ANAITASUNA

1980.ko Maiatzaren lehen hamabostaldia

401. alea

60 pzta.


[AZALA]

• Idoneoen greba

• EUSKALTZAINDIAREN INKISIZIO GARAIA HELDU ZAIGU

• LEMOIZEN AURKA BUELTAKA

• ETSIPENA Euskal Herriratu zaigu

• SILVIO RODRIGUEZ: Herri askean, zoriontsua


AURKIBIDEA

3.- Aurkibidea

4.- Artikuluburua

5.- Agiriak

6.- Pelli Presa, gasteiztarra... K. Mendia

8.- Txomin Barulloren taberna. I.A.

10.- Idoneoen greba. I.A.

12.- Zarautzen Basarri omendu zuten Herritarrek. Sabin

14.- Etxaburutorre. J. Sarrionaindia

16.- Euskaltzaindiaren inkisizio garaia heldu zaigu. Santamañenekoa.

17.- Hamabost egun hankaz gora.

18.- Energia nuklearra. Batzuren iruzurkeria, besteen erantzunkizuna. M.J. Esteban.

19.- Lemoizen aurka bueltaka. P.Ugalde

20.- Berlin: Hiri bat orma batek zatiturik. M.J. Esteban

22.- Etsipena Euskal Herriratu zaigu. Mikel "Tar"

Bazkalondoan irakurtzeko. P. Salaburu.

23.- Bazkalondo batez kondari. A. Eguzkitza.

26.- Ikasgaia jokoa bihurtzen denean. Ekatxa.

28.- Anaitasunari buruzko inkestaz. J.L. Lizundia.

30.- Hans Hartung Pintorea. J. Sendagorta.

32.- Silvio Rodríguez "Herri askean, zoriontsua". Idazkuntza.

34.- Gramatika: Denak/guztiok. K. Santisteban.

35.- Bertsotan. Jabi

36.- Agur bero bat "Lepo gudariari". I. Egibar

37.- Postaz etorriak.

38.- Gurutzegrama.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

J. Llerandi, T. Trifol

GUIPUZKOA

A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, J. Azurmendi, F. Alaña, J.J. Bakedano, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J. Iturbe, M. Kaltzakorta, X. Kintana, S. Laffite, M.A. Landa, J. Mendizabal, J. Orbezua, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portu, K. Santisteban, J. Sarrionandia, J. Sendagorta.

LANKIDEAK

K. Arko, X. Gomez, J. Idigoras, L. Trask.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

Gorka Urrutikoetxea

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

Lemoiz gelditu

Mundu guztiko zenbait herrialdetan indar nuklearrez eztabaidatan dagoen bitartean Euskal Herrian Lemoizeko Zentralearen eraikuntzak aurrera jarraitzen du eta uranioa laster iritsiko dela dirudi. Diotenez, urtebetea baino lehen eginen dira probak generadoretako batetan.

1972. Iberduerok bere kontura eta lege frankistetan oinarrituz, Basordas-en Zentral Nuklear bat eraikitzea erabaki zuenean altxatu ziren horren aurkako lehen ahotsak. Hauek oraindik inork ezeztatu ez dituen arrazoiak aipatzen zituzten alegia: Zentralea ornitu behar duen ekipamendua egiten duten Herrian, E.E.B.B.tan, eskatzen diren guttienezko baldintzak ere (Seguritateaz etab. z) ez zirela betetzen Lemoizen. Hala ere, ordudanik ezer esan gabe egon, eta oraintxe hasi dira erakunde batzuk istripurik gertatuko balitz zer egin beharko litzatekeen ikertu beharko dela esaten.

Zazpi urteotan zehar herriaren sektore zabalek burruka baketsu erabiliz (jenderen bilkura handiak, manifestapenak, ibilaldiak, jaialdiak...) Iberduero salatu dute.

Indar nuklearraren aurkako batzordeek behin baino gehiagotan deitu diote hari eztabaidetara baina inoiz ez azaltzeaz gain ez du oraindik argudio seriorik agertu, egiten zaizkion salaketen aurrean.

Herriko sektoreen protestak aldiz, ez du orain arte ixiltasuna eta errepresioa besterik jaso erantzuntzat, Francoren heriotzaren ondoren ere, hori batere aldatu ez delarik. Erakunde politiko eta sindikal zenbaitek protesta hori babestu arren, Iberduerok eta Administralgoak berean jarraitzen dute.

Honela, eta Euskal Herriko komunikabide indartsuenek energia nuklearraren alde eta konkretuki Lemoizen alde jokatzen dutela ikusirik behean sinatzen dugun komunikabide talde eta langileok Lemoizeko Zentralaren obrak berehala gelditzea beharrezkotzat jotzen dugula azaldu nahi dugu.

Gelditze horren ondoren eta bertako langileek beste lanpostu batzu eskaintzen zaizkiolarik informazio kanpaina eta eztabaida zabala egin beharko lirateke eta behar izanez gero, kontsulta bat jendartean.

Horretarako berriro errepikatuko dugu ezinbestekotzat jotzen dugu Lemoizeko Zentralaren obrak gelditzea, oraindik inbertitzeko dauden 40 miliar alferrikako xahutzea ebitatuz. Beraz, guztiz bat gatoz duela urtetatik gure herri eta kaleetan entzuten den oihuarekin: Lemoiz gelditu.

Honengatik idatzi dugun ondoan aipatzen diren komunikabideetan argitaratuko den artikuluburu hau babes ematen diotelarik behean izenpetzen duten komunikabide eta langileek.

ANAITASUNA, ASKATASUNA, EL ECOLOGISTA, EGIN, ERE, PUNTO Y HORA, ZERUKO ARGIA.


Agiriak

Diapositiba Sariketa

Oinarriak

Diapositibak argitaratu gabeak izan behar dute.

Gaia: Librea.

Neurria: 24 x 36 (marko ttikitan sartuak).

Partehartzaileak: Araban, Gipuzkoan, Bizkaian, Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroan bizi direnak. Kopurua: Gehienez bi diapositiba,

Diapositibak, Berako "Gure Txokoa" elkartera bidali behar dira maiatzaren 24 a baino lehen, izena eta tituloa markoan idatzi eta.

Agerketa: Publikoa izanen da.

Sariak: 1.A: Euskal Besten oroitgarrizko domina.

2.a: Euskal Besten oroitgarrizko domina.

3.a: Euskal Besten oroitgarrizko domina. Bihurpena: Eskutitz zertifikatuen bidez eginen da.

Oharra

Izena ematerakoan ez da deus ordainduko.

Argazkiak, nahiz bidaltzean nahiz bihurtzean, hondatuko balira, antolatzaileek ez lukete horretan erantzuna eman beharrik izanen.

Juradoaren erabakia komunikabideetan argitaratuko da, eta partehartzaile bakoitzari ere abisatuko zaio.

Beran, 1980 Martxoaren 1 an.

Argazki Sariketa

Oinarriak

Argazkiak argitaratu gabeak izanen dira.

Gaia: Librea.

Neurria: Gutienez 18 x 24 (Kartoi batean jarriak).

Partehartzaileak: Araban, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Lapurdin eta Zuberoan bizi direnak.

Kopurua: Gehienez hiru argazki.

Agerketa: Ekainaren 1 tik 8 ra, "Etxe Ttiki"an (Alzateko emparantzan).

Argazkiak, Berako "Gure Txokoa" elkartera, Maiatzaren 24 a baino lehen bidali behar dira, izena eta tituloa gibelean idatzi eta.

Sariak: 1.a: Euskal Besten oroitgarrizko domina.

2.a: Euskal Besten oroitgarrizko domina.

3.a: Euskal Besten oroitgarrizko domina. Bihurpena: Eskutiz zertifikatuen bidez eginen da.

Oharra

Izena ematerakoan ez da deus ordainduko. Argazkiak, nahiz bidaltzean, nahiz bihurtzean, hondatuko balira, antolatzaileek ez lukete horretan erantzuna eman beharriz izanen. Juradoaren erabakia komunikabideetan argitaratuko da, eta parte hartzaile bakoitzari ere gaztigatuko zaio.

Beran, 1980 Martxoaren 1 an

Ermuko "Anaitasuna" Ikastola

Ermuko ANAITASUNA ikastolak datorren ikasturterako HIRU IRAKASLE behar ditu, Zientziak eta Filologia sailekoak bereziki.

Harremanetarako dei telefono hau eta galdatu ezazue Rodrigo.

Telefonoak:

(943) 171033 (ikastorduetan)

(943) 170742 (ikastorduetatik kanpo)

Iturri-Berri

Jakintza, Jolas eta Kirol

Elkartea

Iturriotz Ballara

OIARTZUN

Datorren Ekainak 7, larunbata, gaueko 10-etan eta Oiartzungo MADALENSORO pelota lekuan BENITO LERTXUNDI izango dugu. Jaialdi hau ITURRI-BERRI elkarteak prestatzen du.


Euskal Herria

Pelli Presa gasteiztarra... artesaua... eta euskalduna

Pelli entzutean, abelazkuntza Araban gainbehera doala erraz asmatzen da, "Idiburuko hauk, esaten digu, duela bi urtez geroztik hemen dira eta inork ez ditu erosten". Guri ere guzti hori arrotz gertatzen zaigula aitortu behar diogu, izen guztiak berak erakutsi dizkigu, guk bat ere ezagutzen ez dugularik.

A.— Zure bizitzari buruzko zenbait xede esango diguzu?

 P. Ni beste herritarren antzeko gizakia naiz, besterik ez, duela 40 urtez geroztiz ezkondua, 4 seme-alabaren aita, nekazaritzarako eskulanen bidez irabazi behar izan dut, zorionez, ene etxekoentzako eguneroko ogia. Egin ditudan ikasketak ez dira batere bereziak izan, lehenengo mailakoak baizik, gau-eskolan ezer gehiago ikasi banuen ere, ene ez-jakinduria ageri da.

A.— Zergatik ikasi zenuen euskara? Nola bilakatu zinen abertzale?

 P. Ene ustez euskaldunok gure gogoan oldar antzeko zerbait daramagu, ene barruko oldar horrek eskatu zidan: "izan zaitez zintzo asabengana! erantzun ezaiozu lehengo eta oraingo euskaldun deiari!, haiek, biziek eta hilek bide zuzena erakusten baitigute".

1945 garrenean, euskaraz ikasten hasi nintzenean, ia ez zen euskal kulturaren arrastorik, ez eta euskaltzaleak zabaltzeko giro politiko onik ere, bihozdun batzuk, beren etxeetan, erakusten zieten euskara abertzaleei. Euskara, Euskadiri bizia ematen dion sua da eta denok eraman gura genuen, gau luze haren zehar, lastargi hura, Garai hartan ez dut uste 10 euskaldun berririk ere ba zirenik, haien artean, ene irakaslea izango zena, Urrestarazu'tar Andoni jauna. Andoni ere arabarra da, Araiakoa hain zuzen, hark, bere etxean eta berorrek eginiko "Umandi" deritzan metodoaren bidez, ederki erakutsi zidan. Ni baino zaharragoa da eta orain ere ari da, lehenagoko kemenaz, irakasten. Honela egin nuen nik, bada, neure lehenengo ikastaroa.

A.— Gasteizen, aspalditxoko garaiaz eta euskal kulturaz hitz egiten denean, beti galdera bera bururatzen zaizu... Eta Odon Apraizekin, Euskaltzaindiarekin, ez duzu inoiz harremanik izan?

 P. Ez, horri buruz pasadizo bat baizik ez dut, behin batez Bilbotik eta itxuraz Euskaltzaindia aldetik zetorren Arruza izeneko gizon bat azaldu zitzaidan, "euskaltzain laguntzaile" izendatua nindutela adierazi zidan, lanean hasi beharko nukeen haiekin... baina geroztik ezer ez gehiago.

A.— Noiz ekin zenion irakasteari?, ikasle asko ezagutu al duzu?

 P. Aipatu bezala, 1945ean hasi nintzen euskaraz ikasten eta 54ean, 9 urte beranduago beraz, lehenengo mailako irakasteari ekin nion, joan diren 25 urte honetan 700 ikasle ezagutu ditut bataz beste. Hauetako batzuk, beren nahikaria handiaz batez ere, ondo ikasi dute, orain, berriz, haik ere irakasten ari dira, ereindako hazia sarri lur onean erortzen da! Eta neu ere beti ikasten ari izaten naiz, bai aberatsa dugun gure hizkuntza dela argi eta garbi ohartu naiz, ariz, ariz egiten baita bidea.

A.— Zer iritzi duzu oraingo giro kulturalari?

 P. Honi buruz bi mailatan emango dizut ene iritzia; orain arte egin duguna eta geroko egin beharra. Orain artekoa euskaltzaleok, euskara maite izateagatik egin duguna lan handia eta ederra izan da. Hor dira ikastolak, Euskaltzaindia eta euskara batua, inoiz baino gehiago idazten da, hitz egiten ere antzera... hori guztia ontzat hartu behar dugu. Txoko guztietatik, askotan ikuspegi ezberdinetatik ere baina gogo onez, herriak ahal izan duen lanik onena eskeini dio Euskadiri. Hala ere euskaltzaleok elkarrengana bildu beharko genuke, ez al gara anaien artean, ba? Izan gaitezen ahaleginetan ere elkarturik!

Geroko egin beharra... luzea eta zaila!, larrialdirik ere seguru aski, gauza asko eta asko behar euskara sendotu arte. Komunikabideetako jabetza, eman dezagun, lortu arte, bost ahalegin baino gehiago joango dira. Irakaskuntza ere berdin, noizko euskara eta euskarazko ikastaroak ikastetxeetan, unibertsitatean? Noiz hasiko da gure herria euskaraz berriz hitz egiten eta idazten eskuarki?

Euskal girorako zinezko aldakera honetan kontuz eta atseginez ibili beharko dugu, gizakeraz eta maitasunez jokatu beharko da. Inguruko bi erdal kulturak gure muinetan beretan sartuak ditugu, egunez eta gauez ari dira beren kultura guregan sartzen. Lan zaila hau aldatzea, noski!

A.— Eta giro politikoaz zer diostazu? Ba al da alde handirik Beltzaren pentsamoldetik zuregana. (Irakurleak ez bide daki Beltza, Pelliren semea dela)

 P. Laburki azalduko dizut ene iritzia. Euskal politikariak, nor bere aldetik joan arren, Euskadiren alde nahi onez badagite, onartzen ditut eta, ene ustez, euskal gizaki gehienok bezala, haiek ere "sorlekua" maite dute. Horregatik ez naiz beldur, gehiago oraino, gure Euskal Herria ez dela hilkorra ben-benetan sinetsita nago eta gertatzen zaiguna gertatzen zaigula, Jainkoak lagun, Euskadi guztia euskalduna izango da berriro ere. Ene semearen ideologia ez dut ongi ezagutzen, bestalde gure burua ere ezagutzen ez dugularik nola mintza besteenaz? Hala ere oso ederki konpontzen naizela harekin esango dizut.

Elkarrizketari amaiera ematen diogu eta Pellik dendan diren abelazkuntzarako tresnak erakusten dizkigu, gehienak berorrek eginak; abelgorrientzarako hedeak (1), burtedeak (2), idiburukoak edo "zapak" ("horrela deitzen diete Bizkaian" diosku). Abeltxerentxat (3) ere ba ditu beste zenbait, uhalak (4) edo "ugelak", berak bezala esatearren, sokak... Pelli entzutean, abelazkuntza Araban gainbehera doala erraz asmatzen da, "Idiburuko hauk, esaten digu, duela bi urtez geroztik hemen dira eta inork ez ditu erosten". Guri ere guzti hori arrotz gertatzen zaigula aitortu behar diogu, izen guztiak berak erakutsi dizkigu, guk bat ere ezagutzen ez dugularik. Abelazkuntzaz kanpokoak, horik bai, horik edonon ikusten dira, lastozko aulkiak, saskiak, ardo-zahatoak, eskuz jokatzeko pilotak, oinpekoak... pentsa dezakezun oro aurki daiteke hor. Gasteiztarren artean zinez ezaguna den "Sotera Presa" deritzan dendara inoiz sartzen bazara, tresna guztien artean adineko euskaldun berri umoretsua den Pelli Presa topatuko duzu, ordu horretan euskal eskolarik ez badu behintzat!!

Kepa Mendia

1) Correas, Courroies

2) Buru + hedeak

3) Ganado lanar

4) Correa, pulsera / Courroie, chaîne (de la montre).


Euskal Herria

Txomin Barulloren taberna. Kafe zahar berri bat

Gauza askotarako jendeak egingo duena izango da "Txomin Barullo". Beraz, euskal munduaren jendea etorri ahal dela pentsatu dugu, nahi badu behintzat, giroa montatzen. Zera esan nahi dut, taberna bat ez dela, ez euskalduna, ez progresista, ez kultura aldekoa, taberna izateagatik, baizik eta tabernan dagoen jendeagatik eta lortzen diren eztabaida eta aktibitateengatik. Orduan ba nolabaiteko dei bat, zabalik dagoela edozein pertsonari.

Bilboko Barrenkale kalean, oso herri girokoa bera, eta 40.zenbakian "Txomin Barullo'ren Taberna" ireki berri dute. Taberna izena izan arren, ez da taberna arrunta, eta horrexegatik hain zuzen ere izan gara "Txomin Barullo" konparsakide batekin solasaldian, beraren berezitasunak azal diezazkigun, delako konparsa horrexena baita lekua.

ANAITASUNA.— Nola sortu zen holako leku bat egiteko ideia?

