ANAITASUNA

IV URTEA - N.º 39

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Garagarrilla (7) 1957


Kristiñau tipo barria

Gizaldi bakotxak bere ezaugarria dauko. Teknizismoaren aldetik, gure gizaldia, bomba atomikoaren gizaldia lez igaroko da historiara. Erlegiñoaren aldetik barriz, Ekintza Katolikoaren gizaldia bezela.

Itxi deioegun zientifikoeri bomba atomikoaren gaiñean eurak euretara verba egiten. Guk, aintzat artu daigun orain Ekintza Katolikoa eta beronek aspaldion mundu osoan zabaldu dauan Movimentu Liturgikoa.

 Gaur egunean, kristiñauak gero ta parte geiago artzen dabe Jaungoikoaren kultuko zeregiñetan. Oraingo eleiztarrak mezea ulertzen asi dira, eta atsegiñez irakurten ditue mezaliburua eta Biblia Santua.

Erlegiñoko iturrira bertara joaten ikasi dogu, eta ur garbia edaten oitu gara. Mezako otoitzetan eta lekturetan erlegiñoko irakaspen sakonak aurkitu doguz: Jaungoikoaren semeak gareala, Trinidade Santua gure arimetan bizi dala, Kristogaz gorputz bat egiten dogula, ta abar.

Erlegiñoko egia fundamentalok, mezaliburuan eta Eskritura Santuan ikasi doguzanok, sendotu egin gaitue gure fedean, ezagutu eragin deuskue gure kristiñau dignidadea, eta txarrerako makurkeriari kontra egiteko sekulako indarra emon deuskue. Pio Parsch, liturgizale ospetsuak diñoan lez, bizitza liturgikoak kristiñau tipo barri bat moldatu dau gure egunotan: ogeigarren gizaldiko kristiñaua, argitua, erlegiñoan ondo sustraitua, jakintzazalea eta alkartasunezko espiritua bizi bizirik daukona.

Askotan entzuten dogu, gaurko kristiñauak lengoak baiño txarragoak direala, eta orain irurogei urteko kristiñau bizitzea garbiagoa zala.

Zer erantzun oneri? Jaungoikoak bakarrik daki nor dan ona eta nor dan gaiztoa bere aurrean. Egia da orraitiño, lengoen aldean oraingo oiturak asko nasaitu direala. Baiña ez dogu aztu bear, gure burua gatxetik libretako medioak be, asko geitu direala, eta oraingo kristiñauak erlegiñoko gauzetan geiago dakiela. Orregaitik esaten eban Faulhaber Alemaniako Kardenalak, Jaungoikoari eskerrak emon bear deitsaguzala, ain sasoi onean bizi garealako.

Baiña zoritxarrez, gure artean kristiñau asko dagoz oraindiño, lengo ignorantzian bizi direanak eta euren rutinarismo alperretik urten gura ez dabenak.

Ignorantzia ori kentzeko eta ogeigarren gizaldiko kristiñau tipo barria gure artean ugarituteko, lan guztiz txalogarria egiten diardu Bilbaoko Obispo Jaunak. Aitatu daiguzan obra bi bakarrik: urtean urtean ospatuten dan Evangelioaren Astea, eta illeko lenengo domeketan obispaduko eleiza guztietan Trinidade Santuari emoten jakon aparteko kultua.

"Kultu onegaz —diño Obispo Jaunak— gure kristiñauak erlegiñoko egia fundamentalak ikasiko dabez, euren fedearen gaiñean ideia argiak eta zuzenak eukiko ditue, eta gure erriaren ignorantzia ikaragarria laster ezereztuko da."

Berriatua


Izaro

Bermeotik Mundakara, naiz trenez naiz kamiñoz, bazoaz, eta itxasorantza begirada bat zuzentzen badozu, isla bat agertuko jatzu begien aurrean, luzengatxua, ez andia, ez txikia, ezkerretarantza zorrotza ta meia, eskumatara altua ta zabala, eta zabal unean bedarrez jantzia.

