; Egin-ek ere oso urri sartzen du erlijiozkoa egunkariaren barruan.

Egunkariari buruz eritziren bat ematean, nahiko argigarria izan ohi da irakurleen erreakzioak ezagutzea; erlijiozkoaren erabilerari dagokionez, irakurleen bi gutun bakarrik agertzen dira aste honetan: biak nolabait apologetikoak.

Euskal egunkarientzat erlijiozko albistea eta gaia katolizismoarekin eta Eliza katolikoarekin berdintzen dira. Aste honetako titulu guztiak Eliza katolikoari dagozkio. Bakar-bakarrik Egin-ek du Yogari buruzko artikulu bat eta erlijio-kritikaz beste bat.

Laburtzeko, erlijiozkoak, kantitatez leku zabal xamarra du euskal egunkarietan bataz beste; El País-ek baino zerbait gehiagoxeago. Baina erlijiozkoaren erabilera azalekoa eta egoki programatu gabea da. Bestalde, euskal egunkarientzat —ia denentzat— maila konfesionalean —katolizismoaren mailan— mugitzen da ia erabat erlijiozko albistea eta gaia. Hala ere, honen barruan ezberdintasunak ikus daitezke, egunkari bakoitzaren "ideologiaren" arabera.


Gaiak

Euskara plazara

"Euskara jalgi hadi plaza!" Horixe zen gure lehen idazle Etxeparek XVI, mendearen erditsuan ozenki haizeratzen zuen garraisia. Ordudanixek gaur arte euria gogotik ari izan du Euskal Herrian eta baita ere eguzkiaren errainuak sentitu ditu gure lurrak.

Halarik ere, errealitate bihurtu dea oihu hori, euskara plazan ote dugu? Argi dago ezetz, etsipenez eta saminaren saminez esan behar ezetz.

Frankismopean euskara ilunpera kondenaturik zegoen, oraindik orain higuinez gogoratzen ditugula gure Herria kultur genozidiorantz eramateko egin zituzten saiakerak, eskolan euskaraz mintzatzea galerazita zegoela eta gaztiguak eta "eraztun" famatuak ezartzen zizkietela haurrei. Frankismopean bertan, 1960.aren inguruan, lehenengo ikastolen jaiotzearekin eta idazleen belaunaldi berri batekin, ba dirudi euskararen berpizte bat argitaratu zen: "harri eta Herri. Haize berriak datozkio euskal literaturari.

Diktadorea hiltzean, Euskal Herri osoa kaleratuko da bere eskubideen alde, indarrez lapurtuak, borrokatzera. Eta borroka global beronen parte bat euskararen aldekoa da, bere leku berezia irabazi duelarik azken urteotan.

Behin eta berriz kaleratu behar izan dugu: ikastolen alde, euskara eskoletan eta komunikabideetan sartzearen alde, euskal unibertsitate eta prentsaren alde... (baita ere Euskaltzaindiaren alde "bai euskarari" kanpaina izan zela-ta). Milaka deihadar entzun da, askotan agian oihartzunik gabekoak baina.

Oraindik orain gure Euskal Herrian, nahiz eta 600.000 bat elebidun izan, erdarak dira nagusi kalean, eskolan, unibertsitatean eta mass media guztietan. Gobernu Baskongadokoek, agindu anitz eman digute eta betire euskara goraipatzen dute hitz paternalez baina deusik ez eginez. Itzultzailean eskola eratu da; lehenengo pelikulak euskaratu dira (Biki bikingoa, Vacaciones en el mar, Comando G eta holakoxeak, hain zuzen ere eta irrati eta telebistarako jendea prestatzen da. Hor ari dira adoretsuki euskarak pairatzen duen egoeraren kontra Euskal Herrian Euskaraz-koak, egoera berori salatuz, bideetako errotuluak euskaratuz... (Oraintsu Donostiako "Radio Nacional"-etik komunikatu bat irakurri zuten euskararen bazterketa irratian kondenatuz).

