ANAITASUNA

1981.eko Otsaila

408. alea

75 pzta.


[AZALA]

BONBA FETIDOAK


ANAITASUNA

Idazkintza: Tomas Trifol.

Publizitatea eta harpidetza: Jon Idigoras.

Maketapena: Gorka Urrutikoetxea.

Ale honetan lankide izan ditugu:

Millan Aldana, I. Antiguedad, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, Biriki, J.R. Etxebarria, I. Esparta, M.J. Esteban, R. Garai, J. Idigoras, J.M. Iriarte, M.A. Landa, I. Lasa, X. Portugal, K. Santisteban, T. Trifol.

ANAITASUNA

Zabalbide 68 - entlo.

Tfnoa.: (9-4) 411 66 20 - 30.

Moldiztegia

Estudios Graficos.

Lege G.D.L. BI 1753 - 1967.

Printed in the Basque Country.


AURKIBIDEA

3.or.- Agiriak

6.or.- Bermeoko gasa eta energi-ikerketak. Ikerketak aspaldian hasi ziren Bermeoko inguruan eta ba dirudi gas asko dagoela han bertan baina komunikabideek, Lemoiz dela eta, erz diete eman, behar zuen garrantzia.

8.or.- Petronor, Pemex eta beste. Mexikarrek Petronor erosi dute; inbertsio handiak egingo omen dituzte eta...

10.or.- Apunta zaitez. Otsaileari hasi dira Gasteizen autonomoak kontratatzeri. Apuntatuko zara? Denentzat libre dagoela diete... ba da!

11.or.- Bizkaiko "Euskal Herrian Euskaraz" burrukan ondiño

12.or.- Hankaz Gora.

16.or.- Arrazismoak ideologiarik bereizten ez duenean: Komunista frantsesak akusa-bankuan.

18.or.- CARTEReta REAGAN JOMEINIren bila; Baga, biga, higa; hauxe duk koadrila.

20.or.- Jaun Ikusteziñak... Siñestezin! Ku Klux Klan izena grekotiko Kuklos (zirkulu, inguru obo) hitzetik eta klan (leinu) hitz komunetik dator. Gaur egun, talde eta alderdi faxista zein neonazi berri guztiekin harremanetan dabil, baita jakiña poliziekin eta Estatuarekin. Ez zuten alferrik Reagan-en alde bozkatu azken auteskundeotan.

22.or.- Estatu Batuak, Amerika zentrala eta gizaeskubideak.

24.or.- Korrika.

25.or.- John Lennon FOREVER

26.or.- Beldurrak. "Orain" antzerki taldeak espektakulu berri bat prestatu du, entzun diezaiegun!

30.or.- ICEBERGen KORRIKA (Polo-tik Basamortura). Orain arte icebergak ezagunak izan ditugu probokatzen zituzten untzizkaltzeengatik. Gaur ostera, beste ikuspuntu batez begiratzen diegu, ur gezaren itzelezko gordeleku dira.

34.or.- Far Westeko historia eta leienda.- Forajidos de leyenda.

35.or.- Bizi dezagun Euskaraz. Zenbait esaera eta atsotitz.

36.or.- GRAMATIKA: bat, bi, hiru edo bat, bi, hiru, lau?

37.or.- Uholdeak, noren oldeak?

38.or.- "Ez doaz kanpora, bertan geratzen dira"

40.or.- Erregea eta genozidioa.

41.or.- Besteak.

42.or.- Akrostika.


Agiriak

Nafarroako objektore eta antimilitaristen taldeak jakin arazten du

Kontzientzi Objekzioaren Lege projektua Espainiar Parlamentura iritsi zaigu. Nafarroako Kontzientzia Objektoreek, projektu hori aztertu ondoren, konklusio hauek argitaratu nahi ditugu:

 1.- Esandako projektuak ez du kontzientzi Objekzioa onartzen.

- Batzorde batek erabaki behar du pertsona bat "egiazko" objektorea den ala ez, bakoitzaren kontzientzia, frogatu behar gauza batetan bihurtuz.

- "Ordezko" zerbitzu zibilari buruz aspergarriki iharduten da, Kontzientzi Objekzioa gauza harrigarri bat izango balitz bezala (ordezkoa denez gero, ez da gauza egokia eta normala —soldadutza, bai—).

- Beharrezkoagoa egiten den garaian (gerratean), lege honek ez du ezertarako balio.

- Gure zalantza guztiak kentzeko, "Zerbitzu militarraren Legea" izendatzen da etengabeki lege berri honetan. Horrela, Zerbitzu Zibilaren erakuntza, hierarkia, zigorrak..., soldadutzakoaren antzekoak izango dira. DEIA egunkariak esaten zuen bezala: "Los objetores de conciencia HARAN LA MILI en servicios de utilidad pública". Antzekotasunekin jarraitzeko, objektoreen ondasun eta laguntzak soldaduenak bezalakoak izango direla esaten digute (?) Sarkasmo hutsa...

- Ordezko Zerbitzu Zibila egiten den bitartean, Sindikatu edo Politiko erakundetan lan egitez debekatuta dago. Galerazpen hau ezin onartzekoa iduritzen zaigu.

- Lojikoki, eta honen ondorio bezala, erraz ikus daiteke Gobernuaren legeak ez duela zer ikusirik objektoreen antimilitarismoarekin.

2.- "Ordezko Zerbitzu Zibila", orain antolatzen ari diren moduan, ZIGOR BAT besterik ez da".

- Bere irautea. soldadutzarena baino luzeagoa izango da.

- Legea irteten ez den bitartean, erabilgarritasun denbora barruan jarraitzen dugu; denbora hau nahi dutena luzatzen ahal dute.

- 18 urtetako erreserba denbora izugarrizko tranpa bat iduritzen zaigu, nahiz eta soldadutzaren kasuan berdina izan. Adibidez, eta nahi baldin badute behintzat; 40 urteak bete arte baso suteak itzaltzen egoten ahal gara.

- "Objetor legal" (sic) izateko, kriston oztopo burokratikoak gainendu behar dira. Alde batetik, paper pila bat bilatu behar da parrokian, eskolan. Goardia Zibilen koartelan... bestalde, kontzientzi objekzioaren Batzorde horren azterketa umiliagarri bat jasan behar da.

- Legeak dionez, zerbitzu zibil bat baino askoz ere, arriskugarriago da soldadutza egitea. Guk ez dugu hori oso garbi ikusten...

3.- Gobernuak inposatu nahi dituen Zerbitzu Zibilei buruz, gure kritikak ezin bukatzekoak izan daitezke:

- Zerbitzu zibila egiteko aipatzen diren lanak ez dira gizartearentzat interesagarrienak, ez eta beharrezkoenak. Beti bezala, tantoak irabazteko bakarrik aukeratu dituztela dirudi; horretarako, betiko topikoak erabiltzen dituzte: ingurunearen kontserbazioa,... etab. Horretaz gainera, lan hauek aukeratzekoan, ez dute inor kontuan hartu, ez udaletxerik, ez diputaziorik, eta guttiago oraindik hauzo, herri edo nekazari elkarterik.

- Dudarik gabe, zerbitzu zibil hauen sarrerari esker, langabeziak gehikuntza bat sufrituko luke. Hau ere ez da ezertarako kontuan hartu.

- Oraingo soldadutzarako gertatzen den bezala, zerbitzu hauek gure bizilekutik kanpora egin beharko genituzke. Gizartearentzat garestiagotasuna eta objektoreentzat kalte izugarriak dakartza honek. Desterru honekin, objektoreak bere ingurutik kanporatzea lortu nahi dute, soldadutzaren kasuan bezala (objektoreen eta herriaren arteko harremanak ez daitezen sendotu, eta exenplu ez dadin zabal).

- Ezin onartzekoa da zerbitzu zibil hauen erakuntzarako erabili nahi den militar sistema. Betiko barrakoiak, betiko militar edo polizi buruzagiak, betiko zigorrak,... imagina ditzakegu erraz. Alde guztietatik militar usaina.

- Orain arte egin diren eta hemendik aurrera egingo diren ofizialtasun gabeko zerbitzu zibilak, ez dituzte ezertarako kontuan hartuko.

- Bukatzeko, galdera pila bat bururatzen zaigu: Emakumeek ere egin beharko ote dute zerbitzu zibila? Eta orain arte soldadutza egiteaz libratu direnek? Hemendik aurrera denok izango gara bahituak?...

4.- Legea idazteko moduaren aldetik ere, oztopo handiak ikusten ditugu lege berri hau onartzeko.

- Gehienetan oso zalantzagarria da. Eta arriskugarria da zalantza hemen, batez ere inposatu nahi diguten hierarkiari buruz iharduten denean. Egia esan, gauza batetan oso garbia dela esan behar dugu: lege hau onartzen ez dutenei espero zaien zigorrei buruz mintzatzen denean. Zer arriskatzen dugun oso ederki dakigu.

- Lege hau objektoreak ikaratzeko dago idatzita. Ez bakarrik mamiaren aldetik, formaren aldetik ere (gauza batzu besteak baino gehiago azpimarratuz,... etab).

5.- Orain arte, Gobernuaren lege honi ikusten genizkion oztopoak esan ditugu. Nahiz eta oztopo hauek gure ustez oso handiak izan, eta nahikoak lege hau ez onartzeko, beste arrazoi inportanteago bat gelditzen zaigu oraindik: EZERK (abertzalekeriak, kirol jarrerak edo politiko-ideologiko pentsakerak) ETA INORK (pertsonak, taldeak, hierarkiak edo erregeak) EZ DU GU "LEGALKI" BAHITZEKO AHALMENIK.

Zerbitzu zibil hauei buruz, etorkizunean hartuko ditugun jarrerak, ezin ditugu oraindik aurreratu.

NAFARROAKO OBJETORE ETA ANTIMILITARISTEN TALDEA

Oloroneko ikastola bizirik

 Hiruetan idekitzeko pundua izan da Oloroneko ikastola. Hirugarren aldian, uste genuen erreusitua zela, Seaskak onarturik eta erakasle bat hautaturik, 1980, irailaren 9, ikastola idekitzen da.

 Denek dakigu, lehengo denboretan, Euskal Herria orai baino hedatugoa zela. Joan den asteko Herria astekarian agertu da Oloroneko Sant Grat Elizaren etimologia. Grat hori, Santa Grazitan Grazi bezala, garate hitzetik heldu bada, dudarik gabe euskaldun bat da elizak saindu mailerataltxatua. Denek dakiguna ere da, Oloronen, elizak jarri zuela diosesaren edo elizbarrutiaren alkia, eta hain zuzen, Ziberuko eliza, hortan barne zen. Elizak ohi zuen lehenago, leinuak edo populuak errespetatzea, orai, estaduak errespetatzen dituen bezala. Urteak joan dira eta mendeak pasatu, Oloroneko aldea biarnestu da, Ziberua aldiz euskaldun gelditu. Egungo egunean, ziberutarrek oraino Oloron alderat joaiten dira bizitzerat, langabeziak beren etxetik haizaturik. Oloroneko ikastola euskaldun horiek dute eraikitzen beren seme alabak euskalduntzeko.

Eta, huna nun, bere barneko estakuru trixte batzu direla kausa, Oloroneko ikastola Seaskak hesten duen. Irailaren 26an, Seaskaren zuzendaritzeko batzordeak erabakitzen du Oloroneko ikastolaren hestea, ondotik, urrian 19an, biltzar nagusiak, zuzendaritzaren erabakia onartzen du, 77 alde agertzen direlarik 50 kontra eta 22 abstenitzen. Biltzar nagusi hortan berean jeiki nintzen erraiteko Oloroneko euskaldunen alderat zuzenkontrakeria bat egiten ginuela Seaskan, eta, Oloroneko burrasoen laguntzaile talde bat muntatuko nuela.

Hortarako, dei hau zabaltzen dut borondate oneko euskaldun guzieri: OLORONEKO IKASTOLAK BIZI BEHAR DU!

Oloroneko burrasoek, etsitu gabe, berriz bildu dira. Hazilan atxeman dute gela berri bat eta erakasle bat. Abendoaren lehenean ikastola berriz abiatu da, haur gutti, diru eta ahal gutti ere, bainan esperantza ainitz eta BIZIA.

 Bizi hori sustengatu nahi baduzu, junta zaitez guri:

 Izkiria helbide huntarat: K. HARLUXET, Thadée, Coq de la Nive BAIONA, diru laguntzak helaraz daitezke helbide bererat, kondu huntarat: Oloroneko ikastola, Banque Populaire du Sud Ouest, 05 119419862 59. Erakuts dezagula denek batean eguberriz argia eta bizia direla gau beltzari nagusitzen.

K. Harluxet. 1980.12.15


Artikuluburua

Bonba fetidoak

 Euskal Herria, nazio bat izateko borondate historikoa duelarik, hiru erkidego politiko ezberdinetan zatikaturik dagoela, Espainiako erregea, polizi-multzo laguntzailea eta jarraitun koipeemaileak aldean zituelarik herri honetara etorria da. Komunikabiderik gehienek, Franco-ren garaian bezala, soinu bera jotzen dute aho batez: "El Pueblo Vasco está con los reyes, los vascos ya son españoles"... "sólo unos pocos locos que no respetan las leyes de la democracia y la convivencia pacífica han hecho un feo a su majestad y han demostrado su intransigencia"... "Es el recurso del pataleo".

 Baina egitez, herri honen 40 hautatuk desafio egin diote botere horri, joko kartak behekoz gora ipiniz. Gauza bera dugu Bilboko eta Donostiako ehundaka manifestarien arazoa; mitraileta eta pistola biluzian artean, eraso eta gomazko pilota bitartean oihukatu dute: Presoak kalera, Monarkia kanpora, Independentzia.

 Haien antzera demokrata ez den herriaren oihua dugu berori, beraien joko-arau faltsuak onartzen ez dituen herriarena berarena, ohi baitakite beraiek, demokrazia hori fusilen epaikarien oinarrian finkatzen dutela. Horxe dugu erregearen bisitaren egia.

Euskal langileriak, hezur-mamietan jasaten ditu langabezia, inflazioa eta bere izaeraren eta ekonomiaren krisia; egiazko erruduna salatzen du: Espainol Estatua eta harekiko paktuegileak. Ez dugu jukutriarik, komeriarik ez eta parodiarik nahi. Hitzetan urri gara, hizkuntzan ere, ohoztu baitigute. Burruka besterik ez dugu noizbait fruiturik ekar dezakeena eta bene benetan herriaren nahiak beteraziko dituena.

200.000 euskal abertzale ukabilka eta kolpeka izan ziren Gernikatik egotziak, ez parlamentari, ez juntakide ziren gonbidatutakoen artean.

Haietako asko eta asko, UCD, PSOE, PC eta AP-ko gonbidatu ziren, komunikabideek parlamentariak zirela esaten zutela.

Halako fartsa eta trufari begira, bihotz osoz tamal dugu, Viva España-ka profanatutako barruti hartan, H.B.ren parlamentariek aldean zeramatzatzen 120 bonba usaintxarrekoak ez botatzea erabaki zutela.

Harako ekintza hark haboro desmitifikatuko zukeen errege horren bisita eta soil eta lainoki izan dena bihurtuko: Parodia barregarri bat.


Euskal Herria

Bermeoko gasa eta energi-ikerketak

 Antza denez eta lehen momentuko informazioak esan zuten moduan. Cadiz-en baino 10 aldiz gas gehiago dagoela dirudi.

 O.P.E.P. (Petrolioa Exportatzen duten Nazioen Elkartea) hiru hilabetero biltzen da, eta biltzen den gehienetan prezioak berrikusteko, altxatzeko, izaten da. Azken igoera ez dugu oraindino ausnartu eta laster dator hurrengo bilera, Rotterdam-en izango dena. Arazo honek azken urteotan, "jake"-n dakar Mendebaldea, eta honek ezin lezake iraun honela denbora luzean, zeren prezioen arazoa txikia ez izan arren, ez baita bakarra: hor daukagu bestea, Iran eta Irak-en arteko gerrak harrotu duena, horniduraren asegurantza.

Guzti honek halabeharrez, energi-ikerketak indartzera eroan behar du Mendabaldea, baina ba dirudi, momentuz behintzat, Reagan-egaz nuklearra izango dela gehien bultzatuko den energi-iturria, besteak erdi ahaztuta geratzeko arriskua daukatela. Españiak ere, dirudienetik, ia ia itsurik hartu du nuklearren bidea, eta alde honetatik laster eraikiko da Sorian, ikerketa nuklearrak egiteko gunea, 380 milioi pezetako aurrekontuagaz. Euskal Herrian ere, antzeko bidea daroagu zorioneko Lemoiz-egaz.

 Zenbat eta garestiagoa izan energi, hainbat eta errentagarriagoak dira ikerketak, hau argi dago, eta adibideak topateko ez daukagu auzora joan beharrik, etxean berton dugu eta: Bermeon azaldutako gasa.

 Puntu honetara helduta, eman dezagun gasari buruzko ohartxo bat. Gasa, oso energi-iturri ona da, baina oztopo bat dauka: garraioa gas-bide edo gaseoduktoen bidez egin behar dela, eta honek inbersio handiak eskatzen duenez gero, nazio saltzailearen eta eroslearen arteko harreman sendoak eskatzen ditu, ezin direlako epe labur batetarako ipini. Hau dela eta, Cadiz-en gasa topa zenean, siderurgiaren gaineko planketa nazionala aldatuta geratu zen, eta azkenean gasa handik beste edonora garraiatu beharrean industria siderurgikoa hara eramatea erabaki zen.

 Eta Bermeokoa zer da? Ba, oraindino ez dakigu seguru, zulo gehiago egin behar dutelako gas-boltsaren neurri zehatzak zeintzu diren jakiteko, baina antza denez eta lehen momentuko informazioak esan zuten moduan, Cadiz-en baino 10 aldiz gas gehiago dagoela dirudi. Bai, ondo idatzita dago, hamar aldiz handiagoa, eta gainera boltsa hori lehorretik hiru kilometrotara dago, beraz, garraio-gastuak ia nuloak dira. Hau ikusiz zera pentsatu behar dugu: Cadiz-ekoak industria hara eroateko beste indar eduki badu, zer gertatuko da Bermeoko honegaz.

Esan dugun bezala, zenbat gas dagoen jakiteko zulo gehiago egin behar dira, baina dena dela argi ikusten da aurkikuntza hau Euskal Herriaren ekonomiarentzat inportantzia handikoa dela, beraz mugitzen hasi beharko ginatekeela. Baina, zergatik ez dakigula, hemengo komunikabideetatik desagertu egin da notizia hori, eta oraindino txarragoa dena, ez da politikoen abotsik entzun aurkikuntza honek herriarentzat suposatuko lukeenari buruz zenbait esaten. Kanpaña bat eratu da hau isilarazteko ala asuntuak ez dauka lehen momentuan uste zen beste inportantziarekin? guk behintzat ez daukagu erantzunik.

Egia esan, kanpaña hori eratzea ez litzateke gauza harrigarria, ez dugulako ahaztu behar Lemoiz-en arazoa oraindino hortxe dagoela, eta honen aldekoen argumenturik erabiliena Euskal Herriaren energi-beharra izan dela, eta gas hori dela eta, nuklearizazio-planketa lehen baino eztabaidagarriago geratzen dela. Eta hala balitz, gure agintarien jarrera suizida dela uste dugu, horren aurrean entzungor egiteak ez diolako inori mesederik egingo, oraindino gehiago, zenbat eta beranduago erreakzionatu hainbat eta txarrago bideratzeko.

