ANAITASUNA

1979.EKO EKAINAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

383. ALEA

60 PZTA.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

Zuzendaria

X. Arzelus

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


AURKIBIDEA

4. Editoriala

5.Liburu berriak. Xabier Gereño

6. Desobedientzia zibila aurrera. J. LL.

8. Arrazoi zuen Freirek. T. Trifol

9. "Abertzale batzuen Euskal Herriaz". Ekatxa

10. Ultraeskuindarrak eta parapolizialak kalera. J.LL.

12. Aix-en-Provence-ko extradizio prozesua. J.LL.

14. Sarako sozialista frantsesak abertzale sozialistekin hauzian. M.L. Uhaitze

16. Euskara irakaskuntzan sartzeko dekretuari buruz. H.B.ko talde batek

18. Hamabost egun hankaz gora. Iñaki Zabaleta, Begoña Zia

20. Ohar laburrak eta gutunak

22. Bretainia Handiko hauteskundeak. Maria Jesus Esteban

24. Nobel Bake Saria. Tomas Trifol

26. Kreta: Zeus-en uhartea. Borja Barandiaran

28. Oi lagun hori. J. Mendizabal

30. Nire hauzategia. Idoia Iriondo

32. Morbositaterik gabe afektibitate aske baterantz. E.H.

35. Gizaki. Gentz

36. Hurbilketa bat OVNIren fenomenoaz. T. Trifol

40. Self Help dela eta. Leonor Tavoadari itaunka. Itziar Urtasun

42. Hollywood eta Viet-Nam. Joseba Sarrionaindia

44. Nire kontzientziarekin hizketan. Ekatxa

46. Giza espeziaren eboluzioa. Elhuyar

47. Komikia. J. Etxenike

48. Gramatika. J.R. Etxebarria

49. Gurutzegrama. Larry Trask

50. Ardi beltz. Monty


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

FOTOGRAFOAK

Imanol, R. Zarrabeitia, A. Alday.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Editoriala

Euskarazko prentsaren deia

Euskal prentsa, hau da, euskera hutsezko komunikabide idatziak, gure ahuleziaz eta etorkizunaz erabat kezkaturik, euskararen etorkizunari begira, beronen bidez azaltzen den herri oso baten problematikaren aurrean erantzule garenok, Euskal Herriari dei egiten diogu, euskaraz dauden aldizkarien alde egin eta lagun dezan.

Izan ere, frankismoaren garai luzean marjinaturik eta ahalbiderik gabe bizi izan garenok ezin onhar dezakegu erdal komunikabideen eraginez eta prezioen goratzeaz gure euskal prentsa hilzorian aurkitzea.

Egoera honen kausa gure hizkuntzak eta kulturak pairatzen duten botere publikoaren aldetiko zapalketa izanik, euskal kultura birrindu zutenek euskararen herri osoarekin derrigorrezko obligazioa dute gure aurren.

Honegatik, estatuko botereen aldetik edo, kasu, Euskal Kontseilu Nagusiaren aldetik euskaraz edo euskal kulturaz oinharritzen diren komunikabide idatziei dagozkien aurrerabide eta osabideak eskatzen diogu.

Horretarako dei egiten diegu Euskal Herri horri, herriaren erakunde guztiei, gurekin batera behar den laguntza eskatzeko:

- Euskadiko udaletxe, unibertsitate, ikastetxe, kolejio ofizial eta biblioteka bakoitzetik harpidetza bat eskatzen dugu. Bai eta estatuak, edo bere ordez, Euskal Kontseilu Nagusiak subentzio zuzena eman diezaien euskaraz idatzitako aldizkariei.

- Euskal prentsari laguntzarik ez ematea gaur egun, orain arteko errepresioa instituzionalizatzea litzateke eta beronen ondorio bezala, euskal prentsa eta berarekin batera doan euskal kulturaren deuseztatzea.

Zeruko Argia eta Anaitasuna


Liburu berriak

GAUZETAN

Koldo Izagirre

Ustela saila. 72 orrialde

Gauzetaz ohartu da Koldo Izagirre eta haietaz hitz egiten du: Arboletaz, Elurraz, Teilatuetaz, Izarretaz, Uraz, Burniaz.

"Zer kontatuko dizut. Hargi laurdenak enbarazoa dagit eta izarrek gezurra besterik ez diostate". Baina ez, Koldo Izagirrek, bere prosa poetiko horretan, asko kondatzen digu. "Teilatuak itsuak dira", baina Koldo begi zorrotzez heldu da gauzen muinetara.

EUSKARAREN EBANGELIO ETA APOKALIPSIA

Marc Legasse

Txertoa editoriala

96 orrialde

Maiatzaren 17an liburuaren aurkezpenera, Bilboko "Galeria del Libro"n, joan nintzenean, beldurrez nindoan, egun eta ordu berean Fuerza Nuevakoek manifestazio bat egin behar zutelako. Baina beldurra eta guzti, lagun mordoxka bat bildu ginen. Hizlariak, Xabier Kintana, eta Marc Legasse egilea. Eta hitzaldiak bukatzeko, liburuaren titulu eta mamiari zegokionez

"Amen" bat. Tipo oso jatorra Marc Legasse hori Ba du nortasunik fisikok eta bere lan literarioan Azkenaren froga, liburuaren gaia.

Ebangelio honetan, Jainkoa, Euskara da. "Hastapenean Euskara zen. Eta Euskara gizaki batetan aragi egin izan da. Holan sortu zen Euskalduna". Eta honela, ebangelioko kapitulu eta bertsikuluak. Aita Gurea ere: "Gure aiten hizkuntza / gogoetan zarena / garbi ezazu gure Herria/...".

A! eta bukatzeko, liburua bilinguea da, euskara / gaztelania. Amen

BURNITIK

Yokin Apalategi

editore: Luis Haranburu

56 orrialde

Poesi liburua. Yokin Apalategik, inoiz Gabriel Arestik egin zuen bezala, bere inguruko problematika erabiltzen du bere poesietan. Langileriaren problematika, gure burruka ideologikoak, atzo eta gaur hiltzen diren gudarien oroimenez sortzen zaizkion olerkiak... Apalategi-ren liburua irakurtzean ezinbestean etorri zait Aresti gogora. Eta momentuko problematika kantatzeak bere arriskuak baditu, denen gustora ezin egin daitekeelako, Apalategik aurrera egin du eta gai horik erabiltzera ausartu da.

MITXINO KATUA POZOIEZ HILA

Xabier Gereño, egile-editore. 126 orrialde

Prezioa: 150 pezeta.

Nobela poliziakoa. Gertaeren eszenarioa Ipar Euskal Herria da eta espionaia sare bi aurrez aurre burrukatzen dira. Jurgi Kapitaina, bere bezero hilaren arazoa argitzeko, espioi sare batetan sartu beharrean aurkitzen da. Euskara funtzional bat erabiltzen da, irakurlego zabal bati begira, tiradaren kopuruak, 4.200 ale, adierazten duenez.

ZUMALAKARREGI

Xabier Gereño, editore-egile, 126 orrialde.

Prezioa: 150 pezeta.

Lehen biografia euskaraz Zumalakarregi tratatzen. Hainbat irudiz hornitua. Euskal Historian garrantzi handiko epea izan zen Lehen Gerra Karlistak betetzen duena, hor hasi bait ziren gaur hain bortizki bizi ditugun problemak. Zumalakarregi, genio militar bezala, inolako konplexurik gabe Napoleonekin konpara dezakegu. Harrigarriak dira hain medio gutxirekin eta hain epe laburrean nolako garaitiak lortu zituen ikustea. Zumalakarregik derrotatu zituen Espainiako generalik hoberenak, azken hauk armada askoz handiagoak eta hobe harmatuak erabiliz. Bala batek hain gazterik hilgo izan ez balu, gaur Euskal Herria libre litzateke.

HAIZEAZ BESTALDETIK

Txillardegi

228 orrialde

Zer da liburu hau, nobela bat? Puntu hau eztabaidagarria litzateke. Eta nobela izatekotan, formaren aldetik, "Elsa Scheelen"ekin konparatuz, alde handia dago. Adibidez, ez dago pertsonaiarik. Baina beharrezkoak al dira pertsonaiak nobela batetan? Ba dirudi Txillardegi bide berriak urratzen ari dela, eta liburuaren Hitzaurrea egin duen Azurmendik ere horrela aitortzen du, "konbentzio hori ere kendu egin da, pertsonaiarena" aitortzen duenean. Liburu honetan, ideiak dira protagonistak. Eta Azurmendik jarraitzen du: "Gizona —ulertu uste izan dugu maiz Txillardegi irakurtzerakoan— ez da ezer, kosmoaren aurrean bakarrik dago, hutsik dago, ez du izenik" Horrela al da? Ba dago hor gogoetak egiteko gaia eta eztabaidatzeko aukera.

JAKIN 10. alea

(1979 apirila/ekaina)

Beti bezala, oinarrizko lan batzu dakarzkigu, eta azkenean ohizko sailak. Aurreko aleari jarraikiz, Ipar Euskal Herria aztertzen jarraitzen du, mugaz bestaldeko luma ezagunenen eskutik. Jarraian, Joxe Azurmendik "Orain eta Hemen" sailean berri komentatu batzu eskaintzen dizkigu. Joseba Intxaustik "Linguistika eta Herrigintza Katalunian", Manolo Pagolak "Puebla 79", eta Rikardo Arregi-ren omenez hainbat idazlek haren oroimena gogora ekartzen digute.

Xabier Gereño


Euskal Herria

Iberduero eta energia nuklearraren kontra... Desobedientzia zibila aurrera

Guti hilabete batzu baizik ez dela, hainbatek pentsatu zuen Lemoizeko zentrala, eta besteen kontrako mobilizazioen sasoia pasaturik zela eta gehiago ez genuela iritsiko aurrekoen maila. Argi dago hau ez zaigula modu horretan jazo. Baina Euskal Herriko zentral nuklearren kontrako mogimendua, bigarren fase batetara ailegatu dela esan beharra dago.

Nekez azal daiteke, herri baten gogoa, kasu honetan baino ozenkiago. Lemoizekoaren kontra egin diren manifestazio itzalek, ez dira orain arte nahikoa izan zentral horren obrak geldiarazteko. E.K.N.-aren erreferendum bat planteiatzeko projektua, ezlegala den entrepresa pribatu baten obren aurrean, Pilatosena egitea baizik ez da izan, eta ondotxo dakigu kirol horretarako zelako abilak diren.

Pasatu da beraz, gure Iberduerorekiko ezadostasuna agertzeko sasoia, hori eginda dago, orain garaia dugu entrepresa horren kontra jokatzeko ekintza konkretuen bidez.

Desobedientzia zibila

Burruka antinuklearren puntan beti ibili zaizkigun komiteek eta "Euskal Kostalde ez nuklearraren aldeko komisioa"k eta Hauzakide Elkarteetakoen artean ari dira kanpaina berri eta erabakior hau antolatzen. Hasiera Ekainaren 4ean izango du, eta amaiera, Lemoizeko zentrala eta antzekorik egiteko projektu guztiak atzera bota daitezenean.

"Desobedientzia zibil"ezko kanpaina hauk ez dira berriak burruka antinuklearretan. USAn eta Alemanian, esate baterako, nahikotan izan dira. Alemanian holako bat eratu zen; asuntua, elektrizitatearen fakturetatik zentral nuklearren eraikuntzarako partea ez pagatzean zetzan. Kanpaina ondo irten zen, eta bortxatu egin zuen horrela gobernu alemana, problema nuklearren berplanteiatzera.

Euskal Herrian eroan nahi den honetarako, iniziatiba asko eta desberdinak azal daitezke. Bilboko portuko langileek halako bat erakutsi zuten, Iberduero-ren errefreratzailea deskargatzera ukatu zirenean. Udalek ere egin dezakete horrenbesterik Iberdueroren materialak udaleremuetan zehar pasatzeko baimenik ez emanez.

Baina komite antinuklearrek eta beste antolatzaileek ekintza batzu pentsatu dituzte jadanik, Iberduerori argi erreziburik ez pagatzeko, baina argirik gabe gelditu barik etxean.

Hasteko zera egin behar da kanpainan parte hartzeko, eta espero dezagun partaide piloa izango dela. 1. Iberdueroren errezibuak helbidegabetu zeure bankuan, horrela ez dituzte fakturak bankutik kobratuko. Denbora berean, beste gutun bat egin behar diozu Iberduero maittiari, bere errezibuak Bankuz gehiago pagatuko ez dituzula adierazteko.

Besterik egingo ez bagenu, bankuan ez ordaintzeko abisua eman eta guk etxetik ere egin ez, Iberduero-k noski, argia kenduko liguke berehalaxe. Baina hementxe dago koxka, honetarako trukua ere pentsaturik baitago.

Iberdueroren elektrizitatea erabiltzen dutenek, ekintza juridiko administratiboa eroango dute. Horretarako errekurtsu bat eginen diote Industria eta Energiarako Ministeritzari Iberdueroren tarifengatik protestatuz, Ministeritza horrek ezartzen baititu neurri horik. Protesta honen arrazoia zera da, tarifa horietan sartzen diren kontzeptuen artean, zentral nuklearren eraikuntzarakoa ere sartzen dena. Estatua, zentra hauen segurantzia garantizatzen dena izanik, protestatu egiten da, Iberduero ez baititu horretarako legeak bete Lemoizen kasuan Ministeritza horri errekurtsua egiten entregatzen zaion memento beretik, ez dago Iberduero-ren erreziburik pagatzeko obligaziorik, eta entrepresa horrek ez dezake, legez, errekurtsuaz erabaki arte, argirik ken.

Paper guztiak eginik izango ditugu, antolatzaileek aterako baitituzte behar den bestean.

Asuntuak itxura eskasa dauka Iberduerokoentzat, eta ba dakigu dagoeneko hasiak direla jendea kontratatzen errezibuak etxerik etxe kobratzen ibiltzeko.

Begira ditzagun posibilitateen arteko batzu. Iberduero argia mozten hastea erreziburik pagatzen ez dutenei, errekurtsuaren erabakitzerarte itxaron gabe. Kasu honetan, Iberduero legearen kontra jarriko litzateke eta, orduan, problemak gogorragoak omen lituzke, prozedura penalak altxatuko litzaizkioke eta.

Beste bat, Iberduero sei hilabete posible horik itxarotea, eta errekurtsuaren erabakitzea bere aldekoa izatea. Orduan,

ba da oraindik goragoko beste instantzia batzutara jotzeko ahalbiderik. Baina, Iberduero, pagatzen ez dutenei argia kentzen hasiko litzaieke. Komite antinuklearrek dei bat egin liezaiokete jendeari, argirik ez pagatzeko, hori barik geratu arren. Honelako pauso bat emateak, gogorra litzateke eta Iberduero egoera zail batetan jarriko lukeela pentsa liteke. Argi dago kanpaina hori arrakastaz ateratzeko, errekurtsuak altxatuko dituztenak milaka lagun izan behar direla.

Kanpainan zehar laguntza teknikoa eskaintzeko, antinuklearrek prest dituzte abokatuen ekipo batzu euskal hiriburuetan.

Areitio jaunak, Iberdueroko buru nagusia berau, oraindik asko ez dela Lemoizeko zentrala ez zela geratuko esan zigun; "Euskadik behar baitu" zen bere argudio nagusia. Bestalde, eta burrukaren aurreko aldetik, eskubik Lemoiz geldituko genuela esaten zigun. Bera seguru zegoela. "Apezak, azken hitza bere" dioen errefrau bat dago. Honetan, azken hitza geure eskutan daukagula uste dugula da, geure aldetik esan dezakegun gauza bakarra.

J. LL.

***

Hasiera odoltsua eman diote desobedientzia zibilezko kanpainari betikoek. Gladys-en bizitzea, Viet-Nam-eko gerlako foto ezagun batean legez, akabatu egin dute, garondoan tiro bat sarturik.

Hau jazo zen egun berean, gauaz, Espainol irrati Nazionalak Iraneko exekutaketa basatietaz mintzatu zen kexati. Gero, "muere una joven en una manifestación antinuclear en Tudela" esan zuten. Bekokia ez da? Zorionez, poliziaren bertsio ofizialek galdua dute sinesgarritasun osoa gure Herrian aspaldidanik.

Martin-ek irabaziriko fama gainditzeko hain gauza agertzen zaigun Ibañez Freire-k, duela gutti, bere politikaren puntu nagusi bat Euskal Herrian, FOP-en irudi publikoa aldatzea izango zela esan zuen. Eta ondo hasi dira hori lortzeko. Agian, hurrengoan hiltzaileak marroiz jantzirik joanen dira.

Istripu bat izan dela ere esan du ministroak, baina istripuak eta erroreak behin eta berriro errepikatzen direnean Iruña-ko San Ferminetan, Arrasaten, Tuteran,... ezin sinets aurretiaz erabakiriko probokazioa ez denik.

Iberduerok ez du bakarrik erreadioaktibitatez hiltzen. Ez da hau izan entrepresa horrek sorturiko lehen hilketa. Areitio-ren kontzientzia trankil dagoke.

Ez zaitugu ahantziko Gladys,ez, ez dugu barkatuko. Ongi dakigu, honelako berba politek ez dutela ezertarako balio, ez zaituztela bizitzera itzuliko. Baina, bizitzeko herri berde eta sano bat nahi dugunok ez zaitugu gogotik apartatuko, Lemoiz eta zentral nuklearrak oro gelditu arte, Bardeetatik amerikanoen bonben zaratak desagertarazi arte, hil zaituztenok gure artetik ezabatu arte.


Euskal Herria

"Abertzale" batzuen Euskal Herria

Oraindik ere nago harrituta "abertzale" bati entzundakoagatik: "Industria sozializatzen bada, euskaldunok baserrian geratu beharko dugu; egindako lanak ez du ezertarako zerbitzen eta..." (hauxe dugu itzulpena, berak erdaraz esan zuen eta...).

Nahiz eta berton erantzun, hona ekarri nahi nuke nire kasua, hemendik aurrera denok jakin dezagun zeintzuk diren ardi-larruz jantziriko otsoak...

Entzun ezazu "abertzale" jauna: zer da zuentzat, euskal kapitalistentzat, aberria? Ba dakit, bai... "munduko onena den lur berdetsu hau"... Baleee... Niri ere paisaia gustatuko litzaidake Ezker Aldean jarri duzuen Kutsadura madarikatu honekin Ikustea posible izango balitz, baina tira... gaurkoan ez dugu osasuna eta kutsaduraren kontrako sistemen prezioetaz eztabaidatuko.

Euskal Herria euskaldunok osatzen dugu eta ez geographi izenek. Benetako euskaldun bat dagoen lekuan, hortxe dago Euskal Herri zati bat (Zoritxarrez, gure historia hurbilean frogatu da nik esaten dudana... Les Beaumettes presondegian, esaterako, ez ote dago gure Herriaren zati oso maitagarri bat?). Eta oraindik gehiago, Donostian edo Bilbao, bai eta Hazparnen edo Zangotzan, benetako euskaldunik ez balego, hori ez litzateke Euskal Herria.

Herriaren alde egiteko prest bagaude, gure haurrideen alde egiteko prest egon behar ere, eta, hau egiteko, bakoitzak duen guztia, besteen zerbitzutan jarri beharko du. Ez da gehiegi, ez eta berriz horrenbeste hertzaleek bere bizia ere eman dute eta...

Benetako anaia batek ez luke edozein gauza egingo bere anaiari laguntza emateko?

Elkarrizketan beste perla batzu ere bota dituzu: "E.T.A.koek Euskal Herriaren kontra egiten dute. Berdin zaie Euskal Herria pikutara joatea..." (nik zer nahi duzun ondo ulertzen dut, zuretzat Euskal Herria zure maitea da...).

Ondo nabaritzen zaizu hertzale sozialisten kontrakoa zarela eta ez dut dialektikaren bidez zure okerra frogatuko. Ez du merezi. Gauza bakarra esango dizut: Herria maite ez duen batek bere bizia emango luke Herriarentzat?

EKATXA


Euskal Herria

Freirek arrazoi zuen

Ikusi genuen ala ez? Bai, ikusi dugu. Jon Castañares ikusi, irmo, tente, haizeari eta ezer ezeari begira, oso serio, besteekin batera, betikoak, badakizue.

Baina betikoak ikusteak ez gaitu ezertan kezkatzen. Ohitura ba daukagu; militarrak eta antzekoak, polizia, gafa belztunak. Baina gaur Jon ikusi dugu, edozertarako balio duen Jon, denetariko kapaz den Jon, gure bihotzeko eta PNV-ko den Jon famatua ikusi dugu. Bertan zegoen, agur edo zerbait egiten, banderaren ondoan, barne ministrariaren bisitaz zai Sondikako aireportuan.

