ANAITASUNA

1981.eko Apirila

410. alea

100 pzta.


[AZALA]

• IPARRAGIRREREN EHUN URTEAK

• AMURIZA GIZONA ETA BERTSOLARIA

• BILBOKO KONTZEJALEK DUTE HITZA

• LEGE BARRIA DEMOKRAZIA NAZIONALAK EKARRIA


ANAITASUNA

Ale honetan lankide izan gara:

Millan Aldana, I. Antiguedad, I. Alvarez, J.I. Basterretxea, J.R. Bilbao, J.R. Etxebarria, M.J. Esteban, J. Idigoras, M.A. Landa, J.M. Pastor, X. Portugal, K. Santisteban, T. Trifol, G. Urrutikoetxea, Euskal Herrian Euskaraz.

ANAITASUNA

Zabalbide 68 - entlo.

Tfnoa.: (9-4) 411 66 20 - 30.

MOLDIZTEGIA

Estudios Graficos.

Lege G.D.L. BI 1753 - 1967.

Printed in the Basque Country.


AURKIBIDEA

3.or.- Artikuluburua

4.or.- Agiriak

5.or.- Aurkibidea

6.or.- Lege barria demokrazia nazionalak ekarria, "Militarrak amatzat eta zibil militartuak aitatzat dituen lege honen mirari batzu aipatuko dizkizuegu ondoren".

9.or.- Bertsolari gazteen txapelketa Zaldibin. "Ba ziren huts batzu txapelketaren prestakuntzaz... hamasei bertsolari goizeko saioan biltzeko gehiegi dira"...

10.or.- Bilbao Gurea. Artikulu honetan "kontzejal" batzuren eritziak eta Bilboko arazo asko aipatzen dira. Ezinbestean, Bilboko alkatearen eritziak ez dira hemen agertuko, edizio hau ixterakoan Castañares-en lana iritsi gabe izan dugu.

20.or.- Hankaz Gora

22.or.- Frantziako hauteskundeetaz

24.or.- Amuriza, gizona eta bertsolaria

Elkarrizketa luze honetan bertsolaritzari buruz ere berba eginarren, helburua beste bat izan da: Ez da bertsolariengana joan, gizonarengana eta langilearengana baizik.

31.or.- Demokraziarik ez, mesedez!

32.or.- Iparragirre gurea. Hildako batekin «hizketan» ari da egilea. «Elkarrikusketa» bitxi honek Iparragirreri buruzko datu asko hankaz gora jar diezaiguke. Erraztasunez eta arintasunez konturatuko gara zer nolako gizona aztertzen ari garen. "Degenerada e ingrata tierra" dio Iparragirrek. Hil eta gero bizitzen hasi zelako edo, izango ote da?

35.or.- Iparragirre bertsolaria. Kantaria, bertsolaria ala biak batera?

37.or.- Iparragirreren lana laukitan

Abiapuntu ezberdin bitatik egina da lana. Alde batetik kuantifikazioa erabiliz datu batzu ematen dira, bestetik lan beran erabiliz nortasun bat hatzemateko bideak jani dira.

42.or.- Lurra ikaratzen denean Sismologiaz aritzen den artikulu honek gurekin bereziki ikusi handia dutela lurrikarek erakusten du.

44.or.- Mari Blanchard-en mendehurrena

45.or.- Superman, heroeak eta hondamenak

46.or.- Pertsonaia inportanteen hizkera

Askok uste du pertsonaia inportanteak kultura handiko gizakiak direla. Egia esan eta egileak erakusten duenez, matematika txikiaren arau simple batzu besterik ez dakitzate. Txarra ala ona litzateke gure politikoek berdin egingo balute euskara?

48.or.- Maskarada antzerkia

50.or.- Mugari erantzunez Mugak argitaratu bati E.H.E.K erantzuna ematen dio

51.or.- Hiztegia 80 erabiltzeko den tresna bat

52.or.- Sortuko al da gizakien detekziorako zerbitzu bat? Ironiaz irakurriz gero, gauzak erraztuko zaizkigu. Abortoaren kontrakorrei kritika ironikoa egiten baitzaio.

54.or.- Postaz etorriak

56.or.- Arau fonetiko erraz batzu ematen dira bertan. Baina fonetika korapilotsuago eta hain sinple ez denez, gai honetan adituek dute hitza. (Lehena, erdikoa, eta azkena)


Artikuluburua

Adierazpen askatasunaren izenean

Azken egunotan Euskal Herriaren egoera politikoari buruz lotu loturik dauden ikuspegi ezberdinak izan ditugu. Lehenengoa, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako apezpikuen agiria. Bigarrena, Herri Batasunak Euskal Herriari eman dioena.

Zer esanik ez, lehengoaz Euskal Herriko eta Estatuko komunikabide gehienek aipatu edo eta osorik zabaldu dute. Bigarrena aldiz, EGIN egunkarian soilik atera da. Balorapen politikoetan sarturik gabe esan dezagun biek jator jokatu dutela ikuspuntu ezberdinak adieraziz. Horrarte artikuluburu honen jarrera. Hortik aurrera gure jarrera aldatzen da eta aldatu beharrean gaude adierazpen askatasunaren defentsa guri ere zuzen zuzen doakigu eta.

Agiriok irakurri ahal izan ditugu. Haietarik bakoitzaren azalpenak neurtu ditugu eta beste edonor bezala, konturatu egin gara zer ez zaion gustatu Espainol Gobernuari apezpikuen komunikatu horren artekotik.

Ezin ulertuzkoa, ezin onartuzkoa zaigu baina, adierazteko askatasunaren alde daudela dioten zenbaitzu komunikabide, inolako argitasunik eman gabe, H.Bren agiri ordaindua osorik edo zatika publikatu nahi ez izatea. Adierazpen askatasunaren kontrako bidegabekeria dela deritzogu guk horri; areago, halako agiria indarrean daudenetarik inongo Estatu lege (1) berrien menpean jartzen ez zelarik, benetako erasoketa politikoa egin da. Gure begietara arras geratu dira zizareen parekotzat "Deia" eta "El Correo" eta adierazpen askatasunaren izenean eginen dituzten editorialak guztiz funtsabakoak izanen dira. Hala izanen da akatsok zuzentzen ez diren bitartean.

Halako ekintza antidemokratikoa burutzeko lege zigorraren beldurra ez dela izan tontoenak ere jakin dezake. Arrazoiak bestelakoak izan dira.

Ezin sinetsi ere dugu, adierazteko askatasunaren defentsaz eta demokrazia hau Polizi-Estatu bihur daitekeen arriskuaz Deiatik mintzo zaigunean. Bere hitzak hutsal desonest, mamirik gabe, egitateetan erakusterik ez dutenak. Eta apezpikuen agiriaz baldin badakigu Gobernuari gustatu ez zaiona, argi ere ikusten dugu zer ez zuen eramaten Deiak H.B.renetik. Hortxe duzue, adierazteko askatasunaren izenean Deiak eta beronekin ados jarritako El Correok ezin irentsi dutenaren zati bat:

 "HERRI BATASUNA no puede entender cómo el gobierno vascongado puede declarar tranquilamente que "las nuevas medidas no afectan a los derechos individuales y colectivos de los ciudadanos vascos". ¿Significa esto que está de acuerdo con la filosofía de HERRI BATASUNA considerando que nada fundamentalmente nuevo va a cambiar sobre la represión a los derechos democráticos de los ciudadanos vascos a la que estamos tan acostumbrados?

Estamos convencidos que cuando se pretende ahogar las aspiraciones de este pueblo es más que nunca la hora de impedirlo, basándose en la unidad de ese mismo pueblo, proclamando con fuerza una de las verdades más antiguas: "EUSKADI ES LA PATRIA DE LOS VASCOS".

Y este es el verdadero problema del gobierno de este país. El verdadero problema de Estado, pese a quien pese, es la existencia del llamado "problema vasco" y que en la solución de este problema está presente esa fuerza mayoritaria de este país que es HERRI BATASUNA, quien no esta dispuesta a vender a Euskadi en ningún mercado bajo las amenazas ni la coacción, por muy violenta que sea. Otros "nacionalistas" textualmente afirmaron que "los derechos de los pueblos son, por lo que se ve entre nosotros, meras afirmaciones abstractas o frágiles utopías en el sentido más peyorativo del término. Este derecho no se recoge en la constitución, como también es insuficiente el artículo que se refiere a las lenguas de las nacionalidades". Hoy también han seguido afirmando: "...Nunca hemos puesto en duda la unidad de España...", es decir la España de la Puerta del Sol, única real, disolvente de la personalidad de los pueblos integrados en este Estado.

 Que duda cabe que entre unas y otras declaraciones, entre unos y otros actos, se ha empezado una verdadera disolución de los principios del nacionalismo vasco en ánimo de adecuarse a esa "nueva" situación "democrática" impuesta por los poderes fácticos. Están en su legítimo derecho, como nosotros estamos en el de no cambiar un ápice nuestros principios al respecto. Si el gobierno vascongado cree que la paz en Euskal Herria consiste en la venta apresurada de todo el bagaje ideológico del patriotismo vasco, recuerden en conciencia a aquellos gudaris vascos del 36 a los que no se les dio aquella oportunidad de "Paz" desde su gobierno para haber pactado con Franco y defendido los principios del movimiento, evitar tanta sangre y sufrimiento..."

..."Hoy como ayer estamos convencidos que tras amplias declaraciones de intención la reforma ha fracasado, que las instituciones aquí creadas son totalmente inoperativas, que lo único que se ha creado son unas formas sin contenido, una especie de gobiernos y parlamentos fantasmas que por muy buena voluntad que les quieran algunos atribuir están incapacitados para poder tomar decisiones y llevarlas a la práctica cuando estas molesten o exasperen los planes del gobierno de Madrid, y es que, el gobierno vascongado jamás pondrá en práctica una decisión contraria a la reforma que le dio origen. Es el hijo natural concebido entre la madre arrepentida y el padre fáctico..."


Agiriak

Euskaltzaindia

Duela zenbait urte, Euskaltzaindia, eta beronen baitako Irakaslego Batzordea bereziki, jabetzen hasia zen oraindainokoan "D" titulu izenaz ezagutu den azterketarako programaren behinbehinekotasunaz eta zehaztu beharraz. Azkenik, zenbait bilera, azterketa eta proposamenen ondorio gisa, programakuntza eraberritu eta zehatzago honen izena bera ere aldatzeari beharrezko eritzi zaio, "irakasle titulua" alde batera utzirik, gaitasun agiri izena edukinari hobeki dagokiolako.

Oraingo programak hiru atal nagusi ditu:

1. Hizkuntz ezagupenak: alderdi fonologiko, morfosintaktiko eta lexikalak hartzen dituena.

2. Hizkuntz trebetasunak: entzumena eta irakurriaren ulermena, idazmena eta mintzamena kontutan hartzen dituena.

3. Kultur Edukinak: euskal literatura, geografia eta historiazko ezagupenei dagozkienak.

Lehen atalari dagokionez, programa zaharrak eskatzen zituen hizkuntz ezagupenezko edukinak zehaztea eta osatzea izan da helburu nagusia, metodologia edo glotodidaktikazko saila kendurik, zeren lehen esanaren arabera, gaitasun agiri honetarako programak ez baitu irakasle gaitasuna eskuratzeko asmorik, baizik eta hizkuntz ezagupenezkoa soilik. Irakasle gaitasuna beste programa eta antolamendu batzuren arabera lortzeko helburutzat jotzen du Euskaltzaindiak.

Bigarren atalari bagagozkio, Euskaltzaindiak garbi utzi nahi izan du bere programa berri honetan euskara jakitea ez dela hizkuntzazko ezagupen batzuz jabetze soilera mugatzen, baizik eta trebetasun psikolinguistiko batzu lantzeari derriorrezko deritzala. Ondorioz, ahozko azterketan mintzamenari beharrezko den garrantzi guztia emango dio aurrerantzean, eta agiria lortzera datorrenak gero eta euskara bateratuagoz mintzatzeko gai dela erakutsi beharko du, idatzizko frogak gainditzeaz gainera.

Eta azkenik, kultur edukinen atalari dagokionez, orainarteko literatur ezagupenak hedatzeaz eta sakontzeaz gainera, euskal geografia eta historiazko ezagupen orokorrak eskatzeari beharrezko eritzi dio Euskaltzaindiak euskararen osagarri gisa. Beraz, kontutan har bedi, 18. orrialdeko oharrak dioenez, "sail honetako kultur edukinak, oinarrizko hizkuntz ezagupenak nahitaezkoak dituen heinean sartzen dira programan, eta ez geografiazko eta historiazko eduki bezala", hau da, hizkuntzazko osagarri diren neurrian hartzen ditu programak batipat.

Bukaeran datorren Oinarrizko Bibliografiari buruz ere, ohar bat egitea nahitaezkoa da: Euskaltzaindiak berak argitaraturiko lanak proposatzen ditu ofizialki eta lehen mailan eta gainerako liburuak orientabide gisa eta arrazoi praktikoengatik soilik sartu dira zerrendan. Beraz, ez dira derriorrezkotzat jotzen programa hau betetzeko eta bertan ageri ez direnak ere ez ditu inola ere gutxiesten eta proposaturikoen maila berdinekotzat jotzen ditu.

Euskaltzaindiaren hileko batzarrea

Euskaltzaindiak hileko batzarrea egin zuen, Otsailak 27, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, Donostian, Luis Villasante buru.

Bertan tratatu zirenen artean, Dialekoti Ikastaldiak merezi du aipatzea. Ikastaldia Deban izanen da, Apirilaren 23, 24, 25 eta 26an, Mitxelena, Veny, MacMurraugh, Rafael, Rotaetxe, Allières, Cerdà eta Etxaide irakasleen mintzaldiekin.

Bi Kongresotara euskaltzain oso eta urgazle batzu bidaltzea erabaki zuen Euskaltzaindiak. Bata Holandan ospatuko da, erromantizismoa eta hizkuntza minoritarioak gaiarekin. Bestea, berriz, Israelen, eta oroimena aztertuko du, zenbait alderditatik.

Euskaltzaindiaren Biblioteka eta Artxiboa dagoen lekuan gaizki dagoenez, beste leku batetara aldatzeko gestioak egin dira eta horien berri jaso zuten batzartuek. Orobat Euskaltzaindiaren Biltokirako beste leku bat bilatuko da.

 Frantzisko Ondarraren sarrera-hitzaldia Altsasun, Martxoak 22, eginen da. Erantzun-hitzaldia Jose Maria Satrustegik irakurriko du.

Bi Batzorde berri sortu ditu Euskaltzaindiak: bata, Literatur Batzordea, eta bestea, Kazetalaritza Batzordea. Bi batzordeokin Euskaltzaindiak berari zuzen dagozkion bi alor garrantzitsu nahi ditu zaindu. Egituratze osoa ondorengo batzarreetan eginen da.

Irakaslego Batzordeak bere bilkura izan zuen egun berean. Programa berria aurkeztu zen eta, gainera, aurtengo probak hasi zen prestatzen. Probak Maiatz erdian eta Irailaren hondar astean eginen dira.

 Juan Thalamas Labandibar urgazle jaunaren heriotzearen berri eman zuen Euskaltzainburuak.

Azkenik, bi txosten irakurri ziren. Bata, Jean Haritschelhar jaunarena, euskararen bi latiboez, eta bestea, Juan Garmendia Arruebarrena jaunarena, Lardizabalen lan ezezagunez.

Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Lehen Txapelketa

Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Herrian bertsolaritza indartzea asmo nagusitzat harturik, eta zehazki bertsozaletasuna eskolarteko neska-mutikoengan ernatzea helburu izanik, Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Lehen Txapelketa eratzen du Euskaltzaindiaren laguntasunez, eta oinarri hauen arauera:

Oinarriak

1.- Euskal Herri osoko ikastola edo ikastetxeetan dabiltzan 16 urte arteko neska-mutilkoentzat eratzen da Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Lehen Txapelketa.

2.- Bi taldetan banatuko dira bertsolari gaztetxoak: lehen taldea 13 urte bitarteko neska-mutikoek osatuko dute; bigarren taldea berriz, 14tik 16 urtetara bitartekoek. Talde hauen arauera, epai-mahaiak talde bakoitzea txapeldun bat izendatuko du.

3.- Eskolarteko Bertsolari Gaztetxoen Lehen Txapelketa datorren maiatzaren 9an, larunbata, jokatuko da, Donostiako Balda pilotalekuan, arratsaldeko 4etatik aurrera ospatuko den jaialdi nagusi batean.

4.- Txapelketara agertzen diren bertsolari gaztetxoak hiru proba hauetan neurtuko dira:

a) Buruz ikasitako bertsoak: bertsolari gaztetxo bakoitzak bere gustoko bertsolari baten lau bertso kantatuko ditu buruz. Bertsolariaren aukera atzoko edo gaur egungo bertsolarien artetik egin dezake bertsolari gaztetxo bakoitzak.

b) Txapelketara agertzen diren bertsolari gaztetxoek aurrez idatzitako bi bertso kantatu beharko dituzte. Bi bertso hauek idazteko gaia jaialdian bertan emango zaie eta hogei minututan idatzi beharko dituzte bi bertsoak, gero paperetik jendaurrean kantatzeko.

c) Azkenik, bikoteak suertez egite direlarik, puntutik puntura hiruna bertso kantatuko dituzte bertsolari gaztetxoek zortziko txikian. Ondoren lau oinak emanik, bertso bat osatuko du bertsolari bakoitzak. Amaitzeko, azken puntua idatziz emanda, bertso bat osatuko du bakoitzak zortziko nagusian.

5.- Txapelketa honetako epaimahaia Euskaltzaindiak izendaturiko hiru lagunek, Ikastoletako beste hiruk, Bertsolari Batzordeko batek eta Foru Aldundiko beste batek osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia onartu beharrekoa izango da.

6.- Txapelketara aurkeztu nahi duten bertsolari gaztetxo guztiek beren jaiotagiri eta argazki batez gainera, eskuhartzeko beren borondatea agertuko duen ikastola edo ikastetxeko zuzendariak izenpetutako idatzi bat bidali beharko dute, honoko zuzenbide honetara: Euskararako Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gipuzkoako Enparantza z/g, Donostia Tf.: (943)42 22 41.

7.- Txapelketan eskuhartu ahal izateko izen ematea apirilaren 30 aurretik egin beharko da; geroztik jasotzen diren bertsolari gaztetxoen izen guztiak txapelketatik kanpo geldituko dira.

8.- SARIAK. Gipuzkoako Foro Aldundiak 400.000 pezeta ematea onarturik du Txapelketa hau antolatzeko. Sariei dagokienez, honela banatuko dira hauek:

a) Talde bakoitzeko onenari txapela, Foru Aldundiaren zilarrezko domina eta 4.000 pezeta.

Bigarrenei brontzezko domina eta 3.000 pezeta.

Gainerantzekoei 2.000 pezeta eta oroigarria, parte hartzaile guztiei emango zaiena.

b) Talderik onena aurkezten duen ikastetxe edo arduradunari 25.000 pezeta, AUSPOA bildumako zenbait bertso liburu eta bertsolarien kasetak.

c) Sari berezia: parte hartzaile guztiekin Iparraldera ibilaldia, egunpasa eginez. Martin bertsolaria Ahetzen bisitatu eta Arrangoitzeko ikastolan bazkaria eta jaialdia.

Donostia, 1981eko Martxoan

Iparragirreri buruzko kartelak

Eusko Jaurlaritzaren Kultur Kontseilaritzak Iparragirreren urtea dela eta antolaturiko kartel lehiaketako lehen saria hutsik geratu da, Epai-mahaiak hala erabakita. Jakina denez, 100.000 pezetakoa zen lehen sari hau.

Maila berdineko bi akzesit banatu dira, bakoitza 25.000 pezetakoa, "Bardo" eta "Imanol" izenpeturiko bozetoentzat, lehena; Donostiako Alfredo Tiendarena eta Manuel Santos arabarrarena bestea.

Epai-mahaia Nestor Basterretxea, Antton Elizegi eta Rafael Lafuente artistek eta Xabier Aranburuk, honek idazkari gisara eta botorik gabe, osatzen zuten.

Lehiaketara aurkezturiko ehunda hiru bozetoak Gasteizko Kultur Etxean ireki den erakusketan egongo dira Apirilaren hasiera arte.


Euskal Herria

Lege barria, demokrazia nazionalak ekarria

"Maia" delako erle motorizatua gure herriko zeruan zebilan bitartean, Madrildik zetozen cetme-artistak kontutan izanik eta Rodolfo Martin Villak Euskara armonizatuko duelaren esperantza osoaz, heldu zitzaidan eskuetara, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, konstituzioa zaintzeko eta terrorismoa urkatzeko lege berria.

Estatu Kolpearen ondotik datorkigun lege bat da eta legalki eman ez den kolpe horrek eragin duen zerbait dugu gure eskutartean agertzen den lege hau. Lege honek sail ezberdinak ditu eta zatirik garrantzitsuenak ondorengo bi hauek ditugu: Alde batetik terroristen aurka zuzen-zuzenean, doan atala; eta bestetik, Komunikabideen aurka (terrorismoa laguntzen duten komunikabideon aurka) egindakoa.

Lege atzerakoien kronologia bat

Estatu honetan, prentsaz behintzat, eman diren lege guztiak oso kritikagarriak izan dira, baina azken hau uherka apurtzen duen zerbait delakotan gaude.

1938. urtean eta 1966.erarte iraun zuena eman zen lege probisionalak Estatuko komunikabiderik gehienak Estatupean jartzen zituen kazeta eta irratietako zuzendariak Gobernuak izendatuz. Bestalde batetik orduan aplikatzen zen zentzura hori aurre-zentsura bat zela esan dezagun; hau da, zerbait ondaz irakurri baino lehen edo paperez herriko etxeetara bidalli aurretik Estatuko ordezkariek informazioaren kontenidoa jakin behar zuten. Baina hau guztiau gutxi bailitzan Estatuak egunkari eta irratietako tresnak inkauta ei zitzakeen komunikabideren batek aurrean jarritako legeak ahutsiz gero.

1966. urtean (Martxoan, ere, aurten bezalaxe) "Prentsa eta Moldategia" legea asmatu zuten Espainiako zuzendariek. Lege honek, aurrerapausu haundi bat izan arren, ez zuen betetzen orduko gizarteak eskatzen zuen beste. Nahiz eta adierazpen askatasuna ukatu, lorpen baikor bat susmatzen genuen lege hartan: Kazetaritza unibertsital mailara eramateaz publikotasun batez ornitzen zen ordurarte faxiskeria huts baten barruan kokatuta aurkitu izan zen ogibide bat.

Azkenez eta 1978. urtean agertzen zen Espainiako Konstituzioa. Baina nahiz eta zuen zuzenean lege honek ezer gutxi esan kazetaritzari buruz, badira dato batzuk kontutan hartzekoak. Askatasunaren bermagarriak aipatzean ondorengo hauek kondatzen dira: Pertsona askatasunak, Pentsamolde askatasunak Kolektibo askatasunak eta Ekonomi askatasunak. Ez da garaia banan banan denak aztertzeko eta heuretariko batetan geldituko gara: Pentsamolde askatasunean hain zuzen. Atal horretan ondorengo askatasunak zehazten ziren: sinesmen askatasuna, erlijio askatasuna, kulto askatasuna, adierazpen, informazio eta hezkuntza askatasunak. Konstituzioan ez ziren zehazten baldintzok eta hurrengo lege batek zuzenduko zituen arazo guztiak. Orain agertzen zaigun legeak adierazpena eta informazioa debekatzen ditu askatasun guztiak (?) ematen dituen lege honen aurka aurkezten diren medioak.

Aurtengo legea

Militarrak amatzat eta zibil-militartuak aitatzat dituen lege honen mirari batzuk aipatuko dizkizuegu ondoren.

- "Konstituzional ordenua mespreziatzen dutenei eta zuzenbidezko Estatuto bizikidetasun baketsua arriskua jartzen dutenei zigor neurriak ezartzeko bidea da lege hau" (Sarrerarik hartua).

- Aipamen berezia egiten da lege honetan Komunikazioetaz"... hauek baitira jarrita dagoen sistima demokratikoaren subertsio gogortzalera deitzen dutenak".

- "Indarrez, delako Konstituzio hori kentzea nahi luketeen guztiak kartzela pena nagusiaz zigortuak izango dira".

"Esanez edo zabaltzez, konstituzio hori kendu nahi luketeen horiek bultzatzen dituena kartzela pena txikiaz zigortuko da" (216. artikulua)

- "216. artikuluan zehazturiko delikturen bat betetzen duten komunikabideen makina, egoitzak eta tresnak oro deliktuaren langailutzat hartua izango da... Akusatzaile Ministeritzak agerturiko hauzia onartua izanez gero epaikariak komunikabidearen herste behin behinekoa eta deliktuaren langailuen okupazioa aginduko du" (Azken zati hau, herste eta okupazioarena, 1938.eko legean entzuna genuen).

Askatasuna ematen digutenek askatasuna bera ken diezaigukete; horrela gauza guztiak bihurtzen dira haien hasierako lekura. Lehen Gobernua Militarra eta orain Estatu Kolpe Demokratiko Nazionala.

Beste neurri bereziak eta euskal herria

Zain ditugun neurriok norainokoak izan daitekeen inork ez du ikusten, baina nolako aurkezpena dakartzaten ongi ikusia ta ikasia dugu gure herriotan: Gau batez 30 detenitu, zazpi gerra barku gure kostaldean eta COES delako lagun horiek Auñamendietan jolasten. Espainiak onartu zuen konstituzioak dioen bezalaxe (kontutan har gehienok Espainiaratuak gaudela) preso guztiek izango duten harrera demokratiko berbera. Baina Tejero jauna (Estatu kolpe bat ematearen salaketaz) gartzelan bisita ugariz bizi da eta gure herrietako bahituek, askotxotan ezer izan gabe, egunak igarotzen dituzten inkomunikaturik. Hau guztiau Neurri Bereziak jarri aurretik.

Gerora begira ezin dugu ezertxo ere jakin ahal, baina konkretuki duguna lege baten prozedura da; hau da, Gobernuaren prebisioak ongi irtenez gero, nolako ekitaldiak ezagutuko ditugun. Aipatzen dizugun lege honek hiru aldi bereizten ditu bere baitan: Deiadar aldi, Salbuespen egoera eta Hesialdi Egoera.

Ordenu edo/ta seguritatearen izuikarak gobernuaren indar arrunteen bidez konpontzea ezin denean Deiadar aldia ezarriko da Ministru Kontseiluak horrela erabagiten baldin badu. Egoera hau hamabost egunetakoa izan daiteke guztira, baina gobernuak luzatzea nahi izanez gero lor dezake Parlamentuan eskaturik. Egoera honek ekar ditzazkeen bi ondorio aipatuko dizkizuegu. Lehenen eta behin deiadar aldia zabalduez gero lurralde horetarako agintaritza zibila eta bere azpiko bai langile eta funtzionarioak zuzendaritza gubernatibaren azpi gelditzen direla zuzen zuzenean esan dezagun.

 Salbuespen Egoera aurrekoa baino astunagoa da. Kasu honetan zuzendaritza zibilak (gobernua irakur) orain arte eskubide izan diren horiek debeka ditzake 30 egunez gehienez baina luzatzeko era bat dutela Parlamentuan eskatuz gero. Kasu honetan, salbuespen egoera honetan, Estatuak garraioak, komunikaera guztiak (bai postazkoak eta bai telefonozkoak kontrola ditzazke. Zuzendaritza honek beste alde batetik, pertsonen eta ibilgailuen ibilera debekatzeko eskubide osoa du. Norbaiti eta bere etxetik kanpo, beste bizitoki berezi bat ezarri dezaioke Gobernuak horrela baleritza. Errosario luze hau bukatzeko zera esan dezagun: publikapen, irratsaio eta zine ikustaldiak debeka ditzakela lurraldean dauden (lizenziadun eta lizenziabako) arma eta lehergailu guztiez jabetzen den bitartean edo lantegiak eta dendak sarratzea eskatzen duelarik,

Azken pausua Hesialdi Egoera genuke, kasu honetan lehen Gobernu Zibilaren esku egon diren ahalmen guzti horiek aipaturiko Gobernu Zibilak aukeratutako Gobernu Militar batek hartuko lituzke, eta zuzendaritza zibilak barne eta kanpo seguritateari ez dagozkion gauzetaz arduratuko litzateke erabagitako guztiaz informazio zehatz bat Gobernu Militar horri pasatu ondoren.

Orain arte ezagutu dugun demokrazia hau Monarki-Demokrazia izan baldin bada, hurrengo hau nola deitu behar izango dugu? Demokrazia-Militarra, ote?

Josi


Euskal Herria

Bertsolari gazteen txapelketa Zaldibin

Zaldibiko sariaren saioez

Martxoaren hamabostean hirugarren Artzanberri eta Patxi Errota saria ospatu zen Zaldibin. Hogeita zazpi urtez beheko bertsolari gazteei egin zitzaien deia Goiherriko herri ttiki polit horretara abia zitezen. Hasieran hamazazpi izen parte hartzaile bazen ere, Oiartzabal ez zen ageri eta orduan hauexek aritu ziren kantuz: Ibarguren, Elortza, Olano, Olalde, Laka, Iraola, Zapirain, Peñagarikano, Zabala, Pagola, Telleria, Salbador, Zeberio bigarrena, Ziarda, Iturbe eta Argiñarena.

Bertsolari gazteen txapelketa hau saio bitan banatu zen: Bata, goizeko hamaiketan eta bestea arratsaldeko bostetan. Azken saio honetara goizean ihardun zutenetarik sei iritsi ziren, onenak, epai-mahaikoen aburuz: Olalde, Peñagarikano, Argiñarena, Telleria, Zeberio, eta Ziarda.