Beraz, gas horregaz zer egin genezakeen joan daitezela pentsatzen, Cadiz-eko adibidea kontutan harturik eta beste alde batetatik ez dezatela ahaztu hurrengo hamar urteetan energi-ikerketak funtsezkoak izango direla, eguzkiarenagatik hasita petrolio bilatzerainokoak, eta gutxien pentsatzen genuenean gasa topa badugu beste zeozer ere topa genezakeela.

J.R.B.


Euskal Herria

Petronor, Pemex eta beste

 Mexikarrek inbertsio handiak egingo omen dituzte hemen eta gure lurraldean industria petrokimikoa loratuko omen da, lurralde pobretu hau berriro ere aberastasunaren gai-mailan jarriz.

 Baina kontuz! Tratu guztiek bi parte dituzte eta otso guztiek bi belarri.

Propaganda handiz jakin erazi digute, Pemex izeneko mexikar entrepresa estatala, Petronor entrepresara sozio nagusia bihurtu dela, Campsak zituen akzio-pilo ederra erosiz. Orain, beraren batutapean, kapitala hiru herenetan banaturik ageri da: Pemex, Campsa eta Euskal Herrian zentrua duten zenbait bankuetxe eta aurrezki kutxa (Banco Bilbao, Banco Vizcaya, Bilbo Aurrezki Kutxa eta Bizkaiko Aurrezki Kutxa).

Eskuinaren ahotik gauza guztiz garrantzizko eta onuragarri bezala aurkeztu zaigu tratu hori, Euskal Herriko industriaren birlantzaketarako abiapuntu bailitzen. Mexikarrek inbertsio handiak egingo omen dituzte hemen eta gure lurraldean industria petrokimikoa loratuko omen da, lurralde pobretu hau berriro ere aberastasunaren gai-mailan jarriz.

 Baina kontuz! Tratu guztiek bi parte dituzte eta otso guztiek bi belarri (batezbeste behintzat). Horregatik, bestelako ikuspuntu batzutatik ere komeni da ikustea. Horixe da, hain zuzen, zenbait galderaren bidez orain egingo duguna:

1.- Benetan pentsatu eta neurtu ote da, industria petrokimikoa bultzatze eta indartzeak, Euskal Herriko errekonbertsio industrialean izango duen eragina? Gure ustez, guri ez zaizkigu interesatzen, lanpostu gutxi sortu eta energia asko erabiltzen duten industriak. Eta gutxiago oraindik kutsaduraren iturri gerta badaitezke. Horrelako industri moten komenigarritasuna aipatzen digutenek, azal diezagutela argiro ea zer demontrerengatik, herri boteretsuek (irakur bedi inperialistek) beren errefinategi eta petrokimikak inguruko lurralde menperatuetara eramaten dituzten, (USAk, adibidez, Puerto Rico-ra)

 2.- Pentsatu eta neurtu ote da, Bilbo eta Bizkaiko ingurunean edukiko duen eragina? Lehendik dagoen satsuduraren egoera katastrofikoaz gain, hara zer-nolako konbinaketa bikaina egin nahi den: superportua, errefinategia, zentral nuklearra, siderurgia, industria petrokimikoa,... Egia esan, koktel arriskugarriagorik egitea ez da erraza.

 3.- Nork gidatuko ote du Petronorren bidea? Arazo hau politikoki aztertzea komeni da. Behin baino gehiago entzuna dugu, projektu horik patriotismoz (edo abertzaletasunaren kausaz) onartu behar ditugula, gure independentzia ekonomiko-energetikorako omen baitira. Horrela ote da, ordea? Begira. Campsa eta Pemex, azken batez, bi entrepresa estatal dira, espainola bata eta mexikarra bestea. Zein da hobea? Karakola ala barea? Tandem eginak dira biak edo, nahi baduzue, estatu biak. Beren onurarako, noski. Bien artean kapitalaren bi herenak kontrolatzen dituzte, eta neurri berean Administrazio-kontseilua. Zer, ba? Azken batez, bi estaturen arteko tratu bat egin dute, oso ondo konpontzen baitira honetan (bestela nola uler, ipurdia erdi galduz Suarezek Lopez Portillori Sevillan egin dion berehalako bisita?)

Tandem horren lehen fruituak ikusiak izan dira jadanik, Petronorren lehendakariaren hautapenerako prestatu duten porrusaldan. Espainiako Gobernuak dimiti erazi egin du Nemesio Fernandez Cuesta jauna, mexikarrekin batera paktaturiko Centeno jauna proposatzeko. Eta hori guztiori, Bilbo inguruko kapitalarekin (bankuetxe eta aurrezki kutxekin) ezertarako kontatu gabe. Ez zenuten, ba, independentzia ekonomikoa gura?

 4.- Espainiako Estatuak —eta gobernuak— zer funtzio betetzen du hor? Gure ustez, bere tratu politikoetarako era biltzen du errefinategia. Nola uler, bestela, lehendakariaren arazoan erabilitako jokabidea? Edo eta nola uler daiteke, Campsa Petronorreko sozio nagusia zelarik, Espainiako monopolioak —edo nahi baduzue, Haziendak— Petronorrekin hainbat mila milioi pezetatako zorrak edukitzea, horrela Petronor urte horretan dirua galtzera bortxatuz? Uler bedi, dirua galdu duela, Campsak —edo Estatuak, hots, herensugearen buruetako batek— ordaindu nahi izan ez diolako izan dela.

Ikusten denez, galdera asko daude Petronorreko arazoaren inguruan. Eta serioski planteatu beharko lirateke, hain erabaki garrantzizkoa besterik gabe hartu aurretik. Eta politikoki, publikoki. Zeren Euskal Herrian etorkizunerako bide oso konkretuak markatzen ari baitira. Nora daramaten ez dakiguneko bideak. Agian irtenbide gabekoak,...

R. Garai


Euskal Herria

Apunta zaitez

 Nahiz eta izena aldatu edo eta poliziarik gabe, aingeru zerutiarrak direla esan, Herrialde autonomoak polizia autonomoa edukiko du hemendik lasterrera.

 Nahiz eta izena aldatu edo eta poliziarik gabe, aingeru zerutiarrak direla esan, Herrialde autonomoak polizia autonomoa edukiko du hemendik lasterrera. Egia esan, euzko gobernuak berak modu eta era asko aldatu nahi du eta horietakoren bat izena bera litzateke. Ez dakigu oraingo honetan zer nolako izena emango ote dien baina poliziak deitu ala zerutiarrak izendatu funtzio ber berdinak egingo dituzte, estatutuan daudenetako batzu hain zuzen. Dena den, hurrengo Uztailean polizia horietako ale bakoitzak bere uniforme urdina eta txapel gorria edukiko du soinean. 500 aleok biltzeko, zailtasun handia egon daiteke Euskadiko Herriari ez baitzaio poliziarik asko gustatu orain arte. Hala ere, langabezia dela eta dudarik ez, nazionalistei betidaniko istorio erromantiko eta fikziozkoak guztiz gustatu zaizkienez, ez dugu uste zenbait bihotz abertzale edo eta gizon langabedun berotzeko zailtasun handirik edukiko dutenik. Eta ongi esan dugu, emakumeok ez baikara polizia izateko aukerarik izanen. Baldintzetan hala agertzen da; lehengo epe batetan ez da emakumerik izango eta pozten naiz guztiz. Beste gainerako baldintzak ere oso demokratikoak dira. Euskara ez da agertzen euren artean eta normaltzat hartu behar da ez baita ez demokratikoa, are guttiago konstituzionala. Hala ere, egia esatearren, gobernuak asmoa du polizia guztiak euskaldunak daitezela. Guretzat asmo hori oso misteriotsua da eta ez dakigu nola lortuko duten. Eta epeak eta epeak direnez, beharbada lehengo epe batetan poliziekin euskaraz hitz egiteko Lekeition eta Ataunen egin beharko da eta eskualde horiek kanpoan, erdaraz. Poliziok arrak izan beharko dira eta delako arrok, 1,70 m. baino gehiago neurtu beharko dute garaiean. Soldadutza eginda edukitzea, adin heldukoa izatea eta EGB ala BUP eginda ere edukitzea falta zitzaizkigun baldintzak dira. Azken puntua, (BUP ala EGB) erabakitzeko omen dago. Erabaki ez bada, guri bota behar zaigu errua, hau da, oinezkoei, jakin nahi baitute guk geuk hortaz pentsatzen duguna.

B.U.P. ala E.G.B.? zer nolako polizia autonomoa nahi al duzu irakurle? Puntu hau argitzeko gobernuak ajentzia baten betekizunak kontratatu ditu. Egia esan, ez du inor kontratatu beharrik ongi erabakirik baitauka gure poliziok nolakoak izanen diren eta arrazoia sinplea da. BUP autatzen bada, poliziek bere kabuz eta aburuz pentsatzeko eta berpentsatzeko ohitura dezakete. Kulturaren ondorioak dira horiek, kulturaren bidez jakiten baita zapalkuntza eta injustizia non egoten den. Baina EGBk ere arazoak dakartza, Euskal Herriko bizilagunetako gehienek BUP baitaukate eta polizia bat errespetuz begiratzeko ez da izan behar azken puntako analfabetoa eta Euskal Herrian polizia EGBdun soil bat azken puntako analfabetoa litzateke dudarik ez eta horretarako betikoak badaude...

Baina arazoa ez da konponezina. Demokrazia guztietan azalezko gauzak garrantzitsuak direnez, hainbat funtziotarako batzuk eta beste batzutarako beste batzu. "Terroristak" atxilotzeko, lan zikinak egiteko, batzu; trafikoa —zelako guapo, morrosko handi, jator eta gizabidetsu diren ikusteko— beste batzu; eta denok pozik. Horregatik zinez, gobernuak ez zuen inolako ajentziaren beharrik.

Gobernuak dioskunez —eta guk sinestu— poliziak aukeratzerakoan ez dute diskriminaketa edo baztertzerik eginen eta "edozein ideologia errespetagarri denez" denak daitezke poliziak... "Ez zaio inori galdetuko nori eman dioen botua edo eta zein erakundetakoa den"... Horrela dio gobernuak eta nik neuk pertsonalki sinesten diet, zeren galdetu baino lehenago jakingo baitute zein erakundetakoa zen eta nola pentsatzen duen. Hala ere, asuntua zail zaila dute. Edo eta euskaldunak autatzen badituzte edo eta betikoa. Betikoa aukeratzerakoan jakina, ez dute filtraziorik edukitzeko beldurrik izanen.

Arabako miñoiak bitartean beren betidaniko betekizunekin segituko dituzte lanean. Lehengo epe batetan polizia autonomoaren irakasleak izanen dira trafikoaz. Gero gerokoak esango du; gerokoak, herriak eta burrukalariek zeren FOP eta Goardia zibilak hemen bertan segituko batituzte, lehen bezala,... espainolak garela gogoratzeko edo...

Idoia


Bizkaiko "Euskal Herrian Euskaraz" burrukan ondiño

Urtarrilak 10, arratsaldeko bostak. Durangoko ikastolan gaude bilduta Bizkaiko ordezkari batzu: Bermio, Getxo, Durango, Deustu, Indautsu eta Lekeitioak. Mots samar geratu zaigu batzarra, herrialde askotako militanteen arduradunek huts egin dute eta. Hala ta guztiz ere, Bizkaia desmobilizatu hontan garaipentzat har dezakegu geure taldeen iraupen hutsa.

 Jakina denez, kale eta bideetako erdara hutsezko seinaleen aurkako kanpainari eutsi diogu hilabete pare hontan. Ez gara zoritxarrez Bizkaiko bazter guztietara heldu, lurralde askotan guretako inor ez delako.

 Bermio. Udalarengana jo izan da. "Obras Públicas" en arazoa zela kaleetako errotulapena entzun dugu. Gero, lau izan ezik, seinale guztiak euskeratu ditu Udalak, bere halamoduzko Euskaraz ("tar" eta "deun" ez josiaz, halegia). Gainontzeko erdara hutsezko lau horik ezabatzeko erabakia hartu dugu. Amnistia eta EHEz-en Olentzaro atera egin dugu gainera.

 Durango. Hemen ez dago ezabatu beharrik, berez ondo euskeratuta daude eta.

 Deustu. Ezabaketa egon eta gero, garbiketa egin dute gure "aberchaleen" zerbitzari zintzo eta leialek, "inperioaren" hizkuntzazko testua lehengoratze arren.

 Getxo. Hiru irteera egin da, Sopelako bazkideekin batera. Kartoizko plantilla eta pinturalurringailu beltz eta gorria erabili ditugu. "Euskaraz!" idatzi egin dugu, erdal hitzen gainetik. Ereaga aldeko zenbait (bizpairu) seinale berri izan ezik, beste guztiak apaindu behar izan ditugu. Lan handia, beraz. Urdulizeraino hedatu ditugu hatzaparrak. Urdulizkoek hain zuzen "Euskal Herrian Euskaraz" txoko polita daukate, herrian bertan. Mungirako autobidetik ikusten da ondo. Bi areto, nagusia zabal-zabala delarik, eta barra. "Euskaraz edo ixilik" dute idatzita barraren atzean. Oraindik ez daukate oso-osorik jantzita (musean ari izateko haina bai, ordea). Algortako andra batek futbolina agindu ei die. Hantxe bildu ginen Abenduak 20 Getxokook, bertokoak, Mungiatik eta Gaminizetik etorritako batzu, eta "Kili-kili" ren ordezkari bat. Ea nola Gaminizen eta Mungian EHE talde bana sortu, eta Kili-kili berriro Urdulizen sartu.

 Indautxu. Bilboko bailaretako batzordeak batu ote behar ditugun, talde gehienen existentzia teorika lartxo da eta.

 Lekeitio. Ezabaketa amaitu da. Horrizka bat zabaldu da herritarren artean ezabaketaren zergatia azalduaz.

 Dominak. Gure Bilboko uri zaharreko buztinginek ezin dute gehiagorik egin. Metalezkoen salmenta berriz panpox dabil. "Eska zazu Euskaraz" txartelak ere ari dira zabaltzen denda eta tabernetan. Honaino informazioa.

 Proiektuak. Forondako aireportuan hegazkinetarako deiak Euskaraz egiten hasi direnez gero (oso azentu eskasez, noski) ea Eusko Jaurlaritzako norengana jo behar den trenen geltokietan beste horrenbeste egiten has daitezen. Irratia. Lehenbiziko baimenak eskeini zirenean ba dirudi koordinakundeak abagadunea galdu zuela. Oraingoan, lizentzia berriak datozenean ea haietako bat eskatzekotan dagoen koordinakundea galdu behar da. Diru oztoporik ba dago, prest gaituzte lanean ari izateko.

 Hainbestetan gure artean aipaturiko zabalkundearen problemari adarretatik heldu behar zaio. Euskal Herriak hobeto ezagut gaitzan eta "Euskal Herrian Euskaraz" gotortzeko. Derrigorrez behar ditugu herri guztietako ordezkariak geure Bizkai mailako hurrengo batzarrera bildu, zabalkunde plan orokorra prestatzeko. Otsailaren 7ren arratsaldeko 5 etan izango da (pm) Durangoko ikastolan.

 Den-denok elkar ikusi arte!

B. Barandiaran


Hankaz gora

Euskal transferentzi batzordeari Martin Villak 24 janari ezberdin eskeini zizkion iragan den abenduan

 Administralgoko jendeak oso ongi pasatzen dituzte egunak eta gauak. Eguerdian ere ez dira atzean gelditzen eta euskal nazionalitateari buruz eztabaidak eta buruhausteak dituztenez, Martin Villak beste ziri bat sartu zitzaien. Baietz eta ezetz, ea nork zeukan nortasun gehiago, Leonekoek ala euskaldunek. Euskal musika, euskal hizkuntza, euskal arraza, euskal historia eta euskal sukaldaritza berria eta zaharra. Baina Leon-ek ere bai. Eta frogatzeko, ideia bat eduki zuen gure Martinek, Villafranca del Bierzo'tik (Leon) Madrilera ekarri zuen hango sukaldari ospetsu bat. Castellana kalean bere ministeritzaren egoitzan bazkari itzel bat prestatzen agindu zion. Denetarikoa egon zen, tripakiak, arandoiak, letxerak, sahieskiak, giltzurrunak. Postretarako, flana, arrozesnea eta rhum-tarta. Bazkariak hiru ordu luze iraundu zituen eta kurruskaden orduan denak pozik eta ados zeuden. Leonek ere nazionalitate titulua merezi du. Viva errejio guztien artekotasuna!!

 Bitartean, Soriako espetxean euskal burrukalariak terroristatzat kontsideraturik segitzen zituzten, administralgoko euskal jendeak bere nazionalitatearengatik mokordo itzel handi eta lodiak botatzen zituelarik.

E.H.

Tele Navarra gerturik dago

 Hego Euskal Herria ongi bereizteko eta bere nortasunaren egarria itotzeko beste pauso berri bat ematen ari da. Jakin berri dugunez, Tele-Navarra-ri azken ukituak ematen ari zaizkio. Jo eta ke ibili dira horretarako Martin Villa, telebista espainola, UPN, UCD, eta PSOE. Lehengo epe batetan Iruñe-aldean bakarrik ikusiko da baina laister Nafarroa osora zabalduko da. Oraingo honetan eta betidanik Nafarroako hainbat lekutan ez da sekula ikusi Tele-Nortea. Ez dugu uste gauza garrantzitsu eta egiazkorik galdu dutenik; hala ere, Tele-Zaragoza ikusi baino, hobe litzatekeen bestea ikusi. Baina hemendik aurrera bereizketa, Nafarroa osoari dagokio. Bitartean Tele-Nortean, Errioxa gero eta leku handiagoa hartzen ari da. Errioxa-ren atxakiarekin euskaldunok ezin dugu euskarazko programaziorik ikusi; Katalunyan aldiz, egunero ba dute zerbait katalanez. Hori da gure paradisu autonomiko hau eta Herriaren nahia. Nafarroarik ez, Errioxa bai! Errioxa euskalduna zela esateagatik edo, izanen da...

Euskal udaletako idazkari erdaldunen zerrenda publikoaren alde

 Euskal udaletako idazkari gehienek edo eta ia gehienek, salbuespenak arraro bizi samarrak izaten baitira, ez dakite euskaraz tutik ere ez. Eta ez pentsa holakorik Bilbon, edo eta Lizarraldean gertatzen denik, baizik eta betidaniko euskaldun herrietan. Alkatei buruz gauza bera ala berdin esan daiteke, salbuespen ohorezkoak kenduta, ia gehienak edo ez dakite ala analfabeto itzelak izaten dira, azken kasu hau E.A.J.ko alkateengan ematen da ugari. Gauzak horrela, administralgoko edozein gauzetarako, zertifikatuak, gutunak, agiriak, erdaraz ateratzen dira gehienetan eta euskal itzultzaileek deigarriena bakarrik egiten dute edo eta egin dezakete. Honelako albisteak ez dira noski berri berriak eta gure Herrian zehar, euskaldunak ongi badaki hontaz gertatzen dena, gobernadore zibilek noizbehinka, administralgoa euskalduntzeko udalek egiten dituzten ahalegin ttikiak ilegalak bihurtzen baitituzte.