Eta gauzok ez dira aldatzen, entzungor asko ei dago. Hobetu ezik, beharbada gaitzagotu, kasu askotan behintzat. Hor dugu euskal prentsaren kasua. "ARGIA" larri dabil; "ANAITASUNA" hilabetekari bihurtu da arazo ekonomikoengatik, "O EUZKADI", "JAKIN", "ZEHATZ" eta besteak ez omen dabiltza oso txairo, (Horretarako dirurik ez dago, aldiz, "Ajuria-Enea"-ko inguruak edertzeko 40 milioitako presupostu bat onartu da...) "DEIA"n eta "EGIN"en, leku exkasa du euskarak. Alderdi eta erakunde abertzaleen idazkietan eta daramaten praxian herren dager euskara.

Eta euskaldun berriak sortzen dira, bai, baina egoera honetan euskara harreman guztietarako adierazpide izatera ailegatuko ote dira? Non ezkutatzen ote dira 600.000 (seiehun mila) euskaldun horiek? Noiz jalgiko dira kalera?

Bai, ororen gainetik edonon eta edozertarako euskaraz baliatu behar gara baldin eta biziko bada. Geure nortasun eta idiosinkrasia bereziaz konturatu beharra dugu eta geure ERRESPONTSABILITATEAZ kargu egin. Euskarak bere lekua okupatzen ez badu, hein handi batez, gure erruagatik beragatik da. Euskadi exijitu behar dugu. Euskaraz hitz egitea exijitu behar dugu. Otsoen artetik baldin bagabiltza ere, ez gaitezen gu ere otso izan. Euskara komunikabideetara eta batez ere kalera! (Tristea bai tristea, bestela, geroko batez hauxe kantatu beharra:

"Euskadiko Herria

madarika dadila

euskarari eman dio

benetako kolea")

Karlos Santisteban


Gaiak

Pertsona, mozorro ala nortasuna?

Norbaiti astakeria bat irudituko zaio Billy Wilderren. "Fedora" eta David Lynch-en "El hombre elefante" filmeak artikulo berean sartzea.

Ez da izan ikusketaren hurbiltasunak hortara mogitu nauena, bi filme hauek oinarritzat duten gaiak baizik: Itxura eta espektakuluaren zentzua.

Giro ezberdinetan gertatu arren, bietan azaltzen zaigu espektakuluak berarekin dakarren banaketa: Pertsonaia alde batetik eta ikuslegoa bestetik eta batak, bere errealitatearen edo fikzioaren esklabutzat, bestearekin dituen loturazko erlazioak. Bi filme hauen pertsonaiek, bere errealitatea argitzen duten elementuak ("Fedora"-ren eskuak edo Merricken burua) ezkutatu beharko dituzte, ikuslegoak egia jakin ez dezan.

Biak bigarren oportunitate batekin topatzen dira. Fedorak bere alabarengan aurkituko du bere eta gizon-elefanteak sendagileak eskeintzen dion bizimoduan. Atzean geldituko dira bai Hollywood eta baita Merricken etxola ere.

Bietan azaltzen zaigu espektakulua posible eginen duen pertsonaiaren bila doan pertsona berezi bat: Sendagilea kaso batetan, produktorea bestean.

Azkenik espektakuluarekiko dependentziak eramango ditu bi pertsonaia hauk beren nahigabe guztiak bukatuko dituen heriotz triste eta askatzaile batetara.

Beste denboretako oroimenez Fedora

Ez da inongo sekretu bat Billy Wilderren azken filmeak ez dutela oso harrera onik eduki ikuslegoaren artean. Ene ustez, ordea, "La vida privada de Sherlock Holmes" eta "¿Qué ocurrió entre mi padre y tu madre?" Vienan 1906. urtean jaio zen zinegilea honen filme onenetakoan artean aurkitzen dira.