Eskoitik Ogoño dauko jagole, ezkerretik Matxitxako, aurrean Mundaka ta Bermeo.

Izaro da islearen izena.

Vista zolirik ez dozu bearko, erdi unean orina zaar batzuk oraindiño zutunik ikusteko. Beiñola baten, antxe bizi izan zirean fraille frantziskanoak, eta antxe euki eben euren komentua eta Santa Maria Madalenearen eleiza txikia.

Andik, egun batean eta bestean, gau batean eta bestean, olatuen murmuriagaz batera igoten eban zerura frailleen kantuak:

Jaunarena da lurra

ta bere betetasuna.

Berak ipiñi eban

itxasoaren gaiñean.

Orain ez da an frailleen kanturik entzuten. Txitean pitean, bai, entzungo dozu Bermeon, ez dakit zelako tristurea darion kale kanta bat:

Non ete dago,

Izaron baiño,

Maria Madalenia,

Maria Madalenia ta

Komentu fraille bagia?

Eta tutean urtean, Santa Madalena egunean, garagarrillaren 22'an, Bermeoko aiuntamentua joaten da bertaraiño, islearen gaiñ daukon eskubidea erakusteko.

Izaroko komentua

San Frantziskoren Ordenako historiadore guztiak diñoskue zelan eta nondik sortu zan leku orretan fraille komentua jasoteko asmoa.

Fundatzaillearen eriotzatik 200 urte igarota gero, San Frantziskoren Ordeneak naikoa galdu eban bere asikerako berotaldia ta adorea. Amabostgarren gizaldian, komentu eder eta aundi bat euken frantziskanoak Bermeoko errian. Komentu orretan frailleen artean nasaitasun batzuk sartu zirean, batez-bere pobretasunean.

Bertan bizi zan Frai Martin Arteaga, fraille santu bat. Ez egoan bera ain gustora nasaitasun orreekaz, eta bere Aita San Frantziskoren irakatsiak zeatzago gordetako, komentuko beste iru lagunegaz nagusiakandik eta Bermeoko aiuntamentuagandik lortu eban Izaron komentu barri bat jasoteko eskubidea, antxe pobretasunik aundienean biziteko eta egiten ez ebenakaitik penitentzia egiteko.

Egia, adore aundikoa ta osasun onekoa izan bear, alako bakartadean biziteko. Eta nok esango leuke! Antxe igaro zituen frailleak ia irureun urte ondo beteak (1422-1714), bitarte orretan jazoera asko ikusita, pozgarriak ugari, tristeak ez gitxi.

Frailleen bizibidea

Frailleak ondo ekien Evangeliotik Kristoren esana: "Ez da gizona ogiagaz bakarrik bizi, ezpabere Jaungoikoaren agotik urtetan darian verba guztiagaz". Ori gorabeera, ogia bearrekoa dala bizitzeko ezin ukatu. Bai, baiña Izaroko frailleak ez zirean aztuten santuen beste esan bategaz: "Pobretasuna gitxigaz kontentu, andigurea asetueziña". Orregaitik, Frai Martin eta bere lagunak ez eben asko bearko jan-edanean, jantzian eta saiñerako bearrizanetan, bizitzeari aurpegi emoteko. Jatekotxua eltzen ez bazan, zer egin? Kordoia apur bat estuagotu garrian, eta, barruko alegrantzia galdu barik, pazientzia artu eta zeruko Providentzian itxaron.

Orraitiño, ba-zituan Izarok bere ongilleak. Izaroren izena laster zabaldu zan inguruko errietan. Bermeon, Mundakan, Elantxoben, Lekeition, etc. ba-ekien zeintzuk egunetan agertuko zirean Izaroko frailleak eskean. Bizkai guztian bardin, eta, zetan esan be ez, euskaldunen ateak eta biotzak zabalik egoten zirean beti Izarotarrentzat. Ez gitxitan, Bizkaiko Jaunak eta Gaztelako Erregeak eurak be etorten zirean Izarora, eta limosna mordoska politak bialdu-bere bai. Lenengo Mundakara etorten zirean, atarako ipiñita euken etxe batera, eguraldi ona zanean islara joateko.