 TXOMIN BARULLO. Beno, lekua behar genuela izan da planteiamendua, sede sozial bat. Beste konparsa batzuk egin dutena, eta ondo iduritzen zaigu, udako jaietako txosnak berriro egitea izan da, ez da?, txosna antzeko taberna batzuk zabaldu dituzte. Guk planteatu genuen lehenengotan txosna moduko zerbait egitea, baina gero gehiago pentsatuz, zentzu gehiagoko gauza bat egin nahi genuen, eta orduan hasi ginen pentsatzen ba, Bilbon tabernaren krisis handia dagoela, eta gainera batez ere pub moduko lokalak ugaritzen ari direla, eta taberna eta kafetegi klasikoa galtzen ari dela; orduan planteatu genuen holako erdi taberna klasikoa baina zentzu progresista batekin, hots, lekua nahiz eta pixkat klasikoa izan, leku trankila —ez dugu lortu baina vamos—, zarata guttikoa... progresismoa ez eman lekuagatik, pertsonengatik baizik. Horretara ba planteatu genuen kafetegi bat egitea, kafetegi eta taberna, gauza biak batera. Beraz aurreko partea taberna daukagu; taberna nahiko klasikoa, apur bat modernizatu dugu, argiak eta horrela, baina bestela lehen zegoen moduan utzi dugu, eta beste aldean kafetegi bat egin dugu.

A.— Zuk uste duzu lehen Bilbon tipikoak zirela holako lekuak? Adibidez, "Iruña" nere bi parte zeuden, bat taberna zena eta bestea kafe antzekoa.

 TX.B. Bueno, bai izan dela tipikoa baina geure problema ez da tipikoa, izatea, e? Kafetegiek Bilbon beti eduki dute zentzu elitista, eta batez ere tertulia kultural oso elitistak eta montatu ziren lekuak izan dira. Guretzako planteiamendua orain zentzu hori kendu baina lekua mantentzea izan da. Orduan bai, tipikoa izan da Bilbon modu hontako taberna, baina Barrenkalean ez. Barrenkalean egin dugu ba "Luziano" zelako eta Luziano" ere gauza tipikoa zelako Bilbon, eta guk ez ba dugu hartzen, igual ba banko bati edo, saltzen diote, "Patxo" eta hoiekin egin duten moduan, eta ez dago eskubiderik holako lekuetan bankoak eta ofizinak zabaltzea. Horregatik hartu dugu hau.

A.— Nondik atera dituzue mahaiak eta aulkiak?

 TX.B. Oholak, hormako tablero guztiak, eta aulkiak "Patxo"nekoak dira. Mahaiak "Bulebar"-renekoak. Alde batetik politak direlako eta itxura atsegina dutelako, eta onak direlako ere bai, baina beste alde batetik, batzearren ere apur bat, "Patxo" eta "Bulebar"rean orain banku bi baitoaz, ez da?

A.— Kafe guztiak itxi dituzte errentagarriak ez izateagatik. Ez duzue hor arriskurik ikusten?

 TX.B. Gure problema ez da errentabilitate handi bat lortzea, eta benefiziorik edukitzea ere ez. Gure planteiamendua zera da: pertsona batzu ipini ditugu fixo, lau pertsona, hoien soldatak pagatzea, eta gero apurka apurka hemen egin dugun obra amortizatzea, oso garestia ez dela izan, geuk egin dugulako lan gehiena. Orduan, noski ez dela oso errentable negozio moduan, baina gure moduan bai; guk nahi dugun errentabilitatea errentabilitate kulturala da eta ez ekonomikoa.

A.— Nolakoa izan da, edo izango da, jendearen erantzuna, eritzia?

 TX.B. Oraingoz jendearen erantzuna da apur bat ba sorpresa eta nobedadea.. eta nobedadea denez hona dator; baina guk nahi genukena da nobedade hori apurka apurka baztertzen doan bitartean, ba giro bat sortu, jende habitual bat izan hemen, ekintza kulturalak eta. Kultura zentzu zabalean, ez kultura intelektuala bakarrik, baizik eta era guztietako kultura. Apur bat honi lagundu. Ez dakigu jendeak horri erantzungo dion ala ez. Orain erantzun dio taberna gustatu egin zaio, taberna polita da eta hona dator.

A.— Bai, eta kultura arlo edo eremu horretan ekintzarik egin duzue orain arte?

 TX.B. Bi egin ditugu. Herenegun egin genuen Sartreren omenaldi moduko eztabaida bat. Jende asko etorri zen, beharbada larregi ondo egiteko. Eta atzo utzi genien EHGAMekoei liburu presentazio bat egiteko. Hori da orain arte egin dugun bakarra.

A.— Ba daukazue ezer gehiago egitekotan?

 TX.B. Bueno, gure asmoa astero zerbait egitea da. Orain, bai, egitekotan gauza asko daukagu. Euskal kultura oraindik ez dugu ukitu. Sartre kultura unibertsala da, eta EHGAMeko problema Euskal Herriko problema da, baina vamos, esan nahi dut euskal kultura bere euskararen planteiamenduan. Orain hasiko gara. Gero asmoa ez da bakarrik arlo hoietan aritzea, baizik eta adibidez gastronomian ere zerbait egingo dugu, zerbait nahiko konkretua: hilero behin egingo dugu gastronomia-egun bat. Eta gero beste ideiak, sortzen diren moduan. Orain arte nahiko okupatuta egon gara taberna zabaltzen; orain hasi gara apur bat pentsatzen egingo dugunetaz.

A.— Elkar hizketa osoan pianoa entzuten egon gara. Zer dela eta pianoa?

 TX.B. Etortzen den jendeak jotzen du. Pianoa zabalik dago edonori. Baina musika ere zaintzeko asmoa ba daukagu; musika sartzeko jendea ekarri dugu —ba daude batzu pentsatuta—, baina ez jaialdi moduan noski, musika planteiatu eta debate moduan baizik.

Gero teatroa ere planteiatuta daukagu; horretarako behar beharrezkoa daukagu, daukagun ezenario ttiki hori. "Sketch" batzu... ba dabil hortaz Juan Carlos (Eguillor) eta baten bat prestatzen...

A.— Eta "Llévame al batzoki" aldarrikatu hori, zer da?

 TX.B. Hori Juan Carlosek prestatu duen teatro obra ttiki bat da. Idatzita dago, baina jendea behar da eta entsaiatu...

A.— Beste gai batetara pasatzen, problemarik izan duzue hauzokoekin?

 TX.B. Hauzoko jendearekin? ez, problemarik ez, guztiz alderantziz gainera; nahiko lagundu gaituzte, eta oraindik harreman onak dauzkagu. Gero, zarataren aldetik insonorizatu egin dugu, "fibra de vidrio" sartu dugu.

A.— Hauzoan nahiko jende zahar bizi da, ez da? Ez duzue uste oso leku aproposa izango litzatekela haientzat?

 TX.B. Hori uste dugu. Ondino jende zaharra ez da asko etortzen, edo etortzen dena txikitero modura, kafetegi moduan ez. Ez dakit zergatik, gure planteiamendua hori da, hemen gauez giro nahiko gaztea egoten da, baina egun osoan jende nagusiarentzat ere baliagarria izatea batez ere nahi dugu. Kontutan eduki behar da "TXOMIN BARULLO"ko jendea nahiko nagusiak garela.

A.— Zer ordutan ireki eta ixten duzue?

 TX.B. Hau zabalik egoten da gutti gora behera goizeko 11,30etatik gaueko ordu batak arte.

A.— Nire aldetik ez dago galdera gehiagorik, zeozer nahi baduzu gehitu...

 TX.B. Zerbait bai, gure planteiamendua oso zabala dela, eta orduan honi ematen diogun nortasuna ez dela lekuaren nortasuna, pertsonena baizik; orduan, gauza askotarako jendeak egingo duena izango da "Txomin Barullo". Beraz, euskal munduaren jendea etorri ahal dela pentsatu dugu, nahi badu behintzat, giroa montatzen. Zera esan nahi dut, taberna bat ez dela, ez euskalduna, ez progresista, ez kultura aldekoa, taberna izateagatik, baizik eta tabernan dagoen jendeagatik eta lortzen diren eztabaida eta aktibitateengatik. Orduan ba nolabaiteko dei bat, zabalik dagoela edozein pertsonari.

A.— Eskerrik asko.

I.A.


Euskal Herria

Idoneoen greba

Bi hilabete luzetan euskal irakasle idoneoak greban egon dira zenbait errebindikapen lortzeko asmoz. "Idoneoak" maisu edo lizentziatu ez izanik (karreraren azken kurtsoetako ikasleak dira) euskal irakasle modura eskolan aritzen direnak dira hain zuzen.

Gabonak pasatu ondoren hasi ziren idoneoak eskabide multzo batez eztabaidatzen, eta era berean E.K.N.arekin elkarrizketatu. Eskabide hauei irtenbidea ematen saiatzeko koordinakuntza beharrezkotzat jo zuten, nominen irregulartasunaren zergatia batez ere ezagutzearren eta Urtarrilean izan zen erretentzioarena ere, bai. Erretentzio horren aurka burrukatzen erabakitzen dute, zeren uste baita kontratuak urtebetekoak izan behar direla, eta ez hamar hilabetetakoak. Problema larriak, punto honi buruz, Bizkaian bakarrik daude, bertako Delegazioan idoneoek urteko kontratuak egin zituzten eta (Irailaren 17. fetxarekin), baina gero fetxaz aldatuta izan ziren, eta Irailekoa kendurik, Azaroko fetxa jarri zuten Delegazioan edo eta Madrilen, Irailekoa ipintzea beraien huts bat izan omen zela esanez. Hau dela eta, Martxoa eta Apirilaren zati bat kobratu gabe gelditu ziren, Irailaren erdia eta Urria kobratu zituztela lan egin barik aitzaki bezala aipatzen zutelarik Delegaziokoek.

Baina hau, ekonomi problema, ez zen puntu bat baino besteen artean. Beraz, Bizkaia eta Gipuzkoako idoneoak grebara irten ziren Martxoaren 13an, honako errebindikapen hauekin:

- Urteko kontratua eta Irailean.

- Estabilitatea (irakaskuntzan jarraitzeko posibilitatea, ikasketak bukatu ahal ditzaten).

- Esklusiba (beste maisu eta irakasleak duten ordu bete bat egunero klaseak eta, prestatzeko: ordainduta noski).

- Euskara irakasteko egoera material ezinbestekoa: ikastaroak, plangintza, diru-presupostua...

Eskabide hauen arrazoiak azaltzen saiatu dira eskoletako klaustroetan, Guraso Elkarteei, eta herriari, idazki, bilera eta abarren bidez.

Bestalde erakunde ofizialetara ere zuzendu dute zenbait ekintza: hertsialdiak Delegazioetan, Diputazioetan, E.K.N.aren egoitzean... Erantzunak beti ezezkoak ziren, eta batzutan, Bizkaiko Delegazioan esate baterako, zigorren mehatxuarekin, edo zigorrekin (Gipuzkoan egun bateko soldata kendu zieten, eta bederatzitakoa kentzeko asmoz).

Idoneoak, euskararen pailaso?

Azkenez, pailaso modura trataturik sentitzen zirenez, pailaso jantzita manifestatu ziren Bilbo eta Donostiatik, kalez kale musika jotzen, informazioa zabaltzen eta teatroa egiten. Holakoxea zen abesten zuten kanta:

Pailaso jantzirik

gatoz zuengana

oraindik ez dugu eta

jaso erantzuna

honela jarraitzeko

ta izateko lana

zirko bat montatzea

izango da onena.

Denbora pasa eta

oraindik ixilik

inork ez digu egiten

guri jaramonik

tartean ikasleak

klase euki barik

baina gure negarrak

ez zaie axolarik.

Azkenean, berarekin behin eta berriro egon ondoren, Apirilaren 29an Batzorde Mixtoak erantzun baikorrago bat ematen die idoneoei, honako kriterio hauekin:

1.- Idoneo izaera deuseztatuz joatea euskararen hobekuntzarako, ahalik eta gehien maisu elebidunak sartuko direlako.

2.- Beharrak kontutan hartuz, Batzorde Mixtoak proposatu du kriterio bezala aurten lanean dabiltzanak kontratatuak izatea.

3.- Gainera idoneoen kopurua handitu behar balitz, Magisterioko hirugarrengoak bakarrik hartuko dira.

4.- Titulugabekoei buruz Batzorde Mixtoak behar diren gestioak egingo ditu Hezkuntz Ministeritza eta Euskal Gobernu aurrean, denbora bat jartzeko bost urtetakoa edo, bitarte hontan karrera bat bukatu ahal izateko.

5.- Titulurik eza eta era berean ikasketak egiten ari direla kontutan hartuz, Ministeritzak "dedicación plena" delakoa bakarrik onartzen du.

Organismo konpetentean aurrean ondorengo puntu hauek ere gestionatzera konprometitu ziren:

- Kontratoak Irailean egitea.

- Lan taldeak eratzea materiala prestatzeko.

- "Dedicación exclusiva" delakoa.

- Kontrato doblearen arazoa. (Zenbait eskoletan kontratu batekin bi pertsonek egiten dute lan; batek goizean eta besteak arratsaldean).

Idoneoek horrela Apirilaren 30an greba bukatzen dute, baina koordinaketak, jarraituko du, erakunde ofizialen prozesua hurbildurik segitzeko, airean gelditu diren puntuak nondik nora dabiltzan jakiteko.

Ez dute lortu zor dietena jasotzea, baina bai ostera oso garrantzitsuak diren beste zenbait eskaera, hala nola beste batzuren artean datorren urterako estabilitatea, kontratoa Irailean egitea, materiala prestatzeko taldeak eratzea, e.a. Guzti honegatik greba fruitudun eta positiboa izan dela esan dezakegu. Gainera beste gauza batetarako balio izan du, idoneoak elkar ezagutzeko eta elkarren artean harremanetan sartzeko.

Idoneo eta euskal irakasleen artean ere arazo berdin asko dago, eta horietan elkarrekin saiatu beharra dutela diote, eta oinarri sendoak ipini euskara eskoletan sar dadin eta ondo, Euskal Eskola Publikoari bidea zabalduz.

I.A.


Euskal Herria

Zarautzen Basarri omendu zuten Herritarrek

Zarautzen, Apirilak 20an Basarri bertsolaria omendua izan zen.

Zarautzeko "Santa Marinako Gazte ta Zarrak" taldekoek eraturik, Iñaki Eizmendi bertako den bertsolariari omenaldi bat eskaini zioten.

Goizeko 10,30etan hasi ziren Herri Meza batekin, Santa Klarako hauzoan. Bere hauzoan, hain zuzen.

Meza ondoren, txistulariekin kalejira batzu egon ziren. Baina denok espero genduena 12etan iritsi zen. Jaialdiari "Inurritzako Dantza Talde"koekin hasiera eman zioten. Aurreskua eta beste euskal dantza batzu ere dantzatu zituzten. Ondoren Artetxe jaunak, gai jartzaile eta aurkezleak sarrera bat egin zuen Iñaki Eizmendi "Basarri"ren bizitza eta izana adieraziz.

Hamabi t'erdietan gutti gorabehera hasi ziren bertsolariak kantatzen. Jaialdi honetan parte hartu zuten: Amuritza, Mattin, Lizaso, Etxeberria, Lazkao Txiki eta Lasartek; Laja eta Iturbide trikitilariak ere parte hartu zuten.

Bertan zeudenak

Omenaldian hainbat kultur jendea ikusteko aukera ere izan genuen. Haien artean Aita Manuel Lekuona, Imanol Olaizola "Uztapide", Iñaki Linazasoro, Antton Haranburu, Juan Jose Gonzalez-Txabarri, beste askoren artean.

Aurretik ere giroa susmatzen zen

Egia esan behar bada aspalditik agertzen zen Zarautzen giro handi bat, Basarri omendua izango zela jakitean, eta Xabier Amuritza ere ba zatorrela. Eta agertzen zen susmo hori egia bihurtu zen. Ez dakigu zenbat jende zegoen Herri Mezan, baina Zarautzeko Herri Pilota-lekua topeetaraino beteta zegoen. Hiru mila bat pertsona bilduak ziren bertsolariak entzuteko. Euskal Herriaren herri guztietatik agertu zen igande horretan jendea Zarautzen.

Jaialdia

Saioari hasiera emateko, banan banan lehenengo "etorria" kantatu behar zuten. Ondoren bikoteka gai batzu kantatu behar, gero hirukote biak, batak gai librea puntutan eta besteak gai jarria hiru bertsotan. Eta bukatzeko "agurra".

Gero Basarriri opariak emango zioten "Santa Marinako Gazte Zarrak", Zarautzeko Udaletxea, EAJ, Zarautzeko Kirol Elkartea (ZKE-CDZ) eta "Goiz Argi" aldizkariakoek ere. Amaiera bezala Jauregik ere bere bertsoak bota nahi izan zituen. Eta Uztapidek idatzitako bertsoak ere irakurri ziren.

Bertsolariak

Bertsolarien saioa, aurrean esan dugun bezala, 12,30etan hasi zen. Normala denez kasu hauetan, ongi etorriarekin hasi behar zuten. Banaka deitzen zioen Artetxe jaunak bertsolariei. Eta Lizasok saioa zabaldu behar zuenak, bi bertso hauekin bukatu zuen bare saioa "mila zorion Basarriri / eta mila zorion Zarautzi". Ondoren Amuritza, bera izan bazen onena, ez zitzaigun posible izan osorik hartzea. Mattinek "zoriona eskaintzen diot / Basarri laguna denari". Etxeberria Oriotarrak Zarautzi buruz egin zuen. Lazkao Txikiz "gurekin gorde zaitzala / Basarri apala". Eta Lasartek kanpotik datorren bat bezala, herriari agurtu zion.

Ondoren Artetxe trebeak binaka hartuz gero, hiru bertsotan kantatu behar zituzten ezarri zizkien gaiak. Lehenengo parea Lizaso eta Etxeberriak osatu zuten, gai honekin "Ur ontzi bat erosi duzue". Eta orain arte gauzak ondo joan dira, baina aukeratu behar duzue untziburu, patroi nor izango den. (Ez dakigu batek ala biok izan nahi duzuen ala ez)".

