ANAITASUNA

1980.EKO OTSAILAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

397

80 PZTA.


[AZALA]

HATOR GUREKIN JOKATZERA

L.A.I.A. mintzo da

TONI NEGRI...

E. KNOR-ek ANAITASUNAri gutuna bidali

ZUMETA: bost urte haurrei ikusten irakasten


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea.

4. Artikuluburua.

5. Diskoak hamabostero.

6. Antzerkiaz Gasteizen. K. Mendia.

8. Zergatik zu Ana Tere. Xabi.

10. Euskara eta lanbide heziketa. Andoni Sarriegi.

12. Hamabost egun hankaz gora. Bixer, R.O. etc.

18. Korsika burrukan. M.J. Esteban.

20. Feministak eta gainera... piratak. M.A. Landa.

22. Zumeta, bost urte haurrei ikusten irakasten. M.A. Landa.

26. Elkarrizketa biziak. Hator gurekin jokatzera.

28. E. Knor-ek Anaitasuna gutuna bidali

30. Toni Negri: Oinarriak eta bere teoriaren zenbait alderdi (1) Pello Salaburu.

34. L.A.B. Harotza.

36. O.H.E. I. Zuazo.

38. A. Arteta, mendeurrena eta omenaldia.

42. Planetei begira. I. Zuazo.

44. Fisika hiztegia. Aurreranzko pauso gotorra. Txepetxa.

46. Zenbait ohar solte. J.R. Etxebarria.

48. Egeo Itsasoko poeta. Aurtengo nobela.

50. Liburu berriak. Jon Sendagorta.

52. LAIA mintzo da. M. Aldana, T. Trifol.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

IDAZKUNTZA

M. Aldana, T. Trifol

IDAZKUNTZA KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Aldana, A. Eguzkitza, J.R. Etxebarria, M. Izagirre, J. Llerandi, J. Sarrionaindia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

K. Mendia

BIZKAIA

J. Llerandi, T. Trifol

GUIPUZKOA

A. Oiartzabal, I. Urtasun

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAZIOARTEKOA

M. Aldana, M.J. Esteban

IDAZLEAK

P. Agirrebaltzategi, J.L. Alvarez, J. Artzelus, J.M. Artzubiaga, J. Azurmendi, F. Alaña, J.J. Bakedano, B. Barandiaran, J.R. Bilbao, A. Eguzkitza, E. Entziondo, J. Etxebarri, J. Iturbe, M. Kaltzakorta, X. Kintana, S. Laffite, M.A. Landa, J. Mendizabal, J. Orbezua, M. Otazurialde, M. Pagola, X. Portu, K. Santisteban, J. Sarrionandia, J. Sendagorta.

LANKIDEAK

K. Arko, X. Gomez, J. Idigoras, L. Trask.

FOTOGRAFOAK

A. Alday, Imanol, Txaber, R. Zarrabeitia.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

X. Etxenike, Gentz, Monty, B. Zia.

MARRAZKILARIAK

Ttua Taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9-4) 433 58 08

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

lege G.D.L. Bi-1753-1967

PRINTED IN BASQUE COUNTRY


Artikuluburua

Euskadi eta Vascongadak

Zatiak osoa egiten ez duenez gero, zatiari ez dagokioke osoaren izena. Baina Linguistikak ongiaski adierazten duenez, jendearen hizketak arau bihurtzen du usarioa, izenaren semantika zabaldu ala herstutu egiten du, izate berria ematen dio izenari. Guzti honen garrantzia ukaezinezkoa da Euskadin, bereziki zentzu politiko duen "Euskadi" izen (eta errealitate ez den) hontan.

Gaurregun, errealista gaitezen, hiru probintziak, Vascongadak, zati dira eta, politiko gaitezen, ez dagokieke osoaren izena, Euskadi. Ez gara txorakeriaz mintzo.

Komunikabideetan batez ere, eta zenbait eusko eta ez-eusko. Erakunde Publikotan berdin, "Euskadi" izenaz burutzen dute hiru probintziatara hedaturik dagoen ekintza, egintza, gertakizuna, zazpi mugetara zabaldurik balegotzat hartuz, jende xeheak eta eliteak Vascongadetara loturik dagoela jakin ba dakien arren. Eta horrela, egunez egun, tantaz tanta, oharkabean, izenaren semantika herstutu egiten dugu eta izate berria sortzen Euskadi izenari: Vascongadak berdin Euskadi.

Hiru probintziak Nafarroarekin elkartu arte urteak joanen dira; Hegoa Ifarraldearekin elkartu arte hamarkada anitz, seguraski. Eta bitartean, jendearen hizketak, usarioak, arau erreal bihurtuko du hiru probintziez osatutako Euskadi, zentzu politiko zehatza duen semantikaz hornituz.

Ez da aski manifestaldietan "... Euskadi da" oihukatzea, hori ez baita eguneroko usario arrunta. Eta zatiari osoaren izena ez ematea,Euskadi politikoaren alde burrukatzea ere ba baita. Beraz, Vascongadetako hauteskundeak heldu direla eta, kontuz ibil gaitezen izenak (eta noizbait errealitate izanen diren izanak) errespetatzen.

Guztiau biziki sentitzen da Nafarroan eta Ifarraldean.


Diskoak hamabostero

K. ARKO

OSKARBI

EUSKARA ETA TXAKOLINA

ELK-40

Orain dela 13 urte; koro batetik ateratako 4 mutil eta hiru nesken artean Oskarbi taldea sortu zen.

Hasieran planteiatu zuten helburua, abestien iturburuari dagokionez, helburu bikoitza zen; alegia, kanta herrikoiak jaso eta beren harmonizazio bereziaz agertzea alde batetik, eta gaurko olerkarien poemak, musika jarriz, eskaintzea bestetik. Erabiltzen zuten teknika ahotsen perfekzioan oinarritzen zen. Egun, eta diska honetan agertzen denez, instrumentu gehiagoz baliatzen dira.

Kaleratu berria den diska hau Oskarbik ateratako 5.a da. Bertan bost dira kantariak eta kitarra, flauta, flautina eta akordeoia sartu dituzte.

Grabazio honen gai zentrala "Euskara eta txakolina" dugu. Letra Gandiagaren "Hiru gizon bakarka" poemaliburutik hartua dago eta Oskarbikoek jarri diote musika. Kantu luze honen mamia, dei bat da: "Jaso dezagun Euskara" eta ardatz honen inguruan doa abesti osoa. Txakolina, Euskara eta Euskal Herriaren ikurra edo sinboloa dugu, heldu gabeko ardoa baita, ardo garratza. Bestalde, abestiak zenbait atal ditu. 1.an "jaso dezagun Euskara" azaltzen zaigu, deitura gisa, ondoren datorren gaia aurkeztuz. Segidan, dantza alai bat eta doinu melodiko bat agertzen dira. 2. atalean "mahatsaren orpotik dator" eta "Txakolin" kantu klasikoak datozkigu. 3.ean bertsolari doinu bat eta flauta eta gitarraz jotako jazz antzeko airea, azkenean, 4. atalean, azken deiarekin bukatzeko.

Azken diska honetan azaltzen den musika mota berri bat zera da: dantzarako musika kantatua. Lau doinu ditugu era honetakoak, hots, "Agur Bettiri", "Zizperriko kalean", "Branlea", eta "Tilili eta Talala".

Lan hau osatzen duten beste abestiak zerauk dira: "Herriagatik" J.A. Artzeren poema baten gain, "Arta Kamara", herrikoia eta "Defuntuen egunean", X. Leteren poema ironiko batetan oinarritua.

ETORKI DANTZA ETA KANTU BATASUNA

ELK-39

Ba dira 25 urte Etorki dantza eta abesti taldea sortu zenetik. Beraren zuzendari eta sortzaile Philipe Oyhamburu dugu. Aspaldidanik euskal folklorearen arloan hasia, 1942 ean dantzaria zen Segundo Olaetaren dantzataldean. Geroztik, zortzi urtez eraman zuen aurrera Oldarraren zuzendaritza.

Arrakasta handia lortu izan zuen Etorkik bere sorreran, egun ere oso ezaguna izanik. Euskal Herri osoan eskaini dituzte beren saioak, bai hiri handitan, hala nola herri txikietan zehar. Atzerrira ere irtenaldi ugariak egin dituzte. Europa osoan, Asian, Afrikan eta Ameriketan eskaini dute euskal folklorea beren ikuspegi berezitik. Berezia baita Oyhamburuk lortu nahi izan duena; alegia, sustraiak errespetatuz, bere sorterriko folkloretik hoberena hartzea eta antzokira eramatea, egokienak kontsideratu izan dituen gaurkotze eta eraberritzearekin.

Egun kaleratzen den diska, talde honek bere historian argitaratutako beste hiruren ondorenekoa da. Bertako gauzarik aipagarriena zera da: abesteko musikarekin batera dantza eta instrumentuzko musika sartzea. Bestalde, abestiei dagokienez, bakarlari, bikote edo bostekoteak koralarekin aldizkatzea.

Abestien jatorriek nahiko iturburu ezberdin dituzte; P. Oyhamburuk, kantu zaharrekin batera, sartu nahi izan ditu gaur eguneko olerkari eta musikarien abestiak: Landart, Lantziri, Sarasola, Etxamendi, Knor, Sanchez, Garin, Gachi...

Diskan datozkigun kantuetatik lau dira instrumentuz joak direnak: hiru melodia txistuz eta bestea dultzainaz. Abestiei dagokienez, gaurkoa edo modernoa dugu gaindi; hots, egun ezagunetarikoak diren musikari eta olerkarien abestiak, ahotsetan harmonizatuak.


Euskal Herria

Antzerkiaz, Gasteizen

Abenduaren 14etik 21era, "Nazioarteko antzerki jaialdia" eratu izan da Gasteizen. Ba zen txartel eta publizitate ausarki horren iragartzeko; Tele Norte-n ere aipatua! Laugarren aldia aurten jaialdi mota hori gertatzen zena. Antolatzailea: DENOK Kooperatiba.

Nolabaiteko indarra alde batetik, gauzak borobil ateratzeko gogoa bestaldetik sumatzen ziren eraketa horren atzean, itxuraz behintzat.

Kuriositateak bultzaturik, duela bizpahiru urtez geroztik kultura aldetik harrabotsa sortzen ari den euskal izeneko talde horren berri jakitera joan nahi izan dugu. Horretarako, Gasteizen den "Senda" ibilaldi baketsura jo eta "AJURIA ENEA" erakustokiaren atzean, han harrapatu dugu, ongi gorderik Denok-i Arabako Diputazioak utzitako etxeñoa. Toki ederrean!

Manu Aguilar, antzerki aste honetan, kanpoko arazoetaz arduratzen den Haro-ko mutil gaztea hurbildu zaigu. Euskaraz ez jakinki, erdaraz hitz egitera behartu gaitu. Mahai baten aintzinean jarri, eta gure arrangurak salatu dizkiogu:

— Zein da, laburki azalduz, "Denok"-en ixtorioa?

— Bi urte t'erdi daramagu. 19 presunatako taldea hasi ginen. Hemen, zeuden baldintza objektiboengatik, Antzerki independentearen mugimenduak erabakitako ideia batzuren hezurmamitzen posible egiten ziren.

Gasteizen, teatro iraunkorraren sorrera dugu ideia nagusia, gerorako helburu orokorra. Baldintza erlatibo batzu behar dira horretarako, baina hemen ziren delako aldez aurreko baldintzak. Lehenengoz ekonomia aldetik: erakarketa batzuren posibilitatea ba zen, gehienbat Diputazio foralaren aldetik, ondotik, guk egin genitzakeenak. Bestalde hiri nahiko menderatu erraxa da hau: egimoldearen arabera publikoarekiko esperientzia garbia egin daiteke, hori baitugu den arazorik larrienetariko bat.

Talde guztietan bezala, barneko krisialdiak izan ditugu. Lan gehienetan gertatzen da hori, kultur jiteko lanetan, bereziki kolektiboki egiten direlarik. Gure ixtorioa, laburki esanez, hemen daramagun praktikaren bidez, teatro independentearen kontzeptu teoriko asko deuseztatzea eta beste batzuren indartzea eta mamieraztea izan da; publikoarekiko harremana aipa dezagun, prezio popularrak, giro kulturala eta ekintza pila bat. Kooperatiba honen lana baita bakarra estatu honetan konplexitate honetara: heltzen dena. Toki honetan dira bakani alderdi hauk ere lantzen: haur antzerkia eta jaialdi antolaketak, etengabeko programaketa batez.

— Laguntza ofiziala aldetik, nola talde hau?

— Konbenio bat egiten dugu erakunde probintziala eta erakunde estatalarekin alegia kultur ministergoa eta diputazio forala. Urtero presupostua kalkulatzen dugu, hirutan zatituri: parte bat kultur ministergotik, beste parte bat Diputaziotik eta beste bat guk ekartzen duguna, gure lanetako irabazietatik.

— Publikoaren aldetik, nabaritzen dea aldaketa? Nolako harrera da?

— Bai, guk zenbanako aldaketa garrantzitsua ikusi dugu. Hemen hasi ginelarik, eguneroko jendetorria antzerki mota honetara, teatro independente deritzan horretara —naiz eta kontzeptua zabalagoa izan— 150etatik 200era gehien jota, heltzen zen, sarrera debalde izanik eta bakarrik bizpahiru emanaldi izanik urtean. Orain, Gasteiz, Araba, antzerki garrantzi aldetik, estatuko hirugarren herrialdea da, presentatzen diren ikuskizun kantitateari dagokionez. Mila lagun, nonbait han, etorri ohi dira.

— Nazioarteko jaialdi horretara deitzen dituzuen taldeak, zein kriterioren arabera hautatzen dituzue?

— Kualitatea dugu kriterio nagusia...

Guretzat, jaialdia, momentu batetako ikuskizun pila baten metatze bat besterik ez da. Urtean zehar egiten dugun programaketan, izan dira jaialdi horretan guztiz ongi sar zitezkeen ikuskizunak, baina hor dira kanpoko arazoak: beste taldeen kontratapen fetxak, haien interes ekonomikoak.

Beste kriterio bat: gama bat izan dadin, ez kolore berbereko ikuskizunak...

Datorren urterako bestalde, gustatuko litzaiguke haurrek nazioarteko antzerki jaialdia eratzea.

— Zein dira Euskal Herrian diren antzerki iturriak?

— Talde profesional batzu ba dira, Akelarre, Cómicos de la Legua, Geroa eta gu. Bilboko Cobaya taldetik berrikitan atera den beste bat ere ba da. Gaineratekoak, zaletasun hutsez ari dira. Bi taldetan banaturik daude: gazteleraz hitz egiten dutenak, haien ikuskizunetan euskara sartzeari buruz bakoitzak bere matizak izanik, eta bestalde, euskal antzerki federazioaren gunea.

Eskolak era ba dira. Basauriko Antzerki Eskola, Durangokoa, Leioakoa, "Cómicos" delakoek daramatzaten eskolako ekintzak, eta guhaurk egiten ditugunak.

— Euskal kulturari buruzko zuen ikuspegia zein da?

— Lehen eragingarria, hizkuntzarena da: euskara. Gure ideia, gerora, antzerkia gazteleraz eta euskaraz egitea da, beti ere herrian den hizkuntz erlazioaren arabera. Bestalde, profesionalak izanez jarraitu nahi dugu. Horregatik antzerkia euskaraz eta profesionalki, kontraesana da, ez baita oraindik ikuskizun merkatu bat, esan nahi dut hein horretako ez aski publikorik euskaraz. Hortarik dator euskaraz lan egiten duten taldeak, afizionatuak izatea konposaketari dagokionez. Baina beste talde batzu ba dira lanari profesionalki eman daitezkeenak: bizpahiru lagunetakoak, marionetarako edo beste. Une honetan, ez daiteke profesionaliza, non ez den Eusko Kontseilu Nagusitik edo beste erakunde batetatik laguntza, euskaraz soilik aritzen den 15 aktoretako konpainia. Kultur produktu merkatuaren baldintzengatik arrunt ezinezkoa da une honetan. Ezin konpentsatua da, ez sarreren bidez, ez eta "cachet"-en bidez.

Kasu bat dut bakarrik ezagutzen, Txontxongillokoa, haiek oreka mantentzen baitute alde profesionala zainduz —antzerkitik bizitzeari dagokionez— eta lanaren parte handia euskarari emanez.

— Eta "Cómicos de la Legua" delakoak?

— Horiek bai, joera askoz zehatzagoa erakusten dute euskarari buruz. Ez dakite guztiek euskaraz eta bizkitartean ba dute, ba, gauzak biltzearen joera. Argi dago, nik ikusitako emanaldian, kalitate mailaz kanpo —ez nuke nik honi buruz hemen eritzirik eman nahi— ez dutela inondik ere arazo hau gainditu, nahiz eta ikuskizunetan euskaraz egiteari buruz guk baino bilakaera biziki luzeagoa eraman. Gogoratu behar da grabaketa erabiltzen dutela ikuskizun osoan, eta gure oinarrietariko bat da maila profesionalean mugitzea. Bestela, euskal publikoa erakartzen duzu, lokarri politiko, ideologikoen bidez, euskara kultura nazionala delakoan eman dezagun, baina ikuskizunak balio ez duelako, joan dakizkizun lortzen duzu.

— Baina zuen praktika mailan, zerbait pentsaturik al duzue?

— Euskarazko eskolak hartzen ari izan gara. Utzi behar izan genuen, ez baita posible segitzea, kanpoan gaudelarik. Orain, hemen lau bat aktore dugu prozesu horretan jarraikitzen dena. Besteena... zaila... Guk onartzen dugu... beno, garbi dago herria berreuskaldunduz doan arabera, guk ere aurrera jo behar dugula.

— Eta zuk ez duzu uste honelako jaialdi batetan, herriak daraman bidea ikusirik, euskal antzerki batek bere tokia zukeenik?

— Guk garbi utzi nahi dugu, nazioarteko antzerki jaialdian, ba direla garbi, integratzeko posibilitateak, baina "Geroa" "Cómicos de la Legua" eta "Akelarre", mementu honetan parte hartzeko posible diren hiru ikuskizunak, Gasteizen aritu izan dira jadanik eta beraz, aurtengo ez zen posible.

***

Atseginki erantzun digu guztia Manu Aguilar-ek eta horrela bukatu da gure solasaldia; ez ordea, gure arrangurak tturrindu! Antzerkia euskaraz eta profesionalki kontraesana dela... kontrako direla kalitate maila eta euskara... gerorako euskaraz egitea, herrian den hizkuntz erlazioaren arabera!!!

Unibertsitatea zela eta, horrelako zerbait entzun dugula ez da aspaldi. Sasi aitzakitzat jo behar dira horrela, euskara baztertzea eramaten duten arrazoiak: "Geroa alferraren leloa" dio esan zaharrak, "Geroa gezurraren leloa" askotan euskarari dagozkion gauzetan.

Miresgarria da, bai, Denok taldeak egiten duen lana antzerkiari eta kulturari buruz. Ainitzek dioen bezala kultura maila igan du Gasteiz honetan. Alde horri sentsible gaude baina... Baina... DENOK, euskaraz izena bai, eta izana... noizko?

M. Mendiburu


Euskal Herria

Ana Tere Barroetari azken karta. Zergaitik zu, Ana Tere?

Ez zintudan ezagutzen, Ana Tere, bistaz baino. Baina atzo, osteguna, eta gaur, ostirala, ezin dut ezagutzen nuen zure aurpegiko espresioa burutik kendu... eta zuri gertatu zaizunak munstrokeria handiagoa eta gaitzesgarritasun handiagoa sartzen dit kriminalen aurka. Kriminalak bai, kriminalak, kriminalak... inoiz ez hobeto ezarrita hitz hori...

Emakumeak nahiko zapaldurik zaudete, baina zuri egin dituzten hori, zure aurpegiaren espresioa eta igartzen den izaera kontutan harturik kontextuz kanpo dago... higuingarriago egiten du ekintza hori... Eta gainera hil egin zaituzte, eta horrela, era higuingarri horretan, eta astearte hartako gau beltz hartan —Txoriherrin gertatu denik gaurik beltzena iruditzen zait orain—. Eguraldiak eskenategia gertakizunen neurrian jarri nahi izan zuen, beltz, hotz, euritsu. Hainbeste maite dudan Txoriherri honetan, nire hauzotik hurbil, gainera, izan behar zuen derrigor? ¡Orain nire lurralde hau gutxiago maite dudala ematen dit. Txoriherrin halako gauza bat gertatu zitekeenik ezina egiten zitzaidan!

Behin baino sarriago nituen entzunak, zoritxarrez, halako, kasuak. Bizkaian bertan, Euskal Herrian gertatzea ere sinestezin egiten zen, hurbilago egiten bazen ere... filmetakoak besteko urrun sentitzen nituen. Baina oraingoan etxetik hurbil izan da... eta espresiorik on eta inori kalterik egin ezina adierazten zuen neska bati gainera! Ez, ez zenuen merezi, dudarik gabe, ez zenuen merezi! Bortxatu egin zaituzte eta gainera era beldurgarri horretan, hori nahikoa zen, Baina gainera burutik kendu ezin dudan espresio hori —Zamudioko autobusean ikusi zaitut, kalean...— zenuen, eta horrek eskema guztiak apurtzen dizkit, horrek gaitzes garriago egiten du zuri gertatu zaizuna. Benetan ez zenuen merezi! Halakorik egin zezakeen gizakirik jaio denik ere!