Ba dirudi ez dagoela inolako medio ala bide legalik delako erdaldun idazkari horiek, gehienetan Francoren garaietakoak, españolak eta faxistak, batzuk orain xakaz aldatu direnak, erditik kentzeko. Komenigarria litzateke euskal udaletako idazkari erdaldun guztien zerrendu publiko bat argitaratzea denok nortzu diren jakin ditzagun, Anaitasunan argitaratuko litzatekeela uste dut.

E.H.

J.J. Pujanak haserretu

 Euzko gobernuan eta euskal administralgoan sartuta ditugun espioi batzuri esker zera jakin genuen lehengo egunean, Abenduaren 12an hain zuzen: Juan Jose Pujana jaunak kristoren haserrea hartu zuela administralgoak bidali zion automobila Peugeot 505 bat baitzen eta ez Garaikoetxearen bezalakoa, 605 bat hain zuzen. Geroxeago Pujanak bere haserrea explikatu zien PNVkoei baina alferrik, berarentzako automobila jadanik eskatuta baitzegoen. 605 bat eskatzeko atxaki nagusia zera zen: bera baitela euskal elkarte autonomoaren bigarren burua. Albiste hau nahiz eta oso freskorik ez izan, egiatzat har daiteke, iturburua oso fidegarria baita.

C.I.A.Z eta E.E.B.B.etako administrazio berriaz

 U.P.I. ajentziaren bidez, oso albiste interesgarria iritsi zen orain ez asko munduko teletipo askotara. Delako informazioan esaten denez, gutun-agiri sekretu bat bidali zion Heritage Foundation-ek (Senadore talde kontserbadore bat) Reagan-en taldeari, azken hauek politika amerikano berrian zenbait soluziobide eta ahalbide kontutan har ditzaten.

Ikus dezagun zertan datzan delako agiri hori:

 "Geu Heritage Foundationekook oso haserreturik gaude aspaldi honetan. Pearl-Harbor-ren garaietatik hona, ez dira sekula hain urri eta pobre izan informazioa lortzeko ahalbideak Estatu Batuetan. Carter-ren administrazioak inbestigazio eta ikerpenari, C.I.A.ri bereziki, barkaezinezko mugatzeak ezarri zizkion. Estatu Batuetako hanka-sartze, hutsegite eta okerrak ba dute bere argibidea, geuren agintariak ipini zizkiguten baldintzak eta eragozpenak hain zuzen. Hau dela eta, geure lanak ez zuen ezertako balio, lan egiteko biderik ez baigeunkan. Egoera honek kezkaturik, ondokoak proposatzen dizkizuegu:

a) Ahalbide tekniko guztiak gehitzea bi aldiz.

b) C.I.A.ri eta informazio lanari zuzen ez doazkien ministeritzak atzerri guztietan C.I.A.k menperatzea eta bere beharkizunetara ipintzeko obligazioa.

c) Bizitza pribatua errespetatzeko dagoen legeaz, F.B.I. askatzea; berdin informazio askatasunari buruzko legeaz C.I.A. askatzea.

d) Aintzina eratutako talde subertsiboak, berez eratzen edo eratu direnak eta eratuko direnak ordaintzea berriro".

Ez da alferrik esaten bada, gauza berririk ez dagoela munduko azalean zeren eta berria den guztia ahaztutako gauza zaharrak besterik ez baitira.

Bilboko txitxarrainei (angulei) kutsadurak kalterik ez

Bai Jaun andreak, bai! Harrigarria gertatzen bada ere, Bilbo-ko ur kirastuetan dabiltzaten txitxarrainei ez die kalterik egiten kutsadurak. Denboraren denboraz, txisa eta kaka, amoniako eta sulfuriko, satsuduraren satsuduraz, txitxarrainak kutsagaitz bihurtu dira. Danak ez jakina. Satsudurarekin moldatzen ez zirenak hil egin ziren, besteak bizi bizirik daude eta ba al dakizue zelako bizitasuna duten? Harrapatzaileek ezin dituzte tabakoz hil. Dakizuenez txitxarrainak tabakoz hiltzen dira, toxikoa egiten zaie tabakoaren nahastura baina Bilbokoak ezin dira jadanik tabakoz hil, handia izaten baita irentsi duten satsudura.

 Angulero (harrapatzaile) batzuk beste metodo berri bat igerri dute; hau da, txitxarrainak ur bero berotan, —ur irakinetan hobe,— sartuz. Tamalez, delako metodoak txitxarrainen apaindura guztia kentzen du eta metodoa alferrikakotzat jo behar da. Dagoen metodo bakarra gatzez hiltzea edo akabatzea da. Eskerrak ez dituztela hil behar tiroka!

Gero eta astazakilago

 Espainiako Estatuan ehuneko laurden batek ez du etxeetan inongo libururik. Beste bi laurdenek dituen liburuak, hautsez beterik eduki eta EGBn erabiltzen direnak baino guttiago izaten dira. Familietatik ehuneko hamarrek soilik liburu kopuru dexentea edukitzen du. Ehuneko hamarra beraz arduratzen da kulturaz edo halakoaz. Datu hauek ez ditugu burutu, ez. Kultur ministeritzak berak atera egin ditu eta informazioa ez da gelditzen hor, aurrera jarraitzen du. Hara!, duela 50 urte, orain baino gehiago irakurtzen zela diosku iturburu berdinak. Ederra benetan!... orduan zeuden analfabetoekin gainera! Bai, hala da. Informazio hori errebisten eta egunkarien irakurlegoari dagokio ez baitugu uste pornografiari ala futbolari joango zaionik, bestela...

 Eta iturburu berdinei jarraikiz, Espainiako Estatuak sari bat irabazten du. Telebista saria hain zuzen. Hau da: telebista aurrean denbora gehien dagoen jendea Estatuan kokatzen da eta gainera Europa mailan. Ez gara harritzen beraz astazakilen kopuruaz.

Bai mundu progrea!

 Estatu Batuetako lau estatuk urrats handi bat eman dute etorkizunerantz. Ez dute berriro aulki elektrikoan inor hilko. Hemendik aurrera, oso progreak direnez, hilgarriak zainarteko injekzio pozointsu baten bidez erahilko dituzte. Erahilketan hilgarriei medikuk eta teknikok emanen diete laguntza berezia. Medikuak dosiaren neurria prestatu eta begiratuko du, erizain batek gero eman diezaien gizarajoei.

Eta progresistaz eta gizaeskubideak errespetatzen dituen jendez mundu hau beterik dagoenez, Pakistanen ere lapurrari (ohoinari) ez diote lehen bezala eskurik moztuko. Ez! Hemendik aurrera "Kirokotomia aseptikoa" eginen zaie; hau da, borrero arruntak ez die eskurik moztuko haizkoraz edo eta labanaz; gauza horietaz, medikuek ere ardura hartuko dute eta haizkora erroildurik gabe, bisturiak erabiliko dituzte.


Nazioartekoa

Arrazismoak ideologiarik bereizten ez duenean: komunista frantsesak akusa bankuan

 "Quand on a 1,4 million de chômeurs sur le territoire national on doit se montrer intransigeant, si les immigrés qui ne sont pas contents veulent rentrer chez eux, on ne les retiendra pas" Lionel Stoleru, Frantziako estatu idazkariak.

 Frantzia arrazista horretan honelako hitzok ez dute jadanik inor harritzen, egunero, eskuin puntatik P.C.F.raino inor gorriturik gabe lasai entzun daitezke, batez ere hauteskunde garaietan, Frantziako bizilagunen arrazismo nabaria nolabait lasaitzeko. Egia esan, "Pirinioz eta Alpez aruntzako jendalde basatiok egunez zarata handiak egiten dituzte, beraien sukaldeek kiratsa botatzen dute, hamarna bizi diren etxeetan. Haien haurrek gauza guztiak hausten dituzte, hautsi, zikindu eta gutaz trufa eta barre gainera". Horregatik guttienez, konpreni daiteke PCF-ren jarrera: "Ez atzerritar gehiagorik gure herrietan".

 Azken Gabonetan, oraindik Euskal Herrian nengoelarik, eta ez naiz gogoratzen zein egunkari edo aldizkaritan, berri alarmagarri bezain laburra irakurtzeko aukera eduki nuen: Abenduaren 24ean, Paris-eko inguruan dagoen Vitry-ko hirian, emigranteen etxe bat itxierazi zuten, hango alkatearen baimena eta presentziarekin; eta harrigarria ahal zena, alkate hori PCEkoa zen, hots, Frantziako Alderdi komunistakoa.

 Nirekin zeuden lagun euskaldunek niganantz altxatu zuten beren aurpegia, begiradaz, galdera inplizitu bat egiten zidatelarik. Nik, zoritxarrez arrazoi handirik eman gabe, ekintza horren aurrean harritu beharrik ez zegoela adierazi nien, eta hola geratu ziren gauzak, berriz Parisera bueltatu arte.

 Baina, hona heldu bezain laster, ekintzaren oihartzunak oraindik airean zebiltzatela konturatu nintzen, eta gauzak zehazkiago nola gertatu ziren jakiteko abagadunea eduki ere.

 Eztabaida luzea izan da; jadanik hiru aste pasatu diren arren, oraindik entzun daiteke horri buruzko eritzi edo informaziorik eguneroko prentsan, edo irratian. Zergaitik hau dena? Batez ere, eta ekintzaren garrantzia eta esannahia alde batetara utzita, lehendakaritzarako hauteskundeak gainean dauzkagulako.

Hemen hobeto ezagutu ahal izan dut, beraz, nola gertatu ziren gauzak, zoritxarreko gau horretan, eta uste dut, gehiago jakiteak, ilunago ipini nauela; ez da gutxiagorako:

Paris-eko inguruan ere dagoen Saint-Maur-en, Maliarren talde bat bizi zen orain arte, oso kondizio txarretan zegoen etxe batetan, eta hango udalak, etxe berri bat egin arte, etxe bat aurkitu zien, baina ez han, Vitry-n baino. Beraz hara bidali zituen, detaile gehiagorako, eskumakoa den, Saint-Maur-eko udalak.

 Honetaz inork, edo ia, ez zuen ezer jakin Gabon gauerarte. Egun horretan, teletipo guztietara zabaldu zen berria, harridura eta haserrea barriatuz. Berehala azaldu zuen bere jarrera Vitry-ko udalak: St. Maur-ekoak arrazistak zirela, eta beraien herrian atzerritarrik ez nahirik, Vitry-ra bidaltzen zituztela; baina nola jadanik Vitry-ko biztanleen 23% edo atzerritarrak diren, udalak zioen desoreka handia sortzen ari dela, eta ez dela posible han atzerritar gehiagorik bizi izatea, katastrofe bat sortu nahi ez bada, gutxienez.

Jakina, berehala hasi ziren batzuk eta besteak besteoi kanoi-balak botatzen; jende pilak, eskuma barne, PCF-ko jarrera arrazista hori salatu zuen, sinestezina zela alderdi komunistarako gauzak honela egiten adierazten. PCF-ko zuzendarieri ere eritzia eskatu zitzaien, baina horrek gauzak txartoagotu baino ez zuen egingo, beraiek, eta Marchais jaunak lehenengoak Vitry-ko alkatearekin ados zeudela esan baitzuten, behin eta berriz.

Komunisteak, beraien aldetik, St. Maur-eko udala eta Frantziako alderdi eskumakoien jarrera arrazistak gaitzetsi baino ez dute egin; beraz, argi dago, denak direla arrazistak, eta kito. Baina, Vitry-ko departamentuko politikariek, ezkerrekoak ia denak, zera adierazi dute, agian hori egin ez nahirik, "beraien" jendea haserre dabilela, haien inguruan hainbeste atzerritar bizi izateagatik, eta jakina, hautatuek botuemaleen nahiei erantzun behar dietenez gero, ba atzerritar gehiago ez onartzean, herri-nahi hori segitu baino ez dutela egiten. Botuei buruzko burutapen horiek zer pentsatzea ematen du berehala, batez ere, lehendakaritzarako hauteskundeak hurrengo hileetan izango direla konturatzen bagara.

Eztabaidek orain arte iraun dute prentsan, eta ez da dena hitzetan geratu, joan den igandean, manifestazio bat antolatu baitzuen PCF-k, Vitri-ko udalari apoioa erakustearren edo, manifestazioan Marchais bera ere zegoelarik.

Egia esan, oraindik segitzen dut esaten, Euskal Herrian berriaz jakitean esan nuen bezala, berri horrek ez nauela ia harritzen, eta harritzen horren barruan bi zati bereiztuko nituzke, bata, horrelako ekintza baten esannahiak sortzen duena; bestean, egin den modukoarena. Bai, zeren PCF-ko jarrera ultra-txobinistak ezagutuz, eta daramaten politika ikusita, ekintza hori beraren linearekin nahiko ados dagoela esango nukeen, baina dena hain agirian egitea? Eta gero, pixkat ixilik gorde beharrean, hainbeste zarata atera, besteen arrazismoa zela eta? Nola hitz egin besteen arrazismoaz, beraiek arrazista izan diren momentu berberean?

Baina ez, beraiek egin dutenerako, arrazoi "funtsezkoak" bilatu dituzte, dena dago ondo oinarrituta. Besteen hitxikeria eta arrazismoa, aldiz, dudarik gabekoak iruditzen zaizkie. Eta gehiago dena, hain eskumakoak ez diren pertsona batzuren salapenak entzun PCF-ri antiarrazismozko ikasgairik eman... Belarriak edukitzeagatik entzun behar dena!

Dena dela, argi dago frantses askori ondo iruditu zaiela komunistek egin dutena, zeren ezin baitute irentsi hainbeste atzerritar beraien hirietan bizi izatea, eta beraien lantegietan, lan egitea. Batez ere, lan dezenteak badituzte, noski, zeren kaleak eskobatzen dutenek, edo komunak garbitzen dutenek ez dituzte, antza, hainbeste haserratzen.

Hiru hilabete baino ez dira pasatu, arrazismo zela eta ez zela, Paris-eko kaleetan, manifestazio itzel bat antolatu zutenetik. Momentu hartan, Copernic kaleetan, manifestazio itzel bat antolatu zutenetik. Momentu hartan, Copernic kaleko sinagogako hilketak iturburua zirelarik, milioi bat pertsona bildu ziren, arrazismoaren aurkako beren jarrera erakusteagatik. Oker ez banago, orduan ANAITASUNArako idatzi nuen artikuluan, zera adierazten nuen, asko pozten ninduela hainbeste frantses antiarrazista ikusteak, baina horrek ez zuela ezer esan nahi, hemengo eguneroko bizitzean, agiri-agirian baitago atzerritarren aurkako mesfidantza eta mesprezua. Beno, ba, zoritxarrez, laster konfirmatu eginda, nik han esaten nuena. Hitzez, denak gara jatorrak, baina, horren alboan, egunero, beste praktika oso ezberdin bat daramagu.

 Normal denez, ez dute hola beren burua agerrerazi nahi; ez, arrazoi funtsezkoak bilatu dituzte, beren borondate ona adierazi nahiean: jende hori ez dela integratzen, eskoletako maila jaitsierazten dutela, beraien umeen atzerapena dela eta, "biolentzia" sortzen dutela kalean, lan postuak dauzkatela, hainbeste frantses lan gabe dagoen bitartean, etab, etab.

Ez naiz hasiko hemen arrazoi horien funtsgabezia aztertzen, pentsatzen baitut, burua pixkat argi daukan edonork hori egin dezakeela; arazorik gabe, gainera; bakarrik esango dut, pena handia ematen duela; eta hori, guk, europatarrok, alde batetarako uzte hori gehiegi sentitzen ez dugularik, ez baikara gu hemen, afrikar beltzak edo ipar afrikatarrak bezain zokoratuak. Baina nola ez errukitu horiek dauzkaten lan eta bizi-baldintzez? Asko, noski, pozik egongo dira, eta ba daude, beraien herrietan zeukatenarekin gonparatuz, hemen irabazten baitute, baina hori ezin daiteke izan inoiz guretzat arrazoi onargarririk.

Arrazismoa ezin dugu onartu, edonondik etorrita; eta oraingoan bezala, ezkerretik etorrita ere, salatu behar da gogorki, alderdi batzuren jarrera oportunista eta elektoralistak dudarik gabe utziz.

Maria Jesus Esteban

Oharra.- Hau dena idatzi ondoren, LIBERATION egunkariak egin duen salapena ezagutu: Vitry-n ez ezik, Paris-eko inguruko beste hiri komunista bitan, atzerritarrak bizi ziren lekuetatik bota dituzte...


Nazioartekoa

Carter eta Reagan Jomeiniren bila. Baga biga higa hauxe duk koadrila [Bertsoak]

 Alemaniako herritik

 dator notizia

 amerikar rehenak

 salbatu bizia.

 Komedia hau dugu

 Jomeinik hasia

 diru pila batekin

 bukatu guzia.

Historia hontan dago

 noski, parabola

 guztiontzat debalde

 digute antola

futbol partidu ona

 Carter-Ayatolah:

 turbantedunak sartu

 du lehenengo gola.

Orain dator Rolando

 apelliduz Reagan:

 "irandar guztiak nik

 beharko ditut jan,

 amerikarra beti

 jabe hemen ta han,

 ejenplu ederrena

 cow-boy honengan"

Erbiaren ordean

 hemen dago katu,

 rehenak heldu dira

 hona oso goapu

 baina Jomeini laster

 digute salatu:

 "urte ta piku hontan

 gaitu torturatu".

 Kutxa-fuerteak zuten

 Enbajadan mila

 torturak joan dira

 haien klabeen bila

 baina ez dute esan,

 nolako koadrila!

 amerikarra beti

 izan da habila

 Urte eta pikuan

 ez dute kantatu:

 Jomeini lagun ona

 polizia aldatu,

 hemen sobran daukagu

 txakur eta katu,

 oso onak dira-ta

 arren, kontratatu.

 Hauek hamar egunez

 guztia dakite

 nagusi onarentzat

 eskerra daukate

 eta nahi duzun hori

 lortuko dizute

 berdin da Eguzkia

 Pluton ala Marte.

 Nobela honek dauka

 hainbat kapitulo

 dirua prometitu

 Carter-ek agudo,

 baina Jomeinik Reagan

 topako ez du lo,

 kobratzera joan eta:

 har zak "por el culo".

 Bederatzi hilabete

 noski, nahiko dira

 ume bat egiteko

 ta zuek ez fida.

 "Hola"-n ta "Lecturas"-en

 orrialde guztira:

 ume persak daudela

 rubioak "cantidá".

 Carter bat, Jomeini bi,

 eta Reagan hiru,

 arratoi, gauhontz eta

 beste hori miru

 mozorratuz basora

 gaur joan zaizkigu:

 lehoiak alde eiteko

 ba dute motibu.

 Mundu hontan daukagu

 sobera artista

 eta haien zaleen

 luzea da lista.

 Jomeini-n aldekoa

 dugu jomeinista

 ta Carter-ena berriz

 noski, karterista.

 Karteristaz betea

 dugun nazio hori

 arras gustatzen zaio

 euskaldun askori,

 bere aldez kontatzen

 dute mila histori

 porrua sartuz hala

 hiru-lau tontori.

 Amaitu dezagun hau

 gaurkoz nahiko da-ta

 baina hirurengadik

 mesedez, aparta!

 batak erligioaz

 zapalkuntza tapa,

 besteek zeruan eskaini

 eta gero kaka.

eddy


Nazioartekoa

Jaun ikustezinak... sinestu ezin!!