Sei Bertsolari hauek ofizioka, oinak eta puntua emanez kantatu ondoren gartzelako gaia tokatu zitzaien bakarka ari zitezen. Honetaz bertsolari bakoitzak bere abilidadeak erakutsi zizkigun. Ipiniriko gaiak bi ziren: Bata parte hartzaileak gura zuen neurri eta doinuaz kantatzeko, "Lepoan hartu eta segi aurrera"; besteak "Zakar edo basura ontzi batetan jan bila dabilen gizonari" bertso bi eskatzen zituen zortziko txikiaz. Juezek eztabaidatu eta gero Peñagarikano txapeldun izendatu zuten, bigarrenean Telleria izanik.

Sariak halakoak ziren: 22.000 pezeta, kopa eta txapela irabazlearentzat: 16.000 Pezeta eta kopa bigarrenarentzat. Arratsaldeko beste parte hartzaile laurei hamarna mila pezeta eman zitzaizkien eta goizekoan bakarrik ibiliei, bosna mila. Ba zeuden beste sari bi ere: bertsorik onenarena eta graziarik haundieneko bertsoarena. Bi hauek ere Peñagarikanok eskuratu zituen.

Epai-mahaikotzat izan zirenak oso ezagunak ditugu bertso-arloan: Abel Muniategi, Jesus Mari Etxezarreta, Joxe Mari Aranalde eta Patxi Iraola. Gaijartzaile, Rufino Iraola.

Bertsolariez

Zaldibin ikusitakoaz, oso maila ezberdinetako bertsolariak bildu zirela esan beharrean gaude. Gazte-gazteak izanez ez ditugu txit helduak oraindik eta honetaz, bertsolarientzat ahalik eta experientziazko urte gehien hobe dela dioen pentsaerak arrazoia ematen digu. Guztiengandik nabarmenenak Peñagarikano eta Telleria izan ziren gure eritziz. Lehenengoarengan dakusagun kualitaterik handiena, bapatekotasun zentzua da. Telleriak, ostera, teknika du landuago, "txispa" txikiago daukan artean.

Zaldibin batzutan entzun genituen bertsoak ez genekizkike sailkatzen zeren eta neurtzerakoan akordeoiak ematen baitzituzten. Eta hau bertsolari guztiengan zen nabari, gradu ezberdinez izan arren. Dena dela, eta lehen aipatu dugunez, ez da harritzekoa, noizean behin "maisuek" ere egiten dute eta.

Txapeldunaz, harritu egin gintuela generrake, batez ere bere bederatzi puntukoak botatzean. la ia zortzikoetan baino erraztasun handiagoa ba zuen, gaiari heltzeaz zein neurtzeaz.

Zenbait ohar antolatzaileei

Ba ziren huts batzu txapelketaren prestakuntzaz. Esaterako, eta honi buruz jende asko ados izanen delakotan gaude, hamasei bertsolari goizeko saioan biltzeko gehiegi dira eta hain denbora luzez kantatuz entzulegoa asper daiteke, batez ere agur bana botatzen baldin badigute hasieran, agur horrek puntu-kontuan deusik balio izan ez arren...

Gero, eta arratsaldekoaz, txarto dirudit gaijartzaileak egindakoa: Oro kantatzen hasita, ez zion Elortzari bukatzen utzi, argi eta asti arazoengatik. Esker txapelketa amaitu zena eta txanda hori juezen erabakien zai zeuden pertsonak entretenitzeko zena, bestela...

Geroago, beste huts handi bat egin zuen: Epai-mahaikoek bertsorik barregarriena hautatzeko paperak aztertzen zituzten bitartean, bakarrik Peñagarikano eta Telleria ipintzea puntua jokatzeko, besteak aulkietan jezarrita utzirik.

Gaiei buruz, behin eta berriro aipatzen dena: Ba dirudi ondino XX. mendearen hasieran gaudela. Beti bikotearenak. mozkortienak eta maitasunarenak jartzen baitira, dibortzioari buruzkoa ezik, Noiz arte?

Hala eta guztiz ere, Zaldibin ikusi zen garrantzitsuena bertsolaritzaren gorakada izan omen zen. Euskal Herriko arte hau ez dela galduko, alegia, bertsozale eta bertsolari on asko baitago. Eta azken esan hau frogatzeko demagun Peñagarikanok kantatu zituen bederatzi puntuko hoietarik bat. Arratsaldeko saioan izan zen kantatua, "Lepoan hartu eta segi aurrera" gaia zelarik. Hauxe da:

Gu guztiok alkartzen

behar degu hasi

bestela ezin liteke

Euskadin bizi.

Alkartu gaitezela

gu zazpi probintzi

askatasuna baita

guretzat irrintzi.

Nahiz ta izan gutxi,

hortzak erakutsi,

ez burua jetsi,

ez dezagun etsi,

libre izango gera

bihar edo etzi."

Jose Mari Pastor


Euskal Herria

Bilbo gurea

Udal guztiek izugarrizko arazoak izaten dituzte. Gero eta handiago gero eta arazoak konponezinago; dudarik gabe frankismo garaiaren ondorioak. Norberaren hiriaren arazoak bideratzeko ez da behar irudimen handirik. Oraindik oroitzen gara zenbait autagaik auteskunde garaiean egindako deklarapenez. Castañares "el hombre capaz de cambiar Bilbao" omen zela denok gomutatuko gara. Baina ez zen berak edo eta bere segitzaileek promesa demagogikoak botatzen zituzten bakarrak. Halako zirtzileriak leku askotatik bota egin ziren. Eskusartzeko programa aberats eta oso politak alderdi gehienek aurkeztu zituzten eta egia esan, irudimenik eza ez dugunez ez da zaila izaten norberaren buruaren idorreria guztia momentu larri batetan askatzea. Nori ez ote zaio burutzen hibaia estali daitekela Udaletxetik Atxuriraino ibilbide zabal eta zuhaitzez inguraturik eginez? Halako proiektuak erraz imajina daitezke baina errealitateak apurtzen ditu beti. Bilbotarra adimen azkarrekoa izan da beti, fantasizalea eta ba liteke arrazoia inguratzen gaituzten ingurugiro krudelaren ondorio bat izatea. Askotan entzun ohi dugu Bilbo konponezina zela eta soluziobide bakarra bombaz apurtzea zela beste ingurugiro bat sortuz. Nola baina, zegoen koska. Urte askotan guztiz abandonaturik, lur honetan espekulazioak bereak eta bi egin ditu. Hiri handi askotan ikus daitezke espekulatze horren ondorioak baina sekula ere Bilboko tatainean. Neguritikoek ez dute maite Bilbo, are guttiago proletarizatuz eta burjes ttikien egoitza bilakatuz joan zen neurrian. Gainerakoek erremedioa topatu zuten Bilbotik kanpo, Negurin, Getxon, Unben, etab. Hemengo oligarkiak Euskal Herriaz ezer nahi jakin ez bazuen, Bilborekin berdintsu jokatu du. Bilbo, atzerri horren beste parte bat bilakatu zitzaien, langileria eta burjes nazionalisten bilgunea. Hiri inperiala, kapitala, lekutan zeukaten: Madrilen. Espainiako Estatuan ez da antzera inon pasatu. Goiko burjeseriak propiotzat eta maitagarri kontsideratu du hainbeste hiri azken 40 urte hauetan: Bartzelona, Valentzia, Sevilla. Hemen ez. Bilbo 40 urtez gain guztiz abandonaturik eduki dute. Bilbo izan da "ciudad conquistada", "Ciudad separatista" eta ezer egitekotan beren interesen ondorio logikoak zaintzea besterik ez da egin: Banku batzuren egoitza berriak, industria eta lan indarraren aberastasunaren ondoan. 40 urte hauetan ez da inolako proiekturik aurrera eraman. Ez da eraiki ezer artistikorik, ez da egin hirigintza klasikorik. 35 urtez gain ez da Bilbon eraikuntza artistikoen aurpegirik garbitu eta berau nahiko adierazgarri dela uste dugu; jauntxoen eta burjeseriaren kontzeptu propioak eta lehen motibazioak ez baitituzte errespetatu hortan ere ez. Ez da harrigarria beraz frustrazio horretatik Bilbotar berak atera dituen portaerak, haien artean kanpoan zabaldutako "farolismoa"rena esaterako. Baina Bilbo kaka bat izan da eta kakatzat kontsideraturik dago Bilbotarren artean edo kanpotarren artean. Azkenaldi honetan edifizio bat garbituta gero, zenbat aldiz ez da entzuten "pero este edificio estaba aquí"? si era una mierda... Arriagaz, Diputazioaz, Sota-eneaz, gobernu zibilaz etab. etab.

Errepublikako garaien zegoen hainbeste aurreikuste eta proiektu lohietara bota egin dute buruhausterik gabe. Artxandako Tunela, trenbide eta geltoki nagusien baterakuntza, Abando Geltokiaren lurperatzea, hibaiaren estaltzea, Txori Herriko ensantxea, Olabeagako zubia. Guztietan oligarkiaren interesak nagusitu egin dira. Interes hauen indarrez Bilbo edo eta gaur Bilbo Handia izena duenak hogeitabi kilometro ditu luzeran, Galdakaotik Santurtzi eta Getxoraino baino bere zabalera handienak bi kilometro ere ez ditu egiten. Eta herensuge hau benetako monstruo bat bilakatu da bere bizilagunak egunero irentsiz. Egunero mila litro gasolina alferrik gastatu, mila ordu lanera edo eta etxera joateko, mila atasku eta denbora galdu zentrora sartzeko dauden hestubide urrietatik; hiru milioi, bost milioi bizilagun bailuen bezala. Eta honetarako dauden soluziobideak moeta askotakoak izan daitezke baina garabiak, ezinaparkatzeak eta debekapen guztiak beste, benetakoak prestatu behar dira, benetako herri garraioak sortuz. Metroa hor kokatu beharko genuke baina metroaren istorioa, hori besterik eta ez gehiago dela ematen du; kriston ipuin polita. Inork ez daki omen zer gertatzen den istorio horrekin, ez udalan, ez administralgoan, ez hirian. Kilin kolo dabil beti eta interes politikoak seguraski ibiliko dira hor nonbait ezkutuka jo eta ke. Errontegiko zubia urtebetea geldirik darama. Bukatuta, sarbiderik ez. Imajina al daiteke halakorik beste nonbait?

Arazoak arazo, auzotegietakoak ere hortxe daude. Berdegunerik ezean auzo guztiak benetako inurritegi bihurtu dira. Kale asko asfaltaturik gabe, estoleriarik gabe. Bi urte darama Echevarria fabrikak itxirik eta hainbeste proiektu eta aurreproiektu entzun ondoren, fabrikaren orma deslai horiek jausiko zaizkigu egunen batetan gure gainera eta arazoak konpondurik gabe jarraituko du. Interesak beti leku berean daude eta interes horien kontra egiten ez den artean ez da ezer aldatuko. Azkenez beti bezala, problema oso politikoa da. "Ley de regimen local" aldatu beharrean dago baina horiekin batera hainbeste lege ere bai. "Ley del suelo", "ley de expropiaciones" gizaeskubideak errespetatuko dituen legeak atera behar dira eta Castañares nahiz eta oso kapaza izanik, zulo berean jausiko dira Castañares bezalako kapazak hainbeste lege atzeratu eta faxista aldatuko ez diren bitartean. Ez du zentzurik beraz, politika ez egitea udaletan, berek egiten dute bada! Nortzuk proposatu dute Bakearen nobel sarirako Espainiako erregea?

E.H.


Euskal Herria

Bilbo zifratan

Egunoroko errealitate lazgarria den Bilbo honetaz txostena bat egitea txotxolotzat kontsidera daiteke. Nork esango omen dio Bilbotar bakoitzari berririk dagoela eraman behar duen gurutze gainean?

Gaur egunetako Bilbok eta gure arbasoen hark ez x du inola ere elkar ikusirik. Orduko paradisuko foto zuribeltzezkoa edo eta ilunak, marroiak ala grisak, garai hartako tranbiak, zaldi eta gabarrak, oroitzapen erromantikoak besterik ez dira.

Orain oroitzapenak baztertu beharrean gaudelarik interes osoa gure eskuez kanpo dauden interesetara doa: Hirigintza, espekulazioa, populazioaren gehiegia alde batetik eta bestetik garrai publikoen prezioak, zenbait istorio edo historia luze ia ia fikziozkoak dira guretzat interesgarriagoak. Istorio luze horien artean, dudarik gabe, metroa ere aurkitzen da.

Bilbon: 450.700 bizilagun

Bai. Azken zentzuaren araura (1979.ko 12-31-koa), Bilbok eskubidez 450.700 bizilagun ditu. Horietatik % 48,42 (hau da, 218.204) gizonezkoak dira eta % 51,58 (232.496) andrazkoak.

Bilboko auzorik populatuena Begoña da zeinek baituta 108.803 bizilagun. Bigarrenik, Deustu dago (59.243) eta hirugarrenik, Abando (58.940). Populazioari begira, auzorik ttikikienak Bilbo zaharra (13.345) eta Txori Herria (15.010). Hektareako bizilagunei begiraturik Abandoko geltokiko auzoa populatuena da, (674,87 x H); bigarrenik Atxuri (660,5); hirugarrenik, Diputazioa (468,15). Hektareako populazio guttien daukatenak ondokoak dira: Txori Herria (3,13) eta Erandio (15,9).

Bestalde, orain dela hogei eta hamar urte Bilbok zeuzkan bizilagunak aipatzekoa da. Izan ere, orain bi hamarkada Bilbok 297.942 bizilagun zituen. 1950.ean egin ziren kalkuluen arauera, Bilbok 265.000 bizilagun eduki behar zituen hirurogeietan. Ikusi dugunez, errore handi bat egin zuten orduko estatistika egileek hogeitamar mila bat gaizki kalkulatuz. Errorea jakina, pentsaezina zirudien ez baitzen hainbeste etorkinik espero. Eta etorkinak erakartzeko planak ba zeuden inkestaegileek ez zuten inoiz pentsatu hain kopuru handi etor zitekeenik. Mila bederatziehun eta hirurogeita hamargarren urtean, Bilbok 405.798 bizilagun zituen, zeinetatik % 51,79 andrazkoak eta % 48,21 gizonezkoak.


Euskal Herria

Arriaga, Alhondiga eta beste proiektu

Hirigintza alorrean kanpo betidaniko gaurkotasuna duten proiektuak aurkitzen dira: Arriaga, Alhondiga batez ere. Biak Udalaren kultur sailaren babespean.

Arriagako lehengo lanak oraintxe honetan egiten hasi dira. Lanak 80.milioi pezeta eskatzen du eta uste da hurrengo Abuztuan, Bilbo-ko jaiekin batera berriro irekiko dela. Udalak dioenez, Arriagarekin duten ideia, udal antzestoki bat egitea da eta horretarako arduratuko da omen Batzorde bat.

Alhondigaren proiektua irtenbiderik gabe aurkitzen da presupostu arruntek ematen dute diru kopuruarekin ez baita nahiko.

Udalak zor emisio bat egingo du bere kontura eraberritze honen kostuak betetzeko. Proiektuak bilakatu nahi du etxe hau (orain arte ardotegia) kultur etxe batetan eta modu honetaz arlo honetan Bilbok daukan urritasuna beteko du.


Euskal Herria

Hiri garraioa herri kalbarioa

Egunen batetan ezkutuka eta inori abisurik eman gabe, batetik bestera, autobus guztien prezioak altxatu egin zituzten TUGBSAkoek. Ibili ziren asmo horrekin hilabete batzu gorago baina auzoelkarteek eta Bilbon bertan atera zuen iskanbilak atzeratzea eginarazi zieten. Autobus asko erreta gelditu ziren garai hartan eta auteskunde garaia zegoenez autobusek "Aginaga ladrón" letreroekin paseatu ziren.

Aginaga horrek TUGBSAren akzioetako parte garrantzitsu bat zeukanez, eta UCDren zerrendetako lehengoa izanik, altxatze horretarako ez zela momenturik egokiena pentsatu omen zuten. Baina "altxamendua" iritsi zen eta Udalak (EAJ) ez omen zekien ezer. Hamabost hilabetetan zehar bi gorakada egon dira. Udaletik egin diren diskurtso guztiak alferrik geratu dira; azken batez hartutako erabakiak onartu egin dira. Baina prezioa ez da arazo bakarra. Urdin batek 28 pzta balio du. Gorri zikin eta zaharrek 18. Askotan auzo batetik beste batetara joateko bi eta hiru autobus hartu behar dira. Santutxutik Deustura joateko bi autobus. Errekaldeberrira berdin. Eta gauzak horrela TUGBSA BERARENGANA joan gara ea honi buruz ezer erantzuteko zeukatenentz. TUGBSAren ustez, "ezin daiteke dagoen linea-zerbitzuei linea berri gehiago ipintzea, zirkulazio problema handiak sortuko bailirateke" "...Kasu guztietan linea berrien irekitzea Udalari dagokio, udalak eskakizunak bideratu behar baititu".

Gure ustez erantzun hauetan benetako azpijoko demagogikoa dago, linea luzeagoak irekitzeak, logika batetan oinarriturik behintzat, ibiltzentzu bereko linea laburragoak kentzea suposatzen du. Casco Viejo/Misericordia, Indautxu/Deustu, Santutxu/Indautxu, Arenal/Indautxu eta bezalakoak kentzea suposatuko bailuke eta benetako hiri garraio bat irekitzea: San Inazio Santutxu, Santutxu Errekaldeberria etab.

Benetako arrazoia guztiz diruzalea da. Hogeta zortzi pezetekin Bilbo guztia korri liteke eta orain Bilbo berdina korritzeko hiru aldiz kopuru hori beharrezkoa da askotan.

TUBGSAk dioenez prezio berdintsuak daude Estatuko ia leku guztietan baina TUGBSAk ez dioskuna zera da: Bestelako toki horietan hiri osoa korri daitekela gehienetan, autobus bat bakarrik hartuz.


Euskal Herria

Zinegotziak mintzatzen dira

Tasio Erkizia (HB)

1.- Bai, lehenengo galdera hori buruz, zer balorazio egiten dudan ayuntamentuko funtzionamentuari buruz, ni hasiko nintzake esanaz udaletxeetan, noski, ba Euskal Herrian politika orokorrean gertatzen den gauza berdina gertatu dala, hau da ayuntamentuan gauden indar politiko guztiak aukera bat egin beharrean arkitu garela, hau da frankismoarekin jarraitu ala berrogei urte illun eta triste hauen historia apurtuz, herriaren zerbitzuan jartzea. Eta Bilboko ayuntamentuan noski, egoera edo hobeto esanda, bide gurutze honetan, erabaki bat hartu da, eta PNVrena da, noski, frankismo garaian bezala jarraitzea, eta erabaki honek berekin dakar zenbait ondorio, ez dagoela demokraziarik ayuntamentuan, udalbatza guztiz mugaturik aurkitzen dela eta demokrazia eza eta mugaketa hau konkretatuko nuke batetik, ekonomi arloan. Guk badakigu Bilboko zerbitzuak orain hogeita hamar urte bezala daudela eta orain hogeita hamar urte baiño hiru aldiz bizilagun gehiago dituenez Bilbok, ba guztiz desfasaturik aurkitzen direla. Ez da egin azken urte honetan ez polikiroldegirik, ez da lurrik aukeratu berdegunea bezala uzteko, eskolak guztiz abandonaturik egon dira. Kultur etxerik ez da egin. Beraz, esan nahi dugu honekin, Bilboko infraestruktura orain hogeita hamar urte bezala dagoela ia ia eta Bilboko ayuntamentua arkitu dela honi ezin erantzunik, honi ezin erantzunik ekonomia guztiz mugaturik dagoelako. Bestetik politikoki mugaturik arkitzen da: ley de régimen local, delako honek, alkateari izugarrizko boterea ematen diolako, herri mugimendua igotzera doalako eta globalki ayuntamentuaren funtzionamentua ba, guztiz antidemokratikoa bihurtzen duelako; eta hirugarrenenez frankismoaren estruktura eta legeak onartzeak funtzionario berdinak edukitzera garamatza; ta funtzionario berdinak edukitzera esan nai du ayuntamentuak ez duela aurreratzen eguneroko funtzionamenduan, lehengo txartulo berdinekin, lehengo gauza zikin berdinekin jarraitzen duela ayuntamentu honek.

 Laburtuaz, esango nuke, nola baloratu bi urte hauek, ba praktikoki ez dela aldaketarik egon, ayuntamentuak ia ia berdin jarraitzen duela; hau da, ayuntamentuan daudenak, kaso honetan PNVk lehen bezelaxe, burgesiaren interesak defenditzen dituela eta noski burgesen kritikatzen duten guztiak zapaltzen eta baztartzen jarraitzen dutela, beraz hitz batez, ayuntamentuan praktikoki ez da ezer aldatu ia ia berdin jarraitzen du denetan.

2.- Bigarren puntuari lotzen garela gaurko funtzionamendua nola defini dezakegu edo gaur egun ayuntamentuak dituen arazo larrienak zeintzu diren. Benetan pentsatzen dut luze mintza gindezkela hontaz, baina dena den iruditzen zait askoz interesgarriago mugatzea eta zehaztea zenbait puntu. Ayuntamentu hontako gaurko funtzionamentua definituko nuke hola: lehenik izugarrizko deskoordinazioa dagoela gaur egun. Denak dakigu PNVek bere kanpainan, Jon Castañares presentatu zuela esaera honekin: "Jon Castañares el hombre capaz de cambiar Bilbao, el hombre capaz de cambiar el ayuntamiento" Nik esango nuke praktikan ez duela ez Bilbo aldatu eta bestela galdetu edozein Bilbotarri, eta ez da ere ayuntamentua aldatu. Ayuntamentuan oraindik lehen bezala zen, plenoetan, hartutako hainbat erabaki ez dira praktikara eramaten, eta areago oraindik grabeago esango nuke, ayuntamentun arazo larrienei ez zaie erantzuten. kasu konkretuak: TUGBSAren gorabehera. Denok dakigu aspaldian eskatu dugula TUGBSAri buruz estudio edo ikerketa sakon bat egin behar dugula erabakitzeko nola jokatu, benetan munizipalizatu ala orain bezala jarraitu. Bi urte pasatu dira, bi plenotan erabakia dago TUGBSAri buruz estudio sakon bat egitera eta ez da ezer erabaki. Beste ejenplu bat: El sol enpresa famatuak eramaten du Bilboko garbiketa, batez ere hainbat plenotan eta erabaki hartu da hontan ere egin behar dela ikerketa sakon bat, jakin dezagun kontzejalok zer den egokiago Bilboko herriarentzat, eta ayuntamentuentzat, el Solen eskuetan jarraitzea ala hori munizipalizatzea, baina guk ez dugu esaten beste estudiorik gabe zer egin behar den horrekin, baina erabakia dago eta eskatu dugu mila aldiz honetaz estudio sakon bat egin behar dela, eta gauden egoeran oraindik estudio sakon hori presentatzen ez ditugutena. Honek esan nahi du, alkatea, ta ez PNV ez dala enfrentatzen ayuntamentuan dauzkan problema nagusienari.

Beste ejenplu bat: taxisten arazoa egon da urte bat eta bi hilabete erantzunik gabe. Zergatik? PNVek bildurtzen zelakoz eta PNVek bildurtzengatik arazoa gelditu da atzeratzen eta azkenean kalean egon dira izugarrizko nahasteak. Eta honekin ondoren bat ateratzen dut eta da, Ayuntamentuko arazo larrienak ez direla aztertzen ez direla sakontzen, eta erabaki bat ez dela hartzen arazoeri buruz, ba, azkenean guztiz problematitzatzen ez diren bitartean, eta benetan pentsatzen dut negargarria dela, bakarrik ba dirudi ayuntamentuak funtzionatzen duela, ba ia mila pertsona ayuntamentuan sartzen denean edo kalean zehar Bilbon izugarrizko arazoa egoten danean.

Bigarren aspektua defini dezakeguna, ayuntamentu honen funtzionamentua da, ez dagoela gardentasunik jokaera edo ayuntamentuko funtzionamentua ez da garbia. Herria ez da enteratzen ayuntamentuan pasatzen den gauza askotaz, baino askoz negargarri bada, ez bakarrik herria baizik kontzejalok ez gara enteratzen ayuntamentuan pasatzen diren gauza askotaz. Lehen bezalaxe, jarraitzen dute, faboritismoak, entxufeak, laguntsuak... lehen frankismo garaiko funtzionari berdin berdinak jarraitzen dute. Baina kasu hontan nik ez nuke esango bakarrik funtzionariak, baizik ayuntamentuko kontzejalak, batez ere PNVtarrak frankismoren garaiko jokaera berdin berdina dute. Eta eredu konkreto bat.

Egun deskubritu genuen, Ayuntamentua ari zela jendea apuntatzen zentsua egiteko eta guk, hain zuzen Santi Brouard eta biok joan ginen eta galdetu genuen: zentsuara apuntatzeko, nork daki zentsua egiteko langileak behar ditugula, publiko egin al da hori?, eta esan digute: ez, ez da publiko egin. Beraz, zer esan digute: ez, ez da publiko egin. Beraz, zer esan nahi du? Ikusi ditugu apuntatu direla mila pertsona, bertako kontzejalak, estadistika batzordeko kontzejalak esaten zuen laguneri, lagunen artean, eta guk exijitu dugu hori publiko egiteko eta guk exijitu duguelako ez da egin publikoa. Baina ez bakarrik hori, baizik, eskatu dugu horretako apuntatu duen pertsonen izenak, lista, zerrenda eskatu dugu eta ikusi dugu zerrendan eskumaldean apuntatu zutela noren entxufeaz zetozen. Eta orduan guk esan dugu, mesedez zertan gabiltza. Frankoren garaian bezala gaude, Frankoren garaieko entxufeak berdin berdinak ikusi ditugu, egia da momentu hontan hori pixka bat aldatu dela eta korrejitu dute guri esker. Benetan usten dugu gauza askotan jokaerak berdin berdinak gertatzen dela. Ayuntamentun oraindik absolutismoa, laguntsuen eragina, lehen bezala zen jarraitzen.

Hirugarren gaudegun ayuntamentun beste bereiztasun nabari hauxe da, ta nere ustez grabenetarikoa: Hauzo elkarteak, asociacion de vecinos, deuseztu nahi dizkigute. PNVek badaki bere jokaera garbi burgesiaren aldekoa dela. Eta badaki bere etsai nabarmenak hauzo elkarteak direla, eta ondoren, egunetik egunero garbiago ikusten ari gara, nahi dituztela hauzo elkarteak deuseztu nahi dizkigutela. Nola? Modu askotara. Baina besteen artean honelaxe, hauzo elkarteak presentatzen dituzten rebeindikazio guztiz baztertuaz eta boikoteatuaz. Besterik hauzo elkarteak eskatzen dizkiguten lokal guztiak ezetz emanaz edo permisuak debekatuaz, eta bestetik kanpaina publiko ta eginaz hauzo elkarte horiek ez dirala hauzoen ordezkari ez direla inoren errepresentante edo ordezka, eta guk noski, gero esango duten bezala, guretzat oso inportantea da hauzo elkarte hoien zer egina ayuntamentun.

Laugarrenez, PNV zuzenki doa ezkerreko kontzejal hoiei boikoteatzera guk egiten ditugun proposamenak, egunetik egunero, baztertuago daude, izugarrizko pegak jartzen dizkigute eta ejenplu konkretu bat da orain egiten ari geran elkarrizketa hau, normalki guk ayuntamentun egin beharko nuke. Zergatik? Ba nik arratsaldeetan ayuntamentun egoten naizelako lanean. Ezin dugu egin, ez digutelakoz usten arratsaldeetan inor, kontzejala, ez den inor ayuntamentuan sartzen, nere ustez hori benetan lotsagarria da.

3.- Eta azkenez, hirugarren puntua loturik, zeintzu diren Herri Batasunentzat aurrera begira, puntu nagusia edo nola definituko genduke aurrera begira Herri Batasunaren jokaera. Nik konkretatuko nuke arlo hauek. Gure kanpainan guk erabili gendugun esaera famatu bat: alkaterik honena herria, esan genduan. Beraz horrek esan nahi du, eta gaur bi urte pasatu ondoren guretzat funtsezko helburu bezela jarraitzen du, hau egia bihurtzea, alkaterik honena herria, eta egunetik egunero konbentziatuagoa nago bide egokiena hauxen dala, ez dugula ordezkari burokratikurik nahi, baizik herria parte eman behar digula, ta parte hartu behar duela ayuntamentun, eta herriak parte hartzen ez duen bitartean ayuntamentu demokratikorik ez dugu izango. Nola hartu parte? Modu askotan. Lehenengoz herriari ayuntamentuko ateak zabaldurik. Ateak zabaldurik zer esan nahi du? Ba momentu hontan ba daramat aste bat, nik konkretuki ta Herri Batasuneko kontsejalik gure despatxoko mahaia hartu eta ayuntamentuko atean edo ayuntamentuko sarreran, hallan jartzen gerala. Zer dela ta? Ba sinpleki ta soilki, bi arrazoiengatik, lehenengo gaur egun ayuntamentuan sartzen dien guztieri eskatzen diotelakoz fitxa bat betetzea. Zertarako fitxa hori? Alkateak kontrolatzeko nortzuk doazen Relaciones Ciudadanas delako sekziora, eta guk ez gaude prest hortarako Praktikoki kontrol hori da alkateak nere pertsonangan eta Herri Batasunengan eraman nahi duen Kontrolaren espresio bat.