Aipatutako Freire ministro horrek bereak eta ederrak egin ditu. Etorri baino lehen, egun pare bat lehenago, ikastolei buruz mintzatzea burutzen zaio. Kasualitate hutsa noski! Eta ez al zaio burutzen Espainiarekiko maitasunik irakasten ez zenik? Eta bandera, eta Espainiako batasuna eta gaineko guzti hori!... Ikastolek ez dutela irakatsi!

Zirt eta zart. Alkondara guztiak kanpora. Prakak eta pantaloiak aireatzen dira. Euskal Herrian urratu egiten dira jantzi guztiak.

Birau eta blasfemia. Hipokresia eta malaletxia. 'Patriotero' guztiak, azulak, betidaniko azulak izan diren 'espainol' furfuriatsu horiek erre dira. Nortzu ote? Militarrak, Martin Villa?, Blas Piñar? Ez jaunok! Euskal kontseilu nagusia eta Ikastolen federakuntza!!

Efektibitate politikoaren izenean euskal abertzale diren horiek kalumniaren hitza aldarrikatzen dute haizetara, komunikabideetara, irrati-telebista, egunkarietara.

Ororen aurretik unibertsalismoa da ikastolek irakatsi dutena. Haurra inguratzen duen errealitatetik bideraturik beste eta gaineko nazionalitate eta beraien kulturak aztertzen dira. Prozedura horren ondoriotzat kontzeptu unibertsalaren adierazpena agertzen zaigu haurraren adimena argituz. Ikastolen (Batzuren, noski) pedagogia, esperientziaz oinarritzen da eta delako hastapena, zientzia guztiei dagokie. Benetan, ona da, aurrez pentsaturik dago ikastola batzuren pedagogia. Kanpotar asko miresten da hortaz. Katalanak, galesak, frantsesak ugari datozkigu zerbait bila. Hemen egiten dena beraiek ere beren herrietan ikas eta atontzeko. EGIA BIRIBILA DA.

Guztion elkar lanarengatik Euskal Herriak marabila sortu du. Textu liburu marabilosoak ere egin ditu. Dinamika euskaldun eta progresista sorteratzea ahal izan du. Inor dudatan al dago?

Baina ni ez noa horraxe. Zerbait esatearren, lekutara noa.

Esaiguzue,... ikastolako zuzen horiek: Egite unibertsalera heltzeko, Espainiatik, bere historiatik, bere hizkuntzatik partitu behar dela irakatsi al dute? Ez al dute akaso irakatsi, dagoen egoera badago, Espainiako Estaturengatik dela eta ez besterengatik? Ez al diete Euskal Herriko haurrei zera irakatsi: Ez dugula Estaturik, bi zatitan sakabanaturik gaudela. Zein herrik ez du bere historiarik irakasten?

Hau guztiori eta ez besterik zen Freire-ren beldurra. Horri eta bakarrik horri lotu zitzaion Freire Jauna.

Geuk Espainiari buruz dauzkagun ideiak Freire eta bera bezalako beste asko gurekin ados egongo balira, orduan hasiko ginateke behar ez dugun arropa kentzen, ez bitartean. Zer nahi da hemen bertan? Gobernua engainatu? Nazistak asetu, militarrak poztu? ala Espainiako herriak mongolitotzat kontsideraturik egon behar dira eta gure kolaborazio ofizialarekin gainera? Hala norbait engainatu behar al da subentzioak eskura ditzagun?

Ministroa oso pozik joan da Madrilera hemen entzun zuenarekin. Ez zuela arrazoirik esan zuen. "Me alegro de la españolidad de las ikastolas".

Ikusten? Hemen zerbait ez doa ongi, zeren eta konponketa merke guztiak luzaroan, oso, baina oso garestiak bilakatzen zaizkigu.

T. Trifol


Euskal Herria

Komeni zen mementu berean ultraeskuindarrak eta parapolizialak kalean

Berton ikus ditzakezuen fotook, bere burua arriskatatuz lortu zituen argazkilariak, maiatzaren 24an "Fuerza Nueva"koek antolaturiko manifestazioan. "Periodistas asesinos"ka hasi zitzaizkien. Bertatik sanorik eta ezer utzi barik irteteko, zorionean ibili zirela esan behar. Ez, ez dituzte faxistok prentsakoak maite. Gero, EGIN-ekoei bonba jarri. Ez dakit zein "Batallón vasco español" batek erreibindikatu zuen leherketa. Hurrengoan ez dutela abisurik emango, hiltzera joanen direla. Ez da txantxetan hartzekoa. "El Papus"ekoaz, "Punto y Hora"koaz gomutatzen naiz. Gainera, ba dakizue, polizia errudunak harrapatzen benetan saiatu arren, zein guttitan lortzen duen hori. Eta harrapatuz gero, ihes egitea ere jazo daiteke.

Bostehun bat lagun besterik ez ei zen izan, manifestazioa zilegitua izateko oso gutti. Gehiago zirenak, poliziak ziren, manifestaziokoak ondo zaintzeko, jakina. Azkenean egurra ere egon zen, baina poliziaren kolpe eta pilotak parte zaharrean baturiko "gorri"entzat izan zen. Harrigarria ez da?

Eskuak gora (gaurko hainbat ministrari jaun jarrera berean ikusiak ditugu duela urte batzutako erretratuetan), betaurreko beltzak, militar itxuradun uniformeak, kateak,... beldurtu egiten dute.

Madrilen bezala, Bilbon ere ba omen dute beren "zona nazional"a. Horrela esaten baitiote "Buenos Aires" kaleari. Bertan dago "Fuerza Nueva"ren egoitza. Kalea espainol banderez eta faxistakerien pintaketaz beterik utzi dute.

Bateratsu, norbaitek jaurtikiriko kontsigna bati erantzunez antza, uhin bat legez kaleratu zaizkigu ultraeskuindarren manifestazioak eta horien lagunen bonbak eta atentatuak. Andoaingo asesinaketak, Iruiñako larru-deseinugileak, etab.

Madrileko "California" kafetegiko bonba estrainioaz probetxatu dira, beraienak eta Kristorenak egiteko. "Ejército al poder", "Alzamiento Nazional"a eskatzen zuten. Eta izan ere, "Estatu kolpearen" mamuaz beldurtarazi nahi gaituztenetan, kalera irteten zaizkigu burjeseriaren lagun horik. Ez dira oligarkia eta indar harmatuen ordezkari ofizialak. Baina bai ondo etortzen zaizkien lagunak, azken batean mesedegarri gertatzen zaizkie eta. Hain argi eta garbi diktadurak ez diren estatu askotan, talde parapolizialei eginkizun bat eman ohi die burjesiak, hau da, diktaduretan poliziak, militarrek oposiziokoen artean egin ohi dituzten purgak egitea. Hemen ere, antzekoa gerta daitekeela pentsatzea, ez da agian inuzentekeria izango.

J. LL.


Euskal Herria

Aix-en-Provence-ko extradizio prozesua

Kolpeak hartzeko beti batzu izatea ez da ona, eta noizik behinka, gauzok ez zaizkigu hain txarto irteten, eta burruka batean edo bestean garaile ateratzen gara. Berria ez bada ere, notizia, Euskal Herritik zortzirehun kilometrotara edo dagoen frantses hiri batean jazo da, Aix-en-Provence-n halegia.

Marseilletik ordu erdi batera edo dago Aix, lehorrean sartuago. Ederra da hiria, giro burjes eta unibertsitaria nabari zaio. Eskuindarragorik ez omen dago eskualde haietan. Ez da euskal errefuxiatu bati Aixen egiten zaion lehen judizioa. 77.eko Abuztuan Apalarena ere bertan egin zuten.

Extradizioen kontrako komiteak Aix eta Marseille-n

Gobernu frantsesak extradizio kausa hauk Marseillera eroateko izan dituen arrazoien artean, hiriaren eskuindartasun hori aipatu behar da. Bestalde, gure herritik biziki urrun egiten da, eta horrela istilu posibleak guttiagotzea lortzen dute. Bistakoa da Iparraldean bertan egiteak arrisku gogorrak dituela haientzat. Paris ere ez litzaieke komeni izango, hiriburu horrek oihartzun internazionala emanen bailioke arazoari.

Halabaina, eta frantses agintarien gogoaren kontra noski, Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolazak izan dute laguntzarik, Aix eta Marseillen sorturiko komiteen bidez.

Extradizioen kontrako komite horietan dinamizatzen aritu izan den batekin berba egiteko abagadunerik izan genuen. Mexikanoa bera, euskaldun batekin ezkondua. Valensolen zirenetik ba zituzten errefuxiatuen arazoarekiko kontaktuak. Gero, abokatuak ezagutu eta komite hauk sortzen hasi ziren.

Komite biotatik inportanteena Aix-ekoa izan dela. Jende desberdina ibili omen da komiteetan, ideologi desberdinak. Frantziako alderdi sozialista eta komunistakoak, hauei loturiko sindikatuetakoak, LCR eta OIT-ko troskistak, OCT, PCmlFkoak, anarkistak, maoistak, eta beste batzu.

Preso korsikar txilenoen eta errefuxiatu txileon alde ihardundako batzu ere ibili dira lanean komiteetan. Okzitaniako mugimendu nazionalistak ere han izan dira.

Ezin esan frantses prentsa handia extradizioen arazoaz gehiegi axolatu denik, judizioaren egun berean, "Le Monde"k eta Marseille alde hartan gehien zabaltzen den egunkariak, "Le Provençal"ek, ez zuten tutik ere esan asuntuaz.

Beste modu batean portatu dena, nazionalista okzitanoen "SUD" aldizkaria izan da, informazioa eman eta errefuxiatuen alde azaldu dena.

Aix-eko teatro taldekoen laguntza ere izan dute beren ekintzetan. Aix-en eraturiko mitin batean, 250 lagun bertaratu zen, abokatu eta senideak entzuteko. "Montjoia" musika talde okzitanoaren laguntzaz ospaturiko "Soirée de Soutien" batean berrehun bat lagun izan zen.

Marseillen nazio askapen mugimendu desberdinak senti daitezke. Zuzenki Okzitaniarra, bertakoa baita hiria. Bestalde, Marseilleko gartzelak ba du euskaldunen berri. Bere portua Frantziatik Korsikara joan etortzeko komunikabide inportanteena omen da. Laster egiteko da hogeitabost korsikar nazionalistari judizio bat.

Espainol gobernuak Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolazaren kontra eginiko bigarren extradizio eskabidea izan dugu berau. Aurrekoan beren xederik erdietsi ez zutenez, bigarren entseiu honetarako, handitu egin dizkiote presioak ez ziren makalagoak.

Batetik, Lemoizeko zentralaren erreaktoreari ETAk jarririko lehergailuaren asuntuaz akusatzean, energia nuklearraren multinazionalen eragina batzen zitzaion espainol gobernuarenari. Honek, "Mirage" abioi batzuren erosketarako baldintzatzat jarria bide zion frantsesari, Goikoetxea eta Apaolazaren entregatzea.

Giscard-ek hortik presio franko bazuen, Euskal Herrian, Hegoan zein Iparrean eramaniko burruka ekintza desberdinek guttiagorik ez zuten pisatzen. Egindako manifestazio eta grebek, frantses kamioi batzuri gertaturikoa, kontsulatuarena eta abarrek ez zuten politto pintatzen extradizioa ematea. Hegoaldeko hainbat udaletxe (Bilbokoa tartean) extradizioen kontra azaldu zen, Aixeko tribunalaren aurrean. Bestalde, frantses gobernuak extradizioak emanez gero, argiegi geratuko litzaioke espainolarekiko lotura errepresiboa. Ez ahantz Iparraldean abertzaletasuna pizten dela gero eta gehiago, eta, Giscard-i ez litzaioke bat ere ondo etorriko bertako jarrera politikoen erradikalizatzerik.

Baina espekulaketa guztiok alde batera utzirik, inork ez zekien zer gertatu behar zen. Judizio hartatik aterako zena izugarrizko garrantzia zeukan, ez Martin eta Mikelentzat, baizik eta Iparraldean diren eta izanen diren errefuxiatu guztientzat.

Herriaren portaerak izan ohi du honelakoetan eta honetan ere eraginik gogorrena. Horrela izan zen Burgosekoan eta, duela urte guttiago. Apalarenean. Baina burruka eta guzti, ezin ahantz epaiak ez direla beti ondo gertatu, gogora Txiki eta Otaegirenaz.

Judizioa

Judizioa hamar t'erdietan hasteko zen, hilaren 16an. 14eko gauetik frantses poliziak "operación filtro" jadanik famatua bihurtu dena, jarri zuen. Eta horregatik hainbat lagun mugatik ezin pasaturik geratu bazen ere, haraino iristen lortu zutenak, berrehun bat lagun. ba ziratekeen.

Zortzietatik edo, hasi zen jende euskalduna "Palais de Justice"ren aurrean batzen. Gerotxoago jendarmeak ugaltzen hasi ziren eta hesi batzu jarri zituzten judiziorako joanikoen sarrera galarazteko.

Jendearen etortzeaz beroagotzen ari zen giroa. Hegoaldeko udaletxeetik etorririko alkate, kontzejal eta bestelako ordezkariak ziren gehienak. Han ziren ere diputatuak, ahaideak, amnistia batzordeen ordezkariak, bai eta Aix eta Marseilleko komiteen deiari erantzunez joanak. Udaletxeen ordezkariak 35 ba ziren, giputzak gehienak eta Bizkaitik ere asko.

"Palais de Justice" eskilaretan Apaolaza eta Goikoetxearen libratzea eskatzen zuen ikurrina bat jarri zuten. Jendarmeek kentzeko. Ezetz. Eztabaida baten ondoren jendarmeek nahiago izan zuten bere hartan uztea.

Hamar t'erdiak orduko abokatuak iristen dira. Ez jende askorik barrura sartuko. Ahaideak, abokatuak, testigantza ematera joan diren udal gizon eta parlamentariak, eta banaka batzu gehiago, ahal izan zuten moduan, jakina.

Barnean, Apaolaza eta Goikoetxea, ondoan lau polizia zaintzeko, alboetan eta kanpoan gehiago, noski. Aurpegi eta denetan, hilaren hasieratik eroan duten gose grebaren ondorioak nabari zaizkie.

Fiskala hasten da lehenengo. Betikoa. Errefuxiatu biei egozten zaiena ez direla akusazio politikoak, krimenak baizik, terrorismo hutsa. Espainian jadanik demokrazia dela, Konstituzio eta guzti, gainera. Eta Espainol tribunalek justizia ongi egiteko garantiak eskaintzen dituztela eta beraz, preso biak espainol gobernuari entregatzea eskatzen duela.

Kalean gelditu behar izan dutenen kontsigna eta kantuak entzuten dira barnean ondo. Defentsa luzeago mintzo da. Lau legegizon eginkizun horretarako; Koko Abeberri, Castells, Letamendia, Saint-Esteben, eta Sebag. Hainbat argudio entzun genuen hauengandik Espainol gobernuaren akusazioak deuseztatzeko, salapenon izaera politikoa frogatzeko. Euskal Herriak bere historian zehar daroan burrukaren azalpena, Konstituzioaren gaitzespena, indar errepresiboen izaera "demokratikoa", Iruiñea, Errenteria, Donostia eta abarretan gertatuak. Lemoizeko zentralaren inposaketan, populuak makina bat aldiz erakutsiriko ezadostasunaren aurrean.

Halako batean, kaletik zetorren txalaparta handiago egin zen. Eta judizioa egiten ari zen gelaren lehio batean, tribunalaren ondoan. Manifestatzaile bat agertu zen ikurrina eta guzti, errefuxiatuen askatzea eskatuz. Juezari ez bide zitzaion asko gustatu, eta judizioa moztu zuen giroa lasaitu arte: "Agian, normala dateke Euskal Herrian justizia honela egitea, baina Frantzian gaude eta hemen baketan egin ohi dugu".

Ordu laurden beranduago hasi zen berriz judizioa. Abokatuek gauzok ondo zihoazela sumatzen zuten. Epaia erabakitzeko erretiratzen zirela esan zuen tribunal buruak.

"Librerik"

 "Leurs motif et leurs mobiles sont politiques dans le cadre de la lutte d'une partie du Peuple Basque pour son autonomie, étant donnés les faits, les crimes et les délits, tous sont politiques et la mise en liberté prononcée sur le champ". Libre izango ziren. Giroan berehalaxe sortu zen poza izugarria izan zen, eta patipat preso biengan eta beren ahaideengan. Albistea kanpoan gelditu zirenei eroan zietenean giro euforiko bera sortu zen han ere. Ez zen guttiagorako.

Guk ez genuen ikusi Oreja eta Freirek, epaia ezagututa gero, ipini zituzten aurpegikerak, baina ba dira, harri bana harturik beren haginak gupidagabeki kolpatzen aritu zirela esan digutenak.

Palais-etik atera eta "Les Beaumettes", Marseilleko presondegira eroan zituzten Mikel eta Martin. Gehienok ere harantz egin genuen. Abokatuak gartzelara sartu ziren, zer ordutan libratu behar zituzten jakiteko. Parisetik neurri administratibo berririk ez baletor, seietan askatuko zituztela. Seiak jo, zazpirak etorri eta bertan oraindik zain. Inor ez zuten gartzelarik libratzen. Zerbait egitea erabaki zen adar jotze haren aurrean, han zirenak gartzelako ate nagusiaren aurrean para, eta inor ez zela handik mugituko libratu arte. Handik guttira, zortzietarako ez zen asko falta izango, ikusi genituen azkenean biak irteten.

Epaia garaipen bat izan da. Frantses justizia euskal errefuxiatuen izaera politikoa onartu beharrean topatu da, Goikoetxea eta Apaolazari akusaturiko ekintzen politikotasuna ezagutzean. Baina ez gaitezen engania, errefuxiatu guztiei beren kartak erretiratu dizkie frantses gobernuak, eta horrela egonik, edozein mementutan jar ditzakete espainol mugan. Judizio gehiagorik ez du behar izango.

J. Llerandi


Euskal Herria

Sarako sozialista frantsesak abertzale sozialistekin auzian

Sarako herria euskaldunok ongi ezagutzen dugu. Herri horretan izan ez denak, omenez edo entzunez bederen ezagutzen duke. Hain zuzen herri horretako apeza izan zen gure literaturak goraipatzen digun Axular famatua. Baina gaurkoan arazoa ez da literaturari dagokiona, turismoari eta politikari baizik. Apirilaren 20an Sarako plazan bildu zaizkigu Ezker Abertzale zenbait, MIACAko turismatzaile ofizialak eta frantses sozialistak A. Labarre bere nagusiaren inguruan. Ofizialtasun hauk oro elkartuak zaizkigun Sarako OMORDIA izeneko turistetxearen inauguratzeko edo bataiatzeko.

Zergatik frantses sozialistak bataio horretan? Benetako arrazoiak ez dira falta. Lehenik, OMORDIA turistetxeak bere zuzendari sozialista bat du, Da-Rocha Christian. Baina, pertsona hau, hango langileek esan digutenez, ez zaio sozialismoari atxikitu hitzez baizik. Obrak haatik bestelakoak dauzka, nagusi guzienak: gaztigua eta langileen kanporatzea. Beronek dio "sozialismoa eta lana bi gauza ezberdin direla, nahasi behar ez direnak". Bigarren arrazoia, sozialistak hor topatzeko, izan daiteke frantses sozialistak ez direla turismoaren kontrakoak. Berauek dakite nola dabiltzan Iparralde honetan. Dena dela, bataiatze hauetarik kanpo hor zebiltzan ere hogei bat abertzale ezkertiar. Abertzale hauek etorriak ziren turisteetxetik kanporatua izan den langile baten alde eta aberatsen turismoaren kontra agertzeko. Hor zeuden batik bat JAZARekoak, MATekoak, IZANeko eta EHASeko zenbait. Jendarmak ere hor zebiltzan, ez eskuindar ofizialen zaintzeko baina frantses ezker sozialisten alde jartzeko. Halabaina, euskal abertzaleok jende arriskugarriak gara, extremistak eta terroristak omen. Jendarmak sozialisten alde, errepresioa sozialisten esku. Jarrera honetatik ikus dezakegu nolakoa izanen den frantses sozialiston ibilera euskaldunei buruz. Bistan dena, boterea beren eskutan ukanen dutelarik gaur egun Laberre, Pabeko alkate jaun deputatuak bezala. Hots, egun loriosak dauzkagu oraino gure atzean. Hori daiteke internazionalismo famatu hura.