Zenbait jakingarri

 Ku Klux Klan izena grekotiko kuklos (zirkulu, inguruobo) hitzetik eta klan (leinu) hitz komunetik dator. Lau Klan izan dira 1875.etik sortu zenetik honakoan. Berari ere, Jaun Ikustezinen Enperadoregoa deritzo; buru nagusia Mago Inperiala da eta Estatu bakoitzekoa, aldiz, Dragoi Haundia.

Gaur egun, talde eta alderdi faxista zein neonazi berri guztiekin harremanetan dabil, ez herrikoekin, bai eta atzerrikoekin ere.

Kideek ez dute black (beltz) hitza erabiltzen; mespretxuz, "negro" edo "nigger" daukate aho-mihitan.

Historia mingarri bat

Greensboron, bertako ghetto beltzean, ihazko Hazilaren 3a egun "beltza" da, bai gertuki. Hiri hau Ipar Karolinako Estatuan dago, industriatsua da eta ehun eta hirurogei mila bizilagun ditu. Ghetto beltzean manifestaldi baterako dei egin zuten, Ku Klux Klan-en eta talde neofaxisten bidegabeen kontra protesta eta gaitzespena erakusteko. Manifestaldia egun berorretako 12etan, bi kaleren arteko gurutzabidean egiteko zen. Halere, arrazisten erasoen beldurragatik, dei-egileek modu ageriz iragarri zuten ezen 11etan, akordatutako lekutik kilometro batetara, batuko zirela.

Ehunen bat manifestari goizeko hamaikak eta hogeietan bilduta zeuden hartarakotz, horrako kale horietako gurutzabidera, bederatzi autoren ilara batek legunean hesitu zuenean. Kale hestu bat soilik utzi zuten irten bide franko bezala.

Batak eta besteak oihuka eta garraisika hasi ziren:

"Ku Klux Klan, herriaren laidagarri"!

 "Alde hemendik, "nigger" zikinok"!

 Klanekoek lurrera salto egin zuten. Ba ziren hogeitamar edo berrogeiren bat. Erasotzaile batek bi tiro airatu zituen. Zalaparta hasi zen. Bi tiro hoiek, seguraski hitzartutako seinalea, entzutean, autoetatik pistolak, eskupetak, rifleak erauziak izan ziren. Lasai baino lasaiago, tiro ariketan ari bailiren, Ku Klux Klandarrak desarratzen hasi ziren. Zenbait, oraino ere, zigarreta ahoan zeuden. Masakrea gertatu beharko zatekean, nonbait ere. Lau hil, bat hiltzear (ondoren ospitalean zenduko zen), hamar zauritu. Halako batetan, polizia bertaratu zen. Hamabi erasotzaile hatzeman eta kamioneta hori bat eraman zuen. Beste autoak errax bai errax suntsitu ziren.

Nelson Johnsonek, beltza eta manifestaldiaren antolatzailetarik bat berau, jendaldeari agertu zion: "Ku Klux Klan klase gobernatzailearen tresna da eta zuriak eta beltzak bereizi nahi ditu egiazko etsaiaren, kapital haundiaren aurkako burruka trikarazteko". Johnson arrastatu zuten bere hitzak asalduzkotzat jotzeagatik. Johnsonenengandik Rand Manzella zegoen, hildako bati hartutako pistola eskuan zuela. Hau ere arrastatu egin zuten "jendea izuarazteko asmoz harma zuelako".

 Tiroen ondoko ixilaldi astunean, gurutzabidean, zaurituen oihuminak eta hildakoen senide eta adiskideen nigarrotsa entzun zitezkeen soil-soilik.

Ezusterik ote?

 Greensboron giza eskubideen aldeko makina bat burruka gertatu izan da jadanik. Bai eta bortizkeriarik gehien ere.

Halabaina, gaitz da Hazilaren 3an gertatutakoaren antzekorik gogoratzen, —"Iparramerikako gertakaririk lazgarriena"— esango zuen gero zenbaitek.

Sarraskituetarik lau, mediku ziren, zuriak gainera; beste bik behartsuentzako ospitaleetan lan egiten zuten. Johnson eta beste bat, lehengo bien era berean, sindikalgintzan aritzen ziren. Beste bat, emakume beltza, giza eskubideen aldeko mugimenduaren militantea zen. Ba zuten kidetasunik franko, beraz, elkarren artean biktimek.

 Hontaz, bada, manifestaldia bildutako lekuan ekintzaren sei antolatzaile zeuden eta haietatik bost asasinatu zituzten. Ezustekorik ote da?

 Tiroek buru buruan edo bihotz erdian jo zituzten biktimak, eta aldetik aldera zeharkatzeko fusil bala edo postak (draiaundiak) ziren. Hau ere ezustekorik ote dateke?

 - Konspiraziorik? Ezin esan daiteke holakorik egon izan denik. Ba ote dago hori erakusteko froga nabaririk? —esango zuen beste inork, kazetariek honi buruzko galdera bat egin ziotenean.

Inori burura dakiokeen galdera hauxe izan daiteke: Non ote zegoen polizia masakrea gertatu zenean?

Greensboroko poliziburuak geroago esango zuen ez zekitela non egingo zen manifestaldia. Desinformaturik bide zeuden, Klan-i gertatu ez bezala.

Honi begira, zer pentsa dezakegu esaten badugu Dallas, Texasen egin zutela manifestaldi bat Ku Klux Klandarrek eta hirurehunen bat polizigizon ongi harmatuk eta zenbait helikopterok babesten zituztela?

Gainera ere, FBI delakoak bere agentea zeukan KKKen infiltratuta eta beronek jakinaren gainean jarri zuen polizia, non, nola eta noiz gertatuko zen arrazakeriaren kontrako ekintza.

Epaiketan errugabe

Hiriko telebista-katea garaiz ailegatu zen zenbait imajina adierazgarri filmatu ahal izateko. Hoietan argi eta garbi ikusten da nola asasinoek su egiten zieten manifestariei. Epaiketan frogatu zen marine-ohi batek lau lagun hil zituela, nahiz eta berak hiru bakarrik "garbitu" zituela esan. legearen arauz, besteak hilketan konplize ziren eta beraz, errudun. Epaimahaikoek den-denak absolbatu zituen, klandarrek beren buruen defentsan ihardun zutela oinarri hatu zutelarik. Hildako manifestari bakar batek pistola zeraman, baina lehengoan bere biziaren aurkako mehatxuak errezibitu zituelako. Gainera, manifestaldiaren antolatzaileek akodu zuten harmarik batere ez eroateko, zeren eta, berek diotenez, KKKi burrukan egiten baitiote medio politiko baketiarrez.

Bestalde, ez dugu ikusi beharrik ere nola eratu eta osatu zen Epaimahaia. Denak zuriak ziren. Burua Kubako jabe-ohi bat, erakunde terrorista antikastrista baten buruzagia berau, zen. Beste osakideen artean, beste marine-ohi bat zegoen, akusatuetan bezala. Hauengan guztiongan arrakasta haundi haundia eman zuen, defentsariek akusatuen abertzaletasun suharraren irudia agerterazteak. Esan nahi da, Klandarrak komunisten aurka burrukan ari zirela kale erdian, "komunistak gaitz guztien sorburua dira; haiek dira gure helbururik behinena Komunistarik ez balego, ez genuke beltzekiko kezkarik "aitor egiten dutenez arrazistek".

KKKen jarraitunek akusatuen absolbazioa "Amerika zuriaren garaitiatzat" jo zuten.

KKK goranzko bidean ibilki

Ku Klux Klanen Jaunen Enperadorego Ikustezina, kideek deitzen dutenez, gero eta gorantzago doa 1975.etik "jaun Ikustezinen" kopurua doblatu da. Jarraitunak 75 eta 100 milaren artean jotzen dira, 22 Estatutan dihardute. Oraintsuko hauteskundeetan, Kaliforniako Dragoi Haundia alderdi demokrataren aldetiko hautagai gisa agertu zen eta 32.000 botu lortu zituen. Manifestaldiak, erakusketak, martxak eta egiten dituzte agintarien begi onez. Bistakoa denez, beraueri interesatzen zaie holako eskuin-puntakoak (Klandarrak eta neonaziak) izatea, modu honetara beren egitarau antisozialak merkeago saltzen ahal baitituzte.

Kronika lazgarri bat

 Estatu Batuetan arrazistek egindako asasinatzeen segida bat dago. Ikus dezagun:

 Oklahoma City: Beltz bat eta zuri bat hilak.

 Utah, Salt Lake City: Tiratzaile batek bi beltz hiltzen ditu.

 Georgia, Atlanta: Hamabost hilabeteetan hamabost haur beltz desagertu dira.

 Gauza bera gertatu da Pennsylvania, Indiana, Tennesse, New Yorken.

 Ariketa militarrak egiten dituzte; indar bere zien gorputza dute; entseiurako kanpamenduak ere muntatuak dituzte. Armada oso eta sendo bat, baiki.

Miliania


Nazioartekoa

Estatu Batuak, Amerika zentrala eta gizaeskubideak

 Berri ilunak heldu zaizkigu egunotan San Salvador-etik, ezker iraultzailearen fronteak Juntaren kontrako ofentsiba orokor bat hasi duen momentu berean. Estatu Batuek Urrian moztu zuten laguntza, berriz bidaltzeko prest agertu dira.

 Hilabete asko iragan dira, Junta hori boterera igon zenetik, indar guztien akordio baten fruitua erakutsi nahirik. Ezker muturrak arrazoiak zirela ikusteko, Juntak hartu duen bidea aztertzea baino ez daukagu. Zenbait neurri ekonomiko irekien alboan, eta barnean pertsona demokratiko batzu sartzen zuten momentu berean, ordena publikoa nolabait kontrol gabe utzirik, eskuin muturrak nahi zuen guztia egiten utzi zuen. Beraz, boterea bi mailatan zeukan: aurpegi demokratiko baten atzetik, ezkerraren aurkako kolpe gogorrak eman nahi zituen. Jende askok ez zuen bere burua engainatu, eta burruka luzea bezain odoltsua iraunerazi dute orain arte. Hildakoen kopurua ia kontaezina da, eta egoera gero eta degradatuago agertu da, Juntaren jarrera gogortu den hein berberean; barruan zeuden demokratikoenak, kanpora joan dira, banan-banan; eta mogimendu iraultzailearen aldeko zerbait agirian egin duten hamaika pertsona, hil egin dituzte apurka-apurka ia sistematikoki. Hango sarraskia salatzeko egin diren dei guztiek ez dute kasik oihartzunik lortu, eta bitartean, herriak hiltzen segitzen zuen.

Urrian, berriz, nahiko lan herritarra egiten zuten lau erlijioso hil zituzten, eta beraietatik hiru, moja ipar-amerikatarrak izanik, larregi izan zen hori Carter-en "giza-eskubideen jarrerako", eta laguntza ekonomiko-militarra moztu zieten.

Ordutik hona, egoera gero eta txarragoa izan da, eta Urtarrilaren 10ean, Fronte iraultzaileak ofentsiba berria hasi du, greba orokorrera eta jende guztiaren burruka harmatura deituz; lehen momenturik, zenbait militar haien aldera pasatu direnez gero, burruka gogorra egon da, eta ba dago zenbait hiritan; hiriburuan, egoera gutxira saiatzen ari da. Gainera, beldurrez edo ez, greba orokorrak ez du eduk arrakasta handirik...

 Bestalde, hona hemen Estatu Batuen gidari berriek hartu duten erabakia: San Salvador-eko laguntza berriz martxan jartzea, komunismoa handik betirako desagerrerazteko, juntaren jarrera sendotzeko. Eta Juntak berriz laguntza ekonomikoa lortuko balu, asko txartotuko, erreboltarien egoera...

 Iraganeranzko pausua ematen ari da Amerika Latinean dudarik gabe, azken denboran-Carter lehendakaria zen bitartean, Nikaragua sandinistek garaitu ahal izan bazuten, gidari ameriketar berriak, antikomunismo gogorrenean jausita, ez daude prest Gobernu gogorrak ez eustera. Alderantziz, ahal izango duten guztia egingo dute berorien boterea sendotzeko.

 Eta mogimendu askatzaileek, ere, iraganeko jarrerara pasatu beharko dute, hots, kubanizaziora, erradikalizapenera, akordiorik gabeko burrukara. Agur, berriz, gisa-eskubidean aldeko pseudo-jarrera amerikatarrei; Carter-enak, noski, oso garbiak ez bazien, laster apreziatuko ditugu hobeto. Reagan-enekin gonparatuz.

Maria Jesus Esteban


Gaiak. Literatura

Korrika

 Eh, zuek? Ba al dakizue KORRIKA hori gaur pasatuko dela, hemen nonbait? Ez al zatozte? Footing pixkat gauez... primeran!

Ez da, ordea, hain erraza inor gauean gauez, euri-mehatxuz eta kristoren hotzaz, holako afer bariopinto baten inguruan animatzea: baserritik jaitsi, nola edo hala, Bakio aldera joan, eta handik bueltan Korrika etorri. Gero berriz, jendea eta utzi, eta etxera, mendian gora, bakardadean. Ez da plan kaxkarra...

 Inor ez dela animatzen. Ba neu bakarrik joango naiz. "Denak oheratu dituk. Bakarrik negok!" Ordu bata arte zerbait irakurri, eta ba noa KORRIKAren bila. Plana aldatu egin dut: vespaz joango naiz kaminoraino, gero non igon edukitzeko. Ez dabil oso ondo —betiko enbrage alua—, eta kristonak eta zazpi pasatzen ditut martxan jartzeko. Euria ari du, baina motel. Ez nau kezkatzen. Jaitsi naiz. Hementxe utzi —beraz banindoa, gero bila itzuli beharko nuke; hobe bertan uztea— eta oinez hasten naiz, tipi-tapa, karreteran aurrera; lasai noa, inolako presarik gabe... batzutan arinago banoa ere: izan ere, hotza egiten baitu, eta berotu egin behar; txandalak ez dit bero handiegirik eskuratzen.

Paseatuz noa. Noizean behin argi batzu urrunean; hurbildu, eta kotxe bat... Bermiorantz doa! Han galtzen da, Sollubeko maldan gora, desagertu nahiz, baina han-hemenka pinu-tartean disdiratuz berriz ere: karretera hura ez dut ikusten, ez; kotxeak erakusten dit hala ere!

 Aurrera noa oraindik ere, kotxe bat edo beste pasa. Dedo egiten diet, gogo handirik gabe egin ere; halako baten bat geratu egin da. Nora? "Bakion aurrera". Txandalak, goizeko ordu biak joak... hauk ere KORRIKAra doaz; ze euskara gutxi, horratik! Betikoa.

Zain gaude. Kostaldean, Bakio baino harantxeago. Kristoren haize hotza: muturra kotxetik kanpora ezin atera! Han nonbait "medusa" famatua dakusagu argiztua. "Petrolioa aurkitu omen dik, ugari hala ere!" Konponduta gabiltzala diotsot buruari, lehen Lemoizkoa, eta orain petrolioaren komeria. Eskerrak azkenean, beti bezala, falsalarman geratuko bide dela dena.

 Batzu datoz, eta geratu. Leihatila jaitsi eta "¿De qué Km sois?" Zer nekien nik ba! Hantxe nengoen, parte hartzeko gogoz, baina besterik ez... "del que nos dejen". Berriz ere erdaraz. Baina ze arraio da hau? Oso atzeratuta datorrela dioskute. Oraindik Bermio berera ez omen da heldu. Akabo, goazen Bermiora nazka gaitezen baino lehen. Eta esan eta egin: Bermiora.

 Hemen, Bermion, sekulako giroa dago. Nere lagun eramaileekiko kontaktua galdu dut. Jende asko dago jeikita. Eta adin guztietakoa. Txandal asko ere. Eta gaztelania; atope, ugariegi. "Halako baldresak gaituk euskaldunok?"

Horixe atzera datorrela. 4ak eta orain omen daude heltzeko. Eskerrak. Los Incansables horik jotake eduki ditugula gaua alaitzen. Egia zen, bai; hor datoz. Tentsioa, ilusioa; korrika hastekotan gaude, eta aurretik 20 bat Km. Lehendabiziko asmotan baino gehixeago, baina tira, sasoian gaude eta...

Hara zein iskanbila, Petardoak, zarata, bozinak; korrikalariekin anbulantziak datoz, argiz eta soinuz.

Gainean ditugu, hemen daude. Desmadrea. Inork ez dakigu zer egin, non hasi korrika, nola batu aurretik datozenekin. Geldituko ote da Bermion? Bai zera! Ez da pixkat ere geratzen; testigoa pasa eta aurrera doaz.

 Testigoak ikurrintxo bat darama. Ez dut ikusi egunkarietako aurreko egunetako argazkietan. Berria ote da?

 Bildu gara ba. Kristoren jendetza ari gara korrika. Ume asko ere. Batzu nire modura, txandal eta guzti. Beste batzu, kalez jantzita. Seguruen gehienak ez dira Bermiotik irtengo. Gainera erritmoa nik uste baino bizkorragoa da. "Horrela 20 Km? Ez zekiat...!"

 Beste errelebo bat. Bakoitzean erritmo-apurketa handia. Neure erritmora jo behar dut; bestela bide erdian geratuko naiz. Saiatu, egiten nazi hortan, baina ez da erreza.

 Aurrera goaz. Sei, zazpi Km? Batek daki. Kontua galdua daukat. Eta jende asko gatoz oraindik ere, atzetik kriston kotxe piloak zarataka diharduela. Prozesio ederra! Inguruko baserri-etxe guztietakoak esnatzen ditugu. Hor goiko etxeko leihoan emakume bat: ¿oye, qué pasa? "Geu, geu pasatzen gaitun. Ez da gutxi ez?"

 Aurrera eta aurrera. Azken erreleboa motelagoa izan da. Neska batek eraman du, eta antzaz ez zebilen ondoegi. Hurrengoak artu, eta hasieran betikoa, kriston tiroia. Baina lasai, berehala datoz karraixiak. Eh, astiro! Hi, Viven, astiroago! Aizak hi, poliki! Azkenean martxa moteldu behar!

 Bildur daukat. Bakiora heltzean, seguru hauk guztiauk geratu egiten direla, eta orduan, ze erritmo izango ote da? Zera; han ere ba daude umeak!

 Heldu gara Bakiora. Eta hala da; jende gehiena eta kotxe asko ere geratu egin dira. Hau errelebo motela! Ez dakit nor den gizon hau; alkatea ote da? Ipurdia ezin mugitu! Azkenean, erdi bultzaka daramate...

 Baina nora doa tipo hau! Errelebo berria argia atzera uzteko da. Erotu egin ote da? "Hi poliki,... astiro..., emeki..., lasai, motelago más despacio, cojones!" Horrela ere ez.

Hurrengo erreleboa... are eta arinago... Arraioa! Baina zer da hau? Ia ezin dut segitu. 14,15 km. gainean, eta orain esprintatzen! Ume guztiak atzera utzi ditugu, jende guztia

Beste esfortzu bat eta beren parean nago. Eta sekulako erasoa: "luzitzera etorri al zarete? jende guztia atzera utzi dugu..." eta beste 11 nahigabe, Kristoren mitina, baina alperrik. Geroz eta arinago. Organizazioko dirudien batek kotxez pasa eta: "muy bien vais. Así, así." Antzaz, hobe da 10 minutu irabazi eta herri osoa galtzea. Lehen 300etik gora ginenak orain 10 besterik ez gara... Hori bai, oso onak, Kaukuko batzu —antzaz—, eta jende on gehiago: tumatxa!