Bigarren bikotea Mattin eta Amuritzak osatzen zuten, hurrengo gaiarekin: "Biok lapurketa bat egitea erabaki duzue. Dena konpondua dago. Noiz eta nola izango den. Baina nor lehenengo sartu? Hori erabaki behar duzue". Saio oso polita benetan, eta nahiko berdindua. Batak besteari, elkarka izugarriak botatzen ziren. Uste bazenuen gehiago ez zela posiblea, besteak ordea albotik ihesten zuen.

Hirugarren parea Lasarte eta Lazkao Txikik osatu zuten. Hauei ezarri zien gaia "Zuen biotatik batek Ministro izan behar du Euskal Gobernuan" izan zen. Eta han egon ziren bata besteari, berak hortarako ez zuela balio, baina ondo hartuko zuela bestea Ministro izango bazen eta bera Diputatu.

Bigarren gaia, banaka eta hiru bertsotan holako gaiarekin kantatu behar zuten, Lasartek "Nekea", Lazkao Txikik "Bihotza", Lizaso "Eguneroko ogia", Etxeberria "Gizona", Amuritzari "Lana", eta Mattini "Zarautz". Trikitilarien saio baten ondoren hirugarren gaia bi hirukoteek kantatu behar zuten. Bata Etxeberria, Lazkao Txiki, eta Lasartek osatzen zuten, eta puntutan gai librea kantatu behar zuten.

Bestea Lizaso, Amuritza, eta Mattinek, hiru bertsotan "agindu bai, baina eman ez" gaiari egin behar zioten.

Bukatzeko, hiru bertsotan ere "agurra" kantatu behar, baina lehen egindako txanda aldeantziz eginez. Hots, oraingoan atzetik aurrera: Lasarte, Lazkao Txiki, Etxeberria, Mattin, Amuritza eta Lizaso.

Ondoren lehen aipatu dugun bezala opariak jaso zituen Basarri bertsolari omenduak.

Jaso ondoren hitzetan jarri zen "nik hitzegingo dut, baina bertsoak eginez". Eta horrela egin zuen.

Gero jauregik ere bertsoak bota nahi zituela eta, bereak bota zituen. Honen atzetik Zarautzeko "Santa Marina kaleko den Patxi "pelukeroa"k ere bereak botatzera errubedazko aulkian igo zen. Uztapideren eskaintzaz, Artetxek irakurri zituen hark hortarako idatzitako bertsoak.

"Ene Zarautz Maite" Basarriren bertsoak abestuz amaitu zen omenaldia, hurrengo urtean Uztapide omenduko dutela aginduz.

Ondoren ohizko bazkariarekin bukatu zen eguna.

Sabin

***

Zarautz kutunari kantu agurra

Ene Zarautz maite

Nere amets laguna

Kantuz datorkizu

Ainbat maite zaituna.

Ain zera kutuna

Garbi ta txukuna

Gure alaitasuna...

Lore usaiduna

Indar daukazuna

Parerik ez dezuna!

Zeure zaindaritzat

Daukazu «Talai mendi»

Bestetik «Pagota

Otoizka Goi Jaunari

 «Barbara'n» gaiñ ori

Torre Eiffel dirudi,

Bi pausora Getari...

Itxasoko begi

Or dezu Molarri

Guzion zoragarri!

Kanpotar milakak

Bixitatzen zaituzte

Geroz ta geiagok

Nik alaxen det uste!

Etortzeko triste

Zu gustatzen ainbeste...

Zugana nai dute

Aitortzen digute

Oberik ezpaidute!

Lur ontan ezta ez

Indartuko arantza

Beste moduzkoa

Da guk degun baratza.

Zarautz'tar neskatxa,

Maitetasun utsa

Balio dun dirutza...

Eder du gorputza

Aingeru izkuntza,

Atoz bada Zarautz'a!!

Basarri


Euskal Herria

Etxaburutorre

Durangotik Gasteiza goazelarik, Izurtza igaro orduko eta Mañarira sartu baino lehen, bidearen eskubitara, Mugarrako haitzak gerizpatzen duen harantxo baten barrukaldean Etxaburu Dorretxea —Etxaburutorre— zutitzen da harkaitz baten gainean. Itxura hotz eta oldartsuko dorrea, zeinek naturaren eskuetan deslai egon arren bere izaera sendo eta lerdena gordetzen baitu.

Ihez Herri Batasunako proposamendu bati esker zati historiko txit bizia berreskuratu zen, UCD, PSOE, EE, eta EAJren botuekin. "Euzkeldun-Batzokija" zegoen etxe hartako balkoia hain zuzen. Bilboko "Posta" Kaleko etxe horretan lehen aldiz euskal ikurrina altxatu zen lau aizetara. Etxe osoa berreskuratu ezinean, nolabait konformatzeko, balkoia salbupean ipini zen. Proposamena oso politikoa, polita eta komodoa zelako denek onartu zuten horrela. Beste gauza bat izan litekeen adibidez, etxe bera berreskuratzea eta ber-bertan euskal kulturaren aldeko antolakunde bat egitea.

Oraingo honetan, gure denon historiaren zati eder bat lurpera doakigu pixkanaka eta inongo UDALBATZAK edo DIPUTAZIOK ez dio guztioni oztoporik ipintzen.

Idazkuntza

Dorretxe honek, harkaitzean oinharritzen den arku baten gainean eseririk egonik, oin (2) errektangularra du. Beraren harresiak, huntz sarriz estalirik, har-landuez, (3) sillarejo harlanduez, eginikoak dira, oinharrian metro bateko sendoera jadesten dutelarik. Egun, bere garaiera 12 metrotakoa da; ekialdeko eta mendebaldeko aurpegiek (4) 5 metrotako zabalera dute eta hegoalde eta iparraldekoak 13 metrotakoa.

Arku-zorrotz (5) formako ate bakarra du, eta bera mendebaldeko aurpegian kokaturik. Bertara harmailez eginiko aldapa bat igonik ailegatzen da. Ate-gainean zirrikitu (17) bat dago, eta beste harresietan (6) defentsa itxura argia duten zenbait leiho-zorrotz. Ekialdeko aurpegian oraindik bi harburuek diraute eta harresiaren goikaldean huntzak erdi izkutaturik dituen sei kaneziloek ere. Barruko egiturak aldaketa asko jasan du, baina nabarmenena etxeazpiarena da, zein pasabide hestu batez harkaitzetan zabaldurik dorretxea hegotik iparrera zeharkatzen duen hartzulotxoarekin komunikatzen baita.

Etxetorre, inguruko baserritarrek zeritzaten moduan, egin zuten garaiko data fidakorrik ez dago, eta ditugunetan errealitatea eta asmatutakoa nahastu egiten dira.

Tradizioak dioenez, Antonio Enperadorearen denboretan, gaur egun dorretxea ezertzen den harkaitzean, eskualde osoa bildurturik zuen basurde izugarri batek bere habia zuen, inork ez baitzuen hiltzeko ausardiarik. Baina holako batean Etxaburuko Lope Odino jaun kementsuak denok desiaturiko eta amestutako ekintza burutu zuen, eta balentria honen oroimenez, jaun berorrek, aipaturiko harkaitzera, bere sortetxea eraman zuen. Kondatzen dutenez, jaso zen eraikuntza gaztelu sendoa ei zen, zeinen azpian, harkaitzetan, gizonek zaldiz ibiltzeko moduko barrenbidea (7) zabaldu baitzuten. Etxaburuko gazteluak inportantzia handia ukan omen zuen Ataulfo erregearen sasoineraino, noiz inguratu eta lurjo baitzuten bere ugazabek geroxeago berreraikitu zutelarik.

Guzti hori herri asmakizunak dioskuna. Zer ote dute egiazkorik? Guk ez dakigu. Baina zaldunak basurde izugarria atakaturik demostratu zuen balentria Etxaburuko harmarrian moldaturik dugu. Harrez gero Izurtzako herriak beretzat hartu harmarri (8) hori.

Historia idatziaren hildoa jarraiturik, Salazarreko Lope Garcia jaunaren "Las Bienandanzas y Fortunas" (XV. mendeko kodizea berau) izeneko obra kontutan harturik, Etxabururen askazia (9) Ibarguen zeritzan askazian du sorrera. XIV. mendearen azkenaldian Etxaburuko jauna Arandiago Lope zalduna da, eta honi bere semea, Etxaburuko Juan Lope, zerraion, Errege katolikoen sasoinan Etxaburuko Otso Lope zeritzana zen bertako jauna.

Ahaide Nagusien arteko gerrateetan etxaburutarrak jokatu zuten eginkizunari buruz ez dugu berri askorik. Ba dakigu Ganboarrekin batera burrukatu zutela. Baina gehiagorik ez.

Trastamarako Enrike IV.aren aginpealdian (1454-1474) Bizkaiko Anaiteria zeritzan erakundeak agindurik dorretxea, lehen pisua izan ezik, lurra jo zuten. Errege Katolikuen garaian, beraieK holako gordetokien (10) eraiketak galerazi, debekatu zituzten, eta jaun bihurrienei atzerrira erazi zieten mairuen kontra burrukatzera, eta horregatik aise uler dezakegu Etxaburuko Otso Lope jaunak Granadako konkistan esku hartu zuela. Etxaburuko Estibalitzen senarra zen Ibarguengo Sancho Lopez jaunak XVI. mendean berreraiki zuen, berreraiketa hau antzinakoa baino bigunagoa izan zen, eta beraren kanpoko egitura gaur egun ikus dezakegunaren antzekoa zen.

Buniel markesen artxiboan 1550. urteko Apirilaren 7an Etxaburuko Pedro Basozabal jaunak Oliten emaniko testamentua gordetzen da, non jartzen baitu berak eta bere emazteak, Etxaburuko Marina Perez, zituzten Maiztergo, (15) Lokarria (16) eta osatzen zuten ondarea: (II)

- Etxaburuko dorretxe eta sortetxea, Izurtzako San Nikolas deritzan Elizaren diru nagusitza eta guztiz, zeinek ematen baitzion ugazabarentzako egoitza (12) hilobia, harmarria eta beste antzeko hainbat eskubide.

- Leizartzako dorretxe eta sortetxea, berak zuen Etxaburuko askaziaren harmarriarekin.

- Behekotorre izeneko Izurtzako dorretxe eta sortetxea.

- Izurtzako ola eta ondoko etxea.

- eta abar.

Testamentu honek, nahiz eta botere zentralak kolpe ederra eman Ahaide Nagusiei, ez du zalantzarik sortzen Etxaburuko askaziak agertzen zuen botereari buruz, botere ekonomikoari buruz, gutxienez.

Etxaburuko sortetxetik gizakume ospetsu eta ezagunak sortu dira, zeinek hola edo hala bere sasoineko historia kulturalaren edo politikoan esku hartu baitzuten. Askoren artean ondoko hauen izenak aipa ditzakegu Etxaburuko Juan Lopez Durangoko Merinaldearen ordez Gernika eta Gerediagako biltzarretan diPutatua zena, eta Merinaldeko diruzaina ere berau; beronen semeak, Tomas, Juan eta Diego; Etxaburuko Tomas LoPez, Santiagoko zalduna eta Gipuzkoako Untziteriaren (13) burua izan zen 1643.urtean; Etxaburuko Juan Lopez, zein 1597. urtean jaio baitzen, Flandesen tertzio espainiarren "Maestre de Campo" zeritzana eta Erregeren batzordekidea, eta aurreko bien anaia izan zen Etxaburuko Diego Lopez. 1601.urtean jaiota berau, abade frantziskotarra, teologoa, Kantabriako frantziskotarren ordeneko burua eta hainbat obra erlijiosoren idazlea.

Etxaburutarrek bat egin zuten lehendabizi Landazuritarrekin 1649.urtean eta harrez gero Aranatarrekin; gaur egun dorretxea Gertrudis Ortiz de la Riva y Arana, Bunieleko Markesa berau, anderearen eskuetan dagoelarik.

Etxaburuko askaziaren oinordekoek (14) beraien sortxea zen dorretxe hau orain direla berrehunen bat urte errentan eman zuten, beraiek bertatik alde egiten zutelarik. 1974.urtean errentariek ere alde egin zuten eta gaur egun hutsik dago. Ordutik, dorretxeak jasatzen duen deslaikeriak gogorki ukitu du eraikuntza eta teilatuak, kalte gehien jasan duen partea, jausteko arrisku larria du.

Orain dela gutxi Gerediaga elkarteak Izurtzako udalbatzarreari zuzenduriko eskakizunak emaitza egoki eta zuzenak emango dituelakotan gagoz, eta horrela gure eraikuntza hau gordetzeko neurri egokiak hartuko direla itxaropean.

U. ELIZBURU

Oharra

Itxaropenean itorik, zera esan behar dizuegu: lana bukatu eta gero, baina argitaratu baino lehen, teilatuaren zati batek lurra jo egin duela, Izurtzako Udalbatzarre demokratiko berriak ere deslai uzten zuelarik.

HIZTEGIA

(3) Harlandu: sillajero, pierre taillée.

(4) aurpegi: fachada, façade.

(5) arku-zorrotz: arco apuntado, arc pointé.

(17) hormazulo zirrikitu: aspillera, créneau.

(6) Harresi: muro, mur.

(7) barrenbide: galeria, galerie.

(9) askazi: linaje, descendance.

(10) gordetoki: fortaleza, forteresse.

(11) ondare: patrimonio, des biens.

(15) maiztergo: mayorazgo, domaine.

(16) lokarri: vínculo, lien.

(8) harmarria: escudo de armas, écu dármoiries.

(13) untziteria: escuadra, escadre.

(14) oinordeko: heredero, heritier.

(1) deslai: desamparado, abandonné.

(2) oin: planta, rez-de-chaussée.

(12) egoitza: residencia, residence.


Euskal Herria

Euskaltzaindiaren inkisizio garaia heldu zaigu. Hamar hamarreko, gauzatxo batzu salatzeko [Bertsoak]

1

Euskaltzaindiak aspaldi hontan

hartu dituen bideak

batzuren ustez ederrak baina

ez dira arantza gabeak.

Joan den denbora ez hurrunean

denak ziren senideak

baina oraingo erabakiak

dirudite traidoreak:

kalte guzti hauk ekarri ditu

gurera "libertateak".

2

Orain artean euskaltzaleok

beti "jarrai eta ekin",

nahiz eta hortik sekula santan

ez hartu bat'e etekin.

Euskaltzaindia zen gure maisu

ta semeok aitarekin,

baina oraingoan susmoa daukat

bosten "feudoa" dela egin

eta bost horiek ea nor diren

nik gaur nahi nuke jakin.

3

Ni behar bada iñuzentea

naiz, baina beti goseak

holakoak gara gehientsuetan

Herri hontako baseak,

eta uste nuen soilik zeudela

atzerrian puta-etxeak

baina hamar urte pasa ondoren

datozkit adar jotzeak,

ta bat batean kentzen dituzte

Arantzazuko "H"ak.

4

"H" letraren puñalada hori

pixkatxo bat igaro da

baina denbora gutxi pasa-ta

hor dator bigarren lora.

Aginkeria aurretik dela

horik daude hor gustora

ta berehala dirudienez

egindakoa albora

ta Euskalduntze Batzorde osoa

Euskaltzainditik kanpora.

5

Alfabetatze ta Euskalduntze

taldeak urteetan zehar

Euskaltzaindiari emana dio

hainbat izen eta indar

eta Euskara Batua ere

honek egin du herritar,

baina lastertxo kanpora doa

han ez da gorririk behar,

behintzat oraintsu Juan San Martin-ek

egin du honela deihadar.

6

Filologo ona, ez da dudarik

langile paregabea

ta euskaltzale gehienon ustez

Euskaltzain dudagabea,

baina gorria, eta hori da

Euskaltzaindian grabea

ta Txillardegi ez dute sartu

hau duk txiste xelebrea,

baina txarrena jakitea nor den

hango Inkisidorea.

7

Inkisidore jaun hau daukagu

hemen maila txit altuan

nahiz eta azken urteetan euki

idatz makina mutuan;

lanak zuzendu hori egiten du

beti trono sakratuan

Euskaltzaindiko bilera askotan

haizea haren jarlekuan

eta hitzaldiak ematen ditu

sarri Erdara Batuan.

8

Batxillerreko katedrarako

laster dira examinak

eta programan, ene ustean

daude jaun horren usainak,

eta bere lau liburuetatik

hartuak dira hango oinak

ta froga denak dira euskaraz,

ez dira izango atseginak,

lau liburuak gaur daudelako

denak erdaraz eginak.

9

Txillardegiren lana ikusita

behar dugu txapela kendu

hori izan baita haren famaren

oinarri eta zimendu,

aldiz besteak nahi duena da

bere mitoa mantendu

ta horretarako Euskaltzaindiko

ateak ixtea agindu:

arrokeria ta iker-lana

ezin dira inoiz ezkondu.

10

Guk behar dugu Euskaltzaindian

gizonik onenak batu

ta baliozko pertsona denak

berehala etxeratu;

ongi aztertuz "personajeak"

zergatik diren famatu,

injustizia guzti hauekin

laster batetan bukatu

guk basekook gogor jokatu

eta MITOAK salatu.

Errongariko herrian,

sorginak errua baietz,

anka bat hautsi zitzaion

euskal-batuaren gaitzez.

Mitxelenaren buruan,

euskalduna zentza zaitez,

ez gaitezen inoiz fida

katuez eta apaizez.

 Eta amaitzeko, arestian (atzo dirudi) hil zitzaigun Aresti gogoratuz:

 (+) "AZKEN HERRIA"tik hartua, "Bertso berriak egungo sorgin beti jarriak" poematik

Mitxelenaren katua,

katu madarikatua;

odolez firmatu zuen

deabruarekin tratua,

deseginen zeraukula

betiko euskal-batua.

Benetan negargarria

euskaldunen patua.

Ongi konprenitu nuen

zergatikan Mitxelenak

ez dituen hartu nahi

euskal-batuaren lemak.

Don Nemesiok harrotzen

omen dizkio problemak,

hitzetik hortzera sortzen

beldurrik desleialenak.

Errongariko herrian,

sorginak errua baietz,

anka bat hautsi zitzaion

euskal-batuaren gaitzez.