Ez naiz feminista, bai ostera emakume eta gizon maila berdinean libre gero eta libreago izatearen aldeko, eta horren erakartzeko bortxatzaileen kastrazioa eskatzen dut biziki —gizonezkoak izaten baitira beti bortxatzaile—. Atzo, Lojutik Asuarako manifestapenean, inpotentzia gogor bat sentitzen nuen —zuk Errenderian sentitu eta Anaitasunan adierazi zenuen bezalakoa, Itziar— Zuk esanda zetorkidan burutara —gorrotoz hondatzen ninduen inpotentzia bat—. Bortxatzeaz —krimenik nahiko— gain, hil egiten baitzintuen, Ana Tere, eta era horretan gainera... Eta zure bortxatzaile eta erhaileentzat HERIOTZA eskatzen dut. Nire muin-muinetatik irteten den garraisia zure erhaileendako HERIOTZA da. Ba dakit gertakari horren errudun zu hil zaituztenak bakarrik ez direna... gizarte honetan klasetan banatu gaituztenena eta hori mantentzen dutenena, edo hori apurtzen saiatzen ez direnena dela errua, hori ba dakit. Gizarte matxista honena dela errua, ba dakit. Ba dakit, baita ere langile klasetik irtenikoak izango zirena, seguru asko, bortxatu eta hil zaituztenak, eta horrek gehiago mintzen nau, eta gizarte honetan boterea dutenak gehiago gorrotatzera narama, guri, langileoi, tokatzen baitzaigu parterik txarrena. Ekintza hau besteko laidoa egitea ere guri tokatu behar zitzaigun? ¡Gero eta gehiago desiratzen dut langileok boterera eramango gaituen egun hura!

Baina zuontzat, ekintza hau egin duzuenontzat, HERIOTZA eskatzen dut, zuok gizarte honek, kapitalak sortutako gizarte honek, ustelduak baitzaituzte. Traizionatu egin baikaituzue. Pobreen, zapalduen klasetik etorriaren, goardia zibilek eta poliziek traizionatu gaituzten bezala. Eta haien gain justizia iraultzailea botatzearen aldeko bagara, ezin gara zuotaz errukitu. Zuok ez zarete gartzeletan dituzten delinkuenteak —omen— bezalakoak, haik kapitalaren biktima dira; zuek biktima izatetik delinkuente izatera pasatu zarete berriz ere. Langile klasearentzat kapitalistak eta haik defendatzen dituztenak dira delinkuente. Eta kapitalistak defendatzeko aberatsa izan beharrik ez dago. Kapitalaren instrumentuak pobreen klasetik sortutakoak dira, biktima izanik delinkuente izatera pasatu direnak. Hori baita pobrearen kondiziorik nazkagarriena, pobreena, eta, era berean, pobrearen kondiziorik bereziena: askatzeko eskubide zuzeneko bat duela ez jakitea. Hortaz ohartzean hasia da zapaldua zapalkuntza uzten. Baina zuoi ez zaizue hori gertatu. Zuek hil egin duzue. Langile bat hil duzue, langileria beldurtzen duzue, goardia zibilek bezala, txakurrek bezala, biktima izatetik delinkuente izatera igaro zarete, zuek langileriaren projektua desafiatu duzue, gizartea desafiatu duzue... zuek ez duzue askatasunerako legitimitatearen sinesterik. Ezagutu ere ez beharbada. Txakur askok ere ez agian. Asko sentitzen dut haiengatik eta zeuongatik, baina gerra, gerra da. Kapitalak "delinkuente" kalifikazioaz gartzeletan sartuta dituen gehienak, kalera bitez ¡Baina zuongan, "txakurrengan" bezala, langileriaren borrero zaretenetik, jaus bedi justizia iraultzailea!

Eta justizia iraultzailea diot, zeren nire gorrotoaren eta atzoko manifestazioan bildu ginenon gorrotoaren justizia —gorrotoak ere justizia bat baitu— jausiko balitz zuon gain, heriotza hutsa suerte handiegia litzateke... Manifestazioan bildu zen jendeak, zuen heriotzarekin bakarrik, ezin zuen kontzientzia kontziliatu, baretu. Kontzientziak sufrimentu luze bat eskatzen zigun zuontzat, eta bakoitzak, gizaki gehienok barnean dugun munstroeren irudimena desplegatuz saiatu ginen zuen sufrimentua planifikatzen... Eta, benetan ere, gaurko gorputz errepresiboetako torturatzaileak, txiki gelditzen ziren... Hain sentitzen ginen inpotente, eskuak poltsikoan sartuta, arrats ilun hartan. Lojutik Asuara. Hain ikusten genuen sinboliko geure manifestazio ixil hura. ¡Barre egiten zenigutela ematen zigun!...

Txoriherri beldurrak hartu du egun hauetan, Ana Tere, terroreak. Zure hileta egunean, gaueko hamaiketan ez zen inor ikusten Txoriherriko kaleetan, eguraldiak egun hartan ere eskenategi aproposa baitzuen, zu bortxatu eta hil zituzten egunean bezala.

Zeintzu izango ziren aurpegiko espresioak ekitaldi hartan, zein dut iruditu eskena terrorifiko hura, hain iruditzen zait eskemaz kanpo... Zure hilera egunean, aurpegia negar-malkoz beterik, gizon ilezuri heldu hartaz oroitzen naizen bakoitzean; desesperazioak, gorrotoak eta inpotentziak jota: ... "asesinos", ahozkoraz esaten zuen, "hay que colgarlos" ... "tú no merecías ésto, Ana Tere". "No hay derecho... asesinos", esaten zuen.

... Eta automobil beltz eta luze hark martxa hastean: "Agur, Ana Tere, laztana, agur..." esan zuen.

Agur, Ana Tere, agur diot nik ere. Autobuseko espresio hura ez doakit burutik, ez dakit inoiz joango zaidan ere. Ez dakit Herriak barkatuko duen, baina nik ez dut barkatuko! Zurea izan dadila azkena —neuk ere ez dut sinesten— hori da nire guraririk barnekoena une hontan.

Agur, Ana Tere, agur!!!

Xabi


Euskal Herria

Euskara eta Lanbide Heziketa

Ikastoletan O.H.O.a osatzen dute haurrek. Leku batzutan, B.U.P. eta C.O.U. irakasteko Lizeoak ere ba dira, baina gehiengo batek, zer jarraipen aurki dezake O.H.O.a bukatzean? Nola daude 2. mailako Ikastetxeak Euskara arloan eta euskarazko irakaskuntzan?

Ni neu ez naiz gai, guzti horri erantzuteko, baina alor bati dagokionaz, hots, Lanbide Heziketari buruz, zerbait bai, halabeharrez izan ditudan harremanei esker.

Duela hiru urte t'erdi edo..., zenbait Lanbide Heziketa Ikastetxeetako zuzendari, irakasle, etab. bildurik, zerbaiti hasiera ematea erabaki zen eta horretarako, testugintza edo liburugintza bat hasi zen ELHUYARen ardurapean. Eragilerik indartsuena, Arrasateko J.M. Arizmendiarrieta Politeknika Ikastegia izan zen.

Kolpe hari esker, zenbait lan egin da liburugintzan eta egiten ere ari.da, baina ikus dezagun egungo egoera zein den irakaskuntzari aplikatu zaion heinari dagokionez.

Lanbide Heziketa ikastetxeak

Arrasateko Politeknika Ikastegian, ba da irakasle talde bat, gaiak euskaraz irakasten ari dena eta zehazki honoko hauek direla esan daiteke:

1) L.H. 1-1 mailako mekaniko talde bat (20 ikasle) irakaskuntza guztia euskaraz egiten ari da. Gaiak: Matematika, Teknologia Mekanikoa, Fisika, Marrazketa Teknikoa, eta beste gai guztiak euskaraz ari dira ikasten. Liburu eta apunteak euskaraz dituzte jadanik gai guztietarako. Irakasleak berriz, zer esanik ez.

2) L.H. 1-2 mailako mekaniko euskaldunak, Teknologia Mekanikoa behintzat euskaraz ari dira ikasten dagoenekoz, baina datorren ikasturtean, Teknologia ezezik, Marrazketa Teknikoa, Matematika, Fisika, etab. dena euskaraz eman ahal izango zaie aurten 1. urtea egiten dutenei.

Eta horrela urtez urte jarraituz, beste hiru bat urtetan Mekanika espezialitatekoek dena euskaraz (1. eta 2. graduak; 5 ikasturte) ikasi ahal izango dute. Ordurako, liburuak eta irakasleak ongi prestaturik izango dira. Beste espezialitateetan oraindik ez da hasierarik izan (elektrizitate, kimika, marrazkilaritza, administrari, etab) baina egin beharreko lan bezala ikusten da.

Horretarako eta irakasle beraiek diotenez, ezinbestekoa izan bide dute ELHUYAR elkartearen lana liburugintzari dagokionez, nahiz eta horretarako behar izan den dirutza (gutxieneko liburu-kopuru bat ordaindu beharra, argitaratzea lortzeko) Arrasateko Ikastegiaren lepotik izan.

Argitaratu behar izan diren liburu eta apunteak, Ikastetxe askotarako balio dutenak dira eta salgai daude, baina gaurdaino dirudienez, beste inongo Langintza Ikastetxek ez du ezer egin gaiak euskaraz irakasten hasteko. Zer gertatzen da? Iraultza handiegia ote, zenbaitzurentzat? Ala, Euskara hizkuntza bezala irakastea nahikoa ote da diglosia gainditzeko? Non dute jarraipena Ikastoletan O.H.O.a euskaraz ikasirik B.U.P. egin behar ez dutenek? Nora begira daude Euskal Herriko Langintza Ikastetxeak?

Beste ikastetxeak

Langintza Ikastetxe bereziki izan gabe ere, ba da Ikastetxerik Ikasketa mota hori zerbait irakasten duenik eta bereziki Administraritza arloan gainera. Nik dakidanez, maila honetan bere urratsak ematen ari den bakarra, Donostiako Santo Tomas Lizeoa da. Lehen graduari dagozkion bi urteei dagozkien gaiak irakasten ditu Marrazkilaritza eta Administraritza espezialitateetan. Dagoenekoz eta Euskara hizkuntzatik at. Natur Zientziak. Giza arloa, Teknologia, Marrazketa (praktika), Fisika eta Matematika zati bat ematen dira euskaraz. Besteak ere ordea, prestatzen ari dira berehalako batetan eman ahal ukaiteko, hala nola, Merkatalgo-Matematika, Kontaduria, etab. Apurka apurka eta lanaren poderioz, ari dira bada hauek ere, gaiak eta irakasleak euskaraz irakasteko moduan prestatzen.

Maila honetako Ikastetxeekiko ere, ez dut jakin beste inon zerbait egiten ari direnik! Non daude Langintza Heziketako lehen maila ematen duten beste hainbat eta hainbat Ikastetxe? Zeren zain daude?

Hauek denak, lehen urratsak dira, baina hasiera hartako bileretan Lanbide Heziketako Ikastetxe gehiagotako ordezkariak ere ba ziren. Jarraipenik ordea, inon ez da ikusten aipatutako bi kasuetatik at. Noiz arte horrela? Beldurra ahal dugu geure hizkuntzan zientzia lantzeko? Ala jende prestaturik ez? Eta prestatzeko asmorik?

"MURUMENDI"

Andoni Sarriegi


Hamabost egun hankaz gora

Ariadne

Azkenean lortu dute. "Ariadne" izeneko suziria (kohetea) zerurantz irten zen. Hirugarren saialdian. Orduan poza eta barreak. Europa ere, Estatu Batuek eta Errusiak duten monopolioa apurtzeko bidean jarri da. Dauden asmoak oso garrantzizkoak dira. Espainiak ere parte hartu du lan honetan eta hau, lehen pauso bat besterik ez da. Diru asko gastatu dute, noski. Nola ez honelako esperimentu batetan!

Bitartean, munduko herri askotan gosea da nagusi. Gure herrian ere, Euskal Herrian, langabezia gehitzen jarraitzen da. Krisia dugu nagusi. Eta nork ordaintzen du krisi hori? Galdera tontoa; ez duzue uste?

Bestalde, ez dago behar den beste eskola; euskararen irakaskuntzarako ez da dirua heltzen; gasolina eta beharrezko diren janarien prezioak gora eta gora doaz. "Ariadne" suziria bezala. Lemoiz nahitaez jarriko digute. Horretarako lurraren kalifikazioa aldatu egin behar dela?

Ez dago batere arazorik! Gobernuak berehala zuzentzen du okerra. Herriarentzat gauzak gehiago okertuz, noski. Mungiako Udalak lanak gelditzeko esan duela? Nora doa udal miserable hori asmo horiekin? Betidanik, arrain handiak jan du txikia eta oraingoan ez da alderantziz gertatuko. Progresua bakarrik da benetan garrantzizkoa (beraiei komeni zaien progresua: dirua multzatzeko zerbitzatzen duena). Eta ez du axola noren gainetik iragan behar den.

Euskal presoak: zer gertatzen da Basauriko espetxean?

Epe laburrean behintzat ez dituzte euskal presoak Nanklaresera ekarriko. Hori dio 1979.eko Abenduaren 19an irtendako EGINek. Oraindik prestatu gabe omen dago.

Estatu espainoleko espetxeetan aurkitzen diren euskal presoak 142 dira. Frantzes Estatuan errefuxiaturik daudenak 450. Demokraziaren prezioa.

Bestalde, Basauriko espetxean zenbait gauza gertatzen ari da. Han daudenen kexak adierazgarriak dira: sufritzen duten errepresioa, bakartasuna, hotza, dutxen funtzionamendu txarra eta abar. Abenduaren 18-an, 28 preso politikoak, lehen emakumeak egoten ziren lekura eraman zituzten eta honekin, presoek diotenez, komunekin hozdura (enfrentamendua) sortu nahi dute. Aldaketa honekin batera errepresioa gehitu egin da eta goardia zibilak gartzelara sartu dira. Sorian gertaturikoa, hemen ere, lortu nahi ote dute?

Ijitoak

Zer gertatzen da azken egunotan? Eguberriak, maitasuna eta bakearen egunak omen dira; baina, dirudienez, hau, esan beharreko gauza bat besterik ez da. Lehenengo Txurdinagan eta gero Begoñako sindikatu inguruan "pertsona zibilizatu batzuek", ijitoei, beren etxeak erre dizkiete. Hau egiterakoan ez dute pentsatu barruan norbait egon zitekeenik. Zergatik hau? Ijitoak arraza madarikatu bat direlako? Ala gizarteak, eta gu barruan sarturik gaudela, baztertu nahi ditugulako? Asko hitz egiten dugu iraultzaz eta honelako gauzetaz. Eta iraultza herriak egin behar badu, zergatik bihurtzen dugu etsai herriaren zati hori? ez dira pertsonak?

Norbaitek, beren arrazakoen aurka ari direla beti eta betidanik esan dezake; baina pentsatu du, norbait horrek, beti baztertuak izan direla? Euskadin dugun problematika, beste herrietako jendeari ulerterazi nahi diogu baina ez dugu ijitoen arazoak ulertzeko ahaleginik egiten. Egia da gobernuak konpondu beharko lukeela hau; baina guk ere lagun ditzakegu eta gure joera aurkakoa da.

NOIZ ARTE?

Hans Kung

Hans Küng Alemaniako teologorik ospetsuenetakoa dugu. Antza denez, Eliza ofizialari, Vatikanoari ez zaio bere jarrera batere gustatzen eta sekulako istilua muntatu dute. Zenbait aldiz, duen ikuspegia kuestionatu dute eta Küngek jaramonik ez egitean, gauza gogortuz doala dirudi.

Bildurra ote dute? Eliza ez da inoiz ere okertzen eta zerbait kuestionatzeak heresiarako bidean jartzen du edonor. Ezin daiteke dibortzioaz mintza. Ezin daiteke ere botere publikoen aurrean jar, zeren eta gobernua kristaua denez, hori kristautasunaren aurka joatea litzateke. Eta elizak duen botere politiko eta ekonomikoa?

Aspaldi, INTERVIU aldizkariak salatzen zuenez, negozio zikin samarretan sarturik dabil "gure eliza maitea". Bestalde eta diotenez, pobreen eliza da; baina, pobreei ateratako diruarekin jokatzen duen erakunde pribatu eta kapitalista bat dela ematen du, azalean behintzat. Eta barrutik begiratuko bagenu zikintzeko arriskuan eroriko ginateke, zeren eta kakatza ikaragarria aurkituko baikenuke.

Baina.., zerua irabazi nahi badugu... arotik pasatu behar!

Argalari omenaldia eta gobernua

Denok jakingo duzuenez, Argalari omenaldia egin zitzaion Arrigorriagan. Jende asko bildu zen. Paco Ibañezek kantatu zuen eta herriko enparantzari "Argala"ren izena ipini zioten, lehengoa, "Plaza de España", kenduz. Erabaki hau Arrigorriagako udalak hartu zuen eta bere lanetan sartzen da kaleei eta, izena jarri edo aldatzea. Baina, Bizkaiko gobernadoreari ez zitzaion hori gustatu eta lehengo plaka jartzera zibilak bidali zituen. Plaka berria beraiekin eraman zuten baina, Arrigorriagako herriak beste bat ipini zuen, zaharra udaletxera eramanez. Oraingo honetan, zibilek, udaletxera sartu eta plaka aurkitu ondoren, bere lekura itzuli zuten berriz ere berria kenduz.

Eta orain, zera galdetzen dut: Udala, izen bat jarri edo aldatzeko gai bada, zergatik hartzen da gobernua aurrekoari dagozkion arazoetan? Ez litzateke hobe udal "demokratikoak" figurin batzu bakarrik direla argi azaltzea? Zeren eta orain arte frogatu dutenaz pixka bat pentsatuz, zein ondorio atera daiteke? Ala pinu gainetik erori gara?

Bai jauna! Gauza ederra dugu demokrazia!

Plakak direla eta ez direla

Arrigorriaga istiluan

"Plaza de España" ezin aldatu

Argalaren herritxuan

Herria ari da honen izena

plazari ipini goguan

Baina zibilak hortxe ditugu

honen aurkako saiuan.

Udalak dio hau bere lana

dela baina bitartian

gobernadore jauna mantentzen

hasi duen hauzian

batak ipini besteek kendu

gauzak honela ikustian

nork pentsatzen du oraintxe bertan

gaudela demokrazian.

Espainia eta OTAN

OTAN munduko estatu kapitalisten bilduma dela esan genezake. Eta, Estatu Batuak dira, nola ez, gurdi honen gidaria. Azken berriek diotenez, Europan, missilak ipiniko dituzte Errusiarantz apuntatuz. Arrazoiak? Estatu Batuetatik horietako bat botako balute, ordu erdi beharko luke bere helburua lortzeko: URSS. Europatik aldiz, 10 minutu bakarrik. Garrantzizko abantaila, beraz. Eta zer pintatzen du Espainiako Estatuak mondongo honetan? Ba... OTANen sartuta dauden indarrei, batez ere, Estatu Batuei asko interesatzen zaiela erakunde honetan sar dadin. Eta honek suposatzen dituen gastuak? Zertarako daude zergak? Beti bezala, guk ordainduko genituzke. Izan ere, oso" sufrituak baikara.

Ene ustez, Espainiako gobernuari ere komeni zaio hor sartzea; baina, baita Errusiako Estatuarekin harremanetan jarraitzea ere. Nola konpondu hau?

Bestalde, sozialista eta komunistak sartzearen aurka daude eta kontutan hartu beharreko indarra suposatzen dutenez...

Baina, ez arduratu; azkenean sartuko gaituzte: langileen estatutua sartu diguten bezala, burrukalariak gartzelan sartzen dituzten bezala, Lemoiz sartuko diguten bezala,... eta abar... bezala.

Estatu Batuek ezin dezakete permiti honelako toki hain garrantzizko eta estrategikoa galtzea. Nola daiteke hori!

Ezin gaitezke URSSren beste satelite bat bihur, Hala eta guztiz ere, konturatzen garenerako barruan gaudela esango digute.

BAIETZ ASMATU!

BIXER

Mirentxu Purroy-ek dimisioa eman zuen

Aspaldian EGINen zentsura jo eta ke zebilen hainbat gauzatan. Ba genekien eta genekielako ez gara harritzen. Objetibotasuna oso zaila da Euskal Herri honetan, eta ba dirudi objetibotasuna barik, oraindik zailago omen dela aburu kontradiktorioak agertzea.

Ehundaka gutun eta eritziak guztiz zentsuratuak izan dira aspaldian barne EGIN-eko orrialdeetan. Parlamentuan parte hartzeari buruz eman behar ziren eztabaidak ez dira egin. Orain egiten badira benetako askatasunaz oinarriturik eginen ez direla, beldur gara.

Jende asko omen dabil beldur besteen eritziaz, baina betiko ere zera dugu: egia, zuzentasuna eta argitasuna, iraultzaile eta ez besterik ditugu, zeren eztabaidetatik argia sortzen baita. Hor barne bilatu behar dugu aspaldian dimititzeko Mirentxuk zuen zergatia...

E.H.

ESB eta LAIAk "H.B. hori" utziko dute

Euzko parlamentuan parterik hartzen ez bada eta horretarako programa antierreformista, sozialista eta iraultzailea osatzen ez bada, ESB alde batetik eta LAIA bestaldetik "HB horretatik" aterako dira ondorio guztiak asumituz.

E.S.B.k dioenez, bost axola zaizkio postuen arazoa. Kezka guztia, arazo taktikoa omen da. Haien irudiz Euskal Herriaren ahotsa parlamentuan barne entzun behar da, daukagun egoera latza, erreforma gezurrezko demokrazia eta abarrekoak gogor eta kementsuki salatzeko.

H.B.k aurkeztu dituen zerrendei buruz zera ere azaldu dute: "Txillardegi euskararen aldeko defentsaz aritzen dela eta, ia zergatik ez du agerian H.B.k presentatzen dituen zerrendak kritikatzen, ez baitago delakoetan euskara jakiten eta erabiltzen dutenetakoen askorik". "Norberaren falta eta errua besteengan bakarrik topatzea bidezkorik ez zela" gehituz. Azkenez, ANAITASUNARI ere egindako deklarapenetan, parte hartzekoa beteko ez balitz, auteskunde aurrean jarrera politiko propioa hartuko luketela jendaurrean esan ziguten.

R.O.

"El proceso de Burgos" ikusi ondoren, penaz

Filme ederra, nork uka. Ongi egina, ez aspergarria; bizia eta bizkorra; artista ez direnen naturaltasun urduria nabari, iraultzaileen nortasuna ageri; baina...

Praktikotasunaren izenean edo...; zabalkundearen izenean edo...; komertzialtasunaren izenean edo...; propaganda politikoaren izenean edo...; nork ote daki zeren izenean?; nork azalduko ote dit, zeren izenean izan den?; baina...