Agian Wilder konturatzen hasi da, bere adina kontutan hartuz, filme gutxi egiteko ahalmena gelditzen zaiola, harrera merkatalez gehiegi ez kezkatzeko eta berari interesatzen zaiona esateko eta mamira iristeko duen asmoa garbi azaltzen delarik azken filmetan. Pentsa dezagun ere Ford, Chaplin, R. Walsh, Hithcock, Renoir edo Cukorren azken filmeak ez direla izan arrakasta hobea eduki dutenetakoak

Tom Tryronen nobela batetan oinarrituz (gogora dezagun orain idazle honek nortasun bikoitzaren gai honetaz ere "El otro" nobela interesgarria idatzi zuela), Wilderri, "El crepúsculo de los dioses" filmean garbi utzi zuen bezala, berak hain ederki ezagutzen duen Hollywood-eko mundua azaltzea eta honek pertsonengan uzten duen zigilua sakontzea interesatzen zaio kasu honetan.

"Fedora"-n Ipar-amerikako zinemaren komedia onenetakoen Wildera ikustea itxaron duenak itxuretako munduaren ikusketa gogor honetatik defraudatua aterako da.

Marylin Monroe edo James Dean bezalako pertsonak mitoen mundura igaro badira, azkarregi iritsi zitzaien heriotzari esker izan da. Hor ditugu bestela Elvis Presley edo John Lennoren kaso berriak. Esan daiteke historian denbora bat markatu dutela.

Fedorari, ordea, platoetara itzulera posibleak suposatzen duen gutizia gainditzea zaila izanen zaio eta bere alaba izanen da, bere amaren garaipenerako, nolabait, bere nortasuna pixkanaka galduko duena.

Horrek behartuko du Marthe Keller alde batetik espazio fisiko baten gatibu izatera eta bestetik ikusleen gogoan betirako bizirik zegoen pertsonaia baten jarraipena izatera. Ez da harritzekoa eta ez dugu ahaztu behar Erroman "pertsona" zela antzerkietan aktoreek erabiltzen zuten mozorroa.

Bukaeran, alabaren heriotz fisikoa, berari asignatu zitzaion papera, mozorro edo pertsonaiatik askatzeko era bakartzat azalduko da.

Marthe Keller-en heriotzaren ondotik flashback batzuen bidez egia ezagutzen ari garela uste dugu, nahiz eta hau filmaren erdian azaldu, suspensea nolabait hautsiz, baina filmeari beste dimensio bat emanez. Hemendik aurrera Billy Wilderrek bakoitzak horrela ekiteko zeuzkan arrazoinetan sartzen gaitu.

Era horretan, "Fedora"k "El crepúsculo de los dioses" filmearekin duen berdintasuna nabaria da, gehiago oraindik pentsatzen badugu historiaren hari eramalea bietan William Holden dela.

 Aipamen berezi bat merezi du, zoritxarrez ikuslegoak eta zenbait kritikok hain gutxi preziatzen duten zinemaren musikaren arloan nabarmentzen den Miklos Roszaren musikak.

Freaks: El hombre elefante

Avoriaz-ko Zinemaldian lehenengo saria irabazi ondoren, Oskarrek dakarten eztabaidaren tartean iritsi zaigu David Lynch-en filme hau. Egia esan, Oskarrik ez lortzean, (azken urteetako sari banaketa ikusi ondoren, zorionez esan dezakegu) filme hau argiago eta osokiago azaltzen zaigu, horrek daraman sakontze ahalmenarekin. Bestela, Redford-en filmeari gertatu zaion bezala, Oskar horiek merezi dituen edo ez eztabaidatzean, filmaren gaia eta erabilketa askotan ikuttu edo aipatu gabe gelditzeko arriskua askoz nabariago izaten da.

John Merrick, gizon elefantea, ferietan erakusten duten erakarpen bat da. Bere itxuragabekeria izugarria izan arren, bere nortasunaren kalitateak nabarmentzen dira biktoriar garaiko zurikeriaren artean.

David Lynch-ek aukera gehiago zuen horrelako gai baten aurrean: ohizko melodrama alde batetik, edo Interviu antzeko harrigartasun unkigarria bestetik. Berak, ordea, zinezko bidea hartu du, nahiz historia manikeo bat kondatzeko arriskuan erori batzuetan. Nolabait bere balioaren oinarria duen akatsean dagoela esan dezakegu.

Egia da onegitzat azaltzen zaizkigula zenbait pertsonaia, John Merrick batipat, eta gaiztoegitzat herria errepresentatzen dutenak. Baina askoz inportanteagoa da filme honetan John Merricken sentikortasuna, bere maitasuna eta laztanaren beharra eta bere giza kondizioaren aitorpena.