Eta lehen esaten nizuen bezala, bestetik arratsaldeetan gauregun ezin da sartu inor ayuntamentuan, ez gaituzte uzten inolako bizilagunekin gora igotzen eta gu guztiz honen kontra gaude, nik arratsalde asko pasatzen ditut ayuntamentuan, baino pasatzen ditut Bilboko bizilagunez zerbitzuan ta ez naiz burokrata bat, baizik herriaren zerbitzari bat eta hortarako ateak zabalik behar ditut.

Hori batetik eta bestetik, noski exigitzen dugu ayuntamentu ditun lokal guztiak zabalik egon behar dira herri mugimenduentzat, eta hirugarrenez beharrezko ikusten dugu ayuntamentu onartzea hauzo elkarteak, entzutea hauzo elkartei, eta auzo elkarteekin batera lan egitera gure helburua da herri mugimenduaren alde jokatzea era hontan. Beraungandik informazio jaso eta ayuntamentutik guk beraiei informazioa emanaz.

Gure helburu bat izango litzateke alkaterik honena herria praktikara eramaten, konkretatuaz herriaren partizipazioa. Bigarren herria informatuaz. Modu askotara guk egin dugu Bilboko eskolen egoerari buruz txosten bat, nahiko zabala, eskolen egoera guztia, azalduaz gure ustez oso positibo izan da, ba guraso askori begiak zabaldu dizkiegulako eta konturatu diralakoz zein den Bilboko eskoletako egoera. Ba hortik aparte ari gara beste dossier bat prestatzen eta pentsatzen dugu urte honetan zehar beste hirugarren bat ere prestatuko dugula. Orduan, guretzat informazio bide inportante bat da dossier horiek prestatzea.

Bestetik, nahi dugu eta ari gera prestatzen auzo guztietara joan nahi dugu Herri Batasunako ordezkariak, kontzejalok, informatua eta bi urte hauetako lanen balorapen bat eginaz. Nik uste dut benetan hauzoetan izugarrizko desinformazio dagoela eta orduan informatu behar dugula jendea zehazki zer nahi dugun egin, PNVek zer oztopo jartzen dizkigun eta zeren interesen zerbitzuan dagoen gaur egun ayuntamentua. Zoritxarrez gu ere ayuntamentuan gaude, baiña guk esan dezakegu, esan beharrean gaude ayuntamentuko aparatua burgesiaren zerbitzuan dagoela ez auzotarren zerbitzu.

Eta hirugarrenez guk jarraituko dugu eta gainera askoz zorrotzago jokatu nahi dugu jauntxokeria eta jokaera zikin guztiak denunziatu eta publikoak eginaz. Lehen esan duten bezala ayuntamentuan Franko garaian bezala jarraitzen du, bizio berdinaz praktikoki eta gu ez gaude ados eta ez gaude prest hori onartzeko eta orainarte zenbait denuntzia egin ditugu, hemendik aurrera pentsatzen dugu denuntzia zorrotz eta zehatzagoak egitera.

Beraz, hiru puntu horiek izango lirake aurrera begira gure jokaera nolabait definituko lutekena: hau da alkaterik honena herria, hau da herriaren partizipazioa, benetako partizioa bihurtu, bigarrenez herria informatu lehen esan duten era ez berdinetara eta hirugarrenez jauntxokeria eta jokaera zikin publiko eginez eta denunziatuz.

Jon Nikolas

1.- Ayuntamentuko egite demokratiko berri honek benetako arazo kontradiktorioak ditu zeren EAJk udal problemen aurrean "Regimen local" delako legean finkatzen baititu bere ahalegin guztiak. Deiako legea bilakatu beharko zen Moncloako paktuan baina ez zen egin. EAJk bere talaiatik eta udaletxean gehiengoa osatzen duenez beraiekin konforme ez dauden Bilbotar guztien dinamika edo eta auzo elkarteek aurrera eraman zituzten bideak, parte hartzea esaterako, moztu eta ito nahi ditu. Askoz demokratikoago litekeen administralgoa eta administraketaren alde EAJk ez du ezer egin. Bilbotarren parte hartzeari izugarrizko oztopoak jarri dizkio. Udalak berdin zentralizaturik segitzen du. Txori Herrin esaterako azpitik jokatu egin du. Administraketa hirikoari hurbildu baino urrutiratu egin du. Berak sortu dituen batzorde kontseilariek ez dute administraketa herriari hurbildu.

EAJk auzo elkarteen kontra benetako burruka bat antolatu zuen eta aurrera eraman. Kontradizio askotan erori egin da horregatik. Hortxe daude Bilboko jaiak, Otxarkoagako arazoa, zerga bereziak, udal garraioa, taxiak etab. Gauza hauetaz plenoetan aritzea ukatu egin du beti EAJk. Arazo guztiak desbideratzen eta atzeratzen jarri ditu, beste norbaitek soluzionatu beharko bailukeen. Egoera honek berdin jarraituko du ezkerrak gehiengoa lortu arte.

2.- Itxurazko demokrazia honen denboretan programa sail batzuren ezak zera adierazten digu: EAJk ez du benetako planik aurrera eramateko. Funtzionariei buruz ez dauka inolako antolaketarik, zerbitzuak ez dira errentagarriak, funtzionarien artean ematen den batazbesteko adiña 50 urte baino goragokoa da. Gazteak urri dira eta gainera lanpeturik ibiltzen dira eta soluziobide bat ematekotan bakar bakarrik aurkitzen dira. Gauzak horrela, administraketa berez geldoa bada, halako arazorekin apoarmatua dela ematen du.

Auzoetatik itzelezko arazoak ekartzen dizkigute. Auzo asko abandonatu egon da hainbeste urtetan eta defizitak jakina ikaragarriak izaten dira. EAJk zerga berezien bidez soluzionatu nahi ditu arazook baina ezin. Frankistar udalbatzak utzi zuen zuloa ezin du bete auzokoak. Arrazoiez gainera ez dute nahi. Bideak, estolteria, argiak, hor daude ezin konponduz.

Beste arazo handi bat herri garraioa da. Denbora zaharretan orain dela urte asko,udalak herri garraioaren esplotakuntza entrepresa pribatu bati eman zion. Tratu honek 2.006ra arte iraun behar du kontrako ahaleginak ez baitira egiten delako entrepresak TUGBSA du izena eta frankistar udalak denetariko kontzetsioak eman zizkion. Hontaz ere inolako planik ez dagoenez Bilbotarrok jasan egiten ditugu konpainia honen gehiegi guztiak. Ez da irtenbiderik bilatzen. Udalak ez du jakin automobilak hiritik kentzea. Zirkulaziorako batzordeak eskatutako garabiak ez dira inondik ere iritsi:

Otxarkoagako arazoa ere larria da. 4.000 etxebizitza eraberritu behar dira eta bi mila familiarentzat toki berriak topatu dira. Udalaren gehiengoak ezin du ezer egin MOPU-ren kontra ez baitu egin nahi presiorik beraien kontra eta arazo hau ere ustelduz doa.

3.- Nik uste dut oraingo udalak ez duela anbiziorik. Hau oso tristea da baina erraz ikusten da. Egitez, Udalaren ezkerrak bultzatu egin du EAJ inbertsio programa bat egin dezan. Inbertsio programa hau bi mila bostehun milioi pzta baino gorakoa da eta EAJ ibili da beti kontra eta halako iniziatibei oztopoak ipintzen. EAJk sortu duen egoera guztiz burokratikoa da eta udalan ez da bilatzen irtenbiderik EAJ'ren zenbait sektorek presiorik egiten ez baitute.

Xabier Martin (LAIA)

1.- Balorazioa ikuspuntu politikotik egin behar da; ezin da udal gestioaren baloraziorik egin, kaotikoa gertatuko bailitzateke. Zergatik ote kaos hau Aiuntamenduan? Puntu bati oratuko diot: Aiuntamendua talde politikotan zatituta dago. Hasiera batetan ba zegoen guztiongandiko zerbait egiteko borondatea, baina pleno baten ondotik haustura argia egon zen. Pleno hartara auzo elkarteak etorri ziren eta ez zituzten hartu nahi. Orduan, nola hurrengo plenoan "ertzainek" jipoia berotu baitzieten, bi jarrera agertu ziren, bata, niregandik sortua eta EE, PSOE, eta ordu hartan HBren multzoa zena batzen zituen; bestea, PNVk eta UCDk egindako eskuineko taldea. Honek haustura ekarri zuen. Zer hau gerta ez zedin ezer egin beharrean, PNVk gehiago erradikaldu zuen bere jarrera eta neurri ikusi saminak hartu zituen, halakoa baita kontzejalak ez zirenei sartzen ez uztea.

...Geroztik, PNVk indartsu ikusi zuen bere burua, bilera permanente-plenoetan nahi bezala guztia ateratzeko beste botu zeukalako. PNVk alkatea bere du, bilera permanentean gehiengo absolutua du, eta plenoan, UCDren laguntzaz, estatu onean daude, zeukaten problema bakarra bazen ere. Honek aldean dakar oposizioa eskuak lotuta egotea, hark berak organo exekutiboak kontrolatzen zituenez, guztiz leloena zen aiuntamenduaren barruan behar bezalako politikan aritzea. Guk alderdi gisa egin genuen balorazioa jarrera politikoaz aldatzea zen, hasiera batetan, hiritar mugimenduari autonomia osoa eman behar zitzaiola eta honen planteiamendu politikoen artean nahasi behar ez zela uste genuelako. Guk uste izan dugu, gaur egun gauden gaudenean, auzoek berek kontrolatu behar zutela udal gestioa; beraz, ezkerraren kontzejalen lotura ageririk ez zen egon behar hiritar mugimenduarekiko, ekintzaren zentzu politikoan, ez ideologi arloan. Aiuntamendu barruan inolako gestiorik ezin egin zitekeela ikusi zenean, beste maila batetara pasatu ginen, hots, kontzejalak eta postuak eragile politiko gisa erabiltzera: haustura gertatua zen, beraz ez kontzejalik, ez gestiorik, ez ezertxo ere, gauza zen hiritar mugimenduan sartzea, berririk izatekotan abisu ematea, antolatzea, azken batetan, aldaketa erradikala, alegia. Gaur egun aiuntamenduan ezin egin daiteke inongo gestiorik, den-dena menpean dute; oraintxe ere egoera politiko zaila gertatu da, zeren eta plenoan, gehiengo absoluturik ez duen leku bakar honetan, kontra jarri baitzaio UCD, hain izan baita arbitrarioa PNVren jarrera.

Ezkerra ez zatituta huts egin zuen PNVk, gauza askotan elkarrengandik guztiz aldenduta gaudelako. Hau guztiau galduta ikusirik, ez zitzaion, bada, bururatu autoritarioagoa izatez besterik Honela, bada, UCD ere kontran jarri zitzaion. Orain marka ederra dugu: 13-16 proportzioan gaude plenoan, baina, dirudienez, independenteetako bat PNVra doa, beraz 14-15 heinean geundeke oraindik, baina nola UCDren Cotera kontzejalak karguari utzi baitio, hainbatean gaude, hots, 14-14. Honelakotan, Alkatearen botuak garaitzen du eta ageri denez, gaur egun gestio politikoren bat behar dena antolatze-lana da, hiritar mugimenduari eutsi eta laguntzea, eragitea, honekin ez da esan nahi hiritar mugimenduaren barneko planteiamenduan sartu beharko denik presio ikuspuntu batez. Kontzejal batengan kontzejal eta alderdi iraultzaile baten kide den aldetik, egon daitekeen bitariko ikusmoldean, garaitu behar omen du kontzejal jarrerak, hasiera batetan, bestetariko jarrerak ikus ditzan herriak, baina oraingo honetan iraultzailearen jarrera nabarik gaintzen zaio besteari, aiuntamenduan iragaitzaz dagoen arren, alderdikide gisa baitago, egon ere.

2.- Lehengoan esan honekin lotuz, aiuntamentuak dauzkan arazorik larrienak ez ditu Bilbok arazorik larrienak. Bereizi beharra dago, halere: programarik ez dagoenez gero, ez dago epe luzerako alternatibarik eta geroan begira perspektibarik ez dagoenez gero, bultzaka eta tipust-tapastean ari da.

Oraingo arazorik astunenak bitan banatuko lirateke: bata, Bilboren geroa, hots zer gertatuko ote zaion Bilbori 10 urteren barru, eta zeintzu arazo dituen lehendik eta bestea, Aiuntamenduak dituen arazoak. Gauregun, lehendik geneuzkan defizitez bultzaka ari gara; hementxe dago gakoa: lehendik etorritako arazoak zeintzu genituen, zergatik ote genituen infrastrukturarik ezagatik, Bilboren hazieragatik; bestalde langile, etorkinen esplotazioa, herritar auzunenak, espekulazio maila garaiak dituztelarik. Hau honetara jotzen da, etorkina bertara zetorrenean ahal bezala finkatzen zen lana zuelako eta gauza handirik eskatu gabe, alegia; etorkina bertakotu da jadanik eta zenbait arazo, zergatik bizi ote den hola edo hala, planteiatzen hasia da. Honetara, infrastrukturarik ezaren arazoak ikusten ari da eta hemendixek sortzen da infrastruktura hoiek kontribuzio berezien bidez pagatu beharra eta jendea kontra eta nazkaturik dago.

Ondoan arazo larria dugu Otxarkoagakoa; lehenik eta behin, arazo hauek guztiok aurreko urteetako infrastrukturarik ezak sortuak dira.

Bilboren auziak bere geroaren menpe funtziotan daude: ba dago burjeseriak asmatutako projektu ageri bat. Makina bat datu fidagarri dago, gaia ondoko eran doakeela pentsatzeko:

Bilbo Haundiko eskualde multzo batua dugu, berezitasun behinena duena: langile askotxo du eta eskuina beldurtzen du honek. Industriatsua da, entrepresa deskapitalizatua gehien bat dagoela. Honexek sortzea eman dio halako entrepresa handitzat bati lanesku espezializatu gabea behar duela eta hondatzear dagoela. Entrepresa hauek hil-bizitan daude gaur egun, denok dakigunez, gero eta galera itzelagoak dituztela. Beraz, burjeseriaren asmoa ondokoa da:

1.- Superportua egitea, Europakorik hoberena bihurtu nahiz. Bere eragina Gasteizeraino helduko litzateke. Superportuak ekarri egingo luke neurri handitako entrepresa, lanesku txit espezializatua beharko lukeena. Modu honetara, halako langile aristokrazia bat sortuko litzateke, langile multzo handiak hautsiko lituzkeena.

2.- Honek Bilbo hirugarren sektoreko hiri bihurtuko du, hots, zerbitzu-hiria, merkatalgoan oinarritua. Gaminiz (Plentzia) luxuzko zona luke hark.

Gisa honetara, bigarren sektoreko hiria (langilegoaren auziak dituena), zerbitzu-hiri bihurtuko da, dirutza handiak dakartzana. Horrela, ezkerraldea jendez hustuko litzateke pixkanaka eta baratzetarako gordeko.

Txoriherri ere zerbitzutarako hiri handi bihurtuko da. Oraintsu, pertsonaia batek esan zuen, eta arrazoia lagun, argi asko ezen "Txoriherri ondoan Estatu Espainolean dagokeen espekulaziorik handiena gordetzen dela". Ikusmira honetatik aireportuaren arazoa ikusiko litzateke berak hartzen duen orubearen arazo gisa, ez berezko arazo gisa, hona, bada.

Derio'ko alderako projektu ekintza guztiei eta traba egitea nondik sortzen den, langilegoa haziko bailitzateke.

Honetara, PNV saiatu egiten da desanexio prozesua boikotatzen, udal gestio berriak ekarriko bailituzke hark.

3.- Gaur egun ez dago inolako projekturik, errealitate usainik ere duenik.

- Bilborako plan jenerala dago baina ez da batere eginkorra. Orubelegea eginarren, ez egitearen arauerakoa behar da izan. Leloaren gauza litzateke beste ikuspuntu batetik begiratzea, zeren Bilbo jadanik eratuta baitago.

- Beste projektu bat, kontribuzio berezien (?) hazierakoa dugu.

Ez dago besterik; zerbait egiten saiatu izanda aireportuaz baina PNVk enbarazu egin zion. Ez dago aurrekontuei buruzko politika, gisakorik ere. Aurten, ekonomi akordio ekin, 4.700etik 7.000 milioitara pasatuko da aurrekontuan. Inork ez daki zertarako den eta zertan gastatuko den dirutza hori.

Finean, Bilboko Aiuntamenduan ez dago elkarrizketarako aukerarik. Beraz, ezin onar daiteke inongo projektu politiko koherentziadunik.


Hankaz gora

Bermeon entzunikoa

A.— Zelako folloia dakarzue PNV-en aspaldion, batak direla eta bestak direla.

 B.— Ba dakizu zelakoak garen hemen, eta batez ere horiek: geu nagusi ala musturrak hausi.

A.— Horiek?, zeu ze partetakoa zara ba?

 B.— Ni, sabinianoa.

A.— Orduan gauetan, noizik behin, batzokian tokatuko zaizu lo egitea, arzallustarrak ez etortzeko, ez da?

 B.— Ez, hori antonianoak egiten dute.

A.— Zelako antonianoak?, erretuta zagoz. Sabinianoak gura izango duzu esan, antonianoak frailetakoak dira eta.

 B.— Ez andrea, ez. Ondo esan dut. Frailetako antonianorik ez dago orain, haiek desagertu ziren, San Antonio gizajoari inork ez dio kasurik egiten eta. Oraingo antonianoak santu berri bat daukate: Antonio Ormaza, eta horiek dira batzokia jagoten dagozenak, gau eta egun. Benetako sabinianoak geu gara: arzallustarrak.

EDDY

 Giza tximinoa sortuko ote? Azkenaldi honetan jakin izan denez, txinatar zientzigizon batzuk gizaziz (1) ernaldu zuten tximino eme bat. Kultur Iraultzaren garaiak ziren eta halako une batez Txinako goardia gorriek hartu zuten indarrez, tximino emearen, hots, txinpantzearen ernalketa burututako laborategia. Honen eta ardurarik ezaren, ondorioz hil egin zen hiru hilabetetako umedun zegoelarik. Medikuek ez zuten autopsia egiteko aukerarik izan eta beraz, gizakumea, tximinokumea ala giza tximinoa ote zen jakin gabe geratu gara. Baina azkeneraino heltzearren, holako ernalketa batez zer (ala nor) sortuko ote zen jakitearren, alegia, aproba berriz egin beharko litzateke. Tximino emeak ba daude makina bat; auzia litzateke emea ernaltzeko gizazia emango lukeen gizonik aurkitzea. Agian bai, agian ez; txoria eta eskribaua luma ederrez.

(1) Semen humano.

 "Hablar por telefono con Tejero es muy fácil". Hala zioen Diario 16 egunkariak eta delakoa egia zela frogatzeko egunkari horretako kazetari baten elkarrizketatxoa argitaratu zuten. Tejero Alcala de Henares-eko gartzela militarrean aurkitzen da eta edonork telefonoz hitzegin diezaioke. Tejeroren hizketaldi telefonikoaren arauera, "oso ongi aurkitzen da hiru izarretako hotel horretan". Gauza bat bakarrik falta egiten zaio: "Harantz honuntz ibiltzeko askatasuna". Telefonoz hitzegin nahi baduzue, ez duzue zuen izenik eman behar, sasi-izen batekin nahiko. Zergatik ez gara saiatzen Soriako eta Carabancheleko presoekin berdin egiten?

 Poliziakoek ez dute "barregurarik sortu nahi". Batallon Vasco Español delakoak ez da atzoko erakunde bat. Orain dela sei edo zazpi urte, bere ekintzak egiten hasia da. Denbora oso luzea benetan. Hala ere, orain oso gutxira arte poliziakoek ez zuten inor arrapa eta atxilotu. Guk, egia esan, "apologia del terrorismo" egiten duten guzi hoiei kasu egiteagatik edo, beraiekin harreman oso estuetan zeudela ere uste genuen. Baina ba dirudi ez dela horrela. Begira zer dioen Gipuzkoako gobernadore zibilak; egiozu kasu eta konprenituko duzu zergatik ez den egon orain arte atxilotzerik: "No podemos caer en el ridículo de detener a unas personas acusándolas de ultraderechistas y asesinos para luego tener que ponerlas en libertad". Horregatik ez dute orain arte inor harrapatu. Aurrerantzean, inongo atxiloketaren aurrean barregura etortzen bazaizu, esaiozu lehenbailehen Gipuzkoako Gobernadore Zibilari eta ez zaituzte detenituko. Esan zuen lagunei berdin egin dezaten.

 Nahiz eta barre egiteko gogo guztiak euki, 600 atxilotu egon da Euskal Herrian. Jende guztiak omen dakienez, 600 atxilotu egon da Euskal Herrian azken hilabete hauetan. Askoren ustez hasi besterik ez da izan eta berdin jarraitzeko asmoa duela gobernuak uste dezakegu. Harrapatutako batzu askatuak izan dira, beste batzu oraindik ere inkomunikaturik segitzen dute. Denei "ley antiterrorista" delakoa erantsi zaie. Beti bezala "behar diren neurriekin trataturik izan dira" Gobernuak bere aldetik demokraziaren defentsan zenbait lege berri proposatuko du Espainiako legebiltzarrearen aurrean. Adierazpen askatasunari dagokionez murriketa itzelak datozkigu gainera. Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria "egunkarien hertsialdiaren kontra ageri da". Zenbait jendek galdetu digu ea guri (ANAITASUNAri) lege berria zetorkigun ala ez. Tristeziaz ezetz erantzun diegu, Euskal Prentsak ez baitaki zer den "adierazpen askatasun" hori. Euskaraz ez dago horrelakorik. Guk lege berezi baten menpean gaude. Euskararen genozidio-legea deritza gureak.

 Fraga jaun demokratikoa eriotza pena zabaltzearen alde "terrorismoa uxatzeko". Adineko espainarrek nahi zutela (eriotza pena hau, noski) esateaz batera honelako honetaz harritzen gintuen; "Erailketa gogor bat egin edo lehergailuz biztanle indefentsoak arriskuan jartzen duen terroristari ongi legokio pena hori jezartzea". Dirudienez Fraga ez da ahaztu oraindik 1976.ean Gasteizen gertaturiko hartaz, eta ahaztu baldin bada herria ez da ahantzi inolaz ere. Han jazo zena terrorismoa izango ote zen, ezta?

 1980. urteak industriak ez du desarroilorik izan: Arrantzan eta Nekazaritzan hamarkadako hazkortzerik handiena izan baldin ba da pasatutako urte honetan, urte berean, baina industriari dagokionez desarroilo hori zerokoa izan dela esan genezake. Finantziatzeko ahalmena, ihaz esate baterako, guztiz negatiboa izan zen 1979.ean 24.100 miloitan positiboa zen bitartean. Datu hauek Martxoan argitaratutako datu ofizialeak ditugu, baina oraindik ezein kapitalista ez da gosez hil.

 Ballesteros eta Dopico jaun agurgarriak Poliziaren barnean azendituak izango dira: Arregiren hilketaren erantzule zuzenak diren polizia bi hauek egoera hobeago bat ezagutuko dute poliziagintzan. Arregi hil ondoren poliziaren aurka egin ziren kritikak zirela medio haien dimisioa aurkeztu ondoren eskertuak izango dira eta ondorengo postu hauek eskuratuko dituzte: Ballesterosek terrorismoaren aurkako ekintzetan goi-ardura eta Dopicok bere aldetik Poliziaren zuzendaritza orokorra.

 Reaganek Hezkuntza elebiduna debekatzen du: Jendeak ez badaki ere, Estatu Batuetako zenbait estatutan elebitasun bitxi bat zegoen orain arte, batez ere, Hegoaldeko eta mendebaldeko zenbait estatutan. Dakigunez, Hego Ameriketako bizilagunak ugariak dira aipatutako estatuotan. Mexikar, Porto-Rico edo/ta Venezuelarrek gaztelaniaz egiten zituzten haien ikasketak. Gaztelania irakasten zen eskola askotan estatuon barne, kalkulo batek esaten digun bezalaxe la hiru miloi t'erdi hauek ikasten zuten aipatutako gaztelania hau. Reagan jaunak dituen pentsamolde berriak direla eta, hezkuntza elebidunak aldi berri bat ezagutuko du. Lehendakari berriak, orain arte izan dituzten subentsioak moztu egin dizkielako. Dirudienez kultura ez da batere garrantzitsua estatu horietan, armak dira mundua mogitzen dutenak eta. Trogloditiko eta atzerakoi guztiek esaten dituzte horrelako gauzak. Herri txikien nortasunak txikikeriak baino ez omen dira. Reagan, Fraga eta Calvo Sotelo aska bardinetik datozkigu.

 Azken hamar urteotan 90.000 erlijiosok gonak utzi: Gonak uzteaz batera estatu sekularra eskatu ere bai egin dute erlijiosook azken hamarkada honetan. Gure berri hau erlijiosoek zabaldutako notizia batetik datorkigu, ez ote dira gehiago izango? Baina ikus dezagun nola sailkatzen den kopuru oso hau. Alde batetik monjak ditugu, gremio honetakoen artetik 72.057k egin dute hanka. Fraileen artean kopurua txikitxoagoa izan arren ere 17.000tatik ez da jeisten. Kopuruotan ez ditugu sartzen boto txikiak egin dituzten lagunak. Sartuz gero kopurua askoz altuago litzateke gure ustez. Nahiz eta langabezia handi izan, guzti hori normala dela deritzogu. Norberak nahi duena sines dezake, baina sinesteen gainetik norberaren dignitatea dago eta gizateriaren errespetua ere bai, eta egia esan Eliza ofizialak ba du honetan franko ikasterik.

 "El Libro Rojo del Cole" eta "El no vasco a la Constitución" liburuak Barakaldoko udalan: Jakingo duzuenez liburu bi hauek debekaturik agertzen dira aspaldidanik, hala ta guztiz ere aipaturiko udal horrek erostea erabagi du Adierazpen askatasunaren alde daudelako. Baina erosi diren liburuen artean badira ere erotikotzat kontsidera daitezkeenak, "Fanny Hill" kasureko.

 "La Arboleda" herrixkan aurkituriko armategiak 20 bala baino ez zituen: Propaganda gehiegixea egin arren herri hortan agertu zen armategiak hogei bala zituen bakarrik erabiltzeko modukoak, beste guztiak ustelduak baitzeuden. Poliziak, berak, esan duenez han aurkituriko hainbat munizio gerra denporakoa dela ematen zuen! "Hurrineko intzaurrak hamalau, bertara joanez gero lau" esaten zuen gure amama zabarrak irratitik entzuten zituen berriak interesatzen ez zaizkionean.

 Euskal Hertzaintzak bikinidunak ere izango ditu: Eusko Gobernuko barne ministeritzak aditzera eman duenez denbora gutxi barru andrazkoek ere jantzi ahal izango dute euskal hertzaintzaren kolore liluragarria. Urte amaieran zabalduko omen da izena emateko epea eta promozio honetatik irtengo diren neskek hertzaintzaren % 15-20a beteko omen dute.

 LKI alderdiak Aberri Eguna bateratsu bat eskatzen du: Bazko igandean Euskaldunek ospatzen duten jaietariko nagusi bat Aberri Eguna hau dugu. Aberri Egunok historia luze bat dute gure Herriaren kondaira beri honetan. Batzutan debekatuak izan dira beste batzutan onartuak baina zigortuak eta beste batzutan "goizaldeko Errosarioa" bezala amaitu egin dira batzuk besteen kontra gogor eginda. Oraingo honetarako alderdi honek egun bateratsu bat egitea gomendatzen digu nazio askatasunen alde.

 Markos Bizkaia kostituzioaren zaintzaile porrokatua: La Gaceta del Norteko idazlea den Charo Zarzalejosi esan zionez "PNVa kostituzioaren zaintzale nagusia bihurtu da beste alderdi batzuk gaizki interpretatzen dutelako" Ez genekien guk PNVak hainbeste interesik izango zuenik Kostituzio hori defendatzeko orduko haretan abstenidu egin baitziren. Markos honek Euskal Herriak zuen zulotik irtetzeko zegoen bide bakarra erreformea zela esan zuen.

 Blas Piñar Militar Gobernu baten aurka: Armada eta Milans jaunak jaun ohoretsuak direla aipatzen zuten bitartean eta Palma eguzkitsu horretan aurkitzen zelarik Militar Gobernu baten aurkakoa zela adierazten zion efe agentziari. Dena den —dio berak— "Erregeak militar bat aurkeztuko balu kongresoan eta onartua balitz niri oso ongi irudituko zitzaidan, baina halan eta guztiz ere, ni Gobernu Militarraren aurkakoa naiz". Eta zeuk dioskuzu hori, muxila?


Nazioartekoa

Frantziako hauteskundeetaz

Bageneraman nahiko denbora hemengo lehendakaritzarako hauteskundeetaz entzuten eta eztabaidatzen, baina epea betetzen ari denez gero, propaganda gero eta gehiagotu egin da azken egunetan.

Ez dut hemen beste hauteskunderik bizi, baina ematen dit inoiz baino hotzago dabilela jendea beraiei buruz; bai, hori da kanpaina honen berezitasun nagusiena: hoztasuna, edo ausartuko nintzateke ia esatera, gehiengoaren indiferentzia edo eskeptizismoa.

Aurrez aurretik nortzuk burrukatuko dute bataila horretan: lehenik, eta batez ere, alderdi handien ordezkariak, hau da J. Chirac (R.P.R., gaullistak), V. Giscard d'Estaing (U.D.F. gobernuan dagoen alderdi edo koalizioa), R. Mitterrand (P.S.), eta G. Marchais (P.C.F.). Gero, alderdi txikien ordezkariak, alderdi handien beste zenbait, et independenteak: R.P.R. tik, M.F. Garaud emakume gogorra, M. Debré ministro-ohia, H. Bouchardeau, (P.S.U., h.d., Alderdi sozialista batua), L.V.L. tik A. Krivine, etab. eta gero independenteen artean, Coluche komikalaria, pasotismoaren izenean, eta B. Lalonde, ekologista.