Hainbeste euskaldun ikusiz, hainbeste iraultzaile ezagutuz, hainbeste euskal langile begien parean edukiz... eta hain erdara bikaina entzunez, penaz irten behar zinegelatik.

Eskerrak, Julen! Agian, batek baino gehiagok ez zuela merezi esan bide zizun, baina nigatik baino izan ez bada, sinets iezadazu merezi zuela.

Eta besteoi zer esango dizuet, ba? Ba dakit batzuk ez duzuela oraindik ikasi. Baina ahaleginik egin ote duzue? Ikasten ari bazarete, ongi da, ulertzen dut, baina begi gogor. Eta ahaleginik egiten ari ez bazarete,...

Eta euskara dakizuenok, zer? Eta euskara ongi dakizuenok, zer? Ez atxakiarik bila, atxakia merkeak baino ez baitituzue. Zertarako duzue euskara?, noiz erabiltzeko? bestek Euskal Herria euskalduntzen dutenerako? Agian, taktikoki ez zitzaizuen komeni euskara erabiltzerik. Ba, taktika horrelakoa bada, ez dut pentsatu nahi, nolakoa izanen duzuen estrategia.

Bai! Penaz atera nintzen. Pena handiz.

J.R. Etxebarria


Nazioartekoa

Korsika burrukan

Urtarrilaren 6an, berri harrigarria heldu zen teletipoetatik Frantziako berriemaile guztietara: egun hartan, kotxe batetan zihoazen hiru pertsona bahitu zituzten nazionalista korsiarrek, eta herrixka baten udaletxera eraman. Bahitzaileek, Korsikako talde baten kideak, Colectif corse delakoarenak halegia, hiru bahituak salatzaileak eta burrukatzaile anti-nazionalistak zirela esan zuten, eta horretaz gainera, Colectif corseko kidea den Lorenzoni jaunaren bahiketa eta erahilketa prestatzen ari zirela egun haietan.

Gutxi beranduago, eta Fesh hotelean han zeuden bezero batzu hartuta, hitxi ziren berrogei bat nazionalista, besteekiko solidaritatea, eta polizia paraleloen kontrako beren protesta adierazteko ere.

8an, kazetaurreko elkarrizketa prestatu zen, prentsalariek eta inbitaturik zeuden zenbait poliziak bahituen aitorpenak entzun zitzaten.

Eta bai, entzun ahal izan zuten nola beraietariko batek FRANCIA (Front d'action nouvelle contre l'independance et l'autonomie) taldean dagoela esan zuen, eta nola orain arte nazionalisten kontrako egintza batzutan parte hartu duten.

Momentu horretararte, gauzak ez bazihoazen txartoegi, 9ko gauen giroa biziki aldatuko zuten hiru gertaera jazo ziren; lehenengoz, eta poliziak muntatua zeukan kontrol batetan, polizia eta jende-talde bat diskutitzen ari ziren bitartean, berehala, fusil batekin agertu zen mutil batek, polizia bat hil zuen. Gertaera hau zela eta, oso urduri ipini bide ziren poliziak, eta handik gutxira, bi kontrol ezberdinetan, neska bat eta mutil bat hil zituzten.

Gure Herrian honelakoak gertatzea oso normala bada, Frantzian inoiz gutxi ikusi dira honelakoak, eta laster, bai alderdi politikoek, bai sindikatoek eta baita bestelako elkargo askok (beraien barne polizian dauden talde desberdinek) beren haserrea agertu zuten, horrela egiten ezer ez zela lortuko esaten. Arrazoia zuten, noski, zeren ordurarte giroa nahiko bare bazegoen, ordutik aurrera, irlako mugimendu guztiak eta bai jende xehea oso haserre ipini baitziren. Hurrengo egunetan, manifestaldiak, udaletxe batzutan, hitxialdiak, 11rako greba orokorraren konbokapena, etab.

Bitartean, 10eko gauean, nazionalistek beste pertsona bat bahitu zuten, indar antinazionalisten kolaboratzaile zelakoan: Dumont jauna, nekazari argeliarra.

Ezaguna da korsiarrek "oin beltz" direlakoekin, hots, Argeliako gerra amaitu ondoren, Frantzian geratzea erabaki zuten argeliarrekin, zeren momentu hartan, Korsikako lur asko izan baitziren oin beltzei emanak; hau zen, adibidez, bost urte direla Korsika gertatu ziren enfrentamenduen kausa, eta nahiz eta arazoa dagoeneko, partzialki konpondurik dagoen, beti geratu da korsiarren artean emigrante hoiekiko ezinikusia.

Beraz, giroa gero eta nahasiago zegoen, eta zegoenekoz, ia Frantziako talde politiko eta sindikal guztiek Gobernuak harturiko jarrera errepresiboa kritikatzen zuten.

11an, greba orokorrak arrakasta handia zeukan bitartean, Fesh hotelean sarraturik zeudenak, ateratzea erabaki zuten. Poliziak berehala hartu eta komisaldegira eraman zituen, talde nazionalisten nahiari uko eginez.

Orduan ere, bahituetako bat poliziari eramana izan zen eta juezak juzkatua izango zela segurtatu zuen. Bestalde, bi egun lehenago neska kontrolean hil zuen polizia ere atxilotua izan zen, juizioaren zain.

Geroztik, apurka-apurka, urak urbidera bihurtu dira: Dumont jauna askatua izan zen, eta pixkat beranduago, Bertollini jauna, 6an bahituak izan zirenen artean, nazionalisten eskuetan geratzen zen azkena, halegia, poliziari libratua izan zen.

Beste aldetik, igandean, hots, hilearen 13an, zenbait talde nazionalistak manifestaldi bat konbokatzea erabaki zuten; eguraldia oso txarra izan arren, bospasei mila pertsona batu ziren poliziaren jarrera salatzeko eta autonomia eskatzeko.

Eta orain, zer? Agian ez da pasatuko denbora luzerik, honelakorik berriz gertatu gabe, zeren oraingoa ekarri duenak berdin segituko baitu.

Alderdi politikoek argi eta garbi adierazi dute egun hauetan Frantzia osoan, Gobernuak daukan jarrera inora ez daramala, zeren polizia gehiago bidaltzen, eta benetako arazoei aurpegi eman gabe, ezinezkoa baita besteengandik jarrera positiborik lortzea.

Benetan gertatzen dena zera da, estatu osoan, eta. Parisen bereziki, ez dutela ezer ulertzen korsiarren kezka, arazo eta nahietaz, eta txarrena dena, hori egitera inolako ahaleginik ez dutela egin nahi.

Aldi berean FRANCIA bezalako taldeek hor dihardute, edozein egintza edo pertsona nazionalista ixil eta geldierazi nahiz. Korsiarrek jende horiek ezagutzen dituzte, baina ez dute inoiz lortu juzkatuak edo eta atxilotuak izan daitezenik. Ilegaltasunik handienean, legaltasunaren alde lan egiten dutela esaten dutenen laguntza osoa daukate askotan, eta bitartean, korsiarrei lasai eta ixil egotea eskatzen zaie, beren gauzak, eta batzutan beren bizitza ere, arriskuan ikusten dituzten artean.

Korsiarrak desberdinak dira, eta oso arazo bereziak dituzte Frantziako beste erregioekiko, eta ez daude prest Frantziak ematen dien tratamendua jasaten segitzeko; berea nahi dute, beraien herrian bizi ahal, han lan eduki, bere etorkizuna erabaki,...

Agian urtearen lehen egun hauetan egin dutenak, ez du gauza praktiko handirik lortu, baina gutxienez, estatu super-zentralizatzaile honetan bizi direnek argi ikusi ahal izan dute zernolako jarrera errepresibo hartu duen Gobernuak Korsikan, eta polizia paraleloen historioak ez direla beraiek pentsatzen zuten bezain faltsuak.

Korsiarrentzat, egun hauetarako egintzen eta gertaeren balantzea positiboa da, herriaren kontzienziazioa biziki igon baita. Etorkizuna, parte handi batetan, beraien eskuetan geratzen da.

Maria Jesus Esteban


Elkar Ikuska

Feministak eta gainera... piratak!

Bartzelonako "CONTRARADIO" izeneko irrati libre horietako emakume talde batek, astero emakumeari buruz eta emakumeentzat, irratsaio bat aurrera eramatea erabaki zuen orain dela hilabete bat, eta lanari eutsi zioten, sutsu eta gogor.

Joan diren "Granadako Emakumeen Topaketetan" talde hortako emakume baten inguruan bildu ginen emakumeen "irrati-pirata" baten ideiak tentagarri iruditzen zitzaigunok. Berez, holako esperientziaren berri, italiar feministengandik genekien. Gogoan genituen joan den Urtarrilean, antisorgailuei buruz irratsaio bat ematen ari ziren bitartean, tirokatuak izan zirenak...

M: Guk, hain zuzen italiar feminista haiei eskaini genien geure lehenbiziko irratsaioa.

A: Noiz izan zen hori?

M: Urriaren 17ean. Geroztik, astero dugu irratsaio bat arratsaldeko 8etan "frecuencia modulada"n, 99 megaziklotan...

Eskutan dudan magnetofonoa eskatzen dit M-ek. Egun hartako grabazioa entzuten dugu. Bilboko abortu epaiketari buruzkoa da. Egun haietan izan ziren ekintza eta entzerronei buruz...

A: Zer behar da irrati libre bat antolatzeko?

M: Aparatu edo gailu bat, hau maneiatzen dakien teknikoren bat eta bizpahiru pertsonak programak egiteko... Horrekin nahiko duzue... Gailuak, Italiatik ekartzen ditugu eta 40-60 mila pezta inguru kostatzen dira...

Gure taldea, konkretuki, sei edo zazpi emakumek osatzen dugu. Hasieran, tekniko baten beharrean aurkitzen ginen eta, ba dakizue tekniko guztiak gizonezkoak direla! —baina orain ikasiak gaude eta gu geuk egiten dugu guztia. Teknikaz jabetzea oso garrantzitsua izan da guretzat. Ez da batere zaila, eta ikasiz gero gizonarekiko ehundako independentzia ematen dizu...

A: Zer bada, arazoak sortu al ziren zuen taldean emakumeentzako irratsaio hauekin edo...

M: Beno, guk programa bat astero egingo genukeela esan genuenean, nahiko mesfidantzaz begiratu gintuzten... "Ez zarete gauza izango", "huts egingo duzue" etabar... Orain, errealitatea konprobatuz, ondo onartzen gaituzte. Ez dakit noiz arte, baina tira!, nik laster bakarrik geratuko garela uste dut eta alde batetik ondo iruditzen zait eta komenigarria gainera.

A: Zeintzu helburu jarri dizkiozue zeuen benturari?...

M: Gure irratsaio hau, emakumeen espresabide ez ezik, guri interesatzen zaizkigun gaiak tratatzeko, debatitzeko, informatzeko, espazio bat izan dadin nahi genuke. Beste aldetik, emakumeak manifestatzen diren une guztietan egoten gustatuko litzaiguke, liburuak aurkeztu, zenbait gertaera salatu eta baita ondo pasatzea ere...

Zer demontre!... Gure irratsaioa ez da gauza serio, konbentzional horietako bat. Guk oso ondo pasatzen dugu irratsaioa eginez... Giro goxo bat sortzen saiatzen gara eta giro atsegin horretan,gauzak oso interesgarriak sortzen dira. Begira ezazue... Lehengo egunean, lesbiana talde bat izan genuen gonbidatua eta gure irratsaio denbora, guztiz luzatu zen... 15 minutu pasa beharrean, ia ordu erdi bat ihardun genuen. Zeren, guk haiei galdetu ondoren, lesbianak hasi bait ziren guri galdezka eta hain elkarrizketa polita sortu zen, ezin baikenuen hura nolabait moztu.

A: Katalanez mintzatzen zarete?

M: Ez, bi hizkuntzetan hitzegiten katalanez eta gaztelaniaz...

A: Eta noiz arte pentsatzen duzue... hau da, polizia eta?

M: Beno, guk ba dakigu, egun, poliziak lau egunetan oso ondo koka dezakeela irrati libre bat... Guk hori ba dakigu. Zerbait egiten ez baldin badute, irrati libreen asuntoa oraindik legeztatu gabe dagoelako da.

A: Norbaitek nahiko balu zuekin harremanetan jarri, nora jo beharko luke?

M: Llibreria de les Dones-en (carrer Llado 10, Barcelona) galdetuz gero, han informatuko liokete.

Emakumeen talde guztiei gure irratsaioan leku bat eskaintzeko prest gaude... Eta, halaber, zuen aportazio edo informazio beharrean gaude. Honen geratzen gatzaizkizue...

Mariasun Landa


Elkar Ikuska

Zumeta: bost urte haurrei ikusten irakasten

Bost urte ihardun du Jose Luis Zumetak, Landaberriko Ikastolan (Lasarten), 2. etapako ikasleei plastikazko klaseak ematen. Ikastolan, une hortan zegoen hutsune edo beharrari erantzutearren, laguntza eskatu zioten Zumetari. Baita berak onartu ere. Haurrekin, irakatsi eta ikasi egingo zuela pentsatuz.

Urtean igaro direla eta ez du jadanik Ikastolan jarraitzeko asmorik. Plastikazko irakasle berriei eskaintzen diela lekua,dio Jose Luisek.

Urte hauetako esperientziaren eritzi eta berriak biltzeko asmoz, zuzendu nintzaion.

A.: Gauza oso desberdina izango dela pintore izatea eta pintura erakustea deritzot, ezta?...

Z.: Bai. Nik ez dut uste maisu ona naizenik. Baina esperientzia dudanez gero, esperientzia hori erakustea proposatu nintzen. Ez dakit oso sistema ona den ala ez. Hontaz oso gauza gutti dago idatzia eta nahiko konplexua dela iruditzen zait. Orduan urte hauetan, neure esperientziatik bakar bakarrik abiatu naiz...

A.: Nork irakatsi zion pintura J.L. Zumetari?

Z.: Niri nork irakatsi?... Beno, besteak bezala, moja eta fraideen artean hezi nintzen, eta ez ziguten gauza handirik erakutsi plastikari buruz... Betiko laminak kopiatzea, gauzak oso akademikoak, espresio aldetik oso gauza gutti. Baina, ni 17 urterekin, beste guztia utzita, pintore bezala hasi nintzen... Neure kontura ikasi nuen. Pintura begia da asko... gauzak begiratuz, kanpoan ibiliz, baina ez dut maisurik izan...

A.: Zergatik hartu zenuen, ikastolako haurrei plastika irakasteko ardura?

Z.: Beno... ba dakizu, herriko izateagatik eta, baita ere, esperientzia berri bat zelako niretzat. Haurrengandik ikasiko nukeela pentsatu nuen.

A.: Haurren mundua interesatzen zaizu?

Z.: Beren libertatea, askatasuna, sinplizitatea eta espresioa plastika aldetik, interesatzen zaizkit asko. Baina, bestela erakusteko bokaziorik ez dut. Hortara dedikatzea ez zait interesatzen...

A.: Erakusteko garaian, zailtasunak aurkitu al dituzu?

Z.: Beno, ni etorri nintzen "aldez aurretiko ideia" batzurekin, ezta... Eta nahi nuen klasea jostaketa bezala edo eraman. Gero, errealitatean, hau zeharo aldatu dut. Begira, bigarren etapako haurrek, nahiko eginak daude, estilo bat dute, sinbolismo bat, ezta... Orduan, ez dute pintura egiten, literatura baizik. Gauzak agertu edo kontatu egiten dituzte marrazkien bidez, baina marrazkiak beti berdinak dira, istorioak ez, baina marrazkiak bai. Arbola, betiko arbola da eta etxea betiko etxea da... Beti berdina. Hori ikusi nuenean, akats hauek, literaturarako lotura hori kentzea proposatu nintzen. Eta nire sistema piska bat aldatu egin zen. Bai horregatik eta baita ere, diziplina apur bat, bakoitza bere lekuan egotea eta nolako gauzak, beharrezkoak dira lan egiteko. Jolasketa moduan klase ematea oso zaila da.

A.: Lehen esan duzunez, pintura begia da... Nola landu duzu haurren "obserbazioa".

Z.: Beno, IKUSTEN IKASTEA izan da nire lema haurrekin urte hauetan. Hau da, konturatuta nago, haurrek, jendeak, gauza gutti ikusten duela. Begira zure poltsa... ni hor argiak, itzalak, matizak, konplexitate bat ikusten dut. Eta hau denau ikusi ondoren, azaldu eta espresatu egin behar da...

A.: Eta zer da zailena, ikustea ala azaltzea?

Z.: Ikustea...

A.: Baina nolabaiteko trebetasuna eduki behar da hortarako, ezta?... Nola landu duzu trebetasun hau haurrengan?

Z.: Beno, errealitatetik abiatu gara beti. Gorputzetik hasi eta inguruan dauden gauzak aztertuz...

A.: Adibidez?

Z.: Eskuekin lan egitea. Eskuak postura desberdinetan marraztu, positiboan, detaile txikiak handitu, etab... Edo zirriborro bat eginez, han barruan irudiak bilatu, figurak sortu...

A.: Pintura arloa landu al duzue?

Z.: Ez marrazki arloan ihardun dugu gehien bat. Saio batzu egin ditugu pinturekin, baina guti... Argizari edo pintura lehorrekin, bai, gauza dexente egin dugu, ondo nahasten direlako argizariak bata bestearekin. Beste moetatako pintura, bolada batzuetan egin dugu, taldeka eta txandatuz...

A.: Aurrerapenik nabaritu duzu haurrengan urte hauetan?

Z.: Errealitatea ezagutzen, aurrerakada handia egin dute. Margotzea, proportzioak, argiak, itzalak, hortan ere bai... Gero, kontutan hartu, haur guztiak ez direla berdinak. Batzuei, libertate gehiago eman behar zaie beren gisara lan egiteko, beste batzuei lagundu, baina garrantzitsuena haurrak lan egin dezala eta paper zuria bete dadila da. Hau da, konplexuak kentzea da, ene eritziz, lortu behar duguna. Ez goaz profesional batzu egitera, ulertzen duzu?

A.: Haurrek, zer pentsatzen dute zure pinturetaz:

Z.: Beren aurrean, askotan pintatu du... Beraiek egiten ari diren gaia, adibidez. Egun batean, era batean, beste egunean beste eratan egiten dut... Batzutan libreago, beste batzutan lotuago. Beti beraiek egiten ari diren gauzak eta beti errealitateari eutsiz. Berez, abstraktua da niretzat helburu nagusiena, baina ez naiz abstraktuarekin ausartu. Komentariorik?... Beno, denetatik. "Ez du antzik" edo "bai, antza dauka" eta holako komentarioak. Gauza lotu samarra egiten badut, denok esaten dute oso ondo dagoela, baina gauza askatuago baldin bada, orduan ez dute baloratzen.

A.: Urte hauetan, zuk pintatutako koadroetan, haurren mundu hori nolabait agertzen dela uste duzu?

Z.: Ez dakit, zihur esateko... Inkontzientki zihur asko bai, baina kontzientki behintzat, ez. Askotan etxean egin dudana, haurrekin egin dut ikastolan. Ea zer egiten zuten jakiteko. Esate baterako, collage saio batzu...

A.: Eta erresultatuak?

Z.: Ba, 30 posibilitate ezberdinak!

Mariasun Landa


Elkarrizketa biziak

Sarrera

 Jende arrunta, gure betiko jende ixil edo bozgailugabedunari, kazetalariek normalean ez diogu kasu askorik egiten. Haien aburuak baliogabekotzat kontsideratzen dira. Haien esanak, mesanak direla sinestarazi nahi digute. Hala ere, halako jendeak, historiaren atal garrantzitsuena idazten ohi du.

 Jende ezezagunaren eritziak ez dira batere fruitugabekoak. Giza arruntaren ideiak gure pertsonaia famatuen desmitifikapenerako balio dute. Denatan bezala, herriaren jakituria adierazgabeari lapurtu egiten diote beren sentimentu, eguneroko lanez probetxatuz.

 Horregatik hain zuzen, ANAITASUNAk irakurle guztiei norberaren ideiak azaltzeko, sail ireki bat proposatzen die. Sail ireki bat eta joko psikologiko bat batera. Urte honetan zehar elkarrizketen bidez irakurleen eritziak azaldu nahi ditugu. Proposatzen dugun elkarrizketa guztiz libre eta atipikoa izan daiteke. Hala ere erantzuleak 10 galdera zehatzi beharrezkoa luke erantzutea, beste gainerako galdera-erantzunak berak gehituz; nahi izanen duen modu eta erara. Beraz, galderaerantzun guztiak, irakurleak egiten ditu, 10 horiek ezik. Hamar hauei ere erantzun behar dio.

 Elkarrizketa guztiak anonimoak izanen dira. Hau da, Anaitasunak ez du argitaratuko inongo elkarrizketaren egilearen izena. Hala ere, idazten duenak beraren karnetaren zenbakia, izena, adina eta lanbidea azal batean bidaldu beharko digu. Azalpen horiek gabe ez dira argitaraturik izanen.

 Honarte gure asmoaren erdia azaldu dugu. Goazen orain sail honen bigarren partea azaltzera.

 Bigarren parte hau joko psikologikoa duzue. Irakurleek elkarriztatuaren nortasunaren ageri batzu igerri behar ditu. Hauek dira: Adina (bost urtez gora behera), lanbidea, sexua, bizilekua (hiri edo herri handi batetan bizi den ala herri ttiki edo baserri batetan bizi den). Azkenez, elkarrizketa bakoitzari puntuak eman beharko dizkio, -5tik hasita +5 arte.

 Puntu gehien hartuko duen inkesta irabazlea izanen da. Lehengo hiru inkestei Anaitasunak txapela eta zerbait gehiago saritzat emanen dio.

 Elkarriztatuen datuak igerriko dituenari Anaitasunak urte beteko harpidetza dohaina eskeiniko dio.

 Jokoaren bigarren parte honetan, ANAITASUNArekin lan loturak dauzkatenek ezin izanen dute parterik hartzea; bai aldiz, elkarrizketak prestatzekotan.

* Zer duzu maiteen mundu honetan.

— Anaitasuna eta laguntasuna. Zuen aldizkariari ez nagokio. Nahiko kaxkarra da oraindik.

— Eta gorrotatzen duzun gehien?