Kualitate hauek ederki erakutsiko digute gizartearen moralaren azalkeria. Zeintzuk dira horrelako pertsonen gizartearekiko moldeararen ahalmenak, gizartea zatiketa hori sortu duena izanik eta zer den ona edo txarra, ederra edo itsusia berak erabaki baldin badu?

Bestalde, John Merricken kasoak askotan biktimaren papera jokatzea besteen kontzientzia lasaitzeko edo zuritzeko segada bat izan daitekela adieraziko digu.

Sendagileak batzuetan bere buruari bere paperaz galdetzen dionean, jasotzen duen erantzuna ez da batere konfortagarria: Berak antzeztokiaz aldatu du pertsonaia, baina errepresentaketa jarraitzen da.

Xabier Portugal


Gaiak

Bizi dezagun jaurlarizkera

"Bizi dezagun euskara" delako saila argitaratzen duzue eta, gogoak eman dit niri, eusko Jaurlaritzak, Aldundiek, legebiltzarreak ateratzen dituzten "agiriak" irakurtzean bapo gelditzen naizenez, halako fikziozko agiri hipotetiko bat ateratzea. Egia esan, delako agiria ESKOLA PUBLIKOA-ren aldizkariak argitaratu du erdaraz eta nik egin dudan gauza bakarra jaurlarizkeraz ipini eta moldatzea izan da. Ea nork egiten duen hobe jaurlarizkera, nik edo Bizkaiko Jaurerriaren Foru Aldundiak. Zuek ikusi.

IKASTOLAK JENDARTEKORRAK (1) bilakatzeko egitamu (2) orokorra

Eusko Paularitzak aurkeztuta, Euskadiko Putzaren laguntza axolagabearekin

"Ikastetxe (3) jendartekorrak Ingalaterran (4) sortu ziren Erdi Haroan. —Zertxobait atzeratuta gaude—. Gaur egun abiatzen dira ETON-ek eta Harrow-ek zabaldutako bideetatik eta zalantzarik gabe aipatutakoa zihurki (5) lortuko dugu FERE-k emandako irakaskuntz-azkatasunaren hastapenen laguntza onarekin".

"Morroiketa (6) jendartekotzat hartuta izan ziren lenengo epe batetan eta delako ikastetxe hauen helburuak ez ziren inola ere oneginak (7) ateratzea eta horrela biztanleetako (8) ehuneko bost izatera heldu gara (langabetuen semeak (9) bertan ikasten dute eta). Delako ikastetxe hauek guztiz irabazpidetsuak (10) bilakatu dira eta honetarako Alemaniako Laterriari (11) Eusko Jaurlaritzaren ordezkari batzuk txango (12) egin zioten behar ziren irakaskuntzak (13) atereaz".

"Irakaskuntzaren nolakotasuna hobetuz joan da, onegin handiak ateratzen badira behintzat. Irabazpidetsua den bide honeri jarraikiz, Euskadiko Putzak Arrasate-Mondragongo emaitzen aurrekintz-erdigune (14) ikasgarri horretatik irakaspidezko-irakuskor araudiak (15) emango ditu ezagutzera".

"Gaur egun oski-zolan (16) dauden jendariak (17) ahituz ezkero, utsik geratutako languneak (18) beteko dira jendartekor sari (19) baten bidez. Bertan, irakasle berrien onak eta txarrak aztertuko ditu epai-mahaiak (20) eta demokratikoki. Emai-Pahaiak honela osaturik geldituko da:

- 3 atal (21) Euzko Jaurlaritzatik

- 3 atal elkarkuntzatik (E.A.J.) (21)

- 3 atal Udaleetatik (E.A.J.ren zinegotziak)

- 3 irakasle (oraindik osatugabekoa, E.A.J.-j ez du irakaslerik eta)

Delako emai-Pahai honen aurrean norberaren burua aurrez aurre ezartzea, ezinbesteko da, ondoan aipatze diren irakasle-bideetatik (23) bat gutxienez eukitzea: Derioko irakaskuntzalegokoa. (24) Eskoriatzako edo eta Donostiako apaizgaitegikoa (25).