 3. eguna eta ezin gehiago. Larraurirantz goazela atzeratu egiten naiz. Gainera aldapa gora dago!

 Taldetxoa aurreratu egin zait; gero kotxe bat, bestea, 5.a, 6.ak leihotik, animatzekotan edo, zenbait diosta: "Hala ba, segi"... "hortan, hortantxe gaitun, baina ezin!"

 Azken hau ere aurreratu egiten da, eta aibadios! ez dago besterik atzetik. Nik uste nuen pilo bat zetoztela atzeragotik; baina zera, bakarrik gelditu naiz ilunetan, aldapan gora, leher egina, futin ezin motelago batetan, baina amorru hutsez korrika. Taldea urrunduz eta urrunduz doa. Aiba, kotxe bat dator! Dedo egingo al diot? Ez horixe. Aurrera segiko dut. Eta segi ere egin. Bakio-Larrauri arteko puertotxoa igon dut. Orain bakarrik aldapan behera. Berriz dakusat taldea. Oso aurrera doaz, Km bat beharbada. Ari naiz heltzen, ilunpetan. Bost t'erdiak dira. Ze metro gogorrak? Bakardadean buruari bueltak emateko.egokiena; jendearen protagonismo nahia, bi "portentoren" jokabidea, jendea non edo non galdua, norberaren arazoa, hainbeste km gainean, Bermiotik diraudan bakarra, esfortzu egina norbaitek txalo dezaneko beharra... Ez halabaina, Korrika aurrera doa, eta ni berriz hemen... Beste kotxe bat! Autostop. Ez da geratu. Lehengoari geragabean... Kaikuko hoik, Bermioko txufla, Korrika segitzeko ezintasuna, ez korrika, ez KORRIKA bera. Ez dago berau segitzerik, ez korrika, ez bizikletaz, ez kotxez... Nola egon 15 egun geragabean aurrera? Korrika aurrera, eta gu bidean. Beste kotxe bat. Autostop... geratu da. Barruan Bakioko ume guztiak, txandala eta guzti. Ezin segitu, noski.

 Vespa hartuta, etxera noa. Aurretik bultzatu beharra, noski, eta etxeraino. Bertara heltzean Mungia aldean bolanderak entzuten dira. Heldu da hara; seguru.

 Ohera noa. Hara zer arima larria! Norberaren mixeria, euskararena, gizatasun berarena... Gehiegi gau bakar bakar batentzat!

Korrika aurrera doa, geragabean; ezin gelditu, ezin segitu! Baina euskara bera ez darraio! Ez ote doakigu hondamendira Korrika aurrera doan geldi ezintasun berberaz? Kalera irten bezain erraz egingo banu euskaldunok euskaraz, eta euskararen aldeko lana...!

I. Lasa


John Lennon forever

Une batez ahotsik gabe geratu ginen. Begirada nonbaiten galdurik. Bihotz sentikorren batek negar malkoren bat edo beste ere isuriko zuen beharbada. Tiroz josita joan zitzaigun John. Baina guk eztugu hatzamar bat bera ere jasoko David Chapman bere hiltzailea izan omen denaren kontra. Ez diogu begikotasun berezirik hartu baina gorrotorik ere ez. Ez gaitu poztasunean murgilduta utzi baina ezta etsipenean ere. Izatekotan, tristezia berezi batetan. Tristezia isila, leuna, eztia. Gure begiak behatzen eta ezer ez ikusten, gure belarriak entzuten baina ez aditzen. Gu ere garai hartako hippyen gisara, "cool" geratu gara. Antsikabe. "Cool". Ez izotzik ez goritasunik gure bihotzetan. Eta oraingo honetan ez dugu L.S.D.aren beharrizanik ukan.

The long and winding road

 Bai, luzea izan da bidea. Eta beharbada neketsua ere.

Liverpoolgo Cavern hartan hasi eta New Yorkeko kaleetan bukatu zenuen. Erori zinen arteko bidean iraun kantuz. Beti kantuz. Amaigabeko kanta bat zirudien denak. Eta guk, oharkabean, hantxe geneukan gure bizitzari mugarririk sendoenetariko bat jarriko ziona. Orduan hasi genuen guk ere jadanik luzeegi egiten ari zaigun ibilaldi hau. Gauza askoren guratsu atera ginen abiapuntutik. Dena irentsi nahian. Urte gazteak. Hamabost urte, hamasei. Urte xamurrak.

 Eta urte haietako Inglaterra magiko eta ahalguztidunean, lau mutil. Besteak, badakizu, zure lagunak Ringo, Paul eta George. Denak, The Beatles, Eta gu norbaiten beharrizanean geundelarik han zeuden heurak. Hantxe zu ere. Argi gehiagoz beharbada. Ozar eta lotsagabe, drogazale eta bakezale, kanta eta ernegu, diru eta entzute, haintza eta ezereza. Zerorrek esan zenuen bezala, Jesukristo bera baino hospetsuagoak omen zineten. Beharbada bai. Zergatik ez? Eta kantuz, etengabe, bidea egiten ari ginen. Zuok eta gu "I wanna hold your hand", eta gure ilea luzeagoa. "She loves you", eta ez genuen gure aurrekoek bezala hitzegiten. "All you need is love", eta gure jazkera ez zen gure gurasoen atseginekoa.

 Beste modu batez mintzatzen ginen. Beste modu batez maitatu, eta begiratu, eta... Bai, era berri batez hasi ginen mundua ulertzen eta munduan bizitzen. Geure eran. Urte haiek markatzen ziguten eran.

 Hirurogeiko urteen hamarkada. Dekada miragarritsua. Zoragarria.

 Bai, luzea eta neketsua izango zen bidea. Baina hain labur eta atsegin egin zitzaigun batzutan!

Yesterday

 Gaur atzerantz begiratu behar. Nahita nahiez. Aberatsegiak izanak gara hori ez egiteko. Jadanik hogei urte dira. Horrenbeste? Baina zein ederra iragandakoa!

 Dekada haren fruitu gara. Ezin ukatu. Ez eta ukatzerik nahi ere. Geure bihotzaren lekurik izkutu eta sakonenean daramagu mundu osoari aldarrikatu nahian gu garai hartako seme eta alaba garela. Asko maitatu genuelako... asko.

Hirurogeiak dena aldatu zuten eta ezer ez zuten aldatu. Hau diote batzuk. Guri berriz beste hau zaigu atsegingarriago: ez zuten ezer aldatu eta dena aldatu zuten. Badago ezberdintasunik!

Let it be

 Eta orain zuk ere uzten gaituzu. Ez zara lehena. Oroituko zara zure aurretik nola utzi gintuzten beste batzuk. Jimmy Hendrix, Janis Joplin, Jim Morrison...

 Bizitza, apurka apurka hiltzen joatea omen da. Seguraski baietz. Pixkat ohituak ere bageunden horretara. Baina oraingo honetan hain umezurtz geratzen gara John!

 Hirurogeiak badoaz eta gu ere neurri handi batean heurekin. Ez ginen Central Park-ean izan zuri azken agurra emateko. Argizagirik ere eztugu zure oroimenez piztu. Baina dena estalirik geratzen denean, gutariko edonorri irratsaio galduren batetan zure, zuen Girl entzutea aski izango zaio. Une batez lainotan murgildurik bezala geratuko zaizkio begiak. Let it be!

Iñaki Esparta


Gaiak. Antzerkia

"Beldurrak"

 Urtarrilak 9 eta 10'urtea hasi berri berria genuelarik, berriro espektakulo berri bat eskeiniz zetorkigun ORAIN taldea...

 Donostiar talde hau, bere hamabi urtetako esperientziarekin, oso ezaguna da gure ikastola eta hauzoetako jaietan, honela bada, hor dugu bere haur antzerkia, "Zirkoa", 50 errepresentazioz gora, Euskadiko herrisketan zehar emana. Haur antzerkiaz aparte, ORAIN antzerki taldeak, oraingo honetan, beren lanaren agerpena, beste obra berri batekin eginen du: BELDURRAK"... Azken obra honetaz hitz egiteko asmoz, Maribel Belastegi, taldearen zuzendariarengana jo dugu:

 "Obrak, hiru esketx ditu...Itxuraz, ez dute lokarri handirik bainan hala eta guztiz ere, ideia nagusi hau adierazi izan nahi dugu... Gure depresio eta frakasoarekin bizitzeak eta guzti honetatik irtetzea, berbizitzea, zer suponitzen duen... Kontutan harturik, heriotza hor dagoela, ez heriotz fisiko bakarrik, baita espirituarena ere. Badakigu obra honek agian, harritu eginen duela, publikoak mementu honetan eskatzen duen ebasio obrarik ez duelako eskaintzen, bainan Orainen antzerki errealitate propioari erantzun nahi izan diogu lan hau egitean. Horregatik, geure barnera begiratu dugunean, gure espresiobidea eta antzerki modu tradizionalak txertatzeko moduko lan bati ekitea, pentsatu dugu. Gai iradukorra eta gure sentikortasunari hurbila izan zedin ere saiatu gara, eta lan eskerga baten jabe egin gara horrenbestez emaitza hain ona ez bada ere...

Bizitzaz

 "Esketx honetan, gorputz bat eta honen NI-a agertzen zaigu. Gorputz hori superbizitzagatik borrokatzen den artean, barne NI-a zutik jartzen da bere kemen eta sentikortasunari esker, bainan heriotzaren elementuak ere proiektatzen dituzte beren efektoak...

Lan honetan, oso landuak dira gorputz mogimenduak. Bi pertsonek bat batera mogimendu berdinak egiteak, lan tekniko handia eskatzen du. Pertsonaia nagusiaren papera desdoblatua dago, musikaren ritmoari lotua.

 Esketx honetan, lan espresiboa da nagusiena. "Orain" taldearen, azken urteotako lanaren, antzerki alderdiren landuen ezaugarri bat da. Uste dut, esketx gogorazle edo sugestiboa deia, non beste interpretazio asko izan ditzazke. Eta hori atsegin zaigu!!

Heriotzaz

 "Esketx hau konflikto gehien duena da. Publikoa gehien harri dezakena.

 "Hau da, espresio lan batetik kutsu tradizionaleko lan batetara pasa nahi izan da, antzeslari eta dekorazioarekin. Bapateko aldaketa. Bainan horrela ematea interesantea iruditu zaigu. Hau da, nik uste dut antzes talde askok, gorputz espresio aldetik lan egitean, nolabait ahaztu edo abandonatzen ari garela antzerkiaren beste alderdiak. Mementu bat iristen da, ez dakit zenbat urte antzes lanean ihardun ondoren, zera... antzeslariari koska egiten zaiola eszena batetan "el café está servido" esatea, ez?

 Honek hain erreza eta sinplea dirudi eta ez da batere horrela gertatzen. Honek, sekulako lana eskatzen du eta alde honetatik pauso berri bat izan da gure taldeko antzeslarientzat esketx hau lantzea.

Gaia, Leopoldo Maria Paneroren ipuin batetan oinharrituta dago. "La Vision"-en hain zuzen ere, eta bertan heriotzaren erakarpena eta lilura beraurkitzen ditugu."

Familiaz

 "Sketxik motzena da. Berriro, bizitzaren indarra eta libertatearen arnasa agertzen zaizkigu eta nolabait guzti hau, zapaldu eta itotzen da, kasu honetan familia bitarteko delarik. Beste heriotz mota da.

 Uste dut, guri oso ondo dihoakigun lan mota dela, non gure taldea bertan oso naturalki aurkitzen baita. Azken urte hauetako lana bide horretatik zuzendua izan da eta agian, horregatik esketx hau bukatuena eta borobilena gerta daiteke".

 "BELDURRAK" obraz kanpo, ORAIN, beste haur antzerki espektakuloa gertatzen ari da... "Odeietan" deituko dela dio Maribelek. Badirudi, festarik ez dagoen leku batera joan eta han bertan festa jartzea dutela helburu, bertan aurkitzen dituzten haurrekin.

 Ikusten denez, ideien faltarik ez dago, garraren faltarik ere ez, eta hori da beharrezkoena Eskerrik asko, Maribel eta urrengo arte!

M.A. Landa

(Taldearekin norbaitek harremanetan jar nahi baluke, dei 283928 Donostiara eta Maribel Belastegitaz galdegin.)


Gaiak. Literatura

Ametsaren hegalaldia (III)

Tam-tam-tam!!!

Nor zaitugu?

Bizia luzatzen duena.

— Eta nolatan gauza hain zaila?

Eremu hertsiak apurtuz.

— Pasa orduan eta ongi etorri!

Gaur lehenengo aldiz, neure bidean, barneratu naiz gorputzean, eta dena aztertzen dihardut. Esperientzi bilduma politta lortzekotan, beharbada, bidaliko dizuet ametskide gehiago. Ez nuke nahi zuen loaldirako oztopo izan, baina oroikusleok oso ikusbera izanik... ez zaizue inportatuko askotxo.

Eta betsein horiek freskatzea ez litzaizueke gaitz izango..., dakikezuenez ametsok maite ditugu —oso— begi haundiak.

Honelatan bai ¡Horrela agergarri!

 Betileak zorrotz, posiblearen aurrean, bekainak tente, orraztuta. Teatroaren oihala igona, has daiteke emankizuna!

...Beginini guztioriek, agur t'erdi. Zuekin eta zuen poztasunerako..., ilunetiko buhamea!

 "Behin batez... (ez dakit oso ziur non) ba zen begitxo nimiño bat hazi nahi zuena, eta logaleari tutik ere esan gabe, gauzaezezagunen —ez horregatik izategabeak— herrira bideratu zituen urratsak. Ostera, gauzaezezagunkideak —herri batzarrez— laidotzat hartu zuten jokaera hori, eta sarkinaren kontrako hesi eskergak altxatu zituzten...

Gure begitxoa arras haserretu zen, eta etsirik —baina goraki— zera oihukatu zuen: "ez duzue lortuko, lortu; ez ikustearen indarrez helduz baikoaz ere! Errealitate biluziaren aurrean ez zekiten zer egin, nola egin, gauzaezezagunak, ordea, tinkotasunari eutsiz, duelo bat antolatu zuten.

Hona hemen berauen baldintzak:

Lehenengoa: zirrikitutxo bat utziko dizugu gu ikus gaitzazun...

Azkenekoa: oraindik bizirik bazaude, etorri egingo zara gure herrira".

Eta hemen eta honelatan amaitzen da begi "txo" aren historia.

 Gustatu al zaizue? Besteren bat gura

 Hor duzue bizimodua!, eta gurekin ba dago lekurik...

 Guk beti atsegingarri!, kostarik kosta barregarri!

 Begi berde, begi urdinska, begi alai-triste guztiak! Dakusaguna irristadatxo batto bakarrik! Eta ikustear duguna, kaleidoskopoaren aitona!

Zir-zir, pil-pil, zir-zir, pil-pil, pil-pil-zir-zir...

Zer dantzut?

 A! irrikak diraki!

 Erantzi mozorroa bada! Bisutsak eramanak izango gara inora, eta nonbait —nolabait— lozorroa lurperatuko dugu.

 Entzun zuek ere! Noiz artio gorreria? Zertarako belarri entzungorrik?

 Mailu, ingude, eskalango,... errementari ala zaldizko?

 Barka, baina..., Wagner ala Tchaikovsky?

 Horretan berdinxe gogoak!

 Eta entzuna al duzu gaua?, gaueko ixiltasuna? Hori hutsune handia. Ixil-mixilka, ikusgarri izarrak!

 Gaueko ateak ixiltasunari darautsalarik, orduantxe oro entzungarri! Eta bahe unibertsaletik izarrak jarioz... Izan ere, amets hutsa duzue gaua. Nik ezaguna. Nire ezpalekoa. Neu.

Gazteago nintzela, melodia batekin maitemindu nintzen. Melodiak ez dira eternalak ordea. Gaur..., oroipen soila.

 Eta belarriok ba duzue lagunik? Nork hobekien konpreni?

Oi!, oi!, itxasoa dugu abeslari! Nahi zenuke nirekin entzun?

 Txitezko ederra kantua!

 Hots, ez daukazue hazkurri hain txarra. Garunak esan dezala.

 Garun hori!, entzumena zelatan bizi?

 A!

 Zu zaitut malerusa! Eta nondik sorreri hori? Zer-non so egin duzu?

 Garunok beti gauza oro-guzti-denen zergatia bilatuz, eta hor duzu ondorioa! Zertan gaudela deriotzozu? Zertarako orduan ametsok? Hori zigorradaren samina! Zeihar zaitez orain, oraino garaiz zaude. Ahantz itzazu zer-nola-zelan-non-zergatik-nondik-nora-noraino-zertatik-zerez-zertarako-nolako-noren-zeren-zerezko guztiak!

Entzun amets honi!

 Garun hura ere —senide al duzu?— oro zen zer-zalea, eta ekitearen ekitez, ahaztu zen bere zeraz.

 Abisatzen dizut gero!

 Jakin bazeneza zer-nolakoak garen ametsok! Guri bost axola legeen arauak. Orotan zer edo zer berri-bitxi bat aurkitzen dugu. Eta ikusten ez badugu..., amets egin eta kitto!

(Horretan garaileak gara)

 Zera..., duela askotxo samar harri bihurtu nintzen eta huraxe nire poza!

 Umetxo batek hartu ninduen eta Loretxori eman zion; eta Loretxok: "hau amets moduan hartzen dizut". Ez duzu liluragarri? Orduz gero ameslari ditut biak, eta ikasle onak benetan!

Hain zuzen ere umetxoen ostatuan lojeatzen gara gu gehienik; horiek ba dakite hegaz egiten! Eta zein arin norabide bako!

 Laster, oso laster, zentzudunak giltzapetuta egongo zarete. Eta askatuko da hegalarien basoa.

 Egunsentiaren oskorritik milaka molde aterako dira eta ametsak egonleku iraunkor edukiko du.

 Oraindik ez zara makurtzen?

 Garun elektronikoek ere ez gaituzte oso atsegin; ezin diegu ezertan lagundu...

 Oro dira hutsezinak! Edo horixe uste dute bederen.

 Ostera, noizbait herdoilduko dira denak eta gurea beharko dute. Beranduegi...

Oraintxe duzue amets-eguna!

Orain eta hemen ametsaren semea!

Ameslari aitonak zioen: "haize berriek zeruan koru txalapartarien alabak munduan oihartzun..."

Zuri zaitez! Ezin dezakezu gorputza kondena!

 Odoletan nago..., hil bedi izana!

Karlos Santisteban


Gaiak. Zientzia

Iceberg-en korrika —polotik basamortura—

 Orain arte icebergak ezagunak izan ditugu probokatzen zituzten untzizkaltzeengatik. Gaur, ostera, beste ikuspuntu batez begiratzen diegu, ur gezaren itzelezko gordeleku dira eta. Edango ote dute inoiz planetako herrialde idorretako bizilagunek hego polotik ekarritako ura? Bai, zergatik ez? Posible izango da, 8.000 kilometrotako bidea egiteko behar den teknologia egokia bilatuko denean.