— Nik ez diot inori gorrotorik. Teoria mailan gorrotatzen dudan kategoria, agresibitatea dut. Baina agresibitatea fruitu bat duzu. Ez-gizontasunaren fruitua. Mila arazo gaizki soluzionaturik gabe daudelako jaiotzen zaizu agresibitatea. Euskal Herrian agresibitatea funtse funtsean daukagu. Oso edukazio erridikulu eta judutarra dugunez, agresibitatea sozial gauzatan sartzen dugu. Herri honetan den-dena euskalduna, abertzalea, eta politikoa bihurtzen dugu geure barneko kontradizioak estaltzeko. Gorrotatzekotan "abertzaleak" gorrotatuko nituzke.

— Ez al zara abertzalea?

— Ni mundu zalea naiz. Euskarazalea, euskadizalea, pertsonazalea, larrujozale eta larrujotzaile. Baina abertzalea ez. Hori ez dakit den.

* Zer pentsatzen duzu hemengo talde politikoei buruz?

— Denak intrantsijentziaz eta agresibitatez beterik daude. Nire ustez, horiek guztioiek; afektibitate eta laguntasunen problemak soluzionaturik gabe daukate.

— Eta kapitalist gizartean soluziona daitezke?

— Ez. Guztiz ez. Baina lasaitasun gehiagorekin bizi daiteke.

— Boturik ematen al duzu?

— Bai.

— Zeini?

— E.E.-ri, H.B.-ri.

— Ez al daukate agresibitaterik?

— Bigarrenak, lehengoak baino askoz gehiago. Biok baino, UCD gehiago.

Horregatik hain zuzen, ematen diet. Baina botua ematea eta kaka egitea gauza bera da. Biak beharrezkoak. Lasaitzeko balio dute.

* Zeintzu izen aipatuko zenituzke gustora? Zergatik?

— Einstein, Rostand, Sartre, Hemingway, nire lagunena eta abar.

— Zergatik aipatu duzu Rostand?

— Denok berdin berdinak ginela esan eta frogatu zuelako. Haren liburu baten ataulaurrean zera diolako: Susmagarri egin zaizkit oso, filosofiaz, moralaz, zein politikaz izan, hortaz deus ez dakiten eritziak.

— Eta hori errepikatzen duzula, noretaz pentsatzen duzu?

— Euskal Herriko politikari batzuetaz. Konkretuki batengan. Ez dizut esango.

* Zer nolako literatura gustatzen zaizu?

— Giza, gizon eta gizarteaz aritzen dena. Eskolak berdin zaizkit. Baroja, Hemingway, Aresti, Sartre, Russell, Einstein... Einstein-ek oso literatura ona idatzi zuen. Fisika-ren literatura, zientzia guztienetako humanoena.

 * Zilegia al da belaunaldi biziak etorkizunekoengatik sakrifikatzea?

— Zilegia ba daiteke. Estupidoa ere bai. Ni ez naiz moskitu bat.

* Gizona ezagutzeko aski al da norbere burua ezagutzea?

— Elkarrenganako maitasunik badago, uste dut baietz.

* Zer pentsatzen duzu iraultzari buruz?

Nire ustez, "sozialismoa" kategoria historikoa da. Historian zehar bere betekizuna eduki du, jadanik bukatu da epe hori. Hemen eman behar diren pausoak ez dira pasatuko sozialismo historikoetan zehar. "El asalto al poder" ez da, eman den modura berriz emango. Datorren iraultza guztiz diferentea izango da. Giza-iraultza izango da batipat.

* Euskarak etorkizunik aldu?

— Ni ez naiz UCDkoa. Batzutan, etorkizuna edukiko duela pentsatzen dut. Beste batzutan ezetz. Euskararen etorkizuna E.A.Jn dago. EAJn eta UCDn. Hizkuntzak azkenez zera duzu: Elkar harremanetarako tresnak. Tresna horiek, haiek dute, beraz...

* Anaitasuna aldizkariari bagagozkio, gai berririk sartuko zenuke?

— Ba dakit zaila datekeen duzuen ahalbideaz konturatuta. Hala ere, behin behineko erreportai interesgarriak irekiko nituzke nik, benetako euskal aldizkaria izan dadin. Sail berriak argitaratzekotan, kolorez eta guzti erotismo erdi pornografiko, erdi kontsumista, erdi iraultzailea argitaratuko nuke. Seguru baietz, askoz gehiago salduko zenuketeala.

* Anaitasunaz balorapen bat egin ezazu mesedez.

— Nahiko berezkoa da Anaitasuna. Arraroa ere bai. Noizbehinka argitaratzen dituen guztietatik zerbait interesgarri ba dago tartean. Presentazio aldetik —ona— dela iruditzen zait. Euskal prentsa salbatzeko, erroilo guttiago eta bizitasun gehiago behar da.

Jokoaren baldintzak

• INKESTARI DAGOZKIONAK

 0) Irakurle guztiek parte har dezakete.

 1) Makinaz edo eskuz idatziriko hiru orrialde bidali beharko dituzu.

 2) Euskaraz. (Edozein euskalkiz). Ez kezkarik izan ortografiaz edo eta joskeraz. Zuzentzekotan geuk zuen dezakegu.

3) Asterizkoz doazen hamar galderei beharrezkoa duzu erantzutea.

4) Gehiago galdetzeko eta erantzuteko libre zara.

5) Izengabetasuna gordeko da inkesta guztietan. Hala ere bidaltzaileak karnetaren zenbakia, zuzenbidea eta izena bidali beharko ditu. Alderantziz, ez da argitaraturik izanen.

• IKERKETARI ETA PUNTU EMATEARI

 1) Irakurle guztiek parte har dezakete.

2) Anaitasunako erredakzioa, idazleek edo eta kolaboratzaileek ezin dute atal honetan parterik hartu.

3) Postaz, eta bidaltzailearen izenarekin batera, ematen dituzun puntuak garbi azaldu beharko dituzu, puntuazioaren laukitxoan gurutze bat markatuz.

 4) Berdin egizu ikerketari dagozkion galderekin, laukitxoan gurutze bat markatuz.

Puntu ematea

Elkarrizketa honi zuk zenbat puntu ematen diozu?

Ingura ezazu biribil batez

-5 -4 -3 -2 -1 0 +1 +2+3 +4 +5

Zure uztez, elkarriztatuak ondoko adina duke:

16tik - 23raino

23tik - 31raino

31tik - 39raino

39tik - 47raino

47tik aurrera

Zure ustez elkarriztatua:

emakumea da

gizona da

Zure ustez elkarriztatua:

hiri handi batean bizi da

herri handi batean bizi da

herri ttiki edo baserrian bizi da

Zure ustez elkarriztatua lanbidea duke:

Esku langilea

langile espezializatua

Arrantzalea edo Baserritarra

Goi mailako kuadro teknikoa (ekonomista, injeniadore, peritoa, medikua, abokatua), irakaslea, kazetalaria, etab)

Behe mailako kuadro teknikoa (Bulegolaria, idazkaria, ajentea etab)

Entrepresa ttiki baten jabea

Maizterra

Goi burjesia


E. Knör-ek ANAITASUNAri gutuna bidali

Agur!

Hona aspaldian idatzi gogo nuen gutuna, egun, grebak eskaintzen didan betaz baliaturik, egingo dudana.

Ikusi dut 395. alea eta nola ez den jadanik nire izena ageri Arabako ordezkari. Bazen garaia. Beheraxeago, idazleen artean ere ez naiz ageri, nehork deusik esan ez didalarik...

Ezer baino lehen, oroitarazi nahi dizuet garbi adierazi nizuela, honetan hasi nintzenean, ezin nuela bileretara joan, ezta aldioro idatzi. Horregatik saiatu nintzen, alferrik, hemen langileak bilatzen. Huts egin nuen, noski, nahi nuen apurra ere bete ez dudalako. Baina bizpahiru aldiz igorri dizkizuet argitarakizunak eta ez dira agertu. Adibidez, aditz laguntzailearen sinopsia eta Ernest Sabater-ekin solas luzeska. Ez argitaratzeaz gainera, ez didazue oraindik arrazoina azaldu. Zuek esan hori gizabidea den.

Neure kexak ez dira horrenbestez agortzen. Erredakzio-kontseilukoa nintzelarik, ANAITASUNAK Estatutoaren kontrako jarrera ezin nabarmenagoa hartu zuen, nirekin kontatu gabe (telefono-dei bat edota gutun bat aski zen). Jakina, Bilbotik gauzak era batera ikusten dira. Bitartean, arabar askok garbi genekusan Araba autonomiatik kanpo gertatzeko arrisku larria. Baina beldur naiz ez ote naizen alferrik ari, zuok egia honetaz sinestarazteko.

Beste aldetik, nola ez egon gehienbat ados J. Agirreazkuenagarekin?

Zeharo makurtua dago ANAITASUNA pentsamolde batetara. Bide batez, munduko zer aldizkaritan erantzuten zaio kritika zabal bati ale berean?

Ez naiz bakarra pentsatzen ANAITASUNA halako underground-jitea ari dela hartzen, edo hartua du aspalditxodanik.

Hau ote da Euskal Pizkundeon behar dugun aldizkaria, zeinetan lesbianak, abortoa (389, 390 eta 391 garren aleetan —azken honetan bi aldiz!—), marikak (393-394garrenean) eta abar gai nagusiak bait dira?

Ez naiz ni, berriro esango dut, egokiena, aldizkariaren (ustezko) akatsak adierazteko, zeren oso lan ttikia egina bait dut. Baina aldizkaria maite-maite dut, Euskal Herriaren alde egin dezakeen ona dut gogoan ongi iltzaturik, inola ere ezin ahaztu. Otoi jarrai lanean, emazue eta emagun euskal kultura eta euskal politika eta abarren berri, inolako filtro eta alderdikeriarik gabe. Berau egingo bagenu, eta finantzak arnasberrituko, dudarik ez, ANAITASUNAK zabalduko luke bere argia Euskal Herri osoan barrena, inongo euskaldun alfabetatu kultoak uko edo muzin egingo ez liokelarik.

Ongi izan eta goraintzi,

E. Knör

Oharra: E. Knörrek gogoratzen digunez, berak idatzia du "Kataluña urte bete elebitasun irakaskuntza" titulutzat zuen artikulua eta 396. alean argitaratuta. Moldiztegiaren oker batengatik artikulua izenik gabe argitara egin zen. Bestaldez, aurkibidean barne, K. Mendiak izenpeturik agertzen da. Bata zein bestea nahigabezko okerrak izan dira, artikuluaren egiazko egilea E. Knör izanki.


Gaiak. Politika

Toni Negri: oinarriak eta bere teoriaren zenbait alderdi (I)

 Sarrera.— Asko ere asko ez da artikulu hauen planteiamenduarekin ados egongo. Ez du axolarik, batek zerbait idazten duenean, bere sorbaldak prest prest uzten baititu kritikak jasotzeko. Lehengo eta behin punturen batzu utzi nahi nituzke argi: ondokoa idatziarren, ez naiz negrinianoa, Negriren teoriako zenbait gauzarekin konforme baldin banago ere. Hau eskribatu baldin badut, gaur egungo teorilari nagusi baten ideiak plazaratzeko egin dut. ez haren posturak defendatzeagatik. Ez naiz ni nor didaktikoki egin dudan ala ez esateko, baina ideia batzu dibulgatzea hizkuntza erraz baten bidez hartu dut asmoz, dibulgazio guztiek daramatzen arriskuak ongi ezagutzen baditut ere. Dibulgazioetan gauzak deformatu egiten dira, eta ez da erraz zerbait idaztea norberaren eritziak baztertuz.

 Bigarren puntua artikulu hauen estrukturaketari dagokio: lehen partea historiari egokitzen zaio, azken batean, mugimendu sozialek planteiatzen dituzten arazoak ez direlako gaurkoak; oso zaharrak baitira eta historian koka daitezkeelako inon baino hobeto. Ez dut nahi izan bezala egin. Niretzat askoz ere interesgarriago zitzaidakeen problematika hori planteiatzea eta ikusi gero non dituen oinarriak: partiduaren problematika, gizartearen analisia, mugimendu asanblearioak, ezkerraren planteiamenduak, etab. Hori egin beharrean historiarekin sartu naiz zuzen zuzenean, gainetik bederen ikus daitezen arazo hauen jatorriak. Horrek ez du kentzen hurrengo artikulu zenbaitetan beste problematika horiek ez ukitzeko, ezkerra (eta ez Euskadikoa bakarrik) murgildurik dagoen problematika ikusgarria sakontzeko. Baina ez gaurkoan: aunitzentzat lehen partea erraza, astuna, jakina izanen da; pasa daitezela bigarrenera, bigarrenean azaltzen direlako T. Negriren teoriak. Eta norbait ez badago konforme historia honen interpretazioarekin (denok ikusten baitugu historia gure begi partikular diskutigarriak direla medio) idatz dezala eta eritziak idazlumaz neur daitezke. Horiek, bada, eta ez beste, ditugu artikulu bion parteak, artikulu honen parteak:

- lehenean, historikoki kokatu problematika osoa

- bigarrenean, Negri azaldu.

Balio dezatela baita, bi artikulu hauek, Europaren aurpegian dagoen errepresio intelektualaren aurkako protesta bezala, nik, behinik behin, ez baitut sinesten Negriren "terrorismo"an.

Lehen partea: Toni Negri. Historia berritzen

Negri preso

Italiar intelektual honek gartzelan pasatu ditu azkenengo eguberriak. Hilabete zenbait darama espetxean, joan zen Apirilaren 7an Italiako Alderdi Komunistako epaikari batek haren gartzelamendua agindua zuenetik, "froga argigarriak" zirela eta, Aldo Mororen hiltzearen inspiratzaile edo egilea izan zitekeela eta, Estatuaren kontrako borroka harmatua beharrezkoa zela esaten zuelako edo, nik ez dakit zenbat gauzarengatik hartu zituzten Negri eta beste intelektual asko. T.N. prestigio handiko gizona zen testuinguru batzuetan, bereziki Paduako Unibertsitatean, han baitzegoen irakasle bezala (katedraduna), baita Europako ezkertiar mugimenduetan ere eta ez zuen denbora luze Ipar Ameriketako Unibertsitateetan barrena ibilia zela hitzaldi batzu ematen. Italiara itzuli zenean detenitu egin zuten.

Askok pentsatu genuen orduan kontu honetako punturik garrantzizkoenak ilun zeudela; ilun baino, beltz. Askok pentsatu genuen Italiako formazio sozialak jasaten duen krisi ekonomiko eta politikoaren ezaugarri berri bat genuela, hots, estatuaren bortxakeria irrazionala beste maila berrira pasatua zela: errepresio intelektualera. Hobeki esateko, ezkertiarren errepresio intelektualera. Errepresio intelektual honen induktoreen aurrean Parlamentuan dauden indar politiko guztiak Alderdi Komunista zutelarik buru (komunista horiek). Ordutik hona zenbat laino esango liguke norbaitek, zenbat gezur eta zenbat errepresio ideologiko bultzatu dituzten sasikomunista horiek Negri preso mantentzeko, ez da bi lerroz esaten. Ordutik hona hartu ahal izan dituzten ezkerreko irakasle gehienak itzalean sartu dituzte oraingoz froga bat ere atera gabe haien kontra Orduko froga argi haiek ez dakigu zertan geratu diren; bai, asmoa zein zer ba dakigu: Parlamentutik kanpoko ezkerreko indar politikoak desburutu. Indar politiko hauek "terroristatzat" jotzen dituzte beste alderdiek: poliziako agintari batek zioen bezala, Italian ba omen daude 100.000 terrorista bihur daitezkeen pertsona hurbil (!).

Kontu honetan Alderdi Komunistak erabili izan dituen bideek ez diete bekaizkeriarik eskubitarren indar errepresiboek erabili ohi dituzten medioei: beste irakasle bat, Franco Piperno, Parisen hartu zuten han ikusi eta ezagutu omen zuelako oporretan zegoen langile komunista batek. Polizia abisatu. Orain arte salhati ("chivato") esan diegu horrelakoei. Ba dirudi Italiako sozialista eta komunista ofizialek burjeseriaren kontrako harmak, ezkerreko ideologiari apuntatu dizkiotela. Konturatu ere, kontura gaitezen Italian markatzen dituztela urratsak eta "euro-komunismoa" eta antzeko teoriak hantxe jaio zirela. Gero eta larriago ikusten dugu intelektualen aurkako joera Europa osoan: lumaren askatasuna zalantzan dago, batzuentzat arriskugarriago baita boligrafoa, amerikarrek hemen sartzen dituzten buru atomikodun missilak baino.

Negriren lanak

Espainiako estatuan gutxi ezagutzen da T. Negri. Gehienbat "El Viejo Topo" aldizkarikoek eman dute argitara eta dossier berezia eskaini zioten duela zenbait hilabete. Horretaz aparte, aldizkarikoek berek T.N.ren liburu bat ere, entseiu liburu bat, atera zuten: "Domeinua eta sabotaia". Dena den, irakasle honek, ba ditu beste liburu asko eta artikulu mordo bat Europako aldizkari anitzetan idatziak. Ez ditugu hemen zerrendatuko, liburudendetan ezin aurkitu ditugulako: T. Negriren teoriaren zenbait puntu azaltzeko "Domeinua eta sabotaia" liburuan oinarrituko naiz, teoria hau maingu geratuko zaigula jakinaren gainean egonik, idazle bat aztertzeko garaian, haren lan osoak ezagutu behar baitira.

Non kokatzen dugun

Normalean, ezker aldeko teorilariak hiru zutabe nagusitan kokatu izan dira historian zehar:

 1.— Anarkistak. Hauen hasiera Bakunin-en garaikoa dugu, Lehen Internazionalaren denborakoa. Marx-ek bere lanak aurreratzen zituen bitartean, beste mugimendu zabal bat hasi zen hedatzen: anarkismoa. Langileriaren erakundeaz, estatuaren teoriaz, partiduaren kontuaz, gizartearen analisiaz, ez zetozen bat anarkismoa eta marxismoa. 1.870. urtearen inguruan egin ziren kongresu zenbait Europako langile mugimendua osatuz eta kapitalismoaren aurkako estrategiak eztabaidatuz. Makina bat arrazoirengatik (barruko arrazoi ideologikoak, arrazoi pertsonalak) eta kanpoko beste arrazoi batzurengatik (politikoak, gerra franko-prusiarra, etab.) mugimendua apurtu egin zen eta anarkismoak eta marxismoak bide diferenteak hartu zituzten.

Anarkismoa bilakatu zen geroago puntu zehatz batzuetan. Horien artean, beharbada nagusienak, Espainiako CNT zelakoan gorpuztua eta Frantziako mende honen hasierako sindikalismo iraultzailean. Anarkismoa sindikatuen eremuan bilakatu zen baina ez zuen sekulan ahaztu politika maila: dena den, ideologia hau kontraesan batetan zegoen preso, hau da, ez zen gauza izan teoriazko partidu ezaren nahia eta praktikazko nolabaiteko erakunderen baten beharra bideratzeko. Azkenean, anarkismoa botuak ematera joan zen 1936.eko "Frente Popular" zelakoan. Botuak demokrazia burjes batetan! Hori ez zuen inoiz ere onartu anarkismoak eta paradoxaz, botu anarkistei esker irabazi egin ziren hauteskunde haiek.

Gerra garaian, anarkistek eta komunistek kontzepzio desberdinak eduki zituzten Errepublikari buruz. Anarkistentzat behar beharrezkoa zen iraultza soziala egitea gerra egiten zen bitartean, hau da, anarkistek ez zuten Errepublika defendatu nahi iraultza soziala baizik. Komunistek berriz, Errepublika defendatu behar zela zioten, hots, faxismoaren kontra Errepublikako instituzioak salbatu eta gero, faxismoa desegin ondoren, planteia zitekeen iraultza soziala. Hau burutzeko komunistek ez zuten dudarik eduki mugimendu anarkista desegiteko eta horrela ikusten dugu nola Franco irabaziz eta irabaziz zebilenean, komunistak eta anarkistak elkarren artean zanpaka ari zirela: eta hau ez dugu metafora. Lister-ek bere Zalditeria dibisioak erabili zituen Aragoako kolektibizazio anarkistak deusezteko. Espainiako zenbait tokitan benetazko esperientzia sozialistak bultzatu zituzten anarkistek, ezagutzen ez diren esperientziak.

Dena dela, ezin da nolanahi epaitu ko-

Pirinioetan amaitzen diot honekin.

Mugimendu eta ideologia anarkista ez zen garai horretan bukatu: baina bai amaitu ziren mugimendu honek orduraino erabili zituen formak, antolaketa formak. Ikusiko dugu nola sortzen diren geroago itxura berriko forma batzu, beharbada erdi-anarkistatzat joko beharko ditugun formak.

 2.— Sozialistak. Lehen Internazionalaren Kongresuak apurtu zirenean, ideologo marxistek beren bidea hartu zuten eta Internazional berria asmatzeko gogoak etorri zitzaizkien. Internazional honek mugak eduki behar zituen: lehen Internazionalean langileen mugimendu guztiak sartzen ziren. Bigarrenean, baldintza bat bete behar zen nahi eta ez: partidu baten beharra, hots, sistema kapitalista desegiteko langileen partidua eratu behar zen, Parlamentuetara sartu eta botuen bidez, boterea kendu burjeseriari. Garai horretako (1880) Marxen idazlanak zabaltzen hasten dira, ideologia koherente bat bezala agertzen zirelarik. Maila honetan ezin ziren gonbaratu Marxen lanak eta Marxen etsai politikoen lanak: marxismoa beti izan da sakonago eta zehatzago gizartearen problematika aztertzerakoan. Hala eta guztiz ere, Marxen lanak filtratuak agertzen dira: filtro horren izena Engels da eta Engels izan zen marxismoa dotrina bezala dibulgatu zuen lehen idazlea. Idazle trebea, erraxa, Marxen lanen interpretazio bat eman zigun, Gaur egun oraindik ere dirauena. Interpretazio horrekin sakralizatu egiten zuen Marxen pentsamendua, eta nola kristauek Bibliara jotzen duten, hala joango dira marxistak historian zehar klasikoen liburuetara, han erantzuna balego bezala, han baleude bezala gure galde guztien soluziobideak. Engels-en lanetako bat, marxismoa deformatzea izan zen. Kanpu horretan sortu ziren eskuineko aldetik marxismoaren lehenengo erreformistak eta errebisionistak: Kautsky, Bernstein eta beste zenbait. Hauen lana Marxen idazlanak handik eta hemendik aldatzea izan zen, momentuzko komenientziari egokituak, gaur egun Marx-ik gabeko marxistek edo Lenin-ik gabeko alderdi komunistek egiten duten antzera.