Aipatu jendartekor sariak hiru zati eukiko ditu:

a) Erlijio-azterketa bat (eginkizunak eskatuko dira)

b) Arana'tar Goiri ta Sabin-en bizitza eta ezagupideen azterketa.

z) Ezkontzaren egiztabidea (26) eta ez balego, birgintasunaren zihurtagiria (27)

d) Eusko Jaurlaritza honek ez du onartuko inolako bazterketa burubidetzurik (28).

Lorraila, Done Jondonearen egunean,

"DANO ONERAKO"

Eusko Paularitza

Bizkaiko Jaurerriaren Puru Aldundia

Arabako Puru Aldundi Agurgarria

Eusko Penabiltzarrea

Euzko Alderdi Saltzalearen aldunak

1) Publikoa

2) "Plan"

3) Eskola

4) Inglaterra

5) Seguraski, segurki

6) Zerbitzu

7) Mozkinak

8) Bizilagunak

9) Seme-alabak, haurrak

10) Errentagarriak

11) Estatua

12) Bisita

13) Irakaspenak

14) "Centro Proceso de datos"

15) Arau pedagogiko-didaktikoak

16) "Plantilla...

personas actualmente en plantilla".

Lanean dihardutenak.

17) Pertsonak

18) Lanpostuak

19) Lehiaketa publikoa

20) Epaimahaikoak

21) Partaide

22) Federakundea

23) Titulua

24) Magistergoa, irakaslegoa

25) Seminarioa

26) Froga

27) Zertifikatua

28) Ideologikoa


Bermeo ala Bermio

Bermeotarra naizela eta, sarritan egin didate galdera hau: zelan esaten da, Bermeo ala Bermio?, eta nire erantzuna beti izanda berdina: esan Bermio esaten da eta uste dut hola jarraitu behar dela esaten, baina idatzi Bermeo egin behar da, eta kasu guztietan. Dena dela, jende gutxi konbentzitu dudala uste dut.

Orain dela bi urte, Euskaltzaindiak, Euskal Herriko Udalen Izendegia atera zuen, eta han argi dakar Bermeo forma hartu behar dela, baina ba dakigu zer gertatzen den gure Euskal Herri Euskaltzaindiaren kontra) eta beste batzuk ez dutelako gauza argi izugarria da; hori dela eta, herriko arraunlariek, kamisetetan Bermio daroate, hainbat kamioik eta enpresa pribatuk ere berdin, eta ez diot ezer komunikazio pertsonaletan.

Nik lehen zatian esan dudana nahi izango nuke argitu, hau da, zergatik ez den Bermio idatzi behar, baina aurretiaz esan behar dut, ez naizela linguista eta izateko asmorik ere ez dudala, eta behar bada inoren arloan sartzen ari naizela eta norbait aserretu litekeela, agian, intromisio honegatik. horrela balitz, aurretiaz eskatzen diot barkatzeko, nire irazkin hau nire herrikoei zuzendua bait dago batez ere.

Hemen emango ditudan arrazoiak, Bermeoko aldakuntza fonetikoetan oinarrituko dira batez ere, baina honek ez du nahi esan aldakuntza horiek hor soilik ematen direnik, inondik inora ere. Baina kasu honetan hori da interesatzen zaigun bakarra.

Bermeoko hizkerau:

1.- Bokal baten aurretik doan E, ahozkatzerakoan I bihurtzen da.

Honela:

EA = IA

semea = semie

nirea = nirie

EE = IE

luzeena = luziena

besteena = bestiena

EI = EI

Ez da aldatzen, diptongoaren bidez bokal bakar bat osotzen dutelako.

Dei, sei, hogei, eta abar.

EU = EU

Hauek ere diptongoa osotzen dute.

Neu, zeu, geu, baleu eta abar.