Zer zioten

Emile Biasini, MIACAko zuzendariak zioen: "MIACA erakundea saiatzen da, balore tradizionalen kontra ez aritzea (...). Turismoa soluzio faltsu bat da baina (lanbide) hori ez daukatenak negarrez eta pleinuka dabiltza (...) Turismoak ez ditu oro hautsi behar Herri batean (...) MIACAri esker Akitania salbatua da (euskaldunok akitanoak omen gara)?)

Labarrere jaun alkateak, jaun deputatuak, Akitaniako elkartearen jaun zuzendari nagusiak aldiz hauxe zioen: "Gaur arte Jakobinismoa indartsuegi izan baldin bada, oraingoan etniek elkartu behar dute (edo etnietako pertsonak elkartu? Frantses sozialistei populu hitza ez zaie gustatzen) baina batasunean eta gure zibilizazioaren oinarrietatik.

Hots, dakuskegun frantses nazioak, zibilizazioak baldintzatzen eta baldintzatuko dituela "etnien" nazioa baita gure zibilizazioa. Bistan da, sozialismoaren izenean.

Omordiako afera

Afer hori hemen azaltzeko luzeegi litzateke (ikus "Euskaldunak" martxokoa) baina nabari da arazoa bere mami mamian nagusi langileen artekoa eta azken funtsean euskal problemari dagokiona dela. Hain zuzen, kanporatua eta mehatxatuak izan diren langileak euskaldunak dira, abertzaleak gainera.

Logika guzien araberan pentsa genezake turistetxe horren animazioa Euskadiri buruzkoa behar dela, Horri lotu zitzaion kanporatu langilea. Baina Da-Rocharen eritziz gehiegi hitzegiten omen zuen euskal kulturaz, Euskal Herriaz eta ez aski Pariseko "Leo Lagrange" erakundeaz.

Gainera, langile honek berak esan digunez, turistetxe hau egiazko autonomiarik gabekoa da, denak Parisetik manatuak zaizkio. Hots, betiko inperialisten nagusitasunaren arazoan gabiltza. Nork erabaki behar du turismoa Euskadirako? Eta nolako turismoa? Hau izan da abertzaleen galde benetakoa. Lan baldintzak, lan egunak, orduak, pausak, langileen mobilitatea (OMORDIAko euskal langileek Frantzian zehar ibili behar dute federazioaren etxe batetik bestera) horiek ere ziren arazoaren egiazko arrazoiak.

Azken egun hauetan jakin dugu ere, OMORDIAko Da-Rocha nagusiak "Euskaldunak" EHASen hilabetekaria justiziara deitzen duela agertu duen artikuluagatik. Hilabetekariak dakarren azalketa OMORDIAko arazoari doakio. Da-Rochak dionez, darabilen guzia difamazioa eta laidoa baizik ez da.

Hots, frantses sozialisten eta euskal abertzale ezkertiarren arteko lehen auzi ofiziala.

M.L. Uhaitze


Euskal Herria

Euskara irakaskuntzan sartzen hasteko dekretuari buruzko zenbait gogoeta

Espainiako Gobernuak Erret Dekretu bat atera berri du, euskara irakaskuntzaren barnean sartzeko asmoa bideratzeko. Dekretua bera, gauza teknikoa izanik, nahiko hotz gertatzen da gehienetan. Horregatik interesgarri gerta daiteke textuaren irakurketa kritikoa egitea, bertan esaten diren puntuen ondorioak noraino diren garrantzizkoak jakiteko. Eta gainera, guztiz beharrezkoa da kritika hau egitea, Euskal Herriaren etorkizun linguistiko eta kulturalerako eduki dezakeen garrantziagatik.

Hasteko, eta arazoa bere orokortasunean hartuz, diogun ezen Dekretua euskal indarren eta mugimendu euskaltzalearen presioak beharturik atera dela, eta hori interesgarri da, euskaldunon aldeko erreibindikazio txikiena lortzeko ere presioa beharrezko dela adierazten baitu.

Hala ere, eta analisi labur honetan ikusiko denez, lorpen eskasak daudela aitortu behar da. Dekretuan erregulatzen dena, irakaskuntzaren arloko parte bat baino ez da —muga askorekin gainera—. Eta irakaskuntza oso garrantzizkoa bada ere, oraingo egoera diglosikoa konponbidean jartzeko, beste arlo batzutan ere aktuatu beharko da, hala nola komunikabideetan (telebista, irratia,...) eta administrazioan. Horregatik ez dugu uste egoki denik, dekretu honi "Elebitasunaren dekretua" edo antzeko izenik ematea, elebitasun-problemaren puntutxo bat baino ez baitu ukitzen, problemaren konponbide orokorra alde batetara utziz.

Gogoeta orokor hauk egin ondoren, has gaitezen, ba, dekretuaren zenbait alde negatibo azpimarratzen. Dekretuaren sarreran, gutxienez puntu hauk ditugu salatzekoak:

a) Espainiako Gobernuaren logikaren arauera, Konstituzioaren barrutian eraiki da. Eta guk ez dugu hori onartu. Bestalde Konstituzioa diglosikoa denik ez dugu dudarik egiten. Salatu beharra dago, halaber, "objeto de especial respeto y protección" delakoa, eta esaldi horretan ageri den paternalismoa. Baitaezpadan, inon ere ez da aipatzen, euskarak bizitzeko duen eskubidea, eta horixe da diglosia gainditzeko lehen pausoa.

b) Dekretua, lehen esan bezala, euskara irakaskuntzan soilik sartzeko pentsatua izan da. Horrela diglosia ofiziala bera ere ez da konpontzen

c) Hizkuntzaren sarrera komunitate autonomoan —"dentro del ámbito territorial del CGV"— finkatzen da eta ez euskararen eremu historikoan.

d) Orain ama-hizkuntzaren arazoa aipatzen da hutshutsean. Euskaldunok Euskal Herriaren berreuskalduntzea eskatzen dugu.

e) CGV delakoa indartu nahi da, euskararen arazoa berorrena soilik bailitzen. Horrela berriro ere Nafarroa baztertu eta bereizi nahi da. Guk, ordea, berriro diogu euskara "linguae navarrorum" dela, eta arazoa Euskal Herri osoarena dela.

Sarreratik artikuluetara pasatuz, aurretik ikusiriko salakuntzez gain, bestelako puntu negatibo batzu ikusten ditugu. Nolabait ordenarekin joateko, agertzen direneko artikulu eta apartaduen zenbakiak jarriko ditugu aurretik.

2.1. Irakaskuntzaren parte bat kontsideratzen da soilik. Besteren artean, Formazio Profesionaleko bigarren etapa, batxillerra (BUP), COU delakoa eta Unibertsitatea alde batetara uzten dira, horietan euskara erabiltzea posible ez balitz bezala edo.

2.3. Ez da Euskaltzaindia aipatzen, hizkuntz arazoan erakunde gorena berau izan arren. Gauza berbera 6. artikuluan.

3.1. Lehenago egin bezala (2.2.) gurasoen desioak aipatzen dira eta ez sekula gazteen eskubideak.

4. Lizentziatuen prestakuntzari buruz ez da mintzatzen. Baina horrela, nola izango da posible Institutuetan euskarazko katedrak ipintzea (2.4.), euskararen eta euskarazko irakaskuntza Unibertsitatean sartzen ez bada?

5. Modu berean ez da konkretatzen euskararen eta euskarazko irakaslegoaren prestakuntza.

Hasieran esan dugun legez, artikuluek oinarri desegokiak dituzte. Komunitate autonomoetan eta ama-hizkuntzan finkatu nahi da euskararen programazioa. Gure ustez abiapuntutzat, komunitate historiko-linguistikoa eta beronen hizkuntza nazionala kontsideratu behar dira. Hortik, ba, hutsuneak.

Bestalde, dekretu honekin Espainiako eskalafoi eta oposizio-sistema ukitu gabe geratzen denez, Madrileko ministerioak eskubidea edo du, irakaslegoa batetatik bestetara mugitzeko, bere nahiaren arauera. Eta hau ere, oinarrizko akatsa da.

Ezer positiborik ba ote du, ba, dekretu horrek? Beharbada, hauxe bide da horren erantzuna. Bere laburtasunean zenbait ate zabaltzeko posibilitatea ematen duela. Egindako kritikak inola ahantzi gabe, orohar, artikulu gehienetan kontzeptu positibo batzu ere agertzen direla esan daiteke, Baina oso labur gelditzen dira eta puntu asko osotzeko daude.

Zer egin dezakegu, beraz, dekretu honen aurrean? Dekretua hor dago eta hori errealitate bat da. Labur esanik, guk geure euskararen aldeko burruka oraindik gehiago indartzeko erabili behar dugu. Hots, eskaintzen dizkigun posibilitatean erabiliz, gogorako eskariak bultzatu, dekretuaren hutsuneak eta hutsegiteak kritikatuz. Horregatik, ikasleek eta gurasoek kontziente izan behar dute, legeak markatzen dituen puntuak exigitu egin behar dituztela:

- Euskarazko ikastaldi serioak ikastetxe guztietan antolatuz.

- Ahal den gehienetan ikastaldiak euskaraz emanez

- Institutuetan euskarazko eta euskararen katedren sortzea eskatuz

- EGBko eskola unibertsitarioetan katedrak jartzea eskatuz

- Eta abar

Baina puntu horietaz gainera, dekretuak berak ematen ez dituen beste pilo bat ere eskatu behar dugu:

- Nafarroa Euskal Herria da

- Unibertsitatean ere euskara behar dugu

- Alfabetatze euskalduntze kanpainak ofizialki eta diru ofizialaz antolatu behar dira euskaldun guztiak alfabetatzeko eta pertsona nagusiak euskalduntzeko

- Komunikabideetan eta administrazioan ere euskara sartu behar dugu

- Euskara da euskaldunon hizkuntza nazionala

- Eta abar

Segur gaude, eman diguten apurra, beste erremediorik ikusi ez dutelako eman digutela. Eskubidez ditugunak eta bizitzeko behar ditugunak ere emateaz beste erremediorik eduki ez dezaten, hemendik aurrera etengabe lan eta burruka egin beharko dugu. Horrela soilik izango da posible, Euskal Herri osoaren berreuskalduntzea.

Herri Batasuna-ko talde batek bidalia


Euskal Herria

Kaka erdarari

KAKA ERDARARI

METODO OSOA

Erdara ahanzteko metodo osoa (Erdaltzaindiaren baimenekin)

*Ez da irakaslerik behar,

*eta kaxeterik ere ez.

I. Argitalpena

"Kaka Erdadari taldeak egina.

Euskara egunero eta denetarako erabili nahi ez duten putakume euskaldun guztiei

Madarikatzen dut abertzale izatearen ezer eza.

Madarikatzen, erdara erabiltzearen kapritxoa.

Erromatarrek zergatik ez ote zuten deuseztu

gure mintzaira barbaro eta inkultoa.

Zergatik ez ote zuen, beranduegi bazatekeen ere,

atomikak akabatu euskaldungoa.

Defuntu usaina du gure errebañoak.

Errespeturik ez du merezi Herria maite duenaren ilusioak.

Itorik bizi baino nahiago nuke putakumeak garbitzea.

Arrazoi minimoetara ez gara inoiz ailegatuko:

oraingoan telebista euskalduna behar dugu.

Baina euskaldun jende abertzaleak,

putakume herri erdaltzalea osotzen duenez,

ezer ere ez zaio aski izango erdara arbuiatzeko.

Eta dena, mundua bere ardatzaren eta eguzkiaren inguruan biraka

mantenarazten duten arrazoi sakrosainduengatik. Amen.

Hori heure amari sartuko diok.

Kaka erdarari, jaun-andreak.

Etxebarriko

1979.eko maiatzean


Hamabost egun hankaz gora

Ibañez Freire basko da

Lau haizeetara bota nahi dut azken berria. Lau haizeetara eta bostgarrenera ere bai: Espainiara.

Azken berria hau da: Ibañez Freire, Barne Arazoetako ministraria basko da. Ibañez Freire gure senide bat da, basko da.

Ikastolei buruz egin zituen deklarazioak gezurtatu zituenean, hori esan zuen: "zenbait ikastolek, Francoren garaian, politika egiten zuten haurrekin eta hori kaltegarri zen 'para nosotros los vascos'".

Benetan meritu handiak ditu jeneral honek basko izateko. Adibidez, Goardia Zibil Gorputzeko. Buru izan zen, eta denok ba dakigu zenbat mesede egin diguten trikornio dutenek.

Baina hala ere, beldur naiz ministrari hau ere ez ote den lasai lasai zahartzarora ailegatuko, zeren hor baititugu oraindik Fraga Iribarne eta Martin Villa, etabar.

Kristorenak egin Euskal Herriaren kontra, eta gero erretiro ederra kobratuz bizi.

Nik beste erretiro klase bat emango nieke hauei.

Felipe Gonzalez ez da marxista

Felipe Gonzalezek ez du "marxista" hitza maite. PSOE-ko idazkari orokorrak ez du "marxista" hitza partiduko estatuetan ikusi nahi, eta horrengatik, hitz hori kendu egin behar dela esan du, orain dela denbora gutxi.

Felipek, bere jokaera justifikatzeko zera esan du: "hitz honek ez du ongi adierazten zein sektore sozialak apoiatu behar duen PSOE, gizartearen transformakuntza lortzeko".

Hitz batez, Feliperen ustetan, gizartearen transformazioa PSOE-k lortu nahi baldin badu, transformakuntza hori ez da marxista den jendearekin eginen, beste batzurekin baizik.

UCD-ri botuak eman dioten pertsonekin espero al du PSOEk "gizartearen transformakuntza lortzea"? Hau da sozialisten "txoiloa"!

Eta bukatzeko, esan ere esan behar dut UCD-ko Abril Martorell jaunak poz handia hartu zuela deklarazio horiek entzun zituenean, eta horrela adierazi zion prentsari.

"Lerida" ez, "Lleida" bai (Izena aldatua)

Kataluniarrek zer egin jakiten dute zenbait kasutan, eta euskaldunok zer ikasi ba dugu horiengandik.

Orain arte Lerida izan den hiriko udalak aho batez onartu du alkatearen mozio bat. Lerida izena ez, baizik Lleida (katalanez) jarri behar zitzaiola eskatu du alkateak bere mozioan, eta aho batez onartua izan da eskari hau.

Horrela, bada, hemendik aurrera Lerida ez da esistitzen. Hemendik aurrera "Lleida" da eta horrela mentzionatu behar dugu.

Lerida ez, Lleida bai.

Noiz egingo dugu horrelako gauza bat Euskal Herriko hiri eta herrien izenekin?

Uste dut kontsentsuaren beharrik ez dugula horretarako. Eta kontsezioak egiten ez dugu hasi behar, bilinguismoa dela eta ez dela.

Bilbao ez, Bilbo. San Sebastian ez, Donostia. Vitoria ez, Gasteiz. Pamplona ez Iruiñea. Euskal kontzejalek ez al dakite horrelako moziorik egiten?

Gizon dibortziatu bati andreak pagatzen dio mantenusaria

Gizon dibortziatu batek mantenusari bat hartuko bere emazte izan denarengandik. Estatu Batuetan gertatu da kasu hau, eta esaten dutenez lehen aldia da.

Henri Irwin, gizon dibortziatua, 62 urte dituena, Elisabeth Phillips-en senarra izan da eta ez du lanik egin azken 35 urte hauetan.

Bere emazte ohia (ex-emaztea) Phillips markako nagusiaren alaba gazteena da eta, noski milio dolar asko du. Horrengatik, senarrak baino diru gehiago zuelako, pagatu behar dio Henri-ri mantenusaria.

Estatu Batuetako Tribunal Gorenak, zirkunstantzia hau kontutan izanez, gizonaren alde bota du epaitza.

Gertakizuna hor dago, eta andreak ondasun handiak dituela ere bai.


Ohar laburrak

ASKATASUNAk, "Revista libertaria de Euskadi"k ondorengo prentsa oharra bidaltzen digu argitaratzeko. Hona hemen pasarte garrantzitsuenak:

"...Askatasuna aldizkariaren ale zeroa poliziak bahitua izan da, "audiencia nacional" delakoaren judizial baimenarekin.

Jarritako manua ez dago idaztea eta argitaratzea den ekintza demokratikoa toleratzeko prest. Iraultzaile eta Euskadikoak diren kazetal ikuspegi minak mozturik geratzen dira horrela, gure herriaren eta humanitate osoaren kontra joaz. Bortxapen hau, gure talde eta aldizkariaren kontra egindako zerrenda luze honetan jarri behar dugu; benetan, espainol administralgoak gu biktimatzat hartu gaituela ematen baitu. Bortxapen berri honek gure Euskal Herriaren espresio askatasuna eragotzi egiten du. Horrela eginez, gure Herriari zor zaion erreflexio eta azterketabideak beterik gabe gelditzen dira.

Gu, lanegiten duen Euskadirekin gaude; Bera, gurekin. Expresio askatasunaren alde, barbareriaren aurka.

Colectivo Askatasuna

Director de La Revista

Autopistas B.B.-S.A. Ramon Tobar eta euskara

Bilbotik Behobiaraino doan autobide hori ez da bakarrik Estatuko autobide txarrena eta garestiena, orain hori guztiorrekin batera, Euskal Herrian zehar doan bide horren erantzule ageriak antieuskaldunak omen dira. Begira bestela zer gertatu zitzaion lehengo egunean euskara egiten zuen morroi bati. EGINen irakurri dugunez, "tikea" eskatu eta errebista baten paper zatia eman. Erreklamazio liburua eskatu zuelako edukaziorik ez zuela erantzun zion gutun baten bidez Tobar jaunak gure lagunari. Tobarrek agian horrelako gauza batek ez omen zuela segidarik edukiko, pentsatuko zuen momentu horretan. Baina zoritxarrez berarentzat, segida du eta ez dakigu noraino.

Uste dugu Euskal Herritik doan autobide horren iragarki (1) guztiak euskaraz ere agertu beharko lirateke, hor kasu frantsesez edo ingelesez dauden batzu, ez baitugu uste horretarako lege berezirik gobernuak atera behar duenik. Holako jauntxoek eta entrepresek terrorismo neurtua praktikatzen dute egunero gure herriarekin. Konturatu nahi ez badute, beste batzuk agian, kontura daitezen ahaleginak egin ahal dizkiete.

E. H.

(1) letrero

ANAITASUNAren oharra

ANAITASUNAko horrialdeetan anuntzio edo iragarki, ohar eta agiriak publika daitezen ez dugu inolako zentzurarik ipintzen. Hala ere, erdara hutsean datozenak (gaztelania zein frantsesez) ANAITASUNAk ez ditu argitaratuko. Argitaratzeko, bidaltzaileak euskaraz eman behar baititu.

VII. U.E.U. Iruñea 1979 Ikastaroak

Fisika: J.R. Etxebarria

Kimika: Jacinto Iturbe

Matematika: Mari Karmen Castillo

Natur Zientziak: Martxelino Aizpurua, Jesus Mari Txurruka

Medikuntza: Bittori Astobiza

Hizkuntzalaritza: Txillardegi, Miren Azkarate, Mikel Zalbide

Pedagogia: Mikel Lasa, Santxo Oiarzabal

Artea: Edorta Kortadi, Antton Olariaga, J.A. Arana

Historia: Joseba Intxausti

Demografia: Karmele Fz. Agirre

Filosofia: Jesus Mari Larrazabal

Soziologia: Iñaki Larrañaga

Erlijioa: Paulo Agirrebaltzategi

Estadistika: Maria Angeles Iztueta

Zuzenbidea: Jose Antonio Arana

Einstein-en mendeurrena: Pedro Etxenike, Paco Garmendia

U.Z.E.I. lanean ari

Joan den Maiatzaren 4-an prentsaurre bat izan da UZEI-enean, kultur-elkarte honek Donostia-ko Parte Zaharrean duen bulegoan. Aurki kaleratuko da Fisika-ri buruzko hiztegia, eta egun hauetan hasia den ordinatore-lana zer den azaldu nahi zuten.

Joseba Intxausti-rekin batera, M. Aizpurua eta M. Zalbide mintzatu dira. Hiztegi bakoitzak bi parte nagusi izango ditu. Bata testua da, euskaraz emango den azalpen-multzoa alegia; eta bestea "lexikon" deritzona, ondoko kultur-hizkuntzen erdal kideen zerrenda. Lehenengoan, hitz batez, euskaraz azalduko dira hitzak. Bigarrenean, berriz, euskal hitz bakoitzari beste bi edo hiru kideak erantsiko zaizkio: gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa hasteko, beti; eta ingelesezko kidea ere askotan.