Zerrenda luze hau eman badut, ez da izan inor aspertzeko, dagoen aukeraren ideia emateko baino.

Hala ere, oraindik ez dago argi arestian aipatu ditudan guztiek parte hartuko dutenentz, zeren hemen parte hartzeko 500 alkateren sinadurak lortu behar baitira, eta hori zaila egingo zaie talde txikienei eta independentei. Selekzio beste modu bat, beraz, edo beste era batetara esanda, alderdi handien handitasuna gordetzea, zeren alderdi horiek ez badiete askatasunik ematen beraien alkateei, sinadura besteei emateko; hortaz, interesgarria iruditu zait azken astean intelektual talde batek egindako deia: ezkerreko talde handiei eskatzen diete alderdi ezkertiar txikiak laguntzea. Ez dakit egingo duten...

Edonola ere, hainbeste jende egonda, ez dago horren beste posibilitaterik; ez dakit jakingo duzuen, baina hemen hauteskundeek bi parte dituzte; lehenean botu gehien lortu duten biak aukeratzen dira, eta bigarrenean, beraien artean hautatu behar da.

Beraz, oraingoz zeraz pentsa dezakegu, ea zein izango den lehen aldiko bikote irabazlea. Giscard-Mitterrand dirudi posibleena, baina nork daki? Dena den, ba dirudi bikote horri problemak planteia diezaiokeen bakarra Chirac dela; besteek inola ere ez.

Eta 2. aldian zer gerta daiteke? R.P.K.koek Giscard-i emango diote botua, eta komunistek eta beste ezkertiarrek, Miterrand-i? Ez, ez dago batere argi, batez ere ezkerraren batasuna apurtu zenetik, oso txarrak direlako harremanak komunistak eta sozialisten artean.

Baina zer pentsatzen du kaleko jendeak? Gehienek, nire ustez, Giscard edukiko dutela lehendakaritzat 7 urte gehiago.

Azken asteetan egin diren inkestetan, Giscard-en aldeko portzentaia jaitsi egin da, baina geure buruari egin diezaiokegun galdera hauxe da:

Giscard ez bada, nor izan daiteke? Eta gehienek ez dugu besterik ikusten, zoritxarrez. Hau da, Giscard-ek gehiegi konbentzitzen ez badu ere, eta pasatutako 7 urteetan gauza asko txarto egin baditu, nork eskaintzen die gehiago, beraien nahiak aztertuta gero?

Mitterrand-ek nahiko irudi seguru eta kontziliagarria eman du orain arte, batez ere beste ezkerrera begira, baina ez dut uste irabaz dezakeenik, batez ere, beste ezker horrek apoiatzen ez duelako. Bestalde, Mitterrand-ek parte hartuko zuela esan baino lehen, dudatan egon zen Rocard-en kandidatura, h.d., sozial-demokratena, baina lehen idazkariaren erabakiak, duda guztiak ezabatu zituen; ihez, eztabaida handiak egon ziren, hala ere, alderdi sozialistaren tendentzia guztien artean, eta askok diote, seguru aski arrazoiz, Rocard Mitterrand-en lekuan aurkeztu ondoren, posibilitate askoz gehiago eduki zukeela P.S.k hauteskundeetan, horrela zentruko botu gehiago lortu ahal izango baitzukeen; baina ez du merezi gertatu ez diren gauzetaz mintzatzea, nire ustez.

Alderdi edo kandidato bakoitzaren kanpainak ez dira izan orain arte itzelak; komunistak, langabezia desagerreraztea agindu, eta Frantziako independentzia (zentzu guztietan) bultzatu; Chirac-ek, ekonomiaren liberazioa (zergak gutxitzea, dirigismoarekin amaitzea, orden eta "segurtasuna", Frantziak munduan daukan irudia berrindartzea; P.S.U., justizia, eta marginapen guztien bukapena; Coluche-k, barre egitea...

Oraindik hilabete gelditzen da lehen parte gertatu arte, eta gauza berriak ager daitezke bitartean, baina berdin segitzen jokoa, gehiegi horrela egoteko.

Noizean behin, halere, jasoera txikiek eztabaidera bultzatzen dute, beste handiagorik ez dagoelako, noski; hala nola, azken astean, kanpo-arazoei buruzkoa. Kontatu egingo dut lau hitzetan, dauden debaten irudia ematearren:

Joan den astelehenean, telebistan hitz egiten zuelarik, buruz egin dituen iruzkin onetaz, hots, hori dela Giscard-ek Breznev-ekin eduki zuen elkarrizketaren soldata, hau da, gutxi gora behera, saldu egin dela berriz ere, zerbait positibo lortzearren. Beno ba, horrek mina egin dio "erregeari", eta eztabaida gogorra agertu da komunikabideetan, bakarrik horri buruz, aste osoan zehar...

Eta hemen segitzen dugu, itxaroten, esperantzarik gabe...

Maria Jesus Esteban


Gaiak. Elkarrikuska

Amuriza, gizona eta bertsolaria

Xabier Amuriza Zarraonandia, naiz eta orain ia 40 urte jaio Etxanon, ba dirudi askorentzat, atzo ikusi duela lehen aldiz argia, hau da, Euskal Herriko Bertsolarien Txapeldun bihurtzean.

Guk, elkarrizketa luze honetan, bertsolaritzari buruz ere berba eginarren, gure helburua beste bat izan da: hau da, ez gara bertsolariarengana joan, gizonarengana eta langilearengana baizik.

Beraz, gure helburua, langile eta burrukalari hau bere osotasunean agertzea zen, bertsolaria dela ahaztu barik, idazlea, itzultzailea, politikoa, apaiz konprometitua, linguista, euskaltzain laguntzailea, bertso-ikertzailea eta abar ere ba dela ala izan dela adieraziz.

Orduan gauza gogor zegoen eta gogor ekintza bat izan zen

ANAI.— Noiz sartu zinen seminariora?

 X.A.— 11 urtekin. Fraile lehenengo eta gero bigarren urtean seminariora. Zornotzako karmelitetan lehen eta gero Deriora apaiz. 1965.ean egin nintzen apaiz. Gizaburuagan egon nintzen destinatua eta urte bete eginda Amorotora hiru urte ta piko.

ANAI.— Eta GOGOR taldearen asuntua noiz izan zen?

 X.A.— Hori gartzelara joan baino urte bat aurrerago izan zen, 68.urtean.

ANAI.— Eta gartzela GOGOR asuntutik etorri zen?

 X.A.— Bueno, GOGOR asuntutik ez. Orduan gauza gogor zegoen eta GOGOR ekintza bat izan zen. Errepresioa gorantz joan zen eta handik zortzi hilabetetara izan zen gure ekintza, gose-greba, bosten artean.

ANAI.— Eta gose-greba izan zen kartzelara bialtzeko kargua?

 X.A.— Kargua hauxe izan zen: rebelión militar. Ez gehiago, ez gutxiago. Gose-greba egin genuelako...

ANAI.— Eta gartzela beti Zamora?

 X.A.— Bai beti Zamoran. Bueno, sarreran hogei egun Basaurin, baina pasoan, eta gero Zamoran. Gero erdian Carabanchel-go ospitalean egin genituen zazpi egun. Motin bat eta gose-greba famatu bat eta gartzela erre egin ondoren atera egin gintuzten, Carabanchelera, baina berriro handik aste batera lehengo zulora...

ANAI.— Eta gartzelan ze denbora egin zenuen?

 X.A.— 69.eko Maiatzaren 30'etik, hortik dator "maiatzaren egun batez, hogei ta hamar hain suertez", 75.eko Abuztuaren 25'era. Beraz, sei urte ta hiru hilabete.

Bost urte egin nituen egunean kantatu nuen taberna batean

ANAI.— Zu noiz hasi zinen bertsotan?

 X.A.— Hasi, ba, berbetan, hizketan hasi nintzenez batera. Gure aita bertsozalea zen... orduan bertso zaharrak kantatzen hasi nintzen ni hizketan hasi nuenez batera. Publikoen, mutikotan, txiki-txikitan, gure aita oso umore onekoa zen eta tabernetan, saltseroa eta animazioa sartzen zuena. Ni gogoratzen naizela behintzat bost urte egin nituen egunean kantatu nuen taberna batean, mostradore baten gainera altxatuta. Gero fraile eraman nindutenean, eta batez ere seminarioan, utzi nuen erabat, guztiz, euskera egitea ere nahiko persegiturik, nahiko ez, oso persegiturik baitzegoen, eta 18-19 urtekin berriro hasi nintzen neure kontura eta pixka bat burua erakusten; orduan, udako oporraldietan, 21-22 urtekin, herriko jaietan kantatu nuen publiko aurrean, herriko jaietan eta hauzoren batean edo bestean. Gero, apaiz nintzela, ia normal kantatzen nuen, Bizkaian behintzat nahiko asko, udan batez ere.

ANAI.— Eta gartzelan kantatu?

 X.A.— Gartzelan kantatu? Lehenengo urtean bertso berriak egin eta horrela bai. Kanpoko oroitzapena ala gomuta fresko zegoen bitartean, lagun artean ere kantatzen genuen, baina urte bete pasatu eta gero ez genuen horrela lagun artean kantatzen. Gartzelan bertsoak eskatzen duen lagun arteko giro hori egitea zaila da. Egiten genituen lanak, teorikoak ziren, gehienbat.

ANAI.— Eta bertsolaritza landu?

 X.A.— Hori bai, landu bai. Batez ere errima-hiztegia. Gero, tarteka, bertso batzu egin. Baina, gartzelan egin nuen hainbeste denbora ikusita, ba, ez nuen askorik egin. Gartzelan, ni behintzat, oso zail eta —autzu— aurkitzen nintzen bertsoak egiteko, batez ere, pare bat, hiru bat urtetik aurrera. Zerbait izaten zenean, gertaeraren bat, (beti gertaera txarra, gartzelan ez baitago gertaera onik) motina edo gose-greba edo gauza gogoren bat, orduan egiten nituen bertso batzu.

ANAI.— Eta doinurik asmatu?

 X.A.— Bai, doinuak asmatu ere; batzu egin nituen gartzelan, ez dakit zenbat. Esate baterako, azken txapelketan atera nituen doinu berri bi horietatik bat gartzelan kantatzen genuena zen.

Jendeak gartzelatik datorrenari, lehenengo, arnasa hartzen utzi behar dio

ANAI.— Handik itzultzean zer egin zenuen?

 X.A.— Ba, gartzelatik etortzea nahiko giro latza eta nahiko gomuta... tristea edo gogorra daukat nik kartzelatik irten nintzeneko giroa. Garai haietan, gartzelako presoei buruz, zatiketak eta gauzak eta zurrumurruak esaten ziren kanpoan, hau ginela, hori ginela, komunistak, españolistak, abertzaleak... ez dakit zer, ba dakit zer; orduan, kanpora etorri nintzenean mundu guztia ikusi nuen erpeak gainera botatzen bezala, konkistatzen bezala,... horrek oso inpresio eskasa egin zidan. Jendeak gartzelatik datorrenari, lehenengo, arnasa hartzen utzi behar dio, sospetxak, errezeloak eta interrogatorioak utzita. Horregatik, pare bat hiletan nahiko txarto ibili nintzen.

ANAI.— Eta bertsolaritzari buruz?

 X.A.— Erabakita neukan denboraldi bat pasatu arte ez kantatzea, jakina. Gartzelatik irtetzean beste gauza batzu egin behar ziren: jendea ikusi, munduarekin berriro adiskidetu, errekonziliatu, nondik genbiltzan ikusi... Ni Abuztuan atera nintzen gartzelatik eta udaberrian, Apirilean edo, Gernikako bonbaketaren urtehurrenean izan zen nire lehenengo debuta. Orduan, ba, zazpi bat hilabete pasatu nituen kantatu gabe.

ANAI.— Momentu hortan ez zinen apaiza, ez da?

 X.A.— Bueno, ni gartzelatik irten eta praktikan ez nintzen apaiza baina herrira joaten nintzen, eta denborarekin pentsatuko nuela esan nien. Gero, handik urte betera utzi nuen ofizialki apaizgintza.

ANAI.— Eta noiz sentitu zinen lehen mailako bertsolaria?

 X.A.— Apirilean Gernikan egin nuen lehenengo debuta, debut inportantea izan zen, jende asko etorri zen, eta asko, uste dut, niregatik etorri zela. Jaialdi haundia izan zen. Orduan, obligaturik, beharturik nengoen maila hartan segitzera. Larritasun haundiak pasatuta, hurrengo udan hor ibiltzen nintzen beste guztiekin.

ANAI.— Bilboko jaietan, ez dakit seguru noiz, protesta bat egon, protesta bat egon zen esanez zu ez zinela lehen mailakoa. Zer da hortaz?

 X.A.— Bai, baina hori oraintsu izan da, orain bi urte edo. Bai gogoratzen naiz gogoratzen naiz egunkarietan jartzen zuela "lehen mailako bertsolariak", eta ia nork esan duen Amuriza lehengo mailakoa dela eta horrelako protestak izan ziren, EGIN-era deituta.

Xalbadorrek ez du izan bere bizitzan merezi zuen aitormenik

ANAI.— Eta gero, ihaz, txapelketa etorri zen. Baina, aurretik, zu sarritan izan zara txapelketako epaimahaikoa, ez da?

 X.A.— Lehen, sarritan ez, baina bai aukera inportante batzutan. Basarrik saria irabazi zuenean, Uztapidek irabazi zuenean ere bai, Xalbadorri txistua jo ziotenean ere bai. Orduan, bi txapelketa eta sariketa batetan izan naiz ni mahaiko.

ANAI.— Entzuna daukat, zu Xalbadorrekin zorra daukazulakoan edo geratu zinela txapelketa hartan?

 X.A.— Ni eta beste asko ere bai. Ni epaimahaikoa izan nintzen txapelketa batean, hain suertez, txistua jo zioten txapelketa hartan, Xalbadorrek bertso antologikoa bota zituen, ez nuke esango orain zenbat, baina zortzitik gora bai, antologikoak, neurritik kanporakoak. Eta neurritik kanporako zortzi-hamar bertso saio batean botatzen dituenak txapelik merezi ez badu, ba ia! Eta orduan zorretan asko geratu ginen. Xalbadorrek ez du izan bere bizitzan merezi zuen aitormenik. Ez zen sekulan izan txapeldun, eta historia guztiko bertsolari haundienetarikoa izan da.

Txapelketak arrisku haundiak baitaukaz

ANAI.— Gero txapeldun izatea pasatu zara. Nola prestatu zenuen aurretik txapelketa?

 X.A.— Batez ere, mentalizazio psikologikoa, horretan saiatu nintzen ni asko. Parte hartzen nuen lehenengo txapelketa zen. Partehartzera obligatua aurkitzen nintzen. Jende herritar askoren artean ni bertsolari ikasia nintzen baina txapelketatik pasatu gabea, orduan neure buruan erantzunkizun edo erresponsabilitate nahiko teorikoa behintzat, ba neukan. Aurreko hamabost egunetan zentratzen eta mekanismo psikologikoak dominatzen, pentsatzen eta nerbioak dominatzen... hortan eman nuen denbora gehiena. Gero, prestakuntza teknikoan zerbait egin nuen, baina gehiegi ez. Bertsolari guztiek egiten dutena: errimak, apur bat ekin eta ibili.

ANAI.— Zelako giroa izan zen txapelketan zuen artean, bertsolarion artean?

 X.A.— Txapelketaren aurretik izan dira eztabaidak, baina arazo extrinsekoengatik: txapelketa komeni zen, ez zen, behar zen, ez zen behar... eta hor izan ziren aldekoak eta kontrakoak. Eta gero, hortik aparte, txapelketaren antolamendua, txapelketak arrisku haundiak baitauka, lehen Xalbadorrekin eta beste batzurekin gertatua; txapelketan oso zaila da ondo neurtzea eta beti gertatzen dira oroitzapen latzak, garratzak, eta horren bildurra zegoen: herriak nola hartuko zuen, Azkenean baietz esan genuenok joan ginen eta ezetz esan zutenak gelditu ziren, eta horregatik denok lehen bezala, adiskide, gelditu ginen. Gure artean ez genuen euki eztabaidarik ez gutxiagorik ere.

Literatur jenerorik herrikoienean nahi nuen demostratu.

ANAI.— Eta zergatik kantatu zenuen batuaz? Bizkaieraz errazagoa ez da?

 X.A.— Errezago? Ba, segun. Nik batuaz kantatu nuen planteiamendu bat eginez: Euskal Herriko txapelketa zen eta Euskal Herriko hizkuntzarik ez dago euskara batua izan ezik. Hori bat. Bigarren, bizkaieraz eginda gero, Donostian, finalean, nola egin behar nuen? Orduan, txapelketa berean, batean bizkaieraz eta bestean batuaz edo gipuzkeraz? Ba, ez. Orduan, hiru saietan modu batera egitea pentsatu nuen. Eta azken batez, hori ere arrazoi inportante, euskara batua ez zela hizkuntza lehor eta artifizial bat demostratu nahi nuen. Euskara batuak, balio duela, literatur jenerorik herrikoienean nahi nuen demostratu.

ANAI.— Gero hori argitaratu egin da, eta H-rik gabe. Zer dela eta?

 X.A.— Aita Zavala etorri zitzaigunean bakoitzari bertsoak nola zeuden erakustera orduan, ba problema zegoen, beste guztiena H-gabez agertuko zelako. Orduan nik batzu H-gabez eta beste batzu H-ez jartzea ez zitzaidala iruditzen egokiegia esan nion. Onartuko nuela H-gabez jartzea baina ohar bat aurretik jarrita, nola besteenak H-gabez jaso zituen eta H-gabez egoteko konforme zeuden, ni ez nintzela "zozo beltza" neurea bakarrik H-ez ipintzeko, baina oharra jartzeko eta hala jarri zuen.

ANAI.— Txapelketa amaitu eta gero komentario pila bat izan da. Batzuk oso goitik zebiltzela kantatzen, hurrengo urteetan ez dela zereginik zurekin, etabar. Zer uste duzu horretaz?

 X.A.— Ikusi egin behar. Uste izanda ere, nik esateko gauzak ez dira horik. Aldekoetaz ezer ere ez, baina kontrakoetaz bai.

Mundu hau, euskal kultura batez ere, nahiko arlo hestua eta ziztrina da, eta orduan, izan diren erreakzio batzuri buruz esango nieke: kontuz mutilak! hemen historia aurrera doa eta lehen ere izan dira gauza berriak eta orain ere bai... Gauzak hankaz gora eta bertsolaritzak hartu dituela ez dakit nolako moldeak eta lehengo estiloa hankaz gora doala... hemen hankaz gora ez doa ezer. Hemen, aurrera doa, eta aurrera doa. Hori bakarrik. Besterik ezer ere ez.

Bertso berrien saioak

ANAI.— Zuk egin dituzu hainbat aldiz bertso berrien saioak, musikatuak etabar. Zer dira?

 X.A.— Bai, egin ditut eta orain liburu bat ateratzeko pentsatzen nago jaialdi guzti horiekin, bilduma bat eginez. Hamasei-hamazazpi jaialdi dira, herri eta eskualde desberdinetan. Hori bertso jarrien tradizioa berriztea da, musikaz hornituz, bertsolaritzaren adar erdi ihartua berritzea eta freskatzea, arrakasta pixka bat izateko moduan. Hau da, bertso berriak jarri, eta jaialdi oso bat, herri edo eskualde baterako dedikatu, hango informazioa jasoz, gauza xelebreak, serioak, denetarikoak sartuta. Eta pozik nago lortu dudanarekin..

ANAI.— Zergatik utzi duzu lan hori?

 X.A.— Mila eragozpen direlako: musikoekin problemak izaten direlako, lanarekin ere problemak izaten direlako, udaletxean ere sartu nintzen, orduan, ez zegoen lan hori eramaterik. Gero, beste lagunak ere lanpetuak, gauza askotan sartuak, eta horrelako gauza bat aurrera serioski eramateko, ordu asko eta dedikazio haundia eman behar zaio. Dedikazio haundia emateko errentabilitate bat ere izan behar du, eta hor dago akats haundia: ezin hontara dedikatu, dedikatu gabe, ezin ezer egin, eta dedikatzen bada, hortik ez dago bizitzerik. Dena dela, orain berriro nago Martxoan edo hasteko, Urretxun Iparraguirreren ehungarren urtemugan.

ANAI.— Honelako bertso-saioak zelan prestatzen dituzu aurretik?

 X.A.— Ni jaialdi hori egin behar nuen herrira joaten nintzen eta lehenengo kazetari-lana egiten nuen: informazioa bildu, denetarikoa. Nik, gutxi gorabehera, jaialdiaren estruktura muntatuta nuen, eta estruktura horri buruz zegoen informazio guztia batu egiten nuen: pertsonajeak, gauza xelebreak, serioak, herrikoiak, ohiturak, oraingo problemak eta horrelakoak.

ANAI.— Eta aintzinako bertsolaritzarekin gonparatuz, ze urrats kualitatibo ikusten duzu honelako saio batetan? Musika ote?

 X.A.— Bertso jarriena aintzinako bertsolaritzaren funtsetariko bat da, bestea baino inportanteago. Bertso jarrietatik ezagutzen ditugu bertsolari famatuak, baina hauek egin zutena zen gai bati bertso berriak jarri. Orduan, nire salto kualitatiboa sistema horrekin, muntaketa osoa egitea, jaialdi osoa, eta gainera, herri bati osoki dedikatua ematea izango litzateke. Eta bigarrena, musikaz laguntzea. Hori kualitatiboa da Ba, ez dakit, bai eta ez. Iparragirre ere musikarekin ibiltzen zen!

Gorakada hura artifiziala izan zelako, funtsgabekoa, gorakada

ANAI.— Zuk gaurregunean zenbat kantatzen duzu?

 X.A.— Zer esango nuke nik! Neguan gutxi kantatzen dugu. Hemen ba dago dato bat oso adieragarria; ni txapeldun izan aurreko urtean, askoz ere gehiago kantatu nuen txapeldun izan eta gero baino. Zergatik? Orain lau-bost urte bolada haundia izan zen gorantz, eta dena zen jaialdia, dena zen bertsoa eta kantaldia eta zera... Eta orain kantaldiak, zenbat entzuten dira? Orain horrek beherakada haundia izan du.

ANAI.— Eta beherakada horren sustraiak non aurkitzen dira?

 X.A.— Alde batera, gorakada hura artifiziala izan zelako, funtsgabekoa, gorakada extrinseko bat; gauza kulturalak egiten ziren baina ez barrutik horrek zeraman dinamikaz, baizik eta beste motibo batzurengatik: jendea biltzeko, eta Franco hil ondoren, denok dakigu zer gertatu zen, nola jendea biltzen zen... orain jendea biltzeko komeriak egin behar dira. Oraingo egoera seriagoa da ordukoa baino. Oraingoan, zerbait egin behar duenak serioski egin behar du, bestela ez dauka zereginik. Orduan, kantaldiei begira gertatzen zena: kitarra bat hartu eta trank trank trink trink trink egin eta urtean berrogeitamar aldiz deitzen zioten, orain ez dago zer eginik. Bertsolaritzan ere antzera. Orain gertatzen dena beste gauza da: nik gehiago kantatzen dut, batez ere neguan, beste helburu batzuekin datozen jaialdietan: antinuklearrak, korrika, ikastolen aldekoak, haurtzaindegien aldekoak, mitinak, ez dakit zer politikoak, amnistiaren aldekoak... horrelako zerbait dagoenean niri deitzen didate, eta, nik hori printzipioz daukat, ahal badut baietz esan. Orduan, honelako jaialdiak ez dakit zenbat, baina urtean erdi beharbada honelakoak egiten ditut.

Hemen gauza bat egiten bada politizatu gabe hurrun joaterik ez dago

ANAI.— Eta lehengo entzulea eta oraingoa konparatuz zer diferentzia edo azpimarkatuko zenuke?

 X.A.— Alde batetik, tradizioa ez dagoen tokian gazteak gehiago ikusten dira bertsoen entzule. Tradizioa dagoen tokietan, zer esango nuke, ba? Orain gertatzen dena, saltsa politikoa ere ba da. Bertsolariok finkaturik gaude, ni ofizialki nago HBn, eta, jaialdietan ere izan dut problema hori. Nire jaialdietara, ba dakit automatikoki sail batek boikota ez bada ere, huts egiten duela. Zergatik? ni HBn nagoelako. Orduan, bertsozaleen artean ba dakigu zer base dagoen. Orain beste problema hau dago, orain bost urte ez zegoena: gaur honelako jaialdi bat edo bertso-saio bat dagoenean segun zertarako den halako jendea etortzen da.

ANAI.— Hori aipatu duzula, zure ustez, daukazun jarrera politikoak, Zornotzako kontzejala zara HBkoa, eragin haundia dauka? Txapeldun geratu zinenean, antza denez, problema bat gertatu zen Zornotzan hango herriak egindako harreran...

 X.A.— Ba normala. Hemen gauza bat egiten bada politizatu gabe hurrun joaterik ez dago. Bueno, normala ez, lotsagarria. ERE aldizkarian galdetu zidatenean, ia bertsotan zer nintzen bertsolaria ala politikoa, nik esan nuen, akto bereziki politikoa ez bada deitzen didaten toki guztietara joaten naizela eratzaile zein den galdetu gabe. Orain, akto politikoetan neure koalizioan bakarrik hartzen dudala parte, normala den bezala. Adibidez esan nuen ez nintzela joango Alderdi Egunera hori akto politiko definitua ba da. Baina niri PNV-ek deitzen badidate politikatik aparte, ni joaten naiz. Horrek ekarri zuen buztan guzti hori.

Kreatibitate pixkat eukitzeko, fresko egon behar da

ANAI.— Eta bertsolaritza prestatzeko denbora aldetik?

 X.A.— Bueno, ba dakigu zer gertatzen den. Ni arazo askotan eta soltetan ibiltzen naiz eta orduan astia falta zait. Baina, astia, denbora fisikoa, denbora materiala, baino gehiago, bertsolaritza eramateko, nirengan behintzat, beste eragozpen bat ikusten dut: hain direla plataformak desberdinak, eta askotan kruzatuak, gauza batetan ibiliz gero bertsoetarako gogorik ez dudala eukitzen, eta sortzeko, kreatibitate pixkat eukitzeko, fresko, egon behar da. Ez nuke esango apolitikoa, baina saltsa horietan nabilenean, horrek asko afektatzen nau, eraman egiten nau eta ez dago beste bueltarik. udaletxeko gauzetan batez ere, (Zornotzan azken aldion berriz izan ditugu detentzioak) eta honelako gauzak, psikologiz eragin haundia egiten dit eta beste hontara dedikatzeko, astia edukita ere, ez daukat gogorik. Hori da eragozpenik haundiena.

ANAI.— Eta lehengoari eutsiz, bertsolaritza lan moduan, gaur egun ondo ordainduta zaudete? zaude?

 X.A.— Ba, segun. Nik bizimodua modu askotatik ateratzen dut; Bilboko bertsolari-eskola, bertsoak, Egin... gauza askotan ibiltzen naiz. Bertsoetan bakarrik, zer esango nuke nik? ni ez naiz ari bertsoetan hortik bizitza ateratzeko. Lehen esan dizuedan bezala bertso-saio erdiak edo debalde egiten ditut, zergatik? ekintza bat bezala delako: antinuklearrak, mitinak gudari: hilen zerbait badago ba hara joaten naiz eta ez dut kobratzen, hori printzipioz. Urruti badago eta zerbait ematen badidate hartu eta etxera etorriko naiz baina hori bertsolari moduan egiten dudan aportazioa da. Gero, kobratzen diren saioetan, ba segun, sei mila, zazpi, segun noraino, baina normalean sei-zazpi hor ibiltzen gara. Etxe inguruan denean, hori zerbait da, baina urrunera joan behar denean gauza asko jaisten da.

Askori galdetuko nioke zenbategatik salduko lituzkeen udako larunbat eta igande guztiak

ANAI.— Eta txapeldun izanik gehiago kobratzen duzu? Ba dago diferentziarik lehen eta bigarren mailako bertsolarien artean?

 X.A.— Ez, ez, ez dago. Saio batera doazenek lana egiten dute eta berdin kobratu ere. Bertsoetatik kobratzen denean, udan eta, ateratzen da diru apur bat, baina diru horregatik ezin liteke ibili, hemendik Donostira joatea, besterik gabe, joan eta etorri eta autopista eta hori, ba, hiru mila pezeta bota behar dira kanpoan jan edo zerbait eginez gero. Orduan, egin ezin litekeena da norbera debalde joan eta gainera hori ez da debalde joatea, hori norberak bi edo hiru mila pezeta ipinita joatea da. Okerra, udaldian batez ere, nola hortik ez garen bizi eta nola hori larunbatetan eta igande guztiak. Hor, eskegita jarri! Hortarako bakarrik bizi bagina, ba, hartzen duzu astean egun bat jai eta ondo, baina nola ez garen hortarako bakarrik bizi...

ANAI.— Zuri esango balizute zure ofizioa zein den, esango zenuke? Esate baterako karnetan ipintzeko.

 X.A.— Borondatez edo gogoz BERTSOLARIA esango nuke. Baina hori ez da ofizio ofiziala eta orduan, ba, idazlea edo... ez dakit,... bai bai bertsolaria... balego hortik bizitzerik!