Eta guri interesatzen zaigun kasuan, EO elkartzean zer ematen dute?, Logikoena IO ematea da, baina EZ DAGO ADIBIDE ARGIRIK, eta hortik dator prezeski nahastea. Nik behintzat, jatorriz euskalduna den hitz bat ere ez dut aurkitzen EO amaierarekin, eta erdarazkoak ere gutxi, normalean erabiltzen direnak; hobeto esateko bat bakarra, eta berak ez digu askorik azaltzen, zeren, ARREO hitza, ARRIGU ahozkatzen da.

2.- Bokal baten aurretik doan I, ahozkatzerakoan IJ bihurtzen da.

Honela:

IA = IJE

mendia = mendije

egia = egije

IE = ?

Ez dakit adibiderik dagoen, nik behintzat ez dut aurkitu.

IU = IJU

bihurtu = bijurtu

eta guretzat interesgarriena dena:

IO = IJO

balio = balijo

Beraz, EO zergatik bihurtzen den IO, edo horren adibiderik ez badugu ere, alderantzizko arrazoiak argiak dira: Bermeon ahozkatzen den IO, ezin dela sekula IO idatzi. Hau azaltzeko adibideak ugariak dira, eta herri-izenetan gainera: Elorrio, Erandio, Amurrio, eta abar, ELORRIJO, ERANDIJO eta AMURRIJO esaten direlako, beraz, BERMEO Bermio izango balitz, BERMIJO ahozkatuko litzateke, eta ez da egiten.

Orain, noski, egongo dira nire herrian (eta ba daude ikusten denetik), ahozkatzen den moduan idaztea nahiago dutenak, eta trafiko-seinaletan, arraunlarien kamisetetan, dendetan, eta abarretan BERMIO ipintzearen aldekoak. Ba, hauei zera eskatu behar zaie: arau hori aurrera eroateko gogoa badute eta trafiko seinaleari E dakarren tokian I ipintzen badaiote, BAKIO dakarren ari BAKIJO ipintzeko, eta oraindino aurrerago eginez idazterakoan, gauzak esaten duten moduan idazteko eta ea zerk irteten duen: SEGURU E LEKIDAUIELA EURE PE ENTENIKO.

J.R. Bilbao


Postak

Orain dela hilabete bi, ANAITASUNAREN 408. alean Luis Azurmendi, Dimako tallistarekin izandako elkarrizketa argitaratu zen, baina inprenta-huts bategatik, artikulua hitzaurre barik agertu zen, artista herrikoi honen inizialak baizik agertzen ez zirela.

Hona hemen, ba, bere izen osoa: Luis Azurmendi Zuazo.

***

Azken Anaitasuna-n Ameztoy jaunak euskara idatziari buruzko zenbait iritzi azaltzen dizkigu, guk, donostiarrok, euskaraz nola idatzi behar dugun esanaz, etabar.

Dagoenekoz, nik uste nuen garbi zegoela zer den euskara batua, zer euskalkiak, zer euskara idatzia edo literarioa, eta zer eskualde eta herri bakoitzean, mintzatzerakoan, duten ahozkatze berezia. Ez da horrela, dirudienez.

Trifol jaunak, hitz gutxitan, argi uzten du guzti hori, eta ez noa luzatzera.

Bakarrik, orain 18 urte, Andaluzian soldaduska egiten ari nintzela gertatutako pasadizu bat:

Egun haietan, kabo 1º, sarjento eta holakoek, zertarako ez dakit bainan azterketak egin behar zituzten, eta oso urduri zebiltzan. Etorri zen azterketa eguna, eta han joan zen gure taldeko kaboa ere zeharo hestututa. Gizon hau andaluziarra zen, Cadiz-eko herri txiki batekoa. Beste gauza askoren artean, honako galdera hau egin zieten: Zein da Jaungoikoaren Seme gizon egina? Gure kabuak, gaztelania akademikoa eta artifiziala alde batera utziaz, bere herrixkan denak erabiltzen zuten gaztelania jator jatorrean, honela idatzi zuen paperean: EFUGRITO.

Agur bero bat denori.