Mugimendu guzti honen ondorioz sortu zitzaizkigun Europako Alderdi sozialistak: langileen partiduak, botuen bidez Parlamentuaz jabetu nahi zutenak. Horrela sortu ziren Espainian ere PSOE eta UGT sindikatua. Ideologia hauen bultzatzaile bezala Marx bera har dezakegu, urrundik ez bada ere. Hala ere, partidu hauen erreformismorako bidea munduko leheneko gerra garaian (1914) geratu zen argi eta garbi: interes nazionalak nagusitu zitzaizkien klase interesei eta honela ikusten ditugu Europan zehar partidu nazionalistak gerrakredituek botua ematen beste sozialisten aurka joateko: sozialistak sozialisten kontra. Frantziako interesak Alemaniako interesen aurka. Eta hori dena marxismoaren izenean! Horrek ez du esan nahi sozialista batek baino gehiagok ez zuela hau ongisko ikusi. Ikusi ere, ikustekoa zen. Komenigarria izaten da teoriaz diskutitzea baino historiako datuekin jokatzea, gaur egun sozialismoak eta komunismoak eztabaidatzen dituen arazoak historiaren ardatz nagusietan ikusten baitira behin eta berriro odolduak izan direla. Aspaldikoak ditugu erreformismoaren eta iraultzaren kontuak. Ba dirudi, hala eta guztiz ere, gaurko aurkikuntza dela askorentzat hau. Eta ez digu merezi Rosa Luxenburg-en hiltzearekin sartzea orain hemen.

 3.— Komunistak. II. Internazionalaren teoriek apurketa gogor bat sofritzen dute 1917.ean. Munduan lehenengo aldiz, langileen alderdi bat, alderdi txikia, estatu aparailuaz nagusitzen da. Inork espero ez zuen lekuan, atzeratuta zegoen tokian, Errusian, soldaduek eta nekazariek "soviet" erakundean oinarriturik hankaz gora botatzen dute Tsar-en sistema. Lehenik hango burjeseriarekin elkartuta, gero bakarrik, azkenean bi iraultzaren ondotik Errusiako Alderdi Komunista botereaz nagusita: Lenin, Trotsky eta beste zenbait urramoldez pasatzen dira historiara. Zer egin? Iraultza hura ez zen goiz batekoa: 1905.etik aurrera borrokan ziharduten sovietei esker irabazi zen, baina lehen momentutik geroago izendatuko zuten Alderdi Komunistak (botxebikiek) hartu zituen estatuko hariak.

Europa eta mundu osoko langileriarentzat itxaropen berria sortu zen. Gaur egun nekez neur dezakegu iraultza horren inpaktua mundu zabalean. Lenin-ek Marxen teoriak onartu zituen eta bi puntu teoriko berritan zituen bilakatu: Estatuaren teoria eta inperialismoa. Dena den, Lenin ez dugu teoriko hutsa eta bere lanik aipagarrienak estrategia mailakoak ditu. Era berean kanpoko eta barruko problematikaren" zuzentzeari ekin zion. Kanpoan, gerra amaitu; barruan edozein eratako disidentzia erraustu. Horrela desegin ziren Tsar-en ejerzitoko koadroak, polizia eta ezker aldetik sortzen ziren mugimenduak ere, haien artean anarkismoa. Trotsky-k, harmada gorriaren buruak, menperatu zituen Kromstadt-eko marinelak, esaterako.

Gerra amaitu ondoren, barruko disidentziak zuzendu eta gero, Errusiak beste bi problematika zituen aurrez aurre:

- alde batetik, mundu kapitalistak egiten zion boikotari erantzun. Honen oihartzuna dateke Stalin-ekin hasi ziren plangintza ekonomikoak, politika gogorra, etab., nolabait ere muga hertsi haietan aurrerapen ekonomikoaren bila, Errusiako iraultza huts ez
zedin.

- bestetik, nazioarteko langileriaren plataforma berria bilakatu. Nahitaezkoa zekusaten internazionala indartzea eta horregatik asmatu zen III. Internazionala. Internazional hau, I. Internazionala eta II. Internazionala baino hestuago: I.a astea zen, II.ean partidua onartu behar zen, III.ean ez zen partidua bakarrik, partidu komunista onartu behar zen bide berria legez. Munduko partidu guztiak Errusiako alderdi komunistaren menpean egon beharko zuten eta Errusiako iraultza indartzea zen haien lehenbiziko helburua. Horretarako, beste nazioetako iraultzen interes txikiagoa zuten eta Errusia zen nagusiena. Errusiara hurbildu ziren anarkista eta sozialistek alde egin zuten baldintzapen hauek ikusirik. Argigarriak ditugu horretarako Angel Pestañak egindako informeak. Anarkistek beren aldetik jarraitu zuten, eta sozialisten artean apurketa gertatu zen: batzu II. Internazionalari jarraitu zitzaizkion eta besteak III.ari: azken hauek eraiki zituzten nazio guztietan partidu komunistak.

Errusian bertan, bidenabar, Lenin hil ondoren etengabeko burokratizazio prozedura nabarmentzen da Stalin-ekin, hamaika problemari ekin behar ziolako eta honetarako beharrezko ikusten zuelako botere pertsonala indartzea. Hau denau, Stalinen nortasunari erantsirik, diktadura (ez proletalgoaren diktadura) diktadura pertsonal bihurtzen da eta hurbileko lagun edo etsai guztiak baztertu egiten ditu Stalinek, baztertu, jarraiki, gartzeleratu, hil. Trotsky izan zuen etsai politikoa: Trotsky-ren ustez iraultza bazter guztietan hedatu behar zen, ez Errusian bakarrik, "Iraultza iraunkor"aren teorilaria dugu Trotsky. Horregatik sortu ziren, komunismoaren barruan, mugimendu trptslostal: lehenik Stalinen kritikoak geroago etsaiak. Hau denau argi ikusi zen Espainiako gerratean POUM eta PCEen arteko erlazioekin. Non ote dago Andreu Nin?

Munduko trotskistak batzen dira geroago IV.Internazionalean. Horregatik deitzen dugu Internazional trotskista. Internazional honen buru bezala E. Mandel agertzen da gaur egun, ekonomia mailan pentsalari marxista argienetako bat.

Errusia bizkortzen ari den bitartean, Txinan, Mao Zedong-ek burjeseriarekin aliaturik (Ibilaldi Luzean) japonesak menperatu egiten ditu. Japondarrak bota ondoren burjeseriari irabazten dio jokoa eta Txinako Alderdi Komunistak ere boterea hartzen du.

Horrela, lehen garaiko marxismoa, aberasten arituko da urtez urte: Marxen teoriak lehenik, Lenin geroago, Mao Zedong azkenik. Historia, dena den, ez zaigu hemen amaitzen eta harriturik ikusiko dugu berriro ere Errusiako Alderdi Komunistak eta Txinakoak hautsi egiten dituztela elkarren arteko harremanak: anarkismo-marxismoaren apurketa, sozialisten apurketa, komunisten apurketa. Honen ohiartzuna ikusten da berehalaxe munduan: horrela sortzen dira alderdi sozialistak, komunistak, troskistak, marxista-leninistak, protxinoak, etab. Ba dirudi ezkerreko mugimenduak deseginak daudela. Hau baitugu, zorionez edo zoritxarrez, langileriaren historia: zenbat eta erakunde indartuago, zenbat eta antolakuntza gogorrago, klase interesak partidu interes bihurtzen dira praktikan. Baina zenbat eta teoria argiago, zabalago, ba dirudi efektibitate murritzago duela.

Teoria praktikan preso. Edo alderantziz. Kontradikzio honetan dago murgildurik ezkerra: partiduen historia, kontradikzio hauen historia dugu, krisi honen historia. Eta norbaitek pentsa lezake krisiak ez daukala irtenbiderik.

(Segitzeko)

Pello Salaburu


Gaiak. Politika

LAB

Berehala II Biltzarrean aurkituko gara, eta ponentziak irakurtzen ba da lana frango.

Esan behar da, lan interesgarriak ba daudela bere 70 horrialdeetan eta sakonak ere bai, ekonomiazkoetan, e.a.

Lehen sailean, politika egoera aztertzen da, eta lehenik datorren ponentzia ikusirik ba da zer pentsa. Irakurri ondoren eta nork izenpetzen duen ikusi eta, besteetan agertzen duen joera bera nabari dela esan behar. Ez da behar ezer berririk.

Sarritan pentsatu izan dugun bezala, halakoek hobe lukete Carrilloren CCOO eta PCEan sartzea, etxean bezala aurkituko bailirakete.

Hau ez da gero espantu bat.

Zertarako ote dute horrelakoek alderdi eta sindikatu abertzale batean egoera?

Zertarako ote dute horrelakoek alderdi eta sindikatu iraultzaile batean egotea?

Zeren, bere burua abertzale eta marxista-leninistatzat publikoki daukanez, hobe luke espantu horiek utzi eta teoria praxiarekin elkartuko den lekuan sartzea.

Bide berean, bere burua abertzale eta marxista-leninista, hau da, iraultzaile duen alderdiak, ez du horrelakoen beharrik, barneko homogeneitatea trabatzen baitio.

Lan honen pasarte batek hala dio: "... línea a seguir por los sectores revolucionarios del movimiento obrero debe consistir en apoyar reformas graduales, que de una forma encadenada nos posibiliten avanzar hacia la transformación de la sociedad y la liberación nacional".

Guk egia esan, ez dugu mirakuluetan sinesten.

Noiztik (eta gure egoeran) graduzko erreforma batzuen bidez, sozietate berri baten bidean aurara gintezke? Noiztik bide hontatik, sekula historian nazio askatasuna lortu da?

Eta hau denau Moncloako Estatutua bedeinkatzearren: PNV-ko posibilismo berbera, alegia.

Eta beste hau: "Los trabajadores demostraremos una extraordinaria capacidad de resistencia, pero a pesar de todo, no llegaremos a deshacer de una forma sustancial los planes de la oligarquía tanto en el orden político como en el económico".

Beraz, zertarako ezer egin, ezingo badugu nahi dugula lortu?

Horrelakoek, beste batzuek bezala, ez dute iraultzan sinesten, ez dute sozialismoan sinesten; ez dute iraultza egin nahi. Zertarako beraz marxista-leninistak direla esan? Hobe lukete Marx-en errebisioa egin dutela esatea eta hori: errebisiozaleak direla aitortzea.

Eta oraingoz, bi pundu hauek bakarrik aipatuko ditugu.

23. horrialdean hasi eta, ba da beste lan bat "Características del sindicato" "Por un sindicato sociopolítico, nacional y de clase" izena duena.

Gu ponentzia honekin ados gaude, baina ba dira bi pasarte zuzendu beharrezkoak: 24. horrialdean dio: "Por un lado asistimos a un innegable proceso de transformación de la clase obrera, como consecuencia de la crisis capitalista... a la sobreexplotación el de los sectores de servicios"...

Eta 26. horrialdean: "Esta base (de posiciones sindicales revolucionarias) abarcaría desde los trabajadores de servicios que sufren unas condiciones de sobre-explotación por la crisis y los que ven empeorar sus condiciones hasta ahora de privilegio pasando por los trabajadores de la pequeña y mediana industria,... hasta incluso de la Gran Industria..."

"Kapitalisten entrepresa pribatu ala estataletan, ordaindutako lan bat egiten duen intelektualitatea, langile klaseko zati bat bezala hartuz, errebisiozaleak, langile klaseko zati kontziente eta iraultzaileena bezala agertzen dute, beren alderdietako izaera intelektual-burjesari 'proletal' kolorea eman nahiz; zeren beren sozial basea batez ere, intelektual eta langileriaren aristokraziaz osatua dago, eta hala, langile klasean liberalkeria eta erreforma intelektualista itsasten dute, klase burrukatik eta sozialista iraultzatik baztertzen dutela.

Errebisiozaleek garbiki agertzen dute, "gaurko" klase kontzientzia daramana, "langile klase berria" dela, injinadoreak, teknikoak eta goi-graduko langile eta enplegatuak osatua alegia". (Bajram Abdiu).

Noiztik zerbitzukoak, proletalgoa baino esplotatuagoa izatea ote dakar?

Hori hala balitz, gaur nagusiak (faxismoren protekzionismoaren babesean, sobera lapurreta egin eta langileria superesplotatu ondoren) beren entrepresetan galtzen ariko lirateke eta ez guttiago irabazten...

Noiztik pribilegioak galtzeak (automatikoki) zanpaketa dakar?

Bestalde, jakina, langileriak bere aliatu zihurrekin loturak ukan eta mantendu behar dituela: zerbitzukoekin, nekazariekin, arrantzaleekin, e.a.

"Produkzioaren automatizazioa dela eta, langile klasearen zeregina guttituz doala burjes teoriei, gaurko errebiziozaleen teori anti-marxistak lotzen zaizkie, zeren hauek diotenez, gaur, sozialismorako burruka, proletalgoak ezezik, beste klase eta indar batzuek gida dezakete, hala nola, burjeseriak, burjes-ttikiak, intelektualak, e.a.

Ikusmolde hauek, munduko mugimendu iraultzaileari kalte handia egiten diote, zeren herriko zenbait klasetxoengan, gazteengan, estudianteengan eta intelektualengan ideologiazko nahasketa sortzen dute, hauek, iraultzarako langile klaseak eta bere Partidu marxista-leninistaren zuzendaritzaren beharrez ez baitute kontzientzia argitua". (Rruga e Partise).

Josebak dioen ordena, beraz, alderantziz jarri behar dugu: lehenik, lantegi handietako proletalgoa, gero lantegi erdiko eta ttikiak, eta azkenik zerbitzuko langileak, e.a. Lehentasun honetan saiatu behar gara.

Gizonak, gizonik zapalduko ez duen gizartea benetan nahi badugu, ez gara kast aberri bat sortzen jarriko...

Ba da beste lan bat 44.horrialdean baliagarria iruditu zaiguna, nahiz pundu guztietan bat ez etor. Azpirozek izenpetzen du eta "Línea de acción sindical" du tituluz.

Honentzako eta guretzako ere, sindikatu iraultzailearen oinarria, LAB-eko lantokiko komitean dago. Fabrikako komitea biltzen da eta diskutitzen ditu bere arazo konkretuak, asanblada prestatu eta langileak iraultzarako bidean jartzen.

Komite honek formatu, prestatu behar du.lana probetxugarria izan dadin. Hauek asanbladaren gidatzaileak izango dira; eta horretarako Partiduko militanteak izan daitezke: hobe hala badira. Azken pundu honetan ez dugu uste Azpirozekin bat gentozkeenik.

Gero komiteen koordinaketa, e.a.

Jakin dugunez, Errenderian, era honetara funtzionatzen du LAB-ek.

"Iraultza prozesua, produkzio alorrean betetzen da, produkzioan, fabrikan, zeren han erlazioak zapaltzaile eta zapaldua, esplotatzaile eta esplotatuaren artekoak dira, eta bertan ez da libertaterik langilearentzako, ez eta demokraziarik ere". (Gramsci).

Eta honetan muntatzen ez badugu sindikatua, LAB beste edozein sindikatu klasikoa bezala izango da: erreformista, burokratikoa, e.a.

Zentzu honetan, 1979.eko Ekainean presentatu genuen lan bat: "Los comités obreros de LAB"; gero "Las funciones del Partido"; eta Irailean beste bat, "El Partido". Ez dakigu zergatik, baina oraindik ez dute hiruetatik bat ere publikatu.

Nahiz hemen guk sobera eskematikoki, sinplistegi azaldu, lan hauetan zabalki agertua da LAB-eko komiteak, e.a. zernolakoak izan behar duten.

Azkeneko V teman, gaurko krisi ekonomikoa aztertzen da, eta esan behar da Leninen "El imperialismo, fase superior del capitalismo" ez dela zahartu. Funtsean, hark egindako analisia agertzen da lan hauetan. Liburu honek ba du pasarte bat, batzuek kontutan hartzen ez dutena, eta hala dio:

"Inperialismoa finantziako kapitalaren eta monopolioen garaia da, eta hauek alde guztietatik menderapena eta libertate eza besterik ez dakarte. Erreakzioa ausartki, nahiz bat hala beste erregimen politikoa ukan; baita ere kontradikzioen ozpintze latza: hau da joera honen ondorena. Nazio zanpaketa eta anexioak egiteari kartsuki lotzen zaio; hau da, nazio independentzia bortxatzera (zeren, anexioa, nazioek autodeterminatzeko duten eskubidea ukatzea besterik ez da). Hilferding-ek inperialismoaren eta nazio zapalketaren arteko lotura ongi agertzen du, eta hala dio: 'historiarik gabeko nadaiteke'. Zeuden sozial erlazioak jausten dira, 'historiarik gabeko nazioen' milaka urteko nekazarien bakartatea hondatzen da, kapitalisten ezinasera bultzatuak direlarik. Horrela, kapitalismoak berak, poliki-poliki, zanpatuei askatzeko medioak ematen dizkie. Eta nazio hauek, beste denboretan Europako nazioen amets handia zen hura nahi izatera pusatzen ditu: ekonomiazko eta kulturazko libertatea ukaiteko Estatu nazional bat eraikitzera alegia. Bistan denez, independentziazko mugimendu honek, Europako kapitala dinbili-danbala jartzen du, batez ere honek gorde nahi dituen leku baliotsuenetan, aberatsenetan. Egoera honetan, Europako kapitalak han irauteko, menderapena jarraitzeko 'bere indar militarrak' handitzea, ugaritzea beste biderik ez du. Guzti honi erantsi behar zaio, hau ez dela berrikitan agertutako herrietan bakarrik gertatzen, zaharretan ere bai: inperialismoak anexioak egitea, nazio zanpaketak aurrera eramatea eskatzen duenez; eta bide batez erresistentzia gogortzea eta ugaritzea ere bai". (Lenin 156/157 or).

Hasieran genioen bezala, ba dirudi batzuek ahantzi dutela hau; ez dutela gogoratu nahi. Horrelakoek, ez da harritzekoa, zorioneko Estatutu horrez kontentatzea: erregionalismoarekin alegia.

Prozesu historiko guztiak ba du bere dinamika eta egoera konkretua; duenaz baliatzen jakin behar dugu.

Adibidez: Maok Txinan eta Ho Txi Minhek Viet Namen inperialismoaren aurka iraultza egin zutenean ez ziren armada erregular bat sortzen hazi, gerrilla muntatzen ihardun zuten. Zergatik ote?

Iraultza egiteko arma da handi bat, animalia bat behar zen, zergatik ez beraz hortik has?

Ba dakizue zergatik.

Gure sindikalista ohoretsuak ordea, ez dute gonbaraketa honen lezioa ikasi, eta gaur sindikatu handi bat, (nagusiengandik) ongi ikusia den sindikatu zintzo baten bila dabiltza.

Ez dakite historiaz ikasten.

Iraultza egingo bada, guk hemen iraultza egingo badugu, kasu konkretuak erakusten digu orain gerrilla hasi eta jarraitu behar dugula; nahiz bestea ez ahantz.

Guk LAB indartu behar dugu, ez haundinahikeriaz, bai militantez.

LABek, iraultzarako tresna bat izan behar du. Hala ez balitz, zertarako nahi dugu?

Eguneroko prolemetan oinarriturik, langileriari kapitalismoaren esplotazio eta zanpaketa ikuserazteko nahi dugu.

Hau nahi ez dutenek, ongi egiten dute EIAn sartzean. Bakea eman dezatela, eta ez etsaien probetxuz kaka nahasten ibil.

HAROTZA


Gaiak. Gizartea

Objektu Hegalari Ezezagutuak

1979.eko Abuztuaren 17an, goizaldeko ordu bat t'erdietan, Val Johnson, 35 urtetako Marshall County-ko sheriff-aren ofiziale bat etxeratzean zen bere polizi autoan. Minnesota-ko lautadetan dena iluntasuna da, kotxearen argiak izan ezik. Noizbehin etxalde isolatu baten argiak. Zerua, oskarbi, izarratua. Urrutian, hiru-lau kilometrotara, argi bat zolu gainean mogitzen. Lurreratzerakoan aireko bat problematan zegoela pentsatuz, hara zuzentzen da. 50 minutu beranduago, sheriff-aren bulegoan alarma martxan jartzen da: irratiz, Johnson-en abots deformatuak: "Zerbaitek kotxean jo nau. Ez dakit nola azaldu... Arraroa..." "Ondo zaude?" "Uste dut baietz... Ez dut ondo ikusten...".

Val Johnson-en bertsioa

Beste kotxeak heldu zirenean, nahaste borraste bat aurkitu zuten: kotxea itzulita zegoen, faroak hautsita, antenak bihurtuak, haizetakoa apurtua... Johnson-en egoerak eriauto baten beharra erakusten zuen. Bere erlojua eta kotxeko erlojua martxan zeuden, baina besteen erlojuak baino hamalau minutu atzeratu zebilen. Medikuen eskuetatik pasatu ondoren, eta shock-a pixka bat gaindituz, Val Johnson-ek bere informea eman zuen:

"Etxera nindoalarik, hiru-lau kilometrotara, argi zuri eta distiratsu bat, faro baten antzekoa, eta zelaitik metro t'erdira ikusi nuen. Aireko txiki bat lurreratzeko problemekin zelakoan, harantz abiatu nintzen. Bi kilometro eginda nituenean, eta argia beste bi kilometrotara zegoenean, nireganantz ziztada batetan etorri zen, kotxea topatuz. Argia kotxe barruan ikusi nuen, oso distiratsu. Begiek min egiten zidaten. Ez nuen motorrik ez besterik entzun. Begiak eskuz estali nituen eta epe labur batetan bolante gainean geldirik geratu nintzen. Nire senera bueltatu nintzenean, kotxeko motorra geratuta zegoen, eta sheriffaren bulegora deitu nuen".