ANAI.— Bertsolaritza aipatu duzu, baina zer da zuretzat bertsolaritza? Herri-literatura, kirola, komunikazioa, jokoa... zer?

 X.A.— Herri-literatura, eta herri-literaturaren barruan kirola, jokoa eta hori denori. Komunikazioa, jakina, hitz eginez gero! Herri-literatura, esan nahi dut Herriak jaso, asimilatu lezakeen literatura dela eta ez bakarrik asimilatu dezakeela irakurriz eta estudiatuz, ez, entzunda bakarrik. Orduan, ahozko literatura da. Honek ba ditu muga batzu, muga horiek entzunda batera jasotzeko moduko gauzak izateko izan behar dira eta ez euskaldun eskolatuak bakarrik. Hitz egiten duenak ulertzeko moduko gauzak esatea. Honek ez du esan nahi muga pobreak direnik. Mila edo bi mila hitzekin, jendeak erabiltzen duen hiztegiarekin eta errekurtsoekin posibilitate infinitoak daude. Honen barruan da bertsolaritza, kirola, dibertsioa, gozamena, artea...

Bertsolaritza ikertzen

ANAI.— Zuk zer lan egin duzu bertsolaritza aldetik, bertsolaritzari buruz?

 X.A.— Bueno, kartzelan, esan dizuedan bezala, egin nuen lan bat errimei buruz, eta uste dut lan oso inportantea dela, ez zegoena, eta ondo jartzen dugunean, orain jarrita daukagun bezala, eta argitaratzen denean horrek aurrerapide haundia emango duela bertsolaritzaren barruan. Ikastaro batzu ere eman ditut, batzu laburragoak, beste batzu luzeagoak, Durangon eta Arratian ere bai, baina ahalegin sistematikoak bertsolaritza asignatura gisa edo, nolabait esateko, Bilbon egin dugu, Bilboko eta Santutxuko inguruan dabiltzen euskaldun batzurekin. Bi talde izan dira, guztira hogei bat lagun edo, eta astean lau ordu, bi egun astean, eta bost hilabetetan. Hori emateko, aurretik ari nintzen honelako sistematizazio-bat egiten, neure kontura, eta gero eskola horietan asko hornitu dut. Laster idatzi edo erredaktatuko ditut ataskaturik ditudan liburuak: errimenak, bertsolaritzaren testuaren eta lehen esan dudan jaialdiena. Orduan, hurrengo helburua hiru liburu hauk ateratzea da. Aterako direnean ikusiko da ze aportazio izan duten.

ANAI.— Eta bertsolari-eskola horietan egon den jendea, zernolakoa izan da?

 X.A.— Bilbon ikasten eta irakasten dabilen jende heldua izan da, jende egina. Urtez, aurrerantza doazenak, hau da, ez dira gaztetxoak, 24-25, hortik aurrera gehienak. Neska batzu ere izan dira. Euskararen inguruan edo euskal irakaskintzan edo bestela zaletasuna zeukatelako bildu dira hor, eta ba dira gipuzkoarrak eta bizkaitarrak, herrietakoak eta Bilbokoak ere. Euskaldun berri batzu ere izan dira.

ANAI.— Eta eskolako klaseak nola izan dira? Zer egin duzu?

 X.A.— Lehenengo zati haundia teoriari eman genion eta bigarren partea ariketa hutsa.

ANAI.— Zernolako jarraipena izango dute eskola horiek?

 X.A.— Ikasleek nahi dutena. Hemen Bilbon, ikasle konkretu batzurekin zerbait luzea egin beharrik, giroa sortzea, foko bat sortzea, mugimendua sortzea da helburua. Horretaz, esan beharra dago Deustun ere Filologiako lehen kurtsoko ikasle talde batekin ari naizela astean bi ordu ematen, esperimentu gisa. Han ikasleak dira, ez dira irakasleak. Horrelako tokietan posibilitate gehiago dago. Zer izango den hurrengo urtean? ba, hemen, Bilbon, euskaldun asko dago, gipuzkoarrak, bizkaitarrak, euskaldun berriak, hau da, foko bat, giro kultural bat sortzeko modukoa, eta Bilbon gainera! hori oso inportantea da. Ni behintzat eskolako esperientziarekin oso pozik nago, eta gauza berri guztiak gauza haundiak eta onak badira, hau ere, berria eta gainera ona izan da. Mugimendua sortzen ari da eta, horrek ematen dit poza! Eta ikasleek ere, uste dut, hori daukatela gogoan.

Jaio gabe ez dago ezer egiterik, baina jaio ta gero ezer egiten ez duenak ere ez du ezer egingo

ANAI.— Eta azken bolada honetan modan dagoen asuntoa: bertsolaria egin egiten da ala jaio?

 X.A.— Betiko asuntoa da hori eta behin betiko erabakita utzi behar genuke: JAIO gabe ez dago ezer egiterik, baina jaio ta gero ezer egiten ez duenak ere ez du ezer egingo. Horrek esan nahi du fakultate edo ahalmen batzu behar direla, elementalak, eta elementalak baino gehiago beharbada, bertsolari izateko, beste edozer izateko behar den bezala: musikarekin nahiz antzerkiarekin nahiz literaturarekin konparatuz hor ba daude ahalmen batzu. Nola jakiten da ahalmen horik dauden ala ez? Ba, aprobatuta, baina aurretik ezin liteke esan jaio ala zer egiten den, hori demostratu egin behar da,

ANAI.— Orduan, euskaldun berriak ere bertsolari onak izan daitezke?

 X.A.— Bai horixe! Euskaraz ikasten badu, euskara menperatzen badu izan liteke ona eta hobea eta txarra eta denetarikoa.

ANAI.— Umeekin ezer?

 X.A.— Bai, Durangon, ihazko urtean eta aurten ere, umeekin eta gaztetxoekin, astebetean... ihaz Durangoko ikastolan, Jesuiten ikastetxean eta Institutoan. Berrehun eta berrogeitamar edo hirurehun ume, eta gaztetxo pasatu ziren. Arlo hori oraindik arakatu gabea da eta hori infinitoa da. Hor bai egin daitekeela lana, zerbait programatu ahal izanez gero!!

Beste gauza batzutan gehiago aportatu nezakeela uste dut

ANAI.— Entzun dugu zu Euskaltzaindian zeudela laguntzaile bezala. Noizdanik? Zer lan egiten duzu?

 X.A.— 66 edo 67.ean izendatu ninduten Euskaltzaindiko laguntzailea. Ez dakit zergatik. Beharbada artikulu batzu egin nituelako, eta itzulpen batzu ere, ez dakit horregatik izango zen. Baina, egia esateko, nik Euskaltzaindiarekin ez dut harreman gehiegi euki; batzarretara ere ez nintzen beti joaten, gutxi baino. Gartzelatik irten eta gero, eta gartzelan ere bai, izan dut Euskaltzaindikoekin harremanak, Euskaltzaindiko batzarretara ez naiz joaten, ez daukat astirik, eta joatekotan, gainera, zerbait aportatzeko izan behar du eta nik maila horretan ez daukat aportatzeko. Agian bai, baina beste gauza batzutan gehiago aportatu nezakeela uste dut.

ANAI.— Zer lan linguistiko egin duzu?

 X.A.— Gartzelan bertsolaritzari buruz egin nuenaz gainera, lan bat egin nuen, aurrizkiei eta atzizkiei buruz. Bata aurrizkiak edo prefijoak, euskarak falta duena. Huts haundia dauka euskarak aurrizkietan, aurrizkiak baitira hizkuntza moderno eta aurreratu baten oinarri haundienetarikoa. Lan hori Euskaltzaindiak EUSKERA aldizkarian argitaratu zuen, separata bezala, eta horregatik, nahiko zabaldua eta ontzat joa izan da, eta lan hortaz baliatu dira beste batzu ere. Gero atzizkiei buruz, euskarak duen arlo haundi horri buruz lan haundi bat egin genuen Zamoran. Oraindik, argitaratzeko dago. Horren laburpen bat AEK-koek atera dute, Alfabetatze-koordinakundekoek, URRASPIDE batean; lan osoa ateratzea interesgarria izango litzateke, baina, oraindik hor dago. Euskaltzaindiarekin hitz egin nuen, baina... lan haundia da, luzea, eta hori zenbatek erosiko luke? Hor dago problema.

ANAI.— Eta lan linguistikoez gainera, zer?

 X.A.— Gartzelan Huxley-ren "Bai mundu berria" egin nuen, erderaz "Un mundo feliz" esaten zaion hori. Gero, ekonomiazko bi liburu, "Ekonomiako lehen pausuak" edo holako tituluren bat zen. Gartzela aurretik, apaiza nintzela egin nituen itzulpen batzu, liturgikoak etabar. Michel Quoist-en "Reussir" ere itzuli nuen. Irten eta gero, tesis bat, baserriari dedikaturik, euskeratu nuen, laburpen bat zen, baina nahiko luzea. Eta gero beste itzulpen xelebre bat, batzu harritzen dira nola egin nuen nik hori, "Bolibar" izenekoa da. Oraingo Venezuelako Kulturako Ministroak egindako liburu bat. Hori ere, ez dakit noren bidez, etorri zen niregana. Liburu oso zaila irakurtzeko, liburu historikoa eta asko kostatu zitzaidan. Baina, 200.000 pezeta edo eskeintzen zidaten liburu hori itzultzeagatik. Gartzelatik irtenda pezeta batzu irabazteko bidea zen, bestela liburu hori ez dut uste inork irakurtzen duenik.

Nik osorik dedikatu behar diot artelanari edo sormen-asuntuari

ANAI.— Eta lan literarioak?

 X.A.— Bueno, bertsoak eta honelako gauzaz aparte, gartzelan nobela bat egin nuen, "Hil ala bizi", azpitik, ixilpean atera zena eta ixilpean zabaldu ere. Mugaz beste aldera publikatu zen, eta ba dakit askok zenbat ahalegin egin zuten ateratzeko, eta norbaitek dirua galdu ere. Gero liburu hori sekuestratzeko agindua izan zen eta Euskaltzaindiari itzulpena ere uste dut eskatu ziotela. Baina, ustez, paso eman zioten eta inork ez zuen hori erdaratu. Irten eta gero, "Menditik mundura"; horren zati batzu ere gartzelan eginak ziren.

ANAI.— Bertsolaritzaz aparte zeozer publikatzeko asmoa ba al duzu? Literatura edo?

 X.A.— Ez dakit ba. Ni ez naiz kapaz frakzionaturik ibiltzeko. Eta literaturara dedikatzeko, hortara dedikatu behar. Ni politikan ere sartuta nago eta politika gogorra da, gurea behintzat, eta gero ez naiz kapaz, psikologiz, etxera joan eta ordu batean hamar ilada egiteko. Nik osorik dedikatu behar diot artelanari edo sormen-asuntuari. Gogo gabe ezin liteke sortu ezer.

Keinuka ari den begi gorri hori

ANAI.— Zuk zelan definituko zenuke "Semaforo gorria"?

 X.A.— Ba hor kaleetan, edozein tokitan aurkitzen duzuen eta keinuka ari den begi gorri hori. Semaforo gorria eguneroko gertakaerekin egiten dudan saltsa moduko bat da. Gauza bizia edo gatza duena, komentario biziak egiteko ere ematen duena. Flash bat bezala, poutpourri bezala izaten da.

ANAI.— Eta "Arrano Beltza"?

 X.A.— Arrano beltza luzeagoa da. Sortzeko eta egunero ez dagoena ateratzeko da gehienbat: ipuinak, kondaketak...

ANAI.— Eta "Haizelarreko berri-metroa"?

 X.A.— Hori ere, Arrano Beltzaren antzera.

ANAI.— Zergatik da semaforoa gorria, arranoa beltza eta haizelarreko berrimetroak ez du kolorerik?

 X.A.— Bueno gorria niri asko gustatzen zait, indarra duelako eta odola eta hori denori; baina semaforo gorria ez da gorriagatik, batez ere jarria. Ni titulo hori jartzeko luzaro ibili nintzen. Gauza modernoa, nahi nuen, kontraste pixkat sortuko zuena eta halakoren batetan, ba, koño! "Semaforo gorria". "Menditik mundura", ni mendian jaio naiz eta mundura etorri, eta semaforo gorria beti da gauza berria. Arrano beltzaren kasuan beste konparazio bat jarri nahi nuen. Lehenengo titulua ez zen "Arano beltza", "Arrano dendaria" baizik. Gero apur bat martxan joanda aldatu egin nuen. Semaforo gorria euki ez banu "arrano gorria" jarriko nuen. "Haizelarreko berrimetroak" ba, haizea eta larrea eta berria eta metroa eta...

ANAI.— Zer etorkizuna ikusten diozu bertsolaritzari?

 X.A.— Etorkizunik duen.ala ez hori hizkuntzaren problema da. Hizkuntza mintzatuak etorkizunik duen neurrian, bertsolaritzak ere izango du etorkizuna, dudarik ere ez. Gainera, etorkizun horren seinaleak, euskaldun berri eta gazte eta jende eskolatuen artean ikusten dira. Honek zibilizazio moderno bateko jendeari gustatzeko moduko gauza dela esan nahi du. Orain, euskararekin zer gertatuko da?...

Txapela brindatuko nion aurreskuan egiten den bezala

ANAI.— Eta amaitzeko erregea. Erregea Gernikako Juntetxean bertsolaritza laudatzen egon zen bitartean, Euskal Herriko txapeldunari egurra eta handik kanpora atera. Komentariorik?

 X.A.— Hori jakin izan banu, txapela eramango nuen eta kanpora ateratzean txapela brindatuko nion aurreskuan egiten den bezala.

ANAI.— Nahi duzu zerbait gehiago gehitu?

 X.A.— Bueno, txapelketa orain dela urte bete izen zela, eta aurrera doala. Garai hartan entrebista batzu izan ziren, baina geroztik galdezka etorri zaizkidan lehenengoak zuek izan zarete, Anaitasunakoak. Hitzaldietan eta asko hitz egin dut eta jende askok deitu dit, baina maila batetik gorako kultura ofizialean urtebete pasatu eta gero, zuek izan zarete lehenengoak. Honek, uste dut, zerbait adierazten duela...

Mila esker Xabier!

Itsaso eta Harkaitz


Demokraziarik ez, mesedez

Zure inguruko lagun eta adiskide bat daramatenean eta zure ezertarako ezintasunaz jabetzen zarenean edo/ta mundu madarikatu honek zure izpirituaren erdia aspiratzen dizunean; bakardadean jarririk, ezer egin jakin ezinik eta bihotzak taupada gutxiago ematen dituelarik manifestaldia gertatzera eta batasun antzeko zerbait egitera mugitzen zara.

Ez dirudi, inolaz ere, zure ingurua aldatzen denik. Ez dirudi zure etengabeko lanak ezertarako balio duenik. Ez dirudi furgonetak ikaratzen zaituenik, baina inork ez daki zure barnetik dabilen desesperazioa nolako eta norainokoa den.

Zure herrian bahituek geroz eta kopuru handiago osatzen dute. Zure herrian alderdi politikoak heuren esan mesanetaz gehiago fidatzen dira. Zure eskileretan arrarotzat jotzen zaitue eta aldatz gora zoazela, atzean, irribarreak nabaritzen dituzu.

Batzarrera joanez gero buruhausteak, jarrera amoralak eta gizaurkakoak jabetzen dira zure bihotzaz. Trukoa ixilik ez egotean datza, inork ulertuko ez duen gauzaren bat esatean, geroxeago jendeak galde dezaizun. Trukoa jendea harritzea duzu, eta harritzean, hazten zara, erreka bazterreko junkoa bezala, multzoan baina ia zein altuago.

Trukoa hortxe dago. Baina lana beste nonbaiten, edonon, han, hemen, zeruan, zuhaiztian, lorategian, aurrekoarengan, Jabirengan, Maitenarengan edo norberarengan.

Baina trukoa da nagusi. Besteetaz aprobetxatuz, zure nahiak bete arazi; ez norberak bete, baizik eta besteei norberarenak osatzeko eskatu. Ileak aidera bota, zapata zaharrak jantzi, errubioa erre ta mundua gaixorik dela esan; aurrera joan, atzera begira gabe, zertan zabiltzan ahazturik duzula, ahaztea nahi duzula, ahazterazten dizuela.

Ez, ez da batere normala gau batetan lagunik gabe gelditzea, ez da txit atsegingarria berarekin elkarrikuska bat duzula, kaleko adreiluekin mintzatu beharra bera ez datorkizulako. Ez da ahazteko historiak gira-bira handiak ematen dituela eta noizpeinka jazoera berdintsuak ezagutzen dituzula urte, ile edo aste berean.

Dekadentzian dagoan gizarte honek ez du ezer berririk asmatzen ez zientzia ez filosofia arloan, eta areago gutxiago politika arloan. Direla hogei urtetako patroi berberak jarraitzen ditugu gaur egun, lehen gogor errepudiatzen genituen bideak gaur bidezkoak iruditzen zatzaizkigu, lehen arerioa zena egun lagun eta orduan bekatua zena gaur egun praxiak eskatzen digun zerbait.

Inor ez da ausartzen lehengo aldiak hobeagoak zirela baieztatzen, inboluzionistatzat hartua izango litzateke-ta, baina gaurko aurrerakoi asko lehengo postuladoetara bihurtzen hasi da. Zertan gabiltza, ba?

Demokraziarik ez, mesedez!

J.I.B.


Dossier Anaitasuna

Iparragirre gurea

ANAITASUNA.— Jose Mari Iparragirre?

 IPARRAGIRRE.— Bai neu naiz.

A.— Begira, ni ANAITASUNAkoa naiz eta zure heriotzaren 100. urteurrena dela eta, elkarrizketa bat gura dut eduki zugaz, zure bizitza eta nortasuna ezagutzeko. Prest zaude nire galderei erantzuteko?

 I. Bai gizona, bota.

A.— Lehendabizi zure datuekaz hasiko naiz: Jose Maria Iparragirre Balerdi, Urretxun jaioa, 1820.eko Abuztuaren 12an eta Itsason hila, 1981eko Apirilaren 6an. Hola da, ez da?

 I. Bai, aurrera.

A.— Bost urte duzula, gurasoek, Zerrain-en duzun osaba maisu baten etxera eroaten zaituzte. Hamabirekin, Gasteiz-a zoaz latin ikastera eta urte bat geroago Madril-a zoazte bizitzen, gurasoak eta hirurok. Ondo honaino?

 I. Bai, dena ongi.

Karlistadan

A.— Eta urte bete geroago, Lehen Karlistadan zaurituta jausten zara. Zelan heldu zinen berriz Euskal Herrira?

 I. Hara, oraindik ez nuen 14 urte egin eta Euskal Herrian, Foruen kontrako gerra zegoela entzun nuen. Ez nuen askorik pentsatu: nire gurasoen etxetik alde egin eta Zerain-go osabaren etxean presentatu nintzen. Bidaia nola egin nuen ahaztuta dut, baina mandazainen batekin edo izango zen. Nahiz eta 14 urte baizik eduki ez, Karlistek, onartu egin ninduten boluntario bezala, eta urte berean, Arrigorriagan, aurpegian zauritu ninduen bala batek. Mendigorrian, buruan beste batek. Gerra. Erregeren Ohore-Goardi eran bukatu nuen. Bost urte egin nuen. Bost urte egin nuen gerran.

Lehen desterrua

A.— Eta gero?

 I. Ba, Frantziara joan nintzen. Bergarako Ituna ez nuen onartzen eta herbesteratu egin nintzen. Frantzian zehar ibili ondoren. Alemania eta Suizara joan nintzen, azkenean Italian geratzeko.

A.— E, baina itxaron apur bat. Zure Frantziako bizitzaz gauza asko esan dira eta ea argitzen diguzun hori. Arduratzen ez ba dizu, noski.

 I. Eta arduratzen ba dit zer?, nolakoak zarete, beti inoren bizitzan sartzen. Baina tira, kontatuko dizut. Ni hara joan nintzenean sasoirik hoberenean nengoen, 20 urte, eta ez dago ondo nik esatea baina, itxura oneko mutila nintzela esango dizut: altua, indartsua ile luze eder batekin eta abar. Laburtuz, zuek esaten duzuen moduan, "nahiko ondo nengoen". Hori zela eta, behar bada, andre ospetsu baten lagun egin nintzen, Carolina Duprez izeneko sopranoa. Nahiko maitemindurik ibili ginen, hura ni nahiko zaharragoa izan arren, eta beraren bitartez Rocrejakelin markesa ezagutu nuen, gizon liberala, baina zuzena eta jakintsua. Honen etxean ikasi nuen dakidan ia guztia eta erromantizismoa eta idea berriak maitatzen hasi ere. Irakurri ere nahiko egin nuen: Lamartine, Chateaubriand, Lamennais eta abar.

Honela, 1848.ean kanpora bota ninduten, La Marsellesa kantatzen herria berotzen nuela eta. Ba dakizue nahiko saltseroa nintzena. Handik Italiarako bidea hartu nuen, nahiz eta lehen esan dizudan bezala, Alemaniatik eta Suizatik ere ibili.

A.— Hiru urte geroago, 1851.ean Londresen, Mazarredo generala topatzen zara.

 I. Bai. Florencia-ko konpañia batetan sartu nintzen nintzen hango" bel canto" gustatzen bait zitzaidan. Londres-a joan ginen Mundu-Erakusketa zelarik, eta han ezagutu nuen Mazarredo generala, bilbotarra bera, eta mesede izugarria egin zidan: indultoa lortu.

Itzulia

A.— Zelakoa zinen orduan?

 I. Erromantiko hutsa.

A.— Eta kultura aldetik?

 I. Erabat unibertsala. Kontutan hartu 13 urte ibili nintzela Europan zehar, ideia berrietatik edanaz. Hizkuntzen aldetik ere ondo apaindua nengoen: euskara eta españoletik aparte, frantsesa eta italianoa ondo ezagutzen nituen, eta ingelesa eta alemana ere dexente.

A.— Zer egin zenuen itzultzean?

 I. Madrilera nahi nuen joan ama ikustera, baina beti bezala, dirurik gabe nengoen. Bilbon kantu-saioa bat emanaz lortu nuen bidairako beste, eta 14 urterekin utzi nuen ama, 32rekin ikusi nuen berriro.

Gernikako Arbola

A.— Hori 1852.ean izan zen. Hurrengoan, 1853.an, "Gernikako Arbola", ez da?

 I. Bai, Madrileko "Café de San Luis"-en kantatu nuen lehen aldiz, Juan Mari Altuna, durangarra, pianoan laguntzaile nuela. Taberna horretan, euskaldun asko biltzen ginen.

A.— Eztabaida asko dago gaurregun "Gernikako Arbola"-ren egilea zeu ote zaren ala besteren bat ote denari buruz. Esaiguzu mesedez, norena den.

 I. Zuei, eztabaidetan sartuta ibiltzea gustatzen zaizuenez gero, hor utziko zaituztet.

A.— Orduan, inkestetan bezala: no sabe/no contesta?

 I. Bai, horixe.

A.— Zer egin zenuen gero?

 I. Euskal Herrira itzuli eta herririk herri kantari ibili. Niri, jende artean ibiltzea gustatzen zitzaidan eta hori egin nuen.

Karlistadan 14 urtekin sartu nintzenean ez nekien Foruak zer ziren, baina orain bai, eta heurek defendatzeagatik kantatzen nuen, eta herriak gustura entzun gainera. Hori zela eta, Tolosan, 1855.ean, goardia zibilek hartu eta kartzelara, eta jarraian, berriz desterrura. Oraingoan Santandere aukeratu nuen, eta handik Asturias-a, Galiziara, Portugalera eta Andaluziara, eta bi urte garrenean berriro Euskal Herrira. Harrera zoragarria egin zidaten.

Ameriketara

A.— Zer zela eta joan zinen Ameriketara?

 I. Ez egidazu gogoratu ere. Hori izan zen nire errakuntzarik handiena. Nik neure bizitzan zehar emakumerik asko ezagutu nuen, eta maitemindu ere ez gutxitan, baina, 38 urte nuelarik, Angela ezagutu nuen, 18 urteko aingeru bat, eta ezkontzeko grina sartu zitzaidan. Euskal Herrian ez zen niretzat erraza ezkontzea, apaizek nire bizitza ezagutuz paper asko asko eskatzen bait zidaten, ea hortik ezkonduta egon nintzen jakiteko, eta, Ameriketatik asko irabazten zela entzuten zenez gero, 1858.eko Urrian irten ginen Baionako portutik, eta 1859.eko Otsailaren 26.an ezkondu Buenos Airesen, euskaldun artean. Apaiza ere euskalduna izan zen.

A.— Ameriketara joatea zure errakuntzarik izan zela esan duzu. Zergatik hori?

 I. Ahalik eta laburren esango dizut, gauza tristeak gogoratzen ez bait da gozoa.

Heldu nintzenean, izugarrizko harrera izan nuen han zeuden euskaldunen aldetik eta lagundu era asko egin zidaten.

Lehengo eta behin, Uruguay-era joan nintzen, lehengusu baten gana eta ez zidan lagundu nahi, baina azkenean lan txar bat eman zidan, baldintza latzetan. Ez nuen nik artzaintzarako balio izaten eta hiru urte iraun nuen. Handik Montevideo-ra, eta nafar batek utzitako diruarekin taberna bat ipini genuen: "Café del Gernikako Arbola". Hori ere gaizki joan zen, ez bait nuen juerga baino egiten: asko edan, inori kobratu ez, eta azkenean itxi egin behar izan genuen. Bueno, nire partez oraindik ere zabalik egongo litzateke, baina itxi arazi egin ziguten. Han galdu nuen nik osasuna. Gero berriro artzain inoren diruarekin eta berriro hondatu. Eta honela, beste bi aldiz ere. Egia esateko, hango euskaldunak oso ondo portatu ziren nirekin, baina nik ez nuen lanerako balio eta etsitu egin nintzen. Uruguay-en zazpi edo zortzi iraultza ezagutu nituen, eta ez nintzen baten ere sartu: hura ez zen nirea. Herriminak jan egiten ninduen. Negarrez pasatzen nituen orduak.

Orduan, laguntza eske hasi nintzen Euskal Herrira Itzultzeko, eta asko erregutu eta gero, diru apur bat batu nuen eta itzuli.

Berriro Euskal Herrira

A.— Emaztea eta zortzi seme-alabak han utziz?

 I. Bai. Batek baino gehiagok putaseme baten modura portatu nintzela esango du eta behar bada arrazoia izango du, baina ezin nuen agoantatu gehiago. Esan dizudan bezala, negarrez pasatzen nituen egunak. Nire nahia denok etortzea zen, andrea eta biok, zortzi umeak hartuta, baina ez nuen diru nahikorik lortu. Indiano frakasatu eta inadaptatua izan nintzen.

A.— Eta hona heltzean?

 I. Kaka zaharra. Omenaldi, agur eta besarkada asko, baina dirurik bat ere ez. Burdeos-a 1877.ean heldu nintzen, eta handik Madril-a 1878.ean: inork ez zuen dirurik niretzat, nahiz eta Alfonso XII-ek erregeak ere besarkatu. 1879.ean Euskal Herrira, eskean, txakur deslai baten antzera, eta hitz ederrak entzun arren ez nuen dirurik ikusi. Orduan, nire lagun Zubiriarekin kantari ibili nintzen, nahiz eta abotsik izan ez. 60 urte asko ez badira ere, ni oso zahartua nengoen. Azkenean, umillazio asko sufritu eta gero, berriro Ameriketara joatea erabaki nuen. Begira Ekainaren 2an zer idatzi nion nire lagun, benetako lagun Fermín Herran-i:

"Sí, querido Fermín, es preciso hablar claro; yo agradeceré con toda mi alma si se organiza una función en Vitoria y otra en San Sebastián, y entones daré el último adiós a esta degenerada e ingrata tierra, y con un abrazo a mis fieles amigos, volveré a embarcarme e iré a morir a lejanos países, lleno de desesperación y de vergüenza. Todo esto que pienso te lo digo porque nada puedo ocultar a mi hermana; y lo que acabo de decir hay que hacerlo cuanto antes, pues el mes de agosto y septiembre son los mejores tiempos para el mar. Contéstame pronto, dame algún consuelo. Mi salud va siendo mediana; no puedo cantar"...

Azkenean, asko itxaron eta ate askotan jo ondoren, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioen artean pentsio ematea erabaki zuten: 22 hogerleko hilean: miseria bat. Nik, familia hona ekartzeko asmoa nuen, baina diru horrekin ezin zen egin ezer. Gainera, esan beharra dago, ez zutela diru askorik gastatu, handik gutxira nintzelako hil.

Degenerada e ingrata tierra

A.— "Degenerada e ingrata tierra" esan duzu?

 I. Bai, horixe esan dut.

A.— Eta oraindik mantendu egiten duzu?

 I. Bueno, ba dakizu denborak dena aldatzen duela. Ordutik hona gauza berri asko ikusi dut eta orduko batzu parkatu egiten ditut eta beste batzu ulertu, nahiz eta onartu ez.

A.— Adibidez?

 I. Adibidez, gaurregun ere ematen den arazo bat: euskaldunak ez duela onartzen inor euskaratik bizi dadin, hau da, ni kantatzen entzutea eta nire kantak kantatzea gustatzen zitzaien, baina ni hortik bizi ahal izatea ez zuten onartzen. Gogora ezazu, esate baterako, Xenpelarrek egin zidan bertsoaren zatia: "ni ez nazu ibiltzen, kantuz dirua biltzen, KOMEDIANTE moduan". Ni KOMEDIANTEA nintzen euskaraz egiten nuelako, ez beste ezergatik; erdaraz egin banu, beste askoren moduan, KANTARIA izango nintzatekeen. Zuei gaurregun ere antzeko zerbait gertatzen zaizue: euskal kantariak, idazleak, irakasleak, bertsolariak eta abarrak, "por la causa" egin behar dute lan, bestela txarto ikusiak daude.