Mitxelenaren buruan,

euskalduna zentza zaitez,

ez gaitezen inoiz fida

katuez eta apaizez.

SANTAMAÑENEKOA

1980-4-22


Hamabost egun hankaz gora

Felipe "Zapa"

Felipe SAGARNA ORMAZABAL zapatero edo oski-egilea, denek Zapa deitzen zuten. Gizon zinez maitagarria. Hernaniko txaranga edo musikari taldean tabala joile zen. Azkenik, Apirilaren 13-an, Pagolako kermezan ikusia ginuen. Eman ahala-eman ari zen, gorputza eskuin eta ezker higituz eta ritmoa bipilki markatuz. Nola Pagolako besta-lekua hil-harrien sahetsean baita «Oraiñ arte ez zitzaidan iñoiz gertatu hemen bezala kanpo santuen aldamenean soinua jotzea». Gaixoa.., ez zuen asmatzen ondoko igandean bera hil-harrietarat eramanen zutela, bezperan gure etsaiek balaz ehorik.

Hernanin egin dizkiote ehortzeta batzu ezinago hunkigarriak. meza denboran apezakerran duelarik: «Zapa, zu hunkituz herria hunki dute», segur egia zion. Elizatik landa, herritar musikari-lagunek aski kemen ukan dute «Agur Jaunak» musikaz emaiteko. Bazitaken han berrogoita hamar milako bat jende. Denek pasatzean ikusia zuten Felipe zenaren odola oin-bidean, hila izan den tokian ixuria, zerra-zahiz estalia, zer-nahi liliz inguratuz eta idazki hau gainetik ezarria: «Zaparen tanbora (tabala) ez da ixilduko askatasunerako bidean». Ehortzetaliaren ozteak iduri zuen jende-itsaso bat. Haren gaineko aldean bazabilan elikoptera bat, poliza gizonez betea, bere gerla arrabost basarekin: etsai hilen errespeturik ez aipa jaun horieri! Bere mintzaldi sarkorrean, Telesforo Monzon jaunak errepikatu digu askotan ateratzen duen funtsezko arrazoina: «Martirio berri huni esker, Euskal-Herriak urrats bat gehiago egin du Ebrotik Aturrirat bere gain jartzeko».

Enbatatik

Xabier Aranzeta (Lepo)-gudari bat hil dute

Hala dio Elgetako Udalak atera duen agirian. "Gure Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde eroria burrukan". Egiak, latzak izan arren, hutsak eta biribilak izanen dira beti, egiak besterik ez baitira, orain, lehen eta dugun estatutu honekin.

Elgetako herri batzarraren agiriak honela diosku bestalde:

Berriz ere, mina eta tristura gure herriarengan gainditu da. Ekintza odoltsu honen balorazio politikoa alde batera utziz, adierazten duguna eta indartsu, hau da: Xabier gure adiskidea ezagutu genuen guztiok, era batetako edo bestetako pentsaera izanagatik, guztiok maitatu izan zela. Euskadi maite zuelako borroka egin zuen, guk denok egin behar genukeen bezela, espetxean eta atzerrian bere bizitzako urterik onenak pasa zituen. Arrazoi guzti onegatik, gaur gorpu etorriko zaigu bere jaioterrira. Galdetzen dugu: noiz arte egoera hau? Zenbat heriotza behar ditugu pakea eta askatasuna izan dezagun gure herria eta ez gorrotoa eta ezin ikusia? Noiz konturatuko da UCDren gobernua, soluzioak politikoak direla eta ez polizialak? Herriaren beharra joan daitezela baldin bada, noiz joango dira? Amnistia noiz? UCD eta bakarrik hura izango dira arduradun herriaren aurrean eta herriak epaituko ditu bere egunean Euskal Herriak sufritzen duen zapalkuntza honengatik.

"Lepo"k bere borroka bukatu du, baina seguru izan bere heriotzea ez dela alferrik izango, eta bati baino gehiagori begiak ireki eta ikasitako bidean jarraituko duela. Euskadi askatu eta paketsu bat lortu arte.

Gora Euskadi askatuta".

Iberdueroren aurkako burruka animatzen ari da

Bai jaun-andreok. Iberduero ahalguztiduna argia kentzen hasi da edo, hobe esan, ez ematen.

Hori gertatu zaio gure lankide den J.R.Etxebarriari, beste batzuren artean.

Dena den, Lemoizeko zentralaren aurkako boikotari eusteko prest daudela adierazi ukan dute hautatuek, Bilbon Maiatzaren 5ean eginiko Batzarrean. Eta horrela, Publikoki, desobedientzia Zibilean parte hartzen hasi dira, Iberduerok jarririko prezintuak apurtuz eta argia beren kontura hartuz.

Hilaren 8an, adibidez, Santutxun (Bilbo) kontzentrazio bat antolatu da, bertako hauzotarrek prezintu-apurketan laguntzeko, eta boikota aurrera eramateko prest daudela adierazteko. Ez ahal zaie jarraitzailerik faltako!

Azken egunotan jakin berri dugunez Iberduerokoek Joserraren etxera jo dute bertako kontagailua kenduz.

Beste berri bat ipiniko balu tribunaletara eramango luketeela adierazi diote Iberduerokoek gure lagunari. Noiz hasiko gara gu burruka honetan parterik hartzen? Burruka guztiak baliagarriak izateko herriak bere indar guztiez defendatu behar du, eta gu gara herria.


Nazioartekoa

Energia nuklearra: Batzuren iruzurkeria, besteen erantzukizuna

Seguraski, zuetariko askok entzun duzue jadanik Plogoff izena; ezagutzen ez duzuenoi zera esango dizuet, Plogoff Bretainian dagoen herri bat dela; bretainiarra esateak ez du oraingoan esan nahi han autonomistek zerbait egin dutela edo; ez, berria, zeren zehartxo izan arren, oraindik berria baita, han Iberdueroren antzekoa den EDFek oso zentrale nuklear handi bat muntatu nahi duela da. Esango didazue horrelako berriak, zoritxarrez, oso ugariak direla azken denboran eta egia da, baina kasu honetan agertu diren xehetasun batzu azpimarkatu nahi nituzke gaur. Beraietara heldu ahal izateko, ikus dezagun nola garatu diren gertariak han.

Ekologistak kontra

Projektu horren berri eduki bezain laster, Frantziako talde ekologista guztiek eta zenbait talde bretainiarrek beraien kontrako jarrera erakustea erabaki zuten, eta horrela egin dute hilabeteetan zehar: asteburu oro egin dira han batzarreak, jaiak, manifestaldiak, igandez igande partehartzaileen kopurua handituz zihoalarik. Hasieran ekintza horiek guztiok baketan egin ziren; geroago, hobe ez!, betiko izorratzaile porradun eta kaskodunak agertu ziren, horrela nolabait publizitate handiagoa eginez.

Protesta funtsezkoa zela erakustearren, ondo adierazi dute hango burrukan parte hartu dutenek horrelako zentrale baten existentziak dakarzkiekeen arrisku itzelak:

Hasteko, ba dirudi erreaktoreak oso potentzia handikoak izanen direla, horrela segurtasuna askoz txikiagoa izango delarik; istripu bat gertatuz gero, energia kantitate izugarri bat askatuko zen bapatean, eta ondorioak ezin irudituzkoak dirateke.

Kutsadurari dagokionez, erreaktoreak hozteko erabiliko den ura itsasotik aterako da, baina ez da hori denori izango, noski, zeren ur beroa, Lemoizen egin nahi duten bezala, berriz itsasora joango baita. Horrek, noski, oso desoreka (1) handia ekar diezaioke inguruko giroari, baina ba dago, horretaz aparte, uraren erabilera horrek agerteraz dezakeen gauza grabeagorik; arazoa aztertu dutenek dioten bezala, posible dateke barrera termiko bat agertzea, hau da, ur beroa ez zen, nahi bezala, barreiatuko, eta hotzarekin nahastuko, baizik eta zirkulu txiki batetan geratuko zen, eta orduan... erreaktoreak berriz hozteko hartuko zen ura ez zegokeen behar bezain hotz.

Horrekin batera, ba dirudi, inguruko uretan dauden mikroorganismo batzuk ur beroagotan bizi izanez gero, "ur gorriak" deitzen den fenomeno kaltegarria sortu ahal izango lukete.

Nolabait ondorio txarrekin amaitzeko, ba dago ere, noski, etekin erradiaktiboen arazoa, zeren beraiek tratatzeko erabili nahi den lantegia ez baita gai izango, zentralearen tamainua kontuan harturik, dena hartzeko.

Arrazoi hauekin aurretik, masa ekintzak, lehen esan dudan bezala, handi eta ugariagoak bilakatu dira apurka apurka. Azken astean, zerbait "munstro" egitea erabaki zuten, eta antolatu zen batzarre-jaira 40.000 pertsona baino gehiago batu ziren. Gauza hauekin segitzeko gogoak badauzkate ere, beste ekintza oso adierazgarri bat aurrera ateratzea erabaki dute: Larzac-etik ekarritako ardihaztoki bat muntatuko da zentraleak egon beharko zukeen lekuan...

Zientzilariek salatzen dute

Burruka mementu on honetan zegoela, Frantziako zientzilari talde batzek dokumentu bat eman du argitara, non EDF-k beraien lanaz egiten duen manipulazioa salatzen baitute. Ba dirudi beraiei edo beraiek lan egiten duteneko laborategiei EDF-k Plogoff-eko zentralearen projektua aztertzea eskatu diela, baina erabiltzearen orduan, bakarrik berari interesatzen zaizkion erresultatuak hartu ditu kontuan, eta besteak existituko ez balira bezala egin. Hau da, erresultatu kezkagarriak desagerterazten saiatu dira EDF-koak, eta honen aurrean, zientzilariak ez dira pozik egon, nahiz eta beraietariko batzu energia nuklearraren kontra ez egon.

Jakina, dokumentu hori agertu bezain laster, EDF-k inplikaturiko laborategiak mehatxatu ditu, hots, honela segituz gero, dirua kenduko diela agindu; zuzendariak laster pasatu die bere "mehatxua ere, eta aurrerantzean, galtzekorik ez dutenek bakarrik segituko dute agerian protestatzen, zeren berauek, besteen izenean ere hitz eginez, adierazi duten bezala, unibertsitateek eta gainerako laborategiek ez baitaukate berez dirurik ikerketa egiteko; azken batean, EDF-ren antzekoen eskuetan aurkitzen dira bizirik segitzeko.

Eta gauzak honela daudelarik, bi alde grabe ikusten ditut nik arazo honetan:

- Alde batetatik, zientziaren menpekotasuna industriarekiko. Argi dago gobernuek gero eta diru gehiago ematen dutela ikerkuntza bultzatzeko; hori entrepesen eskuetan uzten dute, honela zientziaren askatasuna oso gutxiturik agertzen zaigularik, bide oso hestuak markatzen baitzaizkio. Gero, gainera, lorturikoaren erabilera... pagatzaileen eskutan geratzen da, beraiek baitira "jabeak".

- Beste alde batetatik, zientzilarien erantzukizuna dago. Nola arduratzen dira beraiek egiten dutenarekin egiten denaz? Nola jasotzen dituzte mementu bakoitzean egiten dutenaren ondorio posibleak?

Neure esperientziak esaten didana zera da, oso gutxi direla horretaz arduratzen direnak, eta are gutxiago, honen aurrean jarrera aktibo bat hartzen dutenak. Batzu, asko agian, ez dira honelakoak nahi dutelako, hots, ez daude, edo ez leudeke, berez, egiten dutenaren alde, baina hori da beraien ogibidea... Oso erosoa da begiak ahal den bitartzen hixtea, honela hilero poltsikoak txanponez bete ahal badira. Beraz, gehienek beraien lanak txarto ez direla erabiliko pentsatzea nahiago dute, eta honela segitzen dute, agian gauza ikaragarri arriskutsuak asmatzen.

Beraz, argi dago zientzia, edo hobeto esan, zientziaren bideak dudatan ipini behar direla, kritikaren bahetik (2) iraganerazi behar direla, eta hori egin behar duten lehenengoak, noski, etxekoak, zientzilariok, izan behar ditugu.

Maria Jesus Esteban

1) Desequilibrio

2) Tamis, cedazo


Lemoizen aurka bueltaka

Iragan den martxoak 23-an, Bizkaiko Diputazioaren liburutegiaren aretoan, Lemoizko zentrale nuklearraren aurka dauden hautatuen bigarren bilera ospatu zen. Komite Antinuklearren eta Euskal Kosta ez Nuklear Defentsarako Batzordearen deiari erantzunez hainbat alderdi eta koalizioen hautatuak bildu ziren Iberdueroren projektuaren zezena adarretatik hartzeko. Hona hemen present izan zirenen zerrenda (eta barka nazaten, norbaitez ahazten baldin banaiz): EE, EMK, ESB, HB, LAIA, LKI, PCE, PTE eta PTE-tik ateratako eta oraindik irtengabeko taldea.

Beraien artean era desberdinetako hautatuak ba ziren; Kontzejalak, alkateak, junteroak, nafar parlamentari foralak, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako parlamentariak... Guztion artean ia-ia berrehun eta berrogeita hamar lagun, lau hego probintzietatik etorriak.

Asanbladaren giroa oso egokia izan zela esan beharra dugu, nahiz eta bertan planteiamendu taktiko desberdinak agertu ziren, parte hartu zuten indar politikoen aranera. Aipagakia: mahaiaren azalpen guztiak bi hizkuntzetan egin ziren, euskaraz eta gaztelaniaz, alegia. Bestaldetik, mahaikoek oso ondo bete zuten beren moderatzaile funtzioa, debatea bideratuz eta lekuz kanpoko interbentzio batzu ebakiz.

Entzun genituen ahotsen artean zenbait aipatzekotan nafarrenak aipatuko genituzte bi arrazoi nagusigatik. Bata, beste sasi-euskal erakundeetan ezin baitute beraien ahotsa entzunerazi, eta bestea plazaratu zuten jarrera borrokalari eta ausartagatik.

Praktikaren arloan mahaiak antolaturiko (prestaturiko, aurkezturiko) mozioa onartu egin zen, bizpahiru nabardura(1) aldatu baziren ere. Hautatu guztiek engaiamendu(2) gogorrak berenganatu zituzten, beraien ekintzak, hau da, hautatuak bezala, aurrera eramateko eta herriarengandik sortutakoak laguntzeko.

Denborak esango du hartutako erabakiak zer edo zertarako balioko duten ala ez, baina dena dela presente izan ez ziren indar politikoek kontutan eduki dezaten bere sasoian herriak eskatuko dien erantzunbeharra. PNV-k eta PSOE-k (UCD eta horrelakoak ez baititu aipatzeak merezi) beren jarrera lotsagarria azaldu beharko diote Euskal Herri osoari. Ahantz ez dezatela!

P. Ugalde

1) Matiz, nuance

2) Compromis, compromiso


Nazioartekoa

Berlin: hiri bat orma batek zatiturik

Azken oporretan, Berlinera joateko aukera eduki nuen, eta han nengoenean, hiri horren xarmaz beterik, hori kondatzeko gogoak sartu zitzaizkidan.

Hara heltzean neukan ideia, Berlin gustatuko ez zitzaidala zen; hasteko, orma batez inguraturik sentituko nintzela pentsatzen nuen, eta gainera, han dena hain berria izanik, despertsonalizazioaren arriskua zegoen; baina adierazi behar dizuet, handik alde egitean, nire eritzia guztiz bestelakoa zela, eta hori azaltzera saiatuko naiz orain.

Mendebaldetik ibiltzen hasten bazara, laster konturatzen zara zerbait arraro dagoela han: ez dago ia ezer zaharrik; kale guztiak dira zabalak, luze-luzeak, etxe handiz mugaturik. Etxe bakoitza desberdina, kolore eta ezaugarriekin. Beste aldetik, berdegune ugariak, ia etxe guztien inguruan; kaleak perpendikularki gurutzatzen dira, ordena handi batetan, berrieginak direla ondo adieraziz: bai, hiri moderno baten aurrera aurkituko zara; gainera zentru deituriko hauzoan, kale hesturik edo etxe zaharrik topatuko ez duzu, ez han dena da handi eta berri.

Apurka-apurka, lekuz mugitzen hasten zarenean, zerbait bitxiez konturatzen zara: egia esan, ezin daitekeela esan Berlin bat edo bi daudenik, asko baino. Mendebaldean bakarrik, 10-20 Km. egin baino ez daukazu (bai, bai; ormak inguratzen duen hesparruak 50 Km. tako diametro bat dauka!), desberdinak diren hauzoak eta herriak ikusteko. Beste mundu batetara joan daiteke 20 Km egiten: Spandau herri zaharrera, Turkiarren hauzora... edo etxez nazkaturik bazaude, naturatik buelta bat ematera, Wannsse lakutik untziz, edo alboan dagoen Grunewald basotik, ibiliz.

Egia esan, zentrutik aterata sarraturik ez zaudela ematen du, orma urrun geratzen baita. Arazoa zentruan agertzen da, han baitago orma, kaleak mozten, hauzokideak banatzen, paisaia izorratzen. Ekialdera pasatu behar da, berriz, antzinako etxeak eta elizak aurkitzeko, Berlin lehen zer zen ideia bat egiteko, dena den, beste aldeko ezaugarria da ere kale luze eta zabalena.

Orma dago, hala ere, hain antzekoak diratekeen zati horik egiteko, edo hobeto esan, ormak normalki hiruzpalau orma paralelo baitaude, bitarteko lurra, minaz beterik dagoelarik. Ormaren alboan, oraindik inpresio lazgarriago egiteko, iragan aldietan ihes egin nahi izan dutenen hilobia markatzen duten gurutzeak eta loreak... eta beti, edonondik begiratuta, militarren dorreak, handik dabilen edonoren mugimenduak segitzeko edo.