75 kilometrotara dagoen U.S. Air Force-ko base batetakoek ez zuten ezer sentitu, ez eta Abiazio-zerbitzuek ez eta zerbitzu metereologikoek.

Objektu Hegalari Ezezagutuak

Honelako istorioak ehunka eta milaka konta daitezke. Zeruan edo Lurrean ikusten edo gertatzen diren fenomeno azalezinak "Objektu Hegalari Ezezagutuak" izendatuak izan dira (izen hau ingelesezko "Unidentified flying objects"-tik dator), eta, noski, era askotako gertaerak batzen ditu. Historian zehar betidanik ezagutuak izan dira fenomeno hauk, baina inoiz ez zaie garrantzirik eman. Are gehiago, mende honen hasieran, OHE bat ikustea nahiko zen, lekukoa zoroetxe batetara eramateko.

Denborarekin, fenomeno hauk estudiatzen hasi dira talde ezprofesional batzu, eta lehendabiziko pausoa gertaerak pilatzea eta klasifikatzea izan da.

Horrela, Allan Hendry-k, OHE-ak Estudiatzeko Zentrukoa, 1307 gertakari bildu ditu eta, kritikoki analisatuz, 113 benetan ezezagutuekin geratu zen. Hauk gainetik ikusiz, berehala kointzidentzia deigarri batzu nabarri dira: 70 % gauez gertatu ziren, eta 86 o/o urrunean edo distantzia zehaztezin batetara gertatu ziren. Hurbiletik ikusitako OHEak itxuraz oso desberdinak ziren: zigarroa, diskoa, puntuak, biribilak,... "Plater hegalari" izena ez zegoen ez guztiz ondo jarria!

Eta OHE-etan, zer?

Eskeptikoentzat nahiko da gertaera gehienak baztergarriak direla jakitea denak alboratzeko baina defendatzaileen ustez, nahiko da bat egiazko izatea munduko eta gizarteko egitura aldatzeko. Baina problemak ugari dira. Hegaztiez, txoriez eta intsektu batzuz gain, hegaka berez egiten dutenik ez dago, eta beharrezko da OHE horik zerk higitzen dituen eta nork zuzentzen dituen jakitea. Eta hemen hasten dira fantasiak eta ametsak.

Askoren eritziz, OHEak Lurrean bertan ateratzen diren hegazkinak dira. edo estalpean mantendu nahi diren gobernu batzuren experientziak edo zibilizazio ezkutu eta ezezagun batzuren hegazkinak. Horrela espionaia eta arkeologia elkartuta ikusten dira fenomeno hauk azaltzeko.

Haatik, azalpena, beste asko Lurretik kanpo aurkitzen saiatzen da. Horrela. jatorria Artizarrean —Venus-en—, Martean, Eguzkian Mitologia zaharretan bezala—, eta eguzki-sistematik kanpo, planeten ezagumendua aurreratzen doan arauera. Harrigarria da, halaber, OHEnauta horik ikusi ahal izan direnean, beti giza-antza edukitzea. Burua, beso biak, hanka biak, gorputza, lur honetan dagoen gizonaren antzerakoak dira, eta ez emakumearen antzerakoak. Gizazentrismo hau ez da garaieran nabari, eta ipotxa buruhandiak (metro bat ingurukoak), normalak eta erraldoiak (sei metrotarainokoak) ikusi dira. Honek giza aberearen eboluzioan problema asko ekarriko dizkio: Nola da posible Unibertso osoan izaki inteligenteak giza antzera bilakatzea?

Baina kanpo-bisitariak baditugu aztarna gehiago eduki beharko genuke. Esate batetarako, harritzeko da honelako hegazkinek ezbeharrik ez edukitzea. Ba, bai. Ezbeharrak eduki dituzte, eta sarri. Baina, antza denez, sekretu militarraren pean daude gordeta, bai hegazkinak, eta bai OHEnauten aztarnak.

OHE-ak seriotan?

Munduan zehar gertaerak azalezinak biltzen dabiltzanek pisu bat lortu dute mass mediak erabiliz. Bermuda-tako triangelua, bidaia espazial ez azalduak edo gaizki azalduak, zibilizazio galduak, zerutik datozen mikrouhin periodikoak... OHE-ren bidez azaltzeko posibilitatea ikusten da. Horrela zenbait gobernuk (Kuwait, New Zealand,...) komisio ofizialak eratu dituzte, eta beste batzu ikerketa zentruak eratzen ari dira.

Are gehiago fenomeno hauk internazionalak direlarik, Nazio Elkartuen Erakundean (U.N.O.) talde espezialista bat eratu da informazioa eta ezagumendua elkartrukatzeko, eta, behar bada, kongresu internazional bat egiteko.

I. Zuazo


Gaiak. Artea

A. Arteta. Mendeurrena eta omenaldia

Bilboko museoan, eta Banco de Bilbao-ko erakustaretoan, Artetaren obra dugu erakutsia, nor, artelaririk handiena izan zitzaigun, bere mendeurrena baida, omenaldi gisara.

Artetaren obraren hautapen zabala erakusketa bietan, bakarrik, Madril-eko "Banco de Bilbao-n" egin zituen muralak faltatzen naturalki, baina present egoten ere, fotoetan. Baita ere Banco de Bilbao-k argitaratu du liburu bat hemen agertzen diren marrazkiak eta koadroak, handik atarata izaten.

Ohar biografikoa

Aurelio Arteta y Errasti, Bilbon jaio zen, 1879-ko abenduan, bigarren egunean. Arteen eta ofizioen eskolan hasten da ikasten hamalau urteekin. 1894an Valladolid-era abiatzen da bere familiarekin, bertako Artes y Oficios-eko eskolan, bere formazioa jarraitzen, eta Luciano Sanchez Santare irakaslearekin ezagumen artistikoa sakontzen. Miño argitaletxean jartzen da "ordenanza" bezala, bere lanarekin familiaren ekonomia laguntzeko.

1897an, "San Fernando" "Bellas Artes-eko" eskola nagusian sartzen da, beste euskaldun pintoreekin, alkartzen: Elias Salaberria, Jacinto Olave, eta Lopez Mezquita han zeudelako haik ere, pintura ikasten. Pintatu bakarrik ez du egiten, beste bizibideak saiatu behar duelako bizitzeko: honela, brotxa lodiko pintore egiten da, litografoa, grabadoen konpontzaile eta "Teatro real-eko" konparsa. 1902an, Bizkaiko diputazioak konbokatzen dituen beketara aurkezten da eta Angel Larroque-rekin batera irabazten du, "Un accidente de trabajo" koadroarekin. Quintin de Torre euskal eskultorearekin, Paris-era heltzen da pintatzen eta ikasten.

1905ean, bidaia bat egiten du Italiatik zehar. Urrengo urtean, Bilbora itzultzen da, lenengo erakusketa egiten, "Delclaux" aretoan.

1911n, "Asociacion de artistas vascos" elkartearen fundatzaileren bat bezala agertzen zaigu. 1919an, Parisen berriz, Arte españolaren erakusketan koadro bi aurkezten ditu, urrengo urtean, Londresen ere Pintura españolaren erakusketan parte hartzen koadro batekin: "marineros torpedeados". 1921ean, Ricardo Bastida arkitektoa, Madril-eko Banco de Bilbao-rako freskoak agintzen dizkio.

Hortik aurrerantz, pintore ezagun bezala egingo zuen lan, erretratoak egiten, bere nortasuna aldatu gabe eta betiko apaltasunaz bizitzen. 1924an, Arte modernoko museoren zuzendaria egiten dute, eta 1925ean beste fresko handi bat egiten du, Logroño-n, Seminario Diocesano-n.

1930ean, pinturako lenengo saria irabazten du. estatu osoko saria, bere "Bañistas" koadroakin.

1932an, "Los hombres del mar" olioarekin, Bellas Arteseko erakusketa nazionalean ere lenengo domina irabazten du.

1934an, Venecia-ko arteko bienalera bialtzen du, "Los hombres del mar" koadroa. (Koadro hau "Naufragos" deitzen da baita).

1936an, barneko gudak Madril-en arrapatzen du, bera Pinturako eskola nagusian irakasle izanez, eta Valenciara mugitzen da gobernuarekin, nondik Mejikora abiatzen da pintatzen jarraituz, Miarritz-en egonaldi bat egin eta gero. Mejikon, tranbian ioiala, istripu batean eriotzak hatzamanen du, 1940an hots, hirurogetabat urte zituela.

Bere obraren kondaira gisa eta eboluzioa

Artetan sasoian, estatu espainolean zer pintura egiten zen ikusteko, begira dezakegu, berak hamabi urte zituela, zein izan zen "Bellas Artes-eko lenengo saria: 1892an", "El derecho de asilo" izeneko koadroarekin, Ameriko-k irabazten du. Cutandak, bere aldean, "Una huelga de obreros", Artetak berak erabilitako —bere erara—, koadroarekin, hots, tekniko akademiko batekin egiten ziren obra sozialak edo gai sozialekoak behintzat.

Pixka bat aurrerago, koadro akademiko utsak izan ziren irabazleak. Honela hauta detzakegu, 1878an, "Doña Juana la Loca", edo "Isabel la Católica cediendo sus joyas a Colón". Hauk ziren obra historikoak, teknika oso errealistaz eginikakoak hotzak eta balore plastiko gabekoak. Erakusketa honetarako, Banco de Bilbao-k egindako liburutxuan agertzen den Joaquin de la Fuente-k dioskun bezala, Frantzian, 1848tik aurrera, iraultzaren haizeak eta erromantizismoaren urratsak, beren domeinua jarri zuten, plastika eremuan, handik Espainiara ere heltzen bisuts batzu.

Panorama plastiko horretan, egin zituen gure Artetak bere lehengo pauso artistikoak. Garai horretakoak dira, "La cieguecita del acordeón", eta "Accidente de trabajo en una fábrica vizcaina", koadro azken honekin, Diputazioaren beka bat irabazten, "ikasketak haunditzeko. Pintura hori guztiz akademikoa zen, esate baterako, Belazquez-en teknika gardena emulatzen, baina beste gai batzu erabiltzen. Artetarengan, ardura soziala, esan dezakegu, ez zela modaren ondore bat bere barruko sentimendua baizik, geroago ere eta bere ekintza artistikoan zehar, beti gorde zuen pintzelada bat Bilboko langileria aipatzeko, benetako pintura soziala egiten Ibarrolak esango duen bezala.

Europar haizeak, berriz ere beheko estua estali zituen, "Inpresionismo" zirkigunea zela eta Aureliano de Beruete, Regoyos, Sorolla eta Mir, izango ziren, eskola edo tendentzi horren gaillurrak. Beste aldetik ere eta bertan sortutako pintaera bezala Zuloaga eta Gutierrez Solana aipatu behar dira errealismo gogorra eta berritzaile baten errepresentanteak.

1901ean, Iturrino eta Picasso-k beren obra erakusten dute alkarrekin, Parisen. Etxebarria, euskaldun entrepresalaria, garai horretan pintatzen hasten da ere, koinziditzen 1902an, Artetaren heltzearekin, Parisera bertara eta mundu artistiko horretan harremanatzen.

1906an, zeren eta Artetarengan influenzi handia izango zuen bere pintaera. Cubismo, Picassoren eskutik argia ikusten da 1907an gitxi gorabera, eta Vazquez Diaz izanen da pintaera pertsonal batez moldatzen duena, bere ikasgaia, beste pintoreek jarrai dezatela. 1910 inguruan, Europan eta pintore batzuen eskuetatik ekarrita ere Estatu Espainolean, "Cubismoa" izango zen aintzingoardia, berarekin batera, "Faubismoa" mantentzen eta hainbat pintore ondiño, "Inpresionisten" lekzioak ikasten.

Espaini ia aldean, "Cubismoa" arrakasta handia izanen da, Picasso-k asmatutako ikerketa plastiko hortaz kontu asko atara baiziren. Juan Gris, Maria Blanchard, Vazquez Diaz eta Cossio, honela izan ziren kubismotik atara zituzten lekzio plastikoak eta euren pintaerari atxiki zizkiotenok baliobide merezigarriak.

Arteta bere aldetik errealismo tipiko batetik, apurka apurka, bere paleta sakontzen ari da, "Faubisten" ikasgaia ikasirik, margozko indar berri batez estaltzen bere lanak, margoen oposizioz eginik askotan.

Oso ikusgarria zaigu adibidez. "De espera en la romería", "Camino al mercado", "Sardinera sentada" eta garai horretako koadro batzutan, nahiz eta marrazkia oso landua egon, margoa izaten da bere osagai funtsezkoena, pintzelada finaz eginikakoak, baina margo oldartsuz.

Oso "faude" agertzen zaigu, Arteta, 1920a arte, jadanik bere koadroak, hormaren beharra erakusten. Koadro batzu aparte, "Despedida de las lanchas" adibidez, gehienek, neurriz eta pintaeraz, muralismoari deitzen diote, indar fobistaz eginikako muraletara. Bere obrak eskatzen ziola eta Bastida arkitektoak Madrilen egindako "Banco de Bilbao" banketxerako muralak eskatzen dizkio egitea, 1923an amaitzen gure pintoreak, "freskoz" egindako muralak, Espainalde osoan paregabekoak, eta Europan zehar ere eta aro horretan merezimendu handienetariko bat beharrekoak.

Kapitulu berezi bat mereziko lukete mural horiek, baina esango dugu bakarrik Artetak berak muralak egitea asko maitatzen zituela, "Kaballeteko" pintura baino gehiago eta izugarrizko indarra dutelako muralek, margo oldartsuz eginak, marrazkia erliebedunak eta beharbada gaiak edo sinbologia, —lana, lan intelektuala, "uzta eta abar,— pizkat atzerakoia iruditzen zaigula, baieztatzen dena dela errepresentatzen dituzten koadro laboralak eta herrikoiak, gaur egun ondiño xoratzen gaituela, bere indar plastikoz eta barruko egitura sakonaz.

Garai horretan hasten zaio Artetari, "cubismoaren" eragipena, bere marrazkia, hertzaduna agertzen eta Bazquez Diaz-en erara, ez Picassorengan edo Juan Gris-engan bezala agererazten, margoen eta formen distribuziorako tankera formalista bezala, konposaketa honela laguntzen eta gainera indar expresibo handia ematen.

Arteta-k, Vazquez Diaz-en eskutik onhartzen du "kubismoa" eta bere pertsonalezko ikuspegitik, pintaera argitsu eta liriko batera heltzen da, "Camino del mercado", "Pescadores", "Mujeres en el monte", "Txo y sardinera", oso ospetsua den koadroa, "De chachara", "Lavanderas" koadroetan, eguneroko gauzak ateratzen dizkigute, eskena arruntak eta herrikoiak, baina lirismo formal batez tratatuak. Argia eta margoa, koadro horretan marrazkiaren laguntzaileak dira, heldutasun plastikoa erakusten.

1930ean, eta pintaera honen jarraieraz, bere koadro "Bañistas"-k 1930ko "Premio nacional de pintura" irabazi zuen. Konposaketa honekin, bere heldutasun artistikoari gailurra ematen dio. Koadro honen baino lehen erabiliak zituen gaietan erakusten zuen, Artetak, berak zuen goxotasuna eta fintasuna. "Bañistas" koadroan beste alde bat agertzen zaigu: sensualidadea, ia erotismoa. Emakume talde horretan, eta gaia, zein den kontura artu gabe ordea, ikus dezakegu egitura plastiko funtsezko bat eta formek eta margoek egiten duten joko piktorikoan, balore abstrakto izugarriak, koadroa, plastizidade hutsa duen zer bat iduritzen baizaigu. Margoa ere nahiz eta indarra ez galdu, leuna, urguria, izaten.

Bere pintaerak beste eboluzioa jasanen zuen aro honetatik aurrera. Marrazkia ez da agian aldatzen, baina gaiak monumentalagoak bihurtzen dira. Pertsonai indartsuak agertzen zaizkigu, lengo aroan bezala, baina margoaren tratamenduaz itzelezkoak, erraldoiak iduritzen zaizkigu. Margoa sakonagoa bihurtzen da teknika landuago batez pintatzen baizuen.

Beste behin ere koadroak, muralentzako asmatuak dirudite, gaiak ere euskal bizitza arruntetik atarata ditugu, baina beste indarra lortzen du, margoari bizitza berria ematen, itzalak eta argiak erabiltzen joko plastikoaren gidari bezala.

Bilboko museoan dagoen. "Arrantzales" koadroan, "El frente", "Evacuación por mar", eta "Retaguardia"-ri deritzo triptikoan ikus dezakegu, bortxa berri hau.

Margoaren bortxadura, margoen aberastasun berria eta gero eta gehiago, iluntasun ikaragarria. "Laiadores vascos" eta "Puente de Burceña" koadroetatik, "El acordeonista" edo aipatu dugun triptikoari, iluntasun hori hedatzen ari da tragikotasun batez estaltzen gure begiak, Artetak eginikako izakiekin. Gudaren experientzia, izan omen zen aldaketa honen agintari.

Bere azkenaldiko koadroak, gogortasun tragikoz beterik iduritzen zaizkigu. Expresionismo indartsua daramate, non iger letzake, gizonaren patu petralaren aurpegia, gerlaren hondamena.herri baten pairamena eta gizabakarraren beldurra. Koadro hauk, 1930tik gerla denbora artean eginak, uste dugu guk, "expresionismo" mota baten ordezkariak direla, Europan zehar egin zuten "Expresionistek" garaikidea eta hots, Europako aintzingoardiaren urbil, ez ba ditugu kontutan hartzen "Dada" eta "surrealismoa", 1924tik aurrera. Adibide argia, "Naufragos" margozkian dugu, zeinekin, 1932an, "Primera medalla de la exposición de bellas artes" irabazi zuen.

Arteta eta sozial zera. Oharra

Artetaren pinturaren gaia, euskal herriko gizona izan da beti. Paisai batzu egin zituen baita baina bere obraren funtsa, giza taldeak dira eta beti ere, bizpairu margozki kenduz, euskal gizonaren lana.

Nekazariak eta langileak dira gehienetan ehunen azalak estaltzen dituztenak. Beti izan zuen giza eta sozial ardura.

Bere mundua, lanena da. Erromeriak azaltzen dira baita ere, beharraren beste aldea balitz.

Dakigun bezala, gizon ezkertiarra zen, Prieto-ren laguna ere izaten.

Horregatik, langileak, baserritarrak eta arrantzaleak dira, bere obra estaltzen dutenok, ideologian eta sentikortasunean, beti horien hurbil baizebilen. Baina pixka bat adierazteko bere pinturaren alde hau esan beharko da, mail horretan bere pintura "errealista" dela, bere denborako gizartea eta lanak azaltzen, iri industrialen paisai hertsietan erakusten langileen inguruneen tristura.

Ene ustez, esan dezakegu, pintura soziala egin zuela, sozial arazoak, bizimoldeak eta lanaren gogortasuna erakutsi zizkigulako. Baina ez nago horregatik ados, Ibarrola pintorearen esaera honekin: "El mundo proletarizado, estaba diciendo la historia que le cercaba aquí y universalmente, y el (Arteta), lo convierte en el más importante motivador de su expresión plástica. En el testimonio de las modernas versiones de los desastres de la guerra, Arteta, incluye el sentido de las nuevas fuerzas de la historia".

Ene iritziz, Artetak ez du ematen koadro sozialei edo lan-koadroei norabide bat, Ibarrola-k dion bezala. Bere errealismoa, hutsagoa da eta erakuskorra, eta beharbada mitikoagoa. Adibidez, "El puente de Burceña" koadroan, industrializapenak sortzen dituen hiri eta auzunen tristura eta desesperantza erakusten dizkigu, iraultzaren beharra edo etorrera ordez.

Langileen taldeko koadroetan ere, agertzen zaiguna, lanaren nekapena da, egia, baina zer epikoa, indartsua eta naturaren bilakaketa ere gizonaren lanaz zerk.beste sentitua ematen die, koadroei, hustiraketa kapitalista hondoan etzana susmatzen, planfletada sozialista eginik gabe.

Arteta gizonari zaio hurbil, "errealismo sozialistari" baino gehiago, eta iraultza moeta batzuei baino gehiago.

Jon Sendagorta


Gaiak. Zientzia

Planetei begira

Astronomiak prentsa txarra eduki du Natur Zientzien artean. Harritu ere egiten gara, Zientziatzat kontsideratzen denean. Baina Fisikak bere aurrerakuntzarako zerbaitetan oinarritu izan bada, Astronomian izan da. Greziarrek eta Ekialde Hurbileko zibilizazioek Fisika-Matematika oso bat proposatu zuten, zeruan ikusten ziren higidurak azaltzeko. Erdi Haro hurbilean eta Errenaisantzan, Astronomiak "Haro Ilunak" argitu zituen. Gero, Newton-en irudi erraldoiaren bidez, Naturaren batasun mekanikoa frogatzen da. Gure mende honetan, Einstein-en teoriaren lehen frogalekua datu astronomikoak ziren. Ez da harritzekoa, beraz, zientifikoek datu gehiagoren bila Lurretik at ibiltzea.

Pioneer II

Orain dela urte batzu, bai amerikarrak beren satelitekin, bai sobietarrak beren sputnik-ekin, Unibertsoa arakatzen saiatu ziren, Unibertsoan problema askoren erantzuna aurkitzeko asmoz, eta problema berriak planteatzeko datuak lortzeko. Politika zientifiko hori gaur pixka bat baztertuta dago; orain Lurrean bertan sentitzen diren fenomenoak aztertzen saiatzen dira zientifikoak (neutrinoak, mikrouhinak, eta beste erradiazio elektromagnetikoak,...). Baina orduko zientifikoen ikusmirak luzerakoak ziren, eta projektu batzu orain hasi dira fruitu ematen. Projektu bat Pioneer II izan da.