Nik bizia kantatzen atera nuen, harantz eta honantz neure gitarrarekin, eta hori ez zen lan serioa hemengo jendearen ustean, beraz, nire mitoa rentablea zen, baina ni ez, ni, hilda hobeto nengoen. Hortik nire heriotza ondoren izandako reakzioa: primerako enterrua, diskurtsuak, Diputazioaren aktan "se ha enterado de esta irreparable pérdida con el más profundo pesar", kaleei nire izena, estatuak eta abar.

Gainera, nire mitoa eta ni ez ginen bat. Ni hona heltzean agure arraro bat nintzen, eta hori ez zen eskemetan sartzen, beraz, ez zuten onartu. Geroago ere holako zerbait gertatu zait: alde batetatik, nire biografia askotan Euskal Herrian pasatu nituen azken hiru urteen berririk ez da ematen, lotsatu edo egiten dira, eta beste alde batetatik, nire abertzaletasuna edo hobeto esateko, nire Euskal Herriaren kontzeptua falsifikatu egiten dute askok: zenbat aldiz entzun ote duzun "ara EUSKAL HERRI, lur hoberikan, ez da Europa guztian", nik ESPANA idatzi nuen tokian EUSKAL HERRI ipiniz... Honetaz ere luze egingo nuke hitz, baina hutz dezagun gaurkoz.

A.— Amaitu beharra daukagu. Nola nahi duzu amaitu?

 I. Bertso batekin, gaurkotasunik ez duela galdu uste bait dut. Baina falsifikatu gabe, mesedez.

Esan, adiskideak

orduan bezela,

Nafarroakin gaur ere

anaiak gerala;

bat da gure izarra

bat gure bandera:

esan beti Laurak-bat

izan nahi degula

J.R. Bilbao


Dossier Anaitasuna

Iparragirre bertsolaria

Iparragirreren mendeurrena ospatzeko dela eta, ez legoke gaizki bertsolari modura zer izan zen aztertzea eta horixe da, azaletik bada ere, artikulu honetan egin nahi dena.

Kantaria ala bertsolaria?

Hasi bezain laster, zalantza hau datorkigu burura: Zer zen zehazki, kantaria ala bertsolaria? Ene ustez, bietariko zerbait zen, edo zehatzago esanez, bere kantak prestatzeko bertsolaritzaren teknikaz baliatzen zen kantari bat.

Bat aukeratzekotan, batez ere kantaria zela esango nuke: artista, orduko showman-a, gitarrak lagunduz eta ahots gozoz kantatzen zuen kantaria berak kanta honetan dioskunez:

Gitarra zartxo bat da

neretzat laguna,

onela ibiltzen da

artista euskalduna;

egun batean pobre

beste batez jauna,

Kantari pasatzen det

nik beti eguna.

Baina, esan bezala, bere kantak bertsolaritzaren teknikaz prestatzen zituen, zortziko nagusi eta txikiak egokituz. Gero errepikatu egiten zituen behin eta berriro kanta erara. Hots, nagusiki, bertso jarriak egiten zituen.

Bat-bateko bertsolaria ere bide zen, bestela ez baita ulertzen Xenpelarren desafioa:

Iparragirre abila dela

askori diot aditzen

Eskola ona eta musika

nori oiekin zerbitzen

Ni ez nauzu ibiltzen

kantuz dirua biltzen

komediante moduan;

debalde festa preparatzen det

gogua dedan orduan.

Eskola ona eta musika

bertsolaria gainera;

gu ere zerbait izango gera

orla ornitzen bagera.

Atoz gure kalera

baserritar legera

musika oiek utzita;

Errenderian bizi naiz eta

egin zaidazu bisita.

Bertso hauek zenbait pista ematen dizkigute. Iparragirre kantuaren profesional bat zen, "Kantuz dirua biltzen" ari baitzen, horretaz gainera bertsolaria bazen ere. Hala ere, orduko bertsolariak erabat amateurrak bide ziren, bertso-paperak jartzean salbu. Dena den, musikaren arloan berrikuntzak ekarri bide zituen, doinu-mota berriak sartuz. Hain zuzen ere, diotenez, aurreko bertsoak kantatu aurretik, honelako zerbait gertatu omen zen Xenpelar eta Iparragirreren artean Donostiako sagardotegi batetan. Iparragirrek esan omen zion:

— Etorri nahi al dek nirekin? Nik soinua jo eta hik bertsoak kanta, ederki biziko gaituk.

Xenpelarrek ezetz esan omen zion. Orduan Iparragirrek:

Hik beti doinu zaharrean kantatzen dituk bertsoak. Ez haiz gauza, nire doinu berriez bertsoak egiteko. Horregatik ez dek nirekin etorri nahi.

Eta Xenpelarren erantzuna, aurreko bi bertsoak izan omen ziren, bertso-doinu berri bat erabiliz. Orduandanik bertso horik famatu bihurtu dira bertsolarien artean eta doinua "Iparragirreren doinua" izenaz ezagutzen da.

Iparragirren bertsoen kalitateaz zerbait

Hasteko, esan beharra dago, horrelako zerbait juzkatzeko, erizpide egokiak behar direla. Eta agian nik erabiliko ditudanak ez direla orduko bertsolaritzan erabiltzen zirenak. Baina Xenpelarren garaikidea zelarik, eta beronek erabiltzen zuen teknika ezagutzen dugunez, arriskatu egingo gara, erizpide eztabaidagarriak darabiltzagula dakigularik.

Nik neuk hutsune nagusi hauk ikusten dizkiot:

a) Neurriari dagokionetik, neurketa problema latzak ikusten dizkiot. Silaba gehiegi aurkitzen behin baino gehiagotan eta diptongoen egitura ez da batere ikusten. Adibide bezala, hor ditugu hurrengo kantako "nuanian" eta "deabruak" hitzen kasua:

Zugana, Manuela

nuanian pentsatu

uste det ninduala

deabruak tentatu;

ikusi bezin egin

naiz enamoratu;

ojala ez bazinan

sekula agertu

b) Errimari dagokionez, bere garaikide den Xenpelar baino askoz askeago jokatzen du, nolabait esateko errima pobreak onartuz. Adibidez, Gernikako arbola kantan: "zuela, arbola, denbora, gera" (nahiz eta hau errimatze progresibotzat har daitekeen). Edo "eskatzeko, belauniko, ezkero, gero". Dena den, errimari buruz erizpide desberdinak egon daitezke.

c) Erabiltzen duen euskara, nahiko herritarra eta naturala den arren, oraindik ez dugu ongi ulertzen zergatik dioen "Zibilak esan naute", Urretxu inguruan horrela esaten ez bada. Zenbait kasutan, euskara traketsa darabil, eta hori kontutan hartzekoa da. Dena den, garbizaletasun-burukominik gabe, euskara ulergarria eta bigura erabiltzen du, hitzen banaketa argiarekin, eta esangura zentratuz. Gauza positiboak ere ba ditu:

d) Gaiaren garapena nahiko modu hunkigarriz burutzen du. Agian erabiltzen dituen gaien kausaz (atzerrian dela, edo amodioa dela,...), beraren hitzak sarkorrak gertatzen zaizkigu. Oso ongi lotuta doaz, bestalde, musikarekin eta, ondorioz, kantagarriak direla esan behar.

Dena den, atal honen bukaera eta eritzi orokor bezala, ene ustez, Iparragirre bigarren mailako bertsolaria izan zela esango nuke. Baina lehen mailako kantaria.

Zer eman dio bertsolaritzari?

Berriro lehengo bidetik, Iparragirreren aportaziorik handiena doinuen arloan dagoela esango nuke. Doinu-mota asko herritartu zituen eta gaur egun ere, herri-kantatzat ditugun asko, berak asmatutakoak dira. Bertso-doinu asko, berak eginiko hitzen izenez ezagutzen ditugu, horrela etorri baitzaizkigu: "Ume eder bat", "Kantari euskalduna", "Nere amak baleki", "Agur Euskal Herriari"... Doinu politak erabili eta asmatu zituen, eta gaur egun sinbolotzat ditugun kantak prestatu zituen: "Gernikako arbola", "Hara nun dira". Berari kantatutako bertso batzu ere historiarako geratu dira. Xenpelarrenak kasu. Bigarren mailako bertsolaria izateko ez da gutxi!

Bertsolarien historian ba du, beraz, leku bat, berak egin duenagatik eta berari buruz egin dutenagatik. Izan ere, bestela zertara dator beraren mendeurrena ospatzea?

Bukatzeko, artikuluan eginiko oharrekin, batera zerbait merezi duelakoan, bertso hau eskaintzen dizut, zuri, historiaren eternitatean zauden horri:

Nire lantxo hau irakurtzean

egin dezakezu barre.

Eritziren bat gusta ez arren

ez duzu zertan haserre.

Zure bertsotan txarretik ba da,

hala ere nahiko urre.

Mende bat pasa baina oraindik

bizi da Iparragirre.

R. Garai


Dossier Anaitasuna

Iparragirreren lana laukitan

Abiapuntu ezberdin bitatik egina dugu ondorengo gai hau. Alde batetik kuantifikazioa erabiliz datu batzuk ematen ditugu Joxe Mari Iparragirreren lanari buruz eta bestetik lan berau erabiliz nortasun bat atzematzeko bideak jarri.

Lehen puntuari (gaiak zenbakitan) Iparragirreren lana norainokoa izan den jakitea dagokio eta bigarrenari, berriz, nolakoa izan den legokio (nolakotasun hori premisa bakar batetan oinarritzen dugularik: adjetibazioan).

1.- Gaiak zenbakitan

Gure lehen puntu honetan Iparragirreren lana nola sailka daitekeen ikusiko dugu. Zazpi gai ezberdin aukeratu ditugu eta. horretan sartu nahi izan da Joxe Mariren lan osoa.

Hogeita zazpi olerki aurkitu ditugu; haietariko bost "Maitasunari" eskeiniak dira, "Euskarari" bi izan dira", Euskal Herriaren egoera" gaitzat harturik sei eta erdi daude, "Erbestea, erbestetik idatzia edo erbestera joatean" gaia beste bost eta erdik hartzen dute (azken gaiok dituzten erdiok olerki berberatik datozkigu biei eskeinia bait da gai bera), "Kristautasuna" gai bitan doa, nahiz eta gai batetan "Euskal Herria" gai horrekin batera agertu. "Pertsonajeei", bere aldiko Pertsonajeei, beste bost eskeintzen dizkie, eta "Abar" deitu izan dugun sailan beste bi agertzen zaizkigu.

Alboko koadroan ikus dezakezuenez, zenbanakoki behintzat, gairik garrantzitsuena "Euskal Herriaren egoera" izendatu duguna da, ia mila hitzez doalako eta ahapaldien kopuruak hirutarik bat baino gehixeago hartzen bait du. Geroxeago datozkigu elkarren atzean Pertsonaiak, Erbestea ta Maitasuna; azkeneruntz Kristautasuna, Euskera ta Abar gelditzen zaizkigularik.

Hizkirimiri bezala Euskal Herriaren egoerari buruz doazen olerkiak olerkirik luzeenak direla esan dezagun", Aloña mendi" eta "Gernikako arbola" hain zuzen; lehena hogeita hiru ahapaldiz eta bigarrena hamabiz. Hirugarren toki batetan bada nahiko luzea den beste olerki bat, kasu honetan berak, Iparragirrek, ezaguturiko pertsonai bati eskeinita dagoelarik: "Okendori" izenekoa, hamar ahapaldiz ornitua.

Eta koadroa ikusi baino lehen ohar batzuk. Izartxo (+) bat daramaten olerkiak gai ezberdin bitan daudelako da. "Euskalerri ta Amerika" izenekoa "Euskal Herriaren egoera" sailan eta "Erbestea, erbestetik, erbestera" sailan ere. "Jaungoikoa ta arbola" izenekoa ondorengo biotan: "Euskal Herriaren egoera"n eta "Kristautasuna" sailan ere.

Bigarren oharra hauxe duzue: laukietan zenbaki bi agertzen dira, lehen zenbakia orotara da eta bigarrena % hainbestea adierazteko da; kasureko: "12, %8" honek zera adierazi nahi digu: hamabi ahapaldi direla gai horretan agertzen direnak eta ahapaldiok beste gaietakoekin konparatuz %8a betetzen dutela. Hitzekin berdintsu jazotzen da: "215, %6,8" honek hauxe diosku: gaiak 215 hitz dituela eta hitzok lan osoa kontutan izanik %6,8a baino ez dutela betetzen.

Premisak / Gaiak Maitasuna Euskara Euskal H.ren egoera Erbestea/tik/ra

Olerkiak Zugana, Manuela Arren ez bedi Gernikako Arbola Kantari euskalduna

 Beltzerena galdu euskera Euskalerri ta Amer (+) Nere ama baleki

 Nere maitearentzat  Mairuen bandera Agur Euskalerriari

    Jaungoikoa ta arbol (+)  Ameriketatik

 Nere Izarra Gora Euskera! Oroitza Nere etorrera lur maitea

 Ezkongaietan  Elizondoko batzarra

    Aloña Mendi

Ahapaldiak 21; %14 9; %6 54; %36 24; %16

Hitzak 434; %14 240; %7,6 968; %31,4 540; %17,5

Kristautasuna Pertsonaiei Abar Orotara

Nere oldozmena Okendori

 Becerro-Bengoa

 Galdu genduan Moraza Errukaria 27

 Obia Glu, glu, glu

 Ongille maiteai

5; %3,33 25; %16,66 12; %8 150

      %99,99

      3084

74 %2,30 613 %20,4 215 %6,8 %100

2.- Kalifikatzaileak Iparragirreren obran

Orain arte zenbaiterainoko lana egin zuen ikusi baldin badugu bigarren ataltxo honetan gure helburua lanaren nortasunen bat aurkitzeko bideak zabaltzea da. Nortasun hori lortzeko era ezberdin ugari dagoelakotan, guk bat hartzea erabagi dugu: kalifikapena hain zuzen ere.

Adjetibo kalifikatzaile batekin doazen hitzek balio berezi bat dutela iruditzen zaigu eta uste horren arabera bi galdera ditugu: Hitz bakoitza zein adjetiborekin doa? Adjetibo bakoitza zein hitzekin?

Gehien kalifikatu diren hitzak eta eurekin doazen kalifikatzailerik nabarmenak —A— koadroan dituzue. —B— koadroan, ostera, gehien erabilitako kalifikatzaileak zeri jarri zaion ikusi ahal izango duzue. Konparaketa moduan Iparragirre-ren lana Bilintxen lanaz konparatu dugu.

Baina aurrera jarraitu aurretik beste datu ta ohar batzuk eman behar ditugu. Lehena hauxe dugu: Iparragirrek bere lan osoan 3080 hitz erabiltzen baditu, heuretariko %3,34a kalifikatzaileak direla; hala ere kontrara Bilintxen 6265 hitzetatik 131 baino ez dira kalifikatzaileak, hau da %2,09a. Lanon artean, beraz, eta kalifikatzaileei dagokienez behintzat, Iparragirrek adjetiboak jartzean %1,25 gehiago jartzen du Bilintxek baino.

Bigarren oharra hauxe litzateke: Oso gai ezberdinak ikuitzen dituela eta hori dela eta azterketan ezberdintasun nabariak agertzen direla.

Azkenez gure helburua datoak erakartzea, eta ez ondorioak ateratzea dela esan dezagun.

IPARRAGIRRE

EUSKALDUNAK *gazte (askotan aipatzen dira)

  *onak

  *leialak

ARBOLA (1) *santua (batzutan obran zehar)

  *maitea

  *zuzena

LURRA (2)  *maitea (")

  *santua

  *ona

BERA (3)  *beltzerena

A-koadroa:   *graziosa

Hitzak eta   *zoroa

kalifikatzaileak   *tristea

OKENDO (4) *ederra

  *azkarra

  *fededun ona

PELOTARIAK *onak

  *gogor-azkarrak

  *altu-zabalak

  *galai-gazteak

MORAZA (5) *ona

  *noblea

GAZTEDIA *eder-fiña

  *ederra

OÑATI-ELIZONDO *ederra

(6)  *zabala

  *fiña

AIZKIBEL (7) *prestua

  *jakintsua

BILINTX

ANDRAK  *maiteak

  *politak

  *onradeak

  *apainduak

  *bedeinkatuak

  *meheak

  *ederrak

  *gazteak

  *finak

  *gozoak

  *amorosak

  *lirainak

  *eztiak

  *atseginak

  *kutunak

  *katolikuak

  *garbiak

BERA *tristea

 *mindua

 *penatua

 *burlatua

 *xamurra

 *maitasunez eroa

 *desditxatua

-B- koadroa

Kalifikatzaileak eta hitzak

BILINTX IPARRAGIRRE

MAITEA *emakumea MAITEA *arbola

*damatxoa  *lurra

*izarra  *ama

  *mendia

  *Euskal Herria

  *anaia

  *Euskera

  *adiskideak

SANTUA --- SANTUA *arbola

  *lurra

  *legea

ONA *koadrilla ONA *anaia

*bihotza  *lurra

*deskantsua  *euskaldunak

*zezenak  *Okendo

*kontsejuak  *Moraza

  *Elizondo

  *Pelotariak

  *adiskideak

EDERRA- *soinua EDERRA- *arbola

POLITA *emakumeak, mutilak POLITA *andrak

*damak  *umeak, gaztedia

*damen atributoak  *zerua

*gaua  *Okendo

*izketa  *Euskera

*festak  *Elizondo, Oñati

*etxeak, zerua

Ikus dezagun, orain eta bukatzeko, zeintzuk diren, gaietan banaturik Iparragirreren olerki guztiak, gehien erabiltzen diren kalifikatzaileak:

MAITASUNA EUSKARA E. HERRIA

*graziosa *eder-maitea *santua

*ederra *zaharra *maitea

*liraina *ona *zuzena

*zuria *bikaina *gaztea

*zoratua *maitea *tristea

*gaztea *prestua *polita

*zikina *jakintsua *ona

*handia  *zaharra

*alperra  *argia

  *eder

  *leiala

  *fina

  *gogor-azkarra

  *altu-zabala

  *galai-gaztea

  *atxegina

ERBESTEA KRISTAUTASUNA PERTSONAIAK

*zahartxoa *itzal-ederra *ederrak

*berria *polit-gaixoa *leialak

*maitea  *azkarrak

*tristea  *fededunak

*eder-zuriak  *onak

  *santuak/nobleak

  *maiteak

  *prestuak.

1: Gernikako arbolari dagokio

2: lurra = Euskal Herria tokitzat harturik

3: Iparragirre bera

4, 5, 7: Iparragirreren aldiko pertsonai lagun eta estimagarri batzak.

6: Elizondon egin zen behin euskaldunen biltzarre karlista bat. Oinati: "Aloña Mendi" izeneko olerkian kondatzen dena Gipuzkoako herri hortan igaroten da.

J.I. Basterretxea


Gaiak

Lurra ikaratzen denean

1980.urtean. Azaroak 23. Italiako lurralde pobreena. Lurra ikaratu egin da. Hantxe geratu dira burdin hotzen artean zibilizatu omen den mundu honen zientziak zertarako balio duen sekulan jakin ez dutenak.

Italiako partean hau gertatzen dela ez da lehenengo aldiz. Oso ondo ezagutzen dute hango harriek Lurraren aharrausia: 1456.ean 30.000 lagun hil ziren; 1783.ean 60.000; 1908.ean 82.000; 1915.ean 30.000;... 1980.ean milaka lagun; eta hemendik aurrera?

Italiako azken lurrikara honek berriro atera du argitara betiko kontua: aurreikusi ahal dira nolabait lurrikarak? Baina honekin batera beste gauza bat ere bai: XX. mendean, jakintsuenak Ilargira joan diren mendean, progresoaren mendean, Lurraren ikaran hiltzen ez direnak gero gosez hil behar. Azken egun hauetan, oraindiño, Napoli hiriko egoera latza entzun dugu. Lurrak agin ez zuena dago orain egiten estadua. Jendea kalean,... Baina, utz dezagun kontu hori zientzia neutrala da eta! Joan gaitezke berriz lehengo harira!

Esana genuenez, azken lurrikara hau gertatu ondoren berriro entzun da batzuren kexa. Aldizkari zientifiko batetan agertu den historia benetan kontagarria. Berau 1979. urtean URSS-en kaleratutako programa zientifiko italo-sobietiko baten erresultaduetan datza. Izan ere, programa honen helburua Italia penintsulako fenomeno bolkanikoak aztertzea zen. Oso metodo konplexu desarroilatu zituzten foko sismiko izan litezkeen puntuak finkatu nahirik.

Honek azalpen txiki bat merezi du. Azken urte hauetan egindako ikerkuntzek asko argitu dute lurrikaren jatorria. Lur-barnean diren materialeek, presio eta tenperatura itzelak direla kausa, elkarren kontra jotzen dute gogor. Honen ondorioz, alde horretan energia askatuz doa, apurki apurki, apurketa gertatu arte. Une honetan energia askatu egiten da, baina bapatean, uhin gogorren bidez. Eta uhinok dira "desastreak" probokatzen dituztenak. Hau da, Lurrikaren jatorriak zerikusi haundia dauka barneko egitura geologikoekin. Honetan oinarritu zen programa italo-sobietikoa: ahalik eta informazio gehien batu, era askotakoa, posibilitate guztiak matematikoki landu, eta azkenean puntu "arriskutsu" posibleak markatu.

Hau, jakina, gauza teorikoa da, baina, hala ere, gure gaurko arrazonamendu zientifikoan oinarrituta. Era honetan, Italiako hegorako 44 puntu ateratzen ziren foko sismiko posible bezala. Eman behar zen hurrengo urratsa, puntu horik kontrolatzea, ez zen eman. Jakina denez, lurrikara den energia-askatze hori bapatean gertatu arren, aurretik denbora asko behar izan da apurketa heldu arte. Aurre-denbora horretan ere energia askatuz doa (uhinen bidez) eta berauk erregistratu posiblea dugu lurrikara gertatuko dela jakitea, hori ekiditzeko ezer egin ezina bada ere. Baina bai hilak ebitatu.

Aipatutako 44 puntu horietatik batek ondoko koordenada hauk zeuzkan: 40º8 Iparra eta 15º Ekialdea. Urte bat geroago 1980.eko azaroaren 23'an gertatutako lurrikararen fokoa koordenada hauetan finkatu zen: 40º75º Iparra eta 15º29 Ekialdea. EGINDAKO LANAREN EMAITZEI BEGIRA, ARRAKASTA HAUNDIA IZAN DELA EZIN DA UKATU. BAINA ZERTARAKO BALIO DU? Gero zientzia neutrala dela esango digute!

Lurrikarak gertatzen direneko eskualdeetan bolkanketa ere agertu ohi da. Hauk biok batera doaz (orain gutxi laba botatzen hasi da Siziliako Etna) eta berauen kausa orokorra eskala handitan gertatzen diren kontinenteen mugimenduetan oinarritzen da. Eta konkretuan Italian, Ipar Afrikar eta Penintsulan gertatzen direnak Ozeano Atlantikok Iparrean eta Hegoan daukan zabaltze-abiadura ezberdinean bilatu behar da. Izan ere, Hego Atlantikoa arinago doa zabalduz (3 cm. urtero) Ipar Atlantikoa baino (2 cm. urtero).

Gure inguruan

Kantaurialdean ere izan lurrikarak eta bolkanketa. Azken honen hondarrak leku askotan aurkitu dira. Lurrikarei dagokienez, eta entrepresa baten txostenak dioenez, Lemoiz zentrotzat hartuta eta 150 km-tako erradioan 36 lurrikara erregistratu dira, zelan edo halan, 1900-tik aurrera. Erradioa 300 Km-tara zabaltzen bada 187 dira, intentsitate ezberdinetakoak. Entrepresa berak dioenez, oso gutxi da lurrikara hauetaz ezagutzen dena, hots ez dela informazio handirik: "En definitiva, se concluye que el estudio sismológico para la Central Nuclear de Lemóniz no podrá contestar a todas las preguntas lógicas que se plantean" (2.5.6.). Mila esker eregindako ahaleginagatik!!!

Bestetik, izen oneko aldizkari batetan (Boletín Geológico y Minero, fundada en 1874) honela irakur daiteke: "Gracias a la investigación petrolífera se han puesto de manifiesto los volcanismos del golfo de Vizcaya, asociados a una discontinuidad conocida internacionalmente como de Gibbs o Labrador-Biscaye Fault, coincidente con la discontinuidad nortpirenaica" (1978). Erantsiko nioke horri, ezen diskontinuitate hori Atlantikoko dortsalearekin lotuta dagoela, eta honelako zonak kontutan hartzekoak dira.

Ondoko mapa honetan (1980) arrisku-zona teorikoak agertzen dira. Zenbat eta informazio-kopurua haundiago izan (eta fidagarriago) fenomenoak hobe ulertzeko moduan, eta irtenbide posibleak aurkitzeko moduan egongo gara; eta errealitatetik hurbilago ere.

Iñaki


Gaiak

Snobismoaz

Musika arloan, beste askotan bezala, zenbait jende oso "modernoa" da; hots, uneko musika atsegin dute, edonolakoa, baina modan dagoena.

Zergatik esaten dudan hau? Erantzuna oso erraza da, jende hoien snobismo delakoaz bururaino nagoelako.

Adibide adierazkor gisa, niri jazotako bi gertaera kontatuko dizuet.

Lehenengoa "saltsa" deritzonaz. Niri betidanik gustatu zait Erdi- eta Hego-Amerikako musika —manboak, sanbak, kunbiak, e.a.—, baina ezina zitzaidan askotan diskadendetan aurkitzea, modan ez zegoelarik edo, saltzen ez omen zuten eta. Gainera, sarritan arrotz sentitzen nuen neure buruz, edo orain esaten den modura "karroza"tzat hartzen, beste mundukoa izango banintz legez.

Esate baterako, Kataluniako "Orkesta Plateria"ren lehen diska erosi nahian Donostia eta Bilboko denda asko eta asko ikustatu nituen, duela bi urte edo, eta gehienetan ezagutu ere ez. Orain ostera, ospe handiko taldea dugu, eta edonon aurki dezakegu bilatzen ibili nintzen diska hura, eta berriki argitaratua ere. Harrigarria benetan!

Bigarren adibidea antzekoa da. Orain bi urte baino gehiago, Inglaterran nengoela "reggae" delako musika entzun nuen lehen aldiz, eta eder ederra iruditu zitzaidan. Hantxe biziango kontzerturen batetara joan nintzen, eta ia egunero Jamaikako beltzen klub batetara holako musika entzutera eta dantza egitera. Hona itzuli nintzenean, reggae diska pare bat ekarri nuen, Peter Toshen bat esaterako, eta lagun edo ezagunei entzunerazi nizkienean, den-denek esan zuten oso musika itsusia eta txarra zela, eta ez zidaten ipini ere uzten inongo bilera edo festatan. Geroxeago, berriz, hasi ziren F.M.an jartzen eta bultzatzen, eta horra hor guztien gustukoa bihurtu zela musika madarikatu hura. Orain denek maite dute Bob Marley, eta Eddy Grant ere..., eta baita Peter Tosh berbera ere!!

Ez esan ez denik etsitzeko. Eta holakoak bizitzaren eremu guztietan milaka. Gure zorioneko herri hontako jendea, zoritxarrez, modaren tendentzien arauera mugitzen da.

Amaitzeko, esaera zahar bat datorkit burura, Rafael Castellanok aldarrikatua berriz modan jarria: HALAJAINKOA!

I.A.


Gaiak

Maria Blanchard-en mendehurrena

"Hara, begira sorgin hori!" zioten haurrek Maria Blanchard kalean pasatzen ikusten zutenean. Eta harriak botatzen zizkioten eta burlaka, keinuka, oihuka hasten ziren "E, sorgina!". Beste batzuk, berriz, Mariarengana hurbildu ohi ziren bere bizkar konkorra ikutzeko asmoz. Eta berak, isilik, umiliaturik, begiak malkoz beteta, etxean sartu, margoak hartu eta haur eder, loreak, emakume zoriontsuak pintatzen zituen.

Maria Blanchard, emakume margolari famatua, Santanderren jaio zen 1881.go Martxoa 6ean. Bere amak izandako istripu bategatik, makur edo deformea izango da jaiotzez. Honek, zeharo mugatuko du bere bizitza guztia. Geroago, famatua zelarik, batek arte edertasun fisikoaz gain dagoela esan zionean, berak erantzun omen zion, saminki:

Non, non, c'est mieux la beauté!

Kaleak sofrierazten badu Mari txikia, etxean berriz, giro goxo, maitagarri bat aurkitzen du. Marrazkigintzarako trebetasunaz jabeturik, etxekoek asko bultzatu eta lagunduko diote arte bideetatik. Maisu, liburu, kabailete eta margoak ez zaizkio faltatuko... eta unibertso txiki hartan kalean egindako zauriak sendatzen ditu.

Pintura ikastea Madrila doanean, berehala galardoatua gertatzen da erakusketa batetan. Baina, Madrilek ez du horregatik hobeto tratatzen. Kaletik pasatuz gero, bere deformitateak mila irain eta iseka sorrerazten du; harriak ez zaizkio faltatzen, bultzakadak edo gustu txarreko trufak ere ez. Gainera, Madrilgo kultural kaxkarkeriak eta Akademiako ohikeriek itotzen dute Maria. Parisa joatea erabakitzen du 1908.urtean.