Ekialdera, metroz, kotxez edo oinez pasatzean laster konturatzen zara desberdintasunez, ez gauzetan, etxeetan edo kaleetan, jendearengan eta bizimoduan baino: hasteko, uniforme ugari agertuko zaizu mugara ailegatu bezain laster, uniforme berde eta luzeak, eta berriz irten arte, beti inguratu zaituzte... gero, fila luzeak denda batzuren aurrean saltzen diren gauzen eskastasuna... Hori da, seguru aski, azalezko begirada batetan soma dezakezun guztia. Beste gauzak normalak dira, beste aldekoak bestelakoak; hizkuntza, jendearen itxura eta jantziak, kartelak, transporteak,...

Handik irtetean, halere, benetazko aldaketa bat gertatuko dela somatzen duzu, irteteko kontrola pixkat urduri ipin ahal baitzaitu.

Edonola ere, bi aldeetako jendearekin hitz egiteko aukera badaukazu, berdinak direla ikusiko duzu: zabalak dira berlindarrak, zabal eta lagungarriak, batez ere, Alemaniako beste hirien pertsonekin konparatzen badira. Laguntzea gustatzen zaie, eta ez dira izutzen kalean edo metroan hitz egiteagatik; beraien begikotasun horren aurrean gustora sentitzen zara, pertsonez inguraturik, eta ez ibiltzen diren gauza batzuren alboan.

Azkenean, egunak pasatuz doazen artean, hiri horren bizitza, pixkanaka-pixkanaka, sartu zaizula sentitzen duzu eta etxeetako orratzek zerua ikustea eragozten ez dutela ikusiko duzu, eta hango hoztasun posible hori gertatzen ez dela konturatuko zara, paisaia batzutako hotza, jendea eta bizitzaren erritmoaren berotasunak garaitzen baitu; eta bertan bizitzea gustatuko litzaizuke azkenean, hango arazoekin batera, zerbait bero, bizi, desberdin eta deigarri somatu baituzu jadanik.

Maria Jesus Esteban


Bazkalondoan irakurtzeko

Zoritxarrez, Euskal Literatura ez da gehiegi ugaritzen eta askotan ere, dugun gutxi hori, edo ez dugu ezagutzen edo haren ezaguera eskasakoak gara. Horregatik, bada, eta orain arte "Anaitasuna"ko idazleen atentzioa jaso ez duenez gero, idazki honen bidez berritsuki argitaratu den liburu baten aipamena egin nahi izango nuke. Joxe Agustin Arrietaren esku abilari zor zaio azken aldiotan euskal literaturan agertu den nobela garrantzitsuenetariko baten idazlana. Beharbada gehiago esango banu ez nuke gezurrik azalduko: euskal nobelagintzaren historiako libururik trebeenetariko baten aurrean gaudela. Lertxundik, Mitxelenak, Intxaustik, Loidik eta Ugaldek ere errekonozitu zuten lan honen balioa, ontzat jo zutenean eta 1978ko "Uranzu Hiria Literatur Sariak" premioko irabazle bezala aukeratu zutelarik. Liburuaren tituloa: "Abuztuaren 15eko bazkalondoa".

Tituloak adierazten duen bezala bazkalondo luze baten historia kontatzen digu: orain duela urte zenbaiteko abuztu baten 15eko bazkalondoa, lehen kafean hasi eta protagonista etxetik Donostiako "Paseo Berrian" barrena buelta bat ematera ateratzen den arte. Hauxe dugu nobela honen ardatz nagusia eta ardatz horren inguruan biltzen dira beste hamaika gai, bereziki protagonistaren haurtzaroaren historia eta Seminarioan igaro zituen zenbait urteren kontaketa: erdi biografikoa duzu nobela hau. Protagonistak berak bururatu egiten ditu hango gertaerak teknika arinez. Ez dugu kontaketa lineala: gai guztiak koropilatu egiten dira bata bestearekin, ez dakizula noiz eta nola pasatu zaren leku batetik bestara, atzokin herenegunera. Nobela horretan ez da halako aparteko gauzarik pasatzen: ez zaigu historia apasionagarririk kontatzen, idazlearen zenbait urtetako eguneroko bizia baizik. Hobeki esateko: egunerokoa baino, Arrietaren bizitza markatu izan duten zenbait episodiori buruzko ariketa dugu liburua.

 "Abuztuaren 15eko bazkalondoa"n batu egin dira nobelagintza unibertsaleko teknika ausartiak, alde batetik, eta euskal hizkuntzaren erabilkera jatorra, bestetik. Dituen gorabeherakada guztien artean (baten baten ustez liburua monotonea izan daiteke niri pertsonalki ez bazait horrelakorik iduritzen ere), nobela ona dugu, luzea (hemengo aldi honetan argitaratzen diren besteekin konparaturik behinik behin) eta, dudarik ez, benetazko idazle baten izena plazaratu egin duena. Ez dut kritikalari ofizial legez irabazten eguneroko ogia eta gaueko ohea eta horregatik ez noa orain zer den on edo zer txar banatzen, hango esaldi hura hain ongi emana dela esatera, hemengo adjetibo honen erabilkera maisuaz mintzatzera edo horko pasarte horretako fundidoaz hitzalditxoa asmatzera. Denok ezagun dezagun eta ahal duen guztiak irakur dezan paratatu ditut lerro hauek. Noizko bigarrena?

Pello Salaburu


Gaiak. Politika

Etsipena Euskal Herriratu zaigu (eta II). Iraultza munduratu-nazionalismoa gaindidu

Ez dakit "uste izatekoa zela" esaten has ote daitekeen, baina zalantzarik ez daukat gauza segurra denik, eta segurra bezain iluna. Etsipena eta desmobilizapena, duela urte pare bat Estatu espainoleko komunitate gabeko ezker kontsekuentearen esperantzaren erakusle, pixkana pixkana ezarriz eta kokatuz zihoazenak, Historiaren une hontan nahi erara itzuli-mitzulika ari dira Euskal Herriko Hegoaldeko seme-alaba arradikalen baitan; frankismoari eta, diktadorea hil ondoan honen oinordeko den kontzentzuzko demokraziari hainbeste buru-hauste eman ondoren.

Garaiz kanpoko karlistada baten kutsu handi daukan irredentismo abertzale iraultzailea gorabehera, Euskal Herria ezin egon liteke, logikaz, Historiaren bilakaerak jokatzen duen gogortasun materialistaz kanpo. Historiaren bilakaerak, sarritan eta gure zoritxarrerako, ekintzaile burugogorren asmo boluntaristen aurka agertzen du bere burua, beraiek beren erizpideak azken-azkeneraino defendatzen dituztelarik, harmak eskutan hiltzeraino, beharrezko balitz, azken izan-bidea bailitzen.

Ezin liteke, gure denon nahiak gorabehera, eta ez da. Nazionalismo antikapitalistaren Noeren Arkak asko ere asko aterbe gintzazke, onestki iraultzaile eta egokiro aldekari garen garela; baina, goiz ala berandu, uholdea atertu eta bare xamar egonik, jasan beharreko honako sistima demokratiko hau, diktadura nabariaz bestelakatzen duen argi teknokratiko apurrak, erraztu beharko liguke, gure geure esperantza eta gurari zapuztuetatik urrunago ikustea. Hola izan da. Horra hor, bada, unearen nahasgarria: dogma alderdikari, "gidari" kasten sostengatzaileetatik urruntxo ikusten da, eta duela urtebete eratutako bloke politikoak (1), abagadune berriaren presio sozialaren pean sakailatuak dira.

Ez genuen ezer ere sinetsi, gu geu ez ginatekeen baino besterik. "Gu geu" asko zatekeen esperantza geneukan. Ba ote zen? Egungo egunean ezin jakinaren pean gaude; autoerakuntzaren errepresentapen faltsuak, hura teorikoki aldeztatu eta egunoroko praktikan ukatu egiten zutela zioten alderdi ezkertiarrei legaturik, izan ere asanbladatiar direnen koordinakunderik ezarekin batera, geuron indarrak neurtzen utzi ez digunez gero; indarrok, bestalde, "agintea hartu" baino lehen ere, toki onean ezarririko "gulag"-en defendatzaileei babak eltzetik ateratzen erabilirik behin eta gehiagotan. Agintearen hartzearen alde egiten zuten, iragan garaietako iraultzaile-belaunaldien praktikak utzitako esperientzietatik zerikasiari uko egiten ziotenek; materialismo historikoa neokapitalismo teknologikoaren ondaren soil bihurtu izan bailitzen, antza denez, gure garaiko bloke politiko handien artean, egungo mundu konplikatua erabat ulertzeko, eta, orohar, mundu mailan bere eskusartzea planifikatu, aurrikusi eta burutzeko gai agertzen den bakarra. Geure aldetik sinetsita gaude, berreraikitze edo eraikitze nazionalerako iraultza burjes edo sozial-estatalisten haroa iragana dela, aspaldi-aspaldian, Historiaren oroitzapen gordelekura. Honelako une batean, indar produktiboen barneko bilakapenak berak kapitalismoaren pean, nazioarteko —munduko— mailan ezarri baititu planetako txoko bakoitzeko, eta batez ere, gizabanakoen, hiritar langileen eta bizi eta hazten gareneko ingurune ekologikoaren beraren sozialismo eta askatasunaren aldeko burrukaren arazoak; "herri bakarreko sozialismoaren" hautamen stalinista planteiatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula soilik, baizik eta agintekeriazko erogoarekiko mugakide; askatasun nahiez bestalde, lurbirako edozein Herriren gorpuztasuna desegiteko gai berau... Aldez aurretik, gaur egun dauden bi bloke militarretarik batekin paktu egin ez baldin bada —edo egin uste ez bada—; honekin bataren irudia nahasten zaio, belaunaldiz belaunaldi munduko langile mugimenduaren joera guziek bilatu dugun sozialismoari; berau, haiei dagozkien piramide gidarien oinarrian bilatuta, bestelako ideiologien oliodura sainduaren begiratzaile ordeztezin, bestalde.

Honako garai hontan, "negoziogizonak (eufemismo barregarriaz, "mundu librekoak"), nazioarteko ekonomia eraikitzear daude, muga eta ideologia zaharrak gaindituko dituen ekonomia... Nazioarteko elkarteek eta munduko merkatalgoak, munduak dauzkan naziogaindiko harremanik eraginkorrenak eratzen dituzte... Munduko ordenu arkaikoarentzat edergarrien bila ari dira... ". Azken hau, Trilateralen agintedunek berek zera esanez zehazten dute: "Gudutik honako 20 urteotan, egintzetan, nahiz eta hitzetan ez beti, konturatu egin gara, Estatu nazionalen muga politikoak hestuegi eta mugatuegi gertatzen direla, entrepresa modernoen irismena eta ekintzat zedatzeko..." Estatu sozialista independentea, Trilateralen "ardatz" kapitalistaren erdi-erdian (Estatu Batuak, Alemania Federala —Eki-Europa— eta Japonia), eraikitzeaz amets egitea, "Botila" Aita Sainduaren "zerutiar" egite onei gure denon etorkizuna fidatzea bezal-bezalako zerbait da.

Italiar "brigadariek" sortutako "Stato Imperialistico delle Multinazionali" esakuntza ez da haien okerretarik handiena, hain zuzen; gaur egun, gutxienik informatuta egonik ere, edozeinek baitaki nazioarteko mailako erabaki politikoak, edo eremu geopolitiko konkretuetan hari doazkionak, bide batez baldintzapeturik, munduko interes ekonomi-politiko sare batek hartuak direla, kontinentez hedatzen den sarea, bestalde, bere kontrol eta eraginetik (elikadura, teknologia, inbertipenak, etab...) itzur dakion gabe, sozialista deitutako Estatu burokratiko-diktatorialetarik bat ere.

Herri Batasunak itxuratutako esperantza mordoa, askatasunerako ate irekia zen, eta sozialismo erabat libertaria (herritar eta langile autoerakuntzaz eta gizartearen kundeakuntza ororen partehartzeaz betea) asmotan daukagunotarik askok, haren alde apostu egin genuen; ez gaude, bada, bloke politiko honek jasaten duen oraingo krisiari barre egiten diotenen artean, azken batean, krisi horren kulpant, eta batipat erantzule, den-denok gara eta. Hau berau ez da, gure aburuz, inongo sozialista iraultzaileren kontentamendurako izan behar. Baina errealitateak gainditzen eta mugatzen gaitu, haren kontra ozta-ozta soilik, kritikaren harmaz asalduz. Gustatu eginen litzaiguke, hobe ez!, hauzo-herri-fabriketan eskuhartze baterakoiaren harako hipotesi haiek moldatuta ikustea, klase askakuntzaren bidean zehar, den-denok batera aurrera egitea ahalbide lezaten. Baina barneko burrukak, erantzukizunaren gehiegizko ordezkapena, botereagatiko burruka pertsonal edo frakzionarik ezkutatzen zituzten barneko kritikak, etab.. Kapitalismo bilakatuagoaren indarren bitarteko garaitia, gure egunotako Euskal Herriari gainera erabat eroriz eta eraginez, haien alde "krisia" manipulatuz... Honek denonek azkena jo du, harako asanblada-mugimendu hura, une batez, azpiratuz, hainbeste indar eta lehia erakutsi zuena eta bertako eta kanpokoen irakaspen gisa, herritar partehartzearen burokratikoa eraikiz joan deneko bi zutabeen aurka; energia nuklearra eta hiritar arradikalen zapaltze-zokoratzea, alegia.

Ba dakigu, irazkinok politika estereotipatuen irudi populatxeroaren sazerdote begiratzaileen interesez kanpo daudela. Ba dakigu ez zaizkiela ongi erortzen; ba daudela haiekin bat ez datozenak; kritikari ez, baina bai politikaren korrikalarien taldeen, eta bai bide ertzean hil eta gero "herriagatik hila edo martiria" holako zerbait dioen epitafio sakrosainduaren bila ari direnen ere, balaku sanjakorrari ohiturik daudelako. Guk, halere, egiteko iraultzailearen bizitza ixila hobesten segitzen dugu, hauzategi eta lantokietako egunoroko bizipen ilunbetsuetan; azken hauek iraultzaren saindutegi bakarrak direla (bizitza hontan ezertarako saindutegirik baldin bada!), eta horrako saindutegi horietan, sistimak ezin suntsituak bere buruari uko ez egitekotan, igankarien eta menperatzeko boterea, garailearen hospea edo martiriaren epitafioa bilatzen dituztenen sermoi sasi-iraultzaileetarako iragazki bereziak erabiltzen direla buru-zuriturik gauden gaudela.

Eladio Garcia Castro, PTEren idazkari nagusiak, ASKATASUNA aldizkarira berriki bidalitako artikulu batean, zioen ezen Euskal Herria iraultzaile guziok ondare dugula, aldaketarako esperantza eta iraultza aitzinatuaren lantzaburu bihurtuta baitzegoen kapitalismo modernoagoaren aurka... Euskal Herria desmitifikatu beharra dago!

Baldin eta burutapen hau egiazkoa bada (hola uste dute Estatu osoko eta bai Europako ere burkide libertariek eta marxista iraultzaileek), Euskal Herria izanen da Trilateralen tekno-kapitalismoak bataila emanen duen lehen tokia, hurreneko hamarkadetan, industri ondoko kapitalismoak sorterazi dituen joera iraultzaileen kontrola lortzearren. Ba dago bertan gero eta hiritar langileen sail gehiago, sistimaren sarrezintasunaren eta gure Herritik kanpoko masen "demokraziondoko" ulertezintasunaren aurrean, "erreformista" bihurtzen ari garenok; bizitza aurrera ateratzen, beti atzean utzitako arazo pertsonal, familiar edo taldekoak ebazten, eta trilateralismoak zuzendutako munduko erreformaren bide luzerako gure pasaia prestatzen saiatuz. "Prestatze" honek ez du burrukaren lagatzea esan nahi, ez eta gutxiagorik ere, zenbaitentzat, askatasunaren maitatzaile porrokatuentzat, baizik eta, planetako industriondoko neokapitalismoa boterean finkatu ondoan sortutako egoera berriari begira, burrukamoldeen egokitzapena. Denok batera, han-hemenka, anaikiro eta askatasun kolektibo nazionalaren nahi bereziekiko begiramendu sakonaz, bidea zirrimarratzen badugu, hilabete batzuren barnean burrukatuko duen Euskal Herriaz bene-benetan mintzatuko ahal gara. Aitzitik, eta daitekeen-daitekeena dela beldur naiz, neorreformismoaren gorakaderekin eta telezuzendutako krisiaren burujan kolektiboarekin, norbere biziraupenerako senarekin batera... ez da gaitz geldiketa bat somatzen, hurrengo hamarkadan barna setatien autodeuseztapen, indar-barreiatze eta/edo militar eskuz hondamenagatik. Euskal Herriak Europan beste Euskal Herri askoren beharra dauka, osterantzean... inork ez ditzala janzkiak urra, ez eta garaipenezko goiz-irria atera ere, hutsaren hurrengoak gerta bailitezke. Gero eta gero, beti azkeneko karlistada geratzen zaigu, Historian zehar su eta gar hainbat burrukatu duen giza kolektibitatearen interesik txikienak ere onartzen ez dituztenen aurka egiteko.