Hots, alderantzizko arazoa ere gerta daiteke eta gertatu egiten da: gaztelaniazko hitza ezagutu bai, eta euskal hitza ezagutu nahi izatea; edo-ta frantsesezkoa ezagutu, eta euskarazkoa behar izatea. Honetarako ilara alfabetikoan jarri behar dira hitzak, nahiz gaztelaniaz, nahiz frantsesez, eta euskal kidea eman.

Hots, lan neketsu hau, Banco de Bilbao-k finantzaturik, ordinatorez egiten du UZEI-k. Hutsik ez, batetik; eta denbora irabazi, bestetik. Hain zuzen, Maiatzaren 4-ko biltzarrean FISIKA hiztegiaren "listing" laukoitz horren presentazioa egin zen. Eta egun hauetantxe POLITIKA-ri buruzko lana hasia dela iragarri.

Jakina denez, euskara berritzeko eta lantzeko bere eginkizuna dela bide, UZEI delakoak ZAZPI hiztegi berezitu emango ditu aurten: FISIKA-ri buruzkoa, jadanik bukatua eta inprentaratua; KIMIKAri buruzkoa segidan; eta abar, ilara honen arabera:

FISIKA: Zalbidek zuzendua;

KIMIKA: J. Iturbek zuzendua;

POLITIKA: P. Iztueta-ren zuzendaritzapean;

EKONOMIA: R. Gorostidi;

MATEMATIKA: K. Santamaria;

PSIKOLOGIA: Aiestaran;

LINGUISTIKA: Txillardegi.

Zazpi hiztegiok udarako joango dira moldiztegira (batzu joanak dira dagoeneko); eta udaran eta udazkenean barrena kaleratuko dira. Hiztegi bakoitzak bost, sei eta zortzireun horrialde izango ditu; eta bakoitzean 20/25 euskaltzalek parte harturik.

Zinez esan daiteke aurtengo urtea urte "historikoa" izango dela euskararen berrikuntzaren alorrean. Eta UZEI elkarteak euskaltzale guztion txaloa merezi duela.


Postaz etorriak

Kaixo adiskideak:

Solamente unas líneas para testimoniaros nuestro agradecimiento por el detalle que tenéis con nosotros quincenalmente. Estamos trabajando el euskara a marchas forzadas de la mano de un compañero nuestro euskaldun y vuestra magnífica revista nos viene de maravilla.

Os animamos a seguir en vuestra línea abertzale que con tanto acierto contribuye a la formación del sector vascoparlante de nuestro pueblo.

¡Aupa! Nosotros por nuestra parte, y con las lógicas limitaciones de la cárcel, continuaremos en la brecha, hasta donde haga falta. ¡¡Gora Euskadi askatuta!!

Carlos Catalán (Nafarroa)

Alberto BIURRUN B.

Javier GARATEA E.

Jesus SUESKUN I.

Miguel A. VALENCIA G.

Koldo BALDEMOROS I. (LLeida)

Miguel ARGILES T.

***

J.R. Etxebarria jaunari:

Agur ta erdi.

"Garapen hitzari buruz" kritikak eta eritziak "eskatzen zenituen" Anaitasuna-aldizkaritik.

Lehenik gogoan jasotzekoa ez-ezik, eskertzekoa ere bada zure borondatea, gaurko egunetan beldurgarrizko triskantzak egiten bai dira euskara-alorretan; oraintsu eta gure aldizkari batean "Esklabitudea" irakurtzen nuen. "Esklabutza" edo izan balitz, tira, hor daude morrontza eta beste ere. Baina "esklabitudea!" Bide hortatik laister gara beste "euskara batu bat" bilatu beharrean. Eta zure "garapen" hitzari gagozkiolarik egokia iruditzen zait neri. Egia da hitz horrek ezer gutxi adieraziko die batzuei, baserritar izan geranontzat, ordea, esanahi haundikoa duzu. Eta nahikoa egokia eta polita "desarrollo" adierazteko. Agur. Eta agindu.

"Aztiri"


Nazio artekoa

Bretainia Handiko hauteskundeak

Azken neguan etsaiak ziren Bretainia Handian sindikatuak (Trade Unions delakoak) eta gobernua, hots, laboristen alderdia. Orain, aldiz, elkar-elkarrekin egon dira hauteskundeetako kanpaina osoan. Zer gertatu da hilabete honetan hain aldaketa handia gertatzeko?

Urte batzu direla, herrialde horretako egoera sozio-ekonomikoa izugarri txarra zelarik, kontserbadoreek laboristei utzi zieten gobernua, sistema ingelesa bi alderdi horien alternantzian oinarritzen baita.

Urte honetan, eta ez laboristek oso politika ona egin dutelako, zirkunstantziek lagundu dituztelako baino, asko hobatu da egoera ekonomikoa. Bai, han ere guztiok pairatzen ari garen krisiak eragina du, baina mendebaldeko beste herriekin alderatzean, oso egoera pribilejiatuan daudela ikus daiteke: zeuzkaten ikatz eta gas-ezko putzuetatik aparte, orain Ipar itsasoan, petrolio asko aurkitu dute; petrolio hori dela medio, zeuzkatia ia zor guztiak pagatzeko gai izan dira, eta orain pagu-balantza nahiko orekatuta dago.

Hau guztiau entzutean, kanpo jendea pozik bizi dela pentsa zezakeen; ez da, hala ere, horrela gertatzen. Lehen esan dudan legez, duela hilabete batzu, problema latzak egon ziren sindikatuak eta gobernuaren artean; ia bizitza ekonomiko osoa gelditurik egon zen zenbait astetan zehar, eta egoera kaotikoa zen.

Orduan hasi ziren laboristen arazo handiak. Grebak amaitu zirenean, langeldiketarekiko beldurrari, herragunea gehitu zitzaion, eta laster jende askok pentsatzen zuen laboristak jadanik denbora luzeegi egonak zirela gobernuan, laboristen desprestijioa gero eta handiago egiten zelarik.

Eta honi zen egoera aurtengo lehen hilabeteetan Callaghan-ek Eskozia eta Gales-erako autonomi legeak parlamentuan aurkeztu zituenean. Herrialde bi horietan egin ziren erreferendumek porrot egin zuten, eta horrek kalte handia egin dio gobernuari. Gauzak gehiago gaizkoatzeko, parlamentuak konfidantza botoa ukatu zion Callaghan-i, beronek modu horretan hauteskundeak aurreratzeko bortxatua ikusten zelarik.

Lehen inkestek kontserbadoreak laboristak baino askoz aurrerago lekutzen zituzten. Kontserbadoreen burua dena, Margaret Thatcher, oso kanpaina zaratatsua hasi zuen, eta horrela iragan da hilabete bat, sondeek kontserbadoreen aurrerapena gero eta gehiago txikitzen zutelarik.

Momentu honetan interesgarri deritzot bi alderdiotan dauden edo egon diren jarrera nagusiei begiratzeari. Kontserbadoreek azken aldian boterea eduki zutenean, hau da, Mr. Heath-ekin, nahiko moderaturik bazeuden, gero, laboristen igoera zela eta, zati eskumakoiena inposatu zen, M. Thatcher alderdiko buruan ipiniz. Emakume honek oso jarrera gogorrak dauzka arlo guztietan, ekonomikoki liberalismoaren zalea da, protekzionismoa alde batetara uzten duelarik. Nahiz eta emakumea izan, ez da emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua, ez eta gutxiago ere. Bere ideia bat, adibidez, hauxe da: lanpostuak gutxitu beharrean aurkituz gero, nortzuk joan behar dute etxera?: emigranteak, emakumeak,... Emigranteen kasuan, adibidez; oso neurri gogorrak espero dira, nahiz eta arlo horretan nahiko kontrol zegoen jadanik; oso mereziturik dauka Thatcher andreak normalean ematen zion izena: "budinezko anderea".

Laboristen artean, aldiz, ez dira erradikalenak boterea daukatenak; eta azken urteetan gobernuak egin duen politika ez da, benetan, ezkerrekoa, nahiz eta M. Thatcher bestela pentsatu.

Dena den, hauteskundeak konbokatzean, ondotxo zekien Callaghan-ek asko arriskatzen zuela, opinioa nahiko nekatu eta etsiturik baitzegoen; ingelesek asko maite dute noizean behin alderdiz, aurpegiz, aldatzea, eta momentu honetan horrela gertatzen zen. Baina oraingoan, txarto izango zaie aldaketa. Kontserbadoreek agintzen zutena zera zen: ordena, bakea, tradizioa, morala gordetzea, marxismo eta sozialismoranzko jarrera guztien (?) suntsiera,... Alde horretatik oso adierazgarria zen M. Thatcher-ek horretaz esan duena: sindikatuek botere eta organizazio handiegia daukatela, eta laboristek gobernuan segitzen batzuten, sobietizaziorantz joango zirela! Benetan, edo emakume horrek ez daki zer da sozialismoa, edo oso txarto dabil begietatik.

Laboristen kanpaina, aldiz, oso diskretu eta tradizional izan da; beraien alboan, eta beti dudarik gabe apoiatuz, sindikatuak egon dira, beste alternatibarik ez baitzeukaten: edo laboristak, edo greben debekapena, sindikatuen eraispena, lege sozialen ezereztea,... Thatcher eta bere lagunek oso argi adierazi dute irabazteko kasuan egingo zuten politika.

Azken momenturarte duda egon da: ez batzuek, ez besteek gehiengoa lortzen ez batzuten, norentzat izango ziren liberalen eta beste talde txikietako botoak?

Baina erresultatuak nahi baino argiagoak izan dira: kontserbadoreek gehiengoa lortu dute, eta ez juxtu gainera. Beraz, trankil egon daitezke aurrean dauzkaten bost urteetan, besteekin ez baitute ezertan ere kontatu beharko.

Gainera, beraiek ez ezik, jende guztiak galdu du: laboristek, liberalek, ezkerreko taldeek, nazionalitateetako alderdiek (eskoziarrek, adibidez, zeuzkaten 11 postuetatik, 9 galdu dituzte!); denek, kontserbadoreetatik aparte.

Eta orain,

- langileen kontrako neurriak,

- laguntza sozialen gutxitzea,

- emakume eta marjinatu guztien baztertzea,

- inmigranteen egozketa,

- ... eta abar itxarotera.

Honetaz aparte, asko hitz egin da egun hauetan, lehen aldiz Europan, emakume bat lehen ministro izateaz. Hala ere, kasu honetan, ezin gaitezke emakumeok larregi poztu. Emakume bat da, bai, Bretainia Handiko lehen ministroa; eta zer, emakumetasuna baino lehen, gogorkeria, herria eta langileen kontrako jarrera, eskumakoikeria, morala atzerakoia, etab ikusten direnean?

Maria Jesus Esteban


Nazio artekoa

Nobel Bake sariak

Lehengo egunean telebista aurrean geundelarik, "Premio de la Canción de Eurovisión" delakoa nola Israeldarrei ere ematen zitzaien ikusi nuen. Sari hau kontsumozko gizartearenetako bat dela jakinez, ba dirudi ez daukala gugan hainbeste eraginik. Hala ere, beronen inguruan muntatzen den tresneriak jende asko harrapatzen du bere antzutasun oso eta kalitatezko falta ezak nabariak izanki. Baina hala izan eta betidanik hala egon, txapuzakeria hori ere politiko bihurtu dute. Bere modura Eurovision-ek Israelgo politika ere saritu zuen. Aurpegi handiz ala ttikiz, masakomunikabideak botei re orokor baten zati garrantzitsua dela erakutsi diote Europako ezkertiar guztiri.

Ez da beraz harrigarria, honetan ere, jarrera paralelez kontsideratzen hastea. Hortik datozkigu ere kontrabotere herritarren ideiak. Honi buruz, Belgikako kontrajaialdiarena aipa daiteke. Beste arlo ezberdin batzutan Russel tribunalarena etc.

Baina gatozen Bakearen sarira eta dagigun berorren historia labur bat.

Historia pixkat

1906. urtean jadanik "egurra ematearen Politika" sortu zuen Teodoro Roosevelt-i Norvegiako parlamentuak bakearen saria eman zion. Sari honen historian hau izan zen "horrelakorik" gertatzen zen lehen aldia. Geroztik Parlamentuak hartutako urrats horri gero eta lotuago ageriko zaigu. 1912.ean beste amerikano bati ematen dio, Elihu Root-i, gerrarako eta Estaturako idazkaria izan zenari. Elihu Root-i buruz zera esan behar da: Bera izan zen Amerikako parlamentuan "Platt emendapenaren" asmatzailea. Emendapen honi esker, Estatu Batuek legalki Kubaz harrapatu eta jabetu ziren neokolonialismoa sortuz bertan.

Baina ez da hor amaitzen amerikarren zerrenda. Gero eta ugarituz doa. 1919.ean Woodrow Wilson-i, 1953.ean, Marshall-i. Azkena dakigunez, "Plan Marshall"-ek amerikanoen menpean jarriko zukeen Europa, Europako komunitatea bilakatu da gaur.

Hala ere, ez ginateke oso objektibu, txanponaren bestaldea azalduko ez bagenu. Noizbehinka ba daukagu bestelakorik. Martin Luther King esaterako. Baina horren izendapenak edo horren antzekoek erakundeak darion kiratsa estaltzeko balio dute, azken urteotan lotsagabeko komedia edo trajedia bihurtu arte. Nori, eta Kissinger-i eta Le Duc-Tho-ri ematen baitiete 1973.

Zientzi mailan multinazionalak txapeldun

Garbi dago beraz, norberaren bakea ez dela pertsona horien bakea. Bakearen symboloa, hemen Euskal Herrian bezala, munduko katastrofe odolgarrienetako erantzule nabariei eman baitakieke. Norvegiako parlamentuak amerikar imperialismoaren kultur tresna erabilgarria bihurtu baitu saria. Baina ez dira Bakearen sariarekin konforme egoten. Zientzia, literatura, eta phisika saku berean sartu dute Suediako komitekoek, antikomunista famatuei askotan saria emanez.

Antikomunista hitza zentzu osoan hartu behar dugu, ez baitu antisovietikoa soilki esan beharrik. Aipagarria da hontaz, Solzhenistyn-en kasua, Boris Pasternak edo Winston Churchill-en ereduak. Azken honi, munduko "gerra hotza" delakoaren aitatzat agian ere jo zutelako eta gerra hotz hori amerikarren estrategian sartzen zelako noski, eman zioten ere saria.

Hau guztionengatik, ez gara aurten egin dutenarekin ezertan ere harritu. Daukaten ideiologiarekin nola ez, Sadat-ek eta Begin-ek saria irabazteko merezimendu guztiak egin baitituzte. Duda barik, zera esan daiteke: Franco eta Suarez amerikarrak ez zirelako ez zuten edo eta ez dute, behintzat orain arte, horrelako saria eskuratu.

Lehengo epe batean humanitate osoaren lanak sariturik bazeuden, oraingo honetan, multinazionalen morroi zintzoek txapela eramaten dute ia gehienetan. Nahiz eta pelma izateko beldurra izan, hortxe dugu 1976.ko saria eredutzat. Ekonomi saria: Milton Friedman, beste amerikar bat. Nor edo nork ez badaki, jaun hau Txileko juntaren ekonomi politikaren asmatzailea izan da.

Nobel sariak noren zerbitzupean dauden garbirik bazegoen, orain, badugu non ikasi, mendebaldean dauden beste instituzio guztiak, den denak ez badira ere, zertzu diren eta zertarako dauden garbi ikus dezagun.

T. Trifol

(1) Suediako Akademiak gainerako sariak ematen baditu, bakearen saria, Norvegiako parlamentuak izendatzen duen komisio bati dagokio soilik.


Gaiak. Erreportaia

Kretan, Zeus-en uhartean

Egia handia da nonbait egon behar dela. Ni, esate baterako Kretan egon naiz Aste Sainduko oporretan eta oso gustora gainera. Lerrootan haraxe joatea buruak eman ez duenari neuk ikusi, entzun eta somatu dudana eskaini nahi diot, ea astia ematen dugun, "que es de lo que se trata", klasikoak zioenez.

Mediterraneoan Kreta bezainbateko uharte gutti dago.

Helenikozaleak Zeusen sorterria dela ba daki. Munduko zibilizazioei bagagozkie Kultura Minoikoaren lurra da. Pinturazaleentzat Domeniko Theotokopuli "El Greco" bertako zela ezaguna da. Azken nazioarteko gerratean, alemaniarren eta italianarren aurkako defentsa bipilak ezagutarazi zuen ere Greziako uharte hori.

Baina neretzat Kreta Nikos Kazantzakis-en eta Mikis Theodorakis-en sorterria da. Ez dut uste bigarrenak aurkezpenik behar duenik, haren abestiak lurbira osoan ezagunak baitira; Nikos Kazantzakis berriz ez da bestea bezain ondo ezagutua gure artean, nahiz eta "Kristo berriz gurutzefikatu" elaberriaren egilea izan (Filme bat atera da ere nobelatik).

Hau guztiau baino gehiagoxe ez dakidalarik, hor nauzu, Apirilak 14 "Iraklion"eko portuan. Iraklionek Kretako hiri nagusiak 80.000 biztanle du.

Beneziatarren menpe izan zeneko aztarna ugari darama: hiriaren beraren izena, Candia eta portuko babestokiak, besteak beste.

Hostatu bat bilatu behar dut, Pireotik ekarri nauen ontzian ez baitut lorik egin. Esateko egiteko baino errazago, noski, hiriko ostatu guztiak mukurru daude eta. Txangoetan lozakua laguntzat eraman ohi dutenetako bat ez naizenez gero, larritzen hasi naiz eta taxis bat deitu egiten dut, ea txoferrari ulertarazten diodan neure problema. Berak —Grezian gertatzen denez— Grezieraz beste hizkuntzaz ez daki eta neure erdipurdiko grezieraz adierazten diot nahi dudana.

Ulertu egin du, eta, keinu bat era lasaikor batekin, beronek erreserba barik oherik aurkitzeko ahalbidea zalantzan jartzen balu bezala, lastergailua zapaldu dagi, Ba goaz tximista bezala hiriko kale kaxkarretatik, hiribide batetaraino heldu arte. Ohizko monumentuak: Venizelos, Eleuterio Venizelos (barka) Greziaren "premier"a zelarik, Kreta erabat turkoen morrontzatik erauzi eta Greziako Estatuan sartu zuen bertoko semearena (1912), azken guduko gudariena, bere benetako kanoitxo batzu eta guzti.

Etxe askok bere erauskinak darakuski, bart alemandarren azkeneko bonba-erasoa jazo balitz bezala. Etxeak gero eta sakabanatuagoak agertzen dira eta neure buruari taxista misterios honek nora naramakeen galdetzeko zorian nagoenean, taxisa gelditu da. Heldu egin gara. "Hotel Prince" deritzo bizpahiru izarretako hostatutxo honi.

Hostalariak, begi urdinek eta biboteak kutsu prusiar bat ematen dizkioten 50 urtetsutako gizaseme batek, ez daki Grezieraz beste hizkuntzarik, baina nor dago miss Kopela (haren alaba?) Ingelesaren jabe.

Bai bi gau eman dezakedala ostatuan. Ederto. Ea gelan sar naitekeen. Ezetz, jantokian gosaltzen ari diren alemandar horiek utzitako gelak garbitzen ari direlako. Maleta bai, baina hemen bertan, eta dutxa bat har dezaket ere. Ondo. Eta gero? Gero Minokoaren monumentuak ikustera, noski. Dana da posible lo egitea izan ezik. Kopelaren eskuetan jartzen dut neure burua...

"Messara"n

Autobusa ez dago beteta. Ingelesez eta alemaneraz dantzut. Halako batetan beltzez, goitik behera beltzez jantzitako atso bat igon da autobusera. Txipiroi bat dirudi. Bere izena Galiopis (Poesiaren musarena, hain zuzen) dela diosku, bai eta Ingelesez eta alemanieraz egingo digula.

Eta besterik gabe hasten da hizketan, etengabe... hau hitzontzi!

Ez dut uste gauza handirik ulertzen diotenik gainera.

"Messara" izeneko ibarrean zehar joango garela ulertu diot nik, hori bai. Harresitik irten gara. Hiriko inguruak zatarrak dira: lantegitxo batzu, baratze asko noizean behin asto bat eta ahuntz asko.