Garai hartan, Pariseko Montparnasseko tailer eta estudioetan, mundu guztiko artistak pilatzen dira. Bide berri batzuk zabaltzen zaizkio arteari, estilo iraultzaileak... Paris dardar batean dago, sukar artistiko batez jota. Eta han aurkitzen du azkenean Maria Blanchard-ek berak hainbat irrikatzen zuen giro egokia. Louxembourg parketik pasea daiteke trankil, inork ez du molestatzen, inori ez dio axola, inor ez du harritzen emakume txiki konkordun hark. Aldiz, lagun asko egiten du: Juan Gris, Picasso, kubistak; Dalí, Bernal, Dominguez, surrealistak; Bores, Cossio, Viñes, neokubistak; eta Miro fauvisten artean. Hauengandik afektu, mirespen eta txaloak, besterik ez du jasoko.

Bizitza bohemia delakoa ezagutu arren, gose, hotz, miseria ugari, pintatzeari ekiten dio eten gabe. Kubisten artean leku berezi bat lortuz. Baina, 1914-1918.go gudak sakabanatzen ditu Parisko artistak. Horietako asko Espainiara bueltatzen dira eta R. Gomez de la Sernak antolatzen du Madrilen lehenengo kubista erakusketa, Maria Blanchard-ek parte hartzen duelarik... Oso erakusketa polemikoa izan zen. Madrilgo kritikalariek harrera txar, mespregarri eta bortitza eskaintzen diete... Kubismoa, ero batzuen lana dela diote. Halaere, Maria marrazki katedra lortu eta Salamankan klaseak ematen hasten da. Ez du denbora asko irauten. Garaiko artistik konbentzionasunak itotzen du forma berrietako ikertzaile amorratua den Maria. Kaleko iseka ta irainak berriro. Salamankako atmosfera jasanezina gertatzen zaio eta bere lanpostua utziz, Parisa bueltatzen da.

1920.urtean, "La Comulgante" delako koadroarekin, arrakasta izugarria ezagutzen du.

Kritikalariek, publikoak, martxanteek inguratzen dute. Garai bikainena da hura Mariarentzat... Picasso, Braque, Apollinaire eta Sueziako Gustavo V-a ditu bere estudioko sarritako bisitariak.

Bere azken urteetan, konbertsio baten eraginez, katolizismora jotzen du eta 1932. Apirilak 5ean hiltzen da, "lore asko, lore asko" pintatu nahi dituela esanez. Berez, hil arte, lanari ekiten jarraitu zuen eta bere koadro batzu ikus daitezke Santanderreko Munizipal Museoan eta Madrilgo Arte Contemporáneo museoan...

Mariasun Landa


Gaiak

Superman, heroeak eta hondamenak

"Ondoko 12 orduek 150 mila miloi peseta eta 600 bizitza kosta ditzakete. Gizon batek bakarrik aldera dezake".

- Rescate en el Mar del Norte.

***

- Superman II-aren estrenaldiak (bigarren aldeak inoiz hobeak diren ala ez alde batera utziko dugu oraingoz) heroeak gaurko gizartean jokatzen duen eginkizuna berriro dakarkigu burura.

Heroe hauk Iranen zeuden Iparamerikako bahituak edo Poloniako marmorezko gizona izateak ez du botereak, bere interesak hobe defenditzeko, duen pertsona batzuk mitifikatzeko beharra aldatzen.

Zinemak, mitoen sortzailea berez eta gizarte bakoitzaren eskemen isla, ezin du eta ez du kondairan, literaturan edo komikietan sortu diren heroen bizitza pantailara transkribitzeko aukera galdu nahi, jendearen harrera eta inbertsioa nolabait segurtatuak baitaude.

Cid, Aragoiko Agustina, Ben Hur, Ivanhoe edo Superman, Kasu ezberdinak izan arren, mito edo heroe irudian bihurtu dira.

Erreal edo fikziozko pertsonaia hauen inguru mitikoa oso urrutu gelditzen zaionez jendeari, sistema, zinemaren bidez, behartua dago heroizitate hau kaleko errealitateari eta eguneroko bizitzari lotzera, beste mito horiek zailegi direnez imitatzen. Hortik bide bikoitz bat sortzen da: Alde batetik, gizon eredua, self made man, bera bakarrik, bere ahaleginei esker, egin den gizona, eta hau dena agertzen duen zinema. (Emakumearen eginkizuna, ikuspegi honi dagokionez, beste bat da eta horregatik ez da eskema honetan sartzen). Ideologi honen asmoa denontzat abiapuntu berdinak daudela adieraztea datza, horrek Ipar Amerikako "paradisua" frogatzen baitu. Bestela, Reaganak esan dezala...

Bestetik, azken bolada honetan, G. Seatonen "Aeropuerto" filmaz sasi-apolitiko eta bere helburu nagusia denbora pasatzea den hondamenen zinema saila sortzen da. Zinema moeta hau ia beti munduko ekonomiaren egoera larri baten inguruan sortu da. Pentsa dezagun, alegia, 30. urteetan "King Kong", "Freaks", edo "Dracula" bezelako filmak agertu zirela, ikuslegoari bere egoera prolematikoa ahatz-erazteko, beste arrazoin batzuen artean.

Baina filme hauek mezu garbi bat dute (azken boladakoei berez mintzatzen ari naiz): Gizarteak teknikoen beharra duela frogatzea, eta beste guztien menpekotasunaren egokitasuna.

Har dezagun, orduan, oraingo sailaren edozein filme bat (Aeropuerto — Terremoto — El coloso en llamas — La aventura del Poseidón — Rescate en el mar del Norte...) Beti dago espazio itxi bat (etxe bat, hegazkin bat, itsasontzi bat) eta ihes egiteko ezintasun fisiko bat hondamena gertatzen denean.

Jendeak, gatazka hori gainditzeko edo soluzionatzeko dagoen funtzionapen sistema ez du ezagutzen. Beraz, ez da inoiz lagunartekotasunik sortzen. Bakoitza bere burua salbatzen saiatuko da, eta ez gertaera hori gainditzen, kolektibitate bat bezala.

Zentzu honetan berpiztu da zineman Superman mitoa, hondamenen zinemaren ordezkotzat, jendea honetaz nahiko aspertuta baitzegoen. (Ezin dugu ahantzi 48. eta 50. urteetan eramana izan zela zinemara ere historia hau, gerlondoa zela eta). Baina eskema bera da:

1.- Komunitate bat: E.E.-B.B. munduaren lehen eredu eta sinbolotzat. (Ikus dezagun bestela hiru kryptoniatarrek USA-ko lehendakaria eskuetan dutenean mundu osoa bereganatu dutela garbi azaltzen deia).

2.- Mundua salba dezaken gizon bakarra, Superman, nahiz eta horretarako bere giza irudia eta maitasuna ukatu behar.

Azkenean, Superman, Paris terrorismoaren hatzaparretarik salbatu eta USA-n Kriptoniatarrei irabazi ondoren, Etxe Zuriara itzultzen da, Estatu Batuetako bandera uhinduz. Umeak txaloka hasten dira eta norbera hori ere terrorismoaren apologia izanen ote den edo ez pentsatzen hasten da. Zer ez luke kritikak esanen, beste bandera bat izanen balitz...

Engranaia honetan, Richard Lesterrek ("The knack"; ¡Qué noche la de aquel día!; Help; Golfus de Roma...) oso humore fina erabiltzen du filmean zehar, baina manipulatzaile edo ez, historia honek Costa Gavras edo Rosiren filme "politikoen" mezua gainditzea lortzen du, nahiz eta beste norabide batetan.

Zalantzarik gabe, zinema politiko kontzeptua berraztertu beharko genuke.

Xabier Portugal


Gaiak. Euskara

Pertsonaia inportanteen hizkera

Hitza: idea bat adierazten duen soinua ala soinu multzoa. Definizio hau edozein hiztegitan topa daiteke eta mundu guztiak onartzen duela dirudi. Honetan oinarrituz pentsa genezake, bi, hiru edo lau hitz bata bestearen atzean ipiniz, gramatikazko legeak ondo gordez gero, zenbait idea ala idea osotu bat eman behar dutela, baina ez da beti horrela. Hau oso argi ikus daiteke gaurreguneko pertsonaia askoren hizkera aztertuz: kapaz dira ordu bat hitz egiten egoteko eta ezer ere ez esateko.

Honek, berez, ez luke inportantzia handiegirik izan behar, baina ba du, zeren gehienetan, zenbat eta esaldi ilunagoak esan hainbat eta inportantzia gehiago ematen zaiolako hori esan duen pertsonari. Adibide gisa: zenbat aldiz entzun diezue politikoei "una fase transitoria coordinada" edo "gaurkotasun iraunkor orokorra" edo antzeko esaldiak?, eta zer?, zabal zabal geratzen dira eta jende asko liluratuta.

Ba dirudi, horrelako gauzak esaten dituenak asko dakiela eta orduak eta orduak pasatu dituela goi mailako liburuak irakurtzen hain lexiko aberatsa hartu ahal izateko. Baina ez. Horrelako esaldi HUTSAK esateko ez da behar gauza handirik, eta joko baten bidez demostratuko dut oraintxe.

Hemen azpian datorren laukian hiru hitz-zerrenda datoz, bakoitza bere letrarekin: A, B eta C. Ba, multzo bakoitzeko hitz bat hartuz horrelako esaldi rinbonbante huts bat izango duzue, hau da, A + B + C konbinaketa eginez.

Adibidez, imagina zaitezte nobela baten kritika egitera zoaztela, eta originalak nahi duzuela izan, ba, arestian aipatutako konbinaketa horietako bat eginez, esan zenezakete, "gaiak, itxaropen egozgarri neurtua adierazten duela". Zelako esaldia, e? Beste kasu bat. Periodista batek, zure eritzia eskatzen dizu oraintsu gertatu den ekintza politiko irristakor batez, eta zuk, noski, por la tangente nahi duzu irten. Ba, arau berbera erabiliz, zera erantzun ahal diozu: "ekintza honek, gaurkotasun laguntzaile sustraitua eduki arren, sendotasun hazberri bideratua darama bere barruan", eta periodista ausarta bada, gehienez, hori zerbait azaltzeko eskatuko dizu, eta orduan, zuk, A + B + B + C multzoa eginez, lau hitzeko koktel mortal honekin erantzun ahal diozu era honetara: "egia esan, ez da erreza hitz gutxitan esatea, baina laburtuz, argi dagoena zera da, ekintza honek higikortasun logiko urtugarri erdiratua salatzen duela", eta periodista indiskretua, seko. Eta metodu honek lagunartean barre apur bat egiteko ere balioko luke, adibidez, zure lagunari zera esanaz: "zure begi urdin horiek, mugikortasun zizenki iradokitua daukate". Hau entzun ondoren, edo zure besoetara jausten da, edo ematen dizun belarrondokoa Canariasetan ere entzun egingo da.

Beraz, ikusten duzue hizkera aberats hori ez dela hain gauza gatxa.

Eta oharxo bat amaitzeko. Azpiko lauki honetan agertzen diren zerrenda bakoitzean 20 hitz dago, beraz, matematikak fallatzen ez badute (eta gure Herri honetan edozer gerta daiteke) A + B + C motako 8.000 konbinaketa egin daiteke, eta A + B + B + C motakoak, ez dakit zenbat, horraino ez naiz heltzen.

 A B C

Gaurkotasun egozgarri iradokitua

aukerabide laguntzaile erdiratua

egokitasun hazberri bideratua

itxaropen logiko sustraitua

iragazkaitasun urtugarri neurtua

egitura lantzaile sistematizatua

higikortasun automatikoki tajutua

emankizun zizenki elkargarria

egitura desorekagarri positiboa

oharkera bultzatzaile orekatatsua

ezarkuntza iraunkor funtzionala

jasapen zuzentzaile orokorra

finkotasun berrindartzaile ezin hobea

fase hestuki paraleloa

programaketa eragingarri onartgarria

gerotasun jasotzaile koordinatua

hurbiltze erosoki bilbatua

zalutasun frogaezin erabakia

betekizun iragankor moldatua

gehitze sortzaile zuzena

J.R.B.


Gaiak. Antzerkia

Maskarada antzerkia

Zenbait komunikabidetan entzun edo irakurri genuen "Kilikilariak" apurtu egin zela subentziorik ezagatik. Baina ba dirudi, aipatutakoa egiazkoa izanik ere, beste funtsezko arrazoirik ba zegoela egon; hots, erizpide ezberdinak teatroari buruz: "batzuk jotzen genuen teatro euskaldunera, eta besteek nahiago zuten teatroan jarraitzea, bai, baina euskara kontutan hartu barik".

"MASKARADA" joan den urteko Urrian sortzen da "Kilikilariak" sakabanatu zenean. "Kilikilariak" (Comicos de la Lengua) taldetik irteniko batzuk sortzen dute, era batean edo bestean kultura mailan mugitzen den beste jenderekin batera.

Teatroa euskaraz

 "Comicos-en azken obra biak euskaraz izan ziren, eta guk esperientzia hori bizi eta gero, teatroa euskaraz egitea posiblea zela uste genuen profesionala izateko, teatrotik bizitzeko. Eta horregatik sortu zen, neurri batetan behintzat, "Maskarada". Hutsune bat ikusten genuen euskara arloan, teatro euskaldun barruan. Teatroa euskara hutsean egiten zuen profesionalik ez zegoen".

Beraiek esaten digutenez, ez da gauza erraza gaur egun antzerkia euskaraz egitea, zeren texturik eza nabaria omen da eta. "Erdaraz ba zegoen teatro "majo" pila bat idatzita, baina euskaraz zegoen teatroa "amateur" zen. Gainera bi moetakoa duzu: bata nahiko kontserbadorea, betikoa, eta bestea nahiko "gorria". Eta guk ez genuen nahi, ez bata ez bestea, beste gauza berri bat baizik. Orduan Atxagarekin hasi ginen harremanetan, lehendik ezaguna baikenuen Comicoserako lan batzu egin zituelako. Beraz egokiena eta ingurukoena bera zela uste izan genuen".

"Maskarada"k egin nahi duen lana hiru arlotan finka daitekela diote: umeentzako teatroa, kalekoa eta irakaskintza.

Haur teatroa

Lehen sailean kokatzen da, noski, "Jimmy Pottolo eta Zapataria" obra. Eskolaurreko umeentzat burutua dena. Nik ikastola batetan ikusi nuen eta oso inpresio ona egin zidan. Kolorez betea iruditu zitzaidan, eta benetako aktoreak txontxongiloekin nahastean, bizitasun berezia agertzen da. Haurra gainera, ez da ikusle pasibo bat, partaide aktibo baizik. Askotan elkarrizketa sortarazten dute aktore eta umeen artean, eta Afrikarako bidaian, adibidez, ume batzu ere sartzen dira itsasuntzian.

Antzezleen lana, bestalde, on ona da bai ahotsaren aldetik, bai gorputz adierazpenetik. Musika J.C. Perez (Itoiz)ena da.

 "Beste obra bat ari gara prestatzen, "Logala zeukan trapezistaren kasoa". Nahiz eta eskolaurrekoek ikusi ahal izan, obra hau haundiagoxeentzat da 7-12 urte artekoentzat.

 Obra biak "Mari Zorakeri señoritaren istorio harrigarriak" izenburu generikodun serie barruan sartzen dira. Sail honen barnean obra pila bat egingo dugu. Maria Zorakeri pertsonaia ipuin guztietan agertuko da, izen ezberdinez bada ere".

 "Teatroarekin umeak bere irudimena bultzatzen du, bere sormena haunditzen, eta beraren gorputzak ematen dion adierazkortasuna ezagutzen. Honela berarentzat joku bat izan dena esperientzia, sentimendu eta problemen elkar aldaketa bihurtzen da".

Kale teatroa

"Maskarada"ren lanaren bigarren arloa kale teatroa da. Euskadin egin diren forma teatral eta parateatral guztiak ikertu nahi dituzte: pastoralak, xaribariak, toberak, ihauteriak...

 "Euskal tradizio guzti hoiek kalean egin dira; euskal teatroaren oinarriak kalekoak izan dira beti. Gaur egun, nahiz eta barruko ospakizunak egon, jendea kalean biltzen da elkarrekin egoteko, jaietarako...

 Guk egin nahi dugun teatroa hitz gutxikoa da, irudizkoa, eta hori oso egokia da kalerako. Gainera, aipaturiko tradizio horien forma batzu hartu gura ditugu, musika eta dantza alegia. Honetarako espezialista batzuren kolaborapena daukagu".

 "Kontutan hartu behar duzu, gain era euskaraz egiten dugula, eta ez dugula nahi gure teatroa literarioa izan dadila, irudimenezkoa baizik, eta hau barruan egiteko azpiegiturarik ez dago. Erdal kulturako jendea gutxi joaten da teatro barruetara; orduan, hori euskarara itzulia oraindik laburragoa egiten da, eta guk, profesional garenez, ezin dugu jokatu. Antzokiko jabeak ere %50 ra edo eramaten du. Azken batean, nahiz eta jende asko etorri irabazia nahiko pobre izaten baitira.

 Gure kale teatroko hurrengo obra, Lantzeko ihauterietan finkatua egongo da Pertsonaien esanahia, motibazioa eta alegoria mantenduta, forma estetikoa aldatu nahi dugu. Lehenengo, pertsonaia hoiekin kalejira egingo dugu, jende guztia plazara eramateko, eta gero hantxe esketx bat edo bi antzeztu. Dramatizazio hauetan jendearekin sartuko gara, eta jendearekin eta jende artean eta jendearekin batera amaituko dugu.

Irakaskintza

 "Euskadi mailan eskola batzu daude. Donostiako zentro dramatikoa ere sortu berria da. Gure asmoak hortik urrun dabiltzala uste dugu. Forma berriago batzurekin sartu nahi dugu, forma aurreratuak hartu. Adibidez, eskolan Euskadiko dantza batzu irakatsi behar direla pentsatzen dugu. Era berean forma parateatralak ere; Pastoral bat zer den, zeintzun konstante erabiltzen diren e. a. jakinik irten daitezela ikastaroetatik.

 Hori alde batetik. Bestetik aktorea gertatzea: gorputz adierazpena, dantza organikoa, euskal dantza, interpretazioa, akrobaziak, ahotsa, psikodramak, mimoa, clown"

Orain arte bi lekutan daramatzate kurtsiloak, Bilbo zaharreko antzerkitailerrean eta Txurdinagako Institutoan (femenino delakoan). Honetatik aparte, asteburuko ikastaldiak ere ematen dituzte hauzo eta herrietan.

— Hau guzti honez gainera, ba dago projektu aipagarri gehiagorik?

 "Ba bai, Jon Intxaustegiren gidaritzapean telebistarako programa bat egiten gaudela. "Maskarada" taldeak "Jimmy Pottolo..." obrarekin, telebistarako bertsioa nolabait desberdina izango delarik, eta gurekin batera Mikel Laboa, Xabier Lete, J.C. Egillor eta Lurdes Iriondo. Hau serie batetarako programa pilotoa izango da".

Eta bukatzeko betiko berbera esanbeharrean aurkitzen naiz, penagarria dela holako lanak askotan, gehiegitan, asmo hutsetan gelditzen direla laguntza ofizialik ezagatik. Beraz, ikastolek ez badaukate nahiko diru, hainbeste ez bada ere, holako taldeak kontratatzeko, egin dezatela Udaletxeek, baina lana behar dute teatro taldeek aurrera jotzeko. Euskal Gobernuko Kultur Sailaren subentzioaren bat ere ez litzaieke sobraz egongo.

Norbaitek "Maskarada"koekin harremanetan sartu nahi badu, hona hemen helbidea eta telefonoak:

MASKARADA

BILBO-GALDAKAO errepidea

BOLUETA, BILBO

Tlf. 4113011 (bulegoa)

4437299 (2 1/2etatik-3 1/2etara)

I.A.


Gaiak. Eritziak

"Muga"ri erantzunez

MUGA aldizkariak euskararen egoera hartu du gai nagusitzat ("El euskera, patrimonio colectivo") bere 13. alean, (1981 ko Otsailekoa). Eta hizkuntzari buruzko iritziak biltzekotan, hiru jaun hauek hautatu ditu: Mitxelena, Caro Baroja eta Oteiza.

Bertan ematen diren ideiak, euskararen aldeko borroka zailean kaltegarri izan daitezkeelakoan, "EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ"ek ondoko puntu hauek jakin eraztea erabaki du:

1 - Euskara erabat baztertua duen MUGA aldizkariak, nekez eman dezake baliozko iritzirik arazo honetaz; euskara behin eta berriz zapuztu, eta euskal idazle ziren batzuk erdarara behartzea baizik ez baitu gaur arte lortu.

2 - Era berean, oraindik ere euskaraz hitz egiteko gauza ez diren oriotar eta beratar bitxi horiek, nekez esan dezakete ezer onik beren praxi erdaltzale eta negargarri horren ondoren.

3 - Oztopo guztiak gaindituz eraiki diren ikastolek, eta bertan lan egiten duten andereño eta irakasleek, errespetua eta laguntza merezi dituzte; eta ez irain nazkagarririk. Hots, Oteizaren ustez, andereñoen lana "atontar niños en la ikastola" omen da. Hori esanez, euskararen etsaien artean jarri du Oteizak bere burua; oso minki 2.000 irakasle eta 60.000 ikasle zapuztuz.

4 - Nafarroa-ko egoeraz, bestalde, berri faltsuak eman ditu Caro Barojak: "Hace ya bastantes años que en la zona Norte de Navarra se enseña vasco", dio Carok. Gure galdera hau da: zein herritan, zein mailatan, eta zenbat haurri?

5 - Caro Baroja-ren ustez, bestalde, "la situación es grave y compleja"; eta "hay que evitar posibles discriminaciones y segregaciones". Nor dago, ordea, gaur eta betidanik, diskriminatua eta baztertua: euskalduna ala erdalduna?

6 - "Si el vasco ha de rehacerse —beti Caro Baroja mintzo— serán en primer lugar los que lo hablan hoy los que tendrán que esforzarse como artistas creadoras en esa tarea". Harritu egin gaitu, zinez, Caro-ren mailako jakintsu batek, arazo soziolinguistiko bat konpontzekotan, bide borondatekoi hori proposatzeak. Ez da horrelakorik inon eta inoiz proposatu, hain zuzen; eta beren hizkuntzaz jabetu diren herriek bestela jokatu dute gaur arte.

7 - Mitxelena erabat beste bien zaku berean sartzea ezinezkoa izanik ere, euskarari buruz Mitxelenak egin duen iker-lanik gehien gehiena erdaraz egin du. Baita Euskaltzaindiaren barruan ere. Mitxelenak, beraz, aspaldiko "apologistek" bezala, euskara baztertuz egin du euskarari buruzko bere lana.

8 - Mitxelenak guri buruz presentatu duen oposizioa ez da egia. Berak "plan gradual" bat eskatzen du, "de manera política e inteligente" eramana, eta abar; eta gu, aldiz, honela aurkeztu gaitu: "esa monomanía de los pintadores y despintadores de rótulos. Y quisiera decir de paso que operaciones como ésas no conducen a nada más que a asquear a todo el mundo". Hots, pintaketa-lanez gain, EHE-ek "plangintzak" eskatu ditu behin eta berriz. Baina plangintza zehatz horien zai gaude oraindik, maila guztietan; eta euskararen suntsiera aurrera doa, begi-bistan dagoen bezala.

9 - Mitxelenak gure ekintzen okerra salatzen du. Baina Frantziako eta Españako gobernuek maila guztietan euskara hiltzeko daramaten plangintza orokor eta nabarmen horren kontra, txintik ez du ateratzen. Guk ongi dakigu ez dela Mitxelena gure hizkuntzaren etsai nagusia; baina, alderantziz, gu bide gara euskararen arrisku nagusia Mitxelena-ren eta MUGA-ren eritziz. Eta bista labur hau ez dugu ulertzen.

10 - Era berean, ez da oso bidezkoa euskara Unibertsitatean sartzeko egiten diren ahaleginak kritikatzea, eta erdara hutsez egiten den mundu oso horren kontra ezer ez esatea: "el hecho de que el señor tal o cual imparta una determinada asignatura en euskera en la Universidad, no tiene la importancia inmediata que algunos se creen. Bueno, en euskera, o en algo que se parece al euskera; y digo esto porque leer y oír ciertas cosas en euskera hace caer el alma a los pies". Unibertsitateetan, UZEI-n, Udako Unibertsitatean, egiten den zaila eta eskergabea horrela tratatzea, lotsagarria iruditzen zaigu.

11 - Azken ohar bat, bukatzeko: "yo creo —dio Mitxelenak beste mementu batez— que los irlandeses admiran en nosotros que en círculos familiares y en la calle el euskera sea hablado. Y aunque este método parezca un tanto tradicionalista, "lege zaharrekoa" y tal, a eso nos tenemos que aferrar con todas nuestras fuerzas". Hots, EHE-en ari garenok, euskal telebista eta euskal irratia eskatzen badugu ere, euskal errotulazioa eskatzen badugu ere, udaletxeetako zerbitzuetan euskaraz mintzatzeko eskubidea eskatzen badugu ere, geure artean eta geure adiskide eta famili giroetan euskaraz baizik ez dugu egiten. Areago, "euskera coloquial" hori indartzekotan hain zuzen, biltokiak eraikitzen hasiak baikara Euskal Herrian barrena. Oso zalantza handiak ditugu, hain zuzen, euskara ez ote den MUGA-ko gehienentzat "lengua heráldica" famatu hori: alegia, egiazko bizitik at, eta arrotzak harritzeko, folklore bihurturik (edo ikergai bikain ere bai, zenbaitentzat), hila den jerga bat.

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ-en

Mahaia Nagusiak

Altsasun, 1981 ko Martxoaren 21 an.


Gaiak. Euskara

Hiztegia-80. Erabiltzeko den tresna bat

Beharbada, hiztegi hau aspaldi samar agertua delarik, baten batek berandu eritziko dio orain kritika egiteari. Hala ere, ezer kritikatzeko aldez aurretik ezagutu beharra dago eta hiztegi baten kasuan erabili beharra. Lauzpabost hilabetetako erabileraren ondoren, nolabaiteko aipamen edo kritika egitea komeni dela deritzot. Hastera noa beraz.

Lehenik eta behin, hiztegi hau beste hiztegi baten eboluzioaren fruitua dela jakin behar da. Duela hiruzpalau urte "Euskal Hiztegi Modernoa" izenburupean eta "Irakasle talde batek" egina kaleratu zen. Oraingoan, izen-aldaketa batzurekin, "Hiztegia-80" da eta egilea, "Ekiten taldea"; nahiz eta izenen bat desagertu den (J. Tobar), azken batez talde berbera dela esan dezakegu.

Zenbait aurrerapauso

Bigarren belaunaldiko hiztegi honek, ba ditu zenbait abantaila eta aurrerapauso aurrekoarekin konparatuz. Aipa ditzagun horrelako batzu:

- Hitz-kopuruari dagokionez zabalagoa da. Hitz gehiago eta aukeratuagoak sartu dira. Honetan kontutan hartu dira azken urteotako lanak eta berrikuntzak, hala nola U.E.U.n argitaraturiko zenbait liburu edo eta U.Z.E.I.ren hiztegigintza.

- Ortografiari buruz ere egoki jokatu dutela uste dut. Hitz internazionalen idazkeraz gaur egun nagusi (ia bakarra) den bidea harturik, Bergarako Biltzarrean Euskaltzaindiak transkripziorako adierazitako erizpideen arauera jokatu dute, ph, th, kh, y, eta antzeko grafiak baztertuz. Bestalde, egileak ez daude ados, h, letrari buruz hartu diren azken erabakiekin, eta beren hitzez "hori dela eta, inoiz urak beren hibaira bihurtuko direlakoan, obedituz baina ez kunplituz, parentesi artean utzi ditugu horrelako hitzen h-ak, irakurleak zeintzu diren jakin dezan" Nik neuk zuzen deritzot jokabide horri.

- Hiztegian erabiltzen den letra-mota eta aurkezte-modua ere oso egokia dela uste dut. Bistarako askoz ere atseginagoa, hizkiak oso garbi irakurtzeko modukoak. Horretan asko aurreratu da.

- Irudiekin horniturik dauden orrialdeak egoki ikusten ditut. Dena den, eskola ikastoletarako gehitu egin beharko lirateke, benetako hiztegi grafiko batetarantz abiatzeko. Alde horretatik bide erdian gelditu direla esango nuke, nahiz eta lehen urratsa izan daitekeela ikusi.

Zenbait hutsune edo atal zalantzagarri

Dena ez baita arrosa kolorekoa izango, ondo bide dator hutsune batzu ere aipatzea.

- Ene ustez, hitzen erabilera adierazteko adibide gutxi daude; edo nahiago baduzue, adibide gehiago eta zalantza-izpirik egon daitekeen kasu guztietan ipini behar direla uste dut. Arazo hau argiago ikusten da aditzen kasuan. Zein eratan jokatu behar dira? Egia esan, zenbait kasutan jartzen da, baina, ene ustez, kasu guztietan ipini behar da. Bestela, aditz ezezagun bat hartzean zalantzak daude NOR, NOR-NORI edo zer eratakoa den jakiteko. Demagun, adibidez, jolastu, jostatu, jokatu hirukotea. Nola erabili behar dira?

- Antzeko zerbait diot hitzen maila gramatikalari buruz, horrek erabilera kondizionatzen baitu. Adibidez, zer da ugari ihitza? Adjetiboa, adberbioa ala zer?

Tira! Beharbada eskaintzen ez duen gauza bat eskatzen ari natzaio hiztegi honi, alegia, hiztegi arauemailea izatea. Egileek barkatuko nautela uste dut, segur asko berek ere problema berbera dutelakoan bainago.