Bai azterlan hedatsu batean ("EUSKADI, LA CRISIS Y LA RECONVERSION"), bai "LOS CENTROS DE PODER. LA TRILATERAL" (2) delakoan, biak ihaz plazaratuta, hiru hipotesi mantentzen dira, Euskal Herriko egungo egoerak leuzkakeen irtenbide gertakizunen inguruan: a) Berehalako paktua. Euskal paktu soziala, klaseartekoa noski, klase kapitalista menperatzaile izanik, baina Euskal Herriko Herri arradikalaren eta neokapitalismoaren arteko indar harremanari erantzunez (ETA bien eta komando autonomoen burruka harmatuak baldintzapeturik). Hark "buruargitasuna" galdatuko luke, alde batetik eta bestetik derrigorrezko bailitzateke, elkarrekiko interesak onetsi eta mugatzeko, erabateko elkarroldartze batean Euskal Herriaren suntsidurari aitzinezarriko litzaizkiokeenak, nahiz eta militar mailan iraultzaileak arin arinki zapalduak izanen liratekeen, neokapitalismoaren espainiar edo, premiazko balitz, europar armadaren eskuz.

b) Pakturik eza: Sistimak edo euskal gudaritzak kontzesiorik egiten ez dutelako. Hipotesi honen arauera, militar oldartzea nahitaezkoa da eta kapitalismoa, bizirauteko, "demokrazia" aldaratu beharrean aurkituko litzateke, zer kosta ere, euskal sozialismo arradikalaren garaitia eragozteko harmak erabiliz. Beronek Euskal Herri Langileari ekarriko lizkioke, euskal ezakort antikapitalistarik eta nazionalista "haustura-zalerik" gehien-gehienen edo guzien sarraskiaz gain, ekonomi hondamena eta zapalkuntza hedaturik odoltsuena. Honen guzionen ondorioak, Estatu espainolaren gainerakoarentzat, eta Europarentzat seguraski, bere latindar aldean batipat, ezin somatuzkoak izanen lirateke.

c) Kapitalaren internazionalaren garapenak berak eta euskal ekonomiaren elkarte multinazionalenganako menpetasun handiagoak, hala hola haren toki-gune geopolitikoak eta eraginak, Latinamerikan batipat, multinazionalei Euskal Herria alde geostrategiko inportantetzat harrerazi eta, PNV eta UCD-ren babespean, ekonomiaren berraltxapenerako inbertierazi egiten diete. Honela indar produktiboen halako garapen dinamika bat sortuz eta bide batez, langile aristokrazia berria sendotuz, Euskal Herrian neokapitalismo trilateralari, edonolako iraultzaile eta ezakortak zokoratzeko ahalbidea permetatuko liokeena, honako egoera berri hau ez onartzen lehiatuko baitira, geroztik ezabatzeko, matxinada heda ahal litekeen inolako arriskurik gabe.

Hiru hipotesietarik eginkorrena azken honi deritzogu. Hurreneko sendarpen edo finkapena aurrikus daiteke. Ezaugarriak eta zantzuak ikusten hasi gara azken egunotako egunkarien berrietan, Euskal Herrian egindako kanpotiko inbertipenak direla eta; Batzorde Trilateralaren aldean bereziki kokatutako finanzar entrepresa multinazionalek ekarri, eta puntaren puntako teknologi sailei, petrokimikari, kasu, zein langeldiketaren xuritzeari, udaletxeen edo bestelako autonomi arloen bidez sektore publikoa aitzinatuz, zuzenduta.

Honek guzionek, dauden bestelako joeretako euskal sozialista arradikalak (independente zein militante) premia-premiatsuki bildu beharko lituzke debate argitzaile batera, ahal denik denborarik laburrenean, indar (potentzialki) iraultzaile barreitu eta zapuztuak elkar batzeko beren interesak nola kokatzen diren asanblada-autoerakuntzaren inguruan, bai hiritar mailan bai lantokian, erakutsiz joan direnak; eta, zalantzarik batere gabe, inolako nagusikeria mesianikoren pera erortzeko gertu ez daudenak, bere defendatzaileek egunoro larrua arriskatu, gartzelara joan edo torturatuak izan arren. Beste kasua dugu defentsa, zapalkuntza itsuaren eta, euskal komunitate nazionalaren interesik premiazkoenei jarkitako administral eta militar aparailuaren hertsikeria setatsuaren aurka, alegia. Denborarik ote dugu oraino?

Berau ere, era berean, Estatu espainolaren gainetikoan, Europan eta munduan indar harremana kokatuko deneko baldintzapenen menpean dago. Hargatik, lan honi "iraultza munduratu-nazionalismoa gainditu" izenburua jarri diogu, zeren eta gizonen askatasun nahi eta asmoek ez baitute behin gehiagotan Historiaren orgaren aurka muturrez jo beharrik; hemeretzigarreneko inongo sozialistak inoiz ere pentsatu ez zukeen eran, bere burua bilakarazi eta lurraren begitartea aldarazteko gai izan den kapitalismoak, bere onuratan soilik kontrolatu duenez gero hura bera.

Mikel "Tar"

Milian Aldanak traslataturik

(1) Ikus: "Euskadi: ¿Pacificación?". Mikel Orrantia, "Tar", Ander Mendieta. Edit. Libertarias, Madrid. 1980.eko Urtarrilean.

Arthur K. Watson-ek, Nazioarteko Merkatal Ganbararen, eta IBM World Trade Corporation-en Administralgo Kontseiluaren buru.

George Ball-ek, Kennedy-ren Gobernuko Ekonomi Arazoetarako Estatu-Idazkariorde, eta Lheman Brothers inbertipenerako elkarte handiaren zuzendarietarik bat, Nazioarteko Merkatal Ganbararen Britainiar Batzorde Nazionalaren aurrean, 1967.ean egindako deklarapenetan.

(2) "Euskadi, la crisis y la reconversión": Mikel Orrantia "Tar"; ASKATASUNA hilabetekarian, postakutxa: 1682-Bilbo 4 eta 5.

"Los centros de poder. La trilateral". Mikel Orrantia "Tar"; HORDAGO Arg., Donostia 1979.


Bazkalondo batez kondari

Lehenago ipuin labur bat eskainia zigun Joxe Agustin Arrietak. Orain, ostera, elaberri interesgarri batez plazaratu zaigu, "Abuztuaren 15eko bazkalondoa". Irun hiriko saria 1978an irabazia eta ihaz, nonbait, Gipuzkoako Aurrezkikutxa Probintzialak nahiko era apainaz argitaratua.

Zalantzarik gabe elaberri honek daukan lehen merezimendua. eta euskal literaturaren hesparrutik mintzo naiz, elaberria izatea da, gustura eta hariak sakatua irakurtzen den obra izatea. Eta bigarrena, bakarrizketaz egituratua egon arren, atendurari eusten jakitea. aski zaila dena egitura "ohikoago" batetan. eta are gehiago, beraz, barnebakarrizketaz egindako testu batetan. Ez da, noski, "Ehun metro"ko tirandura, han gaia bera baitzen tentsiozkoa, halaz eta guztiz ere, irakurtzen hasten denetik eta amaieraraino gorde egiten da interes hori, nahiz eta beharbada azken kapitulu bietan apur bat ere galdu egiten den. Zentzazio horren kausa zerean egon daiteke, kapitulu bi horietan halako gune berri bati ematen zaiola hasiera, gero, hain zuzen ere, modu aierukor hutsez bakarrik ixten dena:

"Berandutu egin zait, pentsatzen duk, gaur ez dit Txit Santuari bisitarik egingo, Marisa".

Pertsonaia bat bakarra da deskribatzen dena, egilea, eta elaberri osoa beraren inguruan aintzineratzen da. Agertzen diren pertsonaia guztiak beraren baitan dira agertzen, aita bera ere, luzeen erabiltzen den beste pertsonaia, semearen aita den neurrian erabiltzen baita. Edozelan ere lan ona eta zori apur batez hobeen agindu.

Idaztankera aberatsa da. bai hiztegia erabiltzeko eta bai esaldiak egiteko moduan. Noizedonoiz, oso kasu gutxitan baina. ñimiño bat erretoriko. Horregatik, hain zuzen, egilearengan somatzen den hizkuntzaren jabetzagatik, nahikoa hasarrakorra da lantzean behin ikusten den konturik eza, argi baitago horren bakarrik ez zeukala egileak. Nahiz eta beldurturik aritu, gure betikotasunerarteko gaia bihurtu behar dugula berriro ere ematen duelako, autoreak sartzen dituen erdarazko hitzez ari naiz, oso gutxitan egin arren, sartzen dituen kasu apurretan arrazoirik ez dagoela horretarako uste dudalako, ez gaiari arintasuna emateagatik, eta ez herri-hizkera erakutsi nahi izateagatik.

Oraindik beldur gara hizkera literariaz idazten, herria salduko genukeelako beldurrez, eta ez gara konturatzen hizkera literaria eta mintzatua arras bestelakoak direla, eta are gehiago izan behar dutela. Azken batetan saldu behar ez dugun bakarra irakurlea baita, bera eta beraren kontzientzia linguistiko gutienezkoa, hizkuntza on, polit eta edozertarako trebe edukitzearena, alegia. Euskararen arazoak ez dira jendearen irakurtzeko zaletasun izugarria eta irakurtzearen ezinatik sortzen, euskal jendearen analfabetismoak baizik. Irakurtzeko gauza dena, dena da irakurtzeko gauza, eta bestek mailaz maila joan behar du ikasiko badu eta horretarako gogotan badago. Hori da, izan ere, euskara oinarrizkoa delakoaren funtzioa. Absurdua baita nire ustez, euskal hizkuntza literariaren eta euskal idazleen problemak alde batetik, eta bestetik hamar urtez behintzat, munduko jende alfabetatu guztiak bezala, beraren hizkuntza eskolan landu ez duen irakurlegoaren arazoak parekatzea.

Liburua erostekotan, edozein liburudendatan.


Gaiak. Pedagogia

Ikasgaia jokua bihurtzen denean...

Klaseak emateagatik gero eta txartoago egiten dut euskaraz, esaten zidan nire lagun batek... kopetaraino nago. Beharrezkoa ez balitz, lan hau utziko nuke...

Kolejio batetan hasi naiz irakasle, eta bertoko "teacherrak" —umeak holako bereizketak egiteko oso trebeak dira: erdaraz ematen dutenak "seño" edo "profe", segun arra edo emea den; ingelesekoa, "teacher"; euskarazkoa, "andereño"...— horrela mintzatzen zitzaidan: "erru asko eta asko hartu dut ahozkatzean klaseak ematen dudanetik... Zuk ez duzu nabaritzen?"

Klaro baietz! Baina ba dago ere alde positiborik. Klase emateak ikastera behartzen zaitu. Irakasten hasi naizenetik hona gauza asko ikasi dut, bai metodologia aldetik eta bai hizkuntza aldetik ere.

Metodologiari buruz komentatu nahi dut. Zuen ikasleek ondo ikasten dituzte aditzak? Nik ditudan batzu ez dira trebeak prezeski. Errepika eta errepika eta komo-si-nada. Beraiek jo eta ke: "Ni mendian dator", "Bihar etorri dut", eta horrelako perlak.

Beti izan naiz noten kontrakoa, baina ez badute ikasten, goiko mailara pasatzea txarragoa litzateke... Pentsatuz eta pentsatuz, nire filosofia aldatu dut. Hizkuntza bat ikasteko, eta gure kasuan hamaika bider argiago, berarenganako jarrera positiboa behar da. Bestela galduta, nahiz eta goitikako legeak... Huts egingo dute Matematikatan egiten duten beste. Jarrera positibo hori lortu behar da. Gustoz ikasi behar du... Eta zein da umeari gehien gustatzen zaiona? Jolasa, dudarik gabe, eta jolas egiteko edozein gauza egingo du: ikastea ere bai, gero eta gehiago jolasteko. Gainera, jolasak zerbait, gehienetan asko, irakasten dio ere.

Honetaz jabeturik, handik eta hemendik bilatuz, nire klasea joku bat bihurtu dut. Esperientzia positibotzat ematen dudanez gero, hona hemen guk egiten ditugun gauza batzu.

Kartulina pilu bat hartu. Aditz sintetikoak egiteko 100 x 70ko errektanguluak egin. Goiko partean aditzaren partizipioa jarri eta behekoan pertsona. Ilustrazioa ikusiz hobe ulertuko duzue. Aditz pasiboak margo ilunez eta ergatiboak argiz.

Hola eginez, kartetan aritu behar. Kateto moduan edo, bestela "seises" delako moduan ere polito ematen duzu astia eta, derrigorrez aditza irakurri behar dute.

Horrela ORAIN aldia ikasiko dute. Berezko jotzea ez duten aditzak eta aldiak erabiltzeko, kartoien tamainoa 80 x 25koa izango da. Arau berbera erabiliko dugu, pasiboak direnak kolore ilunez, eta aditz laguntzailea, IZAN, beltzez. Ergatiboak, berriz, kolore argiaz. Laguntzailea, UKAN, zuriz jarriko dugu.

Nahi baduzu, horrela lortu dituzun fitxak ebaki ditzakezu, puzzle formak egiten. Hola, hobe ikusiko dute ordena nolakoa den.

Beste zera bat: Hiztegia emateko gauza bakoitzari bere izena txartel batetan jarri diot. Horrela utzi ditut epe batetan eta gero kendu. Hau eginez gero, IKUSI MAKUSI jolasa erabiltzen dugu. Ez dakit arinagoa izango den ala ez, baina, gutienez, hobe ematen dugu denbora, eta, gainera, gauza aurretik ez dutenez ikusten, ez dute erdarazko izenarekin asoziatzen. Izena eta gauza ea ondo asoziatzen duten ala ez jakiteko, erraz: igarriz gero, non dago? galde dezakezu.

EKATXA


Gaiak. Eritziak

Ondoan doakizuen artikulua, lehengo alean "ANAITASUNA-ri buruzko inkesta"-n argitaratzekoa zen, baina zoritxarrez berandu heldu zitzaigunez, oraingo honetan ematen dizuegu.

Inkestaren galderak hauxek ziren:

1) ANAITASUNA irakurtzen al duzu? Eskuharki?

2) Zure ustez eraginik eduki al du? Ba al du?

3) Zer eman diezaioke ANAITASUNAk orain eta geroko euskal prentsari?

 1.- Bai irakurtzen dut ANAITASUNA. Ez dut uste joan den azken hamabost urtetan ez dudala zenbaki bat ere gutxi edo asko irakurri gabe utzi. Gainera ale guztiak enkuadernaturik ditut.

2.- Ene ustez ANAITASUNAk lehen askoz ere eragin gehiago zuen. Arrazoiak bi dira nere eritziz, bata egoera politikoaren aldatzean bilatu behar da, zeren lehen ez baizegoen "euskal" prentsarik, euskarazkoa ez bazen, eta hauetan gure gustoagoko albistea, kronika edo fondoko artikulua aurkitzen genuen. Kultur-politika militantzia nolabait ANAITASUNA, ZERUKO ARGIA eta antzerako aldizkarietatik bideratzen zen, agirikoaz ari naiz. Bigarren arrazoia, ANAITASUNArena berea da, lehen baino sektarioagoa eta integristeagoa baita gaur egun.

ANAITASUNAk eragin asko galdu du aspaldi honetan ezker abertzalegoa batzen baino zatitzen gehiago ibili delako. Badirudi lehen antifrankista izaten denok elkartzen ginela, eta orain frankismoa edo neofrankismoa guztiz deusestatuta balego bezala —nork esan ANAITASUNAko "rupturistek" hori pentsatzea!— alboko etxekartekoei eztena sartzea dute bere estrategia. Frankismoaren oinordekoekin zergatik ez ote dira gehitxoago sartuko!

Hala eta guztiz ere badu eragina, nahiz eta hori sektore zabaletatik estuetara edo konkretoetara murritzen joan.

3.- Euskal prentsari ANAITASUNAk gauza asko eman diezaioke. Beste batzuk aipatuko dituzte beste emaitza batzuk, nik hauexek aipatuko nituzke.

- Behinola zuen liberaltasuna berreskuratu. Euskaldunon gaixoetariko bat integrismoa dela dirudi, eta hau ez da beti eskubitik etortzen, "ezkerretik" ere agertua zaigu eta usu azken urteotan. Ez diot honen errua ANAITASUNAri botatzen, giro zabalduegia eta nabarmenegia baita bera errudun izateko. Hala eta guztiz ere integrismotik liberaltasun progresista batera igarotzea eskatuko nioke ANAITASUNAri.

- Euskal prentsa kinka larrian dagoela bistan da. Ez da aski gaurko alderdi edo politikariei horren errua botatzea. Baliteke euskal aldizkarien arduran egon direnak —eta ez dute meritu makala hain egoera larrian aldizkariari iraupena ematea, aitortzekoa eta eskertzekoa da— ez dutela egoera berriaren aurrean estrategia aldatzen jakin. Estrategia berri bat eskatuko nioke bigarrenik.

- Hirugarrenik euskal idazlegoa hain urria izanik, dugun horren zati bat uxatzen ibili beharrean hurbiltzen saiatzea. Ez litzateke emaitza txarra, orduan Euskadiko minoritarioen gehiengoa izango luke barnean, eta ez minoritarioen gutiengoa.

- Euskal inteletualgoarentzat lehio ireki bat izatea litzateke ANAITASUNAren beste emaitza bat. Intolerantziaren itxasoaren erdian elkartze lan bat aintzinatzea.

- Gernikako Estatutua onartu dugunoi gure aukera berena bezin noblea izan daitekela pentsatzea eskatuko nieke ANAITASUNAko arduradunei. Irain, lorrin, ezten eta azkon ugari bota digute traidoretzat aurretiaz hasita. 180 graduko itzulia egiten ez badute, euskal irakurlego eta idazlego multzo bati ez digu atsegin gehiegirik emango ez idaztea, ez beharbada harpidedun jarraitzea ere. Orain, euskal prentsaren sektore ideologiko jakin batena izatea nahi badu, eta eskubidea du jarrai beza ildo horretatik. Baina horri munduan zehar alderdiko prentsa zaio. Esan beza eta denok adiskide, bakoitzaren bidetik.

- Azkenik, egungo euskal gizartea transformatzea nahi badu ANAITASUNAk eta ez litzateke emaitza txarra, dugun errealitatea kontutan hartzea, txarra bada txarra, ghetotik edo bere kee ingurutik atereaz. Hau ez da nik asmatutako zerbait askori entzun diodan konstatazio bat baizik.

Euskal prentsari hau eta beste asko eman diezaioke ANAITASUNAk. Dena batera ezin badu ere, AURT berehala egin dezala behintzat. Aurretiaz eskerrak.

J.L. Lizundia


Gaiak. Artea

Hans Hartung pintorea

Pariseko "Musée d'art moderne"-k, Hartung-en formazioaren urteetako pinturak erakusten ditu. Bestaldetik ere, Madrilen, laster izanen da erakusketa bat, "Rayela" deritzon erakustaretoan.