Gorantz goaz eta hiria utzi ahala gero eta ederragoak agertzen zaizkigu bazterrak, kolore askotako loreetaz estalita. Loreetako gorri, hori, urdin eta morea altzifreen eta arteen zorroztasunarekin nahasten dira. Messaran bertan sartzean, olibondoak ikusten hasten gara; gero laranjaondoak. Eta, paisajeari falta zaion margo bakarra eskaini nahiz edo, han dugu mendi bateko elurrez zuriz jantzitako tontorrak. Ida mendia bera da!

"cuando el que ministrar podía la copa

a Júpiter mejor que el garzón de Ida".

Lerrotaz gogoratu naiz. Gongoraren "Soledad"etakoak dira. "Garzón de Ida"-ri; Ganimedes zeritzon, eta Júpiter haren edertasunagatik ardoisurletzat aukeratu zuen. Zer ez ote zuen emango Gongorak Ganimedesen sorterria ikustearren?

Beti Hegoalderantz goaz; Egeo Itsaso-tik Libikoraino heldu behar dugu. Baina oraindik gauza batzu ikusi behar ditugu. Gortys, esate baterako. Oso hiri garrantzitsua erromatarren "Cirenaica"ren hiriburua izandakoa. Egun ez da inor bizi hemen, baina bere antzokia, odeon eta Basilika tente daude oraindik.

Galiopisek burua mototx beltz, (noski) batez tinkaturik, antzoki erdian jarri da azalpenak emanez, Euripides-en furia bat dirudiela.

Ni txunditu nautenak olibondoak dira: hamar metrotakoak dira, 800 urte dute eta fruiturik dakarte oraindik

Phaestos

Bizkargune baten gainean dago antzinako jauregiaren gelditzen dena. Turisten autobusentzat egindako aparkalekurik oso ondo ikusten da Ida mendia berriro.

Phastos Minoikoaren erakuslerik fidagarriena da, hemen ez baita Knossoen antzera, birreraikipenik egin. Kristoren aurreko 2000-1650 urteetakoak dira aztarnak soma daitezkeen lehenengo jauregiaren. "Soma" diot, harlosak eta hesitxo batzu izan ezik ez dagoelako ikusteko besterik. Harrizko zabaldi baten gainean gaude. Antzoki bat izan zela diosku Galiopisek. Gero erreginaren gelak, propileoak...

Orain erregeaulkiaren aretoan omen gaude. Galiopisek ahalegin neketsuak eskatzen dizkie gure irudimenei bistan ez dena (kolumnak, gudariak, athletak...) amets dezagun. Bere betaurreko lodietatik zenbait begirada fidagaitz, besterik ez du lortzen. Baina isildu ez da egiten. Arnas-hartze batetan, besapean daramadan "Guide Bleu"an begirada pausatuz:

— "Grece"! What's your language?

— Basque —erantzun diot bihurri

— And... ulertzen al duzu nik diodana?

— Oso ondo, eskerrik asko. Autobusera hurbiltzean txirula batzuren txiru-lirua dantzugu: Ganimedes artzainaren ondoreko batzu jotzen ari dira, ea turistaren bat animatzen den erostera. Danek burua, lokitik garondoraino oihal zati batez, inguratuta dute. Turbante turkiarraren ordezkoa ote?

Hagias Triada eta Matala

Hemen ere minoikorik dago, Itsaso Libikoari begira. Harlosak, herriak oro loretxo zuriz eta morez estalita daude.

Bazkaltzera Matalako hondartzara goaz. Harkaitzetan hippyen egoitza izan diren haitzuloak dakuskigu. Mundu zabaleko hippyak etorri ohi ziren hona, bizitzera, agintariek uxatu arte. Bazkaldutakoan, Iraklionera itzuli.

Eta horrenbestez amaitu dugu txangoa. Arratsaldeko 5ak dira, Museo Arkheologikoa ikusteko beranduegi, halegia. Ez ordea Historiko-Ethnologikoa. Eta besterik gabe haratzen naiz.

Ikaspen sakon bat

Hau da museo honek Kretaren Geografia eta Historiaz ondo jantzita izan nahi duken edonori eskain diezaiokeena. Argazki koskor batzuk uharteko mendi gorenak, zintzurrak, harkaitz menderagaitzez ia estalitako monastegiak erakusten dizkidate.

Beste batzuk historia berriaren zati bat ilustratzen dute, zera: azken gerrateko alemandarrak uharteaz jabetu zirenekoa.

Harri "zaharrei" buruz, konta-ezinezkoak dira: minoiko, griego, paleokhristiano, erromatar, turkoar... Kretan, gainera, San Paulok berak predikatu zuen, eta hemengo eliza berriaren artzaintzat utzi zuen Titori epistola bat bidali. Aintzinatasunak baina ez zion lagunduko Kretaren Elizari Turkoarren eskuetatik libro izaten, Patriarka ortodoxoaren izendapena, Sultanak berak izenpetuta agertzen duen dokumentu batek erakusten duenez,

Moeta askotako gauzak ikus daitezke hemen: esku-lanak, jazkerak... baina benetan liluratzen nauena Nikos Kazantzakis-en oroipenak eta gauzak darakuskiena da (1885-1959). Eskola eta Unibertsitateko agiriak, autografoak, idazten zuen luma, bere liburuak, Espainako gudan erreportaiak egiten ibili zeneko "visadoak" eta abar. Idatzi ohi zuen gela, ohe eta guzti.

Bere liburuak, hizkuntz askotara (katalanera eta japondarrera ere bai) itzulita.

Eliza batzu

Hostaturako bidean Sta Katalina Sinaikoan sartzen naiz, ikonoak ikustera, eta gero Hagios Minas katedralean, bezperak edo hospatzen ari direla, eta bide batez eliz-gizon bizardun batek intzentsuz lurrinkatzen nau.

Hostatuko panorama erabat aldatu da: ez dago alemaniarik oraingoan, oihuz bazterrak betetzen duen andaluziar mordo bat baizik.

Hostalariak, euskalduna naizela dakielarik,

— horik espainarrak dira —diost, keinu konplize batez— ulertzen al dituzu?

— oso ondo, baina ez ditut ezagutzen —erantzun diot.

Eta ulertzen ditudalako harrituta, uztan nau.

Biharamunean kukurruku batek itzartu nau. Dena dela ez dut oso sakonki lo egin. Eta ez dut uste beste inork egin dezakeenik oheetan estalki bat baino gehiago ipintzen ez ba dute. Eguraldia eguzkitsu baina hotz dago. Jantokian, andaluziarrak hotzikaraz.

Museo Arkheologikoa

"Miss" Kopelak Museo Arkheologikora joateko zein autobus hartu behar dudan esan dit. Gaur Igande (Erramu-igandea hemen) da eta sarrera dohan da. Museo honetan Knossos, Phaestos, Haghia Triada, Mallia eta gainontzeko Minoikoaren jauregietako emaitzak daude. Bai eta Minokoarekin ezer ikusirik ez duenik ere. Ez noa ni haien deskribapena egitera, noski. Bai ordea Fresko Minoikoen koloreak artifizial xamar dirudiela, atzo bertan pintatu balituzte bezala. Politak dira gero Tauromachiaren eskenak, damak, printzeak, izurdeak eta abar.

Knossos

Autobus 4 harturik, Knossosera, Minos erregearen jauregira (¿) heldu naiz.

Hemen ere txantxetazko gauza izan ez dela bistan dago: 22.000 m2 du jauregiaren gainaldeak. 1.500 gela zeuzkan edifizioak.

Hemen Phaestosen baino gehiago ikus daiteke: propyleoak bere sarguak eta guzti, horma batzutako marrazkiak, habeak. baina Sir Arthur Evansek birreraikita hein zabal batetan.

Hori dela eta, Minosen erregeaulkiaren aretoko pintura modernistak ikustean, —Se non é vero é ben trovato— diot neure baitan.

Edozein turisteen billekuren antzera Knossos "souvenir"-dendaz inguratuta dago. Hizka-mizko horietariko batzu erosi ta gero, autobusaren geltokira noala, kamamila, astigarhostro eta beste belar batzuren saltzaile batek, horietako bat eros diezaiodan.

— eguneroko gosarian belar honi eskerrak, Knossos-en oroipenak etorriko zaizkizu —diost.

Ahalko banu, Knossosenak baino oroipen askoz atsegingarriagorik ukan dezakedala esango nioke alde batetik; bestetik, nahi izatekotan Santi Mamiñen bertan Amagoia baten erregeaulkia eta gela osoa ere, kolumnak eta guzti, pintatu genitzakeela. Baina ez dago astirik, autobusa baitator.

Hagios Nikolaos

Arkheologiarekin edo arterekin ezer ikusirik ez duenik egin nahi dudala esan diot Kopelari biharamunean. Berak Hagios Nikolaos, kosta-aldeko herrixka batetara joan naitekela, herria oso polita dela eta han ere bazkaldutakoan, beste autobus bat har dezakedala, gauez Pireorako ontzia har dezadan.

Autobusa portuan hartu behar da. Ordu-erdikoa da bidaia, eta oso atsegingarria, lehenengoz itsasaldetik Maliaraino, eta gero mendien artetik.

Hondartza asko ikusten da, baina turismoa Espainan baino atzeratuagoxe dabilela, zorionez, susmatzen da eta hostatu handiegirik ez dager.

Kopelak egi-egia esan dit: oso polita, zoragarria da Hagios Nikolaos. Herriko bazter guztietara hedatzen den portuko ura baino garbiagorik ez dut inon ikusi. Oso garbi daude kaleak ere eta etxeak zurituta.

Liburu bat erosi dut: "Cretan mantinades. Song poems" Grezierazko testua ingelesezkoak lagunduta dakar. Ahopaldi horietako batez amaitu nahi dut:

Kreta, uharte bipila,

askatasunaren irakaslea

balaz eta odolez

idatzi huen historia

Borja Barandiaranek


Gaiak. Literatura

Oi, lagun hori

10 urterarte ez zuen jakin herriko Emparantza Nagusia non zegoen. Kalea arrotz iruditzen zitzaion. Izan ere, ibiltzen ikasi zuenetik zelai eta mendietako lur biguna pisatzen ohitua zegoen. Etxea herriaren mutur batetan zuen eta handik inguruko zelaietara ehun metro eskas zeuden. Hala ba, denbora guztia zuhaitz eta belar tartean botatzen zuen. Orduko pentsakizun guztiak gerrazkoak ziren: hauzoko kuadrila nagusia nola garaitu, haien aginte zapaltzailearen kentzeko edo eta beste hauzoetako "etsai" haik nolaz garaitu. Txabolak eta armak behar izaten ziren zeregin hauetarako eta horik egiten beste hainbeste denbora botatzen zuten. Igandean erromatar edo Oesteko pelikulak ikusiz gero hango heroen abenturak jolastu arte ez zen lasaitasunik. Eta horrela, mendi, zelai, etsai, erromatar eta bakero, edo indioen artean bere umearoa iragan zen, giro haietako balore eta askatasunezko desioak bere bizitza guztirako markaturik utzi zutelarik.

Ez ziren, ez, errazak izan haren gaztearoko urteak. Etxean errepresio giro izugarria jausi zitzaion, ikasketak zirela eta. Ez zen nonbait habila numeroetarako eta "erru" handi horrengatik milaka hostia jausi zitzaizkion, zeinek bere nortasunaren hainbat zati moldatu zuten, bere tristezia eta sufrimendurako. Horregatik, sortu ziren beregan joera eta pentsamolde batzu bakarti eta barnekoia izatera eraman zutenak. Horrela pasa zituen urte batzu, besteekin egoteko gogo handirik gabe, zituen lagunez asperturik eta gertatzen zitzaionaren arrazoirik ikusi gabe. Buelta, bueltaka, bakarrik paseiatuz, orduak eta orduak botatzen zituen. Urte hauetatik guztiz errea atera zen; izan ere, urte horietan pertsonal beharrei erantzuten hasi behar baita, eta nire laguna ez zen hortik oso aurrera joan. Azkenean, eta halabeharrez, lagun giro berri eta atraktibo bat sortu zitzaion eta, asko kostatu ere, bertan murgildu zen, bizitza normalago bat eraman nahiean.

Abertzaletasuna ezagutu zuenean bere buruan edo bihotzean, mila itxaropenezko argi bat piztu zitzaizkion. Hor zegoela bere bidea pentsatu zuen. Ez zekien orduan zerk eramaten zuen hain sentikor izatera nazio burrukaz eta. Nahiko beldurtik mundu berri hartan sartu zen, bere barneko guztia ematera. Errepresioak oso beldurtzen zuen eta nahiko kostatu zitzaion urrats batzu behintzat ematea honen superatzeko. Bere burruka errazionalizatzen joan zen neurrian aurrera egin zuen bide honetan. Baita ere burrukaren legeaz enteratuz joan zen, eta garbi ikusi zuen hura zela bere bidea, besteek baino erraztasun handiagoa zuela bere barneko indarrak Helburuen zerbitzuan jartzeko, nahiz eta horretarako bere bizitzaren alor batzuetan ez aurreratu hainbeste.

Bera hil zutenean, burrukak, berriro ere maila gora hartua zuen, eta izugarrizko enfrendamenduak sortu ziren okupaziozko indarrekin. Helburuak hurbil ikusten ziren eta jendea animaturik ateratzen zen mobilizazioetara. Egun hartan, herrian, errepresioaren kontra eta Helburuen aldeko manifestazioa zegoen konbokaturik, Emparantza nagusitik irten eta Emparantza Txikirainoko bidea. Ez zuen amaitu; Goiko Kalean nahiko aurrean zegoela eta, bala batek bular erdian jo zuen. Bizitzaren azken arnasekin batera orduko kanta baten bertsoak gogoratu zituen:

"... jarraituko dugun burruka bizia

eskainiko dugun ahalmen guzia

azken ordurarte atsedenik gabe

ilunabar arte anaien ondoan..."

MENDI ZABAL BAT


Gaiak. Literatura

Nire hauzategia

Hemen doakizuen lan hau, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolaturiko Etxepare sariketa irabazle atera denetariko bat duzue, Egilea Deustuko Idoia Iriondo da. Honi eta sarikide izan duen Mikel Agirreazkuenagari, Joseba gure lagunaren anaia berau, zorionik beroena ANAITASUNAren partetik eta bihoakie ere gure ongi etorria euskal idazleriaren alor agor samar honetara.

Deustuk, azken hamar urte honetan, ikaragarrizko progreso bat jasan du. Lehen ortuak eta zelaiak zirenak, orain etxe eta kale zatar eta haundiak dira.

Deustuk ba ditu bere arazo bereziak. Arazo hauen artetik, orain batzuk ikusiko dituguz:

Deustun, atso, agure, eta umeak egoteko lekurik ez dago. Hobeto esanda, lasai-lasai haizea hartzen egoteko lekurik. Zaharren egoitzak eta holako istalapenak ba daude.

Lehen S. Pedro enparantza ondo zegoen, baina orain zati bitan banatuta dago, eta erdian kale higuingarri bat dago (Abda. del Ejercito). Kale hau auto eta zarataz beterik dago. Berdegunerik ez dago. Zergaitik ikusiko dugu.

Deustu beti bizitzeko tokia izan da. Fabrika eta lantegi haundirik ez dago. Horregaitik, jendea lanetik datorrenean, kafetxe, zine, diskoteka eta era honeko espektakulo eta lekutera joaten da. Deustun sei zine, lau diskoteke eta kafetxe eta taberna, azkenengoak hamaika dagoz. Leku honetan espekulazio asko dago, eta ezer emoten ez duten gauzak ez dira egiten. Horregaitik berdeguneak ez dagoz.

Atso, agure eta umeak egoteko lekuak behar dituzte. Baina ez etxeak eta deportiboak, parkeak eta jolas lekuak baizik.

Beste arazo garrantzitzu bat Deustuko erriberena da:

Erriberak arazo asko ditu.

Erribera jende barik gelditzen ari da. Zergaitik? Erriberan dagozan etxeak danak zahar eta gutxi zainduak dagoz. Jendea beste etxe batzuetara joaten da. Ez dituzte bere etxeak txukuntzen. Nahiago dute beste etxe batzuetara joan, istalapen elektrikoa, uraren joatea eta beste istalapenak oso txarto dagozelako. Gainera Nerbioi erreka alboan dago eta oso zikina dago. Ez da oso agradablea zikinkeriaren ondoan bizitzea (niretzat behintzat). Erriberan ere berdegunerik ez dago. Umeak kale ondoan jolastu behar dute. Hori oso arriskugarria da. Zuek pentsatu:

Ume bat kalean jolasten dago eta auto bat ariñeketan dator. Ume hau orain oso txarto dago. Eta hona hemen beste arazo bat. Ume hau oso txarto badago, ez dago erriberan leku erdi on bat ume horri laguntzeko.

Niretzat hau oso grabea da.

Eritegi bat ez egotea ez da lasai gelditzeko. Gutxienez eritegi txiki bat egon behar leuke.

Erribera ez da galdu behar. Erribera galtzen bada, Deustuko historiaren zati bat galtzea legez izango da.

Erriberatik kanpo ba daude beste arazo batzuk:

Danok dakigu Abda. del Ejercito kale haundi bat dela. Danok dakigu autoz beteta dagoela. Hau ondo aztertu behar da. Zergaitik ez dute beste akzeso edo bide batzuk ipintzen?

Hau egin bazan, Abda. del Ejercitotik auto gutxiago igaroko ziren eta holan arrisku gutxiago egongo zan, hortik Algorta, Las Arenas, Asua, Erandio, e.a.tik etorriko diralako.

Arazo honetatik aparte, beste gauza batzuk ba dagoz.

Lehengo egunean, kaletik noiala, mutil batzuei hau entzun ni:

Hau zikinkeri bat da. Kaleak oso gutxi garbitzen dira. Ureztapena oso txarto dago.

Jaunak, hau oso txarto dago. Negargarria da. Hauzategi batek arazo batzuk eukitea, normala dala esan leike. Baina kale guztiak zikinkeriaz beterik egotea, eta ez garbitzea...

Hau Deustun gertatzea ez da pozgarria. Halako kondiziotako hauzategi bat garbia egon behar leuke.

Basta ya; Hainbeste arazorekin, edozeinek Deustu kaka bat dala esango leuke. Ez da hain kaka. Gutxienez niri atsegin zait.

Hau esaten dotenean batzuk zoratuta nagola esaten dute. Baina nik beste leku batera ez nintzan joango.

Beste Hauzategi batzuk Deustu baino txartoago dagoz, (hor daukazuez Otxarkoaga, Errekaldeberri...) eta gainera Deustuk ba ditu bere gauza onak. Jendeak hau ez du ikusten. Heurak bakarrik gauza txarrak eta tabernak ikusten dituzte.

Eta beste jende asko nirekin akorde dago.

Deustu zikinkeria bat izango da, baina nik diñodana:

EZ NINTZAN BESTE LEKU BATERA BIZITZERA JOANGO.

DEUSTUN JAIO NAIZ ETA AHAL BADUT DEUSTUN GERATUKO NAIZ

Amaitzeko, beste zerbait esan nahi dut. Deustuk, orain, euskara aldetik itzartzen dago. Jendeak euskera ikasi nahi dau. Lehen hemen, gehienak erdaldunak ziran. Orain ikastola bat dago eta jendeak interes asko dauka.

Idoia Iriondo


Elkar Ikuska

Morbositaterik gabe afektibitate aske baterantz

Euskadiko I Sexologi Astean aritu diren lan taldeak bukatutzat eman dute. Azpimarkagarria da astearen antolatzailea Maturana jauna izatea, oraindik C.G.V.-ren kultur arazoetarako kontseilaria dena. Erabiliko ditugun puntu batzu aparte utzirik, Kultur kontseilaritza horrek behar luke jakin, honelako problemak ez dagozkiela erdaldunei bakarrik. Euskaraz ez genuen ezer ere entzun ahal ukan. Ba genekien euskal mintzatzailetarik askok finezia eta kalitate trogloditikoak dituela, gai hauei dagokionagatik; hala ere, zalantzarik gabe, ezkertiar erreakzionarien kopurua estatistikoki askoz handiagoa da erdaldunen artean, eta bestela, begira herri hau zuzentzen dutenak.

Aste horretan gertatu beharrekoa zena gertatu omen zen, hots, guztiz azterketa politak egin ziren, baina agian zientifikoegiak eta konpromezurik gabekoak, barnean daramagun inkisizioa ez zirikatzeko edo.