1973.eko Apirilaren 5ean (denbora luze pasatu da: Allende, Nixon, Carrero-Franco, boterean zeuden), Cape Kennedy-tik, Floridan, Atlas-Zentauro roketa batek bultzatuta, hiru metro zabalerako laborategi automatiko bat eguzki-sistemaren atal bat hurbilagotik estudiatzera bidali zen. Teleskopioz ikustezin diren propietate batzu ikustea zuen helburutzat; Jupiter, eta, batez ere, Saturnori buruzko itaun batzuren erantzunaren bila. 100.000 kilometro orduko abiaduraz "ia" berehala atzean uzten du Marte, eta zazpi hilabetetan Asteroideen eskualde zeharkatzen du. Hau da bidaiaren leku arriskutsuena. Edozein harrik projektu guztia pikutara bidal dezake. Zorionez ez da ezer pasatzen. Arazo tekniko batzu ere ba daude: potentzi sortzaile diren plutoniozko zelulak —eguzkitiko energia ez da nahiko, instrumentuak mantentzeko: 108watt—, ez dira ongi ibiltzen. Seinale-emisore bat (bi daude) aberiatu egiten da, ordezkoa ondo dabilelarik. Eguzki-ekaitz elektriko eta magnetikoek —eguzki-haizea— ez dute seinaleak heltzen uzten. Ez da erraza, ez, sei urtetako bidaia hau.

Erresultatuak

Jupiter inguratzerakoan (1974.eko abenduan), Pioneer-ek zera erakusten du, planeta honek eguzkitik errezibitzen duen energia baino doblea emititzen duela. Bere gainazalean gertatzen diren ekaitz ugariekin eta "bikor gorri handia" delakoarekin, Jupiter inplosio grabitazional bat pairatzen ari dela ematen du.

Saturno, bere hilargi-sistemarekin, misterio-bilduma bat izan da. Galileok aurkitutako eraztunak, planetaren hodeiak, Titan hilargia... imaginazioaren desafioak dira. Saturnoren inguruan igarotzean, eguzki-haizeak eta Saturnoren eremu magnetikoak Pioneer erdian harrapatu zuten. Saturnoren eremu magnetikoaren existentzia frogatuz eta magnitudea neurtzeko posibilitatea emanez.

Fotoak bidaltzerakoan (Irailaren 1ean) eraztunak banda ilun eta argiak bezala ikusten dira. Halaber, planetak hamar banda kolorezko erakusten ditu ipar hemisferioan. Bandetan dauden bikorren higidurak aztertuz, planetaren errotazioabiadura desberdinak neurtu ahal izango dira (planeta gasezkoa denez, planetaren atal desberdinak abiadura desberdinez errotatzen dute). Mundu huts eta deseroso bat dela ematen du, hidrogenoz eta helioz konposatua nagusiki, eta amoniako eta metano solidozko arroka batzu daudelarik. Eraztunei buruz, fotoak aztertzen ari dira zientifikoak, konposizioak —fotografia infragorriz eta ultramorez determinatuta— asko lagunduko dielarik.

Eraztunak, bestalde, ez dira Saturnoko monopolio. Jupiterek (1) eta Uranok (9) beraien eraztun-sistema era ba dutela ikusi izan da, inkognita gehiago emanez, eraztunaren fenomeno fisikoari azalpen orokorrago bat bultzatuz.

Saturnoren inguruan dauden hilargietatik, Titan da karakteristika berezienak dituena. Eguzkiaren beroa manteni dezakeen atmosfera baten jabe da, eta azterketa espektroskopikoak direla eta, polimeroen existentzia susmatzen da. Horrela bada, aminoazidoak eta proteinak ere egon daitezke, bizitza bat posibilitatuz. Hala ere, hilargi horren tenperatura (-150ºC) ez da bizitza guk ulertzen dugun bezala sustentatzeko egokiena. Baina duela ehun milioi bat urte Lurrean egondako atmosferaren kidea dela ematen du, eguzki-sistemaren garapenaren giltza izan daitekeelarik.

Pioneer-ek bidaltzen dituen seinaleek (1024 datu segunduko), tenperatura, eremu magnetikoen intentsitateak, polaritateak, eta beste informazio asko ematen dute. Fotoak ere, erradiazio elektromagnetikoen gisan, Lurrera heltzen zaizkigu, espazioan 86 minutu pasatu ondoren. Lurrean, komunikazio-tresneria ultrasofistikatua behar da. Lurretik seinaleak bidaltzen dira satelitera, han dauden instrumentuak martxan jartzeko, eta satelitea posizio egokienera orientatzen duten motoreak pizteko. Bidaiak plasma-analisatzaile batek emitituriko datuek, eguzki-sistemaren mapa elektromagnetikoak egiteko balioko dute... Sei urtetan pilaturiko informazioa materiale handia da.

Eta gero?

1980.ean eta 1981.ean Voyager 1 eta 2 Saturno ingurutik pasatuko dira. 1986.ean Voyager 2a Urano ondotik pasatuko da. Neptuno eta Pluto behatzeko ez dago ideiarik, epe labur batetara behintzat. Bai amerikarrek eta bai sobietarrek inbestigazio hau aurreratzeko dirua moztu dute, projektu hurbilago batzuren truke. Baina azterketa espazial guztian Estatu Batuek gastatu dutena, Vietnam-en urte batetan gastatu zena baino gutxiago dela pentsatzen denean, ez da alaitasun zientifikorik sentitzen.

Eta Pioneer-a? Titan ondotik pasatu ondoren, espazioan galduko da. Norbaitek aurkitzen badu, urrezko xafla bat aurkituko du, eguzki-sistemaren posizioa-pultsaren bidez emanda gizon emakumeren irudiak eta hidrogeno-molekula bat bertan irudikaturik. Noiz? Non? Hori fantasia da.

I. Zuazo


Gaiak. Zientzia

Fisika, hiztegia: aurreranzko pauso gotorra

Abenduaren 27an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egun berean, Fisikari buruz UZEIk prestatu duen hiztegiaren aurkezpena egin zen. Dena joan zen ondo; pena bakarra Iparraldeko hiribururen batetan ere ez egitea. Ea hurrengoan hobeto asmatzen duzuen!

Ez dakitenentzat, UZEI (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea) hiztegi espezializatu asko prestatzen ari dela esango dugu eta beronen ondotik beste hamabost bat edo etorriko direla: Politika, Kimika, Matematika, Ekonomia, Medikuntza, Linguistika,...

Bestalde Euskaltzaindiak begi onez ikusten du egiten ari den lana, aipaturiko hiztegian esaten den bezala: "Euskaltzaindiak pozik ikusten du hiztegi berezitu hau, eta, Fisika alorra euskalduntzeko baliozko tresna dela uste izanik, alor horretaz arduratuei eskaintzen die".

Hiztegiaren iturburuak eta lankideak

Iturburuen artean ezin utz daiteke aipatu gabe, duela hiru urte Jakin taldeak Arantzadi taldearekin batera ateratako Natur Zientziak liburua. Modu berean, hiztegi honetako hitzak eta egiturak aldez aurretik erabiliak eta frogatuak izan dira, Elhuyar aldizkarian eta Udako Euskal Unibertsitatean argitaratu izan diren liburuetan. Eta lantaldeak aipatzekotan, hiztegiaren egituraketan eduki duten eraginagatik, gutxienez ondoko hauk aipatu behar dira, liburuaren sarreran bertan aipatzen den legez: Elhuyar, Jakin, Leioako Zientzi Fakultateko Euskal Taldea eta UZEI bera. Sarreran esaten denez, "Euskal Herriaren erakundetze eta normaltzerako bidean, etorkizuneko Euskal Unibertsitateari eta irakaskuntza euskaldunari buruz hauek egiten ari diren oinarri-lana norainoko garrantzizkoa den, ez dut uste oraindik konturatu ere egin garenik. Sasoiz konturatuko ahal gara eta indartuko ahal ditugu!".

Iturburuak agertu ondoren, aipa ditzagun konkretuki lankide bezala parte hartu dutenak. Hamahiru izan dira denera: Imanol Añon, Luis Mari Bandres, J.M. Bujanda, Maria Jesus Erkizia, J.R. Etxebarria, Xanti Intxausti, Jazinto Iturbe, Xabier Larrea, Andoni Sagarna, Jon Sukia, Imanol Tapia, Kepa Zalbide eta Mikel Zalbide. Irudigilea, Endika de Miguel de Anjou izan da. Hizkuntz arduradunak, J.R. Etxebarria eta Mikel Zalbide. Eta zuzendaria, J.R. Etxebarria. Noski, prozesu osoan baliaturiko azpiegitura UZEIrena izan da.

Liburuaren egitura

Liburu mardul honek lau atal nagusi ditu:

* Lehen atalean, liburuaren aurkezpen eta azalpenaz gain, sarrera luzenga bat dator, hitzaurre modura egina, bertan hiztegiaren historia, maila, oinarriak helburuak, lan-metodoa eta ezaugarri nagusiak azaltzen direlarik.

* Bigarren atala (liburuan "lehen atala" izenarekin) gaiak —Fisikazko gaiak halegiak— lantzera zuzendurik dago. Nolabait esateko hiztegiaren gorputza osotzen dute gai hauek. Hemen, euskaraz, Fisikazko kontzeptu nagusiak azaltzen dira.

* Hirugarren atalean lexikoa dugu. Lau hizkuntza hartuz, 4000 hitz ematen dira, guztiak Fisikaren arloan bereziki erabiliak. Lehen zerrendan hitzak euskararen arauera daude ordenaturik, alboan gaztelania, frantses eta ingelesezko itzulpena datorrela.

Beste zerrendak honako hauxek dira: gaztelania-euskara, frantses-euskara, ingeles-euskara.

* Laugarren atalean taulak datoz. Denetara 30 taula, Fisikazko unitate, oinarrizko konstante, sinbolo eta abarrekin.

Eritzi orokorra

Lehen unetik, UZEIko talde horrek lan izugarria egin duela ikusten da. Gu, behintzat, harriturik utzi gaitu.

Erraz irakurtzen da eta horixe da, ene ustez, duen baliorik handiena. Hizkuntza guztiz berezitu edo espezializatua izan arren, nahiko ezagun gertatzen zaigu. Aurkezpenean zuzendariak berak esan zigunez, jadanik praktikan erabilia izan da azken urteotan, eta hori igarri egiten da laster irakurtzen hastean, ez baita latz gertatzen: Ertzak eta erpinak biribildurik, gastaturik daudela dirudi, erabiliaren erabiliaz edo.

Tipografia eta aurkezpenaren aldetik, letra argi eta atseginez egina dago. Beharbada, irudi batzuren tamaina ez dago ongi kalkulaturik muntaia egiterako orduan, eta horrela, irudi batzu behar baino handiago eta beste behar baino txikiago dira.

Koadernazioa eskasa dela esango nuke. Ene ustez, azal lodiak merezi zituen, liburu hau asko gastatzeko eta erabiltzeko egina izan baita.

Azken oharrak

Liburuaren sarrerak dioenez: "Ezina Ekinez Egina". Eta liburua hor dago.

Fisika euskaraz? Batzuren eritziz, hori utopia hutsa zen. Ez omen zegoen hitz egokirik. Ez omen zegoen egitura egokirik. Ez omen.

Orain hitzak hor daude. Egiturak hor daude. Orain praktikatu beharra dugu. Praktika baino ez zaigu falta.

Ba dakit hainbeste pertsona ari direla lanean: UEUn, Elhuyarren, Leioako Zientzi Fakultatean, Lizeoetan, Ikastoletan, Eskola Profesionaletan,... Baina oraindik gutxi gara. Horregatik ez nuke artikulu hau bukatu nahi, irakasle eta ikasle euskaldunei dei zabala zuzendu gabe. Guztiok, lehenik eta behin alfabetatu beharra dugu. Eta bigarren pausoa, alfabetatze teknikoa dugu. Zein bere arloan. Beraz, Unibertsitate, Institutu, Eskola Profesional, Ikastetxe eta Ikastoletan zaudeten —gauden— irakasle eta ikasle guztiok alfabeta zaitezte —gaitezen—. Eta bai Fisikan ere.

Txepetxa


Gaiak. Gramatika

Zenbait ohar solte

Oraingo artikulu honetan ez dut gai bakarra aztertuko. Nolabait esateko, aspalditik zenbait ohar labur egiteko asmoa bainuen, beren artean inolako loturarik ez duten gai batzu azalduko ditut, porrusalda antzeko bat prestatuz. Hori musikan zilegi bada, zergatik ez gramatika-sail honetan?

1. Aipamen berezia

Aurreko artikuluan gai zenbakigarriak eta zenbakiezinak azaldu nituen. Lagun batek esan didanez, aipatu beharra nuen Altube, zeren eta beronek "Erderismos" liburuan aspaldi agertu baitzuen problema hori. Eta, noski, gustura aipatzen dut, bide batez, artikulu hauk prestatzeko gehien erabiltzen dudan liburuetako bat horixe dela aitortuz.

Dena den Altubek ez du zehazki modu berean azaltzen. Berak dioenez: "Los vocablos que se refieren a seres no ponderables o a objetos cuya cuantía no se acostumbra a determinar por cifras númericas concuerdan mal en euskera con el adverbio asko empleado en sustitución de aundiya o luzea" (Erderismos 197). Ondoren adibide asko dakartza:

 Kee aundiya

 gogo aundiya

 denbora luzea

 argi txikia, argi txatxarra

Modu berean, zenbait kasutan posibilitate biak erabil daitezkeela, esaten du baina noski, esangura desberdinez

 su handia = su asko

 argi handia = argi asko

Ikusten denez, pasa den egunean emandako azalpenarekin guztiz ados dator, hango kasu guztiak agertzen ez baditu ere.

2. Pertsona-izenen ortografia

Gauza ezaguna da, jadanik euskal izenak erabil daitezkeela. Egia esan, deiturak idazkera erdaldunez idaztera behartzen gaituzte; baina, tira!, ez diegu kasu handirik egiten...

Edozertara ere, euskal izenak idaztean, noizean behin gauza ikusten dira. Ni gehien harritzen nautenetariko bat, zenbait izenetan jartzen den Y letra da: Yon, Yosu, Yoseba. Hain urrun joan gabe, beste batzuk Ion, Iosu eta Ioseba idazten dute. Eta bukatzeko, Euskal Izendegian ageri den forma dugu: Jon, Josu, Joseba. Hain gauza erraza, eta hiru ebazpide desberdin! Harrigarria benetan!

Ni ez naiz orain hasiko izenok ongi edo gaizki sortuak direnentz eztabaidatzera. Izenok hor daude, jendeak eurrez erabiltzen ditu eta guztiz gureak direla esan dezakegu. Baina ez ote da posible forma bakar batetara erabiltzea?

Euskaltzaindiak euskal izendegi ofiziala prestatu zuen aspaldi, J.M. Satrustegi euskaltzainaren zuzendaritzapean; eta bertan argi adierazten da nola idatz: Jon, Joana, Josune, Joseba, Jurgi, Josu, Julene, Jokin,... Ez legoke gaizki, ba, izendegi horren arauei kasu egitea. Eta ohar hau, batez ere, aldizkarietan ari direnei zuzentzen diet

3. Ona batetik, txarra/gaiztoa bestetik

Kasu honetan ere, erdararen banaketa semantikoa euskarara sartuz doa, ia konturatu gabe. Euskara mintzatuan batez ere, baina bai euskara idatzian ere.

Erdaraz, bueno, a / malo, a bikotearekin adierazten dira ontasun/gaiztasun kontzeptuak. Euskaraz, ordea, ontasuna adierazteko bide bakarra dagoen arren (on) aurkako kontzeptuaren adierazpenean, bikoiztasuna agertzen zaigu. Materiale baten nolakotasuna adierazi nahi denean, txar hitza erabiltzen da, eta pertsona edo egintza baten gaiztasun morala adierazi nahi denean, gaizto erabiltzen da (oker eta tzar, direlakoak, maila desberdinekoak dira).

Koadro batetan, honela azal dezakegu arazoa:

Kasu guztietan

Nolakotasun hutsa Eritzi morala

ardo ona ardo txarra  emakume ona emakume gaiztoa

eguraldi ona eguraldi txarra  gizon ona gizon gaiztoa

bide ona bide txarra  txakur ona txakur gaiztoa

Beraz, hau kontutan hartzekoa da gaur gehiegitan entzuten baitira "ume txarra" arakoak. Zer esanik ez, ba dakigu, bai ontasunean eta bai gaiztasunean mailak daudela: ona, hobea, ederra, bikaina..., alde batetik, eta oker, tzar, donge,... bestetik.

Dena den, argi eduki behar dena, bi eremuen banaketa da.

J.R. Etxeberria


Gaiak. Literatura

Egeo itsasoko poeta. Aurtengo nobela

Odysseus Elytis 1911.ean sortu zen Kreta uharteko Heraklion herrian. bere benetako izena Odysseus Elepoudelphis delarik. Egun Atenasen bizi da. Poeta surrealistatzat dute kritikoek, erro oso grekodun surrealistatzat alegia, eta nobel saria jaso duen bigarren poeta grekoa da, zeren eta Georges Sepheris-ek hartu baitzuen 1063.ean.

Andreas Embirikos poeta surrealista grekoaren eraginez hasi zen idazten. Gero, 1948 eta 1952. artean Parisen bizi izan zen Andre Breton eta Paul Eluard surrealisten lagun. Artekritika egin izan du urteetan zehar, eta Matisse eta Picassoren laguntza izan du bere zenbait obra ilustratzeko.

Odysseus Elytis poetaren garai berberekoak dira Greziar poemagintzan Yannis Ritsos, Nikiphoros Vrettakos, Aris Dikteos, Zoi Kareli eta Minas Dimakis esate baterako. Agian, Odysseus Elytis-ek baino merezitzenago zuen nobel saria Yannis Ritsos-ek eta esan da honen militanzia ezkertiarragatik ez diotela eman. Hala ere, poesia grekoaren heldutasuna erakusteko Vassilis Vassilikos "Z" delako nobelaren egileak Greziako panorama literarioari buruz dioena itzuli dugu: "Hizlaua, izugarri txarra. Teatroa ez da esistitzen. Musika, herritarra bakarrik. Poesia, ostera, miresgarria".

Edozelan ere, beraz, interesgarriak dira Odysseus Elytis poeta honen obrak, gehienak frantsesera itzuli gabe, are gutiago gaztelaniara eta zer esanik ez euskarara. Itzuliko denean dastatu ahal ukanen dugu, nobel sarien konbentzionalismoetatik at, Egeo itsasoko urdinaren eta baretasunaren oihartzun den Odysseus Elytis.

Del Egeo

El amor

El archipiélago

Y la proa de su espuma

Y las gaviotas de sus sueños

En su más alto mástil el marinero agita

Una canción

El amor

Su canción

Y los horizontes de su viaje

Y el eco de su nostalgia

En su roca más húmeda la novia aguarda

Un barco

El amor

Su barco

Y el descuido de sus etesios

Y el foque de su esperanza

En su más suave ondulación una isla mece

La llegada

Lacónico

El dolor de la muerte me incendió tanto que mi brillo regresó al sol

Aquel que ahora me envía dentro de la total conjunción de la piedra y el aire,

Bien, éste que buscaba, soy.

Oh hilado verano, juicioso otoño,

Mínimo invierno,

La vida ofrece el óbolo de la hoja del olivo

Y en la noche dentro de los inconscientes con un pequeño grillo reafirma la legalidad de lo inesperado.

Variaciones sobre un rayo de sol

IV

El anaranjado

Tanto lo embriagó el jugo del sol

Que inclinó su cabeza y aceptó ser

Lentamente el pequeño Anaranjado!

Así mientras blanco brillaban los siete cielos

Así mientras tocaban un fuego los cristales

Así mientras relumbraban colas de golondrinas

Se asombraban arriba los ángeles y abajo las doncellas

Se asombraban arriba las cigüeñas y abajo los pavos reales

Y todos juntos se reunieron y todos juntos lo vieron

Y todos juntos le gritaron: Anaranjado!

Se emborracha la vid y el escorpión, se emborracha todo el mundo

Más la picado del día no abandona el dolor

Le dice el martín pescador enano dentro de los gusanitos

Le dice el golpe del agua dentro de los momentos dorados

Le dice la frescura en el labio superior del buen viento norte!

Levántate pequeño pequeño pequeño Anaranjado!

Como te conoce el beso nadie te conoce

Ni te conoce el sonriente Dios

Que con su mano abierta en la reflexión solar

Te muestra desnuda a sus treintaidós vientos!

Tiempo sereno

II

Cielo de pura sangre

Dedos que llevo corriente

Pasado por el sueño.

En los tiernos laureles

Desnudo yace el día

"Cuadernos Hispanoamericanos"

Enero, 1970.


Liburu berriak

EL ROSTRO DE LA CLASE DOMINANTE & !AJUSTAREMOS CUENTAS!

GEORGE GROSZ

Gustavo Gili argitaletxe.

"Punto y línea" bilduma.

Grosz, Berlinen jaio zen 1893.ean, familia txiro batean, larrialdiak eta pobretasunak ezagutzen bere haurtzaroan. 1911.ean, Dresde-ko Akademian ikasi zuen marrazkitzen eta pintatzen. Ahalegin asko izan eta gero ahal zuen Paris-era joatea, nondik, beste marrazkilari hospetsuekin, "Simplicissimus" Berlin-eko aldizkarian karikaturak eta marrazkiak argitaratu bait zituen. Hortik, Alfred Kubin ezagutu zuen eta Alemaniara itzulirik, "Espresionismo" zirkingune kultural eta artistikoan sartu zen, garaiko aldizkarietan, bere lan grafikoak jarraituz.

1914.ean, gudua baitzen, frontera bidaltzen dute, non hainbat pairamen eta dolu jasan bait zuen, bere sentikortasun mamia gaizki igarotzen gerlaren izuak.

Espresionismoaren dekadentzian, "Da-da" mugimenduen garailea zen eta beti borroka kultural eta politikoan jarraitu zuen. Zurich-en sortutako mugimendu kultural eta artistiko honen mezulari Alemanian, askoz gehiago politizatuago bihurtu zen Berlinen, Alderdi komunistaren hurbil ibiltzen eta "Proletkul" teorien defendatzailea izaten.

Egin zituen karikatura antimilitaristak eta antiabertzaleak, oso hospetsuak ziren bere garaian, Alemanian eta Europan zehar "Dada" zirkingunean hedaturik. Bere aktibitate borrokalariak arazo asko eman zizkion, 1920.eta 1930.artean, zapalkuntzak eta hustiraketak salatzen.