Ohar biografikoa

Berne-Joffroy, arte kritikalaria dugu, erakusketa honen antolatzaile eta arduraduna; oso dokumentatuta eta zainduta, prestatu duen Hartung-en haseretako lanen antolapena. Hartung nolako gizon moeta zen ikusteko, eman dezagun ohar biografiko bat.

1904.ean jaioa Leipzig-en, Dresde-n bizi izan zen, 1932.rarte. Oso gazte zelarik hasi zen pintatzen, Rembrandt-ek eta geroago, Kokoschka-k, Noldek eta Franz Marc-ek eragina (Expresionista alemanak).

1922.ean jadanik, akuarela eta marrazki abstraktoak pintatzen zituen. 1925.ean, Kandinsky pintorearekin elkartu zen, baina Hartung-en aitak agindurik, gure pintorea, Leipzig-eko, Dresde-ko eta München-eko akademietatik pasatu zen, bere nortasuna artistikoa erabil zinik, eta obra figuratiboak tarte horretan eginez. Baita artearen historia eta filosofia ere ikasten zuen. Hainbat bidai egin zuen edonondik, Frantziatik, Holanda, Belgika eta Italiatik hain zuzen.

Dresde-n prestatu zuen bere lehen erakusketa 1931.ean; hots, hogetazazpi urte zuelarik. Espainian izan zen 1933.ean eta hurrengo urte horretan pinturatan eta zirkulu politikotan murgildu egin zen. Berlinera itzulita, "Gestapo"rekin burrukatu eta espetxeratuta izan zen baina laster kaleratu zen ingurune kulturaleen eraginari esker. 1939.ean betirako utzi zuen bere sorterria eta "Lejion extranjera"-n enrolatu zen Alemania nazitarren aurka jotzeko. 1944.ean eta, guda baitzen, zauriturik geratu zen eta zango bat falta zaio ordudanik. Hurrengo urtean frantsez nazionalitatea lortzen du eta pintatuz jarraitzen du, Frantzian sortutako giro abstraktoaren eragileren bat bera izanki.

Geroxeago, anitz erakusketa egiten du, berari buruzko Alain Resnais-ek zinegileak filme bat egiten duelarik. Nazioarteko txapelketetan sari asko lortzen du, hala hola Guggenheim saria edo eta Veneziako bienalaren sari handia.

Bere pintaera

Erakusketa honen antolatzaileentzat Hartung dugu dudarik gabe, abstrakzio lirikoaren haseran, Frantzian hainbat fruitu eman duen arbolaren ereinzalea. Bere pintaeraren jatorria, Jacques Michel-ek dioskunez, grafismoz eta modu kaligrafikoz pintatzea da. Egiten dituen lohidureek ez dute errealitatearekin harremanik, energia, hunkipena, ideia, agerrarazten dizkigute. Esan dugunez, 1922.tik aurrera eta jadanik, grafiaz egiten zituen bere koadroak. Urte horretan Rorschach ere hil zen, zeinek, deskontzienteki eginkako marrazkietatik eta lohiduretatik, egilearen subskontzientearen baitan aurkezten diren asmo eta ideia zirriborratuak ateratzen baitzituen. Artistaren lohidurak eta psikologoarenak, antzekoak baitziren. Itxuragabeko forma horietatik Hartung-ek saitzen duena zera da, lengoai plastiko bat sorreraztea. Norberaren zidarra bertan irakur daiteke. Hartung-en obrak ispilu batetan bezala funtzionatzen dira, ikusleak koadroa begiratzean bera irakurketa jarri behar du, bere aurpegi propioa bailitzan; obra enteligatzeko guttienez.

Gaztaroan, Hartung expresionisten hurbil ibili zen, Marc eta Corinth estimatzen, baina laster ukatu zuen haien eragina eta giro artistiko horretatik aldegin zuen. "Expresionistek, beren sentimentuak pintatzen zituzten anitz indarrez baina formen kaosean barne" esan zuen.

Ba dirudi, Paulhan-ek dioen bezala, garai hartan, Hartung-ek krisis mistiko bat jasatea eta bere ahalegin erlijioso horiek pinturarenera ere eramatea. Horregatik hain zuzen ere, konprenigarria da Hartung-ek berak egindako Rembrandt-en aurkikuntza. Azken batez, aurkitu bazuen sentimentu erlijioso nahas bati esker egin zuen Rembrandt-en baitan beraz, bere marrazki arina eta aipagarria, bere irudiaren esandura haren marrazkiak zuen expresionismoz gelditu zen gaindituta. Jacques Michel-ek dioskunez, 1925.ean Hartung eta Kadinsky elkar topatu zuten. Errusiar pintatzailearen obrak ikustean, Rembrandt-en marrazkietan aurkitu zuena berriro topaTzen du: konposizio abstraktu batez, expresioa osatu ahal zitekeela berez, hots, irudirik gabe.

1925ean gutti gora behera, Pariseko pintore geometriko abstraktuek, pintaerari garbiketa bat egiten ari zitzaizkion. Berauentzat aldiz, Hartung-ek elementu erromantiko bat sartzen zuen pinturatan eta elementu hori antimodernoa omen zen formalisteontzat, adimenez oinarritzen ez zen pintaera bat hain zuzen. Parisekoek teorietan finkatzen zen pintura egiten zuten; Hartung ordea, portaera teorikorik gabe, itsuka zebilen, norberaren sentimentuari eta ez beste inori entzunez. Hartung-en Pintura lehen aldiz erakusterakoan guttik onartu egin zuen eta bide artistikoa hestukiro egin behar izan zuen, ezaguna izan arte. Hestutasun horietan bere pintaerak ere aldaketak pairatzen ditu. Honela, egun batetan, egiten ari zen guztia lagatzen du eta 1922.eko lehen marrazkiak eta koadroak berriro hartzen ditu, "iturrietara itzultzeko, lohidura informaletara", eta borondate sakon eta berri batek lagunduta, xahutasun plastiko baten bila abiatzen da. Lan guzti horien ondorioak emeki emeki sortzen ari ziren: 1927.ean egiten dituen marrazkiak eta 1933.ean pinturak, "expresionismo-abstraktu"zko lehen obrak dira. Barneko hunkipenaren keinuak dira; eskuak, gorputzak sorreratzen dituelarik barneko energiak agertzen dizkigu. Amerikarrek geroago pintaera berri honi "expresionismo abstraktua" deituko zioten.

Azken gerra-urteetan sosik gabe dagoenez paperatan egiten ditu eder-lanak. "Action painting" taldea etorriko zen geroago eta talde horren aintzindariren bat zenez ospea heltzen zaio azkenez.

Hartung-entzat, gizonak espresatzeko beharra du eta delakoa munduaren esperientzi baten laburpena da. Lohidura ttikiena, keinu ttikiena, orokortasuna bilakatu behar dira. Hartung-en keinuek lohidura batzu baino gehiago eskeintzen dizkigute: Une bakoitzean, gauza bakoitzean eternitata dagoela frogatzen du.

J. Sendagorta


Gaiak. Elkarikuska

Silvio Rodríguez: herri askean, zoriontsua

Silvio Rodriguez ezagutzeko abagadunea eduki genuen lehengo egunean Bilbon, Pabellon de Deportes delako aretoan Pablo Milanés-ekin batera emango zuen ekitaldian aritu baino lehenago.

Ia ordu baten barru denetaz hitzegin genuen: Bere kantez, Kubako egoeraz, poesiaz, Trobalari berriez, Euskal Herriaz... ordu horren barru "Iraultzaren trobalari" honen nortasuna eta apaltasuna ikusterazi genuen nolabait.

 A. Zeure ikuspegitik nola dakusazu Euskal Herriaren burruka?

 S. Nire herriaren bezalakoa. Ni herri iraultzaile batek eratu nau eta benetako adierazpen iraultzaile guztiek unkitu eta lotu egiten naute. Nire ustez Euskal Herriaren burruka, burruka zuzena da, lehentxoago ala geroxeago ondorea edukiko duena.

 A. Zure musikari lotuko gatzaizkio pintin bat. Estatu espainolean atera zenuen lehengo L.P., "Te doy una canción" zela uste dut. Bera al zen egin zenuen lehena?

 S. Bai, bakarrik egin nuen lehena, ICAIC-eko "experimentación sonora" taldearekin lan egiten bainuen lehenago. Kuban horrek, "Días y flores" izena zeukan baina gero hemen, kanta hori debekatu zutenez... "Santiago de Chile" ere debekatu eta, orduan, diskoaren jatorrizko gorputza kendu behar izan genuen eta haien ordez "Madre" eta "Te doy una canción" ezarri behar genituen. Ni ez nintzen egon oso konforme txapuza horrekin, hala ere, egin eta gero enteratu nintzen. Grabaketaren aldetik ez nengoen konforme; kantekin bai. Grabaketak oso txarrak ziren, grabaketa arruntak hain zuzen, monoauralak zirela esan nahi dut, oso kalitate txarrekoak.

 A. Bene-benetan, herri libre batean bizi al zara?

 S. Guztiz. Bestela ez nizuke kondatuko.

 A. Enbasadaren arazoari esker Kubak gaur munduaren aditasuna hartu du. Gehienik entzun den gauza zera izan da Errefuxiatuen artean zegoen homosexualen kopurua. Nola da Kubako bizitza sexuala?

 S. Beno bada, ez duela inork sudurrik sartzen besteren bizitza sexualean... esango nuke... gauza batzutaz harrotzen ez badira behintzat edo norberaren bizitza sexuala agerian erakutsi nahi ez duten bitartean. Haurrak usteltzea debekaturik dago, jakina. Adingabeko lilurakeria (1) eta... gauza guzti horiek zigortzeko ba dauzkagu lege batzu... abortoa legezkoa da, antisorgailuak (2), eztei aurreko sexu harremanak (3) oso normaltzat hartzen ditugu. Homosexualitateari buruz zera esango nizuke: Ikerketak egiten hasi direla horri buruz, ea normala den ala ez jakiteko. Hala ere ba dirudi munduak esistitzen duenez geroztik ba dagoela eta gu geu, haurrak usteltzen ez diren bitartean, ez gara ezertaz sartu behar. Gelatxo batean zarratuz gero eta horretarako diskretasun guztiak erabiltzen badituzu zeure bizitzarekin nahi duzuna egin dezakezu.

 A. Egiatan poeta al zara zu?

 S. Ez dut nik nire burua poetatzat hartzen. Ni trobalaria naiz. Konexio kultural batzuren produktua nauzu. Poesia eta musika batzen direnean fenomeno bat sortzen da eta delakoak trobalaritza izena du. Fenomeno mulatua eta mestizua, poesia eta musika elkartu egin baitira.

 A. Zure kantak aztertzen baditugu maitasun platonikoak eta amodio zehatzak aurkitzen ditugu, maitasunezko etsipenak, pasadizoak.

 S. Bai, maitasunaz kanta asko dut baina kantalaritza barruan kokatu behar dira, ez banandu. Nire ustez gizonak, gertatzen zaion orori buruz idatzi egiten du eta amodioa, maitasuna, gun denori dagokigu. Gainera, jendeari kezkatu egiten zaion fenomenoa da maitasuna eta nola ez, kantatzen dutenei ere bai. Nik biziro maite dut, horregatik maitasunari asko ematen diot.

 A. Ezkondurik al zaude?

 S. Bai eta zortzi urtetako alaba bat dut.

 A. Abesti batzu kantatzen dituzula eta ba dirudi Batista-ren garaiaz nolabait maite minduta zaudela oraindik, "Cierta historia de amor" kantatzen duzunean hain zuzen ere.

 S. Ez. Zera gertatzen da: Kanta batek gure ingurugiroan zentzu berezi bat dauka eta baliteke beste inguro ezberdin edo unibertsal batean beste zentzu bat edukitzea. Kanta hori matxismoaren kontrako kritika da. 69. konposatu nuen 22 urte nuelarik. Bertan, bikote batek zituen harreman deshumanizatuak aipatzen ditut, emakumea objektutzat hartzen delarik.

 A. Zertaz arduratzen zara gehien? Konposatzen edo kantatzen?

 S. Konposatzen. Eskatuz gero, kantatu egiten dut, jakina. Baina nire benetako ardura konposatzea da. Zinerako, teatrorako, telebistarako musika egiten dut, nire kantak, konponketak, grabaketak egiten ditut eta "Nueva Trova" taldearen egituraz gain lan egitea da ene ardura.

 A. Laster zure disko berri bat kaleratuko zaigu hemen, ez da?

 S. Bai. Ekainean. "Rabo de Nube" izango da ene lan berri hori. Ene sorterrian, bertako nekazariek ekaitzari horrela deitzen diote. Rabo de Nube, hodeiadarra, beraz. Honela diote hitzek:

"Si me dijeran pide un deseo, preferiría un rabo de nube un torbellino en el suelo, y una gran ira que sube, un barredor de tristezas, un aguacero en venganza que cuando escampe, parezca nuestra esperanza. Si me dijeran pide un deseo, preferiría un rabo de nube que se llevara a los feos, y se llevara el querube, un barredor de tristezas, un aguacero en venganza que cuando escampe, parezca nuestra esperanza".

Dakusazunez hitzak nahiko infantilak dira, poesiaren aldetik behintzat. Haurtzaroaren oroitzapena agian. Diskoak atal ezberdin asko du. Denetariko zerbait ba dago tartean, alegiak, maitezko kantak. Ba dago bat, kanta guztien laburpena izan nahi duena, La Habanan 78.ean ospatu egin zen gazteriaren XIX jaialdirako konposatu nuen kanta ere ba dago. Denetariko pixkat.

 A. Zergatik etorri zarete Euskadira kantatzera eta zergaitik K.A.S.-ek antolatuta?

 S. Kantatzera beti lagunek gonbidatzen gaituzte. Kasu honetan lagun horiek gonbidatu gaituzte. Gainera ez dago ezer harritzekorik. Euskadira etortzea normaltzat hartzen da.

 A. Eta zuk nola dakusazu E.T.A.k eramaten duen burruka armatua?

 S. Burruka armatuaren bidez geuk iraultza bat lortu genuen. Nazioartekotasunaz baliatzen gara, herriak laguntzen baititugu, askapenerako laguntzen ditugu, Afrikan bereziki.

Niri dagokidanez, —erantzun hau guztiz nirea da,— iraultza egitea lortzen duen burruka guztiz begikoa zait eta ez dit inportik besterik.

 A. Nola topatzen duzu Afganistanen inbasioa?

 S. Inbasioa? Laguntza esan nahi duzu, ez da? Sovietarrek Afganistan-i eman dioten laguntza. Nik uste dut afganiar iraultzaileak poz pozik egon behar direla, iraultza hasteko posibilitatea eduki dute eta. Kontrairaultzaileak noski, ez dira pozik egongo.

 A. Ongi topatzen duzu beraz Sovietarren gobernamendua? Ez al duzu uste burokratizatuegirik daudenik?

 S. Eta zu zenbat aldiz egon zara URS-en? Ni hiru. Azkena baina 75.ean Sovietar Herria, herri askatua, iraultzailea dela esan diezaizuket. Sovietar Herriak sozialismoa nahi du zabaldu munduan zehar. Sozialismoa hala ere, historiaren mailaldi inperfektu eta osagabea da baina bide hauetan zehar iragatea beharrezkoa da komunismora heltzeko eta horretara ez du inongo herrik oraindik iritsi.

Gainera oraingo kontragiroan, sozialismoa eraikitzea zailegia da, hor daukazu kapitalismo boteretsua alde guztietan; hor, imperialismo jatuna, horiek guztioriek gauzak nahastu egiten dituzte.

 A. Zure zenbait kantatan erlijioari kritika estalia egiten diozu Zuretzat kristautasuna pentsamendu ez garatuen ohituraren bat dela dirudi. Jainkoagan sinesten al duzu?

 S. Ez, ez dut sinesten. Jainkoa gizona da. Gizonaren borondatea Jainkoa da. Naturaren fenomenoak ulertzen ez zuenez, gizonak jainkoak eraiki zituen. Hala ere, naturaren fenomenoen aurrean gizona nolabait oraindik ere unkitzen da eta unkituz jarraituko du eta horrek seguraski mistizismoa ekarriko dio.

 A. Erlijioa herriaren opioa dea?

 S. Zenbait herritan bai.

 A. Zeinetan, esaterako?

 S. Ez dut nahi esan. Nik ez dut nahi herrien kontra sartzerik, gero bertara zatozenean kazetariak galdezka hasten zaizu eta ba dakizu. Zera esango dizut, Kuban esaterako, erlijioa ez da herriaren opioa.

 A. Erlijio-askatasunik al dago?

 S. Noski baietz! eliza guztiak irekirik daude baina gainera gizarte zuzen eta orekatu batetan bizi gara, produkzio guztia langileen eskuetan dago eta dagoelako, erlijioa ezin izan daiteke opioa.

Honela dugu Silvio Rodriguez. Gure garaiotako trobalaria, kubatar kulturaren landatzaile bat. Bere hitzek diotenez. «Herri askean, gizon zoriontsua».

1) Perversión de menores.

2) Anticonceptivos.

3) Relaciones prematrimoniales.


Gaiak. Gramatika

Denok guztiok

Azkeneko ANAITASUNAn, "Gramatika Gaiak" sailean, "Denok Iruineara" ez eta aldiz "Guztiok Iruñera" egokiagoa datekeela dio J. R. Etxebarriak. Guztiz nator bat delako perpausaren bigarren elementuari dagokionez, baina denok / guztiok alternantzian bestelako ustea dudanez gero, neure iritzia azalduko dut; okerbidean banago ere, irten ahal izateko.

Hartzen badugu Lafitteren "Grammaire Basque"a, zera irakur dezakegu 109. orrialdean:

 "Guzi, tout, se construit d'ordinaire comme un qualificatif", eta adibide hauek ikus daitezke:

- etche guzia, toute la mansion; etche guzietan, dans toutes les maisons.