 Lurrak laranja handi batean tamaina izango balu, ur guztia (ozeanoak, itsasoak, lakuak, ibaiak, lurpeko ura, aireko ura...) tanta txiki-txikia baino ez litzateke izango laranja horren azalean. Tanta horren 97-98 %-a ozeano eta itsasoetako ura litzateke. Gainerakoa, hau da, 3-2 %-a, bizitzarako derrigorrezkoa daukagun ur geza litzateke. Are gehiago, azken portzentaia horren 75%-a solido bezala agertzen da polo-inguru eta glaziareetan, eta 1 % baino gutxiago da likido bezala kontsumorako prest agertzen zaiguna. Kopuru infinitesimal hori berori da inongo kontrolik gabe zarrasteltzen* duguna, lotsagabeki kutsutzen duguna eta gero gehiago exijitzen duguna.

 Ur geza non, gu hara. Irtenbide bi dauzkagu ur geza eskuratzeko: ozeanoko ura desgazitu, hots, gezatu, edo polo-inguruko ur gezako erretserbak (milaka urtetan jausitako elurraren metaketa) martxan jarri.

Ozeanoko ura gezatzeko mekanismoa lar garestia da. Bigarren irtenbidea, ostera, hau da, icebergak desplazatu gura den tokira ur geza ateratzeko, ekonomikoki kontutan hartzekoa da eta teknikoki bideragarria.

 Iceberga ur gezako masa solidoa da eta oso purua (ur destilatua dirudi). Kalkulatuta dago: Antartidako glaziareetatik urtero askatzen den izotza (iceberg moduan) 10 bilioi metro kubiko baino gehiago da. Zifra hau, seguru asko, erreala baino txikiagoa da. Izan ere, orain arte aurkitua eta neurtua izan den icebergik handienak (350 Km luze, 90 km zabal eta 250 m lodi), berak bakarrik, 8 bilioi metro kubiko zeuzkan: Euskal Herri osoa sartuko litzateke han! Hala ere, kontutan hartu behar da glaziare horiek urtero berreskuratzen dutela galdutako kopurua, eta gehiago beharbada.

 Zenbat ur garraiatuko luke iceberg batek "egarri-gerriko" izeneko Herri batetara ekarria balitz? Demagun kasu konkretu bat: 100 milioi toneladako iceberg bat, hau da, 100 milioi metro kubikokoa, (1.200-1.500 m. luze, 300-400 m. zabal, 250-300 m. lodi), Arabia Saudira eraman da (kontutan hartu behar da iceberg baten 90%-a ur azpian dagoela). Horra heltzean, iceberg horretatik atera genezakeen ura hauxe litzateke: 80.000 milioi litro gutxi gorabehera. Ur horrek aplikazio asko leuzkake eta hauetariko bat hauxe: Yedda izeneko hiria parkez inguratuko balitz (20 km. luze eta 2 Km. zabal), eskualde horretako plubiometria handiago litzateke (gaur zentimetro batzu urtero baino ez da eta parkeok ipintzekotan bi metrotaraino ailega liteke urtero). Oso denbora gutxitan, Yedda oasis eder bihurtuko litzaieke hangoei.

Baina, icebergen bila joatekotan, zergatik Hego-polora joan eta ez Iparpolora hurbilago dagoela? Honek ba dauzka bere arrazoiak. Alde batetik, Artikoko icebergak, normalean masa irregularrak izaten dira eta horregatik egongaitzak. Bestetik, menditako glaziareetatik datozen masa horiek ez dute izaten behar den bolumena. Antartikokoak, berriz, tabularrak izaten dira, hau da, forma erregularrekoak, eta bolumen handikoak. Antartidako meseta glaziarrean metatzen den elurra astiro isurtzen den izotz bihurtzen da poliki poliki. Honela, barrera erregular handi bat sortzen da (250-300 m. lodi). Ezagunena, behar bada, "Ross-en barrera" izenekoa dateke, honen azalera Iberiar Penintsularena beste izanik. Barrera hauetatik "askatzen" diren zatiak dimentsio handitako icebergak izaten dira.

Honetaz gainera, Artikotik datozen korronteak ez dira nabigaziorako aldekorrak gertatzen; Antartikotik datozenak, ostera, aldekoak izaten dira. Eta, icebergen garraioa atoiuntziren laguntzaz egin beharko bada ere, probetxagarria izango da korronteek ematen duten bultzada.

 Projektua errentagarria da: lehenengo bidaian Yedda-n ipinitako ur-metro kubiko batek 60 zentabo (§) kostatuko luke, eta kantitate berak itsasoko ura desgazitzekotan 80 zentabo. Orduan projektua benetan ote da bideragarri? Gai honetaz 1977. urteko urrian Iowako Unibertsitatean (AEB) ospatutako Nazioarteko Batzarrean eritzi honetara ailegatu zen: projektuak planteatzen dituen oztopoak gaurko teknologiaren bidez ebatz daitezke eta icebergetik ateratako ura desgaziketatik ateratakoa baino 30-50 % merkeagoa litzateke.

Icebergak atoian eramateko ideia ez da oraingoa. Iowan, eta lehenago Parisen (1977.eko ekainean), egindako bileren interesa, Arabia Saudiko printzeak (Mohamed al-Faizal) egindako deian datza. Printzeak berak proposatu zuen atoiaren projektua eta horretarako konpainia bat berehala fundatu ere: Iceberg Transport International Ltd.

Oraindino gutxi dakigu icebergetaz. Hau dela eta, nazioarteko batzorde zientifiko bat izendatu da, hamar bat kidek osotutakoa, ia denak glaziologoak. Berauen lana projektuaren bideragarritasuna konprobatzea da: hobeto ezagutu behar dira icebergen konposaketa (elurra, izotza), barruko indarrak, arrakalak eta beste makaluneak.

Iceberg on bat aski gangarra izan behar da (100 milioi tonelada), helmugara ailegatzean nahiko ura eman ahal izateko. Bestetik, tabularra izan behar da, hau da, luzeago zabala baino (honela errazago baita atoia) eta ahalik eta trinkoen (arrakala gabekoa). Itxura honetako icebergak (barnekoa oraindino ez-ezaguna baita) Pazifiko, Atlantiko eta Indiko aldeetan agertzen dira. Azken espedizio frantzesak (Berg-Eole izenekoa 1971-tik 1973-ra) frogatu duenez, Indiko aldean batzen dira icebergok eta gero hemendik iparralderantz abiatzen dira desagertuz doazen bitartean. Abiabide honetaz hobe konturatzeko sateliteek ateratako argazkietaz baliatzen hasiak dira.

Dena dela, oraindik, oztoporik handiena urtzearen kontrako babesa da: lurrinketa (ebaporazioa), olatuen higalan (erosio) mekanikoa, bideari datxekion marruskadura, etab.

10.000 kilometrotako bidea egiteko atoiaren abiadura normalean, hots, 2 Km. orduko, zortzi-bederatzi hilabete beharko lirateke. Bidean zehar iceberga jagoteko irtenbide batzu asmatzen hasi dira: icebergaren urgaineko hormak materiale erreflektagarri batez estaltzea eta urazpikoak materiale isolagarriz. Isolamendua horma eta materialearen arteko ur hotzak berak eragingo luke. Mekanismo neumatiko batez lotutako estalki batek beheko aldea babestuko luke.

Elementu guztiok Antartidan bertan ezartzea ebatzi beharko den beste oztopo bat da.

Atoiak berak ez du, hasieran behintzat, problemarik planteatzen: gaurko atoiuntzirik handienek 125 toneladako trakzio-potentzia daukate. 100 metro kubikoko iceberga mugitzeko 600-700 toneladako trakzioa behar da, hau da, bost-sei atoiuntzi handi.

Helmugara behin helduz gero (batzutan kostatik hamarreko kilometrotara, plataformako sakonera txikia eta icebergekoa handia baitaitezke) urtze-ura hartu eta lehorralde ponpatu beharko da. Honetaz gainera, gordeleku- eta banaketa-sareak eraiki beharko dira.

Uste bada ere, eguzkitiko beroa ez da nahiko, behar den urtze-ura emateko. Urtze-prozesua bultzatzeko, hauts bihurtu beharko da icebergeko goiko aldea, horrela, ahalik eta bero gehien absorbitu ahal izateko; beste metodo bat ozeanoko ur beroaren erabilpena izan daiteke edota beste bero-iturri batzu ere. Bistakoa da, etapa honetan, kontserbatu egin beharko dela kanpoko babesa.

 Icebergen KORRIKA hau, zalantzarik gabe, epoka honetako projekturik ausartienetarikoa da, eta garrantzi handienetarikoa ere, laster batetan uraren falta izango baita Gizateriaren problematik latzena, grabeena, larriena, gaitzena. Eta gizakiak 40-50 egun jan gabe badirau ere, baldintza batzutan ez luke lau egun ere pasako edan gabe.

Iñaki

* zarrasteldu = despilfarratu


Far Westeko historia eta leienda —Forajidos de leyenda—

 Ipar Amerikako Mendebaldea beti izan da zinemarekiko argiturri bat. Dudarik gabe, badaude arrazoi batzuk hori ulertzen lagunduko digutenak:

 a.- Estatu Batuetako historia, denbora aldetik, nahiko laburra izan da. Hori dela eta zinema egiten hasi zirenean, Far-Westeko ekintzetan parte hartu zuten zenbait pertsona ezagunak ziren oraindik. Lehenengo zinemagileentzat historia hori ezaguna zen ekintza eta pertsonen hurbiltasunarengatik.

 b.- Ipar Amerikako boterearentzat beharrezkoa zen beren historia ezagutaraztea, bizilagunak aberri nozioaz eta garrantziaz mentaliza zitezen zinemaren bidez. Horretarako, Mendebaldeko jabekuntzaren baloreak aldarrikatu behar zituzten, indioek eta beste minoriek jasan zituzten burrukak eta erasoak justifikatzeko. Gauza bera gertatu zen Europako erdi haroan gesta kantuekin. Pentsa dezagun, bestela, zer suposatzen zuten Espainako Errekonkistak, Mio Cid-en Poemak eta Roland-en kantu poemak.

 d.- Azkenik, jabekuntza horrek denboraren azelerazio historiko bat zekarren berarekin. Urte gutxitan, hasieran inmigratzaile soil zirenak nekazari edo aberedun bihurtu ziren, aurrekapitalismo baten sustraiak finkatuz. Far West-a eszenatoki egoki eta interesgarri bat bihurtzen ari zen, horrelako unetan sortzen diren giza harremanak adierazteko (biolentzia, gorrotoa, e.a.).

Gai guzti hauen artean, bidelapurrena askotan aztertu izan da Ipar-amerikako zineman. Dalton, Clayton, James, Younger anaien, Pat Garret, Billy Kid eta B. Cassidy-ren menturak zinemako zenbait lan nagusien zeluloide metroak betetzen dituzte, interes eta ikuspegi desberdinetatik ikusiak izan arren.

James eta Younger anaien kaso konkretoan ("Forajidos de leyenda" filmeak adierazten duen gaia) ezin dugu ahaztu hauen ekintza eta menturetara hurbildu izan diren zinemagileak asko izan direnik: Hor dugu Henry King-en kasoa "Jesse James" (1939), Fritz Lang-ena "La venganza de Frank James" (1940), Samuel Fuller-ena "Balas vengadoras" (1949) eta N. Ray-ena "La verdadera historia de Jesse James" filmaz (1957).

 Azkena, oraingoz, Walter Hill izan da, baina badira besteen eta honen filmaren artean zenbait desberdintasun, eta interesgarriak, dudarik gabe, "Forajidos de leyenda" lan nagusi bat ez izan arren.

 1.- Ez dago motibazio psikologikorik pertsonaien ekintzetarako. Batzuk besterik ez dira aipatzen (amaren papera, gerla zibila, egoera politikoa, etab.) Ezin genezake ahantz Jesse James (1847-1882) hegoaldeko gerriletan "Bloody Bill" Anderson eta gero W.C. Quantrill-ekin ibili zenik, ezta ere filmean agertzen diren ekintzak gertatzen diren unean Ipar eta Hegoalde arteko gorrotoa mantentzen zenik.

2.- Walter-Hill-i interesatzen zaiona ekintza eta bortxakeria adieraztea da, lan eta emakumeekin dituzten harremanetako eszenak kontrapeso bezala jarrita daude, besteek, kontrastearengatik, indar gehiago eduki dezaten.

3.- Garbi dago, zinemagile honen ibilbidea jarraituz, bere interes nagusia bortxakeriaren estetika bat bilatzea dela. Eszena batzuetan Sam Peckinpa-ren eragina nabaitzen zaio, eta kristalezko pareta igarotzen dutenean, aldiz, Nicholas Ray-ena, eszena berbera etortzen baitzaigu burura (La verdadera historia de Jesse James) - (Gutierrez Aragonek ere erabili zuen hori bere "Sonambulos" filmean). Baina errepasatzen badugu Hill-en filmografia (El luchador - Los amos de la noche - Driver - Forajidos de leyenda) guztietan bortxakeria (era batean edo bestean) dago oinarritzat.

 Kontutan hartu behar dugu Sam Peckinpa eta John Huston-en gidoilari izan zela W. Hill.

 4.- Pertsonaia hauek ez dira Hillentzat heroe batzuk eta bestalde ez da tono liriko edo nostalgiko bat erabili bidelapur hauen ekintzak adierazteko. Pertsona konkretutzat hartu ditu, beren gorroto, ikara eta maitasuna erakutsiz.

 Bere hurrengo lanaren zain gelditzen gara, bortxakeriaren estetika hori gaiagatik bakarrik datorkio edo forman ere zenbait aporta dezakeen Walter Hill-ek epaitzeko.

Xabier Portugal


Gaiak. Euskara

Bizi dezagun euskaraz

 Hizkuntza bizi bat, esaeraz eta atsotitzez beterik dago. Normalean milaka konta daitezke edozein hizkuntzatan. Mintzatzaileak ez gara askotan konturatzen honetaz. Bakarrik, beste hizkuntza batetara pasatzerakoan ikasi berria dugun hizkuntzak utsune nabariak dituela guregan, gure adierazteko moduan, konturatu egiten gara. Ez dugu hizkuntza berria bizi. Orain arte izandako baserritar eta arrantzaleren hizkuntzaz bizitzeaz zail zaila izaten baita jakina; are zailago, hizkuntza honi desarroilatzeko bideak eragozten zaizkiolarik eta euskal komunikabiderik ez dagoen artean, —telebista eta filmeak batez ere— mintzatzaileok ez dugu askotan erreferentzia bizirik gure bizipenak adierazteko.

Ez al zarete konturatu zenbat eta zenbat pertsonak, euskaldun berrik ala euskara hiritarra (kalekoa ez) darabiltzatenek ez dakitela euskaraz barre egiten? Ez al zarete konturatu euskara gai serioak aztertzeko edo eta tematika zehatz bati buruz hitzegiteko bakar bakarrik erabiltzen dela? Bai, hala da hiri askotan eta zorionean ez da horrela ez Lekeition ez Ondarrun ez eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat lekutan. Euskara oraindik bizi bizirik dutelako hor. Baina hiri handietan? Erdal giroan?, Euskaldun zaharrari hizkuntza pobretuz joaten zaio erdararen eraginaren aurrean. Eta zer esanik euskaldun berriaz? Galduta egoten da, fonetikoki galduta, azentuetan galduta, doinuan galduta, esaeratan, atsotitzetan. Eta guzioiek gabe, ezin hitzegin daiteke. Kodigo edo eta klabe berezi bat prestatu, beharbada bai; hitzegin, sekula ere ez.

Hori dela eta, euskaradunen artean pobretu egin zaigun euskara aberastu behar dugu. Hona hemen sail honen helburua, atsotitzak, esaerak biltzea buruz ikas ditzagun. Ez gaitezen fida telebistaz, telebista kapaz da erdarakada guztiak euskaratzea, —bildur daukat, gosea daukat, eta antzekoak botatuz. Gainera ez dago oraindik inolako telebistarik eta genozidioak berdin dihardu.

Sail hau probetxagarria izango duzuelakoan, —hobetzeko eta iraupena emateko gurekin lan egin dezakezue,— zuen lanen zai gaude.

Euskaraz Zeri dagokio eta esangura Erdaraz

Burla gaiztoa sorlekura Burlari. Trufatan eta  "La mauvaise raillerie

itzuliz doa. mezpretxutan dabilenak revient à sa source"

arriskua du, askotxotan

esandakoak itzultzen

baitzaizkio.

Burla minena, egia dioena. Askotxotan egia esatearen "La mas amarga de las

komenientziari. burlas consiste en decir

 la verdad".

Hazi gaiztoa, bera sortzen. Bidegabekeriak edo eta  Mala hierba nunca

gaiztakeria eta injustiziak muere. Mauvaise herbe

nola egiten diren jakiteko croît toujours.

ez da asko ikasi behar.

Baleki gazteak, baleza Bizitzaren esperientziari Unos por que no saben

zaharrak. dagokio. y otros porque no pueden.

Zaharrek ba dakite baina

indarrik ez; gazteek aldiz

gogo handia ba dute baina

esperientziarik ez.

Ez dakusan begiak, Gauza bat txar txarra daiteke Ojos que no ven

gaitzik ez. hala ere ikusten ezbada edo corazón que no siente

eta berari dagokion

ezagumenik ez badugu, txarra

barik ona edo eta ez hain txar

daiteke ez dakienarentzat.

Otsoak otsori gaitzik ez, Interes antzeko edo berdinak "Le loup ne fait pas de

eta lapurrari lapurrak dituzten artean ez da elkar mal au loup et les

laztan. erasoketarik egiten. Errege voleurs embrassent

batek ez lioke sekula bere les voleurs"

gobernuari kalterik egingo,

edo eta alderantziz.

Astoaren arrantzea, Garraisiak eta oihuak nahiz "El rebuzno del burro no

min gabea (bagea) eta ozen ala gogorrak  hace daño (sin daño)".

izateagatik ez dute ezertarako

balio izaten, ekintzaren bat

gauzatzen ez bada behintzat.

Zu beti ero; hotz ez Tontakeriari dagokio. Erdaraz  "Tu siempre fatuo, el

dena, bero. esango litzateke: "Se te habrá que no tiene frio tiene

caido el pelo, no!" calor".

 Toi toujours sot, qui n'a

 pas froid à chaud.

Ondarroa eta Mutriku, Ez dagokie noski, mutrikutar "Ondarroa y Mutriku, el

idiak idia aurkitu eta ondarrutarrei soilik. buey encontró al buey".

Seigarren esaerarekin gonbara

daiteke baina honek ez dauka

hark zeukan konotapen txarra.

Ez da surik ke gaberik, Kausa eta ondorioaren  Il n'y a pas de fumée

ez kerik su gaberik. filosofiari dagokio. Ez dago sans feu. "No hay fuego

ondoriorik, kausarik ez bada. sin humo ni humo sin

 fuego".


Gaiak. Euskara

Bat, bi, hiru, lau!