Izaroko itxasargia

Erriak egiñiko mesede materialen ordez, frailleak al eben moduan pagetan eutsen ongilleeri euren vorondate ona. Esate baterako, ain eta ain egunetan suak egiten zituen, garra ta keia ataraten eben, argiaren seiñaleagaz itxasontzien non egozan jakin eragiteko.

Baiña beste modu bat euken Izaroko frailleak ongilleeri euren eskerrona erakusteko: bakartade itzal aretan Jaungoikoari ofrezidu euren otoitz eta penitentziazko bizikera gogorra. Ongilleentzako pagurik onena izaten zan euren izenak Izaroko adiskideen listan izatea.

Jazoera tristeak

Bakartade aretan vorondatez arturiko bizikera latza naikoa ez baillitzan, gizonen aldetik sufrimentu asko igaro bear izan eben Izaroko frailleak. 1596 urtean, iraillaren lenengoan, Frantziako La Rochela deritxon uriko hereje calvinistak, piraterian edo itxaslapurretan etorri zirean Bermeora amalau ontzitan. Embarkaziño batek Izaron atrakatu eban, eta barruko gente guztia bertan desembarkatu ostean, komentuan su emon eutsen, eta eleizea ta klaustrua izan ezik, beste guztia kixkalduta itxi eben.

Frai Juan Zabala, Aita nagusiak, beste fraille biren laguntziñoagaz, Sakramentu Santua artu ta gorde egin eban atx arte baten, iñok ez topetako lekuan. Piratak ez eben ikusi Frai Juan, beste biak bai, baita euren txarkeri asko egin-bere. Soiñeko habituak erantzi, dantzan eragin, lenengo banan banan, gero eurakaz batera, eta beste oneetariko gaiztakeri asko egin eutsezan. Ez zirean baiña kastigu barik geratu, oraintxe ikusiko dogun lez.

Bermeon zer pasetan zan bazterretan jakin zanean, Bizkai guztitik, batez-bere Durango inguruetarik, soldadutza aundia batu zan. Ba-etozan Bermeorantza, Gonzalo Ibañez de Ligarte, Markiñako zalduna, egun areetan Mendatan egoana, kapitan adoretsua, danen buruzagi zala.

Ugarte bere gizonakaz, guda zarata aundian, Lamiaran eta Deminiku aldetik agertu zanean, piratak igesari emon eutsen ikaragarrizko arrapaladan. Euren ontzietan embarketako joan-etorrietan asko ito zirean uretara jausita, eta beste asko Ugarteren arkabuzen azpian.

 Izarokoak laster konturatu zirean Bermeon zer pasetan zan, eta eurak-bere igesari emon eutsen arrapalada bardiñean. Baiña itsumustuan, barku ta gizon, mutil gazte bat ez beste guztiak, Lamiarango atxetan galdu zirean.

Drake itxaslapurra Izaron?

Guk emen ipiñi dogun jazoera negargarria Aita Loibe'k dakar bere historian. Baiña Labairu'k, Bizkaiko historiadoreak, apurtxu bat aldatuta kontetan deusku kasu bera.

Labairu'ren eritxiz, sir Francis Drake, ingeles pirata fama aundikoa izan zan bere amalau ontziakaz Bermeora, Izarora ta Gaztelugatxera etorri zana. Aita Loibe'ren ustez ostera, La Rochela'ko hereje calvinistak izan zirean 1596'ko iraillean Izaro erre ebenak: ezin eiteken izan Drake, urte bete lenago itxasoan il zan-da.