Argi bila etorri zena ez zen ilunpetan geratu; larrutan egiteko esperantzan agertu zirenak ez dugu uste nahia ongi samar beteko zutenik.

Sexologi aste horretan denetarikoa egon zen. Homosexualitatea askotan atera zen eztabaidan. Agian gehiegi. Hala ere, E.A.J.ko andre kopetadun batek, alderdi honen errepresentatzailea berau,ez omen zekiela zergatik ematen zitzaion homosexualitatearen asuntuari hainbeste ordu eta hain luzaro hitz, beren ustez, kalera behin irtenda, areto haretan aipatzen ziren problemak ez ziren gero bizitza normalean agertzen.

Gu, geure aldetik, kalean gaudelarik "homosexualen" problemak aztertzera ez bada ere, hortaz luzatzera behintzat etorri gara. Adiskide gisa hitzegin dugu ez baitu deus jakin nahi kazetan mutur luzeekin; "popatik hartzera" bidaltzen ditu eta hain egiten du hori naturaltasun handiz, non dudatan uzten baikaitu, eta neurekiko pentsatzen dut hor ikusi nahi nukeela gizon "bizkor" bat baino gehiago.

 Nondik nahi duk hastea? esan diot,... galderak egin, ez egin, definizioetaz hasi, egitatea defini, goazen harira, historia apur bat, mugimendua eta beste guztia, ea zer kristo egiten dugun!

Hobe duk, lehengo egunean gertatu zitzaidana kondatzea. Jendea dioenez, sozialista nauk, beno,...gauza bera esaten ohi duk horrelako mugimendu batean ari garen guztiotaz. Abertzale nauk, eta noski euskalduna. Ba horrela izanik, lehengoan, abertzale, sozialista eta euskalduna ere den lagun batekin ardo batzu hartzera joan ninduan, ez pentsa besterik. Gehiegi edan eta zabaltzeko gogoa etorri zitzaidaan, baten bati erroilua kondatzeko gogoa eta berari esan nioan. Ongi erreakzionatu zidan. Adiskide ginela esan behar da; berak pentsatuko zian horrek ez zuela ezer kentzen ez aldatzen. Baina hementxe zetorrek ederrena. Hauxe esan zidana: "Ez nian inoiz pentsatu heu horrelakoa izan hintekeenik. Nire ustetan, diferenteak zituan, "maritxuak", leunak eta, baina heure moduko bat." Eta gerra planeko izen batzu aipatu zizkidaan, edozein euskaldunek ezagut litzakeenak. "Hi, gizon gogorra haiz, zer egiten huan ongi dakiana". Nik ez zekiat horrenbeste xaboia ematearen kausa ez ote zuan izan balantza berriz bere orekara itzulerazteko nahiz eta...

Ba, horixe duk esan nahi dudana. Batzuk diotenez, emakumeak baino gizonezkoak atsegin gehiago dituztela, beste batzuk gizonezkoak bakarrik eta beste batzuk espezie biak maite dizkiate.

Eta nik zera esan nahi diat: Eta zer? Ez al zarete oraino ohartu, atzerantz eragiten duena zuok "normalok" begietan eramaten jarraitu nahi duzuen benda nori dela?

Jakina, problemarik ez duk agertuko "nabaritzen zaion bati" hortik ematen badio; baina nabaritzen ez denean, orduan subskonzienteak bestelako istorioak asmatu behar dizkik: apeztegiak, gartzela, famili problemak, eta holakorik ez balego... orduan esango duk, "bizioz edo aldatu dela, gainera, ematen duenetarikoa omen duk". Eritzi baten arauera, hori "arragoa" omen duk. Hontan argi zegok, ez baitago helburu bat baizik, hutsadura susmagarri guztiak apartatzea, halegia.

 Ez duk uste jendearen mentalitate a aldatu dela honetaz?

Bai eta ez. Bai eta denok zekiagu zergatik izan den hori. Orain hitzegiten duk. Ba dituk mugimenduak, EGHAM esaterako, eta aldizkariek erakargarria den zerbait bezala erabilia ohi diate gaia. Begira, orain ANAITASUNA ere interesatzen duk hontaz. Baina faltsua duk eta ba zegok problemaz jabetzen ez den jende asko. Izan diagu marginatuen defentsaren bat gorteetan. Ortzik eginikoa bezala. Halere, planteiamendua lehenagotik egon duk oinarritik oker. Ba zegok hor zehar "homosexual" definitzen den hainbat, arazoaz fitsik ulertzen ez duena.

Gizakiok, denok, bisexualak gaituk eta hau ez duk nik esaten dudan zerbait bakarrik, beren burua zientifikotzat jotzen duten guztiek esaten diate hori. Orduan, hori duk, maila iraultzaile batean defendatu behar dena, egia biribil hori. Gizaki guztiak bisexual dituk eta gure bisexualitete jori praktikatzen ez badugu, hori, errepresio pertsonal, kultural eta konjunturalaren kausaz duk, baina azken batean, gure nortasunaren parte bat, asko ala gutti izan, eskuta edo erreprimitu egiten diagu.

Ba dituk beraz hiru moeta, konturatzen direnak, ez direnak, eta konturatu nahi ez dutenak. Lehen eta hirugarren moetakoak bat eginik, gizateriaren 50 sartzen duk hor. Niretzat erraz samarra duk, azken talde horretakoak nortzu diren nabaritzea. Normalki ez diate arazoarekiko inolako hurbiltzerik onartzen, teorikoki bai, onartzen diate, jadanik beste erremediorik ez baitago. Baina, hauexek dituk "homosexualekin" "marikoiekin" ankerkeria handienak erakusten dituztenak, txisteak etab. Hor ba zegok euskal politikoen artean nahiko arrunta den espezimen bat,... hitzegingo nikek gustura baina horrek tribunaletara eramango nindukek, eta zaila da norberaren intimitatea frogatzea. Gainera, norbera libre duk, baina ametitzen ez dena zera duk, alde batekoa izan eta gero alde berekoak kritikatu eta trufa susmorik ez sortzeko ba ezpada ere.

 Homosexualak direla esan nahi duk?

Ez horixe. Holakorik ez diat esan. Bisexualak dituk, ni bezala, agian beste era batetara, baina bisexualak funtsean.

 Orduan gu denok bezala?

Ez. Bisexualitate kontu horrek neurri batzuz neurtzen dituk. Barnean benetako errepresio bat sentitzen dituanean, zehatz gainera, orduan duk nik esplikatzen ari naizen bisexualitatea. Eta guztiau, ezkerrean zein eskuinean kokaturik duk.

 Hala ere, ezkerrak bakarrik. errebindikatzen duela kuestio hau ematen dik.

Beno, ezkerra aurreratuago zegok normalki. Hauxe gizakuestio bat duk; eskuinak ere parte hartzen dik baina era alienatzaile eta zapaltzaile batez, kontsumozko gizarte permitikorra, ghetoa, prostituzioa etab. Eskuinari ez zaiok interesatzen bere boterearen oinarririk akabatzerik, familia, erlijioa etab. Horraino bakarrik iristen ahal duk eskuina. Tristeena ordea, zera duk, ezkerra eta honen barnean ezker abertzalea ere hortik ez pasatzea. Aski duk ikusteaz, hainbat politika, asko eta asko, eta gero praktikan familia eta beste guztia defendatzen diate, hau da, paktu bat zegok maila horretan, nahiz eta gero guztiz iraultzaileak izan beste arazo batzutarako. Inkisizioa baitaramate beren gorputzean barrenean, eta horixe gertatzen duk. Hau guztiau aski barregarria duk. EGHAMek esaterako, ez zian kontsignarik bota, partidu guztietariko jendea bil baitaiteke bertan...eskerrekoak esan nahi diat...baina egin bazuen berdin, Hau da, denek eman omen zioten botua H.B.ri. Logikoa duk, ez? Kontsekuenteenak izan baitira burruka guztietan, baina hoa gero banan banan aztertzen!

Gainera, ezker abertzalea erreprimituena duk horretan, alde guztietatik nabari zaiok hori, matxistenak. Eta askok galdetzen dik, ea ezker abertzalea gauza izango den problematika guzti honi erantzuna emateko, eta nik uste, ezin duk askorik espero. Makina bat jende zegok "independentzia" oihukatzean, guztiz deferentea den zerbait aldarrikatzen ari dena; auskalo gero nork bere ohean pentsatzen duena!

 Eta EGHAM zer?

Ba, erantzun logiko bat duk hori. Talde bat erreprimitzen denean, batuago egiten duk hori. Euskaldunon, gehiago edo gutxiago, euskarak baturik giaudek. Abertzaleak eta sozialistak ere, ulertzen?

Baina hau guztiau globala duk, sexua burruka global baten barnean sartzen duk, hobe duk fronte zabal batean burrukatzea. Ba duk Gran Vian zehar joan nahi duenik, bere eskubideak aldarrikatzeko. Niri ez zaidak gustatzen "marikoia naiz" oihukatzen ibiltzea, inor ez baita joaten "gaur hirutan egin diat larrutan emaztearekin, egin ezak hik ere gauza bera". Gainera, faltsua duk hori, hain zuzen ere, horixe duk gizarteak lortu nahi duena, sailkapenak egitea, barruti hitxietan sartzea, gaitzesten gaituztenen pozerako. Lortu behar duguna, maskara hori kentzea duk, giza sexualitateak maila guztietan suposatzen duena konprenitzea. Hori gerta dadin egunean, horrelako mugimendurik ez diate izateko arrazoirik izango. Gaur, laguntza, konprenitze eta analisirako baliagarriak izan behar dituk. Ez duk geure problema bakarrik, denona baizik eta problema bat gehiago guztien artean, besterik ez.

 Hik hori esan arren, askok heterosexual hutsak direla esaten diate, emakumeekin bakarrik altxatzen zaiela?

Noski, hori kultura historiko eta gizarte baten produktua duk. Ba dituk emakumeekin deusik ez dutela egiten esaten dutenak, eta gizonezkoekin ezer jakin nahi ez duten emakumeak. Gizarte libre eta desmistifikatu batean holakorik ez duk izanen, ez likek garrantzirik izanen. Adiskidantza eta amorioaren artean ez zegok inolaz ere hesi bat. Orma hori gure kontradikzioak eraikitzen dik, gure kulturak, besterik ez. "Homofilia", sexu bereko pertsona batekiko "adiskidetasun platoniko"tzat hartuta, kultur gaitzespen bat duk; adiskide minak, gizonezko edo emakumeen artean, ez dituk besterik.

Aztertzen hasiz gero, gure gizartearen sufrimenduen zati ederra hortik datorrela ikusiko ginikek. Niri ere ez zaidak altxatzen itsusiaz gainera, tontoa ere den emakume batekin, ez eta antzeko gizon batekin. Psikikoki gizonak ez dik emakumeak duen deusik falta, baita alderantziz ere. Berdinak gaituk, eta sexua eta maitasuna psikikoak dituk funtsean, batzuk, dena delakoagatik, zerbaiterako joera nabaria erakusten diate, besteek kontrakorako. Zergatik?... kultura eta kultura. Hori galdetzea, ea zergatik erdaldunak euskaldunak baino gehiago diren galdetzea bezala duk.

 Zuen erlazioetan ba al zegok ar eta emerik?

Ni ezin nakiake besteen harremanetaz mintza, ez baitizkiat ezagutzen. Zientziak holakorik ez dagoela frogatu dik. Erreproduziozko errealitate bat baizik ez zegok, emeak erditzen dituk, eta arrak, berriz, ez. Biologi egitate hori harreman sexualetara eramatea, sexuan arteko zapalkuntza iraunaraztea duk. Esaten denez, emakume eta gizonen arteko harremanetan arrak menperatzen dik. Ba dakik zenbat marikoi ikusiko genizkikek, emakumeak domeinatzen duen hainbat bikotetan? Horik tabu faltsuak dituk. Hori zirkunstantzien arauerakoa izaten duk, batzutan emakumea gizona baino aktiboagoa izaten duk, beste batzutan gizona, baina hori egoera desberdinei loturik joaten duk, ez indibiduoei. Gizonen arteko harremanetan ere hori gertatzen duk. Eta bestea ere agertzen duk, menperatzea, baina hori ere kulturala duk, gizarte gaixo baten ondorioa. Gainera, oso subjetiboa duk hori, Modu desberdinez ikus daitekeena. Zer sartzen duk? Torlojua tuerkan ala tuerka torlojuan? Gainera ez ezak esan "zuen" erlazioetan, esan "gure" erlazioetan.

 Beno, ulertu nauk. Orain, argitzeko eta morbositaterik gabe, ipurdiarena egia duk?

Galdera hori, beno. Ba liteke. Emakumeekin oheratu haizen guztietan sartu diek buztana? Eta bestela, ezer ez... ba, horrela baduk, imaginazioa falta duala esan behar diat.

Hitzegin genuen tabernatik irtetean, jende piloa dago. Espaloiaren alde bietan ixilik. Ama Birjina kurututxuz inguratua, haurrak patata frijitu poltsekin. "Horrenbeste interesatzen ba zaik ipurdiarena, begira, horixek dituk guri popatik ematen ari zaizkigunak". Hori izan zen azkenik esan zidana.

E.H.


Gizaki [Komikia]

G.V.L.


Gaiak. Zientzia

OVNI-ren fenomenoaz hurbilketa bat

Fenomenoaren aurrean zer nolako jarrerak

Aspalditxoan, udaroan batik bat, munduko komunikabide guztiak hasten zaigu fenomeno zahar bati temati lotzen. UFO (Unidentified Flying Objects) edo O.V.N.I. dira O.H.E. euskal izendapen horrekin egunkari eta aldizkari batzuk agertu dutela eta, Anaitasunatik aztertu nahi ditugunok.

Baina dibulgazio-lan honetatik oinarri batzu ipini behar dira lehendabizikoz, gero, fenomenoa nola den edo nola litekeen ezagutzeko.

Bistan dago, fenomeno hau ez dela berria. Humanitatearen historia bezain zaharra dugu. Izan ere, fenomenoari buruz aspaldian, dela anitz mende, erdi-harotik hona batez ere, holakoak eskribaturik gertatu zirela frogatutzat eman behar dela; hau da, gure gaurko gizarteak ikus edo ikusi omen duena, garai horietan ere, ikusi edo, omen zuten.

Erdi-Haroa haseratzat jo badugu holako fenomenoen deskribapena gaur ikusten direnekin nolabait konpara daitezkeelako izan da gehien batean.

Horrekin ez dugu esan nahi, are guttiago, Erdi-Harotik haruntzagokoak gezurrezkotzat hartu behar ditugunik baina holako horietan deskribapena ez da zehazki berdina. Nahiz eta fenomeno berdintzat hartu, zientziaren aldetik, metodologia eta azterketa serio batetan finkaturik, ezin froga dezakegu, haiena ere, fenomeno hauetan sar daitekeenik. Aintzinako liburuetan kontaketa asko dugu horretaz. Biblian, Indiako Vedatan, Mahabharata, Ramayana eta beste askotan ere.

Gaurko fenomeno honi lotzean, guztiontzako interpretazioak egiten dira. Batzurentzat, mami guztia gure superpotentzien tresna sofistikatu eta ezezagun pantaila litzateke. Asuntu hauetatik gainera, aterako liren ondorioak oso kaltegarriak dirateke; zera ikusten baitute: Langile zapalduen burrukak nahasiko lituzke azken finean, hemengoak diren arazo eta kezkak ahaztuz.

Beste batzu aldiz, interpretazio psikologikoaren alde daude. Hauentzat humanitatea, —berba honez gain mendebaldea besterik ez dago— nortasun krisis batean bizi omen da. Ideologiak eta erlijioak pikutara doazela eta, fenomeno hauek beste hainbesteko finean lirateke. Zera diote: Erlijio berria sortzen ari dela. Gaurko zibilizazio hau Jaungoiko misteriotsu eta inkonkretu horri arima eta gorputza hazten ari baitzaio. Horregatik, frogaturik ez dagoen beste munduarekiko iragangarritasunaren desioa, fenomeno honek, berarekin loturik dauzkan ondorioekin batera, erlijio berri baten sortzailea liteke.

Dudarik ez, Evangelioko Jaungoiko sinesgaitza, sinesgarria bihurtzen da eta fenomeno honen azterketa serio eta zabal baten faltak mitoak edo sinismenak sor litezke edo txarrena sortzen ari dela. Arriskugarria deritzogu populua teorizatzerik gabe uzteari. Plater hegalariena agian dateke egia, baina hau guzti honek obskurantismoan nahas dezake berriro humanitateriko zapalduen adimena. Ondoriotan ez diegu beraz arrazoirik kenduko hauei Baina fenomeno hauek sortzen dituzten ondorioak, txarrak ala onak izateak ez dio beraien existentziaren objektibitateari ez pixkat ere kentzen. Funtsean ez dira kausaren aztertzaile orokorrak baizik eta ondorioen teorizatzaile.

Azkenean eta gai honen inguruan dauden jarrera nagusiak azaltzeko, guri dagokiguna azalduko dugu. Fenomeno horiek existi dezakete. Beren existentzia ez doa arrazoi logikoaren kontra. Normaltzat onartu behar da. Anormalitatea beren ez-existentziatik letorkiguke. Zergatik? Hori da lan honek frogaerazi nahi duena.

Bizitza: espazioko edozein une eta bazterrean sor eta berresor daitekeen fenomeno arrunta

Bizitza: Antolaketa berezi bat besterik ez da

Dakigunez, bizitza eman dadin baldintza batzu presente egon behar dira. Nolabait baldintza hauek lautan edo, labur daitezke:

Tenperatura, presioa, konzentrazioa eta kimika organikoa sortzeko beharrezkoak diren elementuak. Baina horrelako kultibo batean bizitza derrigorrez agertu behar ai zaigu? Eta erantzuna ez da positiboa. Bizitza ageri dadin baldintza horiekin batera beste bat, antolaketarena, egon behar da. Funtsean bizigabetik bizidunera iragateko, atomoen antolaketa berezi bat sortu behar da.

Aintzina, batetik bestera iragateko delako "biziaren indar" —"fuerza vital"— misteriotsu batetan ipintzen zen miraria. Gaur egun, ez dagoela inolako mirarik esan dezakegu. Photosinthesisarengatik kimika organikoak bizidunak eman bide ditu. Hemen hazareak beraz ez du ezertaz ikusirik.

Dena den, gaurko zientziak bizitzaren oinarria konposaketa organiko batetan jartzen du. ADN du izena. Azido desoxidoribonucleico.(1)

Konposaketa honek biologikoki konportatzen da birsortu egiten baitu. Honek lehengo mikroorganismoetan aurkitzen da. Algak eta virusak. Beraien molekulak estrukturaketa berezi baten bidez informazioa daramate, kodea. Honen bitartez birsortu egiten da.

Bestelako konposaketa orotan honelakorik ez da agertzen. Bizidunen eta bizigabekoen arteko ezberdintasun nabariena ez dago beraz elementuen konposaketaz baizik eta beren antolamendu eta organizazioaz. Bizidunak dauzkagun guztiak bizigabeek ere dauzkate.

Algak eta virusak dudarik ez, gure planetako lehen bizidunak izan ziren. Milioi urtez gaindi geroz, eboluzioa zela eta, espezie ezberdin asko eman du mundu honek. Horietariko asko desagertu bada, beste batzu "inteligentziara" heldu dira eboluzio horren kausa zela eta. Hala ere, honi buruz bi teoria ditugu. Batak, lurraren prozedura normaltzat harturik, bizitza eta intelijentzia berez sortu behar zen gauza dela dioena. Besteak beste nonbaiteko eragina egon zela prozedura horretan. Teoria biak baina, osagarriak dira ez baitira kontradiziotan erortzen.

Baina gatozen espaziora eta ikus dezagun bizitza egon dadin nolako posibilitateak dauden.

Lurrean dauden elementu guztiak Unibertso ezagunean ere egoten dira

Espektographoaren bidez, elementu edo konposaketa baten analisia egin daiteke. Tresna honek argia igortzen duten gorputzak analiza ditzake. Ondorioa zera da: Konposaketaren elementuak ezagutzen dira. Gai bakoitzak espektro berezia dauka. Espektroa kolorezko lerro batzuk osotzen dute. Kolore hauei esker konposaketa zein den jakin dezakegu. Horrela, elementu eta konposaketa askoren espektrograma egin ahal izan da.

Sodiuma berotuz gero, adibidez, ori-laranja arteko espektroak lerroak igortzen ditu. Espektro horri beraz, sodiumezko konposaketa joaten zaiola esan dezakegu. Azterketok unibertsoan zehar ere egin daitezke.