 Agian, autodefentsa-arazo bat baino ez da, baina konturaturik nago ezen euskaraz hitz egitean, behin baino gehiagotan espreski apurtzen ditugula geure arau fonetiko teorikoak, erdarazko hitzetatik urruntzeko, nolabait zerbait desberdin garela hitzetatik urruntzeko, nolabait zerbait desberdin garela azpimarratzeko edo. Adibide gisa, katu eta kolpe hitzak aipatuko nituzke. Zergatik esaten ditugu horrela eta ez gatu eta golpe, Iparraldeko euskaldunen antzera? Azken hauek ez dute kasu honetan frantsesaren interferentzia zuzenik (chat, coup); Hegoaldekoen kasuan, ostera, itsusi samar geratuko lirateke hain gainean ditugun gato eta golpe hitzen alboan.

Artikulu honetan, horren antzeko gai bat erabiliko dut. Hauxe. Sarri, umeen jolasetan, zerbait sinkronizaturik egiten hasteko, ordena bereziak ematen dira. Lasterketa bati hasiera emateko, adibidez, gaztelaniaz "preparados, listos ya!" edo "uno, dos, tres!" esan ohi da. Nola esan behar da euskaraz?

Bat, bi, hiru, lau!

 Ene eritziz, on litzateke euskaraz forma hau promozionatzea. Zergatik? Hara! Nik abantaila batzu aipatuko ditut eta gero, zenbait adibide emanez, lau, zenbakiak haur-kanta eta jolas batzutan jokatu izan duen funtzioa agertuko.

Batetik, lau zenbakia silaba bakarrekoa da eta hori abantaila da, ordena sinkronizatzeko. Ez da kasualitatea, gaztelaniaz ya edo tres hitzak erabiltzea, puntu horri dagokionez, egoki baitira. Hiru zenbakiak ostera, problema dauka bisilabaduna izanik.

 Bestetik, autodefentsaren arazoa ere hor dago. Zer dela eta esan behar dugu, bestek esaten duten bezala? Zenbatu ere ez dugu, ba, hogeika zenbatzen, ingurukoek hamarka kontatzen duten bitartean? Zer erru dugu, 3 zenbakia bi silabaz adierazi behar badugu? Azken batez, ene ustez, estetikazko eta ohiturazko kontua baino ez da; eta zer egingo dizuet, niri lau zenbakia hiru zenbakia baino gehiago gustatzen bazait?

Beharbada, proposamen honek arazo etnologikoak ere izango ditu, ohitura zaharrei dagokienez; baina nik ezin ahal izan dut informazio garbirik aurkitu arazo honetaz. Horregatik, baten batek bestelako datu argigarririk balu, pozik hartuko nuke.

Orain arteko zenbait haur-kanta eta jolas

Dena den, lau zenbakiaren erabilera nahiko arrunta izan da euskarazko kantetan (honek ez du esan nahi, hiru zenbakia ere antzera erabili ez denik) Eta horren adierazgarritzat, hona hemen adibide batzu:

 1) Soka-dantzan egitean, oso erabilia da kanta hau (Bizkaian behintzat):

Bat, bi, hiru, lau!

Txominek andrea falta dau

Txominek dauka dendea

sagar ustelez betea;

denda hartara bazoaz

joko zaitue mazoaz

Bat, bi, hiru, lau!

Txominek andrea falta dau

Kanta honek zenbait forma aldatu ditu, R.M. Azkueren "Euskalerriaren Jakintza" liburuan haur-jolasei buruz hitz egitean ikus daitekeenez. Hauetariko batzu, hauxek dira:

Bat, bi, hiru, lau!

Txominek andrea galdu dau

Saguxarrak jango al hau!

Eta:

Bat, bi, hiru, lau!

hamar, hamalau

Aitak saldu nau,

amak erosi nau

Bilboko alkate zaharrak

preso sartu nau.

Segur asko, fonetikak eta errima-jokoek ere ba dute zerikusirik esateko modu horietan. Baina jolasok hor daude.

 2) Oso famatua den beste kanta hau ere ba dugu:

Bat, bat, bat

bart errondan egonda

bart errondan egonda

Bi, bi, bi

ez naiz ondo ibili.

ez naiz ondo ibili.

Hiru, hiru, hiru

kolkoa bete diru

kolkoa bete diru

Lau, lau, lau

sardina makailau!

 Kanta hau ere hor dago. Noski, begi zorrotza jarriz, baten batek galdetu egin dezake, ea zergatik zenbaki bakoitza hiru aldiz errepikatzen den eta ez lau aldiz; baina hori beste kontu bat da.

 3) Azken aldi honetan behintzat, zenbait kirol-talde animatzeko, era honetako oihuak egiten dira:

Bat, bi, hiru, lau!

Casco Viejo Bilbau! (sic)

 Edo:

Bat, bi, hiru, lau!

Osasuna gora!

Proposamena

 Emandako arrazoietan finkatuz, galdera hau egin dezaket: Merezi ote du esateko modu hau bultzatzea? Hots, haur-jolasetan gabiltzala, komeni ote da lau zenbakia ere horretan indartzea? Galdera hau ikastoletako irakasleei doa zuzendurik batez ere, eta bai haur-kantak eta jolasak egiten ari diren pertsonei ere. Ene ustez, erabilgarri gerta daiteke erizpide hau. Baina hori, nire ustea baino ez da. Hasiko al gara aproba egiten? Ea ba: bat, bi, hiru, lau!

J.R. Etxebarria


Gaiak. Eritziak

Uholdeak, noren oldeak?

 Berriro ere, euskara jaio zenetik aurrerantz gertatu izan den moduan, aurton ere, Olentzaroak negua ekarri digu. Eta negua zer den ondo dakigu: saldoetarako garaiaz gainera, elurra, haize gogorrak, euria parra-parra, hotza, gripea...

 Eta ez dezagun esan, edo ez biezagute esan, arazo berria denik, ustegabeko gauza denik. Ez da berria, eta ez ustegabekoa ere. Urtero gertatzen da, eta urtero gertatu beharko da, Bardeetako dunak Ajuria Eneaz gainetik pasatzen ikusi nahi ez badugu, edo ertzainak Herriberako izotz-fabrikak gameluz zaintzen.

Eta negua etorri da, eta negu gogorrean elurra tontorrean; elurra urtu eta uholdeak agertu. Zenbat galtze ez ote dira izan? Zenbat kalte ekidingarri? Kalteak ezin dira dirutan neurtu, arazoa horrela aurkezten badigute ere. Ekidin dezaketena (horretarako) ez al dago estatu zentraletiko transbaserik?) ekiditen ez dutenean (eta horretarako ez al dago estatu zentraletiko transbaserik?) ekiditen ez dutenean (eta ez dut uste, ezjakintasunez, denik, ezjakinkeriaz baino), zelan neurtu?

Azken batez, eta sakonera joanez, arazo nagusia Lurraldeko Antolakizun nefastua dela esango nuke, eta dinot. Benetako Lurralde-Antolakizun batek ezin ditu urtero gertatzen diren fenomenoak ahaztu, eta gainera, berauk hobe ezagutzeko ahaleginak egin behar ditu. Zenbat ur jausten da Euskal Herriko txokoetan? Zenbat neurgailu dira Euskal Herrian? Akaso ba ote dago datuak ezagutzeko modurik? Akaso ba ote dago uholdeak kontrolatzeko biderik?

Egin beharko litzatekeen gauza, nire eritzi apalean, Euskal Herrian zehar behar den neurgailu-sarea ipini eta datuen seriotasun kontrolatzea da. Eskualde batetako erregimen plubiometrikoa (eta hortik datorkigu bestea) ezagutzen hasteko, urte askotako datuak behar dira (UNESCO-k esanda). Zenbat eta beranduago hasi, beranduago ikasi.

Gure herrialdeko fenomeno meteorologikoak ezagutu gabe, ez dago benetako Lurraldeko Antolakizuna egiterik. Begiratzea baino ez dago, udan zenbat herri diren egarri; zelan bizkaitarrok ura kentzen diegun arabatar anaiei. Askoz errazago izaten da horrela egitea, horrek ekar ditzakeen ondorioak pentsatzea baino. Ea ikasten dugun!

Honekin batera, ba dago beste gertaera hau ere: nork esan du euri artifiziala ezin daitekeela lor? Jadanik, ez da beharrezkoa lagun-talde bat kantatzen hastea, nahikoa da airera hauts-partikula ugari etengabe botatzea (fabrikek egiten dutena) kondentsatze-prozesuak arintzeko. Eta hau, gauza ezaguna da, ohearen aurrean erregeak sinatutako "titulua" izan ez arren. Hau da, gaurko "klima" industriak eraginda dago, parte handi batetan behintzat. Begiratu, besterik ez dago, Bilboaldeko fenomeno "meteorologikoak".

Esandakoarekin gauza bi azpimarkatu gura izan ditut: bata, uholdeak benetan nahi badituzte aurrez ikusi, erregimen plubiometrikoa ondo ezagutzeko bidean sartu behar dira, horretarako behar diren medioak ipiniz; bestea, prozesu artifizialek (industria) atmosferako fenomenoetan daukaten eragina ezagutu behar dute, eta gero, ia zer egiten duten!!!

Asike, mesedez, ez eizaiguzue esan uholdeak desastre naturalak direnik, hemen dagoen desastre bakarra zeuek inposatutako Lurralde-Antolakizun nefastua delako.

HURRENGO URTEAN ERE, NEGUA ETOR BEKIGU!!!

Neptuno


Gaiak. Eritziak

Ez doaz kanpora, bertan geratzen dira

 Frankistarren denboretan, sektore herritarren eta errepresio aparatuaren arteko burrukak jende guztien aurrean Diktaduraren kontrako burrukaren parte garrantzitsuenetariko bat bezala agertzen ziren. Polizien ekintzak faxistek bakarrik apoiatzen zituzten. Handik gaurko egunetara gauza asko pasatu dira eta Erreformaren ondorioak ditugu aurrean: Euskal Herriaren iritziak eta irtenbideak banaturik aurkitzen dira eta Diktaduraren kontrako batasun instintiboa galdu egin da. Gaur frankistar indar errepresiboak mantentzen dituzten bitartean, "konpentsatzeko" euskal polizia autonomoa jarri nahi digute. Batek baino gehiagok konpentsaketa hori non dagoen galdetuko digu eta egiatan erantzun behar badiogu, arrazoia duela esan behar da.

 Konpentsaketa ez da izaera errepresiboaz izango. Gure Herriaren aurrean aurpegia bakarrik garbitu nahi dute polizia hau muntatuz. Eta esan dugun konpentsaketa gauza honetan datza: Edozein poliziaren aurrean Euskal Herriak izan duen konfidantzaren falta aldatu nahi dute. Zentzuzko irtenbide honetan Madrilgo eta Gasteizko Gobernuak guztiz akort jarri dira eta zorionezko akordio baten gisa aurkezten digute.

Harik eta gaurko egunetara Erreformaren urbide (1) hestuegietan zehar, ur handiak iragan dira eta jakina, askoren memoriak eta oroitzapenak garbitu eta, batez ere, Herriaren askapen-burrukak zeuzkan mami eta esangura ere bai. Gizarte honen projektuaren barnean beraien irtenbide politikoak prestaturik geratu dira. Honengatik hain zuzen, ez dago jadanik ibaiean bi bazterrik; batetik, Euskal Herria guztia antifrankista eta abertzalea delarik beste bazterrekoekin burrukatzen duela, legea eta ordenuaren enperadoregokoekin, hain zuzen.

Estatuko indar zapaltzaileak, beren izaera eta bere ezkutagabeko norabide frankista ageri-agerian dutelarik, segurtasungabeko giro menperatzaile bat sortuz segitu dute eta ondorioz erresistentzia eta gogorketa politikoa ere bai.

Gobernu zentralarekin batera Euskadi gobernatzeko bokazioa duen zenbait alderdi politikori, EAJ barne, egoera honek iskanbilak sortu dizkio zeren eta, alde batetik, indar zapaltzaileak hemen bertan gelditzekoarekin konforme badaude ere, (halakoak dira gobernuarekin egin dituzten hitzarmen politikoen ondorioak eta botere zatiketaren segidak) ahalegin guztiak egiten dituzte EAJtarrek euskal poliziaz konpentsa eta oreka dadin. Helburua bikoitza litzateke: Euskal Herri honetako jarrera aldatzea, Herria mesfidatzen baita, esperientzia: polizia guztietaz. Bigarren puntua aldiz, ETA dagokio, erakunde harmatua erasoketa zuzenaren politikari jarrai ez dakion.

 Gobernu zentralak, bere aldetik, EAJren proposamena bidezkotzat hartu du azken batean eta arrazonagarria denez, "denentzat" —beraientzat— onuragarria dela hatzeman du. Akordioek osasungiro eta zoriontasuna sortu dituzte beraien artean eta osasun eta zorioneko giro berdinean, Ordenu publikoaz Euskadiri dagozkion konpetentzien eskuratzea ospatu dute, berreskuratze (2) historikoa zela goraipatuz (3).

 Hortaz hitz egitea barregarria da. Bai. Estatuko indar harmatuei eta Estatu zentralari dagozkien konpetentziak oso ongi mugatu eta xedatu ditu Estatu berak. Zozokeria, beraz, euskal subiranotasunaz mintzatzea. Gobernu zentralak, Estatuaren segurtasuna arriskuan dagoela uste izanen denean, esku sartzeko ahalmena du. Gainera, Madrileko parlamentuak "estado de sitio" eta abarrezkoak jartzeko, eskudantzia guztiak berarentzat gorde ditu. Baina ez da hor horretan guztia gelditzen. Ikus dezagun: Segurtate batzarrek, bi polizi-erakundeen harremanez eta kordinaketaz arduratzen dena, etengabeko aldaketak jasaten ditu. Bere barnean gobernadoreek, supergobernadoreek eta Madrileko gobernuaren ordezkari eta mandatariek eskua sartzen dute. Beraien konstituzio propioa zozokeriaz beterik egon da, Roson-ek berak, orain ez asko, ipini baitzion oinarria FOPek Betoñon eukiko duten koartelari eta denok dakigunez, delako ekintza hori ez dagokio horrez gero ministeritza horri, baizik eta Segurtate Batzarreari, zeinek aurretik estudiatu eta aztertu beharko zukeen ekintza horren egokitasuna eta komenientzia. Filosofia politikoari buruzko argudio guztiak ere zeharo zozoak dira era berean. Zerikusirik dute bada, delako polizia horrek eta antzinako hertzainek? Ba al dituzte arlo honetan oraingo euzko gobernuak eta ordukoak konpetentzia berak, harmadaz eta poliziaz bereziki? Zerikusirik dute, bada, faxismoaren aurka altxatu zen euskal harmadak eta poliziak oraingo honekin? Polizia hau aldiz, gobernu koldar eta koipetsu (4) batek sortzen du eta paktuegilea denez, hitzarmenean edo paktuan 36.etako matxinada faxistaren ondorengoekin larderia (5) lotsagarrienak sinatu ditu.

Proiektuaren abiapuntua

 Ez gara gu izanen zerbait aldatu dela ukatuko dugunok. Polizia autonomoa gauzatzen ari da. (Altsatsuraino, jakina). Baina asuntu honi buruz berehalako ondorioak puztu eta gehitu dira soberanian (6). Egiazko polizia bat sortzeak bost urte iraungo du. Bitartean, polizia autonomoaren errealitatea, trafiko arloan soilik gauzatuko da. Arlo honetan polizia horrek soilik zenbait eskudantzia berezi eduki du. Ez dezagun ahaztu, halaber, Estatuak eskubidea duela segurtasunari dagozkion eskudantzia guztiak hartzeko eta baita ere aipatutako neurriak garraiobide guztietan. Beraz, edozelango kontrolak edukiko ditugu gure bide eta autobideetan zehar, beraiek nahi izanen dutenean. Mundak kentzea (7) hori bai, mundak kentzearen ardura polizia autonomoari joango zaio! Miñoiei eta Mikeleteei; bizilagunen begikotasunak irabaz ditzaten.

Bestaldetik, Orden Publikoari buruzko ahalbideak apurka apurka etorriko dira eta mailakatze honek ez du ekarriko Estatuko indar zapaltzaileen ekintzen gutxitzea eta, inola ere ez, indar hauen kopuruaren gutxitzerik. "Defensa Ciudadana" delako legea oso zabalkiro har daiteke. Ahalbide amankomunak ez direnak esaterako, modu ezberdinez uler daitezke eta jakina, neurri zapaltzaile guztiak gorde eta gordeko dituzte. Era berean "Erkidegoez kanpoko ahalmenez"(8) ulertze zabalak, langileriaren gatazkak (9) erreprimitzeko karta guztiak gordetzen dituzte, zeren eta, konstituzioak dioenez, Estatuari baitagokio segurtasuna eta jabeen, entrepresen eta produzitzearen askatasunari begiratzea.

 Koartel berrien eraikitzeak (G.D. entzat Salsomendi, FOP-entzat Betoño) ba du ere bere esangura prozedura politiko berrian. Egia esan, Estatuko indar zapaltzaileak gero eta batuago, bilduago egonen dira. Hori dela eta, autonomi-herrialdeko poliziak bere baztergune propioak edukiko ditu baina honek azkenonek ez dio pitin bat ere kenduko beste haien atribuipenetan. Toki estrategikoetan kokatzeari eta denetariko garraiomoeta guztiei esker, Estatukoek mugitasun eta eskusartze handia izanen dute. Gainera, luebakian gerizatze (10) honek, ETAko ekintzen aurrean ahalbide gehiago eta zaurtezintasun (11) handiago emanen die.

Polizia autonomoaren sortzeak ezin du isildu eta ezkutatu, behin eta betiko beraiek joateko galdakizuna.

Polizia autonomoa: "puerta abierta a la esperanza"

 Diputatu eta historilari den EAJren F. Zabalak horrelakoa dela esan du: Polizia honen eratzea EAJren obsesiotariko bat da baina errealitatean finkatu baino, mito berezietan oinarria du polizia autonomoaren ametsak. Klase arteko populismoaren ideologian, alegia. Euskal gizartearen mitoak eta Espainiarenak ezberdinak diren modu berean. Eta populismo honek euskal polizia "ezberdina" izanen dela dio, beste modu batez arituko dela etab. (Lan zikinak beste poliziari uzteko itxaropena baitute).

 Ideia bitxi honek mugarria ba du, tinko eta irmo dago gainera. Euskadin dagoen bortiztasuna dela eta, harmak eramatea onartu baitute eta jakina, baldintza horretan ezin ahalko da imitatu ingeles eredua, Bobbie desarmatu, jator eta ogi-puska hori, alegia. Horixe da bereziki ertzik gabeko kapitalismo baten ametsak baina hemen kapitalismoak ertzak ditu eta nolakoak! Eta kapitalismoak, ertzekin ala ertzik gabe, ba dauka atzean ezkuturik bere aurpegi arrazista nardagarria; hots: kolonialismoa.

Eta Euskadin EAJk gorriak ikusiko ditu, gorriak eta bi. Benetako malabarista izan beharko du. Hemendik aurrera, egiazko joko majikoak egin beharko ditu, kapitalismoak hain gogor eta basatikiro langileak zapaltzen dituen euskal gizartean, konstituzioak jarri duen ordenu berezia defendatzeko. Polizia autonomoak zapaltzailearena eginen ez duela pentsatzea, FOP-i bakarrik lan zikin horiek utziko dizkiotela ustea, ezinezkoa da. Hortxe daude eredu, hertzainen eta Mikeleten ekintza historikoak.