Ez ete zirean Drake'ren itxaslagunak, bere izenaren itzalpean, Bizkaiko portuak eta Espaiñiako kosta guztiak ondatuten ebiltzanak? Gaiñera, ondo dakigu Frantziako calvinistak eta Ingalaterrako puritanoak euren artean adiskide izanik, artu-emon aundia erabilten ebela, batez-bere katolikoen eta katolikoen errieri al eben kalte guztia egiteko.

Orregaitik, gure ustez, Loibe'ren La Rochelako herejeak, Labairu'ren Drake edo bere itxaslagunak izan zirean.

Forura

Ainbeste naibage igarota gero be, frailleak eun urte ta geiagoan egon zirean Izaron. Baiña azkenean, Izaroko erretiro maitea itxi, eta beste leku batera joateko erabagia artu eben. Orretarako non leku obarik Foruan baiño? Forua! Txoko, zoragarria, kristiñau zintzo ta garbien bizi-lekua! Forua ez da Gernika, ta Gernika da. Bermeotik ez dago urrun eta urrun dago. Forua, berebiziko tokia Izaroko frailleentzat, euren bakartade santuan jarraituteko, euren apostolutza sugarra bazter guztietan zabaltzeko.

Bear zirean pausuak emonda, gauzak ederto baten atonduta, pozarren Foruratu zirean Izaroko frailleak 1714 urtean, eta arrezkero antxe dagoz Kristoren maastian zintzo lan egiten, Bizkai guztian zeruko Barri Ona zabaltzen, eta gesu baten langille barriak izango direan mutil gazteen gogoetan "frantziskotasun" azia ereiten.

Barriro Izarora

Bermeoko fraille gazte, biotz alai ta optimista bateri entzunda daukot, urte gitxi barru, Izaroko orma zaarrak barriro barriztuko direala, ta komentu txiki txikitxu bat, pobre pobretxu bat egingo dala, eta antxe biziko direala frailleak barriro, urte osoan ezin bada, geienean beintzat, anai eguzki ta arreba igetargi, anai itxaso ta arreba kreatura guztien izenean beiñolako frantziskanoen kantuan eten barik jarraituteko:

Jaunarena da lurra

ta bere betetasuna.

Berak ipiñi eban

itxasoaren gaiñean.

Aingeru


Naste-borraste

Il orduko konversiñoa

Barri au Londresetik dator. "Catholic Herald" periodikoak diño, Dadan Kimathi, Afrikako Mau-Mau movimentuaren buruzagia, eriotzako orduan, kristiñau katoliko egin dala. Urrengo egunean, aurtengo zezeillaren (febreruaren) 18-an, Nairobi-n urkatu eben, bere gaiztakerien kastiguz.

Bere bizitzako azken orduetan, beragaz egon zan Aita Joseph Weelan, misiñolari katolikoa. Beronek kontetan deusku gizon odolzale orren bizitzea.

— Beste Mau-Mautar bateri entzun deutsat —esan eutson Aita Weelan-ek— Jaungoikoagan eta Jesukristoren jaungoikotasunean siñistuten dozula. Esaidazu, egia da entzun dodana?

— Bai, egia da —erantzun eutson Kimathi-k.

— Orduan, oraintxe daukozu era ona, zure arimea salvetako eta txartoegiñak ordainduteko.

— Zelan egin neike nik ori, Jauna? —preguntau eutson Kimathik.

— Laster ilgo zaitue —erantzun eutson Aita Weelanek. Baiña ori gorabeera, aukera osoan ofrezidu zeinkio Jaungoikoari zure bizia. Lenengo, zeure gaiztakerien zorrak pagetako; eta bigarren, zeure erriarentzat bakea ta progresua ekarteko.

Gustau egin jakon Dadan Kimathiri misiñolariaren esana, eta kristiñau dotriñea irakasteko eskatu eutson. Bien bitartean, zezeillaren 17-an esan eutsen, urrengo egunean urkatuko ebela.  Bere azken ordua etorri zala jakin ebaneko, bertatik deitu eutson Aita misiñolariari, eta beronen eskuetarik artu zituan bateoa eta komuniño santua, eta gau guztia igaro eben biak erlegiñoko gauzen gaiñean verba egiten.