M. Iriondo (Donostia)

***

JUAN AMEZTOIri ERANTZUNEZ

Euskera batuaren aurka eta prestamoen aurka daukazun jarrera hori nahiko zabalduta dago gure Euskal Herri honetan eta zure eskutitz horren bitartez ez dauskuzu gauza berri askorik esaten. Egia esan, nik ez dot uste beste hizkuntzetatik euskerak dituen prestamoak guztiz nazkagarriak izan behar dabezenik, baina zure eskutitz hori irakurtzean, azkena batez ere (fetxari dagokiona), horrelako amorrua nabartzen dot latinaren aurka.

Horren garbizale bazina latin gehiago jakin behar zeunke eta ez, eskutitzan egiten dozun bezalaxe, azalean bakarrik gelditu "martxoa" "epailla" esan behar dogula esanez.

Nire latin irakasle xarmangarriak esan dausten legez zure karta horretan badira latinetik datorkiguzan hainbat berba, horreez zer egingo zeunke? Zergatik ez dituzu kendu hurrengo honeek adibidez: "kontu" dinozu zuk "computo"tik datorrela jakin barik, edo "Artista" "Ars artis"etik hartua, "Joko", "locus"etik, "Komunista" "Communis"etik ekarria, "Serbiziyo" latineko "Servitium"etik, "Muki" "Mucus"etik ekarri, eta "Abizen" AB hori latin aurrizki bat delarik edo "Ondo"ren ON hori "Bonns"etik datorrela susmatzen delarik.

Hobe zeunke latin gehixeago ikastea neuk egingo dodan bezalaxe:

Virgilio

***

Donostian, Jorrailla 23

Triffol jauna ta Torrealday jaunari ere bai.

Ia urte bat ba zan Torrealday prailiari lenago beste batzun artian azkeneko eskutitza idatzi niola (Rusian barna ibillia izango da ta orain aien baimenarekin argitaratua)... ta orra nola orain gutxiena pentsatsen nuenean, (berak ez noski jakiña, zergatik ixillik gordetzeko kontuak bai ziran) (konpesiyo ko kontuak). Triffol jaunak, beste praile batek argitaratu du nere eskutitza, bañan nik nai nuen erantzunik ez, bañan alaz da guzti nik konprendintzen det, zergatik beste eginkizun bearrezkorik eukiko du animak salbatzen.

Ez nekien Triffol jauna zu ere prailia ziñanik... ta gañera hehuuuscalduna... ¡zorionak eta aleluia...! askotan ikusi nuen zure firma "Hanahitasuna"n bañan bein bakarrik irakurri nuen zure articuloa ta ikaratuta utzi nuen ainbeste itz internacional ikusi nituanian, beti pentsatzen nuen ruso jakintzuren bat ziñala.

Arrigarria iruditu ko zaizu Triffol jauna ni ain marxista izanik nolaz ez ditudan ache geiago ipintzen nere eskutitzian bañan ez arritu zergatik baserrian jaio ta bizi aldegin nere soñatik eta jakiña burua oso gogortua daukatelako ez naiz gauza jakiteko H zardia aurretiko edo atzetiko ipurtzulo tik sartu bear dan, orain bai "Anahitasuna" aldizkaria batzuetan propina ta guztiakin idazten det, bañan ez apuratu orregatik eta ziur egon zergatik ni Carrillo ta "Ortzi" eta "Hanaitasuna"ko praile guztiak baño gorriagoa naiz ta.

Arrazoi aundia dezu Triffol jauna zure errenkaran diozunean "serioegia den etxe honetan" bai alaxe da, marxista utzak zerate eta ori gutxitxo da gaur dan egunetarako, marxismo-leninismo osora iritxi bear dezute, bestela komentuko torrea zeuren buruen gañera eroriko zaizute ta orduan akabo sopa eder beroa.

Nik Itziar Urtasun idazle eme-guri-ederra Torrealday prailiak baño askoz geiago maite det, nik Torrealday santu-marxistak (ni marxista-leninista naiz) baño txanpon geiago eman dizkiot Bilbo'ko "Katu Beltza"ko kapillan ortan ez zalantzarik eduki.

Egia esan ez daukat damurik ondo egiñakin Torrealday bezelaxe. Agur eta gora Kristo Errege ta bere endako judio dan Marx tar Karla, eta Beera jelkide aberatz zerriak. Penintente bat.


Akrostika