Baina ba da ordua, 1936.ean kasu, euskal burjeseriak nola eraman dituen aurrera eskubideok azaltzeko, hau da, kapitalista haundien eta eliza atzerakoiaren alde, langile klasearen aurreramenduen kontra bere burua altxatuz; honekin esan nahi da, euskal autonomigintzaren barnean lorpen sozialak areagotu nahi zituzten langile arradikalduak zapaltzen zituela.

Hau honela, ba dugu ikusten zenbaitek hertzainen eginkizuna goraipatu duela, bai faxismo inperialistaren, bai basakeria anarkista eta komunistaren aurka dagoen indar gisa, bi hauek euskal gizarteaz kanpotikoak, beraz erdalduntzaileak, baitira.

Euskal burjeseriaren asmo honek ondorio guztiz atzerakoiak izan ditu ideologi arloan; zoritxarrez, abertzaletasun arradikalaren sail haundi batere kutsatu du, aldi berean burjeseria haundiaren desmasiei eta langile iraultzaren helburuei aurka egiteko berbertako burjeseria izan nahi handigurakoa (12) ezkutatu gogoz.

Mikeleteak berak ere erabili egin dituzte makina bat aldiz indar zapaltzaile gisa (13), honela bada, Valmaseda jeneral karlistaren 1840.eko altxamendua barrendatu, eta 1848.ean Alzaga jeneral karlistarena zanpatu egin zuen. Hau guztian orainera ekarrita, begirantza eta zanpatze eginkizun hauek ez doaz indar atzerakoien aurka, langile eta iraultzaile indarren baizik. Espainol Armadaren eta FOPen buruzagi eta ofizialeek gidatuta, zer espero ote litekeen, baina! Garaikoetxeak, bestalde, Estatutua onartu berri zela, su eta gar baieztatu ere zuen "ez dugula zipaioz osatutako hertzaintzarik nahi"; esan nahi da, "zipaio hertzainik", hots, Armada inperialaren ofizialeek gidatutako bertakorik batere ez dela izango. Entzuteko belarriak dituenak adi beza.

Txapeldun zein kaskodun edo txapelokerdun (14), herri honetako hertzaintza kapitalaren zerbitzutan egongo da; beraz, langileek haietaz guztietaz mesfidatu behar dute, beren erakundeen indartzearen alde lan egin eta klase-batasunean azkartu, hari berari burrukan egiteko.

J.M. Iriarte (Bikila)

1) Canal

2) Recuperación. Berriro eskuratu

3) Gora aipatuz

4) Koipe emailea. "Pelotero". Flatteur

5) Claudicación

6) Gehiegi

7) Multak jarri, "Amandak".

8) "..." Competencias extracomunitarias

9) Burrukak

10) Lur ebakian aterpetzea. Atrincherarse. Se retrancher.

11) Zauritu ezin. Invulnerabilidad

12) Megalómano

13) Modura

14) Txapelokerrak = Goardia Zibilak


Besteak

..."Se admite con impasible indiferencia, la intención de degenerar la palabra más sagrada para un patriota Vasco, como es la de Euzkadi, escrita con esa "S" importada maliciosamete, tras la muerte del ferrolano (o por lo menos yo, no la había visto antes)".

"He de manifestar como alderdikide, que me duele de verdad, el ver esa "S" infiltrada, en el nombre de nuestra PATRIA, y más aún, cuando la advierto en nuestros Euzkadis semanales, figurando por ejemplo últimamente, hasta en una reproducción de un Comunicado del Euzkadi Buru Batzar... El caballero que gritó Gora Euzkadi Azkatuta en el funeral de Don Manuel Irujo, lo dijo pensando en una Euzkadi con Z". Sabin Mikel de Larrazabal y Ruiz. Euzkadin.

***

"En una de esas pruebas que hacen los psicólogos en los colegios, se dice de mi hija, al menos eso pone en una nota final, que el aprecio y cariño que siente hacia su padre es mínimo, y creo que mi marido no se merece eso. Es, además de una buena persona, un buen padre... Pero la gente de esta región es la verdadera culpable. Los vascos, o al menos muchos de ellos, ven en los policías una especie de cosa rara, de monstruos verdes a los que es mejor matarlos, asesinarlos, que dejarles vivir en paz, tranquilos. Estoy segura que son las amigas con las que sale mi hija las causantes de ese sentimiento hacia su padre. Dígame, que mal hemos hecho? Mi marido y yo nos ganamos la vida honradamente... Sino quieren ser españoles que sean lo que les de la gana pero que nos dejen vivir en paz. Por mí que haya un referendum y si se decide que nos tenemos que marchar pues nos vamos. Que quieren ser otro país fuera de España, pues que lo sean, que nosotros ya nos marcharemos a España, donde, por lo menos nos aprecian y estamos con nuestra gente". Blanco y Negro-n Polizia batzuren emazteek.

***

 Irujoren heriotza dela eta: "Ha sido una gran pérdida para Euskadi y para Navarra". Urbiolak (HB). "Ha sido una gran pérdida para el País Vasco y para España" (EPK-PC) R. Lertxundi. "Fue un hombre poco sectario y por encima de todo era vasco" (E.E.) J.M. Bandres. "Fue un ilustre navarro en quien por encima de su militancia en el PNV primaba su amor por Navarra" (UCD) J.I. del Burgo.

***

"Creo que es una coalición a la que no se ha dejado estructurar y ha llevado una política absolutamente desmadrada. SALVO QUE AQUI no hubiera un curso político razonable, HB o cambia radicalmente o se va al garete". X. Arzalluz.

***

"Sabía que había un informe del Ministerio del Interior en el que se decía que Arzalluz era un infiltrado de Euskadiko Ezkerra, un izquierdista peligroso que estaba colocando gente en las fábricas, esperando su momento". X. Arzalluz.

***

"Si la langue et la culture basques ne concernaient que les quelques dizaines de milliers de Basques francais, elles seraient bientôt uniquement affaire d'éthnologues, ce dont ON PEUT SE FELICITER ou que l'on peut regretter. Mais il faut compter avec la renaissance du Pays Basque Espagnol comme avec un souci de plus en plus répandu chez les jeunes et les moins jeunes d'une singularité à la limite de L'EXOTISME...

Quoi qu'il en soit d'ailleurs, l'extrême difficulté de l'apprentisage de la langue et la modeste utilité quotidienne de sa pratique rendent peu probable son renouveau dans une région si débasquisée que le PAYS BASQUE FRANCAIS". Baionako Suprefeturak egindako dosier batetik aterata.

***

"Esperamos que el divorcio en España se resuelva de acuerdo con las enseñanzas del Papa y los obispos, auténticos delegados Cristo en la tierra". El Mensajero aldizkariaren artikuluburuan.

***

"Nuestras cuatro regiones históricas tienen un deber ineludible de solidaridad con doble vertiente: fomentar la fraternidad vasca y estrechar su solidaridad con los pueblos y regiones del estado español. Ambas son inseparables y han de construirse en libertad". Bultzagileak Goiz-Argi-n; "Euskal Aldizkaria".

***

"Ba duk auxe "xelebrekeri" galanta!: Euzkadi'ko marxitar guztiak Euskaltzaindiaren maitale itxuak ditugu! Danak: PSOE'tik eta PCE'tik asita, LKI ta ETA'raino. Danak: HB'tarrak; EE'tarrak, ORT'tarrak, EMK'tarrak eta baita CCOO'etakoak, UGT'koak eta CNT'koak berak ere, naiz azkeneko auek marxitarrak izan ez; baña euskaltzaindizaleak, bai.

Ez al da auxe "xelebrekeri" borobilla? Kontuz, ordea! Nik ez dut esan nai Euskaltzaindiaren maitale danak marxitarrak diranik; baña bai marxitar guztiak Euskaltzaindiaren maitale dirala; zenbat eta marxitarrago eta zenbat-eta anarkistago, orduan-eta Euskaltzaindiaren maitaleago. Zergatik ote? Zergatirik gabeko gauzarik ez bait da!" Latiegi'tar Bixente, Goiz-Argi-n.

***

Polizia autonomoaren atribuipenei buruz hitzegiten duelarik:

"Y para terminar, si no es usted nada de lo anterior, sino otra cosa bien distinta: UN TERRORISTA VASCO que nunca ha cometido atentado alguno fuera de Euskadi. A usted lo pillan con las manos en la masa, por una casualidad de esas que se dan, policías vascos. Era su primera intervención y no estaba usted reclamado anteriormente. En principio, durante las 72 horas previas a su paso ante el juez será la policía vasca quien le interrogue a usted y quien en su caso le aplique la ley antiterrorista. ERE.

***

Francisco Letamendia "Ortiz" para la prensa de Madrid, en su tradicional resumen de periódicos de fin de año se mete con ERE. No se le ha ocurrido decir ni más ni menos que además de las trampas que le han puesto al pueblo vasco con lo de los Conciertos y la Policía Autónoma, va ERE y pone otra más que consiste en designar a Arzalluz el político del año por su destacado papel... EL POLITICO NEUROABERTZALE en su afán de buscar una explicación racional a las cosas afirma que la inspiración de la trampa es eurocomunista. En fin, que es que hay quien no se resigna. ERE.

***

"No hay porqué tener miedo al bilingüismo, otros países como Suiza, Bélgica, etc, lo tienen implantado. Se deben poner los medios para conseguirlo pero desde que se está hablando de esto podía haberse conseguido ya." J.M. Satrustegi, Irrintzi aldizkarian.

***

"Al transferirse por la administración central al Gobierno de Vitoria muy amplias competencias normativas en el ámbito tributario, se transfiere también un cupo sustancioso de responsabilidad en el problema terrorista. Dicho de otra manera, la actividad del terrorismo afectará de ahora en adelante más directamente al PNV —Partido Nacionalista Vasco— que al Estado. O las acciones de ETA contra el Estado golpearán desde ahora con la misma contundencia al PNV. Porque el PNV exigía los conciertos como baza de triunfo ante ETA" El Socialista-n F. Abascal.

***

"El referendum sobre la incorporación de Navarra a Euzkadi es ya un fantasma. Afortunadamente hemos ganado esta batalla. Nadie quiere en serio el referendum. Para quienes hemos redactado y aprobado las bases de reintegración foral y de las instituciones forales, el referendum es rechazable sobre todo porque pone en cuestión todo lo que acabamos de hacer" Victor Manuel Arbeloa-ren deklarapenak.

***

VIA DE CONCILIACION

"Navarra, en primer lugar, debe buscar una vía de conciliación que posibilite la unión de los navarros frente al problema tan transcendental. Es preciso que quienes propugnan la integración en Euskadi encuentren suficientes satisfacciones desde la misma Navarra como para abandonar una postura que, en su formulación radical, supone la pérdida de nuestra personalidad y de nuestro protagonismo histórico. Pero es preciso también que quienes no propugnan la referida integración sean generosos a la hora de reconocer la inequívoca realidad vasca de parte de Navarra y sepan ofrecer, quienes están en la gestión pública de los intereses comunes, un diáfano ejemplo de equidad, honestidad y justicia que invite a todos a participar en la defensa de nuestra foralidad.

Para alcanzar este objetivo debemos, en primer lugar, dotar a nuestro fuero de un contenido solidario y progresista. La causa de Navarra fue abandonada por determinadas fuerzas políticas por la sospecha, históricamente fundada, de que mantener nuestra foralidad podía suponer una gestión interesada del fuero. Hay que conocer la realidad y hay que tener el valor de admitirla: en muchos casos, el; fuero ha sido privilegio de unos pocos. La obsesión que determinados grupos políticos han puesto de manifiesto en mantener una Administración foral de compromiso con el capitalismo y el caciquismo local alejó de la defensa de Navarra a la izquierda democrática. Por fortuna, ha bastado un giro de honestidad en la gestión foral para que este mal, generador en parte de nuestra actual división, haya sido corregido, y hoy, en Navarra, la izquierda democrática pueda sentir la foralidad como propia y comprometerse en su defensa. Xavier Moscoso. UCD, El Pais-en.


Gaiak. Eritziak

Erregea eta genozidioa

 Dela zenbait urte, egun historiko hartan, Joseba Elosegi bere buruari su eman eta gero, Estatuko buruzagiaren aintzinera jaurtiki zen diktadorearen oinetan eroriz. Francoren bisitarekin batera teatro eta komeria muntatu zuten boteretsuek, prentsa eta komunikabideak manipulatu, botere beraren mistifikazioa egin zuten. Hala ere, Euskal Herriaren izaera-nahia garbi erakutsita gelditu zen. Kulturan eta hizkuntzan eraitsita eta errautsetan zegoen herriaren nahia, aberriaz minduta zegoelako, ekintza heroiko hura esanguratsu bilakatu zen. Gaurko egunetan harmen indarrez, Euskal Herriari konstituzio bat inposatu zaio, harmen indarrez ere, batasunaren eta independentziaren eskubide galezinak ukatzen zaizkio, gagozkion xede eta helburuak ez dira kontutan hartzen, gure burrukalariak gogorrago zapaltzeko ez ba da. Baina azalezkoa aldatu da, eta aldatu denez, ez dut nik ukatuko egia hori. Aldaketa ttiki horiekin batera, beste batzu ere aldatu dira. Diktadorearen garaiko euskaldun haiek, botere mozkinetik bazterturik, gaur egun, oso koipetsu bilakatu dira, Espainiako burjeseriaren artaldera berritzuli dira. PNVko buruzagirik asko espainol-espainola da, negozioak dauden lekua, hara aberria. Hori kriston egia da. Horregatik eman diote lepoa Euskal Herri langilearen errebindikapenei. Putre gisa, Euskal Herri langilearen burrukaz, burjeseriaren helburu politiko propioak lortzeko baliatu dira.

 Sakona izan da izaerazko aldatze hau. Gaurdaino abertzaletzat kontsideraturik zegoen hainbat jendek, genozidioaren erantzule berbera, —ERREGEA— errege propiotzat hartu dute eta menpeko edo morroi leialen gisa, menpekotasuna, ohorea erakutsi diote. "Errege" deitu diote euskaraz. "Errege" etorri da", esan dute. Garaikoetxeak euskararen berririk asko ez duenez, —hor kasu, bere ebakiera eta ahozkatze guztiz erdalduna— zilegi da suposatzea Euskaltzaindiko Villasanteren batek (Hainbeste dago!) argitu dioela lehendakariari mugagabearen erabiltzearen arazoaz. Bai bada, Garaikoetxeak eta EAJk errege Propiotzat hartu dute, mugagabearen xehetasun ttikia ere zaindu dute. Abertzaletasunaren froga barik, espainoltasunaren froga ugari eman dute.

 Euskaltzaindiak bere aldetik ere, menpekotasuna adierazi dio. Orain bost urtetako legeztapena eskertu dio. Eta Villasante, zeini euskara baino lehendabizi erlijioa zaio garrantzitsu, erregearen aintzinean, gure "hizkuntza zaharraz" ari zitzaion.

Baina "la vieja lengua" hilarriskuan dago, eta ez dut uste koiperik ematen salbatuko denik.

 J.M. Satrustegi nafarrak dionez: "desde que se está hablando de bilinguismo mucho se podía haber hecho y poco se ha hecho". Bai, euskararen arazoaren onarpena, onarpen folklorikoa da, engainagarria, gizabidetsua.

 Hona frogak:

 1.- Hezkuntza arloan, ikastolako guraso batek hilero, haur eskolatu bakoitzeko, bataz beste, bost milen bat pzta. pagatzen du. Batzutan guttiago, askotxotan gehiago ere. Atera kontuak, bi edo hiru haur badituzu!!! Egoera horren aurrean, dudarik gabe, euskarazko hezkuntza aberatsen pribilegioa besterik ez da. Aintzina, latin eta grekerarekin gertatzen zen modura. Zenbait ikastoletan aberatsentzat soilik ez bada, guraso guztien sakrifizioei esker izaten ohi da. Baina ez gaitezen engaina. Euskal eskola publiko eta dohaina gehien gehienetan ez dago. Noizerako errebindikapen hau? Zergatik hainbat langilek behar du bere haurrak ERDAL ESKOLETARA BIDALTZEA? Haurrak euskara ikasi eta euskaraz eskolatu izatea nahi duten hainbat gurasok DIRUAREN INDARREZ ez du egiten ahal. GENOZIDIOA beraz, Francoren garaian bezalaxe dago.

2.- Kultura arloan, halabeharrez eta indarrez hamaika itzultzailek udal aktak itzultzen dituzten artean (inork irakurtzen ez dituenak) ez dago inolako itzultzaile-eskolarik, ez eta egiteko proiekturik, are guttiago kultura unibertsalen obrak eta liburuak itzultzeko inolako ardurarik. Argudia daiteke orain arte transferentziarik egon ez dela. Ongi, ez da egon; eta orain dagoenean, ZERGATIK EZ DAGO INOLAKO PROIEKTO SERIORIK! Non dago itzultzaile-eskola, non argitaletxea, argitaletxe publikoa, jakina? Egoera hilgarri honetan gaudelarik, euskaldunok eta ikastolako umeak bereziki, bigarren mailako hiritarrak gara euskal kulturak ezertarako balio izaten ez dielarik, mende honetako amaieran euskal langileriaren lekukotasuna emateko ez bada.

 A.E.K.koak eta euskal komunikabide idatziek, kalera urten behar dute diru eskatzera, eta dena kondatu behar denez, Gobernuaren subentzioa baino, handiago da kaleetan zehar atera zen diru kopurua.

 Gaur egunetan alfabetatzen ari diren 40.000 pertsona horiek ez dute hizkuntz-laboratoriorik, ez entzun ikusteko mediorik ez eta liburu, ipuin ala nobela egokirik kasu gehienetan. Soilik, metodo batzu, onak baina ez nahikorik. Ez dago irakasle-eskolarik, ez fonetika-eskolarik AEKn.

Zer esan genezake telebistaz eta irratiaz? Euskarazko katea bat eginen digutela? Baina zoraturik zaudete? Bi urte luze zain egon beharko dugu eta ez euskal telebista katea ikusteko. EUZKOA ikusiko dugu, hau da, VASCONGADASetako telebista ESPAINOLA; bertan % 20 edo, euskaraz izango delarik, agian. Labaien eta beste batzuk, deklarapenak eta elkarrikuskak direla eta, kaskoak berotzen ibili zaizkigu. Baina errealitate hor dugu. Eta irratia, zinea, teatroa? Zer nolako proiekturik? eta edasleak (locutores)? denak erdaldunak. Programazioak ehuneko larogeita hamarretan erdaraz. Cuadros de actores?, itzultzaileak? BATEREZ!

 Horrela segituz gero, euskara hilerrira doa eta berehala gainera.

 Ba liteke —beraien ustez— "egia logiko hori" hatzemateko, herria prestaturik oraindik ez egotea. Pixkanaka prestatu nahi dute. Euskal burjeseriari berdin dio euskararen asuntua, lanbide dute "sus negocios", ez besterik. Genozidioaren lehen kulpantak izan ez zirela esatearekin nahiko argudio izanen dute, apoiorik ez dute faltako. Problema larri hauen aurrean, batzuk koipea eman, eskua lepo gainetik pasa, eta abar egin behar dela erabaki dute. Beste batzuk hortzak eta gehiago erakutsi. Gauza guztietan bezala, honetan gehiago ere, harma guztiak erabili behar ditugu. Hemendik aurrera, Garaikoetxea eta bere gobernua izanen dira ere GENOZIDIOAREN erantzuleak. Bestela, has daitezela OBRATAN kontrarioa ERAKUSTEN.

T. Trifol


Akrostika