Dadan Kimathi —Aita Weelanek diñoskun lez— trankil trankil il zan, verba oneek esaten zituan bitartean: "Jauna, zeure eskuetan ixten dot ñire arimea; parkatu eiguzu, neuri eta eureri."

Espaiñiako 11 banko nagusiak

Domua

Banko Zentrala 325.000.000

Banko Hispano Amerikanoa 450.000.000

Banko Merkantil ta Industriala 100.000.000

Krediztuko Banko Espaiñola 371.000.000

Erriko Banko Espaiñola 152.334.000

Urkixo Bankoa 220.500.000

Bizkaiko Bankoa 300.000.000

Bilbaoko Bankoa 300.000.000

Santandereko Bankoa 100.000.000

Zaragozako Bankoa 75.000.000

Aragoiko Bankoa 60.000.000

Obispo baltza

Munduko obisporik gazteena, erraza baltzekoa da. Monseiñor Maunzio Otunga, Babukusu tribuko jefearen semea, ogetaamairu urtegaz izentatu dabe Takapae-ko obispo, Kenya-ko lurraldean.

Aurrerakuntzea

Inglaterran, euneko berrogetamarrek daukez televisiño aparatuak. Emeretzi milloi persona nagusik trankil trankil entzun-ikusten dabez euren etxeetan BBC-ko emisiñoak.

Seilluen valioa

Monaco-ko Printzipaduko arketan 240 milloi franko sartu dira, Rainiero Printzipearen bodako seilluak salduta.

Enziklika barri bat

Aita Santuak, enziklika barri bat egiten diardu. Auzi sozialen gaiñean izango da.

Medikuak falta dira

Hungrian ez dago medikurik. Erri asko osagille barik geratu dira. Bederatzireunek baiño geiagok iges egin dabe extranjerura, azkenengo matxiñadatik ona.


Munduan zear

Mezako dirubatzea ta liturgia

Mezatan egiten dan dirubatzeak, asmo ekonomikoak eukiarren, printzipalki siñifikaziño liturgikoa dauko, oitura ori aintxiñako kristiñauen Ofertoriotik dator-da.

Parisen oraintsu argitaratu dabe Frantziako Obispoak "Meza Zuzenbide Liburua". Liburu orretan agintzen da, dirubatze ori bear dan moduan egiteko, bere asmo liturgikoa kristiñau erriaren aurrean argi argi agertu daiten.

Aintxina, mezako Ofertorioan salmo oso bat kantetan zan. Bitartean, kristiñauak euren olatak ofrezietan zituen, eta gero maitasunezko bazkan baten danen artean jaten ebezan.

Zuzenbide liburu orrek 256 artikulu dakaz, eta zearo expliketan dau, kristiñau erriak zelan parte artu leiken eleizkizun liturgikoetan.

Komuniñoa, meza erdian artu bear litzake beti, sazerdoteak egiten dauan momentuan, sakrifizioaren benetako partea dalako. Ez deutso ardura, bitartean komulgetan ez direanak itxaron bear badabe, eta mezea luzatuten bada.

Pariseko artzobispo, Maurice Feltin Kardenalaren aginduz, meza zuzenbide au aste batzuetan domeketako meza guztietan irakurri da.

Afrikako misiñoen gaiñeko enziklikea

Impresiño aundia egin dau mundu osoan, Afrikako Eleizearen gaiñean Aita Santuak oraintsurengo idatzi dauan enziklikeak.

Berreundamairu milloi bizitzaille daukoz Afrikako lurraldeak. Euretariko 22 milloi, katoliko dira. Gizaldi onen asikeran barriz, Afnkako katoliko guztiak milloi ta erdi bakarrik zirean.

Lurralde orretan 10.796 sazerdotek lan egiten dabe. Propaganda Fide-ko Kongregaziñoaren menpean dagozan misiñoetan, emeretzi dira erraza baltzeko obispoak, eta 1.963 erriko seme sazerdoteak.