Erabilgarritasunari dagokionez, bestalde, nik neuk zalantzak ditut koloretako orriei buruz. Praktikan euskal eta erdal parteak banatzeko muga bezala jokatzen dute beren papera, baina hango esaldi gutxi batzu praktiko ikusi arren, gehienak alferrik daudela esango nuke, zereginik ez daukagun momentu batetan denborapasa ibiltzeko ez bada behintzat. Nik neuk ere horrelako zerbait egin dut, kuriositatez batez ere, eta hango hitzek zerbaiterako balio dezaketela ikusteko, hona hemen nire mea culpa. Alea jacta est.

Euskara hutsezkoa noizko?

Hiztegi arauemailea aipatzean, neure kezka bat agertu dut. Noizko euskara hutsezko hiztegi erabilgarria? Oraindik ez ote da hiztegi horren fruitua heldu?

Ba dakit, duela hiruzpalau urte I. Sarasola horrelako zerbait prestatzen hasi zela. Ez dakit zer martxa daraman momentu honetan. UZEIk ere euskaraz prestatu ditu bere hiztegi teknikoak.

Agian Euskaltzaindiak ba dauka zeresanik arlo horretan, Espainiako Akademiaren antzera.

Gauza bat diot: Ni neu horrelako hiztegi zabal baten premia sentitzen ari naiz, gero eta larriago. Hiztegi ia exhaustiboa nahi nuke, etengabe zerrenda berriekin osotuz joateko, UZEIren fitxategiaren modura. Horrelako lan bat posibletuko duen azpiegitura eginez doa. Projektua bideratzeko, dirua beharko da noski, eta lanerako talde bat. Talde hori osa dezaketenak ba direla uste dut; eta bestela, azken urteotako hiztegigintza ikus. Udaberrian sartu garelarik, noiz etorriko da udako eguzkia, fruitu hori heltzeko?

J.R. Etxebarria


Gaiak

Sortuko al da gizakien detekziorako zerbitzu bat?

Haurregoztearen (1) kontrakoek, beren argumentoak ezartzerakoan, obulua espermatozoidearekin batzen den momentutik gizaki bat dagoela esatea dute nukleo oinarrizkotzat. Gainerakoa zalaparta egin eta argumento hau apaintzea hunkigarritasunari (2) joz besterik ez da. Honelatan, "utz ezazue bizitzen", "ez erhan" eta antzekoxe esaldiak entzungo ditugu; denek propietate bat dutelarik: garuna kamustea (3) kezko oihal bat zabalduz arrazoiaren aurrean eta honelaxe asasinatua (?) izan daitekeen delako sujetuari buruzko arrazonamendu lasai bat galeraziz.

Ernalkuntzaren (4) zein momentutik uste dute haurregoztearen aurkakoek jadanik hitz egin daitekeela gizaki (5) bat erhan izateaz? Lengoaia klerikalez esanda: zein unetan Jainkoak sortzen eta ezartzen dio arima kreaturari?

a) Espermatozoidea obulura iristean eta beronen mintzari (6) itsatsia geratzen denean.

b) Xede honetarakoxe zuzenduriko espermatozoidearen partea barneratu denean.

Egoera biotan indibiduo ezberdin biri dagozkien bi programa genetiko daude, eta jadanik gizaki baten existentzia onartzea, isurketa (7) bakoitzean jaurtikitzen diren milioika espermatozoideak gizakiak direla edo eta emakume batek bere barnean larogei bat mila gizaki dauzkala obulu eran pausaturik esatea bezainbestekoa da. Baina naturak diosku ez dugula negar egin behar hilerokoaren (8) bitartean obulu bat iraitzia (9) izan denean gero bainugelako komunean bukatzeko. Suposa dezagun espermatozoidearen parte "intruso"ak patxadaz itxaroten duela obuluko huna espermatozoidearenarekin nahasteko tenorean dagoen arte eta azkenean ama —eta aitagandiko kromosoma— konglomeratu bat dugula. Zelula diploide hau gizaki bat dea dagoeneko? Baietz esaten dutenek, gizakien detekziorako zerbitzu bat bultzatu beharko lukete, zeini emango balitzaioke hain gizatiarra eta aldi berean neketsua den eginkizuna: emakume ororen, sexu harremanik ez dezan arren, hileroko ziklo bakoitzaren muestrak hartzea eta analizatzea. Emakume "ororen" diot, ezen izan bailitezke partenogenesi kasuak, zeinetan arraren parte hartzerik gabe (uler bedi espermatozoideen interbentzio barik) obulua zatikatzen hasten baita zenbait umeki-fasetara (10) helduz (A)

Hileroko determinatu batetan gizaki bat egotzi izango zuten emakumeek, erazko lurremateak (mezak, hiletak eta okasio honetan beharrezko izango litzatekeena) antolatuko zituzten. Ez da ironizatu nahi, baizik eta gauza oso sinple bat azpimarkatu: OSO LUZEA DA ZELULA DIPLOIDE HORREN BIDEA GIZAKI IZATERA HELDU ARTE.

Arrautz zelularen urratsei jarraikitzean 30 bat orduren burura lehen zatiketa gertatzen dela ikusteraz dezakegu. Orain bi alaba-zelula dauzkagu, arrautz zelularen zatiketatik sortuak. Zelulabiko izaki baten aurrean gaudeke ala bi gizaki zelulabakarren aurrean? Experimentalki frogaturik egonik zelula bakoitzak umeki-bilakaera (11) independente bat ukan dezan zuzendurik izan daitekeela, fededunak aurrerantzean bi aukerabide izango dituzte: gizaki bakar bat bilaka dadila utzi edo bi gizakiren jaiotzea posibilitatu (arima primitiboa bi alaba-arimatan erdibitzen da experimentatzailearen esku-sartzeari esker?)

Gure zelulabiko protagonista Falopio-ren tronpetan dago, haitzuko iluna zeinetan barna irrist egingo baitu umetokira (12) heldu arte. Aurreratzen duen bitartean, ugaldu egingo da, zelula-masa bat (morula) eratuz. Morula izendatzen dugun zelula-biltze hau gizatiarra balitz, bi nahiz gizaki gehiagorekin (bi morula zein gehiago) hasiz bakar bat lor genezake. Hartarako nahikoa dateke morula ezberdinak bakar batetan batzeaz. Mintz-ek bere experientzietan larruazal-kolore ezberdindun saguen bi morula fusionatzen zituen eta morula bat lortzen zuen. zeinetatik, umeki-bilakaera normal baten ondoren, larruazala kolore ezberdinetan zuen sagu bat sortzen baitzen; hain zuzen ere batu zireneko morulei zegozkien koloreekin (B).

Prozesu osoa alferrekoa litzateke gure gizaki berezia umetokian ezarri ez balitz. Ernalduriko arrautzetatik lauren bat hiltzen dela bilakaera-fase ezberdinetan tutuzko bidaiaren bitartean kalkulatzen da. (C).

Nahigabeko umegaltzen hauek hain maiz gertatzen direnez gero, eta Naturak abisatu gabe gizakia komunetik bota ez ditzan ekiditzeko, beharrezkoa egiten da GIZAKIEN DETEKZIORAKO ZERBITZUA. Zerbitzu honekin kolaboratzeko, beharrezkoa litzateke muestra salatzaileak dituzketen tampax-ak gordetzea.

Gure protagonista metokiaren ormetan ezartzen diren zoritsuen talde estadistikoaren barnean egonik ere (60%-tik 65%-era), oraindik ez du bere etorkizuna argitua; bakarrik umetokian habitu zirenetik 58%-ak dirau bigarren astean. Hurrengo asteetan naturak berezko umegaltzeak errazten jarraiki ahalko du, eta honi eransten badiogu umegai anormalen portzentaia (ez hain txikia), espermatozoideen aurrean agertu diren obuluetatik 42%-ak bakarrik bizirik iraun eta jaiotzeraino transformazio luzeen bidea zeharkatu duela aterako dugu (D).

Beldur gara Gizakien Detekziorako Zerbitzua ez ote den lanaz saturaturik egongo, zeren eta umegaiaren tamaina, hasteko, mikroskopikoa baita eta bakarrik hiru hilabeteren burura erdiesten ditu 10 zentimetroak; zeinengatik umegaltzea eta, beraz gizaki baten galtzea oharkabeki gertatzen baita edozein emakumerentzat. Berhain, ez da ezagutzen iraitziriko umegaia gizakitzat duen ezein zibilizaziorik (ezta mendebaldeko katolikoa ere). Berezko umegaltze hauek gertatzen direnean, ez dago dolore-manifestapenik, ez dira hiletak antolatzen hildako pertsonaren (?) faborez. Erabateko argudiaketa antropologiko honek erakusten du eguneroko praxian, erditzen diren emakumeek ba dakitela bereizten gizaki jaio berriaren lehenengo irri eta negarraldiak eta umegaia, bere bilakaera-egoera ezberdinetan. Egoera hauotan umegaia arrain, anfibio, narrazti (13) nahiz ugaztuna (14) bezala identifika litekeelako suzesiboki gizaki propio kontsideratua bezala baino gehiago (E)

Apezpikuaren zein momentuan momentuzko ideologoaren diskurtsoa argudio metafisikoetan oinarritzen da, zeinek obulutik gizakirainoko aldaketa kualitatiboak baztertzen dituan mekanizismo sinplista "konplementatzen" baitute.

Oso normala da aurkitzea pertsona berberarengan, txanpon baten bi aurpegi bezala, ideia metafisikoak eta mekanizistak: "bizi-pneuma" batek, edo "arimak", zuzentzen du umeki-prozesu lineal bat. Esentziala materia eratuz doan arima bat da.

Ontogeniak bilakaera dialektikoa bezala ikusita, bere kualitatezko jauzi ezberdinekin, azken maila arras berezi batetan amaitzen du. Maila honetan umekia gaitzen da gizateriaren kultur heredentzia osotzen duten ingurugiroko eragingarriak hartzeko eta grabatzeko. Umekia garun-neuronak giza kultura "programatzeko" gauzaturik daudenean hasten da gizatiartzen (gizatiartze-prozesua) orduan funtsezko interakzio neuronalak sortuz (F).

Hominidoa Homo sapiens izateraino bilakatuz joan zen; ez bakarrik biologi aldarazpenengatik, baizik eta gurasoek umeei transmititzen zizkieten (zentzu eragingarrien bidez) kultur ereduengatik ere, gero eta konplexuagoak. Laburki, gizatiartze-prozesuaren errekapitulazio bat egiten dugu; mundura jaiotzea giza espeziaren kultur giroarekin kontaktatzen dugun momentutik.

1) Aborto

2) Emotividad

3) Embotar

4) Fecundación

5) Ser humano

6) Menkarra

7) Penetración

8) Reglas

9) Expulsado

10) Fase fetal

11) Desarrollo fetal

12) Matriz

13) Reptil

14) Mamífero

OHARRAK:

(A) "Further studies on the activation of rabbit eggs" Pincus eta Shapiro. Proc. Amer. phil. Soc. 83,631-647.orr, 1940.

 Untxemeen sabeletik erauziriko arrautzekin egindako experientzien agerpena. Arrautzek shock hotz baten bidez enbriogenesia hasten dute, orduan untxemearen sabelera eramanda izanik. Oraingoz ez dira argitaratu gizakiengan eginikako experientzien ondorioak, baina untxiaren kasuan bezain positiboak izan daitezke.

 (B) "L'embryologie". Jean-Claude Seetschen. Que sait-je? bilduma, 68.zenbakia, 82-83.orr, Presses Universit. de France, 1974.

 (C) "Embryologie humaine". M.D. Alnot. Edition Medical et Universitaire.

(D) "Embriología médica" J.Langman, Ed. Interamericana, Madrid, 1977. Hertig-ek obserbaturiko emakume talde handi batetan umeki-bilakaerari eta umegaltze naturalei buruko datu estadistikoak ematen dira.

 (E) "Historia de la revolución humana". "Los enigmas del universo". Lan hauetan E. Haeckel-en (1734-1819) ideiarik ezagutuenak agertzen dira: filogenia, era organikoan bilakaera-prozesu historikoa, elkarren segidan gertatzen diren zenbait ontogeniaz osatzen da eta, alderantz, ontogenia (indibiduo baten bilakaera) bakoitza filogeniaren produktua da eta ezin daiteke osokiro ezagut haren erakuntzaren historia ezagutzen ez bada.

 (F) "Psychical control of the mind" J.M. Rodriguez Delgado. Harper and Row ed., 1969. Rodriguez Delgado irakasleak dioenez, jaiotzearen momentuan izaki berria gizaki posible bat besterik ez da, ez baitauka garun-azal sofistikatu bat, zein hain zuzen ere lehenengo hiru urteetan bilakatuko baita, nik "gizatiartze-prozesu" izendatzen dudana burutzea posibilitatzen duten kanpoko zenbait eragingarriri esker.


Gaiak. Euskara

Bizi dezagun euskara

Hizkuntza guztietan gauza bat da idaztea eta beste bat ahozkatzea. Arazo hau munduko hizkuntza guztietan gertatzen den fenomeno bat da. Kausak, batzutan ezberdinak izanik, ematen den fenomenologia antzekoa da eta horretarako fonetikari loturik doakion hainbat arau gertatzen da. Idazkera beti korapilotsuago gertatuko zaigu, hizkuntza idatziak hizkuntza beraren historiari lotuago baitago eta hizkuntza idatziaren bidez, sarri askotan, jatorria nondik etorri zaigun jakin dezakegu. Hizkuntza normalizatzera bultzatzen duen araurik gabe nahaste borraste handia sortu baino ez genuke egingo. Euskararen kasuan, orain gutxirarte batasunik gabekoa, gutxitan idatzia eta garapen txikikoa, eman den batasun bakarra —IDAZTEAN— izandakoa da, soinua eta ahozkatzea gerorako utziz. Hala ere, komunikabiderik ezean, batasun fonetikoaren arazoa handiagotuz doa eta problemak alde guztietatik sortzen dira. Erabakitzekotan beste batzuk egin beharko lukete Euskal Herriaren tradizioak, soinuak eta ahozkatzeak kontutan harturik. Nolabaina badirudi gauza askotan batasun hori ematen ari dela eta eman behar dela, erdararen presioarengatik "batueraz" hitzegiten dutenek Bilboko erdaraz ari direla askotxotan ematen baitu. Eta hau oso larria da, zoritxarrez kasu askotan ezinbestekoa, hizkuntza edo hizkera bat bere soinu eta ahozkatze bereziari loturik baitoa. Ezin gorde daitezke ahozkatzean Lapurdiko arau fonetikoak, berauekin batera lapurtarren soinua gordetzen ez bada. Ezin egin daiteke bizkaieraz Ziberoako doinuarekin. Hizkerak eta hizkuntzak eremu itxi bat osatzen dute. Arazo hauek osatzea konponezinezkoak direla ematen badu ere, ikastoletan gau eskoletan eta baita ere egin ziren euskal telebistarako saioetan arau sinple batzu gero eta kontu handiagoz hartzen ari dira. Ikus ditzagun beraz halako batzu:

IDAZTEAN AHOZKATZEAN ZILEGITZAT

 IRAKURTZEAN

(1) I+N = N I+N = N Lapurdiko eta Nafarroako

Baina, arraina, labaina, Baña, arraña, labaña gañera, hizkera batzutan (ñ) hau(n)

gainera, baino, doinua, baño, doñua, gaztaña, laño. ahozkatzen da.

gaztaina, laino, etab.

I+L = LL I+L = LL Hizkera batzutan (L)

Sarraila, muraila, oilo, Sarralla, muralla, olloa, ahozkatzen da baina ez beti

hilabetea, ilun larramiloa, hillabetea illun, larramilloa hitz guztiekin

piloa, biluzik, etab. pilloa, billuzik

Z+D = ZT (Aditz  Doinua eta azentu toniko

laguntzaileekin batez ere)  ez berdinak direla bide,

Ez dut, ez duzue, ez dio, eztut, eztute, eztio, eztigute, kasu honetan ere (T) barik

ez digute, ez doa, ez eztoa, eztakar eztugu, (D) gertatzen da leku

dakar, ez dugu, ez ditugu eztitugu batzutan. Zergatik? Pausa

etab.  bat dago (Z) esan eta gero

(2) Z+B = ZP / S+D = SP

Ez baita, ez baititugu, ez Ezpaita, ezpaititugu, ezpaitoa.

baitoa etab. Ikasbide. Ikaspide. Ikas-bide.

Ikas bide

Z+G = ZK

Ez gara, ez goaz, ez Ezkara, ezkoaz, ezkaude, Ez/gara, ez/gaude...

gaude, etab. ezkinen etab.

Z+Z=TZ

Ez zen, ez zekien, ez Etzen, etzekien, etzihoan, etziren. Ez/zen, ez/zekien...

zihoan ez ziren etab.

1) Baina (ñ) ez da = in vg: Auñamendi.

2) Ez da ahozkatzen, EZPOTA (Ez, bota) pausa bat ematen baita eta azentoa —a— gainera doa eta (Ez-botá). Halakorik askotan gertatzen da, hemen aipatzen den legerik askorekin.


Postaz etorriak

1. KARTA

Donostia'n ekaiña'ren 30ean.

Juan Mari Torrealday - Zuzendari Jauna.

Zutzaz zenbat gogoratzen naizen jakingo bazen du, etziñake gutxi arrituko.

Len bein baño geiagotan aditzera eman nizunez nik zurekin aitortza on bat nai nuke ta ortarako askotan esan nizun zuk aukeratutako kontraseña eman "Hanaitasuna"n da berialaxe alkartuko giñakela bañan orain artean ez det zoririk izan zergatik zure deia oraindik ez da agertu zure aldizkarian.

Tarteka izketaldi goxo batzuk izaten dituz idazle argia dan Itziar Urtasun ekin Bilbao ko Cortes etan eta nere jakin-miñakin galdetzen diotenian zure zuzenbide zuzena nun dan, berak erantzutzen dit ez dakiala, berak esaten dit zurekin aitortzen dala beti eta zu oso goxua ta marxista jatorra zerala dio, ori bai, gona azpian oso erraminta polita eta bizia ibiltzen omen dezu, egurrezko ixopoa ez dan beste zerbait ¡Zer aundia ta miragarria zeran zu...! ¡Zer eder, birjin da ona dan zure lagun Itziar emakume au!... Zer luma jakintzua ibiltzen dun "Hanaitasuna"n eta gutxiago ez dan anka tarteko arrosa-krabelin nola erabiltzen dun berak nai duenian zuk ondo dakizun bezela... ¿ez da ala?

Emakume orrekin aprobetxatzia ondo egiten dezu, zorionak, beste praile karmeldar eta apaiz burges jelkideak ez dira gauza ori bera egiteko beren puritanismo faltsoarengatik.

Arrazoi guztiakin pentsatuko dezu zer mania sartu zaiten nere buruan zurekin prexixo aitortu bear au, bai ala da, bañan nik nere arrazoiak ba ditut, zergatik nik emen Donostian apaiz eta praile jelkide nazkagarri oiekin ez det aitortu nai, zergatik oiek burgesak dira ta oiekin ez det kutzatu nai, bañan bai nai det zurekin zergatik aurrerakoia zeralako, ta beste doai onenetako bat dezuna marxista zeralako ni bezelaxe.

Lagun batek esan ziran zuen komentuko beste praile guztiak ere marxistak zirala baño nik zurekin bakarrik asi nai det lendabizi.

¡Zer ederki idazten dezun huskaranto batuan zure "Hanaitasuna"? ¡ay zure laurdena baneki...! ¡Utikan "Goiz Argi" ta "Euzkadi"ko jeltzale madarikatuak...! oiek nai dutena zera da "Jan naikua ta Zagi zarra" garai batean Olazabal karlistak ondo esaten zuen bezela.

Nere animatxoa zure eskuetan dago, kitu zaitez nitzaz, len Prantzisko doneak eta Marx sozialak gugatik egin zuten bezela, orain zuk neregatik urren egin zazu.

Zure oñairi muñ emateko irrikatzen nago.

GORA ETA koen komunismo euskalduna, ta etzai diran burges jelkideak beera gure.

Penitente bat

***

? KARTA

ARRIKA

Bai, ARRIKA bai, esaten degu Donostia'n eta ez "Harrica zuk idazten dezun bezela Iriondo jauna, ainbesteko zintzoa ba zera "el Bathua" kontu oietan zure abizena Iriondo ere hache rekin izenpetu bear zenduke.

Zuk ondo dakizu nola itz egin da ulertzen geran Donostiko euzkaldunak; ez "ahal" bai "al", ez "euzkeraz" bai "euzkeraz", ez "bainan" bai "bañan", ez "delakoan" bai "dalakoan", ez "lehen" bai "lenen", ez "dugula" bai "degula", ez "otsailean" bai "otsoillean" ez "niri" bai "neri", ez "inori" bai "iñori"... eta dana olaxe Illargi'ko "ehuskaranto" izkuntzan idatzi dezu; ta ori gañera "zenbait euskaldunen aurkako erasoak ikusten ditudanean min ematen dit..." diozulaik, besteri miñak emateko ere etzaitut ain aul ta makala ikusten.

Eta orain Itsaso eta Harkaitz ek izenpetuta dakarren Dima ko L.A. artista zurgiña gan noski saminduta erneatua dagola "ANAITASUNA"n tzako zergatik azpalditik "Eusko Alderdia"n gatik gaizki esaka aritzen dala ta...

¿Zer esango nioke oni...? Bada bietakoren bat dala..., edo bera ere Euzko Alderdia'n aurkakoa eta azpi jokoan dabil edo abertzale-jelkide inuxu inoxente batzuk izaten dira oietakoren bat da, zergatik begia argi ta garbi daukanak joan daneko azken amar urte oietan "bathua" sortu ta ETA komunisten serbiziyorako jarri zan ezkerostik "ANAITASUNA"ren joko maltzurra edozein arruntontoa ez danak garbi ikusi du.

Ni neu guda garaian "Itxarkundia" batalloian ibilli nitzan da alde ederra ikusten det orduko egitako gudariak oraingo "dirala" dioten "ehusco hudariac", oraingoak itxututa daude eurak diotenez rusuak beren tankiakin etortzen diranian Españira guri euzkaldunari "independentziya" ta komunismoa ekarriko digute... etziok gaizki ta zuek zeuren mukiyak milixkatuko dituzute.

Donosti'an 19 Epaillean (euzkeraz)

(ez "marchoa" latiñeraz)

Juan Ameztoy

***

3. KARTA BAT

Halako kartak aspaldian, hiru, lau, bost urtetaik hona hartzen ditugu. Egia esan egilea ez da edonola nekatzen eta firmaz eta izenaz aldatzeaz behintzat "imajinazioa" duela erakusten digu. Imaginazioa edo "Imajinazioa", zuetakoek nola esaten duzue hori Donostian? Baina, zergatik ez esan! Bere idazkien zain egoten ez bagara ere, bere kartek barregura handiak sortzen dizkigute eta beti ongi etorriak eta behar den bezala onartuak izango dira serioegia den etxe honetan. Tamalez, bere ez jakin gura, penagarria da, ez baita oraindik konturatu munduko hizkuntza guztietan modu bat dagoela idazteko eta beste bat ahozkatzeko eta penagarria berriro diot, nire ustez ezezagun horrek grafiaren ezberdintasunak alde batetara utzita, sena oso ona du euskaraz idazteko eta alor guztietan zorimaloak ikusten egongo ez balitz gazteriaren maisua litzateke. Hori nire irudia da, ez al dakizu betiko leloa: "la a con la i e, la o con la u u, la e con la y con la u o" edo eta "los terminados en ado pueden hacer en ao" etab.

Bai gizona,, "fonetikaren misterioak". Euskaraz behintzat hainbat lekutan i + n = ñ, i + l = ll, z + b= zp, z + g = zk, z + z = tz, z + d = zt eta abar.

Zer esanik ez, zilegiak eta batzutan beharrezkoak diren laburtzapenak, "ikusikoitugu", "oaindik", edo eta ahozkatze bereziak, "etxia", "maitia", "aulkija", "erua" eta antzeko asko eta asko guztiz euskaldunak eta zilegiak direla. Are gehiago, euskara batuak ez du zentzurik. herriak sortu duen ahozkatze eta soinua baztertuko balitu. Gauza bat beraz idazkera eta beste bat ahozkera, munduko hizkuntza guztietan bezala. Eta ongi idazteko eta hobe irakurtzeko (euskaldun batek egingo lukeen modura) eskolara joan behar da eta irakasleak ere onak izan behar dira. Dauden baldintzapenak daudela, hori guziori ez da konpontzen erraz eta berehala.

P.S. Gure zoritxarrerako "Anaitasunan" gauden fraile konkordatarioak, komunisten zerbitzuan eta abar eta abar, (hobe, zeuden) ez gara ibiltzen "aitortzetan" (konfesetan) hemen lan egiten duten neskekin. Zuk hori eta gerokoa egiteko konbentzitu bazenitu esker beroenak emango genizkizukeen. Hurrengorrarte gudari!!

T.Trifol

***

ANAITASUNAREN ZUZENDARIARI

AGUR JAUNA:

Eskutitz hau Anaitasunaren azken alean Harotzaren "aingerutxoak" artikulua irakurri ezkero sortu zait.

Artikulu hortan eta zure aldizkariaren beste batzuetan aize bera sentitu dut. Artikuluan ikusi dut nahastuta Politika (= Giza-arazoan aritzea) eta Demonologia (= mundu kanpoko izpiritu gaiztoetan aritzea).

Espektro politikoan alderdiek (Harotzak izendatzen dituen alderdiok) leku bereziak gordetzen dituzte. Haien arazoa da. Harotzarekin ados egon naiteke gai batzuetan, horiek jende askoren eta nire iritzi eta nahiak ez dituztela defendatuko.

Baina artikuluaren muinetik ateratzen den susmo txarra ez zait atsegiten. Dirudienez eta haren ustez politikari asko eta jende batzu egunero Gaizto Handiarekin dantzatzen dute.

Gure etsai politikoetan ez dugu Deabrua ikusi behar. Irabazi behar dugu baina burujabetasuna lortzeko, geure bizitza geuk gidatzeko, ez mitologizko borrokan parte hartzeko. Hau ez da zerua lortzeko gaia.

Harotzak ez digu ezer proposatzen baina alderdi batzuen sasi-salbazio osoaren aurka ohararazten, prebenitzen digu. Eskerrik asko, baina zure zerua urrunegi ikusten dut.

Hildo beretik baina puntu berezi batetan geratu nahi dut. Gure egoeran dauden posizio politikoak, borroka harmatuaren kontra doazenetaz trufatzen da:

"Orain borroka harmatua erokeria da. Horren beharrik ez dugu. Zoroena da gaisotasun hori!

Askok ez du ikusi oraino Euskal Herri eta hemengo jende askatasun orokorrorako borroka harmatuari darizkion kalteak. Luzaz mintza gaitezke Euskal Herrian azpiko arazoak estaltzen direla, boterearen eraso ideologikoak handiagotzen direla beste eritziak baztertuz, masa-mogimenduen norabiderik eza momentu batzutan,... baina hemen ez dago kakoa, nahiz eta garrantzia izan eguneroko borrokarako. (Ryan erahilketa ondoren sortu zen konfusioa eta apalaldi bersotuko da ekintzak beregingo ahala).

Militar hau, polizi hori, ala politikari hura garbitzeak Euskal borrokarako ez du ezer laguntzen. Bidean ez dugu galdu behar. Erabilitako medioak ez dira egokirik. Eta gure etsaiek erraz erabil dezakete, orain arte baldar egin dutena, beste arlo politikoetan bezala.

Zutik dirau Fernando Savaterrek militarismoari egindako kritika (eta ezker abertzalegoari garaipera ere).

Euskal populuak bere burua gidatu behar badu, nahi badu, talde harmatuetan ez du bere botere, politikoa utzi behar. Gasteizeko Floridan, erdi izkutua eta katedral berrira begira dagoen pintada bat ikustean gero eta sarriago sinisten dut: han umekerizko mamu (honela marraztu egin dute) metrailetadun bat dago.

Hortaz ez dut ezer espero. Harmada salbatzailearengan ez dut sinisten. Bere erreflejo militarrak ez ditu inoiz galduko (bere ekintzetan ikuskizun militarrak bakarrik ditu aurrean, besteak ahazten).

Polemikan sartzeko prest nago edonoiz, aurrerantzean suposatzen dut aitxaki frango. Bakar baten aurka hitzegingo dut = ikusitako egoeran ez dago posibilidaderik (zentzura eta datozkigun orduak kontutan harturik, bereziki..., e.a.), baieztatu beharko digunak ezer ez dela aurreratu ideien zabalpen arloan.

Ni ez naiz betirako finkatu eta ondo burututako esaldien zalea, aurre-eritzien zalea are gutxiago, horregaitik behar bada ikusten dudanetik ondorioak ateratzen ditut, hori besterik ez dut saiatzen.

Lerro hauek argitaratuak izan ditezen nahiaz bidaltzen dizut eta ere agur bero batez.

Jose Inazio Martinez Salazar

***

Anaitasunako adiskideok:

Ohizko irakurle bat nauzue eta, oraingo honetan, zera eskatzera natorkizue: ondorengo olerkia argitara diezaidazue nahi nuke.

Besterik gabe, agurtzen naiz.

Mikel Garmendia Ugarte

Nire ingurukoei

Erro ziurrik gabe noraezetutakoa

beti legoke horrela

ez balego dagoeneko gauza normalik

erro ziurrik gabe noraezetutakoak

beti lekarke fruitu berdina... ahula...

ez bazeundete dagoeneko

erroetara abiaturik

ez balego dagoeneko

erroetara abiatutako gauza normalik.

Mikel