Gu ez gara sekula eguzkian egon baina hala ere eguzkiaren kanpo azala nola den eta berton zer dagoen ba dakigu. Planetekin berdin. Planetek haiek, ez dute argirik baina argia hatxeman eta igorri egiten dute.

Gizona hilargira joan bada ez da joan horregatik Neptunora, baina lehen aipaturiko arrazoiengatik Neptunoren eguratsan methano dagoela ongi dakigu. Orain arte ez da espektrogramaren bidez elementu berririk igerri eta egon badago, ugaritasunean behintzat ez dira egongo. Era honetan, aztertu izan diren konstelazioetan betiko elementu arruntak aurkitu dira. Gure Lurra beraz ez da inolako salbuespena. Besteak bezain arrunt gara orduan.

Bizitza: Phenomeno kimiko hutsa

Bizitza egon dadin gure eguzkia beroegia da. Azalean 6.000 gradutako tenperatura hartzen du, Konposaketa kimika guztiak desintegratzen dira berotasun horretan. Izar askotan tenperaturak garaiagoak izan daitezke.

Kalkulatu denez batzuk 100.000 gradutara hel daitezke. Hau guztiau frogaturik dagoen zerbait da. Izarren berotasuna ere spektroanalisiak ematen digu. Bere bidez izar ezagunak sailkatu egin dira. Beroonetatik epelenetaraino. Honela, 10 sailkatze egin dira, bakoitzari letra bat dagokiolarik. Gure izarra G-2 izar bat da. Ez da ez beroegia, ez epelegia. Pertsona batekin gonparatuz gero, bere adintasun onenean aurkitzen dela eguzkia esaten baita. Horrela neurtuz gizonaren 35 urte edukiko lituzke. Izarrak eta dagoen orok sortze eta hiltze bat dauka, bere estrukturaz behintzat.

Izarretatik ateratzen den ondorioa beraz, bertoko bizitzaren ezintasunaz konkretatzen da. Ezagutzen dugun bizitza ezinezkotzat jo behar da han. Izarren kondentsatze eta bertako tenperaturek ez dituzte soilik konposaketa organikoak baizik eta inorganikoak ere deuseztatzen. Planeta hotz hotzetan bestaldetik. (-273 C), bizitza hiltzen ez bada ere, erreakzio kimika guztiak blokeatu egiten dira tenperatura horrekin.

Hitz guttitan, tenperatura egokirik ez badago bizitza ez da sortzen.

Zein bizitza moeta topatzen ari gara

Mundu ezagun honetan bizidunok Carbonoren kimikatik sorturik gaude. Lur urdin honetan Carbonoak soilik eta naturalki konposaketa organikoak egin ditzaken elementua da. Bizidunen arteko ugaritasuna oso handia izan arren, oinarrian guztiok elementu berdinez eginda gaude.

Bakteriatik elefanteraino. Algetatik zuhaitzetaraino. Denotan betiko elementuak errepikatzen dira lotsarik gabe. Natura oso errepikagarria da. Ez zaio edozein gauza gustatzen. Konbinaketak milioika egiteko gaia bada, bostpasei elementutatik egin baitezake.

Inorganikotik (Sufrea, burdina, oxigenoa) organikorako pasakera oso zaila irudi izan da denboran zehar. Askorentzat misterioaren giltza, delako "fuerza vital" horretan egongo litzateke. Baina 1828.urtean kimikalari batek urea laboratorioan egin bide zuen elementu inorganikoetatik.

Gaur egun aminazidoak eta "virus-antsekoak" egin daitezke laboratorioetan. Bizitza laboratorioan sortzea ez da beraz inolako ipuinen tontakeria. Bihar omen, datorren urtean agian, laboratorio ezezagun batean egingo den gauza arruntena izanen da dudarik gabe.

Kimika organikoak molekula kateak sortzen ditu. Batzutan 20.000 atomoez osotuta. Horregatik deitzen zaio organikoa, organo modukoak egiteko kapaz baita.

Carbono konposaketek ez dute tenperatura handirik jasaten 50º tik gorantz denak deskonposatzen dira. Hala ere, molekula biziak 100ºtako tenperaturarekin deslokatzen dira. Organismoei buruz berdin. Tenperatura gorenak 70 edo 80 gradutakoak izaten dira.

Karbonikoa ez den beste kimika organikoa

Bai hala da. Ba daude beste elementu batzu konposaketa organikoak egin ditzaketenak. Bat Silicium dugu. Gure naturan Silicium konposaketak naturalki sortzen ez badira ere, industrian erraz atera daitezke. Koipe batzu horrela egiten dira. Silicium konposaketak tenperatura askoz garaiagoak jasan ditzakete. Horregatik ez da hain fikziozkoa batzuk egiten duten suposaketa, zera, Carbonoak Lurrean bizitzaren oinarrian badago, Carbonori dagokion giro egokia dagoelako sortu da bizitza karbonatua. Beste giro ez berdin egonez gero, presioa, tenperaturaren aldetik etab, Silicium konposaketak probabilitate gehiago edukiko zituzkeen.

Egin diren experientzien arauera ez du ematen horrelako kimikarik jeneraldurik dagoenik. Carbono konposaketak guztiz jeneraldurik daude espazioan zehar. (CH) eta (COH) ugariki aurkitzen dira. Silicium konposaketak aldiz oso urri aurkitu dira, Bat soilik eta kantitate izugarri txikitan. Dena den, gaurko ezagueraren arauera unibertsoan zehar jeneralduriko kimika organiko bakar bat dagoke; berau Carbonokoa da eta berau ere lur urdin honetan bizitza eta adimenaren lehen pausa da.

T. Trifol


Elkar Ikuska

SELF HELP dela eta

"Gure gorputza defendatzeak, gure bizitza defendatzen laguntzen lagunduko gaitu", honek eta beste hainbat arrazoik bultzatu zuten Leonor Taboada "Introducción al Self Help" delako liburuxka hori idaztera.

Zenbait emakume USAn hasi ziren SELF HELP izeneko mugimendu honetan, helburu nagusia emakumeon gorputzaren berreskuratzea edukiz. Orain senar, aita, lagun, mediku, baina beti gizonen eskuetan dagoen gorputz horren jabe izan gaitezen, geurea denez gero.

Eta gure gorputzaren kontzientzia hartzeko lehendabiziko pausoa, ezagutzea, aztertzea izango da, laguntza behar duenean eman ahal izateko. Horrela hasi ziren, ba, emakume hauk, aldizka beren gorputzak aztertzen, aldaketak neurtzen normalak ziren ala ez jakin arte. Taldeak osatu zituzten eta beren gorputzengandik egunero jasotzen zuten informaketa hau elkarbanatzen zuten denen ezagukerarako.

Leonorrek hau ikusteko eta bizitzeko aukera izan zuen eta gure askatasunerako daukan garrantzia kontutan harturik, berri hauk zabaltzeko erabakia hartu zuen. Liburu hura idatziz gainera, hitzaldiak ematen aritzen da batetik bestera. Gipuzkoara ekarri genuen duela aste batzu eta berarekin elkarrizketa interesgarri bat egin genuen. Leonor hegoamerikarra da, baina orain Palma de Mallorca-n bizi da. Niri, pertsona eta emakume bezala zoragarria iruditu zitzaidan, argia, sentikorra, gogorra, zalua, oso atsegina hitz batez. Bere hizkeraren bizitasuna itzulpenean galduko da dudarik gabe, baina bere hizkuntza erabiliz ere ezingo nizueke aurpegi eta eskuen espresio aberatsa adierazi.

 Leonor.— Beno begira, elkarrikuskak eta erroilu hauk ez zaizkit ezertxo ere gustatzen. Horrela hasten dira gero elitismoak, etab. Askotan zirkoan nagoela iruditzen zait numerotxua egiten. Normala deritzot batek zerbait aurkitu duenean "berri ona" zabaltzeari, baina gero beste jendea da bere eskuetan hartu behar duena eta gehiago zabaldu. Self Help delako honi buruz ni bakarrik ari naiz estatu osoan, eta hori ez da posible... Higienismoaz ere nahi nuke lan egin, baina ez didate denborarik uzten!

 Anaitasuna.— Bai, bai. Arrazoia duzu baina oraingoz hori lortu ez dugunez, zure izena "erabili" behar dugu. Elkarrizketa lasai bat izango dugu eta gero ikusiko dugu zer argitaratu! Zu pertsona mailan espresa zaitez askatasun osoz.

 Leonor.— Ederki, baina jar ezazu hori garbi. Beharrezkoa dela emakumean nonnahi Self Help taldeak osatzen hastea Hemen Euskal Herrian lanerako kapazitate handia duzue eta!... Bilbon argitaratzen duten LEIHOA izeneko aldizkaria, estatukorik onena iruditzen zait emakume mailan.

 Anaitasuna.— Gaia atera denez hemendik has gintezke. Lan asko dugu egiteko baina jendea gehienetan ez da prest egoten azken aldi hauetan. Militantzi krisisa feminismoan ere sartu ote da?

 Leonor.— Iraultza egiteko orduan ere, gure indarrak sistemaren aurka zuzentzeko era konkretu bat erakutsi digute, eta era hau guztiz partziala izan da. Feminismoan hau erabiltzen badugu hau gertatzen da: sexualitateaz, bortxaketaz, lana dela, eta beste gai bereziak direla hitzaldiak eman, txostenak idatz, eta gero zer? Iraultza bizitzaren aldaketa bat bezala ez badugu ikusten, politika egitea tontakeria bihurtzen zaigu. Nik pertsonaren iraultzan daukat esperantza eta ez masengan.

 Anaitasuna.— Eta militantzia, nola ulertzen duzu iraultza honetan?

 Leonor.— Sistemari ezarri diezaiokegun kolpaldirik gogorrena zoriontsu izatea da, hots, gustatzen zaiguna egitea. Emakume asko ari dira orain bizitza bat besterik ez dutela konturatzen, eta honetaz konturatzen zarenean, bizitza hori ez diozu inori ematen. Mundua aldatu bai, eta guk aldaketa horretan parte hartu, baina ahal den bezain libre. Iraultza egiten ari, aitak etxean 10.etan egotera behartzen zaituenean edo senarrak monogamia ezartzen dizunean...

 Anaitasuna.— Askok, hori erreala ez dela esango lizuke...

 Leonor.— Erreala ez dena errealitatea da. Nahita ere, ezin daiteke horrelako irrazionalkeriarik imajina. Lehenik ere, irtenbidea "gerrilla"n ikusten nuenean, eguneroko bizitzaren iraultzaz ezer entzutean "kanpoko gauzak" zirela pentsatzen nuen... Baina politikaren saltsetatik garbitasun minimo batez ateratzeko hemen ikusten dut bide bakarra; militantzia, bizitza osoan, gauza ttikienetan, azaltzen dugun konpromezu bat izan dadila!, eta ez panfletarismo bat.

 Anaitasuna.— Nola lotzen duzu hau Self-help praktikarekin?

 Leonor.— Zure gorputza zurea dela egiaztatzen duzunean, bizi izan duzun errepresioak konturatzen zara. Estatuarengandik jasotzen duzun errepresioa ere gizartean dagoen indar erlazioen ondorio bat da, bestela estatua ez litzateke hor egongo. Self-help honek barrura begirarazten dizu, eta, atzerantz joatean zera pentsatzen duzu: nola ez ditut nik problema hauk izango nire amak eduki zuen erditzea izan bazuen? Ordutik nire izatea bera ukatua zegoen, aita asko haserratu zen neska bat atera zelako! Horrela, sustraietaraino iristen zara eta zure gorputzaren jabe egiten hasten zarenean, zure bizitza ere zeuretzat hartzen duzu.

 Anaitasuna.— Palman duzuen taldean nola planteiatzen duzue daramazuen lana?

 Leonor.— Militatzeko ez da sufritu beharrik. Guri gustatzen zaizkigun gauzak egiten ditugu, eta horregatik ez dute efikazia ttikiagorik. Gure gorputza aztertzen dugu, elkarri masaiak ematen diogu, gorputz espresioa, joga, etab. Adibidez, martxoak 8.an manifestazioa egin beharrean, prozesio bat egin genuen denak pintaturik eta antzerki moduko numeroak kaleetatik eginaz, oso ondo pasa genuen! Orain "Familiar plangintzaren opera" ari gara prestatzen, herrietatik zehar egiteko. Hau dena egiteko taldekoak etxe bat hartu dugu Palman dagoen beste taldearekin batera, baina guk ez dugu etxe hau datorrenari panfleto bat emateko nahi baizik eta bizitzeko, egoteko eta lan egiteko toki bat edukitzeko.

 Anaitasuna.— Beste talde horrek zer desberdintasun dauka harekin?

 Leonor.— Beraiek gehiago egiten dute lan abortoa, dibortzioa, etab. eskatzeko kanpainetan. Gauza asko egiten dugu elkarrekin, baina gu beste bide batetik goaz. Abortoa, dibortzioa, antisorgailuak ematen dizkizute, gero kendu egiten dizkizute, baina gure bizitza sakontasunez aldatzen ez baldin bada, zer aurreratu dugu?

 Anaitasuna.— Baina, adibidez abortatzeko eskubidea lortzea ez al zaizu garrantzitsua iruditzen?

 Leonor.— Noski baietz, eskubide hau praktikan inposatu behar dugula uste dut, beste guztiak bezala, baina legea lortzea ez da eskubidea lortzea, besteen eskuetan uzten badugu erabakia eta modua. Gainera abortuaz ari garenez, eta, zergatik uzten gaituzte haurdun? Emakumeok gure birsorkuntzarako aparatua kontrolatuko dugunean ez da hau gertatuko. Une honetan eramango ditugun harremanek ez dute hau posible egingo, gizonek ez dira ausartuko, gure aldetik indarra eta segurtasuna ikusiko dute eta... ikusiko dute beraiek zer egin beren espermaz! Baina geu izango gara gure bizitzaren erantzule, eta jakingo dugu nola jokatu.

 Anaitasuna.— Zu Euskal Herrira sarritan etorri zara, bereiztasunik nabaritu al duzu emakumeengan, egoera politikoa dela eta?

 Leonor.— Noski baietz! Errudun kontzientzia bat sumatzen zaie hemengo emakumeei beren askatasunerako borrokan: "nik manifestazio bat dagoenean joan egin behar dut, horrelako gauza bat sartzen zait... sexualitateari buruzko bilera utzi eta joan egiten naiz". Niri Euskal Herriak daraman borroka oso garrantzitsua iruditzen zait baina emakume bezala eraman behar duguna funtsezkoa da! Dena dela, kanpotik ezin da asko esan, ez zarelako probleman ondo sartzen.

 Anaitasuna.— Ba al dakizu herri askotan egoten den talderik erradikalena emakumez osaturik egoten dela?

 Leonor.— Bai!, nik Ondarruko ama abertzaleak ezagutu nituen eta gauza bat esango dizut, emakume hauk "guerreras per se" dira eta indar hori beren interesak defendatzera zuzentzen badute, edozer gauza gerta daiteke... Horregatik, nik Euskal Herrian izugarrizko potentziala ikusten dut.

 Anaitasuna.— Ea ba egia den. Hurrengorako etortzen zarenean ikusiko duzu. Eta hurrengorako gu Palma-ra joango bagina?

Itziar URTASUN


Gaiak. Zinema

Hollywood eta Vietnam gerra baten ondoren

"itzul zaitezte,

zuen trofeoak

horman eskegitzeko"

Lyndon B. Johnson (Vietnam-go gudaloste amerikanoei)

Superamerika eta Hollywood

Ifarramerikar zinema bere hastapenetan zela sortu zen Hollywood, California-n, industria zinematografiko guztia biltzen zuela. Honela bihurtu zen herrixka ttipi bat komunikabide boteretsuenaren meka. 1930 eta 1940 urteetan iritsi zen Hollywood bere ospearen gailurrera. Han lan egin zuten hainbat idazlek (Graham Greene, Raymond Chandler, Scott Fitzgerald eta besteak) utzi dute Estudiootako barne ustelduraren testimonioa. Hollywood-eko zinemagintza ilusio bat zen funtsean, bere estreilato eta espektakulo erraldoiekin. Baina ez espektakulo neutro bat, aitzitik, "american way of life"-k eta amerikar gizarte inperialistak beharrezko zuen kobertura eta konplizitate ideologiko bat eskaintzen zuen.

Geroago, 1960 geroztik, egoera aldatu egingo zen, telebista erabat zabaldu eta krisi garaia hedatu: Vietnam-go gerla, 1968a. Filme independienteak ugaldu ziren, Hollywood flakatzen zen bitartean.

Baina azken urteotan Hollywood bere arestiko botereaz berragertzen saiatu da, gizarte amerikar kapitalistari organikoki dagokion zinemagintza batez. Argi dago superprodukzio katastrofistak nahiz zienzia-fikziozkoak, baterako, honako funtzio organiko bat duela gizarte amerikanoarekiko, psikologia sozialak portaera sustitutibotzat azalduko lukeena. Superman ere ez da irudi sustitutibo bat besterik, hau da, Hollywood-ek sortu eta ikusle bakoitzak bersortzen duen Superamerikaren irudia.

Vietnamgo gerla zinema dokumentalean

 "Vietnamdarren erresistentziak Superman-en garaiaren amaiera seinalatzen du" zioen Berrigan jesuita eta poetak Emile de Antonio dokumentalistaren "Vietnam in the Year of the Pig" delako filmean. Filme dokumental hau Vietnam-go gerlari buruz egin denik interesgarriena da eta azterketa sakon baten ondoren amerikar erasoaren motiboak eta derrotaren ezinbestekoa erakusten dira.

Beste filme dokumental bi ba dira Vietnamgo gerlari buruz. Bata, 1971an egina, "Winter Soldier" deritzo, eta Detroit-en bildu ziren ehunda berrogeita hamar beteranoren testimonioak agertzen dira, soldaduskak beren baitan sortu duen deshumanizazioa eta gerlaren deskalabroa salatzen. Garai hontako pazifisten bandera izan zen filme hau.

Beste dokumental bat, Peter Davis-ek egin zuen: "Hearts and Minds". 1975eko oskarra ere jaso zuen, eta gerlaren kontrakoak nahiz aldekoak azaltzen dira. Baina, orohar, filme antibelizista bat da, zeren eta belizisten mintzaldiek efektu zeharo kontrario bat baitute: "Vietnam askoz ere ederragoa litzateke vietnamitarik gabe" dio ofizial batek, eta hau zioen jeneral batek jenozidioak desenkusatzeko: "sortaldekoek ez dute bizitza guk bezain beste estimatzen"...

Hollywood eta Vietnamgo gerla

Gerlaren garaian, Hollywood-ek produzitu zituen hainbat filme propaganda eta kontribuzio ideologiko gisa. Ezagunena eta demagogikoena, agian, Ray Kellog-en "Green Berets" (Boinas Verdes) zeritzana da, John Wayne-rekin, zinema erabat amerikanista eta triunfalista. Filme hontan, zinema boterearen interes politikoen organo bat baino ez da.

Hamarrurte honen hasieran beste filme batzu ere egin izan ziren Vietnamgo gerlarekin erlazionatuak. Elia Kazan-ek "The visitors" egin zuen, belizista, eta Gregory Peck produktore zela "Cattonsville's Trial" delakoa egin zen militar protestatario batzuri buruz. Filme antibelizisten artean, gogoratzen dut, halaber, Dalton Trumbo-ren "Johny cogió su fusil" 1972), zeinean ez gerla bera baizik eta gerlaren ondorioak eta suntsiduraren ideia morala erakusten diren. Hain zuzen ere, hau da Vietnami buruzko filme gehienen ezaugarria, gerla bera ezik gerlaren ondorioak azaltzen direla.

Nabaritzen da arazo honetan Hollywood-ek taktikaz aldatzen duela, hau da, kontzienzia kolektibo amerikanoa Vietnamgo gerlaz etsiturik zenez, Hollywood-eko filmak ez dira triunfalistak eta belikoak izango, aitzitik, Vietnamgo arazo mingarriak nostaljia diskretu batez agertuko dituzte. Filme guztiak Ifarramerikan gertatzen dira, eta gudari ohiak dira protagonistak oro, gerlaren trauma pairatzen dutelarik.

Hainbat filme dira tankera hontakoak: "Dog's Day Afternoon" (Tarde de Perros), non gudari ohiak delinkuente bihurtzen diren itzultzerakoan; "Who'll stop the Rain" (Mercenarios del Infierno), Karek Reisz-ek 1977an egina, gudari ohi baten desintegrazioari buruzkoa da, desintegrazio berbera planteatzen du Robert de Niro-ren pertsonaiak "Taxi Driver" filmean, ez baitaki gerlako tresneriaz baino baliatzen.