Erlegiño katolikoaren areriorik printzipalenak iru dira: lenengoa, Islam-a edo Mahomaren erlegiñoa, Afrika osoan 85 milloi jarraitzaille daukozana, eta gero ta geiago zabalduz doana.

Beste arerioak, komunismoa ta materialismoa dira, Europa ta Amerikatik etorritakoak.

Espaiñiako maixu nazional baten illeroko irabazia

 Kategoria Irabazi osoa Kobretan dana

Lenengoa 2.570,— 2.087,38

Bigarrena 2.400,— 1.949,20

Irugarrena 2.260,— 1.827,52

Laugarrena 2.130,— 1.750,63

Bostgarrena 1.950,— 1.602,56

Seigarrena 1.790,— 1.488,99

Zazpigarrena 1.600,— 1.330,83

Zortzigarrena 1.430,— 1.189,33

Bederatzigarrena 1.310,— 1.102,28


Besteak diñoe...

Katolikoen nagitasuna dala-ta, auxe diño FAX amabosterokoak:

Orain esango doguna, ain baten gure kontra doa, akusatu gura dogun faltan, bearbada, geu be jausten gara-ta.

Gero ta gero be, emen eskribietan doguzan lerroak, verbak dira, eta gu orren kontra joan nai dogu, ez verba egitearen kontra, verbaldunkeriaren kontra baiño.

Bearbada extranjeruko katolikoen, euren dinamismoak eta aktividade larregiak jausi eragiten deutse egintza larregikerian edo "amerikanismo" deritxon pekatuan. Gu barriz, sekulako alperkeri ta nagikerian bizi gara.

Latinoak garealako-edo, verbaldunak gara, eta askotan geure indarrak galtzen doguz, ezer be ez egiten, plantak egiten, verba utsak esaten eta —ia bardin dana— gauzak improvisatzen. Orrezaz gaiñera eta gure zoritxarrerako, kritiko zorrotzak gara, ez dakigu iñor alabatzen eta admiratzen, eta makurkeri aundia daukogu invidiarantza.

Batzarretan, zirkuluetan, bazkalosteetan, errevistetan, periodikoetan, asterokoetan, eundazak sama garramaztu eta beste orrenbeste luma estilografiko amostuten dira, danak zeingeiagoka esaten dabela: "Espaiñian ez daukogu prensarik, ez daukogu radiorik, ez daukogu novelarik, ez ziñerik, ez teatrorik, ez televisiñorik, ez teologorik, ez soziologorik, ez filosoforik, ez pedagogorik, ez organizatzaillerik. Or dagoz barriz, Frantzian, Alemanian, Nortamerikan, Italian. Or dagoz Maurice Cloche, Graham Green, Danielou, Von le Fort, Gilbert Cesbron...".

Eta orregaitiño, au diñoenak ez dira kapaz, aktividade bat sortu eragiteko, novela bat egiteko, ziñerako arloren bat asmetako edo periodikoetan artikulu mamintsu bat idazteko.

Eta noredonok olakoren bat egiten dauanean —errevista bat, etxe merke bat, pelikula bat, novela bat, radiorako zerbait— orduan sumindu egiten gara, eta Londreseko BBC-gaz, Bernanos-egaz eta "Paris-Match"-egaz beragaz komparaziñoak egiten asten gara.

Gu ez gagoz konforme bizimodu errez eta alper orregaz. Espaiñian iñok "zeredozer" egiten badau, guretzako gizon orrek asko valio dau; eta orrezaz gaiñera, Jaungoikoa eta bere Eleizea servitzeko egiten badau, orduan gizon ori heroe bat da, gure txalorik beroenak merezi ditu eta bere burua ereiñotzaz koroiatu bear da.