- etche guzia bethea zen, toute la maison était pleine.

- etche guziak erre dituzte, ils ont brûlé toutes les maisons.

Aurretxoago: "dena, tout, se décline su le pluriel de gain. Il n'est jamais adjectif, mais toujours pronom. Au singulier, il n'a que le nominatif".

Ex: dena jan du, il a tout mangé; denak hil dira, tous sont morts; denetan bada zerbait, il y a partout quelque chose.

Patxi Goenagaren "Gramatika bideetan" liburuan ere, zera irakurtzen da 69. orrialdean:

 "Guzti ere determinante mota bat dugu. Izenaren multzoaren eskubitara joan ohi da beti".

eta 70.orrialdean:

 "Guzti, berriz, bakarrik ez ezik, izenaren multzoari lagunduz ere agertzen zaigu".

Nire aburuz, nahiz eta "guzti" bakarrik ager daitekeen, berezko lekua izenaren multzoaren ondoren du; eta izen multzorik ez badago, "dena" izango da egokiena. (Noski, hau bi elementuak erabiltzen direneko kasuan da baliagarri bakarrik).

Nik, zenbait liburu hartu eta aztertu egin ditut; eta nahiz eta kontsiderazio asko egin zitekeen, laburkiro azalduko dut atera dudana.

- Axularren "GERO"a (1) aztertzen badugu, "dena" behin ere ez darabilela ateratzen dugu. Beraz, alternantzia ezinezkoa da.

226 aldiz aurkitu dut "guzti" (eta honen sailekoak) determinante moduan eta 46 aldiz, bakarrik. Aipatu behar da Axularrek ez duela "oro" erabiltzen (zenbait salbuespen ezik) eta beraz, beti, derrigorrez, "guzti" sailaz baliatuko da.

- Fray J. Antonio Ubillosen "CHRISTAU DOCTRIÑ BERRI-ECARLEA"an (2), 125 aldiz agertzen da "guzi" determinante gisa eta 26 aldiz, bakarrik. Hemen ez da agertzen ez "dena" ezta "oro" ere; behin ere ez.

- Duvoisinen "LABORANTZAKO LIBURUA"an (3), "guzti" 93 aldiz agertzen da determinante moduan eta 16 aldiz, bakarrik. "Denak" behin aurkitzen dugu, honako esaldi honetan:

 "sorhoak denak igeltsu errearen herautsez zurituak" (194.orr.)

Hiru idazle hauek, ez dituzte erabiltzen ez "dena" ez "oro", ezinbestekoa daukate beraz kasu orotan "guzti" saila erabiltzea. Oharterazi behar da, hirurok ipintzen dutela "guzti" erakusleen ondoren, ez aurrean. Adibidez:

 Axular: "hura guztia" (31-19); "hek guztiak" (25-6,...); "hauk guztiok" (209-126,...)...

 Ubillos: "hau gucia" (18 eta 91); "Ori gucia" (122); "oez guciaz" (148). (Lau exenplu bakarrak dira.).

 Duvoisin: "horiek guziak" (18); eta (304); "horiek guziek" (58); "hori guzia" (305); "horien guzien" (306). (Bost adibide bakarrak).

- Denboraz atzera egiten, zera aurkitzen dugu "DECHEPARE"ren idazlanean (4):

 "guzti" 33 aldiz determinante bezala eta behin, bakarrik. Perpausa honetan hain zuzen:

 "Andre leyal honengana goazen, othoi, guziak" (92.orrialdea).

 "Linguae Vasconum Primitiae"an ez da "dena" erabiltzen, baina bai, berriz, "oro" saila, eta aipaturiko kasuan izan ezik, gainerakoetan "guzti" sailaren lekua betetzen du, bakarrik joanez. Adibidez:

 "Orok egin orai penitentzia" (62)

 "Orotarik zerraturik daude pausu guziak" (74)

 "Oro galdu girade" (90)

- Txomin Agirreren "GAROA"n (5) 143 aldiz agertzen da "guzti" determinante legez, eta 10 aldiz, bakarrik. "Dena" 64 aldiz agertzen da, bakarrik. Adibidez:

 "Denak ezagutzen naute" (22)

 "Danerako zeukan" (220)

eta 10 aldiz determinante gisa:

 "etxe artako danak" (63)

 "asmo danak" (60)

 "KRESALA"n (6), 127 aldiz dager "guzti" determinante bezala eta 8 aldiz, bakarrik. "Dana" 39 aldiz, bakarrik; hamabi aldiz determinante gisa.

Bi nobelotan, zenbait kasutan argi dago aldatzearen arrazoia bariazioa dela,

- Azkenez, Txillardegiren "ELSA SCHELEEN" (7) delako liburua aztertu dut, zera lortuz:

 "Guzi" 82 aldiz agertzen da determinante bezala,

 Adib.: "inguru guzian"(16); "hau guzia "(17); "alde guzietara" (92) lau aldiz, bakarrik,

 Adib.: "Hogei-ta-hamar bilduko gera guzira" (91)

 "Ongi neurtzen ez baleki bezala esan zuen guzia" (177)

 "Guzia txit gogorra izan zaidala"(238)

 "Hau da guzia" (240) eta 70 aldiz agertzen da "dena", beti bakarrik.

 Adib.: "Hau da dana" (17); "Dana beraz..." (37); "denen artean" (96)...

 Konklusioa: Estudio zabal bat egin beharko litzateke guzti/dena/ororen erabilpena ikusteko, baina, nik uste, zenbait argi atera daitezke hemendik:

a) Lehenengo hiru liburuotan "guzti" erabiltzen da ia beti; ez "dena" ez "oro" erabiltzen baita.

b) Detxeparek kasu bakar batetan darabil "guzti" determinante gisa joan barik, gainerakoetan "oro" saila erabiltzen du.

d) Txomin Agirrek, "dena" darabilela, bakarri ipintzen du preferentki, nahiz eta determinante gisa batzutan erabili ere. "Guzti" determinante bezala doa eskuarki.

e) Txillardegiren liburuan (eta azken urteotako lanotan jokabide berauxe ikusten dela deritzot), "guzi" beti determinante gisa doa, eta "dena" bakarrik; salbuespenak ezik.

K. Santisteban

Oharrak:

(1) Villasanteren argitalpena, 1976.

(2) Hordago argitaletxea, 1978.

(3) Hordago argitaletxea, 1978.

(4) "Olerkiak". Txertoa argit... 1978.

(5) Arantzazuko Argitaraldia, 1966.

(6) Arantzazuko Argitaraldia, 1976.

(7) Elkar argitaletxea, 1978.


Bertsotan [Olerkiak]

Bart, ametsetan nenbilan

zure gorputz liraña estutua

nere besoetan neukala.

Zer gitxi falta izan da

Zoriontsuak izan gendizan!

Zureganako gaukaten garra

momentoz zoratzen nau

eta zure ondotik alde egitea

etsaiak niretzako dauken

zigorra lezkoa da.

Buruko uleak,

itxasoko zilarrezko-aparra baño

dir-dir gehio kezkate egukian

eta arratsalde gorriko haizeagaz

dabiz

batela bezala, itxaso zabalean

Kezuarren lorrez

1980 Apirilak 8

Lagun maiteak nere bihotza

edurrez dago estali

Txindor gorriak atzo goizean

itzuli ziran zuri

Euren Kantu gozoak

negar bihurtu dira aspaldi

horrelakorik bakarrik gerta

izaten yatezak niri.

Edurragaz biyotz zurian

benetan dadukat otza

zuen ondotikan ibiltzea

egiten yata latza;

mundu honetan azken pausoak,

lehenbizikoak lez, motzak

kantoi batetan goiz ilunean

bakardadean natza.

Apirilak 9

Goizaldean txoriak txioka

nagitasuna kentzen dabe;

bedarrak, gabaz egineko

malkoak

leortu daroez;

abere gaizkiñak

arzuloetan sartzen dira

eta ni... n...

Kalean zehar

gabeko penak neurtzen.

Gizondu nahi nuke

eta gizartean izugarrizko ostopoan dot

Nire inguruan,

otso, oilo eta sapokeriarik

baño

ez dot aurkitzen;

eta nire burua itauntzen

dot:

"Ete zaren zu otso gozeduna

oilo zatarrena,

sapo azeriena?"

Eta nik... eta guk...

gatsizena daroagu sorbalda;

arraza madarikatuen

abizena:

giza-abereak gara.

Nerau askotan, pentsatu ta

gero,

lotsatu egiten naz:

"Ni izango ete naien

txakurrik txakurrena?

Eta ni... aurrera!

berotatik illunetara

eguzkitik gerizpetara.

Goizeko irutzak

biyotza izozten nau

eta orain konturatu naz

illunetako gauzak, margorik

ez daukiela

eta nire itsutasunean

bide gabe...

helburu gabe...

ba noa

eriotza aurkitzeko

bideruntz.

Apirilak 9

Hementxe natza

inork ez nakusta

norbait balego

zirrin-zarran

berenganatuko nintzen

naiz ta osta-osta ibili

baña, alperrik!

Iluntasun sakonen ixiltasunean

Zeruan dauzen guztien artetik

izar txiki batek begiratu nau

Nahi ta nekez

barre egin dotset

eta izar txikiak

keñuka erantzun deusta

Iñork ez nakusta

norbait balego.

Baña nik itxaropena ez dot galdu:

nire biyotzaren desesperazio irrintzia

lañoetaraño heldu da

izar txikiarengana

eroan naien

1980 Apirilak 10


Agur bero bat "Lepo gudariari" [Olerkia]

Berrido ere EUSKADI

negar ta malkotan

oraingoa izan da

Elgetako herria

Gizon aundi ta apala

"XABIER ARANZETA"

erahila izan zan

Apirilaren 28.an.

Gorputzez txikia zen

biotzez aundia

EUSKADI maite zeban

barren, barrendikan

bere zerbitzurako

jaioa omen zan

demostratu egin du

bere borroka gogorrean.

Sarritan izan giñan

biok elkarrekin

dantza, izketan, ta alaitasunez

igarotzen genduzan orduak.

Ongi gogoratzen naiz "XABIER"

biok igarotako orduak.

Uztailak 10.an San Kristobal eguna

orain dala bost urte

egun artan biok joan giñan

San Kristobalera

ordu alaiak igaro ondoren

agurtu bai giñan

geroztik laister izan zendun

"muga" pasatu beharra

heriotzako ordu mingarria

arkitu artean.

Gogoratzen zaituz "XABIER"

biok igarotako

ordu alaietan

naiz gorputza hila ikusi

Elgetako hilobian.

Nahiko otso ibili dira

Elgetako bideetan

iñori utzi gabe

herrira sartzea

ez emateko zuri

azkenengo agurra.

Alan ta guztiz ere

jendea sartu zan

mendiz mendi ibiliz

bertaratu giñan.

Bertan zegon jendea

benetan asko zan

ori ta geiago "XABIER"

merezi zenduan

baño denok dakigu

er gertatu zan

otso geiei zegon

Elgeta inguruan.

Elizkizun ondoren

lurra ematea

irrintzi eta guztiz

joan ziñan zulora

bertan agurtu ondoren

gogoan izango zaitut

EUSKADIKO GUDARI

Mª Isabel Egibar

Bergara


Postaz etorriak

KARTA BATZU GALDU DITUGU

Hainbeste bidaia eta harantz honuntz egiten dugula eta, lehengo egunean Anaitasunako idazkuntzak postaz iristen zaizkigun kartetatik hiruzpalau galdu zituen. Barkatzeko guztiak eskatzen dizkizuegu ez genuen berariaz egin. Hau guztiau euskal prentsaren arazoak dira, Anaitasunarenak bereziki, ez baitugu uste Z. Argiari esaterako, berdin gertatzen zaionik eta hala gerta balekio beraientzat txarrena. Gu gara errudunak eta sutara bota beharko gintuzkete gure irakurleek. Beno zera; gutun horietan denetariko pixkat zegoen. 400.aleari bereziki. Batzurentzat oso ona izan da, desmitifikatua, arina. Beste batzurentzat arinegia eta gai sakonik gabekoa. Esan digute ez dugula artikulu mordoilorik atera behar baina horrek ez duela esan nahi tontakeriak eta axalezko gauzarik atera behar ditugunik. Denetan esaten da huts asko argitaratzen dugula, inprimategiko huts asko. (Eta inprimategikoak ez direnak, maiteak!) —Hori, guk diogu Bta beste batzuk ere, baina ez dira ausartzen lepora botatzen eta lagunartean bakarrik diotsate elkarri.

Beste batek umorerik gabeko karta batean eta gainera erdaraz, "hijo putas, maricones, baba Pestilente de la boca de Bandrés, —Bandresek adurrik al du?—, políticos frustraos" etab. Egillor eta Trifolen komikiarengatik. Hori guztiori izanen gara agian, eta ez diogu arrazoirik ezertan ere kendu egin nahi.

Dena den, hurrengoan, gutunak ez galtzeko ahalegin guztiak eginen ditugu.

IDAZKUNTZA

***

GUDARITZA ETA GEU

Euskal Herrian, Europan eta ea mundu guztian URSS-ek Afganistan azpiratzea txarto ikusia izan da. Gu ere, horri buruz ari izan ba gara, ziur aurka jarri garela baiña pentsa egizue une batez U.R.S.S.-ek gudarosterik ez balu, gudarosterik ez balego, ez zuen horrelako inperialkeriarik egingo. Jakiña, norbaitek esan lezake, berriro ere, betiko "Nik ezin dut hortaz ezer egin" leloa. Gezurra. Orain gudaritza sasoian gagozenok daukagu eta munduan gudarosterik ez balego ez lirateke horren egintza penagarriak egingo. Gudaririk ez ba lego, ez legoke gudarosterik. Gu gudaritzara joan ezik ez da gudaririk egongo. Ez zaitez gudaritzara joan! gudariek botere gehiegi dute edonoren jokabidean stop esan eta euren borondatea egiteko, edozein mailatan, estamentu, indartsuegi bat osatzen bait dute. Hori suntsitu behar dogu. Geure eskuetan dago. Batek ez baina, hamarrek, ehun edo milak gudaritzari ezetz esaten ba diogu zerbait lortu ahal izango dugu.

Jon

***

SEME UKATU BAT

Hain autonomo eta guzti, oraindik txorimalo baten gisan darabizue txukera. Astintzen duzue, frentean aintzinako gerlariak bezala, hauts-zalaparten zirimola artean, begiak pausa, memoriyua lotu ahal dezagun kapitainaren zutoihal —estandarte— beti gora ikusiaz. Ideologo santugile: ideologo gerlagile. Zorionak etxea mila haizetara zabaltzeagatik. Nolatan, artikuluak pagatzen dituzue?... probando-probando... sssss-si... bat, bi, jai... Caja Laboral.

Txukera, zein txukera? Maite dugu autobuseko baserritarren egikera arina, bai eta ere... bai eta ere lehen Nafar gorteetan entzun zitekeen "Desiotan naukazu, Benigna".

Gogora gaitezen Sartre bedeinkatuaz, zeina gazteleraren barne deskolonizazioan dabilen; beste zenbait anonimoekin batean: Agur zuei. Euskara kazetaritzazkoa, horren ondorengoko izango da honoko hau: Variedad pirenaica del Occidental Standart, ondorengo bakarra gainera. Hau da, epe laburrean hiztegi kontua, luzeagoxean, Planifikaziozko azken preso egoskorren mordoilo arkaiko, tramankulu infernala. Karlistak gara gu, beti orainaren untziaren popan, ahal delarik, aurreak erakusten baitu nola dantzatu atzea. Analitzatzeko hiltzen dozu konejua, eta ez da gehiago konejua, interesa duenak entzun beza, ateak dira txukera, zer, txukera non, noiz, txukera norekin, areago, zuzendu nahi badozu, ilusioa zer ete dan, etabar.

Joseba Malasetxebarria

***

Kaixo lagunak:

Orain dela lau edo bost zenbakiz geroztik ari naiz Anaitasuna irakurtzen, eta benetan atsegin zaidala esan beharra daukat.

Betidanik izan naiz Zeruko Argia-ko irakurlea, eta azken aldi hontan gehiegi laket ez zitzaidanez gero, zuena irakurtzeari ekin diot (Z. A. utzi gabe). Oso inpresio ona egin dit, batez ere, Nazioarteko, kultura eta saioetako sailak. EGIN-eko berrietatik atera ezin daitekeen informazioa eskeintzen zait bertan, eta zearo interesgarriak gertatzen dira batzuk. Literatura eta zientziazko artikuluak berriz, oso goi mailakoak zaizkit, jende teknikoarentzako oso egokiak, baina ni bezalako ezjakinentzat interes gehiegirik gabekoak.

400.zenbakia ez zait aurrekoak bezainbat atsegin izan, alde batetik besteetan baino euskara nahasiagoa ikusi dudalako (inprimategiko huts asko eta askorekin) eta beste aldetik, artikuluen maila askoz eskasagoa iruditu zaidanez gero.

Hala ere, bide onetik zoaztela ezin uka, eta horregatik proposamen txiki batzu egingo dizkizuet. Lehenengoz, literaturan, kulturan eta zientziatan darabilkizuen nolabaiteko unibertsaltasuna, gure herriko kultura, literatura eta zientziarekin oreka dezazuela pixka bat eskatuko nizueke; honekin zera adierazi nahi nuke, Malcolm Lowri-rena baztertu gabe, Lauaxetaz, edo Unamunoz era mintza zintezketela, edo beste maila batean euskal etnografiaz, edota "coctail molotov"-en fabrikapenaz. Bigarrenez, politik gaiak eritzi ezberdinetatik ukitzea ere interesgarri litzateke, tribuna bat edo eraturik, zer esango dut nik bada, burruka armatuaz, asanblada mugimenduaz, parlamentu-burrukaz, gai teorikoez, e.a.

Bukatzeko, euskara apur bat gehiago zain eta erraz dezazuela eskatuz, agur eta segi aurrera!

Joxe Mikel (Donostia)


Gurutzegrama