Bada beste filme bat Vietnamgo gerla zuzenkiago tratatzen duena: "Go Hell the Spartans", gerlazko eta heroe zinema, heroe desbidetuak badira ere. Baina ez da lekutzen amerikar nagusigoaren garaian, baizik eta frantziar kolonialismoaren garaian, amerikarrak laguntzaileak baino ez zirenean.

Edozelan ere, Hollywood-ek ez du egin II. Gerla Mundialaz eta Coreako Gerlaz egin ohi zuen bezalako zinema militarista eta triunfalistarik. "Boinas Verdes" salbu, Vietnamgo gerlari buruzko filmak oso etsituak eta gerlaren ondorioen kontrakoak dira.

Coming Home eta Deer Hunter

Definitu dugun Hollywood-en taktika zinematografiko berri honen beste adibide bi ditugu eta, gainera, arrakasta handi bat lortu dute aurten: bata "Coming Home" (El regreso) deritzo eta bestea "Deer Hunter" (El cazador). Filme bion arrakastak, dudarik gabe, arrazoi sakonak ditu, amerikar populuaren soziopsikologiaz azaldu daitezkeenak hain zuzen.

 "Coming Home" Hal Ashby-ren filme bat da. Interpreteak Jane Fonda eta John Voight, musika George Brand. Filme antibelizista honek konpromezua komerzialtasunarekin elkartzen du, lehenaren kaltetan noski. Vietnamgo gerlatik elbarriturik eta pertsonalki hondaturik itzultzen da Luke. Sally erizain da hospitalean, bere senarra gerlara aldegina eta bere neba eroturik dituela, bere lagun zeharra, Luke, ailegatu eta kausitzen duenean.

Filmea ez da gerrari buruz, gerlaren arazoa erreferentzia gisa agertzen da filmean zehar. Vietnam da traumaren sortzailea, baina filmea maitasun drama bat da, izan, ostean Vietnam beti latente dagoen arren.

"Coming Home" filme antibelizista eta pazifista bat dela esan dut baina esan behar da ere, ez dela pazifismo politiko bat baizik eta pazifismo afektibo bat erakusten duena.

Alde honetatik, filmean Vietnamgo gerla kondenatzen baldin bada ez da arbuiatzen politikoki ikertu ondoren. Vietnamgo gerla txarra dela esaten da, amerikar gorputzak eritu eta suntsitzen dituelako.

Beste alde batetik, Luke-ren pertsonaia harrigarria da eta ezin daiteke interpretatu kontsolamendu gisa baina. Hau da, elbarritua izan arren, bere burua gaindituz (oso kemen amerikanoa) kapaz da balonzestora jokatzeko, kotxez ibiltzeko eta, baita ere, Jane Fonda (afektibitatez nahiz sexualki) bereganatzeko. Luke, hain zuzen, eredu bat da, ilusio sustitutibo bat.

Orohar, filme nostaljiko, sentibera eta moralista bat da, beraz, bihotzeraginetan oinarritua eta tankera argumental sinpleegiz osotua.

"Dree Hunter" hainbeste oskar sari irabazi dituen Michael Cimino-ren filmea ere Hollywood-en zinema tankera berri honetan sartzen da. Vietnamgo gerlara abiatzen da lagun talde bat, atzerriratu lituanoak sortzez, eta suntsiturik itzuliko dira. Dudarik gabe, filmea oso ondo buruturik dago, narrazio interesgarri gisa ikusi baitaiteke. Baina bere mezurik funtsezkoena politikoa omen delarik, hau da, pazifismoa, sakonkiago aztertu beharrekoa da filmaren adierazia.

Alde batetik, beste filmetan bezala, ez da Vietnamgo gerla politikoki edo sozialki salatzen, probokatu duen suntsidurarekiko baizik, hau da, etsipenez.

Ez da amerikar gizartea zalantzan jartzen gerlaren sortzailetzat, alderantziz, amerikanismoaren topikoak eta ereduak jarraitzen dira.

Bestalde, nabarmena da filme hontan ageri den amerikarren nagusigo fisiko eta etikoaren imajina. Filmean agertzen diren vietnamdar guztiak animalien gisakoak dira, inpersonalak eta gaiztoak.

Hau medio, ba dirudi justifikatu ere egiten dela ifarramerikarren portaera: norvietnamitak bihozkabe batzu zirelako sartu ziren gerlara, eta survietnamitak doilorkume batzu direlako galdu eta erretiratu behar izan dira.

Amaitzeko, esan nahi dut, Hollywood-ek Vietnamgo gerlaz mintzatzerakoan bere USA-ren defentsa organikoa zeharka egiten duela, hondamendiaren eta damuaren kontzienzia kolektiboaz baliaturik, eta pazifismoaz ere demagojikoki baliaturik. Hollywood-ek taktika hau jarraitu egingo duela dirudi luzaroan. Bada beste superprodukzio bat arrakasta handiz Cannes-en estrenatu berria, "Apocalypse Now" deritza eta Francis Ford Coppola da zuzendaria. 25 miloi dolar gastatu dituzte jadanik filme hontan.

Joseba Sarrionandia


Gaiak. Medikuntza

Nire kontzientziarekin hizketan. Naturalismoa eta medikuntza berria

Nire bihotzean pisu handia... Telefonoa hartzen dut... Ea nire laguna bere kontsultan dagoen...

— Aizu, Iñaki; naturismoa ez da, era batez, Herri-medikuntza?

— Zer???... Bai...

— Ez da medikuntza marginal moeta bat?

— Bai,... baina, zertan zabiltza?

— Definizio bat... Zer da Herri-Medikuntza?

— Herriaren zerbitzutan dagoena... Herriaren usarioan finkaturik dagoena...

— Eskerrik asko. Gero arte...

— Aizu! Burutik jota, guztiz burutik jota...

KLINK

Uf! Hauxe bai nahaste handia! Iñakik, nire lehen eritzia baieztatu dit... Honetan ez nengoen tronpaturik, antza,... baina zer nolako kontraesan handiak!... Mediku naturista batek hiru mila pezeta kobratzen du kontsultako... Askotan ez dira medikuak,... Gauza "naturistak" oso garestiak dira...

Kasu gehienetan naturismoa jarraitzea aberatsen eskuetan dago bakarrik, Herriak ez baitu hainbeste diru...

Ez dut, behar nuen bakea lortu, ez. Nire barruan omen dagoen deabru madarikatu hori izorratzen hasi da...

— Ja, ja, ja,... Neska, hau gehiegi da... Barrez hiltzeko modukoa... Nola esplikatuko duzu orain medikuntza ofizialaren kontra egotea?

— Medikuntza farmakologikoa mila bider txarragoa da, eta gainera, garestiagoa. Zenbat ordaintzen dio hilabetean langile bakoitzak S.O.E.ri? Medikuntza ofiziala, sistema kapitalistari dagokiona da, berak jarritakoa... Ez du gizona osatzen, zuloak betetzea baino ez du egiten, drogen bidez eta, beraz, askotan, gizona drogei guztiz lotuta uzten du. Ez da gizonaren osasunaz (edo osotasuna, etimologiaz bi hitzak gauza berbera dira eta...) arduratzen, bere lan egiteko indarraz baizik. Gizona sendo izan dadila nahi du... Beraz, sistemari ez zaio osagilerik egotea interesatzen, sendagileak behar ditu, eta ez besterik... Diferentzia ikusten duzu? Hor datza tranpa!

Medikuntza naturista ez da ofizialki onartzen, multinazional farmazeutikoen interesen kontrakoa delako. Sistema kapitalistarentzat osasuna merkantzia bat baino besterik ez da... Kapitalistek, osasunerako erabiltzen diren belarrak beren lurretan bakarrik haztea posible izango balute, segur-segur nago, belarrak erabiliko liratekeela medikuntza ofizialean...

— Baleee!, eskerrik asko mitinagatik... Eta zer da kontsulta bakoitzeko hiru mila pezeta kobratzea?, zer da belarretako denda berri eta modazko horiek muntatutako negozioa?, zer letxe da, bukatzeko, Gernikako goxotegi horren jabeak goxotegiaren ondoan, eta katxondeo gehiagoz, barrutik interkomunikaturik, naturista denda bat irekitzea?

— Hori, kontraesan bat irudituz, logikoa da: Sistema kapitalistak zera ikusi du: Herria gero eta gehiago naturismorantza doa, era batez; jendeari gero eta guttiago gustatzen zaizkio farmakoak. Eta hori probetxatu nahi du... Honen kontra jo eta ke egin beharko dugu, horrela jokatzen dutenak salatzen eta boikoteatzen...

Baina ba dira beste modutakoak ere, denak ez dira horrelakoak. Beste batzu Herriaren zerbitzutan zintzo dabiltza; eta horrelakorik ez balego ere, hemendik guttitara asko eta asko egongo dira. Begira gaurko ikasle askoren jarrera...

— Oso ondo, idealista! Zer zara: inuzente, tonto ala maltzurra? Guztiok esaten duzue berdin. Ikasketak egiten, guztiok zarete sozialistak...; baina, gero? Nik injinadore bat ezagutzen dut... (ba al dakizu nor?) Ikasketa denboretan oso ideia sozialistak zituen: "injinadoretza Herriaren zerbitzutan jarri beharko da... plangintzetan Herriak hartu beharko luke parte..." Gaur Iberdueron lan egiten du eta, Lemoizeko zentralaren aldekoa da... Gaurkoak ez zarete oso desberdinak izango... Hemendik guttitara, ikasketak bukatu eta laster, integratu egingo zarete, bizi-legea duzu hori...

— Ixo, burjes ustel hori! Bestelakoak ere ba daude, eta ba dakizue... Baina horik salbuespentzat ematen dituzue, horrela komeni zaizue...

— Kontuz, neska, disparatu gabe; ahaztu baduzu ere, zu eta biok pertsona berbera gara...

— ... Biharko Euskal Herrian medikuntza desberdina izango da. Medikuntza ez da negozio bat izango, denontzako gauza bat izango dugu... Denbora lekuko!...

— Bale, neska-panfleto, ideologia ikusi zaizu...

EKATXA


Gaiak. Zientzia

Giza espeziearen eboluzioa

Gaurko gaia ez da aurreko artikuluetan presentatutakoen harikoa. Halaz ere, nondik gatoz galdera askok bere buruari egingo ziotenez gero, bera zertxobait argitzea da artikulu honen helburua.

Giza espeziearen eboluzioko faktorerik inportanteena, seguraski, burmuina dugu. Bera, duela zenbait milioi urte desarroilatzen hasi zen, baina geroztik orduko ingurune fisikoa erabat aldatu da. Desarroilo honek bere barnera, hala nola bere konplexutasun neurologikoa ere, aldarazi du. Baina burmuin sortzailea lehen bezalakoxea da. Zerk bultza gaitu, bada, ordukoen jaungoiko, monstruo eta fantasmaz betetako mundu hura baztertzera? Erantzuna oso sinplea da: geroztik izan dugun aurrerapen teknologikoa. Adibide bezala, zer gertatu da azken mende hauetan denborari buruz genuen kontzeptuaz? XVIII. mendearen hasieran munduaren adina zenbait mila urtetakoa zela pentsatzen zen. XIX.aren bukaeran epe hau mila aldiz handitu zen, 40 milioi urtetan kalkulatuz. Zenbait isotopo erradiaktibo poliki poliki desintegratzen direla jakin zenean, azken zenbaki hau ehun bat aldiz handitu behar zela kalkulatu zen, egun jotzen den adinera helduz, hau da, 4.600 milioi urte gutxi gorabehera.

Egun, ba dakigu kontinenteak mugitzen ari direla, etengabe eta nahiko azkar gainera, zeren eta oso denbora laburrean (lurraren adinarekin konparatuz, noski) geografia erabat aldatu baita. Lehengo teoria guztietan, kontinenteak estatikoak kontsideratzen ziren, eta horrez gain hasten zen giza eboluzioa aztertzen. Duela ia 70 urte, Alfred Wegener jaunak kontinenteen mugimenduei buruzko teoria agertu zuen. Eta makina istilu sortu ere. Halaz ere, azken 20 urte hauetan xafla tektonikoen teoria osatu ondoren, ezin daiteke bestea ukatu.

Aztertzeko bideak

Giza espeziearen eboluzioa aztertzeko egun erabiltzen diren bideak, ondoko hauk dira: isotopo erradioaktiboena alde batetik, eta xafla tektonikoena bestetik. Bi metodoen bateratze honek.fruitu ugari eskaini du oraingoz. Adibide bat jartzekotan, hauxe aipatuko dugu: Hego Amerikako primateak Iparraldeko prosimio eboluzionatuak zirela pentsatzen zen (prosimioak primateen osagai zaharrenak dira. Gizona eta antipoideak ere primateen familian sartzen dira). Gaur, berriz, badakigu duela 35 40 milioi urte, Hego Amerika, Ipar Amerikaren eta Afrikaren artean aurkitzen zela, bietatik distantzia berdinean. Ez da harritzekoa, beraz, Hego Amerikan aurki daitezkeen tximuak Afrikatik etorriak izatea.

Gizona eboluzioan

Baina lehengoko gizona nolakoa zen jakin nahi dugunean, fosiletara jo behar dugu. Oraingoz zenbait ehunkada primate fosil aurkitu dira. Asko eta asko jadanik beren aldi zuzenean kokatu dira.

Orain arte bildu den informazioa, aurreko lau milioiei buruzkoa da. Ondorio gisa, hominidoak azken hiru milioi urte hauetan zutik ibili direla esan dezakegu. Hau da, behintzat, Afar eskualdean (Etiopian) aurkitutako Australopithecus baten pelbisari kalkulatu zaion adina. Pelbis honen azterketak dioenez, bi oinen gainean ibiltzen zen hominiko batena omen da. Beste pelbis bat Sterkfontein-en (Hego Afrikan) aurkitu da. Zutik ibiltzen ziren lehen hominido haien burmuina, egungoarekin konparatuz, txikia zen: batezbeste, 450 cm3.

Duela 2,5 milioi urte gutxi gorabehera, gure arbasoek harrizko erramintak egin eta ehizean ibiltzen ziren, hortaz elikatzen baitziren. Milioi erdi bar urte beranduago, hominidoen kaskezur bolumena asko handitu zen, eta beste milioi erdi bat urte gehiago pasa behar du Homo erectus munduan agertu arte, Honen garezurraren bolumena lehenengoen bikoitza da, eta harriak bi alboetatik lantzen ditu. Erraminta hauek Acheul aldikoak dira (St. Acheul-en aurkitu bait ziren lehenengoz honelako harriak). Ondorengoa, Homo sapiens dugu, duela 100.000 urte bakarrik agertua. Honen garezurra gaurkoa bezalakoa izan ez arren, beraren garaun-bolumenak ez du oraingoarekin diferentziarik. Homo sapiens hau Neanderthal izendatzen da ere. Ia instrumentu guztiak Moustier aldikoak dira. Ba da bestetik ere, Homo sapiens sapiens izendatua, eta duela 40.000 urte azaldutakoa. Beronen garezurra aurrekoarena baino arinago da eta burmuina, txikiagoa.

Geroztik gizonak eman du urratsik. Hauetako bat, ehiztari izatetik nekazari izatera pasatzea. Azken hau duela 10.000 bat urte gertatu zen.

Hiztegia

burmuin cerebro

zenbaki número

adin edad

eboluzio evolución

xafla placa

osagai componente

aldi época

garezur cráneo

J. J. Elhuyar


[Komikia]

Javi Etxenike


Gaiak. Gramatika

Hain adina

Euskararen batze eta estandarizatze-bidean, era askotako zalantzak sortzen zaizkigu. Kasu batzutan, zalantza horik antzerako funtzio eta fonetika duten formen artean agertzen dira, eta horrela, idazle askoren lanetan, nahastu egiten dira formak, azkenean zein non jarri behar den ez dakigula edo eta, txarrago dena, berez desberdinak diren formak berdintzat hartuz.

Horrelako zerbait gertatzen da hain/adina bikotearekin. Eta horregatik, artikulu honen bidez arazoa argitzera lagundu nahi nuke, neure eritzia azalduz. Bestalde, zenbait erregela praktiko ematera ere saiatuko naiz, zeren eta euskararen estandarizatze-bidean arau sinple eta praktikoak komeni zaizkigula uste baitut, interferentzia kaltegarriak dituzten formen banaketa semantikoa argiro adierazteko.

Nahastearen iturburua

Leku askotan berdintzat hartzen dira bi esaldi hauk:

- Zuk adina lagun ditut

- Zuk haina lagun ditut

Adibidez, modu horretan datoz Patxi Goenagaren liburuan, 250 erreferentzian. Hala ere, ene ustez, eta artikulu honetan adieraztera saiatuko naizen arrazoiagatik, bi esaldiotariko lehena soilik dago ondo, eta bigarrena analogiaz sortua dateke, analogia faltsu batez.

Fonetikaren kausaz sortzen da interferentzia:

 adina a'ina haina

Hau da, nik orain defendituko dudan eritzia, haina hori —hots, zentzu horrekin— faltsua dela da. Eta hori nolabait frogatzeko edo, hain eta adina partikulen erabilkera adierazten duten zenbait adibide emango ditut.

Hain delakoaren erabilkera

Ezer baino lehen, hona hemen zenbait kasu:

- ez nuen uste hain aberatsa zenik

- nork esan dizu hain gizon jakintsua dela?

- hain ona al da?

- hain ona baldin bada, baietz esango dizu

- Mikel ez da hain ona

Ikusten denez, beti ere izen edo adjektibo batekin doa eta beronek mugatzailea dauka (aberatsa, jakintsua, ona).

 Hain delako horrek maila desberdinetako kideak ditu, hurbiltasunari dagokionez: honen, horren

- ez nuen uste honen aberatsa nintzenik

- ez nuen uste horren aberatsa zinenik

Adibideok "Gramatika bideetan" liburutik hartuak dira (41 erreferentzia). Eta liburu berean adierazten denez, esaldiotan egiten den konparazio hipotetikoan termino bakarra agertzen da. Bestalde, hain delako hori (eta beraren kideak ere) konparazio kualitatiboetan erabiltzen da. Konparazio kuantitatiboetan, ostera, hainbeste (honenbeste, horrenbeste) erabiltzen da. Esate baterako:

- Mikelek hainbeste diru dauka

- Jonek hainbeste liburu dauzka

Desberdintasun bat ageri da bien artean mugatasunari dagokionez, zeren eta hainbeste delakoarekin doan hitza mugagabean agertzen baita (diru, liburu).

Adina delakoaren erabilkera

Hona hemen adibide batzu:

- Andonik Peruk adina boligrafo ditu

- Nik zuk adina lagun ditut

- Maitek zuk adina daki

Fijatzen bagara, kasu honetan bi termino desberdin konparatzen dira, eta gainera hitz osagarria mugagabean dago (boligrafo, lagun). Konparazioa kuantitatiboa da bestalde, eta ez kualitatiboa, hain delakoaren kasuan bezala.

 Adina delakoak beste zenbait forma baliokide ditu, hala nola beste, bezainbeste eta adinbat. P. Goenagaren liburuan baliokidetzat ematen dira, halaber, haina eta hainbat; baina ene ustez, hauk adina eta adinbat direlakoen analogia faltsuak dirateke.

Ohar gisa, diogun ezen, konparazio kualitatiboen kasuan bezain erabiltzen dela:

- Anderrek Aitorrek bezain gaizki jokatzen du.

Azken ohar batzu

 Adina formatik beste antzeko bat erakartzen da, adina – ko adinako delakoa hain zuzen ere. Berez, honek zenbateko galderari erantzuten dio (ikus Gramatika bideetan 253):

- Zu aidean bialtzeko adinako indarra du

Bestalde, eta erabilkera pixka bat desberdina badu ere, lagin lain forma bizkaitarra daukagu. Ikus hurrengo adibideak:

- Hori guztiori jateko lain naiz ni

- Mikel zure lain da

Dena den, kasu honetan ez dirudi, interferentzi problemarik dagoenik.

J. R. Etxebarria


Gurutzegrama

L. Trask


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Unibertsitateko Euskal irakasleak

(Goian beude)

Gosez hil ziren 1978-79 ikasturtean, beren soldata kobratzeko esperantzak oro galduak zituztelarik.

Unibertsitateko beren ikasleek otoi bat eskatzen dizuete eta ea masokistaren bat aurkitzen duzuen utziriko lanpostuak betetzeko.