***

Leziño galanta euskaldunontzako be. Gu ez gara latinoak, baiña verbaldunak bai. Eta itzalak gaiñera. Beti gabiltz kejaz, beti esaten au txarto dabillela, euskerea galduaz doala, gure euskalduntasuna peligruan dagoala, gure kristiñau ekanduak gero ta geiago aldatu direala. Eta zer? Ori erremediatzeko zer egiten dogu? Ezer be ez.

Eta iñok zerbait egiten badau, aren zirikadea, areri verba zorrotza, areri eragozpena, areri kritikaziñoa.


Emakumearentzako

Munduko amar emakume ospetsuenak

Periodikoetan euren izenak zenbat bidar urten daben kontuan eukita, igazko emakume ospetsuenen artean amar izeneko lista bat egin da. Ona emen amar emakumeok, euren famazko ordenea zeatz gordeta:

1. Grace Kelly, orain Monaco'ko printzesea.

2. Soraya, Persia'ko Emperadorearen emaztea, ama ezin izan leitekena.

3. Marylin Monroe, ez bera dalako, Arthur Miller eskribitzailleagaz ezkondu dalako baiño.

4. Inglaterrako Isabel erregiñea, bere egintza sozial eta kulturalakaitik.

5. Clara Boothe, Erroman Amerikako Estadu Alkartuen Embajadore izanikoa.

6. Gina Lollobrigida, Italiako ziñe artistarik onena eta ume eder baten ama.

7. Nina Ponomareva, Rusia'ko deportista indartsua, Londresen andra sombreru batzuk ostu zituana.

8. Belgikako Isabel, amama erregiñea, larogei urte kumplidu dituana.

9. Greet Hofmans, sasimedikua, Holanda'ko errege familian desgustua sartu dauana.

10. Ellen Moore, sei illabetean ez ilgo bai ilgo egonda gero, azkenean trankil trankil ume egin dauana.

Egia ete da?

Auxe esan dau Sudafrikako Doktore batek: Egiazko sexu sendoa, emakumezkoa da. Emakumea, gizona baiño geiago bizi da. Mutil umeak, neska umeak baiño makalagoak dira, eta euneko askoz geiago ilten dira. Gose demporan, gizonak emakumeak baiño lenago galtzen ditue indarrak. Gizonen artean anormal ugariago dagoz emakumeen artean baiño. Eta aolako beste gauza asko.

Verba baten esateko: Gizonaren nagusitasuna, guzurrezkoa da, propaganda utsa da. "Sexu sendoa" ezin deitu leitekio gizonari, emakumeari baiño.

Ez dakie orraztuten

Rusiako emakumeak ez dakie zer dan ondo orraztutea. Orixe esan dau Jean Clement'ek, Paris'eko pelukeru batek, Rusiatik etorrita gero.

Orrazketa kontua Gobernuko Ministerio baten menpean dago; eta pelukerak, euren ofizioan benetako artistak izanarren, ezin leikee egin eurak gura dabena. Gobernuak norma batzuk ipiñi ditu, eta nai ta naiez gorde bear dira. Orregaitik, Rusiako andra guztiak bardin orraztuten dira.

Ori bai, ventaja bat dauke, eta ez txikia: pelukeria guztietan prezioa bat bakarra da. Edonon prezio bera, naiz kapitaletako pelukerietan naiz erri koxkorretakoetan.


Euskalzaleentzako verba bi

Bizitza liturgikoak kristiñau tipo barri bat moldatu dau gure egunetan. Kristiñau ori izango da etorkizunekoa. Oraiñarte, Euskalerrian, kristiñau ori erderaz egin da. Erdereak emon deutso janari egokia. Or dagoz erderazko publikaziñoak, erderazko mezaliburuak, erdarazko evangelioak, erderazko estudio-batzarrak, etc Zegaitik ez euskerazkoak? Zegaitik ez? Ogeigarren gizaldian, mundu modernu onetan, erlegiñoko gauzetarako be ez ete dau valio euskereak? Erantzun daiela EUSKERAGARBIZALEAK.