Urte horien satirikorik handiena, "Neue Sachlichkeit" zirkingunean ere hartu zuen parte. 1933.ean, naziek pertsegiturik, aldegin zuen Alemaniatik, EEUU-ra abiatzen eta bere borroka soziala jarraitzen. 1959.ean, bere sorterrira itzuliz, hilabete batzu eta gero hil zen, eragipen handia uzten Ameriketan eta Europan, bere marrazkiekin eta bere koadroekin.

G. Gili-k argitaratu duen liburua, marrazki satiriko-politikoen sail bi dira non ikus baitezakegu, Grosz-en talentu eta ideologia politikoa. Bere marrazki krudelak, ikus dezakegun bezala, Alemania prenaziko mito militaristak eta abertzaleak erdibitzen ditu, benetazko egoera ekonomikoa eta soziala erakusten. Marrazkilaririk krudelena bera, Hartfiel-ekin eta Otto Dix-ekin iraultza interesgarri bat eman zioten garaiko plastikari, "Espresionismoa" gainditzen eta "Dada" iragartzen "avant la lettre", "foto-montaiak" eta beste espresabide berriak erabiliz, burjeseriari zioten gorrotoa erakusten.

Jon Sendagorta

NOTRE TERRE BASQUE

E. GOYHENECHE

SOCIETE NOUVELLE D'EDITIONS REGIONALES ET DE DIFFUSION

PAU. Bigarren edizioa 1979.

Goyheneche berak, Euskal Herriko historia bat argitaratu zuen, Paben ere, oso edizio dotorea eta garestia, baita oso interesgarria ere historiazaleek dioten bezala.

Liburutxo hau ostera, bestearen laburpen bat izango zen, argazkirik gabe eta textua askoz laburturik. 153 horrialde ditu liburu honek eta besteak, handiak, argazkiak kenduz, 1000 gutxi gorabehera izango zituen.

Euskal Herriko azkenengo historia serioa izanez, diodan bezala, oso gaitza omen da aurkitzea eta gaitzagoa ordaintzea, hamaika mila pezeta balio baitu. Orduan hemen aipatzen duguna, oso aurkigarria da eta merkea, bere textua lar eskematikoa izaten laburregia, eta historian ikasita daudenentzat, baliorik gabekoa.

Dena dela, dibulgazioko liburu bezala balio du, ororen gainean, Ipar Euskadiko hainbat ezagumen eta ezaugarri ematen baitizkigu.

Hau izan da, niretzat, liburuaren baliorik handiena, Hegoaldean, nahiko gaitza baita Ipar Euskadiko historiari buruzko libururik topatzea.

Ipartar batek eginikako liburuak, ba, dibulgaziorako balio beza eta Ipar Euskadiko historia. bere bidez ikas dezagun, beste liburuaren, handiaren, salneurria jaits dadin arte eta edizio merke bat egin dezaten arte.

COLECCION NUEVA ESCRITURA

Euskal bidea argitaletxea.

IRUÑEA

Argitaletxe berri honek, bilduma honekin, poesiarako espresabide berriak nahi ditu hedatu eta poesia "letrista" edo "ikuskorra" egiten duen jendeari organo bat ematea bere lanak argitaratzeko eta ezaguterazteko.

Hemen aipatzen duguna, bildumaren bigarren lana da, valentziar talde batek antolatutako poetika ikerketen emaile bat. Bigarren lan hau, lehenengoa baino nasaiagoa da baina mantentzen du bide berrien bilaketa, espresio poetikoentzako.

Argitalariek dioskuten bezala, bilduma honek gai hauk tratatuko ditu: "Poesía visual; Arte concreto; Proposals; Events; Poesía experimental, Música alternativa; Mail art; Cine experimental; Happenings; Performance Body Art; Arte conceptual; Espacialismo; Poesía proyectiva; Arte otro; Post vanguardia; Comportamientos; Poesía-vida; Arte analítico; Arte de sistemas, etc".

Hots, espresabide berri guztiak sartzen dira talde honen xedeetan.

Beste aldetik, argitaletxe honen lanak ez dira denak dendetan salduko, batzu, suskriptoreentzat bakarrik izaki. Horregatik, interesatua izan daitekeen jendeak idatz dezala zuzenbide honetara:

Euskal bidea. Avda. Sancho el Fuerte 19-2o iz. Pamplona. Suskripzioa egin daiteke sei bolumenentzako (1100 pta) edo hamabientzako (1900 pta). Ikusten duzuen bezala, oso merkeak dira.

LIBRO DE CONJUROS

Agustín García Calvo

Lucina argitaletxea. MADRIL-79

García Calvo dugu, espainol kultura modernoan, pertsonaiarik begizorrotzena, korronte aurkako intelektuala, eta kultura ezarriarentzako molestagarria. Honela, bere katedra utzi behar zuen, Tierno Galvan eta Aranguren-ekin batera eta Parisera abiatuz, urte mordoa atzerrian egon zen bizi eta irakasten.

Bere obra hedatzeko argitaletxe bat sortu du, hau da, Lucina izenekoa, non bere liburu guztiek ikusiko bait dute argia bata bestearen attzetik.

Argitaletxe berri honetan "Del lenguaje" obra agertu da eta hau, "El libro de los conjuros", bigarrenez.

Irakurleak ezagutzen ez baditu, hauxek dira beste obra ezagunak, Agustinek eginak: "Actualidades", artikulu politikoen eta kulturari buruzkoen bilduma, "Relato de amor", poema luzea, "Sermón de ser y no ser" bezala, erreflexio filosofikoa eta biziari buruzkoa, "Tres farsas trágicas y una danza titánica", antzerkirako lau obra laburrak, "Lecturas presocráticas" filosofo presokratikoen irakurketa bat, oso itxarona izan den liburuxka, Zenon, Heraklito, Parmenides eta beste batzuren pentsamenduaren irakurketa berezia, "Cuestiones de lenguaje", gramatikari buruz eta lengoaiari buruzko artikuluen bilduma, "Letras y figuras", Socrates-i buruzko ikerketa bar, Xenofonte eta Platon-en obra sokratikoei buruzko lanak, Vergilius-i buruzkoak, Don Shem Tob espainol judutar poetari buruzko beste lan bat, Sakespeare-ren sonetoak, gaztelaniaz itzuliak eta zituen errima eta erritmua gordetzen, benetan izugarrizko itzulpen bat, "La Philosophie dans le budoir", Saderen obrari buruz, Rosalia de Castro-ri buruz eta beste saio literarioak, hots, liburu arras interesgarri, gai ainitz jagoten baititu eta sakontasun handiz tratatuak.

Beste obra bat, "Del tren" deritzon poemen bildumatxoa, "De los números", non linguistikaren ikuspegitik, zenbakien egitura funtsezkoak adierazten dizkigun, "Cartas de negocios de José Requejo" erreflexioen bilduma... etab.

Beste hainbat obra ahazten zaizkidala ba dakit baina, hemen aipatu behar dudana "Libro de los Conjuros", liburutxo miragarri bat bezala aurkezten zaigu:

García Calvo-ren ardura adar bi izan ditu beti: lengoaia, eta hortik, poesia alde batetik, bera ere poeta bezala, eta gero, ikertzaile bezala, beste poeta hospetsuen edo bere gustukoen ikasle eta sakontzaile. Beste aldetik, filosofia izan da bere kezka.

"Libro de los conjuros" poeman, beste poemetan bezala, ardura bi hauk ikusten dira, poemak nahiko erreflexiboak izaten, forma, metrika eta errima gordetzen, beste aldetik. Poesia hauk sakonak dira eta gai berbera dute, ideia baten garapena izaten liburutxo guztia. Erabiltzen duen gaztelania ere oso landua, zaindua da, sakona da, sakona eta garbia; ezpataren aho batek bezala ebakitzen ditu kontzeptuak, sentiberak, gaztelaniaren funts biluzia erakusten. Hona hemen exenpluren bat:

Y por eso te llamo

madre a tí con todos

los nombres de mujer,

mi señora, mi reina,

mi dama esquiva,

mi negra tú, mi blanca,

y hasta si pudiera

atreverme alguna vez,

quizá te llamará su nombre también,

como ella se llamaba.

Jon Sendagorta


Gaiak. Politika

L.A.I.A. mintzo da

Zein da gaurko egoeran KASen bertan eraman den eztabaida eta hala ere, zein da erakunde horren barnean zuen egoera edo eta jarrera?

— Ez gaude KASen barnean, egoen ere kanpo gaude. Han gertatu zen halako prozesu baten ondorio gisa, bertan diferentzia politiko eta ideologikoak garrantzitsu samarrak zirelarik haien barnean, gure artean alegia.

Diferentzia ideiologikoak H.B.aren eta E.H.B.N. aren kontzepzio bera dira, bestalde ba daudeke, bereziki alderdi eta, oro har prozesu iraultzaileen ikuspunduan eta honako prozesu iraultzaile hontan, burrukarako tresna eta masa erakundeen jokakizunean eta KASen kontzepzio berean. Gure aburuz, alderdia prozesu iraultzaile orotan tresna erabat inportantea da. Halere, egungo alderdiaren kontzepzioa KASen barnean, alderdiaren kontzeptzio likidazionista da, bigarren mailako eginkizunekoa, edozein masa erakundek, hauzo elkartek, dela erakunde sindikala, dela beste edozein gisatako masa tresna bezalakoa. Politik eginkizunetan alderdia beraz, beste hainbeste aparailu batzuren artean nahastekaturik agertzen da. Dagokien protagonismotik langile-alderdiak aldentzea, langile-klasea erasotzea da, gehienetan burjeseria ttikia aintzindaritzan buruzagi jarriz, egun hemen bihar han dabiltzan koadro tekno-burokratikoak, alegia, nor bere uneko abagadune politikoen bila. KASentzat, abangoardiaren tresnak, tresna zabal, populistak dira, haietan jende eta instantzia-molde guziak nahasten direlarik, klase perspektiba, langile klasearen nagusigoa galduz. Honelako KASen ikusgune hau, prozesu iraultzailearen ikusgune mesianikoa eta hirugarren mundutakoa da. Guk geuk ulertzen dugu ezen populismoaren erpinean, herritar burrukaren erpinean dagoela langile klasea eta ez guttiengo salbatzaileak, ordezten dituen eta sardinak burduntzitik ateratzen dizkien langile klasearen zerbitzupean. Esan denaren aurka, KASen alternatiba onartzen segitzen dugu baina hura sakontzearen eta hari klase eduki indartsuago eta gogorragoa eta jite burjes-demokratiko ttikiagoarekin, ematearen aldeko gaituzu. Laburragotuz eta KASen puntuetako langileen bizi-kondizioen hobakuntzari buruz diotelarik, adibidez, izkirimiri erraxa edo txiste ona iruditzen baitzaigu. Langileen bizi-kondizioen hobakuntza, honela esateak, jarrera iraultzaile baino, karitatezko obra irudiago du, zeren eta.

Euskal Herriko langile klaseak nahi baitu bere errebindikapenei esplizitukiago atxekitzea, kasu ematea.

KASen eta gure arteko diferentziak, batzarreari dagokionez, KAS-en beraren ikusguneari zegozkion pixkat. Ulertu egiten zuten H.B. a mugimendu politikoa zela, bertan alderdiak suntsitu beharrean daudelarik independenteen onuratan; alderdiok, bestalde, interklasista eta populista. Guk H.B. a defendatzen genuen herriaren batasunezko projektu gisa, baina linea politiko eta estrategikoen arteko diferentziak argi asko utzi beharrez, estruktura populista, arradikalista eta nazionalista batzuren menpean eskuz loturik egon gabe. Langile klaseari arma guztiak kentzen ahalegintzen ari zaiola ba dago froga nabaria. LAIAK, ESBk, eta ANVk aurkezturiko legezko koalizioa izatetik hauteste pilaketa izatera iragan da, halakoa baita alderdienganako mesfidantza.

Batzarrearen gaiari berriro loturik, guk geuk ulertzen dugu tresna estrategikotzat ezin daitekeela har batzarrea, ezin daitekeela har kontraparlamentu gisa eta modu horretaz hartzen segitzen da. Delako batzarrea HBk eta udal hautatuek soil soilik sostengatzen dute. Geuk uste, batzarreak ez daukala izate zentzurik, Goi-Soviet bailitzen planteiatzen den artean. Indar erlazioa eta masen oraingo burruka maila diren bezala direla, batzarreari kontrabotere huts eriztea berealdiko errakuntza estrategikoa da. Hortik bideratzea, oraingo herri eta langile-kontrabotere desantolatuaren karikatura egitea besterik ez delako, asanbladen karikatura, alegia, errealitatea mitifikatuz gain.

Batzarrearen oinarria hautatuak dira, baina beren errepresentagarritasuna epaigai jartzen bada, demokrazia ordezkatu eta ez zuzenaren bidez hautatuak direnez gero, botu ordezkatuaren bidez datorkigu errepresentagarritasun hori baina aldiz, demokrazia zuzenean oinarritzen omen da batzarrea.

Horregatik, hau guztiau kontradizio bat batekoa gertatzen da. Egun, ez gaude iraultza aurreko prozesutan, baizik eta egunetik egunera, kaleak berak gero eta argiago erakusten digunez, masa burrukaren beheraldian gaudela eta horrek berorrek kondizionatzen ditu batzarrearen egiturak.

Zeindu dira H.B.ren barneko diferentziak. Eztabaida politikoaren baztertzea

H.B. barne talde kritikoa gaituzu. Gure behin betiko jarreraz Komite Zentralak erabakiko du hortaz. Orain guttirarte izan dena. Herri Batasuna uzten ari da. Bere barneko estruktura, bere barneko konposaketa aldatze ari da. Estrukturari buruz zera derrakegu: independenteen koalizio bat bilakatzen ari dela. Ohartzen ginen H.B.n barne egin behar zen estrukturaketa berriaz, gure linearen planteiamendu politikoaz, gure programaz, onartzen al zenentz ikus egitea etab. Zer egin behar genuen parlamentuaren arazoarekin, problema oso garrantzitsu asko egon da eta haietaz erabaki batzu onartu behar ziren. Orduari zera, lehenik akordio politikoetara heldu beharrean geunden, geroz estrukturaketaz hitzegiteko. Baina alderantziz izan da prozedura. Lehenik estruktura batzu inposatu dizkigute arazo politiko guztiak baztertu izanki. Ez da egon linea politikoen arteko akordiorik, inposaketa baizik.

Eztabaida politikoa guztiz bazterturik geratu da. Gaur egunean ere, ez dakigu parte hartuko dugun ala ez, ez dakigu parlamentura joango garen ala ez eta, auteskundeak gain gainean dauzkagu. Hau guzti honen aurretik estrukturen problemak atera dituzte eta delakoetan alderdiak difuminaturik agertzen dira. Guk ez dugu halere, independenteen mugimendua ezeztatu edo ukatu, indarberritu dugu baina guretzat grabeena, eztabaida politikoaren bazterketa izan da.

Egungo egoeraren azterketa eta programa: langille mugimenduaren beheraldia

Honetaz ere zenbait puntutan ez gaude ados gainerako indarrekin baina hala ere gure ezberdintasunok ez dira agian oso grabe izanen, beharbada hau guztionetan garrantzitsuena ondoriotan bilatu behar ba, zeren ondoriook erabat desitxuratu eta espreski gaizki erabiliak izan dira zenbait sektoretan. Gure ustez Suarez-en erreforma zenbait pausu aurrera eman du, nahiz eta gu erreformaren kontra gogor jokatu; bestaldetik, langile mobilizazio eta burruketan beheraldia ba dagoela ere ikusten da, asanbladen mugi menduari berdin gertatzen zaio. Erreformaren aurrerapenari euskal burjeseria autonomizale eta alderdi erreformistek objektiboki laguntzen diote. Indarren erlazio honek zerera garamatza: hau da, ez delakoa, denbora laburrean aldatuko eta "apurtura" ez dela emango epe motzean. Baina guztionetatik ateratzen ditugun ondorioak eta E.E.k atera zituenak ez datoz bat. Gureak aldiz guztiz kontrakorrak dira. 77.ko Ekainean E.E.k erreforma eginik zegoela kontsideratu zuenean, bere praktika osoa posibilismo eta kontsentzupean jarri zuen, erakundeetan sartuz, kontsentzuz gain eraturiko politika aurrera eramanez, eta alderdi erreformisten eta euskal burjeseriaren segizioa eginez. Gure ustez, oraingo egoeratik ateratzen dugun ondorio nagusia zera da: K.A.S.-en alternatiban barne dauden askatasun demokratiko guztiekin bat egonik eta hortaz konturaturik, iragapen sozialista batetan oinarriturik, programa gogortu behar da, zeren eta burruka luzea baita, klase-zentzu gehiago eman behar diegu geure errebindikapen ekonomiko eta sozialei.

Posibilismoari ez

Era berean, gu edozein gisatako politika posibilista eta erreformistatik urrun gaude, zeren eta uste baitugu posibilismoa posible dena eskatzea dela, burjeseria emateko prest dagoena dela, kapital handiarekin, erreformismoarekin eta besterekin kontzentzu egitea, alegia. Gu geu, edo zein paktu politikaren kontra, edozein posibilismoren aurka gaude; gogorki jokatu beharra dago, masa mobilizazioen politikan eta bai instituzioetara sartzeko politikan ere aritu beharra, halere.

Uste dugu ere, burruka luzea baita, instituzioetara sartu beharra dagoela, baina kasu!, honek esan nahi ez baitu posibilismoan aritzea edo paktu politika egitea eta haietara sartzea berdin direnik. Zera esan nahi du, burruka luzea izanen baita sartzea, erregimenaren kontra tresna eta baliabide guziak erabiltzea, sistimaren politika salatzailea, konstituzio-kontrako eta estatutu-kontrako politika Eusko Parlamentutik bertatik egiteko, hots, azken batetan masa burrukaren sostengua eta euskarria besterik ez den politika instituzionala. Eusko Parlamentura sartzeak inportantziarik badauka, Eusko Parlamentua foru inportantea delako da, bertan klase kontradikzioak, bestelako estrategia eta alternatibak argi eta garbi agertzen baitira, eta guri interesatzen zaiguna klase jarrerak zeintzu diren erakustea da, edo bestela esanda, UCD-ek-PNV-ek krisiari eman nahi diote gisako soluzioaren maliobrak salatzea, eta hoiekin batera, erreformismoaren segizio jokoa, une hontan ditugun baino askatasun askoz ere haundiagoen premia.

Posibilistak aldiz, etendura demokratikoa paktatzen dutenak dira, epe laburrean posible deritzotelako hari; posible eritziko ez baliote, haien puntuetan apalduko lirateke.

ETA

Alta bada, ETAk ez du LAIA jazarri; halere, diputazio eta junten arazoarekin batera sortutako diferentziez geroztik ofentsiba baten hasiera modukoa edo, kontsidera daiteke.

Jarrera konkretuak

Komite zentral batetan hartuko dira honako hauek eta hura gutxigarrenean hospatuko dugu.

Zer nolako jarrera luke LAIA-k, mahai nazionalak ez parterik hartzea erabakiko balu?

Komite zentralak erabakiko luke. Hala eta guziz ere, egiazko problema hondokoa dugu, zergatik ideiologia burjes-txikiaz garbituz doan apurka-apurka langilegoaren praktika eta ideiologia, alegia. Guri hauteskundeetara begira interesatzen zaiguna parlamentura joatea da, ezker abertzalearen gainerako indarrekin koalizio eginez. H.B.n gaudela ala ez gaudela, H.B,-ren programa defendatuko dugu edo hala behar bada, gogorragoren bat. Gure ustez, estruktur akordio batzutara ailegatzea dugu garrantzitsuen.

M. Aldana

T. Trifol

***

Gu garenok, eritzi sinpleek maizetan bultzaturik, gure ustea sortzen dugu hainbat arazotan. Herri maila askotan, gaurko politikari buruzko eztabaidetaz arituz gero behintzat, gauzak errazegi eta egiaren eta eztabaidaren arlotekeriak egiten ditugu. Kaleko jendeak ez omen daki gakoaren oinarria non dagoen. Artikulu hontan, H.B.z arituko garenez, berdintsu gertatzen dela han esan dezakegu, hau da, herriak, eztabaida eza, sinplekeriaz konformatu beharra du. Gure herriko sektore garrantzitsu batek E.T.A.ren eritzia nolakoa den jakinez gero, aski du eztabaida guztiak antzarrak ferratzera bidaltzeko. Dudatan badago, hor daude beste haiek, beraien eraginez eta indarrez eztabaida fruitugarriak heldugabetasunean errotik mozturik geratuko dira. Geroztik, tresneria guztia hasten omen da lanean zeren ETA, burruka abertzale guztien txapelduna izanik —eta ez dugu dudarik— sinplekeria eskizofrenikoaren marra ukitu eta gainditzen baita. Zenbait presupostu edo aurreritziekin bat ez datorrena, maizetan, nahiz eta guztiz behin-behineko taktika batez oinarriturik izan, potentzia atzerritar baten ajendezalea ez bada ere, erreformismoaren txontxongiloa lepotik dindilizka ba daramala esaten zaio. Erreformista, likidazionista edo eta burruka harmatuaren etsai ezkutatua. Horregatik hain zuzen, erakunde harmatuarekin ados ez dagoenak iraultzailearen, antierreformistaren eta antipaktistaren gutun lakratua eraman behar du kolkoan ageriz, bere ideologiaren barnean mirrina ere aldatu ez duela erakutsiz.

Herri honetako eztabaida politikoaz erraiek deus esateko edukiko balute, eztabaida politikoa egiazko lekuetan aspaldidanik eginda legoke eta gau egunean ez ginateke agian infiniturantz garamatzaten frustrazio guztiak ugaltzen ari eta beharbada, beste sektore batzuek zera erakutsi beharko dute: Ez direla beraiek objektiboki erreformaren lana errazten ari, ez direla burjeseria indartzen ari, ez daudela burjeseriaren boterea denbora luzez ezartzeko ahalegin objetktiboak egiten, eta matuaren oinarria ere suntsitzen ari.

E. H.